Xuri, gorriak eta..., Daniel Landart
Egan, 1/6-1982

 

LEHEN ZATIA

 

(Gaetan Lapegue jaun auzapezaren etxean gara. Barne zabal eta haundizki apainduak segidan sendi arazten du errexki bizi diren jende batzuen egoitzan gaudela.)

 

GAETAN - LAURENDI

 

GAETAN: Jar zaitez, Laurendi. Jar gostuan...

LAURENDI: Ez naiz menturatzen... Hain ederrak dira! Ez nituzke zikindu nahi...

GAETAN: Ba, pentsa! Egizu etxean bezala, gizona! Zer uste duzu ala edergailutzat atxikitzen ditugula? Bestalde, auzapezaren etxea ez ote da zure bigarren etxea?

LAURENDI: Emeki, emeki... Herriko etxea, bai! Auzapezarena... ez da batere berdin...

 

(Laurendi jartzen da eta Gaetan salaren erdira ba doa.)

 

GAETAN: Alta, Herriko Etxean bezainbat jende pasatzen da barne honetan! Batek hau nahi, besteak hura behar, denak zinkurinaka eta beti presatuak... Ba da segur mogimendu hemen! Oraino, lehen aldian berean konprenitzen balute bederen, ez litzateke gaizki... Baina, batzuetan, gauza bera behar diezu bospasei aldiz errepikatu, eta kontent izan behar, ez balin badira bestaldi bat etortzen, hauzi berarentzat! Zenbat oren, zenbat gau! Eta horik guziak ororen buru zertarako? Zertarako? Baina, bego horretan! (Azken hitzen erraten ari delarik, edariz bete karro bat hartzen du eta Laurendiren aldera pusatzen.) Zer gostu zenuke?

LAURENDI: Horrelako edari andana ikusi-ta, hautatzea ez da errex, ori...

GAETAN: Whisky xorta bat?

LAURENDI: A, ez! Karatsegia da! Deabru zikina, ez bestea! Aldi bat harturik, mihia erretzen daut oraino...

GAETAN: Harritzen nauzu... zeren zure zintzurño horrek ba du zerbait zerbait klikaturik, ez, denboran...?

LAURENDI: Denboran bai! Orain haatik...

GAETAN: «Ricard» bat?

LAURENDI: Ez eta ere. Goizegi da. (Geldi). Schwepps bat izatekoz.

GAETAN: Schwepps bat? Burutik ba duzua gizona? Bekatu mortala da goizarekin Schwepps baten edatea! Barne guzia nahasiko dautzu!

LAURENDI: Barnea nahasiko? Ez balautate gaineratekoek Schwepps-ak baino gehiago barnea nahasten, ez nuke arrangura haundirik!

GAETAN: Nik segurik «Martini» xuri bat hartu gogo dut...

LAURENDI: Zuk bezala egitekotan beraz...

 

(Auzapezak bi «Martini» zerbitzatzen ditu.)

 

LAURENDI: Zure osagarriari...

GAETAN: Herriko batasunari! (Gaetan jartzen da) Martini xuria laket zaizu?

LAURENDI: Lehen aldiko edaten dut...

GAETAN: Eta?

LAURENDI: Goxoa da.

GAETAN: Xuria...

LAURENDI: Xuria bai. (Biek batean berriz edaten dute.)

GAETAN: Eta andrea, zertan duzu?

LAURENDI: Andrea zertan? Hoberenean. Hoberenean, mihia segurik! Milesker. Ama maite zeruetakoa; ez naiz ez kexu ari gure Klodinarentzat... Kalapita poxi bat muntatzen ahal badu zakutik edo zorrotik... Hura hura haren besta! ... Beharrik ni, beti ixil ixila bainago...

 

(Gaetan zutitzen da.)

 

GAETAN: Ixil ixila?... Beraz Herriko bozak ez dituzue aipatzen ere?

LAURENDI: A, hori besterik da. Herriko bozak ez dira egun guziez gero... Aipatzen ditugu, eta nola! Funtsean, herri guzia ez da horietaz baizik mintzo...

GAETAN: Eta zer diote? Zer entzun duzu hor gaindi?

LAURENDI: Ho, denetarik ba da, ori... Batzuk zure alde eta besteak...

GAETAN: Ene kontra. Ez dea hala?

LAURENDI: Zure kontra bai. Eta jakin zazu ez dutela mihia sakelan, zenbaitek segurik!

GAETAN: Ba dakit hori eta horregatik zaitut deitu.

LAURENDI: Pentsaten nuen bai ez zela Ezpeletako biper bestaz mintzatzeko...

GAETAN: Eta zure uztez, nor pasatuko da?

LAURENDI: Sobera galdatzen dautazu... Nik deabru dakida? Jendeek ez baitute sekulan gogoan dutena erraten... Ez da errex egiaren jakitea...

GAETAN: Zure emazteak zer dio?

LAURENDI: Beti errepika bera: kasu emateko zer erraten dudan eta eskandalarik ez egiteko; geroan ere, berdin, elkarrekin bizi beharko dugula... eta horrelako...

GAETAN: Halere, bere hautua egina duke?

LAURENDI: Bere hautua? Apezak bai.

GAETAN: Apezak?

