Mendi ta itxaso
Augustin Zubikarai
Mendi ta itxaso
Augustin Zubikarai
Antzerti, 1983
Mendi ta itxaso
Augustin Zubikarai
Antzerti, 1983
[aurkibidea]

 

LENENGO EKINTZA

 

 

I

 

ibon, manu, ande, lore, toda, garo eta peru.

 

(Oiala jasoeran, antzeztokia utsik agertzen da. Bereala asiko dira neska-mutillak bertaratzen, ariņeketan, alkarren leian, zein geiagoka eta bultzadaka).

 

IBON: (Sartuaz) Ni lenen!

MANU: (Sartuaz) Saka, bultz egin daustazulako.

IBON: Nik?

MANU: Zeiņek ba? Ez ukatu.

IBON: Zegaitik ez, guzurra ba da?

MANU: Bardin egiten dozu beti. Ez dakizu garbi irabazten.

IBON: Makalen koplak dira orreik.

MANU: Nai dozu barriro asi?

            Asi be besteak baiņo lenago egin zara.

ANDE: (Sartuaz) Ni bigarren.

MANU: Nungo bigarren? Ni ez naiz iņor, ala?

ANDE: Bai baiņa...

MANU: Baņak soluan, ez dakizu?

ANDE: Baiņa nesketan ni lenen.

IBON: Emen be neskak neskakin eta mutillak mutillakin?

LORE: (Sartuaz) Ni zenbatgarren? Laugarren, ez?

TODA: (Sartuaz) Orretara ni bostgarren.

MANU: Besterik ez dator?

GARO: (Sartuaz) Ni zenbatgarren?

LORE: Seigarren. Azken.

MANU: Azken datorrena popa ustel.

GARO: Ni ez. Oraindik falta dira.

IBON: Betikuak. Kepa popandi eta...

GARO: Zuk orixe esan eta gero aren amak gureari asarreak eta nik entzun bear.

LORE: Unai jausi egin da.

IBON: Memeluen antzera etorriko zan eta...

LORE: Gure amak esaten dau azurretako gaixua daukala arek.

MANU: Jo-pe! Eta ikastolan beti lenen.

LORE: Orrek ez dauka zer ikusirik.

IBON: Zeure laguna da-ta!

LORE: Nirea?

IBON: Ez dakigulakoan.

LORE: Zer jakin?

IBON: Zera,.. Cono si, como no, como Cristo nos enseņa. Ezetz?

LORE: Eta zeure laguna be ez naz, ala?

IBON: Nirea txikiago.

GARO: Ez egiozu jaramonik orreri, beti bekaizkeriz beteta bizi da-ta.

IBON: Ni? Nok diņo ori? Ni bekaizti?

GARO: Ez dakigulakoan. Irakasliak be ez eutsun esan, inbirixaren ezpie zareala?

IBON: Ori esan eutsuna neuk atrapauko dot.

PERU: (Izerditan agertzen da, nasai, irribarretsu) Jo! Prakak apurtu.

TODA: Nun?

PERU: Zerian... Ez begiratu, e?

 

(danak barrezka asten dira)

 

ANDE: Nun apurtu, Peru?

LORE: Nun? Nun?

PERU: Danok jakin nai? Egon nasai. Ez dozue ezer ikusiko. Esparadrapuagaz josi dodaz.

LORE: Erakutsi!

PERU: Barriro tart egiteko?

ANDE: Aitzakiak dira orreik. Zuk jan da lo totolo egiten dozu eta ezin etorri bestien albuan. Atzo be apurtuta zeunkazan.

PERU: Zelan dakizu?

ANDE: Ba... dakidalako.

IBON: Orreri begira ibilten zara ala?

ANDE: Daneri nik.

            Ikusten oraintxe be?

IBON: Zer?

ANDE: Zugaz ezin leikela. Beti zabiltz begitansiņoekin.

IBON: Ni? Ostera be ori esan?

LORE: Igarten ez dautsugulakoan?

IBON: (Zemaika) Emoten ba dautsut!

