Etxe aberatseko seme galdua eta Maria Madalenaren seme santua, Gabriel Aresti
Egan, 4/6-1962

 

AZKENEKO ZATIA

 

Aurreneko zatian dekorazioa oso zehatza izan da, aulki batek egon ukan behar duen lekuan aulki bat egon da, eta kopa bat badiogu, eztugu esaten baxo bat edo gatelu bat: kopa bat diogu. Baina azkeneko zati honetan, bestela izanen da; Ama Birjina Epaltzakoaren Monasterioan gaude, bertako Abate Nagusiaren gelan. Alde batean Abatearen ohea: okolazko tabloi batzuk, arraiak gordetzeko kaxa batzuren gainean. Erdian, eskribitzeko mahaia, landu gabeko harrizko koadrado bat. Lau aulki: kalabo-arbola puntak. Eztago egiazko dekoraziorik, bakarrik oihal beltzezko gortina batzuk. Personak sartzeko eta ateratzeko, eztago aterik, gortina hoek altzatu beharko dira, eta azpitik pasatu. Gortinen gibelean, argi more edo gorri batek gurutz haundi baten irudia botako du iruditegiaren gainean.

 

(Fraile gazte bat sartzen da barnera. Pauso batzuk ematen ditu. Ohean etzuten da: mahaiaren gainean eserten da. Geroxeago beste bat sartzen da, lehenbizikoaren berdina. Aita Seraphicus eta Aita Angelicus dira, biak lehen meza eman-berriak, Anaia Kristarren konpainiakoak. Nahi den bezela egonen dira jantzirik, baina biak berdin.)

 

SERAPHICUS: Akabatu zen.

ANGELICUS: Hasi zen.

SERAPHICUS: Hola da gizonaren bizia. Gauza bat akabatzen denean, beste bat hasten da.

ANGELICUS: Uda akabatzen denean, negua hasten da.

SERAPHICUS: Ekaitzaren ondoan, aterria dator.

ANGELICUS: Eta aterriaren ondoan, gaua.

SERAPHICUS: Gauaren ondoan, egunsentia.

ANGELICUS: Bakarrik gauez jaio denak pentsatzen du atzorik eztela egon.

SERAPHICUS: Hala irakatsi digute.

ANGELICUS: Bakarrik egunsentiaren ondoan jaio denak pentsatzen du biharrik eztela egonen.

SERAPHICUS: Hala irakatsiko nioke nik bati.

ANGELICUS: Zer izanen da hobea, atzoko, egungo ala biharko eguna?

SERAPHICUS: Zer izanen da hobea, estudioetan ala penitentzietan bota dugun denpora, egungo egun zoragarria ala jentil artean emanen ditugun urte neketsuak?

ANGELICUS: Inork eztaki. Jainkoa baizik eztago inor horren jakitun.

SERAPHICUS: Zuretzat, zure iritzian, zer da hobea?

ANGELICUS: Guk eztadukagu hautaerarik.

SERAPHICUS: Baina hautaerarik bazenduka, zer hautakuko zenuke?

ANGELICUS: Gauza bat esan behar dizut: Niretzat Jainkoaren ministrotasuna penitentzia bat da. Egungo zirimoniak oso politak izan dira, musika ederra, bertan sentitu naiz esposa berri bat apaizaren aurrean bezala. Biziaren egunik inportantena izan da. Rubikon bat pasatu dugu eta eztago itzulerarik.

SERAPHICUS: Bai. Sacerdotes in aeternum gara orain. jesukristoren apostoluak.

ANGELICUS: Eta herri berrietara eraman behar dugu apostolutza hori. Bai. Niri eskatuko zait ara joanen nadila, eta joanen naiz. Baina eskatzen baldin bazait pozik eta kontent joan nadila, esanen dut ezetz, eznoala pozik eta kontent, penitentzian noala. Zerura bidea oso meharra da, harritsua eta malda gora. Ezta niretzat laket bat, ez, neke gogor bat baizik. Uste dut, laketa izanen balitz, ezkenukeela merezimenturik edukiko. Nik sari bat espero dut, bizi eternalaren saria, Jainkoaren presentziaren saria, eta uste dut laketarekin ezin lor dezakela inork hain sari haundirik.

SERAPHICUS: Oraindik eztidazu erantzun.

