Gauez, zopa hartu eta itsasbazterrera joaten ziren pipak erretzera. Tabakoaren usainaren erruz, doministiku egiten zuten arrainek.
Erik Satie, Cahiers d’un mammifere
Eszena zati bitan dago banatuta. Eskumako zatian jantoki luze bat, jantoki publikoa. Jantokiaren erdian mahai luzea. Atzeko aldean, ezkerrera baztertuta, platerez eta edalontziz betetako armairua. Atzeko horman leihoa eta hiru koadro; jasoegiak, beharbada, dauden lekuan egoteko. Eskuman Eduardo Zamacoisen Ustekabeko bisita, erdian Benito Barruetaren Artistaren emaztearen erretratua eta ezkerrean Paisaia figuraduna, Ignacio Iriarterena.
Hiru ate ditu jantokiak: eskuman sukalderakoa, atzean kalerakoa eta ezkerrean eszenaren beste zatira ematen duena.
Eszenaren beste zatia, ezkerrekoa, jantoki publikoaren bulegoa da. Ohiko bulegoa. Hiru mahai daude, bakarra ordenagailuarekin. Fitxategiak atzeko horman eta leihoa ezkerrekoan.
Bulegoa ilunpetan dago. Jantokia dago argiztatuta. Mahaian jesarrita pirso, plateretik jaten. Plateraren ondoan jogurt baten ontzia dago, hutsik. Baten batek emandako arropak daramatza aldean, zikin.
baros sartu da jantokira kaletik. Are modu inkoherenteagoan dator jantzita, zikin.
PIRSO (barosi begiratu gabe): Nire jogurta jan duzu.
BAROS: Jogurta? Zer da jogurta?
PIRSO (jogurt-ontziari seinalatuta): Hemen barruan zegoena.
BAROS: Eta hori jan al dut nik?
PIRSO: Hau ez: barruan zegoena.
BAROS: Eta zertarako jan nahi dut nik plastiko zati bat.
Nekatu egin da pirso. Ez du beste azalpenik eman nahi.
Eta zuk, jauna? Zer jan didazu zuk niri?
PIRSO: Nik zuri? Ezer ere ez, jauna. Nor zaren ere ez dakit eta.
BAROS: Baina zerbait jan didazu niri hala ere...
PIRSO: Zer jan dizut nik zuri?
BAROS: Espiritua.
PIRSO (sudurra uzkurtu du): Espiritua? Ezta pentsatu ere. Espiritu nazkagarria izan behar duzu zuk. Ile zikin horrekin...
Etena.
Eta asko galdetzea ez bada: nor zara zu?
BAROS: Baros jostuna, jauna. Mitrofanen semea.
PIRSO (kasualitate handiegia izango balitz bezala): Mitrofan? Mitrofanen semea? Ez, ezinezkoa da. Nik ezagutzen dudan Mitrofan pertsona gaztea da. Beste Mitrofan bat izango da zuen aita.
BAROS: Ez, jauna. Mitrofan bakarra dago. Mitrofan guztiak dira Mitrofan bera.
Kanpai-hots bat entzun da orduan. pirso erabat aztoratu da. Platerean dagoena amaitu gabe, jesarlekutik altxatu eta korrika hasi da kaleko aterantz. Irten egin da.
baros mahai azpian ezkutatu da.
Ilundu egin da jantokia.
Eszenaren ezkerreko zatia argiztatu da orduan, bulegoa. Bi andrazko daude bertan, mada eta dene. Jantokiko langileak dira. Urteak daramatzate jantokira datozenak artatzen. Aurpegi onberakoak biak.
MADA: Zeuk ere hartu behar zenuke ume bat, Dene.
DENE (sorpresaz): Ume bat hartu? Eta non hartzen dira umeak, Mada? Arboletan?
MADA: Ez, neska. Ume bat hartu: Bolivian, Kolonbian, Ekuadorren... Egunean euro bat baino gutxiago...
Etena.
Lehengo astean hartu genuen guk beste bat.
DENE: Beste bat? Zenbat dituzue?
MADA: Hamazazpi...
DENE: Hamazazpi! Eta? Zuzen datoz?
MADA: Ez dakit, Dene... Gutunak bidaltzen dizkigute, lantzean behin. Hamazazpi gutun.
Etena.
Batek Rogelio dauka izena. Bost urte ditu Rogeliok.
Etena.
Rogelioren gutunak beti datoz zikin. Behin indaba moduko bat zegoen escuelita hitzaren gainean...
Zerbait gogoratu izan balu bezala.
Ikusi zenituen ziklistak atzo?
DENE: Egon al ziren atzo?
MADA: Egon ziren bai. Zer dira Van Diemenen izterrak... Ikusi dituzu Van Diemenen izterrak hurbiletik?
mada konfiantza hartzen hasi da ziklistei buruz hitz egin ahala eta zuzendariaren mahaian jesarri da.
Kanpai-hotsa entzun da orduan. Arrapaladan zutitu da mada zuzendariaren mahaitik, deabruak hartuta bezala. Hormaren kontra jarri da, hurbil-hurbil; eskolako zigorra hartzen ari dela ematen du. denek gauza bera egin du baina fitxategien kontra, beldur aurpegiz.
Ilundu egin da bulegoa.
Jantokia argiztatu da ostera ere. baros dago bertan, bakarrik. Oraintxe momentuan ari da mahai azpitik irteten. Kontu handiz ari da, zerbaiti beldurra balio bezala. Mahaian jesarri da azkenean, baina leku guztietara begira.
Ezkerreko atetik, bulegotik, dene atera da. Kontuz hura ere.
Jantokian baros dagoela ikusi duenean, lasaitu egin da.
DENE: Baros jauna, Mitrofanen semea! Urteak zu ikusi gabe.
BAROS: Irakurtzen egon naiz.
DENE (zurtuta): Hamabi urtez?
BAROS: Ez...
Etena.
Bilerak ere izan ditut batzuk.
DENE (barosen aurrean platera eta koilara jartzen dituen bitartean): Indabak gaur. Bai?
Eskumako atetik desagertu da, sukaldekotik.
BAROS: Bai.
Irribarre antzeko bat egin du barosek. dene desagertu denean, baina, berriro jarri du beldur aurpegia. Leku guztietara begiratzen ari da berriz ere.
