Eskenatokian kontenedore parea. Kontenedore batetik kea irtetzen hasten da.
THEODOR: (Off) Lionel! (...) Lionel Zabor! (...) Lagundu!!! (...) Lagundu!!!
Beste kontenedoretik lionelen ahotsa entzuten da.
LIONEL: (Off) Zer duzu?
THEODOR: (Off) Laguntzeko!
LIONEL: (Off) Orain ezin dut. Usteltzen ari naiz.
THEODOR: (Off) Mesedez!
lionelek bere kontenedoretik burua agertzen du.
LIONEL: Zer arraio, Theodor Zakar. Ezin al du batek bake ederrean zimeldu? Ea ba, zer duzu?
THEODOR: (Off) Erretzen ari naiz!!!
LIONEL: Ikusten dut, ba. Eta?
THEODOR: (Off) Ez dut erre nahi!
LIONEL: “Ez dut erre nahi!”, “Ez dut erre nahi!” Esango dit ba jauntxoak, zer demontregatik ez duen erre nahi!
THEODOR: (Off) Ez da une egokia.
LIONEL: Zer pitokeria da hori? Une guztiak dira egokiak erretzeko!
THEODOR: (Off) Mesedez!!!
LIONEL: Ondo daaaa... ea zeozer aurkitzen dudan...
THEODOR: (Off) Mugi azkar!
LIONEL: Banoa!
lionel bere kontenedorearen zaborrean bila hasten da. Ardo tetrabrick bat ateratzen du.
LIONEL: Hara, zorte ona izan duzula uste dut.
THEODOR: (Off) Azkar!!!
LIONEL: (Suhiltzaileen sirena imitatuz baina presarik hartu gabe) “Ni-no-ni-no-ni-no...”
Ardoa isurtzen du theodorren kontenedorean. Kea desagertzen da. theodorrek burua agertzen du. Bustita dago eta ardo txorrotada bat botatzen du ahotik.
THEODOR: Mmmmmm! Ozpinduta zegoen!!!
LIONEL: Zer nahi duzu, ez dut oraintxe bertan deskortxatu, hain zuzen.
THEODOR: (Ironiaz) Ba eskerrik asko, motel.
LIONEL: Ez horregatik, denok gara zaborra, ez?
THEODOR: (Ingurura begira, amorruz) Kontenedoreak erretzeko seta hori!!! (Inguruari) Baina zer gertatzen da, detergentea edaten duzue? Zer egin dizuegu? (lioneli) Zer egin diegu, Lionel?
LIONEL: Ah! Nork ulertzen du gizakumeen jokabidea?
THEODOR: Ergel hutsak dira, nire iritziak axola badizu.
LIONEL: Axola dit, Theodor, baina horrek ez du esan nahi arrazoi duzunik. Guk ezin dugu jendearen gainean iritzirik eman. Ez gara jendea. Zorionez.
THEODOR: Zorionez, bai. “Vade retro!” Dena den, guk ezin dugu jendearen gainean iritzirik eman, baina jendeak gure gainean txiza egin dezake. Ganorabako batek ia kixkali nauela pentsatze hutsarekin...!
LIONEL: A ze esajeratua! Lau paper ziztrin baino ez ziren. Zergatik ez duzu erreakzionatu?
THEODOR: Eh?
LIONEL: Geldi geldirik geratu zara, ezer egin gabe. Munipa bat ematen zenuen.
THEODOR: Egia da. Beldurrak blokeatu nau. Ez nuen horrela bukatu nahi.
LIONEL: Horrela bukatuko duzu, eta laster, gainera.
THEODOR: Badakit.
LIONEL: Prest zeundela uste nuen.
THEODOR: Eta prest nago.
LIONEL: Orduan?
THEODOR: Hara, Lionel, gauza bat da errausketa planta batean erretzea, behar den moduan, zure hurkoen ondoan, eta beste bat kontenedore batean kiskaltzea, zergatik edo zertarako jakin gabe. Zentzurik gabeko bukaera da. Eta batek, hainbeste urtetan usteltze lanean arima eta odol aritu eta gero, azkeneko orduan duintasun amini bat eskatzen du. Batez ere zabortegiaren ondoren ezer ez dagoela dakigularik.
LIONEL: Ezer ere ez.
THEODOR: Ezer ere ez.
LIONEL: Badago inozorik eternitatearekin liluratzen dena. (Kontenedorearen barrurantz hitz egiten) Ba ez dago ezer, argi dago?
THEODOR: Norekin ari zara?
lionelek plastikozko esne botila bat ateratzen du.
LIONEL: Erreziklagarri batekin.
THEODOR: Buf, utikan!!!
LIONEL: (Botilari) Ea buruan sartzen zaizun: ez dago bigarren aukerarik! (Bota egiten du)
THEODOR: Alferrik ari zara, horiek ez dute erremediorik. Hondakin izateaz lotsatzen dira. “Eh, aizu, gu ez gara zaborra”.
LIONEL: Gu “zabor birziklagarria gara”.
THEODOR: Eta platano azal batek hurrengo bizitzan ordenadore portatila izango dela sinisten du.
LIONEL: Sekta arriskutsua dira.
THEODOR: Zabortegiaren opioa dira.
LIONEL: Zezenari adarretatik heldu behar zaio. Gu zaborra gara.
THEODOR: Hondakinak.
LIONEL: Txatarra.
THEODOR: Eskoria!
LIONEL: Eta burua tente gabiltza.
THEODOR: Arazoa da amaiera iristen denean.
LIONEL: Gure kasuan, hemendik gutxira.
THEODOR: Orduan uste guztiak ustel. Eta gogorra da.
LIONEL: Nik oda bat konposatu dut une honetarako.
THEODOR: Banekien!
LIONEL: Zer?
THEODOR: Sentimentalismoan erori zara.
LIONEL: Ez!
THEODOR: Kikiltzen ari zara azken orduan.
LIONEL: Ez da egia!
THEODOR: Bigundu egin zara, lizunduriko laranja baten moduan.
LIONEL: Ez dakizu zertaz ari zaren!
lionel bere kontenedorean sartzen da.
THEODOR: Ta eskena lakrimogeno bat egin nahi didazu...
LIONEL: (Off) Utzi bakean.
THEODOR: Ez nuen zugandik espero patetismo hori.
theodorrek ingurura begira eta ez du lionel ikusten. Aztoratu egiten da. Ez du bakarrik egon nahi.
THEODOR: Lionel... (...) Lionel... Zertan zabiltza?
LIONEL: (Off) (Minduta) Zimeltzen.
THEODOR: Ez duzu irten behar?
LIONEL: (Off) Zertarako?
THEODOR: Ez dakit... Elkarrekin egoteko.
LIONEL: (Off) Sentimentalismoaren sareak harrapatu zaitu?
THEODOR: Ondo da, ez dut ezer esan.
theodor barrez hasten da.
THEODOR: Zure oda imajinatzen ari naiz. (Kantatuz) “Yo soy basura porque el mundo me ha hecho asi...”
lionelek burua ateratzen du.
LIONEL: Ez daukazu grazia izpirik.
THEODOR: Zelan da ba?
LIONEL: Bost axola zuri.
Barruan sartzen da berriz.
THEODOR: Tira...
LIONEL: Ez.
theodorrek armonika bat ateratzen du sakelatik.
THEODOR: Filarmonikarekin lagunduko dizut.
LIONEL: (Off) Apurtuta dago.
THEODOR: Baina txispak ateratzen dizkiot. (...) Ea ba...
LIONEL: (Off) Ezetz!
THEODOR: Eh! (...) Nire azken nahia da.
lionelek burua agertzen du, theodorrek armonika jotzen duelarik.
LIONEL: Sinisten dut egun batean erreko nautela. Sinisten dut nire errautsak tximiniatik gora irtengo direla, dioxina laino trinko bat osatuko dutela, larre batean jausiko direla. Sinisten dut nire errautsetatik belar izpi kontaminatu bat sortuko dela, behi batek belarra jango duela, esne kutsatua emango duela. Sinisten dut aitatxo batek esnea erosiko duela, bere alabatxoari biberoian eskeiniko diola. Sinisten dut alabatxoak kakapirria izango duela, eta zakarrontzia kakazturiko painalez beteko dela. Eta hala, gu sortu ginen zabor beretik, sortuko dira besteak.
THEODOR: Brabo! Higuingarria! Eskoria! Detritus! Zaborra!
LIONEL: Beno, beno, ez da hainbesterako.
THEODOR: Oilo ipurdia jarri zait!
LIONEL: Zera xume bat besterik ez da.
THEODOR: Manifiesto Basurista!
LIONEL: Gehiegi zuritzen nauzu.
THEODOR: Badakizu Lionel? Hondakin batentzat suspergarria da bizitzak zentzua duela jakitea. Puzzlearen pieza guztiak beren tokian daudela.
LIONEL: Kontsolagarria da.
THEODOR: Horrek jendearengandik bereizten gaitu.
LIONEL: Utzi pakean jendea.
THEODOR: Ergelak dira. Urrutira joan gabe, normala irudituko zaizu hor egotea, kontenedore hondar pare bati begira.
LIONEL: Ez probokatu, gero gerokoa gertatzen da eta.
THEODOR: Zer egingo didate, ba? Zakarrontzira bota?
LIONEL: Akaso kontenedorea erreko dizute berriro.
THEODOR: (Publikoari) Ez dut ezer esan!
LIONEL: Hori bai zuhurra. Eta orain goazen barrura. Gutxi falta da.
THEODOR: Bai.
LIONEL: Pozik egon behar dugu.
THEODOR: Pozik nago, ba! Badakizu zergatik? Hodei toxikoagatik. Gustatu egin zait dioxina lainoarena. Beti desiatu dut hegan egitea. Zerutik hiri osoa ikustea. Horixe, ba, pozik nago, bai jauna. (Kantatuz) “...ze poza, a ze poza, ze poz handia...”
lionel bere kontenedorean sartu da berriro. theodor publikoari begira geratzen da.
THEODOR: Lionel... (...) Lioneeeeel...
LIONEL: (Off) Hummmm!
THEODOR: Zertan zabiltza?
LIONEL: (Off) Herdoildu nahiko nuke, posible balitz!
THEODOR: Irten momentu bat!
lionel irtetzen da.
LIONEL: Zer gertatzen da orain?
THEODOR: (Inguruaz) Erreparatu diezu? Hara nola begiratzen diguten, esanez bezala: “a zein koitadu parea!”. Eta grazia dauka horrek, zeren, ea ba, zein da bizitzaren hastapena?
LIONEL: Simaurra.
THEODOR: Eta amaiera?
LIONEL: Simaurra.
THEODOR: Hain zuzen ere. Zaborra gizateria baino pausu bat haratago dago. Are gehiago, zergatik dago gizakumerik munduan?
LIONEL: Norbaitek egin behar zuelako zaborra.
THEODOR: Norbaitek egin behar zuelako zaborra!