ANGELICUS: Atzo, egun eta bihar artean hautatzera eragiten didazu, baina zuretzat hiru egun den denpora, niretzat ezta egun bat baizik. Zuk eliz-bizimodua baizik eztuzu ezagutzen; horregatik egiten duzu berezkuntza hori. Zu hamar urtekin sartu zinduten komentuan, baina ni, nire borondatean eta hautaera librean, nire gustuan etorri nintzen honera, eta munduaren argitasuna zer den, badakit.

SERAPHICUS: Eztago mundu argi bat baizik. Hil eta ondoko mundu paradisutarra.

ANGELICUS: Hori hautatu nuen, baina galdetu didazu zer dudan nahiago, hemengo egunen artean, eta egiaz erantzuten badizut, esanen dizut nire familiarekin pasatu nuen aldia, nire etxean amaren magalean, anai-arreben maitasunean eta amorean pasatu nuen oporra hautatzen dudala.

SERAPHICUS: Nola mintzatzen zara hala?

ANGELICUS: Bihotzaren gainean eztu inork manatzen. Japonesen artean nagoen egunean, nire fedea, nire arima, nire borondatea, nire indar guztiak egonen dira misiolaritzako zedarrietan, jentil hoien kristantzean, baina nire bihotza amaren ondoan egonen da.

SERAPHICUS: Badakizu nun sartu zaren? Gaurko ordenamentuarekin, apaiz egitearekin, munduko zer-egin guztiak, interes guztiak ukatu dituzula?

ANGELICUS: Bai, eta ongi jakin, gainera.

SERAPHICUS: Anaia kristarren konpainian zaude. Kristarrak gara, kristotarrak, Kristoren defentsoreak. Kristaua izatea ezta naikoa. Kristaua izateko naikoa da Erromako Eliza Ama Santuaren altzoan egotea. Gainera, Haren altzoan egon gabe, protestanteak eta ortodosoak ere, Moskobako Eliza komunistakoak ere, kristauak dira, Baina kristarra izatea ezta hori, kristarra izatea beste gauza bat da.

ANGELICUS: Bai.

SERAPHICUS: Kristarra izateak esan nahi du, Kristoren irakaspenak eta lezioak bete behar direla, baina haien zabalera guztian, batere desenkusa eta aitzakia gabe. Jesukristok gauza batzuk esan zituen, eta kristatuek entenitzen dituzte beren interesen arauean.

ANGELICUS: Hala da.

SERAPHICUS: Baina gure fundatzale santuaren aginduak bestelakoak dira. Ebanjelioa ezta gizonaren gustokoa, ezta haren gogarakoa eta atseginekoa.

ANGELICUS: Gauza gogorra da.

SERAPHICUS: Jesukristok elan zuen: «Inor ezta bere sorterrian profeta (apostolu)». Jesukristok esan zuen: «Nire berri ona eraman munduko herri-arte guztietara». Horregatik, bihar, zu Japonera eta ni Colombiara joanen gara. Orain hemen gaude, gure sorterrian, baina hilabete baten buruan, estranjeriarik hurrutienetan egonen gara biak. Eta hori Maisuaren hitza betetzearren.

ANGELICUS: Oso meharra da zerura bidea. Oso malda gora. Oso erpina.

SERAPHICUS: Behin Jesukristo irakasten zegoela, ikasle bat hurbildu zitzaion: «Maisua, hor daude zure ama eta senideak». (Anaiak dio Ebanjelioak, baina denok espero dugu, sinesten dugu eta nahi dugu, hori imposible dela.) Harek erantzun zion: «Zuk diozu hor dagoela ene Ama, baina nik diotsut ezetz, eztagoela, hori ezpaita ene Ama; nire ama, eta nire esposa, eta nire arreba, eta nire alaba da, munduan dagoen edozein andre, edozein neska». Han gutti gora behera dio Ebanjelioak, hitzak eztira zehatzak, baina bai zentzua.

ANGELICUS: Zuk beti bilatzen dituzu Ebanjelioko zatirik gogorrenak.

