Bueltan da “Artea”, “lagun zaharren” komedia
Itziar Ugarte Irizar
Berria, 2024-09-11

Joseba Apaolaza, Asier Hormaza eta Ramon Agirrerentzat, mugarri bat izan zen Yasmina Rezaren 'Artea' antzeztea duela ia hogei urte. Txalok ekarri zuen euskarara orduan, eta hark berreskuratu du orain ere. Bihartik igandera, Donostian erakutsiko dute.

      2006ko irailaren 29ko Berrian dator albistea. Izenburua lehenengo: “Yasmina Rezaren Arte estreinakoz euskaraz emango dute gaur, Tolosan”. Eta lerro gutxitako testua ondoren: “Txalo konpainiak Yasmina Rezaren Arte euskarazko bertsioa estreinatuko du gaur, 22:30ean, Tolosako Leidor aretoan, obra hori euskaratzeko eskubideak kostata lortu eta gero. Euskara 'gutxiengoen hizkuntza' izatearen ondorio izan dira zailtasun horiek, adierazi dutenez. Karlos Zabalak zuzenduta, Joseba Apaolaza, Ramon Agirre eta Asier Hormaza izango dira aktore nagusiak. Hainbat hizkuntzatara itzulia izateaz gain, mundu osoko antzokietan hedatu da Rezaren Art. Sariak ere ugari jaso ditu. Besteak beste, 1995ean obra onenaren laudorioa erdietsi zuen Parisen, eta 1996an eta 1997an Londresen eta New Yorken, hurrenez hurren. Laguntasunari eta gaur egungo gizarteari buruzko gogoeta da antzezlanaren gakoa”.

      “A, bai? Kosta egin zen eskubideak lortzea?”, galdetu du lantaldeko kide batek orain, ia hogei urte beranduago. “Bai, bai, gogoratzen naiz nola ibili ziren”, erantzuna albotik. Villabonako Gurea antzokian daude (Gipuzkoa), obra berriz jendaurrean erakutsi aurreko entsegu egunetan: Ramon Agirre, Joseba Apaolaza eta Asier Hormaza aktoreak agertoki gainean, eta Txalo ekoiztetxeko Martin Agirre eta obraren zuzendari Begoña Bilbao besaulkietan haiei adi. Bilbaoren esanetan, hitz gutxitan, “merezi duen remake bat” delako erabaki dute berriz ere Artea agertokietara ekartzea. “Ez dago hainbeste komedia on; Artea klasiko bat da ja, eta oso ondo zahartu da, gainera”.

      Horregatik, sakelakoak sartu, eta eszenaratzea baino ez dute moldatu orain. “Oso kontzeptuala zen lehen; aktoreak, koadroa, eszena... dena zuriz. Eszenaratze errealistago baten alde egin dugu guk”. Gainontzean, testu bera —Julia Marinek euskaratu zuen— eta orduko aktore talde bera. Aurreko aldian, Karlos Zabalak zuzendu zituen Agirre, Apaolaza eta Hormaza, eta Bilbaok hartu du orain haren lekua. “Txalorekin Yasmina Rezaren Jainko basatia egin nuen nik duela urte batzuk, eta pixka bat ezagutzen dut haren lana. Asko gustatzen zait; sortzen dituen pertsonaiak, elkarrizketak... Denetan famatuena, baina, Artea da. Gaur egun ere, beti dago martxan”.

 

      Lagun “dialektikoki boteretsuak”

      Oroz gain, adiskidetasunaz hitz egiten du Rezaren 1994 obra entzutetsuak. “Hori da gaia, adiskidetasuna ze gauza delikatua den”, esan du Agirrek. “Arte garaikidearen inguruko gogoetak ere agertzen dira, baina aitzakia bat baino ez dira haien artean eztabaida pizteko”. Zehazki, Agirreren pertsonaiaren ekintza batek abiatuko du trama: obraren hasieran, Sergiok (Agirre), koadro bat erosiko du, dirutza bat ordainduta; Marcosek (Hormaza) ez du ulertuko lagunaren ateraldia; eta Ibon (Apaolaza) bien artean sartuko da, urak baretu guran.

