Hilerri itxia
Xabier Mendiguren
Hilerri itxia
Xabier Mendiguren
Euskaltzaindia, 1995
Hilerri itxia
Xabier Mendiguren
Euskaltzaindia, 1995
[aurkibidea]

 

(Lanean ari direla, palaz eta. Pikatxoiaz ere bai aldian behin)

 

G: Zer egingo ote dute gero hemen? (gelditu gabe)

Z: (gelditu, pauso batzuk eman, koska batean eseri, izerdia kopetatik kendu; lasai) Edozer gauza.

G: Etxebizitzak...

Z: Auskalo...

G: Nik ez nuke ba hemen bizi nahiko.

Z: Beldurra ala? (makurtu eta poltsa batetik zahatoa ateratzen du)

G: Beldurra ere ez baina, ez dakit, hainbeste hildako egon diren tokian...

Z: Hildakoek ez ditek inoiz okerrik egiten. Bizidunak dituk horretan makurrak.

G: Bai baina, niri, kanposantuek beti eman didate halako zer bat... hotzikara edo.

Z: Seinale ez haizela askotan egon.

G: Zu bai ala?

Z: Ni? (zahatotik edan, labur) Atzealde horretan zegoen etxe batean bizi gintuan gu txikitan, aspaldi bota zuten baina. Eta hementxe ibiltzen gintuan gu jolasean.

G: A zer tokia!

Z: Orduan horrenbeste jenderik ere ez ta... Batzuetan baloia erortzen zitzaigulako, besteetan berriz ezkutaketan sartzen ginelako. Joxe Mukiren baratza esaten genion, Joxe Muki zelako orduan lurperatzailea. Hura ere aspaldi sartu zuten lurpean baina.

G: Umorea behar da gero.

Z: Lurperatzaile izateko? Lanbide txukun askoa. Herriaren kontura gainera...

G: Ez, ez: hemen jolasean ibiltzeko.

Z: Zer uste duk ba? Eskolan baino gustorago! (pixka batean zutitu eta inguruan ibili; aurki eseriko da berriz) Gainera, kanposantu zahar honetan ez ditek inor sartu joan deneko hamabost urtean, berria egin zutenetik.

G: Hala ere...

Z: (zahatoa eskainiz) Nahi al duk?

G: Ez, eskerrik asko.

Z: Hi ere, ez edan, ez erre, ez ezer egiten ez duten horietakoa al haiz?

G: Ez baina...

Z: Hortaz?

G: Zera... Lanean nola ari garen, ba...

Z: Ta? Uztak lana behingoz eta etor hadi trago bat edatera.

G: (momentu batez gelditu eta z-ri begira) Baina kapatazak esan digu...

Z: Bost axola zer dioen kapatazak. Hator hona motell.

G: (inguruetara begiratu ostean, z-gana) Zuri bai, bost axola, fijoa zara-eta (zahatoa hartu eta trago bat egiten du; gero z-ri itzuli).

Z: Fijo? Kanposanturako gaituk gu denok fijo.

G: Ni ebentual hartu naute, eta badakizu... haien gustoko lana egiten ez baduzu, kalera.

Z: (tragoa egin ondoren) Lana beltz egin behar, e?

G: Beharko. Lan hau batez ere...

Z: Lan guztiak dituk beltzak, motell. Eta lepo-zuriek egiten dituztenak beltzenak.

G: Bueno, berriz hasi beharko... (lanari ekiteko keinuz)

Z: Hago lasai motell, kapataza ez duk etorriko eta.

G: Gaur bertan, edozein momentutan etorriko zela esan zigun, tarte libre bat izanez gero.

Z: Beti esaten dik hori.

G: Baina etor liteke.

Z: Hona ez.

G: Oso seguru esan duzu...

Z: Bai horixe.

G: Zer ba?

Z: Historia zaharra da. Bueno, ez hain zaharra ere, hamar bat urte. Holakoak ahaztu egiten ditu jendeak baina...

G: (lanera bueltatuz) Beste batean kontatuko didazu.

Z: Ez, ez, ez. Oraintxe kontatuko diat. Enpresa honetan geratzen bahaiz holakoak jakitea komeni zaik eta, badaezpada...

G: (urduri, erlojuari begiratzen dio, gero eseri beste koska batean, z-ren aurrean) Esan ba, ea lehenbailehen bukatzen duzun.

Z: Orain hamar urte izan zen bai, ez zait erraz ahaztuko. Eta kapatazari ere ez. Biok baikinen han, lekuko bakar. Eta oraindik bera hemen dago (zutitu eta hilobi erdi porrokatuetan begira hasten da).

G: Hemen? Kapataza?

Z: Ez, motell, ez. (bere artean) Non zen? Hemen nonbait behar du ba. Dena hankaz gora dago baina... hemen, ez, hor atzean, ea... Hara. Hementxe: (poliki irakurriz) Manuel Pereiro Couce. Izena ere gaizki jarri zioten. Berak askotan esaten zigun Manoel zela, eta ez Manuel.

G: (atzetik doakiola) Gallegoa?

Z: Ez, portugesa. Honengatik ez da kapataza hona etorriko. Manoel gizajoa mutu badago ere, haren hezur bakar bat hemen dagoen bitartean kapatazari ez zaio ahaztuko egun hartan gertatutakoa.

G: Zer gertatu zen ba?

Z: Subkontrata batean ari ginen, eta kapatazak presa sartu zigun, azkar egin behar zela eta azkar egin behar zela. Halako egunetarako bukatzen bagenuen diru puska ederra izango zian beretzat edo.

G: Hori normala da alde batera.

Z: Normala, bai, baina guri berdin ordaintzen ziguten, eta hantxe zebilen akuiluarekin, atzetik zirika. Zortzi ordu egin eta segi egin behar genuela, hamar egin eta segi egin behar genuela, segi eta segi, beti berdin.

G: Ordu estrak ordainduko zizkizueten ba?

Z: Ez denak.

G: Eta inork ez zuen protestatu?

Z: Beldurra zegoan, beldurra. Batzuek gehiago beste batzuek baino. Baina azkenerako denak nazkatu eta planto eman genion. Hasieran gogor egin nahi izan zigun baina gu firme, greba egingo genuela hura konpontzen ez bazen.

G: Eta etsi zuen?

Z: Etsi zian, bai, edo etsi zuela ematen zian, baina azal zuria eta gogorra izan horrek, gogorra benetan zerri halakoak...

G: Zer egin zuen ba?

Z: Manoel gizarajoa, portugesa baitzen, eta diru beharrean familiarentzako etxea erosi nahi zuelako, aparte hartu zuen kapatazak itxura denez, aparte hartu eta estutu. Estutu egingo zuen, bestela ez da ulertzekoa guk geurea bukatu eta gero berak orduak sartu eta orduak sartu segitzea, eta ordu horiek kobratu gabe seguru asko.

G: Eta sindikatuak ez al zuen ezer esan?

Z: Estranjeroa nola zen, ba, sindikatura jotzeko beldurrez egongo zen, eta gu ere ez ginen gehiegi kezkatu nola ote zebilen. Hor konpon kanpotarrak esaten genian.

G: Ya.

Z: Ez zegok ondo, bazekiat ondo ez dagoena, baina geure buruaz arduratzen nahiko lan eta ezin hasiko gaituk orain besterenak konpontzen. Holaxe esaten genian. Gero damutu ere bai, ederki damutu ere... (bakarrizketa giro zerbait hemendik aurrera) Ilunabarrean izan zen, gauez ia-ia. Guk turnoak nola lortu genituen, afari-merienda egin ondoren joan nintzen. Eta Manoel han ari zen, leher eginda, goizeko seietatik gelditu gabe. Kapataza joan-etorrian ibiltzen zen, bi turnoak kontrolatzeko, eta Manoelek haren baimenik gabe joan nahi ez. Bederatziak-bederatzi t’erdiak inguru izango zen, nik ez neukan erlojurik. Kapataza etorri zen eta Manoelek bazihoala esan zion. Nik ez nion aditu baina holako zeozer esango zion, kapatazak beste adreilu-karretila bat igotzeko esan baitzion. Orain gruaz egiten dugu beti hori, baina orduan eskuz ere bai askotan. Garbi aditu nion Manoeli esaten “Non poido mais, non poido mais”, larri zegoenean ahaztu egiten baitzitzaion gaztelania, eta kapatazak berriz hura izango zela azkena, hura igotzeko eta etxera joan zitekeela gero, goxo esaten zion gainera, agintzen duenak dakien goxotasun gogor horrekin. Hasi zen igotzen ba, eta ni begira geratu nintzen, ez dakit zergatik baina hantxe begira, gertatu behar zuenari aurretik antzeman banio bezala. Nik ez dut sorginkeria horietan sinesten baina bazen zeozer airean, usaina eta guzti zuena, kapataza ere adi baitzegoen, hura ere hari begira. Laugarren pisura igo behar zuen, eta hirugarrenean zegoela, erdi koloka utzitako ohol batzuen gainetik pasatzean, balantx egin zuen karretilak alde batera, kargatuegi; adreilu batzuk erori ziren; bera orduan, adreilu gehiago ez erortzeko kontrapisu moduan beste alderantz jiratu, gehiegi nonbait eta, “Manoel” esateko ahoa zabaltzen ari nintzela... Aaa! (begiak estaliz, geldiunea; gero, klimaxa iragan dela nabarmen, geldiago, lasaiago, argia ere lehenera itzultzen dela) Gure ondo-ondoan erori zuan, kapatazaren eta nire artean, erdi-erdian. Biok joan gintuan harengana korrika, arrapaladan. Kapataza lehenago iritsi zuan, ni ondotik, baina garbi-garbi aditu nitian Manoelen hitzak, azkenak: “Non poido mais”. Ez zian besterik esan, baina hitz haiek, oinazezko aurpegi hura ez zaizkidak sekulan ahaztuko; eta kapatazari ere ez, nik uste. Berehala etorri zituan beste langile guztiak, eta handik laster anbulantzia, baina alferrik zen dena, den-dena alferrik...

G: Eta ez zen izan juiziorik, protestarik...?

Z: Hasieran protestatu genian baina gero... Manoelek ez zian paperik eta erraxa zuan enpresaren kontra jotzea, baina orduan gu denok ere lanik gabe geratuko gintuan eta... Gainera, nola portugesa zen, ba, eta nola beti esaten genuen ez genuela atzerritarrik nahi, merkeago lan egiten zutelako eta... Nik aurrena mehatxu egin nion kapatazari, gogor egingo geniela eta, baina azkenean enpresarekin tratua egin eta dena estalita geratu zuan. Koldarrak izan gu.

G: Eta familiak, ez al zuen ezer esan?

Z: Familiak? Gizarajoak... Erdaraz ondo ikasi ez zuen emakumea eta bi mukizu... Zer egin ez zekitela zeuden. Manoel ilegal zegoela eta nola Seguridade Sozialik ez zeukan, indemnizazio koxkor bat eman eta kitto. Juxtu-juxtu ailegatuko zitzaien Portugalera iristeko lain. Langileen artean ere bildu genian zeozer, baina asko ez, egia esan. Denok lehenbailehen ahaztu nahi genian kontu guztia, izan ez balitz bezala. Pena bakarra, Manoel hemen utzi beharra, Portugaleraino eramatea garestiegi zela eta. Uste dut beste behin etorri zela alarguna, urteurrenean, meza jarri eta hilobira lore batzuk ekartzeko. Ordurako kanposantu berria zabalduta zegoen, hemen ez baitzen hildako gehiago sartzen.

G: (biak puska batean isilik egon ondoren) Tristea da. (zutik jartzen dela)

Z: (eserita, pentsakor) Oso.

G: (hilobi ondoan pasatu eta begiratuaz; pala hartu) Guk ere ez ahal dugu hola bukatuko!

Z: Nola? Zulo batean? Seguru baietz.

G: (berriz lanean, eta hala segituko) Ez, obra batetik erori eta kristo eginda.

Z: Zenbat eta lan gutxiago egin, orduan eta arrisku txikiagoa. (pixkana zutituaz)

G: Ezin egongo gara ba egun osoan potrojorran. Kapataza etorriz gero...

Z: Esan diat, horrek ez dik hona etorri nahiko. (lanean hasiz, baina ez gogorregi)

G: Honezkero ahaztuko zitzaion kontu hori dena. Urte asko dira.

Z: Beharbada bai. Baina harrezkero jende gutxi behar den obretara bidaltzen naute beti. Horrek kontsolatzen nau.

G: Kanposantu honetara, esate baterako.

Z: Esate baterako, bai; gogo gutxi kapatazak ni ikusteko, eta nik bera gutxiago.

G: (momentu batez burua altxatu eta zapi batez izerdia kenduz) Eta ni? Zergatik uste duzu bidali nautela?

Z: Ez zekiat. Baten bat indartsua nahiko zitean eta hi nola gaztea haizen.

G: (hilarri bat altxatu nahi eta ezinik, hortzak estutuz) Ez dakit ba. Hau behintzat ezin altxatu...

