Etxe aberatseko seme galdua eta Maria Madalenaren seme santua, Gabriel Aresti
Egan, 4/6-1962

 

AURRENEKO ZATIA

 

Tolerantzi-etxe Bateko atarian, Bilboko Cortes karrikan. Emagaldu batzuk ikusten dira, pareten kontrako aulki luze tapizeria oneko batean. Batzuek fumatu egiten dute. Oro daude jantzirik haien ofizioak eskatzen duen uniforme desberdinarekin. Alde batean, ezkerretara, edari-lekua; ostean barman bat, haren jake zuriarekin eta txori-gorbata beltzarekin. Jente asko. Musika lekua hutsik dago orain.

 

(Gizon bi sartzen dira; bat da haltua eta mehea; bestea bajua eta !odia.)

 

HALTUA: Bai.

BAJUA: Ez.

HALTUA: Zergatik ez?

BAJUA: Halako gauzarik eztelako mundu honetan gertatzen.

HALTUA: Eta zergatik ezta gertatzen?

BAJUA: Mundu hau onelakoa delako. Zikina eta itsusia.

HALTUA: Loreak badaude mundo honetan.

BAJUA: Bai. Baratzetan. Ez zimaurtegietan.

HALTUA: Zimaurtegi honetan arrosa bat seinalatzen badizut, bestela pentsatuko zenuke?

BAJUA: Bai, alegia.

HALTUA: Eztuzu Matilde ezagutzen?

BAJUA: Nor da Matilde?

HALTUA: Hemengo andre bat.

BAJUA: Andre prestua izango da zure iritzian, duda gaberik.

HALTUA: Nik eztut inoiz andre prestuagorik ezagutu.

BAJUA: Orduan zergatik sartu zen puta? Betiko ipuia kontatuko didazu? Bai; badakit zer esanen didazun. Zerbitzuko neskamea zen, Gaztelako baserri batetik Bilbora etorri zena, bai lan-bila eta senar-bila. Hemen gizon lotsa-gabe bat ezagutu zuen, haurdun utzi zuena, eta gero gure gizarte gogorraren konpresio-faltaren aurrean, haurrari edukazioa ta elikatura emateagatik, hau beste ofiziorik edo manten-biderik etzuen aurkitu. Bai, ipui polita, Andersen batek asmaturikakoa.

HALTUA: Asmazio hobea merezi ukan du. Zurea. Ederra da eta askotan gertaturikakoa. Baina gure Matilderekin ezta inoiz horrelakorik pasatu.

BAJUA: Ez? Orduan, nola sartu zen ofizio likits eta prestu-ez honetan?

HALTUA: Etzen sartu. Bertan jaio zen.

BAJUA: Bai?

HALTUA: Ahardiaren humea zer izanen da? Ahardia. Aberatsaren semea, aberatsa izanen da, ahuntzaren kumea, ordotsa, akerra. Biziak emanikako legea da.

BAJUA: Orduan, ezta lore bat izanen. Ezta andre prestu bat izanen. Ezta inola ere.

HALTUA: Kondenatu baino lehen, judikatu egin bear duzu, laguna. Bestela etzara juez arteza izanen.

BAJUA: Presenta zaidazu, bada.

HALTUA: Bai.

 

(Edari lekura joaten dira gizon biak.)

 

BARMANA: Jaunak?

HALTUA: Kafe-esne bat.

BAJUA: Cuba libre bat, baina bizarrik gabe.

 

(Barmana kafeterara joaten da, eskaturikakoa preparatzera. Bien bitartean emagaldu bat hurbiltzen zaie bi gizoneri.)

 

HALTUA: Egun on, Marta.

MARTA: Hala zueri ere, maiteak. Emaidazu zigarro bat.

HALTUA: Badakizu tabakorri gorririk eztudala fumatzen.

MARTA: Ekar kanario bat. Baina filtrorik gabe.