LAURENDI: Gure Klodina, beti apezaren erranetarik dabil.

GAETAN: Eta Apeza?

LAURENDI: (Gogoetatua). Nago... ez ote den gorrien alde!...

GAETAN: Ez naiz harritzen. Jada, anitz ahotarik entzuna dut gauza bera. Baina jakin zazu Laurendi, dolutuko zaiola bere joko maltzurra! dolutuko!

LAURENDI: Uste nuke! Ahalgegarri da bai... Horrelako gauzen ikustea... Apeza gorrien alde! Apeza gorrien alde!

GAETAN: Eta zuhaur noren alde zara?

LAURENDI: Ondarreko aldian segurik, zuri eman nautzun boza!

GAETAN: Alabaina; ez nuen kontrariorik...

LAURENDI: Egia da hori ere...

GAETAN: Aldi honetan... Balantzan?

LAURENDI: Balantzan? Ni balantzan... Jajajaja...

GAETAN: (Bortitz). Aldi honetan pasatzeko, boz guzien beharra ukanen dugu. Zurea ere bai. Horregatik, segurtamen gehiago ukaiteko, eta baitakigu denen beharra baduzuela; har zazu billet honen erdia. (Hamar mila liberako zahar baten erdia ematin dio). Boz ondoan, askiko duzu beste erdiaren galdez etortzea.

LAURENDI: Biba Xuriak! Biba Xuriak! (eta zutitzen da).

GAETAN: Pentsatzen dut ez zarela gure arteko berrien denei kondatzen ariko. Bestela hainbat gaixto zuretzat!

LAURENDI: Zaude gostuan! Zaude gostu-gostuan, segretuaren atxikitzen jakinen dudala!

GAETAN: Bozak ondo arte beraz...

LAURENDI: Aizu eta... gure Klodinak ardura erraten baitut, aho hetsitik ez dela eulirik ateratzen... eta... behar bada, harentzat ere, besteño baten erdia ba zenuke?...

GAETAN: Nola? Zer derasazu, Laurendi?

LAURENDI: Ho, barkatu ene ausarkeriaz baina... gure Klodina, ba dakizu...

GAETAN: Zure Klodina akomea dadila apezarekin! Agur Laurendi!

LAURENDI: Agur, agur... eta milesker. Milesker... Biba Xuriak! Biba Xuriak!...

 

(Laurendi jalgitzen da. Gaetan sala erdira dator bere buruarekin eleketa.)

 

GAETAN

 

GAETAN: Gaixo herresta! gaixo herresta... Funtsean hoitarik ere behar, mundu honen egiteko eta... Bozen irabazteko...!

 

(Beñat sartzen da.)

 

GAETAN - BEÑAT

 

BEÑAT: Bozen irabazteko joko onak ezagutzen dituzula, nork uka? Ez nuen uste...

GAETAN: Eta barrandan egotea joko ona zaik?

BEÑAT: Ez zaituztet barrandatu. Nahi gabe entzun dut zuen solasaldia.

GAETAN: Belarrien tapatzen ez ote dakik? Edo tokiz aldatzen behar delarik?

BEÑAT: Aita! Ez nuen uste bozak eta ohorea horrela erosten zirenik!

GAETAN: Behardun batzuei artetan diru apur baten ematea, karitate egitea duk eta hik diokan bezala, horien erostea!

BEÑAT: Ez du balio estakuru bilatzen aritzea! zeren Laurendik berak arras ongi konprenitu du zure egintza, bestela ez zuen segidan «biba Xuriak» oihu eginen!

GAETAN: Hire aita, herriko auzapez izan dadin ez zaik ongi ala?

BEÑAT: Egin duzuna ikusirik, ba da segur bi gogoeten egitekoa!

GAETAN: Ez hadila hain minbera izan, mutikoa! Bestela ez haiz deusetara helduko...

BEÑAT: Zerbaitetara heltzeko, bestetaz baliatu behar da beraz?

GAETAN: Ez diat hori erran nahi. Baina, boz denboran ahal dena egiten duk! Ez ote dituk bada entzuten gure kontrario gorri zikin horien gezur eta espantuak? Aho beteka ene kontra ari dituk, baizik eta kontseiluan ez dugula deus egin eta azpikoz-gora botako gaituztela. Gau eta egun herriaren alde lanean arizan ondoan, goxo duk bai, horrelako gauzen entzutea!

BEÑAT: Ba dituzkete beren arrazoinak...

GAETAN: Ez diat onartzen horrela mintza hadin! Ala zer haiz, gorriek kutsatua hi ere?

BEÑAT: Gilen Manduku zergatik da gorria?

GAETAN: Ni xuria naizelako.

BEÑAT: Eta zu zergatik zara xuria?

GAETAN: Ez ote dakik? nik ordrea eta diziplina ezarri eta atxikitzen ditiat herrian, bai eta Frantzia gure ama maitearen alderako amodia. Bestalde, herritarrek eskatu dauzkidaten guziak eskuratu ditiazte, dela ur, eletrika, bide, telefona eta gainerako. Horra, auzapez leial eta zuzen bati zer galdegina zaion; eta nik neure eginbidea bete diat eta bihar ere beteko!

