Justizia txistulari, Gabriel Aresti BIGARREN ZATIA (Milagrua gartatu zenetik illabete batzuek igaro dira. Lehen zatian ikusi genuen leku haretan bertan gaude. Kadira altu baten gaiñean egonik, Palazioa arkituko da. Beraren gorputzera bilduko dira kolore guztietako farolen argiak. Haren ondoan, beste kadira ttikiago batean jarririk, Joane Doktore kausituko dugu, apainki jantzirik. Haien inguruan, grupotan banaturik, komedia honetako pertsonaje guztiak arkituko dira; grupo bakoitza kolore bateko farola baten argitara jarria. Eta Arlote mintzatzen da.) ARLOTE: Doktore? Zu al zera Doktore? Joane Doktore famatua? DOKTORE: Jende zatarra, zerritokian jaioa. Ixildu zaitez. ARLOTE: Baiña nun ikasi zenuen zuk medikutza, doktore izateko? DOKTORE: Nere doktoretza ez dator gaixoak ill-arazitzeagatik! ARLOTE: Ze Unibersidadetan eman zizuten titulo hori? DOKTORE: Nere aitak eman zidan. ARLOTE: Aitak emana? DOKTORE: Eta herri honetan ostatu bat nun arkitu liteke? ARLOTE: Ai, laguna! Herri hau ez da gaur egunean denbora batean izandu zen bezain inportantea. Gaur gaurkoz, herri apartatu eta ahaztua da. DOKTORE: Milagroak jende asko ekarri aldu? ARLOTE: Euskal-Herri guzitik millaka eta millaka etorri dira. Azkeneko egun pare abetan allegatu diran kastellano eta Aragoi'tarrak ere ez dira gutxi izandu. Akitaniatik eta Frantzi aldetik ere batzuen batzuk azaldu dira, Santiago bidetik etorriak. DOKTORE: Eta zuk nola arkitu zenuen lekua? ARLOTE: Aita San Jose eta Maria Birjiña'ren moduan, ganadu portale batean akomodatu naiz. DOKTORE: Zurekin eramango al nauzu? ARLOTE: Lekua badago; baiña ez dakit zure arropa eder eta dotore oiek ez zikintzeko nola konponduko zeran. Lastoa ugari dago, bañan an bertan azienda eta abere batzuek sartzen dituzte gauero. Nere laguntza oso garbia irudituko zaizu haiekin konparaturik. Bart arratsean auntz bat arkitu nuen estalpe aretan. DOKTORE: Eta seguru al zaude lo egiteko gelarik ez detala iñun arkituko? ARLOTE: Billa zazu nunbaite. Alperrik aspertuko zera. DOKTORE: Orduan zure adiskidea izatea beste erremediorik etzait gelditzen. ARLOTE: Mundu guzia izan da orain artean nere adiskidea. DOKTORE: Zuk daramazun traza horrekin gauza zailla iruditzen zait. ARLOTE: Kardenalak eta Printzipeak ere izan ditut adiskide. DOKTORE: Adarra jo nahi al didazu? ARLOTE: Adarra jo? Nun dabill, ba, zure andrea? DOKTORE: Ez det andrerik. Soltero nago. ARLOTE: Eta deskuido batean noizbait arrapatzen bazaituzte, zer egin behar dezu? DOKTORE: Deskuido batean arrapatzen banaute, ezkondu egingo naiz; baiña ni aldarera eramango nauen amaren alabarik ez da mundu honetan jaio. ARLOTE: Oso bide txarra daramazu, laguna. DOKTORE: Bide txarra? ARLOTE: Bai, oso bide txarra. Gizonak garaiz ezkondu bear du, sasoiz dagoen bitartean. Orain, gazte zeran bitartean, oso ederki ibilliko zera neskamearen oietik dukesaren oiera. Dibertsio polit hoiek oso ederki etortzen zaizkio gizonaren gorputzari; baiña gazte den artean bakarrik. Gero gizona, gizon errukarria, urteen buruan zahartu egiten da. Eta gauza hau gizon guztiei gertatzen zaie, bai pobre ta bai aberatsei. Ez al dakizu Luzaideko bertsolariak kantatuko duena? (Kantari asten da.) Ene espirituan Ba zen zenbait bertsu Oraino den guzia Ez zeraut ustu Zertaz dudan solasa Emazue kasu Esplikatuko baitut Ahal bezain justu Zahar baina prestu Odola zait hoztu Bihotza ere laztu Gorputza hertsatu Oraino gazte banitz Banuke gustu. DOKTORE: Baiña gizona, bertso hori kantatuko duen bertsolaria ez da Luzaide'n jaioko. Bidarrain jaioko da. ARLOTE: Bordel bersolaria Bidarrain jaioko dela? Gizona, zu burutik eginda zaude. Bordel Nafarroa zarreko Luzaide'n jaioko da. DOKTORE: Bai, badakit Bordel Luzaide'n jaioko dela. Baiña bertso hori kantatuko duen bertsolaria ez da Bordel izango. Otsalde izango da. ARLOTE: Otsalde? Otsalde'k bertso hori kantatu? Otsalde ez da bertsolaria izango. Otsalde bai al dakizu zer izango den? Poto besterik egingo ez duen bertsogille aldrebes bat. Baiña nork entzun du iñoiz Frantzi aldean bertsolaririk dagoenik? Egiazko bertsolariak Nafarroan jaioko dira: Lasarte, Narbarte... eta beste milla. DOKTORE: Baiña zer diozu, asta-kirten horrek? Naparroan bertsolarien denporan ez da euskaldunik izango. Zenbait lekutan gordeko da euskera, baiña Gipuzkoa eta Lapurdi'ko inguruko herrietan bakarrik. Gañerakoan, Iruñ-inguru guztian erruz galduko da euskera, eta bertan ez da bertsolaririk jaioko, eta bertako jendeak Aragoi aldeko jota piperrak kantatzen besterik ez dute jakingo. Bai, lagun; emendik lareun urtera, Naparroa guztiz erderatua arkituko da. ARLOTE: