Justizia txistulari, Gabriel Aresti
Egan, 1/6-1967

 

LEHEN-ZATIA

 

(Igande goiz bateko lehen orduak dira. Jauregia eta eliza hitxirik daude. Egunsentiko eguzkiaren dizdizerak argitzen du lekua.

Gabon-Eder bakarrik.)

 

EDER: (Bost kopla hauek kantatzen ditu, doñu triste, bigun eta zahar batean.)

 

                        I

 

                Nola da nere bihotza

                egun honetan hain hotza.

                Bihotz honeri mundu guztiak

                ez tristatzeko diotsa.

 

                        II

 

                Jaun konde eta apaiza

                nere atzetik dabiltza.

                Eskurik esku artu nai naute

                ardi gaixoaren gisa.

 

                        III

 

                Pobreak gera esklabo

                libertadea akabo.

                Nola idiak uztarripean

                euskaldun herria dago.

 

                        IV

 

                Airea zaida faltatu

                deabrua dut aipatu.

                Il arteraño egin behar det

                Txordon Pilota maitatu.

 

                        V

 

                Zeruan ez da izarrik

                maitea bezain ederrik.

                GABON-EDER'ek izan behar du

                maitearentzat bakarrik.

 

(Ixildu egiten da. Ager-tokian beraren aita agertzen da. Perrando Txistu, alaba kantatzetik gelditu baino lehen sartu da. Eta azken kopla hori bukatu ondoren bertan, txistua jotzen asten da, beste melodia trixte eta bihotz-erdibikor batean. Gabon-Eder'ek txistuaren soiñura dantzatzen du: Ikustaleak ez du jakin behar dantzarisaren pausoa nolakoa dan, aingeru inozente batena edo infernu-peko lilluragarri batena.

Apur-apurka, eta txistuaren doñu trixtea amaitzen den bitartean, egunaren argia zabaldu da guztiz. Agirian dago Perrando Txistu gizon baserritar bat besterik ez dela, bere maneretan eta begiradetan oso torpe eta desabilla. GabonEder bazter batean deskantsatzen dago, eta ez da enkantuan eta dantzan iraun duan artean bezelako lamia enkantagarria, herriko alaba deseagarri bat baizik.)

 

TXISTU: Zertara etorri zera herriko plazara horren goiz, alaba? Etxetik ateratzen etzaitut sentitu, eta ohean ziñela uste nuen.

EDER: Aita, sekretu bat aitortu behar dizut.

TXISTU:: Bai, alaba?

EDER: Entzun zaidazu, aita. Zure etxean ez nauzu beti edukiko, debalde mantentzen. Zuk haur bat banitz bezela begiratzen nauzu, baiña ez naiz orren haurra. Andretu egin naiz, aita.

TXISTU: Aita bati asko kostatzen zaio holakorik ezagutzea, baiña zure gerri liraña ikustean, ez det batere dudarik.

EDER: Famili bat eduki nahi dut, nerea. Haur asko ekarri nahi ditut mundu honetara. Eta gizon bat nahi dut famili horren buru izateko.

TXISTU: Bai, ongi dago. Goiz edo berandu ordu hori etorriko zela banakien. Baiña ez zaitez kezkatu. Zuretzat oso dote on bat tajutu det ama il ondoren bizi izandu geran urte hauetan. Perratzalle batek gutxi irabazten du anketik ankera lanian, eta horregatik ikasi nuan txistua jotzen. Jai eta pesta guzietara deitu naute ballerako herri guztietatik, eta probintzia guztian zabaldu zen nere trebetasunaren sona eta fama ona. Perratokitik ateratakoarekin eguneroko ogia jan degu, eta txistuaren soñuetatik ateratako urre eta zillar guztiak ongi gorderik daduzkat etxeko kutxa fuerte batean, lapur guzietatik hurruti, zu ezkonduko ziñan egunaren zai. Dote eder horrekin oso gauza erreza izango degu behar bezelako senar egoki bat aurkitzea. Ez zaitez orregatik arduratu, alaba. Aitak asko maite zaitu eta arkituko dizu mutill egoki bat.

EDER: Baiñan aita, mintza eta mintza etzera gelditzen eta itzegiten ez didazu uzten. Senar bat aurkitzeko ez dut zure beharrik. Nik bakarrik topa dezaket nere gustoko mutill on bat.

TXISTU: Billa zazu, bada, eta etzazu bazterrik nastu.

EDER: Arkitu dut, aita.

TXISTU: Arkitu dezula?

EDER: Bai, aita; hau zen nere sekretua.

TXISTU: Ederra atera zait ollotegitik ollanda. Eta honetarako bizi izan naiz ni hainbeste urtetan ardo goxotik eta amodio gazitik aparte? Nire txanponak behar ziren egunean baliorik ez izateko?

EDER: Balioko dute, aita.

TXISTU: Eta nor da, nere alaba lapurtu nahi didan animarik gabeko gizon hori?

EDER: Benetan pensatzen al dezu esaten dezuna, aita, edo ni aserretzeagatik hitzegiten dezu modu eskas horretan? Hainbeste oztopo kontrario dauzkagunean, jaun kondearen abariziaren kontra eta erretore jaunaren lizunkeriaren kontra burrukatzen degunean, nere aita bera, orain artean hainbeste maite izan nauzun nere aita bera, zu ere gure kontra aterako al zera?

TXISTU: (Erdi-parrezka.) Alaba...

