Publikoari gorroto
Xabier Mendiguren
Publikoari gorroto
Xabier Mendiguren
Euskaltzaindia, 1987
Publikoari gorroto
Xabier Mendiguren
Euskaltzaindia, 1987
[aurkibidea]

Aurkibidea

Aurkibidea

 

Dramatis personae:

            ANDREA (ikuslea)

            GIZONA (ikuslea)

            AKTOREA

 

 

 

(Eskenategi iluna. Larrialdietarako argitxoak badira, beraz ikusleak piskanaka iluntasun horretara ohituz doaz. Antzoki moduko bat da eskenategia. Ikuslegoaren arabera aipatuko dira ezker-eskubiak. Ezkerreko kantoi urrunean argitxo bat: ate bat erdi zabalik. Tinbre soinua. Argiunerantz doa linterna batekin atezain uniformez jantzitako AKTOREA. Handik piska batera bi ikusle sartzen dira: ANDREA eta GIZONA. Biak gazte samarrak, 30 urtetakoak edo, teatrora joaten direnetakoak: aurrerakoiak baina mesokrazian egoki finkatutakoak, burges ttipi, profesio liberaletako eta funtzionari zenbaitek osatzen duten “intelligentsia”koak. Sport dotorez jantzitakoak. Sarrerak txikitu eta linternaren laguntzaz aulkietara daramatza AKTOREAk, eta han esertzen dira biak. Aulki gutxi dago, eta zurezkoak ez badira ere erabilkorrak behar dute izan. Bigarren tinbrekada. AKTOREA ikusleak sartutako atetik desagertu egiten da eta eskuin aldean bide dagoen eskenategiko (eskenategi barruko oholtza ttipi bat) kortinen artetik agertzen da, ilunpean ezer gutxi ikusten bada ere. AKTOREAk berak foko zuri bat pizten du, linterna itzalia eta atezain kapela eskuineko eskenategi txiki horretako bazter batean dagoen aulkian uzten ditu, eta ordura arteko mugimenduak motelak baziren, hemendik aurrera bizkortasunez eta bizitasunez mugituko da: jauzi batez fokopean sartzen da.)

 