LIONEL: Baina hori badakigu.
THEODOR: (Inguruaz) Hauek ez.
LIONEL: Eta?
THEODOR: Erakutsi beharko genieke.
theodor kontenedoretik ateratzen da.
LIONEL: Zuk detergentea edan duzu.
THEODOR: Horrela laburragoa egingo zaigu itxaronaldia.
LIONEL: Luzea egiten ari zaizu?
THEODOR: Apur bat.
LIONEL: Urduri zaude, akaso?
THEODOR: Ez. Zergatik egon behar dut ba, urduri? Baina dibertigarria izan daiteke. Zer egin dezakegu bestela?
LIONEL: Beno... Nik fermentatu nahi nuen apur bat gehixeago.
THEODOR: Baina zer diozu, Lionel, maitea, laztana, itxura ezin traketsagoa duzu ta! Ustel kiratsa darizu kilometroetara.
LIONEL: Hori guztiei esango diezu.
THEODOR: Benetan. Zabortegi batean begiak itxita aurkituko zintuzket.
LIONEL: Bai, egia esan kirats berezia daukat, denek esaten didate gauza bera.
THEODOR: “Eau de txipiron”. Higuingarria.
LIONEL: Bah...
THEODOR: Oka egiteko modukoa...
LIONEL: Nahikoa, gorritzen hasia naiz.
theodorrek, lionelen defentsak apurtuta, bere tesia frogatzeari ekiten dio.
THEODOR: Jarri dezagun alde batean gizakume ammt bat, langilea, soldata itxurosoa irabazten duena; beste aldean komertziante bat, berbajario dexentekoa. Elkartu eta zer aterako da?
LIONEL: Zaborra.
THEODOR: Zaborra. Ea zer dugun hemendik... Nik langile inozoarena egingo dut.
Zabor artetik soldadore betaurrekoak eta kasko bat eskuratu eta janzten ditu.
LIONEL: Nik egin nahi nuen langilearena.
THEODOR: Ados. Orduan egizu zeuk komertziantearena. Gizakiak ordenadoreak ditu. Guk kontenedoreak. Bentaja horrekin jokatzen dugu.
LIONEL: Esaidazu zer zabor botatzen duzun eta esango dizut nolakoa zaren.
THEODOR: Prest?
LIONEL: Bai. Goazen.
THEODOR: “Homo basuriensis”.
LIONEL: Edo nola gizajendea zaborra egiteko sortua den.
lionel kontenedoretik irten eta tramankuluz beteriko gurditxo bat eskuratzen du.
LIONEL: Abenturako materialak! Puentin, Eskeitin, Treikin, Raftin... Murgildu zaitez ur korrontean eta zure kontu korrontean murgilduko gara gu.
theodor korrika pasatzen da aurretik.
LIONEL: Tssst!!! Adrenalina txute bat?
THEODOR: Ez, kolokatuta nago jada. Euskaldunako astilleroetan nabil soldadore.
LIONEL: Soldadore! Soldata dotore.
THEODOR: Eta barkatu, baina Artxandara igo behar dut.
LIONEL: Nondik, por la cara norte, por la cara sur?
THEODOR: Por la cara, besterik gabe. Lanorduetan ari naiz. Abenturatxo bat daukat hotel diskretu batean.
LIONEL: Ze abenturatxo mota? Kontau, kontau.
THEODOR: Ezin dizut kontau. Nire kontua da.
LIONEL: Eta neskarena, eta kontserjearena, eta garbitzailearena, eta taxistarena...
THEODOR: Egia. (Publikoaz) Eta hauena. Ez al da nire emaztea egongo!
LIONEL: Ahaztu hotela. Zuk anonimatoa behar duzu. (Motxila ematen dio) Tori abentureroaren kit osoa: motxila barruan duzu denda, lo zakua, nabaja mil usos, infiernilloa, kazerolak, eta interina filipino bat.
THEODOR: Oh, primeran.
LIONEL: Hau ere ondo etorriko zaizue. (Kondoi bat ematen dio)
THEODOR: Ah, kondoi bat, oso ondo!
LIONEL: Kondoi bat! Abentura gutxitan egona zara, eh? Hau emerjentziazko kantinplora bat da.
THEODOR: Oh, jakina!!!
LIONEL: (Beste kondoi bat emanez) Hau ere ondo etorriko zaizue.
THEODOR: Beste “kantinplora” bat?
LIONEL: Mesedez!
THEODOR: Ez esan, poxpoluak siku gordetzeko? (...) Medizinak eramateko? (...) Tiragoma bat egiteko?
LIONEL: Ez duzu inoiz preserbatibo bat ikusi, ala?
THEODOR: Izan ere ni Aita Saindua baino papistagoa naiz.
LIONEL: Eta zer... Neska ondo dago?
THEODOR: Arnasa kentzeko moduan.
LIONEL: Orduan eraman ezazu oxigeno bonbona bat.
THEODOR: Gutxi pisatzen du.
LIONEL: Hutsik dago.
THEODOR: Zertarako nahi dut?
LIONEL: Ba edozein bazterretan botata uzteko, gizona.
THEODOR: Oh... Oso ondo.
LIONEL: Eta bide batez, hartu zabor poltsa hau eta barreiatu ezazu menditik.
THEODOR: Ez dakit guztia eraman ahal izango dudan...
LIONEL: Zuk ez duzu zamarik eraman behar. Horretarako dago sherpa.
THEODOR: Sherparik duzu?
LIONEL: (Robot bat atereaz) “Sherpamatic” bat. Ofertan daukat.
THEODOR: Baina honek ez dit motxila eramango.
LIONEL: Ez, baina oso eramangarria da bera berez. Eta ingelesa daki. Esaiozu zerbait.
THEODOR: Take my motxila, majete.
Argia pizten zaio.
LIONEL: Ikusten argia? Horrek “oh, yeah” esan nahi du.
THEODOR: Ze potxoloa. Give me one. Brujularik duzu?
LIONEL: Galduta zaude? Orduan, hartu hau. (Liburu bat ematen dio)
THEODOR: (Izenburua irakurriz) “¿De dónde venimos, a dónde vamos, estamos solos en la galaxia o acompañados? Guía práctica para orientar tu vida”.
LIONEL: Niri asko lagundu zidan. Lehenago jonki nazkagarria nintzen. Orain drogodependientea.
THEODOR: Ni ez naiz horretan erori.
LIONEL: Inoiz ez da jakiten noiz. Hartu hau, badaezpada. (Kasko bat ematen dio)
THEODOR: Ez, mila esker, badaukat kaskoa.
LIONEL: Mesedez, hori ez da abenturarako kaskoa.
Kasko bat kendu eta bestea ematen dio.
THEODOR: Nola jakingo dut erortzen ari naizela?
LIONEL: Lurra nola igotzen den ikusiko duzu.
THEODOR: Ze emozionantea! Bideo kamara bat duzu? Dena grabatu nahiko nuke, “Al filo de lo imposible”rako.
LIONEL: Imposible.
THEODOR: Imposible zer?
LIONEL: Filoa.
THEODOR: Ah, ez dago filorik?
LIONEL: Ez.
THEODOR: Oh...!
LIONEL: Baina afiladorea bai.
THEODOR: Eskerrak!
Afiladorea ematen dio. Honezkero theodor erosgaiez gainezka dago, karabanetako dromedario baten antzera.
THEODOR: Ba benetan, ez dakit hau guztia nola eskertu.
LIONEL: Zure irribarrearekin konformatzen naiz... Baina agian gehiegi eskatzea da, beraz, eman zure kreditu txartela.
THEODOR: (Ematen dio) Eskerrik asko.
THEODOR: Oh, kaka, lanera bueltatu behar dut.
LIONEL: Orain?
THEODOR: Bokataren ordua bokataren ordua da. Beste batean igoko naiz Artxandara.
LIONEL: Igotzen zarenean, eman goraintziak Mariari nire partetik.
THEODOR: Bai... Et et et, itxoin pixka batean. Nola dakizu bere izena?
LIONEL: Ah, ez dizut esan? Nire emaztea da.
THEODOR: Hara, a ze kointzidentzia!
LIONEL: Mundua mukiz beteriko pasamontañasa da.
theodor badoa materialarekin. lionel bestaldetik.
LIONEL: Abenturako materialak! Puentin, Eskeitin, Treikin, Raftin... Murgildu zaitez ur korronteetan eta zure kontu korrontean murgilduko gara gu!!!
theodor traste guztiak eskuan bueltan dator. Bazter batean botatzen ditu.
THEODOR: Hau da gizakiak egin ahal duen ganorazko gauza bakarra. Gainontzekoa ergelkeria hutsa da.
LIONEL: Daturik gabe ari zara. Gu Bilboko zaborra gara, ez dugu beste mundurik ezagutzen.
THEODOR: Eta? Hiri guztiak dira berdinak. Mundua hiri erraldoi bihurtu da. Bilbao esaten duenak, mundua esaten du.
LIONEL: Baliteke. Eta orain ixiltasuna erregutuko nizuke.
THEODOR: Ixiltasuna. Batere arazorik ez.
lionel kontenedorean izkutatzen da. theodor, bere kontenedoretik hizketan hasten da, ahots apalez.
THEODOR: Ixiltasun hau aprobetxatu nahi nuke berriz ere goraipatzeko soldadorea bezalako kontsumitzaile-zaborgileen meritua. Eredu bat dira...
lionelek burua ateratzen du.
LIONEL: (Off) Theodor!!!
theodor izutzen da oihuagatik.
THEODOR: Zer?
LIONEL: Ixiltasuna nahi dut!!!
THEODOR: Ba ez da nabari! A zelako oihuak! Ixiltasuna nahi baduzu hasi zaitez zu zeu ejenplua ematen!!!
lionel desesperaturik barrura sartzen da.
THEODOR: Bihotza saltoka daukat!!! (...) A zelako tipo eskandalosoa!!! Dios, auzokoekin txarto konpontzen zarenean...
theodorrek paper zati bana sartzen du belarrietan tapoi gisa, eta bere kontenedorean sartzen da. Orain biak sartuta daude. Segundo bateko isiltasunaren ondoren irrati bat entzuten da, oso altu. Futbol partidu bat ematen ari dira. lionelek erresorte baten moduan burua agertzen du.
LIONEL: Theodor!!! Theodor!!!
Ez da ageri.
LIONEL: Theodor!!!
lionelek theodorren kontenedorea astintzen du. theodor altxatzen da.
LIONEL: Itzali irratia!!!
THEODOR: Zer?
LIONEL: Irratia itzaltzeko!!! Irrati madarikatu hori segituan itzaltzeko!!!
theodorrek ez dio entzuten. Belarrietako tapoiak kentzen ditu.
LIONEL: Pakea nahi dudala!!!
theodorren tinpanoak, oihuagatik dardarka geratzen dira.
