Xake-jokalaria
Javi Cillero
Xake-jokalaria
Javi Cillero
Booktegi, 2017
Xake-jokalaria
Javi Cillero
Booktegi, 2017
[aurkibidea]

Aurkibidea

Gauaz Genevako parke batean Karlos Cid Abasolo

Aurkibidea

Gauaz Genevako parke batean Karlos Cid Abasolo

 

Xake-jokalaria

 

Estudio txiki batean emakume gazte bat eserita dago ohe ertzean, kaleko arropaz jantzita.

Ilun dago gela, bakarrik argi txiki bat dago gau-mahaian. Alboan medizina flasko ugari eta edalontzi bat, urarekin.

emakumea pilula pilo bat irensten ari da, bata bestearen ondoren. Bat, bi, hiru… hamar edo hogei pilula batera. Gero, emakumeak edalontzia hartu eta kolpe batean edaten du ura.

Azkenean, ohean etzaten da buruz gora.

emakumea ez da batere mugitzen.

Bat-batean, pertsonaia bat agertzen da emakumeari begira. Ez zaio aurpegia ikusten pertsonaia horri.

pertsonaiak keinu bat egiten du eskuaz emakumearen buruaren gainetik, laztanduko balu bezala. Eskuarekin zer edo zer zapaldu eta gero putz egiten du esku-ahurraren gainean.

Orduan ikusten diogu tatuaje bat eskuan pertsonaia horri: hareazko erloju bat.

Gero, pertsonaia gau-mahaiko argiaren ondoan gelditzen da.

Argiak dar-dar egiten du, piztu-itzali batzuk, eta azkenean amatatzen da.

Iluna.

Argia dator berriro, baina orain parke batean gaude.

Genevako Parc des Bastionsen xakelariak biltzen dira sarrera ondoko txoko batean. Zuriz pintatutako laukiez osatzen dute xake-esparrua lurrean, beltzez pintatutako laukiekin batera. Plastikozko irudi handi batzuk atonduta daude xakean egiteko: erregea, erregina, alfila, peoiak.

agure bat eta jokalaria aurrez aurre daude elkarri begira.

Une batez agurea eta jokalaria geldi-geldi geratzen dira piezei begira. Azkenean elkarrengana doaz eta bostekoa ematen diote elkarri.

 

JOKALARIA: Berriz ere, berdindu.

AGUREA: Bai.

JOKALARIA: Sinestezina da.

AGUREA: Ez pentsa.

JOKALARIA: Bai, sinestezina da.

AGUREA: Jokoa beti joko.

JOKALARIA: Aspaldiko partez izan dudan areriorik gogorrena zaitut.

AGUREA: Egia da?

JOKALARIA: Bai.

AGUREA: Bizitza osoan ibili naiz neure burua prestatzen.

JOKALARIA: Ez duzu hain zaharra ematen.

AGUREA: Oso engainagarria da itxura.

JOKALARIA: Zeuk esaten baduzu…

AGUREA: Baina zuk ere ondo jokatzen duzu eta gaztea ematen duzu.

JOKALARIA: Ez pentsa. Oso engainagarria da itxura.

 

agurea ondoko aulki batean esertzen da.

 

JOKALARIA: Hasieran kili-kolo ibili zara, baina laster berotu zara.

AGUREA: Etorri berria nintzen erietxetik.

JOKALARIA: Inor bisitatzetik?

AGUREA: Medikua ikustetik, hain zuzen ere.

JOKALARIA: Zer daukazu?

AGUREA: Azterketa sakon bat egin didate. Aipatu ezin daitekeen zer hori daukat.

 

Isilunea. jokalaria aulkira hurbiltzen da, agurearen ondora.

 

JOKALARIA: Barkatu, ez nekien larria zenik.

AGUREA: Nola jakingo zenuen, ba? Erizainek esan didate ostera bat egitera joateko. Aztoratuta zebiltzan denak, ez ninduten asaldatu nahi. Bihar goizera arte ez da espezialista etorriko eta alferrik nenbilen ospitalean. Hobe lo pixka bat hartzea.

 

agurea eserlekutik jaikitzen da.

 

JOKALARIA: Ez da ideia txarra. Nahikoa berandu da-eta.

AGUREA: Baina lo eginez ez zait pasatuko. Medikuek esan dutenez, ez dut zer eginik. Hau edo bestea gertatuko da, baina nik ez dut zeresanik izango horretan. Ez onerako, ez txarrerako. Prozesuak aurrera egingo du eta kito.

 

agureak zigarreta bat ateratzen du, baina zalantzan dago. Azkenean, piztu egiten du.

 

AGUREA: Dagoeneko, ez dio axola. Alabari deika ibili naiz baina ez zegoen etxean. Beharbada, motorrean joan da lagunarekin. Pentsatu dut taberna batera joatea, ardoa edatera. Bihar goizera arte alferrik nabil ospitalean. Oinez etorri naiz parkera, burua beste nonbait neukala. Konturatu gabe azaldu naiz betiko txokora, eta jokoan hasi naiz.