AKTOREA: Allez hop! (Swing doinu ezagunak kantatzen hasten da; letrarik gabe, traralala esanez eta berehalaxe klake piska bat dantzatuko du, ohizko pausuak Kantari segitzen duen bitartean. Horretan bukatzen duenean bazterrera doa berriro eta ilunpetik bastoi beltz distiratsu bat ateratzen du eta bide batez beste foko pare bat piztu, eskenategi txikia gehiago argituz. Benetako showman baten gisa mugituz, hizlari hasten da bi ikusleei zuzentzen zaiela nagusiki; noizbehinka hizketa eten egiten du musikaren bat kantatzeko, dantza pausu batzuk egiteko edo besterik gabe emoziozko ta-ta-ta-txan! batzuk egiteko) Ladies and Gentlemen, Jaun andereok, zuekin egundoko ikuskizuna, sekula ahaztuko ez duzuen espektakulua, haurrak gizon eta agureak ume bihurtzen dituena, zuen biziko zirrara eragingo dizuena barren barrenean, emoziorik garbienak eta irrikarik bajuenak sentieraziko dizkizuena, txistua isurerazi eta erraiak irauliko dizkizuena, farrearen eta negarraren arteko jolasa, heriotza eta amodioaren arteko jokua, onen eta gaiztoen borrokalekua, askatasunaren haizea bazter batetik bestera daramana, bide erratuei norabidea argituko dizuen eta bidaiari ziurrei begiak lausotuko dizkien sua, jakintsuen eta ergelen, gizon eta emakumeen, aberats eta pobreen, zoriontsu eta zorigaiztokoen topalekua, misteriorik misteriotsuenak eta egiarik egiatienak dakarzkizuena, ikusgarrietan ikusgarriena: Antzerkia!!! (Hori esatean ordura arteko mugimendu etengabeak gelditu egiten ditu, etsipen zinikozko keinua egiten du, bastoian jarri eta bi ikusleei begira geratu aldi luze batez; ondoren ikusle horiei hizketan hasten zaie, aitorpen sarkastikoak egingo bailituen, bere hitzei farre etsitua egiten diela, ironia mingots batez) Antzerkia... ikusgarrietan ikusgarriena... Ja! Misterio eta egiaren topalekua... Ja! Jakintsuak lausotzen dituena eta ergelak argitzen... Ja! Farre eta negarra bazter batetik bestera erakusten dituena... Ja! Amodio eta gorrotoaren burruka... Ja! Sua eta ura, bizitza eta heriotza, penak eta pozak... Ja! Ze espektakulo eta ze demontre da hau? (biziago, haserretuago) Nola eskeiniko dugu kristoren ikuskizuna bi ikusle besterik ez badugu? (ixilunea; ondoren etsituago). Bi ikusle, bi ikusle besterik ez... Zer egin dezaket nik bi ikuslerekin? Nola agertuko ditut gizon-emakumeen irrikiak? Nola bihurtuko naiz beren asmo izkutuenen bideratzaile? Nola askatuko ditut beren tentsioak eta nahastu beren uste okerrak? (motelki, arintasunik gabe, bazter ilunera doa eta aulki bat hartzen du; bastoia bazterrean uzten du eta aulkiarekin eskenategi txikiaren erdira doa berriro; han eseri egiten da ikusleei begira baina aulkia alderantziz duela: bere aurrekaldea aulkiaren bizkarraren kontra; bere jaka kendu eta aulkian zintzilik uzten du; bi ikusleei hizketan hasten zaie, baina ironikotasuna galduta: orain etsipena besterik ez zaio nabari, garraztasun pittin batez; konfidentziak egingo balizkie legez dihardu, patxaraz, besoak mugituz eta eskua ileetara eramanez). Baina... nola ez dagoen teatroarentzako laguntzarik, nola denek ahaztuta eta bazter batean lagatako panpina bezala daukaten, nola jendeari XIX. mendeko zera bat iruditzen zaion teatroa... Noski, orain ez dago teatroa bultzatzerik, orain ezin da horrelako anakronismoetan denbora galdu, orain zinea dago gailen, zinea suspertu behar da, edo... egia esan, zinea ere ez honez gero: videoa, videoa da etorkizuna, videora dedikatu behar omen dugu denok, gainerako guztiak akabatuta omen gaude... akabatuta. Asko jota, noizean behin muntaia haundi-maundiren bat edo beste bultzatuko dute agintariek, gero teatroaz ere arduratzen direla esateko... Museoetako erlikia zaharrak bezala: hautsez beteta urte osoan, eta urtean behin, lizundu ez dadin edo, begi bistan jarri. Baina bizitasunik ez, hori ez, hori ez zaie agintariei interesatzen. (Zutituz eta ibiliz; bizitasun gehiagoz). Eta badakizue zergatik? badakizue zergatik ez zaien ajola politikoei antzerkia? badakizue zergatik utzi nahi duten poliki poliki hiltzen? (ixilunea) Bildurragatik... Bai antzerkiaren bildur direlako; bildurra diote teatroari ezin dutelako kontrolatu: dena bere eskuetan ondo lotuta euki nahi dute, eta teatroa hondarra bezalakoa da: ihes egiten die esku artetik, bizirik dagoelako, bizi-bizirik. Teatroa edonork egin lezake, eta nahi duena esan. Ikusentzungailuetan ordea dirutza itzelak behar dira, eta horrela egiten dute interesatzen ez zaizkien guztiak baztertzeko. Horregatik bultzatzen dute hainbeste telebista, horregatik gara gero eta gehiago telebistaren menpe dagoen gizartea; egunetik egunera murriztuz doa gure eritzi kritikorako gaitasuna eta joera, jendearen kreazio ahalmena hutsaren hurrengoa da; telebistak robot bihurtzen gaitu, pasibitatera kondenatzen gaitu; sormena, lilura, hunkimena, komunikazioa ito egiten ditu telebistak; burumuinak jaten dizkigun piztia erraldoi eta teledirijitua da; eskerrak oraindik (sualdia bukatu egiten zaio, baina bada bere begirada eta irrifarrean argi berezi eta estrainioa; zuzenkiago mintzo zaie bi IKUSLEEI) badiren bere kabuz pentsatzeko gauza diren gizon-emakumeak, bere nortasunari eutsi diotenak, zuek biok bezala. Barkatuko didazue zuzenki hitz egiten badizuet, baina eskerrak eman nahi nizkizueke bihotz bihotzez, nere partetik eta antzerkilari guztien izenean ere bai, zuek baitzarete oraindik ere Artearen suari tinko eusten diozuenak, bere txingarretan berotasuna bilatzen duten bakarrak (inguruari begiratuz) Bestalde, horren gutxi izatearen intimitateak uste dut zilegi egiten duela zuei horrela mintzatzea, ajola ez bazaizue noski. Molestatzen dizue? Molestatzen badizue esan, lotsarik gabe. (IKUSLEEK elkarri begiratzen diote, harrituta, baina ez dute ezer esaten, ez keinurik egiten) Bueno, nik hori esan nahi nizuen, zuek ez zaretela telebistaren mozolokerian jausi... (urduri antzean) eta oraindik ere badakizuela kalitatezko espektakulu bat bereizten eta... eta horregatik etorri zarete teatrora (berriro zutituz; animoz) Eta teatrora etorri bazarete zeredozer animatuagoa ikustera etorriko zineten, ez honenbeste pena eta arrenkura entzutera. Beraz, zuek merezi eta nahi duzuena izan behar dugu: berriketa gutxiago eta mugimendu gehixeago, zuek ere ez baituzue alperrik ordaindu. Zeren, zuek ere seguru asko bat zatozte nerekin (eskenategi txikia gainontzeko eskenategia baino altuxeago dago; AKTOREA eskenategi txiki horretako ertzean esertzen da eta korbataren korapiloa zertxobait