Medeie, Euripide
Egan, 4/6-1963

 

MEDEIE

 

Korinto'n gertatzen da. Medeie'ren etxaurrea erakusten du antzeztokiak. Andik bertatik irtenda badator inude zaharra.

 

INUDEAK: Kolkide'tarren lurralderakoan Simpelegade urdinubelak barna Argu'ren tilapea egabanatu izan ezpaliz, ezta Pelion'go ibar oiantsuan lerrondo moztua ere egundo erori izan ezpaliz, ezta Pelia'rentzat urrezko zarpa bila ioan zirau gizon oberenen eskuak ere arraunen iabe egokitu izan ezpalira! Ezpaitzatekean itsasoz apuilean Iolku lurraldeko gazteluetaraino Medeie nere etxeko-andrea etorriko, Iason'en maiteminez biotza iota, ezta aita ilteko Pelia'ren alaba gazteak ortaratuta, etzukean senar-semeekin Korinto'ko lur ontan bizitzez egoterik ere izango.

        Igesi eldu zan eskualdeko uritarren gogoko izan nairik ari zan bera, Iason'ekin edozertan bat etorririk. Orixe da noski osasunbiderik nagusiena, senar-emazteak etiketan bereiz eztitezenear. Orain ordea zer-nai gorroto du ta laztanenek mindu egiten dute. Bere aurrak eta nere etxekoandrea salduta errege-ezteietako oean baitatza Iason, lurraldeko nagusi dan Kereon'en alabarekin ezkonduta. ltxusiz beztutako Medeie zorigaitzak berriz oiuka zinak aldarrikatzen ditu ta eskubi-estutzea —sinisgarririk nagusiena— aipatzen du ta Iason'engandik artutako orrelako sariaren aldera Iainkoak lekuko aitortzen ditu. Or datza ezer ian bage, soma nekepean bertan-bera utzirik, egunoro negarrez urturik, begiak erakori bage, lurretik arpegia kendu bage, senarrarengandiko bidegabekeria sumatu duen ezkero; arkaitza edo itsasoko olatua bezala, adiskideen esanak entzun-gor entzuten ditu: noizean-bein bere lepo zuri dirdaitsua itzuleraziz, berak berarengan, aita laztana, bere lurraldea ta etxea deitoratu dezan izan ezik, orain itxusiz bezturik daukan gizonari iarraitzearren, guzi oiek saldu egin baitzituen. Gurasoen lurrak ez uzteak dakarrena ezaguna du gaixoak zoritxarraren zoritxarrez. Izu-laborri daukate semeek eta oiek ikusiz ere etzaizkio begi-betegarri egiten. Ez-egiteko berriren bat asmatu ez ote dezan beldur naiz: gogo gogorra baitu, eztu gaizki erabilia izaterik iasango. Bera badazagut nik eta aren beldur-ikara naiz oea edaturik dagoen etzatokira ixilean sartuta, gibel zear ezpata zorrotza barneratu, edota errege ta senarra ilda gero zoritxarragoren bat berenganatu ez ote dezan, Izugarria baita, izan, eta orren arerio gerta dedinak orri norgeiagokan ostro beltxa irabazterik ezta errez izango.

        Alabaina, badatoz or aurrak lasterketan ibilten bukatuta gero, amarenik gogoratu bage: ezpaitu gogo gazteak atsekabetzerik maite izaten.

 

Aurtzain zaharra lagun dutela, Medeie'ren bi semetxoak sartzen dira.

 

AURTZAINAK: Nere etxekoandrearen iopu zar ori, zer dala-ta zaude bakarrik ate aurrean, zeure barruko gaitzak zinkurinkatuz? Zu bage, bakar egoterik nola nai izan dezake Medeie'k?

INUDEAK: Iason'en aur-iagole zahar ori, iaunen zoritxarrak iopu zindoei galgarri gertatzen, zaizkie, ta oien gogoak mindu egiten dira. Neroni, bada, etxekoandrearen ondikoak zeru-lurrei zinkurin aundi egiterainoko atsekabeak iota, ona etorteko gogo bizia sortu izan zait.

AURTZAINAK: Ez al ditu zoritxarreko orrek negarrok oraindik atertu, ala?

INUDEAK: Errukarri zaitut, izan ere: asieran du oinazea ta eztu oraindik gainezka.

AURTZAINAK: Ergel alaena! —nagusiei orrelakorik esatea zilegi ba'zait, beintzat—. Gaitz berriez eztaki ezer nonbait.

INUDEAK: Zer da ordea, agure? Etzaidazu esaterik uka.

AURTZAINAK: Ezer ez; len esandakoaz ere garbai naiz, izan.

INUDEAK: Etzaiozu zure bizarragatik zure iopu-kide oni estal. Onela bear ba'dadi, ori ixilean eukiko baitut.

AURTZAINAK: Arriz zotz-eginez ari izaten diran eta zaharrenak eserten diran Peirene'ko ur gurenaren ingurura bertara urbildurik, ez-entzun eginda, urlia auxe esaten entzun nuen, ots, Korinto'ko lurraldetik amarekin batera aurrok erbestetzeko omen da Kereon, eskualde ontako nagusia. Eztakit ordea esana egia dan ala ez. Enuke orrelakorik gertatzerik nai, noski.

INUDEAK: Ta baldin amarekin burutu-ezina ba'deza, aurrok ori iasatea egari al izango ote du Iason'ek?

AURTZAINAK: Berriei ezkontzaidetasun zaharrek leku egiten diete, ta eztu etxe au laztan ark.

INUDEAK: Onatx, gureak egina duke, baldin oraingoa aitu baino len, gaitz zaharrari berria eratxiki ba'dezaiogu.

AURTZAINAK: Zu beinipein —ezpaita au etxekoandreak iakin dezan garaia— zaude ixilik eta txintik ez atera.

INUDEAK: Aurrok, entzuten al duzute aita nolakoa duzuten? Ilko al da! Ez: nere iauna baita. Alabaiña beretarrekiko gaizto dalarik atzemana izan da.

AURTZAINAK: Ta nor ez, ilen ume artean? Dagoneko ezagutzen al duzu edonork bere burua laztanago duena, urkoarena baino batzuk zuzen eta bide noski, bestetzuk ordea, irabaziaren ederragagatik, baldin aitak ezkontza-atseginagatik oiek laztan ezpaditza?

INUDEAK: Zoazte —onik baitagoke— etxean barna, aurrok! Zuk berriz euki itzazu al daiten bazterrenean eta etzitzazu ama etsituarengana urreratu. Zezenak bezala, bekoskoz begiak zearka zorrozten dizkiela ikusi baitut dagoneko, egitekoren bat egiteko bailitzan. Eztu aserrea atertuko —iakinean nago, egon ere—, oinaztarriak norbait io dezan arte. Ezer egitekotan, egin al ba'leza etsaien aurka ta ez, adiskideen aurka!

MEDEIE'K: (Etxe-barnetik.) Ene bada! Nerau zorigaiztoko onen lorren ondikoa! ene! ene! ondikotz! il ba'nendi!

INUDEAK: Orixe da hura, aur laztanok! Eragin daragio biotzari amak, badaragio aserreari. Leia zaitezte, arinago! etxe barnera! Eta ez urreratu aren begien ondora: etzakizkiote aldera, ta begira gero, aren gogo ilarrainduaren aldarte basatiari ta sortzezko izate galgarriari. Zoazte oraintxe, barnera zaitezte ainbat lasterren! (Aurrak eta Aurtzaina sartu dira etxean barna.) Agirian dago laster adore aundiagoz zabalduko dana goiak-gora arrotzen asi dan deitorelaino ori. Gaitzok ozka egiten dioten biotz-andiko gogo egosgogorrak zer egingo ote du?

MEDEIE'K: (Etxe barnetik.) Ene! Ene! Gorriak ikusten ditut, negar andiak eragiteko ainakoak ikusi ere! Ama gorrotagarriaren ene aur gaitzesgarriok, il al bazintezte aitarekin batera! ta etxe osoak ausiabartzaz beak io ba'litza!

IÑUDEAK: Ene! ondikotz! ene zorigaitza! Aitaren okerrekin bat zergatik egiten dituzu zure aurrok? Zergatik diezu gorroto? Ene! ondikotz! aurrok! Ez al ba'zenezate beldur naizenik iasan! Izar ere izugarriak dira agintarien erabakiak; oietariko gutxi baitira esaneko, ta ainitz eta agitz agintzen dute ta nekez aldatzen dituzte burubideak. Obe da ainbestekoaz bizi izaten oitu; ni neu beintzat, andikerietan ez, baina azkarrik eta narerik zahar al ba'nendi! Neurriaren izena bera garaile baita, lehena esateko, ta ilkorrei beste ezer baino askozaz obe ta onuragarriago gertatzen zaie; geiegikeria berriz, eztakieke ilen umeei egoki gerta: zoritxar andiagoak dakartzi ordea, etxe baten aurka iainkoren bat aserra dadinean.

 

Inudeak azken itzak esaten dituen artean, antzokira Korinto'ko amabost andre sartzen dira, abeslari-taldea alegia.

 

ABESLARI-TALDEAK: Entzun dut Kolkide'tar gaixoaren mintzoa ta aditu dut aren oiua; eztago onezkoak egiterik oraindik. Ots, atso, esan! Bi atedun etxea barna zinkurina entzun baitut: etxerik laztan egokitu ezkero, etzaizkit ango atsekabeak atsegingarri gertatzen, ene andre!

INUDEAK: Eztago etxerik; emengoak egin du onezkero. Bata, errege-oeak baitauka, euki ere, ta andregoiak ezkon-etzanguan bere bizia irion egiten du adiskide baten ere itzez gogoa birbiztu ezinik.

MEDEIE'K: (Etxe barnetik.) Ene! ene! Igaroko al da nere buruaren alderen beste ortziko tximista! Oraindik bizi izanda zer irabaz dezaket? Ene! ondikotz! Auts al ba'nindeza eriotzak, nere bizi bear gorrotagarri au bertan bera utzita!

ABESLARI-TALDEAK: Entzuten al duzu —oi Tzeu, lur eta argi!— emazte ertunak oiuztatzen duen ondiko alaena? Ergel ori, oe lazgarriaren (ilobiaren) nolako ioranak artu zaitu gero? Laster etorriko zaizu erioaren muga, etorri ere. Etzazula orrelakorik eska! Baldin zure senarrak oe berria opa ba'du, etzaitez arekin aserre. Ori Tzeu'k zuzenetsiko dizu. Etzaitez zure senarra deitoratzen geiegi urtu!

MEDEIDE'K: (Etxe-barnetik.) Tzeu andi ta Temi agurgarri orrek ikusten al dituzute zin aundiz senar biraogarriari uztartuta iasaten ditudanok? Aurreandanik egiten didaten bidegabekeria egiteko bekokia izan baitute oiek; neronek ikus al ba'nitza noizbait berori ta emazte berria, iauregiarekin batera zati-zati eginda! Ene aita, ene erri! zuengandik erbestetuta bainago, neronek nere neba lotsagarriro ilda gero.

INUDEAK: Entzuten al dituzute zertzu esaten dituen? eta nola deitzen dituen Temi eskeintza-artzailea ta ilen-umeek zin-iagoletzat duten Tzeu? Bere aserrea nola ibituko, eztu utsaren urrena bear izango etxekoandreak.

ABESLARI-TALDEA: Gure ikusbegira nola etor leitekean eta gure itz ozenen otsa abegiz nola adi lezakean, baldin biotz-astungarri duen beraren aserrea ta gogoaren adorea alderagin ba'litza! Ezpezaie adiskideei nere gogo onak beintzat utsik egin! Zoaz, ba, ta bera etxetik aterata, erakar ezazu ona. Bekizkio laztan itz oiek! Leia zaitez ordea, barnekoak gaizkira ditzan baino len: oinaze min orrek andiro eragiten baitio.

