Jenio baten biografia
Francisco J. Uriz / Zubizabal 6, 2001

 

Jenio baten biografia

 

Francisco J. Uriz

 

        Stockholmen jaio zen Johan August Strindberg, 1849ko urtarrilaren 22an. Carl Oscar Strindberg aitak pleitamendu-bulegoa zeukan Stockholmeko portuan eta Ulrika Eleonora Norling ama familiaren zerbitzaria eta aitaren maitalea izan zen ezkondu aurretik, nahiko ohikoa zen hori sasoi hartan. Gurasoen maila soziala oso desberdina zen, beraz. Haurtzaroa zertzelada ilunez deskribatu zuen autobiografian, baina bere biograforik serioenek nahiko erosoa izan zela esaten dute. Klase ertainekoak ziren, etxe erosoak, eta zerbitzariak zeuzkaten, ondo jaten zuten eta inoiz ez zegoen ezeren beharrizanik. Jakina, Strindbergek sentiberatasun zorrotza zuen eta izan liteke zorigaiztokotzat jotzea orduko bizimodua. Aita nahiko pertsona zurruna zen eta ama oso sinestuna, horrek guztiak ondo markatu zuen Strindberg gaztea. 1867an amaitu zuen batxilergoa, eta Uppsalako unibertsitatera joan zen gero, lehenengo Medikuntza eta gero Letra karrerak egiteko. Arazo ekonomikoak izan zituen; hori dela-eta, lehen hezkuntzako eskola batean egon zen maisu eta ondoren tutore Stockholmen. Azkenean ezin izan zituen hasitako karrerak amaitu. Stockholmeko Errege Teatro Dramatikoan sartzeko ahalegina egin zuen garai hartan, baina porrot egin zuen. Hala ere, figurante aritu izan zen teatro horretako lan batzuetan. Kazetari lanetan ere aritu zen eta orduko giro bohemioan hartu zuen parte. Kolokan eman zituen urte haiek, lan batetik bestera ibili zen, bohemian murgilduta, porrotik porrot. Literaturan nahiko goiz hasi zen eta nolabaiteko arrakasta izan zuen. 1870ean Teatro Dramatikoak Erromara bere lana estreinatu zuen eta erregeak beka pertsonala eskaini zion ikasketak jarrai zitzan. Urte bi beranduago Olof maisua (Mäster Olof) amaitu zuen, Strindbergen maisulanetako bat.

        1875ean, hogeita sei urte zituela, Errege Teatro Dramatikoan obra bat estreinatuta zeukan idazlea eta kazetari ezaguna zen. Stockholmeko Liburutegi Nazionalean liburuzainaren laguntzaile lanak egiten zituen orduan. Urte horretan bertan Wrangel senar-emazteak ezagutu eta adiskide egin zen (artearekiko interes handia zeukan bikoteak). Gizona baroia eta armadako kapitaina zen eta emakumea, Siri von Essen, klase altuko finlandiarra, teatrozalea. Idazle gaztea bikotearen lagun handia egin zen, izen ospetsuak, tituluak eta militarraren uniformeak ematen duten hasierako ikara gaindituta. Izan ere, XIX. mendearen amaieran, boterearen adierazpenik argiena zen hori guztia Suedian. Berehala jakin zuen, kezka handiz, Sirirekin maiteminduta zegoela, eta jolas zail eta platonikoa hasi zen. Triangeluari beste angelu berri bat jarri zioten. Wrangel baroiak hemeretzi urteko neska gazte bat (emaztearen lehengusina) ezagutu zuenean. Eta neskarekin nahi beste denbora emateko, ezikusiarena egin zuen baroiak eta ez zituen idazlearen eta emaztearen harremanak salatu. Triangelu karratua.