EDER: Ala gertatzen baldin bada, nere etxea madarikatuko dut, gure izena aldatuko dut, zure diruak despreziatuko ditut, eta oraiñ arterañoko nere bizitzatik gauza bat bakarrik gordeko det animaren barrenean, nere ama zenaren oroitzapen maitagarria. Hori bakarrik gordeko dut, eta gaiñera, nere bihotzean samintasun mingots bat, min garratz bat nere bularraren barrenean, gehien behar izan detan orduan nere laguntzarik bortitzenak utsegin didalako. Baiña ondo entzun eidazu, aita, zabal itzazu ahalik eta zabalen zure belarriak, mundu honetan ez bainau ezerk, ezerk, entzuten dezu?, ezerk ez bainau nere Txordon-Pilota'ren amodiotik apartatuko.

TXISTU: (Parra egiten du.) Ja, ja, jai, jai!

EDER: Eta gaiñera, neri parra egiten didazu?

TXISTU: (Lehertu arte egiten du parra.)

EDER: Ai, ni errukarrial Ai, ni trixtea!

 

(Elizaruntz dijoa, eta bertan makurtzen du burua negar egiteko.)

 

TXISTU: (Ez du parrerik egiten. Bere arpegiak aldaketa haundi bat sufritu du, serio, serio alabarengana dijoa.) Alaba...

EDER: Zer nahi dezu orain?

TXISTU: Barka zaidazu. Badakizu nolako humore biurria dadukan zure aitak. Begi hoietatik negarra irten arazi detalako damu naiz; Baiña zin egiten dizut, etzen hori nere asmoa. (Eder'ek bere begitartea altxatzen du.) Ez, alaba, etzan hori nere asmoa. Badakizu gauza bat, nere sekretu bat? Nik ere sekretu bat badadukat... Nere sekretua jakin nahi dezu, alabatxo?

EDER: (Oraindik paretaren kontra makurturik, buruko illeak apartatzen ditu arpegitik, eta negarraren artean ortzak agertzen ditu, irribarrez.) Zuk sekretu bat, aita?

TXISTU: Bai.

EDER: Eta zer da? Zein da zure sekretua?

TXISTU: Gaizki portatu zera. Zure aita ez dezula ezagutzen aditzera eman dezu. Eta hori ez nizun barkatuko...

EDER: Ez zenidan barkatuko...

TXISTU: Ez, ez nizun barkatuko, nere txori polita, nere krabeliñ usai gozokoa, ez nizun barkatuko hainbeste maite ez bazinduket.

EDER: Mesedez, aita, zure sekretua esaidazu.

TXISTU: Gaizki portatu zera?

EDER: Gaizki portatu naiz, baiña mesedez, aita, zure sekretua aitor zaidazu, bestela jakin-nahiak jango nau.

TXISTU: Merezia zenuke. Nere sekretua...

 

(Gelditzen da. Eztul egiten du.)

 

EDER: Esan, aita!

TXISTU: Baiña ez dakit nere sekretua jakitea merezi dezun. Zure aitaz etzera fio izan. Oso gaiztoa izan zera, eta...

EDER: Gaiztoa zu zera, berehala esaten ez badidazu, berriz haserretuko naiz, eta haserreturik, begiak itxutu egingo zaizkit, eta ez jakingo zer egin, eta aserre golpe batean burua apurtuko dizut...

TXISTU: (Parreka.) Zerekin apurtuko didazu burua?

EDER: (Parrez au ere.) Maillu batekin eta biola batekin.

 

(Biok parra egiten dute.)

 

TXISTU: (Parreka.) Zure maitasuna ezagutzen nuen zuk esan baino lehen, alaba.

EDER: Ba-zenekiela guztia?

TXISTU: Bai, maite. Txordon'ek zu ezagutu baino lehen kortejatzeko baimena eskatu zidan. Oso pozik eman nion, oso nere gustokoa baita mutilla. Eta badakit zertara etorri zeraten biok gaur goizean goizik honera. Txordon'ek esan zidan.

EDER: Eta zer uste dezu, aita? Konde jaunak bere eskubidea saldu nai izango duala?

TXISTU: Konde jauna oso diru-zalea da. Ni ezkondu nitzanean urre batzuren truke saldu zuen bere eskubidea, eta orduan orain baiño hogei eta amar urte gazteagoa zan. Zu oso ederra zera, eta konterri guzian zu bezin neskatx egokirik ez omen dago, baiña, hau mundu guztiak daki, zure amaren ondoan atxo itxusi bat zenirudike. Hura zen ederra, hura! Haren edertasun ederraren edertasun ederra probintzia guzian ezaguna zen. Eta hala eta guztiz ere, lurralde hauetan sortu den emazterik galanten eta politen aukeran eduki arren, bere eskubidea saldu zuen. Bere belauneskubidea saldu zidan. Ez dago, beraz orain bestela egingo duala pentsatzeko motiburik.

EDER: Eta zergatik da hori, aita? Zergatik gizon batek, gure etxearen eta bizitzen jabe baldin ba da ere, zergatik izan behar du bere konterriko neska ezkondu berriak estreñatzeko eskubidea?

TXISTU: Jainkoak emandako eskubideak dira. Galde zaiozu erretore jaunari, eta argi ta garbi esango dizu: bera gure nagusia dela, hemengo lur eta etxe eta eskubide guziak bereak dituela.

EDER: Baiña aita, gu ez gera abereak. Gure etxe eta gure lurren jabe izango da, baiña ez det ikusten zergatik izan behar duen gure eskubidean jabe. Hori ez da erretoreak elizan erakusten diguna. Berak dio Jainkoak gizonarentzat egin zuala andrea, eta andrearentzat gizona. Ezkontzako sakramentuaz mintzatzen zaigunean, gure senarra serbitu, maitatu eta honratu behar degula dio, eta milla kate, debeku eta uztarri jartzen dizkigu. Eta gauza auek guztiak esaten dizkigun momentu berean, artu eta kendu, konde jaunaren jauregira bultzatzen du andre ezkonberria, zezenarengana eramaten den txalaren antzean. Hori ongi al dago, aita, ongi al dago?

