Muga istorioak, Bidasoaren bazterretan
Iñaki Etxeleku
Berria, 2024-09-14

Bidasoa mintzatuko balitz soinu-irudi antzezlan ibiltaria estreinatuko du, gaur, 12:00etan, Axut konpainiak, Hendaian. Hiru asteburuz emanen dituzten sei emanaldietako sarrerak amaitu dira.

      Sei emanaldi, “eta fini!”. Axut antzerki konpainiak, gaur, bihar, eta ondoko bi asteburuetan larunbat eta igandez emanen du Bidasoa mintzatuko balitz lan berria. Hendaia, Irun, Urruña eta Biriatu herriak hunkiko dituen emanaldi ibiltaria izanen da, Bidasoan gaindi, aldiro 50 bat ikus-entzulerentzat. Xabier Erkizia soinugilearekin eta Gari Garaialde argazkilariarekin ondu dute, baita inguruko 40 bat herritarrekin ere. Emanaldi guztietako sarrerak, dagoeneko, salduak dira. Halere, lanaren partaide izan den Antxeta Irratiak antzezlan horretarako egin grabaketak hedatuko ditu ondoko asteetan.

      Hendaiako (Lapurdi) Beltzeniatik abiatuko da Bidasoa mintzatuko balitz ibilaldi antzeztua, eta Biriaturaino joango da. Sortzaileek egitura eta forma diseinatu diote, baina, Erkiziak dioenez, kanpoan eta tenore desberdinetan emanen denez, edozer gauza gerta daiteke ibilbide denboran, alda dezakeena emanaldia bera. “Izugarri irekia da inguruan gertatzen den gauzetara —eguraldia, zakur batek zaunka egitea—. Badu alde porotsuago bat; ez antzoki bateko kutxan bezala, edozerk ematen ahal dio bertze erranahi bat”.

      Izura-Azmen (Nafarroa Beherea), ekainean, asmo bereko esperientzia izan zuten Lurrez estali antzezlanarekin. Amateur eta antzerkia ogibide daukatenen artean muntatu zuten, hilabete bakar batez emateko, asteburuz. Bi lanak Ximun Fuchs antzerkilariak zuzendu ditu, eta hark adierazi du ohiz kanpoko formak eta moldeak bilatu dituztela: “Hondamendia-tik heldu ginen. Bira handia izan zen, emanaldi anitzekin, eta, aldi berean, euskal kulturaren ekosisteman hauskortasun handi bat sentitu genuen”. Erroetara itzultzeko beharra aipatu du. “Behar genuen berriz errotu, iturritik berriz edan, eta joko arau guztiak aldatu”.

      Sortzez oztibartarra da Fuchs, eta iturri horren ezaugarriak zenbait hitzetan definitu ditu: “Lurralde bat berriz besarkatzea, funtsezko gai bat lantzea, antzerkilari anitzekin lan egitea”. Fuchsen erranetarik, euskal antzerkia gai baten jorratzetik heldu baita: “Behar da zerbait kontatu. Urgentzia horrek ekartzen du egutegia aldatzera; eta kontsumotik ateratzea”. Hortik, ohiz kanpoko lekuak eta egutegiak. “Behar genuen mugitu”. Ordutegia ere aldakorra da emanaldiak itsasgoraren arabera finkatu baitituzte. Hori erranik, Fuchsek argi du, ondotik, antzokietara itzuliko direla.

 

      Zauri den muga

      Lurrez estali-n, laborantza, elikadura, transmisioa aztertu nahi izan zituzten. Laborarien mobilizazioen ondotik atera zen. Mugaz gaindiko migrazioena aspaldiko aktualitatea da, berriz ere franko agerikoa dena azken urteetan. Harrera sare azkarrak ere berpiztu dira Euskal Herrian, Bidasoaren bi aldeetan.