HALTUA: (Zigarro-pakete bat ateratzen du faltrikaratik.) Filtrodunak dira.

MARTA: Kenduko diogu. (Filtroa kentzen dio zigarroari. Gizon haltuak sua ematen dio.) Mila esker, laztana. Zer hartuko dut nik?

HALTUA: Erabaki bat.

MARTA: Eztidazu huiski bat pagatuko?

HALTUA: Huiskia edateko ohitura edo bizioa bazenduke, bai.

MARTA: Hamar urte honetan hartu dut bizioa.

HALTUA: Bai, gezurra esateko bizioa, baina ez azken egun honetan, ezpada zure aurren hamar urte ahaztu haretan.

MARTA: Komita nezazu, bada, arno zuri batera.

 

(Barmana. dator kafe-esne eta koka-kolarekin.)

 

HALTUA: Adizu, barman, atera zaiozu zuri bat andreari.

MARTA: Eta? Nola bizi zara aspaldi honetan?

HALTUA: Badakizu andrearekin konpondu nintzela? Badakizu: semeak. Edukazio txarra hartuko zutela gurasoak separaturik ikustean, eta gainerako guztia. Betiko lelo samur eta aspergarria.

MARTA: Eta, hemen, laguna?

HALTUA: Eztuzu ezagutzen?

MARTA: Ez.

HALTUA: Hau Marta da.

 

(Honek eskua luzatzen dio gizon bajuari. )

 

BAJUA: Poztutzen naiz.

MARTA: Urte askotarako. Zu, maitea, badakizu lagun majuak daduzkazula? Honelako galai bat behar ukan nuen nik nire dontzella-denporan. Lastima da gorbata itsusia daramala. Eztakizu zuk jake arrearekin ezin eraman ditekeela gorbata morerik? Txarki ematen du bistara. Min egiten du begietan.

HALTUA: Hemen, gure laguna, soltero dago.

MARTA: Zergatik izanen da andre gabeko gizona beti dagoela desdotoreki jantzirik? Gizonak arlote batzuk zarate. Gaizki konpontzen zarate andre gabe. Lastima da elizarako merkatuan eznagoela. Bestela...

HALTUA: Beti esan dizut emazte komenienta izanen zinakeela.

MARTA: Eztakizu ongi. Nola doan ene gizona! Lastima da elizatik pasatu ezkarela. Lastima da bera eztela inoiz fabrika edo bulego batetik pasatu.

HALTUA: Marta, nun dago Matilde?

MARTA: Lanean dago.

HALTUA: Gau guztirako?

MARTA: Ez, laster libratuko da. Ordu erdia darama goian soldado. batekin.

HALTUA: Igurikiko diogu.

MARTA: Biak joanen zarate harekin, ala?

HALTUA: Ez, badakizu ni zure bezeroa naizela.

MARTA: Goazen orain, bada.

HALTUA: Ez, esan dut Matilderekin egon nai dudala.

MARTA: Baina zertarako?

HALTUA: Nire lagunak ezagut dezan. Nahi nuke.

MARTA: Baina gure moduko bat ezagutzeko ezta presentaziorik behar. Prezioa eskatu beste beharrik eztago.

HALTUA: Baina nire laguna oso bildurtia eta lotsatia da. Nirekin etorri ezpalitz, etzuen inoiz hemendik mosurik erakutsiko. Gurekin ezpalego, horko andre guztien herabearren eta ahalkearren hemendik ihes eginen luke, deabruak daraman arima bezala, espantuz eta larri.

MARTA: Moraleko problemaren bat ekarriko duzue. Beti gertatzen da hori Matilderekin. Moralista guztiak etortzen zaizkio. Matilde ona da, oso ona. Gorputz eta arima bateko andre bat, errege batentzakoa, Madrileko eta Pariseko gorteetan presentatzekoa. Gu ez. Badakizue gu zer garen. Eta eztugu ukatzen. Gure izaera da, gure biziera. Hemen gaude, gutzaz baliatu nahi denarentzat, gorputzean eta ariman. Batez ere gorputzean.

