Hiri handiko estoldetan gaude.
Agertokiaren aurreko aldean upel handi bat eta lurretik sakabanatutako burdin. makila piloa dago. Burdin-makila meheak han-hemenka daude lurretik, ordenarik gabe.
polek burdin-makiletako bat esku artean hartzen du; beste guztien inguruan bueltaka jarraitzen du. Entzuten den musika marmarrean kantatzen du. Lurrean botata dauden burdin-makilak sailkatzen ari dela dirudi.
TEO: (Upeletik burua atereaz pol begiratzen du) Kanta horrekin berriro?
POL: Isiltasunaren beldur naiz.
TEO: Isiltasunaren beldur bazara, zergatik ez dugu hemendik alde egiten?
POL: (teo begiratu gabe, bereari eutsiz) Zoaz nahi baduzu.
teok lurrean dagoen burdin-makiletako bat hartu eta polen atzetik bueltaka hasten da. Horrela jarraituko dute hurrengo elkarrizketan, burdin-makila guztiak bazterretan sailkatuta geratu arte.
TEO: (Eskuartean beste burdin-makila bat duela) Badakit zer egin dezakegun.
POL: Zerbait egin behar al dugu?
TEO: Zerbait egin behar dugu.
polek jaramonik egin gabe iharduerarekin jarraitzen du.
TEO: Hormak margo genitzake. (polek begiak zabal-zabalik begiratzen du) Ondo legoke, ezta? Hormak kolore eta irudiz betetzea. Zer deritzozu? Guk sortutako hormek inguratzen gaituztenean, desio dugunak babestuko gaitu, gure irudiek. Koloreak eta formak bihotz inguruan.
POL: Ez dut beharra ulertzen. Horma huts hauek maite ditut.
TEO: Zikin-zikinak daude, baina.
POL: Horrela maite ditut.
TEO: Dena iluna da. Den-dena kakaztuta!
POL: Halakoa bada, hala maite dut. Ezdeusaren xarma da.
TEO: Maitatzea eta onartzea ez da gauza bera.
POL: Ez, ez dira gauza bera, ez.
TEO: Zikinkeria gustukoa duzu?
POL: Zikintasuna?
TEO: Bazter honetako oro, inguratzen gaituen dena likitsa da.
POL: Lohia bada ere ez du axola. Leku honek duen arduragabekeria da erakartzen nauena: baldreskeriaren burujabetasuna.
TEO: Paretak irudi eta kolorez bete beharko genituzkeela pentsatzen jarraitzen dut. Aske izango ginateke orduan.
POL: Libre, geu?
TEO: Badakit zergatik esaten duzun ezetz. Zuk ere badakizu: margotzen ez dakizulako! Horregatik! (polek ez du erantzunik ematen. Lanarekin jarraitzen du). Horixe da. Polek margotzen ez daki eta beldur da. Jendaurreko hondamenaren lotsa. Katastrofearen kiratsa astindu nahian zabiltza berriro ere.
POL: Esaidazu, margoak nondik aterako genituzke?
TEO: H. Doktoreak emango dizkigu. Orain arte berari esker denetarik eskuratu izan dugu.
POL: H. Doktorea ez dago apetak eskatzen digun guztia betetzeko.
TEO: Berdin da. Hemen behean jarraitzen dugunez, aurkituko dugu hormak margotzeko modua. (Etena) Kobazuloetan ere ez zeukaten ba margorik eta ez al zituzten irudiak egiten?
POL: (Lana utzi gabe) Horrela omen zen, bai.
TEO: Ehizan ere ibiltzen ziren. Gu ere ehiztariak gara, ezta?
POL: Bai. Ehiztariak gara.
TEO: Haien modukoak hortaz! Margotu ditzagun harresi hauek, mesedez, Pol...
POL: Ez luke zentzurik izango.
TEO: Baina zergatik ez? Aurrean jartzen dizudan guztiari ezetz esan behar al diozu beti eta beti?
POL: Ez, ez. Ez da hori! Leizearen antzera, besterik ez.
TEO: Horregatik. Zer gertatzen da?