INUDEA: Egingo dut alegina. Beldur naiz ordea nere etxekoandrea nere esanetara erakarriko ote dudan. Alabaina, neke au leporatuko dut, zure alderako esker onez leporatu ere. Ain zuzen, norbait, mingainean itza, urbil lekiokenean, ume eginberri duen leoiemearen begirakune basatia zorrozten die iopuei. Baldin lenagoko ilen-umeak baldar eta ez-ikasi izenda al ba'zenitza, etzenezakean utsik egin. Aiek oturuntzetarako, opari-orritsetarako ta bazkarietarako eresi belarri-gozagarriak arkitu zituzten biziaren atsegingarri; etzuen ordea inork ilen-umeen axanpa larriak etenerazteko musika ta ari askotako eresirik arkitu: ortik datozen eriotzek eta zori beltzek etxeak uzkaili egiten dituzte. Ain zuzen, or dago eresiz ilen-umeek atera duten emendioa; ian-edan oparoak ditezenean, zertako mintzoa alperrik puztu? Aurrean daukaten iatordu gonburuak berez baitakarkie gizonei atsegina. (Esan-ala etxe barnera ioten du.)

ABESLARI-TALDEAK: Entzun ere, minduruen oiu txirriti mina ta ezbearren atsekabe zinkurina entzuten ditut, oean saldu duen senar gaiztoa deadarka baitarabil. Bidegabekeriak iasanda, Tzeu'ren Temi, zinen zaintzaileari egiten dio ots, orrek Elade'z aruzkaldeko izpazterreruntz eraman baitzuen itsaso ilun zear itsaso mugagabeko morroilo gazitsuraino.

 

Atea iriki egiten dute, Inudea lagun duela Medeie agertu da: estalgarri darabilen mozorro zurbil eta ikaragarriaren gainean negar-malkoak ageri dira.

 

MEDEIDE'K: Korintiar andreok! Etxetik atera naiz zuen elebide gerta enadin: ezagunak baititut ilen-ume artean arro gertatu diran asko —batzu nere begiz ikusiak, bestetzu berriz atzerrietan—, bazterrean oin-geldirik egotearren, itsuskeria ta axolagabekeria irabazi dutenak alegia. Ezpaitago gizakumeen begietan zuzentasunik, gizon baten biotzondoa argi ta garbi aztertu baino len, alakoa ikusi-ala, begitan artzen baitu edonork, ark ezertan kalterik egiteke. Bestalde, noraezean errian barna artu-emanetan ibili bear du erbestekoak, ezpaitut erkideei buruz buru-iritzia gertatuta, ez-iakitez gorrotagarri dan erritarra goresten. Neri ordea gertatu zaidan ez-usteko arazo onek erdiratu egin dit gogoa erabat. Nereak egin du, ta biziaren ederra bertan-bera utzirik, il bearra dut, adiskideok. Neretzat dana zitzaidan nire senarra —ederki dakit alegia—, gizatxarren bilakatu baitzait.

        Adorea ta adimena dituzten guzien artean emakumeok gera izakirik erruikarrienak izan ere. Lehenik ondasun gonburuz senar bat erosi egin bear izaten dugu, gure soinaren iaun eta iabea ar dezagun: izan ere ezpaita gaitz ori baino gaitz gorriagorik. Ta ona emen buruausterik larriena: gaiztoa ala ona artzea. Ezpaitzaizkie emakumeei ospagarri ezkontza-austeak, eta senar bat zapuztea ezinezko zaie. Gero, bizibide ta ekandu berrietan sartuta, azti bear du izan, etxean ikasteke, oe-lagunarekin nolako artu-emanak euki iakiteko. Baldin gure eginbidea onik bete ba'dezagu ta senarrak, etxalagun bilakatuta, uztarria ezinbestean eraman ezpadeza, bizibide opagarria benetan! Ezperen, obe il. Gizon batek ordea etxekoekin ezin burutuz, muturturik gogait egin dezanean, alde eginda, aren biotzaren aseak azkarririk izaten du (naiz adiskideren batenera, naiz beraren adinekoengana itzulita); guk berriz, geure begiak bati bakarrik zorroztu bear izaten dizkiogu. Diotenez, etxean bizi izanda, galbearrik gabeko biziera omen dugu guk; aiek, ordea, makilaz gudukatzen omen dute. Ezbidean daude egon ere, oker asmatuz. Bein bakarrik erdi egin baino naiago nuke iru bider zutik egon lerrokatuta, saitsean erredola.

        Alabaina, eztagokigu zuri ta bioi iardun bera. Zuk izan ere erri au duzu zure ta bertan dituzu aita-amen etxe, bizitzarteko etekin eta adiskideen lagunarte. Ni, neu, bakarrik nago, erririk bage egon ere, ta gorriak ikuserazten dizkit gizonak, barbar-atzerritik arrapakin bezala ekarria naizen oni, amarik bage, nebarik gabe, aurriderik gabe, zoritxar au non ainguratu izateko. Ona emen ordea, zugandik iritxi nai izango dudana: baldin gaitzon orde senarrari larrutik ordaindu eragiteko biderik eta arterik (ark berari alaba, edota ezkondu duenari emana, alegia) arki ba'nitza, zaude ixilik. Bestalde, inor baino beldurtiago izaten baita emakumezkoa ta burrukarako ta burdina ikusteko uzkur oi da; ezkon-oekikoetan bidegabetua dadinean berriz, eztago hura baino gogo gorriagorik.

ABESLARI-TALDE-BURUAK: Egin ere egingo dut zure esana, senarra zuzen eta bidez zigorkatuko baituzu, Medeie. Etzait zoritxarrok zuk deitoratzerik arrigarri gertatzen. Badakust, ordea, Kereon eskualde ontako erregea etorri datorrena, erabaki berrien adierazle.

 

Kereon errege zaharra agertu da, eskuetan iauraga, atzean zenbait lagun duela.

 

KEREON'EK: (Medeie'ri.) Zuri, bekosko ilun orri, ta senarrarekin sumindutako orri, ots, Medeie orri diotsut esan ere: alde lurralde ontatik, zoaz igesi beste nonbaitera, zure bi aurrak artuta, ta ez luzatu arean. Izan ere agindu onen erabakitzaile nerau bainauzu, enoake berriro etxera, zerau lurralde-mugetatik alde oil zaitzakedan baino len.

MEDEIE'K: Ene! ene! erabat tamalgarri onek lur-iota, nereak egin du! Etsaiek loroak oro askatu egin dituzte ta galbearrari itzurteko legorreratzerik eztaukat aukeran. Naiz-ta gorriak ikusten egon, galdetxo bat egingo dizut: ots, zer dala-ta erbesteratzen nanzu, Kereon?

KEKEON'EK: Zure beldur natzaizu —beste aiko-makorik aipatzea ezta bearrezko—, nere alabari gaitz senda-ezinen bat egin dezaiozun beldurrez, alegia. Beldur onen zera asko dut izan ere: etortez iakintsu baitzera ta gaitz guzietan trebe, ta atsekabe minetan zaude, gizonaren ezkon-oeaz bagetuta. Badantzut eskainka ari zerana, gaztigatzen didatenez, aita emaileari ta senarrari ta emazteari ezegitekoren bat egingo diezula-ta. Ezer iasan baino len, ordea, nere burua begiratu egin bear dut. Aul izanda geroago andiro negar egin baino obe baitut zure gorrotopean erori.

MEDEIE'K: Ene! ondikotz! Ezta oraingotan lenengoz, askotan baizik, nere ospeak gaitz egin didana ta makur larriak ekarri dizkidana, Kereon! Izan ere iakintsu dan gizonak elituzke seme-alabak neurriz gainetik iakitun izaten irakatsi bear. Daukaten alferkeria nora eztala, erritarrengandikako bekaitz beltza zirikatu egiten baitute. Baldin badakizun berriak ez-ikasiei ekar ba'dezaizkiezu, ez-deus eta ez-iakintzat iritziko zaituzte; beren burua edozertan iantzita iakin ere badakitela diruditenak baino geiagotzat ar ba'zintzate berriz, errian bekagarritzat ager zintezke. Ni neu ere, zori orren kide natzaizu, izan ere. Ikasia bainaiz, urliak gorroto (sandiak gibel-aunditzat, berendiak beste erakotzat), ta beste batzuk etsaitzat naukate. Ta enaiz ikasiegia izan ere. Zu, baina, beldur zatzaizkit, ezbearren bat iasan zenezakelakoan. Etzakizkigu ikara, Kereon! ezpainatzaizu gizonezko erregeen aurka uts egiteko ainakoa. Zuk, ba, zertan egin didazu kalte? Gogoak agindu zizunari eman zenion alaba, eman ere. Alabaina nik neuk bere senarra gorrotatzen dut; zuk egina gurbilki egin duzu, uste ortan nago. Zuri dagozkizunetan ederki zaudela-ta etzaitut orain bekaizten. Ezkoneraz ezazute, zaitezte zorioneko! Utz nazazute ordea lurralde ontan bizi izaten. Bidebageki erabiliak izan gerala-ta ixildu egingo baikera, azkarragoek garraitu gaituzten ezkero.

KEREON'EK: Esan ere belarri-gozagarriak esaten dituzu; alabaina biotz barnean ezbearren bat asmatze ote diarduzun izu-larri naiz, eta zureganako len baino uste ainbat gutxiago dut. Nork bere burua emakume asarrekoiagandik, orobat gizonagandik errezago begira lezake iakitun ixilarengandik baino. Ots, alde egizu albait lasterren! itzik ez esan! Nere zina sendorik dagoen ezkero, eztaukazu gure artean gelditzeko biderik, etsai baitzatzaizkit.

MEDEIE'K: (Erregeren belaunburuak besarkatuz, otoizka.) Ez, zure belaunburuagatik eta neska ezkonberriagatik!

KEREON'EK: Itza alferrik galtzen ari zera. Ezpainindezakezu egundaino zure esanetara erakar.

MEDEIE'K: Bidaldu egingo nauzu, beraz, eta nere eskariek batere ez al zaituzte errukieraziko?

KEREON'EK: Nere etxea baino areago ezpaitzaitut maite.

MEDEIE'K:: Ene aberri! orain zutzaz dudan oroitzapenaren zina ta mina!

KEREON'EK: Seme-alabak kenduta, nik neuk ere askozaz laztanen dut.

MEDEIE'K: Ondikotz! ondikotz! Ilen-umeentzat maitariek duten gaitzaren andia!

KEREON'EK: Gertariek ekar lezaketenez, nik uste.

MEDEIE'K: Tzeu! ez al zaizu gaitzon erruduna ezkutatuko!

KEREON'EK: Iarrai, ergel ori, ta ken ezaizkidazu nekeok!

MEDEIE'K: Neketan geu ari gera ta eztugu nekeon bearrik.

KEREON'EK: Ezinbestean nere iarraigokoen eskuz arin aizatuko zaituzte.

MEDEIE'K: Orrelakorik ez, baina eske nagokizu, Kereon...

KEREON'EK: Andre, amaikatxo buruauste ekarriko duzu, uste dudanez.

MEDEIE'K: Igesi ioango gera, ioan ere. Enago orretakorik eskatzen.

KEREON'EK: Zergatik egiten didazu gogor, beraz, emendik alde egin bearrean?

MEDEIE'K: Utz nazazu emen egun bakar batez egoten, nora iges egin asmatu ta nere aurrei emendioa antolatzen buka dezadan, aitak semeentzat ezer biltzeko arretarik eztuen ezkero. Zakizkie errukibera, zu berebat aurren aita baitzera: zerori gogo onekoa izatea gauzak dakarrena da. Eztut nere buruaren kezkarik, iges egin ba'dezagu: zoritxarrak txurtenean iotako oiek dirala-ta egiten dut negar minaren minez.

