Amurrainkariak, Beņat Dacosta PAUSARTEA Pausartetik landa, hiru emazteak jenden erdirat doatzi lasterka eta Roberto ekar-aratzen bere lekurat. Beren arropategirat ba doatzi eta beztitzen dira biziki fazoinekin, gau-arropa biziki eder bipiek xilatu batzuez, kazolak hein bat nahasten eta mainhoartegirat joaiten ixpilingaketa. «Itzalen baltsa» hasten delarik, beren pildez beztiturik trapu bat buruan, erhatz bat eskuan, hasten dira bazter guzien xahatzen. Margitak xehatzen du Roberto ere, Palmira aldiz doalarik biziki fazoinekin mainhoartegirat mainhu baten hartzerat. Rosie ahizpen kantua hasten da. Egun guzietako bizia da. HORTENZA: Beldurra bahien, segur dun. Ez zunan gaizki baizik bururatzen ahal. Lau lagun elgarrekin bizi, jende onestak barka, gaizki onhartzen dutenak barka. Eta ba, lau bizi ginen elgarrekin. MARGITA: Lau, nombre gaixtoa. HORTENZA: (Xahutzen ari da, Palmira mainhoarretik ateratzen delarik, Hortenza buruz joaiten zaio mehatxuka).Nundik atera hiz? PALMIRA: Mainhoartegitik. HORTENZA eta MARGITA: Ez zitela sekulan mainhoarrean ikuz, gero hura ikuztekotan baizik. MARGITA: Denak zikinak, nahasiak dira, oihurik baizik ez da hemen. HORTENZA eta MARGITA: Bakarrik niz, nehork ez nu maite. Emazte gaixo bat niz bere gain utzia. PALMIRA: (Arras usatua) Ez zira zure gain utzia, hor niz eta... HORTENZA eta MARGITA: (oraino gehiago oihuka) Ez dezaket gehiago. Ene bihotza badoa. Nihaur niz erhautzirik gaixo... PALMIRA: (Aintzinean bezala) Ez ez zira zuhaur; hor niz eta... (Bortizkiago mintzatuz). Nork haustuak ditu botoila hauek eta hautsia Beethoven-en dizka hau? HORTENZA eta MARGITA: (Irriz ari zaizkio). PALMIRA: Nork hustuak ditu botoila hauiek eta hautsia Beethoven-en dizka hau? MARGITA: Ez dugu sekulan bakerik. Bazter guzietarik oihuen barnean gira. Nik zainak eri ditut eta gehiago ez dezaket. Nun dira ene galtzerdiak? HORTENZA: Nik ditinat hire galtzerdiak. MARGITA: Hik ditun ene galtzerdiak eta zer gisaz? HORTENZA: Ba eta hi zer ari hiz hemen? MARGITA: Zer nahi dun, xoxokeria bat hasten delarik behar din bururatu. HORTENZA: Habil haratago, plazer badun. MARGITA: Haratago joanen nun, plazer bazut... Zer ari da? HORTENZA: Ikusten ahal dun. MARGITA: Ez, gaizki ikusten dinat. HORTENZA: So egizon hurrenagotik. Eskolatzen ari dun. Anglesa ikasia din, alemana badakin eta beljikanoaren ikasterat doan. MARGITA: Maite dinat erho batek bezala. Egiazki hortaz menstua nun. Zer othe da ixtant bat amodiorik gabe. Amodioa... HORTENZA: Amodioaz badun aski erranik. MARGITA: Amodioaz ariko nun plazer bazaut. Hik egin guzien ondotik. HORTENZA: Zer egin daunat? MARGITA: Ba ahal dakin! HORTENZA: Bainan ez hiz ohartzen. Galdua bien jendetasun azken mikoradina. Ene senharra ez zunan jelosten ahal baizik. Etxean, gertatzen zautalarik etxean izaitea, begitartea keinuez xehatua nindagonan, eskuak ezin atxiki. Maite ninan nik ere, konprenitzen duna? MARGITA: Ez zunan hori aski ene etxerat helarazteko eta denak aitortzeko. HORTENZA: Hura aldiz, osagarri onean zunan. Eta denbora lasterregi iragaiten. Ez da asterik jendearen bakotxari estekatzeko. Kadina hola lodikoa eta ez du deus balio. Beljikanoa ikasia zuen, alemana berriz ikusten zuen eta italianoari hasterat ari zen. Mein lieber wollen. Sic etwas karruskatu. PALMIRA: Milesker. Biziki müde da. HORTENZA: Müde da erran nahi baita oinhatua. MARGITA: Oh, gaixoa! HORTENZA: Bero da. Ontsa zirea? PALMIRA: Ba, biziki ontsa eta wie geht es ihnen. HORTENZA: Milesker, bego. Gero zer egingo du? PALMIRA: Ez da izanen gerorik. HORTENZA: Bainan ez duzue konprenitzen, deliberatzen bazinute gero poxi baten izaiterat, denak kanbia litazke. Kanbia gintazke gure izaitean, ibili orden herrestan. MARGITA: (Taulen gainean zabal zabala) Oh, hi hiretako mintzo hiz, ni segurrik ez nun bizian herrestan. HORTENZA: Margita maiteñoa, hi ago hire aldiaren aiduru, nahi duna? MARGITA: Arras ontsa. HORTENZA: Bazinute kalipu apur bat, atsegin apur bat ez dakit. Emaiten bazinatate alegera iazaiteko, irri egiteko gutizia. Ustekeria banu bestek bezalako bizi bat bizitzen dutala. MARGITA: Bainan bizi xinplea dugunaz geroz, behar ditugu hemendik harat izan plazer xinpleak. Erran behar dautzuet arratsaldeak luzeak zirela. Hortenza zer ariko gira? Urratska ari niz aldean beste eta ez dakit zer ariko giren? Sendi dut min eginen dugula... Bipiltzen ari gira emeki. Sekulan oren xuxenik. Arrats batzuz goizeko bederatzi orenetan etzaten gira, beste egun batzuz