THEODOR: Hara, Lionel... Gauza bat esango dizut. Zabor jatorra zara, baina ez zait gustatzen garrasika hitz egiteko duzun ohitura hori. Eta itzali irratia, horrela ez dago usteltzerik eta!
LIONEL: (Amorru bizian) Nik ez dut piztu.
THEODOR: Nik ere ez.
LIONEL: Ja! Berez piztu da!
THEODOR: Ez dakit, baina ni ez naiz izan, ez zait futbola gustatzen!!!
LIONEL: Niri ere ez. Itzali mesedez.
THEODOR: Non dago ba?
LIONEL: Zure kontenedorean!
theodorrek irratia hartzen du.
THEODOR: Ezin da itzali. Botoiak apurtuta daude.
LIONEL: Kendu pilak.
THEODOR: Ez dauka pilarik.
LIONEL: Apurtu ezazu!
theodor botatzera doa. Une horretan gol aukera nabarmena dago. Jokaldiaforofoen moduan jarraitzen dute. Azkenean aurrelariak huts egiten du.
BIAK: Aiiii!!!
Irratia itzaltzen da.
THEODOR: Itzali da.
LIONEL: Betirako ixildu da.
THEODOR: Bai, azkeneko hatsa. Goian bego. Bakea zurekin.
Botatzen du.
LIONEL: Ea gurekin ere ote den. Agur.
lionel desagertzen da berriro.
THEODOR: Forofismoa da gizakiek asmatu duten gauzarik tontoenetako bat. Hemengo forofoak hango forofoari gorrotoa dio.
lionel ateratzen da, haserre. theodor-ek isildu egiten da.
THEODOR: Barkatu.
lionel berriro desagertu eta theodorrek hizketan jarraituko du.
THEODOR: Eta bitxia da, zeren hemengo forofoa hango forofo izango zen, zikoinak paketea hemen utzi beharrean han utzi izan balu. Forofoa berdin izango zen hooligan edo tiffosi. Hau da, forofo bat bere burua gorrotatzeko gauza da. (...) Lionel, egin dezagun foro... Lionel? Lionel???
theodorrek ikusi gabe, lionel aterako da, maleta hartu eta alde egingo du kasik eta eskenatik desagertu arte. theodorrek lionel aldegiteko zorian ikusten du.
THEODOR: Nora zoaz?
LIONEL: Beste kontenedore batera. Moroa bazina Jasan deituko nizuke.
THEODOR: Jasan?
LIONEL: Jasan Ezina.
THEODOR: Zer ba, usain ona daukat?
LIONEL: Munipa bat musuka akatuko zenuke zuk. Agur, betirako.
lionel desagertzera doa baina theodorren berbaldia entzuten geratzen da, kikilduta.
THEODOR: Bakarrik? Bakarrik zoaz? Beno, aukera bat da. Errausketa plantarako bidaia bakardadean egitea... Labearen aurrean zure txanda bakardadean itxarotea... Su garretan bakardadean kiskaltzea, ingurura begiratu eta inor ez kausitzea... Duintasuna, bai jauna. Zuk dituzu potroak!
theodor kontenedorera sartzen da. lionelek maleta lurrean uzten du.
LIONEL: Buah!!! Ez dakizu nola dauden kontenedoreak!!! Topera! Overbooking! Beno... Zer egin behar dugu?
THEODOR: (Off) Zuk egin nahi duzuna. Ni neu azken hausnarketak egiten ari naiz. Eta ez molestatzea erregutuko nizuke.
LIONEL: Nahi baduzu, kamioia etorri artean, forofoarena egin dezakegu.
THEODOR: Avanti tutto presto, ea zer topatzen duzun.
lionel bere kontenedorean bila hasten da amantal zuri bat eta zapi bat aurkitu arte.
LIONEL: Zer moduz Alde Zaharreko tabernaria?
THEODOR: Ederto. (Publikoari) Zazpi Kaletako edozein taberna, edozein egunetan. Edozein? Ez. Gaur, katedralean, oilaskoak jateko munduko txapelketa dago jokuan.
LIONEL: Zer diozu?
THEODOR: Zu zeurera.
LIONEL: Ofdo cocina!
THEODOR: Txikiteroak txikitoak bata bestearen ondoren edaten ari dira, herriko kanta jatorrak kantatzen dituzten bitartean. (Kantatuz) “Tenemos un defecto, que no nos gusta que no nos gusta... tenemos un defecto que no nos gusta el chacolí...”
LIONEL: “...pero el vino tinto sí...” Marchando dos de champis...!!! Que sean tres!!!
theodor bufanda astinduz saltoka hasten da. lionel zartaginean txanpinoiak prestatzeko plantak egiten ari da.
THEODOR: Txapeldunak, Txapeldunak, oe oe oeeeeee!!!
LIONEL: Eh, gazte, gazte!!! Zer? Zer gertatu da?
THEODOR: Izugarria izan da. Finalean berrogeita hamar oilasko jan behar zituzten ordu erdiko bi zatitan. Lehenengo zatian, oso ondo. Mastikazio ona, lixeriketa hobea... Baina bigarren zatian...
LIONEL: Zer?
THEODOR: Betikoa. Flatulentzia... Bihotzerrea... Almorranak pilpilean...
LIONEL: Beti huts egiten dugu bigarren zatietan.
THEODOR: Dena den, testosterona hutsagatik, minutu erdia falta zenean, hego bakar bat falta zitzaigun txapela eskuratzeko. Orduan Txirrik hegoa hartzen du baina ezin du jan, Txutxiri pasatzen dio, berau saiatu baina oka hasten da, orduan Txikik eskatzen du hegoa beste bandatik, jaso, kontrolatu, ahoan sartu, estadioa oihu betea da...
LIONEL: Aupa, Txiki!!!
lionelek emozioarekin zartagina airera botatzen du.
THEODOR: Hamar segundu geratzen dira, baina ezinean dabil, 9, 8, 7, 6, 5, 4, 3, 2, 1... eta orduan... Oh, orduan... Estadioa mutu geratzen da, denbora gelditzen... Txikik begiak itxi eta “i-ren-tsi-egi-ten-du!”
BIAK: Oe oe oe oe...!
Olatua egiten dute.
THEODOR: Hau bezalako uneetan bertokoa izateaz harro sentitzen zara. Eta kitto.
LIONEL: Eta kitto.
THEODOR: Nik zelaira salto egin eta bufanda bandejaren koipetan busti dut. (Eman egiten dio) Tori. Zuretzat.
LIONEL: Ez, nik ezin dut...
THEODOR: Bai, benetan, ni bertan egon naiz, ez dut gehiago behar. Agur, banoa telebistan haginkadarik onenen errepikapena ikustera.
LIONEL: Milesker... Nik, ez dakit zer esan.
THEODOR: Ez esan ezer. Bakarrik... (Emozionaturik) are the champions...”
Urruntzen da. lionel geratzen da, kantu kantari.
LIONEL: “We are the chanpions, whe are the... champions, we are...” (Ez daki kanta eta aldatzen du) “Txiki, txiki, txiki es cojonudo...”
THEODOR: Ergelak eh?
Bere liluratik aterata.
LIONEL: Azaleko azterketa egiten duzu zuk. Forofoak estadioan demasako adrenalina hustutzen du, eta irtetean erlajaturik dago, atsegina da bere familiakoekin, beraiekin ere... Sinistuidazu, forofo izatea osasuntsua da.
THEODOR: (Minduta) Oso ondo, beraz, gizateria zentzuduna da. Hiria erloju baten makinaria perfektoa.
LIONEL: Ez. Misterioak daude. Esate baterako: Udaltzainen misterioa.
THEODOR: Beno...!
lionelen hurrengo hitzak eta keinuak theodorrek errepikatuko ditu, milaka aldiz entzun dituela azpimarratuz.
LIONEL: (Eta theodor bigarren planoan) Munipak jende arraroa dira, atasko batean edo atso bat konortea galduta lurrera jausten denean, ez direlako mugitu ere egiten. Hori bai, bigarren lerroan aparkatzen duzu buzoian karta bat botatzeko, eta bueltan, zast! multa. Alde batera eta bestera begiratu eta inor ez. Non sartu da munipa? Nola izan da kapaz hamar segundutan kotxea ikusi, isuna idatzi, moztu, jarri eta desagertzeko? Ah! Muniparen misterioa.
THEODOR: Ja! Ikusten?
LIONEL: Bale, nahi duzuna. Eta orain zimeldu nahiko nuke. Bakean utziko nauzu?
THEODOR: Bale. Molestatu bazaitut, barkatu, eh?
lionel barrura sartzen da.
LIONEL: Ai!!! Lagundu!!!
THEODOR: Baina ze eskandalagarria zaren. Zer duzu?
LIONEL: Lagundu, mesedez.
theodor lionelen kontenedorera hurbildu, burua sartu eta “istripua” ikusten du.
THEODOR: Dios, a zelako aberia!!! Izan adore, Lionel. Hiru kontatu eta ekingo diot.
theodorrek patinete baten kirtena hartzen du.
LIONEL: Ah!!! Kontuz, eh? Kontuz!!!
THEODOR: Bat, bi eta...!
Kirtenetik gogor tiratuta patinetea ateratzen du. lionelek ipurdialdea minbera du.
LIONEL: A zelako lasaitua!!! Ufff, ditxosozko katxarroa!
theodor patinetearekin ibiltzen hasten da.
THEODOR: Ia berria dago!
LIONEL: Hara, hain zuzen honek burura dakarkit... Ez, utziozu.
THEODOR: Zer?
LIONEL: Ezer ez.
THEODOR: Kontatu.
LIONEL: Arestian morroi bat ikusi nuen horrelako patinete batekin, ejekutibo bat.
THEODOR: Ejekutibo bat! Zertara dedikatzen dira ejekutiboak?
LIONEL: Jakin beharko zenuke... Bilbao ejekutiboz josita dago.
THEODOR: Baina ez dakit zer egiten duten.
LIONEL: Ba... Maletinak eraman, dietak kobratu eta ejekutibo galtzerdiak jantzi.
THEODOR: Bueno, John Waynek esan zuen bezala, “norbaitek egin behar zuen lan zikin hura”. Eta zer egiten ari zen ba, patinetean? Babuarena, ezta?
LIONEL: Hara, Theodor, zuk zer arraio uste duzu, pertsona guztiak babuak direla?
THEODOR: Jakina.
LIONEL: Ba ez. Badira pertsona miresgarriak. Solidarioak, sentiberak...
THEODOR: Ez esan pitokeriarik.
LIONEL: Ba erakutsi egingo dizut. Ni ejekutiboa izango naiz.
lionel eta theodor patineteagatik lehian hasten dira. theodorrek amore ematen du.
THEODOR: Ondo da. Egizu zuk ejekutiboarena. Nik Bilboko pertsonaia tipikoarena egingo dut: zangak egiten dituen kurrela.
theodorrek pala eta kaskoa hartzen ditu. lionelek patina hartu eta ibiltzen hasten da.