Baiña zuk nola dakizu etorkizunaren berri? DOKTORE: Izena nundik datorkidala uste dezu, nere jakituria haunditik baizik? ARLOTE: Bai; Joane Doktore haundia. DOKTORE: Nere aita Elizako Doktore haundi bat zen. ARLOTE: Elizako doktore haundi baten semea? DOKTORE: Bai, Italian jaioa. ARLOTE: Nik gizon bat ezagutzen det, Elizako doktore baten semea hura ere; baiño hura Inglaterran jaioa da. DOKTORE: Zure ezagun bat? Nola ezagutzen dezu zuk, herriko seme billau horrek, horrelako jende printzipala? ARLOTE: Lehenere esan dizut. DOKTORE: Kardenalak ta printzipeak zure lagun dirala? ARLOTE: Bai jauna; oso adiskide aundiak. DOKTORE: Eta nundik ezagutzen dezu Elizako doktore horren seme hori? ARLOTE: Jaiotzatik. Elkarrekin jaio giñan. Gizon hura ni naiz. DOKTORE: Gauza bakana da hori. ARLOTE: Bai, benetan estrañoa. DOKTORE: Sekulakoa. ARLOTE: Oso gutxitan ikusitakoa. DOKTORE: Nere aita Inglaterran bizi izandu zen luzaro, eta Inglaterran jaio ziñan... ARLOTE: Nere aita italianoa zen, eta zu Italian jaio ziñan... DOKTORE: Gaiñera zuk etorkizunaren liburua irakurtzen badakizu. Eta birtute hori Arlote jakintsu haundiaren semeeri bakarrik eman zaie... ARLOTE: Nere izena horrela da. DOKTORE: Nola? ARLOTE: Petri Arlote. DOKTORE: Eta nerea berriz... ARLOTE: Joane Doktore... DOKTORE: Orduan gu biok... ARLOTE: Anaiak gera! DOKTORE: Elizako doktore Arlote aundiaren... ARLOTE: Semeak! DOKTORE eta ARLOTE: Anaia!!! (besarkatzen dira). ARLOTE: (Kantari.) Doktore eta Arlote dira jakin gaberik anaiak. Biok ekarri gaitu mundura Italia'ko galaiak. Orain artean ez gera izan oso profeta alaiak. Aurrerantzean behar ditugu aurkitu bide zelaiak. DOKTORE: (Kantuz.) Hementxe Petri Arlote eta Joane Doktore. Gure aita zen ltalia'ko guztiz gizon noble. Profeta gera gure denboran eta ez bagiña hobe. Kontu honekin dirua ateraz ez gera biziko pobre. ARLOTE: Zer esan nahi dezu? DOKTORE: Milagroetako herrira iritxi gerala esan nahi dut. ARLOTE: Bai, milagro baten usaira etorri naiz ni ere. DOKTORE: Eta zer gertatuko da emen bi profeta jendearen etorkizuneko bizitza igarritzen asten badira? ARLOTE: Mundu guztiak siñistuko duela. DOKTORE: Eta gaiñera ezkutu eta dukat ederrak pagatuko dituztela. ARLOTE: Eta diru hoiek gure sakelera etorriko dirala erdi-bana. DOKTORE: Bai, negozio biribilla presentatu zaigu. ARLOTE: Arront aberastuko gera. DOKTORE: Gure pobretasuna bein eta betirako igesi joango da. ARLOTE: Emendik aurrerantzean zaldun nobleak izango gera. DOKTORE: Santiago'ko ordenakoak izendatuko gaituzte. ARLOTE: Eta ez degu ostatu pobretik ostatu pobrera ibilli bearrik izango. DOKTORE: Ez, gizona. Baiña ahalik eta laisterren asi gaitezen. ARLOTE: Zer egingo degu? DOKTORE: Ortik dabillen jendeari dei egingo diogu. Zu mintza. ARLOTE: Bai orixe. (Asten da.) Mundu guztiak aditu beza! Urbillbedi mundu guztia gure esanetara. Hemen bi profeta daude. Italia'tik etorri berriak. Etorkizuna axertatzen da. Ez beza iñork zalantzik eduki. Guk igarriko degun guztia pausorik pauso eta punturik puntu erremediorik gabe kunplituko da. (Argiak, jendea. Sei grupoak: Gorria. Urdiña. Oria. Berdea. Anilla. Naranja. Kondea eta gelariak. Marika Luze eta Perrando Txistu. Txordon Pilota eta mugimentuko mutillak. Inkisidore jaunaren serbitzari eta kalonjeak. Kondesa andrea. Apaiza eta haren serorak.) Mundu guztiak entzun beza! Mundu guztia urbill bedi gure esanetara! Hemen igertzen da munduaren ardatzak nola jiratzen duen, nundik eta nola dabillen! Hemen estudiatzen da izarretako geometria, zeruaren alde batetik bestera nola mugitzen diran, eta pertsona bakoitzaren etorkizuna nola agertzen duten! Urbill zaitezte! Etor guregana! Hemen egi-egitazko bi profeta arkituko dituzue: Petri Arlote eta Joane Doktore, biak Italia'tik etorri berriak. Bertako gizon jakintsuekin ikasi genituen filosofia eta teologia. Eta gero Elizako Doktore famatuekin gure jakituria franko ugaritu zen! Elizako Doktoreak asko kariñatu ziran gurekin, eta aien artean bat batez ere, guztietan famatuena eta jakintsuena, libururik lodienak eskribitu zituena, gure aita bera! Gure ama gaxoak munduko bi toki diferentetan ekarri giñuen mundura, eta orregatik bizi izandu gera gaur arte elkarrengandik aparte. Baiñan gaur atzenik alkar topatu degu, eta auxen bai dela milagroa, Gabon-Ederrena baiño askotaz milagro haundiagoa. Urbill zaitezte! Aditu zazue! Entzun itzazue gure esanak! Emen etorkizuna igarritzen da! Italia'tik Orientera joan giñan, eta bertako Errege Mago modernoen jakituria ikasi genuen! Adibidez: txori baten tripak begiratu, eta bertan ikusitakoarekin urteen buruan