Z: Itxoin ezak, itxoin ezak. Ea bion artean... (harenganantz)

G: (lehengo tokian uzten du hilarria) Hala beharko du bai. Izugarri pisatzen du.

Z: Marmol asko sartuko zitean eta. Ez zuan edozein izango. Jauntxoren bat edo, dama printzipalen bat edo...

G: Zena zela, guri bost axola.

Z: Bai, gainera, beste guztiek bezala bukatu zian.

G: Bat, bi eta hiru esandakoan altxatuko diagu...

Z: Itxoin ezak, itxoin ezak...

G: Zer behar duzu orain...

Z: Nor ote zen edo, ez al dik ezer jartzen? Nik gertuko betaurrekoak behar ditut eta.

G: Hemen ez da ezer ikusten.

Z: Dena zerri eginda zegok eta. Garbitu egin beharko diagu zertxobait...

 

(trapuekin makurtuta garbitzen jardungo dute aldi batez)

 

Z: Zaila zegok e!

G: Ez dago erraza, ez.

Z: Harri galanta jarri bai, baina geroztik ez zaiok inor garbitzera inguratu...

G: (izenari antzematen hasia, kostata bezala irakurriz) Ma-ri-a Con-so...

Z: Consumición...

G: Ez, ez: Consolación...

Z: Nik bista txarra zeukaat eta.

G: ... E-ros-tar-be.

Z: Nire lehengusu bat bezala.

G: Ez duzu ba familiakoa izango?

Z: Ez zekiat. Aber, aber... Ez, ez diat uste, nik behintzat ez diat gogoratzen izeba Konsuelo edo Kontxurik, ez diat uste...

G: Eta bigarrena...

Z: Ea bigarrena...

G: A-gi-rre-za-ba-la.

Z: Agirrezabala, Agirrezabala...

G: Ezaguna al zenuen?

Z: Agirrezabala, Erostarte Agirrezabala...

G: (zutituz, hilarriari berriro heltzen diola) Berdin da. Zena zela ere, orain ez da hezur pila bat baizik.

Z: Itxoin, itxoin! Agirrezabala... Ez al dira Agirrezabala zerekoak...

G: Hobeto esplikatzen ez baduzu...

Z: Bai, motell: Plaza Berrian denda xixtrin bat dutenak.

G: Entxufeak eta saltzen dituena...?

Z: Bai: huraxe!

G: Ez, hura Agirrezabalaga da.

Z: Seguru?

G: Bai, bai. Seme-alabetako bat nirekin ibili zen eskolan: Migel Anjel Agirrezabalaga.

Z: Orduan ezer ez.

G: Denok Agirre esaten genion. Bestela luzeegia zen eta.

Z: (hau ere zutitu eta hilarriari izkina batetik eusten diola; bere artean) Erostarbe Agirrezabala...

G: Kanpora joan zen ikastera. Bat, bi eta hiru... (altxatzen hasten direla, hortz artean orain) Gero uste dut bankuren batean enpleatu zela.

Z: Itxoin, itxoin, itxoin.

G: Zer behar duzu orain?

Z: Utzi harria, uztak... (bere aldetik uzten duela)

G: (berak ere utzi) Baina zer...? Ia-ia altxatuta geneukan eta.

Z: Urtea.

G: Zer?

Z: Ze urtetan hil zen jakin nahi diat (trapuaz eta makurtuta garbiketan berriro)

G: Zer demontretarako...?

Z: Nor zen jakin nahi diat.

G: Zergatik?

Z: Hargatik.

G: Gero bere hezur guztiak bota egingo ditugu eta...

Z: Begira, hementxe-hementxe: mila bederatziehun eta...

G: Hogei.

Z: Ni baino hamabi urte zaharragoa... Hau nola da?

G: Zer?

Z: Numero hau: txotxa aurrena eta ekisa gero...

G: Bederatzi.

Z: Baina zein hilabete?

G: (bere artean kontatzen aurrena, ozenki gero) Hamaika azaroa, hamar urria... Iraila, iraila da.

Z: Irailaren...

G: Hogeita hiru.

Z: Irailaren hogeita hiruan jaioa. Eta hil?

G: Hil? (makurtu ikusteko eta berriro altxatu) Hirurogeita hamabosteko ekainaren seian. Nire arreba bezala.

Z: Ekainaren seian hil al zen?

G: Ez, ez: jaio.

Z: A, bueno. Ba hau hirurogeita... zenbat esan duk?

G: Hirurogeita hamabost.

Z: Hirurogeita hamabosteko ekainaren seian hil zen.

G: Eta ba al dakizu zein zen?

Z: Ba... ez, ez zekiat.

G: Eta horretarako hainbeste kontu? Tira, ea altxatzen dugun behingoz.

Z: Berrogeita hamalau urterekin hil zuan, gaztea oraindik.

G: Bagara edo ez gara?

Z: Bai, bai... Erostarbe, Agirrezabala, Maria Consolación... (altxatzen hasten da, etsita, baina bat-batean berriro harri gainera makurtu) Itxoin itxoin itxoin.

G: (aspertuta) Zer dugu orain?

Z: Hemen, urteen azpian, beste zerbait dago idatzita, ezta? (garbitzen ari dela)

G: Eta zer? Esan dizut lehen ere: zure ama balitz ere, hezurrak hartu eta kutxatzar horretan sartu beharko genituzke. Zertarako balio dizu orduan nor zen jakiteak, ezagutu ere ez zenuen egiten eta...?

Z: (bitartean kasurik egin ez diola) Hago isilik, ia bistan zegok eta.

G: Eta? Zer jartzen dizu: hurrengo loteriako zenbakia edo? (ironiko izan nahian)

Yz. (serio) Ez, hitzak dira, baina ez diat ondo irakurtzen...

G: Alemanez edo egongo da eta; edo txinoz, edo rusoz edo...

Z: Txorakeriak esaten bukatu al duk? Orduan makurtu hadi, betaurrekorik gabe ez diat argi ikusten eta.

G: (putz egiten du, eta gero makurtu) Aber, utzi ikusten... (astiro-astiro irakurriko du, silabak banatuz) Mai-te nin-du-ten guz-ti guzti-ek o-toitz bat e-gi-nez ge-ro, las-ter ba-te-an duda-rik ga-be ze-ru-a dut nik es-pe-ro. (altxatu)

Z: Bertsoa da eta.

G: Zer?

Z: Bertsoa dela. Kanta ezak, kanta ezak bertsoa!

G: E? Nik ez, nik ez dakit kantatzen.

Z: Errexa duk eta.

G: Baina nik, ez dakit, ez dakit nola kantatu behar den.

Z: Nik emango diat doinua. (zutitu)

G: Nola?

Z: Irakur ezak berriro lehenengo lerroa, ea nolakoa den.

G: Normal edo...?

Z: Bai, bai, orain normal.

G: Maite ninduten guzti-guztiek.

Z: Noski. Zortziko handia bezala. Ba al dakik “Ume eder bat”?

G: Zer?

Z: (kantari) Ume eder bat ikusi nuen, Donostiako kalian...

G: Bueno, bai, ezaguna da.

Z: Iparragirrerena. Ea, kanta ezak.

G: Orain?

Z: Bai, bai, orain.

G: Lotsa ematen dit.

Z: Zer lotsa eta zer lotsa ondoko. Bota ezak. Indartsu. Ahots sendoz.

G: (kantari, apalki hasieran, gero animatuago) Maite ninduten guzti-guztiek Otoitz bat eginez gero Laster batean dudarik gabe Zerua dut nik espero...

Hor bukatzen da.

Z: Bertso ederra.

G: Pse.

Z: Lastima motz geratzea, beste bi puntu behar zituen.

G: Orain altxatuko al dugu?

Z: Bueno... altxatu beharko! (zutitzen da eta biek harriari eusten diote)

G: Aber ba. Bat, bi eta hiru... Eup!

Z: (bere artean pentsakor) Maite ninduten guzti-guztiek, maite ninduten guzti-guztiek... Erostarbe Agirrezabala Maria Con... Horixe! (hitz hori oihu batean esan du, harria ere aldi berean askatuz)

G: Ai!

 

(Hilarria alde batetik solte geratzean, G-k ere askatu egin behar izan du. Lehen zegoen tokian geratu da gutxi gorabehera, eta G-k susto galanta hartu du)

 

Z: (pozez gainezka) Marikonkon.

G: Zertan ari zara? Ia-ia behatzak hor utzi nituen!

Z: Noski, Marikonkon... Maite ninduten guzti-guztiek... Marikonkon.

G: Zer Marikon eta zer arraio... Zer ari zara esaten?

Z: Marikonkon da, hemen azpian dagoena... Marikonkon. Nola ez ote dut lehenago asmatu.

G: Nor zen ba Marikon hori?

Z: Marikon ez, Marikonkon. Herri honetan izan den emakumerik ederrena.

G: Ez zen hainbesterako izango...

Z: Ezetz? Hik ez huen ezagutu ere. Ala bai? Bere azken urteetan, gogoratu behar duk, emakume dotore bat...

G: Ez dakit ba.

Z: Bai, motell: moño tente batekin ibiltzen zena, harro-harro...

G: (gogoratzen hasita) Zaude, zaude, zaude...

Z: Gogoratzen duk?

G: Uste dut... Uste dut... Ez nago seguru baina... Atso xelebre bat...

Z: Nola xelebrea? Elegante askoa...

G: Abrigu zarpail batean bil-bil eginda ibiltzen zena...

Z: Ez duk hori, ezin izan...

G: Gainera... Txakur txiki bat zeukan.

Z: Bai! Bai! Hori bai!

G: Ñañar horietakoa...

Z: Bai... gogoratu duk.

G: Txikiak ginela... mutil-koadrila bat atzetik joan eta... bai, bai, arrazoi duzu... harriak bota eta Marikonkon esaten genion, barrez.

Z: Barrez? Halako emakume dotoreari?

G: Nik esaten dudan Marikonkon hura zatarra, sorgina eta zaharra zen.

Z: Ba, nik gogoratzen dudana gaztea, liraina, maitagarria...

G: Ama eta alaba izango ziren...

Z: Ama eta alaba... Itxoin: hik noiz ezagutu huen, zenbat urterekin?

G: Ez dakit ba, sei, zazpi, zortzi urte nituela edo. Orain dela... hamazortzi urte bai behintzat.

Z: Nik esan dudana, orain dela... berrogei urte baino gehiagokoa da.

G: Alde ederra!

Z: (ameskoi, gogoratuz) Hamazortzi urte nituen. Harekin estrenatu nintzen...

G: Zer? (harritua)

Z: Estrenatu, badakik, zera... lehenbizikoz egin.

G: A, bai, bueno, barkatu... ez nekien zure andregaia izan zenik.

Z: Zer andregai eta zer... Hortik bizi zuan. Profesionala, puta!

G: A!

Z: Emakume galdua... apaizak sermoietan esaten zuen bezala. Izenik esan gabe noski, baina bagenekien norengatik ari zen. Herriko andre formalak ere, kontrako espaloira joaten ziren haren aurretik ez pasatzeko.

G: Horrenbesterako?

Z: Zer esanik ez gure amak-eta, gurekin zihoazenean. Eta hala ere, edo horrexegatik akaso, beste konturik ez zen izaten gure artean, mutilak biltzen ginenean. Haren... zera, petxu ederra, ipurtaldea mugitzeko era...

G: A zer koadrila zuek.

Z: Beste dibertsiorik ez zegoen eta. Hamalau urtetik hola. Pentsa zer den gero, lau urte osoz, emakume hura nuela nire ametsetako dama, gaueroko kontsolamendu bakarra...

G: Esku astindu galantak egindakoa zu ere.

Z: Beharko. Oraingo neskekin beste zeozer asmatuko genuen baina.

G: Ez pentsa. Gaurko neskek, oso zerak ematen dute baina keba!, ordukoak bezalakoak.

Z: Orduan zuek ere, manibelari riki-raka...?

G: Orain ez horrenbeste. Baina edade horrekin...

Z: Horixe. Nik ere hamazortzi urte arte bakarrik, esan diat.

G: Zer gertatu zen ba hamazortzi urterekin?

Z: Lau bat urte izango ziren, lanean ari nintzela. Baina soldata osoa etxean utzi behar gero!, gerra ostean badakik, gose eta mixeria gorriak pasa genituen, eta guztia ere beharko zen atzetik zetozenek ere zer jana izango bazuten, eta ez zen xamurra horregatik, ez zenez xamurra.

G: Bueno, bueno, bueno... Ez hasi orain gerrako batailak kontatzen eta goazen mamira.

Z: Ipurmamira esan nahi duk hik, e?

G: Bai, bai.

Z: Sekulakoak zitian... Baina utzidak kontatzen: soldata osoa amari eman behar izaten nion, eskura, baina azken urtean, handixeagoak ere baginela-eta, gehiago ematen zidan lagunekin-eta ateratzeko. Gero berriz, ezkutuan, txatarra bildu eta saltzen hasi ginen, eta hortik ateratako guztia guretzat zen. Armairu gaineko pote zahar baten barrenean gordetzen nuen...

G: Parrandarako...