Atzera agertu da dene, platera bete indaba. Platera aurrean jarri eta eskua iletik pasatu dio barosi, koipez gainezka ez baleuka bezala. barosek ez du keinurik egin, baina gustura dagoela ikusten da.
DENE (bulegoa seinalatuta): Hemen gaude.
Ezkerreko atetik desagertu da, bulegora.
Jaten hasi da baros. Noizik behin alboetara begiratzeko ohitura hartu du. Kaleko atetik burden agertu da. Jantokira sartu den lehen aldia da; guztiari begira dago, atzeko hormako koadroei batez ere. pirso zegoen lekuan jesarri eta pirsoren plateretik hasi da jaten.
BAROS: Pirsoren lekua da hori.
BURDEN (pirsoren platera amaitu du, arin arraio): Leku publikoa da hau.
BAROS (jantoki guztia hartzen duen keinua egin duf Ez: beste guztia da publikoa. Leku hori Pirsorena da.
Jantokia ilundu eta bulegoa argiztatu da. mada fitxategietan begira dago; dene jantokirako atetik kuku egiten ari da.
DENE: Berri bat heldu da.
Etena.
Pirsoren lekuan jesarri da.
Jantokia argiztatu da berriro eta bulegoa ilundu.
BAROS: Zeuk ikusi... Honetan ordu honetan etortzen da beti. Pirso.
BURDEN (erlojuari begira, sinesgogor): Laurak hamazazpi gutxitan?
BAROS: Hain zuzen ere. Ez al da ordu ona?
Hitz beste egin du etenik gabe.
Irakurri duzu, kasualitatez, Adam Bodorren ezer?
BURDEN: Ez daukat astirik, jauna. Lana daukat.
BAROS: Ze lan, jauna?
BURDEN: Kanpaiak sailkatu.
BAROS: Kanpaiak? Hemen ez dago kanpairik.
BURDEN: Kanpaiak ez: kanpai-hotsak. Leku guztietan daude kanpai-hotsak. Hemen ere bai. Entzun duzu kanpai-hotsik hemen zaudenetik, jauna?
BAROS: Pare bat bai.
Etena. Pentsatzen ari da baros.
Eta kanpai-hots mota asko al dago?
BURDEN: Hiru milatik gora.
Etena.
Baina gezurra da.
BAROS: Zer da gezurra, jauna?
BURDEN: Ez dago kanpai-hots diferenterik. Kanpai-hots guztiak dira kanpai-hots bera.
BAROS: Ez dakit nik, jauna. Nik ez nuke halakorik esango... Nik inoiz...
BURDEN (zakar moztu dio): Zuk? Nor da hemen aditua?
baros goitik behera lotsatu da. Une horretan bertan sartu da pirso jantokira, kaletik. Berehala konturatu da bere lekuan dagoela burden. Amorratu egin da.
PIRSO (erneguz): Hara hor! Zer da hau? Nor zara zu?
(barosi)
Nor da koipelustre hau, Baros?
BAROS: Neuk ere esan diot. Zurea dela leku hori. Niri Madak esan zidan ondo argi.
Etena. pirsorengana hurbildu da, beste inork ez entzuteko moduan. burdenenganako keinua egin du.
Pertsona konplikatua da.
PIRSO: Ez da logikoa, Baros. Nire lekua izan da hori beti...
burdeni hitz eginez.
Eta zuk zer, jauna? Errespeturik ez inori?
BURDEN: Errespetua? Zeri? Zure itxurari?
PIRSO: Itxurari ez; diruari. Dirua daukat nik.
Poltsiko gehienetan bilatu du pirsok. Hiru txanpon atera ditu. Txikiak. burdeni erakutsi dizkio.
Dirua daukat nik, jauna.
BURDEN (txanponak begiz zenbatu eta mespretxuz begiratu dio pirsori): Apur bat arrazista zara zu.
PIRSO (ozen): Arrazista ni? Zelan izango naiz ni arrazista...
Etena. Segundo batzuk eman ditu pentsatzen.
Atzerritarra izandakoa naiz ni, jauna. Zelan izango naiz ni arrazista...
BURDEN (pirsoren lekutik altxatu da): Hor daukazu zure lekua.
PIRSO: Orain ez daukat gogorik.
BURDEN: Zelan ez daukazula gogorik? Ze pertsona klase zara zu?
PIRSO: Orain ez dut jesarri nahi.
Ilundu egin da jantokia eta bulegoa argiztatu, ezkerrean.
mada eta dene ageri dira bertan, solasean.
MADA: Zaindari berria jarri dute.
DENE: Non?
MADA: Museoan, neska; non izango da?
DENE: Zaindari berria? Arin gero...
MADA: Arin baino arinago. 44 ordutan. Gazteagoa da hau.
DENE: Nor?
MADA (gauza jakinak azaltzeaz nekatuta): Zaindari berria, Dene...
Etena.
Esaten dute zorrotzagoa dela. Zaharra baino zorrotzagoa.
DENE: Zorrotzagoa? Amaitu da kontua orduan?
MADA (pentsakor): Ikusiko dugu...
Etena.
Ikusiko dugu...
DENE: Egia al da Sirarena, Mada?
MADA: Zer?
DENE (zuzendariaren mahaia seinalatuta): Esaten dute hor agertu zela Sira. Hor jesarrita.
MADA: Egia. Neuk topatu nuen.
DENE: Eta nola zegoen?
MADA: Ahoa zabalik.
DENE: Eta elizan? Jende asko egon zen elizan?
MADA: Asko. Pirso ere bai.
DENE (harrituta): Pirso egon al zen? Ez ziren ondoegi konpontzen ba...
MADA: Itxurak. Pipa bat erregalatu zion behin, Kanadakoa.
Neuk ikusi nuen. Zazpi egur diferentekoa.
Etena.
Ezkutuan erregalatu zion.
Etena.
Neuk ikusi nuen.
DENE: Eta testamentua? Egin zuen Sirak?
MADA: Ez.
DENE: Eta odola? Odola zeukan hor jesarrita?
MADA: Ez.
DENE (eten baten ostean): Eta museoan? Egin diote omenaldirik zaindari zaharrari?
MADA: Ez.
DENE: Hogeita zazpi urte museoan. Erraz esaten da.