LORE: Zer emon?

IBON: Askotan ba zabiltz ez uste neska zarialako parkatuko dautsudanik.

MANU: Tira! Ipuiņak kontatera ez gara etorri ba?

PERU: Ni jartera nua beintzat.

IBON: Azken etorri eta lenen jarri?

GARO: Azken datorrena buztan ez da izaten ba?

PERU: Or konpon. Nik zirkiņik ez dot egingo.

            Jezarri nai dabena jezarri eta tente nai dabena iņuzente potente!

 

(danak ermita ondoko aulki eta arri banaketan jezarten dira)

 

            Igarri ezetz?

TODA: Gaitza ez esan, e?

PERU: Zer dala ta zer dala... Zer dala ta zer dala...

            Puntan punta bat, atzean zulo bat.

ANDE: Zeure prakak!

PERU: Baita zera be! Eta nik zeure gonak esaten ba dot? Jo!

LORE: Lotsabako gauzarik ez esaten.

IBON: Zer dira lotsabakoak?

LORE: Ganora bakoak, ez?

TODA: Olakoak ez dabe balio.

PERU: Jo-pe! Nok esan dau, ba, ezer?

TODA: Zelan esan dozu?

IBON: Barriro entzun nai?

PERU: Belarriak garbitu beintzat. Ba! Barriro esango dot: Puntan punta bat, atzean zulo bat. Bai, orixe: Puntan punta bat, atzean zulo bat.

LORE: Mutillen gauza da ala neskena?

PERU: Danena.

ANDE: Mendian dago ala soluan?

PERU: O mutil tontoren ipuiņa dalakoan, mendian eta soluan egoteko?

TODA: Zelakua da, jatekoa? Arraiņa?

IBON: (Irriz) Arraiņa ba da akula.

PERU: Akula? Lantzoia lako arraiņa? Atzean zuloa nun eukiten dau arek?

LORE: Gizona ala andrea da?

GARO: Len be ez dau esan, ba, danena dala?

MANU: Nun egoten da, etxean ala kalean?

PERU: Edonun.

TODA: Oraintxe be guzurretakoren bat izango da. Olakorik ba litz...!

PERU: Zeiņek esan dau ori? Zeu lez, egitakua da.

            Ezin igarri? Puntan punta, atzean zuloa. Esango dot?

LORE: Ez, oraindik ez.

            Uretan egoten da ala legorrean?

IBON: Atsik botaten dau?

PERU: Uzkerra dala pentsaten dozu?

ANDE: Uzkerra, atsa bai eta gorputzik ez, ez da ba?

LORE: Oraintxe be popako zuloa edo olakoxe zerbait izango da. Orrelakoa ba da, ikusiko dozu. Geiago ez dautsugu arpegira begiratuko.

            Nik ba daukat?

PERU: Bear ba da, bai.

LORE: Eta zuk?

PERU: Orain ez.

ANDE: Eskolan egoten da?

PERU: Uste dot baietz.

ANDE: Uste ez, ziur esan.

PERU: Neskenetan bai.

            Ezin igarri? Esango dot?

LORE: Eta beragaz zer egiten da, ikasi?

PERU: Batzutan bai.

LORE: Jan?

PERU: Ez.

IBON: Lo?

PERU: Ez. Edo bai. Gure amumak sarri loak amen dau beragaz dabillela.

GARO: Negar?

PERU: Sartuta bai.

GARO: Ba dakit. Jostorratza!

PERU: Dra! Sasoia zan.

            Ni neu popako miņa be eginda nago jezarrita. Nora joango gara?

LORE: Goiko tontorrera. Nai?

PERU: Ni gora ez.

            Erreka ondora zegaitik ez?

IBON: Ori! Antxe ibiliko gara ederto!

ANDE: Ni gora nua.

GARO: Ni be bai.

LORE: An mazuztak dagoz.

TODA: Neu be zeuekin nator.

IBON: Ikusten? Asi zarie neskak neskakin.

ANDE: Zegaitik ez gara ibili bear geuk nai ba dogu?

