Elurrezko eskeletoa
Karlos del Olmo
Elurrezko eskeletoa
Karlos del Olmo
Hiria, 2002
Elurrezko eskeletoa
Karlos del Olmo
Hiria, 2002
[aurkibidea]

 

 

Jose Bergamin-i, in memoriam

 

 

 

Argiak pizterakoan, antzinako kafetegi horietako bat ikusiko da. Hondoko horma pantaila erraldoia izango da. Pantailan Hondarribiko badia izango da ikuspegi nagusia, nahiz eta ia oharkabean aldatuz joango den. gizona mahaira jesarrita. Mahai gainean moldiztegiko orri batzuk zuzentzen dihardu. Ateari bizkar emanda.

 

JOXE: Behin batean ametsetan hasi nintzen! Inoiz ez naiz amets hartatik itzarri! Ametsa bera zen bizitza, eta ez alderantziz. Ametsa bizitza! Nire bizialdi hau ez da neure bizitza, bizitzari esker bizi izan dudan bizitza baino. Hemen naiz ametsik amets, erbesteratua erbesteratuen artean! Bizitza gezurra da; egia ez da bizitza...

 

Ateko txilina adituko da.

 

MIGEL: Aizak, laguna!

JOXE: Zer, baina? Migel! Migel... hi ote haiz?

MIGEL: Nor, bestela? Jakin izan dudanez bizi mamua, eskeleto ibiltaria zeritzatek! Beraz, hemen nauk ni ere, hil mamu bihurtuta, bizien arrimura etorria! Mamu euskaldun espainiartua mamu espainiar euskalduna ikustera etorri duk! Zer ospatu behar diagu, bada? Ekar ezak baso bat! Osasuna!

JOXE: Osasuna! Ospatu, ospatu... Egia esan, ene azken antzezlana plazaratzeko prestatzen ari nauk!

MIGEL: Ondo zagok, ondo zagok! Eta izenbururik pentsatu duk?

JOXE: Ez, baina edozein dela ere, zer ziok? Ez ote dituk izenburu guztiak bat eta bera, antzezlan guztiak antzerki bera eta bakarra?

MIGEL: Nahiko komeria diagu bizitzea bera, bai! Uf, hau nekea! Ez nian uste Hendaiatik Hondarribi honetara horrelako ibilbide luzerik zegoenik. Ia berrogeita hamar urteko bidaia, lagun! Berrogeita hamar urte!

JOXE: Lasterbide baino, atzerabideren batetik ibiliko bide hintzen, betiko legez!

MIGEL: Beste inor ez duk etorriko? Beste norbaitek agertu behar ziguk? Irrikan nagok! $

JOXE: Hago, hagoi Zerk presatzen hau, bada? Heriok ezin dik dagoeneko ezertxo ere egin!

MIGEL: Ez, heriotza ez diat dagoeneko kezkabide! Betierekotasunetik ihesi nabilek! Horra hor zergatik onartu dudan horrelako arin hik egin ez didaan gonbitea! Noiz duk hastekoa ikuskizuna?

JOXE: Hasita zagok, izan ere!

MIGEL: Antzerkia gustatzen zaidak, besteon agerian egonda, hobeto ezagutzen dugulako geure burua! Besteek ematen zigutek ondoen gure berri! Mozorro hutsa garenez gero, besteenganako isla ikusi beharrekoak gaituk!

JOXE: Antzerkia? Bizitza bera! Nor garen ikasi behar diagu izateari berari utzi arte. Hire antzera, amets izaten ikasi beharrean nagok! Horrela, esnatutakoan, amets bihurtzeko. Ametsa lagata, amets izan!

MIGEL: Ametsa balio bikoa duk, txikito, mozorroaren antzera! Ezkutatu baino, agerian jartzen dik! Federikok behinola esan legez, musua bera dugu mozorrorik onena! Nire mamu aurpegi ezin egokiagoa da inauteri festa baterako!

JOXE: Horixe baietz! Hemen, Euskal Herri zauritu honetan, inauteriak beste balio bat hartzen dik, indarberritzen dik!

MIGEL: Euskal Herria, Espainia... tragikomedia honek nazkaturik naik! Egarria areago pizten zidak! Itsaso bete egarri nauk! Begira, begira itsaso horri! Hango aldea, batzuen iritziz, Euskal Herria, besteon aburuz, Frantzia. Honako hau, Espainia, edo, hik orain dioan, legez, Euskal Herria, Euskadi. Baina zer dituk horiek guztiak? Deserriak, erbesteak! Inoiz ez nauk sentitu etxekoagoa atzerrian baino! Inoiz ere ez biziago, heriotza epel honetan baino!

JOXE: Eta?

MIGEL: Horixe, bada! Azkenean, hor dela itsasoa lekuko, izenik gabe, aberririk gabea!

JOXE: Aberririk gabea? Itsasoak gu guztiok gaitik aberri!

MIGEL: Hain zuzen ere! Amalurrek Aitaitsasok behar dik orekan egongo bagaituk!

JOXE: Ai, Migel, Migel, ez haiz batere aldatu!

MIGEL: Aldatu? Lehengo bera izateko etengabe aldatzen, mudatzen jardun beharrekoak gaituk!

JOXE:  Ni ere egarritzen hasi nauk!

MIGEL: Egarria bera edatea! Horra hor pentsatzeko eta existitzeko modurik bikainena! Hire berbak dituk, ez? “Egarri izatea eta ura edatea da sentsualitaterik bikainena...

JOXE: ... bakanka lortzen dena”. Bai, hala da, batzuetan ura edaten diagu, besteetan egarri izaten gaituk! Eta txitean-pitean, egarriak gu edaten gaitik!

MIGEL: Eta lantzean behin nork bere egarria edaten dik!

JOXE: Gure egarria inoiz ere moteltzen ez den horietakoa duk!

MIGEL: Topa!

 

Telebistari begira jarriko dira.

 

KAZETARIA: Hona hemen “Bizirik nago hilda non jausi ez dudalako” idatzi duen giz...

JOXE: ... eskeleto ikusezina!

KAZETARIA: Izan ere! Azkenean lortu dugu, hona hemen bi erbestaldi jasandako idazlea gure demokrazia hasi berri honetako telebista demokratikoan!

JOXE: Demokrazia? Hau erregimen frankista zaharberritua baino ez da! Diktadorea hil den arren, hemen erregioak baino ez dira aipatzen eta ez nazioak! Felipe V.arena baino zentralistagoa da estatu hau!

KAZETARIA: Baina ez duzu ukatuko askatasun politikoa...

JOXE: Nik ez dut uste askatasun politikorik dagoenik! Eta zentsurak, erdi ezkutuan, hortxe dirau! Neurokomuniskoak eta histerofaszismoak elkar topatu, elkarri musu eta besarkada emanik gobernu ideala eratu dute! Eta jakina, monarkiaren menpean! Arineketan, arineketan... atzera joateko!

KAZETARIA: Esana duzu hogeita lau orduz diktadorea bazina, milioika ale saltzen duten aldizkarietako zuzendaria, erredaktoreak, eta idazle laguntzaileak fusilatuko zenituzkeela.

JOXE: Jakina! Nahiz eta ene lagunak izan! Edo, beharbada, irakurleak eurak hilko nituzke!

 

kazetaria deseroso dagoela erakutsiko du.

 

KAZETARIA: Izan ere, goazen beste hari batera: esan berri duzu pornografia interesatzen zaizula.

JOXE: Beti izan dut bizi ideal moduan agure zantar gonazalea izatea. Pornografia gurago dut erotismo lotsatu eta hipokrita baino! Antzezleak biluzik ateratzea osagai komertzial moduan darabilte batzuek! Horrek denak sentikortasunik eza sortzen du! Ikuslearen gustua desitxuratzen!

KAZETARIA: Barkatu, baina azalduko diezu ikusleei zer esan nahi duzun?

JOXE: Begira, horrelako produktuek ikusleak, irakurleak sorgortzen dituzte. Eta sorrak, sentikortasunik ez duenak heriotza zigor naturaz gaindikoa jaso behar luke, munduan bekaturik handiena sentikortasunik eza delako!

KAZETARIA: Eta txisterako biderik eman nahi gabe, zer diozu emakumeen gainean? Edo, hobeto esanda, zer diote haiek zure gainean?

JOXE: Nik ez dut uste, batzuek diotenez, emakumea gizona baino azkarragoa edo sentikorragoa denik. Baina nago emakumea ez ote den Txerrenen aurkako defentsa bakarra.

KAZETARIA: Emakume... bakarra?

JOXE: Picassok bakarra behar dela zioen. Niri, halere, iruditzen zait bizitzeko eta hiltzeko ondoan bi emakume behar direla.

KAZETARIA: Entzun dudanez, feministek kartaren eta dei anonimoren bat edo beste bidali dizute.

JOXE: Feministak ote dira adierazpen poetiko baten aurka azaltzen direnak? Gizonen pare-parekoak izan nahi duten emakumeak dira emakumearen etsairik handiena. Emakumearen eta gizonaren arteko diferentzia izaerazkoa da, ez gradukoa. Emakumea animalia osoa da. Baina zorionez, ez da gizakia.

KAZETARIA: Zorionez?

JOXE: Bai, zorionez, berarentzat!

KAZETARIA: Elkarrizketaren hasieran eskeleto ikusezina zinela esan duzu!

JOXE: Izan ere, halakoxea naiz. Bolada batean Paris inguruko jauregi batean bizi izan nintzen. Behartsurik Eskekorik behartsuena baino pobreagoa nintzen eta hango mezenasak, jabeak, gela bat utzi zidan doan. Gaztelu hartan idatzi zuen Beaumarchais-ek Figaroren ezteiak. Ondo-ondoan, besteak beste, Jane Fonda eta Roger Vadin bizi ziren. Nik mamua eta eskeletoa ederto batean jokatzen nuen bertan antolatzen genituen ikuskizunetan, horixe izan naizelako betidanik, mamu hutsa, edo eskeleto bizia, baita oraindik ere.

KAZETARIA: Ikusleak ondo ohartuta egongo dira gure idazlea ez dagoela batere urduri kamara aurrean.

JOXE: Ez. Kamerak ez nau izutzen dagoeneko! Buñuel eta biok adiskide handiak ginen. Askatasunaren mamua errodatzen ari ginela, egun osoa eman zuten ileapaintzaileek niri hilea kiribildu nahian. Hamazortzigarren mendeko josulagunaren itxura eman gura zidaten. Gero, Barros doktore donostiarra, ekoizlea, Buñuel eta laurok fusilatu gintuzten kamara aurrean. Ez zen oso heriotza desatsegina, Espainiara itzuliz gero gertatuko zitzaidanaren saio nagusitzat onartu nuelako.

KAZETARIA: Benetan uste zenuen Espainian fusilatu behar zintuztela?

JOXE: Bai, oraindik ere uste dut sasiko demokrazia honek homatzarraren kontra jar nazakeela. Benetakoaz ari naiz, paperezko hormaren aurka aspaldian jarri bainau, baita fusilatu eta azken tiroa jo ere! Bestalde, ene iduriko, oso ondo ematen nuen hilotz moduan, beste gorpuen gainean, kopeta erdi-erditsuan bala zuloa, tomate saltsa garbitu ezinez zikindurik.

KAZETARIA: Zelako harremana zenuen Luis Buñuelekin?

JOXE: Beti asebete gura izan zuen neure antzezle joera hura. Nik Viridiana-n Guardia Zibilak harrapatutako eskale alproja antzeztu behar nuen. Guardia parea antzezleak zirelakoan nengoen bete-betean, baina bai zera! Benetako guardiak ziren! Halako buruko min gogor batzuek jo ninduten eta errodatu ezinik geratu nintzen.

KAZETARIA: Ez da izango!

JOXE: Baietz, bada! Berlangak esan zidan zori onekoa izan nintzela, bere pelikula bat errodatzerakoan, guardiek ijitoa atxilotu ziotelako benetan. Nik aurreko mendearen amaieran hasi nintzen zinera joaten. Zine komikoa batez ere!

KAZETARIA: Eta literaturaz zer esan behar diguzu?

JOXE: O begira, aldean daukat idatzi dudan azken poema. Hirukoak dira.

 

Gutunazal krema bat aterako du. Kamerari elektrokardiograma bat erakutsiko dio.

 

KAZETARIA: Eta lagunez, zer? Inoiz sentitu zara abandonaturik?

JOXE: Tira, tira! Beti izan dut lagun ugari? Lagun xelebreak, egia esan! Gehienak letra gizon-emakumeak, intelektualak! Lagun onak, gehienak, nahiz eta denek ez nauten aipatu beren memorietan! Ni ere erabakita nago oroimena galdutakoan memoriak idazten hastea!

KAZETARIA: Baina oso joera politiko desberdinak zituzten zure lagunek!

JOXE: Jakina, noiztik da politika oztopo adiskidetasunerako? Beharbada horrexegatik ez genuen istilurik izaten geure artean!

KAZETARIA: Erbestea...

JOXE: Hogeita zazpi edo zortzi urte eman ditut erbestean. Hogei urtean desterru behartuan eta zazpi legegabe moduan. Inoiz ez nintzen, halere, borondatez joan erbestera. Ez zizkidaten nazionalitatea eta pasaportea ematen eta frantziar gobernuak mamutzat jotzen ninduen: nacionalité a determiner. Malraux-ek horri idazlearentzako egoerarik egokiena zeritzon.

KAZETARIA: Eta gero?

JOXE: Gero “Jatorriz espainiarra” jarri zidaten txartel batean. Hori komeria! Banuen Frantziatik irtetea, baina itzultzerik ez!

KAZETARIA: Eta zer egin zenuen?

JOXE: O, irten egin nuen... baita Malrauxi esker itzuli ere! Mexikora joan nintzen...

KAZETARIA: Noiz arte?

JOXE: Zapi urte eman nituen. Seneka argitaletxea eratu nuen. Baita balet konpainia bat ere. Zoritxarrez, argitaletxeak erreka jo zuen. Gaur egun liburu haiek harribitxiak dira liburuzaleentzat!

KAZETARIA: Han zenduko zitzaizun emaztea, ezta?

JOXE: Izan ere! Eta horregatik erabaki nuen alde egitea! Mamutasuna, eskeletotasuna, ikusezintasuna han areagotu zitzaizkidan!

KAZETARIA: Venezuelara joko zenuen gero...

 

Telebistatik eszenatokira, benetako pertsonaiak berbetan.

 

JOXE: Hitza eta pitza darizkio! Orain Unibertsitateko eta Pedagogi Institutuko kontu zaharrak berritzen hasiko dira!

 

Telebista berriro.

 

KAZETARIA: Institututik kaleratu ei zintuzten...

JOXE: Arraio madarikatuok! Ikasle batzuk etsaminatu behar nituen ikasketa agiria lortuko bazuten...

KAZETARIA: Eta?

JOXE: Horixe, bada! Hamazortzi urteko moja edereder batekin hasi nintzen!

KAZETARIA: Horra gure kristau komunista gonazalea, atrebentzia barkatzen badidate ikusle jaun-andreok!

JOXE: Dakizuenez, klima epelean neskatxak lehenago emakumetzen dira...

KAZETARIA: Izan ere...

JOXE: Santa Teresaren lanen bat aipatzeko eskatu nion. Edozein izenburu, berdin zidan eta.

KAZETARIA: Buruz jakingo zituen, jakina!

JOXE: Baita zera ere! Batere ez zekiela erantzun zidan!

KAZETARIA: Orduan, suspendituko zenuen eta, zizt!, kale gorrira!

JOXE: Ez eta ez! Hogei puntu eman nizkion, notarik handiena!

KAZETARIA: Ez esan!

JOXE: Eta beste horrenbeste gainerakoei ere! Aktekin batera, ene dimisiorik borobilena aurkeztu nien! Ez zidaten eskatzen, bada, literatura eskolak, izen, egile, data eta literatur mugimenduen zerrenda hil eta amaiezina bihurtzeko? Ezinezkoa irakastetik erretiratu nintzen! Literatura irakastea irakurri eta ahaztutakoa berriro irakurtzea da, nola irakatsiko diot nik inori ia apenas eta penetan jakin izan dudana?

KAZETARIA: Handik Uruguaira!

JOXE: 1947. urtean han izana nintzen, Cervantesen mendeurrena zela eta. Bigarren joaneko horretan katedra eskaini zidatenez gero, onartu eta zazpi urte emango nituen. Lagun izan nuen filosofo ezagun bat! Fanfarroi maitagarria! Nire aitaginarreba Arnichesen gainean nik baino gehiago zekiela aldarrikatzen zuen! Egia esan, haren antzezlan batzuetako zati batzuk buruz zekizkien!

KAZETARIA: Parisa gero...

JOXE: Nora, bestela? Ihesaldi guztien amaieran beti egoten da Paris, Hekubaren semea baita!

KAZETARIA: Beti bezain burutsua! Han estualdia, bizimodu latza!

JOXE: Gerra amaitu zenean burgesa izateari utzi nionetik, beti izan ditut diru arazoak! Horrelako adina erdietsi dut berrogeizarotik non hilda jausirik izan ez dudalako!

KAZETARIA: Tropela izan zineten erbestean!

 

Telebistatik eszenatokira.

 

JOXE: Bai gero! Pedro Garfias. Inor gogoratuko ote da zugaz? Zeinen zuzengabea den gure oroimen flakoa!

MIGEL: Leon Felipe!

JOXE: Juanito Rejano!

MIGEL: Herrera Petere!

JOXE: Prados!

MIGEL: Altolagirre!

JOXE: Cernuda!

MIGEL: Eta beste hamaikatxo, baita egun horren lagun dituan euskaldun mamu horiek guztiak ere!

JOXE: Bai mamu fidel eta prestuak!

MIGEL: Hala izan bedi!

JOXE: Amen, aleluia!

 

Telebista atzera ere.

 

KAZETARIA: Zer izan da poesia zuretzat?

JOXE: Poesia aspergarria da oso! Zeharo! Nahiz eta, lantzean behin, ostraren asperdurak perlak ere sortzen dituen!

Nekez zutituko da pantailan. Pasadizoa zutik kontatuko du, kazetaria ahozabalik begiratzen diola. Eszenatokian Joxe eta Migel zezena eta toreroa antzeztuko dituzte, trakets samar.

JOXE: Behin poeta ezagun batek atzerritar bat zuen aldean zezenketan. Atzerritarrak sutsu txalotzen zituen toreroaren eginak, nahiz eta tutik ere ulertzen ez zuen, argiro egiazta zitekeenez. Poetak honela esan zion: “Aizu, dibertitzera etorri ote zara?”. Bada, horixe gertatzen zait niri ere poesiarekin! Niri, bene-benetan zezenak gustatzen zaizkit, ez poesia!

 

Eszenatokian.

 

JOXE eta MIGEL: Ole!

 

Pantailan berriro, joxe jesarri egingo da.

 

JOXE: Beste lagun idazle batek esan zuen bera diktadorea balitz zezenketak debekatuko zituela, baina gobernaria ez zenez gero, bat bera ere ez zuela galtzen! Mallarmek “gajoak” esaten zien poetei. Valery horren adibide ederra duzue! Tira, hainbeste intelektual aipatuta ikusleak aspertzen hasita egongo dira!

 

Eszenatokian.

 

MIGEL: Ikuslerik balego legez! Begira ezak zelako miseria, lagun, hi telebistan agertu, eta herri honetako begi guztiak... futbolariBegira!

JOXE: Zezenketa jarriko balute bederik!

 

Pantailan.

 

JOXE: Poetak? Inor ez da poeta, gehienera poesia idazten duten idazleak daude! “Poeta nauzue” dioena “santua naiz” dioenaren parekoa da: gezurtia. Jeinudun lagunarengan interesgarriena ez da pertsona, lagun hori zeharkatzen duen jeinua baino.

KAZETARIA: Poetak autobusa hartzen duenean, poeta ote da orduan ere?

JOXE: Asko dakit nik! Kazetaria ote zara zu, demonio halakoa, komunean obratzen duzuenean? Zure gorotzen berri ematen diezu ikusleei?

KAZETARIA: Tira, jauna, ez zaitez haserretu! Ikusle jaun-andreek ikus dezaketenez, gure idazlea jenio bizikoa da, jeinua den aldetik, berba olgeta zilegi bazait!

JOXE: Zeinen txirriporroa haizen, lagun! Berba olgeta, berba olgeta! Ez naiz sutzen, bada, neurez nauzue bizia, eskeletoa naizelako! Kar-kar! Horrek gogora dakarkit Victor Hugorena. Etxera datorrela gure gizontxoa, gauez, eta jai batetik nahi baino edanago doanez gero —halakorik bada benetan—, txizagurak behartuta hasi da maskuria arintzen, non eta bere etxeko hormaren kontra, nahiz eta ohartu ez den! Hobe halakorik egin ez balu! Beste oinezko batek ikusi du eta haserre diotso: “Aizak, alproja horrek, ez al dakik pisa egiten ari haizela Victor Hugoren etxeko horman?” Orduantxe ulertu zuen idazleak zer zen gloria!

 

Eszenatokian bi lagunek elkarri kolpea bizkarrean.

 

MIGEL: Biba hi eta hire potroak!

 

Pantailan.

 

KAZETARIA: Valery ezagutu zenuen...

JOXE: Berak eskainitako liburu bat neukan, bere eskuz zuzendutako inprenta hutsez betea. Eskaintza poema bat zen, non ezkontzea aholkatzen zidan. Zoritxarrez, horiek liburu guztiak gerran galdu ziren. Penarik handiena zerek eman zidaten, gutunek. Batez ere Migel Unamunok bidalitako sorta oparoa!

 

Eszenatokian.

 

MIGEL: Zeren pena haiz? Gutunen paperezko mamuak eduki beharrean, benetako mamua duk hemen!

JOXE: Baina lantzean behin lagunen hitzak behin eta berriro euskarri zuriaren gainean ikusi behar ditiagu benetan sinetsiko baditugu!

MIGEL: Ba! Gutunak? Gezur hegodunak!

 

Pantailan.

 

JOXE: Liburuak, gutunak, artikuluak... dena alferrik galduta. Baten batek aurkitu omen zituen nire liburutegiko liburu batzuk bigarren eskuko gauzen denda batean, eskaintzak eskuz erauzita, beldurraren beldurrez! Nire izenaren beldurrez! Izango ote da, beraz, ni baino mamu ikusezinagorik?

KAZETARIA: Azalduko diguzu zer gertatu zen Poeta en Nueva York delako obra dela eta?

JOXE: Atseginez! Nire idazkariak maleta batean eraman zituen Parisa hainbat paper gerra piztu zenean. Tartean, poema liburu horren plana; Federicok berak egina. Gure kopiari esker argitaratu, zen liburua. Jatorrizkoa galduta edo dago, nire koinatu Ugartek baten bati eman ez bazion! Baina, denek uste dute jatorrizkoa neuk dudala edo inoiz ez dela halakorik izan eta liburua ez dela Lorcarena.

KAZETARIA: Argituko ote da inoiz Garcia Lorcaren heriotzarena?

 

Tristaturik.

 

JOXE: Horretaz dakitenek berba egiten ez badute... Federico fusilatzeko agindu zuen gobernadoreak Luis Rosales poeta ere hiltzeko esan zuen. Zorionez, mediku batek salbatu zuen. Horrek mediku horrek niri bizia salbatu zidan, oso alborengo gogorra izan nuen eta! Ai, zelako kontraesanak dituen bizitzak!

KAZETARIA: Zer, bada?

JOXE: O, ezer ere ez! Kontua da mediku hori Falange Benetakoaren lehendakaria izan zela! Eta onena: antifrankista porrokatua zen, falangista izanda ere! Bera eta bere alderdikide batzuk ikusita nago jai batean bandera errepublikanoa ikur zutela! Alde ederra gaur egungo komunista batzuen aldean, erabat erregezale bihurtuta dabiltza eta!

KAZETARIA: Idazleen Kongresuko lehendakaria izan zinen.

JOXE: Bai, eta kontraesan horiek direla eta, begira, kontutxo bat esango dizut. Andre Gide eta biok oso lagun minak ginen. Sobiet Batasunaren aurka liburu batean idatzitako kapitulu bat zela eta, sobietarrek kongresutik bota nahi zuten. Nik isiltasuna eskatu nuen, Gideren lana gustura eta pozarren irakurriko zutenen kanoikaden hotsak, faxistenak, entzuteko. Nik ahots ahula nuela, baina beharbada haren kontzientziaraino helduko zela gure isiltasuna, une horretan onena isiltzea genuela. Denek onartu zuten, sobietarrek barne. Egunkari batzuek nire esanen berri eman zuten eta Gidek horren aditua izan zuen. Hunkituta geratu omen zen bera botatzea oztopatu nuelako. Halere, bere burua defendatzen ahalegindu zen, baita ni zirikatzen ere. Ez nion erantzun, nik neuk isiltasuna eskatu nuenetik.

KAZETARIA: Eta harrezkero, zuen artekoa amaituko zen.

JOXE: Ezta hurrik eman ere! Ez eta ez! Errepublikaren aurkako gerra amaituta, Frantzian espainiar idazleei laguntzeko funtsa eratu zuten. Gidek, nire izena ikusita, lagundu ere egin zien, baita Egiptotik niri besarkada bidali ere. Parisera joatea lortu nuenerako, zoritxarrez, hil berria zen. Beti miretsi egin nuen, asko, bihotz-bihotzetik.

KAZETARIA: Kristaua eta komunista izatea aurpegiratu dizute.

JOXE: Bi-biak izan naiz, batzuek libertarioa esan didaten arren. Baina begira, apezpiku batek esan berri du, zentzudun-zentzudun, komunismoa eta kristautasuna bateraezinak direla. Ni guztiz bat natorkio, izan ere komunismoak klase borroka, proletarioen diktadura eta ateismoa alde batera utzi dituenez gero, hobe du komunismo izena ere aldatzea. Gaur egungo komunista batzuek ziria sartzen dute, ederto sartu ere!

KAZETARIA: Azalduko diguzu hori, mesedez?

JOXE: Jakina. Begira, Sanchez Mejías toreroa oso ona zen, ausarta eta lasaia, baina ez artista. Benetako artistekin lehiatu behar izaten zuenez gero, “beste gauza bat” egin behar zuen, berak zionenez, tranpak asmatzen zituen. Berberak aldarrikatzen zuen toreoan arriskutsuena amarruak direla.

 

Eszenatokian.

 

MIGEL: Hala duk, bai! Zezenak inoiz ez dik tranparik egiten. Toreroaren tranpak ez dituk ez zezenarentzat, ez bere buruarentzat, ikusleentzat baino.

JOXE: Eta horixe gertatzen duk politikan ere. Zeren toreoan eta politikan arriskutsuena eta zailena tranpatik ateratzea den.

MIGEL: Tranpa argia duk denontzat, den-dena tranpa handia denetik!

JOXE: Nabarmen-nabarmena duk tranpatiak tranpati direla!

MIGEL: Bai, gauza ilunagoa, itzaltsuagoa duk tranpa honetatiko irtenbidea!

 

Pantaila itzaliko da..

 

JOXE: Nazka-nazka eginda nengoan elkarrizketa horretan. Egiarik borobilenak ere indarra galtzen dik kutxa horretatik ateratzen dutenean.

MIGEL: Egia guztiek galtzen ditek indarra berehala! Egiak egia izateari uzten ziok jaiotzeaz batera! Tira, eta zer duk antzerkitxo horren kontua? Etorriko ote dituk besteak?

JOXE: Bizitzan bezala antzokietan ere, gauzak nola hasten diren badakik, baina ez nola amaituko diren.

MIGEL: Gauzei nola begiratzen zaien ere!

JOXE: Izenek, egia duk, ez ditiztek gauzak sortzen. Baina desegin zitzaketek, guztiz apurtu, puska-puska egin, birrindu, gauzakien hondartza zabalak sortu arte!

 

Leihotik begira jarriko dira.

 

MIGEL: Bizirik nengoela gauza handiak lortuko hituela iragarri nian! Ez nekian, bada, politikaria ere izango hintzenik! Errepublikako ministroa! Ederra, e?

JOXE: Begira iezadak! Zer ikusten duk? Ba ote diat politikari itxurarik? Ba! Gogaituta nagok dagoeneko politikarekin, batzuen politika moduekin, behintzat!

MIGEL: Politikaria eta idazlea, etxekalterik etxekalteenak!

JOXE: Berdinak izan arren, ez gaituk pare-parekoak idazleak eta politikariak. Hitz batez bereizten gaituk, edo, hobeto esanda, hitzagatik!

MIGEL: Politikariak, normalean begi elbarriak dituk!

JOXE: Idazleok, alta, belarri elbarriak!

MIGEL: Eta biak buru elbarri samarrak!

