Amurrainkariak, Beņat Dacosta Komedia emaileak: HORTENZA MARGITA PALMIRA «Amurrainkarien» haste hau oro komedia emaiten gain. Egiten ahal dute beren gusturat, berdin berek bedakite nor nahik bezen ontsa nola ibil edo zer erran oraiko teatroetan bezala egiteko. Margita eta Hortenza heldu dira taulen gainerat bat bertzearen ondotik, gerriradinoko galtzerdiak jauntziak dituzte. Nunbeitikako musika hasten da den firfira. Emeki jartzen dira parrean, aldizka zangoak igitzen eta kurutzatzen... gero heldu da Palmira. Agertzen du lehenik burua, eta gero gorputza eta arras arabe heldu da zango punten gainean taulen aintzineradino. Erdi erdian jartzen da biziki fazoinekin, kurutzatzen zangoak eta deskurutzatzen. Jenderen begi beharriak berari eta bere bi laguneri buruz itzul arazi ondoan, Palmira zutitzen da bet-betan eta dun-dun kaska bat bortitza emaiten. HORTENZA: Lehen egitekoa: hatsa har, hatsa bota. MARGITA: Margita Mendiburu. PALMIRA: Nun sortua? MARGITA: Nunbeit. PALMIRA:: Noiz? MARGITA: Biharamunean. PALMIRA: Luzetasuna? MARGITA: Luzagarria. PALMIRA: Pizua? MARGITA: Aldakorra. PALMIRA: Haurreko eritasunak? MARGITA: Oraino batere. PALMIRA: Xartuak? MARGITA: Ehun mila. PALMIRA: Seinalamendu berezirik? MARGITA: Eskuineko espalda hankatik idekia. HORTENZA: Hortenza Mendibide. PALMIRA: Nun sortua? HORTENZA: Bertze nun beit. PALMIRA: Noiz? HORTENZA: Eguberri gauaz. PALMIRA: Luzetasuna? HORTENZA: Izari gabekoa. PALMIRA: Pizua? HORTENZA: Ikaragarria. PALMIRA: Haurreko eritasunak? HORTENZA: Denak. PALMIRA: Xartuak? HORTENZA: Batere. PALMIRA: Seinalamendu bereziak? HORTENZA: Ezkerreko beharria eroria. PALMIRA: Hor ziren, hiru nekatto lerden biziaren leize sahetsean, ahurtaraka prest ausikitzerat, eztitasun hoberenarekin, azken hamar urthe hauetako fruitu ustelean, prest aurdikitzerat menderen bihiak, labetik doi-doia idekiak, haragi jale, buru hauts eta berozale kasik pinpirinduak. HORTENZA: Komedia emaileak! PALMIRA: Jestu egileak eta zango luzeak. MARGITA: Ginhartsuak haragi goseak eta herrestakariak. HORTENZA: Jokolariak, mutuak, deus eta nehor ezagutu gabekoak. MARGITA: Geroaren azken bururat helduak. PALMIRA: Denboraren lehen bururat helduak. MARGITA: Bilkuraz bilkura kurrituak eta biltzarrez biltzar. HORTENZA: Hiru komedia emaile burua galdurik eta ez jakin nori eman, beren eginbide sakratuari kontsekratu nahituak, bilhatzen dute jalgi bide bat beren athekeri. PALMIRA: Zeren eta oraiko teatroak behar dituenak izan dadien xuria, beltza, gorria ala gorrasta, dira gorputzez egin ahalezko gauzak. Gorputza... MARGITA: Atheka pizuak, ezin argituzkoak, betiereko athekak. HORTENZA: Mogimenduak egiten ditut, gorputza zalhutzen dut. MARGITA: Nik ere nahi dut ene haragiari eta ginharreri nagusitu. PALMIRA: Barne bidetan iragaiten niz. Denek iduri dute eztituak; bizkitartean aditzen dut bet-betan kurrinka bat. Xerri bat othe den lepoa pikatzen zakotena?... Ez batere, hiru neska gazte dira komedia emaileak, ikasten ari nola beren gorputzari zerbeit egin araz. MARGITA: Denen abiamena. HORTENZA: Ametsak, ez dun norbeitek izkiriatua erran behar, hire izaitea dun behar erakutsi. MARGITA: Mezulari bat hiza? PALMIRA: Zer bilhatzen duzue? HORTENZA: Mintzaire berri bat dela medio, hizkuntza berri bat. MARGITA: Ohakoan gira. HORTENZA: Gure baitan dago. MARGITA: Ez dun uste hola bizitzea. Gero dohakabe hiz. HORTENZA: Ez dut aski gogoetarik egiten. MARGITA: Komedia emaileak behar du nola nahiko jendearen ganik urrundu. HORTENZA: Eletrika langilen bilkura batean nintzan beren buruaz beste egingo dutenen hersturaz elhe egiten. PALMIRA: Orai teatroa. (Dunde kolpe bat emaiten du) HORTENZA: Basakabale sasi ordokia, zelhai saindutuen athea, oin oihal, telefona, aurki gune. PALMIRA: So egilerik batere: ez deusetasun arrabotskariak, beharrik gabeko partzuerrak. Bakarrik konda da bakotxak berekilako hunkia, bakotxaren bere egia... Zuen komediaren ager-aldi bat erakutsiko daukuzue? HORTENZA: Zueri erakuts ager aldi bat: Bainan zorotua zira? MARGITA: Ez ager aldirik. PALMIRA: Ez ager aldirik? MARGITA: Ez ager aldirik. Bakarrik mundua, munduaren ingurua, xifridura, denen desgustua mezuhedazle egiazko batek gogoratua, bere bidearen berriz bilha dagon mundua. PALMIRA: Behazazue, nahi duzuena egizue, bainan zerbeit egizue. HORTENZA: Horren lagunzale izanen niz. Uzten duzu presta dadien prestatzerat? PALMIRA: Osoki, denak haizu zaizkit. Izpiritu largokoa niz. MARGITA: Hasten ahal girea? PALMIRA: Othoi has zitezte, enoatua niz. HORTENZA: Hamar, bederatzi, zortzi, zazpi, sei, bost, lau, hiru, biga, bat, batere. (Dundun kolpe bat joiten du) MARGITA: Hasten niz hutsaren egiten, ene egiazko egiari buruz noa, ene sorterroeri buruz. PALMIRA: Behar othe dut jo, azotatu, laidostatu? HORTENZA: Ez, ez du balio odolgabea da. Odolgabea, biziki odolgabea, arras odolgabea. Neke, biziki neke, denbora beharko du. PALMIRA: Behar dut nigar, irri edo kalapita egin ala ixildu? HORTENZA: Ez, ez du balio. Norentzat gauzkatzu? MARGITA: Ez gira bazterretik erabiltzen gu, gure burua bilhatzen dugu. HORTENZA: Lehenik hasten da izari gabearen bilha. PALMIRA: Nun hori? HORTENZA: Leize barna baten aurkitzeari. MARGITA: Ura ixurtzen