KEREON'EK: Inola ere ezta izan nere erabakia iauntxoena, errukia, ordea, erabateko galgarri izan zait. Orain ere nere burua uts egiten badakust, emakume, ta orobat eskatzen duzuna artuko duzu. Aldeaurre ordea auxe esaten dizut: zu ta zure aurrak lurralde ontako mugaz barne Iainkoaren biarko argiak ikus ba'zaitzate, ila izango zera zu. Esana esan, nere itz au egitia da. Orain berriz, gelditu bear ba'duzu, zaude egun batean bakarrik. Ezpaituzu beldurretan naukan ez-egitekorik egingo. (Badoa iarraigokoekin.)

ABESLARI-TALDEKO-BURUAK: Andre gaixoa! Ene! ondikotz! zure lorren larria! noratsu itzul zaitezke? nongo arrotzerrira io zenezake? Gaitzon sendabide al daiten etxerik edo lurralderik idoroko al duzu? Medeie, iainkoren batek gaitzen irten-ezineko nolako elorrioetan amildu zaituen!

MEDEIE'K: Edonola ere gaizki egina da. Nork ukatuko du ori? Alabaina, eztira gauzak onetara geldituko; etzazute dagoneko orrelakorik uste izan. Izan ere oraindik burrukak izango dituzte ezkonberriok, baita aitaginarreba-amaginarrebek buruausteak ere, eta ez txikiak gero. Irabaziren bat izateko, naiz maltzurkeriaren bat asmatzeko izan ezik, gizon ori koipatu nezakeanik uste al duzu? Eniokean itzik ere esango, ezta eniokean eskurik ikutuko ere. Nerau erbestera oilduta, nere burubideak oro iraul zitzakenean, egun ontan nerau emen geldi naitekela onartu ainako ergelkerira eldu baita bera. Ain zuzen, egun bertan nere iru etsai ilotz egingo ditut, aita, alaba ta nere senarra, alegia. Oientzat berein bide eriogarri dauzkalarik, ordea, eztakit lehenik zein aukeratu, laztanok. Azpitik ezkonduen etxeari sua ezarriko al diot? edota oea zabalduta daiten etxean ixilik sartuta, gibel zear ezpata zorrotza barneratuko al diet? Eragozpen bat dut ordea: etxeko brinbela zear sartu ta egitekoa bilbatuz atzeman ba'nindezate, ilda nere etsaien parregarri ninteke. Oberena bide zuzena da, ortan baikera batikbat iakintsu, oiek edenez garaitzen, alegia. Demagun dagoneko ilak dirala. Nongo erriak atotsiko nau? Zein arrotzek bereganatuko nau, lurra, aterpea ta etxea, gaudimen bezala eskeinita? Izan ere ezta inor. Oraindik lipar batean begira egonda, gaztelu eskierrik ager ba'dakigu, banoake iruzurrez eta ixilik sarraski ortara. Baldin oi ez bezalako zoritxarrak alde eragin ba'nindezak, ordea, neronek ezpata artuta, nire burua il bear ba'dut ere, oiek il egin nitzake ta indarra bipilki erabil nezake. Ez, ala lankide aukeratuta nere supizguko barrenean bizi dan Ekate andregoia, guzion gain ori iauresten baitut, eztu oietako inork, atseginarren pozetan, nire biotza mineraziko. Minkaitz eta negargarri biurtuko dizkiet beren ezteiak, minkaitz, ezkon-aidetasuna ta nere erbesteratua. Baina, goazen! Dakizkizunetatik ezertxo ere ez utz alde batera, Medeie, burubidez eta azpika iardunez. Iarrai egikizun izugarrietan barna! Oraintxe da azkarren borroka. Ikusten dituzu zertzu iasaten dituzun, Sisifu'tarrekiko baten eta Iason'en ezteiak dirala-ta eztuzu zure burua parregarri agertu bear aita andikiren eta Eguzkiarengandikoa zeran orrek!. Badakizu, ba: sortzez emakumeok gauza onetarako oso moldegabeak gera, makur guzien egile iakintsuenak, ordea.

ABESLARI-TALDEAK: Badoaz ibai gurenak beitik iturburuak goraino. Zuzenbidea ta beste guziak atzera iraulten dira. Gizonek asmo maltzurrak dituzte ta onezkero eztago iainkoenganako sineste sendorik. Bala-bala zabaldutako ustea aldatuta nere bizibidea aipu oneko gertatuko da: badator emakumezko leinuarentzat ospea: eztute aurrerantzean emakumeek izen txarrik eukiko. Nere saldukeria oiuzkatzen eten egingo dira kantari zaharren leloak. Ezpaitu liraren igarle-eresiz gure gogoa edertu Poib'ek, eresien otsemaileak, alegia; bestela gizonezkoen aurka lelo bat oiu egin bainezake. Gure ta gizonezkoen zoriaz esanenik asko dauka aldi luzeak.

        Ain zuzen, gurasoen etxetik alde itsasoa igaro zenduen biotza erotuta, itsasoko aitz-ate bixkiak goituz. Arrezkero atzerrian bizi zera bizi-alargun, oea galduta zoritxarreko ori, lur ontatik itsusi erbestetu egin baitzaituzte.

        Zinen ederrak egin du, egin ere, ta eztirau Elade aundian andizurenik dagoneko, ozkarbiak gora egabanatu baita. Zure nekeetan aingura non iaurti eztaukazu, aitaren etxerik ezpaitaukazu aukeran gaixo orrek, eta zure ezkon-oea baino altsuago beste andragoi bat etxeko-buru bilakatu baita.

 

(Iason agertzen da.)

 

IASON'EK: Eztut aurrenik orain ikusi, askotan baizik, noraezeko makurra dala gogo asarrekorra. Lurralde ontan eta etxeotan bizi al baitzintezkean, baldin altsuenen burubideak arin eraman ba'zenitza: zure itz utsalak dirala-ta, lurraldetik alde igorriko zaituzte ordea. Nik neuk beintzat eztut buruausterik. Etzaitez egundaino asper Iason gizonik gaiztoena dala esaka. Zuk iaunen aurka esanak esanda ordea, ar ezazu aintzat zure emendio osoa, erbesterako zigortua izatea, alegia. Nik niketz, beti errege suminduaren asarrea kentzen aleginak egiten nituen, zu emen geldi zintezen nai bainuen. Zuk, ordea, eztiozu zure erokeriari oporrik eman, beti erregeen aurka gaizki esaka. Arrezkero erbesteratu egingo zaituzte. Alare, oraindik ere enator nere laztanak ukoka etorri ere, zureganako axolaz baizik, andrea; ots, aurrekin landerrik, ezta ezer bage ere igor etzaitzaten. Erbesteratzeak berez gaitz asko dakar, ekarri ere. Zuk gorroto ba'nauzu ere, egundaino ezin izan nezaizuke gogo gaiztorik.

MEDEIE'K: Gaizto alen ori! —gizontasun bageko zure makurra mingainez gaitzesteko irain beltzena baituzu artze— etorri al zatzaizkigu (iainkoei, neri ta giza-leinu osoari) etsairik gorrien bilakatuta gero? Ezpaita ausarta ezta bipil izatea ere, gaizki erabilitako adiskideak bekoz-beko begiratzea, gizonen arteko gaitzik andiena baizik, zakurkeria, alegia. Etorteaz ongi egin duzu, ordea. Nik neuk, zure aurka gaizki esaka, nere biotza arindu al izango baitut eta zuk esateko oiek entzunda.

        Lenengoetarik lenena esaten asiko natzaizu. Su-arnasa zerioten zezenak uztarripean itaurlari erabiltera ta alor ilgarria ereitera igorria izan zinan ori iaregin zindudan neronek, Argo ontzian zurekin batera itsasoratu ziran Elendar guziek dakitenez. Ta izur askotan biribildutako urrezko larrua zeukan erensugea amaituta, iaregin zindudan neronek lorik egiteke, ta zuri osasun-argia erakutsi nizun. Nere aita ta nere etxea saldurik, berriz, Pelion'go Iolku'raino zurekin eldu nintzan nerau, burutsu baino gogatsuago. Sarraskirik mingarriena bailitzan, Pelia ilerazi nuen aren semeen ukaldiz eta beldur dana kendu egin nizun. Guregandik oiek iasota, gu saldu egin gaituzu gizon arteko gizatxarren orrek eta oe berria zure egin dukezu, aurrak izanda. Baldin oraindik aurrik bage izango ba'zina, beste oe orren laztanez amorratua izatea barkagarri litzaizuke. Zure zines sinisgarriarenak egin du, ta nereganako kirmen etzerana badakizun ezkero, eztakit lengo iainkoak onezkero iaun eta iabe eztirana uste duzun, ala egungo eguneko gizonentzako iainkoen aginduak berriak dirana ba ote deritzazun. Ene! Amaika bider artzen zenituen eskuin au ta belaunburu oiek! Zeinen alferrik besarkatu izan gaituen gizon gaizto onek! eta zeinen ustel atera diran gure usteak!.

 

Egontxoa egiten du.

 

                Ots! Adiskide bat ba'zintez bezala, auxe adierazi nai nizuke. —Neure kasa, zugandik zer onik atera dezaket? Berdin da: galde eginda, lotsagarriago ager baitzaitzaket—. Orain nora io dezaket? zuri iarraiki, etxea ta aberria saldu nituen aitaren etxera apika? ala, Pelia'ren alaba doakabeengana? Aien aita il nuen an etxean ederki atotsiko nindukete! Onetara bainago: aldez, etxeko lagunek etsaitzat naukate: aldez, ez-egitekorik egin bear enienak, zuri atsegin egitearren, etsai dauzkat. Onenbestez, guzion orde, Elade'ko goibeak barna emakume askoren aurrean nerau zorioneko au aurkeztu nauzu. Izan ere, zerau, senar arrigarri ta kirmen ori zauzkat zoritxarreko onek, baldin lurralde ontatik iaurtita, adiskiderik bage, aur bakarrekin bakar-bakarrik iges egin bear ba'dezat. Senar ezkonberriarentzako alkekizun ederra, benetan, zerau iaregin zindudan au ta zure aurrak or-emenka eskale ibiltea!

        Ene Tzeu! zergatik egokierazi dizkiezu gizonei urretik gezur-urrea ikus dezaten ezagungarri argi ta garbiak, gizonen artean gaiztoa nork bear duen izan bereizteko ozka bat ere soinean etortez ez izaki?

ABESLARI-TALDE-BURUA: Izugarri ta sendakaitz oi da aserrea, adiskideekin adiskideak etiketan mokoka daitezenean.

IASON'EK: Dirudienez, eztut sortzez itz egiten aul izan bear, baizik ere ontziko lemazain zuhurra iduri, ontzi-oialaren mendel ertzak zabalduta ioatea dagokit, emakume ao-zabal eta itz-iario orri itzur nakizun. Zure esker ona larregi bapikatzen duzun ezkero, nik neuk nere lemazaingoan iainkoen eta gizonen artean iareigile bakar Kipris izan dudala uste baitut. Adimen giarra duzu zuk, noski; alabaina, Maitasunak gezi aparabearrez nere burua onik ateraten beartu zinduela esateari gorroto diozu. Eztut gainerakoan ori zeatzegi adieraziko: nolarebait on egin baitzenidan, eztago gaizki. Nere iareitasunaren aldera emana zenduen baino gehiago artua duzu, ordea, neronek adieraziko dizudanez. Aurrenik, barbar-erriren batean egon bearrean Elade'ko lurraldean bizi zera ta zuzenbidea ikasi duzu legeen arauz ibilki ta ez indarraren atseginarren ikasi ere. Badakite elendar guziek, iakintsu zerana ta ospe ona duzu. Baldin lurreko azken bazterretan bizi izango ba'zina, elizake zutzaz itzik egingo. Nik neuk beintzat, eztezadala etxean urrerik ezta Orfeu'ren baino mintzo ederragoz eresi egin al izaterik ere, nere zoriak inoren oargarri egin al ezpanindeza.

