Euskal antzerkia 2024
Mikel Ayllon
Jakin, 2025-02

      Izan zirelako

      Zubi bat behar genuen eta artea asmatu genuen. Utopia eta errealitatea konektatuko zituen zubi bat. Imajinatzeko gai garen guztia errealitatera ekarri ahal izateko zubi bat. Utopiatik errealitatera paseatu ahal izateko jaio zen antzerkia. Eta errealitatetik utopiara.

      Gure Mendebalde honetan, Aristotelesi zor diogu antzerkiaren teorien lehen sistematizazioa. Poetika lanean, besteak beste, tragediaren mekanismoak aletu zituen zehaztasun miragarriz: atalak, helburuak, pertsonaiak... Antzinako Grezian, giza izaera aztertu, jainkoen eta gizakien arteko zubiak eraiki eta, finean, mundu ulerkera bat zabaltzeko tresnarik eraginkorrena zen antzerkia. Milaka ikusle izaten zituzten antzezlanek, milaka greziar, greziar izateko elkartzen zirenak. Dionisoren antzokiak, adibidez, Atenasko Akropoliaren hegoaldean, 17.000 ikuslerentzako lekua zeukan. Broma gutxi.

      Bada Aristotelesen Poetika-ren zati bat denboraren iragatearen tolesduraren batean galdu zena. Testu zati horretan, antza, komediaren generoa aztertzen zuen Aristotelesek, tragediarenaren moduko sakontasun eta zehaztasunarekin. Diferentziarik handiena, nonbait, zera zen, adingabeei ez zitzaiela uzten komedia ikustera joaten, zuzentasun ezak haien herritar gogoa noragabetuko zuen beldurrez.

      Greziarren aurretiko agerpen protodramatiko guztiak ere (deitu erritu, deitu ospakizun) errealitatea antzeratu eta munduan egoteko heldulekuak emateko erabiltzen ziren, gure Mendebalde honetan zein beste latitude guztietan. Mendeak eta mendeak dira, beraz, kontatzen dugun hori garela edo kontatzen dugun hori izan gaitezkeela.

      Gaur egun, Aristotelesek proposatutako hiru urratseko ibilbidearekin ulertzen dugu oraindik mundua, haren hasiera, garapen eta amaierarekin. Gaur egun, bi milatik gora urteren ondoren, ia ez da ezer aldatu, baina, oharkabean bada ere, dena aldatzen ari da.

 

      Bagara

      1933an, Black Mountain College ikastetxea sortu zuten Estatu Batuetan. Bigarren Mundu Gerratik eta nazien atzaparretatik ihesi joandako Europako artista eta intelektual askorentzako aterpea izan zen, hala nola Bauhauseko zuzendari Walter Gropiusentzat. Eskola hartan ikasi zuten, besteak beste, John Cage edo Merce Cunninghamek, eta arte eszenikoek bizi izan duten azken iraultzaren sua pizten hasi ziren bertako ikasleak.

      Erika Fischer-Lichte ikerlari alemanak eta beste hainbatek bira performatibo izenez bataiatu dute arte eszenikoetan (arte bizietan, oro har) izan den azken lurrikara hori. Geure burua kontatzeko modu berri batzuk, postmodernitatearen eta postdramatikotasunaren ondoren munduan egoteko modu berri batentzat. Desagertze bidean den errepresentazio hutsetik ekintza bizi baten esperientziara. Fikzio hutsaren eraiste bat, denbora eta espazioarekin jolas egiten duena, publikoarekin harreman berri bat sortzeko, orain eta hemen, urgentziaz, gorputzetik gorputzera.

      Oraindik postdramatikotasun puruagoan edo are klasikotasunean nahiko ainguratuta bagaude ere, gurean pixkanaka ari dira agertzen, han-hemen, bira performatibo horren zantzuak. Aurten Euskal Herriko areto handietan izan ditugun estreinaldietan bada nora begiratu badatorren antzerkiaren arrastoak aurkitzeko.

      Urri amaierarekin estreinatu zen birarik luze eta jendetsuena izango duen Artedramaren azken lana: Miñan. Estreinaldi handien artean, honako hau izango da zahartzen hasitako ezaugarri postdramatiko klasikoenetakoak agertu dituena: laugarren paretaren apurketa, hitza ez beste osagaien garrantzia narrazioan (argiak, eszenografia), beste ezaugarri are klasikoagoekin nahastuta (linealtasun kronologikoa, antzezpen errealistak...). Eta, hala ere, bide performatiboak beharrezkoa duen eta beste inork ez daukan oinarri sendoena dauka Artedramak: ikusleentzat gertakari berezi bat da konpainiaren lan bakoitza, eta milaka pertsona erakartzeko gaitasuna dauka. Zoru bat, hazi berri batentzat.