gertatuko diran gauza guztien arrastoak nola billatu. Kartak nastu, eta zer ordenatan ateratzen diran kontua edukirik, oraindik gertatu ez diran gauzen kontu zeatz eta garbia nola eman. Urbill zaitezte! Gure aldamenera etorri! Orienteko jakituriak artu ondoren, Afrikako beltzen artera joan giñan, eta bertako sorgiñ beltz osagilleen jakituria guztia gureganatu genuen. Bertako lurrak utzi eta India herrietako Inperio zaharretara artu genuen abiada. Gure begiok mundu guzia ikusi dute. Guretzat ez dago iñun sekreturik. Misterio guztiak urratu dira gure jakituria nagusiaren azpian. Emen bi profeta daude. Neskatilla: Zure senarra nolakoa izango den jakin al dezu? Petri Arlote'k esango dizu. Agure: Eriotzak konfesatua arrapatuko zaitun edo ez jakin nahi al dezu? Joane Doktore'k igarriko dizu. Gizona: Zure andrearen maitalearen izena jakin nai al dezu? Petri Arlote'k jakiñaren gañean jarriko zaitu. Andrea: Espero dezun aurra neska edo mutilla izango den aldez aurretik jakin nahi al dezu? Joane Doktore'k esango dizu. Mutilla: Datorren igandean zure xarmanta nun zai egongo zaizun igarri nahi al dezu? Petri Arlote'k aditzera emango dizu. Jaun andreak: Ona emen egItazko bi profeta: Petri Arlote eta Joane Doktore. Matatias eta Nataniel gure aldean ikasle pare umill bat besterik etziran izandu. Jeremias eta Isaias, artzai ezjakiñ batzuek. ta jaun andreak, zuen etorkizunaren berri jakitea bost dukat besterik etzaizue kostako. Nun merkeago! (Momentu batzutan illun aldia.) *** (Argia berriz ere pixtutzen danean, agertokia betikoa izango da: ezkerrean eliza eta eskubian jauregia. Baiña ikuslearen aurrean anakronismo aundi bat agertuko da. Plazaren erdi-erdian bulego-mai moderno bat arkitzen da. Haren alboetan kartel haundi pare bat; ezkerrekoak honela dio; Profetak: Etorkizuna igarritzen da; eta eskubikoan PROFEZIAREN PREZIOA: BOST'na DUKAT. Maiaren ondoan Arlote eta Doktore daude. Argi anilla. Andre kontesa sartzen da, bakarrik.) KONTESA: Jaunak, andre bati bere estuasun larri batean lagunduko al diozue? ARLOTE: Zure serbitzarien aurrean arkitzen zera. KONTESA: Iñork ikusi gabe atera naiz jauregitik. jaun kondea zuek ikustera atera naizela konturatuko balitz, komentu batean monja sartuko ninduke, edo gaztelu batean preso. ARLOTE: Gure ixiltasuna kanposantuetan arkitu litekena bezelakoa izango da. KONTESA: Sekretua gordeko didazue? Zaldunaren itza ematen al didazue? Jesukristoren izenean ziñ egingo al zenuteke? ARLOTE eta DOKTORE: Bai. KONTESA: Ni emakume bat besterik ez naiz. ARLOTE: Oso emakume xarmanta. DOKTORE: Eta maitagarria. KONTESA: Eskerrik asko, baiña egia diot. Ni urrezko seaska batean jaio nintzan, eta beti esan didate nere jaiotzak obligazio haundi batzuek ekarri zizkidala. Obligazio haundiak eta eskubiderik batere ez. ARLOTE: Mintza zaite, faborez, oso pozik entzuten baizaitugu. KONTESA: Komentu batean edukatu ninduten, eta konde jaunarekin ezkontzeko bakarrik handik atera ninduten. Eta kondearekin izan detan bizimodua ez da oso atsegiña izan. Trankilla bai; beti jauregian sartua, dozenaka serbitzarikin, gelatik jantokira eta jantokitik gelara. DOKTORE: Bestelako tratamentua merezi zuen horrelako andre eder batek. KONTESA: Ez nuen iñoiz konde jauna maitatu. Harekin jarri zitzaidan obligazioa beti kunplitu izan det, baiña nere sakrifizioen ordañez, Zeruko Jaunak ez dit ama izatera irixteko grazia eskeñi. Haurrik izan baldin banu, bestelakoa izango zen nere bizimodua; baiña antzu sortu nitzan mundura, eta seme-alabarik ez det izan. Horrela ba, nere bizitza eremu legor baten antzekoa izan da. DOKTORE: Andre gaxoa. KONTESA: Gero kondea gerrara joan zen. Moroen kontra burrukatu zuen, Kastilla eta Nafarroa'ko erregeekin batera. Eta ez dakizue nolako iraiñarekin afrentatu ninduen... Etzuen uste izan haren etorrera garbi gordeko nuenik, eta atso zar baten bijilantzia jarri zidan, beste gizon batekin amorerik izan ez nezan... ARLOTE: Akerraren adarrak merezi zituan madarikatuak. KONTESA: Nik ez nion orduan iñola ere adarrik jarriko; baiña bera etzen nitaz fio izan. Eta ordurarte maitasunik izan ez banion, andik aurrera gizonari behar zaion errespetoa ere galdu egin nion. Eta orduan egin zidan iraiña egunen batean bengatzeko desioa sortu zitzaidan bihotzean... ARLOTE: Emen gaude gu, zuri laguntzeko prest. KONTESA: Baiña oraingo hau nere dignidadeak ezin soportatu dezake. DOKTORE: Zer egin dizu, ba? KONTESA: Orain artean leiltasuna beti gorde izandu dit. Ez du beste andrerik ezagutu. Behar bada eta seguru aski, andreak dirua kostatzen dutelako; edo ta, bestela, haiekin ez gozatzetik bere