Amaren maitasuna, August Strindberg
euskaratzailea: Labayru / Zubizabal 6, 2001

 

PERTSONAIAK:

        AMA, prostituta izandakoa, 42 urte.

        ALABA, aktorea, 20 urte.

        LISEN, 18 urte.

        Teatroko ZERBITZARIA

 

DEKORATUA:

        Kostaldeko hiri batean dagoen txalet txiki bateko barrualdea. Barru-barruan, kristalez eginiko begiratokia. Bertatik Stockholm-eko kostatik hur dagoen badia bat ikusten da.

 

 

Lehenengo eszena

 

AMA eta teatroko ZERBITZARIA purua erre, garagardo sendoa edan eta karta-jokoan arituko dira. ALABA, teatroaren ondoan, itsasoari begira egongo da, arreta handiz.

 

AMA: Zatoz, Hélène, izan zaitez hirugarren jokalaria!

ALABA: Gaurko moduko udako egun eder batean ere karta-jokoan aritu behar al dut?

ZERBITZARIA: Amarekin beti bezain esanekoa gaur ere!

AMA: Ez zenuke hor egon behar, begiratokian, dagoen eguzkiarekin, erreko zaitu azkenerako!

ALABA: Hemen ez du erretzen eguzkiak!

AMA: Tira, baina haizea dabil...! (ZERBITZARIAri) Zeuk eman behar dituzu kartak! Mesedez!

ALABA: Joan naiteke gaur neskekin bainua hartzera?

AMA: Amarekin ez bazoaz ez; esan nizun ba!

ALABA: Bai, baina neskek badakite igeri egiten, eta zuk ez!

AMA: Kontua ez da igeri egiten dakiten ala ez, baizik eta zuk ondo dakizula ez zoazela inora ama aldean ez badaukazu.

ALABA: Ez dut jakingo! Besterik ez dizut entzun pentsatzen ikasi nuenetik!

ZERBITZARIA: Horrek esan nahi du ama ona daukazula, alabarentzat onena nahi duen ama.., horixe esan nahi du horrek!

AMA: (ZERBITZARIAri emango dizkio bere kartak) Eskerrak! Eskerrik asko esan duzuna esatearren, Augusta! Izan naizena izanda ere, horixe.... ama ona izan naiz behintzat, alde horretatik lasai asko egon naiteke.

ALABA: Bai, jakina, eta alferrik galdetuko dizut orduan tenisean jokatzera jaitsi naitekeen!

ZERBITZARIA: Ez duzu amarekin lotsagabe izan behar, neskato, eta ez baduzu zure senideen bizimodua alaitu nahi euren dibertsioetan parte hartuz, sentiberatasuna izan beharko zenuke behintzat ingurukoak ez mintzeko beste lagun batzuekin ondo pasatzeko ahalegina eginez.

ALABA: Bai, bai, badakit hori guztia, buruz dakit hori guztia!

AMA: Hasi zara berriro zakar hitz egiten! Has zaitez probetxuzko zerbait egiten eta ez zaitez halaxe egon, egonean, handitxua zara-eta!

ALABA: Ba nagusia banaiz, ez dakit zergatik tratatzen nauzun ume txikia banintz bezala!

AMA: Haur txikiak bezala portatzen zarelako!

ALABA: Baina horixe da zeuk nahi duzuna... eta gainera aurpegiratu egiten didazu!

AMA: Gauza bat esango dizut, Hélène: erretxin samar zaude egunotan... nor ezagutzen duzu hemen?

ALABA: Ba, besteak beste, zuek biak!

AMA: Ez zara orain hasiko sekretuak ezkutatzen amari?

ALABA: Garaia izango litzateke!

ZERBITZARIA: Lotsatuta egon beharko zenuke, neska, amari horrelako erantzuna emanda!

AMA: Horixe, eta, gainera, probetxuzko zerbait egiten hasi beharko zenuke, kexaka eta kexaka ibili beharrean. Irakur iezadazu zure papera, esaterako.

ALABA: Papera inori ez irakurtzeko esan dit zuzendariak, txarto antzezten irakatsiko didate-eta...

AMA: Laguntzen ahalegintzen naiz eta hori al da esker ona? Esan beharrik ere ez dago: nik egiten dudan guztia lelokeria baino ez da!