da. Ez, ez da gehiago ixurtzen. HORTENZA: Ez ez da gehiago urik, desertua da. Gogoeta zazue ez deusa haren ganat ethortzen, zure ganat, ene ganat; norbeit, zerbait hartu nahi gaituena, goresmena, noizean behingokarioa. MARGITA: Iguzkia niz. HORTENZA: Marteilua da eta ni jendea niz hurrentzen dena. PALMIRA: Bainan biziki hunkigarri da. (Aharrosika ari da) HORTENZA: Trein bat iragaiten da. MARGITA: Denak goibeltzen dira. HORTENZA: Aire garbia. MARGITA: Hortakotz ikasten dugu hautatzen iresten ahal ditugun puruxkak. Alabainan bekantzen ari dira. HORTENZA: Zikina, zikinkeria, ekartea, ekarrarazia. PALMIRA: Nundik? HORTENZA: Denetarik. MARGITA: Batek gida, bertzeak xuxen, batek molda, bertzeak aldara, gure ofizioa heldu eta badoa, egun eztiki, bihar lazoki, ernatu gabe eta baitezpada ez du bururatzerik. HORTENZA: Hatsa hartze. MARGITA: Brr, brr... zonbeit puruxka kakola sartu zauzki orai artean hormatu bulharretan. HORTENZA: Salbatua da! PALMIRA: Biba zu. HORTENZA: Madras, Bombay, Kalkutta, Katmandou, Beverley, Amsterdam, zerua, izarrak, mundua. PALMIRA: Adixkideak, adixkideak ordu dugunago eta ez girenago sobera gure lehen lurretik urrunduak, erakusten ahal dautazue komedia ager aldi ttipi bat, lehenagoko denborakoa, edo oraikoa, mintzaldi bat ona, libertituko eta hunkiko nauena. Badakizue kantuz, badakizue dantzan. HORTENZA: Nola, laidostatzen naute. MARGITA: Dautzikari batzuentzat dauzkigute berdin, dautzikari alabarentzat. Hori, nahi gituzte ikusi hanken bihurdikatzen eta gure buruen erakusten. Ez hatik. Dakizula, Anderea, lanean ari izan girela hainitzki. Eta hortan geldi. HORTENZA: Ba, ari izan lanean hainitzki. MARGITA: Ba hainitzki. PALMIRA: Eta ez nuke ikusten ahal zuen lanaren fruitua, fruituaren jusa? HORTENZA: Orai ez ditake, lana ez da bururatua. PALMIRA: Eta noiz bururatuko da? HORTENZA: Laborato, quantabile. MARGITA: Sekulan! HORTENZA: Nahi baduzue, ikusiko nuzue ni ere betiereko orhoitzapen. Ene prestamenduko bigarren partean berriz itxuratuko dut dirdira, arimaren alegiazko irakidura, eta ene bihotzaren garrak bere sua kurutzatuko derauzuelarik, ikusiko duzue garbiki. Presta zitezte. HORTENZA: Ilhargia niz eta izarrak. (Gibelerat badoa) PALMIRA: Bainan nun zira? HORTENZA: Hor ez izaiteaz dirdiratzen dut, zuen artean ezin aldatuzki eta betikotz izaiteaz... Loditzen niz, loditzen niz. PALMIRA: Zonbat kilo irabazi dituzu? HORTENZA: Milaka. PALMIRA: Alegia egile, neska gazte eta mehatzen othe zira berdin aise? HORTENZA: Berdin. PALMIRA: Geroago eta hobekiago, seigarren ganita, laugarren sorgina. Kleves-eko printsesa, Kameliakilako Anderea, zer hautua, mintza beztiturik, ala berdin buluzirik. MARGITA: Zintzurreradino, hexurreradino. PALMIRA: Geroago eta hobekiago. Karreatzen ahal ditutzea isolak eta taulak itzatzen? BIGEK: Ba, ba. PALMIRA: Ene zerbitzuan hartzen zituztet bizi guzikotz zu eta zure laguntzailea. BESTE BIGEK: Bizi guzikotz. Hil arte. Bizi guzikotz. Hil arte. (Dundun kolpe bat) PALMIRA: Bigarren partea: hatzaren buhatzea... Saltsa guzietan, kuia lehertuak, gerthakari onak, gerthakari gaixtoak, gaitzbide ttipiak, lan ttipiak. Saltsa guzietan, kuia lehertuak. HORTENZA: Zelimena kutxaren gainean. MARGITA: Ozkarri jakin arazi berria. HORTENZA: Bereniza anderearen ezkontza. MARGITA: Berrogoi karateko opera. HORTENZA: Arrabal, Shakespeare, Anouilh, Ionesco-k bezala. MARGITA: Grotowok, Moliere, Brecht, Stanidawskik bezala. HORTENZA: Elgarrekilakatuak, pilotatuak. MARGITA: Engaiatuak, engaiamenduak hautsiak. HORTENZA: Berriz bilduak, politika ikasiak, politika ahantziak. MARGITA: Sendimendua galduak, berriz aurkituak. PALMIRA: Beren enoadurari ihesi joan dira, elgarrekin bakarrik, egun sari erromesak, barneak hutsik. MARGITA: Deus, deus, deus. HORTENZA: Bi ahizpa ber adinekoak ez deusaren sasoinean sortuak, bilkuraz bilkura kurrituak eta deus ez aurkiturik Schubert-en Amurrainari lotuak; zeren eta lotu behar ukan duela zonbeit mende Schubert-en Amurrainari. PALMIRA: Gaixoak! Zer erortzea. HORTENZA: Gauzarik beharrena, haragi eta odolduna izan, gizon, gizon indar, Musika. MARGITA: Larru, ile, espalda, papo, eztitasun, indar, gizon. MARGITA-PALMIRA: Gizon, haur egile, goxotasun eta atsegin. HORTENZA: Bainan ez dugu Robertorik. MARGITA: Ez dagokun sekulan Robertorik eskeini. Doi-doia mamu batzu, amets batzu, asto ziri batzu, oihalezko estakuru batzu, kautxuzko lilura batzu. HORTENZA: Lastozko gizon, parekatzearen itxurak, argi ulu bat izarraren orde! PALMIRA: Bainan zuen Roberto izaiten ahal niz. Badakit zer behar duzuen, nola behar zituztedan ibili, nola zuen gogoa bethe. MARGITA: Ez, hori ez zauku gehiago aski. HORTENZA: Nahi dugu Roberto bat. MARGITA: Nahi dugu Roberto bat. HORTENZA: Nahi dugu Roberto bat. MARGITA: Nahi dugu Roberto bat. HORTENZA: Nahi dugu Roberto bat. HIRUEK: Roberto bat nahi dugu, musika, nik nahi dut Roberto bat. Ba ahal da Roberto bat, badea norbeit Roberto eta gaixtoa ez dena? (Bazter bidetan) MARGITA: Zure izena emazu. HORTENZA: Edo samurtzen niz. (So egile baten besoetan emanez) PALMIRA: Roberto, Roberto, oh! hemen badut bat! Haugi ez gituk gaixtoak. Ba zer, hea, zauri... (Taulen gainerat eman arazten dute) MARGITA: Egun badugu