Xuri, gorriak eta..., Daniel Landart
Egan, 1/6-1982

 

Bigarren agertaldia

 

(Arkupe berean gaude, baina argi gehienak itzalirik eta goian argizagia ikus daiteke. Elizako dorrean hamabi danga entzuten dira. Beñat, aulki batetan jarria, maleta bat ondoan daukala, arras gogoetatua dago, bere ukaraiko ordulariari so eta so.)

 

BEÑAT

 

BEÑAT: Etorriko ote da? Hauxe memento luze eta latza... Maider, Maider... zatoz otoi... zatoz laster... (Beste hamabi danga entzuten dira). Etorriko da bai! Segur etorriko dela... Elkar maite ahal dugu! Baina horrelakoetan denetaz dudatzekoa ba da... Nork erranen zuen, neure aitak, edozein eskale bezala etxetik kanpo ezarriko ninduela? Nork? Eta ama? Gaixo ama... Jadanik seme gehiena gerlan hila izanki-ta, ez zuen beste beharragorik... Zer egin? Zer egin? Baina txo, norbait ba dator... (orduan Maider erdi lasterka agertzen da).

 

BEÑAT - MAIDER

 

(Beñatek zenbait urrats egiten ditu Maiderri buruz eta azkenean, luzaz eta luzaz besarkatzen dira.)

 

MAIDER: Beñat, Beñat, ene maitea!

BEÑAT: Berantetsia zintudan...

MAIDER: Gauerditan errana zenautan. Gauerdi da orain...

BEÑAT: Bai... Baina hain luze zen, hain luze... Zein zoriontsu naizen etorri baitzara...

MAIDER: Ez ote nautzun hitzemana? (Eta berritz besarkatzen dira.)

BEÑAT: Eta medikuak, zer erran dautzu...

MAIDER: Seme bat ukanen dugula!

BEÑAT: Hau berri ona! Lorietan nago. Eta zu? Berriz behar zaitut besarkatu! Oi, Maider, ene bihotza! (Besarkatzen dira...)

MAIDER: Zure aitarekin ez da ezer egitekorik naski...

BEÑAT: Ez. Azken egun hauk biziki bortitzak izan dira. Eta oixtian, biltzarretik etxeratu denean hainbestetaraino kexatua zen non zernahi erran baitaut eta etxetik joatea manatu!

MAIDER: Gaixo Beñat... Zinez maite nauzu bederen?

BEÑAT: Hauxe galdera! Duda zenezake?

MAIDER: Ez. Sekulan ez. Gehiegi maite zaitut. Uzten baninduzu, uste dut hilen nintzatekeela.

BEÑAT: Ni ere bai.

MAIDER: Eta zure amak zer dio?

BEÑAT: Amak aspalditik ba zekien gure berri. Ama alde dut. Beharrik funtsean. Baina aitak ez du deus entzun nahi... Alta, amak ahal dituen guziak egiten ditu ene zaintzeko edo lauzkatzeko, baina debaldetan... Amak bakea bilatzen du eta gure zoriona.

MAIDER: Bat bederen zure alde izan dadin ez da gaizki...

BEÑAT: Bai, baina, besteak baitu manatzen!

MAIDER: Politika aipatu duzue?

BEÑAT: Horretarik hasi gara. Aspaldian erran nahi nizkion zenbait hitz.

MAIDER:: Memento hoberena hautatu duzu...

BEÑAT: Zer nahi duzu Maider, gauza horien errateko memento guziak tzarrak dira... zeren nehork ez baitu horrelakorik igurikatzen edo izatekoz igurikatu nahi. Egia erran, ez nuen sekulan pentsatuko ene aita hain idorki mintzatuko zenik ideia horien kontra. Kontrakoa baino kontrakoagoa agertu zait, Euskal-Herria eta euskara zangopilaturik ezartzen zituela bai eta ere jende langilea. Ene aita, Frantsesak baino ere frantsesagoa da, Euskalduna izanik-ta!...

MAIDER: Alta neurea ere, ez dut uste alde horretarik zurea baino hobeagoa den, nahiz langileen zuzenak bederen arras ongi konprenitzen eta sustengatzen dituen. Baina joan den egunean, doi-doia euskaldun problema aipatu diodalarik, abian oihestu da eta segidan ixiltzeko erran daut... Urteak ba ziren ez zaidala hain fermuki mintzatu...