POL: Haitzuloak ez dira behin betikoak. Egunen baten hau dena urez beteko da.
TEO: Kobazulo askotako irudiak hor daude oraindik. Leizeek eta irudiek denboran iraun dute, ura eta denborari aurre eginez.
POL: (Lagunaren begietara zuhur) Atoan helduko den egunen baten hau, guzti hau, urez beteko du norbaitek, Teo. Eta nahita, egin ere.
TEO: Ezinezkoa da hori.
POL: Baina ez al duzu uraren soinua entzuten? (Entzuten hasten da) Eme entzun ezazu.
TEO: Nik ez dut ezer aditzen.
POL: Ixo! (Uraren soinua entzunez) Arretaz entzun ezazu. Ez duzula entzuten, benetan?
TEO: Ba ez, ez dut tutik ere aditzen.
POL: Ez duzulako nahi. Baina ezin da beti entzungor bizi.
TEO: Ez dut entzun nahi, ez. Zuk paretak margotu gura ez duzun modu beretsuan, nik ez dut hotsa entzuteko gogorik.
POL: Tik, tik, tik, tik, etengabeak dira jausten doazen ur tantak itogin eran. Musika dotorea da. Malkoen sinfonia, Teo.
TEO: Ba nik ez dut aditzeko desirarik; gogorik ere ez. Halaber, ez dakit zergatik ari naizen zurekin berbetan. Hobe nuke zurekin horrenbeste hitz egin baino, pintatzeko maneraren bat gauzatzen joatea. Are gehiago esango dizut POL: kobazuloetan ez zuten solas egiteko ohiturarik.
POL: A, ez?
TEO: Ez. Ez horrela behintzat...
POL: Hitz egiten bazuten, nola egiten zuten bada?
TEO: Keinu bidez.
POL: Ahotsik gabe? Dena irudi bidez?
TEO: Ba... bai, bai. Baietz pentsatzen dut.
POL: Ur-tantak entzuten zituztenean, ez. Tik, tik, tik, tik... horrela adierazten zioten elkarri ur-txortak aditzen zituztenean: tik, tik, tik, tik, tik, tik...
TEO: Erlojuaren soinua da hori.
POL: Erlojuak tik-tak egiten du.
TEO: Ez du ardura, erlojurik ez daukagu berton eta.
POL: Errepara iezaiozu tikari, hortaz.
TEO: (Kezkatuta) Arkakusoen kulpa da. Haien erruz tikez josia nago. (Begiak keinuka hasten zaizkio) Gehiegi nabaritzen al da? (polek ez dio ezetz esaten) Kontrolaezina dela uste dut. (Begiarekin tik xelebre bat egiten duela) Agerikoa da, ezta? (Lurrari ostikadak ematen dizkio) Arkakuso madarikatuok!
POL: Ez naiz zure tikez ari, Teo. Ur tanten tik, tik, tik, tik... soinuaz ari naiz. Tira, egin ezazu aproba, arren.
pol eta teo adi-adi uraren soinua entzuten hasten dira.
Off-ean ur tanta txikien jausia entzuten hasiko da, itogin etengabea.
TEO: (Begiko keinua pixkanaka joaten ari zaio) Tik, tik, tik, tik...
POL: Tik, tik, tik, tik...
TEO: (Uraren sintoniari gustua hartu dio) Tik, tik... Atsegina da uraren soinu motela. Negar goxo baten abesti barea. Gogotik aditzekoa. Lasaia, zintzoa, gardena, gaitzik gabekoa... tik, tik, tik... Partiturarik gabe abesten daki: tik, tik, tik, tik...