IBON: Joan, joan, baiņa urrenguan ez etorri laguntza nai dozuela-ta.

TODA: Len be zeuek etorri zarie. Ez dakigulakoan nai dozuena!. Igarri barik gagozalakuan!

 

(ande, garo, lore eta toda joaten dira)

 

 

II

 

ibon, manu eta peru

 

MANU: Bardin egiten dabe beti. Etorri ta igesi.

PERU: Emon eta kendu, zapatia kendu.

IBON: Mutillen kontuak esatera joango dira.

PERU: Gure kontuak? Baita zera be. Neskenak!

IBON: Bai. Ni txarra, zu ona eta olakoxeak. Ziur dakit nik.

MANU: Begitansiņoiak!

IBON: Amak esaten dautse mutillekin ez ibilteko.

MANU: Gure amak ez.

PERU: Amak ez dira aitekin ibilten ala? Jo!

MANU: Nik ba dakit areik zetara joango ziran.

PERU: Txis egitera.

MANU: Ba! Ziurrago ipuiņak ikastera joango ziran. Ez dakizue andereņuak esaten dautsela mutillak baiņo gorago geratu bear dabela eskoletan egingo dan leiaketan?

PERU: Ori ikusteko dago.

IBON: Ezer ikasi dozue zeuek?

MANU: Nik bai, aititak esanda.

            Markiņa-n gertatu ei zan.

IBON: Benetan ala olgetan?

MANU: Gertatu zala ez dot esan ba?

PERU: Gure amumak esaten dau Markiņa-n egia dana, Xemein-en guzurra izaten dala.

MANU: Orreik Txinpas-en esakerak ziran. Orretara Xemein-en ura dana Markiņa-n ardaua?

PERU: Ori ez leuke sinistuko Bollibar-en be!

MANU: Nire ipuiņa auxe da.

            Txofer bat abiada bizian joian, praillien konbentu aurretik bera.

            Aguazillak urten eutsan besuak gora jasota eta txistua joten, eta geratu eragin.

            Beriala asi zan aguazilla kuadernua atara eta lapitza ezin billatuta. Txoperrak, kezkaz beteta:

            —Ze gertaten da? Zer egin dot nik?

            Aguazillak: Zer egin dozun? Ia Markiņako ume guztiak ilteko arriskuan ibili ta zer egiņ dozun, gaņera?

            —Goizeko kafesnia besterik ez dodala artu sinistu nai dozu?

            —Erri barrutik orduko irurogei kilometroko martxan etorri zara.

            —Irurogei kilometro orduko? Nundik dakizu ori, oraindik amar minutu ez dira sartu nazala ta?

            Ori entzun eta aguazilla buruari azka geratu zan. Erlojuari begiratu ta txoperrari esan eutsan: Kontxo, kontxo! Egia da. Parkatu. Jarraitu egizu zeure bidean.

            Ori entzunagaz batera, txoperrak frenua kendu, bizigarriari (azeleradorari) saka eta ateko kirtena zaindariaren patrikara zuloan sartu zan lez, prakak apurtu, eta kantzontzillorik ez eukelako ariņeketan eskutatu bearrean laga ei eban zaindaria.

IBON: Kontxo! Orrelako txoperrari zelan emon eutsen ba karneta?

PERU: Ez dakizu akademian ikasi ebala?

IBON: Jo!, baiņa zein zan kasketago, aguazilla ala txoperra?

MANU: Biak argiak areik, markiņarrak ziralako. Polita da?

IBON: Nik be ikasi dot, baiņa txiki-txikia da nirea.

            Gure amak esaten dau alperrik ez ikasteko, ipuiņak esateko gatza bear dalako.

PERU: Patrikaran ekarri eta bear dana jaurti.

MANU: Orrela izaten dalakoan?

PERU: Ia, esan Ibon.

IBON: Barrerik ez egin, e?

PERU: Negar egitekua ez dozu ekarriko, ez?

MANU: Ixi!

IBON: Mallabi-n gertatu ei zan.