kutxara dirua sartzen zelako. ARLOTE: Eta orain? KONTESA: Orain zahartu egin da. Eta zahartzaroan, zeken guztiak ero. Neska gazte baten ganako desioa pixtu zaio erraietan. Eta desio zikiñ orretatik milla okerbide atera dira: Txistulari zahar bat erretorearen seroraz enamoratu da, eta berarekin batera Ebanjelio berri bat predikatu nahi du munduan zear. Erretoreak berriz, iñun arkitzen ez dituen sorgiñak erre nahi ditu, eta Logroño'ko Inkisidore nagusiari dei egin dio, eta hau bidean omen dator. ARLOTE: Nola dakizu Inkisidorea bidean dagola? KONTESA: Nere senarrak esan zidan, eta gañera herri guztiak dakien gauza da. ARLOTE: Eta Inkisidorea bidean dagolarik, nola atrebitzen zera profeta baten gana etortzera? Ez al dakizu hura etortzean zure kontra saiatuko dela? KONTESA: Ez dit inporta. Gerokoak gero. Orain bestek arduratzen nau. Pilotariaren suerte trixteak. Pelotaria eta Txistulariaren alaba elkarrekin ezkontzekoak ziran. Eta nere senarrak, bere eskubideaz baliatuaz, neskatxaren gorputza gozatu nahi izan zuan. Baiña orain bestela gertatu da. Eta horain gertatutakoak ill arte negarretan egotea merezi du. Neska mundu honetatik itzali egin da... ARLOTE: Milagroa omen da. KONTESA: Erretoreak deabrukeria dala dio Horregatik deitu dio Inkisidoreari. Milagroa dela diona, Erretorearen serora zaharra da, orain Ebanjelio berria predikatzen dabillena. Baiña ba daude gertakizun honetan mundutik kanpora ezer ikusten ez dutenak, eta hemen milagro bat izan dela siñistu nahi ez dutenak. Oietako bat nere senarra da. Bera seguru dago Gabon-Eder bere senargaiak nunbait gorderik dadukala, honela kondearen eskubideari amorrik ez emateko. Txordon Pilota ere iritzi berdiñekoa da. Hau seguru dago kondeak Gabon-Eder berarekin nunbaitera eraman duala, horrela bere gorputza nahi aiña gozatzeko. Baiña biak engañatuak daude. Nik ez dakit zer gertatu zen, baiña Gabon-Eder ez dago mundu honetan. ARLOTE: Orduan beste munduko indarrak parte artu zuten hura zerura edo infernura eramateko. KONTESA: Nik ez dakit hori, baiña seguru nago Txordon Pilota engañu batean dagoela, nere senarrak ez baizuan beraren andregaia arrapatu. Eta seguru nago, ez dakit zergatik, baiña seguru nago Txordon Pilota'k ere ez duala ezer ikustekorik Gabon-Eder'en izkutatzearekin. Bestela ez litzake nere gizonaren soldaduen kontra mendirik mendi burrukan ibilliko, mutill euskaldun batzuek berarekin daramazkiela. DOKTORE: Ederki. Diozun guztia oso ederki dago, baiña esaiguzu honera zerk zakarzkien. KONTESA: Txordon Pilota'ren desgraziak. Bera da gizon aproposa, bera! Belaun-eskubidearen tratua nere senarrarekin diskutitzera jauregira etorri zanean, berarekin ikustaldi bat izandu nuan. Gero kortinen atzetik biok esandako guztia entzun nuen, eta egia diot, bera da nere ametsetako gizon desiatua. Dontzella denpora komentuan igaro nuanean, horrelako gizon batekin gauero amets egiten nuan... Gero kondea tokatu zitzaidan, eta nere zoritxarra horrela asi zen. ARLOTE: Eta zer nahi dezu? KONTESA: Hea zuek Txordon Pilota nun topa dezaketan esaten didazuen. Hura konsolatu nahi det. Eta batez ere gerra zaletasuna kendu nahi diot. Ez dut nahi bera mendirik mendi gerran ibilli dedin. Alperrik izango da. Gabon-Eder ez da orregatik beste mundutik berriz etorriko. Bere maitasuna galdu du, eta nire kontsolamentua eskeñi nahi diot. DOKTORE: Informe hori ematea gure eskuetan dago. KONTESA: Bai? Informe hori ematen badidazue, munduko mesederik haundiena egingo didazue. ARLOTE: Bai al dakizu Aitzpitarte'ko mendia nun dagoen? KONTESA: Bai, gutxi gora-bera. ARLOTE: Bere egalean errota bat dago. KONTESA: Morroi batek eramango nau hara. ARLOTE: Biar goizean eraman zaitzala. Goizeko zazpiretan Txordon Pilota an arkituko dezu. KONTESA: Milla esker. Ba noa, kanpoan egon naizela jauregian iñor konturatu dedin baiño lehen. Zenbat zor dizuet profeziagatik? DOKTORE: Andreai ez diogu kobratzen. KONTESA: Milla esker, eta agur. Eta badakizue. Itza eman didazue. Ziñ egin didazue. Dena sekretua izango da? ARLOTE: Dena sekretua izango da. DOKTORE: Illobietako abotsa izango da gurea. (Ba doa kontesa eta illun aldia.) *** (Argi berdea. Iru mutill sartzen dira. Gazteak, pizkorrak, indartsuak.) 1.º MUTILLA: Geldi hor zuek, ez zaitezte muittu! ARLOTE: Zer gertatzen da! DOKTORE: Nortzuk zerate zuek? 2.º MUTILLA: Zuek profetak al zerate? DOKTORE: Bai, eta zuek? Zer nahi dezue? 3.° MUTILLA: Gu nor geran zuri etzaizu inporta. 1.º MUTILLA: Libertadiaren burrukariak gera gu. Euskalerria konde zikoitz eta apaiz kobarde guztien uztarritik libratuko degu. ARLOTE: Libratu zazue ba. Baiñan beren tratua azkar egin nahi duten merkatarieri bakean utzi. 3.