Z: Parrandarako bai, eta nik behintzat oso ondo nekian zer parranda klase nahi nuen. Gau batean, lagunekin eta egon ondoren, etxera nindoala esanda aldegin nian. Baina ez nire etxera. Nik banekian, aspalditik gainera, non bizi zen bera. Argia itzalita zeukan.

G: Lotan.

Z: Hi bai lotan. Kanpoan zebilen, eta ni izkina batean geratu nintzen, zain. Handik laster itzuli zen, gizon bat besotik zekarrela.

G: Hire lagunen bat...

Z: Trenbideko langile bat, eta utzidak niri kontatzen. Etxera igo zian, argia piztu eta ni han behean.

G: Hotzak akabatzen.

Z: Ez, uda zen. Ni han behean, goiko hura imajinatzen. Haren ile beltza, moñotik askatzen zela, ezpain gorriak goxo zabaltzen zirela, begi bixiak niri begira...

G: Berotu egingo naiz.

Z: Ni bai nengoela bero-bero, eta hantxe, altan dagoen txakurra bezala.

G: Gau osoan ala?

Z: Ez, ez. Ez neukan erlojurik baina ordu erdi bat izango zen. Gizona zetorren behera.

G: Bakarrik?

Z: Bakarrik, goian argia baitzegoen oraindik.

G: Eta zuk...?

Z: Ez bat ez bi igo naiz gora, jo dut atea eta zain gelditu nintzen, bihotza taupaka nuela. Handik pixka batera hurbildu da eta ate atzean aditu nuen: nor da?

G: Eta zuk, zer esan zenuen?

Z: Urtetan berarekin aurrez aurre geratutakoan zer esango nion pentsaka, eta orain ate baten bitartez hitz egin behar.

G: Baina zer esan zenion?

Z: Zera... “ni, lagun bat”, holaxe esan nion. Eta berak berriz, “zintzoa ala gaiztoa?”. Eta, “zintzoa, noski”, nik. Eta, zer esango berak eta “erakutsi hankatxoa!”.

G: Erakutsi hankatxoa?

Z: (barrez) Bai, bai: erakutsi hankatxoa, txerritxoen ipuinean bezala.

G: Baina zer hankatxo?

Z: Hor zegok ba koxka, zer hankatxo erakutsi behar nion. Erakutsi hankatxoa, alazankoa! Ez zuan makala, ez.

G: Eta zuk zer egin zenuen?

Z: Hortxe nago ni, geldi-geldi; zabaldu du zirrikitu bat atean, begiratu dit goitik behera, eta nik ezer esan gabe atea zabaldu zidan irribarre batez.

G: Hankatxoa gustatu, e?

Z: Hori gero etorri zen. Ni momentu hartan ez nintzen sartzen ere ausartzen. Lotsa-lotsa eginda nengoen. Berak orduan eskua luzatu zidan, nik eman nion eskua eta barrura sartu ninduen. Nire ama balitz bezalaxe sentitzen nintzen.

G: Putaseme halakoa!

Z: Eta amatxok bere umea bezala, alkandora kentzen hasi zitzaidan, eranzten. Ni ez nintzen mugitu ere egiten.

G: Jelatuta ala?

Z: Ez, ez. Harria bezala, baina gori-gori, sutan. Gero berak bluxa kendu zuen, eta bere haragia ikusi nuen, hantxe, nire aurrean. Lagunduidak hau kentzen.

G: Zer?

Z: Harri hau kentzen laguntzeko.

G: Erotuta zaude ala? Orain arte hor aritu zara kontu kontari eta orain, istorioa ederrenean dagoela, lanean segitzeko amorratzen?

Z: Lagunduidak kentzen eta hago isilik.

G: Bueno, bueno. Benga, eutsi, ba...

Z: (altxatzen ari direla, hortz artean hizketan) Argi ahula zegoen, izkina batean, eta bularrak itzal-argitan nabari ziren, zuri-beltzeko pelikulen antzera, itzalak argiari tokia jaten ziola, gauak egunari bezala. (harria baztertu eta z hilobi gainean makurtzen da, besoa sartu eta arakatuz) Nik eskua luzatu nuen, hura ikutu nahian, egiazkoa ote zen ikusteko. Dardarka nituen behatzak, baina inondik ere ez nuen espero (hezurren bat ateratzen du eta goxoki ferekatu) bera ere dardaraz egotea. Guri-guria zuen larrua, eta epela. Beso artean estutu ninduen eta hain gustora sentitu nintzen, goxo-goxo, sekula ez nintzen handik mugituko.

G: Eta besterik ez?

Z: Bai, motell, bai. Bana ez duk zertan presaka ibili behar. Gauza hauek ezin dituk presaka egin. Zenbat eta asti gehiago hartu, orduan eta gustorago.

G: Orduan zuk astia hartu zenuen.

Z: Ez nintzen kontatzen ibili, baina haren besoetan geratu nintzen lotan. Halaxe nengoen behintzat esnatu nintzenean.

G: Eta bitartean zer?

Z: Zer nahi duk ba: dena kontatzea ala?

G: Noski...

Z: Gazteegia haiz oraindik.

G: Bai zera!

Z: Hortaz imajina ezak herorrek, eta utzidak nire kasa kontatzen. (kontaketan kontzentraturik berriz ere) Haren beso artean esnatu nintzen. Egun argia zen ordurako eta ni izututa.

G: Zer ba?

Z: Zer ba? Zer uste duk: gure ama ez zela konturatuko falta nintzela ala? Jaiki nintzen bera esnatu gabe, jantzi, eta ia-ia ateratzekotan nintzela, taka, orduantxe esnatu behar. Hura iskanbila!

G: Zer dela eta?

Z: Ordaintzea ahaztu!

G: (barrez; hala jarraituko du) Eta?

Z: Han hasi zitzaidan, oihu batean: putasemea, kabroia, jo ta txikituko haut, zerri halakoa... Ni berriz, estu eta larri, mesedez barkatzeko, gogoratu ere ez nintzela egin, hantxe neukala dirua, tori... Eta bera ordea buru gainera trasteak botatzen! (hilobitik hezurrak hartu eta harrika jaurtitzen dituela) Madarikatua, zerria, alu ez bestena...

G: Eta zuk?

Z: Dirua hantxe utzi eta korrika bizian jaitsi nituen eskailerak.

G: Ez zen hainbestekoa izan orduan.

Z: Okerrena orduan hasi baitzen. Ni ataritik atera orduko, ez zait ba Marikonkon leihotik garrasika hasi (berriro ere hezur jaurtiketan) Hau gertatzen zait mukizuekin ibiltzeagatik, umemokoa!, hoa heure amagana, txilibitua!

G: (barrez lehertzen) A ze lotsa.

Z: Lotsa? Pentsa... Kalea jendez beteta, denak meza nagusira zihoazela. Hantxe gure bizilagunak, ezagunak, herri osoa... Aho zabalik, begira-begira.

G: Ez da harritzekoa.

Z: Ez nekien zer egin ere. Herritik aldegitea ere pentsatu nuen, baina nora joango nintzen ni? Azkenean bazkalorduan itzuli nintzen, basoerditan ibili banintz bezala...

G: Serio-serio...

Z: Formal-formal ni, baina ordurako denak jakinaren gainean. (isiltasuna; berriz hizketan hastean, aurreko kontakizuna amaitua) Horixe izan zuan Marikonkonekin izan nuen abentura.

G: Ondo damutuko zitzaizun.

Z: Gerokoak gero, baina gau hartakoa sekula ez zaidak ahaztuko. Hura emakumea, (berriro hezurren bati xeraka) hura izter-parea, hura...

G: Nik ezagutu nuen Marikonkon berriz, esan dizut: atso zahar barregarri bat.

Z: Nik eder askoa gogoratzen diat ba.

G: Oroimenaren tranpak: bere onenak emanda zituen hark aspaldi.

Z: Bizimodu gogorra gaixoak, badakik: ofizio horretako gaitzak eta.

G: Eta, horren oroitzapen ona utzi eta gero, ez al zinen berriz bueltatu?

Z: Bai zera! Afrikara bidali ninduten-eta.

G: Afrikara?

Z: Hiru urterako, soldadu.

G: Hamazortzi urterekin?

Z: Boluntario. Hala zioten behintzat paperek.

G: Ederra egin zizuten.

Z: Bai horixe. Okerretik apartatzeko soldadu bidali, eta han bai ikusi okerra eta makurra.

G: (oso serio) Mixeria.

Z: Ikusi eta ikasi. Amak baleki.

G: Mixeria (bere baitan bildua)

Z: Arrazoi duk, bai: mixeria gorria. Hara bueltatu baino, nahiago nuke, baita baita... astakeria bat esan behar nian.

G: (serio) Esan ba.

Z: Ez, bueno, esan behar nian nahiago nukeela baita hanka bat galtzea ere.

G: Nik ezagutu nuen biak galdu zituen bat.

Z: Hankak?

G: Eta gero bizia. Tomas zuen izena.

Z: Hankarik gabe gelditzekotan hobe bizia ere galtzea.

G: Hori esaten zuen berak.

Z: Hire laguna zuan? Herrikoa?

G: Bai, bueno, herrikoa ez, soldaduskan ezagututakoa.

Z: Jende jatorra ezagutzen duk han.

G: Putakume galantak ere bai.

Z: Baita.

G: Halako baten erruz galdu zituen hankak Tomasek; soldadu putaseme bat eta ofizial putasemeagoa. (isilunea, kontaketarako gonbidapen gisa) Maniobratan izan zen. Ohizko pitokeriak egiten ari ginen, aurrean etsaia bagenu bezala.

Z: Gerrako planta inozoak egiten.

G: Bai, baina batzuek planta baino gehiago egin nahi zuten.

Z: Inozoenak.

G: Teniente bat bazen, blindatutik ez genuela behar bezain azkar salto egiten eta builaka.

Z: Betikoa.

G: Behin eta berriz saltarazten zigun, eta gidari zihoazenei agindu zien, guk salto egindakoan atzera egiteko, hola ikasiko genuela bizkor mugitzen. Gidari gehienek ez zuten aintzat hartu, gelditu egiten ziren, abisu bezala edo, baina gurean artaburu bat zihoan txofer, eta hark hitzez hitz betetzen zuen. Barrez gainera, “mugi ipurdiak, makal horiek”. Halako batean Tomasek estropozo egin zuen saltoan, mugitu ezinik geratu zen, eta denok egin genuen oihu: “Gelditu!” Baina harroputz hark atzera segitu zuen, “Altxa ipurtandiak!”, ezertaz konturatu gabe eta barrezka. Gurpiltzar haiek ikusi bazenitu...

Z: Imajinatzen diat.

G: Ez, ezin da imajinatu. Segundu bat izan zen. Segundu bat nahikoa izango zen Tomas handik arrastaka ateratzeko. Baina ezin izan genuen. Izoztuta bezala geratu ginen, eta gurpilak Tomasen hanken gainetik pasatzean (tentsioa gora joan da kontakizunak aurrera egin ahala; hemen segitu ezinik geratzen da; beharbada negarrari eutsi ezinda)

Zz. (bestearen larriaz ohartuta) Utzi, utzi... Ez segi.

G: Bai! Segi egin behar dut. Hantxe geunden gu, geldi. Baten bat ausartagoa izan bagina akaso salbatuko genuen.

Z: Edo gurpilen azpian bukatu biek.

G: Hori ere bai, baina arriskatu beharra zegoen, eta inor ez ginen mugitu. Dios! Segundu batean izan zen dena. Blindatua gainetik pasa zitzaionean, une batez begiak itxi eta neure buruari esan nion: “gezurra da dena, ezin liteke, gezurra da”, hola esaten nuen nire artean; ikaragarria zen egia izateko, ikaragarria... Baina ezin nire burua engainatu...

Z: Noski. Begiak zabaldu egin behar.

G: Ez. Begiak zabaldu baino lehen, Tomasen garrasia entzun genuen. Eta berandu zen belarriak ixteko. Hantxe zegoen, egia zen, blindatua gainetik pasatu eta Tomasen hankak... Tomasen hankak ez ziren ez hanka eta ez ezer. Izter paretik behera oihal eta odol nahaste bat...

Z: Uztak, mesedez, goragalea ematen zidak eta.

G: Goragalea? Eta ez dizu ematen hemen, hezurrak lurpetik ateratzen ibiltzeak?

Z: Hezurrak garbiak dituk, txuriak, harrek bere lana eginda gero.

G: Tomasi ez zitzaion hezurrik ere geratu. Txiki-txiki eginda geratu ziren.

Z: Eta bera bizirik atera zen?

G: Bai, ospitalera eraman genuen, korrika bizian. Zapaldu zuen blindatu berean. Gidaria zuri-zuri zegoen, ez zuen hitzik egiten asmatzen.

Z: Ez da harritzekoa.

G: Gero hasi zen, eramandakoan. Berak ez zuela errurik, agindutakoa bete besterik ez zuela egin, Tomas azkarrago ibili izan balitz hau eta beste.

Z: Balitz ta balu...

G: Ez nuen gehiago agoantatu. Salto egin nion gainera eta hantxe bertan akabatuko nuen.

