BIGARREN EKITALDIA
Aurreko ekitaldiko gela bera izango da.
Aurrenengo agerraldia
kattalin, maria eta a. madalen
KATTALIN: (a. madalen eseririk dago, begirakuna non ezarri ez dakiela, galdua balu bezala. maria eseria da eta kattalin zutik beraren ondoan). Urteak azkar dijoaz behintzat.
MARIA: Urteak eta berekin batera gure lagunak ere bai. Bihotzaren geldialdi txiki bat nahikoa lan da herioak berarekin eramateko Ezpeletatar Tristan.
KATTALIN: Eta zer esango zenduke Armendarizko nagusiez? Beraren herioa bai izan zela benetan negargarria. Hartz handi batek bere hatzaparretan zeharo txikitua utzi zuela jakitean, bi edo hiru egun behintzat ezin egonean igaro nituen. Eta geroago berriz, beraren emaztea, bigarren semetxoa jaiotzean... Egia izango da bai, zoritxarra denbora luzean egoten dela zorioneko diren sendien ate ondoan bertara sartzeko beldurrez, baina behin bertara sartzen denean ordea, zauritu eta hiltzen ditu guztiak ardura handirik gabe.
MARIA: Nere amonari behintzat etorri zaio gaitz ederra. Ez dakit orain den eran izatea baino ez ote zuen hobe herioak bere hatzaparretan izatea. Gaur, lasaialdian bada ere... Zer nolako aztoraldiak izaten dituen, Egileak bakarrik daki.
KATTALIN: Bere biloba Gaston jaiotzean, alaba galdu zuen ezkeroztik ez darama ez bizitza ederra. Hamasei urte hauetan, beretzat beste mundu aparteko bat sortzen saiatu da eta bertatik ihes egin ezinean da.
MARIA: Erruak izan baditu ere, ez dio behintzat zigor txikia eman Egileak.
KATTALIN: Nagusia ere berriz, asko aldatua da azkenengo urteetan eta esango nuke, bere emaztea honela ikusteak izugarrizko kaltea egiten diola.
MARIA: Nere aitona eta amona horrela ikustean, behin baino gehiagotan etxetik ihes egitea bururatua dit. Behin eta berriz, batez ere bakardadean naizela, negar egiten dut... Ezer gaizkirik egin ote dute bi zahar hoiek horrelako zigorra izateko?
KATTALIN: Ez dut uste mesede egin zietenik erromes zaharraren hitzak entzuteak. Hobeto esan da, esan behar zuena isilik gordetzeak. Ordu ezkeroz, nagusiak eta bere emazte honek izan duten kezka ez da txantxetakoa.
MARIA: Nere buruari ere makinabat bidez egin diot galdera, erantzuna aurkitu ezinean. Zergatik ez ote zuen jarraitu nahi izan Gastonen bizitzako berri esaten? Zergatik isildu zen bapatean?
KATTALIN: Nik ez dakit zer esateko asmoan izango zen, baina Gaston behintzat mutiko bapoa egiten ari da.
MARIA: Bai, horrela da. Baina, bera indartzen dijoan bezala, begiratu zaiozu nere amona eta aitonari. Egunetik egunera txepeltzen dijoaz kezkaz beterik. Esan behar, gaitz gogor batek menderatuak dituela biak. Batez ere amona...
KATTALIN: Gaur, lasaialdi luzea duela esan behar... (a. madalenen ingurura joango da). Pozik jakingo nuke oraintxe, bere buruarina zer pentsatzen ari den.
A. MADALEN: (Pozik eta algaraz zutituko da, egon ezinik bezala). Ja, ja, ja! Nere alaba azkenean etxeratu da! (Besteei). Baina, zer egiten duzue hemen berari bidera irten gabe? Berarentzat logela txukundu eta jazkirik egokienak prestatu gabe? (Algaraz). Ja, ja, ja! Ondo nekien nik, noizbaiten etxeratuko zela... Nolatan alde egingo zuen bada betirako bere amaren gandik? Nekatua iritsiko zen eta goazen laguntzera berari... Goazen agudo! (Etxe barrura abiatzen da).