        Orra, nere nekeak dirala ta eztirala esateko nizkizunak. Ez ta bai liskarra zerorrek sortu baituzu alde-aurre. Nere errege-ezkontzaren aurka esan dituzun esamesak dirala-ta auxe erakutsiko dizut ordea: aurrenik, ortan iakintsu izan naizela: gero, zuhur, eta azkenik, zurekiko adiskide andi, orobat nire aurrei buruz... (Medeie'ren aserre-musin aieruari oartuz.) Baina zaude egonarriz! Ezin burutu alako zoritxar samalda ekarki, onakoan Iolki'ko lurraldea utzita gero, zer aukera obeagorik arki nezakean onako erbesteratu au errege baten alabarekin ezkontzea baino? Ez zuk sumintzen nauzunez, zure oearen gorrotoz edo emazte berriaren irrika minak iota, ezta aur-kopuru aundiaren ioranez leiaka ere: aurra naikoa sorterazi baitut eta enaiz ortaz damurik arean. Ederki bizi al gintezela ta bear gorrian izan ezkintezela andienekotzat nuen, bai-baitakit beartsuarengandik adiskide danak alde eginik iges egiten duena. Gainera, zuregandiko seme oiei anaiak erneeraziz, nere etxeari dagokionez azi nizakean eta oiek maila berdinean iarri ta ondorengoak elkarrerazirik zorioneko nintekean. Zuk, ba, zertako bear duzu beste aurrik? Nik neuk, ordea, seme biziak etorteko diran semeen bidez laguntzea on dut. Gaizki asmatua ote dut ala? Etzenduke ezezkorik esango, oearekikoak sumindu ez al ba'zintza. Onenbesteraino eldu zerate zuek, emakumeok, uste baituzute dana daukazutela, oearekikoak zuzenik izan ezkero. Baldin zuen etzalekuari buruz zoritxarren bat gerta ba'dakizue, berriz, oberena ta ederrena gudu-etsai gorrien egiten duzute. Aurrak beste nolarebait sorterazi bear lituzkete ilen umeek, emakumezko leinurik izateke alegia, ta onetara elukete gizonek gaitzik bat ere izango.

ABESLARI-TALDE-BURUAK: Iason! ipi-apan edertu dituzu zure itzok, edertu ere. Alabaina —ustez ez-ustekoa esan ba'dezaizut ere—, zure emaztea salduta zuzen eta bide eztana egin duzula uste dut neronek.

MEDEIE'K: (Bere buruarekin izketan bezala.) Askotan oso gizakumeen bestelakoa nauzu, izan ere. Neure kasa, bidegabe dalarik itz egiten ikasia dana zigor aundienaren artzekodun baita. Ilarraindurik, bidegabekeriek mingainez ongi iazten dituenak nolanaiko okerrak egiteko ere bekokia baitu. Ezta iakintsuegia, ordea. Zu (Iason'engana itzulita.) orobat etzaitez nereganako onarena eginda, esamesak esaten gerta. Itz bakar batez ilko baitzaitu. Gaiztoa alaena izango ezpalin ba'zina, nerau zure esanetara ekarrita gero ezkondu bear izango zendukean, eta ez adiskideen ixilean.

IASON'EK: Baldin ezkontzarekikorik aipatu izan ba'nizu, nere esanetara ederki etorriko zinakean oraindik ere biotzeko asarre andia ibitzerik onartzen eztuzun ori!

MEDEIE'K: Orrek etzinduen ortaratzen, barbar batekin ezkondua izatea ospegabeko zartzarorako bidea zalakoak baizik.

IASON'EK: Ongi iakin ezazu dagoneko eztala emakume bategatik izan, erregeren ezkontza-oearen iabe egin naizenik. Baina oraintsu esan dizudanez, zerau onik atera ta nere semeei erregeren aurrak aurride egokierazi nairik izan da, etxearentzat babesgarri ledin alegia.

MEDEIE'K: Utikan! ez al zait negargarri nukezko zorion-bizibide ori gertatuko! ezta biotz-erdiragarri dakidaken ongi-aldirik ere ez al dut izango!

IASON'EK: Ba al dakizu nola garbaitu ta burutsuago ager zaitezken? Ezpekizu zoriona egundo galgarri irudi, ta etzazu, zorioneko zaitezkenean, zoritxarreko zeranik uste izan.

MEDEIE'K: Zaude arro-arro, etxalegorra baduzun ezkero: nik berriz bakar-bakarrik egingo dut iges erbestera.

IASON'EK: Ori zerorrek aukeratu duzu: eztut beste inor salatzen.

MEDEIE'K: Zer eginda gero? norbait senarturik eta zerau salduta ote?

IASON'EK: Erregeri birao dongeak esanda.

MEDEIE'K: Ta zure etxearentzat ere biraogarri naiteke, izan.

IASON'EK: Enaiz geiago zurekin oietaz etiketan ari izango, arean. Alabaina, baldin aurrentzat naiz zure erbesterako nere ogasunetatik laguntzarik artu nai ba'dezazu, esan ezazu: esku zabalez emateko gerturik bainago, baita ongi erabiliko zaituzten arrotzei ezagungarriak bialtzeko ere. Oiek nai ezpaditzazu, txoralda izango zera, emakume. Asarre ori ibituerazita, ordea, izango duzu irabazi aundiagorik.

MEDEIE'K: Ezin izan genezake zure arrotzekin artu-emanik, ezta ezer ere ezin ar genezake; etzaiguzu ezer eman, ezpaitakar gizon gaiztoaren esku-erakutsiak onik.

IASON'EK: Alabaina iainkoak lekuko aitortzen ditut nik, zu ta aurrak edozertan lagundu nai zaituztedala-ta. Etzaizkizu zuri ordea, onak atsegin, eta arrokeriaz adiskideak aizatu egiten dituzu: arrezkero are gorriagoak ere ikusiko dituzu.

MEDEIE'K: Utikan! alde! emazte berriaren irrika minak artu baitzaitu etxetik urrun berantetsirik. Iarrai ezkontza orri! Bear bada —Iaungoikoa lagun esango da— zure ezkontza alakoa izango baita, zerorrek ortaz izpitzatzeko ainbatekoa, alegia. (Alde egiten du Iason'ek.)

ABELARI-TALDEAK: Maitastunak andiegia dadinean, eztie gizonei omen onik ezta onbiderik ere ekarten. Baldin Kipris doia etor al ba'ledi ordea, eztate beste iainkorik omen maitegarririk. Ez al didazu, andragoia, zure urrezko arranbeletatik gantzututako gezi itzuri-ezinik egotziko! Laztan ba'nindeza zentzutasunak, iainkoen bezuzarik ederrenak! Ez al nau egundo, biotza aserre liskartiz eta ase-ezinez iota, inoren oetara iaurtiko Kipris izugarriak, eta senar-emazte baketsuak ospatuz, emazteen ezkon-oeak gogo-zorrotz ebatziko al ditu!

        Ene aberria! ene etxea! ez al naiz aberri bageko gertatuko, ezaren bizitzarte igaro-gaitza izanik, errukienez errukarrien atsekabetuz! Lenago uztarperatuko al nau eriotzaz eriok, nire egunak bukatuz! Neke artean ezta Aberriaz bagetua izatea baino gorriagorik.

        Geure begiz ikusi dugu ikusi ere; eztaukat amen-omenka esaterik. Buru-austerik izugarriena iasaten egonda, ezpaitzaizkizu erririk ezta adiskiderik ere erruki izan. Ilko al da, biotzeko morroilo garbia irikita, adiskideak aintzat artzen eztituen eskerbagea! Nik beintzat eztut inoiz adiskide izango.

 

Ezkerraldetik sartu da Aigeu bidazti-antzera iantzita.

 

AIGEU'K: Medeie, agur! adiskideei au baino sarrera ederragorik esaten ezpaitaki inork.

MEDEIE'K: Oi! agur zuri ere, Aigeu, Pandion iakintsuaren seme! nondik zatoz lurralde ontara?

AIGEU'K: Foib'aren iauretxe zarretik itzulki.

MEDEIE'K: Lurreko txilbor iragarlearengana zertara zinan ioana ordea?

AIGEU'K: Aurren azia nola gerta lekidaken bila.

MEDEIE'K: lainkoarren! Seme bage irauten al duzu beti bizitzarte ontaraino?

AIGEU'K: Izan ere, seme-alaba bage, gera iainkoren baten alabearrez.

MEDEIE'K: Andrerik ba al duzu, ala ezkonbage al zera?

AIGEU'K: Ezkera ezkontzaren uztarririk gabe.

MEDEIE'K: Ta zer esan dizu Foib'ek seme-alabari buruz?

AIGEU'K: Gizonagandiko baino itz iakintsuagoa iaulki zaio.

MEDEIE'K: Zilegi al zaigu iainkoaren esana iakiterik?

AIGEU'K: Bai orixe, buru iakintsuaren bearra baitu.

MEDEIE'K: Zer erantzun zizun beraz? esan, entzutea zilegi ba'zait beintzat.

AIGEU'K: Aurreratzen dan oina askatzen ibili enendila...

MEDEIE'K: Zer egin arte? edota nongo lurraldera el zaitezkeino?

AIGEU'K: Berriro gurasoen etxeraino el naiteken arte.

MEDEIE'K: Zu ordea zeren bearrez etorri zera luralde ontara ontziz?

AIGEU'K: Izan ere bada Pitzeu urlia Troitzen-lurraldeko errege.

MEDEIE'K: Pelopa'ren seme eraspentsuena omen da.

AIGEU'K: Iainkoaren igarkizuna ari berari iakinerazi nai diot.

MEDEIE'K: Gizon iakintsua baita eta orrelakoetan urratua.

AIGEU'K: Ta nere aiztamakila-lagunen artean laztanena.

MEDEIE'K: Zoaz ba onik eta gertatuko al zaizu opa izan-ala.

AIGEU'K: (Medeie'ren bekosko ilunari oartuz.) Baina, zergatik zaude orren betilun, margul eta mazkal?

MEDEIE'K: Aigeu, senarrik gaiztoena baitut izan ere.

AIGEU'K: Zer diozu? Azal ezaizkidazu argi ta garbi zure minak.

MEDEIE'K: Bidebage ari zait Iason, nigandik ezertxo ere iasateke.

AIGEU'K: Zer egiten dizu? Esaidazu argiago.

MEDEIE'K: Gurean etxeko-andre beste emakume bat du.

AIGEU'K: Orrelako ez-egitekorik lotsagarriena egiten ausartu ote da?

MEDEIE'K: Ongi iakin ezazu: lengo adiskideak ezaintzat gauzka, euki ere.

AIGEU'K: Maite-minak iota, ala zure oearekiko gorrotoz ote da?

MEDEIE'K: Maitasun aundi batek noski: ezta adiskideenganako kirmen izan ordea.

AIGEU'K: alde! doala dagoneko, zuk diozun bezain gaizto dan ezkero.

MEDEIE'K: Erregeen ezkontzaide bilakatu nairik dabil maite-minez.

AIGEU'K: Nork ematen dio ordea? Buka ezaidazu izketa ori.

MEDEIE'K: Korinto lurralde ontako nagusi dan Kereon'ek.

AIGEU'K: Ori dala-ta zerau minduta egotea barkagarri da, emakume.

MEDEIE'K: Nereak egin du; orrezaz gainera lurralde ontatik alde iaurti bainau.

AIGEU'K: Nork? esan ere, beste gaitz berri bat esaten didazu.

MEDEIE'K: Kereon'ek erbestetu nau Korinto'ko lurretatik alde.

AIGEU'K: Eta utzi egiten al du Iason'ek? Ori ere ezin onartu dut.

