Nola jin, hala joan
Daniel Landart
Nola jin, hala joan
Daniel Landart
Antzerti, 1985
Nola jin, hala joan
Daniel Landart
Antzerti, 1985
[aurkibidea]

 

BIGARREN ZATIA

 

 

I. GERTALDIA

 

(Hilarrietan)

(Hiru latsa-harriak, hilobi bilakatu dira, atzean gurutze bat daukatelakoz. Soinua ospetsu. atabalaria sartzen da. Ondotik, jendeak, oihuz: “Ongi etorri! Ongi etorri!” Azkenik, gizon batek karrosa berezi bat tiratzen du. Karrosa gainean larria, lili, xuriz bezti, buruan arrosazko korona batekin. Denak taulagainean direlarik, klemente zingilek, paper haundi bat eskuan, goraki irakurtzen du, jendea ixildu ondoan).

 

 

klemente zingil

 

            Andre Dibinoari,

            (Atabala jo).

            Probidentziak igortzen digun kreatura puxantari eskerrak bihurtzen dizkiogu, gure herri xume dohakabean bere begi perfetaren so amultsua pausatu nahi izan duelakoz. Ilunbe hersturagarritik lorios jalgiko gaituen amandre ohoragarria ahozpez agurtuz, herritar guztiak lekuko, bere bi esku urrikalkorren artean ezartzen dugu gure konfientzia osoa.

            Umiltasun haundienarekin eskatzen diogu bere botere espantagarriaz gure herri apal eta ahula nolabait altxa dezan, aitzinetik hitzemanak oraixe bertan obratuz, eta gero, berak gura duena konplituz.

            Aditurik hor gaindi zer gauza zoragarriak egiten dituen, sinesten dugu gure herrian ere zerbait harrigarri asmatuko digula, bere ospea oraindik emendatuz eta hedatuz joan dadin.

            Bitartean, urrezko bihotza duen Erreginak, onart bitza, gure errespetuzko sendimendu leial beroenak, eta jakin beza, gure zorraren ordaintzeko, bizi guztian kantatuko dizkiogula gure salmo eder hunkigarrienak!

            Halabiz.

 

(jendea txaloka hasten da).

 

 

jendea - klemente zingil - lili - tirari

 

LILI: Rasra daiabi ano nige tud...

TIRARI: Lilik dio: arras bidaia ona egin duela...

LILI: Pilpil naiz, enzu rianri tzendigel kozlani...

TIRARI: Lilik dio: zoriontsu dela, zuen herrian gelditzen delakoz...

LILI: Enzu nogi riakrote tzahobi kihun tid...

TIRARI: Lilik dio: zuen ongi etorriak bihotza hunki diola... (jendea esku zartaka...)

KLEMENTE ZINGIL: Milesker... Milesker!

IXABEL: Zer arropa pollita duen!

KLEMENTE ZINGIL: Eta orain bertsularia entzunen duzue.

 

(nestorrek bertsuak botatzen ditu, azken lerroa jendeak doblatzen duelarik).

 

 

nestor

 

            Egun guztiez, goizetik arrats, ari naiz bertsu moldatzen,

            Merkatuetan, ostatuetan ardura bait naiz ibiltzen...

            Dela ezkontza, dela bataio, beti zerbait dut jalgitzen

            Arto xuritze ta urde hiltze, bat bakarra ez dut galtzen

            Omore ona ezarri nahiz, bidez bide naiz kurritzen!

            Egungo gaia, ez da haatik, maiz erabiltzen duguna...

            Ez baita naski usu gertatzen gaur bezalako eguna!...

            Gure herrian, jaun eta jabe, betiko ixiltasuna...

            Bainan beharrik, etorri zara, ekarriz soinu ozena

            Bihotzez agur, Andere Lili, izan zaitez Erregina!

 

            Nahiz hastean, egia erran, ez ginen segur hain fida...

            Zer nahi duzu... iturri hortan ez bait dakite zer konda...

            Berri bitzi bat goizean goizik hedatu da landaz landa

            Baizikan eta, ba zatorrela ifernuko zenbait pilda...

            Bainan segidan, alkate jaunak, geldiarazi du kalda!

 

            Azken bertsu bat, zuretzat Lili: ohore eta goresmen

            Nahi genuke bizi guzikoz gelditzen bazine hemen

            Baina ba dakit ez dela berdin hori posible izanen

            Gurekin zaude, hilabete bat eta egun bat bederen

            Gure herria zuri so dago, emaiozu zinez omen!

 

(jende guztiek esku zartak egiten dituzte... Orduan menane lasterka heldu da, bere kiki eskuan...)

