NIRE ALEGINTXOA
Euskeraz idazten asi eta andik bereala ikusi neban antzertian euskeraren eskola egoki bat.
Gure gazte urtetan, 1933-36 inguruan, euskal zaletasuna igarten zan.
Erririk geienetan sortu ziran antzezlari taldeak, batzokietan lez beste elkarte eta bazkunetan.
Orrez gaiñera txapelketa eta leiaketak iragarri ziran, bai taldeentzat eta bai idazleentzat, gaitasun orretarako menpetasuna aupatu eta gartu nairik.
Erri-zaletasunez asi nitzan.
Apal, erraz eta egoerari begira.
Oraindik ez egoan erri txikietan, ez eta koskonduetan be, antzeztoki andirik. Uri-buruak kenduta, gure “plazak” estu, txiki, apal eta etxekoi ziran.
Gure antzezlariak ere ikasi gabeak. Berezko eskolan itxuratuak.
Gure antzerkiak, ordurarte, ez eukan ausardirik gure erdi giro ta egoera zurian zirikalari agertzeko be.
Errietan zar eta umeak batera ikusi ez eikeen antzerkirik ez gendun bururatzen ez iruditzen.
Ez ori bakarrik. Askotan, lanerako, agertzeko lez egiteko ere, lotuera eta eragozpenak genduzan lagun artean. Gazteen erakundetan luistarrak eta Mariaren alabak genduzan erririk geienetan, eta dantza lotua eragozpenduten zan lez, neska-mutillak alkarrekin lan egitea ere debekatuta egoten zan.
Beraz idazle batentzat eta talde zuzendarientzat eragozpen ugari agertzen ziran jokabide orretatik.
Orrela, bildurtu egiten ez ba giñan be, atzeratu bai egiten giñan lanak idazten, eta egia esateko, ni ere luistarren lendakari izatera eldu nitzan au, lotsa zaintzera beartuta negoan gure jokabide eta erakundeen araberan.
1936 urteko gerra baiño len, lau antzerki idatzi nitun.
“Aberriagaz bizi”, umeentzat. “Euzkadi” egunkarian agertu zan, zatika, 1934 urtean.
“Illobearen indarra”, nausientzat. Au be egunkari berean agertu zan 1935-n.
Antzerki bi oneik Ondarroa-n antzeztu ziran iru-lau alditan, bai eta Bizkai-ko beste erri batzuetan.
1936-n “Itxas lapurrak” idatzi eta “Euzkadi”n argitaratu zan, baiña ez gendun iñun antzeztu.
Urte orretan Bilbo-ko Euzko Gaztediak eratu eban sariketa baterako “Itxas-ertzeko itsu-mutilla” gertu eta bialdu neban. Sariketa orren erabagirik ez zan emon eta zabaldu, gerra sortu ta danok nastean galdu giñalako.
1945 urtean Biarritz-en egon zan sariketa bat.
Arako egin neban “Itxasora” jostirudi bat ta saria irabazi.
Gero, denpora pasa, egin nitun umeentzako batzuk. Ala “Umetako kezkak”, “Aingira kumak” eta abar.
Donosti-n, “Agora” izeneko sariketa batzuk asi ziranean, biztu egin nitzan.
Nire ustetan, gure egoera eta giroa ikusita, Donosti-n aldi baten egin ziran “Saski-Naski” edo ta Bilbo-ko “Txinpartak”, “Oldargi” eta abarren jokabidea zan girorako joko egokia. Irudi, estanpa antzerakoak, abesti eta apainduraz ornidu eta al zanik errazen ikasi eta agertzekoak.
Bide orretan “Seaska inguruan” idatzi neban 1956 urtean eta bigarren saria lortu Donosti-n. “Egan” aldizkarian agertu zan.
Ainbat erritan antzeztu gendun lan ori, gabon-eguerri giroko lan ori, Ondarroa-n asi eta Mutriku, Deba, Elgoibar, Markina eta Bilbo-n bertan, “Arriaga”n, Euskaltzaindiaren eskutik.
Talde itxurotsua sortu zan Ondarroa-n eta bereala eroan genduzan orrek lan geiago egitera. Giro bardintsuan “Jaunaren Bidetan” gertu neban, eta azpeitiarrak be lan berbera erabili eben, areik Jose Mari Altuna-ren abestiekin. Au be “Egan”en argitaratu zan.
Ainbat erritan antzeztu gendun lan ori, alde batetik ondarrutarrak Bilbo, Gasteiz (Olabide-ren omenaldian),
Durango, Lekeitio, Markina, Bergara, Zumarraga eta abarretan agertu gendun. Eta azpeitiarrak euren inguru eta Donosti-n.
1963-ko “Toribio Alzaga” sariketarako “Iru Alaba” idatzi neban ta sari ori irabazi. “Euskera” aldizkarian agertu zan lan au.