Roberto bat, itxuraduna, odolduna, kotxotua. HORTENZA: Roberto bat bizi nahi duena. MARGITA: Odolduna, nigarrez dakiena, ginartsua. PALMIRA: Roberto bat hatsa hartzen duena. (Jar arazten du harendako ezarri jargia batean) HORTENZA: Ume erroduna, girlia eta izerzalea. (Dundun kolpe bat) PALMIRA: Hirugarren partea eta horra orai Schubert'en Amurraina. (Hortenzak eta Margitak liburuak ekartzen dituzte. Dundun kolpe bat. Baltsa bat da. Taulen gainean ikusten dira polliki nahastikaturik ohe bat, sutegi bat, mainhoar bat, eta xori zonbeit beren kaioletan kantuz). HORTENZA: Horra irakurtzekoa. MARGITA: Eta ixtoriak. HORTENZA: Hau biziki ontsa duk, segur nuk gustatuko zaukala. (Palmira emaiten ditu lore batzu Roberto'ri, bat hartzen, hostoak jelgitzen bedera bedera, erridau baten gibelean Hortenza eta Margarita beztitzen diren artean). (Margita heldu da lehenik, ipargatu xuriz, apur bat lapin airez beztiturik, gatu bat besoetan). MARGITA: Erran behar dautzut nor den Hortenza, ene lagun hoberena. Lanjerosa da, ene bizia xehatu daut, ez nau utzi maitatzera maitatu nahi nuena. Gaixo bat da, izari gabekoa. Ene aldeko, biziki lañoa niz, goxoa eta umila. Ez dezaket ulu bati minik egin. (Hortenza heldu da bere aldian, ipargatu lapin airez beztiturik eta gatu bat besoetan) HORTENZA: Naski Margita nitaz aipu ari izan zauzu. Ez dauzut gordeko, ez hatik bipera bezen lanjerosa dela eta bestalde lizuna, besten egitekoetaz okupatzen dena. Gaixo bat ori! Ene aldetik, zendako gorda, ez dut urrikitan sartzerik. Emazte ona niz, batzuetan buru beroa bainan fina, xuxena, bihotz handikoa eta ez dezaket ulu bati minik egin. (Bi emaztek beren ipargatuak idekitzen dituzte. Ileak hantuak dituzte). HORTENZA: Zu, anderea, hemen! MARGITA: Gertatu zaut hemen iragaitea. HORTENZA: Gertakari ederra. Hirekin gauzak ontsa gertatzenditun. (Bet-betan aharratzerat doatzi, elgar laster-katzen dute, joiten, Palmirak ondoan kolpeak kondatzen ditu). Quï! Aï! (Palmira heien gainean etzanik emaiten da) MARGITA: Denbora ederra da eta ene martirioa berriz pairatzerat noa. Ez dezaket gorda maitatzeko egina nizala, arrosaren berdin izar ihintzarentzat. Nihaur egoiteko egina niz, ibar lanhozuetan eta nigarrez artzeko zurrutan, arboleak firfiran direlarik urrunean. O K Hortenza? HORTENZA: (Irriz) Ba eta zer zerua, zer haizea eta zer odeia! Bazterrak biziki ederrak dira eta ene burua hainbeste sendi dut... MARGITA: Ontsa, aitortzen dut, bazterrak ederrak direla... Ez duzu ikusi? HORTENZA: Nor? MARGITA: Bainan. Ba ahal dakizu. HORTENZA: Nik? MARGITA: Ba araiz badakizu. Eta ez dakizu besterik. HORTENZA: Ez, ez da jin. Ez da usu heldu. MARGITA: Izitarazi dugu. HORTENZA: Zuk izitarazi duzula, nahi duzu erran. MARGITA: Izitarazi dutala? Bainan zendako izitaraz nezake? Pollita niz ni. HORTENZA: Zeren eta itsusia bainiz ni? Milesker! Lehen aldia dut hori aditzen dutala. MARGITA: Deneri behar da haste bat. (Berriz lot litazke Palmirak ez balitu berexten dundun kolpe batez. Jargia batean jartzen dira, errespetu haundirekin). PALMIRA: Denak hasi ziren duela bi urthe. Gaua da, haizea ari. Bilkura sobera aphaindu batean, emaztek bakarrik eta aphaindurik izaitaz aserik, kantatzen dute Schubert'en Amurraina. MARGITA: Populu aphaindu baten aintzinean... HORTENZA: Ene gustuko erresumako hoberena. Badira gure erresuman jende aphainduak. MARGITA: Barreatzen hiz. PALMIRA: Erraiten dut beraz gau ilhun batez, haizeak buhatzen zuelarik, bi emazte etsiturik nigarra begian... HORTENZA: Ezkonduak ginen. Denak gure alde gintuen: aberatsak ginen, osagarri onekoak, ederrak ene konduko segurik, eta halaikan, ez ginen urus. Schubert'en Amurraina. Schubert'en musika. Noren erranak... (Besteari buruz itzultzen da) Noren erranak... hea, noren erranak, noren erranak... noren erranak... noren erranak... MARGITA: Arrats batez, nigarrez nintzan, bainan azkenean ez nintzan batere nigarrez. Oh! hoinbeste nigar egiten dut Igurikatzen nuen... Denbora ederra da. HORTENZA: Noren erranak. Noren erranak... Ederki, higabe hasiko nun Musika! Schubert'en Amurraina. Lehen kobla. MARGITA: (Musika gelditzen da) Ezagutzen hut. Ez dun bi. (Palmira anartean, so dago inguruka) HORTENZA: Ni? Ez batere. Iduritzen zaun. (Pianoan jartzen da, hartzen Margitaren lekua eta hunek kantatzen Schubert'en Amurraina, bigarren kobla). (Kantua fini) MARGITA: Aspaldian bilha ginen eta ez ginuelakotz hatzemaiteko gutiziarik, bilhan gabiltza beti Hainitz irakurtua ginuen, amodioaren, atseginen, sendimenduen, azkenean ororen gainean. HORTENZA: Prest ginen bizitzerat, egiazki, entsegu handi hori. MARGITA: Bilkura guzietan izanak ginen. Ez ginuen paradarik eskas, bainan bilhatzen ginuena egiazki beste zerbeit zen, zerbeit gazterik, garbirik, gudari arin bat lurrean emanen gintuena ea zorionez lazturan ar-araziko. O K Hortenza? O K Palmira? HORTENZA eta PALMIRA: O K Margita! (Hiruek kantatzen dute Amurraina) PALMIRA: Elgarrekin gira. (Gibelatzen dira, bat besten aldean, bet betan iziturik) HORTENZA: Uste duna? MARGITA: Ba, naski uste dinat. HORTENZA: Elgarrekin gitun eta orduan? MARGITA: Bainan ez dun konprenitzen. Maite ninan eta oraino maite dinat. Hari lotzen nuen amodioa, azkarra dun, nun usu