° MUTILLA: Gurekin ez dago pakerik, adiskide. 2.° MUTILLA: Alde edo kontra. Gure adiskideak ez bazerate, gure etsaiak izango zerate. Herri honetan ez dago pakerik. 1.° MUTILLA: Bai, ala da. Zuen laguntza bear degu. Ematen ez ba diguzue, ba dakizue zuen eztarria zerekin topatuko den. (Ezpata erakusten du.) 3.° MUTILLA: Ezpata zorrotz batekin. ARLOTE: Baiña guk, tratulari pobre hauek, zer egin dezakegu hain soldadu azkar eta korajetsu batzuen alde? 1.º MUTILLA: Zuek profezi saltzalleak zerate. DOKTORE: Bai, horretarako ereki degu gure denda. Gure profezia ondo pagatzen badezue... ARLOTE: Etorkizuna igarriko dizuegu. 1.º MUTILLA: Zuen bizitza maite al dezue? DOKTORE: Jainkoa bezela, munduko gauza guztien gaiñetik. 2.° MUTILLA: Gaur gezurra esaten baldin badezue, bihar ez da zuentzat eskaporik egongo. 3.° MUTILLA: Kanposantuko illobi bat izango dezue bihar arratseko zuen oia. 2.° MUTILLA: Edo ta bestela, gurekin egon zeratela iñori aitortzen badiozute, badakizue zer izango den zuen biarko bazkari gozoa. 1.º MUTILLA: Gurutzearen azpiko lur mokadu legor bat! ARLOTE: Bost'na dukat pagatzen badituzue, gure leialtasunarekin konta zenezateke. 1.° MUTILLA: Ez da pagamenturik izango. 2.° MUTILLA: Bizitza barkatzen dizuegu, eta gaiñera dirua kobratu nahi dezue? 3.º MUTILLA: Zer aukeratzen dezue? Gure adiskidetasuna edo gure etsaitasuna? Aguro! Azkar! Alperrik galtzeko denborarik ez daukagul Aukeratu! ARLOTE: Ez dezue, alajainkoa, aukera haundirik uzten. DOKTORE: Gauzak presentatu dituzuen bezela presentatu ezkero ez dirudi guretzat zuen adiskidetasuna beste erremediorik dagoenik. 1.º MUTILLA: Baiña ahaztu gabe, gero. Erri gaztea armetan mendira atera da. Zuen promesa austen badezue, bihar probintziako mutill guztiak zuen kontra etorriko dira. ARLOTE: Zer nahi dezue? 1.º MUTILLA: Beste batek esango dizu! 3.° MUTILLA: Txordon! Ator! (Txordon agertzen da.) TXORDON: Konforme al daude? 2.° MUTILLA: Ala dirudi. TXORDON: Orduan zuek, Joane Doktore eta Petri Arlote profetak, entzun. Kondearen kontra rebelatu da herria. Eta gerra honetako lenengo pausoa orain eman behar degu. Kondeak nere andregaia preso daduka, eta neska hori erreskatatu behar degu. Ez dizuet nun dagoen galdetuko. Nun dagoen bageneki ere berdin izango litzake, kondearen armada gurea baiño indartsuagoa baita. Beste gauza bat behar degu zuengatik. ARLOTE: Bai? Eta zein da? TXORDON: Guk ere norbait artu nahi degu preso. DOKTORE: Zertarako? TXORDON: Nere andregaiaren truke kambiatzeko. ARLOTE: Eta nor da arrapatu nahi dezuten hori! TXORDON: Kondeari asko inporta zaion norbait. Beraren andrea bera, beraren emaztea! Kondesa andrea behar degu! DOKTORE: Arlote, esaiozu kondesa andrea biar goizean nun arrapatu lezateken, eta pakean joan ditezela. ARLOTE: Bai, hobe izango da. TXORDON: Azkar mintza zaite, komeni bazaizue. Komeni ez-bazaizue, kupidarik gabe ilko zaituztet biok. ARLOTE: Bihar, Aitzpitarte'ko errotan. Goizeko zazpiretan. Ez dakigu nola edo zergatik an egongo dan. Seguru asko, maitale baten zai. Seguru asko, zure zai... Maite omen zaitu. TXORDON: Zu erotu egin zera. ARLOTE: Orrela dio etorkizunaren bozak! Maite zaitu. Konsolatu egin nahi zaitu. Eta zuk ere ordu betean maitatu egin behar dezu. Ordu betean gutxienez. Bestela ez dezu zure Gabon-Eder atzera zure besoartean edukiko. Hori da etorkizunaren bozak diona. Zure zoriona eta bentura ona traizio baten gañean finkatuko dira. TXORDON: Ez dakit egia diozun. Ez dakit ez ote nauzun engañatu nahi. Erotu egin zerala uste det. Baiña kaso egingo dizut. Agur. (Ba doa.) 1.º MUTILLA: Gure presentzia iñori salatzen badiozute, bihar goizean kanposantuan esnatuko zerate. Agur. (Ba doa.) 2.º MUTILLA: Gure asmoak jendeari aitortzen ba dizkiozue, etziko eguzkiak etzaitue argituko. (Ba doa.) 3.º MUTILLA: Gezurra esan badezue, zuen bizitza emen bukatuko da. (Ba doa. Arlotek eta Doktorek alkarri irribarra egiten diote; illun aldia.) *** (Argi gorria. Jaun Garzia, Mujikako kondea, eta bere serbitzariak sartzen dira.) KONTEA: Nere etorkizuna igarri behar didazue. DOKTORE: Egunen batean ill egingo zera. Eta badakizu antziñako esaera zaharrak zer dion: Gilen, biar ilen, etzi ehortziren eta etzi damu eternidade guziko ahantziren. Hortik ez dago eskaporik. KONTEA: Bai, bai. Hori badakit. Eta tranze gogor hori noiz gertatuko den jakitea etzait inporta. ARLOTE: Zer jakin nahi dezu, ba. KONTEA: Ez dakit jakingo dezun. Baiña herri honetan egintza estraño xamar batzuek suertatu dira azken bolara honetan. DOKTORE: Zerbait entzun degu. KONTEA: Bai. Agirian dago, eta beleak sarraskiaren usaira bezela abiatu zerate biok honera. Erreka nahastuetako arrantzale traza artzen dizuet. ARLOTE: Jauna, guk gure negozio prestua zabaldu besterik ez degu egin. Gure dendara sartu bazera, etzaitez insultatzera sartu. Bestela badakizu kaleko atea nun dagoen eta bertatik joan ziñezke. KONTEA: Hea, hea. «Egiak motz eta labur miñ dezake edozeiñ zakur.» Ez zaitez orregatik asarretu. ARLOTE: Utzi dezagun arrazoi hori, eta esan zerk zakarzkien. KONTEA: Ni konterri honetako kondea naiz. DOKTORE: Izena, mesedez? KONTEA: Jaun Garcia, Mujikakoa. ARLOTE: Aurrera. KONTEA: Konterri honetan beti izan degu belaunaren eskubidea. Ba dakizue: neskatx bat ezkontzen zenean nerekin pasa behar zuen lenengo gaua. DOKTORE: Etzera gizon tontoa, alajaña! KONTEA: Etzazula uste, adiskide, etzazula uste. Neretzat hainbeste neska estreñatzea gauza nekagarria izaten zen. ARLOTE: Eta zure atzaparretik lasai eskapatzen uzten al zenituen? DOKTORE: Gure konde jaunak ez daki bizitza atsegiña zer den. ARLOTE: Nik horrelako eskubide bat izan banu, ez nuen neskarlk debalde eskapatzen utziko. Irugarren urterako ilko banitzan ere, aukera etortzen zitzaizkidan guztiak aprobetxatuko nituan. KONTEA: Ez nituan hain debalde uzten. ARLOTE: Ez? KONTEA: Ez. Senargaiak, aurrenekoa izateko eskubideagatik, sari bat pagatu behar izaten zidan. Batzutan, herriko-seme pobreegiak ziranean, etzuten dirurik izaten, eta neska itxusi xamarra baldin bazen erretolikarik gabe eskubidea ematen nion eta kito. Polita baldin bazen, orduan izaten ziran kontuak. ARLOTE: Eta zer jakin nahi dezu? KONTEA: Ez al dakizue nola emen milagro bat gertatu den? ARLOTE: Bai, zerbait entzun det, Gabon-Eder izeneko dantzarisa bat zerura igo zala aingeruak eramana. KONTEA: Holako milagroak ere konpontzen dira. DOKTORE: Bai? KONTEA: Begira; milagrua gertatu zanean ni presente nengoen, eta nere begiekin ikusi nuen guztia; bai, lenengoan hala iruditu zitzaidan, milagroa zela. Txordon Pilotak eskuetan artu zuen Perrandok jo nahi etzuen txistua, eta txistua, Pilotak ezpañetara eraman gabe, bakarrik jotzen asi zen. DOKTORE: Oraiñ artean, denpora askoz atzera gertatuko gauzetaz besterik ez dezu itzegin, eta guk etorkizunaren berri ematen degu. ARLOTE: Bai, mintzatu zaite gerokoaz, ez aspaldi gertatu denaz. KONTEA: Barka zazue, baiña nere arrazoiak esplikatu behar ditut. ARLOTE: Bai, ala da; horrek zerbait lagunduko gaitu. KONTEA: Ikusi nuen, bai, nola odei artean neska ezkutatu zen. Hura gertatu zenean, deabruaren obra zala iruditu zitzaidan, baiña geroztik luzaro eta sakonki pentsatzen egondu naiz, eta gertaera horreri esplikazio bakar bat arkitzen diot. Hemen gertatutako guztia engañu bat besterik etzen izandu. Ongi montatutako truku eder bat. ARLOTE: Bai? KONTEA: Bai. Bi gizon haiek ederki preparatu zuten guztia. DOKTORE: Zeintzuk? KONTEA: Txistulariak eta pelotariak. Eta milagroaren aitzakiarekin, neska eder hura eskuetatik lapurtu didate. Orain gauza bat galdetu nahi dizuet. Nun arkitzen da neska hori? Gabon-Eder hori? ARLOTE: Ez dakigu... KONTEA: Baiña ez al dezue esan dena axertatzen dezuela? ARLOTE: Etorkizuna bakarrik. KONTEA: Orduan nere galdera bestela egingo dizuet: Bihar goizean, egun sentian, ollarrak lenengo kukurrukua kantatzen duanean, nere Gabon-Eder desiatua nun arkituko da? Galdera horreri erantzunik emango al diozue? DOKTORE: Bai. ARLOTE: Baiña kondizio ttiki bat jarrita. KONDEA: Zer kondizio? ARLOTE: Dirua pagatu behar dezula! KONTEA: Holako traturik ez da iñun ikusi. Lana egin baiño lehen dirua pagatu! Eta engañatu nahi baldin banauzue? DOKTORE: Arrisku hori jokatu bear dezu. Arriskatzen ez denak ez du sekulan ezer irabazten. ARLOTE: Galdetu dezuna jakiteko interesik baldin badezu, pagatu. Bestela joan zaitez. Jende geiago zai daukagu ta. KONTEA: Ez zaitez arrotu. Pagatuko dizuet (Patrikatik boltsa bat ateratzen du.) Hemen dagozte bost dukatak. ARLOTE: Barkatu, baña irakurtzen ez al dakizu? (Kartela señalatzen dio.) KONTEA: Bai; hor dio honera datorren bakoitzak bost dukat ordaindu behar dituala. ARLOTE: Ez; hor dio bost'na dukat ordaindu behar dituala. Joane Doktore'ri bost, eta Petri Arlote'ri beste bost. KONTEA: Baiña hau dirua lapurtzeko modu egoki bat besterik ez da! ARLOTE: Nahi badezu pagatu eta bestela utzi! KONTEA: (Beste bost dukat ateratzen ditu.) Hea, hea. Nere galderari erantzun iozue. Bihar goizean goiz Gabon-Eder nun egongo da? ARLOTE: Gogoratzen al zera Aitzpitarte'ko mendiaren egalean errota zahar abandonatu bat nola dagoen? KONTEA: Bai. ARLOTE: Bihar goizeko zortziretan