HITZAURREA
Plazer bat
Mikel Martinez
Apirilean beteko ditut nik nahi baino urte gehiago. Urteotarik gehienak antzerkia egiten eman ditut. Edo, hobe esanda, aprobetxatu ditut, beti izan dudalako aukera nik nahi nuena egiteko, hau da, antzerkia euskaraz eta nire gustuko gaiak erabiliz. Suerte honen erruduna Patxo izan da neurri haundi batean. Euskal Herrian eta parte del extranjeroan dagoen gidoigilerik onena ezagutu eta bere laguna eta lankidea izatearen pagotxa izan dut, bai.
Pasa den urteko Antzarretan, Patxo eta biok Lekeition elkartu ginen kasualitatez (edo ez) eta taberna batean, biok batera txizagura (kasualitatea edo garagardoa), eta komunera joan ginen elkarrekin (ofizioaren bizioa?). Overbooking, jakina, eta ilarako batek gu ezagutu eta barrez lehertu zen: “Joder, hemen ere... elkarrekin!” Bai, giro euskaldunean behintzat, ospetsu xamar egin gara, “bikote artistikoa” osatu dugu, funtzio pilo bat egin dugu elkarrekin eta euskaldun askok ezagutzen gaitu. Hemen publikatzen diren hiru antzezlanak izango dira, seguru asko, euskal parrandetako ordu txikiko glamour guzti horren errudun nagusiak.
Urte mordoa eman dugu elkarrekin lanean Patxo eta biok, Maskaradan, Tartean, etbn, Ez Dok Hiru Bikoteatroan, zinean. Behin baino gehiagotan entzun diot Patxori bera gidoilari sentitzen dela aktore baino lehenago, eta egia izango da, nirekin egindakoaz aparte hainbeste eta hainbeste lan idatzi duelako, antzerkian, zinean, telebistan... beste batzuentzat. Baina nik suerte doblea izan dut: bere lanak antzeztu eta... berarekin. Oso dibertigarria izan da. Berak idatzitako “Marxkarada”, “Monstruo Sakratuak” “Kaio Luma Zikina”, “Irrikitan”, “Kontenedore baten istorioak” egin ditugu elkarrekin eta, jakina, hemen argitaratzen diren lanak, Dibertimenduen Trilogia: “Euskara Sencilloaren Manifiestoa”, “Larru Haizetara” eta “Euskarazetamol”. “Dibertimenduak” esaten diegu hitz horrek dibertitzen gaituelako, eta “trilogia” egin dugu hiru arte kontatzen badakigula demostratu nahi genuelako. Osasunak eta laguntasunak lagun trilogiaren laugarrena ere egingo dugu. Laugarrena da hurrengoa, ezta?
Hiru antzezlan hauek izan dira gehienbat, beraz, baldosa zuriko komuna publiko guztietan hain ospetsu egin gaituztenak. Emanaldi pilo bat egin dugu beraiekin (500-600?) Euskal Herriko txoko guztietan, antzoki-areto-lokal-plaza oso ezberdinetan eta ikusle asko eta era askotakoaren aurrean. Publikoak gozatu egin du beti beraiekin, antzerkiarekin eta euskararekin (euskaldun izatearekin, behingoz). Eta guk ere gozatu egin dugu antzezlanarekin eta publikoa gozatzen ikustearekin.
Eta “arrakasta” honen erruduna gidoiak dira, testuok, izan ere antzezlan hauek gidoia dute oinarria, funtsa, ardatza... dena. Ez dute inolako aparatu teatralik behar (eszenografia, jantziak, argia, atrezzoa, musika, makilajea, audiobisualak...). Gidoi hauen genialidadea agerian uzteko, bi aktore trakets baino ez dira behar. Bi aktore trakets baina egiten dutenarekin konfiatuta, maiteminduta, horrek emango dielako barruan daukaten klovvna ateratzeko indarra.
“Trilogia” izendatzeko badago beste arrazoi bat, hau da, hirurek berdina dutela oinarria, egitura, funtsa. Goazen bada gauza hauetaz serio-demonio hitz egitera.
Hiru lan hauen oinarriak hiru (berriro ere) izan daitezke: euskara, euskararen bizitza edo euskaldunon miseriak, eta umorea.
Euskara. Esan daiteke hiru pertsonaia daudela antzezlan hauetan: aktore 1 eta aktore 2 (Patxo eta Mikel, esaterako) eta euskara bera. Pertsonaiak euskaldunak dira eta beraien euskaltasuna da protagonista, horretaz hitz egiten dute handik edo hemendik, eta nahita edo gabe euskara dute abiapuntua eta ibilgailua eta helburua. Pertsonaia jostalaria eta dibertigarria da euskara, eta berarekin jolasten dute beste pertsonaiek, berarekin ahalik eta malabarismorik ikus-entzungarrienak egiten.
Euskararen bizitza edo euskaldunon miseriak. Gidoi honen gaiak ez dira etereoak edo unibertsalak. Hurbilak eta lokalak dira: publikoak (euskaldunak) oso ondo ezagutzen dituen abenturak eta desbenturak.
Umorea. Umore (groucho)marxianoa dela esan daiteke. Absurdo xamarra, oso ironikoa, exageratua, ezkonbentzionala, ezustekoez betea. Politikamente inkorrektoa ez bazen, “umore inteligentea” dela esango nuke. Hobeto isiltzea. Ah! Eta umore honen beste klabe oso garrantzitsu bat: porrota eta, batez ere, gure porrota eta miseriei buruz hitz egitea, hau da, norbere buruaz barre egitea. Ze terapia sano osasuntsua! (bururako eta birikietarako).
Hiru oinarri hauek, beraz, hiru lanetan, eta bakoitzean gidoia (aurkezpena-bilakaera-porrota) garatzeko aitzaki ezberdina. Batean munduko euskaldun berri zaharrenen haserrea, bestean euskal sexuadituen harrokeria hauskorra, eta hirugarrenean supereuskalduna izan nahi izatearen menpekotasun kimikoa.
Eta Patxoren euskara erabiltzeko era ero hori ere. Trilogia honetan bereziki ero eta arina. Esaldi laburrak, elkarrizketa pikatuak, hizkera sinesgarria eta, gauzarik konplikatuenak esateko ere, euskara (ustez) erreza, ulergarria. Zenbat aldiz esan digute euskara ikasten ari direnek, emozionatuta eta ezin sinestuta, dena ulertu dutela! Uf, a ze gozada! (berriro ere).
Bai, Patxo. Plazer bat izan da eta izango da. Zuri esker libro gabiltza hainbeste euskaldun kaleetan tirantezko galtza laranjaz (eta sudur gorriaz) jantzirik, libro libro. On dagizula irakurle!