MARIA: (Zutitu eta madalen-i besotik helduz). Baina, nora joan behar duzu, amona? Zer ari zara esaten orain ere?
A. MADALEN: (Haserre). Zuentzat ezer ez! Baina, ez al duzue sinisten nere alaba etxeratua dela?
KATTALIN: (maria eta kattalin-ek esertokira daramate a. madalen). Tira, lasaitu zaitez. Eseri zaitez...
A. MADALEN: (Algaraz). Ja, ja, ja! Orain ikusten dut garbi, nortarainoko ikusiezina diozuten nere alabari. (Egon ezinean jiraka eta erotua bezala). Zuek... Lehen ere, zuek bidali zenuten etxetik! Orain ikusten dut garbi... Orain ikusten dut zuen azpikeria! Orain ikusten dut garbi... Orain ikusten dut zuen azpikeria! Zuen ikus ezin eta gorrotoa! Nere otoitzak ordea, zuen gorrotoak baino indar handiagoa izan du. Izan ere zuek, bera hemendik urrutiratuta, guztia eskuratu nahi... (Algaraz). Ja, ja, ja! Baina ez! Alferrik zarete lanean, azpikerian zerbait lortu nahirik. Etorri da berriro etxera eta gainera betirako hemen gelditzeko. (Haserre bizian). Zuek... Zuek zarete hemendik alde egin behar duzuenak! (Algaraz). Ja, ja, ja! Orain garbi utzi behar ditugu gauza guztiak. Zer uste zenuten bada? Bera bidalita, nagusi egitea?
MARIA: Nahikoa da, amona. Nolatan etorriko zen bada?
A. MADALEN: (Erotuta bezala barre eginaz). Orain ezagutzen duzue beldurra. Egin duzuen erruak kiskaltzen zaituzte orain. Baina, iritsia da justizia egiteko unea... Beraren aurpegia ikustean, ez ote zarete lotsatuko?
KATTALIN: Barkatu zaidazu, etxekoandrea. Zure alaba hilik da...
A. MADALEN: Bere seme Gaston ikustean hartuko duen poza! Berriro ere etxe honetara iritsia da alaitasuna! Eta zuek, zer? Ezinikusia galanta! Eman ezinak itsuturik!
MARIA: (a. madalen-en aurrez aurre). Amona, mesedez entzungo al didazu?
A. MADALEN: (Algaraz). Ja, ja, ja! Entzun? Zueri entzun? Gezurra eta ezinikusia duzuenoi, zer entzunik bai al dut? (Haserre). Isildu zaitezte behin betirako! Zoazte etxe honetatik!
KATTALIN: Etxekoandrea, zure alaba hilik da...
A. MADALEN: Hilik? (Algaraz). Ja, ja, ja! Nere alaba Ana, hilik? Zuek hori nahi! (Haserre). Hilik dela sinistaratzen saiatu zarete, baina alferrik! Zerbaitek esaten zidan bizirik zela eta azkenean horrela gertatu. Aspalditxoan etorri ez bada ere etxera, gaur gurekin dugu.
MARIA: (Besoetatik helduko dio a. madaleni eta astinduz). Tira, amona! Nahikoa da! Ana, hilik da! Gaston jaiotzean, herioak bereganatu zuen!
A. MADALEN: (Pentsatuaz). Gaston?... Gaston?... (Une txiki baten ondoren). Nun da Gaston, nere biloba? Zer egin diozue berari?
KATTALIN: Nagusiarekin da eta lasaitu zaitez.
A. MADALEN: Nagusia? Gaston?.. (Etxe barnera doa deika). Gaston! Gaston!
MARIA: (a. madalen-en ondoren joanaz). Amona!
KATTALIN: (Bakarrik gelditzean). Emakume gajoa! Urte gutxiren buruan umetxo baten antzean jarri zaigu, zer egiten duen edo esaten duen ez dakiela. Berak zuen sasoia eta osasuna ikusita gero, negar egiteko gogoa ematen dit. Bere buruaren jabe egin ezinean da eta laguntza beharrean... Bere alaba Ana eta Gaston besterik ez ditu buruan eta orain izan duen une hoietakoa izaten duenean, arima ere lurreraino erortzen zait. Ez zaio behintzat zahartzaro egokia iritsi... Etxekoandreak honelako aldiak izaten baditu berriz, nagusia dugu handik honerakoa! Gehienean, beraren ondoan du biloba eta esango nuke lo denean ere ametsetan berarekin egiten duela.
