Zu(t)gabe
Aizpea Goenaga
Zu(t)gabe
Aizpea Goenaga
Kutxa Fundazioa, 1995
Zu(t)gabe
Aizpea Goenaga
Kutxa Fundazioa, 1995
[aurkibidea]

Aurkibidea

atarikoak

Aurkibidea

atarikoak

 

Ekitaldi bakar bateko bi pertsonaien arteko antzezlana da, ixabel eta antton dira: ixabel etxea hustu eta berea zen bizitokia betirako uztera doa. antton beste plano batean dago. ixabelek ez du anttonen presentzia somatzen, anttonek ordea, ixabel hasieratik entzuten du; dena den, anttonek ez dio ixabeli begiratu ere egingo, antzezlana hala eskatzen hasten den arteraino. Bi pertsonaia hauek helduak beharko luteke izan.

Eszenografia oso sinplea izango da. Etxe bateko egongela litzateke, bertan sukaldea ere badago, eta ate batzuk: logelatara doan pasiloaren atea, komunerako atea eta kaleko atea. Nahi izanez gero, sukalde aldean leiho bat legoke, eta taularatzerakoan beharrezkoak diren gainerantzeko gauzak erantsi daitezke dekoratuan, baina nolanahi ere oinarrizko dekoratua oso sinplea litzateke. Etxearen dekoratuak eskubi alderantz hartu beharko luke kargarik haundiena. Izan ere, aurrekaldeko ezker aldean obraren hasiera hasieratik, eta erabat ezberdina eta neutroa izango den espazio batean, antton izeneko pertsonaia legoke aulki batean eserita. Aulki hori putzu baten gainean kokatua dago, eta putzu efektua egiteko benetako ura egongo da erresinazko oinarri batean, eta oinak ur putzu horretan izango ditu. Antzezlana hasterakoan argiek etxea erakutsiko lukete, eta anttonen presentzia ia ez litzateke igarri ere egin behar, ilunpean egongo litzateke eserita bere kasa, atentzioa beregan erakarri gabe. Dena den, anttonek entzun egiten du, eta nahiz eta hasieran buru makur egon, poliki poliki gorantz altxatuko du begirada, eta ixabelek esango dituenak entzunda erreakzioak izango ditu; horrela bere presentzia, ikuslegoa konturatu ere egin gabe, geroz eta aktiboagoa bihurtuz. Obrak aurrera egiten duen neurriak, anttonek izango duen argia ere gehituz joango da. ixabelek ez du inoiz antton entzuten, bukaera arte behintzat, eta anttonek ixabeli hitzegiterakoan, honek bere solasean utzitako tarteak erabiliko ditu. Modu honetan, ixabelen bakar hizketa ahalik eta naturalena gertaturik, eta anttonen interbentzioek ixabelen pentsamenduen balorea hartuz.

Etxea hustu berria dago. Eta ixabel protagonistak bertatik alde egin behar duela bistan da hasieratik. Altzari eta gauzarik gehienak dagoeneko eraman dituzte, eta etxean, jasotzeko geratzen diren azken gauzak gelditzen dira. Kasu gehienetan gertatzen den bezala gauza pertsonalak dira, balio sentimental haundiena duten gauzak, eta antzezlanean zehar ixabelek erabiliko dituenak: argazki batzuk, opariak, oroigarriak... eta berarekin eramango dituen maleta eta poltsak. Era berean, horman egutegi bat, ardo botila eta edalontzi kaxkar bat, butaka oso zahar bat, telefonoa eta bukaeran paper batzuk erretzeko erabiliko duen burdinezko ontzi bat ere egongo dira.

Jantzien aldetik, ixabelen papera egingo duen aktoreak gaur egungo jantzi bat eramango luke, egoera horretarako aproposa baina era berean apaina. anttonen papera egingo duenak berriz, jantzi neutroa, iluna, eta ahalik eta atenporalena.

ixabel kanpoko atetik egongelara sartuko da. Kamioiak eraman ditu gauzarik haundienak, garraiolariekin egon da, eta alde egin ondoren etxera dator. Transportistaren faktura dakar esku artean.

 

IXABEL: Joņo! Ondo pagatua dago bai, aszensorerik ez edukitzea! Eskerrak laugarrenean bizi naizen, bestela... (Papera gordeko du) Listo! Egina dago eta amen, doazela traste guztiak... Orain hauek jaso eta kitto. Hauetxek okerrenak ordea! Atx! (bizkarreko gerri aldeari helduko dio) Ai, adiskide, ez daukazula gora eta behera pixuarekin ibiltzeko adinik. (Sofan eseriko da) Ez, hemen gaizki. Halakoetan hoberena egurra, gure ama zenak esaten zuen bezala, bai horixe!

 

Lurrean etzango da.

 

IXABEL: Mmmm! masajetxo bat behar nuke orain, (irribarre egingo du) Eskatu, Ixabel, eskatu beldurrik gabe... Inork ez dizu jaramonik egingo eta!

 

Batera eta bestera luzatzen. ari dela azkurea sartuko zaio, igurtzitzen hasi, baina ezin du azkurea duen lekura iritsi. Altxa egingo da.

 

IXABEL: Ai, eta bizkarra igurtzitzeko eskutxoa? Aiiii! Zein kaxatan sartu ote nuen? Ixabel, zergatik sartu zinen potaje honetan, zergatik? Esplikatuko al didazu hemendik alde egiteko ze behar zenuen? (bere buruari beste tonu batean erantzunez) Ez, ez gara berriz ere kontu berdinarekin hasiko, ezta? Gainera etxe honek ez dauka aszensorerik eta... zer arraio, erabaki dut eta kitto, akabo! Ez buelta gehiagorik eman.

 

Kantari hasiko da bizkarra izkina batekin igurtzitzen duen bitartean, hau egitearekin batera, alboan duen egutegi bati begirada bat botako dio.

 

IXABEL: Ui! Hara! Gaur San Apolino dugu eta, ene! hori ere ospatu beharko dut ba, ez? Gizajoa, halako izenarekin jaiotzea ere. Seguru ez dagoela zure izen berbera duen beste inor munduan eta hori ere bentaja bada, ezta? Tira, ba eskerrak gaur zure santuaren eguna den, izan ere, zerbait ospatzeko sekulako gogoak eta beharrak neuzkan, pentsa zein ederki zatozkidan Apolino maitea.

 

Sukaldera joan eta hozgailua irekiko du, eta ez du edatekorik aurkituko.

 

IXABEL: Kaka! Zer nabil baina?

 

Hozgailua itxi eta armario batetik ardo botila on bat aterako du, sakakortxoarekin botila irekitzen duen bitartean berriketan jarraituko duelarik.

 

IXABEL: Ui! Ez nago, ez nago batere sano. Noizdanik ni hozgailura ardo bila! Ai, gure Antton zenak ikusiko banindu... eta eskerrak ez zen mokofin horietako bat, baina... (Anttonen ahotsa imitatuz) “Kristoren odola” hori gauza sakratua da, eta egia esan behar badizut San Apolino maitea, ardoa hozgailuan sartu behar ez zela ikastea dexente kosta zitzaidan. Baina ondo ikasi nuen, eta orain ez dut sekula santan ardo botila on bat hozgailura sartzen. Baina... niri ardo ona edo txarra izan, frexkoa askoz ere gehiago gustatzen zait, ze demontre! Aizu, Apolino, zuk ez duzu edaten, ezta? Nire buruari aterako diot, ez zaizu inporta, ezta? Tira ba, hala hobe! Hau zure ohorez, San Apolino, izen hori edukitzeagatik, eta... zure eguna ospatzen den honetan, nik penaz eta dolorez etxe hau utzi behar izateagatik. Ez, ez, horregatik ezin dut txin-txinik egin. Tira, hau zure urtebetetzeagatik eta... (hasperena) etxe honetan bizi izandako guztiagatik.

 

Tragoxko bat hartuko du.

 

IXABEL: Ai, ene, ze tuntuna naizen, hasi naiz sentimentala jartzen. Ez naiz bada tuntuna jarriko, ez horixe! Baina... uste gabean nola aldatzen den bizitza, ezta? Orain dela gutxi, nork esango liguke, zuk alde egingo zenukeenik, eta gainera etxe hau utzi egin beharko genukeela noizbait? (Buruarekin ezezkoa eginez, pentsakor geratuko da tarte batean). Ahal banu, zoruko egur puska bakoitza eta ate bakoitza eta zintzilik jarritako kuadro bakoitzarentzat egindako zulo bakoitza ere nirekin eramango nituzke. Ai, San Apolino maitea, ezin dut neure burua beste etxe batean esnatzen imajinatu...

            Eta nire landareak?... Ez dakit, ez dakit ondo egokituko ote diren... Baina badakizu, gauzak horrela etortzen dira eta horrelakoetan hoberena... zure urtebetetzea ospatzea. Lastima zuk ardo tantarik ere ez hartzea, (ardoa edan eta daztatuz) Mmmm... nahiz eta epela egon oso ardo ederra baita... Bai, jauna, oso ederra gainera!

            Ikusiko duzu, tripa hutsik dudala edaten ari naiz eta mozkortu baietz. Horixe besterik ez nuen behar, orain eramateko geratzen zaizkidan lau trasto hauek balantzaka jaso behar izatea. A ze kuxidadea, San Apolino! Hara, oraindik ez nabil hain gaizki, zure izenez deitu dizut! Baina horrela jarraituz gero laister San Panplinino deituko dizut... Eta okerragoak!

 

Azkeneko esaldi hau telefono hotsak moztuko lioke eta ez luke bukatzerik izango. Ardo kopa utzi eta telefonoa hartzera doa.