BEÑAT: Eta Gilen Mandukuk zer uste duzu bada egin lezakeen besterik?

GAETAN: Zer egin lezakeen? Saltsa. Saltsa. Besterik deus. Jada, horregatik herria bi alderdi jarria duk: batzuk haren alde eta besteak ene. Gilen ez balitz presentatzen, herri guzia geldi geldia eta kontent egonen zuan. Baina ez! beti da dituk sua piztu beharrez ari direnak... Pitz bezate beraz. Pitz gostuan. Ikusiko ditek, berak direla lehenik erreko!

BEÑAT: Baina orain arte elkarren lagunak zineten...

GAETAN: Hori duk bada. Horrek berak erakustera ematen dik nitaz jelos delako dela presentatzen. Funtsean ez nauk harritzen. Gilen betidanik faltsua izan duk eta heldu nahia ; bere emazte moko mehe kriketa deabruxka horrek pusatzen duela!

BEÑAT: Halere, entzun dudanaz, jende xehearen aldekoa da eta horien ongia baizik bilatzen ez duena. Zuk aldiz, diotenaz, haundiak baizik ez omen dituzu laguntzen.

GAETAN: Gezurra! Herritar guziak lekuko, goraki erraten ahal diat, nehor ez dudala baztertu; edo izatekoz, behartsuenak ditudala lagundu. Eta Gilen Manduku nola izan daiteke ttipien aldekoa, bera herriko etxalde aberatsenetako baten jabe izanki-eta? Bestalde, jauntto horri zer eta zer ez diot egin eta ardiets arazi? Segur balio baitzuen, ematen dautan uztarraren biltzeko! Baina Gilen Mandukuk uztarka arizan nahi balin badu, jakin beza, ene putar batek berak firrindika botako duela!

 

(Janamari sartzen da.)

 

GAETAN - BERAT - JANAMARI

 

JANAMARI: Jainkoaz, zaudete apalago! Hauzo guziek entzunen dituzte zuen kalapitak! Zer duzue bada hain gora mintzatzeko?

BEÑAT: Bozak, ama, bozak!

JANAMARI: Burua galduko diagu, bai, boz horiekin! Balio baitu! balio baitu! (eta ateratzen da).

 

GAETAN - BEÑAT

 

BEÑAT: Ongi pentsatu-eta, amak puxka bat arrazoin du. Alabaina, zergatik balio du herri ttipi honetan horrenbeste haserretzeak; zeren ororen buru, Gilen Manduku eta zure artean ez da diferentzia haundirik!

GAETAN: Zer derasak? Xurien eta gorrien artean diferentziarik ez dela? Baina mutikoa, burutik joan haiz ala zer? Ez ote dakik, gorri horiek non-nahi eta aldi oroz, zorigaitz eta herra baizik ez dituztela ekarri eta ekartzen?

BEÑAT: Aita, entzun nazazu...

GAETAN: Semeak eginen ote daut orain katixima?

BEÑAT: Entzun nazazu, halere. Xuri eta gorrien arteko istorioak, biziki zaharrak dira.

GAETAN: Za zakiat hori!

BEÑAT: Erregetiar eta Errepublikanoen denborakoak. Ez ote duzu uste bada ordutik hona gauzak aldatu direnik? Beharrik funtsean. Ikusmolde eta alderdi berriak sortu dira eta ongi begiratu eta, xuri gorrien eztabadak, denbora haietan zerbait erran nahi bazuten ere, orain problema faltsu bilakatu dira. Zeren...

GAETAN: (Moztuz). Non habil mutikoa?

BEÑAT: Zeren, Xuriak eskuindarrak balin badira, gorriak eta bereziki gure herrietan gorriak deitzen ditugunak, zinez ezkerrekoak ote dira? Askotan ez; zorigaitzez.

GAETAN: Zeeer? Zer komprenitzen dut? Ezkerrekoa ote haiz?

BEÑAT: Eskuindarrak, haundi mandien interesen zaintzaleak dira, ezkerrekoak aldiz, jende xehearen alde bermatzen direnak. Neure hautua egina dut.

GAETAN: Oroit hadi seme, Zeruaren eta ifernuaren erdian, purgatorio bat da dela!

BEÑAT: Horrek erran nahi ote du, erdiko zarela? Baina erdikoek, xurien intres berak dituzte!

GAETAN: Herriko kantseiluan, ez diagu politikarik egiten! Bestalde, hautu baten egitea ez duk hik diokan bezain errex. Eskuin: ba dituk anitz eskuin eta ezker are gehiago. Erdian, ho, erdian, han han goxo!

BEÑAT: Hautu baten egiteak lanak ematen dituela, horretan zurekin ados nago. Neronek ere Bordeleko unibertsitatera joan behar izan dut gauzen hobeki senditzeko eta ikusteko. Eta han ohartu naiz...

GAETAN: Zeri?

BEÑAT: Eskuina zer den. Erdia zer den. Ezkerra zer den. Ohartu naiz ere: Ni Euskalduna naizela!

GAETAN: Eta gero zer?

BEÑAT: Euskalduna naizela!

GAETAN: Euskaldun frantsesa. Hemengo guziak bezala...

BEÑAT: Zu eta Gilen Manduku, behar bada bai. Ni ez. Euskaldun izatea niri aski zait.