Bigarren agerraldia
kattalin eta maria
MARIA: (Agertuz etxe barnetik). Oraingoan behintzat berehala lasaitua, dugu... Aitonarekin aurkitu duenean Gaston, beraren musu eman beharra eta poza...
KATTALIN: Ez ditu behintzat une ederrak izaten!
MARIA: Ez horixe! Nere amonak zuen sasoia ikusita, orain honela... Orain hamasei urte gertatutako bere alabaren herioak lurperatu behar du azkenean...
KATTALIN: Ez zion nolanahiko maitetasuna berari.
MARIA: Ezin du buruan sortu, bera hilik dela. Beti beraren zai, noizbaiten etxeratuko ote den. Azkenean, buruaren jabe ere egin einik... Nahigabez beterik naiz, bera horrela ikustean.
KATTALIN: Neroni ere... (Etxe barnera joanik). Beregana joatea hobe izango dut.
MARIA: Joan zaitez, bai. Guztion laguntza behar duela uste dut eta. (Bakarrik gelditzean). Aspalditxotik bera izan dut amona ezezik ama ere, eta orain den eran ikustean, neurri gabeko nahigabea dut... (Eseriko da). Gogoratzen dut oraindik, etxe honetara aitak nolatan ekarri ninduen, nere ama oso gaisorik zela esanaz. lzugarrizko gau ilun eta euritsua zen, nere aitak erropaz bilduta zaldian ekarri ninduenean. Geroago jakin dudanez, ordurako nere ama hilik zen... Zerbait gertatua zela behintzat aitari igarri nion, isilean, beraren malkoak behin eta berriz nere aurpegira iritsi zirelako ur tantoekin batera. Tarteka, malko haiek nere aurpegiko azala kiskaltzen zuten eta euriak berriro lehengo eran utzi. Honuntza iristean, nere amonatxo gaisoa zai genduen aitonarekin batera atarian... Berekin batera, etxeko morroi eta neskameak, guri laguntzeko prest... Nere aitak alde egitean, ni hemen utzita, benetako kezka sortu zitzaidan, baina etxe honetan igaro ditudan urteak behin ere ez ahaztekoak izan dira. Geroago jakin dudanez, nere aita ez zen sekula amaren ondora iritsiko, bidean gaizkile baten ezpata zorrotzak bizia moztu ziolako... (Zutiturik). Denbora gutxian bada, gurasoak galdu nituen, baina ama eta aitarengandik jaso ezin izan dudan maitasuna, nere amona eta aitonak eman didate.
Hirugarren agerraldia
maria eta m. pierres
M. PIERRES: (Agertuko da etxe barnetik). Ez du behintzat makala irten behar mutiko horrek!
MARIA: Ez. Egia diozu. Baina, amonaren egoera ez dugu ederra.
M. PIERRES: (Eseriaz). Ez. Eta benetan bihotzeraino iristen zait nahigabea. Zer erru ote du horrelako zigorra izateko?
MARIA: Berak dituen kezkak nagusitzen ari zaizkio eta beti ametsetan...
M. PIERRES: Une honetan horregatik, pozez betea gelditu da, Gaston berarekin izatean. Ikusi duzu nolako ongi etorria egin dion nerekin gelan aurkitu duenean.
MARIA: Bai, bai. Baina, jakin nahi nuke aitona, zer kontu zenituzten Gaston-ek eta zuk. Orain ere, ziur asko, jardungo zenion aurrekoen berri esaten... Indarkerien berri esaten.
M. PIERRES: Indarkeriak? Gure Aberriaren alde egindako lanak indarkeritzat ote dituzu? Etxean dugun Fernan Gonzalezen ezpatari buruz zerbait esaten jardun diot. Zuri ere, ez zaizu gaizki etorriko beraren berri zerbait jakitea...
MARIA: Baita zera ere!