ALABA: Zergatik tematzen zara ez dakizuna egiten? Baldarra bazara, zertan arituko naiz ni ordaintzen!

ZERBITZARIA: Orain hasiko al zara amari gogoratzen ez daukala eskolarik! Noski, halaxe konpontzen duzu guztia!

ALABA: Hori zeuk esango duzu, izeko, baina ez da egia! Kontua da, ez dakiena irakasten saiatzen bada ama, esan egin behar diodala, bestela lanetik bota eta kale gorrian geratuko garelako!

AMA: Eta orain bere kontura bizi garela gogoratuko digu andereñoak. Ba al dakizu zuk zenbat zor diozun izeko Augustari berari? Ba al dakizu berak hartu gintuela magalean zure aita desnaturalizatuak abandonatu gintuenean, eta ba al dakizu berak zaindu gintuela, eta bizitza osoan ordaindu ezin izango duzun zorra daukazula berarekin? Ba al zenekien? (Isilik geratuko da ALABA). Ba al zenekien? Tira, erantzun!

ALABA: Ez dut erantzun nahi!

ZERBITZARIA: Tira, Amèlie, lasaitu, jendeak entzun egin gaitzake eta gero txutxu-mutxuak izango dira alde guztietatik! Hara, hara, lasaitu!

AMA: (ALABAri) Tira, jantzi zerbait eta goazen paseatzera.

ALABA: Ez dut paseorik nahi!

AMA: Hau da amarekin paseoan irteten ez zaren hirugarren eguna... ! (Gogoeta eginez) Posible izango litzateke... ? Joan zaitez begiratokira, Hélène, izeko Augustarekin hitz egin behar dut.

 

(ALABA begiratokira aterako da)

 

 

Bigarren eszena

 

AMA; ZERBITZARIA

 

AMA: Posible dela uste duzu?

ZERBITZARIA: Zer?

AMA: Posible al da berak zerbait entzun izana?

ZERBITZARIA: Ez, ez da posible!

AMA: Guztia da posible! Eta ez dut uste neskari inork esango zionik besterik gabe, ez dut uste inor hain gaiztoa denik. Nire loba batek hogeita hamasei urte bete arte ez zuen jakin aita buruaz beste egin zuela... Baina bitxikeriak daude Hélèneren jokaeran; ez da lehengoa. Badira zortzi egun ez dagoela gustura nirekin paseoan dabilenean, horixe sumatu diot, nahiago duela bakarrik ibili; baten batekin topo egiten genuenean, beste alde batera begiratzen zuen berak, urduri jartzen zen eta nekez ateratzen genion hitzik. Zerbait gertatzen ari da hemen!

ZERBITZARIA: Zera esan nahi duzu... ez dagoela zurekin gustura... norekin eta bere amarekin! Hori esan nahi duzu?

AMA: Horixe bera!

ZERBITZARIA: Ez, neska, exageratzen ari zara!

AMA: Ez naiz exageratzen ari! Are gehiago: baporean ibili ginenean, bere ezagun batzuk hurbildu eta aurkeztu ere ez ninduen egin.

ZERBITZARIA: Badakizu zer uste dudan.., azken zortzi egunotan hona heldu den norbait ezagutu duela... postetxera joan eta aspaldion nor heldu den jakingo dugu.

AMA. Bai, ideia ona...! Hélène! (ALABA sartuko da)

AMA: Zaindu etxea apur batean, postetxera goazen bitartean!

ALABA: Bai, ama.

AMA: (ZERBITZARIAri) Ematen du honekin beronekin egin dudala lehenago amets...

ZERBITZARIA: Bai, batzuetan badirudi ametsak errepikatu egiten direla..., badakit.., baina inoiz ez dira atseginak izaten!

 

(Eskumatik aterako dira)

 

 

Hirugarren eszena

 

ALABAk keinua egingo du kanpora begira. LISEN sartuko da.

Tenisean aritzeko jantziak izango ditu soinean, zuriz goitik behera, kapela eta guzti.

 

LISEN: Joan dira?

ALABA: Kanpoan egongo dira apur batean.

LISEN: Zer esan du zure amak?

ALABA: Ez naiz galdetzera ausartu! Amorru bizian jartzen da erraz!