bertan egon. KONTEA: Gabon-Eder an arki dezakedala... ARLOTE: Ala izan dedilla. (Ba doa kondea eta serbitzariak.) (Argi urdiña. Serora batzuek sartzen dira.) SERORA BAT: Zuek profetak al zerate? ARLOTE: Bai. SERORA BAT: Elias bezela? DOKTORE: Hainbeste ez, baña, tira, or nunbait. SERORA BAT: Etorkizuna axertatzen al dezue? ARLOTE: Saiatzen gera beintzat. SERORA BAT: Eta ez al zerate iñoiz deskuidatzen? DOKTORE: Oraiñ artean ez degu utsik egin. SERORA BAT: Jaun printzipal bat errezibituko al zenuteke? ARLOTE: Jaun aundiak eta jaun ttikiak, denak errezibitzen ditugu. SERORA BAT: Baiña oso jaun printzipal bat errezibituko al zenuteke batere eragozpenik jarri gabe. DOKTORE: Kondea baño inportanteagoa? SERORA BAT: Ez da ainbeste, baiña... DOKTORE: Jaun kondea oraintxe bertan despatxatu degu. ARLOTE: Diru preskua pagatu du, eta etorkizuna igarri diogu. SERORA BAT: Jaun kontea zuengana? ARLOTE: Bai. Eta zu erretoreak bidali zaitu. SERORA BAT: Nola dakizu? DOKTORE: Profetak gera. Baiña profezi horregatik ez dizugu ezer kobratuko. Bai; datorrela erretorea. (Erretora sartzen da. Serorak ba doazi.) ERRETOREA: Ez dakit egiazko profetak izango zeraten. ARLOTE: Ikustera etorri zera beintzat. ERRETOREA: Bai. Baiña profeta faltso asko dabill mundu honetan zear, eta... DOKTORE: Gezurrezkoak ala egitazkoak geran jakitea amar dukat kostako zaizu. ERRETOREA: Nola amar dukat? ARLOTE: Bai, nere lagunari bost eta neri beste bost. ERRETOREA: Hori ez da kartel horrek diona. DOKTORE: Bai, jauna. Orrela dio. Bost'na dukat. ERRETOREA: Bueno, ondo dago. Tori bost'na dukat bakoitzarentzat. Nere poltsa pixkanbat arinduko da, baiña nolako profetak zeraten jakin nahi det. (Dirua atera eta pagatzen du.) ARLOTE: Zer jakin nahi dezu? ERRETOREA: Badakizue nola emen milagru bat gertatu zen. Nik deabrukeria dela diot. Logroñoko Inkisidoreari orregatik deitu diot. Orain bidean dago. ARLOTE: Eta biar goizean emen izango dira. ERRETOREA: Nola dakizu? DOKTORE: Itxoin bihar arte. ERRETOREA: Bai? Eta zer gertatuko da? Zer erabakiko dute azkenean? Milagroa zeñen obra izan da? Zeruarena ala deabruarena? ARLOTE: Erretore... Erretore... ERRETOREA: Nola! Zer? ARLOTE: Egun txit illunak ikusten ditut zure etorkizunean. ERRETOREA: Egun illunak? ARLOTE: Bai... galerak... arraun lodi bati katez lotuta agure zahar bat preso ikusten dut. Eta agure horrek zure arpegia daduka. Oso zaharturik, azala eta ezurrak besterik etzaizkio gelditzen. Zu zera, dudarik gabe, zu zera. ERRETOREA: Eta nola iritxi naiz hain tranze gogor batera? ARLOTE: Inkisidoreak gure artean daude. Gabon-Eder'i gertatua Jainkoaren obra dela erabaki dute. Eta zu, deabrukeria izan dela esateagatik, Fedea'ren eta Legea'ren etsaitzat juzgatu eta kondenatu zaituzte... ERRETOREA: Eta eskaporik ez al dago? ARLOTE: Eskaporik ez dago. Gauza argirik ez det ikusten, baiña seguru nago orain iges egingo bazenuke ere, nik esantakoa berdin gertatuko litzakela. ERRETOREA: Hori gezurra da! Gezurra da! ARLOTE: Bihar artean itxoin, eta orduan ikusiko degu. ERRETOREA: Inkisidorea'ri denunziatuko zaituztet, zuek etzeratela profetak, zuek sorgiñ jentillak zeratela. ARLOTE: Horrekin ez dezu ezer irabaziko. Baiña zaude pixka batean. Oraindik geiago ikusten dut: zu zoazen ontzia beste batekin burrukan asi da. Burrukaldi aundi bat dago bi itxas-ontzien artean. Eta atzenean zuena ur azpira dijoa, eta bertan daude arraunlari kondenatuak itxas olatuetan itotzen dira. ERRETOREA: Ez. Zaude ixillik! ARLOTE: Gaiñera... ERRETOREA: Ni ba noa. Ba noa herri honetatik... (Korrika mutis egiten du. Illun aldia.) (Argi gorria. Marika Luze eta Perrando Txistu.) DOKTORE: Zuek ere guregana al zatozte? MARIKA: Ezagutzen al gaituzue? DOKTORE: Zuen etorkizuna argi ikusten da zuen arpegietan. MARIKA: Eta zer ikusten da? DOKTORE: Su haundi bat. Biok sutan erreak izango zerate. MARIKA: Baiña zergatik? DOKTORE: Zuek erejeak zerate. Deabruaren egintza Jainkoak egindakoa bezela artzen dezue, eta inkisidoreak sorgintzat juzgatu, kondenatu eta erre egingo zaituzte! PERRANDO: Goazen, goazen emendik beste nunbaitera gure Ebanjelioa predikatzera! ARLOTE: Gauza bat falta da. MARIKA: Zein? ARLOTE: Guk etorkizuna axertatzen dizuegu, eta zuek pagatu behar dezue! PERRANDO: Ill eta pagatu? Ez gaude horren ero! DOKTORE: Soldaduei deituko diegu. PERRANDO: Zertarako? Azkarrago il gaitzaten? (Ba doaz. Illun aldia.) *** (Argi naranja. Jende egoki batzuek sartzen dira. Inkisidorea'ren zaldun eta kalonjeak dira. Aietako bat bi profeteri urbiltzen zaie.) KALONJEA: Barkatu, baiña zuen fama onaren sona gure belarrietan iritxi