SERAPHICUS: Beraz, zu egiazko kristarra bazara, gaur hartu duzun sakramentua eta fedea ukatu nahi ezpaduzu, hori kontsideratu hehar duzu: Zutzaz erditu zen ama, ditia eman zizun ama, hori eztela zure ama. Zure ama, munduko edozein andre, munduko edozein neska dela. Zure anaia eztela zu egon zinen sabelean egon zen gizona, zure anaia dela edozein andreren sabelean egon den gizona.

ANGELICUS: Egia da, eta hola ihardukiko dut beti, egia hoien lege pean portatuko naiz. Baina lehen esan dizut bihotzaren gainean eztuela inork manatzen. Bihotza berez ematen edo ukatzen da.

SERAPHICUS: Espero dut etorkizun hurbil batean zure bihotzak Jainkoagana joko duela, orain zure fedeak eta zure esperantzak jotzen duten bezala. Badakizu karitatea, amorioa dela, maitasun hutsa, onerizte jainkotiarra, eta fedeak eta esperantzak hura gabe eztutela deus balio.

ANCELICUS: Nik maitatzen dut, bai, Jainkoa, et Haren Seme Bakarra, Jesukristo gure Jauna.

SERAPHICUS: Manamenturik aurrena, lehena: Jainkoa maitatu, gure Egileari on eritzi. «Nigatik semeak abandonatuko du aita, esposak abandonatuko senarra». Gainerako amorioak alferrikakoak dira, hutsak, kanaberaren sustraia bezalakoak. «Ezkerreko eskuak eskandalo egiten badio gizonari, moz dezala, ken dezala, ebaki dezala: hobea baita esku bakar batekin Aitaren erreinua irabazi, ezen ez esku biekin jehenara jaurtikia izan». Amaganako amorioak galazitzen badizu Jainkoaganako amorioa, ken zazu zure bihotzetik, moz zazu zure gogotik, ebaki zazu sustraitik amorio mundutar hori, oso sakratua baldin bada ere, Jainkoak berak ere benedikatzen duena, baina Harenganako amorioa eragozten badizu, arbuia zazu, guttiets zazu, hobea baita Aitaren erreinuan, Jainkoaren gloriar, ama gabe eta emazurtz sartu, ezen ez betiko jehena su-lezan amadun eta seme on hamildu.

ANGELICUS: Gauza erreza da kulpitotik predikatzea, baina ogia ematea gaitza da. Ondasunen partimentua eskatzen dutenak, hoek dira ondasunik eta dirurik eztadukatenak. Zure ahotik irten duen burubideak, ordenamentu baten indarra daduka, oso min haundia egiten dit belarrietan, eta eztut permitituko hola mintza zakizkidan. Jakin behar duzu zu etzarela nire nagusia, berdinak garela, eta holako manu eta mezu atsegin-ezok etzaizkidala gustatzen. Nor uste duzu zarela? Konpainiaren abate nagusia?

SERAPHICUS: Denporak etorriko dira!

ANGELICUS: Denporak etorriko dira! Hemen dago humildadearen promesa egun egin duena. Harroa! Luzifer baten itxura dadukazu, gangarra!

SERAPHICUS: Egia ezta inoren gustokoa. Motza da, eta garratza.

ANGELICUS: Ze egia eta ze mila demonio koroatu! Hemen dago karitatearen promesa egun egin duena!

SERAPHICUS: Eta hor baketasunaren promesa egin duena. Ezin entzun dezakezu egia biribilik zure barnean hasarrerik piztu gabe?

ANGELICUS: Zure mintzaera ezta giza-legekoa. Apaiz artean gaude, apaiz berriak gara, eta beraz beste erremediorik eztadukat zuri barkatzea baizik, naiz-eta barkaziorik eskatzen ezpaduzu ere. Baina barkatu ondoren gauza pare bat esan behar dizut aurpegira, zure harrokeria apur bat apurtuko duena.

SERAPHICUS: Zer esan dezakezu zuk, urrikaria, nik eztakidana?

ANGELICUS: Asko, gizona, gauza asko. Ze diferentzia dagoen gure artean, ze arrazoi desberdinek ekarri gaituen biok honera. Zergatik naizen ni apaiza orain, eta zergatik zaren zu ere. Ni mundutik etorri naiz, eta zu ilargitik, hala dirudi. Nik Maisuaren esanari jarraikiko diot, nire familia abandonatu dut, eta hemen nago, nire ahaide guztien hasarrearekin; amaren tristurarekin, aitaren maldizioarekin eta anai-arreben arbuio eta barrearekin. Urte bete falta zitzaidan medikuntza akabatzeko. Laster ezkonduko nintzen neska apropos batekin. Baina egun batean konprenitu nuen, eta honera etorri nintzen, hemengo atea jo nuen eskeko pobre baten moduan, eta hau besterik eznintzen, herentzia ukatu zidatelako.

