Euskara sencilloaren manifiestoa
Patxo Telleria
Euskara sencilloaren manifiestoa
Patxo Telleria
Artezblai, 2003
Euskara sencilloaren manifiestoa
Patxo Telleria
Artezblai, 2003
[aurkibidea]

 

mikel eta patxo sartuko dira. mikel muletekin. patxo itsua da: betaurreko beltz eta itsu makila darama. offeko abots bat entzuten da:

 

OFF: “Din don!! Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordeak ohartarazten dizue ikuskizun honen kontsumoa kaltegarria suerta daitekeela zuen euskeraren osasunerako”.

MIKEL: Kasurik ez!!

PATXO: Ideia pitorik ez dute horiek! (Publikoari) Beno, a ze poza hemen egotea. Nok esan behar zigun guri, euskera ikasten hasi ginenean, aspaldi aspaldi aspaldian, hemen egongo ginenik, eh, Mikel? Ez dakit nibela emango dugun. Nola esaten da nibela euskeraz?

MIKEL: Maila.

PATXO: Ah, jakina, “lehenengo maila”, “bigarren maila”, “hirugarren maila”...

MIKEL: Lehenik eta behin, milesker bihotz bihotzez, gure erreibindikazioa aldarrikatzeko aukera eman gaituzuelako.

PATXO: Ala, lehenengoa bekokian! Eske... eske, zara esnea, eh? Zara esnea.

MIKEL: Zer ba?

PATXO: “Gaituzuelako” esan duzu.

MIKEL: Eta?

PATXO: “Diguzuelako” esaten da. Zuek guri eman: “diguzue”; zergatik?: “lako”: “Diguzuelako”

MIKEL: Egia, “nor-nori-nork”.

PATXO: Baina zuk... ze euskaltegitan ikasi duzu zuk?

MIKEL: Nik? Azkuen.

PATXO: Ja! Azkue! Orain ulertxen dut.

MIKEL: “Ulertxen?” Zu bai zarela esnea.

PATXO: Zer ba?

MIKEL: Zara esne gaingabetua. Ulertzen esaten da.

PATXO: Egia, tz-rekin. Mingaina hemen, ahosabaian ipinita. “Tzen”.

MIKEL: Baina zuk ze euskaltegitan ikasi duzu ba?

PATXO: Nik Lizardin. “Oi lizardi, lizardi lizardiiii...”

 

patxo forofoen moduan, eta Lizardi Euskaltegiaren “bufanda-ikurra” aidean astinduz.

 

MIKEL: “Resu-rreccion-maria-de azkue”.

 

mikel ere, forofoen moduan, eta Resurreccion Maria de Azkue Euskaltegiaren “bufanda-ikurra” aidean astinduz. Elkarren lehian hasiko dira nork ozenago oihu egingo. Azkenean publikoaren presentziaz ohartuz...

 

MIKEL: Barkatu.

PATXO: Barkatu. A ze espektakulo lamentagarria, Mikel. Ez zaitut ikusten, baina lamentagarria da, seguru. Hasi zaitez berriro.

MIKEL: Bai, zerotik hasiko gara.

PATXO: Zerotik? Hutsetik esaten da, motel!

MIKEL: Barkatu, hutsetik hasiko gara.

PATXO: Ea zer esaten duzun orain.

MIKEL: (Urduri) Lehenik eta behin...

PATXO: (Epaile gisa) Ondo...

MIKEL: ...milesker xxx herriari...

PATXO: Txukun...

MIKEL: (Konfiantzaz) ...non gure manifiestoaren irakurketari ekingo baitiogu.

PATXO: (Harrituta) Jode!

MIKEL: (Harro) Entzun duzu?: “non”... eta gero “bait”; nonbait... Irentsi zazu hori

PATXO: Egon zaitez loroari: “Gaizki esanak gogoan hartu eta ondo esanak barkatu” Ez, itxaron... “Gaizki gogoak, esanak hartu eta ondo barkatu...”, “Ondo gogoak barkatu hartu...” Kaka, ez dago zure izeba!

MIKEL: (Hortz artean kantatuz) “Lizardi... Rimbaud etorri da...”

PATXO: Zera... “Euskera Senzilloaren manifiestoa” aurkeztuko dugula eta kitto.

MIKEL: Hala da. Eta gu bagara nor horretaz aritzeko.

PATXO: Bai. Hain zuzen ere, ni munduko euskaldunberririk zaharrena naiz.

MIKEL: Barkatu, baina neu naiz munduko euskaldunberririk zaharrena.

PATXO: Bai zera! Ni ikasten hasi nintzenean Garzon epailea oraindik abokatu progrea zen. Eta ez zegoen ordenadorerik eta halakorik.

MIKEL: Ni hasi nintzenean ez zegoen ezta boligraforik ere. Luma eta tinteroarekin idazten genuen.

PATXO: Guk pergaminoetan.

MIKEL: Guk papiroetan.

PATXO: Guk harrietan, mailua eta zintzelarekin.

MIKEL: Guk kobazuloetako hormetan pintatzen genuen. “Ni Neandertal naiz. Zu Cromagnon zara. Hau bisontea da...”

PATXO: Ni Jurasikoan hasi nintzen, eta euskera oraindik inbentatu gabe zegoen. Bi ikasle ginen. Diplodokus bat eta ni, eta irakasleari Homo erectus esaten genion.

MIKEL: Bale. Erenditzen naiz.

PATXO: Urteak pasa dira, ezta?

MIKEL: Glaziazioak!

PATXO: Zenbat kurtso! Zenbat mintzapraktika! Zenbat poteo euskaldun... Zenbat zirrosi hepatiko...

 

mikel negarrez hasiko da.

 

PATXO: Hepatiko ez? Hepatiren...? Hepatitik...?

MIKEL: Ez, ez da hori... Zera... hori guztia esatean pentsatzen hasi naizela gaurtik aurrera jada ez dudala izango ez klaserik, ez mintzapraktikarik, ez poteo euskaldunik eta...

PATXO: Triste zaude?

MIKEL: Bai zera! Pozez zoratzen. Azkenean libre sentitzen naiz. Euskalduna, bai, baina batez ere libre. Ze bale, euskalduntzea ondo dago... eta abar... Oso ondo... Puta madre. Eta kalte kolateralak?

PATXO: Hori da. Hitz dezagun kalte kolateralei buruz.