MADA: Omenaldirik ez. Zaindari berria jarri dute. Askozaz zorrotzagoa.
Ilundu egin da bulegoa eta jantokia argiztatu. Lehengoak daude: pirso, baros eta burden. Ematen du arestian (jantokia ilundu aurretik) gelditu diren posizio berean daudela. pirso gelatik bueltaka dabil eta burden bazter batean zutunik, jarrera sasiduinez. baros da jesarrita dagoen bakarra.
BAROS (begirada galduta): Galdera bat, Pirso: zenbat pertsona galtzen da munduan lustro batean?
PIRSO (harriduraz): Galdu? Nola “galdu”?
BAROS: Galdu... Jendea galdu egiten da... Jende asko galtzen da munduan. Esate baterako, jendea galtzen da: Auschwitzen, lurrikaretan...
Etena.
Argentinan...
Etena.
Alkoholean...
Etena.
Enpresetan...
PIRSO: Enpresetan?
BAROS: Enpresetan asko. Ume asko galtzen da enpresetan.
Mahaitik altxatu da.
Banoa. Joan behar dut. Bilera daukat...
PIRSO: Bilera? Zuk? Norekin daukazu zuk bilera?
BAROS: Kheops, Khefren eta Micerinosekin.
Etena. Arranditsu.
Horiek hirurak eta ni neu: Baros jostuna, Mitrofanen semea.
pirsok onartu egin du barosen azalpena. baros kaleko atetik irten da, taketa baino tenteago.
Bakarrik geratu direnean, atezuan jarri dira pirso eta burden. Alde guztietara begiratu eta ate guztiak itxita daudela egiaztatu dute. Bakar-bakarrik daudela ziurtatu dutenean, elkarren ondoan jesarri dira mahaian.
PIRSO (jakin-minez): Atera planoak.
BURDEN (atsekabetuta): Ez dizkidate eman...
PIRSO: Zergatik?
BURDEN: Ez naiz heldu. Jende gehiegi zegoen...
PIRSO: Jende gehiegi? unescon? unescon sekula ez da jende gehiegi egon.
BURDEN: Atzo bai. Batzuk poliziak zirela uste dut.
Beldurtu egin nintzen.
PIRSO: Poliziak? unescon sekula ez da poliziarik egon.
Etena.
Eta bulegoan? Zuzendariaren bulegoan? Hor ere poliziak?
BURDEN: Ez nintzen heldu. Heldu baino lehenago beldurtu nintzen. Sarrera Handian.
PIRSO: Planorik gabe ezin da ezer egin. Haserretu egingo dira...
BURDEN (burumakur): Badakit. Bihar joango naiz atzera.
PIRSO: Haserretu egingo dira. Mitrofan batez ere...
BURDEN: Badakit.
Etena.
Gauza bat: lehengo zoro horrek esan du Mitrofanen semea dela. Egia al da?
PIRSO: Egia.
BURDEN: Itxura horrekin?
PIRSO: Itxura horrekin.
BURDEN: Eta operazioan dago?
PIRSO: Ez. Ez daki ezer. Benetako jostuna da Baros.
BURDEN: Jostuna? Mitrofanen semea?
Kanpai-hotsa entzun da. pirso eta burden hormaren kontra jarri dira, hormari begira. Oso urduri daude, burden bereziki (dardaraz). Segundo batzuen buruan mada eta dene sartu dira bulegotik.
madak pirso hartu du ukondoetatik eta mahaian eserarazi du. denek gauza bera egin du burdenekin, baina gehiago kostatu zaio; zurrunago dago.
mada eta deneren tratua ezin hobea da. burdenek eta pirsok eskertu egiten dute. madak ilea ukitu dio pirsori.
MADA: Kafesnea bai, ezta?
PIRSO: Bai.
MADA: Eta zuk, jauna?
BURDEN (urduri oraindik): Kafesnea? Bai. Kafesnea.
Mesedez. Eskerrik asko.
Sukaldeko atetik desagertu dira mada eta dene, eskumakotik.
Entzun duzu, Pirso? Mitrofan izan al da?
PIRSO: Seguru.
BURDEN: Seguru?
PIRSO: Mitrofan bera ala langileren bat.
BURDEN: Langileren bat? Zenbat langile ditu?
PIRSO: Denak. Denak dira Mitrofanen langileak.
Etena.
Baros izan ezik.
Etena.
Mitrofanen semea da Mitrofanen langilea ez den bakarra.
mada eta dene sartu dira kafesne banarekin. Bat-batean isildu dira pirso eta burden, elkarren lagunak direla erakutsi nahi ez balute bezala.
DENE (tupustean zerbait gogoratuta) Pastak...
Bulegora joan da kafesnea burdenen aurrean utzi ondoren.
Pastekin bueltatu da. burden eta pirsoren artean utzi ditu.
Errainak ekarri dizkit.
BURDEN (deneri): Zer dira? Frantziakoak?
DENE: Zeintzuk?
BURDEN: Pastak.
DENE: Ez; hemengoak.
BURDEN: Nongoak?
DENE: Horko izkinakoak. Dendakoak.
PIRSO (burdeni): Eta zergatik galdetu diozu hori?
BURDEN (guztiz konbentzituta): Errainak guztiak direlako Frantziakoak...
PIRSO: Guztiak ez.
BURDEN: Egia. Guztiak ez. Egia...
Kanpai-hotsa entzun da berriz, askozaz modu bortitzagoan. pirso eta burden estropezuka altxatu dira mahaitik. pirsok kafesnearen kondarrak bota ditu kolpe batez. Arrapaladan irten dira jantokitik, kalerako atetik.
Elkarri begiratu diote madak eta denek, bakarrik.
DENE: Hauena kalbarioa...
MADA (erretxin): Hauena? Eta gurea?
DENE: Antzekoa...
denek buelta hartu eta jantokiko koadroei begira jarri da. Eskuman Eduardo Zamacoisen Ustekabeko bisita, erdian Benito Barruetaren Artistaren emaztearen erretratua eta ezkerrean Paisaia figuraduna, Ignacio Iriarterena.
DENE (koadroei begira): Zenbat aste? Bi?
MADA: Hiru ere bai.
DENE (eskandalizatuta): Hiru aste? Aldatu beharko dira.
MADA: Bat behintzat bai.
DENE: Zein?