JOXE: Politikariak, begiratzearen begiratzeaz, azkenean estropezu egiten dik begien aurre-aurrean duena ikusten ez duelako.

 

Apur-apurka, txiste kontalarien antzera jokatuko dute, ironia eta zinismo tanta batez, ia pailazoen antzera jardun arte.

 

MIGEL: Halaxe gertatzen zaiok indioari edo marinelari! Zerumugari begiratzen ohituta egon eta...

JOXE: ... sudur punta-puntakoa ikusi ez!

MIGEL: Horrelaxe sortzen dituk itsumutil pikaroak!

JOXE: Itsuari ziria sartu eta estropezu eragiten diotenak!

MIGEL: Politikari miopea, aldiz, behaztopa egiten dik aurrez aurre duenarekin, zenbat eta gehiago begiratu, orduan eta gutxiago ikusten baitu!

JOXE: Zelan gerta daitekek, bada, errealitatea gauza eta izen diferenteak izatea?

MIGEL: Politikariak ez ziok ulertzen idazleari! Oso korapilatsua ei da!

JOXE: Politikaria beti noiz argiro ikusiko zain!

MIGEL: Eta, noski, beti laino artean!

JOXE: Politikaria bere garaiaren semea edo alaba da!

MIGEL: Idazlea, bere aldetik, bere garaiaren gurasoa!

JOXE: Politikaria belarra nola hazten den ere ikusten duelakoan dago!

MIGEL: Idazleak mundua etengabeko iraultza itxuraz geldoan ikusten du.

JOXE: Idazlea murgiltzen da herrien sagailo izugarri eta etengabean!

MIGEL: Politikariak, herriaren itsasoa ikusi eta, gehienez ere, pragmatiko, zera esango dik: “Kontua nabigatzea da!”, baita “Nork bere burua salba beza!” ere. Bizitzea bere burua salbatzea duk! Bere bizimodua aurrera ateratzea!

JOXE: Idazlearentzat, ez! Bizitzea hil ahal izatea baino ez duk, bizia galtzea, besterik ez!

 

Mahai gainean, txalupan baleude legez.

 

MIGEL: Idazlea beti arriskatzen duk politikariak itsasoa zeharka dezan.

JOXE: Baina biak berdin-berdinak gaituk: bi-biak itsasoaren menpean!

MIGEL: Alegia, biziaren eta herioaren morroi!

JOXE: Hau da, denboraren otseinak, izatea egin eta desegiten baitu!

MIGEL: Erran nahi baita, herria eta historia desegiten dituela!

JOXE eta MIGEL: (Barre zantzoka) Hitz batean eta azken buruan: Jainkoaren eskukoak!

 

Txalupatik jaitsiko dira.

 

JOXE: Aukeran, dortoka izan gurago diat!

MIGEL: Zer, bada?

JOXE: Tira, dortoka independentea duk! Espaziotik independentea, mundu oso bati euts baitiezaioke, horren menpean egon gabe, hinduek dioskutenez. Mundua dortokaren menpean da, dortoka, berriz, ez, ez dago munduaren menpean.

MIGEL: Eta denbora?

JOXE: O, ez, ezta denboraren menpean ere!

MIGEL: Oskolaren menpekoa, behintzat, baduk!

JOXE: Idazlea eta politikaria ere beren oskolen menpekoak dituk!

MIGEL: Idazlearena basati pintatutako ezkutua duk!

JOXE: Politikariarena koraza edo oskol blindatua!

MIGEL: Biek independentzia zarabiltek ezkutu gisa, beraz, oskolean ezkutatzen dituk!

JOXE: Horrela, oskola mozorro bihurtzen duk! Independentziaren mozorroa!

MIGEL: Eta, ondorioz, mozorroa benetako nortasun bilakatuz zihoak!

JOXE: Oskolek arazo bakarra ditek: oskol guztien azpitik beti gauza likitsuren bat egotea!

MIGEL: Orain bota duk botatzekoa!

JOXE: Jakina izategatik ere, sarri bai sarri ahazten zaiguk!

MIGEL: Azkenean, oskol barruan bigundu egiten dituk, usteltzen, bere baitan lurperatu izan balituzte legez.

JOXE: Likitsu egingo dituk beren hilobiaren agerkeria hutsalean!

MIGEL: Hilobi pintarratuak!

JOXE: Apoarmatu pentsalaria!

MIGEL: Dortoka politikaria!

JOXE: Gaitzena ez duk hori! Txarrena duk apoarmatu idazleak, dortoka politikariak, hau da, giza dortokak, burutxoa ia beldurrez ateratzea munduaren ibilia ikusi, entzun eta usaintzeko!

MIGEL: Jakina, gauzak ez baitituk berdin gertatzen dortoka gizakiarentzat eta gainerako gizon-emakumeontzat!

JOXE: Izan ere, dortokak eta erbiak, apoarmatuak eta zaldiak ez dituzte denbora eta espazioa berdin antzematen!

MIGEL: Lastertasuna duk kontua!

Joxes Ederra kontua!

MIGEL: Horrela zebilek mundua, bada!

JOXE: Eta horrelaxe jazotzen gauzak!

MIGEL: Dortoka gizakia, oskol gizakia, hilobi gizakia ezin izan daiteke...

JOXE: ... erbi gizakia, hau da, pertsona libroa!

MIGEL: Erbi gizakiak, idazle libreak ez du dortokatzeko arriskurik!

JOXE: Baina beti korrika, beti ihesi ibilita joan beharra du!

MIGEL: Beti segika doazkiola pentsa zezakek!

JOXE: Eta ez zagok idazle, pentsalari librearentzako gaixotasun txarragorik pertsekuzioa gai bakartzat izatea baino! Begira iezadazu niri!

MIGEL: Dortoka gizakiek oskolean, segurtasunean momifikatzea ditek gaitzik txarrena!

JOXE: Dortokaren independentziak inongo gertaeraz ere ez konturatzera eraman zezakek. Ezeri ez eustearren, azkenean beti oskol barneari helduta!

MIGEL: Erbiarena beste klase batekoa duk, izan ere! Hain egoten duk gauza guztien menpean, ze, azkenean, arin-arinka ibiliaren ibiliaz, muturra gauza guztietan sartzeko arriskua izaten duela. Segada, lakio guztietan jausiko duk!

JOXE: Bai, baina sudur eta belarri onekoak duk! Pasatzen utzi behar zaiok, ideiei legez!

MIGEL: Gizaki korrikalaria, ideia iheslaria!

JOXE: Eta ote diagu gizaki guztiok bizitzan horrelako zeregina, alegia, pasatzea, igarotzea, pentsamendu biziaren ur emariaren antzera?

MIGEL: Denok ez, apoarmatu gizakien dortoka arrazoiek, iraun nahiaren nahiaz, ura padura moduko batean geraraztea lor zezaketek! Eta ura usteltzen hasitakoan, urmaeleko zapaburuen afana pizten ditek!

JOXE: Bai, batik bat oskola atontzen baditek filosofia edo moralitate apaingarri fin eta delikatuez!

MIGEL: Orduan bai lasai eta baketsu!

JOXE: Bai, hilobi karez zurituen antz-antzera!

MIGEL: Intelektuala, idazleak bezala, kontuz ibili beharrekoa duk!

JOXE: Ideiak izaki arriskutsuak dituk, bai!

MIGEL: Ideiaren bat burura sartuz gero inori, segituan zoratuko duk. Ideiek ez ditek burura sartu behar, irten baino. Hanka egin, iheslari joan!

JOXE: Burua ez duk gordeleku!

MIGEL: Ez bedi hala izan!

JOXE: Ideien atzetik joan beharra zagok erbiak balira legez, ideiok arineketan ikustearren. Eta ez atzetik segika joan luzaroan, akabatuko ez baditiagu!

MIGEL: Ez esan inoiz ideia hori nirea duk, ideia bat izan diat! Zoratzen hasiko haiz bertatik!

JOXE: Bai, ideia bat eduki, gerarazi eta gordez gero, segituan hilko duk, ustelduta edo baltsamaturik!

MIGEL: Eta zelako pena, ideia hilotza!

 

Gero eta bufoi itxura handiagoz. Halere, halako ukitu garratz bat igarriko zaie.

 

JOXE: Ez hadi saia ideiez elikatzen: pozoitu egingo haiz! Haratustela, gorpu hondakina izango zaik!

 

Liburu bat hartuko du.

 

MIGEL: Begira, liburu batzuk hain egoten dituk ideiaz beterik, non eskeletoz beteriko kanposantu diruditen. Batzuek ideiak kontuz eta luxu handiz banatzen ditiztek famili panteoia osatzeko.

JOXE: Baina, azkenean, hondakin guztiak zulo komun berera joango dituk!

MIGEL: Gauzak geratu egiten dituk. Ideiak, berriz, joan doaz. Horra hor zergatik ez den existitzen errealitatea!

JOXE: Gu ez garela existitzen? Hau lasaitua hartu dudana, motel!

MIGEL: Hi ere kontuz ibili, aspaldion ideiaz puztuta ikusten haut eta! Ideia bat buruan darabilen lagunak burua hautsiko dik ideia topatu guran!

JOXE: Eta ideiaz tiro egiten duenak bueltaka ibili gabe, zuzen eta artez joz gero, besteon burua apurtuko dik!

MIGEL: Hire moduko gizaki zuzenak arriskutsuak dituk ideiak badauzkate, batez ere beren ideia propioa badute. Ideia zuzen bat jaurtikiz gero, hilgarri izango duk, tximista lez!

JOXE: Hi mundiala haiz, niri horrelakoak leporatzea hi ideia guztien sorleku haizela!

MIGEL: Ideia berarekin doanak zerraldoa zaramak atzetik, zintzilikario izugarria, inon halakorik baduk!

JOXE: Pentsatzea sentitzea baino ez duk, sentitzen dela sentitzea: entzutea, ikustea, ulertzea, azken buruan!

 

Gorteko agurra egingo du gerritik tolestuta.

 

MIGEL: Pentsatzea poetizatzea duk!

 

Ohartu gabe, antzerki greziarreko antzezleen antzera jantzitako emakume bat agertu da.

 

MEDEA: Bejondeizuela!

MIGEL: Eta nor diagu hau?

JOXE: Zuk, zera... zuk Medea izan behar duzu! Baina, zu ere hemen, Medea?

MEDEA: Ezin dibertituago eta entretenituago egon naiz gizontxoei begira, gizontxoen gauza inportanteen gainean berba eta berba!

JOXE: Migel, begira, hau Medea duk!

MEDEA: Medea, Melusina, Antigona, Beatriz, Laura, Hekuba... zer dio izenak?

MIGEL: Izena izana omen duk!

JOXE: Ez niake esango!

MEDEA: Baina zure lagun Joxeren arabera, ni bikuna naiz, bi emakume batera! Edo, hobeto esanda, anizkuna! Horra zergatik diodan izenak ez diola axola!

MIGEL: Joxe gurea beti izan da, esatea zilegi bazait eta ez bazait ere, gonazale porrokatu samarra! Askatasuna, edertasuna, gabeziak osatzeko bidea bilatu du andreetan!

JOXE: Oso esateko modu zinikoa iruditzen zaidak!

MIGEL: Nork hik baino hobeto zinismoa ezagutu?

MEDEA: Ez dakit, bada, zuekin, gizonekin, zer egin behar dudan! Protagonismoa aitortzen diguzuenean ere, zer edo zer lapurtzen diguzue!

MIGEL: Utziozue, bada, mamu honi, arazo lurtar eta, ezbairik gabe, haragizko horietatik at gelditzen!

 

Atzealdera joango da. Ez da geldirik egongo, halere, taberna gauzak beste bion inguruan antzokitxo bat eratu arte antolatuko ditu eta.

 

JOXE: Emakumeari zer edo zer lapurtzea esaten diozu nire antzerki lan gehienek zu, Emakumea, protagonista zaituztela?

MIGEL: Bai horixe, ez al zaitu beti gidari eraman?

MEDEA: Eta nork, berriro diot, eman dio baimena emakumearen izena alferrik erabiltzeko?

JOXE: Medea, jainkotasuna aldarrikatzen ari zara hori esaterakoan! Eta ez zaitut, bada, aski gurtu?

MIGEL: (Atzealdetik, ironiaz) Ia agure haragizale larderiatsu bihurtu arte, hain zuzen!

MEDEA: Bai, jainkosa, musa, gidaria, babesa... Idazle homosexualek ere emakumea omen dute musa!

JOXE: Nik ongile moduan aurkeztu zaitut beti! Ez dut ulertzen zeren kexu zaren!

MEDEA: Ongiletzat jotzea ere mugatzea da! Emakumeari ongile hutsa iriztea gizona baino gutxiagotzat jotzea da, gizonak onak edo txarrak izan daitezke! Emakumea ez, ona beti!

MIGEL: Ez zekiat, Joxe, baina andre honek zer edo zer dik hire kontra! Medea, Antigona, zarena zarela, oso oker ez banago, eta baliteke oker egotea, jakina, Joxeren idazlan guztietan bitasun moduan aurkeztu zaitu, beraz, ez zaitu diozun moduan erabiltzen!

MEDEA: Bai, arima eta poesia! Ama eta arreba! Emaztea eta amorantea!

JOXE: Bikoteka aurkeztu ditut emakumeak antzezlanetan, emetasunaren osagai guztien berri ematearren!

MIGEL: Eta kazetariari ez dio aitortu, bada, hiltzerakoan ondoan emakume bi eduki nahi dituela alboan?

MEDEA: O, azalpen handirik ez didazue eman behar! Ez duzue esan jainkosa naizela? Dena edo ia dena dakit! Badakit, bada, buruan Demeter-Kore bikote mitologikoa izan duela beti Joxek!

JOXE: Ez didazu ukatuko ama-alaba bikotea bi une desberdin direla espiritua etengabe zaharberritzeko prozesuan!

MEDEA: O, atzera ere erretolika zahar hori!

MIGEL: Esandakoa, emakume hau sinesgabe samarra da!

MEDEA: Zer diozu zuk, bada? Emakumearen gainean teologia moduko bat eraikitzen duzue gizonok behin eta berriro! Behin eta berriro, etengabe suntsitzen duzuelako teologia hori berriro ere lehengo lepotik egiteko!

JOXE: Batzuenak, barkatuko didazu, demonologia dirudi areago!

MEDEA: Eta ez dira, bada, gauza bera?

MIGEL: Baina, alde zein aurka berba egiten badugu zuen gainean, berdin matxinatzen zarete! Zer egin behar dugu?

MEDEA: Ezer ere ez! Itzul iezaguzue hitza!

JOXE: Nik ez dizut inoiz berba ostu!

MEDEA: Ez dezazuela pentsa inondik inora besteen desberdina zarenik, ez!

JOXE: Baina, nola ulertuko dut, zutaz hitz gabe, mundua? Ezinezkoa zait erabat!

MEDEA: Hor konpon, Pello Anton!

MIGEL: Emakumea dugu Jainko bat delako frogarri bakarra!

MEDEA: Patetikoa! Patetikoa, benetan! Eta emakumeak zelan egiaztatu behar du Jainkoa dela? Bere buruari begira ala gizonaren isla bilatuta? A, zeinen barregarri zareten!

JOXE: Baina emakumeak ez zarete gizakiak, zorionez! “Emakiak” zaretela aldarrikatzen dut! Ez duzu, akaso, zuk gauza berbera esan?

MEDEA: Oso oker ez banago, emakumeak giza eskubideak baino, jainko pribilegioak dituela esana duzu, ez?

JOXE: Jakina, gizasemea ez izatea, emakumea izatea pribilegioa da, jainkotasunetik zein deabrutasunetik hurbilago egotea!

MIGEL: Gauza bera ez ote zareten esaten ari galdetzen diot neure buruari!

MEDEA: Ezta hurrik eman ere, gizontxo!

MIGEL: Eskerrik asko dagokidanagatik! Ez dut ukatuko emakumeak baduela zeren kexu izanik, ez! Baina gizajo honek paradisuan jarri zaituzte bederen!

JOXE: Jakina, emakumeak ez du jatorrizko bekatuaren zikina!

MEDEA: Hori ere gutxiestea da! Nik gizonaren ezaugarri guztiak aldarrikatzen ditut, gero, gustatzen ez zaidana egotzi ahal izateko! Baina horrelako aukerak ere ukatzen dizkidazue, are antzerkian ere! Medea, Hekuba, Antigona, Beatriz, Laura.. ez gara emakume, zuen, gizonon alde ezkutua baino, zeuon buruari ere ukatzen diozuen osagaia! Baina benetako emakumea oraindik agertzeko dago antzerkian!

MIGEL: Zer eskatzen duzu, bada, gizakiak atzera egiteko eta historian emandako urrats guztiak emendatzeko, oinkadak berriro emateko, beste bide batetik abiatzeko? Historia bestela idatzi nahi duzu? Hori ezinezkoa da!

JOXE: Hor erakusten duzu hainbeste haserrarazten zaituen osagai jainkotiar hori! Ezinezkoa eskatzen duzu!

MEDEA: Ez ote zinen zu ere ibili Parisko kaleetan 68an utopia aldarrika, ezinezkoa eskatzen? Kontraesanekoa zara, gero!

MIGEL: Nik ez diot inori sekulan entzun historia berriro ibili beharra dagoenik! Beste etorkizun bat errebindikatu, bai, baina...

MEDEA: Tira, oso poetikoa izanda ere, zer dela eta esan du Joxe honek oihanera joango litzatekeela emakume batekin, gazte-gazte batekin, ia neskatxa den batekin? Hori emakumea gauzatzat hartzea da! Zuen desio deusezen agerpena!

JOXE: Ez didazu batere ulertzen! Gizakia naturarik dator, emakumea, oraindik, natura da, natura bera! Ez da, beraz, nahi izatekoa, gurari izatekoa, irrikatzekoa natura horretara bueltatu nahia, berarekin bat egiteko gogoa?

MIGEL: Onartu beharrean hago, Joxe, hire nahiak gordin eta lotsagabe samarrak gerta daitezkeela!

MEDEA: Emakumea ondina moduan deskribatzen , duzunean, zer esaten ari zara benetan? Emakumearen izatea gizakiaren gainekoa dela, bai, baina maitasunagatik eta maitasunerako gizondu behar dela?

JOXE: Ez, ondinak maitatzea beste helbururik ez du, eta maitasunezko arima horrek laguntzen dio gizonari arimaren euskarri den haria ez eteten!

 

medeak burlazko keinuak egingo ditu besoekin; crescendoa bilatzeko eskatuko balie bezala.

 

MIGEL: Hain zuzen ere, labirintotik gidatuko du gizon behartsua!

JOXE: Elkarren maitasunean arima maitemindu eta eternala lortzeko, egunero herio mehatxatzaileari irabazteko!

MEDEA: (Burlati) O, ia negar eragin didazue! Mesedez, zeinen poesia merkea! Zuk emakumea diozun , tokian, nik gizona jarriko banu, zer? Gustatuko litzaizuke diskurtso hori?

            Eta, gainera, beste emakume bat maite duen andreak, menturaz, uko egin behar dio arimari betiko? Ez du inor labirintotik gidatzeko modurik izango?

MIGEL: Azkenean, kristautasun tradizio poetikorik zurrunena aldarrikatzen ari haiz, txo, emakume-birjina bekaturik gabea!

JOXE: Tira, inoiz ez zioat kristautasunari ukorik eman!

 

Ia desesperazioz.

 

            Medea, oraindik ez duzu ulertu den-dena ikur hutsa dela? Zer nahi duzun ere, horixe zaitudala?

MEDEA: Jainkosa naizela ahaztu zaizu, ala? Jakina, badakit jakin ere! Baina, zeren ikurtzat nauzu?

JOXE: Emakumea gura nuke gizonaren bizio guztietatik libro!

MEDEA: Eta guk bizio horiek guztiak lepoan hartu nahi izanez gero?

MIGEL: Tira, topa egin dezagun horren alde!

 

Antzokitxoa eratzen amaitu du.

 

MEDEA: Zure ikuspegi sasipoetiko horrek gizonaren zapalkuntzaren beste aurpegi bat baino ez da!

JOXE: Ikusten duk, Migel? Musak, idealak, irudiak ere ihesi egin dik! Izango ote duk ni baino ikusezinagorik?

MIGEL: Tira, Medea, beste emakume batzuek gizon honen alde idatzi dute. Zer edo zer ona izango du!

MEDEA: Umea baino ikusi ez dutelako beregan! Nik ume hori ere maite dut!

 

joxe besarkatzera eta musukatzera joango da.

 

            Bai, gizon honetan haur lohigabea maite dut, oraindik gizon erabateko bihurtu ez delako, oraino baduelako zer salbatua! Jainkosa batek ba ote du bere gurtzailetako bat gaitzesterik? Ez eta ez! Gainera, denok antzerki batean dihardugu etengabe, eta goragoko batek idatzitako papera jokatu behar dugu!

MIGEL: Zuk ere bai?

MEDEA: Neuk, batez ere!

JOXE: Umea baino ez duzu maite, beraz, nigan?

MEDEA: Umea, idazlea, poeta, gizatasuna gainditu guran diharduen gizon iparrik gabea!

MIGEL: Hau baldin baduk hik iragarritako edo aurkeztu nahiko antzerkitxoa, epiko samarra ateratzen ari zaiguk, arraio!

MEDEA: Hemen gauden hirurok neba-arrebak gara gerraren eta erbestearen ondorio lazgarriak jasan izan ditugulako! Emakumearen gerra etengabea bezain isila bada ere, zuenak ez bezala! Den krudela izanda ere!

JOXE: Egongo da ama aberria baino gehiago sufritutakorik?

MEDEA: O, ez gizonaren diskurtso ohikoa! Ama lurra, ama aberria, ama hizkuntza...

MIGEL: Emakumea biziaren jatorria dela ukatu gura duzu? Amatasuna ezabatu nahian?

MEDEA: Ez duzue ezer ulertzen! Beti izaten duzue t gure gaineko ikuspegi utilitarista! Bai, min ditut hiltzen dizkidaten seme-alabak! Baita inoiz ere erdituko ez ditudan seme-alabak ere! Min ditut nirekin batera sufritzen duten emakume guztiak! Hildakoak eta jaiotzekoak oro! Min gizon guztiak ere, zapaltzaileak eta zapaltzaile ez izaten hain gogor lehiatzen direnak!

JOXE: Ikusten? Jainkosa batek baino ezin du horrela hitz egin! Zure maitasuna jainko maitasuna da, ez du sexuarekin zerikusirik! Horrela aurkeztu zaitut ene antzerki lanetan, maitasun hori herio bera baino indartsuagoa delako.

MIGEL: Eta horrexegatik hiltzen dituzu seme-alabak, horrexegatik, zeure amatasuna ukatzen duzulako, jainkozkoa zarelako, hilezkorra, betierekoa!

 

Agertu denetik, lehenengo aldiz ezbaian dagoela emango du.

 

JOXE: Zugan erakutsi nahi izan dut zelako mina ematen didan nire aberria zapaldu duen faxismoak, kristau omen den elizaren jokabideak sortzen dizkidan zauriak!

MEDEA: Horrela iragarle, justiziagile, borrokalari, enbaxadore, aberriaren ikur, elizaren irudi, hitz batean, santa aurkeztu nauzu! Eta eskertzen dizut, bihotzez, baina ez naizena izatera ere behartzen nauzu!

MIGEL: Joxek ez luke bizitza ulertuko emakumea ez balego nonahi!

JOXE: Lagundu iezadazu zuk zeuk, Melusina, barnean dudana argitzen!

MEDEA: Ez duzu inongo laguntzarik behar! Argi eta garbi dakizu zer duzun barruan, zer deritzozun emakumeari! Ausart zaitez argiro erakusten!

JOXE: Emakumea zara, beraz, dena dezakezu, baita herio bera garaitu ere!

MIGEL: Ez dakit, bada, nola lot dezakezun kristautasuna idolatria moduko honekin! Beraz beste jainkorik ez izateko manatzen dizu Jaungoikoak!

JOXE: Ez, ez da hori, berak bizidun orok egiten duena baino ez dago: bizitzea, eta bizitzea Jainkoarengana garamatzan min halako bat baino ez da!

MEDEA: Nik heriotza uxatu behar dut, horixe baino ez... horixe eta hainbeste, hainbeste!

MIGEL: Medea, Melusina, Hekuba, Antigona, Beatriz, Laura... maitasunaren mundua, erresuma, paradisua eman dizu Joxek!

MEDEA: Eta horrexegatik, hain zuzen ere, agertu natzaio, antzezlan honetan ere esku hartu nahi dudalako! Baina naizen-naizenean agertu nahi dut! Berak, halere, gauza nahastu moduan agerrarazten nau etengabe, bihotzaren gidari eta gordeleku, ama-neskatxa, poesia sortzaile eta magikoa, arreba nagusia! Eta oraindik ez du oinarrizkoena ulertu! Naizena baino ez naizela, baina naizena ere naizela izan!

JOXE: Unibertsoaren ispilua zara! Zu gabe unibertsorik ere ez dago!

MEDEA: Nik unibertsoaren osagai izateko eskubidea ere aldarrikatzen dut!

MIGEL: Izan ere, halakoxea zara dagoeneko, bada!

JOXE: Ispiluak irudia isla bihurtu eta biek bat egiten ditu, banaezinak izan arte!

MEDEA: Ez didazue ezer argitu, baina zure idatzi horiek, Joxe, erredimituko zaituzte nire aurrean, eta gogotik ahaleginduko naiz beste emakume guztiok ere barkatzekoa eman diezazuten! Idazterakoan, egunero, odola isurtzen duzulako! Hitza zorne moduan darizulako zauri gaiztotu batetik legez! Bai, gizon guztiok, gizaki izateagatik, zauri bizia duzue! Estali nahi izaten duzue, baina gehienik ere gaiztotzea baino ez duzue lortzen!

MIGEL: Hortik hartzen du arnasa arimak eta hortik ateratzen da noizean behin bihotzaren, erraien oihua!

JOXE: Bai, gizakiak egiten duen guztia zauri horretatik sortzen da! Artea sortzea zauritik arnasa hartzea da: bizitza eta heriotza bat eginda, elkar hartuta!

MEDEA: Horixe maite dut gehiena zugan, Joxe! Isilik egon ezin izatea! Ni jotzen nauzu jainkosatzat, baina jainko bakarra duzue idazleok: hitza! Berbak bahitzen zaituzte! Bere egiten zaituzte! Horrexegatik dirudi gehiegikeriara jotzen duzuela beti!

MIGEL: Gehiegikeriarik gabe, idazlerik ez zen izango!

JOXE: Idazterakoan, neure buruaren ondorengo bihurtzen naiz!

MEDEA: Egia esan beharrak ezpainak erretzen dizkio idazleari! Horra hor arnas erregarria, zaurigarriena!

MIGEL: Idazlea gizakirik zaurituena da, eta, hori dela eta, gizakirik zauri sortzaileena!

MEDEA: Jainkosatzat nauzun arren, begira, nire zurekiko flakezia agerian jarri dut: literaturak zorabio moduko bat sortzen dit erraietan, gogoa lainotzen dit! Eta izango ote da jainko bat aztoratzen duen gauza baino sorkari handiagorik, e?

JOXE: Ez zara konturatzen, Medea nirea, hitza zuk emanda dudala? Horra hor zergatik hitzak, aske hegan joaten zaidanean, zugana jotzen duen! Otoitz etengabea da!

MIGEL: Begira, Medea, azkenean, gizon honek, idazle gai honek bizia bera emango luke zure omenezko aldarean, hitzaren askatasuna sentitzeagatik edozer entregatuko lukeelako!

MEDEA: Hitzek beti elikatu izan naute, belaunaldirik belaunaldi ahoz aho ibili direnek, zurean grabaturikoek, marmolean zizelkatuek, eta, batez ere... paperezkoek, ahulenak izanda ere! Halere, ene oroimenak ondo gorderik ditu aspaldi-aspaldiko kobazuloetan suzirien argiaren pean antzezturiko pantomima primitibo eta hunkigarriak, Atenaseko Akropolian agerturiko drama jainkozko izugarriak, Erromako lan bakotarrak, gazteluko salan eta jauregiko saloian antzezturiko joko gortesauak, pastoralak, maskaradak, Belle Epoqueko antzerki burgesak, gerra aurreko antzezlan goibelak, zuen gaurko saio eskergak!

JOXE: Izango ote da, bada, jainkosa batentzat eskaintza hoberik? Dena duzu antzerkia, dena zurea, errealitatea bezainbeste asmakizuna ere!

MIGEL: Idazleok historiaren gordeleku biziak bilakatuta gabiltza!