 

IXABEL: Bai, nor da? (Nor den entzutean, ederra datorkiona adieraziz keinu txiki bat egingo du. Mozkor puntua igartzea komeni da) Zer da, Ines? Bakarrik nagoen? Eeez! Hara, kabitu ezinik, jendez gainezka daukat etxea, zu bakarrik falta zara, baina zer nahi duzu? (Etena eta jarrera aldaketa) Jesus, neska, ez zaitez horrela jarri! Bai, alde egin du. Ez, den dena ez. Nirekin eramango ditudan azkeneko lau gauzatxo geratzen zaizkit. Ez, eskerrik asko, lasai, moldatuko naiz. Lau tontakeria besterik ez dira. Eta gainera lasai egin nahi dut. nire martxan, bai. Ez, hemen geratuko naiz lotan, etxean egingo dudan azken gaua. Badakit hutsik dagoela baina ez daukat beste etxera joateko batere gogorik. Ez, eskerrik asko, nahiago dut hemen pasa gaua. Ez da hori, tuntuna, asko gustatzen zait zure etxea, baina benetan, hemen geratu nahi dut. Kanarietara? Zertara? Ez. Ines, ez zait Kanarietan ezer galdu. Londresera? (farrez hasten da). Aizu, Ines, oso ondo nago eta ez duzu niregatik arduratu behar, estimatzen dizut niregatik kezkatzea baina ez dut inora ihesi alde egin behar, etxe hau utzi eta beste batera joan behar dut, ez da beste munduko kontua etxez aldatzea. Gainera nahiz eta aste beteko eskapada egin, berriz etxe berrira joan beharko nuke eta dena antolatzen hasi, beraz, ez dut ezer aurreratzen; hara! zenbat eta lehenago hasi hobe! Baina, Ines, nola joango naiz depilatzera bihar dudan panoramarekin? A ze bonbero ideiak dauzkazun; aizu, moztu egingo dizut, zeregin haundia daukat eta ez dut tontokeria gehiago entzun nahi. Zer egin behar dudan? Ba etxea txukundu, eta... Nola zertarako? Ba gogoak ematen didalako, badakit etxe honetara ez dela nire atzetik inor etorriko, eta badakit bota egin behar dutela baina nik etxea txukun utzi nahi dut, eta inporta ez bazaizu eta ez nuke haserretzea nahi baina utzi egingo zaitut, agu... Zeeer? Bai, Ines, oso ondo nago, primeran. Jakina benetan ari naizela. Eta zer nahi duzu egitea, ez badidazu sinisten zure arazoa da. Ba... oraintxe bertan, butakan eserita ardo bat edanez Apolinoren urtebetetzea ospatzen ari nintzen eta utziko baninduzu ospakizunarekin jarraituko nuke. Zein den Apolino? Gaur bertan egutegian esistitzen zuela jakin dudan santu bat, eta hain zuzen ere, gaur bere eguna du. Ines, oso ondo nago, eskerrik asko ez dut Kanarietara joan nahi eta agur, bihar arte.

 

Aspertuta dagoela adieraziko duen hasperen batekin telefonoa utzi egingo du.

 

IXABEL: Emakume hau gogorra da gero, Jesus! ez nauela...

 

Telefonoaren txirrina entzungo da berriz ere.

 

IXABEL: Aiiii! Nor da? Aizu, Ines. Ez, inola ere ez, ez, ez dut zu hona etortzea nahi eta utz nazazu pakean!

 

Telefonoa zintzilikatu egingo du.

 

IXABEL: Ze gogaikarria! Ez dakit zer uste duen, neure buruaz beste egingo dudala edo..., bestela ez dago ulertzerik Antton hil izanaren errua berea balitz bezala... hau da hau ni zaindu beharra! Zaindu ez! Pakean ez utzi! Ederra utzi didazu hemen zure arrebatxoarekin. Egunero... zortzi aldiz gutxienez: “lepa, zer? Zer egin behar duzu?” (Koinataren ahotsa imitatuz) Eta okerrena da bere borondaterik hoberenarekin egiten duela, baina ze astuna jartzen den. Ahizpa balitz... berehala aidean bidaliko nuke, eta ez nuke horrenbeste kezkatu beharko, baina bera den bezala izanda... honez gero, telefono ondoan malkoak dariola negarrez egongo da, masusta bat bezalaxe.

 

Telefonoa hartu eta Inesen zenbakia markatuko du.

 

IXABEL: Ez andrea, ezin dela ez, ezin dela norberak nahi duena egin, beti bada esplikazioak eman beharreko norbait... Txikitan ama, gero senarra... eta denekin bukatu nuela uste nuenean... misiolari bokazioa duen koinata azaltzen da... danba! esplikazio eske. Ez dagoela irtenbiderik... Nahikoa dugu, demontre!

 

Inesek bapatean telefonoaren beste aldetik erantzungo dio eta ixabelek bere jarrera erabat aldatuko du.

 

IXABEL: Ines, neu naiz, barkaidazu. Bai, bai, badakit. Baina jar zaitez nire lekuan, kontura zaitez zein gogorra egiten zaidan... Ez eta gutxiagorik ere! Gogaikarria? Batez! Nik ahizpa bat bezalaxe tratatu zaitut eta... barkatu. Ez, egia esan, oso gustora nago. Bai, baina bakarrik egon beharra daukat. Ez, orain serio, ez banu neure burua ondo aurkituko deituko nizuke, zuri deituko nizuke lehenengo gainera, ondotxo dakizu deituko nizukeela. Bai, eskerrik asko. (Bere jarreragatik pazientzia mantentzeko ahalegin haundi bat egiten ari dela ikusten da) A! Ezer ez, espezialista batengana bidali nau, baina ezer ez dela esan dit, etxearena eta kontatu dizkiot eta estresa omen dut.

 

Bere edalontzia, dagoen lekutik urruti xamar egongo da, eta hitzegiten jarraitzen duen bitartean hartzen saiatuko da.

 

            Lasagarri batzuk eman nahi zizkidan baina ez nuela horrelakorik hartuko esan diot, eta berez ez ditudala behar esan dit. Badakizu nolakoak diren medikuak... botikarik ematen ez badizute ezer ez dutela egiten diruditzen zaie. (Sutuz) Aizu, Ines! (Begiak itxi, bere burua lasaitu egingo du, eta berriz ere goxo hitzeginez) Jakina egia esan dizudala! Ez naiz ume bat, gezurretan ibili behar izateko! Hara, Ines, datorren astean etxe berrian afaritxo bat antolatuko dugu, Rosa eta Arantxari deitu eta nahi duzunean, hain goxoa ateratzen zaidan paella bat egingo dizuet, zer iruditzen? Ederki. Ez, ez, zerorrek jarri eguna neri berdin berdin zait. Bai, bihar edo, hauekin hitzegingo dut eta deituko dizut. Horixe, agur eta barkatu, benetan. Eskerrik asko, musu haundi bat.

 

Telefonoa utziko du.

 

IXABEL: (Oso haserre) Akabatu! Akabatu egingo nuke eta gero..., gero... pake santua. Ze... ze... Dagoeneko pasa zaizkit Apolino horren eguna ospatzeko gogo guztiak, hau pena!

 

Barruko egonezinak bultzaturik oihu bat botako du, ez du oso ozena izan beharrik, bakardadean egiten den zerbait litzateke. Ondoren egongelaren erdian geratuko da, zer egin ez dakiela, galdu antzera. Mekanikoki edalontzira ardo gehiago botatzeko asmoz hartuko du botila, baina egiten ari den bitartean, berez egin nahi duena hori ez dela konturatuko da.

 

IXABEL: Isiltasun hau ez zait batere gustatzen, ea orain gure etxean pasa behar dudan gau eder hau hondatzen zaidan. Ez, ezta gutxiagorik ere. Alegria, alegria! Musika...

 

Musika hitza esan orduko musika entzuteko tresnarik ez duela konturatuko da.

 

IXABEL: Majia egiten jakin behar nuke, edo dohaiak eduki, hori bai litzatekeela mauka! Edo besterik ez bada, dohai extrasensorialak ditudala sinistu nezake, Anjelitak bezalaxe. Harek hamalau dela uste du, eta begira ze zoriontsu bizi den. Orain, hari ere... musika aparaturik ez balu, musika faltako litzaioke, ezta?

            Ez zuen ba etxe honek agur hau merezi, ezta ezetz? Hemen egon behar zenuke, Antton, merezi bezalako agurra egiteko, Musika Banda eta guzti, edo Tirri-Tarrakoekin esate baterako, kalejira jotzeko (Txaranga soinua imitatuko du).

            Ez, hobe ez, eskerrak ez zaudela hemen, eta ez duzula etxe berri batera joan behar, neri baino askoz ere pena haundiagoa emango lizuke. Igual ez, batek daki, auskalo! Behar bada kontrako egoera balitz, dagoeneko beste andre bat edukiko zenuke alboan, ni joan eta bigarren astean ezagututakoa, edo betidanik ezagutzen duzun norbait, Arantxa esate baterako, eta txoro baten modura harekin tontatuta egongo zinateke, gainera egoera horretan hemendik alde egin eta etxe berri batera joatea gogoko izango zenuke. Eta nirekin egin ez dituzun gauza pilo bat egingo zenituzke, ezta? Bai, seguru baietz. Hala, afaltzera norabaitera... Eta hala, sorpresa ikaragarri bat... Eta hala, etxe berri bat... eta zu poz-pozik! Zer aurpegi jarriko zenukeen ere badakit, horrelakoxea... (anttonen inozo aurpegia imitatuz) Eta ni berriz... ni, tuntuna! (Bere buruari errepasua egiteko isilune bat) Ez naiz gainera beste inola bizitzeko gauza. Bai, bai, nire aukera da, ezin dut inorekin haserretu. Zuk esango zenukeen bezala, “nahi duzuna egin ezazu”. Bai... nahi dudana, edo ahal dudana edo... ateratzen zaidana. Badakizu, ez daukat erremediorik halakoxea naiz eta, tuntun padera!