GAETAN: Nola? Nola? Zer entzun behar dudan! eta ene semearen ahotik, gehiago dena! Baina lehen ez hintzen horrela mintzo... Bordelen galdu haiz. Auzapez ohoragarri baten semeak ez zezakek sekulan horrelakorik erran!

BEÑAT: Ni, Euskalduna naiz eta jende xumearen aldekoa. Ez eta zu bezala, Paris(e)ko sistima arrotzaren esku-makila, eta gainera, egiazko euskaldungoaren ukatzailea!

GAETAN: Ixil hadi Beñat! etxe hau desohoratzen duk eta heure aita mexprexatzen. Ez dezakeat hori onhar. Ez dezakeat onhar!

BEÑAT: Alta, neure hautatua egina dut.

GAETAN: (Eztiago). Baina Beñat, zergatik ez haiz gauza horietaz enekin lehenago mintzatu? Behar bada...

BEÑAT: Ba ahal dakizu aita, gauza horik ez daitezkeela zurekin aipa! Zurekin eta, kasik nehorekin futsean...

GAETAN: Heure gogoeten berri eman bahaut, esplikatuko nauan nik, lehenagoko amets zozo batzuk direla horik guziak, haurkeria hutsak, sekula ondoriorik ukanen ez dutenak. Eta ba zakiat zer diodan! (Geldi) Hire anaia zenak ere gauza bera erranen zauan, zeren hura segurik ez duk beldur izan, Algeriako gerla denboran bere odola Frantziaren alde ixurtzeko! (Geldi). Edo, ez haiz norbaitek pagatua bederen?

BEÑAT: Zer uste duzu ala, denak zu bezalakoak direla? Ideal bat ba dugu, guk!

GAETAN: Aski! aski entzunik ba diat egungoz! galduak gaituk! Janamari, Janamari, zatoz otoi! Zatoz! (Janamari sartzen da.)

 

GAETAN - BEÑAT - JANAMARI

 

JANAMARI: Zer da? Zer gertatzen zaizu Gaetan? Zer duzue orain ere?

GAETAN: Semea burutik joan zaigu!

JANAMARI: Burutik joan? Burutik joan? Ez du iduri...

GAETAN: Burutik joan bai! Gure Beñat, galatu daukute.

BEÑAT: Ez zaitezela izi, ama.

JANAMARI: Gaetan, mintza zaitez!

GAETAN: Gure Beñatek erran dauzkit sekula asmatuko ez nituen gauza harrigarri eta gutarteko jende normal batek erran ez ditzakeenak.

JANAMARI: Zer erran diok bada?

BEÑAT: Euskalduna naizela eta jende xumearen aldekoa...

JANAMARI: Hori baizik ez bada... (Berez) Uste ez banuen kanzera zuela...

GAETAN: Hori baizik ez bada? Baina Janamari ez ote duzu konprenitzen geure semea separatista dugula? Separatista?

JANAMARI: Ba dira besteak ere...

GAETAN: Eta besteak ba direlakoan, gure semea buru-bero horiei jarrai dakien onartzen duzu? Baina Janamari, zu ere ez zaude plomuan! Ala zuri, zerbait aipaturik bazautzun?

JANAMARI: Zerbaitxka bai...

GAETAN: Eta ez zenautan erraten ahal?

JANAMARI: Zer nahi duzu Gaetan, gure Beñat ez da haur bat gehiago; laster notario eskolak bururatuko ditu... Hogei ta lau urtetan ba daki zer egiten duen ez?

GAETAN: Behar luke jakin segurik! Baina entzunak entzun, ez naiz batere segur. Batere gero! (Beñati) Jakintzak ez nuela hori igurikatzen hiregandik!

BEÑAT: Zer igurikatzen zenuen bada?

GAETAN: Ez ote dakik? Beñat, ez dik balio, bat batean etsaiak bagina bezala mintzatzeak. Amak eta nik, hire ongia baizik ez diagu bilatu eta eta bilatzen.

BEÑAT: Frangotan errepikatu dautazu gauza bera...

GAETAN: Ez ote da egia? Hire eskolen pagatzeko, sehirik gabe bizi gaituk; amak egin behar dituela etxeko lan guziak.

JANAMARI: Ez zuen balio horren errateak...

GAETAN: Bestalde, neure aita zenaren etxaldeko lurren karrakas saltzen ari nauk, baina ez zizkioat nor-nahiri eskaintzen. Parisko xaharrei bakarrik! Parisko xaharrei... Horrela, egun batez beren familiako partimenak eginen dituztenean; hi izanez baihaiz itzuli hauetako notario bakarra, horiekin berekin berehala afera andana bat ukanen duk...

JANAMARI: Ez da gaizki asmatua...

GAETAN: (Fier) Zer uste duzu ala? (Beñati buruz). Eta pentsatua nian ere, hemendik hamar bat urteren buruan, neure karguaren hiri uztea...

JANAMARI: Ho, Gaetan, nik uste baino hobea zara... gure semearentzat...

BEÑAT: Biziki pena haundia eginen dautzut -edo dautzuet-, baina ez naiz batere zure gogo bereko, aita! Ez dut «inapresta» edo «standard» izan nahi. Ene nortasuna eta ene geroa, utz otoi, ene gain.

