Itxasora, Augustin Zubikarai III MATXIN, MOXKOR eta TXILIN (MOXKOR eta TXILIN izugarrizko mozkorrakin sartzen dira, albo-alboka ta abeslari.) Tibilin, tibilin, tin Ploren, Ploren, Ploren, Tibilin, tibilin, tin Ploren, Ploren Maria. (Bi aldiz.) MOXKOR: (MATXIN'en argontzi edo parola ikausi ondoren.) Ene! Ikusten? TXILIN: Izar bat eta iru izar. MOXKOR: Kontxo, kontxo ! Gaur kalian izarrak ! TXILIN: (Ganora barik abestuten.) Zeru goietan izarra, errekaldian iparra; gure arpegian bizarra ta soñian piparra. MOXKOR: Ba,ba ! A zelako kantak! TXILIN: Eta zuriak? MOXKOR: Ni kalian kantaten asten nazanetan... TXILIN: Zuk kalian? Aurik ere zabaldu ez egunez. MOXKOR: Nik kalian? TXILIN: Gabian orru asko ta egunez eulirik ilteko adorerik ez. MOXKOR: Nik kalian? TXILIN: Egunez txistik ere ez. MOXKOR: Nik? Zer nazala uste dozu? TXILIN: Zuk kalian ? Neskarik politenari ere begiratu ez. MOXKOR: Nik? Kalian nik? TXILIN: Lotsatuta, nun zabizan konturatu barik, txirrist eta laprast sarri. MOXKOR: Tira, tira. Neuk kalian? (Zoro antzera abestuten.) Kalian gora kalian bera kalian gora kantaten Kalian gora kalian bera kalian gora zezenak. TXILIN: (Bene-benetan.) Moxkor! Egi biribil-biribil-biribilla esan gero! Nik mozkorrik ez daukat ezta? MOXKOR: Guk mozkorra? Guk? (Anka baten ganean jarri nai dau, baña jausi egiten da.) Guk mozkorra? Guk? (Kabriolak egiñaz.) Guk? TXILIN: Nik sekula baño pentsamentu geyago darabilt buruan. MOXKOR: Nik, egia esan, illun illun ikusten ditudaz gauza guztiak. Baña origaitik mozkorra? Begietako lanbrua bai, baña mozkorra? TXILIN: Ori izarren onduan gabizalako da, txo! MOXKOR: Izarren onduan? Min artuta izarrak ikusten diranetan, orduan lanbrurik ez da ikusten ba. Zazpi koloreko argitasuna gitxienez ikusi neban atzo ere malluagaz atzaparra zapaldu nebanian. TXILIN: (MATXIN'en argontzi edo parola eskuetan artu ta dantza naiez.) Ikusten Moxkor? Tibilin, tibilin tin Ploren, Ploren, Ploren Tibilin, tibilin tin Ploren, Ploren Maria. MOXKOR eta TXILIN: (Abestu ta dantzan.) Antero'n txomorrotia, Txingar'en bibotia, aretxek ei dauko, ei dauko, preso tximiñoya. (Dantzan diarduela MOXKOR'ek MATXIN zapaldu ta au asarre jaikiten da.) MATXIN: Zer da, zer da emen? MOXKOR: Zu ere izarren onduan Matxin? MATXIN: Ze izar eta ze bizar! Lotsarik ba'dozue zeuok? TXILIN: Geuk lotsarik ez? Lotsia, bizarra ta izarra, dana. MATXIN: Itxura bako erantzunik emon barik, ospa lotara. TXILIN: E? Zer? Botara? Moxkor, emon oneri botia. MOXKOR: (MATXIN'eri botia emoteko ustez eta lepotik oratuta.) Aupa Matxin, au da umoria! (Abestuten.) Au dek umoria utzi alde batera euskaldun jentia. MATXIN: (Zarataka.) Zurikeri gitxi niri. Lotara esan dot, lotara! TXILIN: A... Lotara, lotara... Gaua da ala? MATXIN: Zuen atsuak ibiliko dira barriro ortozik eta negarrez. MOXKOR: Ortozik eta negarrez? Eta sutako burdiniakin segi egiten dauskuenetan zer? MATXIN: Urdalletik batetik bestera sartuko ba'leutsue bein, orduntxe bakia. TXILIN: Eta oyan sartu ondoren zapladaz bete-bete egiten gaituenetan? MATXIN: Lotsatu ere ez zarie egiten atsuen zapladak artzen? Orretarako ezkondu ziñen, ezkondu? TXILIN: Ezkondu? Ezkondu diñozu ? Ja, ja, ja! (Abestuten.) Eta zeñekin eta norekin Petra zikiñan alabarekin. MOXKOR: Eta zeñekin eta norekin Kospa mozkorran alabarekin. MATXIN: (Asarre.) Beste bein ez dautsuet esango. Begien aurretik kentzen ez ba'zarie... MOXKOR: Begien aurretik kendu? Ez begiratu biar. Aur bestia! Nok dauka ba errua? MATXIN: Umekeririk eta zorakeririk ez esateko! Ta zuzen etxera! MOXKOR: Etxera? Zetan? Etxe utsa gerra utsa. TXILIN: Obeto gabiz gu kalian, bake-baketan. MATXIN: Ez uste olgetan nabillanik. (Giltzak erakutsiaz.) Ikusten? TXILIN: Zer giltzak? Nungo giltzak? MOXKOR: San Pedro zara ala? MATXIN: Barriketa gitxi erabilteko! MOXKOR: Guk ez darabilgu ez barriketarik eta ez zirriketarik. TXILIN: (Ganora barik abestuten.) Zirriketa marraketa kitarria botikaxuan alabia. MATXIN: Ze demontre! Ixillik juango zarie edo ez? MOXKOR: Juan? Nora? MATXIN: Edonora! TXILIN: Aur beroi. Ezagutuko ez ba zendukez...! MOXKOR: Etxera? Eta andrak aterik zabalduten ez ba dauskue, zer? MATXIN: Zer? Nai dozuena egin. TXILIN: Laga ba orduan nai doguna egiten. MATXIN: Alkatiak jakingo dau biar. TXILIN: Alkatiak? Nungo alkatiak? Je, je! Biboterre ta pisterre arek? MOXKOR: Alkatiak? (Abestuten.) Or goiko landetan eperrak dabiz kantetan Errigoiti'ko alkatiari kaka ein dautse praketan... MATXIN: Oraindik enazue ezagutzen, ezta? (Erabagi sendoz, kanpora bultz egiñaz.) Ala ortik, alper, mozkor, ordi, baldar, badaezpadako arlotiok alakuok! TXILIN: (Etengabeko jardunean zarataka.) Gu alperrak? Gu mozkorrak? MOXKOR: Gu baño ordiago zara zu! Zaragi osua erango leuke-ta! TXILIN: Nok esan leiken astuari arre. MATXIN: Eta ixilik juan gero! bestela ikusi nun lo egingo dozuen! Itxasora, Augustin Zubikarai |