Heroien gaua
Xabier Mendiguren
Heroien gaua
Xabier Mendiguren
Artezblai, 2004
Heroien gaua
Xabier Mendiguren
Artezblai, 2004
[aurkibidea]

 

joseba eta milaren etxean.

 

JOSEBA: (Geldi, besoak gurutzaturik, urduri, gustura ez dagoela nabarmen utzi nahian) Ez dakit zertara goazen... (Isilunea) Ez dakit zertara.

 

mila batetik bestera igarotzen da, erdi jantzita, belarritakoak jartzen edo.

 

JOSEBA: (mila aurretik pasatzean) Ez dakit zertarako goazen, horko bi txorimalo horiek...

MILA: Oraindik hola al zaude?

JOSEBA: Nola “hola”?

MILA: Jantzi gabe.

JOSEBA: Jantzi gabe? Jantzi gabe al nago ni? Biluzik al nago?

MILA: Joseba, mesedez!

JOSEBA: Ez dut uste larrugorritan nagoenik.

MILA: Ez zaitez umea izan eta jantzi zaitez itxuran. (Badoa)

JOSEBA: (Bere artean marmarka, baina milak entzuteko) A, bai, noski. Itxuran jantzi behar. Gu gutxiago ez garela erakusteko, noski.

 

Isilik une batez, bere itxurari begira; eranzten hasten da ondoren, astiro: etxeko oinetakoak kendu, nonahi bota...

 

JOSEBA: Ba, egia esanda, ez dakit zertara goazen. (Isilunea) Ez dakit...

MILA: (Presaka igaroz) Joseba, mesedez, ez izan horren aspergarria. (Badoa)

JOSEBA: Aspergarria? Ni aspergarria? Noski, Xabier eta Arantxa, horiek bai atseginak, horiek bai dibertigarriak, eta ez ni bezalako zaputzak. Hori esan nahi duzu, ezta?

MILA: (Kanpoan dela) Ez, ez nuen hori esan nahi.

JOSEBA: Ba, horren ondo pasatzen baduzu, zergatik ez zoaz zu bakarrik, e? Ni berdin-berdin egongo naiz hemen. E? Zergatik ez zoaz zu bakarrik?

MILA: (Igaroz) Ba, Xabier zure laguna delako. Tori: jantzi alkandora hau. (Badoa)

JOSEBA: Laguna? A ze laguna! (Alkandora janzten hasiaz) Horrelako lagunekin sobran dauzkazu etsaiak.

MILA: (Kanpoan) Baina ez al zaitu berak gonbidatu?

JOSEBA: Bai noski. Bere etxe berria harro-harro erakusteko, eta gure lepotik barre egiteko. (Isilunea) Seguru oraintxe bertan gu larrutzen ari direla.

 

xabier eta arantxa beren etxean. Emaztea senarrari apaingarriren bat egoki jartzen ari zaio.

 

XABIER: Nahikoa da, emakumea!

ARANTXA: Ixo! Hola askoz hobeto zaude eta.

XABIER: Seguru Joseba ez dabilela holako txorakerietan.

ARANTXA: A ze eredua, Joseba! Bere zarpa zaharrekin, besteak baino gorago balego bezala.

 

Bakoitza bere kasa prestatzen, mahaia jartzen eta abar.

 

XABIER: Joseba ez da horrelakoa.

ARANTXA: Ezetz? Zu bai inozoa. Denak jatorrak direla iruditzen zaizu eta.

XABIER: Joseba gure laguna da, eta Mila ere bai.

ARANTXA: Zure laguna izango da Joseba, izatekotan; eta Mila horrengana, berriz, hobe duzu gehiegi ez arrimatu; bere inuxente planta horrekin... ez naiz batere fidatzen.

XABIER: (Haserre, geldituaz) Joder! Baten zarpa zaharrak, bestearen inuxente plantak... Ezer ez zaizu ondo iruditzen.

ARANTXA: Ba, egia esatea nahi baduzu, zure lagun horiek ez zaizkit gustatzen, ez.

XABIER: Eta zertarako antolatu duzu hortaz afaria?

ARANTXA: Bueno... betiko ezagunak dira... eta askotan atera gara elkarrekin, eta...

XABIER: Eta etxea erakutsi nahi diezu.

ARANTXA: Baita ere. Zer du ba horrek lotsatzekoa? Ederki kostatu zaigu gainera.

XABIER: (Bere artean) Ez dakizu ondo.

 

Isilunea, batera eta bestera ari direla.

 

ARANTXA: Lagundu hau zabaltzen. (Mahai gaineko zapia bien artean ipiniko dute) Aizu, Xabier...

XABIER: Zer...

ARANTXA: Ez al duzu uste, orain etxe handiagoa daukagula, norbaiten laguntza beharko genukeela garbitzeko-eta.

XABIER: Ez al da Nekane etortzen astean bitan?

ARANTXA: Baina ez da nahikoa. Gero gauza mordoa gelditzen dira nik egin beharrekoak.

XABIER: Lagunduko dizut nik.

ARANTXA: Zuk? Noiz?

XABIER: Lanetik etorritakoan.

ARANTXA: A ze laguntza zurea. Ez, nik etxean bertan behar dut norbait, etxeko lanak egiteko.

XABIER: Egun osoko neskamea.

ARANTXA: Orain ez da neskame esaten. Interina esaten da, edo asistenta, edo etxeko laguntzailea...

XABIER: Baina neskamea.

ARANTXA: Ba bai.

XABIER: Ba ez.

ARANTXA: (Haserre) Nola ezetz?

XABIER: Ezin dugulako. Ikusi al duzu gure hipoteka? Eta zenbat ordaindu behar diogun bankuari hilero? E? Ikusi al duzu?

ARANTXA: Aizu, ez hasi niri builaka, ni ez naiz zure menpekoa eta.

XABIER: Barkatu.

ARANTXA: Eta gainera, ez al zaituzte salmenta-buru egin? Ez al dizute soldata igo? Ez al duzu irabazien zati bat ere hartzen?

XABIER: Bai baina, neskamerik ezin dugu hartu, oraingoz.

ARANTXA: Bueno, ba, neskamearena geroko utzi liteke, baina Amerikakoa ez.

XABIER: (Gogaituta) Hasi zara berriz...

ARANTXA: “Hasi zara berriz” ez: Iratik Estatu Batuetara joan behar du udan.

XABIER: Baina zergatik joan behar du uda honetan eta ez hurrengoan?

ARANTXA: Askotan hitz egin dugu horretaz: ingelesezko maila on bat behar du, datorren urtean kolegio ingelesean sartzeko.

XABIER: (Nekaturik) Kolegio ingelesean... Julen primeran ari da moldatzen unibertsitatean, kolegio ingelesera joan gabe.

ARANTXA: Julen Julen da, eta Irati Irati da.

XABIER: Badakizu Iratik ez duela nahi.

ARANTXA: Berdin zait zer nahi duen. Heziketa kontuan umeen iritziak ez du balio.

XABIER: Eta nireak ere ez, ezta?

ARANTXA: Etzazu txorakeriarik esan. (Isilunea) Non ote dabiltza Irati eta Julen...?

XABIER: Hor nonbait, beren lagunekin.

ARANTXA: Bai noski. Anartzekin.

XABIER: Zer duzu orain Anartzen kontra? Txikitatik ezagutzen dugu.

ARANTXA: Txikitatik ezagutzen dut bai, eta horregatik nago beldurrez, zertan ibiliko diren.

XABIER: Zu ari zara orain txorakeriak esaten. Zer egingo dute ba? Tabernaz taberna ibili, berriketan egin... Betikoa.

ARANTXA: Hobe bai, hala balitz.

 

* * *

 

IRATI: (Pantaila handian lehen planoan; aurpegi haserretuaz) “Ze maja zure ama” esan zidaten aurrekoan kalean. Ez dute ondo ezagutzen. Hipokrita halakoa. Aurretik goxo-goxo, eta atzetik ta!, ziria. Itxura besterik ez zaio inporta horri. Zer esango duten, zer pentsatuko duten. Orain ere hor dabil, kolegio ingelesera joan behar dudala eta kolegio ingelesera joan behar dudala. Berak “Yes” esaten ere ez daki-eta. Baina, noski, oso dotorea iruditzen zaio gero ile-apaindegian esan ahal izatea “Bai, kolegio ingelesean ikasten daukat alaba”. Kategoria ematen diolakoan. Berak eduki ez duen edukazioa nahi omen du guretzat. Kaka zaharra inporta zaio horri edukazioa. Eta aita berriz, gaiztoa ez da baina, ez dio inoiz kontra egiten, gibel-haundi horrek, eta txotxongilo bat bezala manejatzen du amak. Denok manejatu nahi gaitu amak txotxongiloak bezala, baina nirekin ezingo du. Ez horixe.