MADA (azkar erantzun du, azkarregi beharbada): Hori.
Ignacio Iriarterena seinalatu du, Paisaia figuraduna, ezkerrean dagoena.
Paisaia.
DENE: Ados.
MADA (erlojuari begira): Gaur ez dago astirik.
Etena.
Bihar goizean...
DENE: Zenbat koadro dago biltegian?
MADA: Hamazazpi.
DENE: Eta hona ekarri gabe?
MADA (denbora irabazteko errepikatu du galdera): Hona ekarri gabe?
Etena. Buruan egin du zenbaketa.
Bi.
DENE: Bi baino ez?
Etena. Atsekabeak hartuta.
Eta zer egingo dugu orain?
MADA: Konformatu. Biltegian hamazazpi koadro eta hemen beste hiru. Hogei koadro, Dene.
DENE: Gutxiegi.
MADA: Gogoratu zaindari berria. Esaten dute zorrotza dela.
DENE: Txarra lehengoa... txarragoa berria.
MADA: Askozaz txarragoa.
DENE: Eta zer egingo dugu orain?
MADA: Konformatu. Hogei koadroekin konformatu.
DENE: Gutxiegi dira. Ezin gara konformatu; Sira ez zen konformatuko.
MADA: Jakina: Sirarekin errazagoa zen. Baina guk...
Etena.
Zertarako nahi dugu gehiago?
DENE: Gutxiegi dira hogei koadro.
madak ezinezkotzat jo du deneren tema. Bulegora pasatu dira elkarrekin eta, jantokitik bulegora pasakeran, lehenengoa ilundu eta bigarrena argiztatu da. Euren gauzak hartu dituzte bulegoan (jakak, poltsak, euritakoak) eta berriro egin dute jantokirantz. Argi-jokoa alderantziz orain. Kaleko atetik irten dira. Giltza entzun da sarrailan. Atearen beste aldetik entzun da.
DENE: Koadro gehiago behar da.
MADA: ...
DENE: Koadro gehiago behar da.
Eszena osoa ilundu da. Gaua.
Geletako goiko partean, Jantokian zein bulegoan, bina argi piztu dira halako batean. Argiz eginiko banderak dira. Jantokian Angolako bandera eta Finlandiakoa; bulegoan Ekuador eta Kanadakoa.
Banderak diz-diz hasi dira, keinuka, autoen norabide-argiak bezala. Ondoren era guztietako soinuak eta zaratak entzuten hasi dira: negar lantuak, oihuak, lo kantak, barre deserosoak, zotinak, zurrungak... Zaratek progresioan egin dute gora: hasieran txikiak izan dira, entzuteko zailak, baina gauak aurrera egin ahala, gora egin dute, oso desatsegin bihurtu arte.
Goiza sartzearekin batera desagertzen joan dira zaratak. Jantokia argitu da, goizalbako argi zikinarekin.
mada eta dene ari dira jantokian koadro berria jartzen. Ignacio Iriarteren Paisaia figuraduna ez dago eta bere lekuan Carmelo Bilbao Unanueren Itsas Bide ari dira ipintzen.
DENE (asebeteta): Hobeto orain.
MADA: Hobeto...
DENE: Orain bai.
MADA: Egin duzu Barosen kafea?
DENE: Eta Pirsorena ere bai...
MADA: Ez nahastu...
DENE: Ez, noski.
Sukaldeko atetik desagertu da. Handik gutxira itzuli da ontzi bi eskuetan. pirsoren kafea dago batean eta barosena bestean.
Bakoitzari berea.
MADA: Badakizu bizikletan ibili zela?
DENE: Nor?
MADA: Baros.
DENE: Baros?
MADA: Tourrean. Birritan.
DENE: Van Poppel bezala?
MADA: Van Poppel bezala.
baros sartu da kaleko atetik. Aurreko eguneko arropa bera darama aldean, madak eta denek ez bezala. Koadro berriari begira gelditu da. Baiezko keinuak egin ditu buruarekin. Gustatu egin zaio. Mahaian jesarri da.
BAROS (koadro berria seinalatuz): Ona koadroa.
Etena.
Eskumakoa ere bai. Abadearena.
MADA: Zelan atzoko bilera, Baros?
BAROS: Ondo.
Etena.
Ez: txarto.
pirso sartu da kaleko atetik. Pentsamenduren batean guztiz bilduta dator; ez dio inori kasurik egin. Mahaian jesarri da, bere lekuan. denek kafea zerbitzatu dio. Kafea apurka edaten hasi da, aurrera begira beti ere, begirada inon enfokatu barik, ezta kafean ere. Esan daiteke zer edaten ari den ere ez dakiela.
Abstrakziotik irten gabe ekin dio berbari.
PIRSO: Zenbat kilo pisatuko zuen Sherlock Holmesek, Baros?
BAROS: Sherlock Holmes?
Etena.
Sherlock Holmes ez zen existitu, Pirso.
PIRSO: Arthur Conan Doyle esan nahi nuen.
BAROS: Arthur Conan Doyle?
Etena.
Arthur Conan Doyle ere ez zen existitu.
PIRSO: Nola ez zela existitu?
Etena.
Eta nork idatzi zituen Sherlock Holmesen liburuak orduan?
BAROS (barre egin du. Gero serio jarri da. Gero barre egin du berriz. Gero serio hitz egin du): Beethovenek.
madak eta denek barre egin dute disimuluan, eta beste biak ondo zerbitzatuta daudela ikusita, ezkerreko atetik desagertu dira, bulegora. Bulegoa ilunpetan dago.
pirso eta baros konturatu ere ez dira egin; eurenean jarraitu dute. Ezin da diotena aditu, baina nabarmen ari dira, esku-keinu askorekin.
Segundo gutxiren buruan jantokia ilundu eta bulegoa argiztatu da. mada eta dene daude bertan, bakoitza bere zereginetan baina kalakan.
DENE: Zenbat urte ditu don Uliok, Mada?
MADA: Abadeak? 97.
DENE: Bakarrik?
MADA: Jertsea egin nion iaz. Beharko du aurten?
DENE: Bizi bada, bai.
MADA: Bide batez: zer egin dute elizan, koruaren azpian?
DENE: Bainuetxe bat.
MADA: Bainuetxe bat? Eliza barruan?