GAETAN: Harrituko ninduan... ene erranak onartu bahitu!

BEÑAT: Ez naiz bihurri bat. Eta hori frangotan frogatu dautzuet. Baina orain urrunegi ba zoazte.

JANAMARI: Nik ez diat deus erraten...

GAETAN: Erran bazeneza bederen!

BEÑAT: Sobera lan ba du, entzun dudanaz...

JANAMARI: Aski Beñat!

BEÑAT: Bestalde, nork erran dautzue notario izanen naizela? Dretxoa ikasten dut baina horrek ez du erran nahi notario bilakatuko naizenik. Abokat egin gogo dut.

JANAMARI: Abokat, eleketari polita haiz horretarako.

BEÑAT: Abokat izateko ez da eleketari pollita agertzea aski! Nik abokat izan nahi dut, baina ez edozein abokat. Zuzentasunaren alde bermatzekotan, jende xehea zainduz.

GAETAN: Eta baaa! Sartua, sartua teoria berria! Frantziara lanketa etorri Afrikano eta Polonesak zaindu nahi dituk ez? Bai eta Espainol errefugiatuak, eta dudarik gabe, Carrefours horietako ebasleak? Ederki ederki, ez nian uste, ez nian uste, Bordeleko unibertsitatean karitatea, hain, hain barna sartua zenik! hobe funtsean...

BEÑAT: Karitatea eta zuzentasuna, bi gauza dira, aita. Nola Espainol edo Euskaldun errefugiatuak eta «Carrefour»-eko ebasteak bi diren bezala! Otoi, ez itzazula gauza guziak nahitara nahas! Bestalde ez naiz zurekin batere ados aita zenak utzi dauzkizun lur parteak Parisko xahar erretretatuei sal diezazkiezun. Zergatik ez, hemengo laborariei, lur horien beharra ba dute, ihardukitzeko.

GAETAN: Baina hi mutikoa, arrunt itzulikatu haute. Aspaldi dik ideia horik dituala?

BEÑAT: Hiru urte. Hastean halaere, ez nituen gauzak orain bezain garbi ikusten.

GAETAN: Hiru urte? Eta ez dautak deus aipatu?

BEÑAT: Zer nahi duzu, ez zen errex. Gure arteko solas guziak hain murritz eta eskasak dira! Egia erran, ez gara sekulan behar bezala mintzatu elkarrekin.

GAETAN: Noren faltaz? Ni beti prest nauk besteen entzutera.

BEÑAT: Zu, beti prest zara, besteei zure nahiaren egin araztera. Ez da berdin.

GAETAN: (Oihuz). Orain ohartzen nauk onegi izateak ez duela deus balio!

JANAMARI: Otoi, ez zaiteztela samur!

GAETAN: Nahi niake jakin, familiako ohoreaz zer egiten dukan! A, zer auzapezgaia, hi!

BEÑAT: Horik guziak, zure asmoak dira, aita. Nik, ez dut sekula pentsatu, hemengo auzapez izan nintekeenik! Sekula santan! Ez dut, zuk bezala frantses sistiman lepo zintzurreraino sartu nahi! A, ez! Ene nortasunak besterik galdatzen daut!

GAETAN: Janamari, Janamari, entzuten duzu gure semea nola mintzo den?

JANAMARI: Bihotz onegia du...

BEÑAT: Beste zerbait ere ba dut zuei errateko baina, nola has...

GAETAN: Zer? Gose-greba egin nahi dukala? Edo, amanda bat pagatzeko? Zer? Zer? Mintza hadi!

BEÑAT: Erran behar dautzuedanak, politikarekin ez du deus ikustekorik. Amodioarekin bakarrik.

GAETAN: Hobe!

JANAMARI: Ikusiko...

 

(Geldi.)

 

BEÑAT: Gilen Mandukuren alaba Maiderrekin atxikitzen dut eta laster ezkondu beharrak gara!

GAETAN: (Ohiuz). Nola? Zer derasak? A, hori, ez. Hori ez! Hire onetan! Denak barkatuko dauzkiat, baina hori ez! Ez diat nahi jende guzia gutaz trufa dadin! Ene etsai haundienaren alaba utzak bere gisa! Aditzen nauk: bera gisa! edo bestela, ez haut gehiago neure begien aintzinean ikusi nahi! Entzuten duk? Entzuten duk?

JANAMARI: Gaetan, Gaetan, ezti zaitez! GAETAN. Zaude ixilik zu ere!

 

(Ordu berean telefonak jotzen du. Gaetan telefonoari buruz doa.)

 

GAETAN: A, ez! Hor haatik, urrunegi ba hoa!

 

GAETAN (Telefonoan)

 

(Beste biak ixil ixila, Gaetani so.)