LISEN: Hélène gaixoa! Ezin zara irten orduan! Ilusio handia neukan... ! Maite zaitudana jakingo bazenu! (Musu emango dio)

ALABA: Eta zuk jakingo bazenu zer izan den niretzat zu ezagutzea eta egunotan zurekin egotea, zure etxean, orain arte ez baitut ondo hezitako pertsonarik ezagutu... Pentsa ezazu zer den halako gauza bat nire moduko batentzat. Ni beti bizi izan naiz zulo zikin batean, arnasteko moduko airerik gabe, bizimodu arraro eta ezezaguneko pertsonak inguruan, marmarka, ika-mikan; inoiz ez dut bertan hitz atseginik entzun, inork ez nau kariñoz tratatu eta nire espirituak zelatariak sentitzen zituen, presoa balitz bezala... Ideiarik ere ez daukazu...! Eta amari buruz ari naiz, eta uste baino min handiagoa egiten dit, askozaz handiagoa!, mespretxatu egingo nauzu, horretarako baino ez du balioko honek guziak!

LISEN: Seme-alabek ezin dute gurasoen errurik hartu eta...

ALABA: Ez, baina seme-alabek ordaintzen dute! Arrazoiz esaten dute posible dela bizitza osoa ematea gurasoak ezagutu barik, elkarrekin hainbeste urte eman arren, eta sinestu egiten dut sinestu ere, ezagutuko bagenitu, ez nukeelako sinestuko!

LISEN: (Artega) Zerbait entzun al duzu?

ALABA: Bai, orain dela hiru egun; bainua hartzen ari nintzenean, hormaren bestaldean amari buruz ari zen baten bati entzun nion, eta badakizu zer esan zuten?

LISEN: Kasurik ere ez...

ALABA: Ba, emakume gaiztoa izan dela esan zuten... ! Nik ez nuen sinestu nahi, eta ez dut sinestu nahi, baina egia dela sumatzen dut; bat dator guztia, egia dela esaten digu guztiak.... eta lotsa ematen dit! Lotsa elkarrekin gabiltzanean; lotsa elkarrekin ikusten gaituztenean, lotsa gizonek begiratzen digutenean...!, beldurgarria da! Baina, egia ote da? Esan zure ustez egia den!

LISEN: Jendeak gezur asko esaten ditu, nik ez dakit ezer ere!

ALABA: Baina jakin badakizu, zerbait badakizu, baina ez didazu esan nahi, eta eskertzen dizut jarrera hori. Baina zoritxarreko sentitzen naiz berdin-berdin, esaten ez badidazu ere!

LISEN: Baina, laztana, orain amesgaizto horiek burutik kendu eta gurekin irten beharko zenuke; gustura egoteko moduko jendea ezagutuko duzu. Gure aita heldu da gaur eta gogo handia dauka zu ezagutzeko, nire gutunetan asko hitz egin diodalako zutaz, eta uste dut Gerhart lehengusuak ere ezagutzen zaituela esan diola.

ALABA: Aita daukazu zuk behintzat, neuk ere baneukan, txiki-txikia nintzenean, oso txikia nintzenean...

LISEN: Eta zer gertatu zitzaion?

ALABA: Gizon gaiztoa zelako abandonatu gintuela dio amak!

LISEN: Halako gauzak ez dira erraz jakiten... Hala ere, gauza bat esango dizut. Gurekin bazatoz, antzoki garrantzitsu bateko zuzendaria aurkeztuko dizut, eta baliteke zuretzako paper bat eskaintzea.

ALABA: Ez da egia izango.

LISEN: Ez da izango! Eta interes handia dauka zugan..., tira, esan nahi dut Gerhartek eta biok zuri buruz hitz egin dugula eta badakizu gauza txikiek erabakitzen dutela batzuetan patua; ezusteko topaketa batek, hitz egokia dagokion unean..., kontuak kontu, ezin duzu ezetz esan, nirekin etorri behar duzu, egoismoagatik ez bada ere!

ALABA: Horixe baino ez dut nahi, maitea, imajina dezakezu, baina ez noa inora ama gabe!

LISEN: Eta zergatik? Ze arrazoi daukazu horretarako?