M. PIERRES: Eseri zaitez eta entzun zaidazu. (maria, eseriko da). Ezpata horri buruz gure artean zabaldua den historia berehala kontatuko dizut. Begira... Zirueña-ko guda bukatu ondoren, gure arbasoko Otsoa jauna bere lurraldetara zetorren ilunabarrean. Belate gailurrera iristean, emakume igarle bat irten zitzaion bidera eta zaldiari uhaletik heldu ondoren honela esan zion: “Agur, Belzunze jauna! Daramazun ezpata hori gorde zazu ongi, bera delako gure herriaren etsai den gaizkilearena. Baina, ez dezala Nafarroak sekula beldurrik izan, zu bezalako Belzunzetarrak diren bitartean eta Fernan Gonzalez-en ezpata indartsu hori ibiltzen dakiten bitartean...” Trumoi batek, emakume igarlearen ahotsa moztu zuen, Belzunzeri eskua eman ondoren, mendiko bisutsean galtzen zela. Ordu ezkeroz, ezpata hori da gure sendiak egin dituen lanen ezaugarri eta bera gerrian zinzilik eramaten ez da inor ausartu, baldin aurrez ez badu behintzat Belzunzetarren ospea indartzeko zerbait egin. Ez zure aitak eta ez nik, ez dugu iritsi horrelako ohorerik. (Nahigabez esan ditu azken hitzak). Eta, bai al dakizu zer esan didan gure mutikoak ezpata horren berri esan diodanean? “Aitona, nik eramango duk oraindik gerritik zinzilik Fernan Gonzalez-en ezpata hori!”.
MARIA: Horixe! (Zutituko da). Bide ederra erakusten saiatzen zara behintzat...
M. PIERRES: Bere Aberriari eta bere sendiari izan behar dion maitasuna besterik ez.
MARIA: (Leiho ondora joan eta handik begira). Burrukarako bideak ikasiko ditu oraindik zuk erakutsi gabe ere.
M. PIERRES: Burrukan ere jakin egin behar da, baldin behintzat gurea den gauza bat etsaiak bereganatzea nahi ez badugu. Nork lagunduko digula uste duzu gurea defendatzen? Zerbait gertatu ere, prest egon behar dugu, aintzinatik beti gure sendikoak egon diren bezala.
MARIA: (Leihotik begira). Aitona, zerbait gertatzen da... Jendetza talde handiak ikusten ditut mendian behera... Esan diteke, zerbaiten ihesi direla...
M. PIERRES: (Inguratuz leihora). Ezin diteke horrelakorik... Zergatik ihes egin behar dute bada menditarrak? Nafarroa bakean da. Ez da ezer kezkatzeko...
MARIA: Egia diozu, aitona. Baina, egia da baita ere une honetan nere begiak ikusten dutena. Jendetza handia da soro eta zelaietan zehar.. Gudarako prestatuak edo jai giroko zerbait izan ezkeroz, honuzkero haizeak beren irrintziak gure belarrietara ekarri zituen... Menditarrak ihes dira, aitona.
M. PIERRES: (Leihotik begira egon ondoren). Orain ikusten ditut garbi. Etxe ondoan ditugu batzuk gainera...
MARIA: (Kanpoko atetik alde eginez). Zer gertatzen zaien jakitera noa, aitona!
M. PIERRES: (Leihotik begira). Ikusten ditut gizonezkoak, emakumeak eta umeak... Batzuk oinez, besteak zaldietan... Gurdietan ere bai... Hautsez eginak eta bizi ibiliaz... Gehienak gainera, Baionarako bidea hartzen dute. Baina, zer gertatzen ote zaie? Ez ote ditugu berriro, Nafarroaren etsaiak indarrean izango? (Leihotik alde eginez). Ia Mariak zer gertatzen den jakiten duen...
Laugarren agerraldia
m. pierres, maria, jakes eta dunixi
MARIA: (Kanpoko atetik sarturik, ondoren jakes eta dunixi dituela). Hona hemen hoietako batzuk, aitona.
M. PIERRES: Baina, zer duzue? (erantzunik ez jasotzean). Baina, hitzik gabe gelditu al zarete? Esan zaidazue azkar, zer gertatzen den!