MIKEL: Lehenengo maila. (Boxeo keinuak egiten) “Ematen dizut. Ematen diegu. Ematen digute. Ematen dit, ematen didak, ematen didazu, ematen didate...” Tabike nasalaren desbideraketa. (Sudur okertua erakutsiz)

PATXO: Seigarren maila. “Erori natzaik, erori natzaio, erori natzaizu, erori natzaizue, erori natzaie”. Azkenean irakaslea gainera “erori zitzaidan”. (Lepoko mina adieraziz)

MIKEL: Hamaikagarren maila: “banatorkik-banatorkio, banoakizu, banoakizue”. Hainbeste “joan” eta “etorrirekin” meniskoa zisko eginda. (Muletak erakutsiz)

PATXO: Hobekuntza: “Ikus zaitzaket, ikusiko zintuzket, ikusiko nindukezu”. Azkenean bista galdu. (Betaurreko beltzak erakutsiz)

MIKEL: Mintza praktika: “Jan nezakeen. Ezin zenezake bazkaldu. Gosal zezakeen. Ezin afal genezakeen”. Anorexia. (Bere gorputz ximela erakutsiz)

PATXO: ega. “Nakusak, nakausa, nakusazu, nakusazue...”

MIKEL: Neurosi paranoikoa.

PATXO: (Urduri) “Kontrolatzen naute, erabiltzen gaituzte...”

MIKEL: Lasai, Patxo.

 

patxo ibiltzen hasiko da, kontrola galduta, ia eskenatokitik behera erori arte. mikelek eutsiko dio.

 

MIKEL: Mesedez. Ba al dago sikiatrarik hemen?

 

“Guk euskaraz zu zergatik ez...” kanta entzuten da.

 

PATXO: Eskerrik asko. (Lasaiturik) “Guk euskaraz... zuk zergatik ez”.

 

patxok txiskeroa pizturik kantatzen duelarik, mikel dardarka hasiko da. Kanta bukatzen denean...

 

PATXO: Zer duzu?

MIKEL: Tximinoa daukat. Ordu erdia daramat baldintza ziztrin bat bota gabe.

PATXO: Ba joan zaitez komunera eta bota bat...

MIKEL: Bai, zuen baimenarekin...

PATXO: (Geldiaraziz) Edo bestela bota hemen, konfiantza dago, lagunartean gaude eta!

MIKEL: Ez bazaizue inporta...

PATXO: Baina baldintza txikia, pasatu gabe, eh?

MIKEL: Bai. “Guk zuek ikusiko bazintuztegu...”

PATXO: Hori baldintza oso polita da!

MIKEL: “...zuek gu agurtuko gin...”

PATXO: Ez daki!

MIKEL: Ai ama... “Gin...” Ez esan, eh? Gindilla? Gintonik? Euskal Gramatika aterako dut.

 

Poltsikorik gramatika liburu bat aterako du.

 

PATXO: Euskal Gramatika? Hori ez da arriskutsua?

MIKEL: Bai zera! Gramatika putamadre dago, kontrolatzen baduzu. (Orriak pasatuz, oso urduri) Subjuntiboa, Inperatiboa, Potentzialak... Hemen Baldintzak!

 

Liburua esnifatu egingo du.

 

MIKEL: (Lasaiago) Gintuzkezue. “Zuek gu ikusiko gintuzkezue”.

PATXO: Jode... Gramatika ona, eh?

MIKEL: Kortatu gabea.

PATXO: Pasa pixkat...

MIKEL: Ez... Gramatika arriskutsua da kontrolatzen ez baduzu.

PATXO: Ikusi aditza besterik ez...

 

mikelek liburua “ikusi” aditzaren deklinazio orrian irekiko dio. patxok esnifatu egingo du. Orduan “Carros de fuego”-ren musika entzungo da, eta sekulako argi kolpe bortitza. patxok itsu-betaurrekoak kendu eta...

 

PATXO: Oh...! Oh... Nik dakusat!!!

MIKEL: Hik dakusak!! (Publikoari) Berak dakusa!!

PATXO: Guk dakausagu!!

MIKEL: Zuek dakusazue!!

PATXO: Haiek dakusate!!

 

Musika bukatuko da.

 

PATXO: Zelako zoriona, zelako poza... (mikel ikusita) Joño, eta zelako sudurra!!!

MIKEL: Bigarren mailako kalte kolaterala, esan dizut.

PATXO: Zertan gabiltza?

MIKEL: Hara... Ahaztu egin zait.

PATXO: Memoria puta hau! Zuk badakizu zein den euskera ikasteak dakarren kalte kolateralik larriena?

MIKEL: Ba ez, ez naiz gogoratzen.

PATXO: Memoria galtzen duzula. Buruan hainbeste “nor-nori”, “nor-nori-nork” eta “nor-nork” sartu behar duzu non buruan zenuen guztia atera behar duzun...

MIKEL: Bai. Memoria galtzen duzu. Eta horrek sortzen duen despistea?

PATXO: Despistea? Buaf!! Izugarria!! Zertan ari ginen?

MIKEL: Ez naiz akordatzen.

 

patxok tabako pakete bat atera eta zer esan jakin gabe geratuko da.

 

PATXO: Haria galdu dut. Ez dakit zer esan behar nuen. Zigarrotxo bat nahi?

MIKEL: Ez, eskerrik asko. Ez dut erretzen.

 

mikelek hartuko du.

 

PATXO: Hau da hau. Guztiz ahaztu zait esan behar nuena. Badakizue zer gertatzen den?: buruan hainbeste “nor-nori”, “nor-nori-nork” eta “nor-nork” sartu behar duzu non buruan zenuen guztia atera behar duzun... (mikeli) Zigarrotxo bat nahi?

MIKEL: Ez, eskerrik asko. Ez dut erretzen.

 

mikelek hartuko du.

 

PATXO: Ez dago zereginik: haria joan egin zait. Hau da despistea dudana! (mikeli) Zigarrotxo bat nahi?

MIKEL: Ez, eskerrik asko. Ez dut erretzen.

 

mikelek hartuko du.

 

PATXO: Hau da hau. Guztiz ahaztu zait esan behar nuena. Badakizue zer gertatzen den?: buruan hainbeste “nor-nori”, “nor-nori-nork” eta “nor-nork” sartu behar duzu non buruan zenuen guztia atera behar duzun... (mikeli) Zigarrotxo bat nahi?

MIKEL: Ez, eskerrik asko. Ez dut erretzen.

 

mikelek hartuko du.

 

PATXO: Ez dago zereginik: haria joan egin zait. Hau da despistea dudana! (mikeli) Zigarrotxo bat nahi?

MIKEL: Ez, eskerrik asko. Ez dut erretzen.

 

patxok mikel ikusiko du, ahoan bost zigarro dituela.

 

PATXO: Baina zertan ari zara? Zer nahi duzu, ba, pakete osoa ematea?

MIKEL: Baina zer duzu? Zertaz ari zara?

PATXO: Dena den ondo gelditzen zaizu ahoan duzun abaniko hori. Oso kitx geratzen zaizu.

MIKEL: Nola abaniko bat? (Konturatzean) Ah, egia da! Nork ipini dit guzti hau ahoan?

PATXO: Zuk zeuk.

