Ahuakateak eta chihuahuak
Agus Perez
ehaze.eus, 2025-02-04
“Itzulera”

Konpainia: Dejabu. Ideia eta zuzendaritza: Dejabu konpainia. Gidoia eta testuak: Ainara Gurrutxaga. Zinegintza zuzenean: David Aguilar (Zazpi t’erdi). Musika: Ander Fernandez. Eszenografia eta maketak: Urko Redondo. Jantziak: Barbara Rasso. Argiak: Andoni Mendizabal. Antzezleak: Miren Alcala, Ainara Gurrutxaga, Urko Redondo. Lekua: Bilboko AZ. Eguna: Urtarrilak 23.

      Itzuli egin da eszenatokietara Dejabu konpainia, urte batzuetan haietatik kanpo egon ostean. Naon Tokin deitu zen beren azken sorkuntza —instalazio performatibo erraldoi eder hura—, eta oraingo honetan agertokiaren albo batean paratu dute haren neonezko letrero handia, posizio bertikalean eta subliminalki gogoratuz nondik datozen eta zeintzuk diren beren sustraiak eta ibilbidearen gailur gorena.

      Apur bat era bultzatuan hasi da dena, batez ere galdetu digutenean ea Bilboko zenbat ikuslek ikusia ote zuten konpainiaren beste lanen bat —Gure bide galduak, Arrastoak…—. Erantzuna ez da bolanderak botatzeko modukoa izan, baina ez da hain txarra ere suertatu: erdiek gutxi gorabehera altxatu dugu eskua. Hortik aurrera, taldearen berezko tonua eta kimikaren bila abiatu dira, eta —ezina ekinez egina— hamar minutuan-edo martxan zegoen guztia: taldea krisi existentzialean dago murgilduta, eta, Etxepare Institutuko beka bat aprobetxatuz, Mexikora abiatu dira hango diasporako beteranoei esateko dutena eskatu eta jasotzeko.

      Gauzak, ordea, ez dira ziruditen bezain ondo aterako, eta emanaldiak aurrera egin ahala Mexikoko bezalako gizarte konplexuan joango dira zangotrabatzen, ahuakateak eta chihuahuaren bat tartean. Beren hasierako asmoek huts egingo dute erarik surrealistenean eta —benetako bidaietan bezala—, beren burua birdeskubritu eta beste mundu ikuskera batekin ekingo diote bizitzan geratzen zaien denborari.

      Nik uste dut, benetan, ezin zaiola gehiago eskatu antzezlan bati.

      Eta nola eraiki ote da hori guztia? Gogo erostezinez, jakituria eszenikoz, elkarren arteko konplizitate emankorraz, entrenamenduz, munduarekin eta Euskal Herriarekin konektatuta, autoironiaz, ilusioz, kemenez, prestakuntza zorrotzaz. Ez da gutxi gero, ETBren menpeko gure herri kulturalki birrinduan. Eta sionistek palestinarrak bonbekin bakarrik suntsitu nahian: askoz errazagoa eta garbiagoa da akulturazioaren bidez!

      Baina bueltatu gaitezen gure benetako kultura garatuaren eremura: hasieran txotxongilo konpainia bezala aurkeztu dute beren burua, eta egia da maisuak direla objektuen antzerkian, baina beste ezer baino gehiago antzerki sortzaileak dira, eta emanaldian zehar maisutasunez uztartu dituzte zuzeneko filmaketak, antzezpenak, objektuen maneiua, musika, argiak eta janzkerak. Bide horietatik, oso momentu dibertigarriak izan ditugu Mexikoko parajeetan harrapatuta zeuden hiru protagonisten kontura. Egia esan, nik ez nekien zerekin gozatu gehiago: argumentu zoroaren garapenarekin, zine eta antzerki teknika eszeniko miresgarriekin, zuzeneko abestiekin edo gure aurrean eta disimulurik gabe gauzatutako trikimailu bisual irudimentsuekin.

      Zeren eta, aitortu dezagun, maketak eta dioramak egiten Dejabukoek ez dute parekorik, eta oraingo honetan horren erakustaldi bikaina egin dute hegazkin eta autobuseko eszenetan, El Gringoren etxetzarraren sutean, autoen jazarpen trepidantean edota Thelma & Louise-ren omenezko amaieran.

      Benetan gozatu dugu sortzaile hauen itzulerarekin eta Itzulera honekin, eta ni behintzat seguru nago hiruzpalau aldiz ikusiko dudala, agenda kontuek ahalbidetzen badidate, behintzat.