ALABA: Ez dakit, egia esan; txikitatik irakatsi zidan gauzak honelaxe egiten, eta gogorra litzateke orain...

LISEN: Zin egiteko agindu dizu?

ALABA: Ez, ez dago beharrik; esan besterik ez du, nik kasu egiteko!

LISEN: Eta uste duzu berarekin txarto portatuko zinela, bera aldean eduki gabe aterako bazina?

ALABA: Egia esan ez dut uste nire falta igarriko lukeenik, etxean nagoenean kritikatu baino ez nau egiten, baina txarto irudituko litzaidake berak lagundu ezin nauen leku batera joatea.

LISEN: Eta ez al duzu pentsatu bera ere etor daitekeela gurekin?

ALABA: Ez, jainkoarren, sekula ez dut halakorik pentsatu.

LISEN: Baina ezkondu egingo zara egunen batean...

ALABA: Sekula santan ez naiz ezkonduko!

LISEN: Amak ere erakutsi al dizu hori esaten?

ALABA: Baliteke...! Bai, beti esan izan dit gizonekin kontuz ibiltzeko!

LISEN: Eta gizon ezkonduekin ere bai?

ALABA: Baietz uste dut!

LISEN: Aizu, Hélène, benetan, liberatu egin beharko zara egunen batean.

ALABA: Ba! Ez dut emakume liberatua izan nahi!

LISEN: Ez, ez nuen hori esan nahi, esklabotzatik askatu behar zarela esan nahi nuen; nagusia zara, eta bizitza kakaztu egingo dizu azkenean.

ALABA: Baina uste dut ezin dudala. Jabetu behar zara txikitatik egon naizela amari lotuta, bere pentsamendutik aldentzeko kemenik gabe, bere desio berberak edukita! Ederto dakit horrek baldartu egiten nauela... lotuta naukala, baina ezin dut ezer egin hori saihesteko.

LISEN: Zure ama hil egingo balitz, babesik gabe geratuko zinateke.

ALABA: Horrela izan beharko du.

LISEN: Inorekin ez daukazu harremanik, lagun bakar bat ere ez, eta inor ezin da bakarrik bizi. Laguntzaren bat bilatu behar duzu! Sekula ez zara maitemindu?

ALABA: Ez dakit! Horretaz pentsatzera ere ez naiz ausartu inoiz, eta ama dela-eta mutil batek berak ere ez du nigan erreparatu... ! Zeuk pentsatzen al duzu horretaz?

LISEN: Jakina, norbait gustatzen zaidan, ni bere gustukoa ote naizen!

ALABA: Orduan zure lehengusuarekin ezkonduko zara, Gerhartekin!

LISEN: Ezinezkoa da hori, berak ez nau maite!

ALABA: Ez?

LISEN: Ez! Zeu maite zaitu!

ALABA: Neu?

LISEN: Bai, zeu! Eta hain zuzen, esan behar nizun gauzetako bat horixe zen, bisita egin nahi dizula!

ALABA: Hemen? Ez, hemen ezinezkoa da ! Eta uste al duzu zure bidera sartuko naizela? Haren maitasuna kenduko dizudala, zuri hain ederra zaren horri, hain fina zaren horri...? (LISENen eskua hartuko du eskuetan) A zelako eskua!, eta zelako eskumuturra! Zure oinei erreparatu nien, maitea, bainua hartzen aritu ginenean! (Belauniko jarriko da eseri berri den LISENen aurrean) Zelako oina, azazkal bat bera ere ez dago lekuz kanpo, zelako behatz biribilak, gorrixka askoak, ume baten eskuko atzamarren modukoak! (Musu emango die LISENen oinei) Aristokrata zara zu, bai alajainkoa, nirea ez den beste material batez egindakoa.

LISEN: Tira, utzi hori bakean eta ez esan lelokeriarik!

ALABA: Eta ederra bezain ona izan behar duzu derrigor: halaxe pentsatzen dugu guk, azpitik, beti, begirada gora altxatu eta ikusten zaituztegunean, zuen aurpegiera argi eta leunekin, bertan ez balitz beharrizanak zimurrik egin, ezta inbidiak arrasto itsusirik ere.

LISEN: Hélène, mesedez, nitaz maiteminduta zaudela dirudi...