THEODOR: Eme ibili zangarekin.
LIONEL: Zein zanga?
lionel bistatik desagertu eta sekulako burrundaia entzuten dugu. Berriro sartzen da, ondo mailaturik.
LIONEL: Eta zanga hori?
THEODOR: Zer uste duzu, potrojorran nabilela? Oraindik jarraitu nahi duzu ejekutiboarena egiten?
LIONEL: Bai.
lionel patinetean ibiltzen hasten da. Publikoaren aurrean gelditzen da. Bere ondoan, theodor, bidoi baten gainean eserita, geldi, zigarro bat ahoan, pala eskuan eta kaskoa buruan.
LIONEL: Hola. Ni bbv-ko ejekutiboa nintzen. Etxea neukan Gran Vian, chaleta Pedemalesen, apartamentua Mallorcan, dena neukan, baina barrutik hutsik nengoen, beraz dena utzi eta mundua patinetean korritzeari ekin diot nire bake mezua banatzen. Tori.
Mezua ematen dio theodorri.
LIONEL: Irakum!
THEODOR: “Maitatu”.
LIONEL: Hori da.
THEODOR: “Maitatu”?
LIONEL: Bai. “Maitatu”. Agian zuretzat mezu luzeegia da, nahasia'...
THEODOR: Ez, baina aurrea hartu dizute. Duela gutxi jaso nuen bat berdin berdina korreo elektronikoz. Ez nuen zabaldu badaezpada ere. Birus bat izateko itxura guztia zeukan.
LIONEL: Korreo elektronikoz?
THEODOR: Bizitzak zelako gauzak dituen, eh? Zuk zapata zolak gastatzen zenituen bitartean, listillo potrojotzaile batek konpetentzia egiten zizun ordenadorearen botoi ziztrin bat sakatuz!
LIONEL: Konpetentzia!
THEODOR: Nik mezulari bat kontratatu beharko banu, Internet erabiltzen duen espabilatua aukeratuko nuke. Baina tira, ni ez naiz ejekutibo solidario bat.
LIONEL: Nire bizitzak porrot egin du. Internet!!! Baina nola ez zitzaidan burutik pasa?
THEODOR: Segum ordenadorea saldu zenuela patinetea erosteko! Baietz?
LIONEL: Oh!
Bere gorbatarekin urkatzera doa.
THEODOR: Ez horrela jarri, zure lanaren alde positiboa aurkitu behar duzu. Begiratu: ni orain zanga bat irekitzen ari naiz kale honetan gasa ipintzeko. Lehengo astean itxi nuen zanga berau, duela bi aste ireki nuelako elektrizitatea sartzeko. Duela him aste itxi nuen, duela lau aste kable telefonikoa sartzeko zabaldu nuelako. Duela bost aste itxi nuen duela sei aste ireki nuelako fibra optikoa sartzeko. Bizitza osoa daramat zanga honetan. Eta datorren astean, datorren ilean eta datorren urtean zanga honetan jarraituko dudala dakit. Eta sinistuidazu, langile bati horrenbesteko seguritate laborala eskeintzeko kapaz den udal bat, harro sentitzeko moduko udala da.
lionel begira dauka.
THEODOR: Eta?
LIONEL: Ez, segi, lasai, zangak zabaltzen eta ixten, oso interesgarria da. (...) Istorioa neurea zen! Ni nintzen protagonista, eta sikeran utzidazu bake santuan neure buruaz beste egiten!
THEODOR: Bai, barkatu. Segi. Ixil ixilik jarraituko dut nik lanean!!!
lionel jarraitzera doan unean, theodorrek garrasi egiten du eskuak giltzurrunetara eramaten dituela.
LIONEL: Nire porr...
THEODOR: Aaaah!!! Aiiii...! Lunbago madarikatu hau! Txarrena zera da, ezingo dudala zangak egiten jarraitu. Jarraitu, jarraitu.
LIONEL: Ez, bukatu dut jada.
THEODOR: Aizu, Lionel, ejekutibo hori ergela ez bazen, ni Aita Sainduaren pixontzia naiz.
LIONEL: Errare humanum est. Horrelakoak gara gizakumeak: gure hutsetatik ikasi eta aurrera egiten dugu.
Isilune luze bat. theodor lioneli begira geratzen da.
THEODOR: Horrelakoak gara gizakumeak, Lionel???
LIONEL: Ez! Horrelakoak dira.
THEODOR: “Gara” esan duzu.
LIONEL: Ez, “dira” esan dut. Ni ez naiz sartu, jakina, ni ez naiz...
THEODOR: Sartu egin zara.
LIONEL: Ez.
THEODOR: Bai. (...) Eh, tratu bat genuen!
LIONEL: Lapsus linguae bat izango zen.
lionel bere kontenedorean sartzen da. theodor deika hasten da, sekulako burrundaia atereaz.
THEODOR: Lionel!!! Lionel Zabor!!!
lionel ateratzen da, haserre antzean.
LIONEL: Zer???
THEODOR: (lionelen “oihuak” minduta) Jesus, Lionel, ze eskandalagarria zaren!!! (...) Nola bukatu zuen?
LIONEL: Nork?
THEODOR: Gure ejekutiboak? Bankura bueltatu zen?
LIONEL: Oh, ez, Gernikara joan zen lan egitera.
THEODOR: Ah, Gernika, “Bakearen Hiria”. Oso aproposa.
LIONEL: Gerente sartu zen arma fabrikan.
THEODOR: Ja!
LIONEL: Dena den, munduan zehar ibiltzen jarraitu zuen.
THEODOR: Bake mezuak banatzen?
LIONEL: Ez, pistolak banatzen.
THEODOR: Patinetez?
LIONEL: Abioiez. Eta orain, axola ez badizu, neure herdoilaren baitan murgildu nahiko nuke.
THEODOR: A zelako handiusteak, zabor erradioaktiboa bazina ere... Aizu, ikusten ez bagara, zorte on.
LIONEL: Zortea erabakita dago jada.
THEODOR: Bai. Jakina. Tximinia... Hodei toxikoa... Zein kolorekoa izango da?
LIONEL: Ez dakit.
lionel bere kontenedorean sartzen da.
THEODOR: Handia izango da? Hiria itzalpean uzteko modukoa. Egunkari guztietan agertuko gara: “Lionel eta Theodor hondakinak Bilbaoko zeruan ikusiak izan ziren atzo. Mundu guztia aho zabalik utzi zuen Theodorren hegan egiteko estilo dotoreak!”
theodorrek, supermerkatuko gurditxoaz baliatuz “hegan” egiten du. Gelditu eta gurditxoari erreparatzen dio.
THEODOR: Gurditxo honek... Madriles ekartzen dit gogora. Ez zara gogoratzen? Alde zaharreko erromes zurrutero bat zen, horrelako gurditxo batean eramaten zituen bere traste guztiak. Oso zakarra zen, baina beti aurkitzen zuen txikitero bat tragu batera konbidatuko zuena. Aspaldian galdu nion pista.
lionel kontenedore barrutik altxatzen da.
LIONEL: Taberna bateko sotoan egiten zuen lo. 1983ko udan, eurite latzak izan ziren Bilbaon. Ibaiko urak bost metro igo ziren, alde zaharra erabat estaliz. Ibaia bere onera bueltatu zenean, Madriles aurkitu zuten sotoan. Lo harrapatu zuen uraldiak eta ez zuen irteteko denborarik izan.
lionelek petaka hartu eta trago bat hartzen du.
LIONEL: Topa, Madrilesen izenean.
Isilunea.
THEODOR: Eta?
LIONEL: Zer?
THEODOR: Zertara dator hau?
LIONEL: Zu hasi zara.
THEODOR: Ni hasi? Beno, beno, zu zara tristea gero, eh?
lionel hotzikaraka hasten da.
THEODOR: Eta gainera dardarka ari zara. Hotzak zaude?
LIONEL: Ez.
THEODOR: Ez zen Madriles horregatik izango, ez? Tratu bat daukagu.
LIONEL: Ez! Hotzak nago.
THEODOR: Ea zerbait aurkitzen dudan.
LIONEL: Ez da beharrezkoa.
THEODOR: Bada, bada, gaur egun handia da. Zer nahi duzu, labean sartu mukia darizula? Duintasuna, Lionel, duintasuna azken orduan.
Metalezko txapa bat ematen dio.
THEODOR: Tori, estali honekin.
LIONEL: Milesker.
THEODOR: Ez horregatik.
Umeei hitz egiten zaien moduan, kontenedorea kulunkatzen duen bitartean.
THEODOR: “Nor da kontenedore honetako zaborrik kuttunena? Nor ustelduko da txintxo txintxo kamioia etorri artean?”
LIONEL: Aizu, badakizu zer eman didazun?
THEODOR: Badakit, oso gogorra da, baina ez dut besterik aurkitu.
LIONEL: Ez dakizu zer den?
THEODOR: Txapa zati bat.
LIONEL: Guggenheim-en zati bat.
THEODOR: Adios!!! Bueltatu egingo dugu?
LIONEL: Zer diozu? Bueltatu dezatela munipek, horretarako daude eta.
THEODOR: Zer esango dute turistek zuloa ikustean?
LIONEL: Agian apropos kendu dute. Artearen mugak oso zabalak dira.
THEODOR: Eta artistak estuak. Dena hainbeste nahasi dutenez, jada ez dakigu artea zaborra den ala zaborra artea den. Benetan, kontenedore hau Guggenheim-en egongo balitz, orduan artea izango zen.
LIONEL: Eta izan daiteke. Guk ez dugu ulertzen.
THEODOR: Eta nork ulertzen du?
LIONEL: Jende... gutxik.
THEODOR: Zenbat da gutxi?
LIONEL: Kontenedore hau betetzeko adina bai, behintzat.
THEODOR: Eta orduan zertarako egin dute horren museo handia?
LIONEL: Proportzio kontua da. Pentsa ateko txakurra zein handia den.
THEODOR: Egidazu kasu, artea kirtenkeria galanta da.
LIONEL: Ez nago ados.
lionel eta theodor kontenedoreetan sartzen dira zabor bila. theodorrek zapata kaxa bat hartzen du kapela moduan. lionelek bisera eta plastikozko pistola.
LIONEL: Ezetz asmatu zer naizen.
THEODOR: Udaltzaina!
LIONEL: Udaltzaina ezta burutik jota ere. Segurata. Enpresa pribatua! Etorkizun handiko lanbidea hiri honetan.
THEODOR: Ondo, zu segurata, eta ni artista bat, Guggenheim-en erakusketa bat egitera doana.
lionel bila hasten da.
LIONEL: Hola, zu zara artista?
THEODOR: A ze galdera bitxia! Izan ere, non hasten da artea eta non bukatzen da atxikoria?
LIONEL: Bueh... Non daude koadroak? Agentzian erakusketa zaintzera etortzeko esan didate eta...