MIKEL: Konturatu ere ez naiz egin. Izugarrizko despistea daukat euskaltegian sartu nintzenetik.

PATXO: Ah, nik ere bai!

MIKEL: Dena den, ez zenuen zertan bost zigarro eskaini behar batera.

PATXO: (Zigarro bat ezpainetan duela) Ba begira, ez dut pentsatu egiten ari nintzena, oso despistaturik nago aspaldi honetan. Euskera ikasten hasi nintzenetik tabakoa non dudan ere ez dakit. Horregatik erretzeari utzi diot.

MIKEL: Etzazula esan, zorionak! Hau ospatu beharra dago, tori zigarro bat.

PATXO: Milesker! (Hartzera doanean) Ah, ez, ez dut nahi, erretzeari utzi diot.

MIKEL: Etzazula esan, zorionak!!

PATXO: (Oraindik zigarroa ezpainetan duela) Emaidazu sua.

MIKEL: Ez, surik ez daukat. (Metxeroa atera eta sua emango dio patxori. Berak ere piztuko du berea) Erretzeari utzi diot. Euskaltegian erretzea debekatu zutenetik.

PATXO: (Erretzen hasi da) Etzazula esan, zorionak! Neuk ere utzi diot!

MIKEL: Benetan? Zorionak!

PATXO: (Erretzen) Ondo dago tabakoari uztea, ezta? Bapatean hobe sentitzen zara...

 

biek erreko dute. mikel dardarka hasten da.

 

PATXO: Zer duzu?

MIKEL: Tximinoa berriro. Droga gogorragoa behar dut: “nor nori nork”, subjuntiboan!

PATXO: Kontzu, motel, hori sobredosia da.

 

mikelek korbatarekin tornikete bat egingo du besoan. Gero buelta eman eta “txutea” sartuko du.

 

MIKEL: “Tabakoa eros diezadazun eska zeniezadake”. Uahhhh!!

 

mikel txutearen ondorengo nirvanan erori da.

 

PATXO: Jode... Tristea zurea... Dena den, errua gizartearena da... Gazterik hasten zara tonto tonto ikasten, inkonszienteki... Ez zara ezetz esateko gauza. “Esan ezetz!”

MIKEL: Ez dizute informazio egokia ematen. Ai... zergatik hasiko nintzen!!

PATXO: Oso galdera ona. Zu zergatik hasi zinen euskera ikasten?

MIKEL: Nik? Ba... Ba zergatik izango zen... Ejem... Euskera oso... zera... Kontzientzia nazionala... eh... esan nahi dut nire herriaren hizkuntza... ba...

PATXO: Ligatzeagatik...

MIKEL: Bai! Propagandarekin engainatu ninduten. “Ligatu nahi baduzu, zatoz aekra” “aek, xx. Mendeko Sodoma eta Gomorra” A ze timoa!

PATXO: Ez zenuen ligatu inoiz ez?

MIKEL: Bai. Behin. Nafarroa Oinezen.

PATXO: Ze tipikoa zaren.

MIKEL: Sara zuen izena.

PATXO: Izen polita: “Zu Zara”.

MIKEL: Hasieran ondo. Patxarana edan genuen, eta patxarana edateko arazorik ez.

PATXO: Neuk ere oso ondo edaten dut patxarana euskeraz.

MIKEL: Dantzan ere ondo. (Dantza eginez) Baina hitz egiteko, komeriak: “Aizu, Sara... Zu niri gustatzen... Ehhh Zera... Zu niri... gustatzen... Zu niri... Itxaron segundo bat...” Nire irakaslearen bila joan nintzen. “Ander! Ander!!” Azkenean aurkitu nuen, hamaseigarren kalimotxoa eskuan zuela. Xaflada pare bat eman eta solapetatik heldu nion: “Ander, Ander, hau oso inportantea da, zu niri gustatzen...??” Eta berak... “Zu niri ere, Mikeltxu...” Eta musu tornillo bat eman zidan.

PATXO: (Barrez) Pringao!

MIKEL: Ea bada, Askodaki jauna, esan nola ligatzen den euskeraz, hain listoa bazara.

PATXO: Segun non zauden. Esate baterako, Bizkaian, “Hola, selan saos? Basatos nigas potxola?”

MIKEL: (Errepikatuz) “Hola selan saos, basatos nigas potxola”.

PATXO: Eta potxola zugaz doanean, hasten zara “tralarala tralarala...”

MIKEL: Ah, bai, “Emostasuz musutxuek...”

PATXO: Tarareatu bakarrik, txotxolo, bestela plumeroa ikusten zaizu. Horrela, disimuloan. “Tralalala tralarala...” Agian zuretzako egokiagoa izango da Gohierriko estiloa. Eskuak poltsikoan sartu, palillo bat hortzartean jarri, eta... “Hi, ze, eingo al diñau ala zer?”

MIKEL: Eske zara esnea, eh?

PATXO: Zuberoan lirikoagoak dira. (Doinu “zuberotarraz”) “Oi lili xagmangarria, bhortüko basaoilarra, Altzürukuku loria... Eperrak baditüzü bere bi hegalak eta zurekila nahi dut... txortan egin”. Azkeneko hau garbi esan, ondo ulertu dadin.

MIKEL: Jode, eske zara madaria...

PATXO: Araban berriz, oso zaila da ligatzea. Jendeak ez dio elkarri ulertzen.

MIKEL: Jakina. Denek hitz egiten dute “alavés”.

PATXO: Eta Nafarroan ligatzen baduzu, aholku bat, ez ligatu inoiz kotxe batean.

MIKEL: Zer ba?

PATXO: “Baskuence”-ren legeagatik. Ze zu bazoaz zure ligearekin, euskeraz hitz egiten patxada ederrean. Bapatean kartel bat: “Atención, zona no vascófona” Erderara pasatu behar duzu. Gero hurrengo herrian, zas! “Adi, inguru euskalduna” Ala, berriro euskeraz. Eta horrela, hemen erderaz, han euskeraz, hemen erderaz, han euskeraz... ba klimax-a pikutara doa.

MIKEL: Eske zara... Askotan ligatu duzu zuk euskeraz?

PATXO: Nik? Buah! Buah!!! Buaahhh!! Kontua galduta daukat... Esango dizut... (Atzamarrekin kontatzen hasten da) Gutxi gora behera... Behin... edo behin ere ez, orain ez naiz ondo gogoratzen.

MIKEL: Eta erderaz, zer, morao ezta?.

PATXO: Erderaz? Ezta mokau bat ere. Horregatik sartu nintzen aekan. Propagandarekin engainatu ninduten: aek, euskera, frantsesa, griegoa. Diskrezio osoa. Bisa onartzen da”. A ze timoa!!! Baina nola ligatuko duzu euskaltegi batean!

MIKEL: Ezinezkoa.

