,
,
[aurkibidea]

Aurkibidea

Aurkibidea

 

Hitzaurrea

 

Luisja Ugarte

Zornotza Aretoko arduraduna

 

            Arte eszenikoei zuzenduriko espazio baten iharduteak duen ordainketa handienetariko bat bertan sortzen diren antzerki lan ezberdinen lekukoetariko bat izatea da.

            Amorebietako antzoki publikoa den Zornotza Aretoko arduraduna naizenez, bertan gauzatu eta estreinatu diren “Kukubel” / “Txirrikiz” eta “Ekidazu. Lehoiek ez dakite bibolina jotzen” Kukubiltxo taldearen lanen erditze hirukoitz eta zoragarriaren hurbileko lekukoaren zortea eta pribilegioa bizi izan ditut.

            Ez dakit zelan topatu ziren gurasoak, ez eta, non eta noiz sortu ziren umeak, baina Larrabetzuko taldearen bidea, euren tradizioarekiko eta ama-lurrarenganako pasioa, gure hizkuntza-ondarearen defendatzaile amorratua den talde euskalduna ezagutuz eta euskal literaturarekin dituzten harremanak kontutan hartuz, argi dago Kukubiltxo eta ipuinen arteko zerikusia ez dela kasualitatea.

            Bestalde, ezagutu izan ditut estreinaldi bakoitzari dagozkion azken zereginak; horrelako momentu baten aurrean antzerki talde profesional batek burutu behar dituen prestakuntzak, makina bat eztabaida, hamaika erabaki, tentsioak. Guzti hori, haurrei zuzenduriko lan batek dakarren prozesu korapilotsua kontutan izanik.

            Eguneroko aktoreen, teknikarien, eszenografoen eta lagunen joan-etorriaren zorabioan; egitura puzgarri, zoragarri eta irudimentsu hoiez inguraturik, atrezzo eta fokoen artean, hor, bertan, hasieran ideia eta zirriborro hutsa ziren kontatuak izateko idatzitako istorioen hazieraz eta azken itxuraz konturatzen zara.

            Espektakulu baten sortze prozesuarekiko hurbiltasunak, ezaugarri hauetako lan batek gordetzen dituen arazoak eta konplikazioak argitzen dizkizu.

            Pixkanaka, umea maite, eta konpainiarekin, ia, bat egiten duzu, umeminari dagozkion tentsioa eta sufrimendua zureganatuz.

            Kukubiltxoren kasuan, hurbiltasun honek, Zornotza Aretoko ekipo guztiarentzat, espazioa eta beharrezkoak diren elementu teknikoak eskeintzeaz gain, zeozer gehiago suposatu izan du.

            Zornotza Aretoko ekipoak, aitaturiko hiru lan hauek bereganatu egin ditu, antzoki publikoen funtzioa, agerraldi eta erakusleku izatez gain, Kukubiltxoren moduko jendearentzat sortze eta esperimentazio espazioak izan behar direla aldarrikatuz.

            Liburu honetan plazaratzen diren testuak irakurriz, argi dago gure espazioen aukera horiek, artea, kultura eta giza baloreak zabaltzen dituztenei eskeini behar zaizkiela.

            Edozein testu literario gaurko antzerki hizkuntza bizira moldatzeak daraman beharra, haurrez osaturiko hain zaila den publikoari begiratzea eta hiru lan hauek eskeinitako 250 emanalditik gorako eskeintza, badira, dudarik ez, liburu honen arrazoia.

            Honetaz gain, argitaletxe honen kemena antzerki abentura berrien oinarri suertatzen bada, datorrena datorrela.