 

* * *

 

Erdi jantzita dago joseba, zabar samar. mila datorkio, zapatak eta esku-poltsak erakutsiz.

 

MILA: Zure ustez zer geratuko zait hobeto: zapata eta poltsa beltzak, ala beix kolorekoak?

JOSEBA: Zer dakit ba nik? Horiek... emakumeen kontuak dira horiek.

MILA: Emakumeen kontuak! (Badoala) Hobe zenuke zuk ere, gauza horiei kasu gehixeago egingo bazenie.

JOSEBA: (Isilune baten ostean) Zer esan nahi zenuen horrekin? (Erantzunik ez duela-eta ozenago) Zer esan nahi zenuen? Ez dudala neure itxura zaintzen? Zaharkitua nagoela, modaz pasea? Horregatik naizela lantokian azken tximinoa, beste batzuek gora egiten duten bitartean? E, hori esan nahi al duzu?

MILA: (Zapata beltzak jantzita agertzen da; muxu txiki bat ematen dio senarrari) Nire tximino maiteena zara zu, baina guapoago egongo zara zapata berriak jantziz gero.

JOSEBA: (Gozatuago) Zer dute ba txarrik zapatila hauek?

MILA: Ez, bueno, besteak dotoreago... Baina mugi zaitez, gure zain egongo dira honezkero.

 

xabier eta arantxaren etxean. Dena ia prestatuta; azken ukituak ematen: sardexkak zuzendu, aho-zapiak ongi egokitu eta abar.

 

ARANTXA: (Ordulariari begira) Zer ordutan esan zenien etortzeko?

XABIER: Hemen izango dira berehala.

ARANTXA: Joseba horrek daukan formalidadearekin...

XABIER: Ez da berandutzen diren horietakoa...

ARANTXA: (Ironiaz) Ez noski.

XABIER: Lanean garaiz ibiltzen da normalean.

ARANTXA: Bai, alde egiteko orduan batez ere.

XABIER: Arantxa, ez zaitez gaiztoa izan.

ARANTXA: Gaiztoa ni? Zer esan dut ba?

XABIER: (Pazientzia galtzen hasita) Ez, ezer ez.

ARANTXA: Hortaz?

XABIER: Utz dezagun.

ARANTXA: (Isilune baten ondoren, mahai jiran dabilela) Zuk zer uste duzu: kandela gorriak hobeto geratuko zirela?

XABIER: (Axolarik gabe) Be... akaso...

ARANTXA: Ikusgarriagoak badira, horiak baino. Baina, dekorazio-aldizkari batean irakurri nuen, gabonetan bakarrik jarri behar direla kandela gorriak. Hortik kanpo gustu txarrekoak omen dira. Zer iruditzen zaizu?

XABIER: Bai... Bai, hala izango da.

ARANTXA: (Sututa) Ez didazu kasurik egiten! Berdin zaizu zer esaten dudan. Tontotzat hartzen nauzu ala?

XABIER: Zer esan dizut ba nik orain?

ARANTXA: Ezer ez. Hori da. Inoiz ez didazu ezer esaten, zu baino gutxiago banintz bezala.

XABIER: Mesedez, Arantxa...

ARANTXA: Noski, nik ez daukat ikasketarik; zer naiz ba ni? Eroskiko kajera bat: kaka zahar bat.

XABIER: Arantxa...

ARANTXA: Beste batzuen aukerak izan banitu nik ere... Ala, zer uste duzu, nik ez dudala balio ala?

XABIER: Nork esan dizu halakorik?

ARANTXA: Ez, esan ez baina, antzeman egiten da.

XABIER: Arantxa, ez izan histerikoa.

 

* * *

 

joseba eta milaren etxea. joseba janzten amaitzen ari da, zapaten lokarriak lotzen-edo. mila jantzita dago, eta dena ondo utzi duela ari da ziurtatzen.

 

MILA: (Bere artean bezala) Argia... Gasa... (Alderik alde pasatzen dela)

JOSEBA: (Ironiko izan nahian; zipotz samar hala ere) Ez goaz oporretan, e! Afari bat da.

MILA: Anartzek hartu al ditu bere giltzak?

JOSEBA: Nik al dakit! Hartuko ahal zituen.

MILA: Badaezpada... Ez dadila geratu etxean sartu ezinda.

JOSEBA: (Tonu ilun samarrez) Ez dut uste gu baino lehenago bueltatuko denik.

MILA: Ez baina...

JOSEBA: (Urduri, gaia aldatu nahiz) Bueno, joango gara?

MILA: (Guztiari begira, poltsa hartu, atea ireki) Bai, joan egin beharko dugu.

 

xabier eta arantxaren etxean. Biak eserita, muturrez eta bekozkoz, isilik. josebak eskua luzatu eta zizka-mizka bat hartzen du.

 

ARANTXA: Esan dizut ez hartzeko.

XABIER: Bat bakarrik.

ARANTXA: Bat orain, beste bat lehenxeago, beste bat gero. Horretarako aritu al naiz ni arratsalde osoan lanean?

XABIER: Jateko dira, ezta? Sobran daude gainera...

ARANTXA: Azkar amaituko dira atzaparra sartzen segitzen baduzu.

XABIER: Arantxa, mesedez...

ARANTXA: (senarraren doinua parodiatuz) “Arantxa, mesedez”, “Arantxa, mesedez”. Ez al dakizu besterik esaten?

XABIER: (Erantzun zakar bat ematekotan, baina azken momentuan isildu) Begira... isildu egingo naiz, bestela...

ARANTXA: Bestela zer, e? Bestela zer?

XABIER: Begira: nazkatu naiz oraintxe bertan. (Gorbata kentzen duela) Sartu itzazu ipurtzulotik zeure aperitibo guztiak, nahi baduzu.

 

Alde egitera doala, txirrina entzuten da. Gelditu.

 

ARANTXA: Hemen dira!

 

xabier bide erdian, zer egin ez dakiela.

 

ARANTXA: Zer egiten duzu hor? Ireki ba! Banoa ardoaren bila.

 

arantxa desagertzen da etxe barneko aldetik; xabier kanpoko aterantz doa, zabaltzera.

 

* * *

 

JULEN: (Pantailan) Gero eta gogorragoa egiten zait aita-amen artekoa. Iratik ez arduratzeko esaten dit beti, bost axola gurasoak eta beren rolloak, baina nik ezin dut. Irati pasatu egiten da. Gero eta istilu gorriagoak ditu amarekin, batzuetan badirudi gorrotoa diola, eta ez dut ulertzen zergatik. Bueno, ulertu, ulertzen dut: nik ere badakit nolakoa den ama, baina gure ama da, ezta? Bere akats eta guzti, maite gaitu, gugatik kezkatzen da, gure ona bilatzen du. Zergatik ote da hain zaila familian ondo moldatzea? Irati eta ama, txakurra eta katua bezala. Aita eta ama, disimulatzen saiatu arren, ondo ez. Orain aita salmenta-buru egin dutela-eta denak kontentu, itxuraz, baina arazoak hortxe daude, estalita ere. Aitak zintzoarena egiten du, baina nik badakit bere abenturatxoak izaten dituela, laneko bidaiak aprobetxatuta; ama ez dut uste konturatu denik, eta konturatuta ere ez ikusiarena egingo du, bestela okerrago litzatekeelakoan. Eta nik ja ez dakit zer pentsatu, ez dakit zer egin familia-hondar honi eusteko, eustea merezi baldin badu.

 

xabier eta arantxaren etxera sartu berri dira joseba eta mila. Agurrak, muxuak... Laurak alai eta atsegin, denak batera hizketan, ohiko agur eta konplimenduekin, horren ondorioz ikusleek gauza garbirik entzun ez arren.

 

DENAK: Kaixo.

            Zer moduz?

            Etorri zarete.

            Zer poza.

            Hemen gara.