ez gira gau guzian oheratzen. Gure burueri kasu egiten dugu. (Palmira ari da gelditu gabe keinuka Roberto-ri, nahi du erenzanarazi....beste norapeit...). Norat ari zirezte zuek bigak? PALMIRA: (Harritua) Nihorat ere, eta zuek norat ari zirezte? MARGITA: Nihorat ere. HORTENZA: Lauak ari bagira nihorat ere, ez dut ikusten zertako griñatuko giren, helduko gira segur aski goiz. MARGITA: Aski goiz eta zendako nahi ginuke jakin. (Roberto-ri) Zuk ez zazula irririk egin. Gure aharren iturria zu zira. Ez zira ohartzen ere, zainen gainean bizi gira. HORTENZA: Ba zainen gainean bizi gira. Ez da hori egitatea. Badakizu zonbat zainak minbera dituztan. PALMIRA: Bainan ez dauzue deusik egin. HORTENZA: (Mokortzen da) Preseski hortako dugu erasiatzen. Behar dugu... MARGITA: (Oraino mokorrago) Orai aski. Ene Edixkidea, nahi dautazu, ezagutzen ez dutan ixtorio eder bat kundatu. HORTENZA: Denak ezagutzen ditun. PALMIRA: Uzten baduzue, irakurtzen ariko da. Baditu ixtorio frango irakurtzeko. (Beste biak urruntzen dira gogoaren kontra) HORTENZA: (Ahopetik) Kasu eman ixilka zer irakurtzen duen. Ez dinat nahi gu baino eskolatuagoa izan dadin. MARGITA: Hi habil so egiterat pusketarat. HORTENZA: Horrekin bakarrik utz hezatan! (Ixilik egoiten dira luzaz) PALMIRA: Ez zakozuela hola so egin. Herabetarazten duzue. (Xoxoak bezala irriz hasten dira). (Hurrentzen zaizkio. Liburuak gordetzen ditu beldurturik). PALMIRA: Osagarri ona du, badakizue. Ginharren eder-arazten ari da. Ginhar eder-arazten hasi delarik bizia kanbiatu zaio. Gizonek so egin dakote. MARGITA: Ez emeztek? Oh, behar ez direnak erraiten ditut. Ausarta niz eta zuretzat ez dut axolarik. PALMIRA: Erran behar denat: arruntzen ari dituk, biziki sofritzen duk horiekin. Arratsetan eta berdin egunaren barnean, ideiak kanbiatu behar dituzte. Xilo batzuek bezala edaten dute. HORTENZA: Whisky, izarra, udare jus, Mozart ixtant bat. MARGITA: Ez Mozart erakats, ba ahal dakin hazteria emaiten dautala. PALMIRA: Uzten dituk beren gisa, jasaiten ahal dituzkalakotz eta ere hori maite baituk. Nork ere ez baitu sekulan bekaturik egin bota daukola lehen harria. HORTENZA: (Harri bat botatzen dako) Horra bat. PALMIRA: Ene gaixo ttipia, harria botatu dauiete. Ba ahal duk lur huntan norbeit ez duenik deusetan urrikitzerik? MARGITA: Oh, ba! Lehen minixtroaren emazteak aditzen bagintu ikusten duk zer gerta ditaken. Eta horiek oro hire gatik. PALMIRA: To erraiten dauiete orai. Bainan ez dituk ohartzen kanbiatzen, eskolatzen eta izpirituaren biltzen ari hizala. Alta bada gaztexko hiz laneko. MARGITA: Prediku horiek guziak fini ote direa. Abia giten. HORTENZA: Oh, Margarita. Ago emeki. MARGITA: Ez dinat asterik ez dirurik, eta aditua dinat amodioa dirurik gabekoen zinema zela. PALMIRA: Barkatu, televixta zela... Irakurtua du: televixta dirurik gabekoen zinema da. MARGITA: Hunen kopeta! ausartatzen zaut arrapostu emaiterat. Belhauniko! HORTENZA: Belhauniko! MARGITA: Phestak orai hasiko dira. HORTENZA: Musu emaguzu oinetan. PALMIRA: Buluzten gira? HORTENZA: Ba. (Ez dira buluzten bainan alegia ari dira nekatuz. Eztul jenatu batzu. Aire bat aditzen da: «Noizbait ene printzea etorriko da»). HORTENZA: Orduan, zer ari gira? Ez dugu batere alegera iduri. MARGITA: Hire zangoeri so nindagon, maiteñoa. Zer bitxikeria. HORTENZA: Zer dute ene zangoek? MARGITA: Meheak ditun, hainbeste meheak, ene gogoarekin ari nun: gaizki hazia edo ala sortzez? HORTENZA: Hori ez dun hire egitekoa! Ez dun araiz ene zangoez arta hartzerik. Bestela ere ez ditun hireak ikusi. Iduri lukete kanoi mutur batzu eta guti da erraitea. PALMIRA: Eta horrek zer egin behar du? HORTENZA: Belhauniko, zoazi neskatzar horren ausikitzerat eta ekar-erezadu horren zango sagar idorra. MARGITA: Musu eman-ezadazu eskuetan eta ene adixkidearenak ausikatzu gustian odoleradino. HORTENZA: Ez zadazula musu egin eskuetan, adixkidea; zauri lehenago ene altzorat. Haur bat bezala da. Maitagarria eta herabetua, Gure beldur da. MARGITA: Badakin. Irriskatzen du gure gatik bere gisakoa egoitea. HORTENZA: Ba griñatua nago. Egun batez beharko dakiot ama elekatu. (Musika bat hippie aire hastean, badoatzi buru galdu batzu bezala oheradino eta ekartzen dute ohea musika pikatuz taulen erdirat, uzkailtzen dute jendeari buruz eta pipatzen hasten zigareta drogatu bat. Begitarteak miresten zaizkiote. Batek besteari emaiten dio zigareta). MARGITA: Gure ideiak ez zauzkigu ardura berritzen. Laster bururatzen dira. HORTENZA: Ez da gure falta besteak bezalako emazte batzu bagira. Zer nahi dun, ez da gure falta ez badugu gauza haundirik ikusi, ez baditugu ideia largoak, horiek on dira aleman, angles, amerikano arrazentzat. MARGITA: Gure jendaki eskualdunetan. HORTENZA: Ene jendakian erran nahi dun. MARGITA: Gure jendakietan ez dira neskato gazte behar bezalakoak amodio trebatuen egin moldean eskolatzen; jestuak doi doia behar den hartan gelditzen dira. Nik, ene senharrarekin ezkondu artean, hamar mutikoz kanpo, ez nuen nehor ezagutu. HORTENZA: Gaixoa! Hamar. MARGITA: Berdin baziren gehiago. Ez ditut sekulan konduak egin. Izaitez hamabi badira, hori uste dut, zoinekin gauzak serioski joan ziren. HORTENZA: Zer erran nahi dun erraitean serioski? MARGITA: Erran nahi dinat, pena izan zutela, konprenitzen dun? HORTENZA: Ba, konprenitzen dinat. Emazte aiseak ez zauztan sekulan gustatu. MARGITA: Ez zanala otoi hire burua hizan baino bertuteagokoa erakuts, dakinan bezala gazte denboran, denetarik Egin ondoan. Mutiko horrek ez hu sinetsiko. PALMIRA: Ez, ez zituztete sinetsiko ez bat ez bestea. Orhoit niz Eskualdun gazteriaren batasunean, girixtino populutar Batasunarekin parte egiten zuenean, Mari Sudurluz anderea buru, maite nuen hiru hilabetetarik parte hartzea brain-storming audiovisuels batzuetan, nun bainuen plazerra eta probetxua, musika joiten artzeko, Lekunberriko musikako ikasle ohiekin, denak gizonkiak, jende motan hoberena. Orhoit niz, maite nuen bereziki Wladimir Behazta, piano joile eskualdun beltz bat izenak emaiten duen bezala; emaiten zituen berogai-ta hiru aldapenak, 123-garren, 124-garren, 125-garren, 126-garren, 127-garren, 128-garren, 129-garren, 130-garren, 131-garren, 132-garren, 133-garren, 134-garren liburuetarik eta ez ditut denak erraiten, Pepe Lopepek eginetarik. PALMIRA: (Segida) Ah! Pepe Lopepe! hura gizona zen... ez Pepe Lopepe bainan Wladimir Behazta. (Nigarrez hasten da). (Bet betan xutitzen dira iduri eta zer nahi egingo, zainek hartuak eta zerbeit gertatu balitz bezala). HORTENZA: Nahi duzue whisky, soda, izarra, moskatela, berdin musika Mozart? Nahi duzue whisky, soda, izarra, moskatela, berdin musika Mozart? Nahi duzue... (Lasterka dabiltza alde guzietarat) MARGITA: Mozart emaiten dut... Mozart emaiten dut... Mozart emaiten dut... PALMIRA: Nahiago luke Vivaldi, nahiago luke Vivaldi, nahiago luke Vivaldi... HORTENZA: Vivaldi doi doia aditua duk. Eta behar luke batzuetan orainko musikarieri behatu, hi! hi! MARGITA: Kalbario egiazko bat bizitzen dugu, dirurik gabe, amodiorik gabe. HORTENZA: Juan den egunean, karrikan nintzan. Angleterrako erregina iragaiten zen gure Errepublikako buruzagiarekin. Polizeroak milaka ari ziren esku sartaka. Trixte zen, hi, hi... MARGITA: Dirurik gabe zer egin?... hea. Bakotxak ahal duen bezala egiten du. Batzu besten gainean gabiltza, batzuek besteak apalduz. So egizue opor horieri, beribilak ezin geldiaraz nahi den denbora eta nahi den lekuan. PALMIRA: Beribilak ezin geldi araz. Hori baizik ez balitz. Eta udaleak egiteko eta oinkailuak emaiteko eta loreak ez loretzen; bederen euria heldu balitz behar delarik edo iguzkia ez balitz gordetzen behar ez delarik, gizonak berak ez dira aski ederrak aberatsak direlarik, eta ederrak direlarik ez dira aski aberatsak. Gertatzen ere da ez diten izan ez ederrak ez aberatsak edo berdin gizon gabea etxen. PALMIRA: (Segida) Eta deneri sinhetsarazten da denak, denak bezalakoak direla. Bainan hori ez da egia: deus ez da kanbiaturik lehen jazarmenduaz geroztik. Beti izan dira zoroak eta besteak. Gobernua ez da dirudun meta bat baizik. Ez gituzte errezebitu nahi. MARGITA: Zer mundua! Eskualdetan badira beti familia onak. Aitortuko daunat: ez nun familia onekoa. HORTENZA: Ez dut sekulan ikusi holako mundu ustelik eta makurrik. Oraino dirua kurritzen balitz gure sakoletan. MARGITA: Eta ez da kurritzen. Bethi berek dute. PALMIRA: Ba preseski hori langile seme zen. Eta ez du sekulan beste zerbeit bilakatzeko ahalik izan. HORTENZA: Ez. PALMIRA: Ba. MARGITA: Ez ote dea hori izigarrikeria. HORTENZA: Ene gaixo muttikoa! Min egiten dagoku. Ah, gaixoa. Whisky, soda, muskatela. PALMIRA: Zertako lanean ariko da? Biziaren irabazteko. Deus besterik? Hoin gutirendako biziak balio othe du biziza? Nun da ametsa? MARGITA: Ba, nun da ametsa? PALMIRA: Ametsa! ha, ha... MARGITA: Ez da ametsik, hi, hi... PALMIRA: Dirua eskastu da. Gosea agertu da. HORTENZA: Erle tegi bat bezala burrunban den