MEDEA: Bai, baina zuek ez duzue ezer narratzen, ez gertaerarik zenbatzen, ez ideiarik agertzen! Zuen historian, zuen kontzientzian erretzen zarete!

JOXE: Jakina, nola izan daiteke kontzientziarik artegatasunik gabe?

MIGEL: Kontzientzia lasai izatea kontzientziarik ez izatea da!

JOXE: Kontzientzia lasaia ispilu ere ez da, are gutxiago ere isla!

MIGEL: Kontzientzia uneoro esnatzen jardutea da, gero eta erneago egotea, azkenean batere lorik ez egin arte!

MEDEA: Zutunik egon behar duzue, idazleok, besteak lo dautzala, zuek erne, adi egon beharra duzue! Gizakion historian beti izaten da gaua, ez duzue, beraz, batere lo egiterik! Inoiz ere ez!

JOXE: Bai, Medea, bai! Denak argiago dirudienean, orduan eta loti gehiago!

MIGEL: Lumadunak ezin bizi gaitezke kezkatu barik! Joxe gure hau, adibidez, flakoa da kezkatuaren kezkatuaz! Haragiak berak ihes egin dio! Eta deskuidatuz gero, hezurrek ere bakarrik utziko dute!

MEDEA: Horrela, azken haragi zatia desagertuta, hezurrezko kartzela suntsituta, Arrazoia egiaren atean utzi beharko duzu, Joxe, atean, bai, atalase hori ezin duzu-eta zeharkatu!

JOXE: Hor kanpoan den itsaso horretako olatuen pareko dira gure berbak, hondartzan hiltzera datoz, indarge...

MIGEL: Baina hondartzan hiltzerakoan libre bihurtzen da elea!

MEDEA: Entzun iezadazue, ondo, hilkor horiek! Askatasuna bera hitzaren askatasunaren menpean jartzen ez duena ezin daiteke idazle izan!

JOXE: Baina askatasun hori arriskutsua da arrazoirako, espiriturako!

MIGEL: Idazleak infernua bizi behar izaten du egunero, idazten duen orri bakoitzean!

JOXE: Bai, zer axola geroko infernuak? Lurreko infernuak jasaten duenari zerua baino ezin diote eman!

MEDEA: Ai, zuek zorigaitzekoak! Beti zabiltzate eskean, hitz eskeko zabiltzate ondo ezagutzen ez duzuen harako egiaren truke!

MIGEL: Eta zer egin behar dugu, bada? Ondotxo dakizu, izan ere, idazlearentzat, areago, antzerki idazlearentzat, bere obra debekatzea, zentsuratzea, bizi gogoa, bizi indarra bera kentzea dela!

JOXE: Lekukotasunik eman ezinean geratuta, zer dator gero?

MIGEL: A, txistuak baino merezi ez dituen komedia txar horietako bat baino ez da bizitza!

MEDEA: Zeuok erantsi beharko diozue, bada, arima, kalitatea, ikusteko eta gozatzeko moduko antzezlan bihurtu!

JOXE: Hemen ez bazeunde, ausartu ere egingo nintzateke esaten ez dela egia maitasunak libre egiten gaituenik!

MIGEL: Ezta arteak ere!

MEDEA: Zerk, bada?

JOXE eta MIGEL: Zeuk?

MEDEA: Neuk? O, baina ez dakizue Medea, Antigona naizela, seme-alabak akabatu behar ditudala zer naizen, naizena eta banaizela aldarrikatzeko? Zoazte, bila ezazue beste jainkoren bat!

 

Atzealdera joango da.

 

JOXE: Itzul zaitez, Medea! Zatoz! Ene antzerkia joko hutsa da, antzerkia antzerkiaren gainean!

MIGEL: Zenbat eta antzerkitik urrunago, orduan eta benetakoago!

MEDEA: Jolasa? Artea ezin da inolaz ere dibertimendua izan! Antzerkia ez bederen! Komediak eragindako barreak berak urrunago eroan behar du ikuslea!

JOXE: Horixe, horixe... Zertarako balio du argazkiaren itxura duen antzerkiak edo literaturak?

MIGEL: Ez ote da, akaso, benetakoagoa Hamleten aitaren mamua gaztea bera baino?

JOXE: Ez ote haiz, hi, Migel, mamu izanik, ni baino egiazkoagoa?

MEDEA: Bai, egia esan, pertsonaiarik onenak, bizitzan ere, draman apaingarri agertzen diren horiek dira!

MIGEL: Antzezlana amaitzen denean pertsonaia hiltzen da!

JOXE: Lehendik ere hilda zegoena ez! Baliteke orduan biziago bihurtzea ere! Nire antzera gertatzen zaie: ikusezin bihurtu beharrean egon naiz agerian jartzeko! Espainia izan gura ez duen lur honetara etorri Espainia nirekin gogora dadin! Aberria ukatu dut aberriak ni onar nazan!

MEDEA: O, oker nago ala zuen esanetan eta ezesanetan bakardadearen mina eta zauria igartzen dizkizuet? Enetxoak! Tira, horrexek egiten du idazlea jainkoen pareko: bakardadeak! Eutsi bulartsu! Zuek diozuen moduan, izan zaitezte mutil!

MIGEL: Hala da, bai! Bakardadea, idazlearen aukera estetikoa ulertzeko moduan dagoen lagunak horren aukera politikoa onartzen ez duelako!

JOXE: Bakardadea idazlearen aukera politikoa ulertzen duenak aukera estetikoak apika onartuko ez dituelako!

MEDEA: Non ikusten baita idazlea jainkoaren pareko ere izan daitekeela!

MIGEL: Eta zeinen lauza astuna izan daitekeen bakardadea!

JOXE: Horra hor zergatik joan naizen beste aldera, eskeleto mamu ikusezina izanda, min horietatik guztietatik askatzearren!

MEDEA: Nori sartu nahi diozu ziria, inozo bai inozoa?

MIGEL: Bai! Baina zu antzezlan honetako pertsonaia hil horietako bat baino ez zara!

MEDEA: Antzerkian paper bat jokatzea bizitzarekin jokatzea da, bizitza olgatzeko darabilen izaki bat asmatzea! Bizitza egin eta desegin, baina inoiz ere biziarekin berarekin nahastu gabe! Eta horixe da, hain suertez, jainkoen ezaugarrietako bat! Baina...

MIGEL: ... Herio, antzezlan guztietan nagusi!

JOXE: Ez! Honetan ez, behintzat! Zelan hil daiteke mamua, eskeleto iheslaria?

MEDEA: Ugari bai ugari dira zure antzezlan guztietan mamuak, mozorroak! Zer dela eta? Egiari begietara begiratzen ausartu ez?

MIGEL: Herio Hotzari hanka egin nahia baino ez da!

JOXE: Konforme, aitortu beharrean nago hala dela! Baina, mundua Jainkoaren ametsa da, ezta?

MEDEA: Eta antzerkia gizakiaren amets bakarra!

JOXE: Antzezlanak sortzerakoan Jainkoaren pare bihurtu nahi izaten dut! Nire sorkariei nolabaiteko bizi hatsa ematen diet!

MIGEL: Eta, a zer nolako mina gure seme-alaba horiek nork harturik ez dutenean!

MEDEA: Inork eszenaratzen ez dituenean?

JOXE: Ikusleek gaitzesten dituztenean?

MIGEL: Nork salbatuko ditu orduan?

MEDEA: Zergatik aurpegiratzen didazue, orduan, nik seme-alabak hiltzea? Destino petral eta anker batetik salbatzen ditut horrela!

JOXE: Baina idazlerik txarrenak ere ez ditu seme-alabak hiltzen?

MIGEL: Ejem, ejem!

MEDEA: Ezetz? Beste batek irents dezala errotarria! Idazleok benetako jainkoak baino krudelago eta odolzaleago zarete, non ez zareten ume apetatsu hutsak zuen sorkari zorigaitzekoekiko!

JOXE: Medea, ez zaitut ulertzen! Alde ala aurka zaitut?

MEDEA: Ikusten? Ni ulertu ez arren, nire gainean idazten ausartzea ere!

MIGEL: Horrexegatik, bada!

JOXE: Nekatuta nago!

 

Jesartzen lagunduko diote.

 

JOXE: Bizitzan bi jomuga izan ditut: erlijioa eta politika!

MIGEL: Eta literatura?

JOXE: Bizitzaren beraren gainetik beti!

MEDEA: Nolatan, bada?

MIGEL: Susmoa dut, zu, Medea, eta literatura gauza bera zaretela gizon honentzat!

JOXE: Dagoeneko ez dakit oso ondo, baina! Idazteari emanda bizi izan naiz apaiz eta moja batzuk beren ministerioari emanda bizi diren legez.

MEDEA: Ez nau batere harritzen, benetan, horren txarto egotea, laztana! Panteista izan zara guztiz! Eta ez zait iruditzen zure gorputz mengel horrek hainbesterainoko indarrak dituenik!

JOXE: Orain jo duzu erdi-erdian!

MIGEL: Chapeau!

MEDEA: Zuek biok antzera-antzerakoak ikusten zaituztet: erlijioa eta politika kezkatzat, paradoxa eta zentzugabekeria zaletasun, hitz jokoa beti mingain puntan... Begira, jakingura dut zergatik hasten den pertsona bat idazten! Zer bilatzen du? Zerk bultzatzen zaituzte antzerkira, gainera?

JOXE: Tira, zuk galdera guztien erantzunak dakizkizu, Medea!

MEDEA: Ez, bada!

JOXE: Begira, nire moduko idazle bakarzale eta bakartuei beti galdetzen digute ea zergatik idazten dugun. Denak ez gara idazle, beste gizaki guztiak irakurle ez diren bezala.

MIGEL: Idazten eta irakurtzen dugu mundu osorako eta mundu osoagatik!

MEDEA: Eta ospea, eta dirua?

JOXE: Begira iezadazu! Bestelako erantzunik behar? Etekinengatik balitz, aspaldi-aspaldian utziko nion idazteari!

MIGEL: Idazleotan bi klase gara: ogi irabazleak eta artearen atzetik sufrimenduz sufrimendu goazenak!

MEDEA: Eta ezin dira bi klaseok nahastu, ala?

JOXE: Nekez, batean dirua irabazten delako eta bestean odola!

MIGEL: Idaztea etengabe egiaren atzetik joatea da!

MEDEA: (Barre egingo die) Zelako egia, baina? Egia bat eta bakarra delakoan zaudete, ala?

JOXE: Ez, bakoitzak berea bilatzen du, baina dulce et decorus est pro patria moris, aberri hori letrena eta egiarena bada! Lanbidea ez da izugarria mugak gainditzen ez dituztenentzat.

MIGEL: Baina, a zelako oinazeak poetak, idazleak, artistak ofizioa, teknika, artea, estiloa eta beste muga batzuk gainditzen dituenean harantzagokoaren bila!

MEDEA: Baina, zer da harantzagoko hori?

JOXE: Gauza jakina da: harantzago, munstroak! Izugarri bezain ezezagunak! Izugarriak ezezagun izatearren, hain zuzen ere!

MIGEL: Ofizioa izugarria da idazleak bere burua gainditzen duenean, oztoporik gabe sormenaren hegoetan doanean, bere burua osotoro eskaintzen duenean!

JOXE: Jakina, lanbide hutsean gera daiteke mugak gainditu nahi ez direnean, dena neurtua, orekatua denean!

MIGEL: Bere burua zentsuratzen duen idazlea ezin da halakotzat jo!

MEDEA: Inspirazioaren indarraren, pentsamenduaren ildoaren oldarrari amore eman behar diola eta lur ezezagun eta mugagabeetaraino heldu? O, larregi eskatzen diozue zeuen buruari!

JOXE: Ez ezazu ezer pentsa edo, bestela, azken muturreraino pentsa ezazu!

MIGEL: Gutxi dira norberaren pentsamenduaren azkeneraino joaten ausartzen direnak!

MEDEA: Jainkotasuna aldarrikatzen duzue horrela jokatzen duten idazleentzat!

JOXE: Heroia izatea lortuz gero, aski dut!

MIGEL: Bai, idazleen zaldungo berezia erdiestea asko eta lar ere da!

JOXE: Gutariko batzuk bortizki borrokatzen gara egiarik paradoxikoenaren alde, politika, hizkuntza eta erlijioa bat eginik, egiarik ez seguruena izanda ere. Txarrena da, gainera, ez garela batere irmo sentitzen horien egiatasunaz! Egia lortzearren gara borrokan! Eta ibilbide horretan poesiarekin topo egiten dugu!

MEDEA: Baina gezur apur bat ere ikusten dut zuen barnean! Edo, hobeto esanda, porrotaren itzal meatsuzkoa!

 

Leihorantz joango da, kaio bat ikusiko da pasatzen. joxek peto-peto jarraituko dio hegaldian.

 

JOXE: Bai, zertan ukatu? Porrota eta horren beldurra beti ditugu zemaika bide ertzean, tentagarri ere, amore ematera adoretzen gaituzte eta! Nire bizitzaren porrota osorik hustu behar dut! Eta borondatezko deserri honetan egin ere!

MIGEL: Baina ez ote huen behin esan hilik lurperatu izatea gurago huela hilik erbesteratua izatea baino?

MEDEA: O, nik oso ondo ulertzen dut esan hori, bai!

JOXE: Batzuetan konpromisorik ez bereganatzeak berak konprometitzen zaitu gehiena!

MIGEL: Horregatik, konprometiturik ez egoteko modurik onena, lehendik konpromisoa hartuta egotea da!

JOXE: Artean, gauza guztietan bezala, konpromisotik hasi behar da!

MIGEL: Zertarako balio du hitzak, bizitzaren bermea ez badu?

JOXE: Horrela, bizitza bizi hitza bihurtuko da!

MEDEA: Azaldu ezinezkoa argitu nahi duzue hilkor ezdeus horiek! Alfer ahalegina!

MIGEL: Bestela, zer geratuko zaigu? Etengabe hanka egitea!

JOXE: Nire erretiroak inoiz ez dira ihesak izan! Nik ez diot egia esateari ihes egiten, gure zaharrek, klasikoek, ere egiten ez zuten moduan! Nik, ezeri alde egitekotan, egia faltsutzeari, gezurtatzeari alde egiten diet, egia pedagogiaz edo metodologiaz mozorrotzeari egiten diot hanka! Ez dut egia disimulatu nahi! Horra hor zergatik etorri naizen honaino, Migel! Hi hainbeste gaitzetsi hauen lur euskaldun honetara!

MIGEL: Bai, Euskal Herriak gehiago eman ziok kanpotarrari etxekoari baino!

 

Beste alde batera begiratuko du, minez.

 

MEDEA: Eta zeren esperoan zaudete hemen?

MIGEL: Ni antzezlan bat ikustera etorri nauzu!

JOXE: Nik ia ez dut ezer espero ezerengandik edo inorengandik! Ezta nigandik ere ez, gero eta zaharrago, tristeago eta bakarrago sentitzen naiz eta! Irudipena dut dagoeneko ez nauela inork ezagutzen, ez jendeak, ez zuhaitzek ere! Begiratzen didate eta ez naute ikusten, entzuten didate aditu gabe, horra zergatik etorri naizen hona!

MIGEL: Barkatuko didak, laguna, lur hau nik hain goxo sentitzen ez badiat oraindik! Medea, euskaldunek oraindik gorrotoa didate!

JOXE: Eta hik eurei ez?

 

Ez du ezer erantzungo.

 

MEDEA: Erbesteratu guztiek aberri bera dute, deserria inorena ez izatean, denona delako! Baina Joxe, tristura hori...

JOXE: Hain nago bakarrik, galduta, ahaztuta, aspertuta, ilun, noraezean, ezezagun, non minez sentitzen dudan beste inkognita batek, ni naizen inkognita bizi honek ez diola ezer axolako munduari.

MIGEL: Ezer esan ez duan arren, bazekiat Espainiako aldizkari eta egunkari gehienek ateak itxi dizkiatela!

JOXE: Bai eta orain euskal abertzale erradikalen periodikoan idazten dut espainiarrek eurek behartuta eta nik, egia esan, gustura onartuta!

MIGEL: Eta, halaz ere, idazten dirauk?

JOXE: Bai, asko idazten diat, nahiz eta ia ez didaten ia ezer argitaratzen!

MIGEL: Baina eskaintza faltarik ez duk izan!

JOXE: Bai, gauza ganorabakoak idazteko, kritikarik ez egitekotan! Hori ez zait interesatzen batere!

MIGEL: Zergatik etorri haiz Espainiatik Ezespainia honetara, Euskal Herrira?

JOXE: Espainia, nire jaioterria, banatuta, faltsututa eta zaurituta dagoelako, zergatik bestela? Hemen bederen, argitaratzen uzten didate, nahiz eta ia idazluma hartzeko indarrik ez dudan!

MEDEA: Ez kezkatu horregatik, nik neuk idatziko dut zure partez! Baina eutsi, eutsi, bada!

JOXE: Bai, idazten iraun behar dut bi herri hauetaz pentsatzen ditudanak agertzeko, nahiz eta inork irakurri ez, nahiz eta inork ulertu ez, nahiz eta inor partaide izan ez neure kezketan!

MIGEL: Eta Espainiara itzuliko hintzateke?

JOXE: Itzultzea, laguna, ez duk atzera bihurtzea. Nik ez diat jaioterriaren oroitzapen urrunik gura, ez diat haren herriminik sentitzen. Nik lurra sentitu nahi diat oinzolan, eguzkia nire begirada erretzen, airea arimaren hezurretaraino heltzen!

MIGEL: Bai, itzultzea ez duk atzera itzultzea! Mamuak baino ezin gaituk atzera itzuli!

JOXE: Nik itzuli nahi diat, bai, baina ezertan ere atzera egin gabe!

MIGEL: Zer espero duk Espainiatik?

JOXE: Nire zentzumen ahulduez ikusi eta ukitu nahi dut, bizi amets berpiztu gisa sentitu!

MEDEA: Utopia eskatzen duzu!

JOXE: Ostera ez naiz itzuliko, ikasten hasita nago lur hau estimatzen!

MIGEL: Gorpu kutsudun moduan bota haute, barren!

JOXE: Jaioterriak eta biok zauri zahar eta berrien orbainez josita gaudek! Euskal lur hezeak gorde beharko zidak gorpua jaioterrira itzultzeko berpiztu arte, behintzat! Baina nik ez diat atzera egingo itzultze hutsagatik!

MIGEL: Susmoa diat, Migel, abertzaletasun erradikalari eustean ez ote duan abiarazi hire kausa galdu horietako bat!

MEDEA: Eta hala balitz, zer?

JOXE: Begira, Migel; kristauek komunista izatearren aldendu naute, komunistek kristaua izateagatik, espainiarrek nire esanak onartzen ez dituztelako, emakumeek...

MEDEA: Zer?

JOXE: Ezer ere ez!

 

Isilik geratuko dira lipar batez.

 

MIGEL: Tira, esan duan antzezlan horretako beste antzezleak noiz etorriko dituk? Munduaren antzoki handia antzerkiaren mundu txikia duk, benetan!

JOXE: Lasai, laster bostak joko ditik eta beste lagun bat etorriko duk! Antzerkia biziaren eta heriotzaren egia bakarra delako bildu gara gu hirurok, idazle arrakastarik gabea, idazle mamua eta antzezlanetako pertsonaien jainkoa!

MEDEA: Antzerkia gezur hutsa da!

MIGEL: Antzerkia da egiazko gauza bakarra!

JOXE: Ez, antzerkiak egia izatea lortzen du gezurra izan nahi duenetan!

MEDEA: Gizakiaren sufrimendutik dator antzerkia!

MIGEL: Eta sufrimendura darama!

JOXE: Sufrimenduzko bideetatik! Zezenketan legez!

MEDEA: Horixe ez dut nik zugan ulertzen! Nolatan izan dezakezu gustuko animalia bat zelan hiltzen duten ikustea?

JOXE: Nolatan jasan dezake jainko batek bere seme-alabak hiltzen ikustea? Oraindik ez zara ohartu antzerkia eta zezenketa txanpon beraren bi aldeok baino ez direla? Eta txanpon hori bizia bera dela?

MIGEL: Hitza duzu diferentzia, Medea! Zezenketan berbak ez du pisurik, odolak ordezkatzen du!

MEDEA: Zerk erakartzen zaitu? Odolaren usainak?

JOXE: Ez, eszenografia, eszenatoki borobil eta itxiaren barneko balet moduko horrek! Koreografia horretan azkenean herio agertuko da, dantzari horietako batentzat soilik ala bientzat!

MIGEL: Toreroa eta zezena elkarrentzat jainkoa edo deabrua dira! Esperantza eta desesperantza guztien jatorria!

MEDEA: Oso hitz goxoekin ezkutatu nahi duzue zuen alderdi basa, zuen animaltasuna!

JOXE: Zezenketa gizakiaren egoera jainkozko eta naturaz gaindikoa da, irudimenez agerrarazia!

MIGEL: Antzerkia, aldiz, gizakiaren berezko egoera naturala!

JOXE: Antzerkia festa kolektibo eta herrikoia da, drama historikoa! Zezenketa...

MEDEA: Basa jokoa!

MIGEL: ... toreroa herria ordezkatzen dueneko ikuskizunik benetakoena!

MEDEA: Ergelkeriak! Orain dema garbia dela esaten hasiko zarete, hanka biko animaliak eta laukoak aukera beren jabe direla!

JOXE:  Eta ez da hala? Biek bizitza dute sari ala galbide! Zezen plazako inguru mortu eta bakarti horrek gure bizialdia ordezkatzen du!

MIGEL: Joko bizi bezain adimen beharrekoa da! Huts eginez gero, zulora!

JOXE: Heroien jokoa da, joko mitikoa, gizakia gizaki denetik jokatu duena, mito guztietan jasotzen baita!

MEDEA: Benetako heroiak zuek zarete, luma hartuta hainbat zezenen aurka borrokatu beharrean egoten zarete eta!

MIGEL: Oraintxe entenditu duzu! Idazleak, antzerkia idazten duenean batez ere, dena du zuzen: paper zuria, inspirazioa, irakurlea, argitaratzailea, antzerki zuzendaria, aktorea, kritikaria, ikuslea...

MEDEA: Bizitzan nola, antzokian eta zezen plazan hala. Zuek, beraz, gustura ikusiko zenukete berriro emakumea zutoinari lotuta, eta aurrean zezena, adarretatik sua dariola. Bion erdi-erdian, heroia, alegia, gizona, hau da: zuek! Ikuskizun merkea inon merkerik bada!

JOXE: Ez! Ez da hori! Zezena eta toreroa elkarren aurrean agertzen dira herio edo txerren balira bezala! Biek karta guztiak erakusten dituzte! Dena jokatzen dute! Ez doaz bestea hiltzera, nork bere bizia salbatzera baino!

MEDEA: Bizia salbatzera? Zirkulu horretara sartu barik ondo salbu izango dira ez?

MIGEL: Tira, gizakiok, jainkoak ez bezala, adimendunak gara, bai, baina adimena ez erabiltzeko aukeraren jabe gara!

JOXE: Begira, toreroa ezin da ulertu magia harira ekarri gabe!

MEDEA: O, niri ez etorri orain horrelako agure kontuekin!

MIGEL: Magia esan duk, Joxe! Bide labainkorra, ez?

JOXE: Ez, ikusleak, Medea nirea, ez du zuk aipatzen duzun ankerkeria ikusten, giza adimenaren garaipena baino!

MEDEA: Adimenaren garaipena? Inongo defentsa biderik ez duen animalia bat hilda?

JOXE: Bai, toreroak zezena hiltzerakoan heriori ihes egin dakiokeela pentsatzen du ikusleak! Horra hor zezenketaren magia!

MEDEA: Horretarako ez dago zertan zezen plazara joanik! Dantzak, musikak, antzerkiak, literaturak, pinturak, arkitekturak... gauza bera emango diote, edo gehiago! Hainbat bide du eskura gizakiak heriori benetan irabazteko!

MIGEL: Sexua bera ahazteke, bide nabar!

MEDEA: Bai, hala da, Migel! Zer geratzen da zezenketaren ondoren? Gorpua, amaiera, besterik ez! Toreroa ala zezena, baina hilotza! Non du horrek adimenaren frogarririk?

JOXE: Zezena eta gizakia ahalegintzen dira elkarren nahia ez betetzen! Horixe dute handitasun!

 

Bat-batean hiru suziriren zarata entzungo da. Eszenatokia erdi zezen plaza, erdi labirinto bihurtuko da, sabaitik jaitsiko diren kristalezko eta ispiluzko hesi batzuei esker. Pasodoblea entzungo da. minotauro argi indartsu baten pean agertuko da.

 

MINOTAURO: Beno, deitu didazunez gero, hemen nauzu!

JOXE: Deitu?, inork ez dizu deitu eta!

MIGEL: Eta zertan datoz pizti hau hona? Nor zara, bada?

MEDEA: Nik badakit nor den, Minotauro duk! Alferrik zatoz, baina!

MINOTAURO: Alferrik?, ez, bada! Ez! Festa izugarria prestatu didazue, behin eta berriro deika jardun duzue! Hemen naiz! Sarritan esan duzu zezenketan ikusten dela nor den nor! Orain, ez jan berba!

JOXE: Akaso uste duzu zure beldur naizela?

MIGEL: Zertan etorri zara hona, hemen zuretzako tokirik ez dago eta?

 

migeli esango dio, amorruz.

 

MINOTAURO: Isil zaitez, zure arbasoen lurra eta hizkuntza ukatu dituzun hori! Hau ez da mamuentzako tokia! Eta zu, Joxe, aurkitu nauzu, bada! Heldu zaizkizu arratsaldeko bostak! Egiaren ordua! Zatoz, zatoz hareatzara!

JOXE: Ez naiz zure beldur! Ezta hurrik eman ere, lagun! Toreoan ikusten da benetan nor den muin-muinean iraultzaile, nor ezkutatzen den hesi ostean!

MINOTAURO: Hemen nauzu, orduan! Etorri, sar zaitez ingurura, zeharka ezazu labirintoa!

MIGEL: Baina nor da pizti hau?       

MINOTAURO: O, zure lagunaren gorroto guztiak gorpuztua! Zure lagunaren maitasun guztien bilduma naiz ni! Eliza naiz, Estatua naiz, Espainia, faxismoa, erbestea, bakardadea, Herio, Txerren... Eta zezena, den eta zezenik beltzena!

MEDEA: Bakean utziko gaituzu, bada?

MINOTAURO: Zuek deituta etorri naiz! Ez da hala, Teseo?

 

joxeri begira geratuko da, irribarretsu.

 

MIGEL: Abantaila behintzat badaukak hik, Joxe, banakoa izatea! Banakoak besterik ezin dio bere patuaren zezenari adarretatik heldu!

MEDEA: Baina zezen hau ezin izan daiteke inoren patua! Heriotza zelan izango da inoren patua? Burutik egin ote duzue? Eraman nazazu neu haren partez! Josi iezazkidazu niri adarrok!

MINOTAURO: Ez zara haragizko, baina! Osterantzean gustura asko josiko zintuzket!

MEDEA: Ni ez nauzu zu baino asmazioagoa!

MINOTAURO: Begira, gauza bat egingo dugu, Medeatxo: ni zure idazle horri oldartuko natzaio eta zu bera defendatzen ahaleginduko zara! Ikusiko dugu nor den benetakoago!

MIGEL: Ondo, ikusiko dugu zertan den dena!

MINOTAURO: Inork ez dizu sartzeko baimenik eman!

MIGEL: Inork ez dit eman behar eta! Zezen harroputza zarela begitantzen zait!

JOXE: Minotauro baino, militartzar faxista horietako bat dirudizu!

MINOTAURO: Ez, lagun! Espainiatik alde egin duzu Euskal Herrira beldur zarelako! Baina erroak han utzi dituzu! Horra hor zergatik ihartzen, zimeltzen ari zaren hemen! Zuk uste duzu euskaldun hauek ulertzen eta onartzen zaituztela?

JOXE: Bai, eurek, behintzat, gura dudana idazteko eta argitaratzeko bidea eman didate!

MINOTAURO: Komeni zaielako! Erabili egiten zaituzte, modurik lotsagarrienean erabili ere! Beren borroka armaturako aitzakia zara! Aitzakia espainiarra!

MIGEL: Adimena ez duzu adarrak bezain zorrotz, ez! Ez duzu ezer ulertu?

MINOTAURO: Zuk bai, ala? Iruditzen zait mamu bihurtzerakoan galdu duzula bizirik izan zenuen buru apurra!

 

medea joxeren aurrean jarriko da. Aurrerantzean etengabe ibiliko dira minotauroren ihesi.

 

MEDEA: Minotauro honek ezin hobeto erakutsiko dizu, Joxe, zeinen zentzugabeak diren hainbeste miresten dituzun zezenketa horiek! Odola irakiten du basapizti honek, odolaren deia entzun du eta inoren odola isurita baino ez da baretuko!

