Konpainia: Khea Ziater. Jatorrizko testua: Charles Dickens. Egokitzapena, dramaturgia eta zuzendaritza: Alex Gerediaga. Euskaratzea: Kepa Errasti. Panpinak: Iker Garcia. Bideoak: Jesus Pueyo. Argiak: Oier Ituarte. Antzezleak: Na Gomes, Sandra Fernandez Agirre. Filmazioetako beste antzezleak: Ane Kosova, Jon Ander Urresti, Ainhoa Artetxe, Miren Gaztañaga. Lekua: Galdakaoko Torrezabal aretoa. Eguna: Otsailak 8.
Zazpi bat urteko bi mutikok lagundu gaituzte gure besaulkietaraino, linterna bana eskuan eta munduko ilusio guztiarekin, Galdakaoko Torrezabal aretoan ohitura delako antzerki tailerretan dabiltzanei horrelako ardurak ematea haur-emanaldietan. Bitartean, beste neska-mutil batzuk arduratu dira umeentzako ipurdi-altxagarriak banatzeaz. Ze polita!
Alex Gerediagak gidatzen duen Khea Ziaterren lehen haur-antzezlana ikusi dugu gaur. Aretoa polito bete da duela hiru, zazpi, hamar urte jaio ziren ikusleekin eta euren gurasoekin, eta misterio handia da nola uztartuko diren Dickensen Eguberri kanta eta antzerki zinematografikoaren estiloa pantailek toxikatutako umeen nahi eta esperoekin.
Konpainiak bere ohiko estiloan planteatu du emanaldia, ekintza zati filmatuak zuzeneko antzezpenekin konbinatuz. Eszenatokiaren diseinuak Dickensen garaiko itxura irudikatu du era naturalistan eta noizean behin atzealdeko paper pintatua zine pantaila bihurtuta, dramaturgiaren lagungarri beti. Hala ere, beste arazo bat zetorren ostean, kontakizunaren arabera hiru mamu agertu behar zaizkiolako Scrooge zeken ozpinduari, berari erakusteko mundu honetako zoriontasun bakarra besteena bilatzea dela, eta panpina handiekin sortu dituzte mamuen pertsonaiak.
Scrooge, ordea, beti dabil “paparruchas!” (txorakeriak) esaten, ideia onberei aurre egin nahian, eta orduan etorri zait burura balitekeela gaztelaniazko esamoldea geure mundu ikuskeratik sortu izana. Papar hutsak, beraz. Polita, ezta?
Baina buelta gaitezen planteamendu eszenikora, hor elkartu baitira, koherentzia eta ganoraz elkartu ere, ekintza eszenikoa, antzezpenak, zinea eta txotxongilo handiak. Fin jokatu dute horretan ere, jakitun izanik mamuen agerpenek txikienen negar oldea eragin zezaketela. Kontu horretan rock pasarte ezagun batzuek jokatu dute beren rola, helduen gozamenerako eta gazteen kultur murgiltzerako. Eta bide horretatik, funtsezko hautua izan da antzeri-efektuen eta panpina handien maneiatzailea —beltzez jantzita betiere— ez oso agerian eta ez oso ezkutuan ibili izana, umeen fantasia neurrigabeak begien aurreko errealitatearekin topo egin zezan.
Dena pasatu da azkar batean, erritmo lasai baina sostengatuan, eta nire irudipena da ikusle txikiak helduak bezala tratatu izana tanto erabakigarria izan dela haiek guztiak tinko harrapatzeko, kontakizunari une oro arreta miresgarriz atxikita. Amaierako solasaldian hasierako laguntzaileak arduratu dira mikrofonoa banatzeaz, eta ikusle gazteek galderak egiteko bainoago txanda baliatu dute “ze polita izan da” eta “oso ondo pasatu dut” bezalako ideiak adierazteko.