POL: Horrelaxe, ohartarazi gabe, ustekabean gu harrapatuko gaituen arte. Ziplo ur-jausi bihurtuko dira ur-tantak. (Off-ean entzuten den ur soinua gero eta gogorragoa bihurtzen doa, ur jausiaren soinu jasan ezina bihurtu arte) Zurrusta erraldoiaren lekuko izango gara. Dena urez betetzen denean, gure artean urik baino egongo ez denean eta gure arteko berba-komunikazioa ezinezkoa denean, orduantxe bukatuko da lasaitasuna! Ura, handik! Pilist-palast! Ura hemendik! Pilist-palast! Bustitzen hasiko gara, dena egongo da blai eginda, oro eta guztia. Baina konturatzerako, putzu-putzu eginda egon beharrean, gu geu, izango gara ur. Arrain izateko bihozkadak itoko gaitu, ur artean galdu egingo baikara. Pilist-palast! Gure taupadak isiltzen doazenean, uraren hotsa isiltasunaren jaun eta jabe izango da berriz ere. Pilist-palast! Orduan, zu eta ni, ni eta zu, gu biok, partitura eder horren egileak izango gara. (Oihuka, uraren soinuak hitz egiten uzten ez diola) Akabo txangoa guretzat, arratoientzat eta arkakusoentzat!
pol eta teok hitz egin nahi dute, baina uraren zalapartak gor eta mutu uzten ditu. Ustezko urak handik-hona, hemendik-hara bortizki daramatza, alde batetik bestera.
teok pol gonbidatzen du upel barrura sartzera. biak barruan daudela uraren soinua apaltzen joango da guztiz desagertu arte. Orduan upeletik kanpo aterako dituzte buruak.
TEO: (Lasaitasuna berreskuratuz) Aizu, Pol! Upel honek entseiuak egiteko balio dezake...
POL: Zeren entseiua egin behar dugu, baina?
TEO: Kanporatzearena; zulotik at! Azalera ateratzeko unea garrantzitsua izango da. Estoldetatik erbesteratzea! Iluntasunetik landa. Une ahaztezina...
POL: (Upeletik ateratzen da) Etorri zinenekoa gogoratzen al duzu?
TEO: Ez oso ondo. Baina hau bestelakoa izango den susmoa daukat. Bakarra! Horixe baietz! (Upel barrura sartzen da berriz ere. Behin barruan egonda estalkia jartzen du. Gero pixkanaka estalkia kendu eta harridura aurpegiaz, inguru guztia begira dagoela, apurka-apurka burua ateratzen du) Antzeko zerbait izan beharko da.
POL: Antzerako zerbait.
pol lurrean barreiatuta dauden burdin-makilekin lanean hasten da, berriz ere.
TEO: (Upeletik gorputz osoa aterako du azkenean) Aizu, Pol.
(polek ez du erantzuten eta lanean jarraitzen du) Pol. Pol! (polek berearekin jarraitzen du) Aizu, Pol, orain arte ez dizut sekula galdetu, baina...
POL: (Bere lana utzi nahi ez duela) Bai...?
TEO: Zuk, zera... zergatik jaitsi nahi izan zenuen hona?
POL: (Lanean denboratxo bat eman ostean, hasperen eginez) Kosmosa betetzeko adina planeta neukan. (Makiletako batzuk esku artean hartzen ditu) Planeta urdina, planeta laranja, planeta arrosa, planeta beltza, kristalezko planeta, planeta xumeak, planeta beldurgarriak, fedegabeko planetak, belarritakodun planetak, planeta bizidunak, bizitzarik gabeko planetak, planeta hilak... Planeta izugarri hauen arteko oreka bazegoen, egon, osotasuna bailitz. Baina ezin izan zuten grabitatearen legea jasan eta hegaz egiteari utzi zioten ezustean. Denak pasabidean jalgitzearen zain zeudela, bata bestearen kontra irteerako atean estropezu egin zuten. Nire planeten arteko zapalketaren ondorioz bat bera ere ez zen aireratu azkenik. Zorroaren lokarria askatu ezinik nenbilen. Ireki ezineko zakuan bahitu nituen planetok. Behin eta berriro galaxia bat osatzear zirenean, planeta guztiak irteeran metatzen zitzaizkidan, bakar batek ere hegan egin gabe. (Isilune baten ostean, burdinekin lanean jarraitzen du) Eta orain, haietako bat, planeta bakarra, orbitan jarri nahi dudanean eta irteeran ateratzeko prest dagoenean, ke hutsa bihurtzen da. Kea.
teok zigarro bat atera eta pizten du.