 

 

Besteak - menane

 

MENANE: Ausik, kiki! Ausik! Denak gaixtoak horiek! Gaixtoak... Ausikan, kiki, ausikan!

KLEMENTE ZINGIL: Menane! Menane! Zatoz ene ondora!

 

(menanek eskapatzera egiten du, baina aitak atzetik harrapatzen du eta jestuz bortizki larderiatuz, bere ondoan atxikitzen du).

 

KLEMENTE ZINGIL: Eta orain, dantzaria etor bedi...

 

(dantzari bat aitzinatzen da eta ezin hobeki “Aurresku” dantzatzen du. Ondotik, berriz ere esku zartak).

 

LILI: Kerlesmi! Kerlesmi!

TIRARI: Lilik dio: Eskerrak bihurtzen dizkitzuela!

LILI: Rikturazi gona!

TIRARI: Lilik dio: Zoraturik dagoela!

LILI: Enzu rianzi, baitzer dihaun, baitzer erdi, nengie tud. Riho zireme zuedu bait!

TIRARI: Lilik dio: zuen herrian, zerbait haundi, zerbait eder eginen duela. Hori merezi bait duzue!...

 

(tarrapat hurbiltzen zaio tirariri eta zerbait erraten dio, jestu berezi batzu eginez. Gero, dio bat baztertzen da eta aitzineko tokira doa).

 

TIRARI: (liliri mintzatuz): Tarrapatek rame dit, niklehe zozo bat tudasen harbi bazudu...

LILI: Riho ba kitda. Eta dangise nige gogo dut.

TIRARI: Lilik dio: Bere balentria haundia egin aitzin, hitzeman bezala, lehenik, herriko zozo bat sendatuko duela!

 

(Orduan klemente zingilek bere alaba besotik hartzen du eta tirariren aitzinera ekartzen).

 

KLEMENTE ZINGIL: Hau du sendatu behar duena!

 

(Hori entzun orduko, menane lasterka abiatzen da, publikoaren erditik, oihuka diolarik):

 

MENANE: Ez naiz zozoa ni! Utz nezazue... Gaixtoa aita! Ez naiz zozoa! Utz nezazue bakean! Ausikzkin, kiki, ausikzkin! Basak zuek, basak!

KLEMENTE ZINGIL: Menane! Menane! Zatoz, honara!

 

(Eta horrelaxe, salaren itzulia eginen dute, taulagainean aldiz, tarrapat ere oihuka ari delarik):

 

            Menane, Menane!

 

(Azkenean, aitak biltzen du, eta menane, arrunt izitua, nekatua, lurrean tanpez etzaten da. Orduan, lili, bere karrosatik jausten da, eskua luzatzen du. menanek burua doi bat altxatzen du eta gero, emeki, emeki, liliren eskuaren mogimenduari jarraikiko zaio, hipnotizatua balitz bezala eta elkarren artean anitz mogimendu eginen dituzte, “ballet” bat iduri baitluke. jendea harritua dago. Denak xoko baten gainera plantatuak dira. Mogimendu hori geldatzen dearik, lili bere karrosari buruz doa, menane aldiz taulagainaren erdian dago, burua ez du gehiago igitzen, pertsona “normal” bat da. Orduan aitak galdatzen dio):

 

KLEMENTE ZINGIL: Hea, Menane, errazu nor ziren! Hea, ba, mintza zaitez...

MENANE: Nipi, Mepenapanepe naizpaiz, heperripi honpontapakopo meperaparenpen apalapabapa!

KLEMENTE ZINGIL: Menane! Menane! Zer derasazu? Baina Jainkoaz zer derazu? Aitzinean baino zozoago da! Tirari, erraiozu zure julufriari ene alaba zinez senda dezan, edo bestela, segidan lekuak huts ditzan!

TIRARI: Ez lade tuadasen! Rizbi kotehas!

LILI: Ez kotzeizi! Raboden pura bat harbi lade!

TIRARI: Lilik dio: Ez izitzeko! Denbora apur bat behar dela!

 

(Eta bere karrosatik jautsiz, aitzinean egin jestu berak hasten ditu, doi bat aldatuz. Bururatzearekin, lili, berriz bere karrosa gainean jartzen. menane, taulagain erdi-erdian).

 

KLEMENTE ZINGIL: Eta orain Menane, hobeki zara? Zer senditzen duzu?

MENANE: (Biziki serioski): Senditzen dut: ezkerreko matelan zure eskuineko eskuaren zartakoa; senditzen dut: eskuineko matelan zure ezkerreko eskuaren zartakoa; senditzen dut: ipurdi mazelan, zure makil ukaldien kaska; senditzen dut...