      Gaurko eta atzoko migrazioak aztertu dituzte Bidasoa mintzatuko balitz lanerako. XIX., XX. eta XXI. mendekoak. Zernahi jende muga horren zeharkatzera beharturik gertatu da: “juduak, portugesak edo ingelesak”. Gaur egun, munduko herrialde askotatik ihesi jin lagunek zeharkatzen dute. Hain zuzen, horien laguntzaile taldeetan ibiltzen diren jendeen lekukotasunak bildu dituzte: “Harrera talde anitzetan euskaldun anitz bada, eta ez da kasualitatea” erran du Fuchsek. “Familia guzietan badira muga istorioak. Lehen migrante edo iheslariak Euskal Herrian berean euskaldunak izan dira. Euskaldunen odolean bada muga hori, zauri handi bat balitz bezala”. Bildu lekukotasun guziak fikzio batean sartu dituzte.

      Erikiziak formaren funtzioa deskribatu du: “Mugan, bada eguneroko bat izoztuta bezala gelditzen dena. Migrazioa bada egunerokotasun bat hainbertze mendez, modu konstantean, gertatzen ari dena. Obra honek proposatzen du izoztuta den hori berrikustea; erreka bazterretik pasatu eta galdutako gauzak topatzen dituen bilatzaile baten gisa”.

      Zauri den muga horren sakian barna sartzeko moldea ikusi dio Erkiziak lanari: “Zauriari begiratu beharrean, zauritik bertatik joan, nabigatu ia-ia, eta ikusi zer forma hartzen duen zauriak”.

      Esperientzia hori, hargatik nahi zuten egin Bidasotik iraganez, eta ez erakusketa gela batean izan zitekeen soinu eta irudi muntaketa baten bidez. Fuchsek dio gorputza mugituz, ibiliz egitea begi bistakoa zitzaiela. “Ibiltzean, bortxaz, burua martxan jartzen da. Behar genuen publikoa egoera horretan ezarri”.

      Erkiziari iruditzen zaio erakusketa gelaren kontrakoa gertatzen dela Bidasoan barnako ibilaldi horretan. Gutunak idatzi dituzte, eta molde antzeztuan grabatu. “Eskutitzek ematen diete leku ezagun horiei arrarotasun edo berritasun hori ematen di. Leku horiek berriz entzutera, berriz begiratzera gomitatzen zaituzte”. Eta grabaketak entzungailurik gabe entzutea nahi zuten. “Nahi genuen gauza kolektiboa izatea, eta asmatu behar izan dugu dispositibo bat. Hor ere bada gauza magiko bat, ez baita arautua eta bakoitzak topatu behar baitu bere tokia”. Gorputzetik pasatze hori interesatu zaio, franko. “Antzerkiak badu gaitasun pedagogiko hori: onartzen duzu fikzio bat dela; antzoki batean sartu eta badakizu ikusten duzun hori ez dela egia, baina ulertzen duzu. Badago jolaserako gomit bat”. Esperientzia hori kanpoko natura eremu fisiko batera eramateak oraino “beste dimentsio bat hartzen du”, Erkiziaren erranetan.

 

      Irulegiko Eskutik

      Ondoko antzezlana zein izanen duten ez dute salatu Axutekoek, baina bai trilogia baten azken atala izanen dela Lurrez estali eta Bidasoa mintzatuko balitz-en ondotik.

      Trilogia horren ideia Irulegiko Eskutik abiatu zela aitortu du Fuchsek. Irulegiko Eskuarekin “euskal komunitatea harrotu zen bat-batean”; “tixertak, garagardoak, dena egin da Irulegiko Eskuarekin”. Aurkikuntza horrekin, halako “bagara!”, “existitzen naiz!” errateko modu bat izan dela uste du Fuchsek. “Azkenean, ukatzen baitzaio jende bati —antzokietan edo anitz lekutan— existitzeko dretxoa”.

      Urruneko inperio batek erre zuen Arangurengo Irulegiko hiribildua bere helburu politikoengatik. “Gure herriak beti hori bizi izan du, mendez mende”. Horretan, lurraren gaia ikusi zuten —Lurrez estali—; mugarena —Bidasoa mintzatuko balitz—. “Azkena, jabegotzarena izango da”.