TXISTU: Alaba, utzi urak zubi-azpitik igarotzen, eta eliz-gizonentzat elizarenak diran gauzak. Elizak baditu bere jakintsuak. Dena dela, horretarako bildu ditu zure aitak bere urreak eta zilarrak txistuaren golpez eta indarrez herririk herri. Jaun kondearen gorputz ustelarekin kutsa zaitezen ez dago batere arriskurik. (Jauregiko ateak irikitzen dira.) Ara or dator Txordon Pilota. Erregate ederra izango zuan konde jaunarekin denpora asko pasa du ta. (Jauregitik Txordon Pilota agertzen da.) Txordon, Txordon goazen etxera, zuen ezkontzaren berri herri guztira zabaltzearren; munduko festarik ederrena apaindu behar baitugu gaur gaberako.

PILOTA: (Serio, txit serio, aurrera dator; gaztea da, zimela, indartsua, ederra, baiña zaplada baten marka arpegian daramala esan ditake.) Ez.

TXISTU: Ez?

PILOTA: Ez.

EDER: Ez?

PILOTA: EZ.

EDER: Ez du saldu nahi?

PILOTA: Ez du saldu nahi.

EDER: Zergatik? Ze arrazoi eman du?

PILOTA: Zurekin seme baztardo bat izan nahi du.

 

(Ixil-une latz eta mingarria.)

 

EDER: Txordon.

PILOTA: Zer, maite.

EDER: Iges egin dezagun emendik. Aitak baditu txanpon ederrak. Zaldi bi eros ditzagun, eta kondearen soldadoak kontura ditezen baino lehen Kastillan arkituko gera. Bertako herririk herri ez gaituzte billatuko.

PILOTA: Ez.

EDER: Zer egin behar degu bestela?

PILOTA: Hauzi hau legez konponduko da.

TXISTU: Legez, Txordon? Lurralde honetan jaun kondea da jabe eta lege. Nora jo dezakegu beraren kontra?

PILOTA: Horrera!

 

(Eliza señalatzen du.)

 

TXISTU: Eta zer egin dezake erretore jaun urrikarriak?

PILOTA: Bera da emen Elizaren ministroa. Eta gizonen legearen gañetik beste lege sendoago bat badago, Jainkoarena. Berak agintzen du bere lege santuan, lagun hurkoaren andrea ezin desiatu litekela. Eta pizti zikiñ horrek, konde jaun mixerable eta madarikatu horrek, nere andrea desiatzen du. Erretoreak aldi honetan kondearen kontra burrukatu bearko du. Orain artean beti izandu da bere zerbitzari eta mutill leiala, baiña Ebanjelioan eskribiturik dago ezin serbitu litezkela bi jaun batera, ezin serbitu litezkeela kondea eta Jainkoa batera. Belaunaren eskubidea, neskatx ezkondu berriaren gorputza gozatzeko eskubidea, gizon dollor eta etoi batzuren legea baldin bada, erretore jaunak aitortu beharko du hori ez dela Jesukristok bere Ebanjelioan utzi zigun dotriña.

EDER: Eta ezer lortuko al degu?

PILOTA: Ez dakit. Baiña nola nahi ere gure alde burrukatu beharko du.

EDER: Ez al-litzake obea izango, Txordon, lehen esan detana egitea? Iges egin dezagun!

PILOTA: Ez, gure alde burrukatu bearko du.

TXISTU: Txordon, nik ez dakit zuk diozuna egia den ala ez, baiña beti erakutsi izan zaigu eskubide izugarri hori Jainkoak emandako eskubidea dela. Zuk diozuna egia izango da, baina hemen, konterri honetan, bestela da. Nik zuk diozuna ez det ukatzen, baina nik diodana ere zuk ezin uka dezakezu. Ba dakizu erretorea nork aukeratu duen? Kondeak. Eta Eliza nork jaso duen eta erretorea nork pagatu duen? Kondeak.

PILOTA: Ez, eta milla bider ez. Lege bat dago zeruan, eta hura kunplituko da.

TXISTU: Txordon, Txordon... Gazte zera. Entzun zazu neri urteak erakutsi didaten lezioa. Nere buruaren gañeko ille urdiñak ez dira alperrikakoak. Jaun kondearen kutiziari burla egiteko ba daude milla modu eta medio.

EDER: Bai, aita? Esan!

TXISTU: Errezena hau da: gazteak zerate, eta konde jauna ezin balia diteke bere eskubideaz elkarrekin ezkontzen etzeraten bitartean. Eta zergatik ezkondu? Gure etxean hartuko zaitugu ostatuz, eta bitartean jaioko diran haurrak bastardo geratuko dira konde jauna ill arte, edo haren desioa bukatu arte. Gaiñera urreak aurreratuko ditugu, eta bizi-modu lasaiagoa edukiko dute nere illobak. (Zalantza.) Bestela bi eztai egin ditezke, estreñakoa elizan, eta biharamonean etxean bestea. Neskatx bat ez da aurreneko gauean ernari gelditzen. Nolanai ere, famili-barrenean kondearen seme bat edukitzea ez da hain gauza txarra gertatzen. Beraren herentziatik zenbait dukat beti eskapatzen dira. Eta gaiñera, hau da elizako aurrekaldeko aulkietan jartzeko geratzen zaigun bide bakarra. Bestela badakigu zerk itxaroten digun, alaba. Bizitza estu bat, beti elizako atzeko aulkietan, hauzokoen burlarekin. Zer egin dezakegu? Gaur egunean halakoa da mundu guztian behartsuaren bizitza.