KLEMENTE ZINGIL: lxil zaitez, Menane! lxil!

MENANE: Senditzen dut, eskaleer gainetik goiti-behera bota ninduzularik, maila bakoitzak ixterretan egin zidan zauria... eta buruan bildu nuen kolpea!

KLEMENTE ZINGIL: Aski Menane! Aski!

LILI: Tudasen adi?

TIRARI: Lilik galdatzen du sendatua denetz?

KLEMENTE ZINGIL: Bai! Sendatua da!

MENANE: Eta ene ama zenari zer egiten zenion, nahi duzu erran dezadan?

KLEMENTE ZINGIL: lxil, Menane! lxil! Zatoz ene ondora...

MENANE: Ez! Eta oizu... ene oroitzapenez!

 

(Eta “zakurra” gainera botatzen dio... eta irtetzen da. klementek aldiz, zoko batetan ezartzen du).

 

TARRAPAT: lkusi duzue? Eh... ikusi duzue? Sendatu du! Sendatu!

JENDEAK: Menane sendatu du! Hiuffi!

 

(Eta jendea eskuzartaka hasten da).

 

TARRAPAT: Tirari, galda iezaiozu zer egin gogo duen orain?

TIRARI: Rez nigi hina zudu raino?

 

(lilik, atabalariari keinu egiten dio etor dadin. nestor hurbiltzen da. Bere ziri edo makiltxo bereziarekin, lilik hiru aldiz jotzen du atabala, behar den denborarekin).

 

TIRARI: Rez ranre bina zudu?

 

(lilik, bere makilarekin jestu haundi batzu egiten ditu, erronda formakoak).

 

TIRARI: Lilik galdatzen du herri hontako hilen zerrenda ikusi nahi lukeela...

KLEMENTE ZINGIL: Hilen zerrenda? Zertarako?

TIRARI: Ez galderarik egin! Eta ekar segidan...

KLEMENTE ZINGIL: Ez nuke nahi eskandala edo sakriliorik monta dezan!

TARRAPAT: Zure alaba sendatu du, ez!

KLEMENTE ZINGIL: Sendatu... sendatu...

TIRARI: Bai, sendatu du. Eta beraz orain, onartu behar duzu Lilik gura duena.

KLEMENTE ZINGIL: Eta zer nahi du, xuxen?

TIRARI: Rez ragu zudu?

LILI: Azken ruhi tupiz lakhi bina tudi.

TIRARI: Lilik dio: herri hontako, azkenik ehortzi hiru hilak, gaur piztu nahi dituela!

JENDEAK: Hilak piztu? Jainko ona! Ez da posible! Hilak piztu. Hiru hil piztu?! Jainkoak gaztigatuko gaitu!

 

(Eta lerro hori gisa askotara erranez, jendea hara eta hona ba dabil, eskuak altxatuz, doi bat zoratua! Bruhaha gaitza sort bedi...).

 

KLEMENTE ZINGIL: Mendia, tokiz alda dezan, paso! Baina hilak pitz, hori ez! Tirari! Erraiozu ez dudala onartzen! Zoazte hemendik! Zoazte!

TARRAPAT: Bixtan da onartu behar dugula! Izaiten ahal den berri espangarrienetako bat da!

            Horrelakorik egin baleza, ba dakizu zer litzakeen? Jende guztia, hemen gertatuaz mintzo! Zuen xokoa mundu zabal-zabalean ezagutua!

            Beilariak, ehunka, milaka, miliunka abia litezke hona buruz...

            Edozein erresumetako buruzagia baino ezagutuago zinateke! Eta... eta hilak berak...

KLEMENTE ZINGIL: Ez dut onartzen!

TARRAPAT: Hilak berak, bizi! Azken hiru hilak, hementxet, gure artean, ttapa ttapa ibilki; edo berdin, nork daki, bozkarioaren bozkarioaz, berriz honara itzulirik... irrintzinaka, punpeka eta jauzika has litezke...

KLEMENTE ZINGIL: lxil zaitez!

TARRAPAT: Ni, ixil?! Ez araiz! Ene bizian ikusiko dudan gertakari arradoenaren aitzinean izanki eta, nahi zenuke, ixil nadin?! Ba hal dakizu zer deragazun? Horrelako gauza bat gerta baiedi, nik gero, berri hori herriz konda nezake eta segur naiz lasai bizitzekoa hil nezakeela!

KLEMENTE ZINGIL: Ez dizuet hilen zerrendarik emanen!