PATXO: Erabat. Nik ezagutu nuen bigarren mailan neska katxarro bat... Sekulako neska. Behin teilak bota nizkion (...) “Hola”.

MIKEL: “Kaixo!”

PATXO: Kaixo, bai. Ikasten zara edo lan egiten zara?

MIKEL: Bigarren maila.

PATXO: Zuk niri... No, sin “ka”. A ver: Zu niri asko... ez, asko ez, biziki. A ver, empiezo: zu niri biziki atsegin za... jode!

MIKEL: Zatzaizkit?

PATXO: Eso! ... zatzaizkit!!! Pilo bat. Mogollon de zatazizkit... zu niri... atsegin.

MIKEL: Guay... ¿Qué quiere decir “atsegin”?

PATXO: Que si nahi duzu nirekin txortan egin.

MIKEL: Beno.

PATXO: Bai? Benetan? Así de erreza? Puta madre! Orduan, quedatzen gara... dugu... asteazkena?

MIKEL: Asteazkena es lo que va después de ostirala?

PATXO: No, eso es udaberria.

MIKEL: Ba entonces udaberrian...

PATXO: Orduan udaberria txortan, zortziak?

MIKEL: Bale. Eta... qué quiere decir txortan? Nire nobioa galdetuko dit, ez, diot. Ander! Ander!!

PATXO: Ander gure irakaslea zen. Eta “jipoitu” aditz osoa deklinatu zidan. A ze moskeoa dudan euskaltegiarekin!

MIKEL: Eta hori ez da txarrena. Ze gero esaten dizute, “zoaz, zoaz kalera mintza praktika egitera”. Bai, zera, joan dadila bera erridikuloa egitera.

PATXO: Ikasle guztiak autobus batean sartu eta herri euskaldun batera botatzen zaituzte... Ondarrura!! Tabernan sartu, eta edariak eskatzeko ordua iristen da... Kamareroa hor dago, barraren bestaldean...

MIKEL: “Eeep, ze hartubizue?”

PATXO: Zer esan du???? Azkenean beragana hurbiltzen zara eta esaten diozu: “Bi surito eta ur edalonchi bat”. Eta berak,

MIKEL: “Ahora te pongo, salao”

PATXO: Nola konturatu da euskaldunberria naizela? Laugarren mailan z eta tz-ren ahozkapena lantzen duzu eta orduan tabernara bueltatzen zara. (Ahozkapena kontuz egiten) “Bi zurito eta ur edalontzi bat”.

MIKEL: “Ahora te pongo, salao”.

PATXO: Bosgarren mailan zera ikasten duzu ez dela “ur edalontzi bat” esaten, baizik eta “edalontzi bete ur” eta tabernara zoaz. “Bi zurito eta edalontzi bete ur”.

MIKEL: “Ahora te pongo, salao”.

PATXO: Zazpigarren mailan “edalontzi” ez omen du inork esaten, hori euskaldunberrien kontua dela eta mundu guztiak “basoa” esaten duela. “Bi zurito eta baso bete ur”

MIKEL: “Ahora te pongo, salao”.

PATXO: Bederatzigarren kurtsoan “baso bete ur” oso pedantea omen dela, euskaldunberrien kontua. Orduan tabernara zoaz eta “Bi zurito eta ura”

MIKEL: “Ahora te pongo, salao”.

PATXO: Azkenean, zure irakasleari esaten diozu eskatzeko. Ander Errigoitikoa da, euskaldun peto petoa. Barrara hurbiltzen da eta: “Tssttt!! Bi zurito eta ura”. Zure modu berberean!! Eta tabernariak.

MIKEL: “Ointxe bertan jarrikotsut!”.

PATXO: Orduan zu, zure onetik aterata, barrako baso guztiak lurrera bota, mostradorera salto igo eta tabernariari lepotik heltzen diozu. Gorri gorri dago, itotzeko zorian. Zuk ez diozu batere kupidarik. Mundu guztia zuri begira dagoela dakizu eta horrek katxondo jartzen zaitu. Orduan esaten diozu: “Zergatik ez didazu euskeraz erantzuten, babu arraio horrek? Ni hemengo guztiak bezalakoa naiz. Eta hemendik aurrera euskeraz egitea nahi dut, koño!” Eta tipoak, “Bai, barkatu, barkatu, ez da berriro gertatuko”. “Hobeto denontzat. Eta orain entzuidazu: bi zurito eta ura. Argi dago? Eta segituan gainera!!” Tabernaria askatzen duzu. Gaixoa ia lurrera jausten da, inpresioagatik. Klint Eastwood bezela zure lagunen artera bueltatzen zara, pausua ondo markatuz. Arro zaude, eta zure lagunak ere arro daudela ikusten duzu. Agian ez duzu gerra irabazi, baina bataila inportante bat bai, behintzat. Orduan, barraren atzetik tabernariaren abotsa entzuten duzu:

MIKEL: “Son dos euros con cincuenta, salao!”

PATXO: ¡Me cago en Euskaltzaindia!

MIKEL: Okerragoa gertatu zitzaidan niri. Okindegian ogia beti euskaraz eskatzen nuen, euskaltegian esan zidaten bezala, aizu eta andreak erderaz erantzuten beti. Egun batean ezin izan nuen gehiago, eta andreari berreun peztako barra integrala ahotik sartu nion esanez: “Neuk ere euskeraz hitz egiteko eskubidea daukat!! Zergatik ez didazu euskeraz erantzuten, babu arraio horrek??” Andreak barra osoa irentsi zuenean erantzun zidan: “P-o-r... porque no sé euskera, coño!!!”

PATXO: Euskaldun berrien ajeak.

MIKEL: Euskaldunberritasuna gauza kuriosoa da, ze zuek entzun al diozu inori esaten “Ni euskaldunberria nintzenean...” Edo “Hori euskaldunberria izan zen aspaldi batean...” Ez, ez... Sekula santan. Bizitza guztirako da. Beltza ala zuria izatea bezelakoa da.

PATXO: Ezta, ze hori ere aldatu daiteke. Hor duzue Michael Jackson, esate baterako.

MIKEL: Egia. Baina euskaldunberritasuna bizitza guztirako da. Eta ez nabil esajeratzen. Behin Harley Davison bat erosi nuen, Izugarri polita. Eta trajea? Narruzkoa, gorputzari pega pega eginda, eta txarto dago neuk esatea baina inpresionante nengoen. Estreinatu nuen egunean, Bizkaia sakonera sartu nintzen, Gizaburuagara. Baserri baten aurrean gelditu nintzen; atarian mutiko bat olgetan. Nire motor sideral horretan, nire narruzko trajea eta nire kasko integralarekin extraterrestre bat nintzen han. Eta orduan mutikoa altzatu eta korrika irten zen zeharo ikaratuta eta ohiukatuz: “Ama, ama, euskaldun berri bat etorri da!!”