PILOTA: Ez, ez eta ez. Orain ikasiko du kondeak herri honetan nola defenditzen den justizia. Abere likitxa! Urde zikiña! Judu zekena! Ikustekoak ikusiko dituzu, azeri maltzurra!

 

(Ukabilla astintzen du jauregiaren kontra.)

 

EDER: Txordon, geldi, arren ez zaitez horrela kejatu.

PILOTA: Kejatu? Hasarratu? (Elizara urbilizen da eta bertako atea jotzen du.) Erretore jauna! (Gogorrago jotzen du.) Erretore jauna! (Pixka bat zabaltzen da atea. Zirrikituan Marika Beltza agertzen da.) Aizu, atxo zarra, nun dago zure patroia? Atera dedilla berehala, aurrez aurre ikusi nahi baitut beraren arpegi zimela!

MARIKA: Jaun erretorea oso lanpeturik dago gaurko mezarekin. Jaun kondeak bere presentzia prometitu du, eta berak erregalatutako kalizari brilloa atera nahi diogu, urrezkoa ez dela jendia konturatu ez dedin.

PILOTA: Zer kaliza eta zer demonio! Esaiozu berehala ateratzeko, bestela nik bizkar ezurra berotuko dizut!

MARIKA: Zure mingaña lotu zazu. Ez al dakizu Jainkoaren atera jotzen dezula?

PILOTA: Jainkoaren atera jo eta beraren atzetik infernutar atxo beltz bat atera zait.

MARIKA: Erretoreak parte emango dio kondearen probestuari.

PILOTA: Parte edo nahi duana ematea berdin zait.

MARIKA: Joan zaitezte hemendik.

 

(Atea itxi nahi du.)

 

PILOTA: (Zirrikituan anka sartu eta ez dio itxitzen uzten.) Bera ateratzeko, edo bestela ni sartuko naizela beraren billa.

 

(Baiña atea guztiz zabaltzen da, eta bertan Mosen Bertran agertzen da, urte askotako apaiz zaharra.)

 

MOSEN: Zer gertatzen da hemen?

PILOTA: Mosen Bertran...

MOSEN: Ze eskandalo da au?

PILOTA: Zurekin mintzatu nahi dugu.

MOSEN: Eta seme batek bere aitarekin mintzatzeko hainbeste zarata atera bear al du?

TXISTU: Barka zaiozu Txordon Pilota'ri bere aserre bizia. Ba dakizu nolakoa dan gazte jendea, beti sutsu eta minkor. Guk zaharrok hobeki konprendituko dugu elkar, eta hobeki tratatuko dugu gaur honera gakarzkien asunto illuna.

MOSEN: Eta zerk ekarri zaitue zu, Perrando Txistu, zure alaba eta pelotari sutsu hori?

TXISTU: Begira zazu, jauna; hemen gazte hauek elkarretaz enamoratu dira. Elizak agintzen duen bezela ezkondu nahi dute.

MOSEN: Bendizioa emango diegu eta kito.

TXISTU: Baiña oztopo txiki baten aurrean arkitzen gera.

MOSEN: Bai? Jaun kondearen eskubidea erosteko dirurik ez al dezue?

TXISTU: Hor dago, ba, kakoa. Ez du saldu nahi.

MOSEN: Eta zergatik?

TXISTU: Nere illoba baten aita izan nahi du.

MOSEN: Ene! Hainbeste urtetan ez da nere artaldean holakorik gertatu.

TXISTU: Horregatik gatoz, bada, zuregana.

MOSEN: Eta zer egin behar dut nik?

TXISTU: Belaunaren eskubidea ez da orain artean diskutitu iñoiz. Baiña oraingo gazteria oso idea aldrebesakin dator. Nik ez dakit egia izango den ala ez, baiña nere alabaren senargaiak Jesukristo Gure Jaunaren Legea agirira atera nahi du; Beraren amar mandamentuak aipatzen ditu, eta bat ain berexiki. Nik ez dakit mandamentu horrek jaun kondearekin zer ikusirik dadukanik, Jaunaren Legea gizon guziontzat berdiñ emana baita. Baiña ala baldin bada, badirudi nere alabaren senargaiak arrazoi pixka bat dadukala, aipatzen duen Jaunaren Legeko mandamentu hori, lagun urkoaren andrerik ez desiatzeko diguna baita; eta agirian dago, eta guztiz garbi, konde jaunak berea ez den andre hau desiatzen duela, bere egiazko andrea denok ezagutzen dugun kondesa guztiz noblea baita... Zer diozu, erretore jauna?

MOSEN: Hauzi ederra dakarzue, lagunak.

PILOTA: Bai, hauzi ederra, laixter ikusiko baita zeiñen serbitzaria zeran.

MOSEN: Zer esan nahi dezu?

PILOTA: Gure alde daukagula Jaunaren Legea, eta gure kontra egiten badezu, Jainkoaren kontra egingo dezula.

MOSEN: Bai, zuzen zaude, seme, baiña barka zazu, jendea ba dator mezetara, eta hauzi hau ez da jendearen haurrean diskutitzekoa. (Jendea alde guzietatik agertzen da, eta elizan sartzerakoan gure lau lagunei agur egiten diete. Hauek erantzun egiten dute.) Bai, seme alabak, diplomazia haundia behar da honelako hauzi estu batean. Legea zuen alde dago, baiña badakizue indarra bere alde dagoela. Ez da? Gaiñera ez dago presarik, ez dago batere presarik. Biar etzerate ezkonduko noski. Itxoin zazue. Eta gaiñera nola tratatuko degu hauzi nahastu hori emen bertan, jendearen aurrean, kalearen erdian?