            Barkatu atzerapena.

            Ez dago zer barkaturik.

            Guk ere oraintxe amaitu dugu gauzak prestatzen.

            Badakizu, trafikoa-eta.

            Ze itxura ona daukazun.

            Zuk ere bai.

            Bo, bo...

            Benetan, aizu.

            Bai?

            Bai horixe.

            Esan behar didazu non lortu duzun soineko hori.

            Ba merkealdietan erosi nuen, aizu!

            Ez da egia izango?

            Bai, bai.

            Eta? Zer moduz lanean.

            Bueno, badakizu, ondo esan beharko.

            Bestela barre egiten dute-eta.

            Horixe, horixe...

MILA: Ze etxe polita.

ARANTXA: Gustatzen zaizu?

MILA: Asko. Nahiko nuke nik ere.

XABIER: Hemendik gauza bat ekarri, handik beste bat...

MILA: Ezagun du bai, gustu ona dagoela hemen.

JOSEBA: Eta diru mordoxka.

XABIER: Bueno, ez hainbeste...

ARANTXA: (Irri faltsuz beti) Pixkatxo bat, bai. (Isilunea) Nahi duzue etxe osoa ikusi?

MILA: Nahi duzun bezala.

XABIER: Gero igual hobeto, ezta? Bestela, jatekoa...

ARANTXA: Bai, egia. Hoztu egingo da. Eseriko gara?

MILA: Bai, bai, goazen esertzera.

 

Bakoitza non jarri erabakitzeko nahaste txiki bat.

 

ARANTXA: Ez, ez: zu jarri hemen, toki hobea da eta.

JOSEBA: Berdin dio.

ARANTXA: Ez, baina, sukaldetik hona ibiltzeko-eta...

JOSEBA: A, nahi duzun bezala.

ARANTXA: Eta zu, Mila, hor, Josebaren parean.

MILA: Ze ondo jarrita dena, ezta?

ARANTXA: Gustatu zaizu?

MILA: Oso polita. Eta kandelekin gainera. Oso fina dena.

XABIER: Hartuko duzue kopa bat, ezta? Bazkaltzen hasi aurretik.

JOSEBA: Bai, bai. Zeozer...

MILA: (Ahapetik) Joseba...

XABIER: Kopa bat besterik ez da, emakumea.

MILA: (Disimulatuz) Bueno, bai... Barkatu.

XABIER: Whiskia, koņaka, konbinatu bat...?

JOSEBA: Whiskia. Ez, ez: garagardo bat hobeto.

XABIER: Whiskia primerakoa zeukaat. Chivas bat. Ez duk nahi?

JOSEBA: Ez, ez... (milari begira) Hobe garagardo bat.

ARANTXA: (xabierri) Ez al duzu entzun garagardoa nahi duela?

XABIER: Zer nahi duk: Heineken, Guinness, Keler...?

JOSEBA: Berdin ziok, edozein.

XABIER: Bazeukaat zerbeza beltz bat, Belgikatik ekarri nuena, kristorena.

JOSEBA: Nahi duana. Horixe bera.

XABIER: Oraintxe ekarriko diat. Itxoin pixka bat, bila joan behar diat-eta, garajera.

 

xabier desagertzen da. Isilune bat.

 

ARANTXA: Badakizue. Orain nola beti kanpoan ibili behar izaten duen, toki bakoitzetik zerbait ekartzea gustatzen zaio.

MILA: Ze ondo, ezta?

ARANTXA: Batetik bai. Baina, askotan bakarrik geratu beharra ere...

MILA: Hori ere egia da.

ARANTXA: Soldata-igoeragatik esan nion nik onartzeko. Bestela...

MILA: Bai, jakina.

ARANTXA: Seme-alabentzako aukera gehiago, ikasteko-eta.

MILA: Horixe. Eta, zer moduz Irati eta Julen?

ARANTXA: Ondo, oso ondo. Julen ja unibertsitatean hasita... Irati, berriz, adin horrek dauzkan gorabeherekin, badakizu.

MILA: Jakingo ez dut ba! Gure Anartzek ere...

ARANTXA: Disgustu asko ematen al dizue?

MILA: Disgustuak ez baina, kezkatuta beti...

ARANTXA: Zertan ibiliko ote den, ezta?

MILA: Hori ere bai, baina ez gehiegi. Mutiko zintzoa da, betiko lagunak dituena.

ARANTXA: (Ez oso konbentzitua) Bai noski, betiko lagunak.

MILA: (Irriz) Zertan sartuko dira ba, gaixoak?

JOSEBA: (Entzuten egon dena, bere baitan bezala, baina urduri) Gaixoak, bai...

XABIER: Hementxe nator, garagardoarekin!

 

* * *

 

ANARTZ: (Pantailan) Gurasoak ez dira ezertaz enteratzen. Beraiek uste dute dena dakitela gutaz, baina zer dakite azkenean? Ezer ez. Ikastolako txutxu-mutxuak, eskolakideak eta haien gurasoak, betiko txatxukeriak. Umeak garela pentsatzen dute, ez dira konturatzen hazi egin garela, gazteak garela eta geure arazoak dauzkagula, gazteen arazoak eta gizarteko arazoak. Eta beraiek bitartean beren frustrazioekin, zaharren rolloekin. Aita beti oso kritiko boterearekin, baina gero zer? Gaizki esaka jardun, eta behar baino gehixeago edan, horra bere ezkertiartasun guztia. Ama, berriz, denekin da maitekorra eta jatorra, eta horrekin uste du dena konponduta dagoela, beste guztiek ere jator jokatuko dutela. Bai zera! Mundua hipokritaz beteta dago, arrazoi du horretan Iratik, gezurra eta zurikeria bazter guztietan, ez dago besterik.

 

* * *

 

xabier eta arantxaren etxean berriz. Mahaiaren jiran eserita, zizka-mizkak jaten ari dira.

 

ARANTXA: (Azpil batetik eskainiz) Beste pixka bat nahi?

MILA: Ez, ez. Eskerrik asko.

ARANTXA: Ez al zaizu gustatu?

MILA: Bai, bai, oso ona dago dena. Baina badakizu, pisua...

ARANTXA: Emakumeon zigorra.

XABIER: Nik hartuko dut gehixeago.

ARANTXA: Zuk pisuari begiratu beharrik ez, ezta?

XABIER: Gizena al nago ba?

ARANTXA: Ez, zera: hemezortzi urterekin bezain argala...

XABIER: (josebari) Hauekin ezin duk asmatu. Jaten ez baduk jaten ez dualako; jaten baduk, berriz, gehiegi jaten omen duk.

JOSEBA: (Ardotik edanez ariko da, behar baino gehiago) Emakumeak.

MILA: Bai, “emakumeak” esaten duzue, baina zer egingo zenukete gu gabe...?

JOSEBA: Uiiii... Auskalo!

XABIER: (Zabar) Hobe ezer ez esatea, e...!

ARANTXA: Fantasia asko, eta gero ezer ez.

 

Isiltasun deserosoa.

 

MILA: Bueno, egun batekoagatik beste pixka bat hartuko dut.

ARANTXA: Bai horixe, disfrutatu beharra dago.

MILA: Oso goxoa dago.

ARANTXA: Ba ez du lan handirik ematen. Bueno, foie foie benetakoa da. Landetatik ekarri ziguten aurreko batean.

MILA: A, noski.

JOSEBA: Ba, niri kutixi arraro hauek... Aukeran, txorixo egosia nahiago.

MILA: Zaude isilik, gizona! Konparatzea ere...

JOSEBA: Zer nahi duzu esatea? Gezurra, ala? Iruditzen zaizkidan bezala esaten ditut nik gauzak.

ARANTXA: Denetariko gustuak daude, noski. Batzuk landuagoak, beste batzuk arruntagoak.

JOSEBA: Bai, eta gero badaude mokofinak, ipurdia garbitzen ez dakitenak.

MILA: (Haserre) Joseba! Zer ari zara esaten?

XABIER: Txiste bat zen, ez zaitez horrela jarri senarrarekin.

MILA: Txistea, txistea... Ttanttarekin poztu, eta gero txorakeriak esaten dituzu.

JOSEBA: (Bekozkoz) Isilik egongo naiz.

MILA: Hobe duzu, bai.

XABIER: Ez iezaiozu halakorik esan.