            Ango mutil bat, Peru Akerra, sartu ei zan erriko tabernara. Eskuan eroian botilla bat, eta tabernariari esan eutsan: Ipiņi egizu kuartillo bat ardau.

            —Zuria ala baltza? itandu eutsan tabernariak.

            Eta Peru Akerra-k erantzun:

            —Bardin da, Txanbolin itsuarentzako da-ta!

PERU: Ori ez da ipuiņa, txistea baiņo. Gure amak olakoari izkirimiria esaten dautsa.

IBON: (Asarre) Oneri be aitzakiak? Zuekin ezin leike!

MANU: (Antzokitik kanporako alde batera begira) Ene! Begira, begira!

IBON: Zer?

MANU: “Zuria” txakurra kaka-giņan.

PERU: Sekula ikusi ez? Lenengoz egiten dau ala?

MANU: Baiņa etorri, etorri... Ipiņi, ipiņi atzapar txikiak biak alkarri tengadaka, neuk lez.

IBON: Zetarako?

MANU: Ez dakizu orrela jarri ezkero, ezin izaten dabela kakarik egin?

 

(mutillak, irurak, atzapar txikiak aikartuta eta euretatik tengadaka gelditzen dira. Txakur bat zaunkaka entzuten da)

 

MANU: Eutsi, eutsi! Ikusten?

 

(mutillak eutsi eurenean)

 

PERU: Igesi dua! Ez dau egin!

IBON: Baiņa au guzurra da..

PERU: Ez dozu ikusi ez dauala egin?

MANU: Gure aittittak esaten dau lenako zarrekandik ikasi ebala berak.

IBON: Iņo! Ori egia ba da,...

PERU: Zein ausartuten da guzurra dala esaten? Ia, esari, nor da egia ez dala esaten dauana?

MANU: Juan da.

PERU: Urrengoan be.

MANU: Eta zeuk Peru? Zeuk ez dozu ezer ikasi?

PERU: Orain ezin lei esan.

IBON: Zegaitik ez?

PERU: Ba... guk prakak darabilguzalako.

IBON: Zer erabiliko dogu ba?

PERU: Ba... ipuiņa esateko, gonak.

IBON: Neska jantzita? Zeuk urten.

PERU: Zegaitik ez?

IBON: Danak neskatxiki deitzeko?

PERU: Ekarriko daustazu arrebaren gona?

IBON: Nik? Amari esan!

MANU: Amari zegaitik?

IBON: Gogua daukadalako.

MANU: Zegaitik daukazu orrelako gogua?

IBON: Neuk nai dodalako.

MANU: Eta zegaitik nai dozu?

IBON: Ze puņeta! Esango neban oraintxe be!

MANU: Zer esango zendun?

IBON: Joan zaite pikotara, ikuak jan eta kaka egitera.

MANU: lkusten zelako arin berotzen zarean?

IBON: Batzukin berotu ez? Betiko koplakin!

MANU: Eta, Peru, neska jantzi barik ezin lei esan?

PERU: Ori ba , baiņa atzea falta.

MANU: Zelako atzea?

PERU: Ortxe dago ba kakua.

            Baiņa esango dot.

            Niri esandako eran, e? Egia ba da, edo guzurra ba da, sartu kalabazan.

            Ara.

            Ez pentsatu guzurretan nabillenik. Egi egia da-ta.

IBON: Ez dozu esan, ba, egia ba da, guzurra ba da?

PERU: Niri esan eusten moduan, egia da, eta sinistu nai ez ba dozu, camaidiķs esango dot.

 

(danak ixilik)

 

MANU: Esango dozu ala ez?

PERU: Ez merezi be, baiņa...

            Eleiza baten izan zan.

IBON: Nun?

PERU: Niri be ez eusten esan nun. Garizuma zan.,

IBON: Noiz?

MANU: Ixilduko zara iņoiz?

PERU: Komediante bat autortzera joan zan.

            Abadeak itandu eutsan.

IBON: Zein abadek?

PERU: Abadea ba zan Popeye ez zan izango!

MANU: Segi Peru, ez jaramonik egin.