DENE: Hori da gaurkoa, Mada. Gaur dena da bainuetxea eta futbola.
madak Aitaren egin du. Isilean gelditu dira biak, bakoitzak bere lanari. Halako batean, denek egiten ari dena bertan behera utzi eta pentsatzeari ekin dio. Segundo batzuk egin ditu horrela. Ematen du zerbait otu zaiola.
DENE (bat-batean): Koadro gehiago lapurtu behar dugu, Mada.
MADA: Gehiago? Hogei lapurtu ditugu...
DENE: Ez da nahikoa.
MADA: Zelan ez dela nahikoa?
DENE: Koadro berriak behar dira, Mada.
MADA: Ezin da gehiago lapurtu, Dene.
DENE: Zergatik?
MADA: Zaindari berria dago.
DENE: Zaindari zaharra zegoen lehen.
MADA: Ezin dira konparatu.
DENE: Zergatik?
MADA: Hiru ginen lehen, gainera. Orain bi gara.
Etena.
Lehen Sirarekin...
DENE: Zertarako behar da hainbeste koadro museo batean?
MADA (gero eta atsekabetuago): Lehen Sirarekin...
DENE: Pertsona birekin ere egin daiteke.
Altxatu egin da.
Atera planoak.
Fitxategietara joan eta berak atera ditu paper zabal batzuk.
Begira...
MADA (begirada galduta): Zaindari berria...
Ilundu egin da bulegoa. Jantokia lehendik zegoen ilun; biak egongo dira, beraz, minutu batez ilun. Iluntasunean plateren soinuak entzungo dira, bazkaria balitz legez.
Jantokia argiztatu da. pirso eta burden bazkaria amaitu berri eta baros amaitzeko puntuan. mada eta dene plater erabiliak batzen ari dira. Bereziki ona da tratua.
BAROS (pirsori, burden seinalatuta): Zergatik ez diozu hitz egiten, Pirso?
PIRSO: Atzokoagatik.
BAROS: Horregatik bakarrik? Lekua kendu zizulako bakarrik?
PIRSO: Ez da horregatik, Baros.
Etena.
Zuk ezagutzen duzu?
Etena.
Zuk badakizu nondik datorren?
BAROS: Ez.
PIRSO: Hori ba.
BAROS: Tira...
Etena.
Joan behar dut. Bilera daukat.
PIRSO: Gaur ere bai?
BAROS: Gaur ere bai.
PIRSO: Norekin gaur?
BAROS: Iturginekin.
PIRSO: Iturginekin? Zertarako iturginekin...?
Baina galdera egin orduko, kaleko atetik atera da baros. Ez du pirsoren ahotsa aditu.
burdenek leku guztietara begiratu du. mada eta dene sukaldean daude. Bakarrik daudela ziurtatu duenean, pirsoren ondoan jesarri da.
BURDEN: Badauzkat.
PIRSO: Zer?
BURDEN: Planoak.
PIRSO: Erraza?
BURDEN: Erraza...
Paper batzuk atera ditu jakaren azpitik. Berriro egiaztatu du bakarrik daudela eta mahai gainean jarri ditu planoak.
pirsok arreta handiz begiratu die planoei. Lantzean behin baietz egiten du buruaz. Atzamarrarekin jarraitzen die planoetako marrei buruari laguntzeko. Ematen du aditua dela plano kontuetan, paperak aztertzeko erari kasu egitera.
PIRSO: Ez dut tutik ere ulertzen.
BURDEN: Neuk ere ez.
PIRSO: Eta ez dizute besterik eman?
Etena.
Ez dizute beste paperaren bat eman, azalpenekin?
BURDEN: Hori baino ez.
PIRSO (urduri): Baina azalpenen bat beharko da... Planoak ondo daude, baina azalpenen bat behar da planoak ulertzeko...
Etena.
Zuzendaritzarekin hitz egin beharko da.
BURDEN: Ez nik.
PIRSO: Zeuk hitz egin izan duzu beti.
BURDEN: Horregatik.
PIRSO: Tira...
Isilik gelditu dira biak luzaro. Inork ez du zuzendaritzarekin hitz egin nahi. burden tinko dago ezetzean. pirso etsiak hartuta dagoela ematen du, ondo dakielako burdenek arrazoia daukala eta amore eman beharko duela azkenean.
BURDEN: Pirso...
PIRSO: Zer?
BURDEN (apal): Zu... konbentzituta zaude?
PIRSO: Ez...
BURDEN: Neu ere ez.
PIRSO: Nik utzi egingo nuke.
Etena.
Bertan behera.
BURDEN: Neuk ere bai.
PIRSO: Eta derrigor egin behar dugu?
BURDEN: Ez dakit...
Etena.
Zuzendaritzarekin hitz egin daiteke.
PIRSO: Mitrofanekin?
dene sartu da jantokira orduan. burdenek arin baino arinago bildu ditu planoak. denek burua makurtu du agur moduan eta bulegoko atetik sartu da.
Bitartean isilik egon dira pirso eta burden.
BURDEN: Ahalegina egin daiteke...
PIRSO: Ez da erraza.
Etena.
Operazio handia da.
BURDEN: Zuk ez duzu egin nahi. Nik ez dut egin nahi.
Etena.
Ahalegina egin daiteke Mitrofanekin...
mada pasatu da orduan euren aurretik. Berriro isildu dira. Bulegoan sartu da mada.
BURDEN (etsiak hartua): Ezin dugu egin. Zuk ez duzu egin nahi. Nik ez dut...
PIRSO: Erraz esaten da.
BURDEN: Banoa. Joan behar dut.
PIRSO: Nora?
BURDEN: Administraziora.
Kaleko atetik irten da burden. Planoak jakaren barrualdean gorde ditu.
pirso bakarrik geratu da. Eskuak mahaian jarri eta pentsatzen hasi da. Kanpaiak jo du orduan, inoizko bortitzen.
pirso bere pentsamenduetatik iratzarri, urduri jarri eta atzeko hormara joan da, koadroak dauden lekura. Koadro biren artean dago zutik, hormara begira, dardaraz. Horrela eman ditu segundo batzuk.
Hormaren bestaldean argi indartsua izetu da, jantokian dagoena baino askozaz biziagoa. Horma paperezkoa dela dirudi; izan ere, hormatik zehar ikusten da argia.