JOKALARIA: Arratsalde osoa eman dugu jokoan.

 

Isilune labur baten ostean agureak jarrera aldatzen du.

 

AGUREA: Tira, ekingo diogu berriro?

JOKALARIA: Zuk nahi baduzu…

AGUREA: Ez daukat zer egin hoberik. Eta zuk?

JOKALARIA: Nik beti daukat zer edo zer esku artean. Baina itxarongo didate, itxaron behar didatenek.

 

Azkenean, agureak zigarreta itzaltzen du etsita eta zakarrontzira botatzen du. Beste partida bat jokatzeko prestatzen hasi dira.

 

JOKALARIA: Dena den, harrigarri xamarra da: partida batzuk jokatu ditut kaleko xake-joko hauetan, eta erraz menderatu ditut aurkariak, zu izan ezik.

AGUREA: Nortzuk izan dituzu aurkari?

JOKALARIA: Jende xehea. Liburuzain bat, kriminaleko polizia bat, epaile bat.

AGUREA: Ez nekien poliziek xake-jokoa maite zutenik.

JOKALARIA: Polizia horrek bai. Maite zuen xakearen zehaztasuna. Benetako kasuetan, hau da, kalean, askoz ere nahasiagoak dira kontuak.

AGUREA: Polizia bat xakean….

JOKALARIA: Ez zuen txarto jokatzen, baina irabazi egin nion.

AGUREA: Eta lasai-lasai esan zizun polizia zela?

JOKALARIA: Igarri egin nion. Ohituta nago jendearen aurpegia eta keinuak aztertzen.

AGUREA: Ez da izango.

JOKALARIA: Bai, horixe.

AGUREA: Esango didazu zertan nabilen ni, orduan?

JOKALARIA: Aise.

AGUREA: Txantxetan ari zara.

JOKALARIA: Ez, benetan.

AGUREA: Tira, tira, ez adarrik jo niri.

JOKALARIA: Egiaz eta begiaz ari naiz.

AGUREA jaiki egin da eta jokalariaren aurrean ezartzen da.

AGUREA: Zera, begipean ipini behar dizut aurpegia aztertzeko?

JOKALARIA: Ez duzu zertan egin. Ezagun duzu zertan ibili zaren.

AGUREA: Hara!

JOKALARIA: Bai, ez duzu zertan keinu-meinurik egin.

AGUREA: Eta?

JOKALARIA: Zamalanak egin dituzu biltegi batean, baina orain erretiroa hartuta zaude.

AGUREA: Nola dakizu?

JOKALARIA: Egia da?

 

agurea eseri egin da berriro, bizkarra emanda jokalariari.

 

AGUREA: Bai… eta ez.

JOKALARIA: Nolatan, bai eta ez?

AGUREA: Ez duzula zehazki asmatu.

JOKALARIA: Nahi duzu…?

AGUREA: Jakina, zimurrei begiratuta, erraz atera daiteke erretiroa hartuta nagoela.

JOKALARIA: Dudan jartzen duzu nire ahalmena?

AGUREA: Ez, ez. Baina oso bestelako lanbidean aritu izan naiz.

JOKALARIA: Adibidez?

AGUREA: Arrantzalea nintzen. Laku ondoko herrixka batean. Oraindik ere arrain usaina darie nire hatz muturrei.

 

agureak eskua erakusten dio. jokalaria jaiki eta beren lekuan jartzen hasi da xake piezak, beste partida bat hasteko edo. agurea eserita dago.

 

jokalariak hankaz gora ezarri du erregea, nahita ezarri ere. agurea begira-begira gelditzen zaio.

 

AGUREA: Horrela kokatu behar dituzu piezak?

JOKALARIA: Zuk egia bihurtzen duzu. Nik, berriz, xakeko txotxongiloak.

AGUREA: Ez izan zakarra.

JOKALARIA: Zilegi zaizu gezurretan aritzea. Baina barru-barruan badakizu zuzen nabilela. Arrain-usain eta guzti.

 

agurea jaiki da etsita.

 

AGUREA: Bai, biltegi batean ibilia naiz.

 

jokalariak behar den moduan jartzen du pieza esku artean biratuz.

 

AGUREA: Zorte kontua izan liteke, dena den.

JOKALARIA: Ez horixe. Nik ez dut zorterik erabiltzen. Ez xakean ez beste ezertan. Xakeak arauak ditu. Eta jendearen jokaerak ere bai.

AGUREA: Nola jakin duzu?

JOKALARIA: Esan dizut, ohituta nago.

AGUREA: Ohitura bitxiak dituzu.

JOKALARIA: Ez uste hain zaila denik. Xakean aritzea baino errazagoa duzu.

AGUREA: Baliteke. Xake-jokoa ez da mundu guztiarentzat egina.