PERU: Abadeak itandu eutsan:

            Ze ogibide edo ofizio dozu?

            —Titiriterua.

            —Zer da ori?

            —Ba... komeriantia.

            —Eta ortik bizi zara?

            —Bai, jauna.

            —Komedia orreik nun egiten dozuz?

            —Plazan.

            —Zelan?

            —Begiratu. Ara!

            Eta Aitearen esateko be denpora barik, buruz bera eta ainkaz gora geratu zan gizona, autorlekuaren aurrean, eskuak lurrian eta ankak goian.

            Ori ikusi ebenean, an inguruan egozan andra guztiak iges egiten asi ziran.

            Abadiak urten eban bizkor bere lekutik eta andrei deadarka asi zan:

            Nora zoaze andrak?

            Eta an egoan andra batek erantzun ei eutsan: Etxera arin, orrelako penitentziak beteteko prakak jaztera!

            Polita da?

            Ikusten zelan ibili zan mutila konfesonarixuaren aurrean?

 

(peru-k eskuak lurrean ipini, eta euren gain buruz bera jarri ta ankaz gora ibilten da, al danik geien zutik egoten aleginduz)

 

 

III

 

ibon, manu, peru eta ande, lore, toda, eta garo

 

(Alkarregaz datoz neskak)

 

ANDE: Zer da Peru? Zetan?

LORE: Komediak egiten?

IBON: Bai zera, konpesaten.

GARO: Zelan ori?

PERU: Penitentzia beteten.

ANDE: Zoratuta zabize?

PERU: Ez dakizu abade batek orrela ibilteko penitentzia emon eutsala neska bateri?

TODA: Betiko gangarra zara.

PERU: Ni gangarra?

ANDE: Bai eta marra.

PERU: Ikusten? Betikoa. Nesken gauzei ezin ikuturik egin. (Irriz) Jesus milla bider!

ANDE: Jesus milla bider kantua?

PERU: Koplakin ez etorri.

ANDE: Kantatuko dogu nai ba dozue.

NESKAK: (Abestuten)

                        Andra Santa Luzia

                        pixkat artilleria,

                        Nok edan dau emen ura?

                        Aingerutxo batek.

                        Zenbat bidar?

                        Iru bidar.

                        Jesus milla bidar!

PERU: Gauza bat.

TODA: Bat bakarrik? Zer?

PERU: Ipuiņa esan bearrean teatroa egingo ba genduke?

IBON: Nun ikasita? Zu ez zagoz burutik ondo.

PERU: Geuk ementxe.

IBON: Zer baņa?

PERU: Ba... edozer.

            Eta Bilbo-ra be joango giņake:

ANDE: Zeiņegaz? Gu? Atrapata zagoz?

PERU: Eta beste erri askotara.

LORE: Durango-ra be bai?

PERU: Bai Bollibar-era be!

LORE: Gure izeko-ta etorriko litzakez ikustera.

PERU: Eta Geria-ra be joango giņake. Inbiria emongo geuntsake angoei.

LORE: Eta zer egin?

PERU: Urteten dauana.

TODA: Txistua jo ta dantzan egin.

IBON: Ori ez da teatrua.

TODA: Zer da ba?

IBON: Porrusalda.

PERU: Egon, egon...

            Zeiņek nai dau akolitu izan?

LORE: Mutila izan bearko litzake, ez?

PERU: Jakiņa. Ni abade izango naz, eta akolitu zein?

MANU: Neu.

PERU: Orretara zu neure alboan eta Ibon nire atzetik datozan andrak zainduten.

IBON: Ni Matxinplaka?

PERU: Aguazilla ez, eleizako ibillaldietan atzetik joaten diran andren zaindari baiņo.

ANDE: Eta zer egin bear dogu beste danok?

PERU: Errez erreza; zuek gure atzetik etorri eta nik esaten dodanari, ora pro nobis, erantzun. Baiņa arretaz eta zintzo, e?

            Ermita ondotik urtengo gara.