Argia, halako batean, itzal batekin bete da. Gizon baten itzala da, handia, gabardina moduko bat dauka jantzita. pirso gero eta beldurtuago dago, dardarak konbultsio bihurtzen zaizkio aldian behin. mitrofanen itzala da.
MITROFAN (ahots sakona du): Badauzkazue planoak?
PIRSO: Bai, jauna.
MITROFAN: Badakizue orduan zer egin behar duzuen orain.
PIRSO: Ez, jauna.
MITROFAN (Oihuka ia): Ezetz? Planoak dituzue. Planoetan dago dena.
PIRSO: Ez ditugu planoak ulertzen. Beste azalpenen bat behar dugu. Beste paperen...
MITROFAN (senetik irtenda): Beste azalpenen bat?
Etsipen-hasperen moduko bat egin du mitrofanek. Isilik geratu dira biak. Dardarak pasatu zaizkio pirsori. Pentsatzen ari da. Indarra hartu du apurka-apurka hitz egin ahala. Lotsati baina seguru hasi da hitz egiten.
PIRSO: Beste gauza bat, jauna: pentsatu dugu...
MITROFAN (zinikoki): Nork pentsatu du, Pirso?
PIRSO: Burdenek eta...
MITROFAN: Ez, señe, ez: zuek ez duzue pentsatzen. Zuek jan egiten duzue. Eta lo egin ere bai. Baina pentsatu ez.
PIRSO: Ez dugu egin nahi...
MITROFAN (haserre berriro): Ez duzuela egin nahi?
Etena. Lasaitzeko ahalegina egiten ari da.
Zuk badakizu zenbat diru dagoen?
Etena. Ahotsa zeharo eztitu du.
Dirua nahiko duzu zuk, ezta, Pirso? Zuri beti gustatu izan zaizu dirua... Horregatik hasi zinen, ezta, Pirso? Horregatik eman duzu hainbat urte honetan, ezta? Horregatik jarraitzen duzu oraindik. Horregatik jarraituko duzu hil arte, ezta, Pirso?
PIRSO: Bai, baina...
MITROFAN (ahotsa berriro erlastuz): Ez dago “baina”rik.
PIRSO: ...
MITROFAN (ahots normalez orain): Bihar emango dizkizuet planoen azalpenak.
Etena.
Esaiozu Burdeni.
Etena.
Betiko lekuan hartu behar ditu.
Etena. Ez da fidatzen, pirsok azalpen gehiago behar duela iruditzen zaio.
Zuzendariaren bulegoan, lehenengo solairuan.
PIRSO: Dirua... Zenbat da guztira?
mada sartu da jantokira orduan. Sartu ez beste desagertu da hormaz bestaldeko argia eta, ondorioz, mitrofanen itzala. pirsoren galdera erantzunik gabe gelditu da beraz.
madak beste aldarte bat dakar jantokira, beste bien solasaldiak giro iluna sortu baitu.
MADA: Bakarrik zaude?
PIRSO (asaldatuta): Bai.
MADA: Izan ere, baten baten ahotsa entzun dugu. Barrutik.
dene sartu da jantokira. Mugituta dauden aulkiak arteztu ditu. Koadro bat zuzendu eta keinua egin dio madari.
MADA (deneren keinua ulertuta): Ordua da, Pirso...
PIRSO (apur bat nahastuta oraindik): Zer?
DENE (atsegin baina agindu plantan): Ixteko ordua, jauna.
PIRSO: Bai. Barkatu.
Kaleko atetik atera da. Aztoratuta.
Bihar arte. Barkatu. Bai.
dene (bakarrik gelditu direnean)
Apur bat goizago etorriko naiz bihar.
MADA: Zer da goizago?
DENE: Laurden gutxiagotan.
Une horretantxe amatatu dituzte argiak eta irten dira kaleko atetik. Atzoko moduan eragin diote giltzari.
Erabat ilun dago eszena. Gaua berriz.
Ume baten protesta entzun da orduan, negarrarekin nahastuta. Ez da negarra soilik; kexua da batez ere. Gero eta oihu ozenagoak egiten ditu umeak, garrasiak batzuetan.
Atzeko horman proiektatuta, pantaila handi samarrean, barosen aurpegia agertu da koadroen gainetik. barosen benetako aurpegiaren hogei halako da pantailako aurpegia.
Aurpegiera guztiz neutroa da, espresiorik gabekoa. Aurrera begira dago, galduta balego bezala, umearen kexuei entzungor.
Halako batean, Aita Santuaren ahotsa aditu da, hitzaldiren batean. Ematen du umea lasaitzeko ari dela Aita Santua hitz egiten. Kontrakoa lortzen ari da hala ere; umearen kexuak gero eta ozenagoak dira. Nabarmen gailentzen zaizkio Aita Santuaren ahotsari.
Goizarekin batera apaldu dira umearen protestak. barosen aurpegia ere desagertu da. Aita Santuaren ahotsa aditzen da bakarrik, arrosarioa esaten. Hura ere isildu da azkenean.
Eszena argitu denean, dene ageri da bertan. Horman koadro bat falta da: erdikoa, Benito Barruetaren Artistaren emaztearen erretratua. Horren ordez, beste bat ari da jartzen: Robert Delaunayren Emakume biluzia irakurtzen.
Jarri duenean, apur bat atzera egin du, koadroa distantziarekin ikusteko. Baiezko keinuak egin ditu buruaz. Bulegoko atetik sartu da gero.
Bulegoa ilunpetan dago eta jantokia argiztatuta. Ez da ikusten, ondorioz, dene bulegoan egiten ari dena. Kanpaia entzun da orduan; aurreko egunekoa baino askozaz ere gozoagoa.
dene bulegotik jantokira sartu da korrika. Aurreko egunean bezala, argi bat agertu da hormaren bestaldean. Aurreko egunean bezala, itzal bat ikusten da argiaren aurrean, silueta bat. Oraingoan, ostera, andre baten figura da eta askozaz ahots egokiagoa du.
DENE: Sira!
SIRA: Segitzen duzue koadroekin, beraz.
DENE: Bai, baina...
SIRA: Baina?
DENE: Madak ez du nahi.
SIRA: Zer ez du nahi?
DENE: Esaten du ezin dela koadro gehiago lapurtu.
SIRA: Zergatik?