PATXO: A ze moskeoa dudan nik aekrekin. Beitu, aek hitza entzuten dudan bakoitzean, korrika irteten naiz, eh?

MIKEL: Ah, Korrika!! Zenbat korrika ez ote dudan nik egin aekrekin!!

PATXO: Baita nik ere. Gogoan duzu lehenengo edizinoa?

MIKEL: Itzela izan zen. Beno... Defektu bat bilatzekotan, informazio gutxi zegoen.

PATXO: Hori ere egia da. Azken eguna gogoan dut. Bilbaon bukatzen zen. Ni artean sasoi sasoiean nengoen eta helmugarako kilometro bat falta zenean aurreneko tropelean nindoan. Nire inguruan faborito guztiak: Txillardegi, Atxaga, Mitxelena, Barandiaran... Ni lasai, kontrolatzen, esprinta prestatzen.

MIKEL: Madaria zara!

PATXO: Bostehun metro falta direnean demarratu egiten dut.

MIKEL: Aupa, Patxo!

PATXO: Orduan On Joxe Miel de Barandiaran ikusten dut nire parean, eskuez sotana goraturik, di-da di-da.

MIKEL: Sotanak asko engainatzen du.

PATXO: Eta esaten dit: “Mantxoago, gazte, nik lehena iritsi behar dut eta”. Nik: “Ni pa dios”.

MIKEL: Horixe ba. Onenak irabazi dezala, no te jode.

PATXO: Nik erritmoa bizkortu helmuga ikustean eta gurpil bategatik lehena iristen naiz!!

 

Korrikaren musika.

 

PATXO: Jendea oihuka hasten da. Nire ondoan Barandiaran ikusten dut, kamilla batean, oxigeno maskarilla batekin.

MIKEL: Adin batetik aurrera gauza batzu ezin dira egin.

PATXO: Eta orduan antolatzaile bat hurbildu eta explikatzen dit ez dela lasterketa bat. Beno, ez, lehenago ostiaz josi ninduen eta gero explikatu zidan. Abisatu lehenago, ba!

MIKEL: Bai. Lehenengo korrikaren arazoa informazio faltarena zen. Nik, ibilbide osoa egin nuen, Oinatitik Bilboraino! Ez nekien erreleboka egiten zenik.

PATXO: Informazio gutxi. Baina bestela oso ondo daude. Datorren urtean Korrikara joango zara?

MIKEL: Ba... Nik “nahi”, nahi dut. Hau da... nigatik buah, bitan pentsatu gabe...

PATXO: Nik ere, nahi... esaten dena “nahi” nahi dut... Baina badakizu atsotitzak dioena: “Etzazu Korrika egin, okerragoa da ta”. Eta ez gara gu atsoak baino listoagoak izango...

MIKEL: “Poliki ta astiro, beti eztiro”.

PATXO: “Chi va piano va lontano”.

MIKEL: “Lan lasterra, lan alferra”.

PATXO: Baina bestela... Buah... Ba al dago gauza ederragorik aste bete korrika egotea baino? Egunez nahiz gauez...

MIKEL: Euria, nahiz txingorra, nahiz elurra.

PATXO: Asfalto gordinean. Oinak anpollaz beterik...

MIKEL: Eta belarri ondoan megafonoa.

 

Korrikaren kanta bat.

 

PATXO: Ixo!! Ixo!!! Mesedez!

 

Musika itzaltzen denean.

 

MIKEL: Ufff! A ze plastak. Zure euskaltegian musika erabiltzen zenuten klasean?

PATXO: Bai. Sekulako koñazoa ematen ziguten. Esate baterako, “Furra furra fandangua” Zer da “furra furra”? Baina ze euskera dahori?

MIKEL: Eta “Tirikitrauki, hiru ta lau dira zazpi...” Zer da “tirikitrauki” euskeraz?

PATXO: “Xiruliruli... xirulirula...” Begiratu “xiruliruli” hiztegian, ea zer aurkitzen duzun...

MIKEL: “Loa loa Txun txurunberde...”

PATXO: “Aire txun txikitun, aire txun laire...”“

MIKEL: “Zantzikitin zantzikitin...”

PATXO: Baina demasekoa, demasekoa Mikel Laboa, eh?

BIAK: “Xirristi mirristi gerrenaplat oliozopak ikilisalda urrup edan edo klik, Ikimilikiliklik”.

MIKEL: Joan zaitez horrekin ega azterketara!!

PATXO: Eta matematiketan, zero patatero: “Zenbat gara, lau, bat, hiru, bost zazpi...” Erosi kalkuladora bat!

MIKEL: Beste hori... (Agur eginez zapiarekin) “Agur jaunak, jaunak agur, agur t'erdi...” Bai, eta agur eta laurden, hara bestea...

PATXO: Eta beste hura: “Araban Bagare, Gipuzkun bagera, Ziberun bagira...” Mesedez... lehenengo mailatik dakit nik “gara” esaten dela, “de toda la vida”.

MIKEL: Ez... Euskal kantutegia ez da oso pedagogikoa. Zaharregia da.

PATXO: Beno... Salbuespenak badira. Esate baterako, munduan klonazioa zer zen ere ez zekitenean, gure euskaltegian “Doli” ardiari kantatzen genion.

MIKEL: Doli ardiari?

PATXO: Bai, motel: “Doli gabe, Doli gabe, hiltzen niz, bizia Ziberuarentzako emate baitut...”

MIKEL: Bai... Hori salbuespen bat zen. Orokorrean euskal kantak oso atzeratuta daude.

PATXO: Ni irakaslea banintz, musika plurietnikoa erabiliko nuke.

MIKEL: Nik ere. Fussion, fussion da molatzen duena.

 

Palmaka hasiko dira. patxok kantatu bitartean mikelek “Ele ze grazia duzun, mi arma” eta horrelakoekin lagunduko du.

 

PATXO: (Kantatuz) Zerbait hilshen da ariman... lagun bat dijoanean trakatratrakatrakatrakatra... lagun bat dijoanean zerbait hilshen da ariman... lagun bat dijoanean, zerbait hilshen da ariman, lagun bat dijoanean, trakatratrakatrakatrakatratatata”.

MIKEL: “Ez zaiteh joan oraindikan ez zaiteh joan arren, que hasta la gitarra mía, que hasta la quitarra mía llora cuando dice agur. Trakatratakatrakatrakatra”.

PATXO: Ikusten? Ez garelako saiatu, baina gu saiatuko bagina, “Arrakasta Ebakuntza” hanka azpitik.

MIKEL: Arrakasta ebakuntza?

PATXO: Operación triunfo.

MIKEL: Ah, bai, kantatzea ez da hain zaila.

PATXO: Kantatzea euskera bezain erreza da.

MIKEL: Ah, baina euskera erreza da?