BAJUA: Baina Matilde hori zuekin baldin badago, zuen bizimodua eta ofizioa badaduka, eztut nik diferentzia haundirik ikusten.

MARTA: Ez?

BAJUA: Ez inola ere. Zergatik eztu ofizioa uzten?

MARTA: Beste gauzarik ezagutzen eztuelako. Eta gainera guk behar dugulako. Gure aingerua da, goardako aingeru maitagarria, bide gabe guztietan, desgrazia eta neke guztietan gordetzen gaituena. Zer eginen genuke hura gabe? Etxe hau nardagarria izanen litzake, eta bizitze triste honetan ez-legoke kontsolamenturik.

HALTUA: Zer deritzazu? Eta oraindik eztakizu egiaren erdia.

BAJUA: Badirudi ezetz.

HALTUA: Matilde, Matilde. Badakizue gauza bat? Hamazortzi urte eduki nuenetik, eznaiz ni inoiz enamoratu. Orduan ni poeta liriko bat nintzen. Udaberriko arrosari, andrearen aurpegi garbiari eta Jainkoaren karitateari kantatzen nion. Eta lirikotasun guztiak neska bategan hartu zuen gorputza. Neska liraina, begi beltz, bilo oria. Eta tontoa. Aingeruxka serafin bat zirudien haren tontotasun mistiko eta benedikatuan. Olibak saltzen zituen karrika-kantoi batean. Gauak itzarrik pasatzen nituen nik hari erdal soneto barregarri eta txarki moldatuak zuzenduz eta eskribituz. Eta enamoratuen nengoenean, eguerdiko hamahi ordu argietan haren bila joan nintzen behin batean, aire libreko denda haretara. Nire amoratua ezagun batekin mintzatzen zen, nire anaia nagusiaren adiskide batekin. Honek ipurdia ukitzen zion neskari, eta neskak hasarratu beharrean, barre egiten zuen, kontentuz. Bertan desamoratu nintzen, beneditano botilla batekin, alegia. Eta mozkorra kendu zitzaidanean, nire aurreneko bertso onak eskribitu nituen, Arjentinan dagoen euskaltzale apaiz bat eskandalizatu zutenak.

MARTA: Ipui ederrak dakizu asmatzen.

HALTUA: Ez, hau egia da. Benetako egia, aitzakia gabekoa. Eta ordurik aurrerantzean, eznaiz egundo enamoratu, nire konorte eta zentzu onean nagoenean, behintzat. Baina arnoaren eta haren gusu guztien besartean etzaten naizenean, beti dago maitasunezko zirrada ezkutatu eta aurpegi gabeko bat, nire barnean bihotz kantsatu eta triste hau moldegaizki eta legunkiro astintzen duena. Eta da Matildeganako amodioa. (Kantatzen du:)

 

                Beti penetan, beti penetan

                bizi naiz mundu honetan.

                Egunez zerbait alegratzen naiz,

                gauez naiz beti penetan.

                Zureganako amodioak

                eznau utzitzen baketan.

 

        Herriko kanta da hau, Arratian ikasia, baserritar gazte baten ezpainetatik. Baina orain zentzatu naiz. Zer irabazten dut Matilde maitatzearekin? Ezer ez. Eta horregatik, horditzeko puntuan aurkitzen naizenean, uko egiten diot alkoholari, eta Martarekin (eta besterik eztagoenean nire andrearekin) joaten naiz ohera. Nik eztut andre bat maitatu nahi. Nik andre guztiak maitatzen ditut, nirea ez-ezik. Hor dator Matilde. Barman, atera beneditano kopa bat.

 

(Matilde agertzen da. Berrogei urteko andrea da, baina badirudi bakarrik hogetamar dituela. Bere ofizioaren ezagugarria darama beztimentan, baina ez aurpegian. Edarilekutik hurrunxko dabila, gure lagunak ikusi gabe.)