THEODOR: Ez dago kuadrorik, nolabait.
LIONEL: Orduan zer dago, eskulturak edo?
THEODOR: Alegia, instalazio bat.
LIONEL: Instalazio bat?
THEODOR: Ez didazu entzun, honenbestez?
LIONEL: Bai, instalazio bat.
THEODOR: Instalazio nolabait bat artista baten espresabiderik demagun libreena da. Honenbestez, edozer kabitzen da instalazio batean, izan ere, alegia.
LIONEL: Dabuten. Eta non dago?
THEODOR: Non dago zer?
LIONEL: Instalazioa.
THEODOR: Ez dago!
LIONEL: Nirekin geratu nahi duzu?
THEODOR: Nire nola edo hala instalazioa, instalaziorik nolabait ez egotean datza, honenbestez. Alegia, instalaziorik eza da nire instalazioa. Hemen ez dago demagun ikuslerik, publikoak nolabait berak sortzen du artea esan dezagun... bere akaso irudimenean.
LIONEL: Dabuten. Eta kobratu, nork kobratzen du?
THEODOR: Emazteak, dibortziatuta nago.
LIONEL: A ze pagotsa! Non apuntatu behar naiz, ba, artista izateko?
theodorrek barre egiten du.
LIONEL: Geman pistola bat daramadalako sentsibilitaterik ez dudala uste duzu? Museo hau kartoletaraino betetzeko adina talentua daukat.
THEODOR: Erakutsi...
LIONEL: Zoaz pikutara!
THEODOR: Banekien kikilduko zinela.
LIONEL: Kaguen Calatrava! (...)
lionel inspiratu egiten da, eta musika klasiko banda sonoroaren laguntzaz, instalazio bat eratzen du kontenedoreetako trasteekin.
LIONEL: Hastapenean ipurdia izan zen... Ipurdi zurbil erori bat, granoz beterikoa. Eta erdian zulo beltz bat: ezer eza sinbolizatzen duena. Eta zulotik gorotz lodi bero bat irten zen, erdiminetan... Eta ipurdiak gorotzari esan zion: simaurra, zu zara bizitzaren hastapena, zu zara bizitzaren amaiera. Hazi eta multiplika zaitez. Eta hala, gorotzetik protozooa sortu zen, protozootik paramezioa, parameziotik mikrobioa, mikrobiotik larba eta larbatik eulia. Eta euliak mun egin zion gorotzari eta zaborraren printze bihurtu zen.
theodor zaborraren Santa Klaus bezala mozorrotzen da.
THEODOR: Eman ta zabal zazu munduan zaborra!!!
Musikaz lagundurik, theodorrek Papa Noel eta lionelek euliarena egiten dute. Kontenedoreekin trineo bat egiten dute, euliak bultzaturik. Musika bukatzen denean...
THEODOR: Beno, beno, hau da instalazio bat?
LIONEL: Bai, instalazioa eta performanzea, dena batera. Jeniala, eh, Theodor?
THEODOR: Jeniala? Zuk detergentea edan duzu ala zer arraio, Lionel?
LIONEL: Ez duzu ulertu?
THEODOR: Ulertu zer? Edurnezuriren ipotxak paketeak banatzen dituela ordu libreetan?
LIONEL: Zu ez zinen Edurnezuriren ipotxa. Santa Klaus zinen!!!
THEODOR: Kontenedore batean?
LIONEL: Ez, trineo bat zen.
THEODOR: Eta non daude renoak?
LIONEL: Ez dago renorik!!!
THEODOR: Orduan “Motonieve” bat da.
LIONEL: Ez!!! Euli batek eramaten zuen!!!
THEODOR: Euli batek... Euli batek eramaten zuen Santa Klaus kontenedore batean... Komentariorik ez.
LIONEL: Hara, Theodor, zuretzat Walt Disney “arte y ensayo” da.
Irratia pizten da. Eguraldiaren berri ematen ari dira.
THEODOR: Biharko eguraldia! Ixo!
LIONEL: Theodor...
THEODOR: Tsssst!!! Utzidazu entzuten!!!
LIONEL: Theodor, zertarako...
THEODOR: Ixiltzeko ba!
LIONEL: Zertarako jakin nahi duzu biharko eguraldia?
THEODOR: Gure berri entzun nahi dut.
LIONEL: Zer berri?
THEODOR: Hodei toxikoa. Lehenengo aldia da irratian aipatzen nautena.
Irratiak parte osoa ematen du. Eguraldi ona. Bukatzean, isildu egiten da.
THEODOR: Ez dute ezer esan. Ez dute ezer esan lainoaz. Zer arraio, ez al dugu existitzen?
Isilunea.
LIONEL: (Kontsolatu nahiean) Badakizu nolakoak diren metereologoak, beti huts egiten dute. Gainera, gure berri, metereologoek ez, kontaminologoek eman beharko lukete. Baina jakina, irratian ez dago parte kontaminologorik. Sistemari ez zaio interesatzen, arriskutsuak garelako. Badakitelako eurak baino indartsuagoak garela, eta ixilarazten...
THEODOR: Eta irrati honi zer arraio gertatzen zaio? Zergatik pizten da? (Irratiari) Hondatuta zaude, ea buruan sartzen zaizun! Eman amore... Eta ez eman kaparradarik. Duintasun apur bat, jode!!!
LIONEL: Tira animatu!
THEODOR: Ez. Banoa neure kontenedorera.
LIONEL: Ez, geratu hemen.
THEODOR: Ezetz.
LIONEL: Baietz.
THEODOR: Ezetz.
LIONEL: Baietz.
lionelek kilikiliak egiten dizkio, theodor bigundu arteraino.
THEODOR: Beno...
LIONEL: Ea, bilatu hortik, ea zertaz egiten dugun barre.
Paper bat ateratzen du.
THEODOR: Zer moduz maitasunaz?
LIONEL: Primeran! “Maitasuna etxe batean sartzen denean, intelijentziak maletak egiten ditu”.
LIONEL: Maitasun karta bat aurkitu dut. Irakurriko dut.
LIONEL: (...) Ez.
THEODOR: Bai.
theodorrek kilikiliak egiten dizkio. lionelek zakarki mozten dio.
LIONEL: Ezetz!!!
THEODOR: (Moztuta) Zergatik ez?
LIONEL: Txotxolokeriak debekatuta daude. Tratu bat daukagu.
THEODOR: Ea zer dion mozolo honek: “Ene maitea...”. Ja, oso originala!
LIONEL: Eta nola nahi duzu ba, hastea?
THEODOR: “...zulaturiko globo bat zara, neure eskuetatik irristatzen ari. Zure oinazea neure oinazea da. Garratzegia da. Agur. Baina gogoan izan erotzeraino maitatu zaitudala”. Ja, ja, ja...
LIONEL: Ja...
THEODOR: “Zulaturiko globo bat”. Asmatu al da inoiz metafora ergelagorik?
LIONEL: Baina zergatik hitz egiten duzu jakin gabe? Ba al dakizu akaso istorio osoa? Imajinatu dezakezu sikeran maite duzuna galtzeko zorabioa? Bakarrik geratzeko samina? Ke ba! Zera jakingo duzu zuk maitasunaz!
THEODOR: (lionelen haserrearen nondik norakoak ulertu barik) “Maitasuna etxe batean sartzen denean, inteligentziak maletak egiten dituela”.
LIONEL: Maitaleek akaso burua galduko dute, baina sikeran bizirik daude, eta askok ezin dute hori esan. Andra bat zegoen lehen, Bilbaon, Arrikibarreko plazan...
THEODOR: Arrikibarreko eroa?
LIONEL: Berbera. Gaztetan, harakin batek gezurrezko maitasuna aitortu zion, musu merke bat irabazteko, baina harakinaren gezurra inoizko egirik borobilena bihurtu zuen andreak... Betirako maitasuna agindu zion. Harakina beste andra batekin ezkondu zen, familia egin zuen... Arrikibarreko plazan zuen harategia, eta bere aurrean, banku batean emakumea egoten zen goizetik gauera, halako kapela erraldoiekin eta kilo bete makilajerekin, bere gizonari alferrik itxaroten. Sekula berriro ez zuen gizonarekin hitz egin; sekula ez zen harategian sartu.
THEODOR: Begetarianoa izango zen.
LIONEL: Harakina jubilatu arte, han egon zen andrea, egunero egunero. Jendeak barre egiten zion, baina ordainduko nuke nik, bere harrotasunaren laurdena izateko.
THEODOR: Eta zer gertatu zen harakina jubilatu zenean?
LIONEL: Denda itxi zuten eta andrea desagertu zen.
lionelek petaka ateratzen du.
LIONEL: Topa!!!
THEODOR: Beno, zer arraio nahi duzu, negarrez hastea?
LIONEL: Ez.
THEODOR: Zu zara tristea, zu zara ilun eta...
Irratia pizten da.
LIONEL: Eta orain gogaikarri hau!
Kanta “Basura me volví” boleroa da. Izugarri gustatzen zaie. Dantzan egiten dute, elkar besarkaturik. Bukatzean magia desagertu eta egoeraz lotsaturik, banandu egiten dira.
THEODOR: Ez dakit zer duen kanta honek, baina zein polita den, ezta?
LIONEL: Poesia ederra da. “Basura me volví”
THEODOR: Bai... eta ez txotxolo honek idatzi duena: “Zulaturiko globo bat...”
Karta poltsikoan gordetzen du.
LIONEL: Hara, zer uste duzu, ondo idaztea ez da erraza. Poesia egitea oso garestia dago. Eta oso merke saltzen da. “Nire poesia oso merkea da. Herriaren ahotik hartu nuen debalde, eta debalde ematen diot herriaren belarriari”. Gabriel Aresti.
THEODOR: Aresti!
LIONEL: Bilboko poeta madarikatu bat zen.
THEODOR: Non irakurri dut nik zeozer Arestirena... Egon...
LIONEL: Zuk irakurri?
Kontenedorean bilatzen du. Kale plaka bat ateratzen du. “Calle Gabriel Aresti kalea”.
THEODOR: Hemen: “calle Gabriel Aresti kalea”.
LIONEL: Hau bai xelebrea, behin zera idatzi zuen: “Jainkoak ez dezala nahi Bilboko karrika bati nire izenik eman diezaiotela...”
THEODOR: Nabari da kontzejalak ez zuela irakurri poema hori.
LIONEL: Edo irakurrita ere, bost axola zitzaion poetak esan zuena. Tira, zer espero dezakegu politikoengandik.
THEODOR: Tsst! Politikoek gauza on bat badute. (...) Korruptoak dira. Istorio bat imajinatzen ari naiz.
theodor bere hausnarketan sartzen da. lionel kuriositatez hurbiltzen zaio.
LIONEL: Eta? Istorioa zer? Polita da, zikina?