askatu) Begira, antzerki molde klasikoak ez dira benetako teatroa: han aktorea bere eskenategian hasten zen gidoi bat esaten, bukatzen zuen eta kitto. Non dago komunikazioa, non dago ikusleekiko hartuemana? Aktoreen pekatua izan da askotan, bere burua jainkotzat hartzea, ikuslea haintzat ez hartzea; eta antzerki egileek ere, idazleek, erru bera dute, edo haundiagoa. Gauza bat idazten dute eskenategirako, hemen taulagainean ibiltzen diren aktoreentzako, eta ahaztu egiten dute hor aurrean (bi IKUSLEAK seinalatuz) beste gizakume batzuk daudela jarrita, zerbait komunikatu nahi dutenak, bere bizikizun eta sentikizunak adierazteko irrikitan daudenak. Eta erlazio hori hautsi egin dute. Murru bat eraiki dute hemen, eskenategi eta ikusleen artean, harresi transparentea baina harresia azken batean, eta horrela ezin daiteke benetako teatrorik egin, hola traizioa egiten diogu teatroaren berezko senari, muinari, mamiari. Zuen eta gure artean zerikusirik ez balego bezala jokatzea teatroari uko egitea da, zuek ere esku hartzen baituzue. Tamalez, askotan esan izan da zuek, ikusleak, espektakuluaren parte bat zaretela, parte garrantzitsua, baina gero hori ahaztu egiten da, edo hitz hutsetan geratzen da, ezertan gauzatu gabe. Baina nik orain, hamaika aldiz errepikatutako lelo hori, ikusleak ere ikuskizunaren ardatza direlakoa, egia izatea nahi dut. (eserita dagoen lekutik salto txiki bat eginez jeitsi egiten da eskenategi txikitik, baina haren kontra jarrita segitzen du; hitz egiten duela, alkondararen mahukak erremangatzen dihardu). Bai, begira: nik... hemen, ikusleen eta aktoreen artean eraikitzen den murru hori apurtu egin nahi nuke, txikitu erabat, baina horretarako zuen laguntza behar dut; prest al zaudete zuek ere parte hartzeko ikuskizun honetan? Konforme zaudete denon artean tarteko harresi hau txikitu eta birrintzeko? (IKUSLEEK harriturik begiratzen diote elkarri eta ezjakintasun keinu bat egiten) Bai? Hara: (ibiltzen hasten da) nik eskua luzatu nahi nizueke, proposamen gisako batean. Hau proposamen bat da, eta zuek ez duzue lotsarik izan behar. Garaitu egin behar dugu lotsaren harresia, gure arteko harresi lotsagarri hau. Nola? Gure eskuak lotuz; gure artekoa dantza bat da: alde batean ni nago eta beste aldean zuek; dantza hau denok lotzen gaituen soka bat da. Bi muturreko soka (bazter baterantz doala; han, zoko batetik soka bat ateratzen du). Honako hau bezalakoa! Nik soka bota egin behar dut, eta zuek hartu. Azken batean horixe da komunikazioa, ezta? Norberak aidean botatzen duen soka bat, besteren batek hartuko duelako esperantzan. Eta soka hori behar bezala botatzen ez bada edo inork hartu nahi ez badu inkomunikazioa dator. Saia gaitezen beraz lotuko gaituen sokari heltzen. (bapatean, ibilian dabilela bota egiten du sokaren mutur bat ikusleen aldera eta GIZONAk aidean hartzen du) Eta zer da azken finean antzerkia komunikazioa ez bada? Zuetako bakoitzarekiko hari fin bat (IKUSLEAK seinalatuz) armiarma izkutu batek irundako urrezko hari fin baina gogorra, behar bezala egiten bada. (lehengo txokora doa korrika eta beste sbka bat ateratzen du; lehen bezala IKUSLEEN aldera botatzen du, ANDREAri hobeto esanda, esaten diola) Tori zuk ere! (lehen mementuan ANDREAri erori egiten zaio baina jaso egiten du ondoren) Gizakiak berez dituen grinak agertarazteko eta askatzeko biderik zaharrena eta naturalena izan da betidanik antzerkia. (hitzegiten ari dela, IKUSLEEN inguruan hasiko da bueltaka, oso jira-bira zabaletan hasieran, batzuetan soka bat hartuta daukala, besteetan bestea) Antzinatik ezagutu izan da antzerkia eta gizarte era eta zibilizazio guztietan. Beti aipatu izan da Grezia zaharreko teatroa, baina ez da hori inondik era hasiera. Hori nolabait ere, burgeste bidean sartutako gizarte baten teatro eredua da, eta horri jarraitu dio gehienbatean gure mendebalde aurreratuko teatroak. Baina antzerkia berez beste zeredozer da, askoz ere primitiboagoa, gizakiak dituen pasioak, kezkak, bildurrak eta bizipozak taldean, bere kideen aurrean eta kideekin batera azaltzeko beharra. Adibide bat jarriko dizuet: har itzazue Afrikako tribuak, leinuak, zein da horietan bizitzaren erritmoa markatzen duen ekintza, munduarekiko eta Jainkoekiko erlazioa finkatzeko erabiltzen duten bidea? Antzerkia. Bai, ez begiratu begi harritu horiekin. (dantzan hasi bitartean gero eta biziago arituko da hizketan) Zer dira bestela leinuek totem baten inguruan egiten dituzten erritoak? Zer da bestela aztiak mozorrotuta egiten duen dantza eta komeri saio guzti hori? Zertara dator bestela kolore biziez pintatzea? Zer dela eta leher eginda bukatu arte dantzatu? Hori da teatrorik berezkoena, biziena, sentituena, egiazkoena azken finean. (bapatean kantari hasten da, halako erritmo afrikar batez: txun patapatxun patapatxunta... aldi berean gorputz osoa mugitzen hasten delarik, halako dantza moduko batean; dantzan eta poliki hasiko da, baina erritmoa —halaber kantatzen ari denarena— gero eta azkarragotuz; bitarte horretan gorbata kendu egingo du, eta alkondarako botoiak askatu; kriskitin eta txalo egiten eta oinez zorua jotzen ere arituko da, erritmoaren lagungarri, eta hiru soinu horiek egitera bultzatuko ditu IKUSLE txundituak, hauek txintxo, harriturik eta halamoduzko irrifarre batez obedituko dutelarik; kantari ari denez, hitz gutxi esango du bitarte guzti honetan, baina batzutan bai, bat edo beste, laburrak eta sakabanatuak) Benga: kantatu nerekin. Hau da benetako teatroa. Hau da toxina guztiak kanporatzeko modurik onena. Eta adrenalina ere bai. Segi nerekin, jo txalo. Hau da benetako katarsia. Gorputza libre uztea. Nahi duzuna dantzaren bidez adieraztea. Hauxe, hauxe da artea. Eta plazerra ere bai. Ez al dituzue bibrazioak antzematen? Egin kriskitin nerekin batera. Hola, hola. (horrela dabil dantzan, sokak hartuta IKUSLEEN inguruan, IKUSLE bakoitza soka batez inguratzen ari delarik; hauek konturatzen dira, baina elkarri begiratzen diote herabe, eta AKTOREAri begira segitzen dute, harritu samartuta, dantza gero eta zoroago horretan itsututa bezala, ezer ulertzen ez dutela) Hau da bizitzaren eta artearen orgasmoa. (ia garraisika ari dela eta zoro moduan mugitzen) Hau da klimaxa. Hau, hau, hauuuuuu!!! (soka gehiegi geratzen ez zela, bapatean tirakada gogor bat ematen die bi sokei, eta ANDREA eta GIZONA, lurrera erortzen dira aulkiekin batera, berauen inguruan bilduta eta lotuta baitzeuden; une horretan, oso azkar ibiliz, AKTOREA biengana doa