 

HALTUA: Marta. Zoaz Matilderen bila, mesedez.

MARTA: Mesedes etxean dago.

HALTUA: Zoaz mesede gabe, orduan. (Badoa Marta.) Orain ezagutuko duzu, mutila, mundu honetako andrerik andreena. (Txurrut edaten du kopatik.) Etzara damutuko, ez. Ikusiko duzu nola den posible emagaldu bat andre prestu bat izan dadin. Matildek gizartearen estimazioa daduka galdurik, nik ez nuke nire etxean, nire amaren aurrean, presentatuko, inola ere. Baina mundu honetan baldin eta inork merezi badu zeruetako gloria irabaztea, hori da Matilde. Santua da, altare gabeko santu bat, gure denporako Maria Madalena bat. Hemen dator. (Emakumeak gizoneri hurbiltzen zaizkie.) Laster etorri zarate.

MARTA: Mutilak, hemen dadukazue zuen Matilde zorionekoa.

HALTUA: Arratsalde on, maitea. (Mosu pare bat ematen dio maxeletan.)

MATILDE: Hala dizula.

HALTUA: Badakizu geroago eta ederragoa zarela, Matilde?

MATILDE: Utz koplari.

HALTUA: Bai. Ikusten zaitudan bakoitzean kopla bat datorkit burura:

 

                Xarmangarria zara

                eder eta gazte,

                nire bihotzak eztu

                zu besterik maite.

                Beste zenbait bezala

                banengoke libre

                zurekin ezkontzeko

                dudarik eznuke.

                Munduko gora berak

                direla medio

                bihotzean sortzenda

                zeinbat amodio

 

MATILDE: Utz koplari; berriz ez, gizona. Badirudi burutik egin zaitzula. Gezurra dirudi zu bezalako gizon ezkondu eta guraso bat holako txantzakerietan eta haurkerietan ibiltzea. Noiz etorriko zaitzu zentzua? Noiz zentzatuko zara? Egun batean eskarmentu galanta hartuko duzu, kanore gabe horrek.

HALTUA: Ikusten duzu, laguna, nolako jenioa dadukan gure usoak? Baina permiti zaidazu, Matilde, hemen nire lagun bat presenta dezaizudan. Hau Matilde da.

MATILDE: Urte askotarako.

BAJUA: Asko poztutzen nau zu ezagutzeak.

MATILDE: Poztu etzara egiten, baina, tira zure gizalegea estimatzen dizut.

BAJUA: Ezta gizonaren legea nire pozkarioa, Matilde, bihotzaren legea baizik. Bihotza eskuan dadukadalarik diotsut asko alegratu naizela. Badakizu nor izan zen Diojenes? Greko jakintsu hura?

MATILDE: Eskuan linterna bat zedukalarik gizonaren bila zebilena? Orain arte eztiot inori entzun arkitu zuen ala ez.

BAJUA: Gaurko Diojenes berri baten modukoa naiz ni, Matilde. Eskuan bihotz bat daramadalarik, andre baten bila nabilena. Orain arte eztut aurkitu. Beraz, puta-etxe batera etorri naiz, hea hemen aurkitzen dudan, etxe prestuetan aurkitu ez-nuena. Eta barka hitzagatik, baina oso gogorra naiz nire mintzaeran.

MATILDE: Gauzak beren izenez aipatzean eztago bekaturik.

BAJUA: Oso desegokia naiz ni.

MATILDE: Etzaitezi horregatik ardura, gizona. Ohiturik gaude horretara, eta hori baino mila bider gauza latzagoetara.

 

(Bien bitartean Gizon Haltua eta Marta joan egiten dira, eta Gizon Bajua eta Matilde bakarrik geratu dira.)

 

MATILDE: Joan dira hoek eta gu konturatu ere ezkara egin.

BAJUA: Bai, frantzesen moduan despeditu dira.

 

(Mutu gelditu dira, zer esan jakin gabe. Gizon bat hurbiltzen da.)