TIRARI: Berdin du! Kutx ala pil eginen dugu!

KLEMENTE ZINGIL: Kutx ala pil?

TIRARI: Bai!

KLEMENTE ZINGIL: Jainkoaz, zoazte hemendik!

TIRARI: Hobe duzu onartzea; bestela, Lilik, zu zaitu igorriko beste mundura!

KLEMENTE ZINGIL: Zerk atzeman behar genituen! (jendeari). Baina errazue zuek ere zerbait! Lagunt nezazue! Fuera ditzagun! (jendeak mogimendu ttipi bat egiten du).

LILI: Rez sapatzen da? Rez erraten tidu?

TIRARI: Lilik galdatzen du zer duzuen bada? Ez otoi izitzeko! Gauzak ongi iraganen direla!

KLEMENTE ZINGIL: Goazen etxera!.

TARRAPAT: Burutik maingu zarete, ala? Ez, ez! Hemen egon behar duzue! Eta nola! Tirari, erraiozu, Andre Dibinoari ernatzeko! (Urrats haundi batzu eginez): Pitz dezala, lehena! Pitz dezala! (lili bere karrosatik jausten da jestu berezi batzu eginez... Bi eskuak altxaturik hurritzen da, zerbait bilatzen balu bezala).

TRIPERO: Uste duzu norbait piztuko duela?

IXABEL: Batere ez dakit..

TARRAPAT: Bixtan da baietz!

NESTOR: Ikusiko!

BESTE BAT: Ni segurik ez naiz batere fida!

TARRAPAT: Dudatzen duzue?

KLEMENTE ZINGIL: Zerk atzeman behar genituen!

IXABEL: Beldur naiz! Beldur!

TRIPERO: Eta nor piztuko du?

NESTOR: Jainkoak daki!

 

(Lerro horiek ahopetik erranak dira eta biziki laster; kasik ez da xuxen konprenitu behar ere nork zer derasan; bitartean lili, hara hona dabila eta momentu batez, hilobi baten aitzinean net gelditzen da eta bere makila magikoaz hiru ukaldi jotzen ditu...).

 

TIRARI: Hilobi hortan da lehenik piztuko duena! Eman zaitezte itzulian!

KLEMENTE ZINGIL: Zer egiten dugu?

TARRAPAT: Hurbil zaitezte! Hurbil!

 

(liliren eta hilobiaren itzulian plantatzen dira jendeak, denak besoz-beso).

 

TIRARI: Eta orain, has ditzagun otoitzak...

JENDEAK: Otoitzak?

LILI: (Liburu bat hartuz)

                        Xirula,

                        Xiruli,

                        Sagarren puntan mihula,

                        Sagarren pean mihuli,

                        Xiru liru la,

                        Xiru liru li.

TIRARI: Errepika dezagun! (Eta errepikatzen dute).

LILI:

                        Xirula,

                        Xiruli,

                        Neguak bihotz ahula,

                        Iguzkira agert hadi.

                        Xiru liru la

                        Xiru liru li.

TIRARI: Denek! (Eta denek batean errepikatzen dute eta “otoitza” bururatu bezain lester lilik keinu bat egiten dio nestorreri. Honek, segidan atabala hartzen du eta “zirkoetan” bezala “roulement” bat egiten du, lili, bitziki mugitzen delarik. tirari, bere karrosaren ondotik kondatzen hasten da): Bost, lau, hiru, bi...

IXABEL: (Oihuz,) Geldi! Jainkoaz geldi! Gure etxeko hilobia da hau... eta azkenik ehortzia, aita zena izanki! Ez dut nahi pitz dadin! (jendeak, halako, “hohoho” bat egiten du).

            Bizi guztian, gizon oihes, gizon hastiel bat izan da. (jendea marmarmar)... Ah... zuek, kanpoz duzue bakarrik ezagutu. Kanpoan bai, ederrarena egiten zuen! Mihi leguna, eleketari pollita, noiz behinka zirto bat edo bi... denen agradagarri... Baina etxean, ikusi bazenute etxean, nolakoa zen! Zakur zaharra baino tzarragoa zen!

TRIPERO: Ez zarea ahalke, Ixabel, zure aita zenaz horrela mintzatzeko!

IXABEL: Ahalke? Ez batere... Bon, bixtan da, zeruan baldin bada, hobe... Bainan Jainkoaz han egon dadila! Ez dugu segur, haren, berriz hemen ikusteko gutiziarik! Ah, ez! Haren oihu eta erasiak aski entzunak ditugu!

KLEMENTE ZINGIL: Muslari ona zen... Beti elkarrekin ari ginen...

