Zuzendaritza eta ideia: Dejabu konpainia. Antzezleak: Ainara Gurrutxaga, Miren Alcala, Urko Redondo eta David Aguilar. Bideolaguntza artistikoa: Iara Solano. Zuzeneko bideo sorkuntza: David Aguilar. Antzokia: Bilboko Alondegia. Eguna: 2025eko urtarrilaren 23a.
Zenbait urte aretoko sorkuntzarik aurkeztu gabe egon ostean, Dejabu konpainia oholtzara bueltatu da ikusleon pozerako. 2024an Mexikora egindako bidaia kontatzen digute umorez, irudimenez eta poesia bisualez betetako obra batean. Baliabide eta dohain zaharrak erabiltzeaz gain, sorkuntza honetan bide berrietatik barneratu dira Dejabukoak emaitza borobila eskaintzeko. Hortxe dago jatorrizko arima titiritero eta ipuin kontalaria, baina horri gehitu zaizkio kameraren perspektiba eta lengoaia performatiboei dagozkien zenbait ezaugarri.
Autofikzioa eta autoironia
Taldeak zeukan ustezko krisi artistiko eta pertsonal bati aurre egin nahian, Mirenek erabakitzen du ideia ona dela Ainara eta Urko Mexikora joatea Etxepare Institutuaren beka batekin, diasporako zenbait pertsonaia elkarrizketatzera. Baina Mexiko hain leku magiko eta durduzagarria izanda, bertara heltzearekin batera abentura eta pasadizo bitxietan murgilduko dira protagonistak, road movie ero eta txundigarri batean galduta.
Ikusten denez, antzezlanak autofikziotik jotzen du. Taldeak begirada ironikoa eskaintzen dio bere buruari, umoretsua eta bihurria. Dejabuk Dejaburi barre egiten dio, eta taldekide bakoitzak bere buruaren pertsonaia parodikoa jokatzen du. Euren arteko harremanak, ustezko barne gatazkak edo krisi existentzialak erakusten dizkigute oso ondo funtzionatzen duen tonu komiko batean. Barre asko egiteko antzezlana da, beraz, baina hori baino askoz gehiago ere bai.
Zinemaren ikuspegia
Arrastoak (2018) obran bazeuden zinema gogorarazten zuten zenbait irudi, baina oraingo honetan barneratze zinematografikoa erabatekoa da, forman nahiz edukian. Formari dagokionez, Dejaburen ezaugarri bereizgarria den objektuen erabilera irudimentsuari Itzulera-k kameraren perspektiba gehitzen dio baliabide bezala, Iara Solano eta David Aguilarren esku. Lehen, lekuak eta egoerak gorputz eta objektu soilekin eraikitzen baziren, orain kameraren markoak zedarrituko du ikusleen ikuspegia proiektorean, eta horrek oso aire desberdin bat emango dio narrazioari. Kamera eszenatokian zehar mugitzen da aktoreen plano jakin batzuk harrapatzeko edo pertsonak, autoak edota etxeak irudikatzen dituzten miniatura batzuk grabatzeko. Horrela, kontaketa hegazkin batera eraman dezakete, basamortuko paisaia bat sortu, edo kotxeen pertsekuzio bat irudikatu.
Bestalde, edukiari dagokionez ere zinema arteari egiten zaion omenaldiak —eta parodiak, aldi berean— antzezlan osoa blaitzen du. Asmoen deklarazio bat balitz bezala, Begoña del Teso zinema kritikariaren ahotsa entzungo dugu une batzuetan, istorioaren parte bihurtuta. Horrez gain, obran zehar agertzen diren erreferentzia zinematografiko ugariren artean norberak film honen edo bestearen zantzuak antzemango ditu: Cohen anaiak, Tarantino, Thelma & Louise… Esan daiteke antzezlan hau zinema pastiche handi bat dela, road movie, western eta genero musikala komediarekin nahasten dituena. Sortzaileen —eta ikusleon— erretina afektiboan iltzaturik geratutako zantzu, irudi, pertsonaia edo elkarrizketa gogoangarrien koktel nabarra.
Guztiarekin, esan beharra dago kamerarekin egiten diren jolasak ez dagozkiola bakarrik zeluloideari; momentu askotan sorkuntzak alde batera uzten du kultura pop zinematografikoa eta bideoartearen eremu minoritarioagoan barneratzen da askatasun osoz. Hortxe topatzen ditugu seguruenez momenturik poetikoenak eta durduzagarrienak: psikodelia, esperimentazioa eta, beharbada, Planeta imaginario (1983-86) telesaio mitikoaren arrastoak. Horrekin batera, aipamen berezia merezi du musikaren alderdiak, oso landua baita eta ekarpen handia egiten baitio obrari, hala dramatikoki nola narratiboki.