hiltzeko gutizia dutan... HORTENZA: Bainan nik ere maite ninan. Hik baino gehiago maite ninan. Lehen aldian ikusi dutalarik, mirail bati buruz nindunan. Aintzinatzen zunan eta ikusten ninan begitarte hura. Ezin ahantzizko begitarte hura. MARGITA: Haren begitartea? HORTENZA: Bainan ez, ene begitartea. Begiak harridurak haunditurik, mathelak arrosa kolore tindurik gabe, gaztetasuna lorios. Maite dinat! Maite dinat! PALMIRA: Ixil hadi! Beti xoxoa eta ergela izan hiz. HORTENZA: Maite dinat! Maite dinat. Maite dinat! Arratsa egun dixtirant bilhakatzen zunan. Haizeak buhatzen zinan. MARGITA: Haizeak buhatzen zinan. Haizeak buhatzen zinan. Segur hiza haizeak beti buhatzen zuela. Ez diogu egiazki gainerat dautzin, bainan aithor dezagun ez girela orenak egon hura ezagutu gabe. (Palmira Roberto-ri buruz doa eta erraiten dio beko-beko) PALMIRA: Bainan mentsak dituk horiek biak. Hi, iragaiten hintzan. Entzuten duk: haugi. Sartzen hiz. Bainan ez hiz hola sartu. Bahien gomitua, ez hien hiaurek ukana, konprenitzen duka. (Gero hasten da kantatzen) (Bestek, jeloskeriaz ixilarazten dute) HORTENZA: Zerbeit hatzeman. MARGITA: Nahi duzu edan? HORTENZA: Gin, whisky, vodka, coñaka, udare jusa. Berdin udare jus bat? PALMIRA: Oh ba, udare jus bat! MARGITA: Udare jusak edaten ditu nik bezala. (Udare jusa Roberto-ri eman orde, Palmirak edaten du eta iziturik jargiaren azpian gordetzen). HORTENZA: Ixil hadi ergela. HORTENZA: Mutiko horrek bazuen aire bitxi bat gustatzen ahal zautana. Gogoetazazue zelhai bat lokartzen pereku haundi baten azpian. Nola erran zonbat ederra zen. Bainan erraitea zonbat ederra zen, zer den ederra izaitea da erraitea, ez duna uste? MARGITA: Uher hiz ene maiteñoa. HORTENZA: Haundia zen, orobat heinekoa, hasik ttipia, bainan iduri zuen haudia. Zuhaila, leinhura beltxaran, kasik gaztina kolore batzurekin, haren begi urdin argiek erraiten dinat argiek, zeren eta kolore guzietako urdinak baitira, ene baitan sorarazten tuzten amatiar eta arrebatiar sendimenduak. MARGITA: Barreatzen hiz, ene maiteñoa. HORTENZA: Ba maiteñoa. (Hitz hori gaixtoki erraiten du). Haren begiek geldi geldia gar beltz batean so egiten zautaten. MARGITA: So egiten zaukuten. Maitatu nahi nuen. Ez nion besterik gogoan? Beti ari nintzan: «maitatu nahi dut, nahi dut, maitatu nahi dut». Egiazko errepika bat. HORTENZA: Haren arpegiak biziki ederrak ziren eta kokots luze bat, sudurra ahoan eta ahoa beharrietaradino balinbazuen ere, hots haren begitartea pekoz gain eta trebes iduri bazuen ere, ederra zen. Ba, anderea, ederra zen. MARGITA: Anderea. Uste baduzu hori dela ederra izaitea, berdin gaut. Bainan erranen dauzut bazela biziki jende guk desmasiatzen gintuen lekuetan eta gaizki jelgi ginela. Zer exkandala! zer. eskandala! Bi emazte gaizkiari barna joan. Fama kurritzen da. (Palmirak kantatzen du Roberto-ri kantu hau: Bainan hura dut maite» -68-garren pajan-) (Bestek ixilarazten dute) HORTENZA: Kanta dezagun ene maiteñoa Schubert-en Amurraina. (Musika hastean marrumiaz ari dira. Musika ongi pikatua da bainan lizuna «Hey Mister, bey spender» Sweet Charityena) (Hiru neskek beren itzuli inguruak egiten dituzte eta Roberto estonatua dago) HIRUEK: Let's have some fun! Orai irrinen dinau. (Hiruek berriz emaiten dute Schubert-en Amurraina Palmirak ixilaratzen dituelarik eta beren egitekoetarat itzularazten). HORTENZA: (Nekatto bat iduri) Sekulan konprenituko ez ditudanak dira bihotzaren erabilze, nahastikatze, joan jin horiek, batzuetan ixildua, berriz loriostua. Betidanik odol berokoa izan niz. Gazte gaztea orhoit niz teilatutik erori xori batez. Oraino bizi zen. Hartu nuen eskuetan eta tinkatu, gero eskua zabaldu eta berriz tinkatu. Xoria emeki emeki itotzen zen eta berriz hatsa hartzen. Ene eskuetan hil zen. (Irriten dute bainan Palmira orroaz hasten da) Haizeak buhatuko du azkarki ene denboraren gainerat. Nehork ez du deus asmatuko ene izaiteaz. Mundua negu haundi bat izanen da eta ene irriak ez du nehor berotuko, norbeit ene bizian berotzeko gai balitz ere... Badakizue lehen minixtroaren emaztea ezagutzen dutala? Ba! MARGITA: Sendimendueri ez da manatzen eta amodioa zer da? Beti gogoetatu dut amodioa ez zenez bakotxak beretako duen amodio haundi bat baizik eta beste baten arimaren jabe izaiteko behar haundi bat. Gauaz batzuetan iratzartzen niz. Orenak aditzen ditut, ene biziaren parte bat baizik bizitzen ez dutan mundu huntan. Zendako niz hola, nik dakita? Zendako besteak ez dira berdinak, nik dakita? Zer dira euria berinen eta teilatuen gainean egiten duen harrabotsaz kanpo, kizkoladura xorta perekamendu ezin ezagutuzko, munduak ezagutarazten eta izurtzen dituen horiek?... Nik ere ezagutzen dut ongi lehen minixtroaren emaztea. (Irriak) PALMIRA: (Arrunt amorosturik, deitzen du Roberto angles modako batean): Come on baby, helio, come on baby... I,ll sohw you the appartement. How do you like it, and here, the bath room, come on. (Roberto-k arduran errefusatzen du) -Oh no. PALMIRA: Come on to the bed room, how do you like it... and then the kitchen, come on to the kitchen! What do you want, omelette with bacon? (Zerbeit prestatzen ari balitz bezala... eta gero...) Oh yes... ! Forget about it... I hate