JOSEBA: Hemendik aurrera ez dut hitzik egingo.

ARANTXA: (Zurikeriaz) Ez dago hola jarri beharrik ere.

XABIER: Ez horixe. Zer esan duk ba? Janariari buruzko zerbait? Niri dagoeneko ahaztu zait.

ARANTXA: Niri ere bai. Hurrengo platera ekarriko dut, bai?

 

xabierrek eta milak baietz, irriz. joseba, muker, bere baitan sartua bezala.

 

* * *

 

ANARTZ: (Pantailan) Nire aita amargatuta dago. Gazteok ez omen dakigu zer nahi dugun, baina berak bai ez dakiela zer nahi duen. Edo, baldin badaki, ez da saiatzen nahi duena lortzen. Politikan bezala da hori. Gogoratzen naiz, txikia nintzenean, egundoko txapak sartzen zizkidala. Bere gazte-garaiko azainak-eta, bere buruari garrantzia emateko. Txakurrek ez-dakit-zer egin zietela, eta beraiek orduan ez-dakit-zer mugida antolatu zutela... Amak esaten zion pelikularik ez kontatzeko, eta aitak orduan, ze herritan bizi nintzen jakin beharra nuela. Eta Franco aipatzen zidan, Patxi Zaharra deitzen zion berak, eta beste batzuk, ahaztu ditudanak, Arias, Suarez... Ni bakarrik Gonzalezekin gogoratzen naiz, eta nola aitak esaten zuen harexek antolatu zituela Gal taldeak. Bueno, ez naiz ni ere txapa sartzen hasiko; bakarrik zen hobeto ikusteko nire aitaren nondik norakoa: oso abertzalea eta hori dena. Oraintsu arte behintzat. Lehen manifestazio eta bilera guztietara joaten zen, eta behin baino gehiagotan eraman ninduen ni Bilboko manifa erraldoi haietara, bere sorbalden gainean jarrita. Orain dela gutxi, berriz, manifestazioetara-eta nire kasa joaten hasi naizela enteratu denean, apaldu egin da bat-batean. Oraingoz ez da ausartzen kontra egiten, baina beti ari zait sermoitxoa botatzen: dena ere ezin dela-eta, buru pixka bat eduki behar dela-eta, ezer egin aurretik gauzak arretaz pentsatu beharra dagoela-eta. Txepelkeriak eta txatxukeriak besterik ez. Zeren beldur da ba? Ez al dut esaten eta egiten berak garai batean defenditutakoa? Ala damutu egin da bere pentsaeraz, abertzale izateaz? Koldar nazkagarri bat dela esango luke Iratik, baina nire aita da, eta pena ematen dit.

 

* * *

 

arantxa janari-azpil batekin sartzen da.

 

ARANTXA: Hemen dator...

XABIER: Hara, hara, hara...

 

arantxa bakoitzari banatzen hasten da.

 

MILA: Ze itxura ona. Zer da?

ARANTXA: Ba, txipiroi-tagliariniak, aguakate saltsan.

MILA: Ze originala.

ARANTXA: Arzakek asmatutako platera da.

MILA: A, ba, eman behar didazu errezeta.

ARANTXA: Nahi duzunean.

XABIER: Bale, bale, bale... Nahikoa dut.

JOSEBA: Hiri ere ez zaik aguakatea gustatzen...?

XABIER: Ez, ez da hori...

MILA: Oso freskagarria da.

ARANTXA: Eta oso fina.

JOSEBA: Eta oso ondo elkartzen da ardo honekin.

XABIER: Ba, albariņo bat da, ezagun batek bidali didana; badu halako arintasun frutatsu bat, garratz punttu batekin konpensatua, oso bouquet berezia ematen diona, arrain eta itsaskiekin edateko aproposa.

JOSEBA: Chapeau! (Trago batez hustu edalontzia)

MILA: (Errieta emanez) Joseba!

XABIER: Utziozu, emakumea.

ARANTXA: Bai, ardoa gustatu bazaio...

MILA: Barkatu, nire onetik atera naiz.

XABIER: Bai, denok gabiltza urduri samar.

MILA: Egia da. Lanarekin eta.

XABIER: Eta, zer moduz ospitalean?

MILA: Tira, badakizu. Dena ondo egin nahi eta denera heldu ezinda.

XABIER: Bai, zuk behintzat ondo hartuko dituzu gaixoak.

ARANTXA: (Gaizto) Jakina. Ardura handia da gainera erizain-laguntzailearena: gaixoak garbitu, jaten eman...

MILA: Bai...

ARANTXA: Gogorra egingo da, ezta? Batzuk zahar-zaharrak, beste batzuk ezertarako gauza ez direla...

MILA: Bueno, norbaitek egin behar du hori ere.

ARANTXA: Bai baina, norberak egin beharra gizarteko lanik gogorrena...

JOSEBA: Eta zu, Arantxa, zer moduz lanean?

ARANTXA: (Urduriago) Ni? Ondo. Zer ba?

JOSEBA: Zure lanak ere ardura handikoak direlako: ondo kobratu, erosleari plastikozko xorroak eman, visa-txartela pasatu... Euroarekin gainera, a ze buruhausteak, ezta?

ARANTXA: Ba, etzazu pentsa. Ohituz gero errazago eta guzti egiten da.

JOSEBA: Pozten naiz, pozten naiz.

ARANTXA: Dena dela, ezedentzia bat eskatzea ari naiz pentsatzen.

MILA: A bai?

XABIER: (Aldi berean; guztiz ustekabean harrapatuta) Nola?

ARANTXA: Bai. Oraingoa ez da ni betetzen nauen lana. Bolada baterako ondo dago, jende asko ezagutzen duzu eta denekin tratatzen ikasten duzu. Baina, une batetik aurrera, zure zeregina oso errepikakorra dela sentitzen duzu.

MILA: (Serio) Noski.

JOSEBA: (Ironiaz) Bai, ez dizula uzten pertsona gisa garatzen, ezta?

ARANTXA: Bai, horixe. Eta, oraintxe bertan, beste aukera batzuk ari naiz aztertzen.

MILA: Oso ondo.

JOSEBA: Eskaintza asko izango dituzu, noski...

ARANTXA: Bueno, eskaintza askorik ez baina... dekorazio-denda bat jartzea ari naiz pentsatzen.

XABIER: (Ahoan zuena bota egingo du ustekabearekin) Zeeer?

JOSEBA: A, hiretzat ere sorpresa duk hortaz?

XABIER: E... nik...

ARANTXA: Egun hauetako batean esatea pentsatzen nuen, baina, hemen lagun artean gaudenez...

MILA: Eskertzen dizugu konfiantza.

XABIER: (Zakar) Baita nik ere.

ARANTXA: Ez zaitez hola jarri.

XABIER: Hola jarri? Nola jarri naiz ba ni?

ARANTXA: Ez, zera, ume bat baino petralago.

XABIER: Eske... izan ere...

ARANTXA: Bueno, oraingoz ideia bat besterik ez da.

XABIER: Hitz egingo dugu, hortaz.

ARANTXA: Bai, eta aztertuko dugu.

XABIER: Patxadaz.

MILA: A, ba niri oso polita iruditzen zait. Dekorazioa eta hori dena. Nola bururatu zaizu?

ARANTXA: Etxe hau dekoratzen. Izan ere, pintore, arotz, elektrikari eta gremio guztiekin ibili naiz, eta oso mundu erakargarria iruditu zait.

MILA: Zuk duzun gustuarekin, gainera.

ARANTXA: Bueno... Nik uste beste batzuei ere ideia onak emango nizkiekeela, beren etxea janzteko.

JOSEBA: Diruarekin, berriz, problemarik ez, hire lanpostu hori edukita, e, Xabier?

 

xabierrek, marmarrean, zerbait ulerkaitza murduskatu du hortz artean.