DENE: Esaten du zu falta zarela. Esaten du birekin ezin dela.
Etena.
Eta gero zaindariarena.
SIRA: Zer da zaindariarena?
DENE: Zaindari berria jarri dute.
Etena.
Madak dio bestea baino zorrotzagoa dela.
SIRA: Ahalegina egin behar da. Zaindari zaharra ere engainatzen genuen.
DENE: Madak dio ezin direla konparatu zaindari zaharra eta zaindari berria.
Etena.
Zurekin hiru ginen, gainera. Orain bi gara.
Etena.
Gainera ez dakit komeni zaigun...
SIRA: Zer ez zaizue komeni?
DENE: Ez dakit komeni zaigun...
SIRA: Koadroak lapurtzea?
DENE: Ez: museoan agertzea.
SIRA: Zergatik?
DENE: Egin genuenagatik...
SIRA: Zer egin zenuten?
mada sartu da kaleko atetik, zamaldan, presa handiz baletor bezala. sira desagertu da orduan, hormaren bestaldeko argiarekin batera. dene harrituta gelditu da; izan ere, ematen du sirak ez duela madarekin hitz egin nahi, beren-beregi alde egin duela elkarrekin egoteko paradarik egon ez dadin.
MADA (musugorrituta): Berandu nator.
Etena. denek jarri berri duen koadroari begira.
Koadro berria...
Hitz beste eginez.
Egin dituzu erosketak?
DENE: Bai.
MADA: Bazkaria berrogei minutu barru...
Etena.
Etorri da inor?
DENE: Baros.
MADA: Eta?
DENE: Ez dator bazkaltzera.
MADA: Nor dator?
DENE: Pirso eta Burden.
Sukalderako atetik sartu dira mada eta dene. Jantokiak argiztatuta jarraitzen du eta sukaldean erretilu eta koilaren zaratotsa entzun da.
Hamabi segundo eman ditu jantokiak hutsik, harik eta kaleko atetik pirso eta burden sartu diren arte. Inguruan inor ez dagoela ikusi dutenean, planoak atera ditu burdenek. Mahai gainean jarri ditu. Beste poltsiko batetik mekanografiatutako orri bat atera du.
BURDEN (idatzitako orria seinalatuta): Azalpenak.
PIRSO: Ulertzen da ezer?
BURDEN: Ez dakit.
PIRSO: Nola “ez dakit”?
BURDEN: Ez dut irakurri.
Planoak zabaldu ditu. Planoen gainean jarri du makinaz idatzitako orria. pirsok arreta handiz aztertu ditu, orain batzuk, orain bestea. Burua askotan mugitu du.
PIRSO: Hiru behar dira orduan...
BURDEN: Hiru zer?
PIRSO: Hirubonba.
BURDEN (harrituta): Hiru baino ez? Etxe osoa botatzeko?
Hiru bonba?
PIRSO: Kontua da non jartzen diren.
Etena. Lehen baino arretatsuago begiratu die planoei.
Ondo jakin behar da non jarri...
BURDEN (ez die planoei begiratzen, beldurra balie bezala): Eta argi dago hor?
PIRSO: Zer?
BURDEN: Non jarri behar diren bonbak.
PIRSO: Lehenengoa eta bigarrena bai.
Planoetako puntu batean jarri du atzamarra.
Hau da hirugarrena, ezta?
BURDEN (planoei begiratu die lehen aldiz): Ez dakit... Zeu zara...
PIRSO (moztu egin dio): Hori da bai. Biltegian. Biltegian hirugarren bonba, zutabearen azpian.
BURDEN: Blltegian? Eta nola sartuko gara biltegira?
PIRSO: Mitrofanek dauzka giltzak.
BURDEN (suminduta): Mitrofanek dauzka giltzak. Dena dauka Mitrofanek.
Etena.
Zergatik ez du berak egiten. Guk ez dugu egin nahi.
mada sartu da jantokira sukaldeko atetik. Bazkariko lapikoarekin dator. dene agertu da handik gutxira pirso eta burdenentzako platerekin. burdenek planoak eta azalpen-orria erretiratu ditu mahai gainetik, arin baina soseguz, susmagarriegia ez izateko.
Hamar segundoz ilundu da jantokia. Plater eta enparauen hotsak entzun dira, bazkari arrunt batekoak. Jantokia berriro argiztatu denean, zerbitzatutakoa jasotzen ari dira mada eta dene. pirsok eta burdenek amaitu berri dute bazkaria eta ase planta daukate.
mada eta dene sukaldeko atetik desagertu dira berriro plater eta tresna guztiekin.
PIRSO (azpilan-jarrera hartu du berriro): Banoa.
BURDEN: Nora?
PIRSO: Materialen bila.
BURDEN: Gauean orduan.
PIRSO: Gauean, bai.
Etena.
Arropaz aldatu.
Kaleko atetik atera da. burden bakarrik geratu da jantokian, nahigabe aurpegiarekin. Gorputzaren jarrerak etengabe aldatu ditu, gero eta aspertuago. Lotan ere geratu da pare bat aldiz. Kanpoan iluntzen ari dela sumatzen da.
Lotan geratzen ari den batean kanpai-hotsak jo du ozen eta desatsegin. Bat-batean esnatu da burden, beldur aurpegiarekin. Aulkitik altxatu eta hormara joan da arineketan. Hormaz bestaldean mitrofanen silueta dago, pirsori agertu zitzaion bezala.
MITROFAN (ahots aldi berean zakar eta gozoz): Orain ezin zara lotan gelditu, Burden.
BURDEN: Ez, jauna.
MITROFAN: Gaur da eguna, Burden.
BURDEN: Bai, baina...
MITROFAN (indartsu): Baina zer, Burden?
BURDEN: Zaila da guretzat...
MITROFAN: Zer da zaila zuentzat, Burden?
BURDEN: Bonbak, jauna...
MITROFAN: Eta ez duzue egin nahi, ezta?
BURDEN: Ez.
MITROFAN: Eta zergatik?
BURDEN: Andreengatik...
Etena.
Batez ere...
MITROFAN (barrituta eta haserre, biak bat): Andreengatik?
Etena.
Zer balio du andre batek, Burden?
Etena.
Zuk badakizu zenbat diru dagoen hemen?