            Jarri zuek atzean. Barrerik egin barik. (Prozesiņo antzerakua eratuten da)

PERU: Santa Maria.

DANAK: Ora pro nobis.

PERU: Santa Iageda.

DANAK: Ora pro nobis.

PERU: Santa Barbara.

DANAK: Ora pro nobis.

PERU: Santu Diopil.

DANAK: Ora pro nobis.

 

(Bat batean peru geratuten da eta akolituari itanduten dautsa:)

 

PERU: Zer izan da or igaro dana?

MANU: Konejo lakoxea.

PERU: Erbia zala esango neuke.

            (Kantuz) Auxe da auxe!

DANAK: Ora pro nobis.

PERU: Erbia aurrean.

DANAK: Ora pro nobis.

PERU: Aitak ba leki!

DANAK: Ora pro nobis.

PERU: Eskopeta etxean.

DANAK: Ora pro nobis.

PERU: An dua, an dua!

DANAK: Ora pro nobis.

PERU: Iges egin dau.

DANAK: Ora pro nobis.

PERU: Kaka-zarra!

DANAK: Ora pro nobis.

PERU: Geldi danok! Ez dago txarto.

DANAK: Amen.

PERU: (Berbetan) Amen? Zeri amen? Orain ez dago emen. Ez dozue ikusi erbi bat ibili dala?

LORE: Txakurra bai ba dator or zaunkaka.

IBON: Nungo txakurra?

GARO: (Negarti) Ene ba da! Bildurtu egiten naz.

TODA: Onaxe dator.

IBON: Erbiaren atzetik ibiliko da.

PERU: Geldi danok! Zeren bildur?

ANDE: Onaxe dator etorri be.

PERU: Ez igesi. Ez dakizue txarrago izaten dala?

TODA: Ene ba da ta!

 

 

IV

 

Lengoak eta zuri (Txakurra)

 

(zuri txakurra sartzen da. Zaunkadaka dabil. toda-ren albora urreratzen da, eta belaun inguruak usaindu eta tris egiteko eran ainkak jaso be bai. Txilioka asten da au. Baiņa zuri-k mutillei egiten dautse zaunkaka, geratu barik. neskak eleiz orma egalean alkar pillatuta geratzen dira, bildurti. mutillei aurre egiten dautse, iges egiten laga barik, bide bat artzera beartu nairik lez.

Azkenean peru-gaz ausartzen da. Arek zuri-ren bultzadei ezin igesi, eta aldendu egiten du antzeztokitik, zuri-k jarraituten dautsala.)

 

 

V

 

ibon, manu, ande, lore, toda eta garo

 

LORE: Txakur amorratua ez al da izango!

MANU: Kakarik ezin eginda euki dogulako asarre etorriko zan.

IBON: Ez dakizue? Len orra, aurre aldera etorri da eta guk atzamarrak lotuta geldituaz, ez dautsagu laga nai ebanik egiten, eta iges eragin.

TODA: Peru-ri ez al dautsa ezer egingo!

LORE: Geuk iges egingo dogu?

MANU: Nora? Eta igarri eta atzetik zoratuta lez etortzen ba da?

GARO: Nungua ete da?

IBON: Txakur galdua ba da amorratua be izan lei.

TODA: Ona ba dator eleizan sartuko gara.

GARO: Ba al daukagu giltzik?

MANU: Atzeko maratillagaz bakarrik sarratzen dabe.

GARO: Eta noiz urten?

TODA: Kandela biztuko dautsagu san Roke-ri.

LORE: Eta pospoluak?

TODA: Ibon-ek eukiten dauz, aienak eta be erreteko.

IBON: Min luze. Nok esan dautsu esateko?

MANU: Ez dakigulakoan!

LORE: Gaņera, ogi apur bat gendu, ogian pospoluak sartu eta gugana etorri ezkero, berari jaurtiko geuntsakez.

TODA: Zetarako?

LORE: Amorratua ba da ilteko.

GARO: Ni emen nagola. txakurrik ez il.

LORE: Zer ba?

GARO: Ba... ez dalako iņor il bear.