Artifizioaren sekretuak agerian
Beste ezaugarri garrantzitsu bat da irudimen erakustaldi zirraragarriarekin batera, momentu oro erakusten zaigula artifizio guztiaren funtzionamendua. Alegia, pantaila handian sortutako mundu iradokigarriak ikusten ditugun bitartean, haiek sortzeko titiriteroek egiten duten zuzeneko esku-lana ere ikusgai daukagu eszenatokian. Txotxongiloen ikuskizuna eta aldi berean haiek maneiatzeko tramoia atzetik ikusteko aukera izango bagenu bezala da. Eta horrek ez du antzezpenaren ikusgarritasuna apaltzen baizik eta areagotzen: zeren miniaturekin sortutako mundu imajinarioak bezain ikusgarria da artifizioa —edo artearen ofizioa— bera. Publikoak pantailatik eszenatokira eta atzera pantailara eramaten du begiratua, lehenengoan ikusle arrunt moduan eta bigarrenean makinen gelan arakatzea lortu duen bisitari pribilegiatu bezala; deskubritzeko, adibidez, askotan efekturik liluragarrienak baliabide sinpleenekin lortzen direnak direla. Beraz, tramoia, artifizioa, lengoaia eta baliabide teknikoen erabilera ikuskizunaren parte bihurtzen dira nahita.
Garapen artistikoa
Heldutasun artistikoak, batzuetan, kreatibitatea moteltzen du eta arindu arriskuak hartzeko gogoa; talde batzuk parametro ezagunetan finkatzen dira eta, erosotasun eremu horretan, gaitasun tekniko handia biltzen dute urteekin batera, baina neurri berean galdu freskotasuna eta sorpresa eragiteko gaitasuna. Itzulera honek erakusten digu Dejaburen ibilbidea kontrako adibidea dela: kasu honetan heldutasun horrek eraman ditu taldekideak euren arteaz hausnarketa egitera eta hori proposamen eszenikoaren parte bihurtzera.
Gure bide galduak (2012) eta Arrastoak (2018) obrei erreparatuta, agerikoa da euren antzerkigintzaren funtsezko zutabe bat istorioak sortu eta kontatzea dela. Bada, Itzulera-n egiten dutena, hain zuzen ere, istorioak sortzearen artea destripatu eta ikusleari erakustea da. Kontatzearen nondik-norakoak modu jostari batean disekzionatu, eta teknika horren artifizioa momentu oro agerian utzi. Adibidez, istorioaren momentu zehatz batzuetan trikimailu narratiboak ikusleei deskubriaraziko dizkiete eta txiste bihurtu.
Norberaren teknika eta lan egiteko moduaz hausnarketa eszenikoa egitea eboluzio artistiko natural baten ondorioa da; izan ere, arte performatiboaren oinarrian horixe bera dago, hizkuntzaren beraren gaineko hausnarketa, deseraikitzea eta kolokan jartzea. Teatro postdramatikoa deitu izan den hori, neurri handi batean, ohiko teatrotik itzuleran egotea da. Behin mendi tontorrera iritsita, egindako ibilbidea berriro egitea baina oraingoan helmugara heltzea —alegia, istorioa kontatzea— bezain garrantzitsua —edo are garrantzitsuagoa— da ibilkeraz, paisaiaz edota mendiko makilaz gogoeta egitea.
Zeintzuk dira gure baliabide eszenikoak? Nola erabiltzen ditugu? Nola eraikitzen dugu istorio bat? Nola erakusten diogu publikoari? Nola irudikatzen ditugu irudikatzen ditugun egoerak? Zer trikimailutara jotzen dugu publikoak hau dena sinets dezan? Benetan da beharrezkoa publikoak sinestea? Zer gertatzen da antzezpenaren hitzarmena urratzen dugunean? Galdera horiek modu burutsu edo filosofikoan planteatzen direnean, emaitza eszenikoa digeritzeko zailagoa gerta dakioke arte eszenikoen lengoaia garaikideetan trebatuta ez dagoenari, baina Dejaburena hurbilpen umoretsu eta jostaria da, eta ez du inongo asmo handiusterik; kontrara, hemen helburu nagusia publikoaren konplizitatea sortzea da; nolabait, antzeztearen magiaren parte eta konplizea bihurtzea.
Aspektu horiei esker publikoaren espektro handi batek gozatuko du obraz; bai ikusle trebatu eta espezializatuek, bai noizbehinkako ikusleek (kasu honetan, asko laguntzen dute zinemako erreferentzia ugariek). Adibidez, Itzulera oso sarbide aproposa izan daiteke ikusle gazteak antzerki performatibo edo postramatikoa ezagutzen hasteko.