MEDEIE'K: ltzez noski ez, baina etsi nai du ark. (Aigeu'ren aurrean auzpez.) Ots, otoizka arrenez zuregana ioten dut eta zure bizarragatik eta zure belaunburuengatik nagokizu: erruki, erruki nazazu nerau zoritxarreko au! Ta enazazu bertan bera iaurtita bakarrik utz; atots nazazu ordea zure lurraldean eta zure etxean, arrotz bezala. Onela gerta ba'lekizu iainkoengandik aur-gura ori emankor! eta zerau zorioneko il ba'zintez! Eztakizu nolakoa dan arkitu duzun arkimena: geldiaraziko baitzaitut zeran aur bage izatetik, eta seme-alaben ondorengoa ekarten ezarriko zaitut; alako irazkiak ezagunak baititut.

AIGEU'K: (Medeie zutik ezarrita gero.) Esker ori emateko gerturik nago, emakume, ta gauza askogatik egon ere: lehenik iainkoen ederragatik, gero, agin dezaidakezun seme-alaben ondorengoaren aldera, naizen au osorik ortara bainoa. Ona emen ordea nere abalera: nere lurraldera zerau etor ba'zintez, arrotz bezala zerau artzen egingo ditut aleginak, zuzen eta bide izaki. Alde-aurre ordea auxe adierazi bear dizut, emakume: etzaitzaket zeran lurralde ontatik alde eraman, orrelakorík ezin nai dezaket; zerau ordea nere etxera zeure kabuz etor ba'zintez, inork unki gabe zeundeke egon ere ta etzintzaket inoren eskuetan utz. Lurralde ontatik ordea zure oina zerorrek atera bear duzu, emengo arrotzekiko ere errubageko nai baitut.

MEDEIE'K: Orrelaxe date. Baina orren sinisgarririk izan al ba'neza, zuketz edozertan ederki egon ninteke.

AIGEU'K: Ez al zaude etsita? edota, zer egiten zaizu gogor?

MEDEIE'K: Bai etsi dut. Baina Pelia'ren eta Kereon'en etxeak ditut etsai. Zin egotziz zure burua uztartu ezkero, berriz, eninduzuke erbesteratuko, oiek ortara ba'daitez ere. Itz soilez agindu ta, ala Iainkoka zinik egiteke egon ba'zintez ordea, aien adiskide gerta zintezke ta laster geznarien bitartez aien esanetara etorri al zintezke. Nereak oro aulak baitira, aiek berriz oparotasuna ta errege-iauregia dituzte izan ere.

AIGEU'K: Zuhurtzia andiz egin duzu itz, emakume. Alabaina, horrela eztizut ori egiteirik uko egingo. Neretzat eskierrenik baituzu nolabaiteko aiko-maikoa daukala nere burua agertzea zure etsaiei, ta zurekikoa are sendoago lotuko da. Adierazi ezaizkidazu zeatz-meatz iainkoak.

MEDEIE'K: Egotz ezazu zin Lurraren azalagatik, eta nere aitaren aita dan Eguzki-arren, eta iainko-leinu osoagatik erabat artuta.

AIGEU'K: Zer egin dezadan, naiz zer egin eztezadan? esan ezazu.

MEDIE'K: Enauzula egundo zerorrek zure lurraldetik iaurtiko, ezta eninduzukela, zuk naita, bizirik ioaten utziko, baldin nere etsai arteko inork eraman nai ba'nindeza ere.

AIGEU'K: Zin egozten dut Lurragatik eta Eguzkiaren argi dirdaitsuagatik eta iainko guziegatik entzuten dizkidazunak oro beteko ditudala.

MEDEIE'K: Aski da. Baina baldin zin ori bete ezpazeneza, zertzu iasan zenitzake?

AIGEU'K: Gizakume dongeei gertatzen zaizkienak.

MEDElE'K: Zoaz pozik, dana ederki baitago. Dauzkadan egitekoak eginda ta nai ditudanak iritxita gero, zure urira albait lasterren elduko bainaiz.

ABESLARI-TALDE-BURUAK: (Aigeu'ri, lagunekin batera alde egin dezan artean.) Ots! Baletsa Maia'ren errege otsemaileari zure etxera urbil zaitezken eta leiaz zarabilen asmoa burutu al ba'zeneza, Aigeu, gizon zindotzat baitzaitut neuk!

MEDEIE'K: Oi Tzeu! ta Tzeuren Zuzenbidea ta Eguzkiaren Argia! Oraingoan bai, ene laztanok, nire etsaien garaile ospatsu gertatuko gera ta bagoaz bideak barna; badut oraingotan nire etsaiek zuzen eta bidez larrutik ordainduko duten ustea. Giron ori agertu izan baitzaigu geien nozitzen genduenean bertan gure asmoekiko kai: bertatik lotuko baitugu popareango loroa, urira ta Pala'ren ergoienera elduki. Orain berriz nire asmoak oro esango dizkizut: onar itzazu, pozetarako itzak ez izan-arren.

        Nere morroidatik bat Iason'i bialduta, nire ikusbegira etor dedin eskatuko diot. Hura etorri-ala, itz legunak esango dizkiot, aren asmoak nere dirala, gu saldurik egin dituen errege-ezteiak ederki eginak dituela, ta artutako erabakiak onuragarriak eta ongi artuak dirala, alegia.

        Nere aurrak emen geldi ditezen eskatuko diot, ordea, etsaien lurraldean utz ditzadan ez (ezta nere aurrak irainez erabil ditzaten ere), amarruz erregeren alaba il dezakedanbaizik. Beurok bidaliko baititut eskuetan esku-erakutsiak eukirik, emazte berriari eraman dezaizkioten eta lur ontatik iges egiterik izan eztezaten: soineko polit bat eta urrez landutako koroia, alegia. Edergailua artu ta soinean iantz dezaneko, galgarri ilko dira emazte gaztea ta hura uki lezaken edonor, esku-erakutsiok: alako edenez gantzutuko baititut. Emen ordea itza bestera egingo dut, eta berealakoan egiteko dugun arloa dala-ta deitorez negar egingo dut: nere aurrak il egingo baititut. Ezta inor atzera eragin nazakeanik. Ta Iason'en etxe osoari lur-io eragin ondoren, banoake lurralde entatik semetxo laztanen sarraskiari ta egin dudan ez-egitekorik dongeenari iges eginik. Ezpaita etsaien parregarri izaterik iasangarri, ene laztanok!

        Goazen! bizi izanda, zer on lukete? Eztut aberririk, eztut etxerik, ezta gaitzekiko etxalegorrik ere. Gurasoen exea bertan bera utzi nuenean, makur egin nuen, Iainkoa lagun, zuzen eta bide larrutik ordaindu bear izango duen elendar gizon baten esanetara etorrita. Ezpaititu niregandiko aurrok aurrerantzean egundo bizirik ikusiko, ezta emazte uztartu-berriaren aurrik ere eztu sortuko, nere edenez eraginda erio gaiztoz il bearra duen ezkero. Inork enazala nagitzat eta aultzat ebatz, ezta baketsu bezala ere, bestetara baizik, etsaientzako gaitzesgarri ta adiskideentzako on, alegia. Alakoena baita bizitzarte ospatsuena.

ABESLARI-TALDEKO-BURUAK: Asmo ori iakinerazi diguzun ezkero. zeran lagundu nairik eta gizarteko bezala onarturik, oiek egiterik gebendu egiten dizut.

MEDEIE'K: Ezin da besterik. Zuk ori esatea, ordea, barkagarri zaizu, ezpaituzu nik bezala gaitzik nozitzen.

ABESLARI-TALDEKO-BURUAK: Baina zure sabelak sortua ilteko biotzik izango al duzu, emakume?

MEDEIE'K: Senar batek albait geien orrelaxe ar bailezake min.

ABESLARI-TALDEKO-BURUAK: Zu berebat emakumerik negargarrien gerta zintezke.

MEDEIE'K: Goazen! aukeran ditukezun itzak oro alperrik dira. (Ateondoan zutik dagoen Inudeari.) Ots! zoaz eta erakar ezazu Iason; zerau bapezteko egikizunetarako erabilten baitzaitugu. Etzazu nik erabakitako ezer esan, baldin etxeko-andrearentzat gogo oneko ta sortzez emakume ba'zintez beintzat. (Badoa Inudea.)

ABESLARI-TALDEAK: Erekteutarrok! aspaldidanik zorioneko, ta iainko doatsuen seme, ta bipildu bageko lurralde gureneko iakintzarik ospatsuenean larratzen zeratenok! beti ozkarbirik dirdaitsuenean barrena emeki ibilki, an bertan bederatzi Pieri'tar Muse garbi Armoni oraileak sortu zituela esaten baita.

        Kefiso ur ederren iarioak atera omen zituen Kipris'ek, aipatzen danez, oien lurraldera aize arinen ats-onak neurriz bidali litzan: ta beti adats luzeen gainean usain oneko arrosa-koroia loretan daukalarik, lakintzaren ondoan iartera Maitasuna igorten duela, edotariko onbidearen lankide.

        Ibai gurenen erriak, naiz adiskideen atosle dan lurraldeak nola artuko zaitu besteen lagun zeran aur-eraile donge ori? Ar ezazu gogoan semeen aurkako ukaldia, ikus ezazu zure buruaren gain ekar dezakezun sarraskia! Ez! geranok osorik zure belaun-buruengatik semeok il eztitzazun eskez gauzkazu.

        Nondik dezakezu eskuetara, naiz gogoaren, naiz besoaren adorea, ikaragarrizko erabaki ori zuregandiko semeen biotzera zuzen dezazun? Semeengana begiak zorroztuta nola artuko duzu negarrik egiteke erailearen zoritxara zure gain? Biotz urratuz zure eskua odoletan ezin busti dezakezu, belaunikatutako aurrak eske dirala.

 

Badator Iason, Inudea lagun duela.

 

IASON'EK: Banator zeuk dei eginda. Naiz-ta zerau mindurik egon, etzenezake niketz bederen utsik izan: baina nigandik zer berri nai dezakezun buru-belarri entzungo dut.

MEDEIE'K: Iason, nik esandakoekiko barkabera izan zaitezen eskatzen dizut; ainbeste txera laztan zuk eta biok elkarri eginda gero, aserretu egin nintzala gauzak dakarrena da. Nerau ordea nere buruarekin etiketan asi nintzan eta nere burua onetara beztu nuen: «Galgarri naizen au! Zergatik nabil zororik eta aserre ongi artutako erabakiei buruz? Zergatik iarten naiz lurralde ontako erregeen aurkako etsai? Zergatik neure aurrei anaiak sorterazi nairik errege-ezteietan ezkonduta gure alderako oberena egiten duenaren aurka egon? Ez al dut aldatuko nere gogoa? Iainkoek ongi emanda gero, zer dut biotzondo au? Aurrak ez al ditut nere? Ez al dakit erbhesteratuak eta adiskide bageko geranik ?» Orrelakoak buruan erabilki, sumatu dut txolin aundia naizena ta alperrik nenbilena aserreturik. Orain goretsi egiten zaitut beraz, eta ezkontza ori gureganatuz zuhurki egin duzula uste dut; neronek berriz, zentzunbage onek zure erabakien gogaide izan eta oiek burutzen zure lankide izan bear nuen, oera urreratu ta zure emazte gaztea arduratsu aintzat artu. Baina, izan ere, geran bezalakoak gera —eztut okerrik esango—emakume, alegia. Zuk ordea etzenduen zure burua makur oien iduriko egin bearrik, ezta aurkerien ordain aurkeriak egiten mukertu ere. Onezkoak egin eta orduan burua galduta ibili ginala aitortzen dugu; orain berriz ori baino oberik erabakita daukat, euki ere. (Etxera begira ta deika.) Aurrok, aurrok! Zatozte! Utz ezazute etxea! Atera zaitezte! (Badatoz aurrak, Aurtzaina dutela lagun.) Laztan ezazute aita ta gurekin batera mintza zakizkiote. Ta orobat amarekin batera utz ezazute adiskideenganako lengo gorrotoa. Onezkoak eginda egiuneak egin baititugu ta aserrea bazterreratu baitugu. Ar ezaiozute eskubiko eskua. (Aitari semeek eskuak luza dezaizkioten artean.) Ene! nola ematen didan buruak gaitz ezkutuen oroitzapena! Ene aurrok! Luzaroan bizi izanda onelaxe zabalduko ote dituzute zuen beso laztanok? (Negarrez.) Ene gaixoa! zein negarti ta beldurti naizen! Aitarekiko aserrea ken dezadan artean begi samurrak negar malkoz beterik ditut izan ere.