IXABEL: Oh bai... musean, eta pipan eta merkatuan, nork atxik, gu?! Norbait zen, norbait! Baina etxeko lan guztiak, barnekoak eta kanpokoak, guk egin behar! Eta gainera sekula ez kontent!

TRIPERO: Ez zen, ez zen alferra zuen aita...

IXABEL: Alferra, ez! Baina lan egina maite!

TARRAPAT: Segur naiz arrunt aldatua dela... Pentsa... horgaindi egoiteak... on egiten du gero!

IXABEL: Behar bada... Baina halere ez dut nahi pitz dezan!

TARRAPAT: Zergatik, ez?

IXABEL: Zeren eta... zeren eta... bizi guztian debekatu bait dit, nik maite nuenarekin ezkontzea!... Eta horra zergatik mutxurdin gelditu naizen... Aitaren gatik! Baina orain, gure aferak biziki bide onean dira... Gauaz, leiho azpira etortzen zait... eta beraz, laster...

TARRAPAT: Ohera! (erdi ahopetik).

IXABEL: Konprenitzen nauzue... (liliren aitzinean belaunikatuz). Jainkoaz ez dezazula pitz! (lilik jestu bat egiten du eta isabel zutitzen da).

TIRARI: Ongi da! Beste bati lotuko gara beraz! (Urrundik, sala atzetik izan daiteke, irrintzin bortitz bat entzun bedi, gero, beste bat edo bi... Ondotik bozak hauxe dio):

MENANE: Harrixiloko akerra eta zazpi ahuntzak Bakardatzeko baratzean sartu direla! Harrixiloko akerra! (Irrintzina) Bakardatzeko baratzean!

 

(menane agertzen da hatsandura eta lerro hori anitz modeetara erranez, baina ez da batere lehen ikusi beztimendetan, orain arrunt nexkato gazte “apaindu” bat egiten du; itzalki bat eskuan eta doi bat andere haundi dirudi. menanek dio):

 

MENANE: Denak jan dituzte: aza zango luzeak, aza burukastak, aza landareak, tipulak, porruak, xarbota eta perrexila, piperrak, entseladak, pastenagreak, ilarrak, denak! Baratzea, garbitu dute! Ez da gehiago ondo bat gelditzen!

GIZON BAT: Ez nuen beste beldurrik! Aker madarikatua! Ahuntza napur ustel zikinak! (eta urrats haundiz jalgitzen da). Atzeman ditzatala, atzeman... ez dutenetz gure baratzetik alde eginen!

IXABEL: Segur nintzen! Segur! Aker deabru horrek eta ahuntza zozo horiek gure herri guztia nahasiko zutela! Dena horien falta da! Ba nekien nik, aker horrek, ez zigula makurrik baizik ekarriko!

TIRARI: Bon, bon utz ditzagun akerra eta ahuntzak beren gisa eta segi dezagun hasi saila. (liliri mintzatuz) Jarraik gundeza daiabi... Raboden ainatzi ado!

 

(lili, deus erran gabe beste hilobi baten aitzinean plantatzen da. Gero, bere makilanoarekin hiru ukaldi ematen ditu eta atabalariari keinu egiten dio. Hau, segidan atabala jotzen hasten da. lili dena jestu eta sino, tripero, holobiaren eta liliren artean plantatuz, bi eskuak zabaldurik).

 

TRIPERO: Ken hortik! Ez, ez, ez, ez! Utz ezazue gure hilobia bakean! (atabalariari) Nestor geldi hadi! Esplikatuko dizuet dena...

 

(atabalaria gelditzen da, lili doi bat baztertzen...).

 

TRIPERO: Azkenik ehortzia hemen, gure hilobian, ene andre zena da, Filomena. Duela bi urte galdua dut. Galdua... erraiteko manera bat da... Duela bi urte pausatu zen... Eta jakin ezazue ba zuela pausatzearen beharra; gaizoak! Bizi guztian ez baitzen gelditua... eleketatik! (jendeak, hohoho!).

LILI: Tirari, rez erraten di?

TIRARI: Pentahas tab oraini. Kosiko gore. Segi ezazu!

TRIPERO: Eleketa maite zuenetz gure Filomenak?!

            Ez duzue asmatzen ahal! Goizetik arrats, ez zuen ixiltzerik! Eta gauaz ere, funtsean, ez nituen bakean uzten! Ba pentsa... gauero, hiruzpalau aldiz iratzarrarazten ninduen, baizik eta zurrunga egiten nuela eta ez zuela begirik hesten ahal! Azkenekotz ez genuen gela berean lo egiten ere!