      Urriko egun berean taularatu zen lehen aldiz Hika Teatroaren Zorretan lana. Hemen nabariagoak dira antzerki postdramatikoaren zantzuak, baina bada obra hasi eta buka zeharkatzen duen osagai deigarri bat, publikoa beste modu performatiboago batean interpelatzen duena. Hasieratik bukaerara taula gainean dagoen amaren gorputzaz ari naiz, hitzik gabe hitz egiten duena, haren presentzia hutsarekin existentzia performatzen ari dena, existentzia antzeztu beharrik gabe. Hazi bat, zuhaitz berri batentzat.

      Antzoki handietara azkena iristen izan da Marmarra, ATX Teatroaren azken pieza. Hemen ere bistakoak dira ezaugarri postdramatikoak, hala nola denbora eta espazioaren desagerpena, gorputz-adierazpena, errealismoaren aurkako posizioa eta beste. Eta agerikoak dira, halaber, antzerki performatiborantz emandako urratsak, bereziki obrako animalia antropomorfoen eta haien adierazteko moduaren bidez. Zuhaitz bat, zeru berri batentzat.

 

      Eta bagarelako

      Egin dezagun ebaki txiki bat bidean eta eraiki dezagun beste zubi bat hemen, beste bi lani begiratzeko. Aurten areto handietan ere ikusi ahal izan ditugu bai Jon Ander Urrestiren Eukalyptus bai Metrokoadroka kolektiboaren Artxibo biluzia. Eta, hala ere, esango nuke mesede handiagoa egiten dietela batari zein besteari espazio desberdinagoek. Biek ala biek proposatzen dute harreman desberdin bat publikoarekin eta biak ala biak daude bira performatibotik gertuago.

      Artxibo biluzia-ren kasuan, dokumentu-antzerkiaren eta performancearen teknikak nahasian ikusi ditugu taula gainean, eta publikoari fikzioaren eta errealitatearen arteko jolasaren parte izateko gonbita ere egin diote. Gertakari ere izan nahi duen antzezlan bat. Gauza bera egiten du Eukalyptus lanak ere, kasu honetan, eszenaratze landu batekin eta gorputzen arteko solasaldi erakargarri batekin.

      Ez nuke zubi honetatik jaitsi nahi dantzari (arte eszenikoak diren ahizpa txikiaren ahizpa are txikiagoari) kuku azkar bat egin gabe. Ekar dezadan lerrootara Led Silhouette taldeak aurten estreinatu duen Halley lana, antzerkitik oso gertu dagoen dantza ikuskizun narratibo bat, proposamen estetiko oso indartsuarekin eta, dantzak bakarrik egiten dakien moduan, gorputz-adierazpenaren kiribil guztiez baliatzen dena.

      Aipatu ditudan obra horiek guztiak, esan bezala, Euskal Herriko hainbat antzoki klasikotan ikusi ditugu eta ikusiko ditugu. Nahiz eta, beharbada, on egingo liekeen askori beste ingurune bat agertzeko. Baina arte eszenikoen gure zirkuitu profesionalak ez dauka beste mota bateko agertokirik, eta horrek, noski, zaildu egiten du antzerkiaren garapena.

      Ekar dezagun gogora asmo eta eredu (oso burges) jakin baterako eraiki zirela antzoki klasikoak XIX. mendearen hastapenetan. Izan dira, noski, bilakaera edo egitasmo interesgarri batzuk antzerkiarekin loturiko arkitekturan. Esate baterako, Wagnerrek asmo demokratizatzailearekin XIX. mendearen bigarren erdian diseinatutako Bayreuther Festspielhaus antzokia, XX. mende erdialdean Bertolt Brechtek hartu zuen Berliner Ensemble antzokia edo garai bertsuan Erwin Piscatorrek Walter Gropiusi diseinatzeko eskatu zion Antzoki Totala. Eta, hala ere, azken bi mendeotan, ia ezer ez da aldatu antzerkiaren espazio arkitektonikoan.

      Dagoeneko sumatzen hasita egongo zara, baina esan dezadan aho-bilorik gabe, badaezpada: aldatzen ari den (eta aldatu behar den) antzerkiaren biziraupenerako mehatxurik handiena, gaur eta hemen, antzokiak dira.