 

GIZONA: Libre al zaude, nire prenda?

MATILDE: Eztuzu ikusten lagun batekin nagoela?

GIZONA: Prezio doblea pagatuko dizut.

MATILDE: Gaur opukaturik nago. Utz nezazu bakean.

GIZONA: Nola opukaturik? Zuk badakizu larunbatero natorrela zuregana.

MATILDE: Utziko nauzu bakean ala ugazabari deitzeko premian aurkituko naiz?

GIZONA: Zure bezero ona izan naiz beti, Matilde.

MATILDE: Begira, or daude Suzana, Karmela, Bitxuri eta beste asko. Hoek ni baino askozaz trebeagoak eta gazteagoak dira. Kontent geratuko zara. Joan zaitez eta eznezazu hasarra. Bestela eztuzu aurrerantzean hemen sarrerarik edukiko. Badakizu ni naizela hemengo egiazko ugazaba, eta nire hitza legea dela.

GIZONA: Eta bihar?

MATILDE: Biharko berririk eztakigu.

GIZONA: Adio. (Karrikako atetik joaten da.)

BAJUA: Asko gustatzen naiz zurekin. Eta eztiotsut ahoarekin bakarrik.

MATILDE: Nola duzu izena?

BAJUA: Marti.

MATILDE: Eztakizu gauza bat, Marti? Orain arte eztiot gizonari izenik galdetu.

MARTI: Horrek esan nahi du nirekin gustatzen zarela zu ere.

MATILDE: Eta gainera asko gustatu.

MARTI: Gogoratzen zara zer nioen lehen? Andre baten bila nire bizi guztian ibili naizela? Eta oraindik sekula santa birjina eztudala munduko ezein bazterretan aurkitu?

MATILDE: Bai.

MARTI: Orain pozik nago. Nire zedea irabazi dut. Andre bat dadukat nire aurrean. Humilki eta esker onez eskatu behar dizut, Matilde, permiti zaidazula nire omenaldi eta gorazarrea zuri presentatzea.

MATILDE: Ederki dakizu mintzatzen.

MARTI: Ez bakarrik mintzatzen, sentitzen ere bai, Matilde. Mintzatzen eztakit, Matilde, baina iduritzen zait bihotza eztarriaren erdian sarturik dadukadala, eta eztela eztarria mintzatzen dena, bihotza baizik.

MATILDE: Orain arte eztut gizonak esanik sinetsi.

MARTI: Eta ni, sinesten nauzu?

MATILDE: Uste dut baietz, bai, Marti, segurutik sinesten zaitut.

MARTI: Eskerrik asko. Iruditzen zait gaur dela nire adineko egunik alegrena.

MATILDE: Gizon guztiak izan dira beti nire etsaiak, nire etsai hamorratu eta berekoiak. Niregana zetortzan ahalik eta gehien hartzera eta ahalik eta guttien ematera. Nire bizi guztian sentitu naiz merkatarien eskuetan bezala, gamelu tratuan ematen eta hartzen den bat bezala.

MARTI: Urrikaria!

MATILDE: Etzaitez nitzaz urrikal, nire espiritua ezpaita pobrea.

MARTI: Badakizu eztela hori nire asmoa izan.

MATILDE: Bai, badakit, eta barka zazu, faborez. Eta... Orain bestela da, eznaiz gamelu bat, nirekin ezta orain bretoiaren tratua egiten, ez, Zure aldean nagoenean, zure aurpegi itsusi baina leiala ikusten dudanean Etzara ofendituko, ezta? Etzara nirekin hasarratuko, aurpegi zatarra dadukazula diotsudalako, ezta? Itsusia da, baina niri asko gustatzen zait), eta entregu zabal eta maitagarri horrekin mintzatzen zatzaizkidanean, andre bat sentitzen naiz. Begira nun, zure begi nabarren indarrez, gamelua andre hihurtu den.