      “Lagun zaharrak dira”, jarraitu du Agirrek, eta erantsi haien kasua ere hala dela, horrek ere egin duela berezi obraren berrartzea. “Gu ere lagun zaharrak gara, eta ezagutzen ditugu bakoitzaren maniak. Badago maitasuna gure artean, baina talkak ere izaten ditugu”, aitortu du. Eta Apaolazak baietz, baina, edonola ere, lanerako beti “mesederako” dela elkar aurrez ezagutzea. Harentzat, “esperientzia bitxia” izaten ari da Artea berreskuratzea. “Bitxia ordu asko sartu behar izan ditudalako testua ikasteko, baina sumatu dudalako halako oihartzun bat banekarrela. Iruditzen zait horrekin gauzak hobetoxe finkatu direla”. Hormazarentzat, aktore gisa “hazten” joan direlako ere gertatu da hori: “Urte hauetako bizipenekin, jakituriarekin... aberastu egin dugu obra. Nik entseguetan sumatu dut hori: erraz atera ditugula gauzak”.

      Pertsonaiak, elkarren artean diferenteak eta, batez ere, elkarrenganako “krudelak” direla nabarmendu du Agirrek. “Hitzez min emateko gaitasun handia dute. Dialektikoki oso boteretsuak dira; krudelak, batez ere, Josebaren pertsonaiarekin”. Bere pertsonaia “aberats berritzat” eta “akonplejatutzat” deskribatu du; Hormazak, berea, “taldean bere burua lidertzat” ikustea behar duen gizasemetzat; eta, Apaolazak, berriz, ororen gainetik, “gatazka gorroto” duen pertsonatzat.

      “Gauza delikatuagoak ere beti daude”, erantsi du azkenak. “Ibonen bizitza porrotez beteta egon da, bai profesionalki, bai ekonomikoki, eta ziurrenik baita sentimentalki ere. Eta, noski, horrek ere eragiten du tentsioan, are gehiago, nik bezala, sei minutuko monologo batekin sozializatzen baduzu”.

 

      “Zergatik izan behar du denak berria?”

      Obra estreinakoz euskaraz eman eta hurrengo urtean Donostia Saria irabazi zuen Artea-k, eta ikusleek antzezlanari egindako harrera beroa ere oroitzen dute aktoreek. “Nik orduan sentitu nuena ez dut beste antzezlan batekin sentitu”, esan du Apaolazak. “Ez dut esango, Artea egin ostean, lasai hil nintekeela pentsatu nuenik, baina bai antzerako zerbait. Disfrutatu nuen moduagatik, obrak zuen harreragatik, sentsazio bete-betea izan nuen”. Antzera Hormaza ere: “Artea herrialde pila batean egiten zen orduan, herrialde bakoitzeko aktore puntakoenekin gainera, eta gu ere klub horretan sartu ginen. Niretzat oso handia izan zen, Ramonekin eta Josebarekin gainera”.

      Euskal antzerkia, ordea, duela pare bat hamarkada bezalatsu ikusten dute, ez behintzat hobeto. “Beti entzuten nuen euskal antzerkia krisian zegoela, eta oraindik ere entzuten dut”, esan du Hormazak. Eta emanaldien beherakada aipatu du Agirrek. “Artea estreinatu zen garaian antzerkia gorantz zihoan, emanaldi askoz gehiago egiten ziren obra bakoitzarekin. Orain, nahiz eta profesionalok gorantz egin dugun, ez nuke esango euskal antzerkia hala doanik”.

      Ezohikoa dena, aktoreen arabera, duela urte batzuk egindako obra bat berreskuratzea da, eta hori bai ospatu dute hirurek. “Txalora sartzen zara, ikusten dituzu kartelak, eta berehala pentsatzen duzu 'hau zergatik ez da berriz egin?'. Baina ez, ze programatzaileek beti nahi dute berria, berria. Zergatik antzerkian izan behar du denak berria? Ez da ulertzekoa, denuntzia hori bai egin nahi dut, eta, horrekin batera, honen alde egin duten programatzaileak eskertu”.

      Duela hemezortzi urte, ikusi zutenengana —“horiek seguru izango dutela kuriositatea”, Agirrek— zein belaunaldi gazteagoengana iritsi nahi lukete itzulerarekin. Apaolaza: “Garaiak denontzat aldatu dira; ea publikoak zer duen esateko orain”.