SERAPHICUS: Galera haundia gero! Asko tristatu zinen? Damu ukan zenuen galdua?

ANGELICUS: Ezer eztuenak ezin dezake ezer gal. Nik nire izena galdu dut. Baina zuk ez, zuk eztuzu zure izenik galdu, izenik eztadukazulako.

SERAPHICUS: Badakit zer bilatzen duzun zuk, Jainkoaren bidean. Ez santutasuna behintzat.

ANGELICUS: Nik bilatzen dudana ezta zure ardurakoa, bakarrik nire eta Jainkoaren ardurakoa. Nork bere kontuak eman behar dizkio jainkoari. Eta esan behar dizudana, naiz-eta lepotik harturik isildu behar bazaitut ere, esanen dizut, hala egia.

SERAPHICUS: Esan behin eta betiko, hutsi zazu suge-kafia hori.

ANGELICUS: Nik maitatzen dut nire ama, nirekin oso ongi portatu zelako. Baina zu egun batean ahardi baten sabelean, aurkitu zinen. Zure barnean pentsatu zenuen, gaizki egoten zela erraiarte ilun eta zikin haretan, eta mundutik paseada bat ematea erabaki zenuen. Atzean utzi zenuen zure amaren altzoa, eta haren berririk eztuzu ordutik jakin. Lehen esan dizut zuk eztadukazula zer gal...

SERAPHICUS: Bai zera!

ANGELICUS: ...ez izenik, ez familiarik, ez ezer.

 

(Bi fraileok konturatu gabe, hirugarren bat sartu da. Zaharra da, eta lodia. Maiestate-aire bat igarten zaio. Agirian dago Monasterioko Abate Nagusia dela, Aita Sanctus agurgarria.)

 

SANCTUS: Portaera ederra, bai, zuen egun honetan!

 

(Bi fraile gazteak belaunikatzen dira.)

 

SERAPHICUS: Berorren barkazioa eskatzen dugu, aita.

SANCTUS: Zuti zaitezte, buru-hundiak! Lehen bekatua egin eta gero barkazioa eskatu? Gizonaren asturua, patu ihes-ezina!

ANGELICUS: Nik eztut barkaziorik eskatzen, gaizkirik egin ezpaitut. Badakit oso hasarratu naizela, baina nire hasarrea, hasarre santua izan da, egiaren aldeko hasarrea, zuzenbidearen aldeko hasarrea. Zuzenbidearen alde burrukatzen denean, hitz zakarrak ere zilegi dira. Jesukristok zihor batekin despatxatu zituen merkatariak Jerusalengo elizatik. Nik Jesukristori, Jainkoari berari, hartu diot esenplo.

SANCTUS: Isilduko zarate biak? Ongi hasi duzue zuen apaiztasuna, Kristoren zerbitzuan oin onarekin sartu zarate. Bai zera!

SERAPHICUS: Damu dut, Aita, Jainkoa ofenditua.

SANCTUS: Biok egin duzue bekatu, batak humildadearen kontra, eta besteak baketasunaren kontra. Batak harrokeriaren bekatua eta besteak hasarrearen bekatua. Penitentzia egin behar duzue.

ANGELICUS: Eginen dugu aita.

SANCTUS: Bai, eginen duzue, nahi eta nahi ez.

SERAPHICUS: Pozik hartuko dugu, aita, berorrek emanikako penitentzia.

ANGELICUS: Esan beza, arren.

SANCTUS: Orain apostoluak zarate. Jentil herrian eginen duzue misioa. Horren gainean jakin litekeen guztia esan zaitzue. Beraz, eztut lezio berririk esanen. Baina oraindik eztakizue zergatik deitu dizuedan honera. Gaur hamar apaiz berrik eman duzue meza, eta hala ere biori bakarrik deitu dizuet. Eztakizue zergatik?

SERAPHICUS: Ez.

ANGELICUS: Igarri ere eztiot egiten.