JOKALARIA: Ados nago. Nik ez dut edonorekin jokatzen. Batzuk denbora-pasa ibiltzen dira. Bizpahiru mugimendu egin eta akabo partida. Dorrea, erregina, zaldia… Ustel irteten zaizkit. Baina zuk badakizu jokatzen. Irudipena daukat nire zain egon zarela aspalditik.

 

agureak estropezu egiten du pieza batekin eta lurrera botatzen du. Gero, pieza jasotzen du eta bere lekuan kokatzen.

 

AGUREA: Urteak eman ditut jokoan. Aitak irakatsi zidanetik. Hasieran pentsatzen nuen ez zuela ezertarako balio izango. Baina aitak esan zidan jokoaren gorabeherak ondo ikasiz gero, bizitza osoan baliatuko nuela ikasitakoa.

JOKALARIA: Eta zer ikasi zenuen?

AGUREA: Adibidez, behin urrats bat egindakoan, ez dagoela atzera egiterik.

JOKALARIA: Zuhur jokatzen duzu.

AGUREA: Eta epaileak? Zer moduz jokatzen zuen?

JOKALARIA: Oso txarto. Iruzur egin nahi zidan.

AGUREA: Eta?

JOKALARIA: Harrapatu egin nuen.

AGUREA: Txakurrarenak botako zenizkion.

JOKALARIA: Isildu egin nintzen, utzi nion ziria sartzen neuri pare bat aldiz, eta hirugarrenean, jokaldi maltzur batez menderatu nuen. Goitik behera irauli zituen piezak, haserre.

AGUREA: Astakeria galanta!

JOKALARIA: Ezer gutxirako balio izan zion. Trikimailu guztiak ezagutzen ditut.

AGUREA: Orduan, zergatik jokatu nahi zenuen epailarekin?

JOKALARIA: Batzuetan, ezin aukeratu guk joko-laguna. Joko-lagunak berak aukeratzen gaitu. Baina nik ez ditut iruzurtiak atsegin.

AGUREA: Nik egia aitortu dizut lehenago.

JOKALARIA: Halabeharrez.

AGUREA: Ez zara nitaz fidatzen?

JOKALARIA: Zure egoeran dagoena ez da oso fidagarria, berez.

AGUREA: Eta zein da nire egoera?

 

jokalariak erregina txiki bi ateratzen ditu patrikatik, zuria eta beltza. Erakusten dizkie biak agureari eta esku batean biltzen ditu. Gero, beste eskuaz pieza bat hartu, agureak ikusterik ez duela, eta aurrera daramatza esku biak ukabilean bilduta.

 

Orduan ikusten zaio jokalariari tatuaje bat eskuan: hareazko erloju bat.

 

JOKALARIA: Zure txanda.

JOKALARIAK irekitzen du eskuineko eskua eta erregina zuria azaltzen da.

JOKALARIA: Zuria. Zeu hasiko zara oraingoan.

 

Lekuz aldatzen dira. jokalaria pieza beltzen aldera doa, agurea pieza zurienera. Heldu baino lehenago gelditzen da.

 

AGUREA: Egon pixka bat.

 

Urrutira zirkuko musika aditzen da.

 

AGUREA: Aditzen duzu? Ikuskizuna hasi da.

JOKALARIA: Nolako ikuskizuna?

AGUREA: Urtero-urtero zirkua etortzen da plaza honetara.

JOKALARIA: Bai auzo harrigarria. Auzo magikoa, batzuen esanetan.

AGUREA: Irudipena daukat ikusi zaitudala zirku inguruan.

JOKALARIA: Baliteke, maite dut zirku mundua.

AGUREA: Gauero bizitza arriskatzen duen jendea dabil hor.

JOKALARIA: Bizitza edonon arriskatzen da, egia esatera. Nahikoa modu ergelean, batzuetan. Esaiozu, adibidez, polizia horri. Edo epaileari berari.

AGUREA: Egunkarietan azaltzen direnak ikaragarriak dira.

JOKALARIA: Dagoeneko, badirudi ez dagoela legerik munduan.

AGUREA: Baina xake-jokoan arauak daude, behintzat.

JOKALARIA: Bai, eta errespetatu egin behar dira. Nik partida sail bat jokatzen dut parke honetan urtero. Partida horiek jokatzeko denbora amaitzen denean atsedenaldia hartzen dut. Bitartean, dena da posible.

AGUREA: Ni ez naiz inoiz etorri lehenago hona jokatzera.

JOKALARIA: Eta beldur zara?

AGUREA: Ez, ondo prestatuta nago-eta. Bizitza osoa eman dut ikasten.

JOKALARIA: Ez da eginkizun makala, ez alferra ere. Xake-jokoaren arauak zorrotzak baina zehatzak dira.

 

agurea pieza zuriak dauden lekuraino heltzen da.

 

AGUREA: Gehiago ikasiz gero, menderatu egingo zaitut.

JOKALARIA: Horrenbesteraino ez nuke esango. Baina saia zaitezte. Badugu denborarik.

AGUREA: Partida horretan pare-parean ibili gara. Alabaina, hurrengoan zerbait ikasita daukat eta beharbada menderatuko zaitut.