PILOTA: (Erretorea beso batetik eutsirik alde batera darama.) Entzun, erretore jauna. (Bere boza bajua da, baiña amenazuz betea.) Gauza bat esaten dizut, eta ala da fede nere amak mundura, billutsik bota niñun bezela, kunplitu egingo detala. Marika Luze, zure serora beltz orrek berak esan digu gaur etzerala zu kondearen jauregira meza ematera joango, baizik bera etorriko dala gure artera herriko elizan meza entzutera. Bera jauregitik ateratzen danean, eta gaiñera elizan sartu baiño lehen, gure hauzia planteatu behar diozu, eta ongi planteatu gaiñera. Bestela Kalaorra'ko Obispoa'ren gana joko dugu, eta gutxi baderitzaizu, Erroma'ko Aita Santu beraren gana.

MOSEN: Eta entzun nahi ez badit?

PILOTA: Entzun nahi ez badizu? Badakizu zer egingo detan. Aldarearen ondoan itxoingo dizut, eta beraren erantzuna eman beharko didazu. Gaiñera esan behar dizut bere baimendurik edo eskubiderik ez degula erosi nahi. Konprenditzen dezu? Ez degula sosik emango. Berak ez baitu eskubide hori. Arrazoia kenduko diozu, eta ezetz baldin badio, orduan, mezerdian, zuk aldarearen aurrean Jaunaren Gorputz eta Odol Santua jasotzerakoan, nik kulpitora igo, eta Jainkoari eta herri guztiari salatuko diot kondearen portaera.

MOSEN: Txordon, seme maitea, ez zaitez, arren, orrela sutu. Hori ez da noble bat konbatitzeko modua. Indarra eta soldaduak bere alde ditu, eta horrela jokatzen badezu, kateak arkituko dituzu kalabozoaren barruan. Diplomazia beharko da, diplomazia eta esku ezkerra. Utzi nere eskuetan zuen asuntoa, portu onera eramango baitut.

PILOTA: Baiña oroitu zaitez haren baimena ekartzen ez badidazu mezerdian zer egingo detan.

MOSEN: Bai... Bai... Holakorik ez dezu egingo. Jaunaren etxea horrela zikintzera atzera atrebituko.

PILOTA: Jainkoa jartzen det testigu.

 

(Gabon-Eder eta Perrando Txistu atzean doazkiolarik, jentearekin batean sartzen da elizan.)

 

MOSEN: Zuzen dago, ezin serbitu litezke bi jaun... Baiña horra nerea nun datorren. (Jauregiko ateak zabaldu dira, eta bertatik konde jauna agertuko da, bere ondoan makiña bat serbitzari, gelari eta ezkutari daramazkila.) Gure jauna, ondo errezibitua izan bedi beraren erriko plazan, ondo errezibitua izan bedi gu guztion aitaren etxean. Eta berorren emazte señora kondesak ez gaitu bere presentziarekin atseginduko?

KONDEA: Zer egiten dezu hemen? Zergatik etzaude eliz barruan? Dagoneko, aldarearen aurrean egon behar zenuke, nik pagatu ditudan jantziz jantzirik, mezari asiera emateko nere zai. Eta kandesa andreaz zer interes dezu zuk? Kontuz zer diozun.

MOSEN: Nere jaunak barkatuko dit. Artalde bat ongi gobernatzeko, artzaiak milla kuidadu artu behar ditu bere ardiekin. Orregaik atzeratu da gaurko meza. Orregatik pixka batean itxoiteko pazientzia eduki beharko du gure jaunak.

KONDEA: Hea, ongi dago, utzi berriketari eta barrura sar zaitez, ba dakizu ta herri zikiñarekin nere burua nastutzea etzaidala gustatzen.

MOSEN: Gure jaunak beste apur batean itxoiteko mesedea egingo dit. Hauzi bat dakarkit, nere ardi batzuek jarria, berehala juzgatu behar deguna. Oso hauzi delikatua da, eta ez det uste iñoren aurrean tratatu ditekenik. Gaiñera ahalik eta laisterren billatu behar diogu atera-bide bat. Orrela ba, gure jaunak serbitzariak eliz barrura bialtzeko mesedea egiten badit, momentu labur batean bukatuko degu.

KONDEA: Hea, ongi dago. Zuek barrura joan zaitezte. (Ahalik eta laisterren elizan sartzen dira.) Esan.

MOSEN: Ba... Esan behar dizut... Gaur nere iru ardi urbildu zaizkit... oso agindu aldrebes batekin... Jainkoaren izenean mintzatzeko egokiera balia ez banezake, ez nintzake ni iñola era hauzi hau gure jaunaren aurrean ateratzera atrebituko.

KONDEA: Alde batera erretolika luze hori, eta bota laburki zer dakarzun.

MOSEN: Gure Jaunaren familiak beti izan ditu oso aspalditik bere basalloen gañean zenbait eskubide. Bat ba dago bereziki, gure jaunak iñoiz gozatu nahi izan ez duena. Bere gizalege haundiarekin, gure jaunak beti galerazi du Elizamak bere printzipioen kontra jokatu behar izatea. Baiña esan didatenez, gure jaunak ez omen du aurrerantzean orain artean bezela jokatuko.

KONDEA: Ikusten detanez, txistularia eta pelotaria zuregana etorri dira.

MOSEN: Gure jaunak bere adimen zorrotza probatzen du.

KONDEA: Baiña zuk ez dirudizu hain adimentu zorrotzik daukazunik.

MOSEN: Zer esan nahi du gure jaunak?