eta biak ondo lotzeko aprobetxatzen du, aulkiaren atzekaldean korapilo bat eginez; ANDREA izututa, garraisika hasiko da, eta GIZONA protestaka, galdezka; biak isilerazten ditu AKTOREAk, etengabe hitzeginez) Ixo, ixo, ez larritu, hau ere ikuskizunaren zati bat da, ez larritu, hau da gure soka, bi muturrak lotzen dituena, zuek eta ni; orain egiazki zuek ere ikuskizunaren zati zarete, zati bazterrezina, ez larritu ez, ez zaizue ezer pasatuko. Orain hasten da benetako teatroa, orain jada ez zarete ikusle soil, protagonista baizik. (Oholtzara igo eta fokoen zutabera joanez, foko piztuak IKUSLEengana zuzentzen ditu; hauei desatsegina zaie bapateko argi indartsu hori) A! Ez zaizkizue fokoak gustatzen? Ez zaudete gustora fokoen argipean? Lan honen ajeak dira. Kanpotik begiratuta dena da polita, baina behin barruan sartuz gero eragozpenak eta enbarazoak ere badirela ikusten da; baina ez larritu, laister ohituko zarete eta. Baina, nola izan ote naiteke honen ajolakabea? Zuek hor lurrean etzanda eta ni hemen lasai asko hizketan. Barkatu, berehalaxe konponduko dugu. (IKUSLEengana doa eta aulkietan ondo eserita, tente jartzen ditu, etzanda baitzeuden) Orain hobeto? Ez? Pixka bat bai. Guztioi gertatu zaigu; lehen aldiz fokoen pean sentitzean, halako zirrara bat sabelean, ezinegona... Ez da erraxa ez; askotan zaila ere bada begi guztiak zuregan finko daudela jakitea. Sentimendu nahasiak sortzen dira halakoetan. (guzti hau esaten duela, IKUSLEAK besterik ez ditugu ikusten; AKTOREA oholtzan batetik bestera dabil, baina bere ahotsa eta pausuak entzun arren ilunpean dago; IKUSLEEN aurpegiek larritasuna eta ezjakintasuna adierazten dute) Alde batetik harro zaude, ikusle guztien interesen jomuga zarelako, zentrua, baina bestetik izugarrizko lotsa sentitzen da, halako herabetasun berezi eta gaindiezina, alde batetik pozez gainezka sentitzen zara, horixe baita bizitza osoan desio izan duzuna, baina beste aldetik bildurra nagusitzen zaizu, bildur ikaragarri bat eskuak lotu eta eztarna estutzen dizuna. Zergatik? ardura bat eskatzen zaizulako: zure esku dago ikuskizuna aurrera ateratzea, bere garaipena edo porrota. Hemen ere ardura bat eskatzen zaizue zuei; ikuskizunaren parte zareten aldetik, ikuskizunean sartuta zaudeten mementutik erantzukizun bat duzue ikusleen aurrean. Betebeharreko eginkizun bat; zuen lana ondo bete beharra duzue. Egingo al duzue? Egingo al duzue zuen lana? Egingo ez duzue ba! Konpromezu bat hartu duzue eta orain ezin duzue atzera jo. Lehen esan didazue ikuskizunean parte hartzeko, jarrera aktibo bat hartzeko prest zeundetela, eta orain ezin dezakezue atzera egin, ez, ez, oso gaizki legoke hori. Beraz egin egin behar duzue, e! Konforme? (oholtzatik jeitsi egiten da eta argi eremuan sartzen; IKUSLEEN inguruan ibiliko da orain ere, sentikortasunaz hitz egiten diela) Ez al duzue sentitzen teatroaren majia? Ez al zarete hasi sentitzen hainbeste aldiz aipatu izan den teatroaren lilura izkutu eta esplikaezin hori? Ez al duzue antzematen barrenak astintzen dizkizuen zera berezi hori? Gorputz osoa artega jartzen dizuen kilika arraro bat...? Ez...? Benetan...? Noski, noski, nere errua izan da; zeregin pasiboetara makurtu zaituztet, ez dizuet eskuhartze zuzenagoetarako aukerarik utzi. Baina konponduko dugu hori ere; emango dizuet zuen antzezte ahalmena garatzeko parada egokia. (geldiune luzexeagoa, ibiltzen jarraitzen duela) Bai baina, nola? Nola egingo dugu zuek eskuhartze zuzenagoa izan dezazuen? Zuek ez duzue inolako prestakuntzarik, ez dakizue gorputza erabiltzen, ez dakizue behar bezala mugitzen, ez dakizue ahots egokiz mintzatzen, ez duzue testurik ikasi, ez dakizue begi keinuez ezer adierazten, zuek ez dakizue ezer; ezer ez dakizue zuek, ezertxo ere ez, ezer ez! (builaka bukatu du, eta ondoren beste ixilune bat, bere pausu hotsa besterik aditzen ez dugula; ondoren berriro goxo hitz egingo die) Baina ez larritu; moldatuko gara. Edonork egin dezake teatroa, horretarako ez da prestaera berezirik behar, gizakumearen berezko adierazpidea denez. Beti esan izan dugu hori, ezta? Ezin hasiko gara orain kontrakoa esaten. Edonork egin dezake teatroa, zuk, zuk edo nik; denok dugu gaitasun bera. Gainera, bizitza bera ere ez al da teatroa? (aulki bat hartu eta IKUSLEEN parean esertzen da, aulkia atzekoz aurrera dagoela) Bai, gure eguneroko bizimodua, bizitza da teatro iturririk oparoena; bizitza bera teatroa da, beste norbaiten aurrean gauden momentutik; eta bakarrik gaudenenean ere bai gure buruaren aurrean ere errepresentatu egiten dugulako; zer esanik ez ispiluaren aurrean jartzen garenean. Horixe: zuen bizitzaren parte bat izango da hemen antzeztua; ez du inporta gauza garrantzitsurik ez esatea, edozein txikikeria, zuen bizitzako edozein xehetasun da antzerkigai. Ea bada, hasi, has zaitezte antzezten (hiruren ixilune luzea) Ez lotsatu, hasi hizketan bildurrik gabe, edozertaz, berdin da (beste ixilune luze bat; aurrekoa baino luzeagoa [1]. Ez dakit, zuen maitasunaz hitz egin dezakezue, adibidez; elkarri hitz goxoak esan, zuen amodioa zenbaterainokoa den, zein pozik zaudeten elkarren ondoan, nahi duzuena. (beste ixilune luzea; hauetan gero eta tentsio nabarmenagoa antzeman ahal izango da IKUSLEEN aldetik; AKTOREA lasai eta patxaraz dago) Edo bestela. zuen arteko istiluak; iskanbilan hasi, elkarri irainak eta zatarkeriak esanez, barruan izkutaturik dauzkazuenak agertu, izugarrizko sesioan hasi, ez dakit, edozein gauzak balio dezake. (ixilune luzea; AKTOREAk bitartean alkondara kenduko du, poliki poliki, eta aulkiaren bizkarraldean jarri; elastiko tiranteduna darama) Ea bada: hasi behingoz, lotsarik gabe, zuek zarete orain antzerkia egin behar duzuenak. (ixilune' izugarri luzea; IKUSLEEN aurpegi eta keinuetan deserosotasuna eta tensioa gero eta nabariago agertzen dira [2]; azkenerako ANDREA, piskanaka piskanaka, negar zotinka hasiko da; orduan AKTOREA hunkituta hasiko da hizketan, poliki poliki harengana doala) Hori da, horixe: negarra. Zein zoragarria! Zein xamurra, zein polita! Negarra da antzerkiaren bi zutabeetako bat. Bestea farrea. Baina negarra hunkigarriagoa da; zein neskatxa paregabea; hori da negar egiteko era xarmangarria! (AKTOREA hurbildu eta mintzatu ahala, ANDREA gero eta negar ozenagoetan, eta azkenean AKTOREAk laztantzeko asmotan edo ukitu egin behar duela dirudien unean oihuka hasiko da, gorputza ahal duen neurrian atzera eramanez; momentu horretan GIZONA ere builaka hasiko zaio AKTOREAri).

