Muturrekoa, muturreraino eramanda
Uxue Gutierrez Lorenzo
Argia, 2025-02-09
“Arizona”

Aktoreak: Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola. Noiz: urtarrilaren 26an. Non: Berrizko Kultur Etxean. plazan.

      Arizona eta Mexiko banatzen dituen muga zaintzera abiatu da Idahotik Margaret (Aitziber Garmendia) eta George (Jon Plazaola) bikotea. Minuteman proiektuarekin bat eginda, Arizonako muga idorrera heldu, eta bertan kokatu dute zaintza txokoa. Egiteko argia dute: Mexikotik AEBra igaro nahi duten legez kanpoko etorkinen fluxua kontrolatzea.

      Obraren abiapuntu den Minuteman proiektua 2005eko udaberrian Jim Gilchrist aktibista estatubatuarrak sortu zuen. Gezurra dirudien arren, benetako proiektua izan zen Minuteman. Juan Carlos Ruiz gidoilariak sortu zuen Arizona 2008an, eta berriki estreinatu dute euskarazko bertsioa Barakaldon. Euskarazko proposamena Esteban Roelek zuzendu du, Kepa Errastiren laguntzaz. Errastik izan du, hain justu, testua euskarara ekartzeko ardura.

      Berrizko Kultur Etxeko saiorako sarrera guztiak agortu dituzte. Eserleku falta medio, teknikarien txokotik ikusi dut antzezlana, eta Kepa Errastirekin partekatu ahal izan ditut emanaldiaren aurretik zein ondorengo zenbait hausnarketa eta inpresio. Errastik ondo baino hobeto ezagutzen ditu Garmendia eta Plazaola, eta emanaldia hasi aurretik aurreratu dit obra bi aktoreek hain berezko duten umore absurdoz janzten ahalegindu direla.

      Patriotismo zoroaren adierazle dira Arizona-ko protagonistak, baina oso modu ezberdinean bizi dute esleitu zaien eginkizuna. Margareten inozentziak talka egiten du Georgen tonu autoritarioarekin. Margaretek musikal bat egin nahiko luke; Georgek, ordea, riflea eskuan sutsuki defendatzen du Minuteman proiektuaren funtsa: “Gure aberria defendatzera etorri gara. Bizilagunak kontrolatzera eta mugen inguruan gogoeta egitera”.

      Umore absurdoz josita dago emanaldia eta hasieratik entzun dira barre algarak antzokian. Gaia, ordea, sakona, zoroa eta erreala da. Georgek gauzen ordena defendatzen du, eta mexikarrekiko areriotasuna argi dauka. Margaretek, ordea, galdera ugari ditu Georgentzat: Zertara etorri gara hona, George? Norengandik defendatu behar dugu aberria? Zergatik gurutzatu nahi dute hegoaldeko bizilagunek?

      Antzezlanak aurrera egin ahala, zalantzen eta erantzun autoritarioen segidak agerian uzten du Margareten eta Georgen erlazioa sustengatzen duen botere harremana. Antzezlanak apurka galtzen du hasierako tonu umoretsua, eta geroz eta bortitzagoak dira Georgen jarrera eta elkarrizketen edukia. Erregistro aldaketa nabaria egiten dute Plazaolak eta Garmendiak, gaiari dagokion gordintasuna erantsita.

      Musikal absurdoena drama sakon bilakatu da. Antzerki bukaeran txalo zaparrada jaso dute aktoreek, baina hasierako algararik ez da entzun. Muturreko egoera bat landu dute, muturreko pertsonaiak baliatuta eta, gehiegizko spoilerrik egiteko asmorik gabe, muturrekoa da egoerari pertsonaiek topatu dioten irtenbidea.