 

      Izango dira

      Entzun diezaiogun, une batez, Robert Lepage dramaturgo eta zuzendari kanadarrari. Ez du aurkezpen handirik behar, baina gogora dezagun, labur, beti ospea lagun eta mainstream-a hurbil izan duen arren, ezohiko proposamen ugari egin dituela, hala nola Cirque du Soleil konpainia entzutetsuaren zenbait lan zuzendu, mekanismo eszeniko oso ikusgarriekin, edo zazpi orduko iraupena duten lanak taularatu.

      Hark esana da antzerkiak biziraungo duela gertakari bat baldin bada eta ez ikuskizun instituzionalizatu bat. Antzerkia ezin da izan espektakulu azaleko bat ziurtatuko dizuna emanaldia laburra izango dela, aparkalekua eta umezaina ordaintzeko zailtasunik izan ez dezazun eta ondoren afaltzera joan zaitezen. Bidea hori bada, antzerkia hil egingo dela dio Lepagek. Haren iritziz, jendea Netflixetik apartatzeko (haren hitzak dira, ez nireak) modu bakarra dago: zure komunitateko jendearentzat zure antzerkia benetako gertakari bat izatea.

      Eta, horretarako, antzokietatik pixka bat urruntzea beste erremediorik ez dago.

      Bi lan ekarri dizkigu Axut! kolektiboak 2024 honetan. Patio batera lehena, Lurrez estali, eta kalera, mugara, bigarrena, Bidasoa mintzatuko balitz. Nola edo hala, bi site specific, ez bakarrik leku zehatz bat buruan sortuak izan direlako, baita leku horiekin lotuta dauden obrak direlako, leku horiek gabe zentzurik ez daukatenak. Antzezlan baino gehiago, gertakari izateko jaio (eta hil) ziren bi obra eta, beraz, antzoki batean ikusten zailak diren egiteko moduak, publikoarekiko loturak eta adierazpideak dituztenak.

      Eta zubi gainetik zubipera orain. Markina-Xemeingo Abarka konpainia amateurrak, Ander Lipusen zuzendaritzapean, Markina-Xemeingo zubipera ekarri zigun Autokarabanie lana. Herriko jendeak herriko jendearentzat egindako fikzio bat, ia edozein errealitate baino errealagoa. Beste espazio bat, beste forma batzuk. Netflix zailtasunik gabe hondoratu dezakeen gertakari bat.

      Eman dezagun bide honen azken pausoa, zuen baimenarekin, Piszifaktoria Ideien Laborategiak Loraldian aurkeztu zuen Goroldiorik ez lan ibiltariarekin. Publikoarekin batera sortzen den lan bat, hala gidoia osatzeko unean nola obra gorpuzterakoan. Beste norabide bat.

 

      Edo ez

      Itzul gaitezen, une batez, antzokietara, hasi bezala bukatzeko: euskal tragedia batekin.

      Sarea izeneko elkartean, EAEko 58 herritako titulartasun publikoko 69 antzoki daude. 2024ko lehen seihilekoko datuen arabera, antzoki horietan 642 antzerki-saio egin ziren, gehienak gaztelaniaz (361), besteak euskaraz (281). Euskarazko 281 horietatik, gehienak haurrentzat izan ziren (143), gutxienak, aldiz, helduentzat (138). Bai, ondo egin duzu kalkulua: EAEn urteko lehen erdian egin ziren antzerki-saioen %20 baino ez zen helduentzat eta euskaraz egin. Antzerkiak etorkizun iluna du antzokien barruan. Euskarazko antzerkiak, aldiz, orainaldia du iluna.

      Nolanahi ere, 2024 honetan, argi txiki bat piztu da berriro. Kalean, noski. Leioako Umore Azokan, euskarak kaleko arte eszenikoetan daukan presentziaren inguruko mahai-ingurua egin zuten. Sektoreko jende askoren arreta piztu zuen. Aretoa bete zen. Eztabaida bizia egon zen. Pixka bat katramilatua. Denbora luzez lotan egon ondoren, esnatu, begiak ireki eta non zauden (eta nor zaren) gogoratzea kostatzen zaizunean bezala. Baina esnatzen hastea zen zailena. Ea orain agontzeko kapaz garen.

      Esan gabe doa datu horiekin zaila dela euskal eszena bat ahotan hartzea. Zailagoa oraindik munduan egoteko euskal modu bat irudikatzea. Gogoan hartu horrela hasi garela. Gogora ekartzen greziarrek antzerkia egiten zutela haien mundu ikuskera finkatu eta zabaltzeko. Eta greziarren aurretik, eta ondoren, beste guztiek. Antzerkia, finean, ez baita beste ezer: errealitatearen eta utopiaren arteko zubi bat. Eta zubi hori izan daiteke guretzat edo beste norbaitentzat. Badago aldea.