ALABA: Horixe da! Anemonak eta goroldioak daukaten antza daukagu guk biok, eta, hortaz, nire perfekzioa ikusten dut zugan, nik izan nahi nukeena ikusten dut zugan, sekula lortuko ez dudana. Nigana hurbildu zinen, aingeru bat bezain distiratsu, udako azken egunetan, eta udazkena da orain, eta etzi hirira joango gara... Eta aurrerantzean ez dugu gehiago elkar ikusiko... Eta hobeto ez badugu elkar ikusten... Zuk ezin izango ninduzun ni altxatu, baina nik beherantz bultzatu ahal zaitut, eta hori ez dut egin nahi! Leku altuan ikusi nahi zaitut, altu eta urrun, zure defektuak ez ikusteko. Hortaz, agur betirako, Lisen, nire lehen laguna, nire lagun bakarra...

LISEN: Mesedez, Hélène, lasai...! Badakizu nor naizen... ? Ez! Zeure ahizpa naiz...!

ALABA: Zer esan nahi duzu?

LISEN: Aita bera daukagula biok!

ALABA: Zu, nire ahizpa? Nire ahizpa txikia? Baina zer da nire aita?, a bai, fragatako kapitaina, horixe baita zure aita! Egia esan inozo hutsa naiz! Baina ezkonduta dago, izan ere... Ona al da zurekin?, nire amarekin ez zen ona izan...

LISEN: Eta zelan dakizu zuk hori? Baina, ez al zaitu pozten ahizpa txikia edukitzeak.., mainak egiten ez dituen ahizpa txikia gainera?

ALABA: Bai, jakina, hain nago pozik, ez dakit zer esan...! (Besarkatu egingo dute elkar) Baina ez naiz benetan poztera ausartzen, ez baitakit zer gertatuko den orain! Zer esango du amak, eta zer gertatuko da aita ikusten duenean?

LISEN: Uztazu niri zure amaz arduratzen, ez da oso urrun egongo, eta alde egin harik eta neuk deitu arte! Tira neska, ezer baino lehen zatoz eta eman musu.

 

(Musu emango diote elkarri)

 

ALABA: Ahizpa! Arraro samarra da hitz hori, aita hitza bezalaxe, sekula ahoskatu ez denean!

LISEN: Tira, lelokeriak esateari utzi eta gatozen harira... ! Uste duzu zure amak ezetz esango duela orain gure etxera gonbidatzen bazaitugu? Zure amaren eta zure aitaren etxera?

ALABA: Bera gabe...? Ez dakizu norainokoa den zure... nire aitari dion gorrotoa.

LISEN: Baina, eta ez balu horretarako arrazoirik...? Jakingo bazenu zenbat gezur eta irudimen dagoen munduan! Zenbat akats eta gaizkiulertu! Aitak kontatu zidan behin bere kide bati gertatu zitzaion kontu bat, kadete lanean itsasoratu zen lehenengoan. Ofizialetako baten gelatik urrezko erloju bat desagertu zen, eta, Jainkoak jakingo du zergatik, kadetea izan zela susmatu zuten. Kideek ez zioten kasurik egiten, eta horrek ozpindu egin zuen, harik eta haserrekor bihurtu zen arte, ika-mikak eduki zituen eta alde egin behar izan zuen. Handik bi urtera erruduna nor izan zen jakin zen; marineletako bat, baina ordurako ezin izan zioten errugabeari ordainik eman, susmagarria baino izan ez bazen ere. Baina susmo horrek arrastoa utzi zuen kadetearengan bizitza osorako, gezurra zela esan zuten arren, eta lepo gainera etorri zitzaion ezizena, errugabea izanda ere, aldean eraman zuen beti, handitu egin baitzen, bere ohore faltaren gainean eraikitako etxea balitz bezala. Kontuak horrela, oinarri faltsuak kendu arren, etxea zutunik zegoen oraindik, airetik zintzilik. Mila gau eta bat gehiago liburuko jauregia bezala. Horrelaxe gertatzen dira gauzak mundu honetan! Eta okerragoa izan daiteke: Arbogako artisauari gertatu zitzaion bezala, su-emaile ezizenaz ezagutzen zuten, bere etxea erre ziotelako. Edo Andersson delako bati gertatu zitzaiona: Ander Lapurra esan zioten, zeresan handia eman zuen lapurreta bateko biktima izan zelako.