Z: Eutsi egingo ziaten.

G: Hori gertatzen da pelikuletan, bai. Baina han ez. Ni amorratuta banengoen ere putaseme hura askoz indartsuagoa zen. Berak txikituko ninduen akaso, teniente kabroi hura ailegatu ez balitz.

Z: Eta?

G: Biak arrestatu gintuen. Eta biharamunean atera kalabozotik. Bere aurrera deitu eta halaxe esan zigun: “herenegungoa istripu hutsa izan zen. Ulertzen duzue? Istripu hutsa izan zen eta inork ez du horren errurik”.

Z: A ze putasemea.

G: Nik baietz esan nuen orduan, baina ahal bezain laster Tomas ikustera joateko asmotan. Kosta zitzaidan. Maniobratan geundenez, permisoa lortu arte ez nuen hura zegoen ospitalera joaterik, eta gero ere atsedena behar zuela, nik ez nuela familiako txartelik eta hola. Ni bitartean, haren aurrera iritsitakoan nola aurkituko nuen beldurrez.

Z: Eta? Lur jota egongo zen...

G: Uste baino hobeto. Hala ematen zuen behintzat. Flexio gehiago ez zuela egin beharko-ta txisteak egiten hasi zen. Tenientearena kontatu nion, istripu itxuran pasa nahi zuela, eta ea zer egin behar nuen, salatu edo... Bere horretan uzteko esan zidan: “Honezkero inork ez zizkidak hankak itzuliko, eta lehen esandakoa ukatzen baduk sekulako saltsan sartuko haiz.”

Z: Etsita.

G: Bai, etsita ematen zuen. Halaxe esan zidaten erizainek ere, nahiko ondo hartu zuela. Gurasoak ziren porrot eginda zeudenak.

Z: Ez da gutxiagorako.

G: Eta andregai bat ere bazuen, Tomasek etortzerik nahi ez zuena, eta hala ere etorri egin zen, beti maiteko zuela eta lagunduko zuela esanez. Horrexek hondatu zuen.

Z: Zer ba?

G: Bere desgrazia nahikoa ez zela, besteren errukia jasan beharra gutxi balitz bezala, neska gazte hura ikustea, bizi osorako erizain izateko prest, gehiegi izan zen berarentzat. Hala iruditzen zait niri behintzat.

Z: Zer gertatu zen ba?

G: Ospitaletik ateratzeko moduan egon zenean, kuartela bisitatu nahi zuela esan zuen.

Z: Kuartela?

G: Bai, adiskideei azken agurra emateko.

Z: Balorea behar da.

G: Ikustekoa zen hura: jende heldua negarrari eutsi ezinda, sasoi beteko mutilak bere osasunaz lotsatuta bezala... Tomas bera zen lasaiena zegoena, ez zela hainbesterako esanez, berak ez zuela inoiz olinpiadetan aritzeko asmorik izan. Ez dakit nola zuen txantxetarako gogo hura.

Z: Harritzekoa da, bai.

G: Harrigarriago izan zen gerokoa. Zer esango eta tenientea ikusi nahi zuela.

Z: Tenientea???

G: Bai, bai, teniente putaseme hura. Aurrena ez zuen inork ezer esan. Gero berriz, gure artean zegoen kuarteleko kapilaua eta hark esan zuen: bai, bai, hori egin behar du kristauak, barkatu, beti barkatu.

Z: Apaizen zurikeria.

G: Haretxek eraman zuen tenientearengana. Bestela ez zuen Tomas ikusi nahiko, seguru asko. Baina kapilauari ezin ezetz esan. Gero Tomasek tenientearekin bakarka geratu nahi zuela esan eta hantxe geratu ziren aurrez aurre, gurditxoan jarritako gaztea eta horren erruduna zen teniente alua.

Z: Eta gero? Zer gertatu zen gero?

G: Inork ez daki seguru. Baina kontatuko dizut nola zabaldu zen gure artean. Hizketan hasi bezain laster, izterretan mina zuela eta kexaka hasi zen Tomas, hankak ebaki zizkioten tokian; laguntzeko, laguntzeko esaten zion tenienteari, eta tenientea harengana joan zen zalapartaka, zer egin ez zekiela, estu eta larri; eta orduan, Tomasek pistola kendu zion gerritik tenienteari.

Z: Zer?

G: Pistola, gerritik zintzilik zeraman pistola kendu ziola, bere ondoan makurtuta zegoela aprobetxatuta.

Z: Aurretik pentsatuta...

G: Itxuraz. Tomasek apuntatu eta tenientea erreguka hasi omen zen, “ez mesedez, ez egin tiro, ez, nik ez dut errurik, familia bat daukat mantentzeko, mesedez, ez”. Prakatan kaka eginda, kabroi halakoa.

Z: Eta?

G: Puska batean hala eduki eta gero, tenientea belauniko eta negarrez zegoela, jo eta bere buruari egin zion tiro Tomasek.

Z: Ostras.

G: Pistola ahoan sartuta. Muinak gela osoan zehar banatu ziren. Odola paretetan, buruhezurra ere txiki-txiki eginda...

Z: Ez zen gozoa izango ikusteko.

G: Ez, ez zen gozoa izan. Tiroa aditutakoan egundoko iskanbila hasi zen. Ordu horretan ezin zen inor tiro-ariketetan ibili. Inork ez zekien nondik zetorren tiroa. Inork ez zekien baina batzuek sumatu genuen. Ofizialak-eta zebiltzan, geletako ateak zabaltzen, baina gu izan ginen tenientearena zabaldu genuen lehenak.

Z: Eta tenientea?

G: Artean belauniko zegoen, odolez blai, eskuak dar-dar batean.

Z: Odola ikusten ohitutako gizona izan behar zian ba.

G: Ez zitzaion inoiz hain gertu tokatuko.

Z: Edo bera hilko zutenik bururatuko.

G: Hil... Hantxe bertan hilko genuen. Hobe hantxe bertan akabatu bagenu, baina gutako batzuk oihuka hasi ziren, edo deika, eta han ziren berehala ofizialak-eta, enfermeriakoak-eta, kapilaua-ta...

Z: Santisima guztia.

G: Tomasen gorputza andatan hartu eta botikinera jaitsi behar izan genuen.

Z: Botikinera?

G: Han ez zegoen burua ezagutzerik ere, baina medikuak aztertu arte ez omen zegoen hiltzat ematerik.

Z: Piztuko zutelakoan.

G: Bai, hirugarren egunean.

Z: Eta tenientea?

G: Hori ere ez dakit seguru, baina ikerketa bat egin omen zioten, Tomasen heriotza argitzeko eta.

Z: Salbu aterako zen halere...

G: Putaseme horiek beti ateratzen dira salbu, baina honi kosta zitzaion. Psikiatrikoan eta guzti eduki omen zuten, bolada batean.

Z: Zoratuta?

G: Militar horiek denak dira zoroak, zoro gaiztoak (mugitu eta atxurra hartuta berriz ere lanari ekinez, erabakitsu)

Z: (patxadan eserita segitzen du) Nik ere ezagutu nian psikiatrikoan egondako bat... (g-ri begira, zain, honek ordea kasurik ez) Hura ez zen batere gaiztoa... Gizon zintzoa, jator askoa... Pitzatuta, hori bai, baina a ze asmazioak izaten zituen... (ameskoi; g-ri begira) Kristorenak... Kontatuko diat bat...?

G: (lanean, ahapeka) Ez.

Z: (harrituta) Ez duk entzun nahi?

G: Ez.

Z: Ez duk kontatzerik nahi?

G: (geldituaz) Begira. Lan egiteko gaude hemen eta ez gara ezer egiten ari, eta gainera...

Z: (etenaz) Lana, lana, lana... Badakik zertarako gauden hemen?

G: Hilobiak hustu eta hezurrak biltzeko eta...

Z: Ez, ez, ez. Zertarako gauden hemen, munduan.

G: Zer? (lanean berriz) Nik al dakit?

Z: Hiltzeko. Hiltzeko bizi gara munduan. Ez al duk inoiz hori pentsatu?

G: Ez zait interesatzen (berean).

Z: Halaxe duk ba. Hiltzeko. Eta gero lurpeko harrei zer jana emateko. Hor bukatzen duk dena. Hori duk gure eginkizuna. Gure eginkizun bakarra. (uneoro g-ri begira, honek noiz burua altxatu eta kasu egingo dion zain, baina ez du halakorik egingo; isilune baten ondoren jarraituko du) Eta eginkizun hori ondo betetzeko badakik zer egin behar den? Badakik?

G: (aspertu-ahotsez, lanean segitzen duela) Zer?

Z: Gorputza ondo gobernatu. Besterik ez. Eta hori duk nik orain egin behar dudana (bere xorrorantz doa eta handik hamaiketakoa egiteko beharrezko guztiak aterako ditu: tarteratxo bat, sardexka eta aiztoa, ogi puska, serbileta, ardoa... Dena txukun-txukun ipiniko du hilobi-gain batean, eta haren aurrean eroso eseri. Prestaketen bitartean ere ez dio hitz egiteari utzi) Bizitza honetan hamaika txorakeria egiten diagu, ezertarako balio ez diguten ahaleginak, alferrikakoak denak. Lana eta lana beti, zertarako eta diru pixka bat biltzeko, eta gero gehiago nahi eta azkenean dena ustel zulora eramateko. Jan-edanak ordea, horrek ez dik tranparik, ez azpildurarik, dena duk probetxu naturala (jaten hasiaz). Ez duk uste?

G: (lana utzita, z-ri begira) Utziko al didazu harri hau ateratzen behintzat?

Z: Harria hor egongo duk gero ere, motell. (g zalantzatsu) Etor hadi mokau bat jatera, ez hadi kaskagogorra izan...

G: (lanabesak utzita) Hor konpon!

Z: Hori duk eta!

 

(G ere bere xorroaren bila doa eta Z-gana ondoren, hau hizketan ari dela)

 

Z: Hik zer ekarri duk? Niri tortila jarri zidak andreak. Urdaiazpikoarena. Nik esaten zioat nahiago dudala patatena, baina ez zegok zereginik...

G: (ondora etorrita, eseriaz; serio, pentsakor) Badakizu...? Arrazoi duzu.

Z: Izango ez dut ba. Urdaiazpikoarena gazia geratzen duk, eta patatena berriz, ezkoa, gozoa...

G: Ez, ez, horretan ez. Lehen esan duzun horretan esan nahi nuen.

Z: Lehen esan... Zer esan dut ba lehen?

G: Zera... Lana eta lana egiten dugula, eta lanarekin dirua, eta diru horrekin etxe bat ordaintzen hasi, eta ordaintzen jarraitzeko lan gehiago, eta gero berriz kotxe handiago bat erosi, eta hola beti eta beti eta beti.

Z: (g urduria lasaitu nahiz) Lasai motell, ez duk hainbesterako eta. To! (ardoa eskainiz; g-k trago txiki bat egingo du eta gero, uztera doala, luzeagoa) Asko zeudek, lana eta dirua, dirua eta lana, kate horretan sartu nahi eta ezin dutenak. Lehenago, Jainkoaren madarikazioa zuan eguneroko ogia kopetako izerdiaz irabazi beharra; eta gaur berriz, beste batzuk okerrago daudenez, lana egiten dugunok ezin kexatu ere. Hau duk marka.

G: Batera edo bestera, denok gaude zepo horretan harrapatuta.

Z: Bat bakarra ezagutu nian nik, horretatik libre.

G: Zer egiten zuen ba?

 

(biak jan-edanean; G edanean arituko da batez ere geroxeago)

 

Z: Irabazitako guztia gastatu, bota...

G: Niri eman balit...

Z: Konturatu gabe irabazten zian eta.

G: Banengoen ba ni.

Z: Kandido Ugarte zian izena. Ezagutu behar duk...

G: Zera ezagutuko dut nik...

Z: Bai, motell. “Bordatxo” esaten zioten, baserri hartakoa zelako edo...

G: Zer dakit ba nik... (ironiaz ari da; dena bost axola zaiola adieraziz bezala, eta halaxe jarraituko du)

Z: Garai batean oso famatua izan zuan.

G: Ze garaitan?

Z: Ba... Zera: ni mutil-koxkorra nintzenean eta...

G: Noski...

Z: Hemen egon behar dik gainera...

G: Zure lagun guztiak daude hemen. (geldialdi txiki bat) Zu ere bai aurki.

Z: (pipertuta) Zer: adarra jotzen ala?

G: Zer ba? Nik bakarrik esan dizut...

Z: Bai, bai, bazekiat zer esan duan.

 

(isilunea; G-k zahatoa eskaini Z-ri; honek ezetz, buruaz; geroxeago berriz eskaini eta orduan bai)

 

G: Barkatu, ez nizun...

Z: Ez dio inporta.

G: Nik ez nuen nahi...

Z: Ahaztu hori, berdin dio.

G: Baina...

Z: (haserre; altxatu egiten da; batetik bestera ibili, urduri; geroxeago gelditu) Ahazteko, koño. Gainera, arrazoi duk. Ni ere aurki hauen parean egongo nauk, hezur huts...