 

* * *

 

IRATI: (Pantailan) Barrutik erreta bizi da nire ama. “Norbait” izan nahi du, herriko jauntxo eta notableen taldekoa, eta zer da bera? Eroskiko kajera bat. Horrexek ematen dio amorrazioa. Lana uztea ere pentsatuko zuen behin baino gehiagotan, nik uste, baina, hortik ateratzen dituen xox apurrak oso ondo datozkio, bere soinekoak erosteko-eta. Harrokeria besterik ez dauka buruan. Horregatik bultzatu du aita, urtetan, bere lehengo lagunak uzteko, lantokiko nagusiengana hurbiltzeko, haien kuttuna bihurtzeko. Azkenean salmenta-buru egin duten arte. “Garaipen handia” gure etxean, baina nik badakit aita ere pott eginda dagoela, barrutik. Garai batean sindikatuan zebilen, lantokiko komitean bere lagun Josebarekin, eta gogor kritikatzen zuen dirua beste helbururik ez zeukan jendea. Gogoan geratu zait aspaldi esaten zuen esaldi bat: lagunak dira benetako aberastasuna. Halaxe esaten zuen, lagunak direla benetako aberastasuna. Eta orain, zer dauka? Lehen baino diru gehixeago, noski; eta zertarako? Etxea aldatzeko, auto berria erosteko, ni Ameriketara edo kolegio ingelesera bidaltzeko... Baina, horren trukean, zertan gelditu dira bere lehengo adiskideak? Non daude garai bateko lagunak?

 

* * *

 

Jaten eta berriketan.

 

ARANTXA: Gehiago nahi duzue?

MILA: Ez, eskerrik asko.

JOSEBA: (Ia aldi berean) Oso onak zeuden zera... tagliarini hauek, lehen barre egin badut ere.

ARANTXA: Oraindik gelditzen da beste pixka bat, nahi baduzu.

JOSEBA: Ez, ez, ez. Estimatuta dago.

ARANTXA: Bueno, orduan banoa bigarren plateraren bila. Lagunduko didazu, Xabier?

MILA: Lagunduko dizut nik.

ARANTXA: Ez da beharrezkoa...

MILA: Gustura egingo dut, atrebentzia ez bada...

XABIER: Segi, segi, emakumea. Ni hemen geratuko naiz.

ARANTXA: Gizonak... Aukera txikiena aprobetxatzen duzue ezer ez egiteko.

XABIER: Berak kapritxo hori baldin badauka...

ARANTXA: Bai, bai. Zalea zara ba, emakumeen kapritxoak egiten...

 

Badoaz bi emakumeak. joseba eta xabier gelditzen dira; une bateko isiltasuna; sardexkaz edalontzian joka baten bat.

 

XABIER: Aspaldian halako afaririk egin gabe, e!

JOSEBA: Bai, motell.

XABIER: Eutsi egin beharko geniekek lehengo ohiturei: aldian behin bildu, trago batzuk hartu, berriketan egin...

JOSEBA: Hemen gaudek gu ere: trago bat hartzen eta berriketan.

XABIER: (Triste antzean) Baina ez duk gauza bera.

JOSEBA: Ez, ez duk gauza bera.

 

Isilunea.

 

XABIER: Gogoratzen haiz, asteroko afari haiek, Arranon?

JOSEBA: Gogoratuko ez nauk ba.

XABIER: Goitik behera konpontzen genian mundu osoa.

JOSEBA: Ez duk asko hobetu harrezkeroztik.

XABIER: Antton-eta, Axio-eta, Mendi-eta... Zer moduz zebiltzak horiek denak?

JOSEBA: Horiek, badakik...

XABIER: Betiko martxan, ezta?

JOSEBA: Hori duk... betiko martxan.

XABIER: Oraindik egiten al dituzue mus-txapelketa haiek eta...?

JOSEBA: Bueno, egia esanda, ni ere ez nauk askorik agertzen aspaldi honetan.

XABIER: A ez, e?

JOSEBA: Oso noizean behin.

XABIER: Lanagatik...

JOSEBA: Lana-eta... Dena. Egoera ere bai: gauzak nola dauden...

XABIER: Bai noski. Hola segituz gero...

JOSEBA: Hori duk. Egurra eman, egurra jaso, eta gero zer?

XABIER: Hori egia duk. Baina hala ere, zer bide geratzen duk ba?

JOSEBA: Ez zekiat, baina burugogorkeriarekin bakarrik ez goazak inora.

XABIER: Bueno, baten batek ikusiko dik akaso, hortik zerbait sortzeko aukera.

JOSEBA: Egon hadi horretan! Nik ere horixe esan diat urtetan, baina nekatu nauk.

XABIER: Joder! Nekatu egin haizela. Epelak bota hizkidan ba ni atera nintzenean.

JOSEBA: Hori diferentea zuan.

XABIER: Zergatik diferentea?

JOSEBA: Ez zekiat... (Isilunea) Bueno, igual arrazoia izango huen orduan ere. Baina, hortaz, zergatik justifikatzen dituk orain?

XABIER: Justifikatu, nik ez diat inor justifikatzen. Bakarrik, uzteko bezala, borrokan segitu nahi duenak ere bere arrazoiak izango dituela.

JOSEBA: Arrazoiak... Horiek ez zekitek arrazoia zer den ere.

XABIER: Ez nian usteko horren etsitua egongo hintzenik.

JOSEBA: Nik ere ez nian usteko, garai batean agintariengana goxo-goxo arrimatu eta gero, orain berriz radikalizatua egongo hintzenik.

XABIER: Hi, ni ez nauk inorengana goxo-goxo arrimatu...

JOSEBA: Bueno, utz dezagun...

 

* * *

 

JULEN: (Pantailan) Irati beti ari da ama kritikatzen: handikeria besterik ez daukala, itxurakerian ibiltzen dela... Erraza da ama kritikatzea, gaztetxo burubero bat baldin bazara, Irati bezala. Baina jakin egin behar da ama ulertzen: ez zuen ikasteko aukerarik izan, edo ez zuen aukera baliatu bere garaian; beste batzuk beti izan dira aberatsagoak eta jantziagoak bere inguruan. Horregatik nahi du gora egin, eta berak ezin badu guk behintzat aurrera egitea. Naturala eta ona da hori, nik uste. Aitaren jokaerak ere badu bere azalpena, noski, baina bihurriagoa da, dudarik gabe. Denekin ondo moldatu nahi horretan, kameleoiarena egiten du azkenean. Bere koadrilakoak iraultzaileak zirela-eta, bera ere iraultzaile, ideiak argiegi eduki gabe, nik uste; gero, berriz, enpresako nagusiekin ongi moldatzen hasi zenean, dena zen agintarientzako lorea: zer ondo egin duen gobemuak hau, zer arrazoia lehendakariak beste horretan... Irati haserretu egiten da, txaketa-aldatze lotsagarria omen da, eta amari leporatzen dio errua. Ez zait iruditzen txaketa kontua denik: txikia nintzenean miretsi egiten nuen aita, baina denborarekin konturatu naiz ahula dela sakonean, besteen onespena behar duena; horregatik bereganatzen ditu ingurukoen ideiak, haiekin bat egitearren, haien maitasuna azkarrago lortzearren. Ezin esan liteke hori zurikeria denik, baina kasik okerragoa da: zuriak badaki bereizten zer pentsatzen duen benetan eta zer komeni zaion esatea; aitak, berriz, ez daki azkenean zertan sinesten duen, eta haizeorratza bezalakoa da, haizeak nondik joko.

 

* * *

 

emakume biak datoz, azpil banarekin.

 

MILA: Hemen dator bigarren platera.

ARANTXA: Zertan ari zarete hor, txor-txor-txor...?

XABIER: Gure gauzez hizketan.

ARANTXA: Futbola eta emakumeak, ezta?

JOSEBA: Ba, ez bat eta ez bestea.

MILA: Politikaz hortaz...

ARANTXA: Ui! Okerrago orduan.

XABIER: Zer ba?

ARANTXA: Gauza onik ez, politikan.

JOSEBA: Bai, hobe dugu jan-edanarekin segitu...

ARANTXA: Ba, begira: indioilar errea, tmfaz eta fmta-konpotaz betea.

XABIER: Ze ona.

 

Banatzen hasten dira.

 

JOSEBA: Zer da: Arzaken errezeta?

ARANTXA: Ez, hau aldizkari batetik hartu nuen, baina oso ona ateratzen zait.

MILA: Itxura zoragarria du.

JOSEBA: Igual, dekorazio-dendaren ordez jatetxe bat jarri beharko zenuke.

ARANTXA: Zuk uste?

JOSEBA: Guri egin dizkiguzun platerekin... Haute cuisine!

ARANTXA: Aizu, ba, igual zu kontratatuko zaitut plater berriak probatzeko. Nola horren esijentea zaren...