THEODOR: Behin, Europa erdiko hiri handi batean, olerkari pobre bat bizi zen, inork kasurik egiten ez ziona. Bulego batean egiten zuen lan, eta bere bertso ederrak ere hantxe moldatu, izkutuan. Atzo, bapateko gaitz batek jota, hil egin zen.
lionel negarrez hasten da.
THEODOR: Fikzioa da, Lionel! Bereiztu egin behar da errealitatea eta fikzioa adin batetik aurrera! (...) Nik bulegora doan politikoarena egingo dut. Zu bulegoko garbitzailea izango zara. (Detergentea ematen dio, pulberizatzailea)
LIONEL: Garbitzailea, ez mesedez! Nire printzipioen kontra doa.
THEODOR: Oso paper polita da. Pertsonai maltzurrek, gaiztoek badute halako xarma berezi bat... Gogoratu Anthony Perkins, Psikosisen, bainerako eskenak zelako ospea eman zion!
LIONEL: Ah, egia da... (Maltzurrarena egiten) Ja, ja ja!
Pulberizatzailearen gatiloari eman eta theodorrengana doa “maltzurrarena” entsaiatzen. theodor kezkatu egiten da.
THEODOR: Ez, itxoin, hobe izango da benetako detergentea ez erabiltzea. Zu pertsonaian gehiegi sartzen zara... Baliteke berotasunarekin kontrola galdu eta niri tiro egitea...!!!
LIONEL: Ez esan pitokeriarik! Ni pertsonaian sartzen naiz, baina ez dut inoiz kontrola galtzen!!!
THEODOR: Seguru? Ea ba, hasi gaitezen.
theodorrek maletin bat hartzen du.
THEODOR: Non daude poetaren esku-izkribuak?
LIONEL: Goiz goizean gizon ilegorri bat etorri da, bibote haundi batekin eta denak eraman ditu, erakusketa bat egiteko.
THEODOR: Sanchez, diputaziokoa! Aurrea hartu dit. Dena den, argazkiren bat izango zuen bere bulegoko mahaian, emaztearena, seme-alabena. Eman argazki guztiak!
LIONEL: Beste batek eraman ditu. Gizontxo lodikote patiladun bat.
THEODOR: Etxabe, gobernukoa! Kaka zaharra, nik poeta zenduari omenaldia egingo diot, baita bere azken porrusaldako patata azalekin bada ere. Ea, zer da hau?
LIONEL: Poetaren paperontzia zen.
THEODOR: Errekisatua.
Barruko paper zatiak aztertzen hasten da.
THEODOR: “Manuel: gero bueltatuko naiz. Ez ikutu paperak”.
LIONEL: Manuel ni naiz. Ez zitzaion gustatzen paperak...
THEODOR: Tssst!!! “Gero bueltatuko naiz, ez ikutu paperak!” Heptasilabo perfektoak dira! A zelako kadentzia, a zelako erritmoa! Oh, zergatik hil zitzaigun hain goiz...?
LIONEL: Prostatarena konplikatu zitzaion...
THEODOR: Galdera erretorikoa zen. (Beste paper bat) “Erosi tipex”. Hunkigarria!!!
LIONEL: Hori poesia da?
THEODOR: Komentariorik ez. Ea zer gehiago. “Eskatu prestamoa bankuan”. Laburra, soila... Estilo ariketa bat.
LIONEL: Gizajoak ez zeukan ez eta etxea pagatzeko ere. Prestamoak eskatu zituen banku guztietan baina kia, abalik ez zuenez...
THEODOR: Gure poetak poesia soziala egin zuela insinuatzen duzu? Poeta soziala, egundo horrelakorik!
LIONEL: Ez, nik ez dut ulertzen...
THEODOR: Ohhhh!!! Ohhhh!: “Estropajoa, eskotx brite, amoniakoa, komuneko papera, lejia konejo!”. Asma liteke zerbait prosaiko eta aldi berean delikatuagorik?
LIONEL: Ona da?
THEODOR: Batez ere “Konejoa”-ren ikutu apurtzailea. Ez da kasualitatez amaieran agertzen, diskurtsoa mila zatitan birrintzeko. A ze talentoa!
LIONEL: Neuk idatzi nuen.
THEODOR: Ta zergatik ez duzu esan? Artistarena egin nahi zenuen? (Botatzen du) Bildu dena eta eraman udaletxera.
LIONEL: Udaletxekoa zara? Poetak zera esaten zuen, zuei bost axola zitzaizuela bere lana.
THEODOR: Nonbait idatzita utzi zuen hori? (...) Orduan ez da existitzen. Idazle bati buruz ari gara. Ahosko literatura beste kontu bat da. Gainera, jakin beharko zenuke, poeta bat zenbat eta hilago egon, orduan eta hobea dela. Hildako poetak ez du jada hitz egiten. Are gehiago, poetek egin ahal diguten mesederik handiena behingoagatik denak hiltzea da. Agur.
theodor badoa. lionelek detergente potea eskuan dauka. Tapoia kendu, petaka delakoan, airera altxatu...
LIONEL: Topa, hildako poetarengatik.
...eta edan egiten du.
THEODOR: Lionel, ez!!!
theodor konturatu orduko berandu da. lionelen metamorfosia martxan dago.
LIONEL: Garbitu... Garbitu... Garbitu.
Aretoa txukuntzen hasten da. Kaskoa eta motxila janzten ditu.
LIONEL: Desinfektatu, desratizatu, desintoxikatu... Garbitu, garbitu... Baina nola utzi duten hau!!! Zerri halakoak! Kalea garbitu behar dut. Hiriak niregan uste osoa jarri du eta nik ez diot hiriari huts egingo, ez horixe.
theodor ikustean.
LIONEL: Ea, zu, zakarrontzira oraintxe bertan!!!
THEODOR: Baina zer diozu?
LIONEL: (Eskobarekin mehatxatuz) Segi barrura!
lionelek theodor “garbitzen” du. theodor eskobarekin alboratu egiten du.
THEODOR: Bale, bale, sartu egingo naiz, baina kontuz horrekin, deabruak kargatzen ditu eta.
Kontenedorean sartzen da.
LIONEL: Baina nora zoaz? Kontenedore horretan plastikoa sartzen da. Eta beste horretan papera. Papera paperarekin, plastikoa plastikoarekin, pilak pilekin... Eta zu..., zu zabor organikoa zara, sar zaitez zure kontenedorean oraintxe bertan!
THEODOR: Hara, Lionel, edaten duzunean biodesagradablea jartzen zara!
LIONEL: (Kezkatuta) Mesedez, marroi batean sartuko nauzu. Bigarren eguna dut lan honetan, oraindik frogan nago, eta atzo jada ederto sartu nuen hanka: mangera tokatu zitzaidan, esan zidaten grifoa nola zabaldu, baina ez nola itxi, eta lau ordu eman nituen tronpa baten moduan bueltak emanez, Plaza Berria piszina olinpiko bihurtu arte. Gaur ezin dut huts egin. Eta ez dut huts egingo. Bukatu dira koplak!!! Irten zaitez hortik oraintxe bertan ala jata garbituko zaitut!!!
THEODOR: (Zabor poltsa bat botatzen dio aurpegira) Beno, nahikoa dugu, eh?
LIONEL: Lehenengoa izan delako, baina berriro...
THEODOR: (Beste zabor poltsa bat botatzen dio) Ixildu behingoz!
lionel babes bila doa.
LIONEL: (Irratiaz berba egiten duela mimatzen du) “Detergente 007 baseari deika, detergente 007 baseari deika. Hondakin tematsu batekin topo egin dut. Instrukzioen zain nago. Bai, horixe moldatuko naizela neu bakarrik, besterik ere behar genuen... Kanbio eta kitto”.
THEODOR: Ixildu, xurrutero!...
lionelek “bozgorailu” bat hartzen du.
LIONEL: Entzun arreta handiz: inguratuta zaude, sar zaitez zure kontenedorean edo garbindarra erabili beharko dugu. Txintxo portatzen bazara zabortegia aukeratu ahal izango duzu!!!
THEODOR: Ondo da, jolastu nahi baduzu, jolastuko dugu. Alirote, alirote, barrendero el que no bote!!! Alirote, alirote, barrendero el que no bote!!!
LIONEL: Ni no ni no...
THEODOR: Ixildu zaitez, Mr Proper!
LIONEL: Okupa!
THEODOR: Skotch brite!!!
LIONEL: Potro zorri!!!
THEODOR: Garbineitor!
LIONEL: Kaka mokordo!!!
Erasora doaz. Borrokan egiten dute, borroka latza, zikina, benetakoa, harik eta kontenedoreetan desagertu eta egundoko xaflada bat entzuten den arte. lionel, eskua masailean ateratzen da, bere onera itzulita ostera ere.
LIONEL: A zelako kaskatekoa!!! Baina zu zoratuta zaude?
THEODOR: Banekien gertatuko zela, eh? Zu pertsonaian gehiegi sartzen zara!
lionelek ez du zer gertatu den ulertzen.
LIONEL: Eta zer egiten duzu nire kontenedorean? Eta zer egiten dut nik nire kontenedorean? Eta nork ekarri ditu kontenedoreak hona?
THEODOR: Ez dizut hitzik ere egin nahi, oraindik detergentearen efektupean zaude.
LIONEL: Ni? Detergentea? Baina zer diozu?
THEODOR: Bale, zuk nahi duzuna. Ez duzu detergentea edan, ez duzu txukundu, ez duzu eskobatu, ez duzu garbitu. Orain utzi bakean.
LIONEL: Nik eskobatu? Garbitu? Txukundu? Zer pitokeria da hori?
THEODOR: Kitto.
LIONEL: Nik ez dut inoiz kontrola galtzen!
THEODOR: Ez.
LIONEL: Pertsonaian sartu bai, baina kontrola galdu ez!
THEODOR: Ez dut existitzen!!!
theodorrek ikurrinaz burua estaltzen du.
LIONEL: Ja! Hamaika ikusteko jaioak gara. Ikurrina bat kontenedore batean. Dena den ez naiz harritzen, hainbeste parabelum-ekin, ez dira lirikarako garai onak. Gaur ondo ikusia dagoen aldeanismo bakarra aldea globalarena da.
THEODOR: Ez zara ixilduko, ez!
LIONEL: Ah, oso ondo, zu martxarekin zeundenean denak dantza egitera: ergelak hemendik, ergelak handik. Orain jauna ez du existitzen, orain denak ixilik, kamioiari itxoitera. Ba orain ez dut nahi. Orain istorio bat kontatuko dut, eta ikusiko duzu nola ez dudan kontrola galtzen. Eta gehiago esango dizut: nire azken nahia da!
theodorrek ikurrina ematen dio eta kontenedoretik linpiaparabrisarekin irtetzen da. Kontenedore biekin, kotxe baten irudia osatzen dute. lionel gidatzen doa, ikurrina lepoan. Semaforoan gelditu eta theodor hurbiltzen da, parabrisa garbitzeko prest.
LIONEL: Ahhh ene miseroa! Infelice!