            Baina ikasi ere egin dut, zerbait behintzat! Bai, asko gogortu naiz! Ez ninduzuke ezagutu ere egingo. Gaur esate baterako... traste guztiak bildu eta ni... txintxo-txintxo, inolako numeritorik montatu gabe joateko prest; penaz eta dolorez, hori ere esan beharra daukat. Pena haundiz bai, niretzat behintzat, faena haundia da gero, ia bizitza osoa pasa duzun etxe batetik alde egin behar izatea. Norberari gertatu arte ez zara konturatzen zein gogorra den hain ondo ezagutzen duzun lekua, eraiki duzun kabia uztea, urteetan eta urteetan jarri eta pilatu eta gorde dituzun gauzak beren lekutik atera eta mugitu behar izatea... gauza askok eta askok ez dute gehiago beren lekurik izango, jakingo bazenu zenbat eta zenbat gauza bota ditudan zakarretara. Bai, Antton, zakarretara! Harritzekoa, ezta? Bai, bai, neronek! Ikusi izan bazenu... ez zenuke sinistuko. Harrigarriena zera da gainera, gustoa hartu diodala. Bai, ez dakizu nola ibili naizen, ni bakarrik, zas! zas! zas! dena bota eta bota, ez nuen uste hainbeste gozatzen zenik, lehenago jakin izan banu... Zuk esaten zenuen bezala, hamaika gauza ikasteko jaioak gara. Aiba!

 

Bapatean ixabeli zerbait bururatu zaio eta korrika batean bere gelako atetik desagertuko da eta handik gutxira, irrati iratzargailu bat esku artean dakarrela etorriko da.

 

IXABEL: Banengoen ba ni... musikarik gabe ezin ninteke gelditu. Hara, hauxe jarri eta dantza egiteko adina musika behintzat izango dugu. Gainera irratiak ez dira inoiz nekatzen. Zu bai beraietaz, marmarrean hasten direnean, neu hasten naizenean bezalaxe.

 

Irratia piztu eta gogoko musika baten bila hasiko da.

 

IXABEL: Badakit hau ez dela etxe honek merezi duen mailara iristen, baina ezer baino hobea bada. Gainera neri gustatzen zait, eta, zer demontre, bizitza erdia baino gehiago pasa dut, gogoko nituen gauzak ezin egin, zuri gustatzen ez zitzaizkizulako. Eta orain... irratia piztuta edukitzen dut egun santu guztian, eta gauez, ohera joatean ere piztu egiten dut, eta zuk hainbeste gorrotatzen zenituen berritsu nekaezin horiek entzuten ditut gau eta egun. Ez ezazula uste, hasieran asko kosta zitzaidan egun osoan irratia piztuta edukitzea, ohitura galduta neukan nonbait! Zu falta zinenean ere, banekien ez zitzaizula gustatzen eta gaizki ere iruditzen zitzaidan zarata hori edukitzea. Baina ulertzazu, oso gogorra egiten zitzaidan etxe honetan zu gabe egotea, oso gogorra. Ez dakizu zuk ondo! Hasieran ez nintzen ezertaz gehiegi konturatzen, txoratuta nengoen. Egun batzuk pasa zirenean ordea... ai!...

 

Une batean hitzik ateratzen ez zaiola geratuko da, ingurua begiratuz etxeko bakardadea gainera datorkiola.

 

IXABEL: Bai, Antton, niri egokitu izan zait etxera sartu eta “ku-ku” esateko zorian egon eta, gure seinale zen hitz hori, pentsamenduan ito behar izatea. Eta badakizu, pentsamendu bat itotzen duzunean, atzetik arrastaka beste mordo bat ateratzen dira, eta denetan zu, beti zu. Gezurra dirudi baina bizi garen bitartean ez dugu pentsatzen gurekin bizi direnak zenbateraino ditugun gure pentsamenduetan. Baina, agindu nizun bezala ez naiz sentibera jarriko, gauzak maletan sartzen jarraituko dut nire irratiko musika hau lagun. Eta zauden lekuan zaudela, badakit orain ez dizula hainbesterainoko enbarazorik egiten. Niri ordea, zure presentzia ez somatzearen isiltasunak (garrondoa seinalatuz)... hemen ematen dit min.

 

Bere burua zerbaitetan bete beharrean, behar baino sasoi gehiagorekin hasiko da lanean.

 

IXABEL: Ikusten? Hemen mina aipatu eta... hemen ematen zenizkidan musuak botatzen ditut faltan. Azkena eman zenidan musua ezin dut begi atzeko pantailatik kendu. Badakizu zein musuz gogoratzen naizen maiz? (Parre eginez) Arantzazuko petrilean udazken eder hartan elkarri emandako musu luze hartaz. Eta auskalo ze galasiatan genbiltzala bapatean azaldu zitzaigun aitona zoro hartaz, ia ia makilarekin jo gintuen... nik sekulako garrasia bota nuen. Seguru Oņatin ere entzun zutela. Erabat jota zegoen agure hura. Eta gu... ia ia... ze lotsa pasa nuen, aparkalekutik barrena korrika: “sokorro, sokorro!” eta jende guztia guri begira, eta aitona zahar hura: “kotxinos”, “zerri alenak”, “pekatua egitera... segi inpernura”... hori ere entzun behar ba musu batengatik. Tira, nahikoa, utz nazazu piska batean, bestela ez dut lau gauza hauek jasotzez inoiz bukatuko.

 

Kaxa batzuk ireki eta bertan dagoena aztertzen hasiko da. Bertan paperean bildutako kubiertu batzuk, kokodrilo txiki bat, sobre batean argazki batzuk, kartoizko kaxa batean nota batzuk eta plastikozko boltsa batean soineko bat eta koilare bat egongo dira.

 

IXABEL: Hara! Hemen zer dagoen ere ez dakit. Hau ere, begiratu gabe bota egin beharko nuke.

 

Begiratu gabe botatzekotan kaxa jaso egingo du, baina damutu eta berriz ere zegoen lekuan utzi, ireki eta bertako gauzak miatzen hasiko da.

 