JOSEBA: Ez da burutazio txarra, ez: ideia ugari emango nizkizuke nik.

MILA: (Gaia aldatu nahiz, giroa baretzeko) Zure ideiak hobe duzu etxerako gordetzea.

JOSEBA: Zer ba? Horren txarra al naiz ba?

MILA: Ez baina...

JOSEBA: Noski, beste batzuk dira gauzak ondo egiten dituztenak. Ni berriz...

MILA: Etzazu txorakeriarik esan.

JOSEBA: Noski, nik beti txorakeriak; hola ez naute sekula enpresako jerente egingo. Nola ez dakidan behar den tokian hitz egokiak esaten.

MILA: Joseba, faborez...

 

Isilune txiki bat, eta orduantxe, telefonoaren txirrina entzuten da. Denak geldirik une batez. xabierrek poltsikoetan bilatzekoa egiten du, bere esku-telefonoa balitz, bezala.

 

ARANTXA: (Ahots izoztu batez, barruan izuak jota balego bezala) Ez, etxekoa da.

 

xabierrek jaikitzeko keinua egiten du.

 

ARANTXA: Banoa ni.

 

denak geldirik, begira geldituko dira, arantxa telefonora joan eta hartzen duen bitartean.

 

ARANTXA: Bai esan... Nola...? Ez, ez, hemen ez dago Josunerik, deskuidatu egingo zinen... Ez, lasai, ez dio ardura... Bai, gabon. Agur... (Telefonoa bere tokian utzi)

XABIER: Nor zen?

ARANTXA: Inor ez. Ez dakit, deskuidatu egin dira.

MILA: Ordu hauetan... Inori susto bat emateko ere.

ARANTXA: Bai, ni ere beldur nintzen.

XABIER: Zuek beti beldurrez.

ARANTXA: Zer nahi duzu? Irati eta Julen falta direla...

XABIER: Zer gertatuko zaie ba?

ARANTXA: Ez dakit; edozer gauza... Gaitz erdi, ezer ez bada.

XABIER: Lasaitu zaitez, emakumea.

MILA: (Eskutik heltzen diola) Lasai, Arantxa.

ARANTXA: (Zutitu egiten da, ibili) Bai, bai. Lasaiago nago, barka.

 

Isilunea. Zati honetan hitzik egiten ez duen joseba agian urduriena.

 

MILA: (Denentzat, eta aldi berean inorentzat ez) Gure seme-alabek balekite nolako larritasunak pasarazten dizkiguten.

XABIER: Bai, gu baino lasaiago ibiliko dira horiek...

ARANTXA: (Bitartean batetik bestera ibili da, urduri) Ezin dut gehiago, deitu egin behar dut.

XABIER: Nora?

ARANTXA: Iratiri. (Telefono-zenbakia markatuz) Bere mugikorrera.

XABIER: Ez zaio gustatuko...

ARANTXA: Berdin zait!

 

Telefono-seinalea entzuten da; denak isilik, zain. Puska batean horrela.

 

ARANTXA: Ez du hartzen...

XABIER: Itzalita edukiko du.

MILA: Lagunekin ibiliko da.

ARANTXA: Lagunekin, bai...

 

* * *

 

IRATI: (Pantailan) Polizien gizartea da hau. Denek kontrolatu nahi zaituzte. Kalea, txakurrez beteta; eskolan, irakasleak beti kuxkuxean; eta etxean ama beti zelatan. Gero esango dute gazteok inork baino askatasun handiagoa daukagula. Kaka zaharra, askatasuna! Telebistako saio zatar horietan bezala da: libre bazina bezala mugitzen zara, lagunekin hitz egin, jolastu... baina beti daukazu kamera erraldoi bat zuri begira, joaten zaren tokira joaten zarela begia beti erne. Hori da gazteoi eman nahi diguten askatasuna: gezur hutsa. Aspaldi konturatu nintzen eta ez naute harrapatuko. Irakasle bat jatorrarena eginez hurbiltzen zaizunean, malo! Horiek dira okerrenak: zure arazoen berri jakin nahi omen dute, gazteei lagundu; berek ere kontatuko dizute igual bere kontu txikiren bat konfiantza emateko, zuk gero bihotza zabaltzeko... Engainu zikin bat da dena, polizia on eta gaiztoaren jokoa bezala, esaten duzun guztia zure kontra erabiliko baitute gero: zuzendariari kontatuko diote, gurasoei bestela, poliziari ere bai agian. Horregatik erabaki nuen ez nintzela beren jokoan sartuko: amen, zu hor eta ni hemen. Irakasleak ere dagoeneko konturatu dira eta bakean uzten naute. Amak ez ordea. Segi egiten du horrek bere matrakarekin: Non izan zara? Zer egin duzu? Norekin atera zara? Noiz itzuliko zara? Juleni ez dio horrenbeste galdetzen. Noski, nola Julen mutila den...

 

laurak eserita, jan hondarrekin.

 

XABIER: (Altxatuz) Kafea hartuko duzue, ezta?

MILA: Beharko.

JOSEBA: Lagunduko diat nik.

XABIER: Noiztik hi sukaldean?

MILA: Kafearekin artista da, egia da.

XABIER: Hortaz, lagundu beharko didak.

ARANTXA: Kontuz zer egiten duzuen nire sukaldean!

JOSEBA: Nirea balitz bezala zainduko dut.

MILA: Gauza onik ez orduan.

JOSEBA: Toki ederrean uzten nauzu.

ARANTXA: Merituak egin dituzun seinale.

JOSEBA: (xabierri) Harrapa ezak.

XABIER: Alferrik duk horiekin, Joseba. Hobe duk erretreta jotzea.

JOSEBA: Bai, bestela...

 

Badoaz bi gizonak. andre biak geratzen dira. Isilune bat.

 

MILA: Oso goxoa dena, Arantxa.

ARANTXA: Ba! Ez da horrenbesterako.

MILA: Ez, benetan. Eta eskerrik asko gonbidatzeagatik.

ARANTXA: Tira, zer gutxiago...? Lagun zaharrekin...

MILA: Aspaldi ez gara ia ateratzen. Ospitaleko ordutegiekin ezin da inoiz planik egin.

ARANTXA: Besteok ere... Lana amaitu eta ezertarako gogorik gabe geratzen zara, etxean gelditzeko ez bada.

MILA: Hori ere egia da. Eta Joseba, gainera, ez dakit zer duen baina aspaldi honetan petralduta dabil, beti umore txarrean, erantzun txarrekin.

ARANTXA: Gizonezkoen menopausia izango da.

MILA: Bai, pitopausia.

 

Barre egiten dute biek gogotik.

 

MILA: Ez da txantxa, e! Garai batetik aurrera... pott.

ARANTXA: Bai, gero gu omen gara, beti buruko minez-eta, nahi izaten ez dugunak.

MILA: Eta beraiek pozik, bestela barregarri geratuko diren beldurrez.

 

Umore onean, edalontziak betetzen dituzte.

 

ARANTXA: Halakoxeak dira-eta, zer egingo diezu ba?

MILA: Bai, honezkero nahiko lan, horiek aldatzen.

 

Tragoxka bana biek; isilune bat.

 

ARANTXA: Senarrarekin ez: umeekin daukat nik kezka.

MILA: Seme-alaba zoragarriak dituzu-eta: Julen beti horren serioa, unibertsitatean hasia gainera; eta Irati, horren jatorra eta bizia.

ARANTXA: Biziegia igual.

MILA: Zer egin du ba?

ARANTXA: Ez dakit, eta horrexek ematen dit beldurra.

MILA: Ez dizut ulertzen.

ARANTXA: Eta zuek, zer moduz?

MILA: Gu... Zertan?

ARANTXA: Anartzekin.

MILA: Bueno. Badakizu, adin horretan beti sesioan. Ez duela hau egin nahi, bestea egin nahi duela. Guraso guztiok izaten ditugun borrokak.

ARANTXA: Ez baina, etxetik kanpo esan nahi nizun.

MILA: Tira, eskolan ez da punta-puntan ibiltzen. Alferra dela esaten diogu guk beti, baina saiatuta ere kosta egiten zaio, konturatzen naiz ni.

ARANTXA: Eta ez al da istiluetan-eta sartzen? Politika-kontuetan, esan nahi dut.