cooting! (Palmira iragaiten da huxtuz eta begiez segitzen dute) PALMIRA: Huntaz zer egiten dut? Orenak badira buhurdin horien gainean dagola. Asea niz ni. HORTENZA: Hik aski. Ez dun, maite hugulakotz, uste ukan behar oro haizu ditunala. Aditua dun? MARGITA: (Serioski lunetak emanez) Orai amodioaren aldi. Amodioa dakizuen bezala, sendimendu bat da, gauza bat argitzen ez dena. Amodioa luzaz aipatuko dauzuet. HORTENZA: (Harek ere lunetak emanez) Hau da amodioa. ilhuntzea da. MARGITA: Jadanik bi aldiz ilhundua da. HORTENZA: Berriz ilhuntzea da eta bi emazte bet-betan arrapixkolaturik, fede onean, beren bihotz haundiaren barnetik amodioaz hasten dira. MARGITA: Amodioa. HORTENZA: Amodioa. BIEK: Amodioa. Amodioa. Amodioa. (Musika hasten da berenetik ari diren artean. Palmira ozaze haundi bat eta zerbita alimale bat eskuetan toreador batek bezala egiten du (Manxako gizonaren musika) eta Roberto iresten). PALMIRA: Garbia zen, biziki garbia, aphaindua biziki aphaindu, pollita biziki pollita, sabel, begi, sakola batzuekin eta larrua zimurtua berdin, bainan halarik ere ongi biziki ongi, ongi, biziki ongi. Holakorik ez da hortaz besterik. MARGITA: Aski. Orai. izan giten serios eta hunkigarri... Utz nezague adixkideak eletrika soinulari ene gizon ohiak pagatu huntan emaiterat Samuel Barber-ek String-endako egin kantua. Amodioa gogo ilhunik gabe, hitz dauzuet, zer da? (Palmira gelditzen da, eletrika soinuaren inguruani dabila, hartzen du dizka untzia, titulua irakurtzen eta errepikatzen entzuteko gisan. Durduzatua iduri du). PALMIRA: Geldi zite! Izigarri enoagarria zira. Ez du biziki eskolarik, badakizu. MARGITA: (Bixkotxa jaten ari da, zankoak junpan) Margita da ene izena. Gaztea niz ez dakit gauza handirik, ezkondua izanikan ere. Batzuetan nihaur erabiltzen niz bainan badakizun bezala gero ez da... deusik... Zure ileak maite ditut. HORTENZA: (Hura ere iaten ari da, zangoak junpan) Deusik! Juan den urtean ez nintzan hemen. Kanbodijian nintzan. Kasetak irakurtzen nintuen. Deusik. Ez zen deusik iragaiten. Zure ileak maite ditut. PALMIRA: Horren bizian ez da gauza haundirik iragaiten, badakizu? MARGITA: Enean ere ez. Gure arteko lokharria da. HORTENZA: Zeren eta uste dun bi izaiten anean deus lokharri bat izaiten ahal dela. Baten deusa bestearen deusari loturik eta horra zubi bat. (Aharra berriz hasterat doa noiz eta Palmirak dunduna berriz joiten duen). MARGITA: Nahi nuen maitatu. Amodioak ez du izaririk. PALMIRA: Egiazki eta nola? HORTENZA: (Roberto-ri) Erraiten dutalarik akomeatzen ahal girela, sinesten ahal nuzu, enekin akomeatzen da beti. PALMIRA: Zer dakon, hire burua eskaintzen? MARGITA: Ez zazula beha, ni beha nezazu lehengo. Enekin ez da akomeamendurik: amodioa ezagutzen duzu? PALMIRA: Segurra ezagutzen duela. MARGITA: Amodioarekin ez da akomeatzerik. Amodioak ez du izaririk. HORTENZA: Badakigu hirekin amodioak ez duela izaririk. MARGITA: Ez zitut zeru gibelerat eremanen, urrunegi baita ez eta ere ene kanberarat. Ez dakit norat joan. Ez dut ene borondate ona baizik, ene amultsutasuna, funtsean hatzemanen dutana, ongi bilhatuz. (Hortenzak eta Margitak beren pildak idekitzen dituzte, Palmirak Roberto kitzikatzen duen artean). PALMIRA: Hik bilhatzen duk... bilhatzen duk hire abantaila. Zoin den bietarik aberatsena. Zeren eta ez dik balio jenden aintzinean agertzea, itzul inguruka artzeko debaldetan. HORTENZA: Ez zira diru gose bederen? PALMIRA: Hori, ez, zendako? HORTENZA: Ene adixkidea baino aberatsago bainiz. MARGITA: Oh! Hori gaizki dun! xikanatzen dun. Ez hien ahantail hori agertu behar. Orai hanbat gaixto! (Mainhoarraren barnean sakatzen dira, Water musika hasten delarik eta populuari bihurtuz salboin ponpoilak ufatzen dituzte, ponpoil kolore guzietakoak). PALMIRA: Gizonaz jabetzeko oren nekeak basten dira. Galernak denak xehatuko ditu. Zonbat oheko lagun hola galduak izanen dire atseginaren uhainen zirimoletan. Atsegina! HORTENZA: Oh zonbat sustagarri den senditzea norbeit zuen aldean, zurea izanen dena edo sekulan zurea ez dena izanen. Eremanaraziko dut denetarat, bilkuretarat, teatrorat, zinemarat. Ilhun pean eskua hartuko dakot eta joanen niz gorago edo beherago. MARGITA: Ixil hadi. Lizuna hiz. Ahalgearazten nun. HORTENZA: Margita ez da gehiago egonen jeloskeriaz. Errabiak itxutuko du gaixo mimiñoa. Amodioarik gabe. MARGITA: Ixil hadi. Deitoragarria agertzen hiz denen aintzinean. Hire burua desohoratzen dun. HORTENZA: Maiteñoa beti gose izanen da?... Bixkotxa bat, xokolet poxi bat esne gainarekin? Bi ogi xerrenda, tomatea artean? PALMIRA: Ba eta bi ogi xerrenda tomatea arten. Maiteko du ere anglesa ikastea. HORTENZA: Nahiko du eskolatu? Oh... Nahi nakoke eskola egin. Uste dut eskolatuko dutala. Izigarri urus niz, azkenean kasik. Ez dezagun espanturik egin. MARGITA: (Etsiturik mainhoarretik ateratzen da, ura dariola, eta alegia anglesez mintzatzen) Maiteñoa, badakina beti hastiatu hutala? Bereziki kantuz ari hintzalarik? HORTENZA: (Alegia anglesez hura ere) Badakinat maiteñoa. MARGITA: Bertzenaz, ez bahintudan hastiatu ez nagokunan hainbeste usu ikusterat agertuko. HORTENZA: Hori egia dun. Bainan zertako maitatu behar dut? MARGITA: Ikusten dunalakotz eskapiko zaunala. HORTENZA: Beti eskapi zaut. MARGITA: (Alegia anglasez) Maitatuko nau. Maite dinat, konprenitzen duna? Hola jin zaut batere abisatu gabe. HORTENZA: (Alegia anglesez) Aski dun lanean artzea besteak bezala. Lanean ar adi gobernamenduaren zerbitzuan eta ez zaun deus gerthatuko abisamendurik gabe. Beharko ditun hilabeteak abisatzen. MARGITA: Maite dinat. HORTENZA: (Beti bere mainhoarrean) Gertakari bitxia, bihotza erdiratzen duena eta moltsa husten haundietaz, gutietaz eta azkenetaz. PALMIRA: Joaiten ahal dea? HORTENZA eta MARGITA: Ez. PALMIRA: Irakurtzen artzen ahal dea? HORTENZA eta MARGITA: Ez. PALMIRA: Ixiltzen ahal dea? HORTENZA eta MARGITA: Ez. PALMIRA: Orduan zer artzen ahal da? HORTENZA: Deusik. MARGITA: Usatzen ari ginen emeki emeki gure artean. (Kantatzen hasten da Hoffmann-en istorioetako Bacarolla, gau arropa bat emaitean). PALMIRA: Dizkak ekartzen dituzte, gogoak soleitu nahi dituzte, beren xahar denborari pentsatzen dute, bainan hik irri egiten duk, ez dea egia? MARGITA: Mutiko horrek irri egiten zautan... Nahi duzue behatu. O Euskadiko baratze goxoak. (Martinikano mintzo moldean) Buxuriren idazleak, kantari eskualdunak, soinulari eskualdunak, soinugidari eskualdun batekin. Bixtan dena biziki ederra da. HORTENZA: Ez. PALMIRA: Yes, plazer baduzu. HORTENZA: No. PALMIRA: Ba, please. (Suge dantza. Margita lizunki hasten da dantzan, besoak ikaratuz Roberto-riz buruz; Hortenza mainhoarretik ateratzen da, xukatzen neurkatuz eta itzultzen). HORTENZA: Geldi hadi. Ez duna ikusten ez hizala behar bezala egoiten ixtant huntan? MARGITA: Ez! HORTENZA: Herabetarazten dunala? MARGITA: Herabetarazten dutala nik? HORTENZA: Ez zitu herabetarazten? MARGITA: Ez dut herabetarazten, sarerat biltzen dut. PALMIRA: Guri arras berdin zauku! HORTENZA: Ongi konprenitzen badut, beharko hugu jasan? MARGITA: (Kantuz) «Zonbat urus nizan adixkideak, burua galtzen dut eta ez da jostatzeko amodio bat. Roberto eder huntaz jabetzen jakin dut, maitatua niz eta oihukatzen dut gizon horrek ezagutarazi dauzkitala etsidurak; nigarrak... nahi ninduen ere behin leihotik botatu. Ah zer plazera hola maitatua izaitea!». (Hortenzak eta Palmirak inharrosten dute mokorki Robertorekin batean) Tapadi, tapaboum, galagou, galaga, brilibou sats vi si ta boum, galati galala. MARGITA: Zertaz ari zinezten? HORTENZA: Hori eta hi araiz. Ez zanala hobengabea egin, Adixkidea, hobengabea egin du. MARGITA: Ba. Kazinoan gerthatu zen edo berdin metroan hainitzki jende zen arratsalde batez. Berdin ere gertatu zen gure arteko bilkura batean. Emaiten zuten Schubert-en Amurraina. (Entzuten da «Ene Eurydiza galdu dut» Glück-ek egin Orphéeko kantua) HORTENZA: Zuen arteko bilkura? Denak joaiten ahal zitunan han hintzanaz geroz? MARGITA: Eta zendako plazer bazan? HORTENZA: Nehorek ez hirelakotz gomitatzen. Araiz, badakine zer izaiten ahal den. Bestela ere lehen Minixtroaren emazteari aipatua dinat. MARGITA: Zoroki gertatu zen. HORTENZA: Beti bezala! MARGITA: Erran nakon segi nindezan. Ene senharra ez zen hor. Haren atorra eder bat emana zuen. HORTENZA: Joka nion hire senharrari baino hobekiago joan zakola? MARGITA: Arrazoin dun. Eta ene senharrarekin baino hobekiago parekatua nindunan. Eskua hartu nakon. PALMIRA: Nahi duzia esku hori utzi! MARGITA: Ez. HORTENZA: Desgustagarria zira... nik hoinbertze gauza pagatu ondoan. MARGITA: Zer pagatu dakon? HORTENZA: (Ura xartakatzen du, beti andere haundi) Ez dun hire egitekoa! Hum, hum... delako zuen arteko bilkura hura... noren etxen zen? MARGITA: Ez ditun ezagutzen. HORTENZA: Bederen erran dezadan nola egin bien gomitatua izaiteko. Ez ditaken aise izan? MARGITA: (Beti Euridiza kantatuz) Preseski ohargarria kausitu zuten... Xoratuak zirezte. HORTENZA: Bainan ez da hori Schubert-en Amurraina?... Orhoituko niz, orhoituko niz... iduri zaut... Beethoven, Ravel, Mariano, Dassary, Lasarte, Uztapide Etxahun, Xalbador, Petiri Uhartekoa, Elizondo. PALMIRA: Bainan errazue, ez duzea uste hori ere badela? MARGITA: (Belhaunikatzen da) Dohakabea. Barka ene bihotzgabea. Aditzen duzu musika hau «Ene Euridiza galdua dut » (Edo berdin utzo xuria) Gizon bat da emaztea galdurik. Kantuz ari da, biziki trixte zeren eta amodio handi batek bi izaite josten ditu beti. Prest niz bizi guzia egoiterat zuk hunki gabe bainan nahi zitut begiratu. HORTENZA: (Ez du utzi nahi elhe horietan segitzerat) Barka, barka zadan hoinbeste urrundua eta eskasa izaitea. (Hartzen dituzte sukal palote batzu eta aharratzen dira) PALMIRA: (Egiazki kexu) Erran dauzet zer ari den edo zerez den ari: ez da deus ari, deusetaz ez da axolatzen. Haundikeriaz gose da eta manatzeaz. Arratsetan zuekin ez delarik, badoa kurri. (Lardazkatuak dira bi emazteak) MARGITA: Ez ixil hadi, ixil! HORTENZA: Silencio. PALMIRA: Bere gaztetasuna andeatzen du. Zueri emaiten ahal luken amodioa xahutzen du. Ez zituzte sekulan maitatuko ez duzuelakotz maite. Berdin holakorik ez da izaiten ahal. HORTENZA: Bainan ba, zernahi gertatzen ahal da, sinets nezazu. PALMIRA: Geldi zite zure buruaren botatzetik besten besoetarat. Bederen atxikazu onestasun miko bat. HORTENZA: Onestasun hik baino ehun aldiz gehiago badinat. Mundu ustel batean bizi nun eta nere burua berdin ustel