MIGEL: Minotauro, minotauro, zuk ordezkatzen duzun Espainia faxista horrek usteldu ditu, jatortasunik atzerakoienaren aitzakian, zezenketa, antzerkia, musika, katolizismoa bera eta politika: dena desitxuratuta, baliogabetuta!

JOXE: Lasai, Migel! Neuk defendatu behar dut neure burua! Beharbada Euskal Herrian erabili egingo naute, konforme, baina, behintzat ez dut jasan behar ikustea zeinen ondo bizi diren demokrazia izeneko honetan gerra ostean zapaldu gintuztenak! Zeinen ondo bizi diren nire lanak zentsuratzen zituztenak! Zeinen ederto egokitu den faxistei lagundu zien Eliza, inori barkamenik eskatu ez diola! Nolatan duten herria sorgortuta!

MINOTAURO: Herria? Populua? Jendilajea! Herria ezer ez da, gehienik ere, ikusleak! Ikusleak antzerkian, ikusleak zezenketan!

JOXE: Horretan bat nator zurekin! Zezenketako ikusleak benetako herri bihurtzeko, toreroarekin identifikatu behar dute, eta ez bakarrik toreroarekin, haren beldurrarekin ere, antzerkian ikuslearen eta antzezlearen artean gertatzen den moduan!

MIGEL: Ai, magia hori lortzerik balego!

MEDEA: Atzera ere magia aipatzen hasi behar ote dugu?

MINOTAURO: Baina zuri zer dizu, Hekuba? Utz iezaiozu gizaki honi kontsolamendutxoren bat! Begira, gauza bat esango dizuet! Zezenketa jokatuko dugu labirinto honetan! Zuek, Medea eta Mamumigel, ikusleak izango zarete! Joxek ni hiltzen banau, eta litekeena da, denak aterako zarete onik! Nik bera hiltzen badut —gauza gaitza, benetan, ni, zuen antzera, haragizkoa ez naiz eta—, zuei ez dizuet ezer egingo... nahi ez baduzue! Dena argia eta garbia!

MIGEL: Dena ziria!

JOXE: Nigatik ez dago oztoporik! Plazan, antzerkian bezala, antzezleak eta ikusleak itxuraldatzeko eta bat egiteko aukera izaten dute, arteak berak hartaratzen dituelako!

MEDEA: Gauza bat ez dut oraindik ulertu, Minotauro: zergatik agertu zara, benetan? Anabasa baino ez duzu sortu, benetan!

MINOTAURO: Ez, ez! Oker jo dizu kukuak! Ni agintea ekartzera etorri nauzue, ordena dakarkizuet!

JOXE: Ordena, agintea? Zuk mugimendu eza baino ez dakarzu! Ez ezazu uka! Estatuaren ordena hilerrietako desordena baino ez da! Ez dadila inortxo ere mugi!

MIGEL: Baina bizitza, antzerkia, zezenketa bera, arinegi mugitzen dira, ezin kontrolatuzkoak dira zuretzat, zuk ordezkatzen duzun horrentzat guztiarentzat!

MEDEA: Izua baino ez dakarzu, estatu geldoa, barea, izuzkoa!

MINOTAURO: Izua entzun dut? O, beharbada Euskal Herri idiliko honetan dena bakea baino ez da! Edo zuk hainbeste maite izan duzun Errepublika horretan! Kar, kar, kar! Zakur amorratu bihurtzen zarete uhala laxatzen zaizuenean! Sozialista komunistaren aurka, komunista anarkistaren kontra, abertzalea espainolari jazarrita, espainolak euskalduna gaitzetsi, euskalduna euskaldunari ahausika... Gero, jakina, ugazabak etorri behar dena arteztera! Eta ausartu ere egiten zarete nagusiari aurka egitera, gainontzean!

JOXE: Harako jakintsu hark esan moduan, heriotzari ihes egiteko bide bakarra heriotzan gero eta barnago sartzea da!

MIGEL: Salbazioa mirakulua izango da, ezbairik gabe, baina horixe da zezenketan kontua: txiripaz bizitzea, txiripaz hiltzea!

MEDEA: Baina den-dena jokatzeko prest zaudete! Bizia bera galduko duzu, Joxe!

JOXE: Horixe, beste jokorik ez dut onartuko! Ez dago egia baino gauza zentzugabekorik, baina gauzarik egiazkoena da horren alde arrazoia galtzea! Bizia baino gauza zentzugabeagorik ez, horra hor zergatik jokatu behar dugun, heriotzak beste balio duelako!

MIGEL: Hi, Joxe, egiaren jabe baino jabeago hintzen lehen antzerki ederra estreinatu behar huela esanda! Baina inprobisazio larregi igartzen dut piezatxo honetan!

MEDEA: Joxe, ez daukazu zertan basapizti honen erronkari erantzunik! Laga ezazu zoramen hau guztiau!

JOXE: Begira, Antigona, bizitzaren aurrean, hau da, heriotzaren aurrean, ezer, hurrik ere egiten ez duenak, ezer ez egitearren, geldirik egotearren, destinoari irabaziko dio, bere bizitza irabaziko du heriotzaren aldean!

MEDEA: Beldur naiz, Joxe!

MIGEL: Beldurra ona da, ez daukalako ezelako zerikusirik koldarkeriarekin!

MINOTAURO: Berba eta berba ikusten zaituztet, baina ez zarete batere nigana arrimatzen!

MEDEA: Beldurraren bidetik, lantzean behin, kemenarekin topo egiten da!

JOXE: Hemen nauzu, bada, gizon bakarra baina ez hutsa, bakardadez betea naiz baina ez nago bakarrik: zure aurrean Jainkoarekin naiz!

MINOTAURO: Kontsolamendu ziztrina ziztrinen artean, alafede! Zatoz, bada, berehala bidaliko zaitut Harekin elkartzera!

MEDEA: (Lurrera etzan eta joxeri hanketatik helduko dio. Ibiltzea eragotziko dio) Ez entzun horren herio deia! Liluratu egin zaitu!

MIGEL: Egiozu jaramon, Joxe! Zezen gehiegik adarkatu zaitu bizialdi honetan! Zer edo zer utz ezazu mamu bihurtzen zarenerako!

JOXE: Zerk kontsolatua badut: antzezlearen eta toreoaren antzera, heriotza naturaz gaindikoa izango dut, mirakuluzkoa, goikoaren zorionez eta ez zoritxarrez betea!

MEDEA: Herioren errondan zabiltzala ematen dit!

MINOTAURO: Bete-betean jo duzu! Utziozu nigana etortzen! Edo, hobeto esanda, ekar iezadazu, gida ezazu niganaino! Zu eta biok txanpon beraren bi aldeok gara!

MEDEA: Ezin okerrago zaude, bada!

MIGEL: Joxe, azkenean harrapatu diat! Hi adar jotzen habil pizti honekin! Bai, izan ere! Hire esana duk... Antzerkian nork bere buruari iseka egiten ziok! Zezenketaren antzera, ez? Hik bizitzen jarraitu nahi dik, horra zergatik habilen malapartatu honekin zemaika! Zertan, bestela, horrelako antzerki bat antolatu? Bai, argia ikusi diat!

 

Barre zantzoka hasiko da. minotauro haserre adarkatzen ahaleginduko da, baina mamua denez gero, ezingo dio ezer egin.

 

            Bai, Don Joanek berak ere bere neurriko zapata topatzen dik azkenean: denbora, hau da, bere arima. Amaiera bakarra izan zezakek: hilobia, eta infernua!

JOXE: Minotauro, badakizu zergatik ezin duzun mamu hori harrapatu? Gorputzik ez duelako! Torerorik onenek ere gorputza ahazten dute zezenari aurpegi ematerakoan! Antzezlea beste horrenbeste egin beharrean egoten da! Zuk ere, Minotauro, gorputza ahaztu behar duzu gu harrapatzeko! Eta ez ahantzi: hau dena adimenaren joko bizi da, hain joko adimentsua, non hutsik txikienak ere bizia kenduko dizun!

MEDEA: Inon ez dut nik honetan adimenik ikusten! Itsukeria bai! Botere egarria bai! Hemen zabiltzate nor baino nor bestea menperatu gurago! Arerioa zapaldu behar duzue! Hor ez dut nik adimenaren argirik ikusten! Adimena bizitzen jarraituta erakutsi behar da.

MIGEL: Ez duzu ikusten, Medea, Jainkoa imitatu nahian dabiltzala idazle torero hori eta Minotauro?

MINOTAURO: O, zera baino ez duzue falta, alegia, onaren eta txarraren arteko borroka betierekoaren kontu zahar horri ekitea! Hori baino errazagoa da! Idazle horrek berak deitu dit! Ni, gustura etorri naiz, zezen naizen aldetik, zapi gorriari erantzutea noraezeko dut eta!

MEDEA: Noiz deitu dizu Joxek, bada?

MIGEL: Bai, noiz deitu diok? Esaiok pizti horri hemen ez duela zereginik!

MINOTAURO: Noiz egin didan deia? Idazten hasi zenetik ni tentatzen ibili da! Etengabe! Ezin uka dakioke balorea! Nik baino gehiago, areago dirudi berak zezena, beti topeka, beti talkaka! Orain, Joxe, azken aukera eman zaizu munduari mendeku hartzeko! Azken adarrak! Azken antzezlana! Gura duzun papera joka dezakezu, benetan!

JOXE: Benetan uste duzu orain arte ez dudala jokatu nahi dudan pertsonaia? Zeinen oker zauden! Aspaldian mamitu nuen ni neu izan beharrean nengoela, hau da, eskeletoa, mamua izatekoa nintzela!

MINOTAURO: Horra zer dakarkizudan, benetako mamua izateko aukera! Gu biok, bakarka! Gu biok eta ikusle berezi hauek! Zu eta biok zirkulu magikoaren barruan! Horiek biak inguruan, gure bion artekoa mugatzeko! Hilezkortasuna eskaintzen dizut! Zure idazkien bitartez inoiz ere lortuko ez duzun ospe iraunkorra!

JOXE: Ezin uka diezazuket gonbiteak odola irakiten jartzen didanik! Zure aurka bizia jokatu beharrak izugarri biziberritzen nau! Baina aluzinazio hutsa, antzerkiko pertsonaia baino ez ote zaren beldur naiz!

MINOTAURO: Hala balitz, orduan, zerk galarazten zaitu nire aurrean jartzea, bularra agerian duzula, inongo babesik gabe? Hemen nauzu, gertu! Ni ere hiltzeko prest nago!

MIGEL: Eta nola hilko zaitu? Ezer ez zara, gizon honen bizitzaren atal eta adabaki guztiak baino!

MINOTAURO: Horrelaxe, bada! Berak nahi duenean desagertuko naiz! Baina, Medea, zuk uste duzu benetan ni egotzi gura nauela? Begira iezaiozue, begira! Ea ni ukatzen ausartzen den!

MEDEA: Oso tentagarria zara, ezin uka dezaket!

MINOTAURO: Zu bezainbeste, Beatriz! Zu eta biok gai berekoak gara! Ametsez ehunduta gaude!

MIGEL: Nik lokamutsez eginda ikusten zaitut beste ezer baino gehiago!

JOXE: Esna egon arren, ametsetan legez gaude hemen! Zezena fortunaren munstroa da, toreroa arrazoiaren labirintoa! Arrazoiaren ametsak munstroak sortzen omen ditu, Deabrua bera, adibidez; amestearen arrazoiak labirintoak, Jainkoa bera, esaterako, sortzen dituen moduan!

MEDEA: Zer esaten ari zara, zoritxarreko hori? Plaza honek, labirinto honek zure Jainko hori irudikatzen duela? Nor da, beraz, Minotauro?

MINOTAURO: Itaundu beharra duzu, Laura? Benetan?

MIGEL: Orduan, Txerreni itzuri egiteko, harengana arrimatu beharra daukak, ez, Joxe?

JOXE: Bai, ederto igarri dik! Adimen sortzailea ezpatatzat erabili beharrean nagok irabaziko badiot!

MEDEA: Hiltzea beste aditzik ez dut aditzen aspaldion!

JOXE: Zezenketan zezenik hiltzen ez bada, ez da zezenketarik! Bizitzan beste horrenbeste gertatzen da azken adarkadak arnasa betiko zulatzen digun arte!

MEDEA: Iluntasunaren seme-alabak nonahi gailentzen direla ikusten dut! Nola aurpegira diezadakezue niri seme-alabak hiltzea? Hobe hilda destino petral honen menpean baino!

MINOTAURO: Non ikusten duzu, Hekuba, iluntasunik? Argia egiteko tenorea heldu zaigu azkenik!

JOXE: Bai, argia, argizko aingeru bihurtuko naiz, eskuan suzko ezpata eta kapa gorria ditudala, hondarrezko paradisu labirintozko honetan!

MIGEL: Betoz argiak, tximistak, oinaztargiak!

 

Tximistak eta trumoiak ikus-entzungo dira tarte batean.

 

MINOTAURO: Tragediarik handiena hasita dago, beraz!

MEDEA: Komediarik merkeena esango nuke esan!

JOXE: Tira, zezenketan, literaturan legez, estiloak daude! Nirea, Medea, komedia merkearena izango da!

MIGEL: Hobe tragedia bihurtzen ez bazaik, orduan!

MINOTAURO: O, zatoz, orduan nire gainean idaztera! Hire sokakoen kanta batek dioenez, gerturik daukat odola... noren alde emateko, baina? Zure arimaren alde?, bai horixe!

MEDEA: Izan iezaiozue errukia elkarri!

JOXE: Ez, Hekuba, ez halakorik eskatu! Ez eta mila bider ez! Zezenari erruki izatea animalia iraintzea da! Grina eta ez bihozmina behar ditek zezenak eta toreroak, antzezleak eta idazleak!

MIGEL: Eta berari hireganako gupida eskatzea larregi duk?

JOXE: Ni iraintzea eta zapuztea lukek hori!

MINOTAURO: Bai horixe! Utz iezaiozue nigana etortzen!

JOXE: Bai, horrela, honek nire amaiera izan behar badu, betor! Beharbada azken horretan hasieran legetxe egongo naiz, baina, halere, ez naiz hasierako bera izango!

MEDEA: Tira, honek denak gogaituta nau! Banoa!

 

minotaurok oztopatuko dio.

 

MINOTAURO: O, ez, zuk ez daukazu alde egiterik! Amurik gabe, zer egingo du Teseo gaixoak?

 

medea harrapatu eta erdiko zutoin batean kateatuko du.

 

MEDEA: Aska nazak, urde zikina bai zikina!

MINOTAURO: Ez, LauraBeatrizHekubaMedea, oker baino bihurriago zaude! Ez zaitut nik lotu, Teseo horrek baino! Ahaztu ote duzu ni haren irudimenaren igali naizela? Berari eskatu askatasuna!

MEDEA: Ez ezazu onar, Joxe, eldarnio honen deirik! Tenorea duzun artean irten zaitez hemendik, atera zaitez irudimenezko labirinto espetxe honetatik!

MIGEL: Bai, Joxe, antzezlana urrunegi joaten ari duk!

JOXE: Taula gainean ezer ez zihoak urrunegi! Beldurraren beldur baino ez diat izan behar!

MINOTAURO: Bai, ni ez naiz batere zuen beldur! Ezta desagertzearena ere, asmazio hutsa naizenez gero! Ni goragoko gauzen ikur nauzu, Joxe! Ni hiltzen banauzu ere, nire ordezkatuak ez dira desagertuko! Ez da egungo Espainia sasidemokratiko hori, zuk diozunez! Ezta Eliza faxista zalea ere! Are gutxiago batere jaramonik egiten ez dizuten idazle-akademiko-kritikari-letratu ondo horiek ere!

JOXE: Aska ezazu, bada!

MINOTAURO: Zeuk aska ezazu! Zure buruaren sorkaria naiz! Eta bera ere! Eta horko mamu hori! Gutara laburbiltzen da-eta zure orain arteko bizitza: gu gaituzu zure maitasun eta gorroto guztiak! Zerk zauzka loturik? Beldurrak? Beldurra mugimenduaren arerioa da! Geratuz gero, errazago harrapatuko zaitut, baina horrela ez dut gozamenik batere izango! Zuk zeuk aldarrikatu duzu: gizakia eta patua aurrez aurre! O, barkatu, zezena eta toreroa elkarren aurka esan nahi bainuen!

MEDEA: Joxe, itzar zaitez amesgaizto honetatik! Zure esku dago! Uxa nazazu hala nahi baduzu, baina ez urrunegi joan honekin guztiarekin!

MIGEL: Ea, Minotauro malapartatu horrek!; libro utz ezazu Medea!, zertarako nahi duzu amets hutsezko izaki bat bahiturik?

MINOTAURO: Horretarako hain zuzen ere, ni ez naizen eta berak maite duen guztia neureganatzeagatik! Gizakiarengan ametsak dira emaitzarik indartsuenak, preziatuenak! Ez zaizu otu, Migel, hain azkar zaren horri, ni bere alde ilun guztien bilduma banaiz, beharbada neska honek ordezkatzen dituen ontasun oroz jabetu nahi dudala?

JOXE: Begira, badakit zure aurka borrokatu behar honek Jaunak jarri didan azken proba dela! Sutan jarrita ezagutzen da nolako den eltzea! Orain heriotzazko jausia egiteko prestatu behar dut, Teseo berria nauzu eta!

MIGEL: Begira, Minotauro, jabe zaitez dagoeneko porrot egin duzula! Honek gizon honek ez du, guztiarekin ere, fedea galdu! Beraz, eldarniozko liluraren baten bitartez akabatzen baduzu ere, berak irtengo du garaile!

MEDEA: Ni gura nauzula esan duzu, ezta, Minotauro? Utz ezazu idazle hori libro, orduan! Goazen biok eta utz dezagun Joxe arrangurazko lur honetan bere azken hatsak erabiltzen!

MINOTAURO: Ez, niri ez dit zipitzik ere balio borondatez emandakoak! Nori bere patua dagokio, eta ni indarrez irabazitakoak baino ezin asebete nazake!

MIGEL: Ni ere har nazazu, orduan!

JOXE: Ez, isil zaitezte biak, Migel, Medea! Zezena ez da oztopo niretzat! Ni banaiz, onartu ala ez, bera delako! Bera errefusatzea neroni ukatzea da! Bere sutara hurbildu behar dut, baina erre barik!

MIGEL: Asmo eroa! Alde txarreko zezen honek harrapatzen bazaitu, ez duzu irrikatzen duzun salbaziorik lortuko!

JOXE: Deabruzko zezen hori garaitu behar dut adimena beste tresnarik ez dudala! Bizitzak, konpromisorik gabe, bizi zergatikoa galtzen du!

MEDEA: Baina ez ote zara jadanik konpromiso guztiez harantzago joan?

MIGEL: Gurutzea baino ez zaik falta, Joxe! Aski duk!

MINOTAURO: Zatoz, emadazu zeure adimenaren argia! Aska nazazu zezentasun honetatik! Aizu, guztien erruki izan zaren hori, ez didazu niri lagundu behar? Zatoz eta hil nazazu! Edo utzidazu niri zu hiltzen, bion destinoa bete dadin! Utzidazu ilunpearen semea izatetik argi erabatekoaren seme izatera igarotzen!

JOXE: Banoakizu, bai!

MEDEA: Ez!

MIGEL: Egon!

MINOTAURO: Bete bedi idatzita dagoena!

MIGEL: Ezer ez dago oraindik idatzirik!

MEDEA: Joxe, utz ezazu hau dena bertan behera segituan!

JOXE: Ezer ez da, dagoneneko, ene esku!

MINOTAURO: Herioren bidea ezin da oztopatu! Ez zaitez geroko gerotan geratu! Gu biok askatu behar gaituzu!

JOXE: Bai, erloa jotzeko garaia heldu da!

 

joxe zezenaren aurrean jarriko da, eskuetan muleta eta kapotea dauzkala. Kantari hasiko da:

 

JOXE: Oina gertu daukat hesi gainetik jausi egiteko baina, ai ene, zezena ez da heltzen! Bihotzak diost, azkenean, buruz behera beharko dudala ene burua kailejoira bota!

 

minotauro joxe adarkatzera doa, baina migel tartean jarriko da eta hau zaurituko du zezenak. minotauro baztertuko da, zapuztuta, zer egin ez dakiela. medeak, oihu lazgarria botako du. minotauro, bere onetik irtenda, harengana joan eta kolpe batez konortea galduko du.

 

JOXE: Ez, madarikatua, inork ez dizu baimenik eman laguna zauritzeko!

MIGEL: Ez larritu, adiskidea! Mamu baten mamua nauk, espektroaren espektroa, neure buruarengandik ihesi ibili nauk eta orain, hiri eta basapizti honi esker, azkenean aurkitu diat bidea!

JOXE: Zer bide, baina? Bigarren heriotza, txarrena den hori, lagunaren eskutik etorri zaik-eta?

MIGEL: Lagunaren eskutik etorri zaidalako diat maiteago! Nola dik izena kale misteriotsu eta estu horrek, bertatik luzaro ibili arren, gero eta luzeago den horrek? Etxe guztiak berdinak dituk, leiho-ateak beti zerratuta, inor haietan biziko ez balitz bezala! Bazakiat nik beste inork gauero zapaltzen ez duen kale horretan bizi haizena!

JOXE:  Azkenean den-dena joaten bada, zergatik ez duk ariman tristura hilezkorra baino geratzen?

MIGEL: Arima hiltzen duk eguna iraungitzen den moduan, eta gauero espero izaten dik berpiztea, azkenik, atzeneko egunsentian!

JOXE: Bihotzak ez zekik beti ametsetan dagoenik bere grinak pizturiko gau beltzean!

MIGEL: Nire arima lotan zetzak, lotan gogoa, lotan bihotza, esna daudela ere ametsetan!

JOXE: Migel, ez nazak atzera ere bakarrik utz!

MIGEL: Inoiz ez haiz bakarrik izango! Hortxe dauzkak Medea eta Minotauro, hire arimaren sorkari horiek!

JOXE: Zer nauk ni hi gabe? Euskarririk gabe geratuko nauk!

MIGEL: Lagunak aitzakia hutsak dituk! Bazekiagu. azkenean antzerkian bakarka jardun beharko dugula ikusleen aurrean!

JOXE: Baina oraindik ez zuan hi eszenan agertzeko ordua! Ezta desagertzekoa ere!

MIGEL: Hobe horrela suntsitzea, ametsetan legez!

JOXE: Baina neuk ekarrarazi haut antzoki honetara! Ezin desager haiteke horrela!

MIGEL: Hau dena hire obra duk! Baina hona agertu naizenean, edozer onartzeko prest etorri nauk! Pozik nago, beraz, antzokian suertatu zaidanarekin, nahiz eta ikusleei gustatuko zaien jakin ez! Egarri nauk! Azken tragoa jo behar diagu! Egarria edan behar diat, pentsamendu guztiak ito behar ditiat! Espiritua baltsamatu behar diat eternitaterako, atzera ere bizion mundu latz honetara ez agertzeko!

JOXE: Baina, hi joanda, nork irakurriko ditik nire idazkiak? Nork irakurriko naik naizen-naizenean?

MIGEL: Nork irakurriko hau orain arte?

JOXE:

MIGEL: Hori, bada! Gurutzeari eutsi eta jarrai hakit!

JOXE: Oraindik eskeleto bizi baina lege bakoa nauk; hezurrak elkarrengandik aldentzen zaizkidak eta zein bere aldetik apurtzen! Ez zakiat ezta non diren ene arima eta gorputza! Gar geldo batek bere azkenak ematen ditik nire kriseiluan! Baina, esan!, zelan hago, minik ba ote duk?

MIGEL: Ez izan horren beldurrik! Zer min senti zezakek mamuak?

JOXE: Hik esan beharko, ene irudirako haragizkoak ez diren minak dira-eta gogorrenak!

MIGEL: Ez odol gaiztorik egin! Beldurraren aurkako armarik onena erasoa duk! Oinaze handiagoak ematen dik hire pentsamendu haragi bizi-bizikoak!

JOXE: Hiri ere bai?

MIGEL: Ez, niri ez, heure buruari baino!

JOXE: Bakea bilatu izan diat beti!

MIGEL: Bakea, destinoa bortxaz gailentzea duk: askatasuna konkistatzea!

JOXE: O, orduan zergatik ez nauk lasaiago sentitzen?

MIGEL: Gerra guztiak, gure gerra txiki hauek ere, komediatxoak, ahulen ondare dituk. Sormenak bakea zekarrek. Galtzea izan ditek irakaspenik ederrenentzat ahulek, nola banakoek hala herriek ere!

JOXE: Hain dituk astun isolamendu eta bakardade hauek!

MIGEL: Entzun iezadak, gero eta ahulago nagok eta! Sarritan komentatu izan dugu banakoaren kontzientzia giza kontzientzia sakonago baten mozorroa baino ez dela, gizakia ez dela gizaki barne kontzientzia horretara bildu arte! Hik kontzientzia hori herriarengan bilatu duk! Orain deserri honetan habil horren bila! Aurkituko ahal duk!

JOXE: Dagoeneko ez zakiat populu izan nahi dudan, ezta herri izan naitekeen ere jadanik banaizelako!

MIGEL: Idazle moduan kezka lehen bakarra izan behar duk: beste gizakiekin komunikatzea. Hortxe zagok benetako izatea. Osterantzean, hire lanak inoiz ez dik funtsezko zergatikorik izango!

JOXE: Hitza aspaldian galdu dudala iruditzen zaidak!

MIGEL: Berba, elea duk denarekin, gizadiarekin lotzen gaituen errealitate bakan eta osoa!

JOXE: Bai, bakardadearen betetasuna odolezko hitz askatzailean topatu diat!

MIGEL: Zure mundua ez da erresuma honetakoa!

JOXE: Eta zein duk, bada, nire mundua? Hainbat urtean gurari bakarraren jabe izan nauk, lelo bakarra darabilen inozoaren antzera, alegia, azken hatsa ematea espainiar lurrean! Beste itxaropenik ez nian izan! Horrek izaten nindian bizirik erbestean! Orain, itxaro hori ere zapuztu zidatek!

MIGEL: Ez haiz hilko, beraz, hire hezurrak bakean hartuko dituen lurra topatu artean! Eta gogoan izan airean egoitza aurkitzen ez duen ahots galdua dela inork inoiz entzungo ez duena!

JOXE: Baina nire bular estu hau ia hausporik gabe zagok!

MIGEL: Hiltasuna ez duk negoziagarri, Joxe!

JOXE: Pilota jokatu beharra zaukaat! Hor zagok frontoia! Baina ez zakiat nora bota behar dudan!

MIGEL: Erroetara, lagun, beti erroetara!

JOXE: O, erroen bila jardutea, sarritan, adarrik adarrera ibiltzea duk! Bederen zer edo zer argiro ulertuko banu!

MIGEL: Bizitzen jarraitzeko, kontua ez duk gauzak argiro ulertzea, zer ez den ulertzen zehatz-mehatz mugatzea baino!

 

Eztul egingo du.

 

MIGEL: O, sekulan ez nukeen esango mamu baten hilzoria horrelako latza izan zitekeenik! Joxe, Medea zaindu ezak! Bere ondoan baino ez duk sosegua topatuko! Hi ez haiz inoiz guztiz eroso ibili ez gizonekin, ez ideiekin, ez lurrekin ere!

JOXE: Egia izan arren, min ematen zidak hori hire ahotik entzuteak! Egia duk lur osoa toki deseroso bilakatu zaidala, existitzea bera bizialdiaren aldirik deserosoena dela!

MIGEL: Amore eman ezak: mundualdi honetan hiri itzala egokitu zaik! Itzaletik berba egitea, ilunpeko basamortuan aldarri egitea!

JOXE: Baina nik eguzkia maite diat, batez ere zezen plazan bete-betean jotzen duenean hareatzan dauden bi etsaiok argizko izaki bihurtu arte. Antzokia maite diat fokuek argi trinkoa, ia ukitzeko modukoa egiten dutelako! Horrelako argi indartsuaren eta proteikoaren beharrekoa nauk! Zezen plazan beti aukeratzen izan diat eguzki aldea!

MIGEL: Don Gil de Ezerezeta jokatzea tokatu zaik, hi benetan nor izan arren! Hire garaia ez duk oraindik heldu, Joxe! Eutsi! Antzerkian denbora ez duk igarotzen, saioa beti egoten duk etengabe hasten!

JOXE: Bai, antzezlanetan dena biribila duk! Eta biribila duk zezen labirinto hau! Biribilak ere zezen horrek egin dizkian bi zuloak! Biribilak bere odolezko begi gorriztak! Borobilak fokuak! Borobilak Literatura izatetik Laura izatera igaro zen Medearen bular amultsuak!