KONDEA: Erretore, begira horrera. Zer da hori?

MOSEN: Gure jaunaren jauregia.

KONDEA: Eta hor dagoena, zer da?

MOSEN: Eliza.

KONDEA: Eta norena da?

MOSEN: Gure jaunarena.

KONDEA: Erantzun doblea eman nahi didazu; baiña jakin behar dezu, bai, Goiko Jaunarena dela, egia, baiña Goiko Jaunak emen, dagoen guztia neri eman didala, adimentu haundiz dena gobernatu dezadan. Eliza ere nerea da, eta barrenean dagoen guztia, aldarea, pulpitoa, pillareak, koloretako leioak, liburuak, jantziak, kaliza eta gañerako guztia. Zuk daramazun bonetea ere nerea da. Eta Elizatik kanpora ere dena da nere, lurrak eta soroak, etxeak, estalpeak eta mandioak, errota, ola eta perra-tokia, arbolak, beren frutak, agostuko uztak, errekaren barreneko arraiak, basoko ehizak eta baita eguardian zeruan argitzen den eguzkia bera ere. Jabetasun hau, propiedade hau, ezin diskutitu liteke. Eta nik nere soldaduak ditudan bitartean ez da diskutituko. Konprenditzen dezu?

MOSEN: Bai, jauna.

KONDEA: Azken urte pare hauetan etzera nere gogoz portatu. Basolloekin konfiantza haundiak izan dituzu. Eta hau ez da nere gustokoa. Aurrerantzean serbitzari obedientegoa ez bazera, badakizu zer egin beharko detan.

MOSEN: Bai, jauna.

KONDEA: Herejetzat juzgatu, galeretara bialdu eta Obispoari erretore berri bat eskatu.

MOSEN: Ba daki gure jaunak ni baño serbitzari leialagorik ez dadukala.

KONDEA: Gaizki gobernatu dezu zure artaldea. Esan didate or perratzalle bat badagoela. Ez naiz orain izena nola duan gogoratzen. Zu oroitzen ote zera? Nola deritza?

MOSEN: Perrando Txistu.

KONDEA: A, bai, Perrando Txistu. Esan didate Zugarramurdi'ko akelarretik ateratako txistu bat jotzen duela, eta beraren soiñu lilluragarri eta enkantagarrieri eskerrak, herriko jendeak dantzako bizioari emanak daudela.

MOSEN: Bai, jauna?

KONDEA: Gaiñera entzun det alaba bat baduela sorgiñ zahar horrek aita bezela sorgiña bera ere. Aitaren soiñuak dirala medio, maixtra trebea omen da dantzako arte zikiñetan. Dantzatzen ikusi dutenak esan didate Herodias eta Salomeren enkantuekin lilluratzen omen dituela gizon gazteak, eta pekatu izugarrietara eramaten dituela.

MOSEN: Egia esateagatik, nik ez nuen pentsatu iñoiz pekatura iñor eraman zezakenik.

KONDEA: Jaun kondearen belarrietara herriko gauza guztiak etortzen dira. Ni hemen gertatzen diran gauza guzien jakiñaren gañean egoten naiz. Zuzmurra dabill ortik, Marika Beltza, zure serora, despatxatu egin nahi dezula, beraren lekuan dantzarisa hori jartzeko. Orain artean ipui orreri ez diot siñisterik eman. Baiña orain hoien alde ateratzen zera, eta ez dakit zer pentsa ere.

MOSEN: Jauna, ni ez naiz enteratu ere dantzarisa hori bazenik...

KONDEA: Ala siñistu nahi det. Baiña esan didate elizan sartzea ez diezula ukatu.

MOSEN: Ez nekien, jauna, hori gure jaunaren desioa zenik.

KONDEA: Ez da nere desioa, zure obligazioa baizik.

MOSEN: Kunplitua izango da.

KONDEA: Beste gauza bat. Esan ere esan didate hortik bizi dela holako itzai morrosko bat, pilota jokoan oso trebea, txistulariaren alabarekin ezkondu nahi duena. Alegia, asmo horrekin jarraitzen duen bitartean ez da elizan sartuko. Gero, bein zentzatzen denean, pelota-jokoa kristau herriarentzat kaltegarria den ala ez den erabakiko degu.

MOSEN: Bai, jauna.

KONDEA: Jauregitik atera naizenean, hirurak elizan sartzen ikustea iruditu zait. Orain ni ere barrura sartuko naiz, eta nere lekuan jartzen naizen momentuan bertan, mezaren sakrifizioari asiera eman baiño lehen, hirurak boteak eta jaurtikiak izan behar dute Jainkoaren etxetik.

MOSEN: Bai, jauna.

KONDEA: Erretore berririk ez detala beharko espero dut.

 

(Geldi-geldi, elizaren barrenean sartzen da.)

 

MOSEN: Oraiñ egitera nijoana ez da nere atsegiñekoa, baiña ala ere egin bearra da; bi mendetako ez baigera, eta iñork ez baititu mundu honetan bi bizitz, eta eguzki horren azpian geratzen zaizkidan urte pixarrak ez ditut galera batean arraun lodi bati katez lotuta igaro nahi. (Geldi-geldi, elizako atera abiatzen da, eta biak zabalik jarririk, bere biriketako indar guztiarekin barreneko illunpetan deadar egiten du.) Anatema! Deskomunioa! Zeruko sua eror dedilla etxe sakratu honen gaiñera, bere azpitik deabruaren lagunak bereala ateratzen ez badira! Deabruaren lagunak! Jainkoaren etsaiak! Anatema! Deskomunioa!