IXABEL: Baina zer derasazu, Tripero? Filomenak eleketa maite zuela, eta gero zer? Ez da arrazoi bat hori!

TRIPERO: Ez dela arrazoi bat?

IXABEL: Ez! Zuek gizonek, emazteak mendratu nahi dituzuelarik, betiko zozokeria ateratzen duzue: eleketariak garela! Beste zerbait harrapa dezazu bederen!

TRIPERO: Mutxurdin mekela! Alabaina, zerbait atera bait dezakezu, zuk! zure aita zenaz hain gaizki mintzatu ondoan!

IXABEL: Eta zu, ez ote zara, gaizo Filomenaren bigarren aldikoz ehorzten ari! Gizon, trixtea, ez bestea!

KLEMENTE ZINGIL: Ezti zaitezte, ezti! Tripero ba duzua beste zerbait erraiteko?

TRIPERO: Bai eta nola! Berrogei urtez nik jasan ditudanik, gure Filomenarekin! Ez zuen sesurik! Ixilik baldin banindagon, zergatik ez nuen zerbait erraiten; eta sekula arrapostu bat emaiten banion, ah orduan, orduan, xintxin mariak! Hortaz aparte haatik, emazte plantakoa zen. Langilea... Garbia. Kaliateak ba zituen... Kalitate haundiak... eta mihi hura, mihi deabru hura ez balu hor ukan, paregabea izanen zen gure Filomena... Jainkoak bere lorian daukala!

LILI: Kotupiz gudu!

TIRARI: Lilik dio: piztuko duela!

TARRAPAT: Pitz dezala!

TRIPERO: Ezetz eta ezetz. Ez dutala nahi! Beste edozein, baina ez hura! Filomena, bego zeruan! Bestenaz ere, ni orain, zahartua naiz... Da dena den, nahiago nuke oraino, nik, haren ondora joan, ezinez eta hura, berriz hemen ikusi!

IXABEL: Faltsua! Gizon zikoitz, bihotz gabea!

TRIPERO: Zaude ixilik, zu! Edo mihi hori errotik kentzen dizut!

IXABEL: Hara! Hara! Ba dakit, orain, nik, Triperok zer egin zion Filomenari!

JENDEAK: Zer egin zion?

IXABEL: Mihia errotik kendu! Eta hartakoz, ez du nahi, Filomena pitz dadin!

TRIPERO: Gezurra! Gezurra!

IXABEL: Filomenak sala bait lezake Triperoren abrekeria!

TRIPERO: Ez dut onartzen! Mutxurdin kelementsa! Akerrak joan bezala bere adarren puntan!

KLEMENTE ZINGIL: Txo! Txo! Ez dut eskandalarik nahi! Jada, horrela, nahiko saltsa ba dugu eta!

TRIPERO: Erranen dizuet gero, eta kopeta gorarik oraino, nola joan zitzaigun gure gaixo Filomena... Egun hartan, beste orduz baino biziki, biziki gehiago ari zen klaklaklaklaklaklaklaklaklaklakla... Zer zerasan, xuxen, nola adi? Buru-beharriak, azkenekoz tutatuak nituen. Eta horra non, bat batean, ixiltasun haundi batek inguratzen nuen. Alegia deusez, begi bazterraz so egiten diot... Eta zer ikusten dut? Filomena, ahora zabal zabalik... begiak zeruari so! (Gurutzearen seinalea egiten du). Ba dakizue, zer gertatu zitzaion? Egun hartan, gehiegi mintzaturik, mihia irentsi zuen! Mihia irentsi! Eta ito! (Berriz ere zeinatzen da). Horra egia den bezala! (triperok azken solasak erran orduko, xilintxa baten soinua entzuten da. Xilintxa hori hiruzpalau aldiz entzun bedi. apeza agertzen da, jantzi ederrez apaindua, eskuineko eskuan kurutze edo ontzi berezi bat daukala, ezkerrekoan aldiz delako xilintxa. jendea ikustean harritzen da, eta gero larderiatsu mintzatuko da).

 

 

jendeak - don ipolit

 

DON IPOLIT: Jainko maite zeruetakoa! Ama Birjina, apostolu eta saindu guztiak! Zer gertatzen da hemen? Baina, baina, baina, hilarrietan zer egin gogo duzue, bada?

TARRAPAT: Hilak piztu!

DON IPOLIT: Jainkoaz, ixilik zaude!

TARRAPAT: Egia da!