POL: Inguratzen zaituen behe-lainoa, lausoa, desagertuz doa gasa bezala. Etorri den leku beretik aireratzen da orduan eta badoa, joan, urrun, oso urrun. Ez da bueltatuko. Hodeiak lainoak bezala; ez dut sekula hodei bera birritan ikusi.
TEO: (Zigarroaren kea ahotik botatzen duela) Ilargia ikusiko bagenu hemendik sikeran.
POL: Nondik atera duzu tabakoa baina?
TEO: (Gustura zupada emanez) H. doktoreak eman dit.
POL: Emadazu zupadatxo bat.
TEO: (Zupada luze baten ostean) Berdin jarraituko al du ilargiak, hain goian, hain urruti eta hain distiratsu?
POL: Ez naiz inoiz bertan egon.
TEO: (Zigarroa askatu gabe) Haurtzaroan, gure aitak, egunen baten oporrak ilargian igaroko genituela esan ohi zidan. Gogoeta egiteko kontua da. Ilargian atseden egin, hantxe geratzea ebatzi... selenita bihurtzearen aukera izango genuke.
POL: Tira, emaidazu zupadatxo bat.
TEO: Eta nerabezaroan soldaduzka egingo ez nuela esaten zigun gure aitak ere. Eta ez nuen egin. Kontuak jota, ilargirako osteratxoa zahartzaroan etorri beharko da.
POL: Zigarro guztia erre behar al duzu?
TEO: Kea baino ez da. (poli zigarroa ematen dio) Eta ez doa hain urrin. Gas hura zugandik nola aldentzen zen ikusteko gai izan al zinen?
POL: Badakizu? Urte mordo batez ibilbide berbera egunero egiten nuen. Egunero berdina. Hainbeste urte... mila egun. Hona jaitsi nintzen arte ez nintzen jabetu: horrenbeste bider egiten nuen ibilbide berdina zuhaitzez inguratuta zegoen. Eta ni arbolaz inguratuta nengoela ohartu gabe.
TEO: Zer ziren, pinuak?
POL: Hirietan ez da pinurik egoten.
TEO: Begi-sikuek ez dituzte pinuak maite.
POL: Merkeak direlako.
TEO: Asko dira; pinu asko dago.
POL: Goiz hiltzen direlako agian?
TEO: Pinudi handi baten galtzea beldurgarria da.
POL: Aukeran, izarrak nahiago.
TEO: Izarren artean desagertzeak beldurra ematen dit ere. Hain daude urrun...
POL: Hain txikiak dira.
TEO: Hain dira handiak.
POL: Hain hegalariak dira.
TEO: Hain dira basatiak.
POL: Hain ameslariak dira.
TEO: Hain daude urrun...
POL: Pinudien gainean izango dira beti izarrak.
TEO: Izar eta pinuen artean galtzea ikaratzekoa da benetan.
POL: Ez dut inoiz izarren artean lorik egin. Zuk?
TEO: Pinu artean bai. Lotan zaudela, adi begiratzen zaituzte gau osoan zehar. Zuhaitz zelatariak dira eta hontzak bailiran ez ditu loak hartzen. Bertan zaudela, zaintzen zaituztela dirudi, baina espioiak dira. Satorrak ondo murgiltzen dira basoan. Babesaren mozorro horrek ez die lo egiten uzten. Eta are gutxiago zuri. Esnatuta eta eme egon beharra beti.
POL: Hori pinuak gurekin mintzatzen direlako gertatzen da. Izarrek, aldiz, adi-adi begiratzen gaituzte, hitzik esan gabe. Eme erreparatu izan badiet ere ezin izan dut sekula haien kantua entzun. Isilik daude izarrak beti.
TEO: Aizu, eta ilargia, orduan?
POL: Haserre dagoenean ez da irteten.
TEO: Horregatik ere ez gara gu hemendik ateratzen, amorrazioz beterik gaudelako?
POL: Kanporatzeko bidea ahaztu dugunean ekin beharko diogu ihesaldiari.