G: Denok ere...

Z: Ni lehenago ordea.

G: Nahiko luke askok, zuk duzun sasoi eder hori.

Z: Eta nik hire adina.

G: Urte askotarako zaude zu oraindik.

Z: Nahi bai...

G: Ea, kontaidazu lehen esaten ari zinena.

Z: Zer?

G: Tipo hori, nola esan duzu zela?, Kamilo edo...

Z: Kandido, Kandido Ugarte.

G: Zer zen ba: kantaria-edo, politikoa-edo...?

Z: Ez, ez, ez. Zera: boxeolaria.

G: Joder. Falta zena.

Z: Baina oso boxeolari berezia.

G: Horiek ere, denei artaleren bat falta zaie. (burua seinalatuz)

Z: Ez pentsa hau beti boxeoan ibili zenik. Keba. Bordatxo lehen beste kirol batean aritzen zuan. Ezetz asmatu zertan?

G: Asmatuko ez dut ba? Harrijasotzaile-edo izango zen, Urtainen moduan.

Z: Ez ba.

G: Aizkolari orduan.

Z: Ezta.

G: Zer zen ba? Segalaria, arraunlaria, trontzalaria...?

Z: Futbolista.

G: Kontxo, futbolista.

Z: Bai, atezaina gainera. Eta ona, izugarri ona zen Kandido Ughrte, Bordatxo. (lurrean aztarrika hasi eta burezur bat atera) Baloiak hegan bezala harrapatzen zizkian. Fiuu!

 

(Baloi zaila harrapatzearen keinua egiten du. Gero, burezurra G-ri bota; honek harrapatu, bera altxatu eta Z-ri bueltatzen dio; jolas batean bezala, hitz egin eta baloia lagunari botatzen ariko dira ondoren: aurrena zuzen eta errax harrapatzeko moduan, gero ixkinatara, azkenerako biak izerditan)

 

G: Honek ere kanposantuan jolasten al zuen txikitan? To.

Z: Kanposantuan? Zer ba?

G: Baloien ordez buru-hezurrak ibiltzen ote zituen edo.

Z: Ez, ez dut uste.

G: Txikiegiak dira hauek baloitarako, ezta?

Z: Futbolean behintzat...

G: Eskubaloirako aproposagoak orduan...

Z: Bai, akaso. Baina futbolean ere...

G: Futbolean zer?

Z: Ez liratekeela txarrak izango entrenamendurako.

G: Ez horixe.

Z: Izerdi ederrak botako lituzkete behintzat.

G: Eta kaskezurra hausteko beldurra uxatu hartara.

 

(G-k kaskezurra bota eta Z-k huts egin harrapatzean; arnasestuka gelditzen da Z, erdi makurtuta, nekearen nekez, baina umore onez halere; G ere, bere onera datorren bitartean, gimnasia-mugimendu arin batzuk egiten ari da)

 

Z: Ez nagok ni ariketa hauetarako sasoian.

G: Kirol gehixeago egin beharko zenuke, gazte irauteko.

Z: Bai zera. Ni ere laster horrela egoteko? (burezurra erakutsiz; eseri egiten da) Niri ez didate ziri hori sartuko.

G: Ze ziri? (lanean hasten da, gogo gehiegi gabe, z-ri entzunez)

Z: Osasuntsu bizitzeko kirola egin behar dela.

G: Egia da eta.

Z: Gezur galanta. Hik ba al dakik zein bizi den urte gehien?

G: Ez dakit ba...

Z: Apaizak eta fraileak. Bizitza osoan ez lanik ez kirolik egin ez dutenak.

G: Nondik atera duzu xelebrekeria hori?

Z: Nondik aterako nuen ba? Nire inguruari begira. Ez al da hala?

G: Ez dakit ba. Baina denek esaten dute kirola eginez...

Z: (burlaka) Denek esaten dute, denek esaten dute... Telebistan esaten duten guztia sinesten duzue zuek! Hori dena ondo pentsatuta zegok...

G: Ez dizut ulertzen. Zer dago ondo pentsatuta?

Z: Kirolaren asuntua. Begira, nahi duk sekretu handi bat kontatzea?

G: Bueno.

Z: Hator hona eta eser hadi nire ondoan. Baina kontuz gero inori esan gabe!

G: Zer da ba?

 

(G eseri egiten da, baina ez Z-ren ondoan, tarte batera baizik; bien erdian zahatoa, aldian-aldian edan eta berriz ere bertan uzten dutena; Z-k gehiago hitz egiten du aldi honetan eta zahatotik ukitu ere ez ia-ia; G-k, berriz, gehiago edaten du eta gero antzemango zaio)

 

Z: Sekretu handi bat. Mundu osoko gobernuek ondoen gordetzen duten sekretua.

G: Eta zuk nola jakin duzu?

Z: (altxa egiten da; keinuka jardungo du, mugimendu zabalez) Ai, amigo! Hemen ez zegok lo egoterik. Hara: hik ba al dakik zein den munduko gobernu guztien arazo nagusia?

G: Ez dakit ba. Krisia edo.

Z: Ez, ez. Hori ere bai, baina beste zeozer.

G: Ba, gerra-edo, gosea-edo, droga-edo...

Z: Ez, ez, ez; ez duk hori.

G: Nik al dakit ba.

Z: Hara, mundu aurreratuko gobernu guztientzat buruhausterik handiena, erretiroa duk.

G: Zer?

Z: Horixe: erretiroa, jubilazioa.

G: Ez dut ulertzen.

Z: Errex askoa duk ba. Gero eta langile gehiago dago jubilatzen dena, eta horiei denei erretiroa ordaindu behar. Eta gobernuak ordaindu nahi ez, gero eta langile gutxiagok kotizatzen duela-ta. Horixe duk gobernu gehienen kezka, eta hortik zetorrek kirolaren propaganda.

G: Baina, zer dauka ikusteko batak bestearekin?

Z: Asko! Garai batean, bizitza osoan lan egin ondoren, jubilatu eta berehalaxe hiltzen zuan jendea. Gaur egun, berriz, medikuntzaren aurrerapenekin-eta, askoz denbora gehiagoan bizi liteke gizona, eta hortaz askoz denbora gehiagoz kobratu erretiroa. Eta mundu osoko gobernuek zer egin dute? Kirola jarri modan. Denak kirola egitera! Zahar eta gazte, denok kirolari! Eta horrekin, jakina, osasuna hondatzen ditek, eta zaharrak lehenago hiltzen dituk. Ikusten?

G: Baina... Hori txorakeria! Kirolak gorputzari on egiten dio ta!

Z: Hori duk jendeari sinestarazi diotena. Baita hiri ere. Baina ni ez naute engainatuko, ez horixe. (eseri)

G: Bueno, bueno, bueno... (altxatu egiten da; berriz ere palari ekin) Ta zer da orduan osasunarentzat ona: lana?

Z: Ez, ez, ez. Lana kirola baino okerragoa duk. Baina lana behartuta egin behar izaten diagu eta denok zekiagu txarra dela. Kirola, berriz, jendeak nahi duelako egiten dik. Zenbat eta lan samurragoa, orduan eta kirol gogorragoa nahi izaten dik gainera. Jendeak nahi, bai, baina goitik aginduta. Hik egiten al duk kirolik?

G: Gutxi. Gehiago egin behar nuke baina...

Z: Ez, ez, ez. Hik segi ezak gutxi egiten eta luzaroago biziko haiz. Kirolak ez zekarrek gauza onik. Sinetsidak niri.

G: Eta Bordatxo hori horregatik hil al zen: kirola egiteagatik?

Z: Dudarik ez. Bestela ere denok hiltzen gaituk, baina kirolak ekarri zioan hari halako paradero txarra.

G: Esan ez duzu ba, dirua irabazi eta bota, parra-parra egin zuela?

Z: Hori ere bai. Baina entzun ezak haren historia. (altxa egiten da berriz ere) Aurrena, esan diat, futbolean ibili zen, atezain. Izugarri ona zuan gainera. Haren kolokazioa-ta. (imintzioka, batetik bestera mugituz, kaskezurra berriz eskuratuta; z-ren mugimendu nabarmenak ikusita gelditu egingo da g, zutik, ukondoak pala-giderrean) Aurrelariak tiroa egin aurretik jakiten zian hark nondik etorriko zitzaion baloia. Eta bera beti hantxe. Da! Eta urruti xamar botatzen bazioten hegan harrapatzen zian. Da! Ez zian parerik futbolean, eta talde handiren batek fitxatuko ote zuen zabaldu zuan. Baina, orduan, boxeoan sartzeko esan zioten.

G: Morrosko handia izango zen ta.

Z: Ez, ez, keba. Txikia zuan, ihar-iharra, luma bat bezain arina. Horrexegatik jarri zitean luma pixukoetan.

G: Ta? Di-da joko zuen han, ezta?

Z: Ez, gutxi jotzen zian.

G: Ta? Nolatan irabazten zuen orduan?

Z: Besteak baino gutxiago jasotzen zuelako. (kontatzen duena antzezten hasten da, bere baitan sarturik; g eseri egiten da, tarteka zahatoari helduz) Etengabe mugitzen zen, batetik bestera, hanka-joko arinez saltoka, kontrarioaren aurrean dantzan, eta besteak besoa luzatzen zuenean, zist!, atzera egin eta ez zian ukitzen; berriz ere jo nahi aurrekoak eta, txirrist!, makurtu eta gainetik pasatzen zitzaion. Konbatea aurrera zihoan eta kontrarioa gero eta amorratuago, dinbi-danba, esku-zartadaz Bordatxo txikitu nahi baina urratu txikiena ere ez zion egiten, kolpe guztiak airean galtzen ziren. Eta aurrekoa neka-neka eginda ikusten zuenean, orduantxe hasten zen Kandiko tipi-tapa, orain ezkerraz, gero eskuinaz, bere aurkaria zanpatzen eta mailatzen.

G: Eta K.O.z akabatzen zituen azkenean, ezta?

Z: (bat-batean gelditu egiten da, zutik) Ez, ez. Hik boxeoko pelikula gehiegi ikusi duk.

G: Bai, mordoxka.

Z: Eta benetako konbaterik, bi gizon aurrez aurre, zirti-zarta?

G: Ez, inoiz ez. Eta zuk?

Z: (eseri egiten da, nekaturik) Egia esan, nik ere ez. Baina periodikoetako kronika guztiak irakurtzen nitian. Dena nekian Bordatxori buruz. Ez zian borroka bakar bat ere irabazi K.O.z, ez zian horrenbesteko indarrik ere, gorpuzkeraz ere eskasa zuan. Baina puntuka, beti irabazten zian.

G: (gutxietsiz bezala) Be, hortaz...

Z: Errexa zelakoan ala? Meritua behar zuan, konbate osoan zehar adi-adi egoteko, ring-ean zehar arin-arin mugitzeko, beti saltoka, zorua ukitu gabe ia, hanka-puntetan beti.

G: Bai, ballet-a egingo balu bezala.

Z: Hala moduz.

G: Eta inoiz ez al zuten jo?

Z: Apenas. Aurrena behintzat. Hori zian bere harrotasuna, sudurra hautsita ez zuen boxeolari bakarra izatea. Guapoena, atzetik neska gehien izaten zuena.

G: Eta halako batean handi-mandi bat iritsi eta, zirti-zarta, izorratu egin zioan aurpegi polit hura.

Z: Ez zuan hola izan. Utzidak kontatzen. Dirua irabazten hasi zuan, diru asko, futbolean baino gehiago. Garai hartan, gainera, futbolean ez zuan gehiegi irabazten. Baina boxeoan diru dexente mugitzen zuan, apustuetan-eta, badakik.

G: Bai, bai, diru beltza-ta...

Z: Diru zikina. Eta Bordatxok hemen bere mailako kontrariorik ere ez zuenez, Ameriketara joateko tentatu zitean. Hik badakik zer zen orduan guretzat Amerika?

G: (kantari; aurrerantzean ere ironia handiz beti; eta zahatotik edatea ahaztu gabe) Ameriketara joan nintzen, xentimorik gabe...

Z: Bai, halako zeozer. Baina Bordatxo ez zen ibili, garai bateko amerikanuen moduan, Argentinako Pampan artzain. Estatu Batuetara joan zuan, eta han ibili omen zuan: (pixkanaka altxatzera egiten du; begiak diz-diz) Chicagon-eta, New Yorken-eta, Detroiten-eta, Las Vegasen-eta... Jaialdirik handienetan parte hartu zian, borrokaleku ospetsuenetan, emakume ederrenak omen zitian ondoan.

G: Eta mafiosorik handienak atzean.

Z: (berriro eseri, etsita) Baita. Horretxek hondatu zian. Mafiak.

G: Bueno, bueno, bueno... Eta nik ikusi omen ditut boxeolarien pelikulak. Zuk ere ez dituzu ba gutxi ikusi.

Z: Egia duk ordea.

G: Eta zuk nola dakizu?

Z: Ba, halaxe kontatu zidatelako.

G: Eta gezurra esan bazizuten?