ABESLARI-TALDE-BURUAK: Neri ere begietatik-bera negar ixuri-berria darit; eta ez al da oraingo makurra baino geiago luzatuko.

IASON'EK: Itz oiek, bai, onartu egiten ditut, emakume, ta eztitut beste aiek gaitzesten, Gauzak dakarrena baita senarraren aurka aserrez emakumezkoak sumintzea, bestela-baitakoan sartuta ezkon ba'badi. Alabaina, zure biotza onera aldatu egin duzu, garaitu zaituen erabakia onartuz, aldi luzea ioanda gero ba'da ere. Orixe duzu emakume zuhurraren egingoa. Zuek, berriz, aurrok, aitak zahartu bage, osasun eta ogasun bide ederrean iarri zaituztet, Iainkoa lagun: uste baitut zuek oraindik Korinto lurralde ontako lenengoak zeratena zuen anaiekin batera. Eup! egin zaitezte aundi! gainerakoa aitak eta on daten Iainkoen edonork egingo baitute. Ikusiko al zaituztet gizen eta seridorik, garerdi beteraino elduta, nere etsaiak baino, azkarrago! (Negarrez ari dan Medeie'ri.) Zergatik buztitzen dituzu negar-malko ixuri-berriz betseinak, matrail zuria bestekaldera itzuliz? Ta zergatik eztituzu nere itzak pozarren artzen?

MEDEIE'K: Ezergatik ere ez. Aurrok nituen gogoan.

IASON'EK: Ezazu biotz on onezkero: onik iarriko baititut.

MEDEIE'K: Orrelaxe egingo dut; enakieke zure itzei sinisgogor gerta. Emakumezkoa ordea berez emea ta negarbera da.

IASON'EK: Semeok dirala-ta zergatik orrenbeste intziri?

MEDEIE'K: Oiezaz erdi egin bainintzan. Aurrak bizi zitezela irrikatzen zenduenean ordea, ea ori gertatuko danentz erruki izan dut. Alabaina aiputan artu dituzun nere itzen aldera, batzu esanak izan dira noski, beste batzu berriz oroiteraziko dizkizut neronek. Erregeei nerau lurralde ontatik bidal nazaten opa egiten zaien ezkero —ta orixe dut oberen, ederki dakit ori, emen bizi izanda, zuri ta erregeei oztopo gerta enatzaien, uste baitute etxearentzat gogo gaiztoko naizena—. Gu geu noski bagoaz lurralde ontatik erbestera. Aurrak ordea zure eskuz inutu ditzakezun, eska ezaiozu Kereon'i lurralde ontatik erbestera atera eztitezela.

IASON'EK: Eztakit nire esanetara ekar nezakenik: alare, orri ekin bear.

MEDEIE'K: Alabaina, agin dezakezu zure andrea aitari eska dezaion aurrak erbestetuak eztitezen.

IASON'EK: Bai orixe, ta bera nere esanetara ekarriko dudalakoa uste dut neronek.

MEDEIE'K: Baldin beste emakumeak bezalakoa ba'dadi, bai beintzat. Lanbide ortan lagunduko zaitut neronek ere: igorriko baitizkiot berari oraingo gizakume artean ederren irizten diran sariak —badakit nik askozaz ere ederrrenak dirana—: alegia, txirikon arin bat: eta urrez landutako koroi bat aurrek eramanki. Ots, edergailua albait arinen ekarri bear du ona neskameetako batek. Zorion bat bakarra ez, baina zireun zorion aldi izango ditu ark berak, zerorren, senarrik oberenaren emazte izaki ta beinola Eguzkiak, nere aitaren aitak, ondorengoentzat emandako edergailuaren iabe dalarik. (Neskame batek txirikona ta koroia badakartzi, ta Medeie'k aurren eskuetan ezarten ditu.) Eskuetara itzazute ezkon-sari oiek, aurrok, eta eramanki, eman ezaizkiozute andregoi zoriontsuari, ezpaitu esku-erakutsi kalderrik artuko.

IASON'EK: Ergel ori! Zergatik zure eskuak oiezaz, bagetu? Uste al duzu errege-iauregi bat txirikonetan eta urretan urri dana? Ori uste al duzu? Gorde itzazu, etzitzazu eman. Andreak ezer aintzakotzat balin ba'gaitza, ogasunok baino areagotzat izango baikaitu; ori badakit nik argi ta garbi.

MEDEIE'K: Eztut buruan orrelakorik. Esana da iainkoak berak ere opariz zuritzen dirana: urre gorria berriz gizakume artean zireun itz baino altsuagoa da. Arena berarena da alabearra, oraingotan hura iainkoren batek azkartu egiten du: gazterik da nagusi. Ta nere aurrak erbestera iges egin bearretik itzur litezken urrea bakarrik ez, baina bizia ere emango nuke.

        Ots! ene aurrok! Zoazte etxe aberatsean barna ta eska ezaiozute arren bai arren aitaren andre berriari, nere etxeko-andreari alegia, otoitz egiozute edergailua emanda, lurralde ontatik erbestera iges iaurti etzaitzaten. Auxe baita bearrezkoenik, opariok ark bere eskura arditzala.

        Zoazte ainbat lasterren, eta dana ederki burututa, amari gerta lekion irrikatzen duenaren berri on emaile ba'zenkizkiote.

 

Badoaz aurrak, Iason eta Aurtzaina lagun dituztela.

 

ABESLARI-TALDEAK: Eztaukat oraingotan aurren biziaz itxaropenik, eztaukat onezkero : bai-baitoaz lerro-lerro eriotzera dagoneko. Artu ere emazte-berri errukarriak urrezko lotura galgarria artuko du: adats orailaren inguruan berberak bere eskuz Ade'ko edergailua ezarri egingo du.

        Iainkotiar ederrak eta dirdaiak erakarri egingo dute, txirikona ta urrez landutako koroia iantzi ditzan; bera ordea beitikoentzat apainduko da, ezkonberria iduri. Orrelako sareetan eta eriotzaren alabearrean eroriko baita: eztu ausiabar ori txuliatuko.

        Ta zuk, zoritxarreko orrek, senar galgarri orrek, erregeen ezkontzaide orrek, iakiteke, aurren biziari ausiabartza ta zure emazteari eriotza lazgarria erakarten dizkiezu, erakarri ere. Zoritxarreko ori! dagokizunetik nola zabiltzan bidea galduta.

        Negar egiten dut zure mina dala-ta aurren ama zoritxarreko ori! Ezkontza-oegatik zure aurrak il egingo baitituzu zuk, beste emazte batekin bizi al izateko utzi zaitu ta legerik bage senarrak.

 

Badator Aurtzaina, aurrak dituela ladun.

 

AURTZAINAK: Etxeko-andrea, erbesteratzetik iareginak izan dira aurrok, eta eskuetan esku-erakutsiak gogatsu arto ditu erregina gazteak, Bertan egin ditu onezkoak aurrokin. Ots! zergatik zaude asaldaturik, zorioneko egon zaitezkenean? (Zergatik zure masaila bestekalderatu ta gogoaz bestera iaso nere itzak?)

MEDEIE'K: Ene! Ene!

AURTZAINAK: Ekarritako berriokin eztira oiek elkar aditzen.

MEDEIE'K: Ene! ene! berriz ere.

AURTZAINAK: Neuk iakiteke berri txarren bat ekarri ote dizut? Edota berri ona zalako ustea ustel atera al da?

MEDEIE'K: Iragarria iragarri, etzaitut zu gaitzesten.

AURTZAINAK: Zergatik zaude ordea betilun eta negar-malko-iario?

MEDEIE'K: Noraezeko bearrez, agure: guzi au iainkoek eta neronek oker asmatuz antolatu baitugu.

AURTZAINAK: Biotz on! Erbestetik atzera ni ere oraindik aurron bidez deituko zaitue.

MEDEIE'K: Lenago beste batzu goiberatuko ditut neronek gaizo onek

AURTZAINAK: Izan ere ezpaitzera aurren uztarritik kendu zaituen bakarra: zoritxarrak arin eraman bear ditu ilkor danak.

MEDEIE'K: Orixe egingo dut. Zoaz baina etxean barna ta atondu ezaiezu aurrei egunean-egunean bear dutena. (Badoa Aurtzaina)

        Oi aurrok! Zuek bai badituzute uri bat eta etxe bat eta an bertan bizi izango zerate beti, nerau zoritxarreko au utzirik, zuen amaz bagetuta. Nerau berriz banoake beste lurraldeetara erbestetuta, zuengan izan nezaken eta zuek zorioneko ikus zintzazkedan baino len: ots, zuen ezkontza antolatu, ezkontza-oeak apaindu ta zuziak eraman baino len. Oi! nere ustearen ustela! Alperrik inutu zinduedan zuek, aurrok! Alperrik nekatu nintzan eta oinazetan aunatu, aur-erdiminetan latzak eta garratzak eramanki! Bai orixe, gaixo onek beinola baneuzkan amaikatxo itxaropen zuengan, zartzaroan nerau zaituko ninduzutelakoan, eta nerau ilda gero, zuen eskuz onik eortziko ninduzutelakoan, gizakumeen opagarria! Orain berriz nere gogo eztiarenak egin du. Zuengandik berezita, bizitzarte minkaitz eta neketsua eraman bear izango bitut. Zuek berriz eztizkiozute aurrerantzean amari begi laztanok zorroztuko, lekutako beste biziera batera ioanik! Ene! ondikotz! Zergatik begiratzen nauzute begiz-begi, aurrok? Zergatik egiten didazute irriparre, azkeneko irriparrea egin ere? Ene! ene! zer egingo al dut? Poto egin baitit biotzak, emakumeok, aurron begi argia ikusi ala. Ezin nezake inola ere; ioan zaitezte artaburuak iorratzera lengo nere asmo oiek! Lurralde ontatik alde eramango ditut nere aurrok! Oien aita gaitzetan murgildu bearrez, zergatik ito bear dut nere burua bi bider aundiago diran gaitzetan? Neronek ez beintzat. Agur asmo oiek!

        Zer biotzondo dut gero? Nere etsaiak zeatu bage alde bat utzirik, oien parregarri ibili nai al dut? Zirt edo zart zertu bear dut. Baina, nere gogoa itz legunetara aurreratzen uztearen nere gaiztakerial Zoazte etxera, aurrok! (Badoaz aurrak.) Nere oparien aurrean egoterik zilegi eztakiokena bera orren arduratsu iarriko da. Ezta nere eskua aulduko ordea.

        Ene! etzazu, ene biotz orrek, olakorik egin. Utz itzazu oiek, ezazu aurron erruki, gaixo orrek! Naiz-ta gurekin ez bizi izan, pozgarri izango zaizkizu.