TEO: Ilargia haserre ote dagoen jakitea ezinezkoa da hemen. Eta han goian, errazago badute ere, ez dute jakin nahi izaten. Horregatik, pinuen beharrean, palmondoak jartzen dituzte. Jendeak nahiago ditu. Pinuek zerura begiratzen dute. Palmondoak lurrera begira daude. Hala ere, dena esan beharra dago: palmondoak pinuak baino askoz arriskutsuagoak suerta daitezke. Kokoek, abisurik eman gabe, bere burua lurrera bortizki botatzen dute. Horregatik, hirietako karriketan ez lituzkete palmondoak jarri behar, azpian nor dagoen begiratu gabe kokoak jaurtitzen baitituzte.
POL: Newtonek sagarra beharrean buru gainean koko bat jaso izan balu nire planetak agian hegalean ibiliko ziren gaur.
TEO: Bai, baina goiko biztanle horiek, begi-sikuek, ez lituzkete ikusiko. Ez dute gora begiratzeko ohiturarik. Gainera gora so egiten badute, eraikinak dira soilik ikusten dutena. Besterik ez.
POL: Eraikinak zuhaitzak bezalakoak dira. Haien artean nenbilen ni. (Etena) Nire buruak neuri ezer esan gabe agindua eman zien oinei. Haien kabuz hartzen zituzten erabakiak. Azkena zen baina nire hitza. Erabaki sendo eta latza hartu nuen; hirurak hona jaitsi ginen: oinak, neure burua eta ni neu.
TEO: Zure burua... eta zu zeu?
POL: Eta baita gure oinak ere!
TEO: Nik... nik ez dakit nork ekarri ninduen hona.
POL: Zu?
TEO: (Bere bakarrizketari eutsiz) Nik?
POL: Ea zu nork ekarri zintuen hona?
TEO: Ez dakit nork ekarri ninduen hona.
POL: Zuk zeuk?
TEO: Utzi ezazu! Ez dakit zergatik ari naizen zurekin hizketan. Nire buruari galdezka ari nintzaion.
POL: Zure buruari? Berak ekarriko zintuen agian.
TEO: Ez dut uste. (Oso harroxko) Nik, nik ekarri nuen neure burua, eta... sorbalda eta samaren gainean gainera.
POL: Zama arina, gero! Buruhandiak bezala orduan, burua buruaren gainean.
TEO: Buruhandien antzera, bai. Bada herri bat non herritarrak buruhandien beldur bizi diren, edonon eta edonoiz agertzen baitira. Jipoitua izatearen arriskuan bizirauten dute herritar gizajo horiek. Baina ez dira zorigaitzean bizi, buzkantza paregabeak jaten baitituzte. Hori bai, odoloste ederra dastatzen ari direla, inongo abisurik gabe buruhandiak agertzen dira; goizez, eguerdiz, arratsaldez, gauez, kale kantoitik, zubi azpitik, plaza erdian...
Bat-batean eskenatokiko alde batetik buruhandi bat agertzen da. Korrika pol eta teoren ingurutik igarotzen da. Umeak bezala ikaratzen dira hauek.
buruhandia beste aldetik desagertzen da.
TEO: (Beldurtuta) Esan dizut, ba!
POL: (buruhandia joan den lekurantz begira) Badoa lasterka.
TEO: Azkarregi doaz buruhandiak batzutan, eta burugogorrak bitartean, mugi ezinean.
POL: Buruak ez du ibiltzen joan nahi. Abiadura nahiago du.
TEO: Eta alde egin duen hori... gu izango bagina? Gu... ezer ez bagara? Arimarik gabeko gorputzak bagina?
POL: Hutsak orduan.
TEO: Hutsalak. Hutsaren hurrengoak. Baditugu handik hona gu eramateko zangorik. Badugu hau edo hura hartzeko eskurik. Badugu, izan ere, beste horiek ikusteko begirik. Baina gure aurrean dagoen lekura heltzen gara soilik, hona! Begien bistan duguna baino ez dugu ikusten, hau! Eta ukitu ere..., eskua heltzen zaigunerakoa bakarrik, hori! Ez dugu harantzago joateko aukerarik. Urrutirago heldu eta bertan daudenak ukitu eta ikusteko ahalmena duen bakarra bizkor batean alde egiten duen buru hori da.