PATXO: Euskera txupauta dago. Arazoa da euskera ikastea, baina euskera txupauta dago.

MIKEL: Eta mundu bat egiten da.

PATXO: “Eh, ni euskaldunzarra naiz, eh?” Eta zer? Begira zelako bildurra. Bah... Euskalduntasuna sobrebaloratuta dago.

MIKEL: Eta bertsolaritza??

PATXO: Gehiago oraindik! “Eh, ni bertsolaria naiz, ez ikutu!! Ez ikutu!!!”

MIKEL: Mesedez! Bertsoak egitea munduko gauzarik sinpleena da. Hara, parentesi bat egingo dugu gure ildoan...

PATXO: Ze ildo?

MIKEL: Ildo... nagusia.

PATXO: Ah!

MIKEL: “Zelan irabazi Euskalerriko bertsolari txapelketa bost minututan”. Hasteko bertsolari bat behar da. (patxok besoa altxatuko du.) Bertsolariak pertsona inteligentea behar du izan. (patxok besoa jeitsiko du.) Baina adibide gisa edozeinek balio du. (patxo boluntario jarriko da.) Bertsolariak euskera jakin behar du. Beste hizkuntzetan ere inprobisatzaileak daude.

 

patxok “Dantes” imitatzen du.

 

PATXO: “El euskera jaja, el euskera jeje, me mola me mola, cada día más...”

MIKEL: Baina hori beste gauza bat da. Lehenengo gauza mikroari neurria hartzea da. Honek erreza ematen du, baina

 

patxok, kantatu bitartean, mikroaren albo batean, bestean, goian, atzean jarriko da...

 

PATXO: (“Mutil koxkor bat” doinuarekin)

                        Mikrofonoaren ezkerraldean

                        Nahiz eskubian jarria

                        Altu edo ta ñaño bazara

                        badago nahiko aldia

                        Aurrean barregarri samarra

                        Atzian bistan da ipurdia

                        Urrunegi ez da batere entzuten

                        Gertuegi ze ostia! (Muturrean mikroarekin jotzen du)

                        Palmo bateko distantzia da

                        Ondo entzuteko bidia.

MIKEL: Bertsolari jator batek ez du sekula mikroa eskuarekin hartzen. Idatzi gabeko norma bat da hau bezalako bertsolari batek...

 

“Hey, no vayas tú diciendo por ahí...” doinuaz, mikroa Julio Iglesiasen moduan jarrita.

 

PATXO: “Hei, ez zaitez joan hortik esaneeez”.

MIKEL: ...ez duela sekula txapelketa irabaziko. Eta zer egin eskuekin? Eskuak sobran daude bertsolaritzan. Errezena poltsikoak erabiltzea da. Bertsolari bati egin ahal zaion putadarik handiena, poltsikorik gabeko prakak erregalatzea da.

 

patxo eskuak poltsikoan sartzen saiatuko da, alferrik.

 

PATXO: Kabroiak!

MIKEL: Poltsikorik ezean, atzean izkutatzea da onena...

 

patxo mikelen atzean izkutatuko da.

 

MIKEL: Eskuak.

PATXO: Ah!

 

patxok eskuak atzean jarriko ditu.

 

MIKEL: Kantatzen hasten zarenean, ez aukeratu errima konplikatuegirik:

PATXO: (“Mutil koxkor bat” doinuaz) “Bretaina aldean bizi omen ziren Asterix eta Obelix”.

MIKEL: Ez erabili gai konplikatuegirik.

PATXO: (“Maritxu nora zoaz” doinuaz) “Azido desoxidorubonukleikoa...”

MIKEL: Ezta errezegirik ere.

PATXO: (“Ihes betea” doinuarekin) “Sinosuke da mutiko alaia bihurri eta azkarra...”

MIKEL: Atzerriko hizkuntzak erabiliz gero, ez abusatu.

PATXO: (“Mutil koxkor bat” doinuaz) “Europe is living a selebreision”.

MIKEL: Plagioa egiten baduzu, disimulatu zazu pixka bat.

PATXO: “Andoni Egaña abila dela

            Askori diot aditzen...”

MIKEL: Gainera arriskutsua da. Gerta liteke ahaztea.

PATXO: “Barakaldoko herritik dator notizia

            zezen bat izan dela... zera... zezen bat izan dela...”

            Jode... Ze erridikuloa. Ni banoa etxera.

MIKEL: Ez, motel, kasu horretan erabili txuleta bat.

PATXO: Baina nola erabiliko dut ba txuleta bat?

MIKEL: Bertsolari guztiek erabiltzen dituzte txuletak. Lizasok, esaterako, tripa gainean izkutatzen du.

 

patxok kantatuko du bost bertsolarien lerro banarekin “Mutil koxkor bat” doinuarekin.

 

PATXO: (patxok tripari begira kantatzen du) “Sex sinbol ez naiz izango baina ondo dator tripatzarra”.

MIKEL: Amurizak bizarrean.

PATXO: (Bizarrari begira) “Txapela salbo ikusi arte ez dut moztuko bizarra”.

MIKEL: Peñagarikanok belarrietan.

PATXO: (Belarriei begira) “Nere soplillo paregabeak dira pare bat pizarra”.

MIKEL: Iturriagak patilletan.

PATXO: (Patillei begira) “Patilla baten kabitzen jataz Estella eta Lizarra”

MIKEL: Eta Egañak purotxoan.

PATXO: (Puroari begira) “Purotxoari esker nauzue bertsolarien izarra”.

 

patxok txapela jantziko du.

 

MIKEL: Izan ere, zer da bertsolari txapelketa bat? Lehiaketa bat non zortzi bertsolarik parte hartzen duten eta Egañak irabazten duen. (...) Porzierto... Zertaz ari ginen?

PATXO: Ez naiz akordatzen. Memoria puta hau!

MIKEL: Emagaldua. Memoria emagaldua.

PATXO: Ah, euskera erreza dela, ikastea zaila. Kontatu al diegu jada hauei gure “Lizentziatura” egunarena?

MIKEL: Ez.

PATXO: Konta dezagun.

MIKEL: Beno, lehen gure tesi doktorala aurkeztu genuen.

PATXO: Bai. Magallanes eta Elkanoren euskerari buruz.

MIKEL: Magallanesek ere euskeraz egiten zuelako.

PATXO: Ez zen Portugalekoa. Portugaletekoa baizik. Euskalduna, izenak adierazten duenez.

MIKEL: Magallanes izenarenak, dena den, azterketa etimologikoa merezi du. Ea ba: Magallanesek txikitan goiko literan lo egitea tokatzen zitzaion. Baina bertigoa zeukanez, amari esaten zion: “Ama goian ez”.

PATXO: Hortik “Magoianes”.

MIKEL: Hortik “Magallanes”.