MILA: A, ba, egia da aspaldi honetan oso burubero dabilela, oso sutsu, baina normala ere bada, gaurko gazteetan. Pasatuko zaio.

ARANTXA: Ziur al zaude?

MILA: Ziur... Ez dakit ba. Joseba bera ere ondo epelduta dago orain.

ARANTXA: Baina semeari buruan ideia horiek sartu eta gero.

MILA: Bueno, ez da horren txarra ere ideia batzuk edukitzea. Nire ustez behintzat.

ARANTXA: Eta horien erruz ezegitekoren bat egiten baldin badute?

MILA: Esajeratzen ari zara.

ARANTXA: Nahiago nuke. Baina beldurrez nago, zertan ote dabilen gure Irati. Eta Anartz ere hortxe dabilela egingo nuke.

MILA: Zertan ibiliko dira ba? Gaurko gazte guztien moduan, kalez kale eta tabernaz taberna, txoroarena egiten.

ARANTXA: Hori besterik ez balitz...

MILA: Pasatu ere egiten dira batzuk edanarekin eta pastillekin; tokatu zait halakoak ikustea ospitalean, baina zuk diozun arrisku hori...

ARANTXA: Ez dakit, ez dakit. Asteburua iristen den bakoitzean, gauean ateratzen ikusten ditudanean, dar-dar batean jartzen naiz eta ezin neure onera etorri...

 

Isilune txiki bat bi emakumeen artean; orduantxe sartzen dira joseba eta xabier, erretilu batean kafea hartzeko guztiak dakartzatela, baita edari-gurditxo bat ere.

 

XABIER: Hemen garela.

JOSEBA: Kafea bero-bero eta bel-beltza, Kubako mulatak bezala.

MILA: Zu bai mulatoa, ametsetan.

JOSEBA: Ikusiko duzu, kafea hartu eta gero...

XABIER: Ui, ui, ui... Zer ikusi behar ote dugu hemen...

 

denak txantxa giroan eta barrezka ari direla, telefonoak jotzen du beste behin. denak isildu. Aparatuari begira, atezuan, zain. Gero arantxa altxatu eta harrapaka doa hartzera.

 

ARANTXA: Bai esan... Esan!... Bai...? Nor da hor...? Nork deitzen du...? Esan...

 

Azkenean, astiro, mugimendu geldoz, utzi egiten du telefonoa. Isilune bat denen artean.

 

JOSEBA: Nor zen?

ARANTXA: (Ez berehala) Inor ez.

XABIER: Zer nahi zuen?

ARANTXA: Ez... ez dute ezer esan.

MILA: Deskuidatu egingo ziren, lehenago bezala.

XABIER: Seguru.

MILA: Jende gogaikarria dagoela gero!

XABIER: Inor beldurtzeko ere, desordu hauetan.

 

arantxak zenbaki bat markatzen du telefonoan.

 

XABIER: Zertan ari zara?

JOSEBA: Nori deitu behar diozu orain?

ARANTXA: Iratiri.

MILA: Bai, egia...

 

Tonuak entzuten diren bitartean isilik. arantxa telefonoa belarrian, besteak begira, zain. josebari pasa zaizkio lehengo moxkor arrastoak. Puska baten ondoren, arantxak utzi egingo du aparailua.

 

XABIER: Zer?

ARANTXA: Ezer ez.

JOSEBA: Ezer ez...?

ARANTXA: Ez du hartzen telefonoa.

MILA: Itzalita edukiko du.

ARANTXA: Ez, piztuta zeukan.

XABIER: Ez zuen entzungo.

MILA: Halako zarata izaten da taberna horietan.

XABIER: Bai horixe. (Giroa lasaitu nahian) Ez dakit nola ez diren erotzen, burrundara horrekin.

ARANTXA: (Urduri eta serio) Anartzek ez al du mugikorrik?

JOSEBA: Guk dakigula ez.

XABIER: Julenek ere ez.

MILA: Ondo egiten dute, ezta?

 

milak eta xabierrek tonu axolagabeari eutsi nahi diote, baina faltsu usaina dario.

 

XABIER: Bai horixe. Egun osoan txorakeriak esaten, eta benetan behar duzunean...

MILA: Orduan ez dago koberturarik.

XABIER: Eta garestiak dira gainera!

MILA: Ondo garestiak gero!

 

arantxa bitartean eserita egon da, bere baitan bildua, eta berdin joseba ere. xabier eta milaren solasa itzaliz doa, eta isiltasun pisu, artega, desoseguzko bat sortzen da, laurak geldirik daudela. Bat-batean arantxa altxatu eta, ezer esan gabe, etxe barruko atetik desagertzen da.

 

XABIER: Arantxa, nora zoaz?

MILA: Zer ote du?

JOSEBA: (xabierri) Hoa beregana.

XABIER: (milari galdetuz bezala) Bai...?

 

xabier mugitzerako, ordea, berriro azaltzen da arantxa, soingaineko bat jantzita eta esku-poltsa hartuta.

 

ARANTXA: (Kanpoko aterantz doala) Banoa.

XABIER: Arantxa, nora zoaz? (Besotik heltzen dio) Arantxa!

ARANTXA: (Askatuz) Irati bilatu behar dut.

XABIER: Baina... Zer... Non bilatu behar duzu? (Berriz heltzen dio)

ARANTXA: Ez dakit... Utzi! Hor nonbait... (Askatu eta badoa)

XABIER: Arantxa! (Atera joan eta deika, ikusten ez dugula) Arantxa...! (Berriz agertzen da, eta besteei esaten die) Joan egin da.

JOSEBA: Joango naiz bila. (Bere txamarra hartuz, badoa aterantz; dena arin)

XABIER: Baina...

MILA: Zoaz bai.

 

Agur-keinu azkar bat egin eta desagertu egiten da joseba.

 

* * *

 

JULEN: (Pantailan) Irati okerreko bidetik lagun txarrek eraman dutela uste du gure amak. Anartzek bereziki. Nola honen aita urtetan sartuta egon den saltsa horietan, ba, Anartz ere buruzagi erradikal bat delakoan, gaztetxo inuxenteak bere gogara manejatzen dituena. Ama bai inuxentea. Egia baleki. Irati bera izango da, izatekotan, bere inguruko gaztetxo guztien burua. Nik ez dakit nondik ateratzen duen jenio hori, barruan dauka nonbait amorrazio bat indarra ematen diona. Eta Anartz gaixoa... tira, ez dakit gaixoa esan litekeen, astakirten bat bihurtua baitago, baina bueno, Anartz beti izan da mutil zintzoa, eta oraintxe bertan Iratiren eskumakila dago bihurtuta. Nire arrebak arre esan, eta berak ere arre. Ez dakit beste ezer ote dagoen bien artean, ezetz iruditzen zait, baina auskalo. Amak uste duena ez behintzat.

 

* * *

 

mila eta xabier bakarrik gelditu berriak, zutik oraindik, zer egin edo zer esan ez dakitela. xabier aterantz doa, zabalik baitago oraindik, eta itxi egiten du; ondoren milarengana itzultzen da.

 

MILA: Nora joan ote dira...?

XABIER: Ez... ez dakit.

MILA: Bueno, itzuliko dira.

XABIER: Bai, itzuliko dira. (Isilunea) Baina bitartean hemen gaude, bakarrik.

MILA: Bai, egia da.

XABIER: Zer egingo dugu?

MILA: Ba, ez dakit. (Mahaira hurbilduz eta gauzak jasotzen hasiz) Mahaia jasoko dut, hau dena pixka bat garbitu...

XABIER: (milagana doa; eskutik heltzen dio, platerak-eta utz ditzan) Utzi, utzi hori.

MILA: (Urduri) Ez zait ezer kostatzen, eta horrela, Arantxa datorrenerako... (Gauzak jasotzen hasten da berriz, eta jangelatik sukalderantz eramaten)

XABIER: (Estrategia aldatuta) Bueno ba, lagunduko dizut hortaz.

 

Platerak eta abarrekoak eramango dituzte, joan-etorrian ibiliz eta aldi berean hitz eginez.

 

MILA: Gezurra ematen du, ezta? Afari bat besterik ez, eta zenbat lan ematen duen.

XABIER: Ez da horrenbesterako izan.

MILA: Zuk esan behar hori... Arantxak egingo zuen dena-eta.

XABIER: Aizu, nik ere laguntzen dut etxean, e.