JOKALARIA: Nik ez dut inoiz jokoan galtzen. Gehienez, berdindu egingo dut batzuetan, harik eta neurea egin arte.

AGUREA: Profesionala zara?

JOKALARIA: Ez da hori nire ogibidea. Epaileak, poliziak… horiexek dira benetako ogibideak.

AGUREA: Bai, badakit. Nik ez dut inoiz benetako ogibiderik izan.

JOKALARIA: Zamalanak egitea ogibide horiek bezain duina da.

AGUREA: Ez dakit, zuk esaten baduzu…

 

agurea pieza zurien aldera doa, partida berria hasteko asmoz. Jokatzen hasten dira eta hala ibiliko dira aurrerantzean, partida amaitu arte.

 

JOKALARIA: Zera… egingo zenuke berriro? Hau da, atzera gaztea izanda, hasiko zinateke zamalanak egiten berriro?

AGUREA: Ez dut inoiz jakingo.

JOKALARIA: Baina bururatu zaizu inoiz besterik egitea?

AGUREA: Jakina. Garai batean herri txiki batera joatea bururatu zitzaidan. Arrantzan egitera. Txalupa txiki bat neukan, aitak emana. Arraina dago ugari lakuan, eta jateko beste atera daiteke.

JOKALARIA: Arrantzaleak eta arrainak bata besteaz elikatzen dira. Arrantzalearen eginkizuna arraina biltzea da. Eta lehen, itsaso ondoko herrietan uretara botatzen zituzten hildakoen gorpuak. Beraz, etengabe dabil zikloa.

 

agureak zigarreta bat piztu du gogoetan bilduta. jokalariak piezak mugitzen ditu.

 

JOKALARIA: Zergatik ez zinen aldatu herrira?

AGUREA: Badakizu, ardurak, egin beharrak.

JOKALARIA: Adibidez?

AGUREA: Dirua, eroso ibiltzea, koldarkeria.

JOKALARIA: Ez zait iruditzen koldarra zarenik.

AGUREA: Ez nauzu ondo ezagutzen.

JOKALARIA: Ohituta nago jendearen keinuak eta zeinuak aztertzen. Esango nuke adoretsua zarela.

AGUREA: Ez, benetan, ez naiz batere adoretsua.

JOKALARIA: Beharbada, inoiz ez duzu aukerarik izan adoretsua zarela frogatzeko.

 

agureak jokalariari begiratzen dio.

 

AGUREA: Tira, egia esango dizut. Alabagatik geratu nintzen Genevan. Senide bakarra dut.

JOKALARIA: Eta oso maite duzu, jakina.

AGUREA: Jakina.

 

agurea berriro murgiltzen da partidan.

 

JOKALARIA: Alabak maitagarriak dira aitarentzat.

AGUREA: Baina buruhauste asko ematen dituzte.

JOKALARIA: Semeek ere bai, ez pentsa.

AGUREA: Bai, baina alabak oso bestelakoak dira.

JOKALARIA: Hala diote, behintzat.

AGUREA: Egia da. Ez da erraz alaba bat zeure kabuz hazten.

JOKALARIA: Ez da erraza izan behar.

AGUREA: Egunero jaiki beharra, biltegira joateko. Hainbat urtez biltegiko hautsak jaten, ezertarako ere ez.

JOKALARIA: Asko maitatu behar duzu alaba.

AGUREA: Hogeita hamar urte eman nituen biltegian.

JOKALARIA: Eta alaba hazita daukazu.

 

agureak keinu bat egiten dio jokalariari.

 

JOKALARIA: Uste dut zure txanda dela.

AGUREA: A, bai?

JOKALARIA: Bai, ziur nago.

 

agureak dorrea mugitzen du, eta jokalaria urrutiratzen da jokaldia hobeto ikusteko. Aldi baten ondoren, eskuak sartzen ditu patrikan.

 

AGUREA: Alabagatik geratu nintzen Genevan.

JOKALARIA: Eta eutsi egin zenion lanari.

AGUREA: Ezin alaba nora edo hara eraman.

JOKALARIA: Badira bestelako moduak.

AGUREA: Ondo eta egoki hezi nahi nuen alaba. Munduko zoko-moko guztiak ikusteko aukera eskaini nahi nion.

JOKALARIA: Ez dituzu zuk ezagutu?

AGUREA: Ez.

JOKALARIA: Zergatik?

AGUREA: Ez dio axola. Ez naiz Alpeetatik harantzago ibili.

JOKALARIA: Esan nahi dut, zergatik irrika hori, seme-alabek gurasoek egin ez dutena egitekoa?

AGUREA: Seme-alabak gurasoen katebegiak dira, azken batean.

JOKALARIA: Edo gurasoak seme-alabenak, nondik begiratzen zaion.

 

Etenaldia. agurea isilik geratu da, pentsakor. Ez du erantzuten.

 

JOKALARIA: Bai, Darwin harro egongo litzateke horretaz. Baina gaur egun ez gaude ziur gurasoak eta seme-alabak jatorri berekoak ote diren.