MARTI: Andrea sentitzen den emakumea, andrea da. Eta gizona sentitzen den gizakumea, gizona da. Jainkoaren kristauak gure sentimentuen arauean eta neurrian portatzen garelako.

MATILDE: Bai, orain arte ema-galdu bat sentitu naiz. Andrearte honetan jaio nintzen, eta gaztezaroan ofizioaren habildade eta truko guztiak irakatsi zizkidaten. Hobeki pentsatzen badut, hau beste gauzarik eztut ezagutu. Komentuan haur-zaroan sartzen dituzten neskatxek, ederki dakite dontzellezia gordetzen, haien prestutasunaren florea galtzeko arriskurik ezpaitago. Baina ahardi-tegian jaiorikako neskatxak dexentzia gordetzea, miraria izanen litzake.

MARTI: Konprenitzen zaitut.

MATILDE: Hau izan da nire mundua. Konparazio batekin esplikatuko dizut nire ihardukiera, nire bizimoldea eta portaera. Behin batean lagun batek txoriño bat erregalatu zidan, eznaiz gogoratzen zer zen, epetxa, amillotxa, zozoa ala zer. Basatxoria zen, arbolartean hartua eta harrapatua. Nik kaiola urre-koloreko eta kristal argizko bat erosi nion txoriari. Urriza bat ekarri nion, konpainia eta alegrantzia eduki zezan, familiaren berotasuna eta biguntasuna senti eta ezagut zezan. Baina txori hura etzen kontsolatzen, pena ematen zidan, beti triste, beti isil, elikaturarik hartu gabe. Libertatea deseatzen zuen, uda beroan basoarteko atsegintasun miragarria, aire gardenean gozatua eta dastatua. Baina urrikariak bere zer-egina zedukan kaiolan, bere beharra. Zuzen haundiak eman nizkion, dohainean mantendua izateko eskubidea, lagun bat gozatzeko eskubidea. Zuzen haundia zedukan, eta zuzen orok behar bat dakar berekin. Kaso honetan txori-esposa ez abandonatzeko beharra. Eta eznion libertatea eman, eznion kaiolako aterik eta gelako leihorik batera zabaldu. Eta txoria, tristuraz, penaz eta malenkoniaz, gau bero batean, akabatu zen. Urrikaria! Baina, Marti, nire poesia merke honekín aspertzen zara?

MARTI: Nola zurekin aspertu? Ez inola ere. jarrai kontaerari.

MATILDE: Ederki. Ipuiaren erdia esan dizut, eta prezio berean akabantza ere emanen dizut.

MARTI: Aurrera zoaz, arren. Oso pozik aditzen dizut.

MATILDE: Egiaz?

MARTI: Egiaz.

MATILDE: Milesker. Gure txori nagusia akabatu zen egunaren biharamunean, lagunak, urrizak, bion arteko amodioaren frutua eman zuen, lau arraultze ttiki, zuri eta borobil errun zituen. Bazirudien lagunaren heriotzeak etzuela gehiegi tristatzen. Biziaren legea da, hila lurpera eta bizia beharrera; bat doa eta beste bat dator. Bere beroa, bere gorputz arinaren beroa eman zion arraultzadari, eta guztiaren buruan, arraultzen bat lehertu zen eta txoriño bat jaio zen, denporarekin aitaren irudia ikusi genuena. Harekin geratu ginen. Nik damu nuen aita akabatua, eta hari egin nion bidagabea agindu nion, semeari pagatuko niola, kitatzen den zor astun baten moduan. Eta sano hegal bizkorrak eduki zituen egunean, kaiola zabaldu nuen, esku artean harturik, karrika-arteko arboladi batera eramanik, bertan soltatu nuen, anartean ezagutu etzuen libertatea eskeini nion. Hegaldatu zen urrikaria, airean nora jo jakin gabe, eta azkenean (Haren plantan igarri nion bildur zela, os-oso larriturik zebilela), eta azkenean adar-artean galdu zen.