DON IPOLIT: Aski! Ah bai, konprenitzen dut orain... Konprenitzen! Etorri da beraz delakoa. Ez nuen beste beldurrik! Etortzera utzi duzue... Eta hilarrietara gainera! (Bortitz) Klemente Zingil, herri hontako auzapez gisa, hitzemana zenidan alta, ez zela ezer gertatuko! Non duzu zure hitza? Jaun Goikoak gaztigatuko zaitu eta zuek guztiak berdin! Fede ttipiko gizon emazte ezdeusak, zuek! Non duzue bada Jainkoaren beldurra? Non duzue gure hil gaixoen errespetua?

LILI: Ron de riho eta rez hina di?

DON IPOLIT: Nor da hori?

KLEMENTE ZINGIL: Hori da... delakoa!

DON IPOLIT: Hori? Emazte txar perreka hori?!

TIRARI: Kasu emazu zer derasasun! Daiabi habe piluli...

TARRAPAT: Hori da bai, delako Andere Dibinoa. Sekulakoak egiten ditu...

DON IPOLIT: Baina zuek, egia erran behar eta, uste nuen baino ere zozoagoak zarete, bai! Zinezko teteleak!

TIRARI: Hobe zenuke ixiltzea! Bestela, Lili, haserretuko bait da...

DON IPOLIT: Eta gizon ttakala hori berriz, nor da?

TARRAPAT: Andre Dibinoaren tiraria...

DON IPOLIT: To, to, to...

            Baizik eta bost kintal pisu zituela delakoak... Zilkorainoko bizar batekin zela, eta nik dakita zer oraino! To, to, to... Hauek ditugu beraz gure herria sutan ezarri duten pika buztanak! Eta ez zenituzten besapean harturik biak hemendik firrindika igortzen ahal! To, to, to, ikusiak ikusi... Balio baitzuen! Ni orain, Koxeparen etxetik nator... Ixtorio hauekin, burua arrunt nahasi zaio... Non nahi ikusten ditu akerrak... Sukar haundi batek erretzen dio gorputz guztia... Oliaturik utzia dut...

IXABEL: Gaixo Koxepa! Ba noa haren ikustera...

TARRAPAT: Ez! Zaude hemen, zu! Behar bada oraino, zure aita zena...

IXABEL: Jainkoaz, ez!

DON IPOLIT: Zer egin nahi diozue Ixabelen aita zenari?

TIRARI: Piztu!

DON IPOLIT: Zoazte hemendik! Zoazte! Sorgin dohakabe madarikatuak! Utz ezazue leku sakratu hau bakean! (lilik, sakez, halako zerbait gainera botatzen dio eta don ipolit tanpez gelditzen, mututua bezala, gero apur baten buruan izigariko koleran hauxe botatzen du):

DON IPOLIT: Ah... ez nauzue entzun nahi! Ez nauzue obeditu nahi! Dolutuko zaizue, dolutuko! Jaun apezpikuari salatuko diot zuen egitate lotsagarria... (Oihuz) Eta Aita Sainduak, denak eskumikatuko zaituzte. Denak! (Eta xilintxa bortitz joz jalgitzen da. bi edo hiru jende ondotik abiatzen zaizkio. tarrapatek geldiarazten ditu, menane salbu).

TARRAPAT: Zaudete hemen! Otoi! Zaudete hemen! Orain da eta, momentu hoberena!

TIRARI: Bai! Erna gaitezen. Lili asetzen hasia da.

TARRAPAT: Pitz dezala norbait! Pitz dezala eta kito!

TIRARI: Bai, piztuko du! Baina aldi hontan, denek ados izan beharko duzue. Hauta zuen artean. Egin karkulak. Mia hilaren alde on eta txarrak. lkus, nork duen merezi mundu hontara berriz itzultzea... Mintza lanoki...

LILI: Tirari, rena lazatedi!

TIRARI: Aldi hontan, nor gerta eta hura piztuko du! Beraz, ongi piza ezazue zuen hautua! Bi aldiz barkatu dizue. Hirugarrena, lehena eta azkena izanen da!

KLEMENTE ZINGIL: Zuen ustez nor hautatzen dugu?

 

(Taula gainean diren guztiek, bakoitzak bere aldian eta bere moldean ihardesten du):

 

JENDEAK: Ez dakit. Nik ez dakit... Batere ez dakit.

KLEMENTE ZINGIL: Eta aingeru bat pitz baleza...

TIRARI: Ez aingerurik! Jende haundi bat!

KLEMENTE ZINGIL: Emazte bat edo gizon bat izan dadin berdin dea?

TIRARI: Bai.

KLEMENTE ZINGIL: Nik proposatzen dizuet: Bidarteko Benat...

IXABEL: Ah, ez! Aita zenak harekin ezkontarazi nahi ninduen!