sendi dinat. Bainan denak ustelak izanikan ere gelditzen zautan garbitasun apur bat, hik sekulan izanen ez dunana. MARGITA: (Roberto-ren ganat doa eta xutiarazten du) Ez dun hola mintzatzeko biderik. Ez du biderik ez zauzu iduri? PALMIRA: Denak zuzenbide zaizko. MARGITA: (Roberto oherat emanarazten du). HORTENZA: (Ikusten du zer iragaiten den eta nigarrez hasten da hasarrez) Ba eta gizon bat banintz mundu huni gaina har nezake. Kuxku bateri bezala ene ahurrean. Behar da bizi eta nigar egin bainan airoski eta besteren heriotzea ez da izaiten ahal ona so egilearentzat baizik... Hiretua duna? MARGITA: (Robertorekin ohearen gainean) Ba, enekin oheratzen dun. Hirekin baino lehen; ez othe zaun plazer? HORTENZA: Oh! hire etxean? MARGITA: Ba, ene etxean. HORTENZA: Eta hire senharra? MARGITA: Ez nun batere kexu ene senharraz! Maite dinat. HORTENZA: (Nigarrez badoa sutegi alderat, bi arroltze hausten zartainean eta kexu nahasten). (Harpa musika) PALMIRA: (Gauzak ikustean gaizki joaiten ahal direla joiten du dundun kaska bat). HORTENZA: Hire senharra ez dun hemen? MARGITA: Ez bainan hori hemen dun. PALMIRA: Bainan nun? MARGITA: Aberastasunak nahasten du. PALMIRA: Menturaz herabetzen. MARGITA: Hunek gaixtakeria maite du. Berria da eta ez da zahartuko. Ez zaizko erroak urrun joan. PALMIRA: Maiteko hintuen ama izanez. (Palmira eta Hortenza irriz eri dira. Margita oihuka hasten delarik). MARGITA: Oh, oh, oh! (Ohetik atera da) HORTENZA: (Kurios) Nigarrez ari hiz? MARGITA: Bainan amodioa eskaintzen dakot! PALMIRA: Amodioa ez da eskaintzen. HORTENZA: (Margitaren lekua hartzen du ohean eta Robertori lotzen) Eta ni? (emeki mintzatuz). MARGITA: Zer hi? (emeki mintzatuz). HORTENZA: Ni? MARGITA: Zer jende pozoindua. Bilkurek ez daunete denbora aski betetzen. Habil ikusterat lehen ministroaren emaztea ez denez sukaldean. HORTENZA: Badakin zer nahi dutan. MARGITA: Ohartzen nun. HORTENZA: Ez dun deuseri ohartzerik. Amodioa ez da uxerrari ohartaratzen. Zizia andeatzen deraku. PALMIRA: Baduna dirurik? HORTENZA: Zendako? PALMIRA: Emakon. HORTENZA: (Robertoren sakelan emanez billet bat) (Palmirak idekitzen dio eta berriz emaiten) Ederra dun billet hau. HORTENZA: Senharrari hartua dinat goiz huntan berean. PALMIRA: Badakina zer egin behar huken diru hunekin? Behar huke anglesa ikasi. HORTENZA: Bainan erakasten ahal dakot anglesa. PALMIRA: Hori hunkigarri dun: orduan baliatzen ahal liken beste zerbeitetan. Badakika zer egiten ahal huken batzuetan? eta hik badakina? HORTENZA: Ez erran. PALMIRA: Nahi niken treinaren azpirat ene burua botatu. Zer uste dun gerta litakela? HORTENZA: Deusik. Ez litaken deus gerta. Treinak ez du lehertzen ahal izaiterik ez duena. PALMIRA: (Xutitzen da, burua gora, hein bat samur) Milesker, andere maitea. (Iduri du arras gaitzitua, jar-aratzen du Roberto bere jargian eta badoa). HORTENZA: Errespetagarriak bilakatzen gira. Izan ziren goizak eta arratsaldeak elgarrekin iraganak. MARGITA: Biziki ixila ninduan, aithor-ezadan. Arras ttipi bilhakatzen nindunan, haren besoetan hiri leku gehiago uzteko. (Bat ohearen gainean jarria da, bestea zizailu batean, bestea fotil batean). HORTENZA: Xoxoa. MARGITA: Bandila. HORTENZA: Marmutxa lerdetsua. MARGITA: Sare hutsa. HORTENZA: Bipera herresta. MARGITA: Pareta kordokatua. (Palmira xutitzen da loriatua) PALMIRA: Burua altxatzen du. Igitu gabe so zauku aharratzen. Eskolatzen da. Behatzen du biziki aisetasunekin. Baditu begi batzu biziki haundiak eta aho bat... HORTENZA: Eta haren ahoa, zer gogoetarazten daun haren ahoak? oilanda bipildua. MARGITA: Ederra dun, biziki ederra, aitortzen dinat, porru hostoa. HORTENZA: Eta haren lepoa, onjo pozoindua. MARGITA: Ongi, bizik ongi, kasik ospegarria. Bainan ez dautan erranen, ez dunala beste gauzarik bilatzen. Aithor-an. HORTENZA: Eta hik zeri arthatzen dun, haren belhaun burueri eta haren zango sagarreri menturaz? MARGITA: Igel lehertua. HORTENZA: Xixtera zilatua. MARGITA: Konprenizan, nahi ninan beste zerbeit. HORTENZA: Nik ere nahi ninan beste zerbeit. Bainan gauza bat gaizki hasten delarik ez dun sekulan ongi akabatzen. (Gerla musika erho bat) PALMIRA: Jazartzea, jazartzea. (Gerlari bat iduri) Jazartzea, gibelerat itzultzen ez den gauza bat da Jendea xutitzen delarik bere buruaren libratzeko, uhain baten pare erhausten ditu gure manazaileak. (Arte hortan, beste biak batere ez axolatuak aharrosiz ari dira). Jendeak du manatzen. Jendea ere jazartzea da. Jazartzea basten da beti hasarre batez, zuzentasun gehiago nahi duten jende lehertuen beharraz. Nahi dute berdintasuna, anaitasuna eta gustian bizitzekoa... Avanti popolo, alla rescossa (kantuz). Avanti popolo, alla rescossa. Triumfara, triumfara. (Akabatzen du kantatuz Roberto-ren beharrirat). (Margarita eta Hortenza jarriak dira jendeari buruz eta beren buruen tindatzen hasten dira. Gauza nekea da, akigarria, beren burueri so egiten dute alde guzietarat zinkurika eta hasperenka). HORTENZA: Griña bat badinat. MARGITA: Zeren eta griñatzen baihiz? HORTENZA: Ez othe da ageri?... arpegiak seko, ahoa mardo eta... oh! zer burua... MARGITA: Ez bestaldetan baino gehiago. HORTENZA: Gaixtoa duk, ez duka uste? PALMIRA: Utz azue bakean. Badakizue, gauza