THEODOR: Parabrisa garbituko?
LIONEL: Ez. Ez dut nahi.
THEODOR: Minutu bat baino ez da.
theodor “garbitzen” hasten da.
LIONEL: Ez, urrundu nigandik. Nazkagarria naiz. Nazkagarria.
THEODOR: Arrazoi duzu, nazkagarria dago.
LIONEL: Ez zait ezer nabari?
THEODOR: Bai, ez duzula urteetan garbitu. Baina hauxe da nire lana.
LIONEL: Zera bihurtu naiz... oh nazionalista.
THEODOR: Lapurtzea baino hobea da, ez duzu uste?
LIONEL: Esnatu eta berehala konturatu naiz... Goizero bezala leihotik begira paratu naiz... eta ikusi dudana ez zen eguneroko mendi malda itsusia, ez... Nire sorterriko zelaitxo berdeñoak ziren!!! Eta emozioagatik begiak lausotu zaizkit!!!
THEODOR: Hori aparragatik da, baina ziztu bizian kentzen da. Begira.
theodorrek “aparra kentzen” du.
LIONEL: Ja! Hori pentsatu dut nik, baina bai zera. Gero irratia piztu eta nik hainbeste gorroto ditudan musika folkloriko horietako bat hasi da. Eta ustekabean nire oinak hasi dira erritmora dantzatzen, eta ezin nien eragotzi.
THEODOR: Zuk eragotzi arren berdin garbituko dizut, ba ez nauzu zuk ezagutzen!
LIONEL: Hor nengoen ni, agerraldi lakrimogeno horiek gorroto ditudalarik, neure sukaldean, “orpo punta, orpo punta, buelta erdia eta jira, orpo punta, orpo punta, buelta erdia eta berriz”.
THEODOR: Ondo da, insistitzen baduzu berriz garbituko dizut.
LIONEL: Gero balkoira irten eta oihuka hasi naiz: “Gora idiosinkrasia!”. Gero kalera irten, turista batzuk ikusi ditut Guggenheim-era bidean eta zera sentitu naiz, oh... (negarrez) desberdin...
THEODOR: Horixe desberdin geratzen dela!
LIONEL: Eta askoz hobea!
THEODOR: Eskerrik asko. Ni profesionala naiz!
LIONEL: Zergatik niri? Zergatik?
THEODOR: Nire semaforoan gelditu zarelako.
LIONEL: Baina ez da zuzena. Ni zentralista nintzen, ni jakobino porrokatua nintzen. Ni aldea globalekoa nintzen. Esperantoa ikasten ari nintzen. Ni munduko hiritarra nintzen!!!
THEODOR: Bai, baina kristalak berdin zikintzen dira.
LIONEL: Bidaiak egin beharko ditut. Bidai agentzia bat sortu dute, propio nazionalismoa sendatzeko. Lehenengo bidaian azentoa galtzen duzu. Bigarrenean ama hizkuntza ahaztu. Eta hirugarrenean zure herriaren ezaugarri bereizgarriak higuintzen bukatzen duzu.
THEODOR: Kasi kasi bukatu dut.
LIONEL: Zer esango du jendeak? Nire lagunek...?
THEODOR: Ba berria bezela dagoela.
LIONEL: Nire emaztea...
THEODOR: Horrek akatsen bat aurkituko dio, seguru.
LIONEL: Oh... jainko maitea, nire emaztea enteratzen denean... Pentsatzen jarrita, nire emaztea kanpokoa da! Eta zu? Zu ez zara hemengoa, ez?
THEODOR: Tira, hemengoa hemengoa...
LIONEL: Jakina, oso erraza da kanpotik etorri eta kritikatzen hastea. Kanpotik dena oso erraza ikusten da. Hemen bizi beharra dago, eguneroko bizitza egin, ulertzeko zer... (Berriro negarrez) Ikusten? Monstruo bat naiz. Urrundu zaitez nigandik, hobe da zuretzat. (Badoa) “Orpo punta, orpo punta, buelta erdia eta jira, orpo punta, orpo punta, buelta erdia eta aurrera”.
Badoa dantzan.
THEODOR: Kontuz, zangarekin...
Burrundaia entzuten da.
THEODOR: Ondo merezia, pagatu gabe joateagatik. (Kanporantz) Eh, kotxe hori nirea da, nik ikusi dut lehenago!!!
theodor irten egiten da. lionelek bueltan ez du theodor aurkitzen.
LIONEL: Hara, arrazoi duzu, Theodor, paperean sartzen naizenean, sartu egiten naiz... Theodor!!! Theodor, non...? Theodor???
Zaborraren kamioia entzuten da.
LIONEL: Theodor, kamioia! Goiko kalean dago!!! Zatoz ikustera! Galdu egingo duzu!!!
Erantzunik ez. Kamioiaren zarata areagotu egiten da. lionel kontenedorean sartzen da. Maleta zabaldu eta panpina puzgarri bat maitekiro atera eta bere ondoan kokatzen du berak ere ikus dezan.
Zarata gero eta beldurgarriagoak entzuten dira. lionel kikiltzen hasten da. Panpinari begiak ixten dizkio ikus ez dezan. Handik gutxira theodor sartzen da. theodorrek panpina ikusten du. Harrituta geratzen da. lionel konturatzen denean, panpina maletan izkutatzen du. Gero theodorrek karta poltsikotik hartu eta isilean irakurtzen du. Egilea nor den konturatu eta lioneli karta bueltatzen dio. Errespetuzko isiltasun une bat gordetzen du, lantzean behin panpinari begirada maltzurren bat boteaz.
LIONEL: Kamioia berton dago jada. Goazen gure tokietara. Ez dakit behar bezain ustelduta nagoen, hainbeste berriketarekin...
THEODOR: Zatoz hona.
theodorrek “apaintzen” du.
THEODOR: Higuingarria. Eta ni?
LIONEL: Nahiko txarto.
THEODOR: Nahiko txarto ez da nahikoa.
“Giza-anuntzio” kartel bat ateratzen du. Bertan lan despidu ezegoki baten denuntzia egiten da. Ipini egiten du.
THEODOR: Begira... Viñaspreren moduan, ez duzu gogoratzen? Tipo xelebre hura... horrelako kartelekin ibiltzen zena...
LIONEL: 1982an Eusko Trenbidean greba egon zen. Langileak pixkanaka pixkanaka bueltatu ziren lanera. Viñasprek grebari eutsi zion. Handik gutxira lanetik bota zuten. Eta Diputazioaren atean paratzen zen, bankuen aurrean... Norbaitek zerbait galdetzen bazion, egundoko txapa botatzen zion.
THEODOR: Burutik zeharo eginda zegoen!
LIONEL: Batzuek erotuta zegoela esaten zuten. Beste batzuentzat borrokalari peto petoa zen. Funtsean adineko gizon bat zen, kalegorrira botatakoa, jada ezertarako balio ez zuena. (...) Zabor bihurtu zen.
lionel eta theodor lipar batez elkarri begira.
THEODOR: Zelan joan zitzaion?
LIONEL: La Salveko zubitik behera bota zuen bere burua.
lionelek petaka hartu eta edaten du.
LIONEL: Topa!
THEODOR: Eta?
LIONEL: Zer?
THEODOR: Zertara dator hau?
LIONEL: Zu hasi zara...
THEODOR: Beno, beno... Zu zara tristea!!!
theodorrek kartela kendu eta jaka bat hartzen du.
LIONEL: Nondik atera duzu hori?
THEODOR: Hortik.
LIONEL: Emaidazu.
THEODOR: Baita zera ere! Nik aurkitu dut.
LIONEL: Eman, nirea da.
THEODOR: Zurea? Zergatik zurea?
LIONEL: Ez dakit, baina nirea da.
lionelek hartu eta janzten du.
THEODOR: Hara! Zabortegian jabego pribatua aboliturik zegoela uste nuen nik! Ahoa betetzen zitzaizun esanez “zaborra gorri ala zuria, denontzat zara zu geuria”... Hitz hutsak!!!
LIONEL: Egun on, lan bila nator.
THEODOR: Eh? Zer? Ah! Hori da nire Lionel.
Kontenedoretik “atrezzo” pieza bat hartuz...
THEODOR: Zer duzu?
LIONEL: Lan bila nator.
THEODOR: Nola... Langabezian zaude? Hori bai bitxia!
LIONEL: Azkeneko boladan txirula jotzen aritu naiz Kalatrabako pasarelan, baina lehengo astean Varsoviako orkestra sinfoniko oso bat etorri da eta ezin dut konpetitu horrekin.
THEODOR: Une egokian etorri zara. Hiria pil pilean dago. Urrutira joan gabe, zer moduz turistarena egiteko? Sandaliak, praka motzak eta alkondara loreduna jantzi eta edifizio enblematiko baten aurrean kokatzen zaitugu, mapa bat eskuan, aurpegikera alaiarekin. Turismoak turismoari deitzen dio.
LIONEL: Erraza dirudi. Apunta nazazu.
THEODOR: Bikain. Zenbat hizkuntz dakizkizu? (...) Oh... Kasu horretan... Baina ez galdu esperantza. Lana esportatzeko adina daukagu. Esate baterako, dantzari espontaneoa. Poxpolinez janzten zara, kale bazter batean izkutatu eta kanpotar bat agertzen denean, ras! Dantzan hasten zara bere aurrean, Bilbao erromeria amaigabea izango balitz bezala.
theodor kantatzen hasten da, lionelek jota dantzatzen duen bitartean panderoa jotzeko imintzioa eginez.
THEODOR: “Ene maitia zer dosu... kolore txarra dekosu... kolore txarra kentzeko nirekin lo ein biar dosu...” Utzi utzi, kolore txarra kanpotarrari jarriko zaio. (...) Hara, adineko modeloak behar dituzte pasarelarako. Ea, ba, ibili.
lionel dabil.
THEODOR: Utzi, sudur horrekin... Akaso desfile surrealista batean... Sudurra! Harrijasotzaile bat behar dugu parke tematiko baterako... Baina ez, argalegi zaude. Egon, egon, anorexiaren kontrako iragarki baterako pertsona bat behar dugu... Baina ez, potoloegi zaude.
LIONEL: Ez al dago ezer pertsona “normal” batentzat?
THEODOR: Bai, mila lanpostu berri atera dira.
LIONEL: Zer egiteko?
THEODOR: Ezer ez.
LIONEL: Zer da “ezer ez”?
THEODOR: Ez dela lanik egin behar...
LIONEL: Nork kontratatzen du, Olentzerok?
THEODOR: Ez. Bilbao Jauja 2000k.
LIONEL: Ze koña da hau?
THEODOR: Ez dago koñarik.
LIONEL: Ez da titulorik behar?
THEODOR: Ez.
LIONEL: Ez da guapoa izan behar, ilehoria, altua, gaztea... ezer ez?
THEODOR: Ez, tontoena ere onartzeko diseinatuta dago...