MARTI: Ongi egina, benetan. Horregatik laudatu behar zara.

MATILDE: Ez inola ere. Etxera bihurtu nintzenean, bere kaiolan aurkitu nuelako txoria. Animalixkek dadukaten zentzu edo entelegu zorrotz horrekin, bere kabiara bidea topatu zuen. Kaiola zen harentzat kafia, etxea, etzauntza. Haren bizi-lekua, haren baratze atsegingarria. Guztiogatik esan dizut lehen, nork bere mundua maitatzen duela, ohiturik dagoen mundua. Eta hau da nire mundua, zikina, likitsa eta etoia baldin bada ere. Nire munduarekin kontsolatu naiz orain arte. Baina modua topatuko banu, mundu hau abandonatuko nuke.

MARTI: Nik eskeiniko nizuke modu hori.

MATILDE: Ez ibil hain arinki, Marti. Eznauzu ezagutzen. Gainera nire semeak...

MARTI: Seme bat dadukazu?

MATILDE: Esan dizut eznauzula ezagutzen. Oraindik. Bai, seme bat dadukat, ni baino zaharragoa dirudiena. Oso gaztea nintzen mundu honetara ekarri nuenean. Hemendik atera nuen berehala, titia kendu nion eta berehala. Haur batek bere amaren esnea hartu behar du. Baina hemengo gaiztakeriaz ez nuen nahi ukan, kutsa zedila, eta euskal baserri batera hidali nuen. Han egon zen hamar urte eduki zituen arte. Gero fraile-komentu batean sartu nuen, Bertan badirudi Jainkoaren deia entzun duela, eta Haren ministrotarako estudiatu du. Datorren urtean emanen du aurreneko meza.

MARTI: Pozik egonen zara. Zirimonia ikustera joanen zara.

MATILDE: Ikustera bai, baina besterik gabe.

MARTI: Eta zergatik?

MATILDE: Urrikariak pentsatzen du umezurtza dela, eztadukala gurasorik.

MARTI: Orduan harek eztaki haren ama zarela. Baina ezagutu, hori besterik ezpada ere, ezagutu, eginen zaitu, ezta?

MATILDE: Haren begirik ezta inoiz nire gainean jarri.

MARTI: Bihotzik eztadukazu, ala?

 

(Matilderen begiak negar-malkoz betetzen dira. Bere soinak intziria sentitu batean altzatzen dira.)

 

MARTI: Ez egin negarrik, Matilde, negarrik ez egin faborez, bihotza apurtzen baitidazu. Badakit bihotza dadukazula, eta haundia, oso hundia gainera, bularrean kabitzen etzaitzuna. Nirea oso apurra eta meharra da, gizonaren eta andrearen etoikeriak ttikitua. Zurearen aldean paratu nahi da, haren itzala eta babesa hartu nahi du, erlea lore-bila doan moduan, nire bihotz pobrea zure bihotz aberatsaren bila doa, humil eta apal, abaro-eskean.

MATILDE: Etzakizkit honela mintza.

MARTI: Orain ezin esan dezakezu ezagtuzen etzaitudala. Ezagutza, konprenimentutik dator, eta nik osorik eta guztiz konprenitzen zaitut. Nola bizi izan zaren orain arte, ze asturu moldegaitzean, ze desasturu zehatzean. Eta ze adore biziarekin, ze bihotz haundiarekin hartu duzun zure desgrazia, zure patu gaiztoa, zure zori ingratua. Konprenitzen dut zergatik apurtu duzun zure semearekin edozer har-eman, edozer elkar-ikusi. Baina erraturik ibili zara. Pentsatzen duzu zure semeak jakin balu zu zer zaren (Zer izan zaren —zer izan zaren ez, zure ingurua zein izan den, orain eztuzu inguru honetan iraunen— nik prometitzen baitizut, zure amaren deitura nireagatik aldatuko duzu —jentearen aurrean andre prestu bat izanen zara— jentearen aurrean, diot, Jainkoaren aurrean beti izan zarelako andrea, prestua eta ohoragarria), zure semeak, pentsatzen duzu, pentsa dezakezu, zer zaren jakin balu, zer izan zaren jakin balu, inola arbuiatuko zinduela? Halakorik gertatu balitz, etzuen harek semearen izenik merezi. Baina zuregan meritua da, oso merezimentu nagusia; edozein gizon egonen litzake zure semea izatearen harro. Bai, ni ere. Nire ama oso santua izan zen, baina ikusten dut zure zapatetako lokarriak soltatzeko ere, etzela nor, etzela gauza. Etxe honetan sartu naizenean, broma bati jarraitzearren sartu naiz. Badakizu nola hasten diren gauzok.