MIGEL: Hiltamu hau bai bare eta luzea!

JOXE: Minduta hago, adiskidea?

MIGEL: Zer duk, bada, mina? Nirea, zer edo zer izatekotan, mamu mina litzateke, ezmina, minik eza! Mingarriena fedea galtzea duk, Joxe! Ez ahaztu!

JOXE: Idazleak fedea galtzen duenean, dena delako fede hori ere, idazle izateari uzten diok! Horixe duk izan daitekeen eta dramarik handiena!

MIGEL: Garairik latzenetan ere ez diok ukorik egin sustengatu izan hauen fede kristauari! Flakatzen hasita haiz, ala?

JOXE: O, ez ninduan fede mota horretaz ari! Gero eta neketsuago gertatzen zaidak, zinez, Elizan, bere jatorria ahaztut, mundu honetako erresuma eraikitzen baitihardu, diktadorearen alde egin duten eliztarren fede kide izatea, Herriaren zapalkuntza onartzen dutenen kide izatea ezertan ere!

MIGEL: Errepublikak egindako hilketak, triskantzak eta txikizioak aurpegiratu izan dizkiaten horiexen kide, ezta?

JOXE: Begira, eta hik inork baino hobeto dakik, lepoan hartu ditiat hildako guztiak, denak bizkarreratu ditiat! Lehenengo eta behin, beste alderdikoak! Erantzule nauk, errudun, bai! Odola diat eskuetan! Begira! Eta odol hau orain hirearekin nahasten zaidak! Ez zagok odol hau ikuziko duenik!

MIGEL: Baina, lasai egon hadi, hik Justizia aukeratu huen! Errugabe haiz!

JOXE: Ez, ez zagok errugaberik! Ezin nauk mundu honetako Antzerki Zuzendari Handiaren aurrean agertu eta beste barik esan besteen errua dela!

MIGEL: Baina lagun, horixe duk gure izatearen tragikotasuna: ona txarto egitea, inoiz ez lortzea ona ondo egitea! Laster utziko haut, bazekiat, eta ez nikek hire kontzientzia horrelako lauza baten pean utzi gura!

JOXE: Begira, bere buruari demokratiko zeritzok monarkia honek amnistia moduko bat eman duenez gero, denek barkatu omen ziotek elkarri! Nik ez, ezin zioat ene buruari barkatu, izan ere!

MIGEL: Gerran jardun duten guztiek, lagun, lohi bera zeukatek gainean! Nork esan zezakek “nik ez diat hil”?

JOXE: Halere, mendekuaren aroa indargabeturik dago denontzat! Baina ezin gainetik erruaren zama kendu! Begira, begira hiri herio zauriak ekarri dizkian Minotauro izugarri horri! Hortxe zeudek nire erru eta hildako guztiak gorpuzturik!

MIGEL: Bi fede izan dituk hik, lagun, herriarekikoa eta Jainkoarenganakoa! Hori ez duk bekatu, bat ahultzen denean, besteak indarberritzeko balio du-eta!

JOXE: Baina hain nagok bakarrik!

MIGEL: Bakardadea duk hire gotorlekua!

JOXE: Baina bakantasun hau antzua duk! Agorra nauk, ez diat igalik ematen!

MIGEL: Hik erein, Joxe, erein! Nahikoa duk hazi bakarra ernetzea! Euskal Herri honetara borondatez erbesteraturik etortzean hazi emankor eta ederra eman duk!

JOXE: Nire gainean, azkenean, zitalkeriaren historiaren orririk ederrenak idatziko ditiztek, besterik ez! Baino, izango ote ditek irakurlerik orriok? Ahanztura nigan gauzatu duk, Migel!

MIGEL: Hago lasai, elurrezko eskuak ez hau ukituko oraindik! Heriotza hain bizi izan duk barrutik, hain daukak higatuta buruan erabiltzearen erabiltzeaz, ze hirekin ahaztuko den!

JOXE: Orain bazaukaat beste motibo bat esku hotz horri aurre egiteko! Hi mendekatzea!

MIGEL: Ez, Joxe, esan berri duk mendekuen garaia betiko igaro dela!

JOXE: Besterik ezean, letrazko mendekua, mendeku idatzia hartu beharko duk!

MIGEL: Halabeharraren aurka ezin ezer egin, lagun! Baina hik heureari eutsi behar diok, oraindik arriskutsua haiz, ez duk gehiengoaren ildotik joaten, astoaren antzera.

 

minotauro bioi begira egongo da urrundik, iseka eta imintzioka, dibertituko balitz legez. Inoiz edo behin, medea laztantzera eta musukatzera joango da, baita txortan diharduela antzeztera ere, ea besteek begiratzen dioten.

 

JOXE: Ni arriskutsua nauk ezer ez naizelako, ezgauzatasunari heldu diodalako! Gure inguruko hauek herri nekrofiloak dira, hildakoak biziak baino areago maite ditiztek! Biziontzat inbidia eta herra baino ez zaukatek!

MIGEL: Gurutzearen lerroez idatzi duk hik eta hori ez duk samur onartzekoa!

JOXE: Nik aurrea hartu nioan behin heriotzari eskeleto bihurtuta, zenbat eta gehiago gogoeta egin heriotzaz, barre handiago egiten zidatek hezurrek!

MIGEL: Joxe, banoak!

JOXE: Ez, hago apurtxo batean oraindik!

MIGEL: Ez hadi kezka, denbora utziko diat lagun!

JOXE: Denbora? Denbora, aspaldi honetan, etsai baino, isilik alboan doan laguna iruditzen zaidak gehiago! Horrela neure bihotzari adiskide fidel bakarra ematen zioat! Ez zekiat heriotza atzeratuta edo aurreratuta datorkidan, ez zekiat odol taupadek denbora neurtzen didaten!

MIGEL: Elkarrengandik bereiztu beharrean gaituk, lagun!

JOXE: Ez, egon, eutsi, atxiki!

MIGEL: Ezinezkoa duk, Joxe, nork zekik zer den airea? Nork zekik zer den sua? Nork zekik zer den arima? Nork zekik zer den denbora? Zer bizitza eta pentsamendua? Nork zekik zer den heriotza? Nork zekik, azken buruan, zer den ametsa? Adiskidea, hemen gaituk orain, ia orain eternala bihurtu gura duen une honetan; orain haurrak gaituk, eta gazteak, eta zaharrak! Hemen gaituk, lur honetan etzanda, belaunikatuta, zeru berari begira! Betazalak lo astun batek ixten dizkidala sentitzen diat, eta amets horretatik ez naizela atzera ere itzarriko!

JOXE: Denak bizitzen gaituk hiltzen! Hiltzen ez dena ez duk bizitzen, beldurrez hiltzen delako. Denok bizitzen gaituk hiltzen! Hiltzen ez duena ez duk bizitzen, izuaren izuz hilik dagoelako!

MIGEL: Kanpotik hiltzen ari nauk barrutik hiltzen naizen moduan, hilko ez banintz bezala! Hatsa astiro, luze amaituz doakidala sentitzen diat! Amaitzen ari zaidala sentitzen diat, baina ez diat heriotza sentitzen!

JOXE: Eta sentitu gura huke?

MIGEL: Bai, horrela, datorrenean galdetu ahal izateko: “Zergatik berandutu haiz hainbeste, alproja halakoa?” eta ez, denen antzera, “Nor haut?”

JOXE: Hire ahotsa entzuten diat uraren zurrumurru urrun eta melodiatsua balitz bezala, entzun baino, susmatuko banu bezala! Arparen soketan gordetako aire lokartu eta arina haiz, elurrezko esku batek ia pultsatu gabe laztan moduan noiz joko zain!

MIGEL: (Arnasestuka) Hau azkena duk, laguna, anaia! Antzerki lan baten estreinaldira deitu hindudan eta aitortu behar diat ezinago ederra iruditu zaidala, inoiz izan dudan pertsonaiarik onena leporatu didaala! Eskerrik asko, Joxe; eskerrik asko, Minotauro, ene antzezpen eskasa jasateagatik eta... eskerrik asko, Medea, nire hilzori lotsagarrian beste nonbait izatearren! Tira, Max Izarrak zioen moduan, majo jartzen ari gaituk eta... tertzioz alda gaitezen, datorrela hurrengo zezena! Agur, eta mesedez, salba ezak Medea, hire Melusina hori, ez ezak utz edertasun uharte hori pizti beltzaren esku! “Tu duca, tu segnore e tu maestro!

 

migel betiko itzaliko da. joxek berokia erantziko du. Berokiaren barrualdeak muletaren kolorea izango du. joxek migel estaliko du. Negar egingo du bere gainean.

 

JOXE: Hoa bake lekura, adiskidea, baina hire oroimenak ez diezagula bizioi hirekin ahazten uzten! Hegan zihoak txori erraria, ezin delako itzuli jaiotzen ikusi zuen habiara! Hire ahotsa airean hiltzen duk, eta haizean topatzen dik hire pentsamendu arinak oihartzun hilkorra bere hilobi errarian. Bizia ametsezko dohaina duk eta itzarrita galtzen duk. Ametsa Jainkoak ematen dik eta Txerrenek kentzen. Bizi eta hiltzen ahiz ametsetan, ez haiz heriotzan esnatuko, beste amets luzeago batera baino. Heriotzan itzartzean gu betiko amesten gaituen amets luzeago batera santuko gaituk.. Heriotzan esnatzea itzarri gabe lo egitea duk eta heriotzaren esnatzea atzera ametsetan jardutea. Berriro ere ametsetan egitea, ametsetan esnatzerakoan berpiztearekin amets egiten delako! Laguna, laguna!

 

Amorruz beterik berba egingo dio minotaurori.

 

JOXE: Zer?, lortu duk hire asmoa, errugabea hil duk! Madarikatua bai madarikatua!

MINOTAURO: Ea, Joxe, seguru hago nik hil dudala? Hik ekarrarazi huen eta hik, ni bitarte naizela, garbitu! Jabe hadi eta disfruta ezak unea, ze, azkenean, bakarrik gaudek, gu biok! O, beno, hirurak esan gura diat, ohiko hirukoteaz ari nauk, jakina! Nahiz eta, egia esan, honek laguntza handirik ez duen emango, ez!

JOXE: Gerra zibila atzera ere biziarazi nahi didak, ezta, basapizti beltz horrek? Espainia galbidera eraman duk, baina ez diat utziko babes eman didan herri hau ere suntsitzen!

MINOTAURO:  Hori, lagun, ez zagok hire esku! Nik herri bakoitzari espero duena baino ez zioat ematen! Elkar hil gura dutela? Ondo etorri! Bakean bizitzea gurago? Nigatik konforme!

JOXE: Ez, hik herrien suizidio kolektiboa bilatzen duk, besterik ez! Ez zagok gerra bidezkorik, ezta borrokalarien justiziarik ere!

MINOTAURO: Beno, hi ere ez haiz oso bakezalea, ez! Ez haiz etorri etaren arrimura, euskaldun independentisten albora hurbildu?

JOXE: Ez haiz orain konparatzen hasiko Espainiako Errepublika zapaldu zuen frankismoa, Europa birrindu gura izan zuen faxismoa eta euskaldunen borroka, ez?

MINOTAURO: Nik hildakoak, anabasa, anarkismoa baino ez diat ikusten edonon!

JOXE: Anarkismoa? Kar, kar, kar! Atera egin duk berba magikoa!

MINOTAURO: Bai, anarkismoa, Errepublikaren garaian Espainia barrutik jaten ari zen kantzer izugarria, Europa...

JOXE: Anarkismoa akabatzea, errotik erauztea aitzakia, herrien askatasun egarria hiltzen duzue!

MINOTAURO: Herria? Defini iezadaK, mesedez, berba hori! Ez ote dituk herri komunisten, anarkisten, independentisten aurka daudenak? Iraultza guztiek heriotza eta sufrimendua baino ez ditiztek ekarri!

JOXE: Zuen ordena, zuen bakea, hilerrietako ordena eta bakea baino ez dituk!

MINOTAURO: O, ez esan! Beharbada hire lagunen lehergailuak eta garondoko tiroak gurago dituk, ez?

JOXE: O, ez nauk sartuko tranpa horretan, ez! Zein anarkia duk txarrago, esan!, libro izan gura duen herri batena edo askatasun nahi horri aurka egiten dioten Estatu klerikalarena eta klero burokratizatuarena? Non duk anarkismoa, gizon-emakume diziplina gabeetan, herrian, edo erakunde publikoetan, zapalkuntza, suntsipen eta heriotza sorburu bihurtuta dabiltzala?

MINOTAURO: O, jakina, zeinen gaiztoa izan den Eliza! Zer egin behar zian, bada, zure lagunak elizak erretzen zituztenean, abadeak eta mojak akabatzen zituztenean?

JOXE: Aizak, eliza hori itxuraz baino ez zuan kristaua, herriaren etsai bihurtu baitzen, militar traidoreen ondoan jarrita!

MINOTAURO: Ea, gogaitzen hasita nagok! Orain baduk mendeku hartzeko aukera! Hire frustrazio guztiak nigan garbi itzak! Migel hilda zagok! Medea nire esku!

JOXE: Mendekua hartzeko aukera neukanean ere, ez nian hartu! Nik baino hobeto dakik hik gerra hasi zenean hainbat idazle eta jauntxo kume salbatu nituela!

MINOTAURO: Tira, egia esan, oso koadrila berezia izan zineten: komunista batzuk Ama Birjinarengan sinistu, eta kristau batzuk komunista sutsu eginda zenbiltzaten! Eskerrak hi ia talde horretako azkena haizena!

JOXE: Ni inoiz ez nauk komunista izan!

MINOTAURO: O, beno, egia duk, komunistekin heriotzaraino, baino beste urrats bat gehiago eman barik! Horixe esaten huen, bai! Oraindik txarragoa, komunisten bidaide!

JOXE: Minotauro, ez haiz batere zuhur jokatzen ari! Den-dena antzerki pertsonaia biren arteko borroka baino ez duk izan! Ez dituk ikusten, itsu bai itsua? Begira, hor zaudek, bateko, On Kixote, Jainkoarekin amets egiten duen zoroa, horren gose delako, besteko, Don Joan, komunista, mundu arrazionala amets, mundua maite duelako.

MINOTAURO: Eta Santxo, herria, non duk? Eta Medea, maitale erabilia?

JOXE: Begira, bi gizaki klase baino ez gaituk: elkarri ulertu nahi diogunak eta elkarrentzako itsu-gorrak. Hi, Minotauro, elbarritasun mota guztien jabe haiz!

MINOTAURO: O, nik esango nikek ederto ikusi dudala adarrak non josi, alafede!

JOXE: Estatu faxistak beti jokatzen dik hire antzera! Berdin ziok helburua lortzeko zenbat errugabe zapuztu behar dituen ustezko erruduna harrapatu nahian!

MINOTAURO: Tira, Errepublikaren garaian hik inongo mirarik ez huen izan anarkistek 1937.eko maiatzean Bartzelonan egindakoa kondenatzeko!

JOXE: Herriaren aurka matxinatu zituan eta!

MINOTAURO: O, oker ez banagok, eta ez nagok oker, horrexegatik zapaltzen ditek orain euskaldunen borroka armatua!

JOXE: Den-dena okertzen duk! Horixe dela-eta matxinatu dituk eurak armak eskuan hartuta! Eta ez pentsa ez nagoela guztiz damututa Errepublika garaiko nire egin batzuekin, ez! Nik, bederen, zalantza egin diat! Hi, ez, hi beti monolitikoa haiz!

MINOTAURO: Zezena nauk, ez? Nik esango nikek hik hainbeste miresten eta goraipatzen duan herriaren gehiengoa ez datorrela bat bortxa erabiltzearekin! Ikusten?, nork begiratzen duen, horrelakoxe begiratua!

JOXE: Kontua ez duk Euskal Herrian zer gertatzen ari den argitzea, hori hemengoen kontua duk eta, hire joera galaraztea baino! Orain, pozarren habil monarkian, ez? Gustura, eroso!

MINOTAURO: Egongo ez nauk, bada, monarka Jainkoaren graziaz baita errege!

JOXE: Ederra grazia, niri ez zidak barregurarik batere eragiten!

MINOTAURO: Hik ere onartu behar huke monarkia konfesional hori!

JOXE: Kar, kar, kar! Espainia usteltzen hasita zagok eta horra joango nauk ni, harren artean bizitzera! Hiri ere haratustelaren kiratsa darik! Zergatik uste duk, kaiku hori, etorri naizela hona? Eta zergatik ez nauk bakean uzten? Ez nauk arriskutsu! Ezin diat ezer argitaratu, ia inork ez zidak irakurtzen, dirurik ez zeukaat, ahuldurik nagok, gaixorik!

MINOTAURO: O, Joxe, baina arriskutsua haiz, ikur bihur haitekeelako beste batzuentzat! Baita hemengo independentisten jostailu ere!

JOXE: Jostailu izatekotan, hire jostailua baino ez nauk izango! Baina, apika, gauzak zertxobait aldatuko dituk laster! Izua ezin duk inoiz Estatuaren aparatu bihurtu! Bakezaletasuna aitzakia, ezin duk Gizadi osoa esklabotasunean eta zuzengabetasunean eduki!

MINOTAURO: Oso diskurtso hunkigarria benetan, zeharo demagogikoa ez balitz, jakina!

JOXE: Demagogikoa? Non zagok demagogia? Demagogia duk naziek eta faxistek, demokraziaren aurka daudela ere, bide demokratikoak erabiltzea erakunde demokratikoez jabetzeko, hik eta hire lagunek egiten duzuen moduan!

MINOTAURO: Nik hire lagun euskaldunak ere eroso ikusten ditiat Espainiako arerioen abantaila guztiez baliatzen!

JOXE: Jakina, gerran arma guztiak erabili behar dituk!

MINOTAURO: Eskerrik asko, Joxe! Horixe entzun gura nian eta! Lasaitu ederra hartu diat, benetan, ni horrexetan baitihardut, hain zuzen!

JOXE: O, isil hadi! Dena okertzen eta korapilatzen duk! Hik inork baino hobeto dakik zer esan gura dudan!

MINOTAURO: Bai, jakingo ez diat, bada! Beharbada horregatik bidali hion hire izenkide Stalini laudoriozko gutun bat, ea Munduko Gerra amaituta Espainia armen bitartez askatzen ote zuen faxismoaren hatzaparretatik! Horrela, asto joan eta mando etorri! Bide nabar, Trotskyren gainean kristorenak eta bi esaten hituela!

JOXE: Garai hartan nire bihotzak bestelako taupadak egiten zitian!

MINOTAURO: Esan, Joxetxo bihotzekoa, gaur ere laguntza eskatuko hieke hango lagun ustekoei?

JOXE: Ez zekiat, ez zekiat, benetan! Halere, gaur hutsaren hurrengoa baino ez nauk, piperrik ere ez diat balio!

MINOTAURO: Amen eta hala izan bedi!

JOXE: Sarritan erabili diat buruan kontraesana hori, ez pentsa, pertsonarekiko begirunea eta iraultzaren eraginkortasuna! Orain pena bakarra zaukaat: erantzuna oraindik topatu ez izana!

MINOTAURO: Eta ez duk hain erraz aurkituko! Gehiago esango diat: erantzunik ez zagok! Ideologiak erlijio laikoak baino ez dituk! Sinesmen eta fede kontuak! Huskeriak! Munduaren antzoki honetan komediak tragediak bezain ondo antzez daitezkek! Tragikomediak —hirea, adibidez— ere oso ondo etorriak dituk!

JOXE: Horretan bat gatozak: nirea tragikomedia hutsa duk! Barrea eragin nahi dudanetan, negarra baino ez duk sortzen eta negarra eragin nahi dudala, barre algaraka hasten dituk ikusle guztiak!

MINOTAURO: Handia haiz, Joxe!

MEDEA: Handia duk, bai! Handia txikitasuna onartzen duelako!

MINOTAURO: Ondo etorria, neska! Zer, berpiztu haiz?

JOXE: Medea, eskerrak ezer gertatu ez zainan!

MEDEA: Hik esaten duanez, ni ez nauk gizaki, beste orden batekoa baino!

MINOTAURO: Eta, zertara itzuli haiz, hire semetxo hau defendatzera? Hobeto hengoen lozorroan!

MEDEA: Ez! Hi akabatzera itzuli nauk!

MINOTAURO: O, non utzi ditun heure hastapen bizi eta baketsu horiek? Hi ere iraultzaile bihurtuta hago? Zeinen beldur naizen! Honek gero eta tankera handiagoa din endredo komedia txar batena! Baina izan hadi ondo etorria eta heldua, bai, horrela hire miresmena murrizteko aukera izango dun Joxeren aitorpenak entzunda!

JOXE: Medea, barkatu hi honetatik denetik igarotzera behartzeagatik!

 

Kateak kenduko dizkio, minotaurok galarazten ez dio eta.

 

MEDEA: Antzerkia baino ez duk, ezta? Baina ez kezkatu, nahi ez dudanik ez diat egingo!

MINOTAURO: Bada, begira, Medea, eztabaidatzen ari gintunan zelako erantzukizuna izan zuen askatzaile honek Errepublika garaian bere lagunek egindako txikizioetan, protesta handirik ez zinan egiten eta!

JOXE: Ez, kontrakoa duk, Mino, kontrakoa! Nik bi gurutze neramatzaan: marxismoarena eta kristautasunarena!

MEDEA: Garaipen guztietan galerak izaten dituk!

MINOTAURO: Eta galera askotan garaipena! Hala ziotek, bederen!

JOXE: Migel, hik bigarren biderrez hildako hori, gizakia zela, falangistek atxilotuta hil zuan! Eta onena zera duk: haietan sinismen osoa zuela, nahiz eta hasiera batean beren faxismoari iseka egiten zion! Gero hiltzaile huts moduan ikusiko zitian, halere, bera hilda gero, falangistok eraman ziaten hilkutxan nitxora! Errepublikar batzuek traidoretzat salatzen ziaten!

MINOTAURO: Eta ez zuan, ala?

JOXE: Migel intelektualaren drama biziaren islarik fidelena zuan! Gauza guztien aurka egonda, azkenean definiziorik ezean geratu zuan, mugatuta, erratu nahi ez izategatik inoren alde egin barik!

MINOTAURO: Iruditzen zaidak hori ez dela hire arazoa!

MEDEA: Migelek Errepublikaren kausa utzi zian bere iritziz horren defendatzaileak zuzenak ez zirelako!

JOXE: Baina ez zunan konturatzen, Hekuba, guda zuzenak izan daitezkeen arren, armada zuzenik ez dagoela!

MINOTAURO: O, enetxo!, baina hori manipulazio mota guztietarako sarbidea duk! Ai, ai!

MEDEA: Kontraesan handia duk hori, Joxe, etika guztien aurkakoa!

JOXE: Gobernuaren etika herritar guztion esku zagok, gure ahaleginaren, gure entregaren araberakoa izango duk!

MINOTAURO: Eta hire lagun iraultzaile eta abertzaleen etika?

JOXE: Gure guztion esku ere bai!

MEDEA: Gizonon gobernuak eta desgobernuak halako beharrizan misteriotsu baten bila zoazak, baina nik inoiz ezin izan ditiat ulertu! Medea moduan, seme-alabak hil beharrean egoten nauk eta, Hekuba naizen aldetik, seme-alaba guztiak hiltzen zizkidatek, ni neu ere harrikatzen ez nautenean!

JOXE: Begira, Medea, bi indarrek tiratzen izan ditek nigandik beti: ekintzak eta pentsamenduak!

MINOTAURO: Eta hik, kristauen pentsamenduarekin geratu beharrean, komunisten ekintzari ekin hion! Eta orain abertzale iraultzaile hauen alde jarri haiz!

MEDEA: Minotauro, Minotauro, ez haiz konturatzen Errepublikaren alde bultzatu zuen indar bera, 1968.eko maiatzean Parisen ikusi uste zuen bultzada eta egun Euskal Herrian agertzen zaion arnasa gauza bat eta bera direla?

JOXE: Hala dun, bai! Kristautasuna izan duk beti dotrinarik iraultzaileena, komunistena bezainbestekoa edo!

MINOTAURO: Hori erromantizismo eta demagogia merkea baino ez duk!

JOXE: Ez, zelan egon daiteke kristauaren bihotza lasai eguzkipean hainbeste bidegabekeria egiten dela ikusita?

MINOTAURO: O, nonahi ikusten diat nik bidegabekeria! Zuen aldean, eta nirean!

JOXE: Nik zapalduen malkoak ikusten ditiat eta kontsolatzailerik ez dagoela ere!

MEDEA: Zertarako dik gizakiak lur honetan leher egin beharra? Belaunaldiak joan, belaunaldiak etorri, munduak mundu zirauk! Eta emakumearen altzoa beti zurtz, beti mortu! Beti gizonaren eta pizti beltzaren arteko borrokaren meneko! Zinez diotsuet bioi egunen batean munduan diren eme guztien umetokiek ez dizuetela gerrarioi eta zezenoi seme-alaba gehiagorik emanen!

MINOTAURO: Bizitza kontraesanez beterik zagon, Medea! Hik ondo dakin, hire seme-alabak hil behar izan ditun eta! Sortzen dun eguzkia eta berdin sartzen! Behin eta berriro bide beretik... inora ez heltzeko! Ezin inork esan zeinen aspergarri den guztia!

JOXE: Ez, horixe sinistarazi gura diok hik jendeari, ez dela ezer berririk eguzkipean! Baina ez duk egia! Konformidadearen bidetik eroan gura izaten duk populua!

MINOTAURO: Ez, hori Biblian esana duk!

MEDEA: Zuen borroka aspergarria zait erabat!

JOXE: Gauzak aldatu behar dituk, zapalkuntza, zuzengabekeria inoiz edo garaitu behar ditiagu!

MINOTAURO: Bai, zer edo zer aldatzea... denak berdin irauteko!

MEDEA: Hemen nauzue zezen plaza honetan zuei begira labirintoan nola egoten zareten gero eta galduago! Lanbide txarra hartu duzue, benetan! Eguzkipean gertatzen denari begira egon nauzue, eta den-dena huskeria iruditzen zait zuengan! Etorkizun bera duzue gizonek eta abereek, gizakiak hiltzen diren bezala hiltzen dira abereak, piztiak! Arnasa bera hartzen duzue denok, gizonek ez duzue ezer abereek ez dutenik! Ba, dena huskeria!

JOXE: Bai, Medea, baina pizti beltz hau gizonaren alde iluna dun! Oraindik ez haiz jabetu?

MEDEA: Ondo jabetuta nagok, Joxe, benetan! Baina alde ilun hori hire-hirea duk!

MINOTAURO: Oso zuzen hago, neskatxa!

MEDEA: Ez haiz inoiz konturatuko, Joxe, bera hiltzen baduk, hi ere hilko haizela?

JOXE: Ez, ez dun hori!

MEDEA: Bai, gizon, bai, tragedia honetan denak toki berera zoazte: hautsetik zatozte eta hautsera itzuliko zarete! Eta zuen ostean hautsa baino ez da geratuko! Hautsa haizean!

MINOTAURO: Aizan, Medea, ez dezanala pentsa hik hemen iraungo dunala gu guztiok desagertutakoan!

MEDEA: Horixe pentsatzen dudala, pizti beltz hura! Luzaroan egon nauk ene ahizpekin zuen bion lan guztiak, zuen eginahalen emaitzak jasaten: dena bekaizkeria, dena huskeria! Garai berriak zatozak, zuek nahitaez!

JOXE: Bai Medea, ni prest nagon pizti honen aurka borrokatzeko eta gizakion alde basa bertan ere akabatzeko, zurekin bat egiteko gizarte berria eraikitzen!

MINOTAURO: Ene, ene! Honek gero eta itxura txarragoa duk, benetan! Komunismoa eta feminismoa dena suntsitzeko prest! Tira, egia esan, ez zidak axola batere beste biktima bat egitea! Migel ez diat gurata hil, egia! Baina orain poztu egiten nauk, bai! Oso garai latzak bizi ditiagu eta epelek, zeri eutsi ez dakitela daudenek, partidurik hartzen ez dutenek, ez ditek tokirik izango gizarte honetan! Hire hazi anarkista hori errotik erauztea hobe! Eta hi, Medea neurea, bi bide izango ditun: nirekin elkartuta arraza berria munduratzea, piztiaren seme-alabak barreiatzea, sistema sendotzea, ala bertan akabatzea utopia zale txolindu horrekin!

MEDEA: Ez, zuen bion denbora amaitzen ari da! Aukera ez da dagoeneko zuena!

