Medeie, Euripide
Egan, 4/6-1963

 

EURIPIDE'REN MEDEIE

 

Zaitegi eta Plazaola'tar Iokin'ek Ph. D. eladeratik euskeratua

 

 

        Aurkez ditzagun itz bitan egillea eta obra. Euripide, irugarrena jaiotzez Grezia'ko trajerigille andietan (480 urtean, K. a., jaio zan, bere erritarrek persiarrak Salamina'n apurtu zituzten urte berean eta bear bada, zenbaitek dionez, egun berean), etzan garai egokian agertu mundura eta batez ere teatro-plazara. Ilustrazio-aizeak zebiltzan nagusi orduko Grezia'n, gurean XVIII'garren mendean gertatuko zan bezalaxe, antziñako siñesteak, usteak eta oiturak arrazoiaren sugarretan deuseztatu bearrean. Trajeriak, berriz, gai jakiñak zituen, erlijio-kutsuzko elezaarretan sustraituak. Egoera larrian arkitzen zan, beraz, Euripide argi-semea, jakitez eta filosofiaz okitua, bere adimen zorrotzak eta zorroztuak arbuiatzen zituen ipuiez baliatu bear baitzuen na-i-ta-ez teatro-lanetarako.

        Burruka larri orretan etzuen bere adiñekoengan laguntzarik arkitu eta bai destaiñarik ugari, Espaiñia'n gero Ruiz de Alarcon'ek bezala: amaika barre egin zuen aren bizkar, esate baterako Aristofanes komerigille zaarzale bezain lotsagabeak. Geroak, ordea, eta ori zan gutxien uste zutena denbora bateko atenastarrek, maite eta miretsi izan ditu aren obrak eta aren ondotik ibilli da, aren atzean, Eskilo eta Sofokles'en ondotik baiño geiago: gogoz eta giroz erosoago, ideago, arkitzen zutelako noski eta antziñako Grezia'k zearo suntsitu baiño leen utzi zituen ondakin zaarkituetatik askatuago. Diodanaren lekuko ditugu Europa berrian, besterik ez aipatzeko, Racine eta Goethe.

        Ar dezagun Medeie au bera eta zer gelditzen zaigu apaingarri soil —antziñakoenganako zorra nolabait kitatzeko edo erantsiak— dituen sorginkeriak eta erensugeak kendu ezkero? Griña sutsuek burrundan darabilten biotzaren irudi nabarmena, ainbeste zor dion kuttunak baztertua izan dan emakuanearen sumin kixkalgarria. Giza-gogoaren pintura zorrotza eta ausarta, eta batez ere emakumezkoarena: orixe izan da, izan ere, ondorengo askok Euripide'gan billatu eta imitatu duena.

        Ezagun-ezaguna izaten zuten onelako trajerien gaia orduko atenastarrek eta etzegoen bada atze-aurre guztiak banan-banan azaldu bearrik. Guri beste ainbeste gertatzen etzaigun ezkero, gogoan eduki bedi ixtorio onen erroak urruti daudela, arako Iason'ek, osaba gaiztoaren aginduz eta Argonauta diralakoak lagun zituela, «urrezko zarpa»ren billa oraingo Georgia-aldera egin zuen bidaldi sonatuan, Zarpa ori eskura zezan, Medeie'k, amodioaren eragitez, iruzur egin zion aitari aurrenik eta etzuen gero anaia iltzeak ete puskatzeak beldurtu, grekoen igesa erraztu naiean. Eta etxera —Tesalia'ko Iolkos'era— biurturik ere, etzuen atertu Pelias, osaba gaizkillea, asma ditekean erarik makurrenean akaba-erazi arte. Andik aurrean bidali zituztenean, Korinto'ra jo zuten biok eta or arkitzen ditugu trajeria onen asieran.

 

Medeie, Euripide
Egan, 4/6-1963