JAKES: (Jazkerak zerbait zikinduak ditu). Jauna...! Galdua dugu gure Aberria! Jaungoikoak ziur asko, zigor ikaragarri bat bidaltzen digu! Ez da ezer egiterik! Galdua dugu Aberria!
M. PIERRES: Zer esaten duzu, gizona?
JAKES: Orain direla bi hilabete, jauna, nabaritzen hasi ginen zerbait harrigarria gertatzen zela. Mendira egurra ebakitzera igotzen zirenak edo baita ere artzaiak, ez zirela gehiago bihurtzen beren etxeetara. Ongi gogoratzen dut, gehiago etxeratu ez zen aurrenengoa, Zubizar baserriko Txomin izan zen. Benetan gizon ona eta Larrazketa inguruan gari-sail handia zuena, behi eta ardiak ere zituela. Ongi gogoratzen dut azkenengo artaldea noiz ekarri zuen Kastilako lurraldeetatik... Fermin donearen eguna zen, orain direla bost urte... Egun hartan intxaur antzeko harri aleak egin zituen eta nere aitaren lagun Itxebe hil zen Larrundegi inguruan. Ongi gogoratzen dut guztia...
M. PIERRES: Nahikoa da! Nahikoa da! Orain zaren bezala, ez duzu urte betean esan behar duzuna bukatuko. (dunixi-ri). Zuk ez ote didazu motzago esango zer gertatzen den?
DUNIXI: (Honek ere jazkera zikindua dakar). Jauna... Honek esan dizun bezala, konturatu ginen mendira joaten ziren batzuk ez zirela gehiago bihurtzen eta benetan zalantza handia sortu zitzaigun. Egun batez, Orzaizeko bi ikazkinen gizon-hezurrak aurkitu zituzten zuhaztian... Jaungoiko maitea! Orduan bai, sortu zitzaigula benetako beldurra! Batzuk zioten, sorginen lanak izango zirela eta besteak berriz lapurren lanak... Dena dela, mendira igotzeari utzi zion jendeak... Orain direla bost gau, izugarrizko zarata entzun zen, trumoiaren itxura zuela. Guztiok entzun gendun eta baita ere izoztuta bezala gelditu. Munduaren azkena zela zion jendeak, harkaitzak ere deika zirenean... Herenegun gauean, lo zirenean Ahanuze-ko biztanleak, burrunda handi batek esnatu zituen eta herriko kaleetan zehar izugarrizko suge edo bazapizti handi baten antzeko animalia ikusi zuten. Benetan handia, hegak zituela eta brinkoka mendi aldera zijoala. Alde egitean bazapizti izugarriak, herritarrak kaleratu ziren eta berehala jakin zuten Bitor Kurutzaldea-ren etxeko atea apurtu eta beraren seme Premin ahoan harturik ihes egin zuela basapiztiak. Atzo goiza ezkeroz, gertatutakoaren berri etxe guztietara zabaldua da... Itxura denez, munstro handiak zer janik ez du aurkitzen mendian eta herri eta auzoetara dator janari bila. Aldubes eta Irulegiko biztanleak, egoki armatuak Larramendi inguruetara joanak dira, dirudienez bertan duelako bazapiztiak bere koba-zuloa. Inguriko herrietako biztanle gehienak ordea, alde eginak dira beldurraren beldurrez.
M. PIERRES: Baina, nolakoa da bada, basapizti harrigarri hori?
JAKES: Hiru buru ditu!
DUNIXI: Beraren begirakunak indar gabe uzten du!
JAKES: Beraren mingaina, suzkoa da!
DUNIXI: Berak dituen hegak egiten duten itzalak, ezergabean uzten ditu soro eta zelaiak!
JAKES: Beraren hatzazalak altzairuzkoak dira!
DUNIXI: Indarra berriz, neurririk gabekoa!
M. PIERRES: Neroni ere beldurtzen hasia nauzue oraintxe, zuek esaten dituzuenak entzun da...
Bosgarren agerraldia
m. pierres, maria, jakes, dunixi eta ustarroz
USTARROZ: (Kanpoko atetik presaka agertuz). Jaungoiko santua! Lehen aldia da ihes egin dudala!