GIZONA: Utzi ezak pakean ero alena! (amorru biziz esaten du)

AKTOREA: (GIZONAk hitz egin bezain laister muturreko ikaragarri bat ematen dio eta orruka hasten zaie biei erabat amorratuta; ANDREA negar zotinka ari da eta GIZONA aulki eta guzti lurrean erorita, eman dioten zartadakoaz; batari eta besteari zuzenduko zaio, txandaka) Ez duzue ezer ulertu! Tontoak zarete! Ez duzue ezer ulertu eta dena pikutara bidali duzue! Zuen bizitzako aukera eskeini zaizue eta ez duzue aprobetxatzen jakin. Dena izorratu duzue, mizkinak, estuak, zekenak. Zer uste huen, andrea bortxatu behar niala ala? Jai, andrea bortxatu! Bortxatu! Zertarako bortxatu behar nian? Hori duk adimen perbertitua, okerra izatea. Eta bortxatu banu ere, zer? E? Zer? Teatroa duk hau, teatroa. Ez al duk ulertzen? Hemen dena da posible. Eskenategia aldare bat duk, bertan dena duk zilegi; ingurune majikoa da, eta Jainkoak oihala jeitsi arte dena da zilegi, dena. Zuek progretzat daukazue zuen burua, baina burgeskerian kakazturik zaudete burgesak baino okerragoak zarete (batetik bestera haserre dabilela esaten ditu; bazterrera doa eta handik plater tankerako kapela hartu eta jazten du, eta zigor bat hartzen du esku artean, aidean zartadaka hasiz) Zuek eskola zaharra behar duzue: egurra eta zigorra. Horrela besterik ez duzue ikasiko, burugogor hutsak zarete eta. Gogor egin beharko dizuet, baina zuen hobe beharrez ari naiz. Egunen batean eskertu egingo didazue gaur pasatutakoa, gogor jokatu izana. Benetako espektakuiu batean parte hartu ahal izan duzuelako; ikusle pasibo izatetik, kreatzaile, artista izatera behartu zaituztedalako. Gaur izango zarete behingoz bizitzaren espektakuluaren egile, neri ez beste inori esker. Baina, hori bai: kostata lortuko duzue: hau ez da txango bat, hau ez da jai eguna. Diziplina gogorra behar da arte honetan, eta are gehiago norbait hasten denean, edo behar hainbat ez dakienean. Eta zuek ez dakizue ezer. (gogor hitz egiten die) Zuek kaka zaharra zarete, gizarte honen simaurra, mendearen hondarra. Zuek ez zarete gizon eta emakume; zuek ezgauza zarete. (une horretan, AKTOREAren haserraldiaz geroztik malkoei eutsi ezinik, larri eta estu egon den ANDREA aharrantzaka hasten da, eta hori ikustean kokildutako GIZONA hitz egitera ausartuko da, kementsu).

GIZONA: Joan egin nahi dugu hemendik; aska gaitzazu!

AKTOREA: (sutan berriro, GIZONAri zigorraz zartada bat ematen diola, edo mehatxatu bestela) Ixoo!!

GIZONA: (tropelka, zalapartaka eta ozenki hitz eginez) Ez dut nahi; guk joan egin nahi dugu, eta aska gaitzazu behingoz; gu ez gara aktoreak ezta txorimaloak ere, eta zu erotuta baldin bazaude guk ez dugu errurik; nahikoa da, zoro halakoa! Guk joan egin nahi dugu eta oraintxe bertan askatzen ez bagaituzu ikusi beharko duzu. Poliziari deituko diogu. Gartzelara joan beharko duzu, edo eroetxera, sekula ez ateratzeko. Askatu!