        Ofizial famatuaren ohorea babestu behar zutenez eta egoera ezin zenez mugarik gabe luzatu, Sirik dibortzio eskaera onartu eta Strindbergekin ezkondu zen 1877an. Strindbergek gutun sutsuak idatzi zizkion: teatrorako zeukan joera asebeteko ziola agintzen zion neskari eta ez zuela kezka ekonomikorik edukiko. Agindu horiek, baina, elkarbizitzaren hasieratik bertatik gelditu ziren bete gabe. Ezkondu eta bi urtera Egongela gorria (Röda rummet) idatzi zuen eta mugimendu berritzaile suediarraren idazle garrantzitsuena bihurtu zuen. Hogeita hamar urterekin mundu guztiak onartu zuen Strindbergen idazle-maila.

        1882ko martxoan, Olof maisua drama handia estreinatu eta gutxira, teatroarekin zuen harremana (miresmena eta mespretxua nahasian) azaldu zuen gutun anbiguo batean: «Teatroa idazten dut nire emaztearen karrera errazteko». Baina badirudi Sirik ez duela gaitasun handirik eta arrakasta bidetik galtzen da. Porrot horrek, arazo ekonomikoekin eta Strindbergen hipersentsibilitatearekin batera, senar-emazteen harremana lorrindu zuen.

        Egoera ekonomiko zaila hobetzeko, lan historikoak egiten hasi zen. Lan horien eta Erreinu berria (Det nya riket) liburu satirikoaren argitalpenak polemika bizia ekarri zuten 1882an. Suediako izen handi bati (Geijer historialaria) erasotzeaz gain, herrialdeko establishment politiko eta literarioaren aurka aritu zen. Horrela, bada, jaioterrian bizitzea ezinezkoa egin zitzaion.

        1888an Suediatik irten eta sei urteko borondatezko erbestealdi bati ekin zion. Senar-emazteak beharrizan gorrian bizi izan ziren Frantzian, Suitzan, Alemanian eta Italian eta, hori dela-eta, Siri ezin izan zen teatrogintzan aritu. Urrun zegoen bai errealitate beltza Strindbergek irudikatutako etorkizun distiratsutik. 1884an Ezkonduak (Giftas) liburua argitaratu zen. Honakoa zen azpititulua: «Senar-emazteen hamabi istorio, elkarrizketa eta hitzaurrearekin». Liburuaren hasieran emakumeen aldeko eskubideen defentsa egiten du eta, gaur egun ere, mugimendu feminista askoren plataformatzat har liteke. Baina ez zen hori izan, ezpada orduko burgesiako ezkonduen harremanak aurkezteko moduak, hipokresia eta moral faltsua barne, erabateko ezinikusia ekarri ziona. Botereak ez zuen aurrez aurre eraso. Inprenta-legearen laguntzaz eta Azken Afariari buruzko paragrafo blasfemo batzuk zituela aitzakiatzat hartuta, liburuaren aurkako prozesua ireki zuen.

        Orain dela gutxi argitaratutako liburuxka batean, Strindbergek 1888an idatzitako testu esanguratsu bat komentatzen da. Testu horretan, arkanbele batek idazlearen bastoiari eginiko eraso bortitza ikusita, koleopteroaren ganora eskasa dela-eta harritzen da Strindberg; izan ere, hagin indartsuak nagusiagoa den arerio batean sartu nahian ibili omen zen intsektua. Strindberg beraren autorretratua izan zitekeen: atsedenik gabeko erasoa, errukibakoa, egin baitzuen establishment guztiaren aurka. Gero, ostera, txunditu egin zen herriak. defendatzearren, zapaldu nahi zuelako.