AGUREA: Baliteke gurasoek eta seme-alabek elkarrekin zerikusirik ez izatea, baina ni harro nago alabaz.

JOKALARIA: Jakina, aita arduratsua zarenez.

AGUREA: Alabak merezi zuen.

JOKALARIA: Eta merezi du? Hau da, zoko-moko guztiak ikusi ditu? Saiatu da bazterrak ikusten?

AGUREA: Bai, horixe. Patagonian eta guzti ibilia da.

JOKALARIA: Patagonia… Urrun dago, bai.

AGUREA: Motorrean joan zen lagun batekin.

JOKALARIA: Patagonia polita da, dena den. Eremu zabal horiek, mortuak… Azkenean, gizakiak beti jotzen du eremura, lur mingotsa dagoen eremura..

AGUREA: Ez bat ez bi joan zen bidaian. Ez zidan ezer esan itzuli zen arte.

JOKALARIA: Gazteen sekretuak. Beti ausart, mundua deskubritzeko irrikan.

AGUREA: Bai, horixe. Neuk ere egingo nukeen.

JOKALARIA: Baina ez zenuen egin.

AGUREA: Alabagatik geratu nintzen biltegian.

JOKALARIA: Dena den, aukera horiek ez dira egunero gertatzen.

AGUREA: Oso aukera gutxi dugu bizitza goitik behera iraultzeko.

JOKALARIA: Eta okerrena, irauli ustean ari dela, gizakia tronpatu egiten da.

AGUREA: Hala uste duzu?

JOKALARIA: Ziur nago, lagun, ziur nago.

 

jokalaria eta agurea partidan murgilduta daude. Parkeko argiak pizten hasi dira, eta jendea lekuak husten.

 

Azkenean, bakar-bakarrik geratu dira biak.

 

Une batez, jokalaria itzuli eta aulkian eseri da. agurea xake jokoaren ondoan dago, piezei begira. Gero, jokalariarengana doa, hari eskua luzatzera. jokalaria eserita gelditzen da, ordea.

 

AGUREA: Zera, kontu batek kitzikatzen nau.

JOKALARIA: Esan, bada.

AGUREA: Zera galdetu nahi nizun… Nola dakizu hain ondo jokoan? Zure ogibidea da?

JOKALARIA: Poliziak, epaileak eta biltegietako arduradunak dira ogibideak. Nik nahiago dut eginkizun hitza erabili zer horretarako.

AGUREA: Nola ikasi duzu, bada?

JOKALARIA: Jendearen zeinuak eta keinuak aztertuz. Etengabe nabil jokoan, eta aspalditik trebatu naiz eginkizun honetan. Zuk baino askoz ere urte gehiago emanez eginkizun horri, halabeharrez. Badakizu? Eskuetan biltzen ditut ikusitako eta ikasitako gauza guztiak.

 

jokalariak bi eskuak erakusten dizkio agureari.

 

AGUREA: Hori bai zama neketsua.

JOKALARIA: Ezin da ezabatu, harean egiten diren zirrimarren antzera.

 

jokalariak keinu bat egiten du eskuaz, lotan dagoen norbait laztanduko balu bezala. Hasieran ikusi dugun keinuaren antzekoa da.

 

AGUREA: Dena da denbora kontua.

JOKALARIA: Denbora eta nekea. Oso nekatuta nago dagoeneko.

AGUREA: Bada, ez duzu hain zaharra ematen.

JOKALARIA: Ez. Baina nekatuta nago, oso nekatuta.

AGUREA: Esan, ez zaude aspertuta behin eta berriro jokatzeaz? Jendearekin hizketan ibiltzeaz?

 

Bi aurkariak elkarri begira geratzen dira une batez, isilik.

 

JOKALARIA: Segi hitz egiten, maite dut zure alabaren berri jakitea.

AGUREA: Zuk ez duzu seme-alabarik?

 

jokalariak keinu anbiguo bat egiten du eskuaz, eta ez dakigu baiezkoa ala ezezkoa den.

 

AGUREA: Argi pixka bat ematen diote bizitzari.

JOKALARIA: Ez beti, ordea.

AGUREA: Ez beti, ez betiko. Beti dugu bihotza urratzen digun konturen bat.

 

agurea arin itzuli da xake jokoaren esparrura. Zutik gelditu da bere piezen atzean, han babestuta bailegoen. jokalaria jaiki eta xake jokoaren esparrura doa. Ilun dago parkean, baina biek jokatzen segitzen dute.

 

AGUREA: Zer izango da nire alabaz, ilunpean?

JOKALARIA: Argia ere ilundu egiten da, usterik gutxienean. Gogoan izan ilunpean bizi izan zela gizakia, lurrean agertu zenetik.

AGUREA: Zer gertatuko da partida amaitzen denean? Hau da, nik galduz gero.

JOKALARIA: Ezer ez da irteten guk uste dugun bezala. Horixe baino ez dizut esango.