IXABEL: Zer bota behar dudan ere jakin beharko nuke. Ui! Hauek ezkondu ginenean zure izeba batek erregalatutako kubiertoak dira eta! Harrez gero hemen sartuta egon dira. Beti gorde eta gorde eta... erabiltzen hasiko naiz, onak dira gainera. Eta? Gutxiago merezi ote dut? Gainera ezkondu ginenean eman ziguten hirugarren juegoa zen eta a ze amorrua eman zidan neri, alajaina! kaxa bat ireki eta... beste kuberteria konpletu bat, eta beste bat, eta labadorarik... batez! Beste kuberteri bat! Edo okerrago, pitxar bat! Zer gertatu zitzaion zure izeba Josefinak erregalatu zigun portzelanazko pitxar ikaragarri hari? Andre gajoari klase haundikoa irudituko zitzaion bai, baina nik ez nuen sekula santan hain gauza itsusirik ikusi, hori ere erregalatu egin behar da!. Eta hilabete pilo batez hortxe eduki behar izan genuen gainera, gure begien kaltetan (Isilunea). Ja! Zenbat denbora da ez naizela gauza hauetaz gogoratu ere egin. Ze... gero... zezenak bezala sudur zuloak ireki nituen batean... zas! (Pitxarra puskatzearen itxura eginez) Zergatik haserretu nintzen horrenbeste... zergatik ote zen... igual... txorakeriaren bat izango zen. Seguru aurkitu zenuen sozio fantasma harengatik! Lapur nazkante harek erabat itsutu zintuen, eta gogor jarri nintzelako, bestela aste batean xentimorik gabe utziko gintuen. Nola engainatu zintuen baina? Ez! Ez nuen lurrean txikitu horratik... beste zerbaitegatik izan zen, bai, egun batean neri ezer abisatu gabe berogailua jartzeko aurreratu genuen diruarekin “sorpresa” bat eman zenidan, bai, ezertarako behar ez genuen auto berri bat erosi zenuen! Eta beste negu oso bat butanoko estufa zahar harekin, nik butanoari diodan beldurrarekin gainera! Ahal izanez gero akabatuko zintudan. Ez, baina, ez zen horregatik izan... orduan, hiru aste elkarri hitzik egin gabe egon ginen. Dena den, pitxar zahar hori lurrean txikitzeko makina bat arrazoi izan ditut, zure amarena egin zenidanean esate baterako, edo neri gustatzen zitzaizkidan gauzak egiteko azaltzen zenuen baikortasun paregabea, horregatik ere makina bat pitxar txikitu behar nituzke. Bai, pelikula triste bat zurekin ikustera joateko egin behar izan ditudan ahaleginak! Itxoin, itxoin, eta laneko kontuengatik Alemaniara joan zinen hartan egin zenidana? Horretaz ez nintzen gogoratzen... a zer nolako potroak! Hamar egun, hamar, eta ezta telefono dei mixerable bat! Hura gogorra izan zen gero! Oraindik ez dut ulertzen nola ez zitzaizun telefono dei sinple bat egitea bururatu, ez zuen izenik, benetan. Gainera, itzuli zinenean parre egiteagatik eman zizun, baina azaldu zinela abixatzeko komisaldegira deitu nuenean... ja, ja, orduan bai, orduan aurpegia aldatu zitzaizun. Eta gainetik, ez zinen ba errita egiten hasi? “Nola bururatzen zaizu poliziari deitzea?” Nola ez zitzaidan bada bururatuko? Istripuren bat izan zenuela pentsatu nuen. Dei bat gutxienez beti egiten zenuen, baina hamar egun zure berririk jakin gabe... Uf! Egia esan, oraindik ez dut ulertzen... hara, belar ondoko bat emateko gogoa sartzen ari zait, eta baita astindu bat ematekoa ere. Hemen aurrean edukiko bazintut, gaur jasoko zenuke sekulako masailekoa. Danba! Eta patxada ederrean geratuko nintzateke. Dinbi eta danba! (Bi belarrondoko ematearen imintzioa egingo du) Baina ez horregatik bakarrik, ez, badakizu zerk ematen zidan sekulako amorrua? Ez, amorrua baino gehiago! Eli, gauza onetarako zure alaba zela, baina gainontzeko gauza guztietarako... nirea! Ezin izan dut zure jarrera hori inoiz ulertu. Houdini iheslariak baino abilitate haundiagoa zenuen Elirekin medikura joan behar zenean, edo eskolako bilera egunetan, edo erropa erosi behar zitzaionean edo lana pilatzen zen momentuetan... desagertu eta zure esistentziaren arrastorik ez uzteko ehundoko trebetasuna zenuen. Gainera, badakizu zer den okerrena? Zuri beti esajeratzen ari nintzela iruditzen zitzaizula. Eta gauzak bere lekuan jartzen saiatzen nintzenean... “Utzi bada, egingo dut nik, Jesus! hain zaila al da ba?” Eta gero... betiko kontua, “Oraintxe izan behar al du? Ba oraintxe puntuan ezin dut, gainera nik horretaz ez dakit ezer, hobe zu arduratzea”. A ze, ze... ze... Ixildu egingo naiz. (Begiak itxi eta pentsamentu hori ito nahiean dabil, baina azkenean atera egingo du) Haurraren kontura, gorriak eta beltzak pasarazi zenizkidan, lehendabizi ez zenuelako eduki nahi edo ajolagabekeriagatik, auskalo! Baina fertilitate probak egin nahi ez izatea ere! “Zu ondo zaude, esan iezaiozu zure senarrari probak egitera etortzeko”. Jakingo bazenu zeinen gaizki pasa nuen, ezin nuen inorekin hitzegin, ezta zurekin ere! Baina zuk... zergatik ez zenituen probak egin nahi izan? Zure gizontasuna zalantzan ikusteko beldurra al zenuen? Behin, gogor egin nizun batean jo egingo ninduzula uste nuen. Ikaratu ere egin nintzen, ez zintudan horrela inoiz ikusi, eta ez zaitut harrez gero gehiagotan ere horrela ikusi. Zergatik ukatzen zinen hain biziki. Ez, zu hori baino irekiagoa zinen, ez dakit zergatik egin zenidan hori. Gero, hilabete eta piku zurekin oso haserre egon nintzen eta... urteetan ez genuen gai horri buruz gehiago hitzegin, debekatua balego bezala. Eta gero, nik haurra izateko esperantza guztiak galdu nituenean, han etorri zitzaigun Eli, ustekabean. Eskerrak! Hala ere, askotan probak egin nahi ez izateko egoskortasun hari buruz galdetzeko tentazioa etortzen zitzaidan. “Aizu, Antton” esateraino ausartzen nintzen eta gero, damutu eta hitzegiten hasitako tonua erabat aldatu eta beste zerbaiti buruz hasten nintzen, fantasma guztiak aterako zitzaizkigun beldurra sartzen zitzaidalako. Ez dago astindu gabeko kontuak baino gauza txarragorik. Zu hain liberala, hain irekia, hain ulerkorra kontu guztiekin... eta nirekin? Nirekin, zer? Zuk zuregatik ez zenuen umea edukitzeko ezer egingo. Ez egiteagatik, ezta nik zer nahi nuen galdetu ere, eta hori pentsatzen dudan bakoitzean sutu egiten naiz, inoiz ez dizut esan, baina sekulako amorrua sartzen zait, amorrua eta gorrotoa eta nazka eta errabia... Eta errua ez da zurea, hori da okerrena. Errua nirea da, hain koitadua eta beldurtia izateagatik, halaxe izan da beti, eta ez dut inoiz ikasi. Hara, etxe honetara sartu nintzenetik, nik neure buruari begiratu izan banio, eta nahi nuenagatik borrokatu... hara, tenedore hauek zure izebaren ipurdian zulatuko nituzke. Victor Mendes-ek banderilak jartzen dituen bezala gainera, dantzan. Eta kaxoi honetan, tenedore zahar hauek usteltzen egon beharrean, ezkondu ginen egunetik labadora bat edukiko genukeen. Eta, irratia betidanik egongo zen etxe honetan, eta gela bakoitzean bat edukiko nuke gainera, eta egun santu guztian piztuta. Eta oporretan, Afrika beltzera! Bai, jauna! Eta seņoritari ez zaiola gustatzen, eta ez dagoela konbentzituta? Ba... segi dezala bere Paris-Viena-Venezia egitera. Ai, Antton, ze tuntuna naizen, eta ze koldarra! Eta oraintxe bertan nire aurrean jarriko bazina..., (isiltasun luze baten ondoren) ...oso bakarrik nagoela ikusiko zenuke. Eta seguru ez nizukeela esan dudan guztiaren laurdenik ere botako. Ikusten duzu, zu ez zaudenean ausartzen naiz guzti honetaz hitzegitera. Bizitza honetan akats bat konpontzeko aukera eman behar lizuteke behintzat! Bai horixe! Orain... okerrena zera da... aukera hori emanez gero... seguru Josuneren aurrean bere ahizpagatik hitzegiten hasi, hanka sartu eta gorri-gorri eginda bukatu nuenekoa aldatuko nukeela. Gogoratzen al duzu?

ANTTON: Gogoratuko ez dut ba?

IXABEL: Aurpegia sutan nabaritzen nuen. Aurpegia, eta belarriak? Belarriak kiskaltzen. Ez zen gutxiagorako, “saltsera kontakatilu” bat zela izan zen esan nuen gauzarik xamurrena. A ze lotsa! Nolatan ez zenidan keinurik egin edo zerbait esan bere ahizpa zela adierazteko?

ANTTON: Eginda ere ez zinen konturatuko, hain zeunden haserre!

IXABEL: Keinu txiki bat egin bazenit behintzat... berehala konturatuko nintzatekeen. Gero, konpontzen saiatzea okerragoa izan zen. A ze hanka sartzea! Harrez gero, ez naiz Josunerekin, ezta Mari Joserekin normal hitzegiteko gauza izan. Oraindik ere larri jartzen naiz.

 

Kaxatik kokodrilo txiki bat aterako du.

 

IXABEL: Hara! Esperantza eta ilusioa egunerokoak ziren garaietako maskota: “Hiru aldiz igurtzi eta indar haundiz desioa eskatuz gero nahi duzun hori lortzen da”. Ia kokodriloa txato eta muturmotz utzi nuen, eta hala ere nire desio eta gogo gehienak putzura. Ui! a ze eguna dudan! Bai, zeharo “Mari Beltz”-tuta nago.

ANTTON: “Y me llamaban Mari Beltza, Maria la beltza”...

IXABEL: “Y me llamaban Mari Beltza, Maria la beltza”... Garai batean ikaragarri gustatzen zitzaidan ipuin hura, zenbat aldiz irakurri ote nuen.

 

Sobre horitu batean dauden argazki batzuk aterako ditu.

 

IXABEL: Jesus! Etxe honetan zeuden sorpresa guztiak aurkitu nituela uste nuen, baina, ez! hau agortu ezineko putzua da.

 

Argazkiak atera eta begira hasiko da.

 

IXABEL: Hara! Hauek Turkian ateratakoak dira. Orain dela zenbat urte joan ginen gu Turkiara. Begira hemen Joxeanekin nago, horrexegatik egongo dira argazki hauek aparte. Hau ere ez nintzen sekula esatera ausartu, eta a ze tontakeria! Joxean oso gustokoa nuen. Egia esan, oso-oso gustokoa, eta eskerrak ez nizula inoiz ezer esan, zeren askotan hitzetan jarri eta zerbait kanporatuz gero, asmoa egia bihurtzera bultzatua sentitzen baitzara, nolabait beste balio bat hartzen du.

ANTTON: Ez ziren gure garai onenak.

IXABEL: Urte haiek ez ziren gure arteko hoberenak izan. Oheratu orduko ideia ber-bera etortzen zitzaidan burura: “eta dena pikutara bidali eta Joxeanekin hasiko banintz...”. Eta Joxeanekin bizitza imajinatzen nuen. Ezin ditut esan imajinatzen nituen guztiak, hori gehiegi esatea bailitzateke. Batzutan erabaki sendo bat hartuta jaikitzen nintzen ohetik, baina ez dakit non galtzen nuen sasoia. Batzutan dutxan, bestetan zein eguraldi zegoen ikusterakoan...

ANTTON: Eskerrak ez zenuen bide hori hartu.

IXABEL: Zuk bazenekien nik Joxean gogoko nuela, ezta? Bai. Eta bazenekizkien burutik pasatzen zitzaizkidan ideia guzti horiek, ezta?

ANTTON: Bai, asko igartzen zitzaizun. Egunero sentitu eta bizitzen zenuena aurpegian markatuta eramaten zenuen, begiradan.

IXABEL: Eta ez zenuen ezer esaten. Ez zenuen ezer egiten.

ANTTON: Sufritzeaz gain, geratzen al zitzaidan ba beste zereginik? Zurea zen erabakia. Eta erabaki hori hartzera bultzatzea besterik ezin nuen egin. Behin, nik lan egin behar nuen aitzakiarekin, Joxeanekin zinera joateko ideia eman nizun...

IXABEL: Egia esan, ez zen gure artean ezer gertatu, denak fantasiak ziren, burutik pasatzen ziren gogoeta eta gogo hutsak. Tira, behin afaltzera joan ginen elkarrekin.

ANTTON: A! Hori ez nekien.

IXABEL: Bai, zinera joateko geratu ginen, zuk eman zenidan berari deitzeko ideia gainera. Eta joan egin ginen zinera bai, baina ez zegoen sarrerarik... patua! Eta afaltzera gonbidatu ninduen, ez genekien nora joan eta nik aukeratu nuen, txino batetara joan ginen.

ANTTON: A ze gusto txarra!