 

GAETAN: Alo? Bai zuri ere, Mme DUPUIS. Nola? Gilen Manduku Herriko-Etxean duzula? Eta zer nahi du? Enekin solastatu? Berehala? Ez ote daki non bizi naizen? edo, ni ikusi nahi balin banau, ez da besteak bezala asteazken arratsaldearekin etortzen ahal herriko etxera? Zer? Paper batzuen miatzen ari dela? Zaude. Segidan nator. Biltzarre bat ere egin nahi lukeela plazako arkupean? Forman, forman gure puttikoa! Jada erasiatu zaituela? Hau kopeta! Norentzat hartzen ote du bere burua? Jakin dezala, orainokoan segurik, nik dudala Herriko etxean manatzen, eta nik bakarrik! Ongi da Mme DUPUIS. Laster arte. (Telefona pausatzen du.)

GAETAN: Uste duzue! Gilen Manduku gure herriko etxean paper mian! eta biltzarre bat egin nahiz ari... Polliki, polliki, hop pette! Ba noa, zer pasatzen den hor gaindi... (Kanpora abiatzen da). Eta hik Beñat, bi gogoeta egizkik, edo bestela...

JANAMARI: Bortitzegia zara Gaetan... Gure Beñaten ongia bilatu behar dugu... Orain arte bezala...

GAETAN: Bizian, neurriak ba dira. Erranak erran! (Gaetan, urrats haundiz jalgitzen da.)

 

JANAMARI - BEÑAT

 

JANAMARI: Saltsa pollitean gaituk to!

BEÑAT: Zuk errazu...

JANAMARI: Aitaren hiztua ikusi duk?

BEÑAT: Bai naski. Beharrik zuk bederen zerbait baitzenekien.

JANAMARI: Beti hire alde mintzatu nauk.

BEÑAT: Milesker ama. Ez dut ahantziko (Geldi). Baina beste zerbait ba da oraino...

JANAMARI: Zer ote?

BEÑAT: Uste dut, Maider haur-beharretan dela...

JANAMARI: Aiaiaiai! Zeruetako ama! Ez genian beste beharragorik! Baino, BENAT espres ari haiz, ba...

BEÑAT: Ez, ez, ez dut batere espres egin...

JANAMARI: Ez zenuten ezkontgaua igurikatzen ahal, besteek bezala?

BEÑAT: Zer nahi duzu ama, elkar hain maite dugu!

JANAMARI: Aspaldi dik elkarrekin zabiltzatela?

BEÑAT: Kasik bi urte. Bi urte luze da gero...

JANAMARI: Maiderrek, hire ideia berak ditik?

BEÑAT: Ez da ni bezain bero, baina heldu da heldu. Biziki neska xarmanta da. Segur naiz arras ongi akomeatuko zaretela. Gure haurraren amatxi zu izanen zara.

JANAMARI: Eta hauk guziak, boz denboran gertatzen direla, kontuaren gaineko. Jendeek jakinen dutenean, orduan xintxin-mariak! Pentsatzen berak buru burtzoroak ematen zauzkidak. Eta aitak jakinen duenean... Aitak jakinen duenean! (Geldi). Hire ustez, zenbat du?

BEÑAT: Berri da. Ez da segur segur ere, oraino, arratsalde honetan joan beharra da medikuaren ikustera...

JANAMARI: Aitari, ez zaiokala deus aipa. Utz ditzagun bozak pasatzera. Hola hola aski entzunik ba dik gaizo gizonak! ez badu bederen burua galtzen!

BEÑAT: Uste duzu, onartuko duela? JANAMARI: Ez zakiat... Batere ez zakiat...

 

(Ateko tirrinta entzuten da.)

 

JANAMARI: Ba nioak irekitza...

BEÑAT: Bai eta ni ikastera.

 

(Beñat alde batetatik jalgitzen da, Janamari, bestetik.)

 

JANAMARI: Zerk hatzeman behar gintuen! Zerk hatzeman!

 

JANAMARI ­ KASKOBELTZ

 

KASKOBELTZ: Agur Janamari!

JANAMARI: Agur Kaskobeltz. Gaetan ikusi nahiz zatoz?

KASKOBELTZ: Preseski. Ez da etxean ala?

JANAMARI: Ez. Oraintxe joana da Herriko Etxeraino. Baina laster itzuli beharra da.

KASKOBELTZ: Berriz pasatuko naiz beraz...

JANAMARI: Ez du balio. Sar zaitez, Kaskobeltz...

KASKoBELTZ. Zure lanean gibel araziko zaitut.

JANAMARI: Ba, pentsa! Zer gostu zenuke? Ricard bat?

KASKOBELTZ: Berdin, ori. (Zerbitzatzen dio eta Kaskobeltz jartzen da.)

JANAMARI: Eta hoz horik?

KASKOBELTZ: Ez dakit nola iraganen diren, baina ba da arrabots hor gaindi! Jendea arrunt berotua da! Balekite bederen zerentzako!

JANAMARI: Denborak erranen. Denborak erranen... (Oihu eta ele batzuk nabaritzen dira.)

JANAMARI: Gaetan, hor da, ori...

 

JANAMARI - KASKOBELTZ - GAETAN

 

GAETAN: Boz egun hauk zerbait ba dira! denek odola kaldan eta denek beren burua jadanik nagusi ikusten... Utz ditzagun pasatzera; ea nor den xapeldun aterako! gero ikusiko! ai, urdeak ez besteak! Kontu faltsuak ba direla... Zaude zaude, gure arteko kontuak segurik eginen ditugu eta laster! (Gaetan, Kaskobeltzi ohartzen da.) A! hor haiza Kaskobeltz?