SANCTUS: Aita batek bere ardurapean eduki behar ditu semeak. Eta etxe honetatik alde eztaidizuen artean, nire semeak izanen zarate biak. Beraz, zuen sekretu eta kezka guztietan hartu behar dut parte. Gela honetara heldu naizenean, mintzatzen entzun zaituet, eta esan guztiak aditu ditut. Nire beharra da. Eznintzake, halakorik eginen ezpanu, abate ona izanen. Eta zuek egin duzue gure problemaren aurrean planto.

ANGELICUS: Famili-kontuak?

SANCTUS: Bai, persona maitatuen ganako amorioa.

SERAPHICUS: Posible da?

SANCTUS: Nola posible? Bai! Kontrarioa izanen litzake inposiblea; persona higuinduen ganako amorioa edo persona maitatuen ganako gorrotoa.

SERAPHICUS: Galdetu nahi dut zilegi den.

SANCTUS: Bai, oso zilegi, baina kontuan eduki behar dugu gure konpainian sartu garenean familia haundiago batean sartu garela, gure familia mundua dela, eta munduan maitatuenak, Kristoren hitza entzun eztuten jentilak.

SERAPHICUS: Nola konprenitzen da?

ANGELICUS: Nik ere eztut argi haundirik misterio horretan ikusten.

SANCTUS: Gauza erreza da. Jesukristoren bizitza ekarriko dizuet gogora. Kristok asko maitatzen zuen bere Ama Birjina Maria. Eztago dudarik.

SERAPHICUS: Herejia litzeke besterik esatea.

ANGELICUS: Horregatik jaio zen Birjina bekatuaren itzalik ere gabe. Horregatik bidali zituen aingeruak lurrera, zerura jaso zezaten, etzedin gure Bitarteko zerutarra heriotzeko trantze torpetik igaran.

SANCTUS: Zuzen zaudete. Baina hala ere Ebanjelio guztian ezta Maisuaren ahoan eta ezpainetan eskribitzen Haren Amarentzako esaera maitakorrik. Eztio ama esaten, andrea diotsa. Badirudi gutti arduratzen dela hartaz.

ANGELICUS: Baina gurutzean dagoenean haren apostolurik maitatuenari ematen dio amatzat.

SANCTUS: Bai. Baina pentsa dezagun zer pasatuko zen baldin eta Aita Eternalaren asmoetan kabiera eduki balu Birjina Jesukristo baino lehenago hilen zenaren asmo konpreni-ezinak. Jesusen sorbalden gaineko karga astunagoa eginen zen, eta hiru bider beharrean, lau bider eroriko zen. Kalbariora bidean zoalarik. Baina jesusek, horregatik, etzion Haren pasio dolorosoari ukorik eginen, inola ere.

ANGELCUS: Ez.

SANCTUS: Konprenitzen duzu, Aita Angelicus preziatua? Etzion pasioari ukorik eginen. Hala iharduki behar dugu guk ere. Gizonaren beharra da ahaideen ganako amorioa, hau da Haren Lege Santuaren laugarren manamentua, baina aurrenekoa, badakizue zein den, gauza guztien gainetik eta persona guztien gainetik. Asko maitatu behar du nork bere ama, eta maitasun horren gozamentuaren ukaerarekin, preziatuagoak egiten gara Jainkoaren begien aurrean.

ANGELICUS: Konprenitzen dut.

SANCTUS: Eta zuk, Aita Seraphicus ene bihotzekoa, zuk, konpreni dezakezu hori?

SERAPHICUS: Ez, aita. Ezagutzen eztugun gauzarik nola konpreni?

SANCTUS: Laster konprenituko duzu.

SERAPHICUS: Bai?

SANCTUS: Zeinbat denpora da, Angelicus, zure familiaren berririk eztakizula?

ANGELICUS: Zer gertatzen da?

SANCTUS: Erantzun: zeinbat denpora?

ANGELICUS: Badaki berorrek, aita, honera etorri nintzenetik. Baina zer gertatzen da? Desastururen bat? Kalamitateren bat?

SANCTUS: Zure familiaz ez arduratzen ikasi behar duzu.

ANGELICUS: Bai? Eta zer? Nor hil da?

SANCTUS: Maiteen duzuna.