LIONEL: Apuntatu niri.
THEODOR: ...entxufe egokia edukiz gero, jakina.
LIONEL: Kaka zaharra! Gaur egun lana topatzea den errazarekin, zergatik kostatzen zait niri hainbeste?
THEODOR: Bah... Bolada txar bat.
LIONEL: Ja. Hamabost urtetako bolada txar bat.
THEODOR: Egon egon, zuk zenbat urte duzu?
LIONEL: Berrogeita hamar.
THEODOR: Orduan zertara zatoz?
THEODOR: Txantxetan? Zu ez zaude lan egiteko moduan.
LIONEL: Zer egiteko moduan nago?
THEODOR: Atseden hartzeko.
LIONEL: Ez nago nekatuta.
THEODOR: Jakina, kolpe zorririk ez duzu jo ta...
LIONEL: Kontuz esaten duzunarekin!!! Nik lan egin dut, ahal izan dudan beste!!! Nire taberna txikia zen baina topera zegoen beti. “¡Marchando una de champis! ¡¡¡Que sean dos!!!” Baina auzokoek zaratagatik denuntzia jarri zidaten, eta munipek, alfer poto horiek, egun bategatik lan egitea erabaki, eta tabernça itxi zidaten. Gero seguratarena egin nuen, baina gauez loak hartzen nau. Gero garbitzaile sartu nintzen. Bi egun iraun nituen. Kale-artelan bat apurtzeagatik bota ninduten. Instalazio bat! Nola jakin behar nuen nik zabor meta hori artea zela?
THEODOR: Eh... ez zaitez hain serio jarri, motel. Istorio bat da, besterik ez.
LIONEL: Ez, Theodor, egia da.
THEODOR: Ez zaitez liotan sartu, Lionel, tratu bat...
LIONEL: Egia, Lionel.
Jakatik kartera hartu eta lurrera botatzen du. theodorrek barruko karnetaren argazkia ikusi eta kartera hartzen du.
THEODOR: Hara zelako tipo xelebrea!!! A ze sudurra!!!
lionelen begirada zorrotzak “jokoa” bukatu dela adierazten dio.
THEODOR: Tratu bat genuen, Lionel... (...) Ondo da, ni soldadore izan nintzen Euskaldunan.
LIONEL: Nor da “ni”?
THEODOR: Ez dakit. Astilleroak itxi zituztenean zangak egiten ibili nintzen, baina nahastu egiten nintzen: Airtel jarri behar nuenean Euskotel jartzen nuen, eta Hispatel jarri behar nuenean Eurotel, nik zer dakit ba... Azkenean semaforoetan parabrisak garbitzen ibili nintzen... Beno, bukatu da jolasa. Hara, parte batean pozten naiz, ez nuen batere garbi ikusten zabortegian erreta bukatzearena. (...) Hirira bueltatu beharko dugu, gure zain egongo dira, kezkaturik. Baina zer esango dut? “Hara nola dagoen trafikoa!” Ez du funtzionatuko, zuk ez duzu nire emaztea ezagutzen. Hara, neuk ere ez! Zer kontatuko dugu, oporretan egon garela, ostatu merke batean, “Ondakinenean”? Beno, dena den, goazen etxera.
LIONEL: Etxerik duzu ala?
THEODOR: (...) Ba ez dakit. Baina goazen, ez?
LIONEL: Ah, bai? Zer uste duzu, besoak zabalik itxaroten gaituztela hirian, pankartekin: “Ongi etorriak etxera”. Bah... Han ez dago tokirik guretzat.
THEODOR: Bai zera... Milaka gauza daude egin daitezkeenak.
LIONEL: Eta milioika pertsona gauza horiek egiteko. Nik subsidio bat kobratzen nuen. Miseria bat, baina bizirik irauteko modukoa. Hilero hilero joaten nintzen leihatilara kobratzera, norbera joan behar zen. Leihatilan neska gazte bat zegoen, beti begietara begiratzen zidana... Agian begirada konplizea zen, baina zera ulertzen nion: “Hona hemen gizontxo gauzeztana, bere hileroko zopa boboa edatera datorrena”. Egun batean paperak apurtu nituen bere aurrean. Urteak ziren halako harrotasunik sentitzen ez nuela. Kobratu gabe joan nintzen. Orain hemen nago. Hemen norbait naiz. Neure tokia daukat. Inork ez dit esaten zer egin behar dudan. Gustora egon naiz, eta ez naiz ezertaz damutzen. Popatik!
THEODOR: Baina kamioia dator.
LIONEL: Ezer ez da perfektua. Zoaz zu, nahi baduzu.
THEODOR: Ah! Txantxetan ari zara.
LIONEL: Ez. Joan zaitez.
THEODOR: Horixe joango naizena! Oraintxe bertan gainera. Eta gauza bat esango dizut, zu kabroi hutsa zara, lagun bati ez zaio hau egiten, jode. Joan? Horixe joango naizela, oraintxe bertan gainera, noren buruan sartzen da norberaren burua frijitzen uztea, kroketa bat balitz bezala... Nori...? Ero bati... edo koldar bati... Horixe, koldar bati, bizitzari aurre egiteko kemenik ez duen oilo lumarik gabeko bati. Oiloa, horixe zara zu. Duintasunaren arrastorik ere ez duena. Po po po po po!!!
Oiloarena egiten duelarik, bere kontenedorean sartzen da.
LIONEL: Ez al duzu joan behar?
THEODOR: Baina nola joango naiz zu hemen utzita, zaren despistatuarekin... Zu kapaz zara plastikoen labean sartzekoa, edo kristalarenean. Kita kita... Ea noiz datorren ditxosozko kamioi hori eta potroak kiskaltzen dizkiguten behingoagatik.
LIONEL: Duintasunez.
THEODOR: Duintasunez edo kerosenoz, bost axola.
LIONEL: Agur, Theodor, zoragarria izan da zu ezagutzea. (...)
THEODOR: Nazkagarria esan nahi duzu, ezta?
LIONEL: Bai, Agur.
Kontenedoreetara sartzen dira. theodor irtetzen da.
THEODOR: Lionel... Benetan ez dugu aukerarik? (...) Beno, zerbait bururatzen bazaizu, ez ahaztu niri esaten... badaezpada ere...
Sartzen da. lionel irtetzen da.
LIONEL: Theodor.
theodor irtetzen da ziztu bizian.
THEODOR: Zer!!!
LIONEL: Ez... Ez zait ezer bururatzen.
THEODOR: Jode!
LIONEL: Pena bakarrarekin geratzen naiz. Madrilesekin gogoratu gara... Viñasprerekin... Arrikibarreko eroarekin... Nor akordatuko da gurekin kiskalita gaudenean?
THEODOR: Horretarako deitu didazu? Dios, Lionel, zu zara tristea gero!
Berriro sartzen dira biak. Segundo batzuk geroago, theodorrek burua agertzen du.
THEODOR: Horixe ba, Lionel, oso ideia ona!!! Gu akordatuko gara! Milaka istorio daukagu kontatzeko!
lionel ziztu bizian irtetzen da ere.
LIONEL: Zer kontatu dezakegu guk?
THEODOR: Kontenedore hauetatik denetarik ikusi dugu. Zabortegia hiriaren talaia da. Jendeari euren zaborra erakutsiko diogu!!!
LIONEL: Nori interesatzen zaio zaborra? Jendeari abenturazko istorioak edo maitasunezkoak gustatzen zaizkio.
THEODOR: Mesedez! Inor ez da Supermanekin bizi, edo Scarlata O’Hararekin. Baina mundu guztiak dauka zakarrontzi bat fregaderoaren azpian. Jendeak zaborra behar du, eta guk eskeiniko diogu.
LIONEL: Baina zaborra ez da komertziala.
THEODOR: Beno, detaile pikanteren bat sartu dezakegu. Esate baterako rollo sadomaso bat panpina inflablearekin.
LIONEL: Pasatu gabe, motel.
THEODOR: Hara, gure izenak ikusten ari naiz neonezko argitan: “Lionel Zabor and Theodor Zakar in...” Nola esaten da zaborra inglesez?
LIONEL: Zaborring.
THEODOR: Coppolak gure istorioa zinera eraman nahi izango du.
LIONEL: Nire papera Woody Allenek egitea gustatuko litzaidake.
THEODOR: Robert de Niro belaunikatu egingo zait nirea egiteko. Zine zaborra egingo dugu... Eta teatro zaborra. Eta tele zaborra.
LIONEL: Tele zaborra! Hori ez al dago asmatuta?
THEODOR: Bai zera! Nori bururatuko litzaioke tele zaborra egitea!
BIAK: Guri.
THEODOR: Forratu egingo gara.
LIONEL: Baina gure jatorria ahaztu gabe.
THEODOR: Fundazio benefiko bat egingo dugu, munduko kontenedore guztietan aire akondizionatua jartzeko.
LIONEL: Eta antena parabolikoa.
THEODOR: Eta zabortegietan hilo musikala!
LIONEL: Poliki, Theodor, poliki, esne ontzia apurtuko zaigu bestela. Lehenik eta behin istorio on bat behar dugu.
THEODOR: Hasiera buruan daukat. Kontenedoreetan gaude, ezta? Orduan baten batek nireari su ematen dio.
LIONEL: Nork? Zergatik?
THEODOR: Ez da ikusiko. Bakoitzak pentsa dezala nahi duena. Orduan nik laguntza eskatzen dut.
LIONEL: Eta nik bizitza salbatzen dizut, nirea arriskuan jarrita.
THEODOR: Nik beste zerbait pentsatua...
LIONEL: Nik bizitza salbatzen dizut edo bestela...
THEODOR: Ados...
LIONEL: Hori bai hasiera ona! Baina amaiera? Nola bukatuko dugu istorioa?
THEODOR: Ba... Ba... ez zait okurritzen...
LIONEL: Lastima... Istorio on batek amaiera on bat behar du.
THEODOR: Ba...
Irratia martxan jartzen da, “Basura me volví” kantarekin.
THEODOR: Badaukat! Lionel eta Theodor elkarri begira daude, ez dakite zer egin: joan ala geratu. Hartan, ustekabean, irratia martxan jartzen da. Makina zahar herdoildu bat da, pilarik ere ez daukana, eta hala ere, funtzionatzen tematzen da, ez du ixilik geratu nahi. Musikak garai onak ekartzen dizkie gogora, eta halako bizipoza sentitzen dute. Musikak aspaldiko partez izan ez duten indarra, kemena ematen die.
lionel hitz egitera doa, baina theodorrek aurrea hartzen dio.
THEODOR: Lionel esatera doa oso amaiera kursia iruditzen zaiola, baina hobeto pentsatzen du eta ondo dagoela erabakitzen du, oso ondo.
lionelek onartzen du.
THEODOR: Ez diote ezer esan behar elkarri, baina erabakia hartuta dago. Eta badoaz.
Badoaz hirira.