M. PIERRES: Ihes egin duzula? Ezin daiteke!
USTARROZ: Sinistu zaidazu, jauna. Atzo lagundu nien Larramendi-ra, Irulegi eta Aldubesko nere lagunei. Berehala ordea, izugarrizko orroak iritsi ziren guregana. Gurekin zen baita ere Zaro alkatea bere baleztarekin... Tiratzaile bikaina bera, dakizun bezala... Geroago, sastraka artean, zarata izugarria, gorgarria eta azaldu zitzaigun hidra ikaragarria... Zaro alkateak bere balezta tira zuen eta sugearen larruan labaindu zen zauritu gabe... Harrapatu zuen Zaro eta une batetik bestera, odolez estalitako haragi zanpatua zen... Beste guztiok, naiz eta izan beldurra gainezka, ahalegin egin gendun beraren aurka, baina guztia alferrikakoa. Munstro izugarriak, bere mugimendu bizkor eta indartsuekin, berehala menderatu zituen gure indarrak. Beste hiru gizonezko ere laster zituen zapalduko edo itoko... Ondoren, guztiok ihesi, mendian behera... Madarikatua! Ez nuen uste, sekula inori bizkarra eman beharko nionik burruka baten... Madarikatua benetan basapizti hor!!
M. PIERRES: Tira Maria, eman zaiezu hauei behar duten guztia. Baita gure etxe inguruan diren beste guztiei ere.
DUNIXI: (maria-ren ondoren etxe barnera joanez). Eskerrik asko, jauna. (jakes ere haren ondoren doa).
M. PIERRES: (Eseriaz). Oraintxe bakean zela gure Aberria, berriro ere zigorra datorkio.
USTARROZ: Ez gainera nolanahikoa! Neronen begiekin ikusi ez banuen, ez nuen sinistuko!
M. PIERRES: Zoaz zu ere, indarrak hartzera. Zerbait izango da sukaldean...
USTARROZ: (Etxe barnea joanez.) Basapizti madarikatua! lhes egin dut azkenean!
M. PIERRES: Baina, zer egin ote du Nafarroak honelako zigorra izateko? Gainera, orain indarrak gutxitu zaizkidanean... Garai bateko indarrak banitu... Zerbait egin badezaket ordea, ez naiz geldituko ezerezean!
Seigarren agerraldia
m. pierres eta a. madalen
A. MADALEN: (Pozez eta aldi berean kezkaz agerturik etxe barnetik). lkusi al duzu gure alaba maitea? Gure etxe ingurura hurreratu den jendetza tartean ez da errez bera ikustea...
M. PIERRES: Jendetza gutxiago balitz ere...
A. MADALEN: Zuk ere, ez duzu ikusi orduan?
M. PIERRES: (Zutitu eta a. madalen-en aurrean). Ondo dakit nik zenbateraino maite zenuen... Nortaraino maite nuen neronek ere. Gure maitasunak bizia eman baleza makinabat urteko bizia izango zuen... Alferrik da ordea. Alferrik da, beti ametsetan jardutea.
A. MADALEN: Ametsetan? Zer ari zara esaten, gizona?
M. PIERRES: (Besoetatik heldurik). Ezin al duzu behin betirako buruan sartu, bera hilik dela? Gure alaba Ana, orain hamasei urte hil zela, Gaston jaiotzean?
A. MADALEN: Zer? Zu ere, besteak bezala?
M. PIERRES: Beraren zai alferrik zarela, sartu zazu behin betirako buruan! Ez duzula bizirik zaren bitartean ikusiko! Hilik dela! Zer nahiago nuke bera gure artean izatea baino?
A. MADALEN: (Erotua bezala). Orain sinisten dut bai, zuk ere zerikusia izan duzula berak etxetik alde egitean. Zuk bidaliko zenuen... Jakina! Nor bestela? Ez dut ordea sekula etsiko... Ez horixe! Ondo dakit, oraindik etorri behar duela etxera. Hemen, jende tartean bada, jakingo ditugu gauzak garbiago...
M. PIERRES: Lasaitu zaitez, emakumea... (madalen-en ondora inguratu nahiko du, baina honek ihes egiten dio). Une askotan ez naiz gogoratzen zuri egia esatea alferrikakoa dela. Zatoz maitea... Zatoz nerekin eta lasaitu zaitez...