AKTOREA: (GIZONA hitz egiten hasi bezain laister bere gainera joan zaio eta kolpeka hasi: ostikoak eta zigorkadak ematen dizkio, hasi orduko lurrean botata zegoen GIZONAri, hau ixiltzen ez delarik) Ixildu, ixildu, ixildu, ixildu, ixildu, ixildu, ixildu, ixildu, ixildu!!! (oihuka arituko zaio ostikoka eta zigorkadaka ari zaion bitartean, baina GIZONA ez gelditzen ez baretzen dela ikusirik, praketako sakeletik zapi zuri haundi bat atera eta lotu egiten dio, aho aldea eta lepondoa estu-estu elkartuz, hortzak agerian utziz, ahoa zabal zabalik baina hitz egin ezinik; zapia jartzen dion bitartean GIZONA kontra egiten saiatuko da, buruari eraginez eta; AKTOREAk bitarte guzti horretan jotzen segituko du, eta halaber irainka arituko zaio; bestalde, ANDREA bere aldetik gero eta garraisi ozenagoetan ari da, histeriatik gertu) Kabroia, zerria, memelua, zekena, irendua, alua, nazkagarria, zikiroa, simaurra, zirtzila, sasia, zaborra, kabroia, alua, nazkagarri halakoa, kakazu burgesa, mukizu negartia, purtzila, ustela, zerria... (GIZONA lotzen eta jotzen bukatzen duenean, lurrean etzanda utzita, ANDREArengana doa; honekin goxo-goxo arituko da, aurreko gogorkeriarekin kontrastagarri gertatzen dela bere jarrera, eta hitz ezti eta leunekin ANDREA baretzen saiatuko da; bide batez, bere altzoan jarrita, bere oinpean eserita, laztantxo batzuk egingo dizkio, konfiantza eman nahiz edo) Zer duzu, pottola? Ez egin negarrik. Zer duzu hola negar egiteko? Nork egin dizu min? Ez zaude gustora? Ez zaude pozik? Ez egin negarrik, enetxoa. Ez duzu ondo pasatzen teatroan? Ez? Hori al da? Benetan? A! Badakit: ez zaizu aulkia gustatzen. Ez da erosoa? Esan egin behar zenuen. Lasai, berehalaxe konponduko dugu eta. Ez egin negarrik, polit hori. Sokak estutzen dizu? Sokak? Lasai, neska, oraintxe lasatuko dizkizut eta. (arnas estuka zegoen ANDREA, piskanaka lasaituz doa, sokena aipatu diotenetik batipat, eta zotinka jarraitzen badu ere ez du lehen bezalako histeriarik; AKTOREA, sokak askatzen ari zaion bitartean, ilea laztantzen, malkoak txukatzen eta horrela arituko zaio, kuttuntasun ikaragarriaz) Holaxe, sokak lasatuko dizkizut, eta ikusiko duzu zein ongi sentituko zaren ondoren. Orain hobeto? Bai? Baina ez guztiz, ezta? Nere neskatxa maitea, ez larritu. Oraindik ere estuegi dauzkazu agian? Bai? Hori ere ezin da ba, onartu. Lasai, oraintxe konponduko dugu. Askatu egingo dizkizut. Konforme? Askatu egingo zaitut. Eta txintxoa izango zara? txintxoa? (umeei bezalaxe hitz egiten dio) Hau da neska formal eta maitagarria. Holaxe, maitea. Ikusiko duzu gu biok zein ongi moldatuko garen. (Beatlesen “Lady Madona”ren euskal aldaera kantatzen du) Zuri erakutsiko dizkizut teatroaren sekretu guztiak; gu biok ibiliko gara antzerkiaren mundu majikoan zehar eta bere altxor izkutu guztiak deskubrituko ditugu, zoragarria izango da! Gezurrezko ilunabar zoragarriek liluratuko gaituzte, alegiazko oturuntzak egingo ditugu. Desertuan barrena bidaiatuko dugu ganbeluetan eta mundu itsusi honetako zera guztiak ahaztuko ditugu. (holaxe hizketan ari dela, eta laztanka, amodio eztitan urtzen ari diren bi maitale direla irudi lezake, baina AKTOREAk ANDREA guztiz askatu bezain laister, hau gainera datorkio besteari, jauzi batez, eta basapizti baten gisa hasten zaio atzamurka, joka, ahal duen moduan erasoka, orruka ere ari den bitartean. AKTOREAk ere defendatu egiten du bere burua, nola edo hala. Burruka hori ikustean, ordura arte ezer gutxi mugituz egon behar izan duen GIZONA ahal duen moduan mugitzen hasten da lurrean etzanda, besteengana hurbildu nahian, eta ezin hitzegin badezake ere eztarriko hotsak egiten saiatzen da. Azkenik, aldi luze samar batez burruka saio gogorrean eta oihuka aritu ondoren AKTOREAk egundoko kolpe bat emanez ANDREA beragandik metro batzuetara jaurtikitzea lortzen du. Harengana doa ondoren eta masaileko andana ematen dio, kupida gabe, haserre bizian iraintzen eta laidotzen duela) Puta, puta, puta, puta halakoa, puta nazkagarria, puta zikina, zerria, urdea, puta nazkagarri hori, hola ikasiko dun horren puta ez izaten, nazkagarri zikina, puta halakoa... (histeriko moduan dago AKTOREA, eta ANDREA tximetatik helduta arrastaka darama bere aulkia zegoen lekuraino; bertan lotu egiten du indarrez, ANDREAren negar etsien artean; hitz egiten segitzen du bitarte guzti horretan, ANDREAri bereziki aurrena, eta hau lotu ondoren biei, batera edo txandaka) Ostiaka ikasi beharko dun, ostiaka, zuekin ez dago beste biderik, animaliak baino okerragoak zarete, puta halakoa, puta nazkagarria, ea ikasten dunan behingoz zertan ari garen! Puta zaharra! (lotzen bukatzen duenean berriro zigorra eta erori zaion kapela hartu eta bi IKUSLEEN artean ibiliko da berriro ere, mehatxuti, gogor hitz eginez, beste biak bildurrak aidean dauden bitartean) Nazka ematen didazue. Bai: nazka, izugarrizko nazka. Ez duzue ezertarako balio. Ez dakizue ezer egiten eta ez didazue laguntzen uzten. Ez dakizue zer nahi duzuen ere. Mizkinak zarete eta harroak, baina ez nauzue engainatuko, ez: zuek bezalakoak ezagutzen ditut, oso ondo gainera. (geldiune labur bat egiten du) Oraindik ez dakit zer egin zuekin. Nik erakutsi egin nahi dizuet teatroa egiten, teatroaren misterioaz gozatzen, baina zuek ez duzue lagundu nahi. Ez duzue ezertxo ere ulertu eta zuei erasotu banizue bezala hartu duzue. Erasotu? Eta zertarako? Zer irabazten dut nik horrekin? Hik ez al dakik honi muxu emanez gero ez dela benetako muxua? (ANDREA lepondoko tximetatik heldu eta musu luze eta bortxatua ematen dio ahoan) Hik ez duk ikusten ostiko bat ez dela benetako ostiko? (ostiko galanta ematen dio lurrean segitzen duen GIZONAri; ondoren etsita, pazientzia haundia balu bezala hitz egingo du) Ai Jesus! Hau pazientzia behar duguna! Umeak bezalakoak zarete; edo okerragoak; dena egina eman behar. Kafesne zopak jaten ere ez zenukete asmatuko bakarrik. Eta hala ere lagundu egin nahi dizuet. Ez dakit zergatik baina lagundu egin nahi dizuet (GIZONA eta aulkia hartuta tente jartzen du hau eta GIZONA bertan eserita, ANDREAren aurrez aurre geratzen delarik; AKTOREA bere aldetik beste aulki batean esertzen da besteengandik metro batzuetara, beti bezala atzekoz aurrera) Tira: lehen bezalaxe gaude. Konturatu al zarete? Lehen bezalaxe. Orain bai, orain egingo duzue zeredozer, ezta? (ixilunea) Beste aukera bat eman nahi dizuet, ea oraingo hau aprobetxatzen duzuen; ez da horren zaila, ezta? Badakizue zer egin behar duzuen. (Ixilune luzeagoa; bitartean AKTOREA zigorrarekin zapata kantoian joka arituko da, erritmo jakin batean, erloju bat bailitzan) Benga ba, zain naukazue. Aktuatu! Ez? Begira: nik lagunduko dizuet; bat, bi, hiru esan, eta zuek antzezten hasiko zarete. Konforme? Ea bada: bat... bi... hiru... Akzion! (beste ixilune luzea; IKUSLEAK artega, eta AKTOREA ere bai, nonbait: hotzak bailegoen, besoak igurzten hasten da, eta handik piska batera zutitu egingo da, hizketan hasiz) Hozten ari naiz. Izotzezkoak zarete, jela baino hotzagoak eta ez duzue giroa epeltzen. Jokalari batek bere zeregina betetzen duenean kiskaltzen jartzen ditu bazterrak, ikusleak, dena. Baina zuek ez duzue ezertarako balio, sua ere izoztu egingo zenukete zuek. Epeltzen ere ez dakizue eta ni hotzak amorratzen nago. (hori esaten duela txokora doa, handik gabardina zuri bat hartzen du, papar zabalak dituena, eta jantzi egiten du, lotu gabe, kamixeta hutsaren gainean; berriz ere inguruan jira biraka hasten zaie, aurrena isilik eta handik piska batera hizketan hasiz) Agian, zuek pentsatuko duzue ezin aktua daitekeela horrela, zuen egoera horretan. (GIZONAri besotik helduz) Hi mutu, ahoa ezin zabaldurik, ezin itxirik hobeto esanda. (izututa eta erdi negarrez jarraitzen duen ANDREAgana joanez) Beste hau berriz, erdi histeriko, arnasa hartu ezinda, eta biok eskuak lotuta, aulkiari josita. Hori ez da prolema! Mila bide dituzue oraindik ere ikuslea kilikatzeko, bere arreta zuenganatzeko, sentimendu eta sentsazio berriak eragiteko; milaka sorpresa eskein diezaiokezue zuen aurrekoari, edo neri, zergatik ez? Ez duzue sinisten? Ez? Imajinazio eskasekoak izan! Dena zuku zuku eginda eman behar zaizue. Ez zarete gauza ezer berririk asmatzeko. Hau ez da telebista, hau antzerkia da, antzerkia! Utzi alde batera mozolokeria eta jarri lanean zuen burumuinak. Adibidez hik (GIZONAren alboan kuzkurtuta jarriz) gauza asko egin hezake horrela egonda ere ahoaz, askatu ere egin gabe. Zer, ez duk uste? Horregatik begiratzen didak betosko horrekin? (berriro zutitu eta GIZONAren inguruan ibiliz) Gizonak edozer, edozein gauza espresa dezake eta nahi duen