Z: Ba... gezurra izanda ere historia polita duk eta ikasi zak. Bordatxok konbate guztiak irabazten zitian eta, hala, apustuek ez zitean misteriorik izaten. Orduan, hango boxeoko enpresarioek tongo egiteko esan ziotean.

G: Ze orijinala!

Z: Jende guztiak Bordatxoren alde jokatuko zian, baina mafiak bere kontra, eta dirutza galanta irabazi. Diru horretatik, gainera, puska eder bat Kandidorentzat berarentzat izango omen zen.

G: Ta? Berak hasieran ezetz esango zuen, ezta?

Z: Seguru. Borrokalari zintzoa zen hura. Baina azkenean, amenazuak-edo, diruaren hotsa-edo, ez dakit nik zer izango zen. Emakume haietakoren bat igual.

G: Bai noski. Emakumeak beti galbide.

Z: Haiek bai behintzat. Zena zela, tongoa prestatu zuten. (berriz ere pizturik; zutitu egiten da eta kontzentraturik kontatu) Baina guk ez genekien ezer. Bordatxok konbate handi bat jokatu behar zuela besterik ez, eta hemen denak bihotza pil-pilean, emozioz gainezka, baina denak sinisturik Kandidok irabaziko zuela beste behin ere.

G: Gizajoak. Ez al zenituzten diru guztiak jokatu, amonaren kaltzetin zaharretik hartuta?

Z: Hik segi zak adarra jotzen nahi baduk, baina gauzak halaxe izan zituan.

G: Bale, bale, segi ba kontatzen.

Z: Konbate estelarra zen, jaialdi hartako azkena. Batetik Kandido Ugarte, Europako izarra, esperantza txuria, hanka-hegalaria, halaxe esaten zioten. Eta bestetik beltz amerikar bat, ez dakit James Brown edo nola zuen izena. (“James” ahoskatzen du, ez “Yeims”)

G: Ehun eta hamar kiloko gizon-puska izango zen behintzat, ezta?

Z: Txorakeriarik ez esan. Luma pisuetakoa zuan. Baina hain txikia eta argala izanda ere sekulako giharrak zeuzkan, eta eskuen lekuan bi mailu. Ikusleek erdibituta zeukaten bihotza: batetik bertakoak irabaztea nahi zuten; bestetik, Bordatxok irabaziko zuela uste zuten.

G: Mafiosoek ere bai?

Z: Mafiosoek ez, noski. Hasi da borroka. James Brown egundoko indarrez abiatu da Bordatxogana, bazterrak hausteko moduko sasoiarekin, aurrean jartzen zaiona txikitzeko asmoz.

G: Gure Kamilo ere bai?

Z: Kamilo ez: Kandido. Jendeak bere artean irribarre egiten zian: atera duk idisko hori mundua jan beharrean, pentsatzen zuten, baina ez zekik ondo nola dantzatzen duen gerria Bordatxok. Baina, harakoan, ez zuen gerririk dantzatu.

G: Ziatika izango zuen. (Z gelditu eta begira geratzen zaio g-ri, betoskoz) Poltsikoan sartutako dolarrek emango zioten gerriko mina.

Z: Isilik egongo al haiz?

G: Bale, bale, isilduko naiz.

Z: (bere baitan berriz ere, imintzioka) James Brown hura jo eta jo, eta Bordatxo hartu eta hartu. Lehenengo asaltoa amaitu zen eta jendea ahozabalik, txistuka edo txaloka hasi behar ote zuen asmatu ezinik. Bigarren asaltoa ere berdin-berdin joan zen. Bordatxok ere jo zituen kolpe batzuk, itxura egiteko edo, baina beltzak askoz ere indar gehiagoz jotzen zian. Sudurra orduantxe hautsi zion, egundoko odol-jarioa eta guzti. Hantxe bertan akabatuko zuen Kandido gizajoa, kanpaiak orduantxe jo ez balu. Hirugarren asaltoan...

G: Banan-banan kontatu behar al dizkidazu denak?

Z: Hago ixilik, berehalaxe bukatuko diat eta. Hirugarrenean ezertarako erreflejurik gabe zegoan Bordatxo. Nahita ere ezingo zuen orduan kolperik eskibatu, eta beltzak eman zion lehendabizikoarekin hankaz gora erori zen gizajoa.

G: Kitto!

Z: Ez, ez zen hor bukatu. Hobe hor bukatu balitz. Zoruan etzanda, hamarreko kontaketan zegoela, garbi-garbi aditu zuen nola esaten zuten ikusle batzuek: “tongo, tongo”. Orduan, Bordatxo, minduta, lehengo okerrak konpondu nahita altxatu zuan.

G: Eta azkenean berak jo eta txikitu zuen amerikanoa, mafioso guztiak ahoa bete hortz utzita.

Z: Esan diat lehen ere, boxeo-pelikula gehiegi ikusi duala. Ez zen hola izan, ez. Hori izango zuan beharbada Bordatxoren asmoa: tongo guztiak pikutara bota eta borroka hura irabaztea. Baina ordurako galduta zeukan bere gerri-dantza, oinen arintasuna eta dena. Saiatuta ere ez zuen ezertan asmatzen. Eta bata bestearen atzetik sartu zizkion amerikanoak, crochet-a okotzera, gantxoa gibelera, ezker-eskuin saihetsetan, gero urdaila ondo zanpatu, hurrena begiondoa mazpildu...

G: Kalloren bat ere ez al zion zapaldu?

Z: Etzak barre egin, benetan zigortu zian eta. Eta hala ere eutsi egiten zian Bordatxok. Harrotasunaren indar hutsez, gorputzak gehiago ezin zuenean. Laugarren eta bosgarren asaltoetan ere bota zian lurrerra beltzak, eta inork ez zuen uste altxatuko zenik. Eta hala ere altxatu. Seigarrenean bukatu zen dena, txokotik toaila txuria botata, bestela akabatu egingo zuen gizona eta. (kontaketaren beroa bukatuta, eseri egiten da, elkarrizketa-doinu arruntera etorri berriz) Eta halaxe gelditu zen: begiak ia itxirik, ahoa zabaldu ezinik...

G: Hori gizonaren itxura geldituko zitzaiona.

Z: Piura negargarria benetan. Aurrerantzean ez zen gehiago izango boxeolari guapoena, aurpegi-garbia.

G: Neska guztiak atzetik zituena...

Z: Bueno, batzu-batzuk geldituko zitzaizkion, patrika-barrenak ondo beteta zeuzkan-eta.

G: Ya. Patrika-barrenak beteta gauza asko lortzen dira.

Z: Baina ilusioa galdu egin zian Bordatxok. Boxeoan segitzeko aukera zian, errebantxa jokatzeko aukera ere eman ziotean. Baina ez zian nahi izan.

G: Hartutako jipoiaren ondoren ez da harritzekoa.

Z: Ez zuan horregatik izan. Edo auskalo. (z-k zahatoa hartu eta ia hutsik dagoela ikusten du) Hi, majo hustu duk zahatoa!

G: Badakizu, egarria ere baita.

Z: Eskerrak, aitonak errepuestoa ere prest zeukala, bestela... (txoko baterantz doala)

G: Ardo gehiago ere ba al duzu?

Z: Badaezpada ere, bakarra gutxitxo izan litekeela eta...

 

(Z-k botila bat hartu txokotik, eta hitz egiten duen bitartean kortxoa kendu eta zahatoa beteko du)

 

Z: Kontuak kontu, boxeoa behin-betiko utzi eta herrira itzuli zuan.

G: Eta? Omenaldi handiak-eta egin al zenizkioten?

Z: Ez diat gogoan halakorik egin zitzaionik. Eta ez diat uste halakoetarako egoeran itzuli zenik Bordatxo.

G: Bere aurpegi itsusiagatik?

Z: Ez horregatik bakarrik. Aurpegia bakarrik balitz. Burua ere ez zion oso sano utzi borrokaldi hark.

G: Esan dizut lehen ere, boxeolariei artaleren bat falta izaten zaiela.

Z: Artalea baino gehiago galdu zuen Kandidok. (zahatoa beteta, tragoa jotzen dio) Benetako itogina egin zitzaion sabaian. Momentuko gauza izan zitekeela pentsatu zian jendeak hasieran, baina denbora pasa ahala...

 

(berriro ere bien artean zahatoa. G nahiko txispatuta dago: orain arte txorakeriak esaten ederki asmatu du, bixi-bixi; hemendik aurrera burua lausotzen eta mihia trabatzen hasiko zaizkio; azken aldera, berriz, bere istorioa kontatzen duenean, tristurak joko du sakonki. Z, aldiz, orain hasiko da gehiago edaten, eta azkenerako, G-ren kontakizunean, nahiko petralduta egongo da)

 

G: Zer egin zuen ba?

Z: Futbol taldean sartu nahi izan zian berriz eta baietz. Atezain jarri ziaten berriro, baina ez zegoan harekin burutzerik...

G: Erreflejuak galduta...?

Z: Ez, ez, bestela. Baloia etortzen zitzaionean, harrapatu beharrean ukabilkada galanta jotzen zion, putching-ball bat balitz bezala. Eta baloia edozein aldetara ateratzen zuan, airean.

G: Polita izango zen hori ikusteko.

Z: Okerragoa izan zen ondorengoa. Kontrako ekipoko norbait area txikira arrimatu zen eta hari eman zion muturrekoa.

G: (barrez) Defentsarik onena, erasoa!

Z: Eta arbitroak ikusitakoan txartel gorria atera zionez, zer egingo Bordatxok eta arbitroari eman beste begiondoko bat.

G: Ederra kontua.

Z: Hor bukatu zuan Kandido Ugarteren futbol-bizitza. Eta herriko taldearena ere bai ia-ia, urte osorako debekatu baitzioten jokatzea. Jendeak gero kontu hartu nahi zion Bardatxori kalean, baina ez ziren ausartzen.

G: Badaezpada ere... (baldarki altxatzen da, aldaroka ibili, eta ekintza errepikakorren batean ari da: harri bat jo eta jo edo) Ez da harritzekoa ere. Nik behintzat...

Z: Baina ez ziren hor amaitu Bordatxoren erokeriak. Egunero-egunero izaten zuen burutazio xelebreren bat, eta dirua sobran zeukanez...

G: Zer egiten zuen ba?

Z: Pentsa. Halako batean, hegazkin berri bat asmatu behar zuela bururatu zitzaion. Eta nola hegan usoek egiten duten azkar eta ondo, usoekin egitea pentsatu zian.

G: Haien lumak erantsita salto eginez? (hegadaren imintzioetan hasten da, jokalekuan zehar batetik bestera, z-ren aldamenetik eta)

Z: (g-ri segituz gorputz eta begiz, eta aldi berean eskuez keinuka) Ez, ez zuan horren eroa ere. Milaka uso ekarrarazi zituen, ederki ordainduta. Hanka bana lotu zien denei, eta sokaren beste muturra otarre handi bati lotu. Gero bera otarrean sartu, eta usoak hegan hastea besterik ez omen zen falta.

G: Hegan, hegan, usoekin batera.

Z: Horixe zen plana.

G: Eta? Hasi al ziren hegan?

Z: Batzuk bai, baina beste asko ez. Horregatik egin omen zuen porrot, berak zioenez, denak batera hegan abiatu ez zirelako. Bestela ona omen zen ideia.

G: (bat-batean erdi eroria gelditzen da, etzanda ia, mugitzeke) Bai, mundiala!

Z: (altxatu egiten da, zahatoa eskuan, tarteka edanez, eta kontatutakoa antzeztuz) Beste behin berriz, Veneziako argazki batzuk-edo ikusiko zituen nonbait eta, bere etxe aurreko kalea erreka bihurtu behar zela eta erreka bihurtu behar zela, gero txalupan batetik bestera ibiltzeko. Eskupeko ederra ematen zuenez, han ibili ginen egun pare batean herriko haur guztiak, eta larri batzuk ere bai, pertz eta baldekadatan ibaitik ur garraioan.

G: Eta? Errekarik lortu al zenuten?

Z: Errekarik ez baina lokatza galanta bai behintzat. Udalak aginduta aritu behar izan genuen hurrengo egunetan, zikinkeria hura dena palaz-eta garbitzen.

G: (burua behintzat altxatu egiten du; etzanda hala ere) Aberia ederra zuen hortaz.

Z: Jesukristorena. (eseri)

G: Eta? Ez al zuten zoroetxean sartu?

Z: Hasieratik saiatu ziren, bai udaletxekoak bai familiakoak. Aurrenekoak arriskua omen zelako; eta besteak, berriz, irabazitako diru guztiak halako txorakerietan gastatzen ari zelako. Baina Bordatxok kontratatuta zeuzkan mediku eta abokatu batzuk, eta haiek salbatzen zuten zoroetxetik.

G: Hobe berarentzat.