        Prozesua Strindbergek irabazi bazuen ere, idazleak kutsatuen marka hartu zuen aurrerantzean burgesiaren begietan eta ezin izango zuen sekula gainetik guztiz kendu. Hala ere, beste giro batzuetan oso ezagun egin zuen jakina eta baliteke aipatu den bezain txarra ere ez izatea bere ibilbide literarioan. Gogoratu behar dugu, esaterako, Pedro zortedunaren bidaia taularatu zenean egin zioten omenaldia. Baina prozesua eta itotzen ari ziren erasoaldiak zirela-eta, horren guztiorren atzean baten bat zebilela sumatu zuen Strindbergek, atsedenik gabe min eman nahi zion baten bat zegoela. Eta ideia horrek, Siriren aditu ezinak eta ezkontidearekin zituen arazoek mugimendu feministak errudun jotzera eraman zuten. Ordutik etsairik latzenak izan ziren feministak Strindbergentzat.         1886an, Zerbitzariaren semea (Tjänstekvinnasson) argitaratu eta berehala, Ezkonduak liburuaren bigarren partea argitaratu zuen azpititulu hau aldean: «Senar-emazteen hamazortzi istorio, hitzaurrearekin». Suedian idatzi den feministen aurkako panfletorik amorratuenetakoa izan zen. Hitzaurrean batez ere, feministen erasoen —sarritan alegiazkoak— aurkako mendeku zikina agertzen da. Arrazoi groteskoak eman eta heldutasunik eza agertu zuen nabarmen. Editoreak, Bonnier-ek, esan zion irakurleen maitasuna saldoka ari zela galtzen eta izen ona berreskuratzeko zerbait egiteko aholkua eman zion. Batekoagatik, kasu egin zion Strindbergek eta, Stockholmeko artxipelago miretsitik urrun suediarren testurik maitatuenetako bat idatzi zuen: Hemsö-ko jendea (Hemsö borna). Idazlearen udako paradisuan dago kokaturik eleberria, hiriburuaren artxipelagoan. Garai hartan, testu askotan adierazitako ideia sozialistak bigarren planora pasatu eta Nietzsche-ren ideiek hartu zuten indarra. Interesa piztu zioten, modu berean, psikiatria arloan Nancyko eskolak egin zituen ikerketek. Bernheim eta Charcot-enek bereziki. Sugestioa eta hipnotismoa lantzen duten azterketak interesatzen zaizkio batez ere. Hortik sortu zen Strindbergen ideiarik maiteenetakoa: «burmuinen borroka» («hilketa psikikoa» ere bai). Horrek literaturarako material berria eskaini zion, bere «ni»a aztertzeari ekin zion eta orduko literaturan eginiko «ni»aren azterketarik sakonenaren hasiera izan zen.

        Senarraren buru osasuna zela-eta arduratzen hasi zen urte horretan eta mediku batzuekin hitz egin zuen arazo psikikoak zituela egiaztatu zuen agiriren bat eskatzeko. Strindberg obsesionatzen hasi zen bere emazteak eta Marie David-ek, 1885ean ezagutu zuen daniarrak, harreman lesbikoa zeukatela pentsatzen zuelako. Senarra inoizko arraroen zegoela uste zuen Sirik.

        Strindberg, bere osasun mentala egoera zela frogatu behar zuela sinestuta, Le Plaidoyer d'un fou (Zoro baten alegatua) idazten hasi zen 1887. urte amaieran. Modu paradoxikoan testu hori Strindbergen balizko akats psikologikoa aztertzeko oinarri         1887. urte hasieraren eta 1888. urteko udaren artean hiru lanik ospetsuenak idatzi zituen: Aita (Fraden), Lindau hiri alemaniarrean, Costanza lakuaren uharte batean; Julie andereñoa (Fröken Julie) eta Hartzekodunak (Fordringsägare), Danimarkan, Skovlyst jauregian eman zuen «uda zoragarrian». Idilio laburra izan zuen Frankenau andereñoaren etxean. Zeukana galdutako aristokrata bat zen Frankenau andereñoa. Bertan egon zen Siri eta seme-alabekin. Hantxe idatzi zituen, aipatutako bi lanez gain, Rasnö-ko kanpai-jole erromantikoa (Den romantiske klockaren pa Rasnö), bere nobelen arteko onenetakoa. Harreman erotikoa izan zuen han Martha-rekin (seme-alaben jagolea eta etxeko administratzailearen arreba). Hori dela-eta, epaiketa egin zioten eta Sirik, Strindbergen harridura eta mirespenerako, senarra defendatu zuen. Inpresio hori ez zuen bizitza osoan ahaztu.