        Ez, Ade'n dauden beitiko apentzailearren! Ezta egundo ere etsaien gain neronek nere aurrak uzterik gertatuko, irainez leher egin elezaten. (Erabat il bearra dute, ta ori bear duten ezkero, il, bizitara ekarri genituen gerok egingo ditugu) Erabat egina dago ta eztagoke orri itzur dakiokeanik, Buru gainean koroia ta soinean txirikona dituelarik ilten dago erregina ezkon-berria: ori argi ta garbi dakit nik. Alabaina zoritxar gorrienaren bideak barna bainoa, ta oraindik zoritxar gorriagorik aiengana bidaliko dudan ezkero, aurrei itz egin nai diet. (Etxe barrera doalakoa egiten du ta an berton agertzen dira aren aurrak.) Indazute, semeok, indazute eskubiko eskua, amak laztan zaitzaten. (Semeak besarkatuz eta laztanduz.) Oi eskurik laztanen ori, laztanen zaizkidan nere semeen ao, iduri, ta arpegi zindo oiek! izan zaitezte bi-biok zorioneko, an bean, ordea. Emengoak oro aitak kendu baitizkizute. Oi besarkadaren eztia! oi larrumintzaren guria ta nere semeon arnasarik atseginena! Zoazte, zoazte! (Beragandik urrunerazi egiten ditu ta etxe barnean sar ditezen keinu egiten die.) Enaiz onezkero aur oiei begiak zorrozteko gauza, gaitzok menperatu egin bainaute. Badakit ez-egitekoak egiteko naizena; baina irritsa nere burubideak baino altsuagoa da, izan, eta ori dugu gizakume arteko gaitzen errudunik nagusiena.

ABESLARI-TALDEAK: Dagoneko maiz baino maizago izketa-gai giartsuagoetara io izan dut neronek, eta emakumezko leinuak aztertu bear lituzkean auziak baino andiagoetara eldu izan naiz, bai-baitaukagu guk ere geure Musa, gurekin iakite artu-emanetan ibilten dana: guziekin ez, noski. Emakume gutxi izaten da (askoren artean bat idoro zenezake nonbait) Musarekiko arrotz.

        Arrezkero auxe diot: zorion-bidean ilen-umeen arteko gurasoak baino gorago dirala aurrik sortu eztutenak eta orren ez-iakinean daudenak. Aurrik bage diranek aurrak izatea ilen-umeentzat ezti ala ilun datenik iakiteke eta aurrak izateke neke askorik baztertzen dute.

        Etxeetan aur-mordo gozoa dutenak, berriz, bizitzarte osoan kezkaz unatuak ikusten ditut, ikusi ere. Lehenik noski nola aziko ederki ta nondik utziko semeei bizibiderakoa: gero, orrenbestez gaiztoentzat, ala onentzat nekatzen diranik ezta ezagun.

        Bada oraindik beste makur gorriagorik ilen-ume guzientzat, eta onatx, zearo esango dut. Demagun bizibide oparoa idoro dutela, aurren soinak gaztarora eldu dirala ta izan ere zindoak dirala: ezbearrik onela gerta ba'ledi, badoa Ade'runtz Erio, semeen soinak eramanki. Aurrak dirala-ta zer on izango da, beste atsekabeei atsekabe minago ori ere ilen umeei iainkoek egozten dietelarik?

MEDEIE'K: Laztanok! aspaldidanik ango gertariari itxoiten nagokio, an gertatuko danaren lorratzean buruz-belarri egon ere. Ain zuzen, badakust Iason'en albesteko lagun bat etorri datorrena. Gaitz berriren bat gaztigatzeko bailitzan, lasterkari baten arras estua erakusten du.

 

Itoka sartzen da Iason'en morroi bat.

 

GEZNARIAK: Ez-egitekorik larriena bidebage egin duzun Medeie, egin ezazu iges, egin ezazu iges, itsas-ontzia, ezta legorreko gurdia ere utzi bage.

MEDEIE'K: Zer gertatzen da iges dagidan?

GEZNARIAK: Oraintxe bertan il dira etxeko-andre gaztea ta Kereon, aren aita, zure edenek eraginda.

MEDEIE'K: Esan ere, ipuinik ederrena esan didazu: aurrerantzean nere ongile laxtanen artekotzat izango zaitut.

GEZNARIAK: Zer diozu? Burutik zuzen al zabiltza? Ala ez al zaude burutik eginda, andrea? Erregeen etxeari lur-io eraginda, beldurrak egon bearrean, pozetan al zaude?

MEDEIE'K: Badut nik ere zure itzen aurka esanenik. Baina etzaitez larritu, adiskide: itz egin ezazu ordea. Nola il dira? Bi bider atsegin aundiagoa baikendukean galgarriro il izan ba'lira.

GEZNARIAK: Bi-biak belauneko dituzun zure semeak aitarekin etorri ta ezkon-iauregian barna sartu ziran ezkero, zure gaitzetan lorra geneukan morroiak pozez gainezka geunden; berealakoan surmurra belarriak zear bala-bala baitzebilen, zerorrek eta zure senarrak lengo ezin burutua antolatu zendutela alegia, adiskidezkoak eginda. Batek eskua ta besteak aurren buru oraila mun egiten zuen; eta nerau ere andi-andirik pozarren zure semeen atzetik emakumezkoen gelara ioan nintzan. Zure ordez orain andiesten dugun etxeko-andreak, berriz, zure seme bikotea ikusi baino len, Iason'i begi sutsuak zorrozten zizkion; gero ordea, begiak estali ta matrail azalurdina saiestu egin zuen, aurren sarrerak sarrakioa sartuta. Zure senarrak berriz andre gaztearen aldarte gaiztoa ta aserre mina ibitu nairik auxe esan zion: «Ez al diezu nere adiskideK gorrotorik izango! ibi ezazu zure aserre mina ta, itzul ezazu atzera burua. Senarrak adiskidetzat ar ditzanak beitez zure adiskide: onar itzazu esku-erakutsiok, eta eska ezaiozu aitari arren-bai-arren nereganako esker onez, aurroi erbestera ioan bearra barka dezaiela.»

        Ark berriz edergailua, ikusi zueneko, geldi egon ezinik, gizonari ederretsi zion. Aita ta zure semeak urruti bage zeudelarik, ark txirikon ximena arturik iantzi egin zuen; eta urrezko koroia buruko txerloetan ezarririk, adatsa ispilu argitara txukuntzen ari zan, bere buruaren gogo bageko irudiari irribarrez. Gero iauralkitik iaikita, oin zuri-zuriz dirdaitsu ibiliz gelak zear igaro zan, esku-erakutsiekin lorioraturik, maiz bano maizago orpoei zuzen bere begiak zorrozturik. Berealakoan eta bat-batean ordea, ikuskizun lazgarria agertu zitzaigun: larru-mintza bestelakoturik, aldaroka, atzeruntz egin zuen, zankoak dardaraz, eta lurrera eror eledin, alkira doi-doi eldu al izan zan. Neskame zahar urliak Pan'aren edo iainkoren baten zoraldiak io zuela uste izanik nonbait, deadar garraxi egin zuen, aotik zear apar zuria zeriola, begietan begi-niniak iraulka, ta aren larru azala margul, odolik bage ikusi zuen arte; gero, atsekabe-oiuaren ordez, iletan dagoenaren negar garraxi andi bat gertatu zan. Berealakoan aitaren etxeruntz io zuen neskame batek, senar berriarengana beste batek, emazte gaztearen zoritxarra adieraz lezaien: etxe osoa lasterketa biziek ozen ioten zuten.

        Lasterkari arin batek zankoak goratuz, atxintxinketa-tokian sei pletru egin eta iomuga uki lezaneko epean, ixilaldia eten eta begi itxiak irikita, zinkurin lazgarria eginik, esnatu egin zan gaixoa. Min bikoitzak io baitzuen guidari-taldeak bezala: buruaren inguruan zeukan urrezko txirikordari su ireslearen ugolde arrigarria baitzerion eta txirikon arinak —zure semeen esku-erakutsiak alegia— gaixoaren aragi zuria irentsi egiten zuen. Sutan dagoela, iauralkitik iaiki ta igesari eman zion, alde batera ta bestera bere burua ta adatsa astinduz, koroia iaurti-nairik: sendorik zeukan lotuta urrea ordea, ta adatsa astinduago ta sua bi bider dirdaitsuago ageri zan. Lurrean zerraldo erori zan azkenik, zoritxarrak menperatuta, aitarentzako ez, beste guziontzako erabat ezagutu ezina: ezpaitziran aren begien itxura ezta arpegiaren ederra ere agerian; buru gainetik behera zara-zara zerion odola, sugarrez nasturik; eta ezurretatik aragi zatiak ialkiten zitzaizkion lerrondo-negarrak bezalatsu, zitalaren matrailezur ikusi ezinez. Ikuskizun lazgarria! guziok ilotza ikutu beldurrez geuntzan, aren zoritxarra irakasle baikenduen.

        Zoritxarreko nitak berriz, gertatua iakiteke, sostean etxeratu ta ilotzaren gain egotzi zuen bere burua. Berealakoan negarrez garraxi egin zuen eta ilotza besarkatuz, musuka erabili zuen, auxe esaten zuelarik: «Aur gaixo ori! Onen itsuski iainkoetariko nork ondatu zaitu? Nork iarri du agure au, zu bage, ilobiaren antzeko? Ondikotz! Il izan ba'nintz zurekin batera, ene alabatxo!» Negarrak eta iletak bukatu zitueneko, bere soin xaharra zutik eman nairik zala, ereinotz-adarrei untzostoa bezala, txirikon arinari itsatsita zegoen bera. Ango burruka lazgarria! batak belaunak zutik ipini nai baitzituen; besteak alderantziz lotuta zeukan, euki ere. Ezin bestez, aurreruntz egin al ba'leza, ordea, ezurretatik alde aragi zarrak urratu egin zekizkiokean. Ta azkenik uko eginda, bere arnasa eman zuen zoritxarrekoak, ezpaitzan gaitza baino garaileago izan. An bertan dauntza ilotzik alaba ta aita zarra, bata bestearen ondoan. Gertari negargarria benetan!

        (Medeie'ri.) Neri ordea urrun bekit zurekikoari buruz itz egitea, zigorraldiaren ordaina ezagutuko baituzu. Ilen umeak itzal ainako esten ditut, eta eztut ori oraingotan lenengoz esten. Beldurrik bage esan nezake gizakume artean iakintsu ta gogoetalari axolatsu diruditenak dirana zigorraldi andienaren zordun. Ilen ume arteko inor ezpaita zorioneko: zorionak gainez egin lezanean, bata bestea baino zoriontsuago gerta liteke, zorioneko ez, ordea.

ABESLARI-TALDE-BURUAK: Egungo egunez Iason'i gaitz asko egin diola Iainkoak dirudi egiazki. Gaixo ori, zure zoritxarraren zeinbesteko errukia dugun, Kereon'en alaba! ioan baitzoaz Ade'ko ateak barna Iason'ekin izan duzun ezkontza dala bide.

MEDEIE'K: Adiskideok, erabakirik dut nere egitekoa: len-bai-len nere aurrak il egingo ditut, lurralde ontatik urrun nadin, eta nere alferkeria dala-ta beste esku gorriagoek il litzaten zorian nere aurrak utz eztitzadan. II ditezen bearrezko da erabat: eta noraezeko dan ezkero, il ere geuk, sortu genitunok, ilko ditugu. Ots, iantzi iskiloak, biotz! Zer dala-ta luzatzen dugu makur lazgarri ta noraezekoak egitea? Eup! Ar ezazu ene esku gaxo onek ezpata, ar ezazu! zoaz biziaren iomuga negargarria barna! eta etzaitez beldurti izan, ezta etzaitez semeez oroi ere, laztanen dituzula-ta, sortu dituzula-ta. Aztu zaitez egun labur ontan zure semeezaz eta negar egin gero. Ain zuzen oiek il ba'zenitza, orobat laztan izango lirake, nerau ordea emakumerik zoritxarrekoen. (Badoa etxe barnera.)

ABESLARI-TALDEAK: Oi lur eta eguzkiaren argi izpi dirdiratsu orrek, ikus ezazute, so egizute emakume galgarri ori, esku odoltsua ta beretarren erailea aurren gain ezar lezan baino len. Zure urrezko endatik erne baitzan, beldur naiz iainkoren baten odola eror dedin, gizonek eraginda. Alabaina iainkotiar argi orrek eragotz itzazu, geldi eragin itzazu, egotz itzazu eraile doakabea ta apentzaileek sortutako Eriniak.