ANGELICUS: Ama?

SANCTUS: Bai.

ANGELICUS: Ama! Jainkoak errezibi dezala bere besartean.

SANCTUS: Bai, mutila, pentsa zazu orain eztuela sufritzen.

ANGELICUS: Zer zedukan?

SANCTUA: Eritasunik gaiztoena, gehien sufri-arazitzen duena.

ANGELICUS: Biziena.

SANCTUS: Bai.

ANGELICUS: Noiz jakin duzu?

SANCTUS: Bart.

ANGELICUS: Eta nola eztidazu lehenago esan?

SANCTUS: Zure tamañako misiolariak behar dira jentil artean, eta meza eman baino lehen jakin bazenu, behar bada zure apaizgintza berandutuko zen. Badakit zure bihotza Jainkoari emanik dagokiola, eta notizia horrekin, desorduan harturik, kalte besterik etzenuen edukiko.

ANGELICUS: Bai, ederki egin duzu. Zure jakituria eta zuhurtasuna haundia da benetan. Milesker beti eskeini didazun anparoagatik.

SANCTUS: Asko sentitu dut zure ama hila.

SERAPHICUS: Nik ere nire dolamentua presentatzen dizut.

ANGELICUS: Eskerrik asko.

SANCTUS: Eser zaitez, semea, inun, mesedez, eta etzazu ezer esan. Jaso zazu arima Jainkoa gana. Erreza zazu. Eta behar baldin eta baduzu, negar egizu. Hola bihotza arinduko zaitzu, duda gabe.

ANGELICUS: Bai, aita.

SANCTUS: Eta zuri ere, nire seme Seraphicus horri ere, zerbait esan behar dizut.

SERAPHICUS: Zortea dadukat nire ahaideen herio-berririk emanen eztidazulako.

SANCTUS: Zuri eman behar dizudan berria ezta atsegina. Asko kostatu zait zure anaiari mintzatzea, baina zuri esan behar dizudana mila bider gaitzagoa da.

SERAPHICUS: Eztut igarten nola.

SANCTUS: Zure jatorrian misterio haundi bat egon da orain arte. Zu etzara sekula arduratu, zein den zure leinua, zure familia?

SERAPHICUS: Euskal baserri batean egon nintzen ttiki denporan, baina badakit eta banenkien orduan ere, eznaizela hango semea, baina kontsolatu naiz beti, Jainkoaren semea naizela pentsatzearekin. Batzuk urrezko sehaskan jaio dira, eta gehienok eztugu kumarik eduki. Baina jaio, mundu honetara etorri, denak etorri gara odol eta zikinkeriaren artean.

SANCTUS: Egun batean abogadu bat etorri zen Bilbotik, eta esan zigun nola andre alargun bat hil zen, beste familiarik gabe ezpada hamar urteko mutiko bat. Bere fortuna guztia semeari utzi zion, eta nahi ukan zuen mutikoa komentu honetan edukatua izan zedin. Ongi iruditu zitzaigun, eta zu etorri zinen.

SERAPHICUS: Bai, banenkien guzti hori.

SANCTUS: Historia ederra zen, baina gu hemen ezkinen harekin oso konforme geratu.

SERAPHICUS: Ez?

SANCTUS: Egia zirudien. Esanen didazu oso probablea zirudiela, baina nire begietan etzirudien posiblea. Gauza hoek bakarrik gertatzen dira arradioko nobeletan. Egia da diru-suma haltu bat utzi zuela abogaduak gure eskuen artean, baina eskribauen kolejiora eskribitu genuen, hea halako testamenturen bat eman zen, eta ihardetsi ziguten ezetz. Konprenitu genuen dena izan zela ipui bat, gezur bat. Jo genuen orduan abogaduaren gana, baina hau munduko bistatik desagertu zen. Berria allegatu zitzaigun komunisten zereginetan sartua egon zela, eta konprenitu genuen Errusiara ala Karabantxelera bidean abiatu zela.

SERAPHICUS: Zergatik eztidazu horren gainean inoiz ezer esan?

SANCTUS: Oso mutila zinen. Zure jatorriarekin lokarri guztiak ebakirik zeuden. Gero diru gehiago heldu zaigu, baina nundik jakin gabe. Zer egin?

SERAPHICUS: Eskuaren gainean eskua geratu.