JOXE: Ibaia, denbora ezin dun atzera itzuli. Gizakia bai. Jaioterrira itzul daiteken, edo beretzat jotzen duen edozein lurretara. Jaioterrira itzultzea ez dun atzera itzultzea. Eta ibaiak horixe ez zakin, hain zuzen ere!

MINOTAURO: Oso poetikoa, baina... haize hitzak dituk! Uzker berba ustelak! Zarata handiaren ostean... hatsa, besterik ez!

MEDEA: Harrotuegi ikusten haut, zezen beltz hori! Eta hi ere arrisku bizian hago! Garai berriak ikusi ditiat etortzen eta horietan ez duk hiretzako tokirik izango!

MINOTAURO: O, ikara batean nagon, benetan! Benetan uste dun hire umontzitik etorriko direla garai berriak? Begira, begira iezagun ondo! Zenbat mendetako historia ikusten dun labirinto honetan? Zenbat gizaki mengel eta ustezko iraultzaile eta zenbat estatu indar boteretsu nire modukorik? Ez, emetasunaren dohainak beregan du zigorra. Seme-alabak erdituko ditun, bai, horra hire boterea, baina ez dun hire esku egoten horrelakoen etorkizuna, horien eginak oro!

JOXE: Jakina, denon Goikoaren menekoak gaituk eta!

MINOTAURO: Nahiz eta, ausardia barkatzen badidak, Joxe, inoiz edo behin, Goikoari eskutxoren bat edo beste bota behar zaion dena behar bezala zuzentzeko!

MEDEA: Begira, aukera bakarra eskaintzen dizuet zuen patutik libratzeko! Bakarrik, elkarren aurpegiz aurpegi, jardun beharrean, elkarrenak izan zaitezte, elkarrekin ari zaitezte! Elkartze horretatik etekin hobea aterako duzue, ezbairik gabe! Gure sabelen fruitua emankorra dela ikusita, beharbada ez duzue emeen mendekurik jasango! Bi izanda, bietarik bat erortzen bada, besteak jasoko du, baina bakarrik dagoena, izango ote du nork jasorik? Bati eraso egiten diotela? Bi defendatzaile!

JOXE: Medea, hor dagoen Minotauro hori atzetik etorri zaidak bizi osoan, beti orpoz orpo rii hil nahian!

MINOTAURO: Hil nahian ez, zorigaitzeko hori! Nigana erakarri nahian, Estatuaren eta Elizaren altzora berriro arteztu guran, inoiz ere handik atera behar izan ez huenez gero! Esaiok, bada, Medeari, zelakoa den paradisu komunista! Espainiatik, gure aldetik ihes eginda, nolako aran oparoa topatu duan hemen, euskaldunen artean!

JOXE: Ez nauk hona etorri paradisu bila, lur espainiarrean lurperaturik geratu nahi ez dudalako! Eta non toki hoberik, Espainia izan nahi ez duen lur espainartu hau baino, non hobeto erabili azken indarrak, herri honen alde borrokatuta baino? Hemen ere bihotza erdibiturik ditek, nire antzera! Bizitza duk gure grina, egia, gure arrazoia!

MINOTAURO: Bai horixe, guk grina dugu geure bizitza, eta geure arrazoia, egia!

MEDEA: Ezin nauzue isildu zuen itsukeriaren aurrean! Isiltasunak ahaztura dakar eta ez dut gura uzta horretarako hazirik eman! Denbora zuen aurka doa!

JOXE: Denborak ez zion axola, Hekuba, axola bizitzak din, egunak joan egunak etorri gero eta motzago zain eta!

MEDEA: Beldur nauk; Joxe ez diala tutik ere ulertzen!

JOXE: Medea bihotzekoa, Melusina moduan aurkeztu haudanean, antzerki hutsa izan haiz, mozorroa baino ez, baino mozorro gardena! Halaxe sortu haut, hire atzetik ikusleak nahi duan esangura topatu ahal izateko, nik, egile moduan ezer gaineratu ez dudalako!

MINOTAURO: Ederra, Medea, honek emandako papera! Beharbada, hik heuk akabatuko dun badaezpadako egile hau, nik ezer egin gabe ere!

JOXE: Isil hadi, harroputz hanpatua! Melusinari hiru arima desberdin izendatu nizkioan antzerkian, baina azkenean berak eskutik irabazi eta aukeratu zian!

MEDEA: Dena dela Joxe, ni, aldez, hik esandakoak nauk, bai, baina, hik emakumearen izate osoaren alderditxo bat baino ez duk harrapatu! Bihotzez eskertzen diat eginahala, baina orain bakarrik ibiltzeko garaia heldu zaiguk!

MINOTAURO: Horixe, nire beso indartsuetara etortzeko!

MEDEA: Ez, ez diat seme-alaba gehiago erdituko labirinto honetako hondarrak haien odola zurrupa dezan! Joxe, joan hadi hemendik eta utz iezadak honekikoak berdintzen!

 

minotauro joxeri oldartu eta lurrera botako du.

 

MINOTAURO: Hemendik ez dun aterako, ez bizirik bederik!

MEDEA: Ez nazak behartu nahi ez dudanik egitera!

MINOTAURO: Hau ez dun hire kontua!

JOXE: Ikusten dun, Beatriz? Hik paradisurako atea erakutsi nahi didan, baina ezin zionagu honi ezikusia egin! Bizi osoan ibil zaidan orpoz orpo!

MEDEA: Hik beti aurkeztu naun grinarik gabea, jainkosa moduan! Amodioa niretzat heriotza bera baino indartsuagoa dela! Hara, orain neurez hasiko nauk ibiltzen! Eta ez dizuet utziko elkar hiltzen!

MINOTAURO: Oso ondo, ken ditzagun, bada, denok mozorroak!

JOXE: Bai, mozorrorik gabe ere ederto batean egoten duk eta! Mozorroa...

MEDEA: Mozorroak aurpegia estaltzen dik, musua desitxuratzen dik!

JOXE: Mozorroa gauza ona ere izan daiteken.

MINOTAURO: Ahoa, bederen, agerian uzten din!

MEDEA: Bai, eta hik entzun beharreko guztiak entzungo dituk nire ahotik!

JOXE: Mozorroa aurpegiari zer, hitza pentsamenduari beste horrenbeste, arrazoia egiari bezala! Mozorrorik onena, aurpegia bera dela esan zuen Federikok, filosofo handiak

MEDEA: Ulertu gura badidazue, hauxe baino ez dizuet eskatzen, euria entzuten duzuen bezala niri aditzeko, belarria erne ura erortzen entzuteko.

JOXE: Argitasun izugarria dun egiaren ezereza. Zein egia? Artearena? Mozorro hustuarena? Aurpegiarena, mozorroa, arimaren mozorroa, mozorro gardena den aldetik? Egia izugarria dun poesiaren argiarena!

MINOTAURO: O, burukomin izugarria sortzen didate zuen hitzezko korapilo horiek!

JOXE: Jakina, hire moduko zezen beltz batek esan zian, bada, “Hil bedi adimena!”! Atera kontuak, bada!

MINOTAURO: Nik ez nuke horrelakorik esango, baina intelektual batzuen letrazko inkontinentziak gonbito larria sortzen zidak! Mesedez, zoazte, idatz itzazue zuen gogoeta horiek eta niri kartaz bidali, ondo erre ahal izateko!

JOXE: Ankerra, krudela haiz, benetan! Hik bultzatuta joan ninduan erbestera eta han, hiri esker, etsiak jota, guztiz erorita, ez nian ia ezer idazterik lortzen!

MINOTAURO: Horrela bi neke aurreztu genitian: hirea, idaztekoa, eta gurea, irakurri beharra!

MEDEA: Pizti beltz hori, aizak, entzun ondo! Literatura ez duk ahulen babestokia, hik aurkezten duan moduan! Indarrari uko egitea eta kemena paperean jartzea? Hik uste baino gogorragoa duk!

MINOTAURO: O, niri ez halakorik esan, zezena baino ez nauk, ekina, mugimendua!

JOXE: Bai, hi beti mugitzen haiz ezer mugi ez dadin, ezer alda ez dadin!

MINOTAURO: Eta hi beti mugitzen haiz... nesken aldera! Hire emaztea hil zenetik, beti nesken arrimura! Ez haiz kapaza bakardadeari aurpegi emateko!

MEDEA: Eta zer ziok horrek? Zer ziok gizonak emakumearengana jotzeak? Zer arimak aringarrien bila jarduteak?

MINOTAURO: O, niri ez itaundu, hik esan dun lehen gizonok emakumea erabiltzen dutela! Nik, piztia naizenez gero, ez diat horrelako arazorik: piztiak ez dik moralaren zuripenik behar!

MEDEA: (joxe besarkatuko du) Zeinen bakarti. hire bihotza, zeinen bakarti hire pentsamendua, zeinen bakartia arima bakartiaren bakardadea!

 

minotaurok indarrez banatuko ditu.

 

MINOTAURO: Alden zaitezte elkarrengandik! Ai enetxoak, ez hasi orain zikinkeriatan, zirritan! Tira, zer dira amodio lizun eta naturaz aurkako horiek? Izango duzue astia, nolanahi ere den, zuek biok hiltzen zaituztedanean, edo nire bidetik etortzea erabakitzen duzuenean, elkarri belarriak gozatzeko!

JOXE: Hire ondora itzuli? Zertarako itzuli? Atzera ere neure burua engainatzeko? Ez, laguna, ez! Nire aberritik bere harriak eta zuhaitzak, itsasoa, lurra, zerua baino ez ditiat nahi! Espainiarretik? Ai, ene, haiekin gogoratzerik ere ez diat gura! Ez oraingoekin, ez lehengoekin! Batzuek eta besteek, itzultzen banauk, traizio egingo zidatek berriro, batzuk beldur direlako, besteak koldar hutsak direlako! Ez eta ez! Espainiarretatik ez diat berriz inoren gainean tutik ere entzun nahi! Espainiaren bakardadetik nire bihotzak ederto zekik! Itzuli? Zertarako itzuli, nire bakardadeetara itzuliko nintzateke eta?

MINOTAURO: Drama zalea haiz, benetan!

MEDEA: Ez, errealista, besterik ez! Oso ondo ulertzen diat hire aurka borrokatu nahi izatea, den-dena kendu dioanetik!

MINOTAURO: Neuk kendu? Ai, ene errukarria!

JOXE: Ni ezin nauk adiskidetasunik gabe bizi. Zuhaitzetan eta animalietan ere sentitzen diat!

MINOTAURO: (Ironiaz) Eta nigan ez duk sumatzen?

MEDEA: Ez dituk berdinak izaten lurralde guztiak? Mundu honetan bizi zarete heriotzarako; zertarako aldatu gura, beti ere berbera izango baduk? Beti berbera izango duk, guk berdina ala desberdina gura izateak berdin diola!

JOXE: Jaioterria turismoaz prostituitu eta mozorrotu diten, gero eta suntsituago utzi arte! Espainia, ate biko etxea duk, jagoten gaitza.

MINOTAURO: Ez zagok lagun doilorragorik aberria ukatzen duena baino!

MEDEA: Bai, bere seme-alabak ukatzen dituen aberria duk nazkagarriagoa, aberri izaterik merezi ez du-eta!

JOXE: Nik ere, hortxe datzan Migel horren antzera, Espainia diat min, zertan ukatu?

MEDEA: Baina zer duk Espainia, zer Euskal Herria, zer aberria? Emakumeak bere burua beste aberririk ez dik!

JOXE: Askotan horixe galdetu zionat neure buruari, baina ezin dinat erantzun, ez dakidalako bakarra ote den ala bi Espainia edo gehiago dagoen! Susmatzen dinat Espainiak eta Antiespainiak, dena delakoak, ezin dutela elkarrizketan jardun. Bakarrizketan ziharduten. Batak bestea suntsitu nahi din. Ez ditun gai ezta beren buruarekin elkarrizketan jarduteko ere. Benetan bi barik, bakarra ote direlako? Ahotsik gabe keinuka dihardute, ispilu aurrean keinuka, dialogorik gabe, Kain eta Abel balira bezala!

MINOTAURO: Zein Antiespainiaz ari haiz, lagun? Bi estatu demokratikoren aurka ez ezik, bere buruaren aurka borroka gaitzean diharduen baskoen herri honetaz? Hala bada, bai, zuzen hago, ispilu aurrean keinuka eta aieruka diharduela onartu beharrean nagok! Baina, lehen ere esan diat, Euskal Herri honetara etorrita antzoki txarragoa, zezen plaza badaezpadakoagoa aukeratu duala! Hemen bihotza bitan barik, hirutan edo lautan zeukatek banatuta! Joko hau, benetan, ez duk batere errenta!

MEDEA: Beti geratuko zaik, Joxe, itsasoa, aberririk gabeko guztiak aberri berrira batzen dituen deserri zabala!

 

minotauro galarazten saiatu arren, leihorantz joango da joxe eta leihoa zabalduko du, itsasoa barrura sartzera gonbidatzeko keinuak egiteko.

 

JOXE: Itsasoa adiskiderik onena bilakatu zain, benetan, egia eternal eta bizia! Behar dinat! Itsas udaldi honetan ulertu dinat Migelek Hendaiako erbestealditik hainbatetan errepikatu zidana: itsasoaren adiskidetasuna zen den! Hain naun horren beharreko!

MINOTAURO: Begira, utz ezak horrenbeste zorabiatzen nauen itsasoaren ezegonkortasun likido hori eta hator harea eguzkitsu honen irmotasun sendo eta ukigarrira!

JOXE: Zer eskaintzen didak, bada? Ugazabak ikaratuko dituzten iraultzak? Ez! Hobe populua bere sabelaz baino kezkatzen ez dela edukitzea! Sinestea, ez sinestea? Hobe leloarena egin eta ematen digutena hartzea! Bestek har beza boterea! Geldiro egotea! Inor ez mugitzea! Edozeren gainetik, ordena! Batez ere, ordena! Ba!... hiretzat!

MINOTAURO: Ez zagok ikusi nahi ez duena baino itsu txarragorik! Hire jaioterrian arriskua baino ez duk ikusten! Arriskua, norentzat? Noiztik ez duk hik mehatxuzko telefono deirik jaso? Ez diate lan ondo ordaindua eskaini hainbat egunkari eta aldizkaritan? Beldurra eta pena ematen omen dizkik hire herriak! Dena hilik edo hilzorian! Gezurra, hik ukatu ala ez, inoiz baino biziago zagok! Non duk, bada, hik esandako mendetako atzerapen hori? Beste herri batetaz berba egiten duk, hire buruan baino ez dagoen aberriaz! Hi hago baltsamaturik, gorpu momifikatu gisa! Zeinen izugarri eta penagarria!

MEDEA: A, zelako urrikalgarri zareten biok, zein baino zein piztiago! Begiak zikindurik dituzue eta ez duzue ezertxo ere ikusten, zuen begiratuan usteltzen ari delako isuri duzuen odola! Bai, biona, bai!

 

minotaurok eraso egingo dio, baina medeak saihets egitea lortuko du.

 

            Aberriaren itsuak zarete! Bakoitza bere ikuspegi hipokritaren jabe! Bekaitz izatea ez ikustea da, eta zuen bihotzak bekaizkeriak itsuturik daude, anai-arreben hiltzaile zarete, krimenik handienaren errudun, gurutzadak abiarazi dituzuelako elkarren aurka! Krimen hori dela-eta ezin duzue ezer ikusi eta zuen begiek zeri begiratzen dioten, hura usteltzen dute erraiak husten dizkizuen ustelkeria hori dela bitarte!

 

Biei berba egingo die, gogor.

 

            Zinez diotsuet gainera datorkizuen iraultza berri eta argitsu honetan, emakume berriaren aroan, zuen begiak bekaitzez eta beldurrez zikindurik egonez gero, hobe izango duzuela begiak errotik erauztea, eme berria ez zikintzeko!

JOXE: Ez nauk dionan emakume berri horren beldur, ez! Baina, munduaren ibilera aldatzeko gauza izango duk? Horrexek kezkatzen nain gehien bat! Nahiago dinat neure mamu erromesaldi hau behar baino gehiago ez luzatu! Gauza batek baino ez dinat eskatzen: idazteko eskua, baimena izatea! Beta hartu eta barruan irakiten ditudanak idatzi eta jende aurrean aurkeztea, edo antzeztea!

MINOTAURO: Ea, zuek biok, tira, hau lar luzatzen ari da!

JOXE: Bai, zuzen hago! Neure aberrian pelegrin, erromes ibiltzera behartu nauk, Minotauro! Erraiak erdibituta ditiat, halere! Gaitzesten diat hik ordezkatzen duan espainiartasun hori, baina herrimin izugarria sentitzen diat batera! Lurrak, urak, herriak, jendea... denak entzuten ditiat musika isil batean, bakardade hosdun batean! Hara zergatik itzultzen den hilobi hustura ene mozorroaren hutsunea!

MINOTAURO: Isil hadi, bada! Txolintzen hasita hago erabat! Zer duk farfail ulertezin hori? Hire poema hutsal horietako bat? Egia esan behar badiat, gurago ditiat zezen-ketaren gainean idatzi hituenak!

 

Ia oharkabean harrapatuta, joxek minotaurori paparretik oratuko dio.

 

JOXE: Pizti malapartatua! Higan ispilu heriotzazkoa ikusten diat, deabruzko isla itzultzen duela, antzekotasun onartezina, herioren irudi izugarria, amets krudela, aberria!

MINOTAURO: Ikusten dudanez, aberria, deserria, erbestea... dena korapilatzen zaik labirinto are izugarriago batean! Lana errazten didak, benetan!

MEDEA: Ez zarete kapaz izango zuen patuei lotzen zaizkizuen kateak hausteko? Tragikomedia hau laster tragedia bihur daiteke guztiontzat!

MINOTAURO: Ez gaitik honek gizaki honek horretara ekarri, ala? Duin antzez dezagun, bada, dagokiguna! Izan gaitezen itsu!

JOXE: Bai, destinoa, gerren zergatikoa, tamala, jainkoaren legeen eta gizadiaren legeen arteko borroka, krudeltasuna, esklabotasuna... inoiz baino biziago ikusten ditiat, taulara ekarri beharreko!

MINOTAURO: Oso oker hago, adiskidea! Tragedia bene-benetako bakarra gure bion artekoa duk! Utz itzak alde batera berba hanpatu eta puxika horiek!

MEDEA: Tragedia molde honenak ere egingo du laster! Gizakia destinoaren aurrean zezena plazan toreroaren aurrean legez! Ankerra bai ankerra! Garai berriotan Edipok ez ditik behin eta berriro, mundua mundu deino, begiak erroetatik aterako eszena gainean!

JOXE: Baina antzerkia beti izango duk oihu, mozorro garden!

MEDEA: Bai, jaioko den izaki berriaren askatasun oihu!

MINOTAURO: Nik garrasi bakarra aditu gura dinat, Medea, hirea!, hik botako dunana nire adar zorrotzek idazle usteko honen haragi guria zulatzen dutenean! Horixe dun artearen eredurik bikainena!

JOXE: Oihua minezkoa eta izuzkoa bezain algarazko eta pozezkoa izan daiteke, Hekuba!

MEDEA: Izan bedi beti egia garrasia!

MINOTAURO: Izan dadila txilio eroa!

MEDEA: Baina garrasiak ez dizue sentimendua, emozioa mozorro gisa estali behar!

JOXE: Ez, denbora gerarazi behar din, izoztu, une betiereko bihurtu ikuslearen oroimenean!

MINOTAURO: Eta non geratuko duk dibertimendua?

MEDEA: Negarraren ostean, barrea etortzen duk!

JOXE: Barrea zapalduen opioa duk!

MINOTAURO: Tira, tira, atzera ere hasi gaituk esan ahalak botatzen!

MEDEA: Asko dakik hik, pizti ezjakin horrek! Antigona moduan, ene haragietan sufritu diat zentzurik gabeko bizialdi baten larria eta esperantzarik eza! Ez hildakoen, ez bizien artean ez nian irteerarik ikusten, ezerezetik aterako ninduen ezer, inor! Zeinen deusez izugarria, zelako isiltasun zapaltzailea mundu huts eta azalpenik gabea bizi beharra!

JOXE: Bai, horrela aurkeztu hindudan! Baina hortik askatzeko moduan eman ere!

MEDEA: Izan ere, orain bazekiat nora joan behar dudan! Ene sortzailea bera gainditu diat!

MINOTAURO: Antigona, Medea, Hekuba... Zer saltsa dun hau, neska? Haizena haizela, emea haiz, ama, sortzailea, ez?

MEDEA: Ez ahaztu, zekor horrek, ama batek maitasun bera jar dezakeela umea egiteko orduan zein bere sabelaren fruituari bizia kentzean!

MINOTAURO: Ea, eme berria aldarrikatzen duen hau, Joxe, odolzale samar gertatzen ari duk? Kar, kar, kar! Ai, Laura Beatriz, poeta itsu guztien argi itogarria, egion argi heure buru enoratuari ere!

JOXE: Gerra guztiak suntsitzera etorri haiz, ez dun?

MEDEA: Bai, hala duk!

MINOTAURO: O, eta zer bidetxo, zidor edo senda erabiliko dun, eme guztien ama?

JOXE: Ondo zuzen hoa, Hekuba! Ez konformatu gerra eta borroka zuzengabe guztien biktima izatearekin! Izan hadi martiri, borroka hadi hire buruaren alde, hireak defendatzearren!

MINOTAURO: (Ironia handiz, isekaz) Ai, ene zoritxarrekoa! Ai, urrikaria! Ai, gaitzetsia bai gaitzetsia! Zeren abandonatu naun, Medea?

MEDEA: Goitik behera begiratzen diat eta ez nauk ikaratzen! Eskua luzatu diat behin, hobe daukak hartzea, ez duk bigarrenik izango: joan hadi, piztia, denbora den artean! Herensuge mitikoa ere dardarka zagok, nire haserrearen sua dela bitarte suzko euritik alde egiten dik infernu betean!

MINOTAURO: (Jendeari galdetuko balio legez) Sua, sua? Nork esan du sua? O, ez, aztoratuta nagon! Laguntza, mesedez, Laurekuba, Medetriz!

MEDEA: Barre egin indarrik duan artean, barre! Jaramon egizue, biok! Gerra ahularen oldarra, erasoa da! Indarraz, gudaria izateaz ziria sartu gura izaten du, baina ahul dirau! Gerrak, guztiarekin ere, herriak suizidiora eroaten ditu zuzen eta artez! Zuen antzera, destino historikoa aldarrikatzen du... ezintasuna ezkutatzearen!

 

minotauro, ia oharkabean, joxerenganaino helduko da. Esku-apatx-hatzaparretako batekin ukituko du.

 

JOXE: A, zer da hau? Zer sartu didak barreneraino? Hau hotza! Medea, Medea, hator, lagundu! Orain, nora joango naun ikararik egingo ez dudana? Donostia Espainiako hiririk hotzena iruditzen zitzaidanan, eta horregatik aukeratu ninan! Edo berak aukeratu nindinan! Hotza dun bai, eta bertan, inguruan, hementxe bertan ere, dena dardara dun, guztiak ikara batean gauden, eta ez hotzagatik, hain zuzen ere! Zer sartu didak, pizti beltz horrek, zer? Bihotzean min dinat! Minez nagon, Hekuba!

 

medeak bere tunika emango dio.

 

JOXE: Ah!, hobeto nagon, baina zer egin didan horrek?

MINOTAURO: O, toreroak bere azken hatsa botatzerakoan sentitzen duenaren zatitxo bat, erabateko ezerez hutsaren izotza!

MEDEA: Eta hik, zorigaitzeko halakoak, erakarri nahi gaitik higana, hoztasun horretara?

MINOTAURO: Nirekin bat eginda epeltasuna baino ez duzue sentituko!

JOXE: Begira, egin ezak alderantziz! Utz itzak nire herriarengan erein dituzuen analfabetismoa eta ezjakintasuna, itzul iezazkiok bizi irudimena, kulturaren erroak, hitz batean, bere hizkuntza!

MINOTAURO: Gustura egingo nikek, bai, ulertuko banu, alegia, hik heuk jakingo bahu zer esan nahi duan!

JOXE: Hik beti egonarazi duk herria analfabetismorik larrienean!

MINOTAURO: Nik? Zuek, intelektual handiusteok, zeuen zilborrari begira baino idazten ez duzuenetik, inork irentsi ezin dituen lanak erditzen dituzuelako!

JOXE: Ba, ez nauk horrelako eztabaida agorrean hasiko hirekin! Tira, adarkatu behar banauk, lehenbailehen egin erasoa! Begira, etsita nagok erabat espainiar izateko modurik onena, espainiar itxurarik ez izatea dela, espainiar izaten ez ahalegintzea, areago, espainiar izan nahi ez izatea!

MINOTAURO: Balitekek, balitekek, baina... esan, zer sentitzen haiz hemen, euskaldun ala espainiar? Tira, orain harrapatu diat kontua, bai, menturaz Euskal Herri independentea lortuta, horren enbaxadore izango hintzateke... Espainian? Ez duk asmo txarra, ez... amets ero eta hutsala ez balitz!

MEDEA: Gauean argiak erakarritako tximeleta itsuak dirudizue!

MINOTAURO: Tira, hainbeste babesten dunan sasiidazle horrek ere beti izan dizkin inguruan neskatxak, bere hitz ulertezin eta, uste ustelean, jakintsuek erakarrita! Eta zeinen pozik bera!

JOXE: Bazekiat ez zidatela ulertzen, bai! Baina haiek inguruan ditudala, hobeto ulertzen zioat neure buruari! Horrela, bakarrik egiten diat dantza, neure buruarekin, neure itzalarekin dantzan, neure baitarekin elkarrizketan jarduten duela!

 

Dantzan egingo du, bakarrik. Gero medeari besoa luzatuko dio. Biok hasiko dira dantzari, baina minotaurok elkarrengandik bereiziko ditu.

 

MINOTAURO: Zer duk hau? Ikuskizuna hondatzen ari zarete erabat!

JOXE: Asko dakin hik, bada, zer den ikuskizuna! Begira, zer dakik hik hitzen gainean? Gure berba biziaz, arimaren odola eta gorputza den horretaz? Fedearen, maitasunaren, poesiaren euskarri duk elea! Zer dakik hik horren gainean? Esan, bada! Hoa, hoa eta saia hadi ziria sartzen inozoei, ez baihaiz kapaza hizkuntzaren errai taupadatsuetan bizitza topatzeko! Hiregan ez diat ezer gizatiar ikusten!

MINOTAURO: Eta zer dik horrek harritzekorik? Piztia nauk, hik esan duk!

JOXE: Piztia haiz, baina pizti adimen handikoa; estatuaren arrazoia, gizadiaren zapalkuntza, gerra guztien arrazoiak higan pilatzen direlako! Zinikoaren beldurragoa nauk ni piztiarena baino!

MINOTAURO: O, zinismo kontuetan isilduko nauk, bada, horretan hi ni baino askoz ere adituagoa haiz, ez? Ez ziaten esaten, bada, hire lagun anarkistek Errepublika garaian elizak erretzen zituztela Jainkoa askatzeko, abadeek preso zeukatelako? Eta hik, kristau bakezale moduan, ez huen protesta nabarmenik egin, ez?

MEDEA: Justiziari dagokionez, nork begiratzen duen, horixe ikusten du! Baina, zer duk, Joxe? Dardarka hago!

JOXE: Lehengo hotz hori ez zaidan joaten, Medea!

MINOTAURO: Hori jaioterriari uko egiten dionak zain edukiko duen bakardadearen mina baino ez duk! Tira, sar iezadak hire ezpata, hil nazak epeltasuna berreskuratzeko!

MEDEA: Ez ahaztu une bakoitza, arnasaldi bakoitza azkena izan daitekeela! Ez alferrik eman gehiago zuen indarrak eta denbora! Ezta nire pazientzia ere!

JOXE: Errepublika garaian lubakietan Herioren hatz hotza nabaritu nian garondoan, Parisko barrikadetan, 68ko maiatzean, atzera ere nabaritu nian, gazte utopikoen epeltasunak uxatu bazian ere! Benetan uste duk, harro zaku horrek, atzera eragingo didala hire arnas ustelaren jelak? Ez, orain, Euskal Herriko fronte honetan egiatan hi garaitzeko aukera zaukaat!

MINOTAURO: A, bai, eta, bide nabar, barrikadetan hik ere aldarri egin huen paradisua orain leloa? Hi ere ibili hintzen porroa eskuan eta loreak tximetan? Ederra itxura, benetan!

MEDEA: Utopikoa zuan maitasuna eta bakea eskatzea?

MINOTAURO: Ez dun hala, Hekubatxo?

JOXE: Parisko barrikadetako esloganak eta kristau dotrina bat eta bera zituan!