BEÑAT: Zinez pena da, pondu horretan gorriak ere, xuriak bezain gaizki jokatzen baitira... Xuri ala gorriak, frantseskeriak janak ditu...

MAIDER: Nik, politikarik ez omen dut egin behar neure eskolak bururatu arte! Horra zer dioen ene aitak. Eta anartean, abere bat bezala bizi behar ote dut?

BEÑAT: Aitama gehientsuena da hori. Ene aitak gauza bera erraten daut. Sartu sartu sisteman... ezin ateratzerainokoan! (Geldi).

MAIDER: Gure haurrari izen euskalduna emanen diogu, ez?

BEÑAT: Zaude, zaude... presatuagorik ba dugu naski... Nik, mementoan aterberik ez daukat gero! ... Eta ez litzateke gisa zuen etxera etor nendin. Horrelakorik egiten banu, aitak berdin, hilen baininduke! Orain bertan Bordelera joatea hobe dugu...

MAIDER: Nik ere gauza bera pentsatua nuen. Zaude, ama etorri beharra dut, maletarekin.

BEÑAT: Ama, tenore honetan?

MAIDER: Zer uste duzu ala? Boz denboran, gau guziez biziki berant etzaten dira.

BEÑAT: Zergatik?

MAIDER: Aita, etxez etxe boz-keta ibilki da eta ama...

BEÑAT: Ama?

MAIDER: Horra non datorkigun...

 

(Xoxefina agertzen da.)

 

BEÑAT - MAIDER - XOXEFINA

 

XOXEFINA: Gaixo haurrak, gaixo haurrak... Hoztuko zarete...

BEÑAT: Ba pentsa... Gure adinean, ez dugu ez hotzaren beldurrik...

XOXEFINA: Hobe segur! Ez dezakeat hainbeste erran... (Maiderri). Horra maleta. Gaixo haurrak zer bilatuko zarete orain.

BEÑAT: Bordelen egonen gara zenbait denboraz... Ganberak ba ditugu han... Ez da ez lehen aldiko abiatzen bagina bezala izanen.

XOXEFINA: Ez, ez. Baina ama batek beti pena hartzen baitu, bere haurrak joaten ikustean... Zu bederen Maider, igande guziez etorriko zara?

MAIDER: Igande guziez? Beñat bakarrik utzirik? Ez dut uste ez.

XOXEFINA: Horra, horra... gure batasuna hautsia. Hain goxoki bizi baiginen orain arte... Hain goxoki... (Boz batzuk entzuten dira).

XOXEFINA: Kasu, kasu, nehork ez gaitzan ikus... Goazen barnago...

 

(Hiruak erdi gordetzen dira. Laurendi agertzen da trenpu pollitean.)

 

LAURENDI: Xuriek hamar... Gorriek hamar... Hamar eta hamar, hogei! Damurik ez baita hirugarren alderdi bat, beste hamarren biltzeko! Nahiz, hogei ere ez den guti... Hogei mila libera zahar hementxetako paper txar honetan truk! Burutik ba diate bai... Jende zozo horiek! Funtsean etxeko probetxu... Gure Klodinak haatik, hemendik aintzina apalago beharko duela arizan! Zeren, ez dira gero nonnahi harrapatzen ni bezalako senarrak fitsik egin gabe, ttank, hogei mila libera zahar etxera ekartzen dituztenak. Hop pette! Gure Klodina, bere jakitate guziarekin, ez da gero ni bezainbat... Ja, ja, ja... Apezarekin bai ongi. Baina, apezak ez baitizkio nehoiz hogei mila libera emanen; berak bai guri bilduko! Biba bozak! biba bozak! Urte guziez balira bederen! Biba bozak! (Laurendi ba doa, beste hiruak agertzen).

 

BEÑAT - XOXEFINA - MAIDER

 

XOXEFINA: Gizon nahasia ez bestea... Bihar goizean bereak adituko ditu haatik! Horrelako gizon herrebes ezdeusek daukate herria galtzen...

MAIDER: Zer dio gure aitak dirua eman...

XOXEFINA: Ba pentsa... Zer uste duzu ala gure aita gizon horren erosten arizan dela? Ez gara hain behera jausten, gu...!

MAIDER: Eta zureak?

BEÑAT: Jes, hona buruz datorren emazte hori, nor da?

MAIDER: Zure ama, ez?

BEÑAT: Ama tenore honetan?