LORE: Eta geu ilten ba gaitu?

GARO: Txakurrak ez ei dabe iņor ilten.

LORE: Zegaitik zagoz ba dardaraka?

GARO: Ori beste gauza bat da.

LORE: Zuk zer diņozu -Toda?

TODA: Ni otzakilten nago, dardaraka.

LORE: Izerditan zagoz.

TODA: Bai...

LORE: Besteok be emen gagoz.

TODA: Ta txakurrak Peru-ri zerbait egiten ba dautsa?

 

 

VI

 

Lengoak, zuri (Txakurra), peru eta unai

 

(zuri txakurra agertzen da, lenengo, zaunkadaka, baiņa baketsu. Zelaira agertzen danean, zaunka egin eta egal baten etzaten da; alaxe jarraituko dau, burua makur, baiņa adi. peru-ren abotsa entzuten da.)

 

PERU: Lagundu! Lagundu mesedez. Etorri laguntzen! (Barrukoak txakurraren bildur dira ta ez dira ausartzen).

PERU: Etorri bildur barik!

 

(Lepoan unai ezin ekarrita agertzen da. danak keixatuten dira. Belaun aurrea odol gorriz dakar unai-k.)

 

TODA: Zer da Unai, min?

UNAI: Asko.

LORE: Ezin ibili?

UNAI: Ez.

MANU: Zegaitik ez dozu deitu? Pentsatu dogu etxera biurtuko ziņala.

UNAI: Lenengotan egin dot.

            Gero ondesa edo... ez dakit zer euki dodan.

GARO: Otz daukazu?

UNAI: Len geiago.

MANU: Artu egizu neure jertza.

UNAI: Zikinduko da.

MANU: Eta zer? Ez dago ardurarik.

UNAI: Ez.

MANU: Gaņetik ba da be euki egizu.

GARO: Odola pixkat garbitzea nai?

UNAI: Min emongo dozue.

GARO: Nun daukazu?

UNAI: Belaunetik bera.

TODA: Garbituta obeto ikusiko jatzu.

UNAI: Guazen etxera.

GARO: Neuk egingo dautsut bigun-bigun. Gure amari be neuk garbitzen dautsat zaiņotako odol batuen zikinkeria. Ez dozu pentsaten? Neuk egitea nai izaten dau.

            Sudurretako zapirik iņok ba daukazue?

IBON: Zetarako?

MANU: Neure alkondareari kenduko dautsagu barrenetik zati bat.

GARO: Eta zeu?

MANU: Anai zarrak txikiegi eginda gordeta daukaguz besteak niretzat.

 

(manu-k alkondara erantsi eta garo-k lagunduta ondotik zati bat ebagiten dautsa).

 

GARO: Nun ete dago ura emen?

TODA: Batek ba daki.

GARO: Bestela lotu bakarrik eginda eroango dogu.

UNAI: Eroan nagizue nagon moduan. Etxera nai dot.

GARO: Ez. Zeu be obeto joango zara garbituta.

TODA: Ara, emen ur bedeinkatu ontzian ba dago ur pixkat.

UNAI: Egarria daukat.

PERU: Zuk sukarra daukazu, Unai. Otzitu egin zara len?

UNAI: Otzikarak euki dodaz.

PERU: Ez bildurtu.

UNAI: Ura! Ura!

TODA: Emendik ezin, Unai. Ur geldia izango da-ta. Irakasleak ez dau beti esaten ur geldirik ez dala edan bear?

 

(garo-k iru-lau aldiz ur bedeinkatu ontziko uretan busti eta samurki garbituten dautsa zauria unai-ri. Zapia zikin eta odolez beteta, geiago ezin erabili-ala erakusten dau)

 

GARO: Beste olakoxe zatitxu bat ba genduke...

MANU: Nireari ezin kendu beste bat?

GARO: Zauria estalduteko da, batzeko.

            Olaxe eroango genduke.

            Gaņera gure amari ipinten dautsaguzan lakoxe zauri bedarrak be ementxe ikusi dodaz.