MATILDE: Barka zaidazu, Marti, baina...

MARTI: Orain isildu eginen zara. Mintzatzea orain niri tokatzen zait. Zuri berriz entzutea bakarrik. Hori besterik ez. Oso pozik nago, oso pozik eta alegre eta arrai, etxe hau zimaurtegi bat zela uste ukan nuelako, eta ikusi dut loretegi bat dela, arrosa bakar bateko loretegia, bai, segurti asko, baina loretegia, ederra, atsegina eta usai onekoa.

MATILDE: Oso agudo zoaz, maitea. Ene! Mihian eginen nuke aginka, hori deitu dizudalako. Ezagutu behar nauzu, ezagutu behar zaitut. Nik ere, honetan hautaera eduki nahi dut. Komeni ezpazatzaizkit?

MARTI: Hori gauza apartekoa da, badakit komeniko eznatzaitzula, eznaizela zure komenikoa izanen. Prometitzen dizut, baina, nire alegin guzti guztiak eginen ditudala zure aldean gizon egoki eta behar den bezalako bat izateko. Eztizut amodioa eskatzen, hau berez etorriko da, bakarrik eskatzen dizut zure konpainia, zure andretasuna. Oneriztearen harmekin irabaziko zaitut.

MATILDE: Bakarrik eskatzen dizut maita nezazula. Maitatzen banauzu, nik ere maitatuko zaitut. Orain arte eznau inork maitatu.

MARTI: Orain maitatzen zaitudan bezala maitatuko zaitut beti. Baina orain alkar tratatu behar dugu. Iganen zara gora, zure gelara, bertan zure beztimentarik eta arroparik dotoreena jantziko duzu, eta afaltzera joanen gara. Zierbanan jan-toki on-on-on bat dago, eta han janen ditugu langostak eta zentoilak. Faltrikaran daduzkat, Santuren, nire lagunaren automobileko giltzak. Nirea garajean dago, aberia batekin. Bihar, hortik ibiliko gara, amoratu-pare gazte baten moduan, Arenaletik ibiliko gara, Artxandara joanen gara, gero, gauean, teatroak ikusiko ditugu Arriagan. Hala ibiliko gara, eta datorren hilean, zure semeak meza ematen duenean, komentura joanen gara, biok. Zer deritzazu? Konforme zaude nire asmoekin?

MATILDE: Bai, Marti, zuk nahi duzun bezala. Baina eztut nik hainbeste mesede merezitzen. Milesker, milesker.

 

(Arinki joaten da, arropa aldatzera, negarrez eta hats-beherapenez, mila bider Milesker, milesker, milesker, milesker..., dioen artean, jente guztiaren harritzapenaren aurrean. Martik bin bitartean begiratzen dio, eta Cuba libre bat eskatzen dio barmanari. Musika-lekuan musikeroak daude, eta variete-artista bat, berna-hutsik, guaratxa bat kantatzen duena.)

 

TELOIA ERERTZEN DA ETA
AKABATZEN DA AURRENEKO ZATI HAU

 

Etxe aberatseko seme galdua eta Maria Madalenaren seme santua, Gabriel Aresti
Egan, 4/6-1962