 

(Bere deadarretara zenbait jende elizatik ateratzen da, guztien buru Marika Beltza, bere serora.)

 

MARIKA: Zer gertatzen da, erretore jaun agurgarria? Nor da herejea? Nun dago?

MOSEN: Jaunaren presentzian bertan daude; beren zikinkeri ustelarekin Jaunaren etxea zitaltzen dute. Nere herrian ez al dago kristau leialik? Hoiek, pizti likits hoiek elizatik ez al ditu iñork botako? Edo soldadoei deitzeko premian arkituko al naiz?

MARIKA: Ez, jauna; Hemen daude gizon zintzo hauek denak, zure aginduak borondatez betetzeko prest.

MOSEN: Prest zaudete?

BATZUK: Bai, agindu. Kanpora herejeak.

MOSEN: Orduan entzun. (Eztul egiten du, boza lodiago atera dakion.) Elizama Santak nere ahotik gizon eta kristau desleial bat deskomulgatzen eta bere altzotik botatzen du. Herri honetan Zeruaren legeak eta Munduaren legeak dituzten agintari nagusiak elkarrekin eta Jainkoaren Espirituarekin bildurik, halako pena izugarrira juzgatu eta kondenatu dute gizon hori, anatemaren eta deskomunioaren pena izugarrira. Haren izena oso ezaguna eta preziatua izan da orain artean hemengo herrian eta aldameneko beste herrietan. Haren izena hau da: Perrando Txistu! Gizonaren itxura jator bat harturik, mundu guzia engañatu du, eta iñor ez da konturatu ere egiñ noraiño eltzen zen bere zitalkeriaren eta zikintasunaren ondar ustela. Zugarramurdi'ko akelarretik ateratako txistu enkantagarri batekin gure gaztedi sanoa pozoitu du, eta dantzako bizio nazkagarrira gure gazte jendeak eraman ditu, bai neskak eta bai mutillak. Haren medio Satan'en erreinu infernutarra gure buruez jabetzeko arrixkuan arkitu gera. Baiña Jainkoaren ministroak zelatari eta erne egon behar du, eta horrela arkitu ditu bizioa eta pekatua zegozten lekuan bertan, eta sustraietik atera nahi ditu aserre santuz beterik.

BATZUK: Kanpora elizatik Lutero'tarrak. Kanpora elizatik herejea! Kanpora elizatik sorgiñ madarikatua!

MOSEN: Itxoin oraindik pixka batean. Hemendik aurrerantzean ez du iñork herri honetan txistuaren soiñura dantzatuko. Agindu hau austen dutenak, txistulariaren zigorketa bera mereziko dute. Txistulariari bere deskomunioa ken dakiogun, bere txistua apurtu beharko du, herri guziaren haurrean kondenatu beharko da, eta gaiñera penitentzia bat jarriko zaio: txistua jotzen herririk herri irabazi dituen urrezko dukat eta zillarrezko diru guztiak elizari entregatu beharko dizkio, nik nere zuhurtasun haundiarekin pobreen artean limosna ugarietan parti ditzadan.

BATZUK: Bai, ongi esana. Atera dezagun elizatik pekatari zikiña!

MOSEN: Baiña itxoin, eduki ezazue oraindik pazientzi apur bat, gure tribunaletik ateratako sententzia guztiak ez baitira oraindik bukatu.

JENDEA: Herejeak kanpora! Sutara eraman ditzagun! Urkamendira! Kartzelara!

MOSEN: Mundu guziak ezagutzen du txistulariaren alaba, eta nolako abilidade zikiñarekin dantzatu duen beti aitaren soñu eta kantuetara. Harentzat ere izan bedi gure deskomunioa. Hura ere elizatik kanpora! Hura ere gure alkartasunetik aparte!

JENDEA: Fueral Aparte! Kanpora! Kartzelara! Sutara!

MOSEN: Eta askok ez dakizue, baiña bada ere oraindik gauza grabeago bat. Dantzarisa horrek gure arteko mutill prestu bat lilluratu du. Txordon Pilota etsai beraren sareetan erori da. Mendiak ikara bitez! Lurra ebaki bedi! Elizako pillareak amill bitez! Etxe guziak lurrarekin berdindu bitez! Sorgiñ gaztearekin ezkondu nahi du, Elizaren barruan, aldarearen aurrean, pillarearen ondoan, eskuak liburuaren gaiñean! Hainbeste bidegabekeri, hainbeste okerbide eta lotsagabekeri ametituko al-ditugu? Herria trankil eta lasai geratuko al da? Gure artean kristaurik ez ote dago? Guztiok barrura! Atera ditzagun Jaunaren etxetik! Defendi ditzagun egitazko fedea eta legea! Atozte nerekin, kristauak, Satan doakabearen obra bildurgarria desegitera.

 

(Baserritarrak oihu, deadar eta karraxika daudela, denak elizan sartzen dira, apaizaren ondoan. Momentu batzutan utsik gelditzen da agertokia. Geroago, balantzaka eta arrastaka, elizatik ateratzen da Txordon Pilota, katapulta batek jaurtikia bezela, eta jauregiko paretaran kontra erortzen da lurrera. Apur bat geroago, Txordon'en moduan ateratzen da Gabon-Eder, eta Pilotariaren gaiñean erortzen da. Barruan zarata haundia, golpe otsa, karraxiak. Dena ixiltzen da, eta lau gizonek, bik anketatik eta beste bik besoetatik eusten diotelarik, gure Perrando Txistu ateratzen dute, eta elizako atariaren aurrean bertan pausatzen dute golpean lurraren gaiñean. Barrura sarturik, ateak ixten dituzte. Ixillik geratuko da dena momentu batzutan. Gero, bat batean, atea zabalduko da berriz ere, eta barrendik txistua botako dute, eta ager-tokiaren erdian eroriko da.