PATXO: Magallanes tipo bitxia zen, tikismikis xamarra. Nola esaten zioten kuadrillan?

MIKEL: “El estrecho de Magallanes”.

PATXO: Eta Elkano... Ez gaitezen adarretatik ibili, Elkanori ez zitzaion itsasoa gustatzen. Euskaldun guztiei bezala, zera gustatzen zitzaion, txortan egitea.

MIKEL: Baina kriston arazoa zeukan frenilloarekin, eta lehengusu batek emerjentziazko fimosis bat egin zion sukaldeko kutxilloarekin.

PATXO: Horregatik irakur daiteke bere armarrian izkribu hau: “Primus, circuncidiste me”.

MIKEL: Egun batean Elkanok esan omen zion Magallanesi: “Ba goaz buelta bat ematera?” Eta euskaldunak zirenez, buelta munduari eman zioten.

PATXO: Mundua korritu zuten elkarrekin. Bidaian aurkitzen zuten toki bakoitzari euskal izen bat ematen zioten.

MIKEL: Eta tripulazioaren artean banatzen zituzten herriak, kromoak lez.

PATXO: (Umeek rifa egiten dutenean erabiltzen duten tonadillarekin) Ni-geria, Hi-talia, Bera-cruz, Gu-atemala, Su-matra, Suek-zia... Eruak-sia

MIKEL: Mundua Euskalerria zen, eta Euskalerria mundua. Milaka herrialde konkistatu genuen, ondo ordenaturik: Bat.

PATXO: Batan.

MIKEL: Bi.

PATXO: Bizanzio.

MIKEL: Hiru.

PATXO: Irulanda.

MIKEL: Lau.

PATXO: Lausana.

MIKEL: Bost.

PATXO: Bostwana.

MIKEL: Sei.

PATXO: Seicheles...

MIKEL: Horrela milaraino. Milagarrena ospatzeko putetxe batera joan ziren, eta hala deitu zioten...

PATXO: Millaviciosa.

MIKEL: Euskera mundu osoan barreiatu zen.

PATXO: Eta hau fantasmada bat ez dela frogatzeko, segidan erakutsiko dizuegu nola hitz egin daitekeen gaur egun ere euskeraz, munduko izenak erabiliz.

 

patxo kanpora doa eta mikelek “kanuto” bat piztuko du. patxo sartuko da.

 

MIKEL: Eh!!

PATXO: Eh? Kongo, Kongo, nola Y-emen?

MIKEL: Toki-on. Damasko. Hara, Anda-luzia!

PATXO: (Porroaz) Zer da, Sa-maria?

MIKEL: Ez, Kanada-bis.

 

patxok hartu eta zurrupada bat emango du.

 

MIKEL: Zelanda?

PATXO: Hum. Costo Rico!

MIKEL: Holanda ba.

PATXO: Apur bat Eskozia egiten du.

 

Ezpainak igurtziz.

 

MIKEL: Non? Españan?

PATXO: Bai. (Hanka igurtziz) Eta Bernan.

MIKEL: Baina Letonia, ez?

PATXO: Bai, Letonia eta Ascot gainera. Uff! A ze Verona! Zenbat?

MIKEL: Boston.

PATXO: Macao!! Boston? Baita Jamaika ere! (...) Veneton?

MIKEL: Bai, Veneton.

PATXO: Siria sartzen badidazu... Ondo kalkutatu duzu?

MIKEL: Veneton.

PATXO: A ze Timor!! Gero Arte, Lasarte.

MIKEL: Eh, Oregon, eta dirua, Ilinoiz?

PATXO: Biharmania edo e-Chi-le, Berlin dit.

MIKEL: Bai zera, Oran! Ordaindu edo La Habana sartuko dizut!

PATXO: Benin. Tori-no. Quito, Peru?

MIKEL: Quito, bai.

 

Dirua emango dio. mikel aharrausika.

 

PATXO: Zer, lo Gales?

MIKEL: Bai. Nilo. Su-ez?

PATXO: Ez, ze nik Bart ze lo ona egin nuen. Bon bay.

MIKEL: Gabon.

 

Mutis bat egingo dute.

 

PATXO: Atera kontua: Ia “Cum Laude” eman ziguten.

MIKEL: Bai, ze “Cum Laude” 10eko puntuazioa da, eta guri 2,5 eman ziguten.

PATXO: Hau da, “cum laurden”.

MIKEL: Eta gure lizentziatura eguna heldu zen.

PATXO: Imagina zazue, Aula Magna, jendez beteta, “jendez mukuru”, nire irakasleak esaten zuen moduan: gure amak, gure arrebak, nire nobiak, nire maitaleak, nire neskalagunak, Mikelen akreedoreak... Eta fondoan, epai mahaia...

MIKEL: Gu pozez zoratzen. Hainbeste urte pasa eta gero azkenean euskaldun bihurtuko ginen!!

 

patxo eta mikelek lizenziatuen boneteak eta togak jantziko dituzte. Eskenatokia hutsik dagoela, offa hasiko da.

 

EUSKALTZAINA OFF: Jaun andreak, segidan, Patxo Telleria eta Mikel Martinezen Lizentziatura Zeremoniari hasiera emango diogu. Datozela euskaldungaiak.

 

Eskenatokira sartuko dira, turutaz “Gaudeamus Igitur” jotzen.

 

EUSKALTZAINA OFF: Kurrikuluma mesedez?

BIAK: Bai... lehen urratsa, seigarrena, hamargarrena.... Hobekuntza bat, bi hiru lau bost eta sei. Mintza praktika... ega. Perfil guztiak. Makrame kurtsillo bat... (Ad lib)

EUSKALTZAINA OFF: Nahikoa. nana, mesedez...

BIAK: Nana? (Kantatzen hasiko dira) “Haurtxo txikia sehaskan dago...”

EUSKALTZAINA OFF: Nortasun agiri nazionala! nana! Sehaska kanta ez!

PATXO: Ah! “Ene punto, a punto, ene punto, guion a”

MIKEL: N.A.N.-a, alegia.

PATXO: Arraroa egin zaigu, baina euskaltegian gauza xeleberak eskatzen zizkiguten lez, ba zera pentsatu dugu, beste xelebrekeri bat...

MIKEL: Ah!! Hemen dago.

 

Karneta erakusten du. patxok ez du aurkitzen.

 

PATXO: Ze arraio... (Oso urduri) Nik zera uste nuen... (Negarrez) Ez dut aurkitzen, Mikel, baina (bere gorputza arakatuz) jode, ze mazizo nagoen!

MIKEL: Patxo, berrogei urte pikutara eta zu brometan.

PATXO: Eta zer nahi duzu... Oh!! Hemen!! Hemen dago!

 

Karneta erakutsiko du.