SANCTUS: Gure alegin guztiak alferrik izan ziren.

SERAPHICUS: Bai?

SANCTUS: Nik iloba bat dadukat, oso pintore famatua eta pagatua. Eskandalo ikaragarria eman du. Hemen egon zen lehengo egunean, eta nire kontseilua eman nion. Baina konprenitu nuen munduko zer-esanetan haboro dakiela harek mila bider nik baino.

SERAPHICUS: Ze eskandalo ta ze demandalo da hori? Zer ikusi behar du enekin histori horrek?

SANCTUS: Nire iloba, Marti Matias pintorea, soltero egon da beti, mutil zahar, donado. Eztu sekula ezkondu nahi ukan. Esatea zuen andreak oso animalia gaiztoak direla, garbiagoak direla ahardiak, zuhurragoak behiak.

SERAPHICUS: Eztabil oso erratua.

SANCTUS: Beti zion ezkonduko zen egunean, andre santu batekin ezkonduko zela. Orain ezkondu da. Gaur. Bilboko Jondone Bikandiren elizan. Bere andre santua aurkitu du. Eztakizu nun?

SERAPHICUS: Ez. Eztakit nun.

SANCTUS: Puta-etxe batean.

SERAPHICUS: Maria Madalena ere holako tokietan ibilia zen, eta gaur aldareetan adoratzen dugu.

SANCTUS: Dena den, Maria Madaleriarik ezta egon bat baizik.

SERAPHICUS: Eta zer?

SANCTUS: Nire ilobak zer eginen zuen enteratu nindutenean, berehala deitu nion honera. Harek beti eduki dit itzal eta errespeto haundia. Pentsatzen dut ni besterik ez duela munduan errespetatu.

SERAPHICUS: Eta etorri zenean?

SANCTUS: Burutik kendu nahi ukan nion asmo hura, ez urguilu faltso bategatik, ezpada dakidalako holako ezkontzak ehuneko laurogetamarrean, gaizki ateratzen direla. Baina harek esplikatu zidan zer egin zuen andregaiak, nola seme bat edukirik, harekin gizon behar bezalako bat egin nahi ukan zuen, eta hori lortzeko etzuela hamar urte zituenez gero ikusi. Galdetu nion nola zekien hori egia dela, eta bere probak presentatu zizkidanean, nire bendizioa partitu nien.

SERAPHICUS: Akabatuko duzu behin eta betiko zure historia horrekin? Argi eta garbi mintzatu nahi duzu? Horrekin esan nahi duzu...

SANCTUS: Probak presentatu zizkidan, Maria Madalena santu horren semeak komentu honetan estudiatzen duela.

SERAPHICUS: Eta?

SANCTUS: Eta zu zarela seme hori.

SERAPHICUS: Nola?

SANCTUS: Zure jatorriaren gaineko misterioa apurtu da azkenik.

SERAPHICUS: Hori ezta egia! Hori gezurra da!

SANCTUS: Nola diozu?

SERAPHICUS: Gezurti haundi eta zikin bat aizela hi, ama nagusiaren seme borta!

 

(Bere lekutik jaikitzen da Aita Angelicus.)

 

ANGELICUS: Isilik hago!

SERAPHICUS: Nola diozu? Isilik eta lasai geratu holako irain itsusi baten aurrean?

ANGELICUS: Eztakizu norekin mintzatzen zaren? Etzara konturatzen zure nagusiarekin, hierarkian zure aitarekin mintzatzen zarela?

SERAPHICUS: Bai, badakit, eta hori da ni enpatxatzen nauena. Beste gizon bat izanen balitz, berehala hartuko nuke eskuekin lepotik, mihin zikin horrek haren zila tapa lezan arte, more bizian, hala .jainkoa, zeruetan dagoena!

ANGELICUS: Isilduko zara?

SERAPHICUS: Eznaiz isilduko.

ANGELICUS: Ez?

SERAPHICUS: Ez.

SANCTUS: Baina, nun zaudete?

ANGELICUS: Eztut hori permititzen, errespeto-falta hori.

SANCTUS: Baina nire kontra da falta hori, eta ni naiz kontuak eskatu behar ditudana.

ANGELICUS: Bai, zuzen dago, aita, barka beza.