        Alperrik ioan ziran zure aur-minak; alperrik sortu zenduen leinu laztana, Sinpelegade'ko arkaitz ubel-urdinak atzean utzita abegi txarrenean sartu zinan orrek! Zoritxarreko ori, zer dala-ta artu zaitu sortean biotzeko aserre astunak? Zergatik dator ondotik barne gaiztoko eriotza? Etxeko loi iasan-gaitzek pinten baitituzte beretarren eraile diran ilen-umeei dagozkien minak, iainkoek etxeen gain egotzita.

AURREK: (Etxe-barnetik.) Ai! Ai!

ABESLARI-TALDE-BURUAK: Entzuten al duzu aurren garraxia? Ba al dantzuzu? Ondikotz! ene! emakumearen zoritxarra!

AUR BATEK: (Etxe barnetik.) Ene! zer egingo dut? nora iges egin amaren eskuetatik?

BESTE AURRAK: (Etxe barnetik.) Eztakit arean, anai laztanen ori! Galduak gera, izan.

 

Etxeko ate aurrean urduri ta keko-meko daude abeslari-taldeko emakumeak, aurren alde zer egin iakiteke

 

ABESLARI-TALDE-BURUAK: Etxean barnera al gintezke? Aurrei eriotza eragotz genezaiekela uste dut nik.

AUR BATEK: (Etxe barnetik.) Bai, Iainkoarren! zatozte lagun! garai egokia baita.

BESTE AURRAK: (Etxe barnetik.) Ezpatapean, sare artean bertan baikaituzute dagoneko.

ABESLARI-TALDE-BURUAK: Doakabe ori, bai zerala arkaitz edo burdina, sortu zenituen semeak esku galgarriz il ditzazun!

        Badut entzuna beinolakoen artean emakume batek bakarrik seme laztanen gain bere eskua ezarri zuena.

ABESLARI-TALDE-BURUAREN EZKERRALDEKOEK: Tzeu'ren emazteak an-emenka ibiltera iauregietatik egotzitako Ino'k, iainkoek erotuak, alegia.

ABESLARI-TALDE-BURUAK: Semeen eriotze dongea eginda gero bere burua itsasora egotzi baitzuen.

ABESLARI-TALDE-BURUAREN ESKUBIKOAK: ltsas-ezponda malkartsuen gaindik oina luzatu ta seme biak ilik ondatu zan.

ABESLARI-TALDE-BURUAK: Zer gerta zitekean lazgarriagorik? Oi emakumeen ezkon-oe nekatsua! ilen-umeei amaikatxo gaitz ekarten diezu!

 

Itoka sartzen da Iason.

 

IASON'EK: Etxe-urren zutik zaudeten emakumeok! ikaragarriok egin dituen Medeie oraindik etxe barnean al dago, ala igesari emanda urrundu egin al da? Lurpean ezkutatu, edo egadun soina arturik eguratsean barna iasoa bear izango du, errege-iauregiekiko zorra atera ezpadeza! Lurralde ontako erregeak ilda gero, etxeotatik iges egingo duela uste ote du berak? Baina eztaukat arekiko, aurren axola bezalakorik. Ez-egitekoak egin dizkienengandik beste ainbeste iasoko baitu ark. Nere semeen bizia iagotera etorri naiz ni ordea, amaren sarraski dongearen ordainez aien aide andiek ez-egitekoren bat egin elezaidaketean.

ABESLARI-TALDE-BURUAK: Gaixoa! Leporatu zaizkizun makurren berri iakin eztakizu, Iason! Ezpaitzenitukean bestela itz oiek ebakiko.

IASON'EK: Zer da, ba? Nolabait nerau ere il nai ote nau, ala?

ABESLARI-TALDE-BURUAK: Zure aurrak ilak ditu amak bere eskuz.

IASON'EK: Ene bada! zer diozu? Ene! il egin nauzu, emakume.

ABESLARI-TALDE-BURUAK: Eztuzu zure aur ziranen ardurarik izango onezkero.

IASON'EK: Non il ditu ain zuzen? Barruan, ala etxetik alde?

ABESLARI-TALDE-BURUAK: Ateok irikita zure semeon ilotzak ikusiko dituzu.

IASON'EK: (Etxeko otseinei oiuka.) Aska itzazute ateko ugalak, albait lasterren, morroiok! Aska itzazute giltzak, makur bikoitza, ots, ilak eta larrutik ordaindu eragingo diodan ori ikus ditzakedan.

 

Eztu inork iardesten eta ateruntz oldartzen da: atea bultzatu-nairik aleginka diardu. Etxearen gainetik erensuge egaduek dakarten gurdian Medeie ageri da, saiets aldean aur ilak dituela.

 

MEDEIE'K: Ateok zer dala-ta dardarazten dituzu? zergatik darabilzkizu esku-agaz gogor? Ilotzak eta zertu ditudan nerau idoro gaitzazun ote? Utz lan ori. Baldin nere bearrean ba'zaude, esan ezazu: ezer nai ordea, enauzu eskuz egundaino ukituko. Onelako gurdia eman baitigu Eguzkiak, aitaren aitak, alegia, etsaiaren eskuarekiko malda bezala.

IASON'EK: Gorrotagarri alen ori! Iainkoentzako, neretzako ta gizakume-leinu osoarentzako emakume biraogarrien ori! Zure semeei ezpata sartzeko barrua izan duzun ama! Ta nerau aurrik bage utzita, ondatu egin nauzu! Ta ori eginda gero, eguzkia ta lurra begiratu egiten dituzu egitekorik dongeena buruturik. Egingo al du zureak! Nerau berriz senera oraintxe etorri naiz, barbar baten etxetik eta erritik zu Elendarrenera ekarri zindudanean ezpainengoen senean. Gaizto alen ori! Aitaren saltzaile ta inutu zinduen lurraldearen etoi! Nere gain zerau apentzailetzat artu zaitue iainkoek, etxeko zure neba il baitzenduen Argu itxas-ontzi branka-ederrean sartu zinaneko. Asi ere ortik asi zinan. Neronen, gizon onen, emazte egokituta semeak ekarri zenizkidalarik, oiek ondatu egin dituzu zure oea ta ezkontza dirala-ta. Izan ere ezta Elendar emakume bat egundaino orrelakorik egiteko bekokirik izan lezakeanik, eta oiek baino lehen etsi zindudan, emazte zerau ar zintzadan, zerau ezkontide gorrotagarri ta galgarri neretzako, leoi-eme bat eta ez emakume bat, etortez Tirreni'ko Eskile baino basatiago zeran ori! Alabaina zireun irainek ere ezpaizintzakete ausiki, orren larru sendoa baitaukazu. Utikan! lotsa izatekoen egile ta semeen eraile nazkagarri ori! Neri berriz nere zoritxarraz negar egitea dagokit: eztit eztei berrien oeak onik ekarriko, ezta sorterazi ta inutu nituen aurrei ere eztiet bizirik diralarik itzik esan al izango, galduak baititut, izan.

MEDEIE'K: Zure itz oien aurka luzaro erantzungo nuke, baldin nigandik iasan dituzun eta zuk egin dizkidazunen berri Tzeu aitak ezpaleki. Nere oea itsusituta gero, nere lepotik parrez etzenduen bizitzarte atseginik igaro bearrik, ezta erreginak ere, ezta ezkonerazi zinduen Kereon'ek ere enindezakean kalterik izateke lurralde ontatik egotz. Onezkero dei nazazu leoi-eme ta Eskile, naiz Tirreni ordokiko bizi-lagun, nai balin ba'duzu. Zure biotza bear bezala io baitut.

IASON'EK: Zuk ere ordea min artu ta gaitzotan artukizuna baduzu, izan ere.

MEDEIEK: Iakin ezazu argi ta garbi. Min ori ordea, on zait, baldin zuk parrebiderik ukan ezpadezazu.

IASON'EK: Ene semeok, izan duzuten amaren gaiztoa!

MEDEIE'K: Ene aurrok, galdu zaituzten aitaren erokeria!

IASON'EK: Eztitu oraingoan nere eskubiak ondatu.

MEDEIE'K: Baina irritsak eta zure eztai berriok, bai ordea.

IASON'EK: Zure oea dala-ta oiek il litezen aintzat artu duzu.

MEDEIE'K: Emakume batentzat neke txikia dala al deritzazu?

IASON'EK: Zentzudunarentzako bai, Zu ordea erabat gaiztoa zera, izan.

MEDEIE'K: (Ilotzak erakutsiz.) Eztira onezkero bizitan oiek. Orrek egingo dizu ausiki.

IASON'EK: Izan badira oiek, zure buruarentzat apentzaile gordin.

MEDEIE'K: Nork asi zuen gaitza badakite iainkoek.

IASON'EK: Badakite noski txistuka gaitzesgarri dan zure gogoaren berri.

MEDEIE'K: Ezadazu gorroto: zure izketa minkaitza iguin iguin baitut nik.

IASON'EK: Nik ere bai zurea. Errez dugu ezkontza-austea ordea.

MEDEIE'K: Nola ordea? zer egingo al dut? Erabat nai baitut neronek ere.

IASON'EK: Uztazu neronek ilotzok eortz ditzadan eta negar egin dagidean.

MEDEIE'K: Inola ere ez. Oiek neronek nere eskuz eortziko ditudan ezkero, Era'ren iauretxera, muinoetako Iainkoarenera eramanki, ilobiak iraulita etsaien arteko inork itsus eztitzan. Sisifu'ren lurralde ontan, ordea, erio dongearen ordainez iai gurena, opariak eta abar antolatuko ditugu. Nerau berriz banoa Erekteu'ren lurraldera, Pandion'aren Aigeu'rekin bizi nadin. Ta zu, dagokizunez, gaizki ilko zera gaizto ori, zure burua Argu'ren ondakinek iota, zure ezkontza berrion azken beltza ikusita.

IASON'EK: Ots! Ondatuko al zaituzte aurren Erini'k eta Zuzenbide odoltsuak.

MEDEIE'K: Zein iainkok, edo zein iainko-txikik entzuten dizu zuri, zin-ausle ta arrotzen iruzurgile orri?

IASON'EK: Ene! ene! satsu ta aur-eraile ori!

MEDEIE'K: Zoaz etxera ta eortz ezazu emaztea.

IASON'EK: Banoa, bi semeak gabe ordea.

MEDEIE'K: Eztira ezer negarrok. Zaude zartzaroari begira.

IASON'EK: Oi seme laztan-laztanok!

MEDEIE'K: Amarentzako bai, zuretzako ez ordea.

IASON'EK: Onezkero il egin al dituzu?

MEDEIE'K: Zeu mineraztearren.

IASON'EK: Ene! Aurren ao maitea laztan dezadan gogoa dut errukiez errukarri onek.

MEDEIE'K: Orain bai mintzo zatzaizkie, orain bai txeraz agurtzen dituz; orduan ordea zapuztu egiten zenituen.

IASON'EK: Indazu iainkoarren, semeon azal leguna uki dagidan.

MEDFIE'K: Ezinezkoa da. Alperrik ialki zaizu itz ori.

 

Egadun guardia aienatu egiten da.

 

IASON'EK: Tzeu! Badantzuzu nola aizatzen gaituen eta nolakoak iasaten ditugun aur-eraile gorrotagarri ta leoi-eme orrengandik! Alabaina, al dudan bestean negar egin eta iainkoak artzen ditut lekuko: eta iainkoei auxe aitortzen diet: semeok ilerazita eskuz uki ditzadan eta ilotzak eortz ditzadan eragotzi egiten didazula alegia. Bein ere neronek sortu ezpanitu, zuk ilda ikus enitzan!

 

Astiro alde egiten du.

 

ABESLARI-TALDE-BURUAK: Askoren epaile da Olimpu'n Tzeu ta ustez ez usteko asko burutzen dute iainkoek. Dirudiena ezta gertatzen ta eztiruditenen bidea idoroten du iainkoak. Gertaera au orrelaxe gertatua da.

 

AZKENA

 

Medeie, Euripide
Egan, 4/6-1963