ALABA: Esan nahi al duzu nire aita ez dela nik uste dudan modukoa?

LISEN: Hain zuzen!

ALABA: Horrelaxe ikusten nuen nik batzuetan, ametsetan, bere oroitzapen guzti-guztiak galdu ostean... Altu samarra da, ezta, bizar ilunekoa eta itsasgizon-begi urdinekoa...?

LISEN: Bai, gutxi gorabehera!

ALABA: Egon, orain ari naiz gogoratzen...! Begira erloju honi... Iparrorratz txikia dauka, katea eta guzti, eta iparrorratzean iparra seinalatzen duen begia dauka... ! Nork eman zidan niri hau?

LISEN: Zure aitak!, erosi zuenean ikusi nuen!

ALABA: Orduan bera da teatroan, lanean nagoenean, hainbestetan ikusi izan dudan gizona...! Eszenaurreko ezkerreko palkoan jesartzen zen beti, prismatikoak niri begira; tinko... Inoiz ez nion hartaz ezer esan amari, beldurrez zegoelako beti, nik ez ote nuen... Eta behin loreak bota zizkidan, eta amak erre egin zituen... Bera zela uste duzu?

LISEN: Jakina bera zela, eta ziur egon zaitezke bere begiek segitu egin zaituztela urteotan zehar, begi horrek iparrorratzari jarraitzen dion moduan.

ALABA: Eta ikusi ahal dudala diozu, berak ikusi nahi nauela! Ipuina dirudi...

LISEN: Pikutara ipuinak orain! Zure ama datorrela entzuten ari naiz... Urrundu zaitez neuk ekingo diot.

ALABA: Izugarriren bat gertatuko da orain, igartzen ari naiz! Zergatik ez da jendea elkarrekin ondo konpontzen bakean bizi ahal izateko! Nahiago nuke guztia pasatuta egongo balitz! Nahiago nuke amak ona izan nahi balu... ! Jainkoari eskatuko diot ama zentzuzko bihurtzeko...! Baina ezin du, edo ez du nahi; ez dakit zergatik!

LISEN: Ahal du eta nahi du, baldin eta fedea badaukazu; zorionarekiko fedea, zure gaitasun propioarekiko fedea...

ALABA: Gaitasuna? Zer egiteko? Bihozgabea izateko?, Ezin dut! Eta inork ezin du besteen malkoen bitartez lortutako zorionaz luzaro gozatu.

LISEN: Hara, urrundu zaitez!

ALABA: Eta hau guztia ondo aterako dela guztiz konbentzituta zaudela pentsatzea ere!

LISEN: Ixo!

 

 

Laugarren eszena

 

AURREKOAK. AMA

 

LISEN: Andrea...

AMA: Andereño...

LISEN: Zure alaba...

AMA: Bai, alaba daukat, ezkongabea banaiz ere, eta askori gertatzen zaio hori, eta ez naiz horregatik lotsatzen..., tira, zein da kontua?

LISEN: Galdetu nahi nizun uda bertan pasatzen ari garen batzuek antolatu dugun txango batean parte har dezakeen Hélènek.

AMA: Ez al dizu honezkero Hélènek berak erantzun?

LISEN: Ez, lehenago zurekin hitz egiteko erantzun dit; arrazoi osoz!

AMA: Ez da hori, ba, eman behar zizun erantzuna...! Hélène, laztana, zure ama aintzat hartu ez duen gonbita onartu nahi al duzu?

ALABA: Bai, baimena ematen badidazu!

AMA: Baimena eman?, eta nola emango edo kenduko diot nik baimena zure moduko neska heldu bati? Zuk zeuk esan behar diozu andereño honi joan nahi duzun ala ez, alegia; zure ama bakarrik utziko duzun, lotsaturik, zu dibertitzera zoazen bitartean, jendeak amari buruz galdetuko dizu eta zu galderak saihesten ibiliko zara, ez dutela ama gonbidatu ez esateko, eta arrazoia hau edo hori dela ez esateko. Tira, esan zer egin nahi duzun.