        1888.urte amaieran, ametsa egia bihurtzen hasi zen Strindberg: antzoki propioa eraiki nahi zuen, Pariseko Antoine-ren irudira. Urtebete baino lehen Antzoki Esperimentala jarri zuten martxan Kopenhagen. Porrota erabatekoa izan zen. Zentsurak zerikusirik izango zuen porrot horretan, Julie andereñoa lanaren estreinaldia debekatu baitzuen. Bestetik, Strindbergek aldi oro aldean eraman zituen arazo ekonomikoek eta emaztearekin zituen tentsioak eta indarkeriazkoek (behin betiko banaketaren bezperan) laguntza eman zioten porrot horri.

        1891n dibortziatu zen Strindberg eta, jaioterrian aldi labur bat eman eta gero, borondatezko beste erbesteratze bati ekin zion Berlinen. Bohemia ezagutu eta giro horretan bizi izan zen Eskandinaviako, Poloniako eta Alemaniako idazleekin batera. «Komentua» izeneko tabernan biltzen ziren eta Strindbergek berak aldatu zion izena:

«Txerri Beltza». Ez zuen gauza askorik idatzi garai hartan. Austriako kazetari bat ezagutu zuen, Frida Uhl, eta 1893an ezkondu ziren. Denbora gutxi eman zuten elkarrekin, 1894an elkar ikusteari utzi baitzioten, dibortzioa 1897ra arte onartu ez bazen ere.

        1894an Parisera heldu zen hiria jateko asmoz, literatur arloan zein arlo zientifikoan. Baina bakardadea eta premia larria topatuko zituen Parisen, bizitza osoan izandako krisirik latzena; «Infernuko krisia» esan zion berak. Strindbergen premia gorria arintzeko, dirua bildu zuten Eskandinaviako idazleek. Hamsum-en gutunetan azaldu zuen nolako zailtasunak egon ziren Strindbergek dirua onar zezan, beharrizan handia eduki arren. Baina ez zion inori ezer zor nahi, ez zuen bere independentzia saldu nahi; horrek debekatzen zion. Elementu batek baino gehiagok hartu zuen parte krisian. Lehenengo eta behin, orduko giro orokorrak eragina izan zuen. Materialtasun sakon baten ostean, erantzun bortitza egon zen eta idazle talde batek ertzeko espiritualismoa bilatu zuen. Mugimendu pendularia da hori eta, frogatu daitekeen moduan, gizateriaren historian behin eta berriro gertatzen da. Beste elementu batzuk ere badaude: ezkontza-porrotak, jazarpen-mania larriagotua eta erlijio-krisia, besteak beste. Zerikusia edukiko zuen, modu berean, izaera hipersentiberak. Okerrera eraman zuten erabilitako estimulatzaile, alkoholdun edari (absenta batez ere) eta droga ugariek (potasio kloruroa bereziki). Okultismoa, kimika eta alkimia lantzen hasi zen Strindberg. 1896an krisia goiko puntura heldu eta, horrekin batera, Parisen teatrogile moduan hainbeste bilatutako arrakasta lortu zuen. Aita eta Julie andereñoa taularatu ziren, baina «Filosofoen harria» eta kimika baino ez zitzaizkion interesatzen orduan eta kazetariek ezin izan zioten besterik erauzi.

        Obsesionatuta bizi izan zen; izan ere, uste zuen bere etsaiek (Eskandinaviako talde feminista batek kasu honetan) eta Berlingo lagun zaharrek hil egin nahi zutela, korronte elektrikoen bidez. Hori dela eta, hotelik hotel ekin zion ihesaldiari. Bidaia lotsagarria izan zen, burutik erabat joanda eginikoa. Lund-era ailegatu zen, Suedia hegoaldera.

