Zuloak
Nagore Fernandez
Berria, 2024-09-22

Liburua: Hau ez da gerra bat

Egilea: Mikel Ayllon / Piszifaktoria Ideien Laborategia

Argitaletxea: Susa / EHAZE

Urtea: 2024

      Antzerkia oturuntza bat baldin bada, duda barik, Hau ez da gerra bat antzezlan-seriea egiazko oturuntza bat dela esan dezakegu. Oturuntza edo banketea, latinez convivium, antzezlana irakurlearena ere badela adierazteko Jorge Dubattik erabili eta Irati Agirreazkuenagak erreskatatu duen metafora bat dugu, Mikel Ayllonek Piszifaktoria Ideien Laborategiarekin batera argitaratu berri duen obrari ezin hobeto ezkontzen zaiona, hain zuzen. Izan ere, espazioaren erabileratik bertatik irekia (eta berritzailea) den antzerki mota bat proposatzen digu liburuak: ikusle-aktore arteko harreman hierarkikoarekin apurtzen da, eta modu horizontalago batean performatzen. Batzuetan, aktoreak jendartetik agertzen zaizkigu; besteetan, ikusleak, eta idatzizko formatuan, irakurleak izango du sekuentziaren bukaera erabakitzeko eskumena; Mikel Ayllonek artisten eta entzule-irakurleon arteko lubakiak desegitea erabaki du oraingoan, eta guztion arteko elkarrizketa bat sortu. Proposamen ausarta, baina, arriskutsua ere bai, inondik ere: hain da esperimentala, ezen irakurleak, zenbaitetan, lerro artean galtzeko arriskua ere izan baitezake. Horra hor obraren indargunea, baina baita itzala ere.

      Egiturarekin ere jolas egiten du obrak. Hiru antzezlan buruaskiz osatutako seriea dugu liburua. Lehenengoan, Bunker izenekoan, tentsioz eta umorez, bikote baten gorabeherak antzeratzen zaizkigu batik bat, nahiz eta gerraren oihartzunen bat edo beste ere aurkituko dugun. Hirugarrenean, azkenengoan, Hau gerra bat da izenburupean, lubakiak, tiroak eta odolez betetako jazoerak nagusitzen zaizkigu, eta horien parte da, gainera, ikusle-irakurlea ere, interaktiboki deslotzen baita korapiloa. Bigarren antzezlana dugu, ostera, Hau ez da gerra bat, bi-biak, lehenengoa eta azkena lotzen dituen eta obra guztiari koherentzia eta biribiltasuna ematen dion konposizioa, baita liburuari izenburua ere. Bertan agertzen zaizkigu lehenengoko obrako bikotea eta euren gorabeherak, azkenengoko testuinguru eta gertaera odoltsuak, eta guztietan presente egon den soldaduaren irudia. Esan daiteke, hortaz, bigarren horretan biltzen dela obraren muina: atal guztiek zentzua hartzen dute eta gudu-zelaiak biderkatu egiten dira maitasuna eta gerra odoltsua aurrez aurre jartzen diren heinean. Bat egite horrek badu efektu estetikorik; zer da antzerki-seriea paralelismoz eraikitako metafora handi bat ez bada? Baina, batez ere, gerraren beraren izaera absolutu eta trinkoa auzitan jartzera eta horren inguruan hausnartzera gonbidatzen gaitu.

      Muga guztiekin jolas egiten duen obra bat dakarkigu Piszifaktoria Ideien Laborategiak, Bertolt Brechten estilotik oso hurbilekoa; irakurleak ez du Aristotelesen hiru unitateen legerik aurkituko, ezta gerraren errepresentazio eta definizio bat eta absoluturik ere. Horren ordez, zuloak aurkituko ditu gorputzetan, bihotzetan, galdera ugari, baina, batez ere, oturuntza on batek ohi duen gisan, metaforaz mozorrotutako mokaduak, nahi beste, gainera. On egin!