KLEMENTE ZINGIL: Xipiteiko klodina, beraz?

TRIPERO: Berdin, ori! Horrelaxe bere zorrak azkenean ordainduko dizkit! Bi oilaxko pare, hiru ahate, antzara bat... Bost lukainka zizter...

KLEMENTE ZINGIL: Bego hortan! Ixo! Eta Karrikarteko Xarlex?

IXABEL: Mozkor tzar hura?! Ah, ez!

NESTOR: Nik nahiago nuke Larrondoko Gaxuxa...

TRIPERO: Alabaina... Non min, han hatz...

TIRARI: Denbora doa...

KLEMENTE ZINGIL: Usta dut atzeman dudala... Ah, bai... Hura pitz dezan, segur naiz, hemen, denak ados ginatekeela. Hain zen gizon ona, zerbitzu egina, laketa, ixila, langilea...

JENDEAK: Nor? Nor erran nahi duzu?

KLEMENTE ZINGIL: Jakobe artzaina...

JENDEAK: Oh bai... Hura bai!

IXABEL: Zer pena ez baitzen ezkondu!

KLEMENTE ZINGIL: Hain zen alta, mutiko plantakoa!

TRIPERO: Ez zuten segur deusen eskasik haren ardiek!

KLEMENTE ZINGIL: Norbait piztekotan, Jakobe artzaina pitz dezan, ados zarete?

JENDEAK: Bai! Bai!

KLEMENTE ZINGIL: Hementxe ehortzia da Jakobe artz aina.

 

(lilik keinu egiten dio nestorreri. nestor segidan “roulement” bat egiten hasten da. lili dena jestu eta sino. jendea aldiz, hilobi ondora hurbiltzen da...).

 

TIRARI:

                        Xirula

                        Xiruli

                        Neguak bihotz ahula,

                        Jakobe agert hadi...

                        Xiru liru la

                        Xiru liru li.

                        Asa!... Bost, lau, hiru, bi, bat!

 

(tirarik azken hitza bukatu orduko, hilobi barnetik halako orro bitzi bat entzuten da. Orro hori gero eta haundiagotuz joan bedi, denbora berean ke bat emeki emeki zabaltzen delarik. jendea izitzen hasten da. Orroak, orain, ikaragarriko zarrata egiten du. jendea oihuz hasten da, eta lasterka):

 

KLEMENTE ZINGIL: Goazen hemendik! Goazen! Eta laster!

IXABEL: Ez dezazula pitz!

TARRAPAT: Heldu da, heldu!

KLEMENTE ZINGIL: Ifernua!

TRIPERO: Bego Jakobe den tokian! (Bakoitzak...).

NESTOR: Munduaren akabantza... Hortz karraskak!

 

(Bakoitzak bere lerroa erran beza, besteak zer dion entzun gabe, maiz elkarrekin errepikatuko dutelarik “goazen hemendik!” “Ez dugu nahi pitz dadin” eta horrelako. Argia, pitzilka ari da. Kea emenda bedi. Orroa halaber. jendea, alde orotatik eskapatzen da, oihuka. Batzu salaren erditik. Momentu batez lili ez da gehiago ikusten. tirari aldiz, liliren karrosa gainera hupatzen da eta oihuka hauxe dio):

 

TIRARI: Jende zozoak! Ez da gure falta... Ez! Nahi ukan balute... Lilik piztuko zuen norbait! Baina ez dute onartu, asto horiek! Ez da gure falta. Piztuko zuen gero! Eta nola!

 

(Keak denak estaitzen ditu. Bultano baten buruan lili agertzen da. Hau ere oihuz ari da):

 

LILI: Tirari! Tirari! Tirari!

 

(tirari, karrosa gainean kurubilkatua da eta ez dio ezer erantzuten. lilik, berak, hartzen ditu karrosaren giderrak eta itzulikaka hasten da, arrunt galdua balitz bezala. Azkenean jalgitzen da karrosa tiratuz. lili atera orduko, orroa doi bat eztitzen da, kea ere bai. Orduan, eskuin aldetik, menane agertzen da, hastean zen bezala beztitua eta burua alde orotara mugitzen duela, net zozoa):

 

MENANE: Kiki! kiki! Non haiz, kiki? (Bazterrak miatzen ditu eta azkenean bere zakurra harrapatzen du). Ikusi dun, kiki? He... lkusi dun? (lili etorri eta joan den bidea erakutsiz): Nola jin, hala joan! Nola jin, hala joan! (eta burua oraindik gehiago igituz jalgitzen da).

 

oihala