        Krisia pairatu behar izan zuen bitartean. Swedenborg deskubritu zuen. XVIII. mendeko zientzialari eta mistikoa zen eta Swedenborgen idatzietan topatu zuen bizitzan gertatu zitzaion guztiaren azalpena. Bere aholkulari berriak bezala, Strindbergek uste zuen gizakia, mundu honetan, Infernuan dagoela dagoeneko, «potentziek» ezarritako froga eta zigorren menpean. Potentziek gizakiaren beraren onerako sufriarazten dute, betiereko salbazioa erdiesteko gero. Izan ere, helburu horren atzetik ari gara guztiok eta sufrimenduak dakar purifikazio hori lortzeko modu bakarra.

        Katolizismorako pausoa ere eman zuen, baina nahiko laburra izan zen. Budismora jo zuen gero. Ordutik Patua sinestu zuen itsu-itsuan eta bere ustez Patua badela adierazten duten zeinak izan zituen kontuan.

        1899an, krisia gaindituta, bizi izandakoa idatzi zuen Infernua lanean, bizipenok alde batera uzteko asmoz. Frantsesez idatzi zuen, uste zuelako ez zuela Suedian editorerik aurkituko. Apur bat geroago teatroa erabili zuen krisia aurkezteko: Damaskorako bidean (Till Damaskus) lanaren lehenengo partean.

        Stockholmen eman zituen Strindbergek bizitzako azken urteak. Berrogeita hamar urte bete zituen urtea zen. Mäster Olof lana taularatu zuten berriro egilearen omenaldi legez eta arrakasta handia izan zuen.

        1900. urteko udazkenean, Damaskorako bidean lanaren entseguan Harriet Bosse ezagutu zuen, hogeita hiru urteko aktore norvegiarra. Istorio hutsala da: idazle heldu eta ospetsua karrera egin nahi duen aktore gazteagoarekin maitemindu zen. Hurrengo urtean ezkondu ziren.

        Harriet Bosse ezagutu zuenean ari zen Heriotzaren dantza (Dödsdansen) amaitzen; ezkon-bizitzaren kontrako erasoaldi bortitzenetakoa izan zen lan hori.

        Aurrekoetan bezain arrakasta gutxi izan zuten eta sei urtegarrenera dibortziatu ziren.

        Sormen handiko sasoia izan zen. Zortzi urtean hogei teatro-lan idatzi zituen. Tartean maisulan batzuk ere bazeuden, hala nola, Heriotzaren dantza, Ametsa eta Espektroen sonata. Bestalde, eleberriak, ipuinak, saiakerak eta kazetaritza-artikulu ugari argitaratu zituen. 1907an, antzoki propioa sortu zuen August Falck gaztearekin batera: Intima Teatern. Strindbergen piezak taularatu ziren bertan hiru urtean: ganbera-lanak deitutakoak (batzuk antzoki honetarako beren-beregi idatziak).

        1910ean, Aftontidningen egunkarian argitaratutako artikulu sail bat zela-eta Suediako kazetaritzak izan duen polemikarik latzena jasan behar izan zuen. Strindberg zaharrak ez zuen artean polemikarako indarra galdu. Jatorria Karlos XII.a erregearen aurkako artikulu gaizto bat izan zen. Strindbergen piztia beltzetako bat izan zen Karlos erregea, herrialdearen jende askorentzat sinbolo nazionala Minbiziak hil zuen handik bi urtera. 60.000 pertsona bildu ziren hiletara, maiatzaren 19an, goizeko zortzietan. Urtebete beranduago egurrezko gurutze bat jarri zuten Strindbergen hilobi gainean, latinezko ondoko izkribua aldean: «O, crux ave spes unica» («O, gurutzea, nire esperantza bakarra»).

 

Zubizabal, 6

 

Jenio baten biografia
Francisco J. Uriz / Zubizabal 6, 2001