1964-n Txomin Agirre-ren eun garren urtea zala-ta, “Kresaletan” gertu neban, au be arrantzale bizitzan oiñarritutako irudiekin.
Gure Txomin Agirre-ri berea emotearren, bere “Kresala”ko “Kitolis”en zatia, Tramana eta Brix-en jarduna eta besteren bat atara nitun, baiña beste guztia eginda neukazan irudietatik oiñarritua zan. Gregorio Solabarrieta-ren musikeagaz apaindu genduzan irudiak eta ainbat errietan antzeztu, Ondarroa-n asi, Bilbo eta Donosti, Pasai, Zarautz, Tolosa, Bermeo, Galdakao, Zumaia eta abar, beste batzuen artean.
Zori bardiña euki eban une bete geroago egin neban “Mariñelak” lanak, au Jose Mari Altuna-ren musikakin.
Lengo errien gain Oñate, Bergara, Ordizia, Eibar, Elgoibar, Ondarribi eta abarretan antzeztu gendun.
Erri askotatik euki genduzan deika. Baiña gure euskal giroa jokabide barrien giroagaz nastuten asi zan. Eta talde batzuk folklore geiegi gerabilla-ta, beste giro bat bear zala ta... ez gatzetako ta ez uretako geratu giñan.
Nire aldetik antzerkiak idazten jarraitu neban.
Orrela sariketa batzutan irabazle geratzen ikusi nitun batzuk. Euren artean.
1967 urtean “Toribio Alzaga” saria, “Gizon on eta andre erre” lanak.
1967 urtean, “Gipuzkoa” sarietako aipamena “Bizi Garratza”k.
1968 urtean, “Gipuzkoa” saria, “Lurrunpean” lanak. “Egan”en argitaratu zan.
1969 urtean, “Errekonduan” lanak, “Gipuzkoa saria”.
1969 urtean, “Mendu zarrak”, Bilbo-ko Toribio Alzaga saria.
Esandako orreitatik gain, beste oneik idatzita daukadaz:
“Loiolako Semea”, “Ni naz kapitan pilotu”; “H Opokoa H”; “Kirritirrika”; “Gernika Aritz aurrean”; “Zurrukutun”; “Zimur Zimelak”; “Saliña-Saliña” eta besteren bat.
“Kirikiño” zanaren omenaldirako bere “Atxuriko Millagrua” ipuiña antzeztuteko egokitu neban eta bardin Urruzuno-ren omenaldirako, bere ipuiñetatik, “Urruzuno-ren umorez”.
Orain argitaratzen dan au, “Mendi eta Itxaso”.
1983 urteko Markiña-ko Lore Jokoetan, Antzerti saillean lenengo saria irabazia da.
Baldiritzak aurren antzerkia eskatzen eben eta alaxe, prisaka egin neban lan au.
Nire ustetan lan bizia da, euskera errazekoa, eta irudi politetan antzeztu leikena, batez be azken zatia, zelako ametsa eta fantasia erabili, ala atara leikena.
Ori da antzerti zaletasunez idatzi izan dodana.
Egia esateko geiago idatziko neban... baiña ez nun antzeztu, eta ez zeñek antzeztu, azken urteotan beste erako zaletasunak ugariago erabili ditudaz.
Nire lana borondate eta gogo onez egiña da, geienetan be gure antzokirik geienei begira, erraz antzeztuteko eran.
Orra nire lana. Egiña lez agertzea dagokit. Besteena izan bear da kritika, ez nirea.
Augustin ZUBIKARAI
Zubikarai-ren “Bizi Garratza” Irakur Sail-ean agertu zanean, Xabier Lete-k, bere Sarreran, onelakoak idatzi zitun:
“Izan ere, Agustin Zubikarai aipaturikako gerla osteko giroan bere teatro lana osatu duen idazlea da. Eztut honekin garai hartara bakarrik lotu nahi. Gaur ere idazten du, eta nere ustez iñoiz baiño hobeto; bainan, hala ta guztiz, bere pentsakeraz, izakeraz, edadez eta idazkietako giro berezi horrek adierazten digunez, garai hartako egile klasikoa da, eta behar bada, teatro saillean langilleena ta onena.”
“Zubikaraik ba du halako erreztasun berezi bat bere obren pertsonaiak eszenan ezartzeko, definitzeko eta mugitzeko. Era klasikoan planteatzen du bakoitzaren zer-esana eta zer-ikusia, bainan errez erabiltzen du gaia eta pultsu sendoarekin eramaten ditu aurrera, berak ezarri nahi dien papera ondo beteaz. Dialogoak, elkar-hizketak, guztiz trebeak eta pizkorrak dira; abilidade haundiarekin mintza arazten ditu bere pertsonaiak, era herrikoietan gaiñera, herrikoikerietan erori gabe; naiz eta batzuetan, noizik behin, dialogoaren bizkortasuna eta bizitasun horrek berak hizkuntzaren aldetikako “barrokotasun” pittin bat enbazogarria sortzen badu ere.”