SANCTUS: Baina nire seme honi nik eztiot konturik eskatuko, aita atsegin baten moduan portatuko naiz, egia os-oso garratz bat entzun duelako, eta haren begietan irain likits baten oihartzuna hartzen du. Ezta hala, nire semea?

SERAPHICUS: .Aita, konortea galdurik nengoen.

SANCTUS: Bai, eta orain konortea irabaziko duzu, maitea. Nik esan dizudana ezta irain bat, iraina gauza faltsoa delako, asmo txarrarekin asmaturikako gezurra. Eta zuk badakizu ni eznaizela halakoa, ezta ?

SERAPHICUS: Bai.

SANCTUS: Orduan barkazioa eska zaidazu belaunbiko.

SERAPHICUS: (Belaunnikatzen da.) Barka nezazu, aita, bekatu egin dut zure kontra.

SANCTUS: Aitearen eta Semearen...

SERAPHICUS: (Zutitzen da.) Baina, jauna, ezta hori proba bat izanen? Niretzako hori karga haundia da, eta nire soinen gainean badirudi kabierarik eztadukala. Beti pentsatu naiz emazurtz, naiz-eta deiturarik inoiz eduki eztudan. Mutil-denporan beti esaten nion nire buruari, dukesa baten semea nintzela, eta egun batean dena argituko zela. Ilusio hori gorde dut beti nire barnean. Jauna, aitarik ez edukitzea ezta gauza atsegina. Esan zaidazu egia eztela, probatu nahi ukan nauzula.

SANCTUS: Ez, mutila. Etzara konturatzen zure ama nire iloba dela orain? Eta ni eznaiz lotsatzen, eznaiz ahalketzen. Ez inola ere. Pozik nago nire familian andre prestu eta santu bat sartu delako

SERAPHICUS: Bai, jauna?

SANCTUS: Bai, Jainkoaren aurrean zin egiten dizut.

SERAPHICUS: Eskerrik asko, jauna, utz nezazu eskuan muin egin dezaizudan. (Eskuan muin egiten dio. Angelicus'i.) Aingeru, entzun duzu? Entzun duzu nik ere ama bat dadukadala, eta gainera prestua eta santua dela?

ANGELICUS: Bai, eta ni ere zurekin alegratzen naiz.

SERAPHICUS: Ama bat! Eta hiltzen denean zure amaren ondoan egonen da paradisuan, eta zure ama pozik egonen da nirearekin. Pozik. Paradisuan eztagoelako gizarteko klaserik, denak dira santuak, etxeko andreak eta ema-galduak. Berdin dira Maria Kleofe eta Maria Madalena. Zure ama Kleofe da, eta nirea Madalena. Biak santuak, biak Maria Birjinaren ondoan, gurutzearen oinetan. Benedikatua izan dadila Jesukristo gure Jaunaren Pasio santua, batera juntatu baitzituen etxeko andrea eta ema galdua, motibatu duelako gizarteko klaserik eztadila egon, bakarrik egiten duelako berezkuntza bat: ongi eta gaizkia.

SANCTUS: Dohatsua zara, argia ikusi duzulako.

ANGELICUS: Serafin, gure artean eztago berezkuntzarik, eztago diferentziarik, Anaiak gara.

SERAPHICUS: Berdinak.

ANGELICUS: Mundu guztia balitz oraingo gure iritzikoa.

SERAPHICUS: Bai, Aingeru, kristaua izatea ezta naikoa.

ANGELICUS: Ez, Kristarrak izan behar dugu. Kristotarrak.

SERAPHICUS: Kristo defenditu behar dugu.

ANGELICUS: Haren lezioa eztadin purpurartean ito.

SERAPHICUS: Haren odol preziatuak pobreen zauriak senda ditzan.

ANGELICUS: Haren haragi benedikatua haur goseen elikatura izan dadin.

SANCTUS: Amen.

 

(Teloia erorten da terrepente eta akabatzen da.)

 

ETXE ABERATSEKO SEME GALDUA

ETA

MARIA MADALENAREN SEME SANTUA

 

Komedia hau CLXVIII garreneko Mesidorrean eskribitu zen.

 

GABRIEL ARESTI

 

Etxe aberatseko seme galdua eta Maria Madalenaren seme santua, Gabriel Aresti
Egan, 4/6-1962