BURDEN (gutxiturik): Ez, jauna...
MITROFAN: Dirua eta karguak. Kargu politikoak, Burden.
Etena.
Kargu bat nahiko duzu zuk, ezta, Burden? Zuri beti gustatu izan zaizkizu kargu politikoak... Horregatik hasi zinen, ezta, Burden? Horregatik eman duzu hainbat urte honetan, ezta? Horregatik jarraitzen duzu oraindik. Horregatik jarraituko duzu hil arte, ezta, Burden?
BURDEN: Bai, nik...
MITROFAN (ezti plantan): Hori da, Burden. Oso ondo. Hori dajarrera.
Etena.
Ze ordutan geratu zarete materialarekin?
BURDEN (apur bat harrituta): Hamaika eta erdietan.
MITROFAN: Eta ze ordutan ixten dute hau?
BURDEN: Laster...
dene sartu da orduan jantokira. Betiko legez, desagertu egin dira argia zein mitrofanen silueta.
DENE: Ordua da, Burden.
BURDEN (aztoratuta): Bai, banoa...
Etena.
Egia, bai, banoa...
Kaleko atetik desagertu da burden. mada sartu da orduan jantokira. Bere jaka janzten ari da eta denerena darama eskuan. Jabeari eman dio.
DENE: Pentsatu egin duzu, Mada?
MADA: Zer pentsatu?
DENE: Koadroena.
MADA (aspertu egin da): Koadroena? Berriro? Ez dugu gehiago lapurtuko, Dene.
Nazkatuta.
Nahikoa da, Dene.
DENE (azken ahaleginean): Sirarekin egon nintzen...
MADA: Sirarekin? Nola egongo zinen Sirarekin?
DENE: Koadro gehiago lapurtzeko esan zidan.
MADA (sinesgogor): Bai zera...
Etena. Epaia eman du:
Amaitu dira koadroak.
DENE: Orduan alferrekoa izan da museoan egin genuena.
MADA (eskandalizatu egin da. Urduri gero): Inork ez daki museokoa, Dene. Geuk ere ez dakigu. Ez dugu jakin behar...
DENE: Geuk egin genuen, Mada...
MADA (isiltzeko keinua egin dio, zakar): Goazen.
Kaleko atetik atera dira. Gaueroko giltza soinua entzun da. Ilun geratu dira jantokia eta bulegoa.
Umeen kexuak hasi dira berehala. Baina ez dira aurreko egunekoak bezain ozenak. Urrunekoak dira, leize batetik baletoz bezala.
Gauerdirako gutxi falta denean agertu dira pirso eta burden. Ez dute argirik piztu, linternekin datoz. Hala ere, aurpegiak eta eskuak nahiko ondo ikusten zaizkie, gaua ez baita aurrekoak bezain iluna. pirsok kirol poltsa darama aldean.
BURDEN: Zer da hori?
PIRSO: Zer?
BURDEN: Entzuten dena.
PIRSO: Umeak...
BURDEN (ahaztu egin ditu zaratak bat-batean): Ipini duzu bigarrena?
PIRSO: Bai.
BURDEN: Orain?
PIRSO: Orain biltegira.
BURDEN: Pirso...
PIRSO: Zer?
BURDEN (beste zerbait esan nahiko balu bezala): Kontuz poltsarekin.
PIRSO: Kontuz nabil.
BURDEN (berriro): Pirso...
PIRSO: Zer?
BURDEN: Zer egingo dute andreek gero?
PIRSO (guztiz konbentzituta ere ez): Andreek?
Etena. Txarto ikasitako ikasgaia balitz bezala.
Eta zer balio du andre batek?
Etena.
Hartu duzu soka?
BURDEN: Bai.
PIRSO: Biltegira orduan.
Sukaldeko atetik desagertu dira, linterna-argiekin batera. Iluntasuna erabatekoa da, baina hotsak leku guztietatik ari dira hedatzen. Umeen kexuak alde batetik eta metalen batek eragindako zaratak bestetik. Metalen zaratak biltegitik datoz.
Halako batean isiltasun osoa egin da. Hamar bat segundo egon da eszena horrela, isilik eta ilun. eztanda entzun da orduan, detonazioa eta argi gorri bizi bat. Gero berriro itzuli da isiltasuna, lehengoa baino sakonagoa beharbada.
Eszena ilun dago oraindik, baina apurka sartzen ari da goizalba. Jantokia argitu ahala, bertako hondamendia ikus daiteke. Dena dago hankaz gora: mahaia, aulkiak, koadroak... Errearen seinaleak ere ikusten dira han-hemen.
mada eta dene sartu dira kolokan dagoen kaleko atetik.
MADA (zinezko harriduraz): Jesus!
Etena. Guztiari erreparatuta.
Zenbat izan dira?
DENE: Hiru... Hori esan dute...
MADA: Jesus.
Etena.
Eta Pirsok eta...?
Etena.
Zer egingo dute orain?
Hondakin batzuen gainean jesarri da mada. dene lurrean jesarri da, madari laguntzeko.
Hondakinen artetik koadro baten zati bat bartu du denek. Markoaren angelu bat baino ez da; oihal urratua dauka dandarrez. Koadrotik gutxi geratzen da beraz. denek ez daki hiru koadroetatik zein den hura. Oihal-zarpaila baino ez da, kolore bizi batzuekin.
DENE: Hara... Koadroak...
MADA: Hondakinak orain.
DENE: Zer egingo dugu, Mada?
MADA: Itxaron.
DENE: Bazkaltzera datorrela esan zidan Barosek.
MADA: Eta besteak?
DENE: Besteak ez.
Etena.
Mada...
MADA: Zer?
DENE (koadro-hondakina beste hondakinen artera bota du): Alferrekoa izan da museoan egin genuena, ezta?
MADA: Zein?
DENE: Zaindari zaharrarena...
MADA: Bai.
DENE: Alferrik hil genuen, ezta?
MADA: Bai.
baros sartu da kaleko atetik. Jantokiko aulki bat jarri du artez eta bertan jesarri da, natural-natural, ezer gertatu ez balitz bezala, eguneroko kontua balitz bezala.
BAROS: Zer da gaur, Mada? Zopa?
Gero kantuan hasi da, suabe.
“Animalixa kaskar bat bada
mikroskopiko samarra (...)’’
oihala