JANAMARI: Zure beha dago!

KASKOBELTZ: Ez da mementoa ez, naski...

GAETAN: Janamari, zoaz otoi Alfred Haraneta gure atxuantaren etxera eta erraiozu, ahal badu bederen, ene ikustera segidan etor dadin; afera serios batzuk ba ditugula elkarrekin zuritzeko.

JANAMARI: Abian ba noa. (Janamari jalgitzen da.)

 

KASKOBELTZ-GAETAN

 

KASKOBELTZ: Gure herriak ez du aspaldian horrelako harroaldirik hartu!

GAETAN: Gezurti zikinak! Dolutuko zaizkiek beren balentriak! (Geldi). Eta hik Kaskobeltz, zer nahi huen? Gure alde haiz, hi bederen?

KASKOBELTZ: Duda muda izpirik gabe! Sobera zerbitzu eginik ba dautazu orain ni zure kontra itzultzeko...

GAETAN: Ez dituk denak hi bezala mintzo!

KASKOBELTZ: Alta aldi honetan ere... zure beharretan naiz...

GAETAN: Mintza hadi. Lagunduko haut, ahal badut bederen...

KASKOBELTZ: Joan den egunean, jendarmek arrastatu naute ehun ta bost egiten nituelako, lauetan hogei ta hamar egin beharrean... Tribunalera joan beharko dut naski. Zuk Gaetan, hanitz jende haundi ezagutzen baituzu, ez zenezakea zerbait egin afera horren hauts arazteko?

GAETAN: Garbiki erranen dauat Kaskobeltz, memento honetan besterik ba dudala buruan; baina hi haizenez gero, zerbaitxka eginen diat bai...

KASKOBELTZ: Milesker!

GAETAN: Hi, herritarrekin hanitz gurutzatzen baihaiz, hire ustez, hire adinekoei eta gazteei plazer egiteko, zer hitzeman behar genuke ote?

KASKOBELTZ: Ori, ongi egiten duzu aipatzea. Gazteak, aspertzen dira ; eta dancing edo Night Club bat behar litzateke egin. Mementoan arrakasta gaitza ba dute eta horrelako bat eginez gero hiruzpalau urteren bakea ba zenuke. Dantza tokiaren sahetsean, ostatu goxoño bat ongi izan liteke argi ilun batzuekin eta bi gau-oilo barnean, herriko donadoak ere puska bat purga daitezen artetan...

GAETAN: Apezak ez dik sekula horrelakorik onartuko!

KASKOBELTZ: Zer behar duzu apezetik? Berdin gorri deabru horien aldekoa da..

GAETAN: Zegur haiz?

KASKOBELTZ: Segur, eta fida! Azken igande hauetako predikuak ez dituzu entzun ala? Beti jende pobreen laudan arizan da, aberatsak aldiz gain gainetik kondenatzen zituela. Garbi da, ez...?

GAETAN: Jakin zak Kaskobeltz, ez banaiz pasatzen, lekuak hustu beharko dituela eta laster!

KASKOBELTZ: Arrazoinekin. Baina itzul gaitezen geure harira. Dancing eta ostatuño baten egitea, ni jada begistatua dut...

GAETAN: Nor?

KASKOBELTZ: Neure koinatoa...

GAETAN: Hire koinatoa? Hire koinatoa ez bait jendarme?

KASKOBELTZ: Jendarme da bai, Lyonen. Baina hilabete baten buruko erretretan sartuko da... eta preseski berak aipatua zautan nahiko zukeela gure herrira etorri eta horrelako zerbait egin.

GAETAN: Baina laster istorioak izanen ditik...

KASKOBELTZ: Ba pentsa! arras ongi ezagutzen du «le milieu».

GAETAN: Horrela denaz gero, ez nauk ideia horren kontra... zenbait boz emaile biltzen ahal baditugu bederen...

KASKOBELTZ: Segur baietz!

GAETAN: Baina ez nauk ni gauza horien garbiki eta publikoki erraten ariko! Aski duk hik, heure ezagun eta adiskideei azpiz eta ahopetik erratea. Gazteei bereziki. Ea bada nola jolatuko haizen...

KASKOBELTZ: Zaude gostuan, Gaetan, neure egin ahalak eginen ditudala!

GAETAN: Heure amandaz ez hadila kexa!

 

(Orduan Janamari eta Alfred Haraneta sartzen dira.)

 

GAETAN: Ha, hor zarete zuek...

ALFRED: Egun on, Jaunak, ez zaituztet poxolatzen bederen. Goizegi etortzen naiz...

KASKOBELTZ: Ez, ez. Guk geure aferak eginak ditugu... Ba noa. Uzten zaituztet.

GAETAN: Erranak erran beraz, Kaskobeltz...

KASKOBELTZ: Bai, milesker Gaetan. Milesker denetaz... (eta jalgitzen da, Gaetanek segitzen duela).

 

JANAMARI - ALFRED

 

JANAMARI: Jar zaitez, Alfred. Zer gostu zenuke?

ALFRED: Goizetan ez dut sekula deus hartzen.

JANAMARI: Ongi egiten duzu.. Luzaz biziko zara.