LISEN: Andereño, mesedez, ez gara itzulinguruka ibiliko. Ederto dakit zer pentsatzen duen Hélènek honi guztioni buruz, eta badakit nola moldatzen zaren zeuk nahi duzuna erantzun dezan. Alaba esaten duzun bezala maite baduzu, komeni zaiona jakin beharko zenuke, zuretzat iraingarria bada ere...

AMA: Begira, neskato, badakit zein den zure izena eta nor zaren, aurkeztu ez gaituzten arren, baina neure buruari galdetzen diot zure gaztetasunak zerbait erakutsi ahal dion nire zahartasunari.

LISEN: Batek daki. Nik, ama hil zenetik joan diren sei urteotan, nire neba-arreba txikiak hezi ditut, eta, ondo dakit pertsona batzuek inoiz ez dutela bizitzaz ezer askorik ikasten, urte ugari bizi arren.

AMA: Zer esan nahi duzu?

LISEN: Zera esan nahi dut: zure alabak mundura ateratzeko aukera daukala orain, daukan talentua onar diezaioten edo maila oneko gazte batekin hartu-emanak izateko

AMA: Oso ondo dago hori guztia, baina, zer egingo duzue nirekin?

LISEN: Ez gara zutaz ari; zure alabaz baizik...! Ezin duzu une batez berari buruz pentsatu, zeure burua alde batera utzita?

AMA: Esango dizut; neure buruaz pentsatzen dudanean, nire alabaz pentsatzen dut aldi berean, ama maitatzen ikasi duelako...

LISEN: Hori ez dut sinesten! Zeuri helduta bizi da bera beste guziengandik: urrundu egin duzulako zuk, eta helduleku bat behar du, aitarik gabe utzi zenuenetik.

AMA: Zer diozu?

LISEN: Alaba aitarengandik banatu zenuela zurekin ez zela ezkonduko esan zizunean, beste batekin engainatu zenuelako! Ez zenion alaba ikusten utzi, eta zeure akatsa harekin eta umearekin ordaindu zenuen!

AMA: Hélène! Ez sinestu esaten dabilen ezer...! Halakoak entzun behar izatea ere, neure etxera bertara kanpoko pertsona bat sartu eta alabaren aurrean iraintzen hastea ere!

ALABA: (Hurbilduz) Ez duzu nire amari buruzko ezer txarrik esan behar...

LISEN: Nire aitari buruz ondo hitz egin nahi badut, ez daukat beste erremediorik... Baina ikusten dut elkarrizketa hau amaitzen ari dela. Utzi, beraz, aholku bat edo bi ematen. Atera ezazu etxetik izeko Augusta izena duen kontakatilu hori, zure alabaren erreputazioa ez baduzu guztiz narrastu nahi. Hori lehenengo aholkua da! Eta bigarren aholkua hau da: aitak Hélèneren heziketarako eman dizun diruaren kontutik egunean eta kontu handiz zaindu itzazu, gutxi barru horien berri eman beharko duzu-eta... Eta beste aholku bat emango dizut sari gisa! Utziozu alaba kaletik eta batez ere antzokitik segitzeari, lagun horrekin, kontraturik gabe geratuko baita bestela: eta orduan beste zerbait saldu beharko zenuke, orain arte zure erreputazio galdua berreskuratzen ahalegindu zaren bezala, alabaren etorkizunaren pentzutan.

 

(AMA abaildu egingo da)

 

ALABA: (LISENi) Joan zaitez etxe honetatik, zuretzat ez dago gauza sakraturik, ama bera ere ez. Bai, benetan,oso sakratua! Zu bezain sakratua, mutikoek elkarri txistu bota, eta gero esaten dutenean: «Bakea»! Horiek ere sakratuak dira!

ALABA: Argi dago bazterrak nahastera etorri zarela hona, eta ez gauzak konpontzera...

LISEN: Gauzak argi esatera etorri naiz hona... Nire aita defendatzera, errugabea baitzen, su-emaile hura bezala, gogoan duzu, sua pizteagatik salatu zuten hura. Zu salbatzera etorri naiz, emakume horren biktima baitzara, bere burua salbatzeko lekuren batera joan beharko luke, inori trabarik ez egiteko, eta berari ere trabarik ez egiteko. Horretara etorri naiz, eta esan dut esan behar nuena, agur beraz!