MINOTAURO: Batez ere komuna horietan egoten zen amodio libre promiskuoa, ezta? Ederto entenditzen diat, bai, ederto! Egia esateko, kristau izateko, haragizaleegi ikusten haut, alafede! Medea, Medea, kontuz ibili Kaxtero honekin, ar iberiko honekin, ez hadi izorra! Ez ote dun, Beatriz oro garbia, inoiz ikusi kaletik neskatxaren mardo eta guriren bat hurbildu ahala nola itxuraldatzen zaion aurpegia beti-zakil-zut honi? Neure animaltasun basaren grina bera ere gainditzen din!

JOXE: Hire zirikadetatik harantzago nagok, benetan! Antigonak gaitzesten banaik ez duk izango hire esan larderiatsuak direla eta!

 

Isilik eta pentsakor, gogoetan balego legez.

 

            Parisko arantza bihotzean barne-barne zaukaat! Hura udaberriko iraultza bizia zuan! Gogoan daukan, Laura, zelan ibiltzen gintunan eskutik elkarri oratuta? Orain dena zailagoa, geldoagoa, gogorragoa duk! Baina hemen, Bidasoaz alde honetan dena alda daiteken! Tamala, halere, berezkotasun hura galdu izana! Komunista batzuek...

MINOTAURO: Alegia, hire bidaideek...

JOXE: ... traizio egin ez balute, Frantzian inoiz izan den iraultzarik garbien, justuen eta oparoena ezagutuko genikenan!

MINOTAURO: Niri ez errurik lepora, laguntxo! Hire lagunei eskatu kontu!

JOXE: Hamahiruko manifestaldi harrezkero, zenbaki hori poesiaz beterik ikusten diat! Utopia ukitu nian!

MINOTAURO: Laurak barka biezat, baina utopia baino, ez zuan izango haietako neskatxa iraultzaileren baten ipurdia edo bular aldea?

MEDEA: Laster amaituko duk hire harropuzkeria faxistoidea!

 

minotaurok medea hartu eta vals zoro batean dantzatzera behartuko du. joxe atzetik joango zaie, baina ez du lortuko medea askatzerik. Bat-batean oihu bat entzungo da eta medea aske geratuko da.

 

MINOTAURO: Zer egin didan, sorgin halakoa? Hau mina! (Barrabilei eutsiko die)

MEDEA:  Zer? Hire harrotasunaren neurriko zapata eman diat!

JOXE: Ez hadi harritu, Melusina, mozorroz aldatu arren, totalitarismoa beti bat eta bera dun! Ez zaion gustatzen pentsamendu askatasuna, are gutxiago adierazpen askatasuna! Horixe gertatzen duk pizti honek gobernatzen duen inguruan, nire jaioterri zaurituan!

MINOTAURO: Zeinen oker habilen lagun! Hire aberkideetatik ia inork jaramonik egiten ez badik, ez huke pentsatzen hasi beharko beharbada eurek aurrera egin dutela eta hi heure ideia zaharkituek inguratuta eta ezindurik gertatu haizela?

MEDEA: Hala balitz ere, espainiar guztiak ergelduta, sorgortuta baleude ere, zer espero daitekek idazleak beren idazkiak direla bitarte erruduntzat jota, erbestera zigortzen dituen herri batetik?

MINOTAURO: Ederra bota dun, e neska? Baina egia dun, Melusina! Oker ez banago, zuen Euskal Herri bukoliko honetan haizeak ez din jotzen aurpegi alde, ez?

JOXE: Hire ondoan salatari eta boterearen mendekoa izatea baino ez duk balioesten!

MINOTAURO: Hi total gaixorik hago! Hire moduko konformagaitza ez izateagatik, gainerako idazle, artista, antzezle, ikusle eta herritarrak oro kondenatzen dituk! Ba, begira, beharbada joaten utziko diat, ez haiz nire aurka plaza honetan neurtzeko moduko arerioa!

MEDEA: Minotauro, hire esateko moduan zinismo hutsa ez balego, gauzak onbideratzen hasi direla esango nikek!

JOXE: Jaramon egin behar dion piztiari?

MINOTAURO: Zergatik ez? Hik beti esan duk zezena pizti noblea, arteza dela!

JOXE: Baita ere deabrua haragi eginda!

MINOTAURO: Zelako deabrutasun ikusten dun niregan, Medea? Basatia naun, bai, ezin dinat ukatu! Baina patuak eta jainkoek hartaratuta! Gizakiok ere halakoxea izatera behatzen naitek! Hiri ez zain antzera gertatzen? Hator, hator nire ondora, hi ere gizonari matxinatuta habil!

MEDEA: Ez, Tartalo, kontua ez duk nagusi bat egoztea beste ugazaba baten menpean geratzeko! Nekatu arte esan eta esan dizuet aurrerantzean neure burua beste jaberik ez dudala izango!

MINOTAURO: Hoa, beraz, hemendik! Hemen geratzen bahaiz, hire aurka jardun beharko diat ere!

JOXE: Mehatxua mehatxuaren gainean! Hortxe, hortxe zagok hire esku leuna!

MINOTAURO: Etorri, etorri biok! Ez dizuet ezer egingo! Berba egin dezagun!

 

Besoak zabalduko dizkie. Besteak ez dira hurbiltzera ausartuko.

 

MINOTAURO: Ez zarete hurbilduko? Begira, on beharrez ari nauk!

 

Keinu bat egingo du eta labirintoa desagertuko da.

 

MINOTAURO: Etorri, bada! Ibil gaitezen, egin dezagun osteratxo bat!

 

Besotik helduko die. Pantailan Txingudiko badia ikusiko da.

 

MEDEA: Hau dena eldarnioa ala amesgaiztoa den ezin erabakita jarri nauk, zezentxo!

JOXE: Hemen zer edo zer ez zagok oso ondo! Zer lortu nahi duk? Esan egia!

MINOTAURO: Gu hirurok, azken buruan, berdinak gaituk!

JOXE: Zertan, bada?

MEDEA: Bai, zertan?

MINOTAURO: Gutako bakoitza bere patuak behartuta doa, eta ez dugu lortzen ildo horretatik ateratzerik! Historian askotan gertatu izan dira horrelakoak! Baina, beharbada, elkar hartuta, beste bideren bat topatuko dugu ataka honetatik ateratzeko!

MEDEA: Esan dut, bada, zuen garaia amaitu dela! Emakumearen aroa laster jaioko da! Nirekin ez duzue ezer adostu behar! Har ezazue zuek elkar, konpondu zuen desberdintasunak eta igaroaldia ez zaizue hain neketsu izango!

 

minotauro atzera ere suminduko da.

 

MINOTAURO: Tira, hik gura dunan legez egingo dinagu! Hik aukeratu dun!

 

Beregandik egotziko ditu, lurrera botata. Haserre, suzko zirkulua eratuko du hiruron inguruan.

 

            Azken aukera galdu duzue! Joka dezagun azken tantoa!

JOXE: Hitza ez duk inoiz izan hire ezaugarririk nabarmenena, ez!

MINOTAURO: Hirea bai! Komunistok, intelektualok, propaganda, erausiak, azpijana, satorlana erabiltzen dituzue bazterrak nahasteko!

JOXE: Bazterrak nahastu? Bazterrak berez zeudek nahastuta!

 

Aurrerantzean minotaurok erasoka egingo die etengabe. joxe eta medea saihesten ahaleginduko dira. Erdian, migelen gorpu estalia. minotauroren amorrua gero eta handiagoa izango da.

 

MEDEA: Itzal ezak sua, damutu aurretik!

MINOTAURO: Hire lagunari eska iezaion, berak dun zeremoni maisua!

JOXE: Nik itxura baino ez dizuet eman! Baina, izan, zuek biok bazineten bi mundura jaio aurretik ere, eta halaxe izango zarete ni desagertutakoan ere! Eta zezentxo, ondo aditu, ez diat nik hire aurka propagandarik egin behar, hi haizelako hire aurkako propagandistarik txarrena!

MINOTAURO: Bazterrak nahastea esan diat, bai! Arrazoi humanitarioak aitzakia, prentsa eta irratia erabiltzen dituzue sistemari aurka egiteko! Herri xehearengan artegatasuna edo zalantza ereiten dituzue, ur uherretan amuarrainak harrapatzekotan!

MEDEA: Atzera ere kontu zahar horiei atxikita?

MINOTAURO: Zelako kontu zaharrak, bada? Bazter nahasleak, gure lagun honen antzera, inoiz ez dituk gelditzen! Martiria bilatzen diten, herriaren martiria, Estatuaren, poliziaren eta armadaren izen ona galtzearen!

MEDEA: Ez ezak, beraz, Joxe martiri bihurtu!

MINOTAURO: Ez beldurrik izan, Medea, hau sekulan ez duk izango martiria! Noiz ikusi dun, bada, mamu bat martiri bihurtzea? Martiri izateko bidean balego, ez luken bizi mamua izango! Baina bere moduko intelektualak, lehen ere esan dinat, arriskutsuak ditun, gazteren bati edo besteri burua berotu diezaioketelako eta! Begira iezaion! Bere artikuluetan, hitzaldietan eta liburuetan, ezelako lotsa barik, Estatuaren eta Elizaren oinarri sendoak apur-apurka jaten ditin! Bazterreko gertaeraren bat aski din herriarengan errukia edo izu ikara sortuko duen panfletoa, libeloa sortzeko! Hain dun erraza herriaren sentimentalkeria piztea!

JOXE: Erraza, ez! Herri xeheak ondo zekik non duen bihotza, informazioa behar bezala helarazten bazaiok!

 

Ostikoka botako du joxe lurrera. medeari esker ez du suaren gainera jarriko.

 

MINOTAURO: Informazioa? Deformazioa, esan benetako izena, deformazioa! Hire kulturak aukera ematen dik jendearen joerarik grinatsuenak ukitzeko! Arrazionaltasuna aitzakia, hori bai! Makiavelikoa dun, Beatriz! Utzidan narrasti hori hautsarekin berdintzen!

JOXE: Ez, utzidak, besterik gabe, nire iritzia jendeari aditzera ematen! Populuak erabaki dezala!

MEDEA: Hator, Joxe, zuti hadi! Hau dena zelanbait azkendu beharrean gaudek!

MINOTAURO: Beti inori izen ona galdu guran! Banakoaren frustrazioa subertsioa politiko zelan bihurtu saiatu eta saiatu! Adimena zikindurik duenak, ezin egia bilatu!

MEDEA: Egia bakarrik balitz, sikiera!

MINOTAURO: Fariseuen antzera jokatzea zeinen erraza den! Errepublika garaian troskistak erreprimitu zituztenean hik ez huen zipitzik ere esan, atzamartxo bat ere mugitu! Stalinismorik ankerra zuritzen ibili hintzen! Intelektual frantses batzuek hiri eskatu ziaten troskistak berme guztiekin epaitzeko! Eta hik esan huen gehiegizko formaltasun juridikoak erabiltzen zituela Fronte Popularrak! Patetikoa!

JOXE: Isil hadi! Frankismotik demokraziara inongo eskandalurik sortu gabe pasa den politikari frankista gailego hark bidali zidan gutuneko berbak errepikatzen ari haiz! Pozoia darik aho zantar horretatik! Ideologia dela eta sekulan ez diat ezer egin inoren aurka! Eta hildako guztiak neure sentitu ditiat!

MINOTAURO: Sentimenduak esan duk? Sentimenduak aipatu dituk? Zeinen erraza den, sentimenduak inon ikusten ez direnez gero!

 

Nekez, baina joxek minotauro paparretik beltzea lortuko du. Ukabilaz mehatxu egingo dio.

 

JOXE: Honek ez dik ifrentzurik! Zirt edo zart erabaki behar diagu!

 

minotauro itotzen saiatuko da. minotaurok egiten utziko dio, erantzuteke.

 

MEDEA: Ez, ero hori, ez! Utz ezak, utz ezak, ez hadi bere pareko bihur!

MINOTAURO: Ikusi dun, Mari Munduko horrek? Ikusi, Mari Urrikak? Ni bezain piztia dun! Areago, eskizofrenia paranoiko moduko batek jota din eta! Hau giza hondarra duk! Non duk idazle sublimea, Parnasoa eta Greziako antzokiak zapaldu dituen izaki txit gora? Non jainkoen eskutik erramua jasotako heroia? Nazka ematen didak!

 

Tua botako dio aurpegira. joxek ez dio medeari garbitzen utziko. Haserre, baina oso lasai berba egingo dio piztiari, hainbesteraino non atzera eragingo baitio, hitzen indarra atzera eramango balu legez.

 

JOXE: Munduaren azken bazter honetara etorri nauk ezkutatzera, bai! Beste parteko mamuetatik, oihartzunetatik eta itzaletatik alde egitearren! Eta bakardade hauetan gorderik ene bihotzak aurresentitzen dik bere sentipenak ez duela zentzurik izango heriotzaz harantzago! Zer dela eta, beraz, ez diat aurpegia emanen? Neure kontzientziarekin bat etorriko banaiz, aurre egin behar diat! Gainera, aspaldian mamu zibila nauk, osoko mamu izateak ez zidak atzera eragingo!

MINOTAURO: Mamua bahaiz, ez dik bat ere axolako nire adartxo hauen ukitu goxoa zertan den jakiteak! Ea, zer espero duk mundu honetatik?, unetxo bat izango duk, besterik ez: nigana oldartu eta mamu ibilera horiekin betiko ahaztu!

 

medeak joxe besarkatuko du, zer gerta ere.

 

MEDEA: Hire buruaz beste egitea ez duk irtenbidea!

JOXE: Hamaikatxo estualdi bizi izandakoa nauk, Lisistrata, eta inoiz ez zaidan burutik ere pasa horrelakorik egitea! Lasai! Eta, hi, goizale hori, ea kapaza haizen nire antzera egiteko! Hik, tirano guztien antzera, ezin diek etsaiei barkatu, denak hil dituelako! Nik, berriz, ezin diet bakartu areriorik ez dudalako, denak ahaztu ditiat! Eta laster hi ere haizeak daroan kea izango haiz!

MEDEA: Ez duzue inoiz amore emango, ez?

JOXE: Eskuz esku iraungo dinagu berak eta biok, biderik bako itsasoz eta zeruz, errari, galdu dugun aberriaren bila!

MINOTAURO: Nik, bederik, ez diat aberririk galdu, ez!

JOXE: Nik bai, eta mingostasunak, Laura, lau era, barnetik erretzen nain, astiro! Nigana hurbilduz gero, pizti beltz hori suzko bihurtuko dun! Are hi ere, hire handitasun gardenean! Hobe dun zezenak esandakoa egitea, hoa bakean eta barka iezazkidan txarto egin-esanak!

MEDEA: Esan diat nire buruari baino ez diodala men egingo! Eta, erretzekotan, neuk aukeraturiko suan jasoko dudala garbikundea!

JOXE: Eskizofreniko esan didak lehen, zikiro beltz horrek! Eta, apika, egiaren jabe haiz, egia irabazteko burua galdu behar delako! Gauzarik egiazkoenak eroaldi hutsak dituk! Hi bete-betean hago heure buruarekin harro, seguru irmo! Zeinen oker habilen, zeinen oker! Hi heu uste haizen hori, barnean uste daroaan hori, ez haiz heu, ezta hire arima ere, are gutxiago hire bizitza, ezta, zer esanik ez, hire gorputzaren itzala ere ez!

MINOTAURO: Nor duk, bada? Eskizofrenikoa, ez, gutxiegi ez ote dudan esan nagok!

JOXE: Ea nor den, hi ez haizen hori, hi izan gabe herorri den hori? Galde iezaiok besteari, hire ametseranzko bidezidorrean galduta utzi huenari!

MINOTAURO: Zezenok ez diagu ametsik egiten! Neu nauk ene amets!

MEDEA: Hire buruaren lokamutsa esango nikek!

 

minotaurok eromena adierazteko keinua egingo dio medeari, begi keinadaz batera. Belauniko jarriko da eta lurra kopetaz ukituko du joxeren aurrean.

 

MINOTAURO: Segi berbetan, mesedez, sinestunen jaun argi horrek, guztion gidari eta lema haizen horrek!

JOXE: Hire barnean ez bahago, ezta hire baitatik at, eta hori dela-eta, niri gertatzen zaidan legez, heu ez haizela, inor ez haizela iruditzen bazaik, zeragatik baino ez duk, osotoro harrapatu hauen bakardade horretan hilago hagoelako bakarrik baino, bakarrago hagoelako hilda baino!

MINOTAURO: (Belauniko oraindik ere) Egidak argi, arren eta arren! Ez ezak utz hire meneko hau ilunpean!

MEDEA: Ez isekarik egin, inozo halakoak!

 

Aurrerantzean, zezenketan jardungo dute.

 

JOXE: Trufatzea? Txantxa hik eta hire lagunek nire herriarekin egindakoa! Diktadoretzar txikiak dena lotuta baino lotuago utzi zian hildakoan, eta zuei esker egun jende askok uste dik denbora joana hobea zela! Herritarren ilusioak zapuztuta utzi dituk! Eta entzun, mamu batek esaten dialako: gorpu bat gorde duk hire baitan dena alda dadin ezer aldatu barik! Hori bai hilzori izugarria! Horrela habil, hi, gorpu horren arrek barrutik erabat janda! Iberiar lur eta jendeak har zulo bihurtu dituk, ustel toki erregetiarra eratuta!

MINOTAURO: Zertan dakartzak orain mintzabidera horrelako kontu zaharrak? Ni neu demokraziaren eredu bihurtu nauk, hik, artean, proletarioaren diktadura duk amets!

JOXE: Bizitzen uzten ez badigute, hil gura ez duten zenduak hil behar ditiagu! Nazka-nazka geratu arte jardun nian egoera salatzen, pagu moduan zer jaso, baina?

MINOTAURO: Zer?, harrikadak! Eroei herriak betidanik bota izan zizkiek harriak! Makila dantzatu, zer, bestela?

JOXE: Ustezko harrikariek botatzen dizkidaten harriek ez didate bat ere minik egiten, ez direlako benetakoak, ez material aldetik, ez moral aldetik ere! Arrazoizko harriak izan litezkek, bai! Harrikari harrikatzaile horiek hainbeste txikitu naitek beren gorrotoaz eta lerdokeriaz, non harriak buru gainetik pasatzen zaizkidan!

MINOTAURO: Zeinen diskurtso aspergarria, benetan! Errepublika, diktadura, monarkia...! Aukeran, Medeak iragarritako garai berriak gurago!

MEDEA: Denbora amaitzen ari zaizue! Garai berria erdiminez eta haurgintzako oinazez garrasika dago! Zoazte hemendik, astia duzuen artean!

JOXE: Forma politikoak, biziak badira, ezin dituk berretu! Hildakoak lurrari dagozkio, ez bizidunei! Monarkiak zulora joan behar dik eta bertan bakean etzan!

MINOTAURO: Eta hire errepublika ondo hori, zer?

JOXE: Haur jaio berria hil zenuten gaztetxo izateko aukerarik ere eman gabe! Gizakion historia ezin duk eten, herriak aurrera egiten dik etengabe! Lehenak esango dik gaurrak nola dantzatu! Errepublika duk erregimen bakarra bere burua zuzentzen duena, beraz, ez dik faltsifikazioa jasaten!

MINOTAURO: Kar, kar, kar!

JOXE: Begira, antzerkian koroiek baditek beren tokia, baina sasiko koroiak benetako bizitzan koroi ere izan nahi duenean, anakronismo eta zaharkin hutsa bihurturik, gizaki baten buru gainean jarrita, orduan bai komedia! Burua koroiaren zamari ezin eutsita ibiliko da! Egin nahi eta ezin!

MEDEA: Zoazte, zoazte hemendik, laster jaioko denak zuek irentsi aurretik! Zoazte, zoazte basamortura zuen arteko iskanbila eteteko gauza ez bazarete!

MINOTAURO:  Ez zagon zezen plaza mortu hau baino desertu hoberik! Aizak, pipiek jotako iraultzaile hori, zer duk eta monarkia demokratikoaren aurrean?

JOXE: Entelekia absurdu guztien aurka dudan gauza bera! Monarkia eta demokrazia antitetikoak dituk! Olioa eta ura, nahastezinak! Sasoi txarreko fruta ez da heltzen, kanpotik berde egonda, barrutik ustelduta egoten duk erabat!

MINOTAURO: Eta monarkaren eskubideak?

JOXE: Eskubideak ez dituk egintzak, eta hori titikoak ere bazekik! Horra zergatik laga daitezkeen!

MINOTAURO: Tira, herriak aitatxo-amatxoak behar dizkik! Eta horrek denak lasai uzten gaitin! Ez duk gobernurik onena izango, ez, baina hire errepublika horrek, zer ekarriko dik? Haustura?

JOXE: Hobe hori komediako errege-erreginak baino, partidu sasidemokratikoek errejenta jokatzen oskoletik, herriak txalotu ala txistuka hasi ez dakiela!

MINOTAURO: Hi, eta nork jasotzen dik urtero, telefonoz eta gutunez, Errege-erreginen Etxearen gonbitea intelektualentzako harrerarako?

JOXE: Eta onartu izan diat noiz edo noiz joatea?

MINOTAURO: Ez, baina hi inoiz ez haiz inongo jai, omenaldi edo harrera ekitalditara joaten! Baina eskertu egin hien!

JOXE: Errepublikarra izan arren, amaren gizaseme prestua nauk! Gonbiteak gonbite, aldatu ote diat inoiz hire operetako monarken gaineko iritzia?

MEDEA: Jaiotzeko denak bere bizitza maite izango du heriotzaren aurrean kontra egiteko beste! Behar duzue poztu, beraz, lur-itsasoekin batera pozkaria sentitu, zuengana jaitsiko da-eta orain arteko munduko hondarrak eta zaborrak astintzera!

MINOTAURO: Harrituta nagok, benetan, eskeletoa izanda zeinen trebe diharduan! Zer Medea, ez hatzaigu elkartuko? Hator, kapea oso kitzikagarria dun!

JOXE: Eskeleto bizia nauk, bai, madarikatu hori, bai, baina arnasa dudan artean neureari eutsiko zioat, tinko bezain finko!

MINOTAURO: Horrek eskuindarrak ezkertiarrak bezainbeste izutzen baditu ere, ez?

JOXE: Nik txepelak besterik ez ditiat uxatzen! Hi, esaterako, ez haiz batere odol bakoa, ez! Hemen hago halabeharra tentatzen!

MINOTAURO: Lagun, ez zagok halabeharra baino tentazio handiagorik, gure Mari Medea honek atrebentzia barkatzen bazidak!

 

medeak oinazez erdi makurtuta higituko da. Mina ahotsean igarriko zaio

 

MEDEA: Ondo gogoan izan: gatibutasunerako dena, gatibu joango da; ezpata dantzatzen duena, ezpataz hilko da!

MINOTAURO: Aukera handirik ez din uzten honek andrazko honek: ezpatak akabatuta hiltzea edo gatibu bizitzea! Aukeran, nik garrasi bat besterik egingo dinat: ezpata edo hil!

JOXE: Iraultza edo hil ziok nire ahots unatuak!

MEDEA: Hautua egin duzue, laster beteko da zuen aukera! Gizakia eta piztia lurrean direnetik izan den eta lurrikararik handiena ezagutuko duzue! Uhartek ihes egingo dute, mendiak hondoratuko dira, lehorraren partez ozeanoa, itsasoaren ordez oihana nagusituko dira!

MINOTAURO: Gutarik batek ere ez din horrelako eztirik ezagutuko ahoan!

JOXE: Naizena eta bi emango nitizken lur berria ezagutzearren!

MEDEA: Utz ezak, bada, zentzugabekeria itzelezko hau dagoen-dagoenean!

MINOTAURO: Ezin din, Troiako Amalur Elena handi hori! Bide honetan ez zagon oinik atzera botatzerik! Epelkerien garaia joan dun!

JOXE: Bai, lubakia defendatu behar dinat, higatik ere!

MEDEA: Nik ez diat defendatzekorik eskatu!

MINOTAURO: Sistemaren aurkako hauek horrelakoxeak ditun, Maritxu Teilatuko gurea; beti baten bat salbatu behar, baita salbaziorik eskatu ez duena ere! Begira, nik esango diat zein den hire akatsa: hi, nor izateko, muturretara jo behar duk etengabe, erradikalizatu zertan erradikalizaturik ez dagoenean ere!

JOXE: Itsu eta gor egon behar duk, borondatez ala behartuta ez zekiat, ez ikusteko, ez entzuteko zer gertatzen ari den Euskadin, Espainian eta Frantzian! Nahiz eta komunikabide koldarrek jopurik menpekoen antzera jardun, nahiz eta, hik, Minotauro horrek, errepresio terroristaren pizti beltza erabili!

 

Zezenketan dihardute, etengabe.

 

MINOTAURO: Tira, bakoitzak bere defentsa moduak abiarazi behar ditik, ez? Edo hire moduko nahasixkoen esku utzi behar genikek dena?

JOXE: Inoiz ez duk gertatu, orain legez, gobernuek hainbeste baliabide, hainbeste propaganda bide eskura edo menpean izatea herri xeheari informazioa horrelako modu lotsabakoan ezkutatu, itxuraldatu edo gezurrez janzteko!

 

minotauro kapotearekin estropezu eginda lurrera joango da.

 

MINOTAURO: Ene, ene, hau gero eta itxura hobea hartuz doa! Hemen nauk, garaiturik eta desarmatuta... Baina, geldi, geldi, belarriak oker jo ez badit, terrorismoa entzun bide diat! Horretan hire lubakikoak ez dituk makalak, benetan!

JOXE: Ea, goazemak, jaiki hadi, piztiak ere ezin ditiat ikusi lurrari muin egiten! Hi eta hire menpeko kazetari jendaila beti izan zarete oso trebe terrorismoaren izenpean gauza desberdin eta kontrajarriak jartzen!

MINOTAURO: Gustura jarriko nindukek hire mingainari darion jakinduriaren goxoa dastatzen, baina denborak behartzen naik arineketan samar ibiltzera! Barkatuko didak!

 

Adarkada bortitza egingo dio, nahiz eta ozta-ozta harrapatuko ez duen.

 

JOXE: Begira lagun, terrorea sor daiteke bortxarik gabe, baita terrorerik gabeko bortxa izan ere!

MINOTAURO: Barkatzen jakingo duk ene adimenaren laburra, o, jakintsu ezinguztidun hori, baina ez diat piperrik ere ulertu!

JOXE: Estatuak terrorismoa sustatzen duenean bizirauteko, Estatuaren arrazoi bihurtzen duk, horrela, gizakiak heriotzari dion izu mitiko, paniko, milenario eta naturaz gaindikoa estatuarekiko terrore bihurtzen duk! Eta hortxe galtzen dik Estatuak izateko zergatikoa, arrazoitik izura joaten delako!

MEDEA: Unea gertuegi dago zuentzat! Datorren izakiak lurrazpiko leizetara bidaliko ditu etsaiak, hondamendirantz arerioak oro! Beren izenak, izanak eta eginak ezabatuko ditu munduaren liburutik! Orri garbi berrietan ez dute lehengo letra molde zaharrok balioko! Buruargitasunik baduzue, ikusi eta ulertu! Hamaikatxo saiatuko dira bere ahalmen eta agintea jaioberriarentzako oztopo jartzen! Nekez! Borroka egingo diote, baina berak denak garaituko ditu! Egia berriaren argitasunak, haragi biluziaren ederrak, lotsa gorriturik, lurpeko padura ustelduetara zigortuko ditu! Gorrotoa haserrearen sorburu da, maitasuna akats leuntzailea!

MINOTAURO: Barkatuko didan, Medea andre txit gora hori, baina berbeta ugari, hutsegitea sarri! Mihiari eusten dakiena dun zuhurrena! Segi isilik, hausnarka, laster izango naun hire ondoan, betiko gu bakarrik bat izateko!

JOXE: Hire parlamentuan, zeinen fundamentu gutxi!, diputatuek hildakoen giñol bat ziruditek! Zutik, gorpuok! Gernika koadroa ekarri zutenean, ondo ezkutatu ziaten artelan horren esangura: egia akusatzailea, eskandalu harria! Artelana esanda lerdea zerien, putzaren seme-alaba urdetuei!

MINOTAURO: Horretan bat natorrek hirekin: niri koadro horrek ez zidak ezertxo ere iradokitzen! Eta gera zaitez, mesedez, apur batean, zorabiatzen ari nauk itzuli-mitzuli honetan! O, ez duk alde egingo, ez? Su honek izerdi patsetan naik!

 

Keinu bat eginda, suzko ingurua iraungiko du.