IXABEL: Eta oso ondo pasa genuen. Hasieran. Ni urduri samar nengoen, eta esango nuke bera ere ez zebilela oso lasai. Eta... tentso samarra izan zen. Egia aitortu behar badut, ez zen oso afari gogangarria izan. Kosta egin zitzaigun elkar hizketa arinik eramatea. Konturatu nintzen, pertsona berri batekin ohitzea zein zaila izaten den batzutan. Baina ardo botila osoa edan ondoren berak zerbait gehiago nahi zuen eta, eskua hartzen hasi zitzaidan, eta... nik...

ANTTON: Ez ezazu ezer gehiago esan...

IXABEL: ... nik atzera egin nuen. Izan ere, ez zen oso afari atsegina izan, eta egoera hartan, eta txino hartan... ez zitzaizkidan esaten zizkidan gauzak batere gustatzen, eta berarekiko nituen fantasia guztietatik urrutiratu egin nintzen. Ez nuela buru hausterik merezi erabaki nuen. Indartsuagoa izan zen kordea, eta tentazioa uxatu egin nuen. Argazki honetan oraindik berarekiko ilusioa bizirik neukan, antzematen da, ezta? Ez genuen oraindik behar adina “rollito” jan. Hala ere, askotan, gau hartan aurrera egin izan banu zer gertatuko ote zen datorkit burura, baina aitortu behar dizut egindakoaz ez dudala damurik batere.

ANTTON: Gaitzerdi. Gau hartan, jeloskortasun eta pasioari buruzko lekzio ederra erakutsi zenidan. Ez dakizu ondo ze gaua pasa nuen, nire bizitzako txarrenetakoa. Gainera inozoa naiz baina, lanarena aitzaki bat zen, ez zintudan nire alboan amorratua ikusi nahi, banekien Joxean zenuela gau eta egun buruan. Eta esan banuen, esan nuen. Gau hartan barruak lehertu zitzaizkidan. Mina nuen. Maite zintudan. Ezin zintudan urruti sentitu. Ezin nuen eraman. Ezin nuen harnasarik ere hartu. Ez dakit zer egin nuen, eta zertan pasa nituen zu etorri arteko orduak, baina begiak erre arteraino egin nuen negar. Lasaitzeko ahalegin guztiak egin eta ez nuen sosegurik aurkitzen. Zu galtzeko ideia jasan ezina egiten zitzaidan. Eta ez zen nik asmatutako nobela bat, egia baizik egia gorria. Nahiz-eta gure garairik hoberenak ez izan, maite zintudan. Goizeko ordu biak eta hamalaugarren minutuan etorri zinen. Nola ez naiz ba gogoratuko. Lo papera egin nuen.

IXABEL: Hurrengo goizean sekulako gosaria prestatu zenidan.

ANTTON: Gau osoan ez nuen lorik egin, aldamenean zintudalako pozez. Begiak itxi orduko berriz irekitzen nituen, zu nire alboan zinela ikusteko eta besarkada haundi bat eman nahi nizun baina ez nintzen ezer egitera ausartzen. Gazte adoleszente baten modura, milaka promesa egin nituen zu ez galtzeagatik.

 

ixabelek plastikozko poltsa atera eta bertatik soineko bat aterako du, anttonen azken esaldiaren gainetik hitzeginaz.

 

IXABEL: Uuuuu! Sorpresa! Ez nuen uste soineko hau bizi zenik. Ez da nik gogoratzen nuen bezain polita. Ez, baina bere garaietan honekin oso guapa sentitzen nintzen.

ANTTON: Eta oso guapa zinen, benetan polita geratzen zitzaizun. Jantzi ezazu.

IXABEL: Probatu egin behar dut. Eskerrak bakarrik nagoen. Ez, ez dut jantziko, orduan geratzen zitzaidan ondo, orain jantzi honekin zoratutako atso baten itxura izango dut eta ez dut nahi. Jantzi hau zuk erregalatu zenidan lehenengo soinekoa da.

ANTTON: Eta zuk, eman nizunean, sekulako purrustada egin zenion.

IXABEL: Hasieran ez zitzaidan batere gustatu, ez zen orduko modako soinekoa.

ANTTON: Horretxegatik zen polita. Zuk bakarrik zenuen horrelako soinekoa.

IXABEL: Denbora luzean estrenatu gabe armarioan eduki nuen.

ANTTON: Ni amorrarazteko.

IXABEL: Eta urte zahar batean, Elisak jantzi nahi izan zuenean, hark aurrea hartu baino lehen neronek jantzi nahi izan nuen.

ANTTON: Bai, dantza egitera joan ginenean soineko hori zeneraman. Festako ederrena zinen.

IXABEL: Dantzan genbiltzanean nesketan politena nintzela esan zenidan. Zuk esateko, asko!

ANTTON: Eta “strangers in the nigth”-ekin dantzan genbiltzala...

IXABEL: Betirako maiteko zintudala esan nizun.

ANTTON: Ez ezazu betirako esan... orain maite nauzu?

IXABEL: Bai, asko.

ANTTON: Bihar galdetuko dizut biharkoa.

IXABEL: Baina nik betirako maite nahi zaitut.

ANTTON: Hori alperra zarelako da, eta ez duzulako horretan gehiago pentsatu nahi.

IXABEL: Ez, bizitza osorako adina maitasun dudalako da. Zuk gaur arterainokoa bakarrik al duzu?

ANTTON: Egunean egunekoa esango dizut. Eta ikusten duzu, hemen naukazu oraindik ezin zure ondotik alde egin.

IXABEL: Eta ikusten duzu, hainbeste urte pasa eta nik esandakoa egia da: oraindik maite zaitut eta beti maiteko zaitut, asko gainera.

ANTTON: Bihar biharkoa (Ironia maitekorraz).

IXABEL: Behar izaten zaitut. Oso gogorra egiten ari zait burua altxatzea. Zure itzala alde guztietatik ageri zait. Kalera atera orduko zu zerorri zaren inpresioa egiten didaten hamaika ikusten ditut. Normala ote da? Zurekin bizitzea hainbeste kosta zitzaidala eta... eta orain zeharo aldatu behar... Baina, nolatan utzi nauzu bakarrik? Nolatan, bakarrik bizitzeko ohitura galduarazi eta gero. Nolatan bururatu zaizu hain galduta uztea?

ANTTON: Inoiz irratia pizturik eduki ahal izateko. Eta ez zaitut galduta utzi...

IXABEL: Bai, galduta! Kalea bakarrik gurutzatzeko ere ez naiz gauza eta. Bidea pasa aurretik zuri begiratzen nizun eta! Eta orain? Zergatik egin didazu faena hori? Zergatik? Eta gainetik etxe hau hustu beharra.

ANTTON: Aldaketak beti onak izaten dira.

IXABEL: Ez daukat aldatzeko gogorik. Gainera etxe berria oso itsusia da. Berria!

ANTTON: Horixe bera esan zenuen lehenengo aldiz etxe honetan sartu ginenean.

IXABEL: Honek posibilitate haundiak zituen. Gainera denborarekin aldatuz joan gara, gure modura egokitzen, eta pake santuan utzi beharrean...

ANTTON: Margotu itzazu hormak zure gogora, margotu itzazu urdinez, eta ateak egur argikoak jarri, horrela nahi zenuen, ezta?

IXABEL: Ez daukat margotzen hasteko inolako ilusiorik, eta gauza bakoitzari bere lekua bilatzen hasteko are eta gutxiago...

ANTTON: Zergatik ez Kanarietara joan?

IXABEL: Kanarietara?...

ANTTON: Edo hobe bestela Afrikara? Egin ezazu behingoagatik Kenyarako bidaia.

IXABEL: Kenyara?... Ez nintzateke bakarrik joango...

ANTTON: Dei iezaiozu nire arrebari... edo beste norbaiti... edo zoaz bakarrik behingoarren...

IXABEL: Ez, bakarrik ez, bakarrik ibiltzeko ohitura galdu dut, egun osoa hotelean egingo nuke... eta abioian? nori helduko nioke besotik gorantz abiatzen denean? Ez, bakarrik...

ANTTON: Zergatik ez?

IXABEL: Egia da, zergatik ez!

ANTTON: Pentsa ezazu nigan, eta inoren besoa estutzeko beharra izanez gero, eraman ezazu zure kokodriloa poltsikoan.

IXABEL: Bai, egin beharko nuke... antolatutako bidaia horietako batean izena emango dut, eta horrela talde bat joango ginateke eta jende berria ezagutuko nuke eta baita Kenya ere, eta batez ere ez nuke hemendik etxe berrira zuzenean joan beharko.

ANTTON: Har ezazu egunkari bat eta hasi bilatzen...

IXABEL: Non dago... non dago? (Egunkaria bilatuz).

ANTTON: Barkaidazu zuk egin nahi zenuen bidaia inoiz ez egiteagatik...

IXABEL: Honek badakar zerbait: Kanaria irlak... Ta, ta, ta... Italia... Cancun, Cuba, Disneylandia... bai, horixe behar nuke, Disneylandia... Arjentina-Txile-Patagonia, India... Kenya! Diru dexente da, baina dagoen lekuan egonik prezioa ez dago gaizki, jakina denboraldi baxua da...

ANTTON: Baina eguraldi zoragarria egingo dizu, bero, baina ez gehiegi...

 

ixabel dena utzi eta hankaz gora eseriko da, bere bidaia planeatuz. Hasperena bota eta ametsetan hasiko da.

 

IXABEL: Ai! Euri zaparrada ikarragarriak botako balitu ere berdin litzaidake...

ANTTON: Eta orain bakarrik joanez gero ez zara berandu iritsiko aireportuetara, eta taxiak hartuko dituzu mutur batetik bestera ibiltzeko, eta ez dituzu museoetan behar baino lau ordu gehiago pasako... piszinadun hotel eder bat hartzazu.