AMA: Ez zaitez joan, andereño, neuk ere badaukat hitz egiteko eskubiderik! Hona etorri zara..., horretaz guztiaz aparte, Hélène zure etxera gonbidatzera!

LISEN: Bai, eta antzoki printzipaleko zuzendaria ezagut dezan, berarengan interesa azaldu du-eta.

AMA: Zer diozu?, zuzendaria?, ez dit horretaz ezer esan!, bestelako kontua da hori!, bakarrik joango da Hélène, jakina!, bai, ama gabe!

 

(ALABAk desadostasun keinua egingo du)

 

LISEN: Hara, eskerrak, guztiarekin ere, gizalegea zer den badakizun! Hélène, etor zaitezke!, entzun duzu?

ALABA: Bai, baina orain neuk ez dut nahi!

AMA: Baina zer diozu?

ALABA: Ez!, lekuz kanpo egongo nintzateke eta ez nengoke gustura nire ama mespretxatzen duen jendearekin.

AMA: Zer da hori lelokeriaori!, zeure buruari kalte egin nahi al diozu? Tira, joan zaitez itxura txukuntzera, ondo dotore egoteko!

ALABA: Ez, ezin dut, ezin naiz zugandik banatu ama, guztia baitakit orain. Ezin izango dut une bat bera ere eduki aurrerantzean. Ezin izango dut aurrerantzean ezertan sinestu...

LISEN: Erein zenuena hartzen ari zara orain eta egunen batean gizon bat etorri eta alaba eramango du eta bakarrik geratuko zara zahartzaroan, eta denbora sobera edukiko duzu orduan honetaz damutzeko... Agur...! (HÉLÈNErengana joan eta musu emango dio bekokian) Agur, ahizpa!

ALABA: Agur!

LISEN: Begiratu nire begiei, baina begiratu bizitzan zerbait espero duen pertsona batek bezala!

ALABA: Ezin dut! Eta ezin dizkiot zure borondate onari eskerrak eman, uste duzun baino min handiagoa egin baitidazu! Sugegorri batekin esnatu ninduzun mendixka eguzkitsu batean erdi-lotan nengoenean...!

LISEN: Lotan geratu berriro ba, lore eta irribarrez esnatu zaitzadan...! Gabon...!, ondo lo egin! (Irten egingo da)

 

 

Bosgarren eszena

 

AMA. ALABA

 

AMA: Arropa zuriko aingeru distiratsua! Bai!, deabrua zen hura!, benetako deabrua! Zu bai zu! Zera baino leloagoa zara! Txatxukeria halakoak! Halako jende zakarrarekin hain fin portatzea ere!

ALABA: Eta zuk!, halako gezurrak kontatzea niri, nire aitari buruzko halako gauzak pentsaraztea hain denbora luzean...!

AMA: Ez du ezertarako balio iraganaz hitz egiteak...!

ALABA: Eta izeko Augustak hala ere...!

AMA: Isildu egin zaitez, mesedez; izeko Augusta aparteko emakumea da, eta asko zor diozu zuk...

ALABA: Hori ere ez zen egia... Aitak ordaindu zizkidan ikasketak...

AMA: Bai, baina neuk ere bizi behar nuen... Doilorra zara, eta mendeku gosea ere bai!, ezin al duzu irregulartasun txiki bat ahaztu...? Hortxe dator Augusta! Zatoz, Augusta, pobreok ere dibertitzeko aukera daukazu-eta.

 

 

Seigarren eszena

 

Aurrekoak. ZERBITZARIA sartuko da

 

ZERBITZARIA: Ez dakizu!, oraintxe ikusi dut! Ez nengoen hain oker.

AMA: Bai, baina ez zara alproja horrekin arduratuko...

ALABA: Ez esan hori, ama; ez da egia!

ZERBITZARIA: Zer ez da egia?

ALABA: Aizue, kartetan egingo dugu! Ez naiz orain botatzen hasiko eraikitzeko hainbat denbora eman duzuen harresia...! Zatozte!

 

(Jolas-mahaitxoan eseri eta kartak nahasten hasiko da)

 

AMA: Hori da, hori da: banekien nik neskato ulerkorra izango zinela azkenean!

 

Amaren maitasuna, August Strindberg
euskaratzailea: Labayru / Zubizabal 6, 2001