Z: Bai, baina diruak adina iraun zion zorteak. Gero kitto. Eta zoro moduan botatzen zian dirua. Diren eta ez diren parranda mota guztietan gastatzeaz gain, apostuaren harra sartu zitzaion barrenean eta asma litezkeen apostu guztiak egiten zituen. Berdin zitzaion noren alde jokatu. Sartuko zen taberna batean eta, baten bati eguraldi ona zegoela entzunez gero, berehala botako zion: “mila duro gaur euria egin baietz”, eta aurrekoa isilik gelditzen bazen, segituan erantsiko zuen: “mila duro gaur euria egin ezetz”. Jakina, jendeak ikasi zian nolako burubideak zerabilzkien eta zain egoten zuan, burugabekeria handiren bat noiz esango, orduantxe apostua onartzeko. Eta Bordatxo, irabazten zuen apurretan bezain pozik galtzen zuen ugarietan. “Hemen ez zegok tongorik”, esaten zuen, “hemen joko garbia zegok”. Baina azkenean garbitu egin zizkiotean diru guztiak.

G: Familiak izango zuen orduan pena, handik zer harturik geldituko ez zitzaiela eta.

Z: Aprobetxatu ziren ordurarte, ez pentsa. Gainera gaiztoak dituk gizakiak, edo gaiztoak gaituk guztiak, ez zekiat. Kandidoren xoxei agur esan arren ez zitzaien amorrazioa pasa, eta dirurik ezean abokatu eta medikuek atzamarrik mugitu ez zutenez, azkenean zoroetxean sartu zitean Bordatxo.

G: Gizajoa. Tipo jatorra ematen zuen.

Z: Halakoxea zuan, bai.

G: Eta? Zoroetxean zorakeriak egiten segitu zuen edo sendatu zuten edo?

Z: Han ez duk inor sendatzen. Garai batean behintzat. Eroak eroago ateratzen ez baziren, hantxe egoten zituan hil arte.

G: Eta Bordatxo? Eroago atera zen edo...?

Z: Ez. Hilda atera zuan. Nahiko azkar gainera. Konbate hartatik buruko gaitzen bat sortu zitzaiola esaten ditek. Baita ere berarekin boxeoan egin nahi izan zutela eroetxeko batzuek.

G: Txoroek?

Z: Ez: gaixozainek. Eroak baino okerragoak dituk horiek.

G: Ondo lotuko zuten aurretik, bestela...

Z: Beharrik ere ez: nola beti pastilaz-eta erdi drogatuta edukitzen omen zuten...

 

(gero eta geldiago, motelago biak)

 

G: Nazkagarriak...

Z: Kaka zaharra duk mundu hau. (tragoak ugariago; edana igertzen zaio: jarreran, hizkeran...)

G: Bai, kaka zaharra.

Z: Ezertarako ez dik balio.

G: Ez, ezertarako ez. (isilunea) Baina hala ere, izaten dira batzuk, mundua hobetzen saiatzen direnak.

Z: Alfer-alferrik.

G: Ez beti, beharbada.

Z: Beti duk alferrik. Zertarako hainbeste katramila eta buruhauste, azkenean dena berdin duk eta.

G: (altxatu egiten da bizkortuta; mozkorra nabari duela, hala ere) Ez da dena berdin. Nire ustez ez behintzat. Eta bukaera berdina izanda ere, ez da igual bitartean zerbaiten alde egiten baduzu, zerbait egin, ekin, jo, borrokatu...

Z: Borrokatu? Zertarako?

G: Beti izaten da zeozer: munduko galtzaile guztiak, aberri zapaldua...

Z: Bueno, bueno, bueno... Ez etorri niri kopla zahar horiekin.

G: Ez dira kopla zaharrak. Zaharrak akaso, baina ez kopla hutsak.

Z: Hik ezagutzen al duk inor, gauza horiek benetan sinetsi dituenik?

G: Bai. Nik izan nuen lagun bat, beti ideia batzuen alde aritu zena.

Z: (ironiaz ari da) Izango zuan hori ere, aprobetxategiren bat.

G: Ez. Herriagatik egin zuen borrokan.

Z: Eta? Lanpostu onen bat lortu zuen edo?

G: Ez. Hil egin zen.

Z: (serioago, moztuta) A, bueno. Barka, ez nekian.

G: Ez, ez dago zer barkaturik. Borrokan dabilenari gertatzen zaizkio holakoak.

Z: Orduan... zera zen...?

G: Bai. Borroka armatuan zebilen.

Z: (urduri hemendik aurrerakoan) Hori, hori beste kontu bat duk. Nik hor, nik horretan ez diat sartu nahi...

G: Inork ez du sartu nahi, badaezpada ere. Baina batzuk sartu egiten dira hala ere, arrisku guztiak bere gain hartuz.

Z: Inork sartzeko agindu ez bazion, ez zeukak inori kargu hartzen ibiltzerik.

G: Nork hartu dizu zuri kargu?

Z: (altxatu egiten da, estropozoka dabil, g-gana doa pixkanaka) Ez, zera: hor ari zarete, herriaren alde hau ta beste egin zuela, santuak balira bezala; haiek santuak eta beste guztiak kaka zaharra.

G: Zuk zeuk esan duzu lehen, dena dela kaka zaharra.

Z: (g-ren aurrez aurre, oldarkor, mozkorraren harrokeriaz) Bueno, bai, baina santu jende hori ez zaidak batere gustatzen. Zergatik nahi ditek besteak baino hobeak izan? Zergatik sartzen dira bide horretan?

 

(baztertu egiten da Z-gandik, aparte gelditzen; Z, berriz, zerbaiten kontra erdi jarria gelditzen da, adi baina beti ere zahatoari tiraka)

 

G: (pentsakor, bere baitan bezala, polemika kutsua utzita) Askotan galdetu izan diot neure buruari zergatik sartu zen horretan Aitor. Aitor zuen izena nire lagunak, esan al dizut? Aitor. Elkarrekin ibili ginen eskolan. Txiki-txikitatik ibili ginen elkarrekin, bai eskolan bai eskolatik kanpo, jolasean-eta. Askotan izan zen nire etxean, eta ni berean ere bai. Batek pentsa lezake, oso giro abertzalea izango zutela etxean-edo, baina ez. Bere gurasoak ez ziren batere kezkatzen gauza horiekin. Nire etxean beti izan da joera gehiago, aberri-egunak direla edo beste edozer dela. Baina garrantzi handirik eman gabe hala ere. Manifestazioetara joaten-eta, oharkabean bezala hasi ginen, hamabost-hamasei urte genituela. Orduan dena zen guretzat berria. Neskekin ateratzea, parrandak egitea, oporretan bakarrik joatea... Manifetan ibiltzea etxeko kateetatik askatzeko beste modu bat zen, baina horrekin ere aspertu egin ginen halako batean. Niri behinik behin beste abentura batzuk gustatzen zitzaizkidan gehiago. Tragotan ibiltzen ginen lehen ere, baina porroak eta tripiak ere deskubritu genituen orduan eta...

Z: Gaurko gazteak, zikinkeria horiek usteltzen zaituztete.

G: (jira eginda, z-ri begira orain) Ez da horrenbesterako ere. Parranda egiteko modu bat da, zuek ere ardoz mozkortzen zareten bezala. (zahatoa seinalatzen diola)

Z: Hori ez duk iguala.

G: Jakin gabe ari zara baina berdin dio, kontua ez da hori. (berriz ere bere baitan, z-ri bizkar emanda) Izan zen gure artean ere bide horretan segi eta garaiz gelditzen jakin ez zuenen bat. Hor nonbait dabil oraindik ere beste lagun bat, desengantxatu nahian. Baina besteentzat jolasa besterik ez zen izan. Eta Aitor izango zen gutxien sartu zena. Batetik unibertsitatean hasita zegoen eta oso serio hartu zituen ikasketak; bestetik, denborapasa sanoagoak zituen, mendia dela, kirola dela. Zaletasun diferenteak genituenez, eta ni ordurako ikasketak utzita, ba, gutxiagotan elkartzen ginen, baina lagun segitzen genuen halere. Gero ni soldadu joan nintzen. Berak prorroga zeukan, ikasten ari zelako. Baina beti esaten zuen ez zela soldadutzara joango. Orduantxe hasi berria izango zen objetore eta halakoen saltsa. Baina berak beste soldadutza klase bat aukeratu zuen. Ordurako seguru asko hasita egongo zen beste horretan. Han-hemen petardo batzuk jartzen eta hola.

Z: Soldadutza baino gehiago, gerra duk hori.

G: (z-gana jiratuta, berriz) Bai, horixe da, gerra

Z: Hi badaezpada ez hintzen sartu ordea.

G: (makurtu samar, lurrera begira) Bururatu ere ez orduan. Ez dakit ba. Koldarkeria izan liteke, beldurra, ez dakit nik. Beti ere errexago beste batek egitea.

Z: Eta zuek atzetik txalo jo.

G: Etzazu barrerik egin, ez da txantxetako gauza ta. Koadrila osotik bakarra izan zen Aitor horretan sartzen, eta egundoko ustekabea hartu genuen denok, ihes egin zuenean.

Z: Ez al zuten ba hil?

G: Geroago hil zen. Aurrena, txakurrek bere komandoari antzemanda edo, ihes egin behar izan zuen, beste aldera.

Z: Polizia horiek ez direla tonto hutsak.

G: (aurrez aurre begiratzen dio z-ri; g dago orain oldarkor) Basapizti hutsak bai behintzat. Informazioa nola lortzen duten bazeneki...

Z: Sumatzen diat bai, egurra galanki emango dutela horiek.

G: Itsu-itsuan gainera. Txoriak alde egin zienez, inguruan hasi ziren bilaka, eta ezertxo ere ez genekien hiru-lau bat lagun atxilotu gintuzten.

Z: Orduan hiri ere eman zizkiaten epelak...

G: (aurpegia erretiratzen du, ezerezari begira) Nik suertea izan nuen. Konturatu egin ziren, nonbait, guk ez genekiela ezertxo ere, eta pare bat zaplazteko hartuta libratu nintzen.

Z: Be, hortaz...

G: Hortaz? Erraz esaten duzu... (gogoratze lanetan; astiro hitz egiten du hasieran, intentsitate handiz halere, kontatutakoaren dramatikotasuna azpimarratzeko) Han egon behar da gero. Hango ateak, hesiak, sarrailak... eta batez ere hango txakurren begiratuak, barreak, mehatxuak. Sentitzen duzun ikara ezin esan liteke hitzez. Dardar batean zaude, izerdia kopetatik behera, zer egingo dizuten pentsatzen, beherakoari ere eusteko gauza ez zarela ia. Eta beste batzuentzat okerragoa izaten da gainera. Lagunetako bat, Martxial, ez dakit nik zer ikusi zioten baina egundokoak eman zizkioten: aurrena kolpeak, flexioak, gero berriz plastikozko poltsa jarri buruan ia-ia itoan geratu arte, eta berriro hasi, behin eta berriz...

Z: Ez al duk ba esan zuek ez zenekitela ezer?

G: Bai, baina torturatzaileak ezin jakin dezake dakizun guztia esan diozun ala zerbait ezkutatzen diozun. Hori, edo bestela gusto hutsez torturatu zutela, hori ere izan liteke, jota zegoenean elektrodoekin hasi zitzaizkion-eta: titietan, oinetan, barrabiletan...

Z: Nahikoa da, hozkia ematen zidak!

G: (bero-bero) Gero eta korriente altuagoak, gero eta denbora gehiagoz, Martxial gaixoa garrasika...

Z: (haserre) Nahikoa dela! Kitto!

G: (emozioz gainezka egin eta negar-zotinka hasiko da, hitz totelka ere bai, belauniko erortzen dela) Hori nahiko zian Martxialek ere: kitto! Nahikoa da! Baina han zu ez zara ezer, han bai zarela kaka zaharra. Kaka zaharra besterik ez, borrero zaharren eskuetan.

Z: (besarkatu egin nahiko du; bera ere belauniko, ardoz txolindu samarra) Lasai, lasai, pasa da dena.

G: (haserre, bizkor altxatuz) Niri ez egin ume txiki bati bezala! Zer uste duzu?

Z: (lurrean gelditzen da) Barka ezak, zera... Negarrez ari hintzen eta...

G: Batzuetan negar egin behar izaten da gorrotoak beste biderik ez duenean.

Z: Bai, ulertzen diat.

G: Ez dut uste ulertzerik dagoenik bertatik pasatu ezean.

Z: (arrastaka, zahatoa berreskuratzen du) Bueno, guri ere zaplazteko batzuk eman zizkiguten gaztetan, eta aguazilen zeldan gau batean eduki ere bai, farola bat hautsi genuela eta.

G: Berdina iruditzen al zaizu...?

Z: Ez, ez da gauza bera baina, zuk pasatakoa eta Martxial horrena ere ez dira igualak, ezta?

G: (burumakur) Ez dira igualak, ez, arrazoi duzu.

 

(isiltasuna)

 

Z: Eta? (zertxobait altxatzen da: belauniko) Zer gertatu zen gero zure lagun horrekin, Aitorrekin edo?

G: Azken orduan lortu omen zuen ihes egitea. Ordurarte zertan ibili zen ere ez dakit; gauza horiek ez dago inoiz garbi jakiterik, badakizu.

Z: Hala izango da, nik horretaz ez dakit ezer baina.