lantegian, gaixoa nigarrez ari da lanean zeren eta aitaxi hil zaio zakur eztuletik. Bera gelditzen da hamasei haurren hazteko eta Pettiri oinetako berritzen ari da. Elhurra da eta segurra denbora hotza da. Aberats umentzat jostean, nekattoak senditzen ditu erhiak hozten eta sabelean goseak sofriaratzten duenean sortzen zaio biharamunaren beldurra. (Kantuz ari da) Egun ala gau beti lanean Eta kasko zuriak aldean Beti jende haundia gogan Josten dit arropak abian. Arrats ala gau berdin aintzina Ilhunean iduri sorgina Laster erosteko bildotx muina Ta xingarra kasko zuriena. PALMIRA: Hiru emazte gaixo, burua galdurik ukamilak tinkatzen dituzte eta gudukatzen zaflatzen dituen bizia. Pif, paf, pof, eta norat etortzeko? MARGITA: Nork erranen zien baliatuko nintuela piano joiteko eta musu ukaiteko egin erhi horiek? HORTENZA: Eta lanerat joan nintzan. MARGITA: Lehenik joan nintzan. Ah, lana (Alegia Marie Chantal). Nola zueri konpreniaraz lana? HORTENZA: Ez zanala denborarik gal, konprenitzen dugu hitz erdiz. MARGITA: Badakin nola nizan: biziki eskolatua eta jakitate haundikoa. HORTENZA: Ez zanala deusik emenda. MARGITA: Bainan ez dinat paperrik frogatzeko. Hatzemaiten ahal ninan lana jende haundiekin neskato, mekanikaz izkiriatzen, kaseta haundi batean irakurle, zinema haundi batean bortazain. HORTENZA: Lan haundirik baizik ikusten dinat... gauza torratzen zunan sobera neke hastean. MARGITA: Oh, ba dakinala. Gaixo ttipia, goizeko sei orenetan uzten ninan. PALMIRA: Oh, gaixo ttipia. HORTENZA: Eta hire lekua bero beroa hartzen ninan... orai ez dun besterik, hirietako apho armatu bat bezala zeiharka erabiltzen nun, etxe batetarik besterat, odola bururat heldu zaute! Jeloskeriak bihotza jankatzen zautan. MARGITA: Egia erran behar da. Españolikek eta Eskualduntsek sudurretik lana edekitzen daukute. HORTENZA: Grinatzen nuena, aithortzen daunat lanean aririk ere erho bat bezala, beldur nun ene diru meta hurtu ondoan, ez nizala berriz sekulan aberastuko. MARGITA: Gure bihotz zaurituetan sartu da jenden arteko guduaren ezagutza. Langileriaren gudua. Hortenza. HORTENZA: Langileria, Margita. MARGITA: Langileria matatua, Hortenza. HORTENZA: Torra dezagun Margita. Egun batez matatuko ditinau (Kantatzen dute: «Ah ereman, ereman, ereman manazaileak oro preso»). PALMIRA: (Heien artean iragaiten da ari direlarik makurturik torran) Nola zirezte? HORTENZA: Milesker. Biziki ontsa. PALMIRA: Eta lana? HORTENZA: Milesker, Margitak lau oren egin ditu ogi egilearen emaztearen etxean. Nik zortzi kargudun baten etxean. Ikusi behar da nola jendeño horiek erabiltzen gituzten, manuak emaiten dauzkuten, eta ez daukuten agurrik ere egiten guk garbitu eskalerrak jeusten dituztelarik. MARGITA: Altabada egin ahalak egiten ditugu heientzat, gure buruaren errespetua erakasten diogu, entsegatzen gira kasu egitea heien jendakieri, heien sutegi gain zikineri, heien larruaren ondoko oihaleri eta gainean dutenaren gutienik garbienari eta heiek ez so hunkigarri bat ere guri. HORTENZA: Hunkituak, zendako litazke hunkituak pagatzen diguztenaz geroz. MARGITA: Gaizki da biziki gaizki; eskandala bat da. Hemen diot deneri emazte torrazalen paga ez da behar lukena. HORTENZA: Ba beheregi da. MARGITA: Eta oraino beherago kokorikarazten gituzte. HORTENZA: Ba horiek denak beheregi dira. MARGITA: Nahi duna ez mutiko horri sobera hurrendu? PALMIRA: Ez bego. Ez oihurik egin, plazer badun? MARGITA: Bego hortan... Ostiralea ene egun maitena. HORTENZA: Lo egiten ahal da berant biharamunean. Ibiakoitza pausu dun. PALMIRA: Badu oraino biziki lan. Behar du egin oraino oren bat angles, oren bat alema, oren bat italiano, oren bat beljikano, oren bat erdara, oren bat zuedano eta orai diska bat emanen du. (Hoffmann ixtorioak 30 zatiko kantua: Huna gondolak... Barcarolles airea eta duelaren aintzinean). HORTENZA: Burua galarazten daukun. MARGITA: Egun batez manatuko dauku. HORTENZA: Bainan nun hatzemaiten ditu horiek oro? MARGITA: Arimak ba othe ditu bihurgune batzu arrazoinak argitzen ez dituenak? Besten izaitea, besteak badirea? HORTENZA: Batzuetan haize zirimolak denak erhausten dituelarik, ahanzten ditu ontsa hetsi xarak bizia sortzen eta loretzen denetan eta xiloak kafia xoriak egiten duenetan, arratsaldea ilhuntzen delarik. (Ohearen gainerat doatzi besoak kurutze iduri bi arrano bipilduak). MARGITA: Hersturazko orenak. Amurraina zalapartaka ari da arima herraturik. Deus ez den barne batean, hiru emazte, usaiek