 

agureak keinu bat egiten dio jokalariari, parkeko argi bati begira. Argia kili-kolo dabil, dardaraz, piztu-itzalika.

 

Parkeko argia joan da behingoz. Orain aurkari biek nekez ikusten dute zer daukaten inguruan.

JOKALARIA: Orain alaba hazita daukazu. Ziurrenik, maitemindu da baten batekin, eta kezkatuta zaude.

AGUREA: Alaba askotan maitemindu da, baina ez nago kezkatuta horregatik. Alabak badaki bere burua zaintzen. Nik baino hobeto.

JOKALARIA: Ez dute hori esango aita guztiek.

AGUREA: Berdin zait. Halaxe da, badakit.

JOKALARIA: Zerk kezkatzen zaitu, orduan?

AGUREA: Zurekin topo egin izan ez banu, etxera joango nintzen. Leihoan izango nintzen, zigarreta bat erretzen. Edota zirku ondotik paseatzen.

JOKALARIA: Baina nirekin topo egin duzu eta jokatzen hasi zara.

AGUREA: Banuen beste irtenbiderik?

JOKALARIA: Lo hartzea, inorekin mintzatzea.

AGUREA: Lo hartzea, mintzatzea…: gizakiak asmatutako trikimailuak.

JOKALARIA: Baina erabili beharrekoak minari ihes egiteko.

AGUREA: Ni indartsua naiz, ez naiz minaren beldur.

JOKALARIA: Eta alaba?

AGUREA: Alabak laguntza beharko du. Nik ez nion irakatsi behar bezala ibiltzen. Eta ni ondoan ez banauka, nork irakatsiko dio?

JOKALARIA: Ibilbide luze eta neketsua da, eta bakarrik egin beharrekoa.

AGUREA: Gu biok bakarrik gaude munduan.

JOKALARIA: Alabarekin dabilen lagun hori kontuan hartu gabe. Motorrean paseatzen duena.

AGUREA: Bai, hori ere kontuan hartzekoa da.

 

agurea eta jokalaria jokoan ari dira, poliki-poliki piezak mugituz. Estrategia jokoa darabilte, eta ez diote piezarik jaten elkarri. Edo behintzat, ez da oso ondo ageri piezarik jan ote dioten elkarri.

 

JOKALARIA: Lehengo lepotik burua gabiltza, nonbait.

AGUREA: Arratsalde osoan legez.

JOKALARIA: Aukera bakarra geratzen zaizu berdinketa egiteko.

AGUREA: Horrexek emango digu berriro jokatzeko irrika.

JOKALARIA: Baina ez betiko, gogoan izan.

AGUREA: Bai, gogoan daukat.

 

Orduan, jokalariak eskuaz laztantzen du zaldi bat, laukiaren txoko batean baztertuta zeukana.

 

JOKALARIA: Seme-alabengatik sakrifizio handiak egiten dira.

AGUREA: Ezagutu ez dituenak ez du hori ulertzen. Ni ez nintzen arrantzara joan, baina horrek ere ez zuen bestelako eraginik alabarengan.

JOKALARIA: Inoiz ez duzu jakingo.

AGUREA: Bai, badakit. Egia esan, lotsatuta nago. Ez diot nahi beste irakatsi alabari. Ez nizkion xakeko gorabehera guztiak azaldu, adibidez. Bizitzan aurrera egiteko behar direnak.

JOKALARIA: Beharbada, bere kabuz ikasi ditu behar direnak... Egia esan, ez duzu zure alabaren bizitza goitik behera ezagutzen, ezta?

AGUREA: Zer esan nahi duzu?

JOKALARIA: Zure alabak sekretuak izango ditu. Ez dakit, Patagoniarako bidaian ezagutu zuen mutil hori, adibidez.

AGUREA: Nola dakizu hori?

 

jokalariak keinu bat egiten dio esku batez. Hareazko erloju baten tatuajea daukan eskuaz, hain zuzen ere. Hala ere, ez du ezer esaten.

 

agureak jakin-min handiaz begiratzen dio.

 

AGUREA: Zer gertatzen da mutilarekin?

JOKALARIA: Mutil hori motorrean ibili da zure alabarekin gaur. Egunero irteten omen dira motorrean paseatzera. Ziurrenik, alabak gogor eusten dio mutilari motorrean dabiltzanean. Adibidez, kandela txiki bati eskuan eusten zaion bezala. Baina ez da nahikoa izango haizeak zakar jotzen duenean. Gaur, haize zakar batek jo du zure alaba. Mutilarekin hautsi du. Eta guztiz beheratuta etxeratu da. Lehenengo amodioaren kolpea izugarria da, zuk dakizunez.

AGUREA: Nola… dakizu… hori?

AGUREAK bere erregea botatzen du nahi gabe, eta lurretik jaso behar du. Maitasunez jasotzen du plastikozko pieza handia, benetako pertsona bat bailitzan.

JOKALARIA: Oso erraz erortzen dira piezak xakean, kontuz ibili.