IXABEL: Oraindik ajentzia irekita egongo da, ezta? Bai. Goizero hoteleko piszinan igeri egingo dut. Eta parke naturaletara sei aldiz joango naiz, eta... Bai? Aizu, begira, ba... Kenyako bidaiagatik galdetzeko deitzen nizun. Ba... noiz joan naitekeen? Prezioa ea egunkarian datorrena den? Giarik ba ote dagoen? Txertorik behar ote den?... Niregatik bihar bertan. Etzi? Primeran! (Disgusto txiki bat azalduko du ordea) Eta noiz jakingo duzu? Bai, hara, 3-6-0-2-7-6. Bai, etxean egongo naiz. Ederki, mila esker. Agur.

ANTTON: Oso ondo egin duzu! Aupa!

IXABEL: Zeinek agindu ote dit saltsa honetan sartzea? Umm, seguru ez dela behar adina jende bilduko eta ez dela bidaia antolatuko, hala bedi, bestela... ez dakit bakarrik nola moldatuko naizen. Ez, ez da batere plan ona! Ez naizela joango esango diet, azkarregi dela eta kito. Zergatik liatzen ote dut horrela neure burua? Dena hankaz gora daukat, sekulako etxe aldaketa saltsa eta... oraintxe bururatu behar zitzaidan neri Kenyara joatera... bizitza osoan horretarako nahi adina denbora eduki eta, hain zuzen ere, orain egin behar al dut ditxosozko bidaia hori? Hau da hau neure burua proban jartzeko gogoa. Ez!

ANTTON: Ez iezaiozu zure buruari aitzaki gehiagorik jarri. Ez izan beldurtia. Egizu! Har ezazu erabakia behintzat!

 

Bitarte horretan ixabelek kaxatik paperak eta gauzatxoak dituen beste kaxatxo bat aterako du. Lehenengo ohar bat eskuratuko du, sobre txiki baten barruan dagoena.

 

IXABEL: “Bi zaplasteko eta belarrondoko pilo bat nire maiteenari. Muxu bat. Antton. Posdata: zure oparia nahi baduzu, lo egiten duzun inguru horretan aurkituko duzu”.

 

Ohar honi mun eman eta beste paper bat hartuko du.

 

IXABEL: “Aupa, txapeldun! Ezingo dute zurekin! Lo pixka bat...

ANTTON: ...lo pixka bat, amets goxo bat eta esnatzerakoan hortxe edukiko nauzu. Dena primeran aterako da, gainera sekulako adorea duzu. Zergatik uste duzu ezkondu nintzela zurekin bestela?”

IXABEL: Hau, bularrean bulto bat atera zitzaidanean...

ANTTON: ... juxtu kirofanora sartu aurretik, muxu bat eta paper hau eman nizkizun.

IXABEL: Eta operatzeko lekura begietan malkoak nituela eta parra ezin gorde sartu nintzen. Ze sustoa pasa genuen, ezta? Zuk batez ere. Oso gaizki pasa zenuen.

ANTTON: Beldur haundia nuen. Inoiz ez bezalako beldurra sentitu nuen. Okerrena gertatuko balitzaizu, zer egingo nukeen zu gabe? Ez zen zerbait galtzeko arriskuan zaudeneko beldurra, zu galtzekoa baizik, baina ez zen Joxeanekin zenbiltzaneko beldur berdina, beste zerbait zen. Erabat jota nengoen, hitzak eta bozak urrutiago sentitzen nituen. Nahiz eta neure buruari mila aldiz esan ez zegoela inolako arriskurik, beldurra zomorro txiki bat bezala sartu zitzaidan, eta non zegoen jakin ezin nuen arren gorputz osoan barrena zabaldu zitzaidan.

IXABEL: Bai, hile zuri pilo bat atera zitzaizkizun orduan.

ANTTON: Harrez gero, beste modu batean bizi izan nituen gauza asko.

IXABEL: Haren ondoren joan ginen Tailandiara, a ze bidai ederra. Pentsa zertarako balio izan zuen susto hark. Hargatik izan ez balitz seguru ez ginatekeela oporretan inora joango.

ANTTON: Seguru ezetz! Zuk bakarrik dakizun lekuan musu bat emango nizuke.

IXABEL: Ai! hotzikarak sartzen zaizkit. Musua ematen zenidanean bezala. Baina, ze tuntuna naizen, ezin dut aurrera egin. Eten gabe, beti, buruan zaitut. Eta eduki nahi zaitut gainera, zer egin behar dut bestela? Ez naiz bizitza berri batekin hasteko gauza. Bidaia bat egin? Bai, eta zer? Nora alde egin? Norengandik alde egin? Ez diot zentzurik aurkitzen egiten dudanari. Etxe hau txukuntzea bezala. Utzi egin behar dut, eta bota egin behar dute, zertarako garbitu? Zertarako etxe berria atondu? Sofa eta aurrean telebista, musika aparatua eta diskoak, hortzetako zepiloa komunean, sukaldean ontziak, bazkaltzeko mahaia, aulki batzuk inguruan dituelarik... Dena betiko ordenean. Ez diot hori dena egiteari ez hanka eta ez bururik aurkitzen.

ANTTON: Ez zaitez “Mari belztu”, beste musu bat emango nizuke.

 

ixabelek hotzikara bat somatuko du.

 

IXABEL: Bizitzak aurrera egiten duenean, okerrena helbururik ez izatea da, etorkizuna gutxituz doala. Gaztaroan ametsak egia bihurtu ahal izateko esperantzarik baduzu, eta baita haiek betetzeko denbora ere. Baina geroz eta gauza gutxiago ditut egiteko, nire amets gehienei pasa egin zaie beren epea eta ez dut etorkizunean, egin nahi nituzkeen gauza haundi horiek egiteko aukerarik ikusten.

ANTTON: Zer egin nahiko zenuke ba?

IXABEL: Ez, ez dut ezertarako ilusiorik. Etorkizunak ez dit inolako sorpresarik emango, dagoeneko nondik norainoko tartea duen badakit. Badakit oinazerik haundiena nolako den. Badakit pozik haundiena non sentitzen den. Badakit atsekaberik haundienak non egiten duen min. Badakit lekurik politenak gutxi gora behera nolakoak diren... zer gehiago izango da? Ezer gutxi. Hauetako zerbaiti itxura aldatu baina hor nonbait ibiliko naiz, eta gainera hemendik aurrera pozak gero eta txikiagoak, eta oinazeak gero eta haundiagoak.

 

ixabelek ordurarte bete dituen zakar poltsak hartu eta botatzen hasiko da. Bertan paperak egongo dira batez ere, eta eszenatokia paperez beteko du.

 

IXABEL: Ze Kristo, ordenarekin lepo hezurretaraino nago! Han ziak! Hemen daude nire bizitzaren pusketak, eta ez dut gehiago ezer gordetzen ibili nahi. Erotu egin naiz, Antton, erotu egin naiz. Ez nuen gure etxean egin behar dudan azkeneko gaua horrelakoa izaterik nahi. Goxo eta xoxo, gustora egon nahi nuen, eta... zergatik daukat amorru eta egonezin hau? (Zerbait kolpatuko du) Ez dut kontu txarretan pentsatu nahi, oroitzapen onak ekarriko ditut burura. Gabonetako oparien banaketa, esate baterako, bakoitzak zerbait egin behar genuela oparia irabazteko eta, urte batean zuk opari on bat irabazteko, sekulako numerotxoa egin zenuen Montserrat Caballé imitatuz, trajea eta guzti prestatu zenuen, zenbat farre egin nuen...!

 

ixabelek anttonek egindako imitazioa gogoratuz “La danza de los siete velos” kantatu eta dantzatuko du.

 

IXABEL: Nahi duzunean, ez daukazu parekorik. Egia esan, ezin ninteke gehiegi kexatu, zeren nahi zenuenean, oso xelebrea zinen. Farre franko egin izan dut zurekin.

ANTTON: Ez zen kontu zaila zuri far egin araztea. Kia! Kia!... (Soinu bat egingo du).

IXABEL: ...Kia, kia!

 

Biak farrez hasiko dira. Halako batean gertatutakoa berbiziko dute. ixabel sukaldean ontziak garbitzen ari da eta antton kaleko atetik lau hanketan jarri eta kia, kia! egiten hasiko da. ixabelek hasieran berearekin jarraituko du, gero aterantz begiratuko du eta segundu batzuetan bere lanarekin jarraituko. Baina halako batean zerbait ikaragarria ikusi izan balu bezala egundoko sustoa eta ikara hartuko du.

 

ANTTON: Ei, Ixa! Ixa, neu naiz, neu naizela!

IXABEL: Aaaaa!

 

Eta ixabel zarata egiten ari zena antton zela konturatzen denean, eta kosta egin behar zaio, esku artean daukana buru gainera botatzen hasiko zaio.

 

IXABEL: Txotxolo! Bere biziko sustoa eman didazu! Babu alena! Jaso behar duzu! Horrelakorik ez da egiten!

ANTTON: Nor uste zenuen nintzela, baina?

IXABEL: Eta nik zer dakit! Berdin zait gainera, baina sekulako ikara eman didazu.

ANTTON: Baina zer uste zenuen nintzela? Lapur bat?

IXABEL: Ez, lapur bat ez.

ANTTON: Orduan?... animaliaren bat?

IXABEL: Ez dakit.

ANTTON: Tira, Ixa, baina zein animalik egiten du kia, kia, kia... zu horrenbeste ikaratzeko? Pentsa ezazu piska batean.

IXABEL: Ez dakit, baina bihotza bere lekutik aterako didazu, babu alena! Eta berriz horrelakorik egiten badidazu...

ANTTON: Tuntuna nirea!

 

Berriz ere antton bere lekura joango da eta ixabel egongelaren erdian farrez geratuko da.