Lurpetik ostiko bat eman balioteke bezela, salto batean altxatzen da Txordon Pilota.)

 

PILOTA: Nun dago justizia? Nola okertu da hain tankera desegokian zuzenbidea? Zer dira gaur eguneko apaizak? Aberetsen morroiak? Nobleen serbitzariak?

EDER: (Lurretik.) Oraindik badegu denbora, Txordon. Iges egin dezagun.

PILOTA: Iges?

TXISTU: Zaudete ixillik, aurrak.

PILOTA: Ixillik?

TXISTU: Bai. Ez al dezue ikusten zer irabazi degun gure jokabidearekin? Eta ez al dakizue zer esan nahi duen elizatik botatze honek? Infernuko atean arkitzen gerala. Ez al zerate konturatzen? Elizatik kanpora iltzen dena infernura dijoa, holakoak ez du salbaziorikl

PILOTA: Eta zeruko atearen giltzak nork ditu? Pedro deunak edo Jaun Garcia, Mujika'ko kondeak?

TXISTU: Elizak ditu, eta etzait inporta nork maniatzen ditun, Sakramenturik gabe, nola salbatuko gera? Nola barkatuko zaizkigu gure zorrak eta pekatuak?

EDER: Orrek ez du inporta, aita. Lurrean bizi gera, eta etorkizunaren berririk ez dakigu.

TXISTU: Etorkizunaren berririk ez daukagula? Nik bai, ba dakit zerk itxoiten didan. Betirako su gorriak. Satan beltzaren laguntza azkengabeak. Eta ba al dakizu zer pentsatzen detan? Kristau batentzat, animaren salbazioak duela inportantzirik aundiena; eta nik zuek eta neregatik begiratu behar dut. Apaizaren esanetara makurtuko naiz. Txistua puskatuko dut, eta berak jarritako penitentzia kunplituko dut. Nere diru guztia beartsuen artean zabalduko dut. Honela nere pekatuak barkatuak izango zaizkit.

 

(Lurrean belaunikatzen da, elizara begira.)

 

TXORDON: Eta gure ezkontza? Eta gure maitasuna? Esan, zer izango da gure familiaz? Gozatutako lore bat entregatuko al zait nere esposarioan? Erantzun Txistu, erantzun! (Baiña Txistu'k ez du entzuten, ez du erantzuten, otoitz egiten du.) Zer gertatzen zaizu? Orain errendituko al zera? Gure burrukaldia asi behar degun orduan? Erantzunl (Txistuk otoitz egiten du.) Erantzun!!

EDER: Zaude ixillik, maite. Boz miragarri batzuek entzuten ditut. Aingeruak dira, zerutik lurrera gu salbatzera datozenak.

PILOTA: Baiña erotu egin al zera?

EDER: Dantzara deitzen didate. Baiña txisturik gabe ez dakit dantzan egiten.

PILOTA: Perrando, begira zure alabari zer gertatzen zaion. (Txistuk otoitz egiten du.) Eder, zer diozu? Zure senera bihurtu zaite! (Eder zutik dago, eta tankera estraño bat artu du, amets lilluragarri batek artu balu bezela.) Baiña zer da hau? Aita eta alaba, biak deabruak arrapatuak?

EDER: (Geldi-geldi.) Nik txisturik gabe ez dakit dantzan egiten. Nere aitak jo dezala txistua, aingeruekin batera zerura dantzan abiatu nadin. Aitak txistua jo dezala.

 

(Eta bere gelditasun estraño aretan ixillik gelditzen da.)

 

PILOTA: (Txistua artzen du lurretik.) Lurraren gañean edo zeruaren barrenean justizia apur bat iñun baldin badago (txistua zerura astintzen du), Goiko Jaunari esijitzen diot, ez eskatu, agindu eta mandatu egiten diot, nere Gabon-Eder maiteak zorion izpi bat izan dezan, txistu honek berez jo dezala, bildurrak eraginda bere alabaren miña arindu nahi ez duen aita bat munduan dagoen ezkero. Ez eskatu, agindu egiten dut! Txistuak berez jo dezala!

 

(Eta poliki-poliki, txistua bakarrik jotzen asten da. Erreberentzia lurreraño egiten du Txordon Pilota'k, eta begiramendu haundiarekin txistua lurrean uzten du. Txistuaren soñuan, Gabon-Eder dantzan asten da. Perrando Txistu ez da mugitzen: otoitz egiten du. Elizatik jendea ateratzen da. Ikusten du nola Gabon-Eder kale ixkiñatik dantzan dijoan, eta jira eta bueltaka airean altxatzen den, odei artean ezkutatzeko. )

 

MARIKA: Ikusten dezue zuek, jende onak, nere begiak ikusten dutena? Gabon-Eder iñork jotzen ez duen txistu baten soiñuetara lurretik aidean altxatzen da, eta hodei artean dantzan, jira eta bueltaka, aingeruzko zeruetan barrena ezkutatzen da. Ori mirarla da!

MUNDU GUZTIAK: Miraria!!

KONDEA: Ez, ori deabrukeria da!

HERRIA: Miraria!

MOSEN: Infernukeria!

 

(Mundu guztia karraxika. Eta guztion gañetik, Txordon Pilota'ren boza entzuten da.)

 

PILOTA: Or dezue justizia!

HERRIA: Jainkoaren miraria!

AGINTARIAK: Deabrukeria!

PILOTA: Justizia txistulari biurtu da!

 

TELOIA

 

Justizia txistulari, Gabriel Aresti
Egan, 1/6-1967