AGUREA: Jendearen patua bezala, ezta?

JOKALARIA: Bai. Nik neure eginkizuna bete behar dut.

AGUREA: Uste nuen zu eta bion arteko kontua zela gaurkoa.

JOKALARIA: Zurekin egiten ari naizena denbora-pasa baino ez da. Zure denbora ez da oraindik bete.

 

agureak zigarreta kendu du ezpainetatik, eta lurrean zapaldu. Gero, kontu handiz jaso eta paperontzi batera bota du.

 

AGUREA: Eta nork mugitzen ditu jendearen piezak? Indar ezezagun batek? Eta batez ere, zergatik botatzen ditu lurrera? Apeta hutsez?

JOKALARIA: Hori nik ezin dizut esan.

AGUREA: Eta zergatik nire alaba eta ez ni?

JOKALARIA: Hori ere ezin dizut esan.

AGUREA: Ezin dut onartu.

JOKALARIA: Damu dut, benetan.

AGUREA: Ez! Hori ez!

 

Badirudi agureak handik alde egin nahi duela korrika, baina geldi-geldi dago. Izoztuta.

 

AGUREA: Alaba dut munduko argi bakarra zahartzaroan. Bera gabe ez nuke bizi nahi.

JOKALARIA: Zergatik tematzen da gizakia beti ere horretan? Zergatik eusten dio argi bakar bati? Beti kriseiluren bila, ilunpean ibiltzeko. Eta beti ahazten zaio haize zakar batek amatatuko duela kriseiluaren argia.

AGUREA: Zer egin, orduan?

JOKALARIA: Etsi, bada, etsi, ilunpean.

AGUREA: Eta nahi badugu…?

JOKALARIA: Nahia duzu gaitzen iturburua.

AGUREA: Nahi gabe ez dago ezer.

JOKALARIA: Oker zabiltza: nahi gabe, dena dago.

AGUREA: Horiek filosofiak dira.

JOKALARIA: Zergatik itsutzen da gizakia? Zergatik ez du ikusi nahi aurrean duena?

AGUREA: Esan, orduan: zergatik?

JOKALARIA: Nahiak ikusmena galarazten diolako. Gizakia itsututa bizi izan da aspaldiko garaietatik hona. Eta gaur egun, inoiz baino itsuago dabil.

AGUREA: Bai, baina non dago argia?

JOKALARIA: Ez dago argirik.

AGUREA: Eta zer egingo dugu orduan?

JOKALARIA: Etsi, bada, etsi. Gizakiak asmatu du argitasun kontu hori bere burua engainatzeko.

AGUREA: Lan politak sortu ditu horri esker, sikiera:musika, pintura, arte guztiak… Ez dakit: poesia, dantza, literatura…

JOKALARIA: Kontuak kontu, matematika eta zientzia guztia ere sar dezakegu zaku berean. Izan ere, argitasuna dute xede.

 

(Etenaldia)

 

JOKALARIA: Eta, zergatik ez?, xake-jokoa.

 

(Etenaldia)

 

JOKALARIA: Xake-jokoa gizakiaren argitasun irrika horren metafora duzu. Irrika bortitza eta hutsala.

AGUREA: Eta, hala ere, jokatzen segitu behar.

JOKALARIA: Baina ez betiko. Gogoan hartu.

 

Isil-isilik dago kalea, nahiz eta gaugiro ederra izan. Urrutitik aditzen dira zirkutik datozen musika eta zarata, oso urrutitik.

 

 

AGUREA: Aditzen duzu zirkuaren zarata?

JOKALARIA: Bai.

AGUREA: Heldua da trapezistaren txanda.

JOKALARIA: Baliteke, nahikoa berandu da. Ikuskizuna amaitzen ibiliko da.

AGUREA: Musikarekin batera igoko da trapezista karparen goialderaino. Danbor bat hasiko da dantzari, larruazal tenkatuaren kontra. Une honetan trapezista batek bere burua botako du pista erdira, eta zorte apur batez beste batek jasoko du trapeziotik. Baina inoiz ez jakin: baliteke jasotzailea nekatuta egotea, edota ardo pixka bat hartu izana afaltzean, zuzendariaren gomendioei muzin eginez. Eta trapezista bera ere zalantzan dabil indar nahikoaz jauzi egingo duen lagunaren besoetan erortzeko. Izan ere, zirku honetan ez dute inoiz sarea ipintzen trapezistak babesteko.

JOKALARIA: Zera, berandu da. Amai dezagun partida.

AGUREA: Itxaron. Adi egon.

JOKALARIA: Utzi hori. Amaitu da zirkua.

AGUREA: Ez, oraindik ez da amaitu.

 

agureak geldiarazi egin du jokalaria. agureak besotik heldu dio jokalariari, eta biak geratzen dira zain, erne.

 

Zirkuko zarata ere itzali da une batez.

 

agureak gogor eusten dio besotik jokalariari.