moduan gainera, hortxe dituk bestela begiak, belarriak, hankak, titiak, gerria... Baina itzul gaitezen berriro ahora. Zertarako balio dik ahoak? Hitz egiteko besterik ez? Ez horixe. Zer egin hezake adibidez hik, aho horrekin? (poliki hitz egiten du, galdera eta erantzunen artean tarteak utzitz eta) Muxu eman? Ez. Kantatu? Ezta. Kosk egin? Nekez. Baina... bai, hori bai! (Geratu egiten da bapatean, pentsati geldituz) Hara: zera egin behar duk (GIZONAren ondoan makurtu eta belarrira hitz egiten dio, gauzaren bat azalduz, guk entzuten ez dugula; GIZONAk, proposatzen diotena aditu eta ulertu duenean, ezetz egiten du gogorki buruaz, ahal duen guztia mugituz) Ezetz? Zer diok baina? Ezetz? Oso polita da eta. (GIZONAk ezezka jarraitzen du buruaz) Nola ezetz? Egin egin beharko duk ba! Nik agintzen diat. Egiteko! Laguna akabatuko diat bestela. (zigorrarekin ANDREAri lepoa estutzen dio atzetik helduta, ito larrian utziz, bere aurpegiera eta intzirietan nabari zaionez) Egin ezak azkar laguna bizirik ikusi nahi baduk. Bizkor, bizkor! (GIZONAk ezetz esaten segitzen du baina gero eta motelago; azkenik, mehatxupean aulki eta guzti bizkarrean hartuta altxatu eta ANDREArengana doa; honen aurrean belauniko geratu eta bapatean burua hankatartean sartzen dio, indarrez, amorratuta; ANDREAk gona darama, eta gona azpian GIZONAren burua antzematean izutu egiten da, hankak mugitzen ditu GIZONAgandik askatu nahian eta garraisika hasten da, gero eta ozenago, gero eta deihadar zalapartatsuagoetan; GIZONAk aztarrika segitzen du, eta AKTOREAk lepotik heldu eta beste musuzapi bat atera ondoren ANDREAri lotzen dio, GIZONAri bezalaxe, oihuka aritzea galeraziz, bera ere builaka ari zaion bitartean) Ixo! Ixilik! ixiltzeko esan dinat! Puñeta, ixilduko al haiz behingoz! (azkenik, ANDREAk hankak mugitzen segitzen badu ere, GIZONAk bere helburua lortzen du: kuleroak kentzen dizkio, hortzekin tiraka aritu ondoren; kuleroak hortzetan dituela belauniko geratzen da ANDREAren oinetan, aulkia bizkarrean; ANDREA bitartean negar malkotan, eta ahal duen moduan intzirika, aulkian erdi eserita, kuleroak kentzeko tirabira horietan lekuz mugituta geratu baita. AKTOREAk kuleroak eskuetan hartuko ditu, GIZONAren hortzetatik, eta honi laguntasunezko kolpetxoak emango dizkio bizkar eta buruan) Hi haiz hi nere zakur zintzoa, nere zakur leial eta fidela. Oso ederki bete duk hire lana, eta hezur eder bat emango diat gero; bai? (kulero zuria sudurrera eramaten du eta usai egiten du, sakonki; zorionezko aurpegia jartzen du) A! Hau lurrin zoragarria! Hau krabelin moreen usaia! Hau goizeko ihintzak freskatutako loreen gozoa! (begi aurrean jartzen ditu kuleroak, hortzak eta direla medio urratu samarturik) Lastima, puskatu samartuta egotea. Gaur gauean jantziko ditut. Ondo geratuko zaizkidala iruditzen zait; ez duzue uste? (burutik sartzen ditu eta lepo inguruan bilduta uzten ditu, apaingarri gisa; berriro hasten da jira-biraka) Ikusi duzue, ikusi duzue zenbat gauza egin daitekeen bitarteko gutxi izanda? Gorputza bera nahikoa izaten da, beste lagungarririk gabe. Baita gorputz zati bat ere. Eta egin dugun hau bezalaxe, beste ekintza ugari ere egin genitzake, holakoak edo bestelakoak. Gorputzak mila aukera eskeintzen du. Ez duzue pentsatzen? Ez zaizue ezer bururatzen...? Ez duzue inolako susmorik buruan jiraka, edo sabelean kilika? (eseri egiten da berriro, eta mespretxu keinu bat egin) Seguru seguru sexu kontuak dituzuela gogoan. Orain kuleroen ordez sostena kendu eraziko ote dinadan, edo honi prakak jeitsi gero hik pistola jateko, edo bioi zigor hau sartuko ote dizuedan... txerrikeriak, txerrikeriak besterik ez. Egia da bai, sexua dela gure bizitzaren motorea, eragile nagusia, egia da artean ez dagoela hobeto funtzionatzen duen gairik; denok horretan berdintsu jokatzen dugu. Baina ez; errekurtso errazegia da, gehiegitan erabilia. Ez luke meriturik izango beti horrekin gora eta behera arituko bagina; beste zerbait asmatu beharra dago. Baina zer? Zuei utzi beharko nizueke nahi duzuena antzezten, gustokoen duzuena errepresentatzen, baina ez dakit ezer asmatuko duzuen. Susmoa dut berriz ere geldirik geratuko zaretela (hiruren ixilaldi eta geldialdia) Susmoa dut berriro ere mutu geratuko zaretela (beste ixilune bat; prakak arremangatzen hasten da, eta bota militarrak dituela ikusten da) Nik ere, ez daukat ba gauza gehiago asmatzen aritzeko gogo haundirik (asperdura ahotsezari da) Nekatuta nago honez gero. Gogorra da aktore lana, oso gogorra. Zuek ere konturatuko zineten. Une oroz adi egon behar duzu, oihala altxatzen denetik erne, zer gertatuko zain, edo hobeki esanda norberak kontrolatuz gertatuko dena. Azkenerako nekatu egiten zara; nazkatu ez baina bai nekatu. Nik ere, lasaitu ederra hartuko nuke orain bota hauek kenduz gero, baina egundoko alferkeria dut sokak askatzen hasteko.(w«e batzuez geldirik egon, ANDREAri begiratu eta esaten du) Hik askatuko al dizkidan? Bai, hik. (ANDREA ez da zirkinik mugitzen) Hik askatuko dizkidan, ezta? (azken esaldietako doinu goxoa utzi eta zakar orain) Hator! Etortzeko esan dinat! (ANDREAk bildurtuta begiratzen dio; AKTOREA harengana doa eta. aulki eta guzti lurrera botatzen du, bera zegoen aulkiaren aurrean) Askatzeko esan dinat eta askatu egin beharko ditun! Nahikoa agoantatu haut eta hemendik aurrera nik esana egin beharko dun. (ANDREAri ahoko zapia askatu ondoren eseri egiten da, eta halako jauntxo jarrera bat hartzen du, hanka bat bestearen gainean jarrita; gogor) Askatu! (ANDREA belauniko eta kuzkurtuta dago aurrean, burua makurtuta, negarrez) Hasi! (ixilunea) Hasteko esan dinat, bestela lepoa bihurrituko dinat! (hori esanaz beste behin lepondoko tximetatik heltzen dio, burua atzerantz eramaten diolarik, begiak sutan begiratzen diola) Akabatu egingo haut oraintxe bertan hasten ez bahaiz. (ANDREA sokak askatzen hasten zaio, zakurren moduan, horzka; horretan ari den bitartean, AKTOREAk kantari jardungo du, doinu alai bat —Aldapeko Sagarraren, Pasaiako herritik, Bizkaiko aberatsak...— txistuka edo marmarka darabilela [3]; bota bateko lokarriekin bukatzean bestekoekin segituko dute, eta amaitzean ANDREA arnas estuka geratzen da, belauniko eta kuzkurtuta, lotsaz eta laidoaz burumakur; GIZONA mugitzen saiatzen da, baina aulki eta guzti erortzea besterik ez du lortzen; AKTOREAk begiratu egiten dio orduan eta errukizko irrifarrea eskeini; ondoren publiko aldera —benetako publikoaren aldera— begira jarrita, botak kentzen hasten da, patxara oso-osoaz) Aaa!!! Hau lasaitua hartu dudana! (hitz egitean IKUSLEEI zuzentzen zaie) Ezin duzue imajinatu ere egin. Hau lasaitua, hau. Behar nuen, egia esan; bota horiek estuegi dauzkat. (behatzak mugituz eta haiei begira) Zein gustora sentitzen ditudan orain oinak, libro libro. Zikin samarrak ditut baina. Egia esan, garbitu eder baten beharrean daude aspaldi honetan. (oin bat bururantz hurbiltzen du) Usainik ere ez zaie falta. Ura beharko nuke orain, palangana batean, eta jaboia ere bai. Bueno, jaboia ez da horren beharrezkoa. Urarekin eta garbiontzi batekin nahikoa nuke. Baina, tamalez, hemen ez dago urik, ez palanganarik. Hala ere, ez dezagun etsi. (altxatu egiten da eta IKUSLEEN artean dabil, halako doinu maltzur batez mintzo zaiela) Badakizue non lor daitekeen guzti hori? Ez? Nik ere ez. Ez dut uste hemen aurkituko ditugunik ura eta palangana; baina ez dezagun ahaztu teatroan gaudela. Teatroan dena da posible: poxpolo bat izugarrizko sutea izan daiteke, ezpata bat Kosakoen zalduneria, adreilu bat Berlingo murrua edo txirula bat Londongo Filarmonika. Imajinazioa behar da, imajinazioa. Hasteko, sintetizatzeko ahalmena. Ura eta palangana behar ditudala diodanean, benetako ura eta palangana behar ditut? Eeez. Jakina. Zer da orduan benetan beharrezko dudana? Bada, ontzi bat, nik oinak sartu eta freskatzeko. Eztala? Teatroan edozein gauza eskura daiteke, bitarteko haundirik gabe, hartara jartzen bagara eta zer nahi dugun ondo baldin badakigu. Nik oinak freskatu nahi ditut. Ez zaizue ezer bururatzen? Ez? Ezertxo ere ez? (guzti hauek pausa artean esaten ditu) Nik ezagutzen dut ba, txoko bat busti busti eginda dagoena; halaxe zegoen behintzat lehenxeago, eta oso perfumatuta gainera. (hori esatean lepoan bildurik duen kuleroa ikutu eta ANDREAri begira geratzen da, gaiztakeria keinu batez) Zer? Oraindik ere ez dun asmatu? Oraindik ere ez? Benetan? (ANDREA, izugarrizko bildurra aurpegian, ezezka egiten hasten da buruaz, baina datorkiona susmatuz; geroxeago bere protesta mutuak ozen bihurtuko dira, eta garraisika eta deihadarka hasiko da, sekula baino indartsuago)