 

IXABEL: Harrez gero kia, kia egin eta farregurea ateratzen zait, baina momentuan akabatuko zintudan. Nori bururatzen zaio, kia, kia...

 

Momentu horretan telefonoak joko du. Eta ixabel izutu egingo da.

 

IXABEL: Ajentziako neska izango da... (ez da telefonoa hartzera ausartzen) ...Lasai, ezin dudala joan esango diot eta kito, bestela deika eta deika ibiliko da. Bai, nor da? Nor da? Eli!!! Zer moduz zaude, maitea? Ondo, seguru? Bai, bai, oso ondo, beno komeria askorekin baina ondo. Jaso al duzu gutuna? Ba orduan jakingo duzu zer gertatu den, ezta? Bai, ikaragarria, bai, faena haundia da, bai, pena haundia... baina tira! Esplikatzen nizkizun, ezta? Bai, ba... hori da, bai. Lehengoa? Ilunegia zen. Baina... bigarren hori, bai, azkenean hori aukeratu nuen. Zure izeba Inesek lagundu zidan bilatzen, eta oso etxe polita da, baina oso polita.

ANTTON: Ez iezaziozu gezurrik esan.

IXABEL: Ez dakizu nolako bista ederrak dituen, inguruko mendi guztiak ikusten dira eta gainera etxe honek baino argitasun askoz ere gehiago du. Seigarren pisua da, bai. Ikusiko duzu, gustatuko zaizu.

ANTTON: Berari etxe hau ere ez zitzaion gustatzen eta, nola gustatuko zaio berria?

IXABEL: Eta... etortzeko asmorik ba al duzu?

ANTTON: Ezin du oraingoz etorri, gezur bat botako dizu, Gabonetan etorriko dela esango dizu, beti bezala.

IXABEL: Gabonetan? Benetan?! Ai, ez dakizu nolako poza emango zenidakeen.

ANTTON: Gero, gabonen aurretik deituko dizu, ezinezkoa zaiola esateko. Ez ezazu ilusiorik egin.

IXABEL: Ez, ez, ez dut inolako ilusiorik egingo, baina egin itzazu ahaleginak, bai? Bai, hemen berririk, batere ez, zaharrak berri! Etxearenarekin oso lanperatu ibili gara, eta bestela dena ondo. Ni? Primeran.

ANTTON: Ez iezaziozu gezurrik esan.

IXABEL: Baietz, seguru. Medikuak? Ez zidan ezer esan, oso ondo nagoela, arrosa baten modura, zer nahi zenuen ba esatea? Eta bestela?... oso ondo, baietz. Zure izebak egunero planen bat antolatzen dit aspertu ez nadin, eta azkenean hainbeste planekin nazkatuko naiz. Gaur zure izebak Kanarietara edo Londonera joateko deitu dit. Ezetz. Ez dudalako Kanarietara joateko gogorik, nik Kenyara joan nahi dut.

ANTTON: Eta ez zara joango.

IXABEL: Ba... horixe bera egin behar dut, bai andrea. Ez didazu sinistuko? Ba zuretzat kalte, orain gutxi ajentzia batera deitu dudalako eta etzi ateratzen omen da talde bat eta laster deituko didala esan dit. Ez, ez, ez diot ezer esan, bestela Kanarietara joatea hobe dugula esaten hasiko zait, edo mariatu egingo nau eta kasik ez diot ezer esango joan arte eta kito, gainera “abentur”-a nahi dut eta zure izeba oso beldurtia da. Ondo iruditzen zaizu? Pozten naiz. Hemen bazina elkarrekin joango ginateke.

ANTTON: Ni ere, hor banintz, joango nintzateke.

IXABEL: Horixe bai, aurrerago joango gara elkarrekin, nik orain terrenoa aztertu eta... Bai, egia da; baina zu ere, pertsona normalak bezala bizi bazina, nik deituko nizuke baina...

ANTTON: Ba dakizu gure alaba normala baino hobea dela, ez zaitez hasi...

IXABEL: Ez, ez naiz ezertan hasiko. Agur, maitea, zaindu, eta ez zaitez nitaz ahaztu.

ANTTON: Ez eta nitaz ere.

IXABEL: Badakit ezetz baina bada ezpada ere. Aita? Bai, baina oraindik nirekin dagoela iruditzen zait, eta gainera oso lanpeturik nabil eta... Baita nik ere.

ANTTON: Nik ere gustora emango nizueke musu bana, besterik ez bada behintzat.

IXABEL: Erregalotxu bat? Bai ederki! Bai? Orduan laister iritsiko da. Oraintxe bertan idatziko dizut gutun bat, etxe zaharretik azkena. Ezetz, benetan! Baina zenbat aldiz esan behar ote dizut ez nagoela gaizki! Zer egin behar ote dut nik esandakoa sinisteko? Nola nahi duzu ba edukitzea ahotsa? Zu hain urruti egonik... beti jartzen zait korapiloa. Beno, eta moztu, garestiegi aterako zaizu eta deia. Agur maitea.

ANTTON: Agur.

IXABEL: Agur eta ondo lo egin. A! Oraintxe esnatu zarela! Ba egun on bat pasa. Musu bat. Agur. Ez zuk lehenengo, agur, agur, agur...

 

Telefonoa eskuetan izango du, eta nahiz-eta dagoeneko telefonoaren beste aldean inor ez egon, berak agur esaten jarraituko du eta musu geldo bat emango dio behatzarekin aurikularrari.

 

IXABEL: Agur, maitea! A, ze alaba daukagun! Nahi izanez gero ere ez dago hobetzerik... lastima beste puntan dagoela eta ez duela honuntz etortzeko inolako asmorik, deitzen duen bakoitzean urrutirago dago.

ANTTON: Utz iezaiozu, bere bizitza da.

IXABEL: Berak zure eta nire ausardiak batu eta horren bikoa dauka, ez dakit nondik atera zaigun halakoa. Bere ile gorria bezala, esplikatu nahi al didazu nondik atera zaion. Nire barrutik atera izan ez balitz gurea ez dela pentsatuko nuke. Behin, umearen aurrean, txotxola batek galdetu zidan bezala: “Baina ume hau adoptatua izango da, ezta? Ikusten baita zuenik ezertxo ere ez daukala” Hori esatea ere, inork ezer galdetu ez dizunean...

ANTTON: Gogoratuko ez naiz ba? Bazirudien nik esan nizula, a ze jenio txarrez etorri zinen etxera. Pena da ez nuela zure aurpegia ikusi emakume horrek hori bota zizunean, ez galtzeko modukoa izango zen.

IXABEL: Gure Eli, jaio zenetik izan zen ume zoragarria.

ANTTON: Eta nahiz eta nik haur bat izatearen beharrik ez izan, bera jaio zen momentua izan zen bizi izan dudan momenturik ederrena. Egia esan behar badizut, ez nuen sinisten zure barnetik beste pertsona bat jaioko zenik, ez dakit zer espero nuen, baina benetan sorpresa ikaragarria izan zen Elixabeteren aurpegia ikustea. Ordurarte dena zentzugabekeria iruditzen zitzaidan, zure oinazeak, itxaron behar izatea, hospitaleko “profesionaltasuna”... ezer egin ez nezakeen egoera hartan txorimalo bat sentitzen nintzen. Baina Eli zure sabel gainean zegoenean eta begiratu zidanean ordurarteko guztia ahaztu egin nuen kolpetik eta beste dimentsio batean sartu nintzen. Badakit esaten dizudana oso arraroa dela baina hala da.

IXABEL: Oso berezia izan zen dena, baita zure oparia ere.

ANTTON: Zer opari nizun bada?

IXABEL: Seguru ez zarela gogoratzen, baina oso gutun polita ekarri zenidan, umearentzako behar nituen gauza batzurekin batera.

ANTTON: A, bai! Baina gutun hura zu ezagutu zintudanekoa zen eta gauean etxera bakarrik joan nintzenean, zer egin ez nekiela paperak mugitzen hasi eta azaldu zitzaidan.

IXABEL: “... zure aztarnak nire inguruko gauza guztietan sentitzen ditut...”

ANTTON: “... hitz eta esaldi ederrak datozkit burura, baina une batzuk besterik ez dituzte adierazten. Nire sentimentuek ordea, egunero eta baita astero ere milaka aldiz aldatuz doaz, eta honek ematen dit emozioen gorakada. Orain dela gutxi bezala, kalean behera nindoala, nire alboan zentozela iruditu zait, eta egin behar nuen bakarra zu heltzea zen, nire besoa zure gerri atzetik pasa eta oso gertu zintudan, zure aurpegia musukatzeko. Halako batean, zu han ez zinela ikusteak harritu egin nau. Orain malenkonia antzeko zerbait daukat nire barruan eta bakardadea. Uste dut, nire bihotzean leku asko hartu duzula, neure buruari onartzen uzten diodana baino gehiago. Eskua dardarka daukat hau idazten dizudanean. Ez dut uste gutun hau bidaltzerik izango dudanik, izan ere, hitz hauek leku eta denbora ezberdin batean ez baitute esanahi berdina izango. Oso zaila izango da gauzak behar bezala interpretatzea. Nire hitzek ere ezin dituzte nire pentsamenduak jarraitu. Ez dakit nola jasan ahal izango dudan zu gabe egotea, izan ere, zurekin pasa ditudan azken egun hauek zerbait aldatu dute nire barruan. Eta...”

IXABEL: Inoiz idatzi didazun gutunik kutunena dut (Begiak igurtziz) Ez dut ondo ikusten. Eskubiko begia txoratzen hasia zait. Ez nuke gorputzaren beherakada igertzen hasi nahi. Beherakada... baina ez nuke gaisotzen hasi nahi behintzat.

ANTTON: Ez zaitez horrelako kontuekin iluntzen hasi, piztu begiak.