 

(Z altxatu lurretik eta eseri egiten da; G ere eseri egingo da geroxeago, baina aparte samar, elkarri hizketan bai baina bizkarra emanda egongo dira)

 

G: Gero beste aldean zela entzun genuen, baina han ere gauzak okertu egin zirenez ez zegoen haren berri jakiterik. Gurasoek edo jakingo zuten akaso, baina hobe denentzat ezer ez galdetzea.

Z: Guraso gaixoak.

G: Bai, horiek ere gaizki pasa zuten, oso. Amak batez ere. Ordurarte horren mutiko formala izan zutena, eskolan-eta beti ondo. Sumatu ere ez zuten egiten semea zertan zebilen. Ezta burutik pasa ere. Aitorrek aldeginda gero ere hutsegiteren bat izan zelakoan zeuden. Eta gero, berriz, lagunen erruz izan zela, guk sartu genuela bide okerrean...

Z: Ulertzekoa duk: gurasoentzat gure umeak beti dituk txintxoak, ezin gaiztakeriarik egin.

G: Aitorrek ere ez zuen egin.

Z: Horiek egiten dituzten txikizioak-eta, atentatuak-eta...

G: (z-ri begiratzen dio une batez, begirada sumindu laburra) Orain ez dut politikaz hitz egin nahi, baina zerbaitengatik ari zen Aitor, eta besteak baino hobea zelako sartu zen, sartu zen tokian. Inork behartu gabe. Azkenean ulertu zuten. Eta ama, lehenago gure kontra aritu zena, bera gogorrena semearen alde. Bilera, manifestazio eta halako guztietara joaten zen.

Z: Jakina, ama batentzat ez zegok seme txarrik, egundokoak eginda ere.

G: (jiratu egiten da, z-ri begira) Etzazu burlarik egin.

Z: (eutsi egiten dio begiradari; aurrez aurre biak) Ez diat burlarik egin.

G: Hobe hortaz. Errazegi ahazten da hola ibiltzea tokatzen zaienen sufrimendua.

Z: Bai, eta beste batzuek ere errazegi ahazten ditek atentatuetan hildakoen eta horien familiakoen mina.

G: Hemen borroka bat dago estatuarekin, eta estatuaren zerbitzari direnak...

Z: (etenez) Nor ez da hemen estatuaren zerbitzari?

G: (altxa egiten da eta beste alderantz ibiltzen hasi) Esan dizut lehen ere, ez dudala politikaz hitz egin nahi.

Z: Nik ere ez.

G: Utzi dezagun ba kontu hori.

Z: Bai, utzi dezagun.

 

(Aspaldiko partez lanean hasten da G, eta geroxeago berdin Z, biak isilik, nor bere aldetik baina betertzez elkarri begira. Handik pixka batera, biak batera hasten dira hizketan)

 

G: Barkatu baina...

Z: Zera, nik esan...

 

(gelditu, eta biak berriro batera)

 

G: Nik esan nahi nizuna...

Z: Jakin beharra daukazu...

 

(berriz gelditu eta, irribarrez orain, giroa lasaituta)

 

z.: Heuk kontatu.

G: Ez, ez, zu hasi.

Z: Ez, ez, ez ziok axolarik, heuk hasi nahi baduk...

G: Nahiago dut zu hastea, inporta ez bazaizu.

Z: Bueno ba, ni hasiko naiz hortaz.

G: Bai, hasi.

Z: (erraminta baten gainean apoiatuta) Zer esan behar nuen? A, bai, atentatuak eta hori dena. Hara: urte asko diat nik dagoeneko, eta urte hauetan denetik ikusi diat, eta denetik ezagutu. Izan ditiat lagunak kartzelan, eta polizien kulpaz begi bat galdu zuen bat ere bai. Bazekiat hortaz min hori zer den, edo hala iruditzen zaidak behintzat. Baina ezagutu ditiat beste aldekoak ere. Nik askotan bazkaltzen nuen tabernan bertan garbitu zitean behin guardiazibil bat, kartatan ari zela; baina tira, harekin ez nian batere traturik eta... Beste behin manifestazio batean neure kotxea erabili zuten barrikadatarako, eta harriak direla eta ez direla, ez zuan xantu-xantua ere geratu. Tira hori ere, ez diagu horren geurekoiak izan behar-eta. Ni neu aspaldi fabrika txiki batean ibili ninduan lanean. Bolada batean arazoak izan zitian itxiko ote zuten, ez zuten. Langileak-eta borrokan genbiltzan, eta orduan belaunean tiroa jo zioten gure nagusiari. Ez zuan perla bat gizon hura. Merezi ere mereziko zian akaso, baina hala ere ez ziguten mesede handirik egin: handik hilabetera aldegin zian Euskal Herritik. Honekin esan nahi diat asko zabaldu dela mina, eta oinazea, eta ez dakidala ez ote den debaldetan.

 

(eseri egiten da Z, bizkarra emanda; zahatoari heltzen dio eta bota egiten du urruti, harrika; isiltasuna)

 

G: (zorura begira egon da) Ez nekian hori dena.

Z: Ez dik gehiegi inporta. Nik adina urte izanez gero edozeinek esango likek beste horrenbeste. Hik ere ezagutuko dituk bat edo beste...

G: Ez, nik ez. (lanean hasten da berriz ere)

Z: (g-ri begira) Eta zer huen ba esateko?

G: (despistatuta) Zer?

Z: Lehen esan behar huena. Biok batera hitz egiten hasi garenean.

G: A... Ez dakit, ez dio axola.

Z: Zerbait izango zuan.

G: Ez naiz gogoratzen.

Z: Hire lagun Aitorren historia ari hintzen kontatzen lehen...

G: Nire lagun Aitor... (gelditu, z-gana jiratu) Zer inporta ote zaizu zuri Aitor?

Z: Asko, edo gutxi. Hik zer kontatzen didaan, ba.

G: Nahikoa esan duzu orain arte. Zuretzat Aitor herria hondamendira daramaten basapizti horietako bat da, ezta?

Z: Esan al diat holakorik?

G: Hala ez bada, halatsu. Atentatuak eta txikizioak-eta besterik ez omen dituzte egiten. Dena propio izorratzeagatik egingo balute bezala, beste zereginik ez eta.

Z: Nik ez diat halakorik esan. Hire lagun hori ez zuan basapiztia izango, bere intentziorik onenaz jardungo zian, baina horrek ez dik esan nahi bere ekintzekin kalterik egiten ez zuenik.

G: Nik ez dakit zer ekintza egin zituen Aitorrek. Gero poliziak esan zuen, hau ta beste ta ez ez-dakit-zer, baina hori ez dago sinesterik. Eta gainera ez du axola ere. Erakunde baten barruan, tokatzen zaiona egin behar du norberak.

Z: A ze askatasuna.

G: Nola nahi duzu bestela ezer lortzea? Talde bat direlako du zentzua egiten dutenak. Bestela bai, zuk diozun bezala, kalte itsua litzateke. Baina erakundeak badaki zertan ari den eta nora doan.

Z: Seguru al hago, badakiela?

G: Jakin beharko luke. (isilunea; gero, bere baitan bildurik, kontari, aurrera urrats batzuk eginda) Behin gutun bat bidali zigun Aitorrek lagunei. Aldeginda gero. Herriko kontuez eta hola ari zen, umoretsu. Bere berri ez zigun ematen. Erakundea ondo ari zela, zailtasunak zituela baina zuzen zebilela, hori esaten zigun. Eta berak ez zekiela zer egitea tokatuko zitzaion. Beharbada opor ordainduak isla bero batean, hala esaten zuen katxondeoz.

Z: Hori duk pagotxa, hori. Horretara apuntatuko nindukek ni ere.

G: Ez dut uste Karibeko hondartzarik ikusi zuenik. Eskutitz haren ondoren ez genuen beste berririk izan, harik eta, egun batean, komunikabide guztietan atera zen arte.

Z: Zer egin zian ba?

G: (bere baitan) Goizaldeko bostak edo izango ziren. Gaueko ordu txikiak. Kaleak huts-hutsik. Kantoi galdu batean kotxe bat, eta haren barruan Aitor, bakarrik. Aspalditik zebilen berriro Hegoaldean, lanean. Orduan ere halaxe ari zen: esku arteko lehergailuari tenporizadorea egokitzen edo. Kaserna militar bat zegoen han ondoan eta harako, seguru asko. Baina ez zuen kasernaraino iristerik izan. Auto barruan zegoela, zerbaitek huts egin nonbait eta esku arteko lehergaiak zapart, eztanda egin zion eta bera txiki-txiki eginda gelditu zen. Bera, eta kotxea ere bai. Han azaldu ziren berehala poliziak, eta militarrak eta anbulantziak eta kazetariak eta... Denak putreen gisan, Aitorren hilotzaren inguruan, oraindik ere Aitorrena zenik jakin gabe. Eskurik ez zitzaion gelditzen hatz-markarik hartzeko. Agiririk ere ez zeraman patriketan. Hala ere, nola edo hala moldatu ziren ezagutzeko, eta eguerdia baino lehen esan zuten irratian, Aitor Madina zela, nire laguna.

 

(zurtuta bezala gelditu da; Z altxatu, beregana joan eta eskua jartzen dio besagainean, kontsolatu nahian)

 

Z: Sentitzen diat.

G: Aitor ikusi gabeko urteetan, behin baino gehiagotan sentitu nuen laguna besarkatzeko gogoa. Besarkada estu batean harekin batzeko gogoa. Eta orduan, han... ez lagunik, ez gorputzik... (hunkituta, segitu ezinik)

Z: Uztak, nahikoa duk.

G: (negar artean) Emakume baten azal leuna laztantzeko izan behar zuten eskuak... galduta, txiki-txiki eginda...

Z: Lasai... lasai...

G: (nahikoa negar eginda edo gehiago ez egiteko adorea bilduta, zintz eginez, hobetoxeago) Eta hala ere, hilda ere etsai bat ikusten zuten han poliziek, omenaldi bat egiteko ere mila traba eta eragozpen jarri baitzizkiguten.

Z: Zer axola ote zien ba?

G: (aurrerantz doa, ezerezari begira berriz ere) Horixe jakin nahi nuke nik. Aitorren izpiritua izango zen, menderatu ezin zutena. Aurrena epaileak ez-dakit-zer egin behar zuela, gero autopsia egin behar ziotela, ez gurasoei ez lagunei ez ziguten utzi gorputza ikusten. Gero, berriz, lehenbailehen lurperatzea nahi zuten, ez omenaldi ez ezer egin gabe, eta guk ezetz, behar bezalako agurra egin behar zitzaiola eta halaxe egon ginen puska batean, ez aurrera, ez atzera.

Z: (erraminta gainean apoiatuta berriz ere) Poliziak beti ere burumotzak.

G: Eta horiei agintzen dieten politikoak okerrenak. Azkenean hala ere, herriko erretorearen bitartekaritzarekin utzi ziguten gorpua eramaten.

Z: (barrez hastekotan) Apaiz zahar horiek ere... Ez zian nahiko bere meza hondatzerik eta.

G: Ez zen mezarik izan. Gero familiak atera zion bat edo beste, baina orduan ez mezarik, ez lur-ematerik.

Z: Zer ba?

G: Aitorrek halaxe esana zuelako. Berari ezer gertatuz gero, ez zuela ez hiletarik ez kristorik nahi. Gorputza erretzeko, eta hautsak haren gogoko mendi-tontorretik sakabanatzeko.

Z: Uf.

G: Niri polita iruditzen zitzaidan. Garbiagoa, gorputz hilaren fetitxismorik ez...

Z: Hezurrak biltzen ere lanik ez.

G: Baina gogorra izan zen, benetan. Errautsak ontzi batean zeuden. Ontzi hori mendira eraman genuen. Muinozabal badakizu non dagoen? Ba hantxe. Bertsolari eta hizlariak izan ziren, eta gero, denak isil-isilik, ontzi hartako hautsak ikurrinaren gainean hustu eta airean zabaldu genituen. (lurretik hautsa hartuta; erortzen uzten du gero; gora begira; isilik) Erraz esaten da, baina hauts haietan zegoen nire laguna, nirekin hainbestetan jolas egindakoa. (berriro makurtzen da, hauts gehiago hartzeko; belauniko jarrita, hautsa esku artean hartu eta buru gainetik uzten du erortzen gainera. Ekintza eta hizketa motelduz, makalduz, geldotuz) Hauts hartako hondarrak ziren lagunagandik geratzen zitzaidana. Hauts hartan biltzen ziren nire oroitzapenak. Hauts hura besterik ez zen geratzen; hainbeste amets...

Z: (poliki hitz egiten du, isilune artean; erraminta erortzen utzi eta bera ere erdi eserita, erdi makurtuta; hautsa eskutan hartu, libratu, hautsari begiratu) Dena hautsa.

G: Hainbeste borroka...

Z: Hauts hutsa.

G: Hainbeste sufrimendu...

Z: Hautsa eta hautsa.

 

(argia ilunduz doan neurrian, pertsonaien ahotsak apalduz joan dira, eta euren gorputzak ere beheratuz, azkenik hautsarekin bat egin arte)