Heroien gaua
Xabier Mendiguren
Heroien gaua
Xabier Mendiguren
Artezblai, 2004
Heroien gaua
Xabier Mendiguren
Artezblai, 2004
[aurkibidea]

 

HITZAURREA

 

            Aukera hau aprobetxatu nahi nuke Xabierri nire esker ona azaltzeko. Esker ona, bere antzerkirako zaletasun eta maitasun itzelagatik. Ia heroikoak baitira antzerkirako egiten dituen lanak, amodioz eginak.

            Bere antzezlanak idazten amaitu orduko irakurtzeko aukera izaten dut. Eta neuk idatziak ere leialtasunez irakurtzen ditu. Antzerkia euskaraz idazten dugun mundu honetako zoroon arteko ezinbesteko elkar laguntza, auzo laguntza. Horrela, urteen poderioz posta elektronikoan eta elkarren antzezlanen irakurketan oinarrituriko lotura estu bat sortu da gure artean.

            Eta lotura horrek, oraingoan, Xabier lagunak idatzirikoari buruzko gogoeta egitera bultzatu nau. Oso ausarta da Xabierren lana. Gaurkotasunari atzaparra botatzen dio, inolako beldurrik gabe. Gaur egun egoera politiko eta sozial konkretu batean bizi diren pertsonaiak marrazten ditu. Harrapatuta dauden pertsonaiak dira. Egoerak harrapatutakoak, eta baita beren psikologiak hartara lerratuak. Beren egoera eta baldintzetatik ihes egin ezinik, bizi izateko borrokan murgilduta daudenak.

            “Heroien gaua”k deitutako antzezlanak, eguneroko arazoetan murgilduta dauden pertsonaiak aurrez aurre jartzen ditu, beren miseriak kanporatzean txinpartak sorraraziz; sua pizteko harriak elkarren artean kolpeka ari balira bezala. Gizakiaren oinarrietara, sakon sakonera sartzen da, Xabier, barruko arazoak kanporatuz. Agerian jartzen ditu arazo politikoak, harreman arazoak, lan arazoak, komunikazio arazoak, etorkizunarekiko beldurrari loturiko arazoak... gurasoek seme-alaba nerabeekin eta seme-alabek gurasoekin dituztenak.

            Afaltzeko elkartu diren bi bikoteak lehen mailako presentzia, eta protagonismoa dute, baina, proiekzio bidez, haien seme alabak ere agertuko dira, beste plano batean, beste espazio batean. Bi belaunaldien arteko aldea eta euren arteko jauzia erakutsiz.

            Belaunaldien arteko borrokak betidanikoak badira ere, ez dute horregatik interes dramatikorik galdu. Urteen poderioz bikoteen arteko harremanak jasaten duen higadurak ere ez. Agertzen diren arazo horien guztien atzean bizitzari buruzko hausnarketa dago. Bizitzari aurre egiteko modu ezberdinak daude ere, eta “Heroien gaua” antzezlanean, pertsonai gazte batek “bizimodua zaila da...” esango du, eta beste belaunaldi batekoak berriz, “gure esku dago bizitzaren gozoa dastatzea”

            “Amodioaren ziega” berriz, oso testu hunkigarria da. Egoeraren nondik norakoak ezustean harrapatuko du irakurlea, ni neu bezala. Era berean, dramatikotasunaren gogortasunetik, zirrikituak aurkitzen ditu testuak samurtasuna, ironia, maitasuna eta umorearekin ere jolas egiteko.

            Ezinbestean, egoerak hala agintzen duelako, ezinezkoak diren edo etorkizunik gabeko maitasun istorioetara eramaten gaitu “Amodioaren ziega”k. Miren eta Aitor pertsonaien arteko urrutiko maitasunak, elkarren arteko harremanaren desgasteak, eta ezarritako egun jakin batean amodioa egin beharrak sorrarazten duen egonezina erakargarria bilakatzen da. Desorekan oinarrituta dagoen maitasun istorioa da. Protagonistak berak, Aitorrek honela aitortuko du: “Ez daukat zuretzako zama bat izateko eskubiderik” Bere gordintasunean oso poetikoa. Nahi eta ezin. Vis a vis-eko gela ilun batean jarri baditu ere pertsonaiak, konfliktoak lau horma haiek baino urrutirago eramaten gaitu, antzeko diren beste egoera batzuetara. Etorkizun zehatzik gabeko amodio istorioa da. Ordu bete irauten duena, halabeharrak honelako bisitatan ezartzen duen denbora irauten duena, alegia.

            “Amodioaren ziega” eta “Heroien gaua” bi antzezlan hauek, egoera politiko baten itzalean kokatzen ditu Xabierrek. Itxuraz ekintza geldo batean jartzen ditu pertsonaiak ekinean; sakonean, ordea, arrapaladan doan ekintza da.

            Bi lanetan, pertsonaien psikologia eta barne korapiloak batzuetan hitzen bitarteaz agertuko dira; beste batzutan, berriz, esan ezinik geratuko dira, tentsioa sortuz, tentsio dramatiko itogarria.

            Xabierrek testu hauetan jartzen duen indarra, orrietatik atera eta antzezlan hauek taularatuak izatearen ametsa bete dadila opa diot Xabierri, bihotzez; hori baita antzerkia idazten duenaren aurren eta azken helburua.

Aizpea Goenaga