 

(Bere amarengana doa, beste biak xoko batetan daude, apaletik eleketa.)

 

BEÑAT: Zer ari zara hemen?

 

BEÑAT - JANAMARI

 

JANAMARI: Ezin lo eginez, aire hartzera jaiki nauk... Aita biziki gaizki zioak. Apezpikuari telefonatzen ari utzia diat...

BEÑAT: Apezpikuari?

JANAMARI: Bai. Arrunt buruari emana ziok, apeza gorrien aldekoa dela eta nahi liake apezpikuak apez hau lehen-bai-lehen hemendik igor dezan...

BEÑAT: Beren intresen zaintzeko, batzuek zer ez lezakete egin! (Janamarik, besteei buruz).

JANAMARI: Zuek ere hemen?

 

BEÑAT - JANAMARI - XOXEFINA ­ MAIDER

 

XOXEFINA: Ez gure nahiz!

JANAMARI: Nork daki?

XOXEFINA: Zer, nork daki?

JANAMARI: Eta bai... Gilen ez balitz presentatu, hauk guziak ez ziren gertatuko...

XOXEFINA: Zure Gaetan gizonagoa izan balitz ere ez...

BEÑAT: Otoi, ez zaiteztela ele txarka has!

MAIDER: A, ez, ama! Ez da mementoa.

XOXEFINA: Zure senarra gure herriaz gehiago griñatu balitz, gure Gilen ez zen presentatuko!

JANAMARI: Zuen Gilen herriko etxean izanen denean ikusiko du orduan, auzapez izatea zein idor den. Bazterretik aritzea bai, errex da. Baina sei urteren buruan berriz mintzatuko gara.

XOXEFINA: Bai eta lehenago ere, nahi balin baduzu... Guk hitzemanak eginen ditugu eta ez zuek bezala herri guzia gibelaturik atxikiko.

BEÑAT: Geldi, otoi!

JANAMARI: Zer uste duzu ala gure nahitara gibelaturik daukagula... Herri batetan auzapez batek zer botere daukala uste ote duzu? Prefeta eta bere gizonak hor dira denen kudeatzaile... eta poliz-gizonak bestalde... Administrazioa ez dut aipaten ere; hasten banintz ez bainuke bururatzerik!

XOXEFINA: Gure Gilenek jakinen du zer egin!

BEÑAT ETA MAIDER: Guk orain abiatu behar genuke...

JANAMARI: Gaixo Beñat...

XOXEFINA: Bozaren ematera etorriko zarete?

MAIDER: Ez dugu uste ez.

BEÑAT: Memento hobea igurikatuko dugu...

JANAMARI: Zer hutsa ukanen dugun hi gabe... Ez bakarrik hutsa, zer ziloa, zer ziloa! Ez dezakeat sinets! Ez dezaket sinets... (Janamari nigarrez hasten da)...

BEÑAT: Askiko duzu gure ikustera ardura etortzea...

MAIDER: Beñaten berriak nik ekarriko dauzkizut.

JANAMARI: Denboraren buruan, zerk hatxeman behar gintuen orain! Eta ikusiko noiz arte iraunen duen memento tzar honek? Funtsean gureak egin dik!

BEÑAT: Laster pasatuko da...

JANAMARI: Hiretzat bai, hain segur. Baina enetzat, enetzat hiltzea bezala duk...

BEÑAT: Otoi, ama!

JANAMARI: Hire anaia ere. Algeriara buruz, holohola abiatu zuan, erranez: «laster etorriko naiz»... Etorri duk bai... errauts.

BEÑAT: Ez da konparaziorik.

JANAMARI: Sekulan ez duk konparaziorik... Baina pasa behar to... Pasa behar, edo amor eman. Agur beraz. Agur Beñat, ene seme maitea.

BEÑAT: Ez adiorik ama... Eta zatoz gure ikustera... (eta nigarrez ateratzen da, besteak agurtu gabe ere).

 

XOXEFINA - MAIDER - BEÑAT

 

XOXEFINA: Guk ere hobe dugu abiatzea ez?

MAIDER: Laster, tenorea dugu...

XOXEFINA: Treineraino segitzen zaituztet.

BEÑAT: Ongi da. Goazen bada... (eta kanpora buruz doaz).

 

OIHALA

 

Xuri, gorriak eta..., Daniel Landart
Egan, 1/6-1982