Bizitzen berrikasten
Agus Perez
Berria, 2025-02-05
“Renata”

Konpainia: Kamikaz kolektiboa. Testua, zuzendaritza eta antzezpena: Xanti Agirrezabala, Iraia Elias, Amancay Gaztañaga, Erika Olaizola. Zuzendaritzan bidelagun: Espe Lopez. Eszenografia: Kamikaz, Xanti Agirrezabala. Jantziak: Barbara Rasso. Argiak: Imanol Garcia. Musika: Eñaut Gaztañaga. Lekua: Durangoko San Agustin aretoa.
Eguna: Otsailak 1.

      Atso-sorginen izaki hirukoitzak bidali du Renata hildakoen mundutik, gizakioi bizitzen berrikastera. Ezen giza espeziea benetako bizitzaz ahaztu baita, eta azti artegagarri haiek beldur baitira behin ahazten hasita ez ote diren beraiek hurrengoak izango abandonuaren zulora erortzen.

      Erditik hasi gara kontakizunari heltzen, emanaldiaren erdialdean-edo agertzen direlako edade infinituko eta beltzez jantzitako hiru andere haiek irudi gaindiezin batean. Ordura arte, balizko demokrazia baikor baten eszenaratzean murgildu gara, non Iraia Eliasek botere gorenaren figura eternala, Erika Olaizolak indar betearazlea eta Amancay Gaztañagak kontseilari nagusiaren eta erregimenaren irudi publikoaren rolak jokatzen dituzten, pantomima beteko estiloan eta gaurko gizartearekiko paralelismo ironikoak fin gauzatuta. Aurrerago Renata izango dena Xanti Agirrezabalak gorpuztu du, hasiera horretan otseinaren rol ordainezinean.

      Baina edozein gizartetan manatzaileak eta obeditzaileak ditugunez, obeditzaile familia ere agertu da boteretsuen eszenekin tartekatuta, eta agerpen horiek ere baliatu dituzte, ezinbestean, gaurko gizartearen rol estereotipatuen satira gauzatzeko.

      Hortik aurrera, ordea, oinarrizko argumentuak eta egoera satirikoek ez dute analisi sakonagorik ekarri, eta beste plano batera hasi gara igarotzen. Hau da, zer da ikusten ari garena, publiko heldua era umoretsu eta irudimentsuan zirikatzeko saio bat? Zeren eta, ematen du ikusleak, ni-neu barne, oso gustura daudela, barre batzuk eta irribarre asko denon aurpegietan, baina estetikak eta argumentuaren planteamendu apalak gaztetxoentzako antzezlan baten aurrean egotearen sentsazioa sortzen digute.

      Estetikaren alde horretatik —berdin balio du gaztetxoentzat zein helduontzat— aipamen berezia merezi du jantzien diseinuak, sari garrantzitsu baterako hautagai eta irabazle izan litekeena. Izan ere, beren izaera koloretsu eta irudimentsuak dantza konpainia handien kategoria dauka eta haietaz bakarrik gozatzearren mereziko luke Renata ikustea. Mugimenduen estiloa dator gero, ezin hobeto ezkondu direlako Alizia lurralde miresgarrian edo antzeko ipuinetako fantasiazko giroarekin.

      Eta ez ahaztu soinu-espazio iradokitzailea, argien diseinua eta eremu eszenikoaren erabilera dinamiko eta ekonomikoa. Baita, nola ez, sano eskertzen den ahoskera garbi-garbia ere. Argumentuaren garapena eskas geratzen zaigu, ordea, egoera gehienak urrunago eraman zitezkeelako. Baina ni seguru nago Renataren laguntzaz bizitzen berrikasten jarraituko dutela, beti eta etengabe egin duten bezala.