IXABEL: Tira, alderdi baikorra... bizitzaren ederra... horretan pentsatu behar dut. Hara, landare hau hemen utziko dut, ez dakit gogoratuko duzun baina hau izan zen gure etxean jarri genuen lehendabiziko gauza.

ANTTON: Oraindik etxea huts-hutsik genuela, merkatutik ekarri genuen. Kosta zitzaigun leku egokia aukeratzea. Makina bat aldiz mugitu genuen. Jakina, mugitzeko beste ezer ez genuen eta!

IXABEL: Badakizu zer egingo dudan? Gauza guzti hauek, nire gauzarik maiteenak, hementxe utziko ditut.

ANTTON: Bai, hobe, aurrerantzean ez dituzu beharko.

IXABEL: Ez ditut ezertarako beharko, hemengoak dira, oroigarriak dira, eta gogoratu behar nuen guztia gogoratu dut. Ez, ez ditut eramango, etxe berrian ez dute lekurik, eta Elik ez ditu ezertarako beharko.

ANTTON: Eli ez da gure paperak begiratzen hasiko.

IXABEL: Gainera guk bizitako kontuak dira, eta beste leku eta garai batean ikusita gaizki ulertuak izan litezke.

ANTTON: Utz itzazu bere lekuan.

IXABEL: Hementxe utziko ditut. Ondo iruditzen zaizu?

ANTTON: Oso ondo iruditzen zait.

IXABEL: Bai, ezta? Tira, ba... beren lekuetan jartzen hasiko naiz berriz ere. Orain arte egindakoa alferrik.

ANTTON: Baina halaxe da bizitza.

IXABEL: Bai, alferrik... Ai! Bero naiz. Lan gehiegi egingo nuen akaso. Lasai egon beharko nuke.

 

ixabel butakan eseriko da, eta arnasketa sakon batzuk egingo ditu, baina itoaldiak etortzen zaizkio.

 

ANTTON: Zaude lasai, ez hestutu.

IXABEL: Egin nahi dudan gauza pare bat egin behar dut (Lurrean geratu diren paperak jasoko ditu) Hau ez dut horrela utzi nahi. Ohitura hori zugandik ikasi nuen, nahiz eta zerbait kosta izan, ondo egindako lanak beti merezi du, ezta? Eten gabe zu zaitut ezpain artean. Orain konturatzen naiz nire bizitzako gauzarik gehienak zu gogoan izanda egin ditudala.

ANTTON: Baita nik ere.

IXABEL: Hau entzungo bazenu, harrotuko zinateke.

ANTTON: Harro nago, bai.

IXABEL: Eskerrak ez duzula entzun.

ANTTON: Ez entzunarena egingo dut.

IXABEL: Eskerrak ez dizkidazula gaur esan dudan tontakeria piloa entzun, bestela...

ANTTON: Eskerrak entzun dizkizudala.

IXABEL: Hala ere, askotan nire inguruan zabiltzala iruditzen zait.

ANTTON: Halaxe nabil.

IXABEL: Eta batek daki, akaso entzuten dizkidazu...

ANTTON: Hala da...

IXABEL: Baina nola ezin didazun erantzun... Bero haundia dut.

 

ixabel butakan eseri eta geldirik egongo da piska batean.

 

ANTTON: Bai, nahi baduzu erantzun dezaket, eta baita hitzegin ere. Hil aurretik gauza asko esan nahi nizkizun eta azkenean ez nintzen esan nahi nuen guztia esateko gai izan, ez nuen behar adinako lasaitasunik izan. Baina orain... mundu osoan halako emakume batekin harremanak izateko aukera izan duten gizon gutxi dira, eta neri egokitu zitzaidan zori hori. Bizitzak eskaintzen dituen denbora apur guztiak ez nituen behar bezala bizi, ezinezkoa baita denak goi-goian bizitzea. Baina goian bizi izan nituenak gorenak izan ziren. Benetan eskertzen dizut. Ez dut inoiz zu beste inor maite. Eta maite zaitut. Barka iezadazu irratiarengatik eta sutuarazi zaituzten beste makina-bat gauza horiengatik... Eta lastima da zurekin ez Kenyara joan izana. Pena da gauza horietaz orain damutu izana. Hala da, ordea.

IXABEL: Bidaia ajentziakoak ez dit deitu, eskerrak. Seguru Kenyak ez duela esistitzen. Gehiago gustatzen zait etxea horrela uztea (Egongelari begirada bat botako dio) Ez dut hain hutsik uzten. Akabo, San Blas 16, 4.a!

ANTTON: Akabo, bai.

IXABEL: Hamaika gauza ikusi ditu etxe honek.

ANTTON: Hamaika gauza bizi izan ditugu etxe honetan.

IXABEL: Pentsa! Orain ez daukat, lehenago nuen pena hori.

ANTTON: Asko arintzen du hitzegiteak.

IXABEL: Pakean nago, baina sekulako beroa daukat, beroa edo haize falta. Behar bada ez da ideia ona izan hemen bakarrik geratzea. Inesi deituko diot.

 

Telefonoa hartu eta zenbaki bat markatzen hasiko da. Berehala, ordea, telefonoa bere lekuan utziko du.

 

IXABEL: Ez. Zertarako? Seguru deitu eta damutu egingo naizela.

ANTTON: Hori seguru. Hemen izango zenuke bi minutu barru ate joka anbulantzia eta guzti.

IXABEL: Ez, haize fresko pixka baten beharra besterik ez da. Baina, berriz eseri aurretik... paper hauek erre nahi nituzke.

 

Palangana edo burnizko ontzi baten bila hasiko da, sukaldeko altzairu eta gainerantzeko etxeko bazterretan.

 

IXABEL: Hau da hau kuxidadea. Ez aurkitzeagatik ez dut ezta hautsontzi bat ere aurkitzen (Lata zahar bat aurkituko du, bertan paperak sartu eta su emango die).

ANTTON: Zu beti hain berezia, baina esango al didazu zergatik erre nahi dituzun paper horiek?

IXABEL: Horrela askoz ere lasaiago geratuko naiz. Ez nuke nahi nire sentimentuak beste inork ikusterik. Azken batean zer egin dugu bizitza honetan? Gertatutakoak bizi, gauza batzuk sortu, baina batez ere sentitu.

ANTTON: Eta erre egin behar duzu...

IXABEL: Hauek momentu batzuk gogoratzeko balio dute. Nahiz eta hauei oso gogor heldu ez dute bizi izandakoa berriz bizitzeko balio, funtzio bakar bat ikusteko txartelak dira. Ezin dut bizi izandakora berriro sartu eta berriz ikusi. Ez, gehienaz ere orduan bizi izandako emozioaren usaia sumatu, eta hori nahikoa egin dut. Nik gogoratu beharreko guztia nirekin daramat. Hauei erretzeko garaia iritsi zaie...

ANTTON: Hala bada, su eman...

 

ixabel, paperak erretzen ari denean, ondoezik jarriko da. Bere ondoezak ez luke batere haundia izan behar, itolarria litzateke, baina sorpresaz harrapatu eta erreakziorik egin ezinik geratuko litzateke, gorputza geldirik.

antton bere aulkitik altxa eta egongela aldera sartuko da, ixabel inguratuz eta bere atzean jarriz. Poliki-poliki beregana joango da, ondorengo elkar hizketa egiten duten bitartean.

Suak eszena honetan zehar pizturik iraun beharko luke eta azkenerako, argiak itzaltzen direnean ere, suak argituko luke eszenatokia.

 

ANTTON: Zaude geldirik!

IXABEL: Ai! Ezin dut harnasik hartu!...

ANTTON: Egon geldirik!

IXABEL: Ai! Ezin dut!

ANTTON: Etorri, zatoz hona. Eseri. Zaude lasai. Zaude geldirik.

IXABEL: Ez dut bakarrik egon nahi (Altxa nahian hasiko da).

ANTTON: Zaude lasai, ez zaude bakarrik eta. Adi iezadazu. Zatoz. Egon geldirik, geldi-geldirik. Zatoz. Jarri lasai, horrela, eta itxi itzazu begiak.

 

ixabel lurrean eserita egongo da, antton ere eserita bere atzean. anttonek bere magalean ixabel erdi etzanda edukiko du.

 

IXABEL: Honela, bai. Poliki, oso poliki. Ez ezazu beldurrik eduki. Hemen nago. Sentitzen al nauzu? Entzuten al nauzu? Orain bai, ezta? Orain nire ahotsa entzuten hasi zara, ezta? Kia-kia-kia...

 

ixabelek irrifarrea egingo du.

 

ANTTON: Horrelaxe, egin ezazu irrifarre txiki bat, oso irrifarre polita daukazu. Begiak oso bizi jartzen zaizkizu. Zurekin nago, ikusten?

IXABEL: Ai!

ANTTON: Ez ikaratu. Hemen nago.

IXABEL: Zu zara.

ANTTON: Bai.

IXABEL: Hemen al zinen?

ANTTON: Bai.

IXABEL: Beti egon al zara hemen, nirekin?

ANTTON: Nigan pentsatzen zenuen guztietan. Bai.

IXABEL: Eta... esaten nuen guztia entzuten al zenuen?

ANTTON: Baita pentsatzen zenuen guztia ere.

 

Segundu batzuetako ixilunea egongo da.

 

IXABEL: Bentaja duzu.

ANTTON: Nire partea entzun nahi al duzu?

IXABEL: Jakina!

ANTTON: Ba... erabat maite zaitudala, eta hemen naukazula betidanik eta betirako, soplamoko batzuk banatzeko.

IXABEL: Kia-kia-kia...

 

Telefono hotsa entzungo da.

 

ANTTON: Hara, zure Kenyarako bidaia.

IXABEL: Beranduegi, ezta?

ANTTON: Batekdaki.

 

Telefono hotsa isildu egingo da. ixabel eta antton geldirik geratuko dira. Eta argiak poliki-poliki itzaliz joango dira, latan dagoen sua pizturik geratuko delarik.

amaiera