 

JOXE: Eskerrik asko itzaltzeagatik, nahiz eta horrek zertxobait epeltzen zuen hire barneko jela! Ihes egin? Ez, Euskal Herria diat ene finis terrae. Aberrian erromes ibili nintzen ia jaio nintzenetik, ibiltari han bizi izan nuen tarte osoan! Hemen egonda ere pelegrina nauk, aberria ez dagoela areago nire baitan! Eta aukeratu diat Euskal Herrira etortzea hildakoan ene hezurrei espainiar lurra ez emateagatik!

MINOTAURO: Hiri gustatu ala ez, hau oraindik ere espainiar lurra duk!

JOXE: Ez, hala sentitzen ez delako! Espainia izaki bizi moduan gainditu beharrekoa duk! Gainditu, berriro ez errepikatzeko!

MEDEA: Zoazte, zoazte, arren eta arren, berandu baino lehen! Berehala, arineketan, ostera zuenak egingo du! Berekoiak bereari jarraitzen dio, besteen aholkuei kontra eginik. Burugabeak ez du zentzu ona gogoko, aukeran, gurago du barruan duena barreiatzea! Zentzugabearen hitzek liskarra sortzen dute behin eta berriro! Buruargiak jakintzari jarraitzen dio, entzule zuhurra horren bila eta bila ibiltzen da!

MINOTAURO: Oso biblikoa jarri haiz, Medea! Baina gogoan izan inor ez dela profeta bere herrian!

MEDEA: Joxe, gaiztoen aroa joan duk! Gogoan indarkeria baino ez dutenak, kalte egitea beste berbarik ez darabilten horiek laster haize gogor batek astinduko ditik orbela balira legez!

JOXE: Bai, Antigona, gizon zuhurra hobe indartsua baino, hobe ikasia ahaltsua baino. Estrategia ona dun gerra egiteko, baina garaipena aholku egokien bitartez baino ez dun lortzen!

MINOTAURO: Eta zein estrategia daukan hik? Ni erabat txolintzea berba eta berba dariala? Denoi ahaztaraztea ezker abertzalearen kide bihurtuta habilela?

JOXE: Ozta-ozta zutik dirauen Euskadi honek baino ezin ekar zezakek errepublikar baten amets den hori! Behin eta berriro esan diat, hemen, behintzat, argitaratzen eta irakurtzen dizkidatela gogoetak! Eta itsasoa...

MINOTAURO: Itsasoa? Zer, desberdina duk hemen, askeago, iraultzaileago?

JOXE: Bai, eta udazkena ere ederragoa! Ez nauk itzuliko! Zenbat eta gehiago pentsatu, itzultzeko gogoa ahulago! Utz nazak bakean espainiar lardaskari eta zaborrekin! Kalte handiago egin zioten ene herriari demokrazia urtetxo hauek diktadura aldi neketsuak baino!

MINOTAURO: Irakiten jartzen nauk hire zentzugabekeriekin!

MEDEA: Inor atzetik orpoz orpo joaten ez bazaio ere, gaiztoa beti iheska! Gaizkileak ez du zuzenbidearen bide zuzena aukeratzen! Zuzena bide txarretik daroana berberak ipinitako segadan jausiko da!

JOXE: Entzun iezadazue biok: ni, Faustoren antzera, esan beharrean nago dena ukatzerakoan guztia baiesten duen hori naizela! Sormen lan guztiak ukazioa dute sorburu! Aurrena, ezetza! Ezin da baietz eman lehendik ezezkorik eman ez bada! Horrela bizi nauzue, zer egin behar dut, bada?

MINOTAURO: Ederto, ni ere etorria nauk hi ukatzera eta! Utzidak, utzidak hi azkentzen, gero hik baiezkoa emateko! Egin dezagun aldaketatxo bat: izan hadi hi zezen izan nadin ni torero. Ekarri trapua!

 

Alderantziz hasiko dira zezenketan.

 

JOXE: Zergatik, ez? Hona etorri naizenetik nire bizitza etengabe asmatzen ari nauk, bizi izan dudan guztia noiz ahaztuko zaidan zain nago-eta!

MINOTAURO: O, gauza handia duk hau, giza piztia trapu batez gobernatzea! Eta hiltzea?

 

Ezpata joxeri sartzen ahaleginduko da.

 

JOXE: Hiltzen naizenean, ez zaitezte, mesedez nitaz gogora! Ez du merezi eta! Hiltzen naizenean, ez nazazue zuen akorduan berpiztu! Joaten naizenean, ahantz zaitezte nirekin arin, ahaztura errukiorrez! Hil gura nuke edozein Pello Kale hiltzen den moduan, heroi, suizida edo poeta ez den edonor hiltzen den gisara! Bere heriotzari berez duen baino zentzu handiagoa eman nahi dioena bezalaxe hil gura dut!

MINOTAURO: Hala izan bedi! Egin bedi hire borondatea! Hator, dasta ezak ezpata honen ahoaren musua!

JOXE: Txikitan lo natzala legetxe joatea dut irrika! Bizitzan non hilda jausirik izan ez badut, zertarako nahi nuke hildakoan horrelakorik lortu? Ez dut nitxorik, ez hilobirik, ez gorputegi ustelik! Hobi komunik izanez gero, bota ezazue bertara nire gorpua! Edo bestela, itsasora, edo utz ezazue zelaian, lurrean bertan, eguzkiak kiskal dezan edo erroek jan dezaten!

MINOTAURO: Hala egingo diagu, ez kezkatu!

JOXE: Laster isilduko natzaizue, bai, eta isiltasun horretatik ez duzue gehiago entzungo nire bozik! Eta isiltasun hori apurtzen denean, ez naiz neu izango atzera ere mintzo izango natzaizuena, beste bat baino, hil den beste bat, inork ere entzun ez duen beste bat!

MEDEA: Biziaren eta egiaren beldur ez duk izan behar!

JOXE: Beldurra bera aspaldidanik dun nire beldur, Mari! Ez zait, ez lar urreratzen! Ni hilko naun bazter utziko nautelako. Herria ere horrelaxe hiltzen dutelako. Jaramonik ez eginaren eginaz hiltzen diten. Baina axolagabekeria errudun hori dun krimenik gaitzena! Deliturik gizakiaren aurkakoena dun!

MINOTAURO: Dena gero eta lainotuago ikusten diat, Joxe, hau duk, ez diat ezer ikusten! Hire berbak gandutsuak dituk! Eta, orain gainera, ke moduko hori!

 

medearengandik laino moduko bat sortuko da, eszenatokia guztiz bete arte. Hizketan dagoen pertsonaia baino ez da erdi argiro ikusiko aurrerantzean.

 

MEDEA: Esan dizuet, bada! Laster urratuko du garai berria! Aurki egingo du argi ene alaba maiteak, ene konfiantza osoaren egoitza izango den horrek!

 

minotauroren tonua, ziniko eta txantxazalea orain arte, kezkatu eta urduri bihurtuko da.

 

MINOTAURO: Zelako azpijoko, jukutria lohia dun hau, Mater Amantisima? Inozo honi atakatik atzeratzen laguntzeko trikimailua? Eskerrik asko gauzak zailtzearren, halere, horrela zezenketa barik, ehizaldia egingo dinat! Eta hain dinat gustuko harrapakinaren odola dastatzea! Hi, Joxetxo Berga Mindua, non sartu haiz? Non gorde haiz? Laura Beatrizen magal epelean? Kontuz ibil hadi, Medusa ez dakiala bilaka Gorgona ankerra!

JOXE: Ez zaukaat zertan ezkutaturik, ezin nauk atzera joan: hor itsasoa baino ez duk! Aurrera baino ezin diat egin!

MINOTAURO: Ez duk martiri kristauen antzera zirku honetan hil gura?

JOXE: Zergatik ez? Nik honela ulertzen diat neure idazle independentzia, sinestun kristau, katolikoaren neure askatasuna; justiziaren egarriz menderik mende sufritu duen herriaren odolari estuki lotuta, orain bizitzaren, egiaren, askatasunaren, independentziaren alde borrokan baitihardu herri horrek, borroka hori gure egia eta gure bizitza denez gero!

 

Lainoa dela eta, hitz egiten dutenean baino ez dira argiro ikusiko. Bestela, laino artean noraezean dabiltzan mamuen itxura izango dute

 

MINOTAURO: Zeinen sugartsu eta... tematsu! Aspergarria haiz... arriskutsua ez ezik! Baina ze lainope zikin dun hau, Medea?

JOXE: Ni ez nauk ilunpearen beldur! Argiz eta ez itzalez inguraturik nagok, gauaren antzera; nire grinak ahitzen du inguratzen nauten argitasunek sortutako laino mehea. Minez nagok barrutik hartuta nauen su ikusezin hori dela eta, kiskaltzen nauen arren, ez baitit surik ematen, apurka eskeleto, mamu, aurri bihurtuz natzaiola!

MEDEA: Datorrenak, berak bakarrik, bakar-bakarrik erraustuko ditu zuen gorputzak eta zuen arimak, zuen egoitzak, bere justiziaren amorruaren amoreagatik! Hona hemen ene esku erruduna bere zeregin errugabean laguntzeko! Bere mingainak justizia botako du zuen aurka listua balitz bezala, emakumeon seme-alabak akabatu baitituzue, traizio egiten baitiozue behin eta berriro, behin eta berriro, bizitzari berari! Aletxorik ñimiñoena ere ez da geratuko justiziazko su horretatik libro, su horrek garbiturik!

MINOTAURO: Datorrela su hori, bada, ia argi pitin bat egiten duen laino ustel honetan! Joxe, hire atzetik nabilek, ez hadi ezkuta!

JOXE: Nor noren atzetik zabilek lainope honetan? Orain, laino hauen artean sentituko duk nik lepoan bizi osoan eroan behar izan dudan bakardadezko zama astunaren apurtxo bat! Begira, ni batzutan neure buruaz ahazten nauk, eta neure burua sentitu gabe, neronen buruaz pentsatzeke bizi izaten nauk, bere burua ahaztu gura duen beste bat banintz legez!

MINOTAURO: Horrek denak ahuntzaren gauerdiko eztulak adina balio dik!

JOXE: Barregarri samar gaudek, benetan, mamu txotxongiloen antzera, airezko titiritero automata baten hari ikusezinek han-hemenka mugiarazita!

MINOTAURO: (Ezpataz hariak etengo balitu bezala egingo du) Eten ditiat hariok! Eta, orain, hator, enetxo, hator! Usaina ondo hartu diat!

MEDEA: Gorrotoa duenari beharbada ez zaio hitzetan igarriko, baina barrua maltzurkeriaz beterik du! Eztiki mintzatzen bada ere, barnea gogoeta higuingarriz beterik du. Gorrotoa ezkutatzen saiatu arren, azkenean txarkeria denon aurrena jarriko du ikusgai! Gezurtiak gorroto dio biktimari. Entzun ondo zer diotsuedan: arriskua ikusita zentzuduna ezkutatu egiten da, heldugabeak aurreraka iraun eta kaltea jasatea du ordaintzat!

MINOTAURO: Animalia naun gizona barik, Hekuba, ez dinat giza adimenik batere, ez dinat ikasi zuhur izaten, ezin hik iragarritako emakume berriaren ezagutzarik neureganatu! Haizea eskuetan harrapatzeko eskatzen didan!

JOXE: O, oker nagok ala hire segurtasunaren irmoa birrintzen hasi zaik? Tira, bada, biguntzen hasi haiz? Hator, hiretzat ere bazagok toki bat hemen! Oihu egin hik ere neure antzera. Gora Euskadi! Gora Euskal Herria!

MINOTAURO: Santa sekulan ez! Baina zer ikusi duk hemen? Autopeko lehergailua eta garondoko tiroa baino ez ditiat ikusten hire lur eskaini honetan!

JOXE: Hemen oraindik aurka egiten ziotek modernitate uniformatzailearen estatu oldeari, hizkuntza nazionalaren alde borrokan ari dituk, lortu nahi duten batasunak ez ditu ez bakantasunik ez uniformatzerik ere ekarriko, hemen oraindik amets egin daitekek gerra eta errepublika galdu zituen herriak aurrera egin dezakeela!

MINOTAURO: Nola eta tiroa eta bonba erabilirik!

JOXE: Zer egin zezakek herriak Estatuaren terrorismoaren aurka? Zer egin behar ditek euskaldunek beren kolerarekin? Beren sumin saindu horrekin?

MEDEA: Nik beste bide bat adierazi dizuet! Bide emankorra, biziaren ibilgu bizia zuen senda elkor horien ordez! Hor dator, egunsenti berria, ez da egundaino horrelakorik ikusi, ezta ikusiko ere berriro menderen mendetan! Haren aurretik suak dena irentsiko du, bere atzetik garrak oro kiskaliko! Eremu gorri zena baratza jori eginda! Mendiz mendi etorri ahala, burrundara ikaragarria doa zabalduz! Bere aurrean ikara izango dira herriak, zurbil aurpegi guztiak, bai!

 

Erdiminez lurrera eroriko da. joxe laguntzera doa.

 

MEDEA: Bere aurrean lurra oro da dardarka, astroek eta izarrek beren argitik apur bat ere galtzen dute datorren alba berri honen argiaren indarra dela eta! Handia duzue eta guztiz ikaragarria Emearen eguna: nork, esan!, nork emango dio aurpegi?

            Ai, ai, hau oinaze ikaragarria, ene alaba salbatzaileak heriorik hotzena dakarkidala begitantzen zait! Garaiz zabiltzate oraindik, zoazte ala gera zaitezte ene ondoan bera etorri arte! Urratu bihotzak! Zuen miseriak agerian jar iezazkiozue! Datorrenak badaki bihozbera eta errukiorra izaten merezi duenarekin, badaki haserre gaitza eta onginahikoa izaten! Ez du alfer mehatxurik botatzen! Oraindik salba zaitezkete!

JOXE: Bai, ni hemen izanen naun, bai! Prest nagon bere uztan galburu bihurtzeko! Ene musikarik isilena emango zionat jaio oparitzat, neure baitan urteak joan urteak etorri idazlanetara agertu nahi izan ez dudana! Ez zidan axola ariman daroadan tristura hilgarri horrek, biziagoa baita zure begiradan ikusten dudan pozak! Nahiz eta honek denak heriotza ekar diezadakeen, nahiz eta heriotzaren ostean ezer, inor ez egon, nahiz eta egunak inoiz urratu ez gau ilun luze hori, nahiz eta, alba nehoiz ailegatu ez, tenore honetako argitasunak betiereko argia izango duk!

 

minotauro atzetik hurbilduko zaie, isilik, ezpata altxatuta daukala. biak biltzen ahaleginduko da.

 

MINOTAURO: Hemen da zuen salbatzailea!

MEDEA: Ez, Joxe, bazter hadi!

JOXE: Neure haragi hilaren gurutze bihurtuko duk ezpata hori!

 

medeak eragotziko dio ezpata joxeri sartzea, baina borrokan minotauro bera geratuko da zaurituta, lurrean etzanda. joxek, guztiarekin ere, laguntzera joango zaio.

 

MINOTAURO: Eskerrik asko Medea, ni zaurituta geure pareko bihurtu haiz, borrokalari eta hiltzaile basa! Kar, kar, kar!

MEDEA: Bai, eskuak hire odolez zikin zauzkat, baina lehen esan diat gustura emanen nizkiela eskuok ene sabelaren fruituari bera zeharo errugabe jaio ahal izateko. Eta unea oso hurbil zagok! Joxe, joan hadi, hobe daukak hemen ez egotea jaiotzen denean, berak era biok pizti honekikoak konpondu beharko ditiagu ezer baino lehen!

JOXE: Baina nire erruagatik zikindu ditun eskuak, Antigona!

MEDEA: Ez duk lehenengo aldia izan, eta hik ondotxo dakik, benetan! Baina ez, ez duk hire errua... ez hirea soilik, bederik!

MINOTAURO: O, orain inoiz baino elkarrengandik hurbilago gaudek! Hator, Joxe, kontutxo bat esan behar diat, belarrira! Ez haiz beldur izango, ez? Ez diok ukatuko zezen zauritu bati bere azken guraria, ez?

JOXE: Hala izan bedi! Ez, esan, bada!

MINOTAURO: Gertuagotik, gertuagotik, ez haut ondo ikusten eta!

JOXE: Bai?

 

minotauro ezer esan gabe, ezpata bere haragietatik aterako du, nekez. Garrasi izugarria eginda, joxe zauritzen saiatuko da, baina ez du lortuko, medeak eragotziko diolako tartean jarrita.

 

JOXE: Medea, Medea, zauritu hau?

MEDEA: Ezer ez duk, hoa, hoa ahalik eta arinen!

JOXE: Ez, ezin haut honela utzi!

MEDEA: Dagoeneko ezer ez zagok hire esku!

MINOTAURO: Izan zaitezte biak madarikatuak!

MEDEA: Joan hadi, Joxe! Minotauro ez da zauri hauen ondorioz bertan hilko, baina laster garai zaharretako gauza guztiak errauts bihurtuko dira alabatxoa jaiotzen denean! Hoa, tenple onean, hi ez haiz garai berrirakoa! Habil libro, aukera duan artean!

MINOTAURO: Horixe, atera hadi ihesi, betiko legez! Zezen bezain torero txarra haiz! (Tua botatzen saiatuko da!)

MEDEA: Ez jaramonik egin zabor honi! Laster eman beharko dik kontu, luze eta zabal eman ere! Begira, ia ez daukak astirik, lainoa zabaltzen hasi duk! Ai, bazatorrek alaba, hemen duk! Agur, Joxe, beti izango haiz ene bihotzeko txoko batean!

JOXE: Ezin dinat laguntzarik eman?

MEDEA: Ez, eraman urrunago pizti hori, jaiotza galaraz ez dezan! Agur eta beti arte! Eta ez izan hainbesteko penarik, hik heuk askotan esan duk hau dena, hasi eta buka, antzezlan hutsa dela!

 

joxek musu emango dio kopetan eta minotauro arrastaka eroango du tarte batean hanka batetik hartuta. Pantailarantz hasiko da joaten. Pantailan itsasoa ikusiko da, oskorria nagusi dela. Bat-batean geratuko da eta medeari begira hitz egingo du.

 

JOXE: Ez zekinat hik ala itsasoak engainatzen nauen, baina gero eta amets itxura handiagoa dudala iruditzen zaidan, Laura! Bizitzeak, azken buruan, ez din garrantzi handirik, axola beste gauzak batek din... baina ez zekinat haren izenik! Ez zekinat, dagoeneko, hau antzezlana, bizitza ala zezenketa den! Zezenketa izan bada, Medea, hiri arrazoia eman beharrean nagon: zezenketa ez dun pertsona irudimentsuarentzat, ez ameslariarentzat ere eta, segur aski, plazan ez zagon emakume bizi sortzailearentzat tokirik! Noren belarria eskatuko diten, Beatriz, ikusleek? Nirea, Minotauro itsu horrena ala... hirea? Baina, ez, ez jaramonik egin, buruargitasuna galduz noala iruditzen zait-eta! Bazekinat ez dugula atzera ere elkar topatuko! Amaituak ditun dramak eta komediak niretzat! Finitu dun hiretzat beste batek idatzitakoa esan beharra, antzeztu beharra!

            Gero eta sakonago sentitzen dinat nire eta beste gauzen zein gizakien arteko amildegia! Apartatzeagatik, lagun bakar izan dudan bakardadetik ere asago nagon!

            Ez, ez naun ni urruntzen, dena apartatzen dun nigandik, ihes egingo balit legez, bizitza sentitzen dinat gauza guztietatik aldentzen den amets moduan! Gehienok ez naitek sentitzen eta nik ez ditinat sentitzen. Ez naiten pentsatzen eta ez ditinat gogoan erabiltzen! Elkarri entzun eta hitz egin gabe, elkar ikusi gabe, bakarrik egoten gaitun, hilotzak bezain bakarti!

            Hain nagon nekatuta, baita nekatuta egotearen unatuta ere, non bizitza osoa unadura hutsa baino ez dela begitantzen zaidan! Goizero, jaikitzerakoan, nire ohantzean datzan gorpu bat altxatzen dinat! Eta zeinen ahalegin neketsu eta hutsala nigan denborari ihes egiten dion mamua altxatzea!

            Ezin dinat ondo ulertu zergatik nagoen bizirik oraindino, bizi naizeneko mundu hau nirea ez bada, bere ametsa nire bizitzaren ametsa ez bada! Argitasun desertuzko honek, itzalik gabeko itzal honek ez din bihotz huts eta bakarti bat baino argiztatzen, arima ilundu eta sorgortu bat besterik ez!

            Medea, Beatriz, Hekuba, Mari... Ez dinat besterik gura geratzeko aukeratu dudan une hau, orain hau, gaur hau baino! Hi, menturaz, ni hildakoan hilko haiz, askoz ere beranduago, ala inoiz ez! Eta luzaro entzungo din nire haurtzaroko oihartzunak zurrumurru gardenean daraman errekastoa! Nik txikitan entzuten nuen bezain dardaratsu adituko dun! Eta bertan nire arimaren ahots ilun eta betiereko galdua!

            Hilzori moduan sentitzen dinat argia, eta arimak eskatzen zidan itzartzeko edo behin betiko lo egiteko!

            Hor hago, nolanahi, hi ez bahintz legetxe, hire buruaren bila hoa eta, batera, harengandik ihesi! Hik heure bizitza dun gogoeta. Nik neure heriotza. Horra zergatik den hain gaitza elkar hartzea, elkarri ulertzea!

            Baina bai, Esfinge nirea, hau ez dun nire garaia, ez nire ordua ere. Nire aldia beste bat zunan, nire tenorea beste bat! Joandakoa ala etortzekoa, asko zekinat nik! Denbora galdua naun, izen baten oihartzunaren pare. Laster joango naun neure baitatik. Eta nora ez dakidala! Ametsik amets bizi izan naun, batetik itzarri eta bestean lokartu, beti amets batean, beti ametsetan! Eta orain honek denak ametsa ez ote den nagon! Amets gaiztoa ala goxoa...

            Zuoi bioi betiko agur esanda, inoiz baino bakartuago izanen naun! Bakardadeak sentitzen ditinat nireak ez balira legez, nik edukiko ez banitu bezala! Hildakoak bezain bakarrik nagom arimarik ez, bihotzik ez, bizitzarik ez, pentsamendurik ez!

 

minotauro guztiz ezinduta dago, etzanda. medea haurra egiteko jarreran.

 

            Bai, zuzen hago, bai, Medea! Baita hi ere, Minotauro! Itxarotea... zeri espero izan, bada? Ez dago-eta zeren esperoan egonik! Dena baitoa eta geratzen baita igarotzen ari den unetxo horretan! Laura, ken ezan bihotzetik itxaroaren zama eta segituan sentitu dun heure arimak arnasa libreago hartzen duela!

            Goiko Jaunari eskatzen zionat hiltzeko arimak jakin gabe, hilko ez banintz bezala! Orain espero dudan heriotza ez dun lehen itxaroten nuen berbera, ez dun hain itsu, hain gor, hain mutu, hain nagi eta luzea. Ikusezina dun oraindik, bai horixe, erabakimen handikoa eta isila, labankada bezain egiazko, zuzen eta bat-batekoa.

            Beharbada hik ez dun hiltzeko gogorik. Neuk ere ez, beharbada. Heriotzari esango zionagu bion zain egoteko tartetxo batean? Hiregan pentsatzen dinat eta poza baino gehiago den min batek apurtzen zidan bihotza bere taupadez, ia fedearena bezain gogorrak direnez gero!

            Begira, hemen neure itsasoa topatu dinat, itsaso boteretsu eta indartsua, hemen topatuko dinat heriotza ere, hi gabe, Beatriz bihotzekoa, haren zain egon beharrik gabe, itsasoaren aurrean! Bazekinat, hona etorrita, aurpegiz aurpegi, bere atea zabaldu didan Donostia horretara heltzeaz batera, badiaren erdian, muino batean, Kristo gurutzefikatua ediren nuelako! Eta hori seinale ageri-agerikoa dun!

            Itsaso indartsu hori, atzera ere itzuli nauk higana, hor haiz, nire berri ez duen itsasoa, jainko handi eta txiki gabeko itsaso hori; denboraz landako itsaso hori, itsas sakon hori, hire izateaz husturiko itsaso hori, hire sekretuaren jagole bakarti haizen itsaso hori! Eta berriro ere itaundu behar diat: zein bakardadeen bakardadek erakartzen dik behin eta berriro gure gogoa hire ezerezera?

            Agur, Medea, agur eta ohore hiri, eta hire sabelaren fruituari! Agur, Minotauro, bizi osoan hatsa garondoan bota didan pizti beltz hori! Zuek lagata, azken erromesaldia baino ez zait geratzen!

            Airezko udaberri honek denboraren beira ere zeharkatzen din, Antigona! Azkenean, egia izango dun nire ametsaren irrealtasuna, eta bere gezurra, egia! Jar ezan hire itzalezko eskua nire esku hutsean eta atera nazan nire bizitzaren amets ilunetik! Atera nazan lokamuts luze eta zentzugabe honetatik, ene Beatriz, luza ezan heure esku babeslea piztiaren eta bion artean, hire sabelaren haziaren egunsentiko bide zerutarretik eroan nazan!

            Agur eta bake on, neure sentitzen haudan alaba jaioberri laztana! Etor bedi hire erreinua! Sortu itzan zeru-lur berriak, inork lehengoak gogora ezin ekartzeko moduan! Ekar itzan amaigabeko poza eta alaitasuna! Sor itzan poz herri bat, non inor bazterturik biziko ez den, berak bazterra aukeratu ezean! Bihur ezan populu zapaldua alai jende! Neu ere, nagoen tokian nagoela ere, alai izango naun, pozaren pozez neure herriarengatik! Ez ditinat gehiago entzungo mamuen negar hotsak, eskeletoen izu garrasiak! Ibaika ekar ezan zoriona, erreka bete ondasun populu berriari! Amak bezala, altzoan bularra eman iezaion gosez dagoen haurtxoari, ez inori kontsolamendua ukatu!

            Goizalde hau zeru eta lur berrien iragarpena izan dadila! Ez bitez errugabeen begietan berriro ere negar anpuluak ikus! Ezaba itzan hilketa basatiak! Arindu ezan borroka eta gerra alferrikakoetako alargun-alarguntsen eta umezurtzen bihotz min izugarria! Izan hadi denon alfa eta omega! Egarri denari dohainik emaion bizi edaria! Gorde ezan suz eta sufrezko garretan dagoen lakua gure moduko koldar, sinesgabe, gaizto, hiltzaile, lizun, azti, sasijainko zale eta gezurti guztiontzat! Diosal, oles hiri, inoiz ezagutuko ez dudan neure bihotzeko kuttun horri! Hik ekarriko dunan itxaropenak baino ez zidan leuntzen hire ezti ezpainen potak, hire beso gurien besarkada amultsua sentitu ezin izateak dakarkidan mingostasuna!

 

minotauro jaiki eta joxerenganantz joko du, baina bide erdian jausiko da, indarge.

Jaioberriaren negarra entzungo da. Tximista moduko batek argituko du unetxoren batez eszenatokia. Argazki geldo moduan, minotauro belauniko eta buru makur dagoela, tximistak erdi-erdian joko du. medeak alabatxoa altzoan du, zezenaren aurrean. Urrundik, joxek besoa agur esateko luzaturik du. Eszenatokiaren atzealdean eguzki gorri-gorria ikusten da. joxe horrantz doa. Oskorriaren argia pixkanaka Errepublika espainiarraren bandera bihurtuko da. Bat-batean ikurrinaren itxuradun oihalak dena estaliko du.

Argiak guztiz itzaliko dira. Handik gutxira argitxo bat piztuko da berriro, telebista pantailakoa. Lehengo aurkezlea agertuko da:

 

            “Joxe Bergamin Hondarribiko hilerrian hilobiratu dute gaur, 1983.eko abuztuaren 29 honetako arratsaldeko 6etan. Oso zeremonia xumea izan da eta bertara ehunka lagun bildu dira. Hileta autoa Donostiako Pedro Egaña kaleko 2tik, han bizi zen-eta idazlea, Hondarribira abiatu da. Bidean apur-apurka auto karabana eratu da furgoiaren ostean eta herririk herri luzatuz joan da, batez ere Errenterian. Segizioa Hondarribiko kanposantura helduta, hilkutxa hobiaren ertzean jarri dute idazlearen senideek. Gero, errespontsu labur bana esan dute erdaraz eta euskaraz. Isiltasun sakon eta hunkigarria nagusi, Herri Batasuneko kide batzuek, senideen baimena eskuratuta, hilkutxa ikurrinaz estali dute eta gorpua astiro-astiro zulora jaitsi artean Eusko Gudariak kantatzeari ekin diote bertaratutakoek”.

 

amaia