da. ARLOTE: Eta zer nahi dezue? KALONJEA: Zerbait igarri behar dezue. DOKTORE: Aurretik ordaindu. Oraintxe bertan eskapatu zaizkigu bi pagatu gabe, eta orain zuen saria eta aiena ordaindu bearko dezue. KALONJEA: Zenbat da? ARLOTE: Orren jende inportanteari amabost dukat besterik ez dizkiogu kobratuko. DOKTORE: Gaurko eguna ez da txarra izango. Ja! Ja! Jende listoa ederki bizi liteke tontoen kontura. ARLOTE: Baiña kontuak egin baiño lehen, igarri dezagun jende aberats hau zertara datorren guregana. DOKTORE: Hori gauza erreza da guretzat. ARLOTE: Bai. Hauek erenegun atera ziran Logroño'tik, eta Bitoria'n igaro zuten gaua. DOKTORE: Hauek inkisidore jaunaren konpañia dira. ARLOTE: Inkisidore jaun hoiek nola dute izena? DOKTORE: Batek Manso Zuñiga. ARLOTE: Bai. Eta besteak Bezerro Ganboa. DOKTORE: Eta atzoko eguna itzali zenean, Manso Zuñiga eta Bezerro Ganboa etziran iñundik ere agertu. ARLOTE: Billatu bai egin dituzte, baiña beren arrastorik ez dute iñun ere arkitu. DOKTORE: Hemen arkituko dituztelako esperantzetan honera abiatu dira, baiñan emen ez diete beren nagusiaren arrazoirik eman. ARLOTE: Eta herrian bi profeta daudela jakiñik, guregana abiatu zerate, guk gure jakituri ezkutuaren bitartez aien berririk ematen ote dizuegun edo. Ez al da ala? KALONJEA: Bai, hala da. Eta gaua erori baiño lehen zuen medioz arkitzen baditugu, oparo ordainduak izango zerate. ARLOTE: Belarriak erne jarri, jaunak; begiak zabaldu, gizonak! Oriente'ko majiaren aurrean zaudete. Begira zazue gizon hori. (Joane Doktore señalatzen du.) Gizon hori oraiñ artean herri honetan Joane Doktore bezela ezagutu dezue, baiña ongi begira zaiozue. Zein da, beraz, gizon hori...? KALONJEA: Manso Zuñiga! ARLOTE: Begira zazue gizon hau. (Bere burua señalatzen du.) Gizon hau oraiñ artean herri honetan Petri Arlote bezela ezagutu nauzue, baiña ongi begiratu zaidazue. Nere egitazko izena... KALONJEA: Bezerro Ganboa!! ARLOTE: Bezerro Ganboa! GUZTIAK: Inkisidore jaunak!! (Belaunikatzen dira.) M. ZUÑIGA: Orain erretiratu zaitezte. B. GANBOA: Bai. Deliberatu egin behar degu. (Illun aldia.) (Argi normala.) M. ZUÑIGA: Hiru egun dira erri honetan gaudela. G. GANBOA: Juizioa erabakia dago. M. ZUÑIGA: Kondenatuak agertu bitez. KALONJEA: Jaun Garcia, Mujikako kondea. (Agertzen da.) M. ZUÑIGA: Zure eskubidea kentzen zaizu. B. GANBOA: Neskatxa ezkonberrien gañean ez dezu emendik aurrera aukerarik izango. M. ZUÑIGA: Orren ordez, ezkontzen diranean diru kantidade bat emango dizute. B. GANBOA: Eta emateko dirurik ez badute, ez dizute emango, eta kitto. M. ZUÑIGA: Erretira zaitez. (Ba doa kondea.) KALONJEA: Agertu bedi Mujika'ko kontesa andrea. (Kontesa agertzen da.) M. ZUÑIGA: Zure senarra ez den gizon baten besoetan egon zeralako, hemendik aurrera eta eriotzeko eguna arte, zure senarraren arpegia bakarrik ikustera kondenatzen zaitugu. B. GANBOA: Erretiratu zaitez. (Ba doa kontesa.) KALONJEA: Txordon Pilota ager bedi. (Ez da agertzen.) B. GANBOA: Juizio honetara ez etortzeko pekatuagatik, soldaduak arkitzen duten lekuan bertan il dezatela. KALONJEA: Agertu bedi Gabon-Eder. (Ez da agertzen.) B. GANBOA: Juizio honetara ez etortzeko eta deabruaren esanetara makurtzeko bi pekatu hoiengatik, eternidade guztirako inpernura kondenatzen degu Gabon-Eder. KALONJEA: Perrando Txistu ager bedi. (Perrando Txistu agertzen da.) B. GANBOA: Tontoa eta kobardea izateko pekatuagatik, atso zahar batekin ezkontzera kondenatzen zaitugu. Hari kate haundi batez lotuta biziko zera. M. ZUÑIGA: Erretira bedi Perrando Txistu. (Ba doa Perrando Txistu.) KALONJEA: Ager bedi Marika Luze. (Marika Luze agertzen da.) M. ZUÑIGA: Okerra eta zikoitza izan zeralako, agure zahar batekin ezkontzera kondenatzen zaitugu. Hari kate batez lepotik lotuta biziko zera zure bizi guzian. B. GANBOA: Erretiratu bedi Marika Luze. (Ba doa.) KALONJEA: Ager bedi Mosen Bertran. (Mosen Bertran agertzen da.) B. GANBOA: Jaunaren apaiz dollor eta kristau epel ta gezurrezko bat izan zeralako, galeretara kondenatzen zaitugu. M. ZUÑIGA: Erretira zaitez. (Ba doa.) B. GANBOA: Eta orain egiazko erruduna kondenatuko dugu. M. ZUÑIGA: Deabruak aukeratu zuen tresna. B. GANBOA: Satan Beltzaren instrumentua. M. ZUÑIGA: Txistua! B. GANBOA: Deabruak jo zuen txistua. M. ZUÑIGA: Neska bat sorgindu zuen txistua. B. GANBOA: Ekarri bezate. (Bat txistuarekin agertzen da.) M. ZUÑIGA: Sua ere ekarri bezate. (Ontzi bat dakarte. Bertatik sua ateratzen da.) B. GANBOA: Txistua sutara bota bezate. (Botatzen dute, eta erortzen den momentuan bertan, su-gar haundi bat atera bedi.) TELOIA Justizia txistulari, Gabriel Aresti |