horien gainetik dabila. HORTENZA: Erran dun gainetik ala beheretik? MARGITA: Beheretik naski. HORTENZA: Griñatzen nuna da, erran badu beheretik, egia ditakela. Orduan ez ez da hein atsegarrikoa. MARGITA: Bainan zendako griñatzen hiz? Aldi bat bederen aurkitzen dun hire heineko norbeit. HORTENZA: Ederki, konprenitua dinat. MARGITA: Konprenitua du. Hola hobe. Nik ez dut konprenitzen. Amodioa, berdin balio du deiturik ere ez da heldu... nahi dugun bezala. Bestela ere nola jin ditake, ez dugu deus egiten hortako. HORTENZA: (Roberto-ri) Ene mutikoa. PALMIRA: Ez dun hire mutikoa, jakin-arazten daunat. HORTENZA: Orduan, jauna. PALMIRA: Ez din balio ere jauna deitzea. Ene mutikoa, sobera dun eta jauna sobera guti. Egiazki ez duzue aise kausitzen hein ona. HORTENZA: Aditzen dun? MARGITA: Ba hatik! Mesprexatua hiz ongi konprenitzen badut. HORTENZA: Ez batere. Hitaz gauza bera pentsatzen din. Biak mesprexatuak gira (Beren buruak tindantzen dituzte ziliportaka eta thuka). MARGITA: Bainan nahi nakon zerbeit erran... HORTENZA: Ba nahi nuen erran: Roberto, nahi baduzu joan, zoazi. Guhaur egonen gira, kantatuko dugo Schubert-en Amarraina, atsegabetuak, bainan bederen jakinen dugu zendako. MARGITA: Zeren eta ez baitakin. HORTENZA: Ba, badakinat eta badakin. PALMIRA: (Roberto brau xutitzen da eta taulen erdirat joaiten) Bozkarioz gose da eta ohorez. Nahi du izan eta frogatu norbeit onik izaiten ahal dela. Zerbait egiten ahal duela bere bizian. MARGITA: Bainan konpreniazu, bizian deneri ez dela izaitea galdetzen. Ez diogu izaitea galdetzen. HORTENZA: Bego hola. Aldi batendako mutiko horrek zerbait egiten ahal zuen. MARGITA: Bainan erraiten du nahi duela izan eta frogatu norbeit izaiten ahal dela. HORTENZA: Bego hola. Aldi baten dako mutiko horrek zerbeit egiten ahal zuen. MARGITA: Bainan erraiten du nahi duela izan eta frogatu norbeit izaiten ahal dela. HORTENZA: Bego hola. PALMIRA: Hori da. Ez dakozue sekulan elhea uzten. Ez du sekulan deus erraiten ahal. HORTENZA: Egia da. Kalakariak gira. Denek errana daukute. PALMIRA: Denek, zeren eta ez baita lehena? HORTENZA: Zertan izaiten ahal norbait lehen? Euskal herriko ixtorian, beribilketan, euskara izkiriatzen denean bestetan!! MARGITA: Egia da. PALMIRA: Bainan erraiten dauzuet nahi duela izan, erran nahi baita aintzina joan. HORTENZA: (Doalarik mehatxuka Palmira eta Roberto-ri buruz). Izan, aintzina joan, nahi duzea ez aipatu ez dakizuena. Aintzina joan, bainan horra ideia bat. MARGITA: Jarririk da, ihalozka, ixtanteko. PALMIRA: Hedailo da, egia da, ez luke behar. HORTENZA: Bego egin dezan nahi duena, etxen da edo kasik. PALMIRA: Azkenean ez duzue deus besterik bihotzean? HORTENZA: Zeren eta orai galdeak egiten baitira? PALMIRA: Ba, galdeak egiten ditut. MARGITA: Bainan denak makurtuak dira... Ah, ah! HORTENZA: Egiazki eta gero ere... Irri egitetik geldituko hizalarik, hire zimurdika itsusi ttipi orai desbixtatzen hituzten horiek kukutuko ditun. MARGITA: Bego, goazen. PALMIRA: Norat? MARGITA: Enekin kurri. Kanpoko aireak ideiak emanen dauzkigu beren lekuan. HORTENZA: (Athea debekatzen dio) Bainan ez da kanpoko airerik hemen. Ezagutzen hut, nahi ditun kurritu karrika karioak, bide aphainduak. Joanen hiz, hire ipurdiaren prezio gabeko saltegien aintzinean emaiterat. Hori dena kanpoko airea hiretzat? Ez duna ikusten preso hizala mundu ustel histen eta hiltzen ari den batean? MARGITA: Bego! ez da etsiarazle hoberik. Ustela denetan ikusten du. Horrekin mendiak ere trixteziaz trenputxar litazke. Horren ttittieri so egizue. HORTENZA: Erakutsiko daunat ez dunanen aipatzen. (Mazelako bat emaiten dio) MARGITA: Egun batez pagatuko dautan. HORTENZA: (Lasterka, errepikatuz) Menturaz, menturaz, menturaz. MARGITA: Ba ikusiko dun, ez din luzaz iraunen. HORTENZA: Zerek? MARGITA: Hire ozarkeriak eta basakeriak. HORTENZA: Ez dun biziki hire burua ikusi. MARGITA: Eta hik menturaz ez dun hire buruari so egiten mirailetan. HORTENZA: Nik ikusten dutanak balio din hik ikusten dunana. MARGITA: Ez dun deus ikusten. HORTENZA: Nolaz? MARGITA: Oilo lanhatua. HORTENZA: (Urhats bat egiten du) Horra! hori ederrena dugu. PALMIRA: (Roberto-ri) Orai goazen. MARGITA: Ez ziteztela joan, galdetzen dauzuet. Ez gaitzatzula utz holako ixtantean nun seriostasuna heldu baitzauku ilhundurarekin. PALMIRA: (Roberto beso hegaletik tiratuz) Gu bagoatzi. HORTENZA: Ago hor, utzan bere gisa, ez dun hirea. PALMIRA: (Oihuka, surnindurik, bainan igitu gabe) Beraz, banoa. MARGITA: Ez ziteztela joan. Egon zitezte hein bat behar bezala. HORTENZA: Hori egia da. Gogoan erabiltzen dutalarik. MARGITA: Maiteñoa. HORTENZA: Beti deus erran nahi ez duten hitzak. MARGITA: Maiteñoa, gu hiruetarik biga sobera dira. Segur niz. Beldurra badut. (Musika bitxi bat) HORTENZA eta MARGITA: (Eskuak begien gainean zinkurika ari dira). Zerua, oh! zerua. (Emeki, kolpeka, musika pikatuz, jelgitzen dira, Palmirak zerbeit Roberto-ri beharrirat erraiten duelarik). PALMIRA: Orai beraz pausartea dugu. Bahoa besten ganat bainan sarri ez ahantz berriz jitea. Ez holakorik egin ikusiko duk, libertituko gituk ontsa gero ere. Orduan berriz ethorriko hiz, ikusiko duk, hobekiago izanen duk gero. Amurrainkariak, Beņat Dacosta |