Xake-jokalaria
Javi Cillero
Xake-jokalaria
Javi Cillero
Booktegi, 2017
Xake-jokalaria
Javi Cillero
Booktegi, 2017
[aurkibidea]

Aurkibidea

Gauaz Genevako parke batean Karlos Cid Abasolo

XAKE-JOKALARIA

Aurkibidea

Gauaz Genevako parke batean Karlos Cid Abasolo

XAKE-JOKALARIA

 

Gauaz Genevako parke batean

 

Karlos Cid Abasolo

 

            Javi Cillero (Bilbo, 1961) Kazetaritzan lizentziatua da EHUn. Itzulpen Masterra egin zuen Deustuko Unibertsitatean, eta Nevadako Unibertsitatean PH.D-a erdietsi zuen Euskal Literaturan, euskal literaturako detektibe fikzioa gai hartuta.

            Euskal literaturari hainbat ekarpen egin dizkio sortzaile gisa, baita itzultzaile gisa ere (Mark Twain, Roald Dahl, Charles Dickens, Robert Bloch, Ross McDonald, Ernest Hemingway, Raymond Chandler eta Francis Scott Fitzgerald itzuli ditu euskarara), bi zereginak bere ibilbidean zeharo loturik egon direlarik. Haur eta gazte literaturan sortzaile gisa idatzi dituen lanak honako hauek dira: Eddy Merckxen gurpila (Zarauzko Udalak antolatutako Xabier Lizardi sariaren irabazle eta 1994an argitaratua), Thailandiako noodle izugarriak (2001), Kofi itsasora bidean (2001), eta Esne katilu batean ezkutatu egiten zen neska (2005). Helduen literaturari dagokionez, lau lanen egile dugu: Norena da Virginia City kronika-liburua (1995), Baiona blues ipuina (1996, Ignacio Aldecoa ipuin-lehiaketan irabazle), eta Hollywood eta biok (1999) eta Ero hiria (2005) narrazio bildumak, azken biak gaztelaniara itzuliak (Hollywood me mata, 2004, eta Ciudad de locos, 2008).

            Narratzaile ez ezik, antzerkigile ere bada, antzerkigile saritua eta argitaratua, inondik ere: Bere Uztailaren laua, Renon izeneko antzezlanak Donostia Hiria saria irabazi zuen 1999an eta horri esker urte berean izan zen plazaratua, baita –eta batez ere– antzeztua ere, 2000. urtean, Donostiako Antzoki Zaharrean, Mikel Garmendia eta Juan Cruz Gurrutxaga aktoreen eskutik eta Aitzpea Goenagaren zuzendaritzapean.

            Esku artean duzun liburu (digital) hau bere bigarren antzezlana da: Xake jokalariak, 2002an “Café Bar Bilbao” Teatro Laburreko Sarien II. edizioan irabazle izandakoa Kepa Gallegoren Sexua.org.asmoa antzezlanarekin batera. 2011n argitaratu zen paperezko edizioan, Artezblaik plazaratutako Teatro Laburreko Saria, Cafe Bar Bilbao 2001-2010 lan kolektiboan, eta lehenagotik dago Interneten irakurgai, http://www.teatro-testuak.com/ webgunean.

            Xake jolalariak ez da (oraindik) antzeztua izan, baina haren irakurketa dramatizatua egin zuten Arriaga antzokiko foyerrean, 2007ko martxoko 5ean, Jose Cruz Gurrutxagak, Iñaki Ziarrustak eta Peio Gutiérrezek, Mikel Martínezen zuzendaritzapean.

            Javi Cilleroren bi antzezlanen artean badira zenbait lotura: bien kokaguneak egilearen bizileku izan dira edo dira (Reno eta Geneva), biek bi pertsonaiaren arteko berriketa bat eta joko bat (dela xakea, dela apustua) dituzte oinarri, eta bietan bi pertsonaietako bat bestearentzat ezezaguna da. Xake jokalariak honek, bestalde, lotura estuak ditu, Javi Cillerok nahita bilatutakoak edo kasualitatezkoak, euskal literaturaren beste liburu batzuekin. Besteak beste: Bernardo Atxagaren Obabakoak narrazio-bilduma (xakearen eta bizitzaren arteko antzekotasuna azaltzean), Anjel Lertxundiren Otto Pette eleberria (solasaldi-egituran eta bi pertsonaietako bat bestearentzat ezezaguna izatean) eta Jon Miranderen Gauaz parke batean ipuina (Javi Cilleroren antzezlanak izenburu hori izan zezakeen Mirandek aurrea hartu ez balio). Era berean, Ingmar Bergmanen Zazpigarren zigilua filmetik ateratako pertsonaia bat dugu xakelarietako bat, erraz ezagutzen den sinbolismoaren tradizioan.