MILA: Hori esaten duzue denok, “laguntzen” duzuela.

XABIER: Orain ez al naiz laguntzen ari?

MILA: Orain bai, baina... (Bukatu dute; berriz ere jangelan, zutik eta esku-hutsik)

XABIER: Baina... zer?

MILA: Ez, ezer ez. (Urduri; isilunea) Ontziak garbituko ditut.

XABIER: Utzi ontziak bakean. Bihar etorriko da Nekane, etxeari garbitu-pasara bat ematera.

MILA: A, hortaz...

 

Isilunea berriz.

 

XABIER: Eseriko gara?

MILA: Bueno.

XABIER: Ez, hemen hobeto.

 

Mahai aurrean barik, sofa batean eseriko dira biak.

 

MILA: (Isilune baten ondotik, ordulariari begira) Hemen behar zuten Arantxak eta Josebak, ezta?

XABIER: Bai, hemen beharko zuten.

MILA: Zerbait gertatuko zitzaien?

XABIER: Ez, ez dut uste. Gazteak ibiltzen diren lekuetan hasiko ziren begira...

MILA: A ze lanak.

XABIER: Bueno, gustura ibiliko dira igual.

MILA: Bai?

XABIER: Diskoteka batean sartu eta inor aurkitzen ez badute zer egingo dute ba? Trago batzuk hartu, disimulatzeko eta denbora pasatzeko.

MILA: Hobe hala bada. Ondo pasa dezatela.

XABIER: Bai, ezta? Eta guk?

MILA: Guk?

XABIER: Kopa bat hartuko al dugu...?

MILA: Zer? Ez, eskerrik asko.

XABIER: Kopa bat besterik ez...

MILA: Ez, ez dut ohiturarik.

XABIER: Beste kafe bat hortaz?

MILA: Baina, dena jaso eta gero...

XABIER: Ez dio axola. (Zutitzen da) Hemen zain egon behar dugunez gero...

MILA: Bueno, zain egon behar badugu...

XABIER: Oraintxe nator.

 

Badoa xabier; mila bakarrik geratzen da.

 

ANARTZ: (Pantailan) Bizimodua zaila da, gazteontzat behinik behin. Gurasoek behin eta berriz errepikatzen digute dena egina eman zaigula. Baina igual horixe da arazoa. Egina eman diguten hori ez dela gure gustukoa, eta desegin egin nahi dugula. Ez denok, hala ere. Badira gazteen artean konformistak ere. Iratiren anaia, esaterako: Julen. Mutil argia, jatorra... garai batean behintzat. Orain ez digu kasurik egiten, badirudi gizarte ustel honetan integratzea erabaki duela; horretarako ariko da buru-belarri ikasten, lanpostu on bat lortzeko, gero berak ere beste familia tipiko horietako bat sortzeko, eta gurpil zaharrari beste bira bat eginarazteko: seme zintzoa izan, ikasi, andregaia bilatu, lanpostua topatu, ezkondu, seme-alabak eduki... eta gero, gainera, abenturak izaten saiatu. Zergatik ez bota gurpil zahar hori zakarretara? Nik behintzat ez dut mundu kaka hau gizentzen ibili nahi. Askotan galdetu izan didate Irati eta biok elkarrekin gabiltzan edo zer. Jendea horrelako kuxkuxeroa delako. Ze inporta ote zaie? Dena jakin nahi. Ba, gu lagunak gara, eta kitto. Iratik esaten duen bezala, bikote-eskema horiek betiko egitura zaharrak errepikatzeko dira, eta guk ez dugu horretan sartu nahi. Bueno, niri batzuetan gustatuko litzaidake, baina ez naiz hasiko sedukzio-joko patetiko horietan...

 

* * *

 

mila sofan eserita, tente, urduri-edo. xabier dator, kafearekin eta edariekin.

 

XABIER: (Zerbitzari-itxurak eginez) Zer behar du andereak: kafe hutsa, esnearekin, ron ttantta batekin...?

MILA: Hutsa, esne apur batekin.

XABIER: Azukrerik?

MILA: Ez, milesker.

XABIER: Pixka bat ere ez?

MILA: Ez, kafea nahiago ezer gabe.

XABIER: Bizitzan izango dituzu, halere, beste gozagarri batzuk...?

MILA: Adin batetik aurrera, gozoa baino mikatza gehiago izaten dugu.

XABIER: Zergatik ordea? Ez, bueno, ulertzen dut baina, esan nahi nuen, zergatik etsi behar dugu? Zergatik ez saiatu bizitzari zukua ateratzen? (milak ez du ezer esaten; xabierrek hizketan jarraitu) Ez al duzu uste bizitzaz gehiago gozatzen saiatu beharko genukeela, horretan egin gure ahalegina...?

MILA: Nik nire lanean sufritzen ikusten dut jende gehiena.

XABIER: Horrexegatik! Gaixotasuna eta heriotza iritsiko dira noizbait, ezin dugu ezer egin horien kontra, baina, bitartean, gure esku dago bizitzaren gozoa dastatzea, bere atseginak hurrupatzea... Nahi duzu kopatxo bat?

MILA: Ez, esan dizut ez dudala ohiturarik.

XABIER: Behingoagatik...

MILA: Ez! (Zutituz) Uste dut etxera joan behar dudala.

XABIER: Etxera? (Zutituz bera ere)

MILA: Bai, han egon nahi dut Anartz itzultzen bada ere.

XABIER: Baina... Joseba eta Arantxa joan dira haien bila...

MILA: Ez dut uste topatuko dituztenik.

XABIER: Baina... hona etorriko dira orduan.

MILA: Esaiozu ba Josebari, etxera joan naizela.

XABIER: Mila...

MILA: Zer?

XABIER: Ez zaitez joan.

MILA: Baina...

XABIER: Ez zaitez joan. Gera zaitez nirekin. (Gehiago hurbilduz; eskutik helduz)

MILA: (Askatu nahi baina mugimendu zakarrik egin nahi ez) E... bueno, kafea amaitu arte. (Eseri egiten da) Baina gero joan egingo naiz.

XABIER: Kafe asko geratzen da oraindik. Gau osorako lain...

MILA: Ez naiz gau osoan geratuko, Xabier.

XABIER: Beste pixka batean behintzat...? Ez dut bakarrik geratu nahi.

MILA: Laster etorriko da Arantxa.

XABIER: Arantxarekin egotea eta bakarrik egotea...

 

Isilunea.

 

MILA: Denok gaude bakarrik, Xabier.

XABIER: Horregatik saiatu behar genuke elkarri konpainia egiten.

 

xabier milarengana hurbilduz.

 

MILA: Zertarako?

XABIER: Elkarri une goxoak pasarazteko, bizi-poza berreskuratzeko.

MILA: Pozaren ondoren zer geratzen da ordea? (Kikara hutsari begira) Kafe-hondar mikatza. (Zutituz) Orain bai, banoa.

XABIER: Gauean bakarrik utziko nauzu hortaz...?

MILA: Denok gaude bakarrik gauean.

 

mila badoa; xabierrek ez du aterantz begiratuko; etsita bezala dago.

 

XABIER: (Bere artean marmarka) Bakarrik... bakarrik...

 

Geldiune luze samar baten ondoren, telefonoak jotzen du. xabier begira geratzen zaio; puska batean ez da altxatzen, eta joka jarraitzen du. Azkenean jaiki eta hartzen du.

 

XABIER: Bai...? Nola...? Ze-ze-zer...? Jul...? Ez, ez. Bai... Ni... Bai, oraintxe... Ez, ni... Oraintxe noa.

 

Telefonoa utzi; une labur batez geldirik, bere baitan bildurik bezala, baina berehala kanpoko atera joan eta desagertzen da, arinka.

 

* * *

 

Jangela hutsa erdi ilunpean ageri dela, pantailan irudi nahasiak, eta musika ozena aldi berean. gazteak diskoteka eta tabernetan, jauzika, dantzan, solasean, kamera mugimendu etengabeaz, eta dantza-musika burrunbatsuaz. Tarteka sirena hotsak musikaren gainetik: anbulantziarenak, poliziarenak; irudietan ere, gazteen ikuspegiarekin tartekatuz, txikizio eta leherketak ikus litezke, suteak, anbulantziak... gaueko irudiak beti. Guztia erritmo azkarrean.

 

(2002)