koropilaturik, itzalak gudukatzen dituzte. HORTENZA: Italak! PALMIRA: Zer? MARGITA: Dudak. PALMIRA: Zer? HORTENZA: Odeiak. PALMIRA: Zer? MARGITA: Dudak. Bizia dudaz eta bizkarrez bethea du. PALMIRA: Bizkarrez? HORTENZA: Bizkar itzuliz eta behatu nahi ez duten jendez. MARGITA: Beha zazu, ez da gehiago hola joaiten ahal. Zendako erasiatzen gituzu? Ez duzu ikusten ahul eta galduak girela? PALMIRA: Bainan ez zituzte erasiatzen, horrek. HORTENZA: Zure hor izaitea betiereko erasia bat da. MARGITA: Biba hi. Hire mihia eta mintzairea paregabeak ditun. HORTENZA: Ez duzea ikusten aphaltzen eta ez deusten ari girela, molderik gabeko sendimendu batean? MARGITA: Barkatu... HORTENZA: Hik bakea eman. MARGITA: Hori ez dun berdin. Badakin mintza hakio denborarik galdu gabe. Eginen dakonat gero ene prediku ttipia. Bainan has hadi berehala. Ene argiak ilhuntzerat doatzin. Gauza andana bat badakonat erraiteko. Goizean iguzkia jeikitzen delarik izar ihintzez estali baratzetan... HORTENZA: Bakea eman. Ene adixkidea beha nezazu... denbora sobera laster iragaiten da. Hori segurra... bainan segurrago dena da ene burua arras ezindua sendi dutala ardura. MARGITA: Zertako hiz ezindua? HORTENZA: Nik dakita? ... Zeren eta bizi nizan mundu hau ez baitzaut gusta, puach! (Besteri egiten du pouah... eta bestek berdin egiten dakote). Zeren eta ez baitaut aski kasu egiten. PALMIRA: Menturaz. MARGITA: Ez da menturarik, segur da. PALMIRA: Ez ziteztela beti horren ganat jin. Akitarazten duzue. HORTENZA: Behar nuzue konprenitu. PALMIRA: Burua altxatzen du. MARGITA: Ba, behar gituzue konprenitu. PALMIRA: Erran duzu: behar gitutzu konprenitu! HORTENZA: Ba arras dohakabea niz, azkenean hein bat dohakabea. Gauaz ez dut gehiago lo egiten. Orobat ez dut gau guziez lo egiten. MARGITA: Segurki? HORTENZA: Ez dun segurkirik... Izigarriena, ikusten dun, ene ustez ona hiz. PALMIRA: Egiazki ? HORTENZA: Ba! Ni ere ona nun. Margita ere, hik uste ez izanik ere. PALMIRA: (Athekari egoki den bezala, ixtorio eraile bat iduri) Andre maita, milesker. Hitz horrek egiazki plazer egiten daut. So egizu, ni ere, ez niz beti urus. Enoatzen niz eta gero gogoetatzen dut behar nukela zerbeit egin, gizona agertu... MARGITA: Gizona, gizona da. Ba ahal dakin. Guk ere funtsean. (Irriz hasten direlarik, Palmirak dundun kolpe bat emaiten du). PALMIRA: Asea niz. Nahi dut joan, nahi dut izan. MARGITA: Beti behar da pagatu bizi huntan. PALMIRA: Aski pagatzen ahal dut naski? HORTENZA: (Aparkan sartzen da hura ere) Segurki bainan amodioaz zer kasu egiten dun? Konda dun amodioa ere. PALMIRA: Hortaz amorostuak zireztea zuek? Ah, ez duzue ihardesten, ikusten duzue. Xikanatzen duzue, jostatzen zirezte. Zuen adimenduaren janaria da. MARGITA: Bon, orai ene aldi. PALMIRA: Hik bakea emakon. MARGITA: Ez dakot elhe emaiteko dretxorik? HORTENZA: Utz-ezan bere gisa. MARGITA: Ez ez dut bere gisa utziko. Hori haundixkoa dugu. Jenderi bizia andeatzen du, denak erhoarazten ditu. Samurarazten gitu hi eta ni, munduko adixkiderik hoberenak. HORTENZA: Egiazki! Hor espantuka ari hiz. MARGITA: Ez niz espantuka ari. Denak emaiten diozkagu eta horrek zer emaiten dauku. Bere gorputz mehaila berdin. Gaizki perekatzen du. Amodioa gaizki egiten du. HORTENZA: Ixil hadi soberakina hiz. Ez dun dretxorik hola korik horri erraiteko. MARGITA: Ba segurki badut dretxoa. Ene atseginak beti berdin bero dira. Merkatu hortan enganatua izan niz. Erhotzen ari niz ba egiazki erhotzen. So egizue, erho buru bat dut. PALMIRA: (Oihuka) Eta orduan, uste dun hire erho buruak izitarazten gaituela. Beti erho bat iduri dun. HORTENZA: Biba hi! PALMIRA: Hire sorgin irria, goizetan kafe-esnea edatearekin. Ez dakin kafe-esnearen edaten, ixurtzen dun, ahoaren bi bazterretarik. HORTENZA: Beti errana daunat. Fazoinak baditun bainan ez dun molderik. MARGITA: Bainan hori egiten nuen alegerarena egiteko. HORTENZA: Nehorek ez daun galdatzen algera izaitea... Munduak ez du hire alegeratasunaren beharrik. PALMIRA: Ez bazira kontent berdin zaut. Hemen gira nahi ukan duzulakotz. Aithortzen dut zure bizkar bizi girela, bainan joaiten ahal gira, nahi badut. MARGITA: Mininia, bizkarkin mespretxagarria. PALMIRA: Manatzen daunat hiru hitz horiek berehala edekitzea. MARGITA: Nik, zer erran dut. PALMIRA: Erran duzu: Mininia eta bazkatiar, barkatu bizkarkin mespretxagarria. MARGITA: Hori erran badut egiazki, batere segur ez dena, ez dira hiru bainan bi hitz: mininia eta bizkarkina, mespretxagarria hor da