 

EUSKALTZAINA OFF: Ondo da. Gaur halako tokian eta halako egunean, euskal ikasleen aurrean, Patxo Telleria eta Mikel Martinez euskaldun izendatzen ditut. Eta hala egiazta dadin sinatzen dut Euskaltzaindiak eman didan agintearekin. Zorionak, benetan.

BIAK: Eskerrik asko. Eskerrik asko.

 

Txapelak jantziko dituzte.

 

MIKEL: Milesker!!! Amatxu!! Euskalduna naiz!!! Eskerrik asko denoi. Agur!! Elkar ikusiko diogu!!

 

Musika eten egingo da. patxo hutsuneaz konturatu da. mikel harrituta dago.

 

MIKEL: Zer gertatzen da? Patxo... Zergatik ixildu da musika? Zergatik begiratzen didazu horrela?

PATXO: “Elkar ikusiko diogu” esan duzu.

MIKEL: Nola? Ez... Elkar ikusiko dugu. Elkar ikusiko dugu esan dut. Ezta, Patxo? Esaiozu “Elkar ikusiko dugu” esan dudala.

EUSKALTZAINA OFF: Kendu txapela, mesedez. Segi ikasten, eta ea datorren urtean suerte hobea duzun.

PATXO: (Gora begira) Eh... Egon une batez... ez duzu eskubiderik. Zuk ez dakizu zer den berrogei urtez ikasten egon... (Okerraz konturatzen da) egotea... (urduri jartzen da) egotetik... egotera, egoteaz, egoteagatik, egotearren... Egote... “Ego te absolvo” yo que sé, jodé!

 

Txapela kendu eta lurrera botako du.

 

PATXO: Ala tori... Goazen, Mikel.

 

Irteten hasiko dira.

 

PATXO: Eta jakin zazue: sekulako mesedea egin digute, bai horixe. Nik euskera ikasten puta madre pasatzen dut. Beno, hainbeste urte pasa ta gero, jada ez dakit besterik egiten. “aekdiktoa” naiz.

MIKEL: Ni “Euskaltegidependientea”.

PATXO: “Baldintzomanoa”.

MIKEL: “Subjuntibopata”.

PATXO: Hala, goazen, hurrengo kurtsillorako matrikula egitera.

MIKEL: Bai. Goazen korrika.

PATXO: Korrika ni pa dios. Astiro astiro.

MIKEL: Joan ginen, bai, hurrengo kurtsilloan matrikula egitera. Datorren astean hasiko gara.

PATXO: Ojo!... Barkatu, “begi”: Datorren hastean hasiko gara baldin eta gure erreibindikzioak kontutan hartzen badira.

MIKEL: Bai, hain zuzen hasieran irakurri dizuegun Manifiestoan agertzen direnak.

PATXO: Manifiestoa irakurri dugu jada?

MIKEL: Ah, ba ez naiz gogoratzen.

PATXO: Memoria emagaldu hau... Badaezpada ere berriz irakurriko dugu.

 

Pankarta hartu eta plantatzen dute eskenatokian. “euskara sencilloaren manifiestoa”.

 

PATXO: Guk, Euskaltzaindi Berriko Gramatika batzordeak, ikasleen egoera penagarriaren aurrean, aldarrikatzen dugu.

MIKEL: Ikaslearen bizitza laburra dela. Euskaldunizazioa, berriz, luzeegia.

PATXO: Ikasle baten bizitza esperantza hirurogei urtekoa da. Euskaldunizazioa aldiz, ehun eta hogei urtekoa. Beraz, ikasle batek bi bizitza behar ditu euskalduntzeko.

MIKEL: Gauzak horrela, ikasleak bi aukera besterik ez ditu: erreenkarnazioa edo klonazioa.

PATXO: Egoera hau konpontzeko, Euskaltzaindi berriak euskera sencilloaren manifiestoa aldarrikatzen du.

MIKEL: Lehenengo puntua. Bokabularioa: Munduko hitz guztiak anai, berdin eta libreak dira, eta eskubide berdinak dituzte. Esanahia kontextuagatik ulertuko da.

PATXO: Por lo tanto, tout le mondeko parole guztiak usatzeko derechoa daukagu, eta no one ez da marginatuko, sexo, religione, politique, stronhausen, osotogari, lumumba edo idiomagatik.

MIKEL: Bigarren puntua. Pronunziazioa: Tz, Ts eta Tx berdinak dira legearen aurrean. Esanahia kontextuagatik ulertuko da. Esate baterako: Berorik eza:

PATXO: (Hotzez dardarka) Ufff ze hocha!!

MIKEL: Zarata.

PATXO: (Belarriak estaliz) Uff, ze hocha!!

MIKEL: Eta kantatzeko orduan ere...

PATXO: “Acho acho acho acho il ziren hamar acho”. (...)

MIKEL: Hirugarren puntua. Deklinabidea. Hitz guztiek libre bizitzeko eskubidea dutenez, deklinazioaren uztarritik askatuko ditugu. Esanahia kontestuagatik ulertuko da. Esate baterako. “Etxeak”:

PATXO: (“Gorputz expresioz” aniztazuna adieraziz) “Etxe”.

MIKEL: “Etxetik”.

PATXO: (Jatorria adieraziz) “Etxe”

MIKEL: “Etxera”.

PATXO: (Norabidea adieraziz) “Etxe”.

MIKEL: “Etxeruntz”.

PATXO: (Norabidea areago adieraziz) “Etxe”.

MIKEL: “Etxean”.

PATXO: (Tokia adieraziz) “Etxe”.

MIKEL: Laugarren puntua. Aditza denboraren uztarriaz libratzeko, konjugazioa aboliturik geratuko da. Esanahia kontextuagatik ulertuko da. Esate baterako. “Ikusten zaitut”

PATXO: (Mimikaz lagundurik) “Ni zu ikusi”.

MIKEL: “Ikusi zintudan”.

PATXO: (Iragana adieraziz) “Nik zu ikusi”.

MIKEL: “Ikusiko zaitut”.

PATXO: (Geroa adieraziz) “Nik zu ikusi”.

MIKEL: “Ikusiko bazintut, agurtuko nizuke”.

PATXO: “Nik zu...”

 

Ez daki nola adierazi.

 

PATXO: Kontestuagatik ulertuko da.

MIKEL: Boskarren eta azken puntua: Lege berri hauek datorren ikasturtean aek-ko klase guztietan ezartzea exijitzen dugu. Bilbaon 2002ko Maiatzak hogeitabian. Euskaltzaindia hil da. Gora Euskaltzaindia!!

BIAK: Gora!!

PATXO: Fuera bokabulario eta pronuntziazioa!!

BIAK: Fuera!!

PATXO: Fuera deklinazioa eta konjugazioa!!

BIAK: Fuera!

MIKEL: Gora euskera sencilloa!

BIAK: Gora!!

 

Pankartarekin alde egingo dute.

Amaiera.