ANDREA: Ez! Ez! Ez! Ez! Ez! Ez! Ez! Ez!

AKTOREA: (ANDREA builaka hastean harengana doa AKTOREA [4] eta lehen bezalaxe zapi zuria lotzen dio ahoaren inguruan leporaino, hitz egitea galeraziz; hori zakarkeriaz egiten badu ere, ez du ANDREA jo, tximetatik tiratzea salbu; ANDREA builaka hastearekin bat berak ere oihuka erantzungo dio, eta oihuka segituko du zapia lotzen ari zaion bitartean eta baita lotu ondoren ere; histeriko agertuko da, baina ez haserre, errukarri gisa baizik, hau da, gaineroek konprenitzen ez duten giza gaisoa bailitzan) Bai! Bai! Bai! Bai! Zergatik ez ba? Esan! Zergatik ez? Ez al dut eskubiderik? Ez al dut oinak freskatzeko eskubiderik ere? Ez al dun ikusten oinak freskatu behar ditudala? Ez al duzue ikusten? Ze pertsona klase zarete zuek? Ez al duzue errukirik? Niganako erruki apurrik ere ez al dun? Ez al dion edaten emango egarri denari? Ni ere egarri naun ba, bestelako egarriz. (bitartean, aulkia bizkarrean belauniko zegoen ANDREAri izterrak zabalerazi eta hankartean oin bat sartzen dio AKTOREAk, ondoren gora eta behera, batera eta bestera erabiliz, sekulako atsegin itxura duela aurpegian) Ai, hau plazerra, hau gustoa, zein goxo, zein epel, ze gustora nagoen! (guzti hau ikustean, GIZONA belauniko, ahal duen moduan AKTOREArengana abiatzen da, kontra egiteko asmotan edo; aski hurbildu denean, AKTOREAk egundoko ostikoa eman —horretarako beste zeregina, oinak freskatzearena, une batez utziaz—, eta horretan berriz berehala hasten bada ere, horrez gero ez dio lehengo atseginik antzemango eta laister utziko du; berriz ere haserre hitzegingo du GIZONArena gertatzean) Oinak lasai freskatzen ere ez al didazue utziko? Zuek ez duzue bihotzik. Aktore bat ikusi, lanaren lanaz leher eginda, izerdi patsetan, atseden txiki bat behar duela, eta behatzak freskatzeko ur tantarik ere ez zeniokete emango, bihotz gogorrok! Zekenak halakoak! Ez duzue errukiaren arrastorik ere (ANDREA indarrez, kolpe batez, lurrera botatzen du beragandik urruti) Nazka ematen didazue, nazka! Ez duzue bizitzea ere merezi. Zakurrak eta zerriak ere zuek baino eskuzabalagoak dira, zuek baino adimentsuagoak. (jopuen gisa lurrean etzanda dauden bi IKUSLEEN artean esertzen da aulkian, beti bezala atzekoz aurrera; hemendik aurrera makalago arituko da, kemen gutxiagoz, adorea eta gogoa bukatu balitzaizkio bezala, hitz egin ere polikiago egiten duelarik) Ez dakit zer egin daitekeen zuekin. Ez dakit zer egin. Ez duzue ezertan lagundu nahi. (esaldien arteko ohizko pausaldia baino luzeagoa) Esazue zerbait! (pausaldia) Mugi zaitezte! (pausaldia) Alferrik da. (beste pausaldi bat; AKTOREAk eskularru beltzak jazten ditu bitarte horretan) Aspertu naiz zuekin. Aspertu egin nauzue. Ez dakit zenbat denbora daramadan zuei erakutsi nahian, aukera mordoa eskeiniz, adibideak jarriz, praktikak eginez, eta ez duzue hala ere ezertxo ere ikasi. Eztarria eta gorputza izorratu zuen on beharrez eta esker txarra besterik ez dut jaso. Nazkatu arte aritu zuei gauzak erakusten eta ezer ikasi ez. Ez dakit nola ez duzuen lotsarik. Sikira antzerki bat nola bukatzen den asmatuko bazenute...! (piska batean gelditu eta jarrera aktiboa hartzen du berriro ere) Nola bukatzen da antzerki bat? Esan: nola bukatzen da? (builaka hasiz) Nola bukatzen da antzerki bat? Esateko nola bukatzen den! (AKTOREA ere belauniko jartzen da zoruan, eta etzanda dauden bi IKUSLEENGANA doa, aurrena batengana, gero bestearengana; biak belauniko jartzen ditu; AKTOREAk belauniko segitzen du, eta GIZONA eta ANDREA, bultzaka eta tiraka elkarrengana biltzen ditu, bata bestearen ondoan utziz, eta bien alboan, biei lepotik, besotik, gerritik helduz, AKTOREA hizketan arituko zaiela) Antzerki bat nola bukatzen den behintzat asmatu egin behar duzue eta zeuek izango zarete honi amaiera jarriko diozuenak, zeuek! (hori elkartzen dituen bitartean esaten die; behin elkartuta, hirurak belauniko) Zuek ez duzue inoiz pelikularik ikusi? Ez? Bai, ezta? Eta nola bukatzen dira? (ero samar dirudi AKTOREAk) Nola bukatzen dira alde guztietatik maitasuna darien pelikula horiek? E? Esan, esazue! (txandaka biei begira) Ez dakizue nola bukatzen diren? Bai, ezta? Bai, horixe, hori da: muxu batez. Muxu batez bukatzen dira; muxu luxe, sakon eta sarkor batez. Eta hau ere ez al da maitasunezko antzerkia izan? Ez al zuen maitasuna alde guztietatik borborka eta gainezka? Halaxe bukatuko dugu guk ere orduan; eztala? Konforme zaudete? Bai? Hasi bada! (geldiunea) Benga bada, hasi! (gero eta ozenago hitz eginez) Elkartu! Elkartzeko! (beste geldiune bat) Eman muxu elkarri (IKUSLEAK ez dira mugitzen; azkenik AKTOREAk berak iletatik hartzen ditu bi IKUSLEAK eta elkartzen laguntzen die. Aho bazterrak lepoarekin lotzen dituen zapi bat dutenez, ezpainak eta hortzak agerian eta bestearenak ikutzeko moduan baldin badauzkate ere ezin dituzte mugitu, eta ezin dezakete beraz, benetako muxurik eman. AKTOREAk bi buruak elkartzean bi ahoak ere bata bestearen kontra estutzen dizkie, era nazkagarri samar batez. AKTOREAk ere bere ahoa, besteenetara elkartzen du, bere mihia ere kanpora atereaz; azkenerako IKUSLEETAKO bat aurrena, bestea ondoren, —ez du ajola haundirik zein den lehendabizikoa—, botaka hasiko dira, gonbitolarrika alegia, elkarren gainera, elkar zikinduz; une horretan, AKTOREAk estasi mistiko batean bezala, oihuka esango du) Hau da amodioa, hau da gorrotoa!

 

oihala erori, baldin balego;

 

argiak itzali eta amaitu da

 

 

 

[1]  Une honetan aktoreak, patxara osoz eta ikusleei begira zigarro paketea atera dezake eta zigarro bat ezpainetara eramanda beste poltsiko batetik poxpoloak atera eta piztu, zigarroa erretzen eta kea botatzen hasiz, ikusleen ezinegona areagotuz.

[2]  Lehen zigarroa piztu badu oraintxe itzaliko du, zigarrokina behegainera jaurtiki eta zapata zolaz zapalduz.

[3]  Bigarren zigarro bat piz dezake oraingoan, lehen bezalaxe, hautsa neskaren gainean erortzen utziz eta kearekin marrazki jostalariak egiten saiatuz.

[4]  Bigarren zigarroa piztu badu hauxe da itzaltzeko une egokia, lehen bezala zapalduz, zanpatze honetan gogorkeria bereziz begiratzen diola neskari.