bizkarkinaren lagun... Mininiak azkenean zerbeit egiten ahal du, bizkarkinak ere funtsean. HORTENZA: (Loriatua da, punpeka ari da eta kolpeak kundatzen ditu) Schubert-en Amurraina. (Amurraina kantatzen du. Flamenko bat. Kriskitunen arrabotsen, Margitaren oihuen, Amurrainaren, Hortenzaren, Palmiraren oihuen erdian dira). MARGITA: Minini horrek jaten du bi emazte dohakaberen dirua. Bizkarkin erromesa bizi da besteren bizkarkin. Bainan horien denen orde erran ditake oraino: Zer niz? Minini bat. HORTENZA: Zirurika, joan ahala doa erreketan amurrain arin eta alegera. MARGITA: Nun niz: Etxean badut bizkarkin bat. PALMIRA: (Gontzetarik atherarik) Ene indar guziez hastio zituztet. Madarikatzen dut aurkitu ziztedan eguna zuek eta zuen ipar gatu madarikatuak. Ez dut gelditzerik izanen zuek ikusi artean ene aintzinean leher egiten. MARGITA: Nola niz: erromeski bizi niz. Nola izaiten ahal niz: mininikerian bizi niz, bizkarkintzen ari niz, bizkarkintzekotan niz, arras bizkarkindua niz. HORTENZA: Biba hi. Arras, biba hi! PALMIRA: (Nigarrez) Hastio zituztet, hastio zituztet. Deitoragarriak zirezte: egun batez karrikan izanen zirezte eta ez duzue deus erosten ahalko nehork ez deuzuelakotz bere burua saldu nahiko. MARGITA: Oh ez! neri erraitea holakorik. Aditu dun. Ez dut gaixtakeria jasaiten ahal. Holakorik erraitea emazte ahul bati. Ez hiza ahalge? Neri holakorik egitea. Herresta hori matatuko dut. (Beste bigek panpatzen dute Palmira ohearen gainean. Hiltzen ari balitz bezala egiten du, xutituz gelditu gabe. Hortenza itzultzen da alegia arras lanean). HORTENZA: Ederki. Memento hautukoa iragan dugu. Nahi duzue baso bat edan? Whisky, soda, arno sukratua, badut arno sukratua, arras on da arno sukratua, badut arno sukratua, arras on da arno sukratua. Vivaldi berdin, horra. Laket zauku musika hemen. Ez gira sekulan musikaz asetzen. PALMIRA: (apazegaturik) Funtsean konprenitzen dut. Hori da buen amurraina. Uretik idekitzen duzue eta gero berriz emaiten... Oh ikusia dut, jakinazue, zuen egitearen itsuskeria guzia. Behar zinuten amurrain bat, arrain bat lekeduna, zuen eskuetan lerratzen zena, zuen jostagailua eta ber denboran zuen atseginen hel burua. MARGITA: Ba, haragizko jostagailu lerrakorra. HORTENZA: Gauza argi, argitzen eta dirdiratzen duen bat, arrain ikaragarria eta alegera, trixte eta lodia. MARGITA: Ba, amodiozko arraina, arrain xuri eta hauskorra, igitzen eta kexatzen dena, buztana eta ezkata erabiltzen dituena. Arrain bat guretako. Amurrain bat bizia. Zuen amurraina. HORTENZA: Ba, gure amurraina amodioak dirdiratua. MARGITA: Nik konduak egiten ditut. Heldu diren bi hilabetheren buruan ezkontza hausten dut, gero esposatzen dut. Bixtan dena, gero nahiko du berehala ezkontza hauts dezatan, horren esposatzeko horrek ere. Bainan sinetsarazten dakot bihur zakion, horren kontra asaldarazten dut. HORTENZA: Gaixo haurra denek badakite ene familian guduka ari zirela bizitzeko. MARGITA: Haugi, ez hadi samur. Malurus hiza? HORTENZA: Ba. MARGITA: Ez dun hori izigarrikeria bat. Ni ere malurus nun eta horregatik berdin ontsa nun. HORTENZA: Zinez uste dinat ideia ona hukela nereaz beste mutiko batez amorostea. Ba zinez behar huke beste mutiko bat bilatu. MARGITA: Ah, Ah! HORTENZA: Ikusi karrikan ez denez iragaiten norbeit oraino libro eta izitaraz ez hezakena. MARGITA: Halere ez hiz arras egian... Beraz esposatzen dun? HORTENZA: Eta ba, ez dun berdin gauza haundirik kanbio izanen. MARGITA: Denak baino gehiago maite ninan. HORTENZA: Zertako?... Ezkontza hautsiko dut eta gero esposatuko dun. MARGITA: Gaixo mutikoa. Bi aldiz ezkondua eta hoin gazterik. PALMIRA: (Oihuka eta nigarrez) Ez du nahi ezkondu. Ez du nahi, ez du nahi ezkondu! Ez dut nahi ezkondu, ez dut nahi ezkondu, ez dut nahi. (Alegia espos sartzea egiten dute, Palmira jaun espos gisa). HORTENZA: Orhoit niz auzapeztegiaz. Goizeko berrogoi-ta hamazazpigarren andere espos gaztea nintzan; aiduru egoiteak arropa zimurtu zautan. Ene gibelean hintzan. Orginak emaiten zuen Schubert-en Amurraina. MARGITA: Iduri zaut aire hori hunkigarria dela. HORTENZA: Gaixo haurra, ezkontza gauza bat ederra dun. Nola aipa ezkontza? MARGITA: Ezkontza? Hola behar bat dea ala gutizia bat? Alde batetarik ezkontza dolu bat da, galtze bat, sekulan izan edo ezagutu ez dutan gauza bat, norbeit nerea, lagun bat, plazer bat. HORTENZA: Ezkontza bat sendimendu hainitzekin, arropa xuri xuria, ametsak gogoan, artzainak zueri so beren arthaldeen