ALFRED: Jainkoraren menturan ni ere, Jainkoaren menturan, beste guziak bezala... (Gaetan sartzen da).

 

JANAMARI - ALFRED - GAETAN

 

GAETAN: Alfred, Alfred, biziki memento gaixtoan gaude!

JANAMARI: Hobe dut naski zuen joko eta jukutrien entzuten egoteko ordez, bazkariaren egitera joatea...

GAETAN: Hori zeronek ikus, Janamari.

JANAMARI: Gero arte beraz eta ez zazuela burua sobera bero! (Janamari jalgitzen da).

 

GAETAN - ALFRED

 

GAETAN: Herriko etxetik nator. Han: Gilen MANDUKU hatzeman dut paper mian eta mian. Bortizki mintzatu natzaio baina hura ni baino. Kontseiluan deus ez omen dugu egin eta Kontu faltsuak ba direla erran daut. Karrikan pasatzean, Andere Ida gure dendari mekela horrek ez nau agurtu eta Panpale Haundiak «Xuriak kanpora»! oihu egin daut. Ikusten duzu Alfred hamabi urte herriaren zerbitzuko pasa ondoan jendeak zer estimu duen guretzat.

ALFRED: Gilen MANDUKUk die burua muntatzen, berak auzapez izan nahi duelako... Baina Gaetan, ene ustez hogei-tahamaika ta esku dugu.

GAETAN: Ez naiz zu bezain segur... Apeza kontra omen dugu... Eta apezak, ba dakizu, gure herrietan oraindik botere gaitza ba duela!

ALFRED: Apez xaharra ez balitz hil bederen... Hura arras gure aldekoa genuen...

GAETAN: Hura bai! Hura zentzuduna zen gero... Hau aldiz, ez da ez zozoa, baina gazteena egin nahi... eta gazteek berriz aldaketa... Baina Kaskobeltzekin aipatu gauza batzuei esker, uste dut gazteria ere bilduko dugula...

ALFRED: Hobe! (Geldi) Bestalde; gure taldean, general bat behar genuke... General baten ukaiteak izigarriko laguntza ekartzen baitu... Frantses armadako general muztazdun haundi bat bagenu, orduan segurra genuke irabaztea... Hemengo jendeek maite dituzte generalak edo bederen horien beldur dira eta hori bera ez da gaizki. Ez ote dugu bada herriko seme bat, non edo non general?

GAETAN: Nik dakidanez segurik ez. General, General, ez da nornahi gero, general... Hemengo bakar batzuk Kaporal ziren... eta fier oraino! Kaporal ez baita gaizki gure herrikotzat.

ALFRED: Eta Antziburuko Panpi zer bilakatu zen? Armadan da ez hura ere?

GAETAN: Bai, baina ez general... Legionnaire...

ALFRED: Egia. Ba zuen bai halako buru-bero aire bat...

GAETAN: Ez bakarrik airea! Besterik ere... Hura alde bagenu, segur herri guzia kontra genukeela!

ALFRED: Halere, bi edo hiru gazte gure taldean sartu bagenitu, ez ote duzu uste gauzak bestela iraganen zirenik?

GAETAN: Ez naiz segur. Datorren aldian aski goiz izanen da oraino. Bestalde, nola hiruetan hogei urte ditudan, neure maraxalgoaren uztea deliberatu dut eta erretretan sartzea. Horrela, pasatzen bagara segurik eta egin behar genuke, horrela beraz, egun guzian libro izan ninteke herriaren zerbitzuko.

ALFRED: Ederki! Ederki! Gilen MANDUKU erotuko da hori jakinen duenean zeren hark lan gehiegi ba du egun guzia Herriko etxean iragateko. Astean egun erdi bat ere, sobera bezala...

GAETAN: Zer uste du ala, eñul batzuk garela? Guk ere, geure karkulen egiten ba dakigu gero!

ALFRED: Eta bere biltzarrea noiz antolatzen du?

GAETAN: Asteazkenean.

ALFRED: Uste duzu jendea joanen zaiola?

GAETAN: Ez dakit. Baina guk segurik han izan behar dugu bere gezurren erraten hasiko denean, segidan tapa dezagun.

ALFRED: Eta tapatzen ahalko dugu? Eleketari ederra da gero...!

GAETAN: Eleketari ederra izatea ez da aski. Gaurko egunean obrak behar dira. Eta guk, horik ba ditugu! Begira: zenbat etxe eder, zenbat bide berri, familia gutiz gehienak zorionean bizi dira, barnerako eta kanporako behar dituzten guziekin. Guk, obrak ba ditugu. Gilen MANDUKUk aldiz ez du haizea baizik ereiten! haizea eta ametsak. Ametsak eta gezurrak. Guk, eta berriz ere diot: guk obrak hor ditugu lekuko. Obrak! Beraz, fuera Gorriak! Eta orain arte bezala, bihar ere, Herriko-Etxean, Xurien taldea izanen da nagusi, Xurien talde osoa, eta ni auzapez, ni, Gaetan LAPEGUE. (Eta biek batean) Vive la République! Vive la Frane!

 

OIHALA

 

Xuri, gorriak eta..., Daniel Landart
Egan, 1/6-1982