 

Orduan, agurea lasaitu egin da, eta aske utzi du jokalaria. Berriz ere, zirkuko zarataren txaloak aditzen dira urrutitik, musikarekin batera. Une batez, badirudi jokalariak besarkatu egin behar duela agurea, baina ez du zirkinik egiten. Gero, lehen bezain lasai mintzatzen zaio.

 

AGUREA: Bai, amai dezagun partida.

JOKALARIA: Berdin-berdin gelditu gara. Beste partida bat jokatu beharko dugu.

AGUREA: Ez, partida hau amaitu behar dugu

JOKALARIA: Barka, ez dizut ulertzen. Berdinketa eskaini dizut.

AGUREA: Baina nik ez dut oraindik onartu.

 

agureak zaldia mugitzen du, erregea babesik gabe utzita.

 

JOKALARIA: Ez da posible.

AGUREA: Begira.

 

agureak erakusten dio jokaldia. jokalaria konturatu da agureak nahita galdu duela, eta haserretu egin da.

 

JOKALARIA: Ez da bidezkoa.. Ezin duzu hori egin.

AGUREA: Egin dut, eta galdu dut partida.

JOKALARIA: Alferrik ari zara. Nire eginkizuna betetzera joan behar dut.

AGUREA: Ez duzu zertan inora joan zure eginkizuna betetzera. Elkarren kontra jokatu dugu partida, gogoratzen zara? Eta ni menderatu nauzu; beraz, nitaz arduratu behar duzu.

JOKALARIA: Nik arauak bete behar ditut.

AGUREA: Arauek diotenez, urtero partida sail bat jokatu behar duzu parkean. Eta behin partidak amaituta, atsedenaldia hartu behar duzu. Bada, oraingo partida amaitu da eta nitaz arduratu behar duzu. Beste inor kontuan hartu gabe. Jokoaren legeak, zuzenak baina zorrotzak.

 

jokalaria eta agurea elkarren ondoan daude, xake esparruaren ertzean. Azkenean, biak sartzen dira esparrura, eta piezak txukun-txukun jasotzen dituzte. Horrela, prest egongo dira biharamunerako, jokalari berriak heltzen direnean.

 

JOKALARIA: Ziur zaude hori nahi duzula?

AGUREA: Nik ez dut zalantzarik.

JOKALARIA: Ondo gogoan izan. Oraindik ere baduzu denbora apur bat gauza batzuk egiteko. Aspalditik egin gabe geratu zitzaizkizunak. Ez zenuen arrantzara joan nahi? Ez zenuen ikusi nahi zer dagoen Alpeez harantzago?

AGUREA: Dagoeneko, ez dit axola. Alabagatik axola dit. Ez dit axola beste ezergatik

JOKALARIA: Nekatuegi nago eztabaidatzeko.

 

jokalariak etsipenezko keinu bat egiten du.

 

JOKALARIA: Esan nizun adoretsua zinela.

AGUREA: Aukera eman didazu hori probatzeko.

JOKALARIA: Benetan nahi nuke zuri errebantxa ematea. Baina ez dut aukerarik izango zurekin berriz jokatzeko.

AGUREA: Batzuetan, ezin aukeratu guk joko-laguna. Joko-lagunak berak aukeratzen gaitu.

JOKALARIA: Itxaropen horretan bizi da gizakia, aukeratzea posiblea dela sinetsita. Tira, hala bedi, behingoan.

 

jokalariak eta agureak bostekoa ematen diote elkarri.

 

agureak besotik heltzen dio jokalariari.

 

AGUREA: Oraindik ere denbora apur bat geratzen zait eguna etorri arte. Azken aldiz ikusi nahi nuke alaba, behintzat.

JOKALARIA: Goazen, oraindik ere denbora apur bat duzu.

AGUREA: Goazen, bada.

 

jokalaria eta agurea elkarrekin doaz kalean barrena.

 

Orduan, parketik joateko zorian daudela, parkeko argi amatatua piztu-itzalika hasi da berriro, dardaraz. Bada, azkenean erabat amatatu da.

 

Aldi batez argia joan da.

 

Argia itzuli denean, hasierako estudioan gaude berriro.

 

Estudioko ohean emakume gaztea dago lotan. Ilun dago gela, bakarrik argi txiki bat gau-mahaian. Ondoan, agurea dago zutik, emakumeari begira. emakumea ez da batere mugitzen.

 

Poliki-poliki, jokalaria ilunpetik hurbiltzen zaio agureari.

 

Biak gelditzen dira apur batez emakumeari begira. agureak keinu bat egiten du eskuaz emakumearen buruaren gainetik, laztanduko balu bezala.

 

Orduan, emakumea bestaldera mugitzen da. Ametsetan dago, burukoa besarkatzen.

 

agurea eta jokalaria poliki-poliki irteten dira gelatik.

 

Gau-mahaiaren ondoko argia piztuta gelditzen da.

 

Aldi baten ondoren, emakumea esnatzen da, eta astiro-astiro hasten da nagiak ateratzen.

 

amaiera