aldean, espos segizalek ogiz kukutu alhorrak iragaiten dituztelarik bide bazterretan burupilak lili eta jendaki guzia bildurik, elgarri so irriño bat ezpainean. Ezkontza, phesta, kantuak. MARGITA: Kantuak izaiten ahal ziren onduan. HORTENZA: Kantuak izan ziren. MARGITA: Xirolak huxtuz ari ziren, xirribikak kantuz eta arboleen kaskoan haize arin batek igiaratzen zituen hostoak eztiki. PALMIRA: Ez, ez dut nahi. Ez dure nere burua, nere burua baizik maite, nere izaitea eta nere gogoteak. Besteri nahastikatu, partikatu, eman gabe eta oraino zer, zer eman? Ez lehenago bakarrik geldi bakean, eta nere gain, unhadurak eta errabiak kurkulduz emeki emeki, aldaxkak su bazterrean kestatzen diren bezala. HORTENZA: Hartu ginuen kanbera bat bi oherekin. Kanbera haundi bat zen, leiho ez sobera haundi batekin. Kaidera baten gainerat iragan behar zen ikusteko karrikan plastika lantegi bat. Ez zuen sendimendu haundirik sor-arazten bainan sendimenduz bethea nintzan halarik ere. Bere liburuak ekarriak zituen. Española eta Portugesa ikasten zituen. (Palmirak eskuak ikuzten ditu buluzten direlarik emaiteko gauazko purtxileriazko beztimendu batzu). PALMIRA: (kantatzen du) Asmatu nuen Ederra eta gotorra Zorigaitzez da herbaila Mendrea eta kunkurra Ez du otsoaren indarrik Sekulan ardietsi primarik Ez da holako barerik Bainan hura dut maite. HORTENZA: Roberto urus hiza ezkonduz geroz. PALMIRA: Zertaz urus? HORTENZA: Ezkondua izaiteaz. Ez da besterik elkorra, da, denak behar zaitzko errepikatu. MARGITA: Ez hiza ohartua elheka ari hizalarik beharrietan emaiten dituela tapagailuak. HORTENZA: Roberto galdatzen deat urus hizanez? PALMIRA: Tirrit. MARGITA: Maiteñoa ez niken nahi geldiarazi hire eztei ondoa bihotza zorionez betetzen dautana bainan doi doia aipatu dun kanbera bat bi oherekin. Nun lo egingo dun? HORTENZA: Bainan ohe huntan. MARGITA: Eta horrek? HORTENZA: Ohe huntan edo hortan. MARGITA: Eta nik? HORTENZA: Ohe huntan edo... MARGITA: Ez nuen beste beldurrik. Oraino baztertzen naute Egiazki hori ederrena dugu, ez da holakorik gerthatuko. PALMIRA: Bixtan hola, bizia ez da errexten. Lehenago aiseago zen, bakotxak baginuen gure kanbera. Hi kanbera batetik besterat ibiltzen hintzan, orai ezkonduz geroz seriosago da. (Margita arras samurtua da) HORTENZA: Ezkontza gauza sakratua da, Margita, ez ahantz. MARGITA: Berdin bainan ez dut azteietako pulinda izan nahi. Orduan horrekin lo egiten dun eta nik nihaurek lo egiten dinat! HORTENZA: Roberto, haugi hunat. PALMIRA: Tirrit. MARGITA: Ez dut nihaurek lo eginen. Nola nahiz, gauaz hersturen beldur niz. Ene baitan sortzen da miresgarriko mundu bat ametsez eta ustekeriaz egina. HORTENZA: Bego, Roberto, bego... ez gira akomeatuko. MARGITA: Ikusten dun, errana naunan. Gutarik biga sobera dira. PALMIRA: Askiko duzue ohe berean lo egitea eta ni besterat joanen niz Robertorekin. HORTENZA: Nik lo egin pikota horrekin? Sekulan! Lehenago leher egin. MARGITA: Ez dut eritasunik bidu nahi nik. HORTENZA: Margita, lagunt nezan ohearen pusatzen. MARGITA: Sobera igitzen bahiz, urkatzen hut. HORTENZA: Entsea hadi, ikuseko. (Ohea egiten dute). Horra Roberto prest duk. PALMIRA: Orduan nola egiten dugu. HORTENZA: Hi erdian jar hadi, gu bi aldetan hola ez da jeloskeriarik. PALMIRA: Eta neretako arroila, milesker! Xiloan lo egiten dut? HORTENZA: Atxikiko hugu. PALMIRA: Argia hiltzen dut? (Ilhun pean dira) MARGITA: Hautemazue atzo telefonak ez nuela lau orenez deitu. HORTENZA: Hi orduan! Erraiten ahal da ez ditunala behar orduko solasak. MARGITA: Gogoetatu dut telefona makurtua zela. Orduan beldurturik xuxentzaleak deitu ditut. (Besteak ixilik dagotzi) MARGITA: Bainan ez zen makurtua... (ixilik dagotzi) Asmazazue astiri batez elgarretaratuak hameka emazte ontsa ikasiak, hiru xerri hiltzale emazte, markisa batzu, zerga pagarazalesa bat, bi basa dukesa. Zoin dira zuen usteko hobekienik emanak? (Bethi ixilik dagotzi) Nehor... Dukesa ala ez, iduri dute lukinkak, bestek bezala. Egiazki ez du balio hoin beste taradino ahitzea beren buruaren ezagutarazteko. Denak berdinak gira, denak zaku berean emaiteko... Zer ari zirezte? (Besteak ilhun pean irriz ari dira) Laster! Laguntza! (Argia pizten da) PALMIRA: (Lasterka taulen gainean): Ez dut nahi! Ez dut nahi! Ez dut nahi! (Eta eztiturik, hitz bat gabe, beztitzen da eta bere puskak elgarretaratzen ditu. Beste bigak arras trixte lastimaturik, xutitzen dira eta emaiten Roberto-ren jargiari buruz). MARGITA: Badakizue, urus