A. MADALEN: (Alde eginez kanpoko atetik). Lagundu behar ez badidazu, neronek aurkituko dut... Garbi agertzen duzu bai, nortarainoko maitasuna diozun berari...
M. PIERRES: (Bakarrik gelditzean). Nere emazte maitea! Bere buruaren jabe egin ezinean... Lagundu zaiozu berari, Jauna! Moztu zaidazu nere bizia eta ordaintzat eman zaiozu berari argitasuna! (madalen joan den aldetik urruntzen da).
Zazpigarren agerraldia
ojer eta kattalin
OJER: (Etxe barnetik agertuz, kattalin ondoren duela). Egin ote dezaket Gastonek eskatu didana?
KATTALIN: Baina, zer eskatu dizu, horren kezka izateko?
OJER: Bihar goizeko bostetarako, bere zaldia eta nerea prestatuta izateko agindu dit. Gainera, inori ezer ez esateko eskatua dit... Barrena ordea kiskaltzen dut oraintxe!
KATTALIN: Ezer gehiago esaten ez badidazu, neri ere berdin gertatu behar zait!
OJER: (Eseririk). Galdetu diot... Baina, nora joan behar dugu goizean goiz? Eta erantzunaren tokian beste galdera bat egin dit... “Zu, mendikoa zara, ez al da hala? Gaizki ez banaiz, Alduidekoa?”. Baina jauna, esan diodan orduko, beste galdera bat... “Bai al dakizu nun aurkitzen den Larramendi?”. Jakina! erantzun diot berehala, baina halako kezka bat sortu zait barnea... Herrian bizi nintzanean, makinabat bider joana naiz Larramendira nere aitarekin egurra ebakitzera...
KATTALIN: Baina, zertarako jakin behar zuen Larramendi nun aurkitzen den?
OJER: Nere kezkak berehala bihurtu dira egiak, beraren agindua jasotzean. “Bertara joan behar dugu... Larramendira... Basapizti edo munstro hori behin betirako zapuztu dezagun.
KATTALIN: Zer diozu, gizona? Amets egin izango duzu...
OJER: (Zutiturik). Amets? Hobe izango litzateke! Esan diodanean ez ote duen entzun, guztiak ihesi direla... Zaro eta beste lagun batzuk ere bizia galdu dutela... Gaztea dela oraindik, horrelako lanak beregan hartzeko...
KATTALIN: Beldur ederra sortuko zitzaion noski...
OJER: Beldurra? Gehiago ezer esan ezinean utzi nau. Gutxi gora behera honela esan dit. “Gaztea naiz, bai, baina Belzunze ni ere. Nere sendia izandu da beti lurralde honetako babestaile. Gure gazteluaren inguruan pasatzen direnak, beren buruko estalkia kendu eta diote: Hara hemen gure defentsa eta gaztelu honen itzala gure bakea da! Aitona zahartua den garaian nahi ote duzu laguntza gabe ustea inguruko biztanleak? Gure herria zigorraren azpian utzi? Inola ere ez! Aitonak ezin duena, bilobat egingo du! Hiru egun barru, Joan donearen eguna dugu... lkusiko duzu orain ihesi direnak, nolatan pozik izango diren suaren ondoan dantzan gauean. Alaitasunez beterik, berriro egokiera dutelako, beren etxeetara bihurtzeko...”
KATTALIN: Baina, esango ziozun...
OJER: Esan dizkiodan guztiak alferrikakoak! Urruti dagoela Larramendi... Arrisku izugarria... Basapiztia...
KATTALIN: Aitonari esango diogu orduan.
OJER: (kattalin-en aurrean). Ez! Hori ez, mesedez! Gaizki bukatuko dut bestela! Aitonari bezala, bilobari ere obedientzia behar diot... Beraren aginduak ere, aitonarenak bezalakoak dira neretzat... Mesedez, ez dezazula ezer esan!
KATTALIN: Nagusiak jakiten duenean... (Alde egiten du etxe barnera).
OJER: (Alde eginez kanpoko atetik). Egileak lagundu diezaguna! (Bukatzen da bigarren ekitaldia).