            Egon...

            Ba dakizue zer egin daikedan? Zuek geldi egon, ontxe nator-eta.

PERU: Nora zuaz? Bedarretara? Zuk esan zelakuak diran, eta geuk batuko doguz.

GARO: Naiko dira bi. Toda-k ba daki. Or aurrean daukazuez.

PERU: Ta zeu, nora zuaz?

GARO: Etorten ba zarie enaz joango. Lagundu, mesedez, Lore. (toda ta lore unetxo baterako aldenduten dira)

PERU: Nai dozu, Unai, ni azpian jarri ta zure lepoa neure gorputzaren gaiņean atseden artzen eukitea?

UNAI: Geldi-geldi egon nai dot.

PERU: Zelan jausi zara?

UNAI: Txirrist egin dot bustita egoan ar-zabal baten.

IBON: Jo! Eta deitu be ez.

UNAI: Egin dot.

IBON: Ez dogu entzun.

            Gaņera, etorri ez zarealako, memeloa zareala be esan dogu, neskakin ez etortearren jarraitu ez dozula-ta.

 

(Kanpai otsa entzuten da urrutitik)

 

UNAI: Nungo kanpaiak dira orreik?

PERU: Zer ba?

UNAI: Niretzat ez dira izango, ez?

PERU: Zer ba, txarto zagoz?

UNAI: Bai.

            Nire amak, ezer gertaten danean, salbe kanpaia jo nai izaten dau. Jakin ete dau zerbait?

LORE: (Iņori ezer esan barik, kanpaia joten dua ermitara, eta eldu orduko, astiro kanpai dunbada batzuk jotea lortuten dau).

UNAI: Oneik urrerago dagoz.

PERU: Zeure guraria izan da-ta!

UNAI: Gure ama poztuko da jakiten ba dau. Arek esaten dau kanpaia entzutean aidean dabizan arimak lagundu egiten dabela. Beti esaten dun ori.

GARO: (Azpiko gona kenduta dator, eskuan dakarrela) Ia, auxe ipiniko dogu, bero-bero egon zaitezan?

UNAI: Zer da?

GARO: Jantzi bat.

UNAI: Zeiņena?

GARO: Zu ez arduratu.

UNAI: Ori ez da mutillen jantzia.

            Amak zigortuko nau. Neskakin ibilten zauritu nazala pentsatuko dau.

GARO: Eta zer?

UNAI: Ez, baiņa...

GARO: Ez Unai. Ez bildurrik. Guk esango dautsagu. Nasai egon.

            Belaunean bedar batzuk ipiniko dautsuguz. Lotu eta ikusiko dozu zelako pozik joango zarean. Gure ama pozik geratzen da, orrela garbitu eta aldatzean:

UNAI: Neu izan bear beti zoritxarrekoa! Urrengoan ez dozue naiko nigaz ibilterik.

GARO: Ene ba! Ez esan olakorik. Danok lagunak ez gara ba? (Gerta-bearrak amaitu ondoren) Ia danon artean zelan eroaten dogun.

UNAI: Miņik emon barik.

PERU: Bik aurretik eta beste bik lepotik, ez?

IBON: Osatuko zara ta ez bildurtu, lagun.

TODA: Eta Salberik ez dogu abestuko, kanpaia jota?

UNAI: Nire aldetik bai.

 

(Ermitara begira geratzen dira.

Salbea abestuten dabe, “Agur Itziarko”ren doiņuz)

 

                        Agur Jainkoaren Ama maite ederra,

                        agur Ama kutun, munduko izarra.

 

                        Gaixoak osatu, zauriak garbitu,

                        min-gaitzak arindu, itsuak argitu.

 

                        Agur mundutarren gidari eztitsu,

                        ez gurekin aztu, Ama errukitsu.

 

(Bigunki jasoten dabe. Bere ai-ene batzuk entzuten dira, baiņa danak ixil-ixil asten dira bidean. zuri txakurra jaikiren da eta alde guztietara zaunkadaka ari, oiala jausten dan artean.)

 

oiala