izaiterat prest nintzan, bihotz guziaz zure maitatzerat. Ez niz biziki maitatua izan nere bizian. Pasatu dut bizia gauza ergel batzuen ondotik kurri. Urtheak debaldetan iragan zauzkit. Orhoit niz aita amen etxen nintzalarik mutikoak alhorretan lasterka ari ziren eta nik nahi nituen atzeman. Nihaur uzten ninduten. Haizeak belhar punttak buhatzen zituelarik nun nahi gelditzen nintzan, gizonak tinkatzen nintuen azkarki neri kontra eta uste nuen aurkitua nuela betieretasuna. HORTENZA: Ni ez nintzan ona, oh ez! Aldiz diru gose nintzan eta nahi nituen ardietsi ahal nituen guziak, egite gutiegienarekin. Beldur niz nihaur gelditzea, denek inguruan lekuak husturik eta deus ez izaite ustekeria akitgari horrekin. Badakit, ez dut izaiterik. Ez dut sekulan izan izaiterik. (Palmirak hitz bat gabe eskeini diote irinez bethe untzi bat. Hortenza eta Margita kokorikatzen dira). HORTENZA: Gogoa bethe dun: nahi hiena ardietsi dun. Hartu dautan. Ez du hoinbeste itsuskeriari ihardoki. Bere buruaz ahalgetarazi dun. Ez hielakotz izaiten ahal nahiago izan dun neri ideki. Emazte herresta, mamu higikorra, itsusia eta zikina hiz eta izitzen dun. (Begitartea irinez esaltzen du eta Margitak ere) MARGITA: Eta hik, zer uste dun hizala? Nahasia eta arrunta hiz. Horri lotua hiz dirurik gabeko eskale zahar baten pare. Ba ez dun gehiago hirea. Ez dun berdin enea izanen, bainan ez hirea ere. (Palmirak jaunzten du heietarik bateren ipar-gatua) HORTENZA: Beti hastiatu nun? MARGITA: Ba hastio hut hik hastio nunan bezenbat eta xifritzen nun nik xifritzen hutan bezenbat. Ago gustian, gizona frango badun eta bat aurkituko dugu oraino izitaraziko duguna. HORTENZA: Ez nun beraz sekulan nere gisa utziko? Beti ene ipurditik izanen hiz xakur baten pare hexur baten ondotik? MARGITA: Leher egin arazi artino hire ondotik izanen nun. Sofritzen dunalarik, zorionean nun eta zorionean hizalarik nahi dinat hire zoriona funditu. HORTENZA: Bixtan dena hortan iragaiten dun denbora. MARGITA: Ba hortan iragaiten dinat denbora. Hik ere. HORTENZA: Bainan nahi dinat ene bizia berriz hasi, berriz ezkondu. MARGITA: Ah, Ah, hik berriz ezkondu? Mentsa hiza, nehork ez huke gehiago nahiko. PALMIRA: Barkazaguzue, eskerrak dauzkitziegu guretzat egin guzietaz, denekin urus izan gira. (Bi emazteak xutitzen dira) HORTENZA: Bere xarpa hartu dia? PALMIRA: Ez, zendako? HORTENZA: Kanpoan hotz da. Ez dut nahi hotz dadien. PALMIRA: Eskerrak dauzkitzugu Anderea. MARGITA: Mokanes horiek brodatunak nituen horrentzat... eta esperantza nuen erituko zela, arthatzen ahal izaiteko. PALMIRA: Eskerrak dauzkitzugu Anderea. MARGITA: Kasu emazu karrikan. Ez zitela fida lagun gaixtoeri. HORTENZA: Karrika bazter batetarik besterat iragaitean kasu beribil ederreri... ez fida emazte sobera kopetatueri eta ederki emaneri; ahal baduzu zure bizia zuhaurek irabaz. PALMIRA: Entseatuko da Anderea. HORTENZA: Ah, Ahantzten nuen. Ikusten baduzu lehen minixtroaren emaztea -eta egun batez aurkituko duzu hoin zira ederra- nitaz elhe egiozu, errakozu ontsa nizala. MARGITA: Ni ere errakozu osagarri hoberenean nizala. (Xori kantuak aditzen dira... Palmirak segitzen du Roberto bere lekurat. Besteak mainhoarrari buruz doatzi Ixilik egoiten dira luzaz). MARGITA: Orein eme bat niz sobera belhar iretsi duena. HORTENZA: Lore bat niz denborak histuko duena. Bidea hartuko dut nihaurek, jende haundi batek bezala. MARGITA: Orhoit-gailu bat niz harriz, lorez eta lur huntzez egina. Zer balio dute guduek, gudu galtze, irabazte eta orhoit-aratztek, ez dut deus senditzen, hunkitzen ez emaiten. Herriaren alde niz. (Mainhoarran jartzen dira) MARGITA: Uste duna jakitateak mundua gidatzen duela? HORTENZA: Ba othe dugu egiazki zerbeit sabelean? MARGITA: Eskual Herriak ez othe ditu bi mila urthe galdu. HORTENZA: Funtsean mutiko arras maitagarria zen. Zorigaitzez hatza frangotan gaixtoa zuen. MARGITA: Ba egiazki ez zen biziki abila, gaixoa. (Kokorikatzen dira mainhoarraen eta emeki sartzen gorputza espaldak, burua eta bakotxak bere aldian azken hatsa emaiten du). MARGITA: Ah! HORTENZA: Ah «Musika hasten da. Kitarrak. Ametsetarik ari dira. Bi emazteak mainhoarretik ateratzen dira, Palmira itzultzen delarik taulen gainerat eta hitzik gabe, jetsu zalhu eta labur batzuz, kanbera antolatzen. Egiazki denak antolatzen dituzte eta gero emeki atheratzen dira gibelka Robertoren jargiari so eginez. Ageri da lehen bai lehen hasiko dutela betiereko eskea). Amurrainkariak, Beņat Dacosta |