POL: Horren handia irudikatzen al duzu zeure burua?
TEO: Maite eta amesten dudan guztia jasan dezakeen burua eduki nahi nuke. Besterik ez.
POL: Tamainaren kontuaz ari zara?
TEO: Pisuaren kontuaz ari naiz. Erraldoi batek ez du astuna izatearen beharrik, ezta handia ere, buru bakar baten inoiz zeru oso bat sartu izan delako. Ez zerua bakarrik, baita izar guztiak ere, direnak eta ez direnak.
POL: Direnak. Eta... ez direnak?
TEO: Hain daukat handia ahoa burua handia izateko gai ez naizela.
POL: Aizu, Teo... zergatik ez... zera... gu beharrean... ez al zen hori bada gure burua izango?
TEO: Gu ez eta gure burua bai. Gure burua... hori? Gure burua ihesean. Zuk horrela nahi zenuen, ezta? Ba hortxe duzu.
polek lauki baten tankera duen estruktura sortu du.
TEO: Hori gure burua izatekotan ez al gaitu isolatuegi utzi? Bakarrik utzi gaitu. (polek egindako laukiari begira) Bukatu duzu?
POL: Zer ikusten duzu zuk?
TEO: Ezer ez. Hutsik dago.
POL: Hutsik?
TEO: Ez dakit... Gartzela dirudi.
POL: Eta hutsik?
TEO: Gartzela, edo zera... kaiola bat! Kaiola baten itxura duela uste dut.
POL: Bai? Kontrakoa ematen du niretzat. Gu hemendik askatzeko trastea sortzen ari naiz.
TEO: (Isilune baten ostean) Zertarako? Irteera non dagoen badakit.
POL: Inork ez daki non dagoen irteera. (Laukia osatzen duten piezak kentzen hasten da)
TEO: Ba nik badakit! Baina non dagoen esaterik ez duzu gura; irteera non dagoen jakin nahi ez duzulako.
POL: Joan zaitez, nahi izanez gero.
TEO: Ez.
POL: Zoaz ba, hori baldin bada nahi duzuna.
TEO: Ez, ez dut nahi.
POL: Kalerako bidea non dagoen badakizu.
TEO: Ez, ez dut nahi! Ez ditut goiko begi-sikuak berriz ikusi nahi. (Guztiz ikaratuta) Begi-sikuak, Pol! Etorri dira! Dena begi sikuez gainezka dago. Inguratuta gauzkate. Pol! Begi-sikuak edonon daude!
teo albo batetik bestera begiratzen du, begi-sikuengandik alde egin nahian. Baina ezin du, edonon ikusten baititu begi sikuak. Etsita eta estaldu nahian, burua besoen artean duela makurtzen da.
POL: (Laguna lasaitu nahirik) Teo, Teo. (teok ez dio jaramonik egiten) Ez dago inor hemen. Benetan. Begira ezazu ingurua. Inork ez dizu minik egingo, Teo. Ez dago begi-sikurik inguruan. (teo pixkanaka baretuz doa. Ingurua begiratzen du, inor ez dagoela ziurtatuz) Ez dago inor. Bakar-bakarrik gaude. (teok irribarre lotsatia eskaintzen dio poli) Izorra daitezela unibertsoko begi-siku guztiak! (teok barretxo bat botatzen du)
TEO: Begi-sikuek ikaratzen naute, Pol. Ez ditut nire aldamenean begira eduki nahi. Begiak siku dituztela, aho itxiarekin barre egiten dute gainera. Ikara sentitzen dut irudikatze soilarekin. Ez nuke panorama jasango. Ahoa zabaltzearen beldur dira! Ezpainak pega-pega eginda eraman ohi dituzte. Metroan daudela, kale bete eta zabaletatik ibiltzen doazela, supermerkatuetan erosketak egiten ari direla edota ordenagailu baten aurrean argazki pornoak ikusten masturbatzen ari direla, ahoa itxita dute; ezpainak indarraz, bata bestearen kontra. Hori, ez da amasteko modurik erakargarriena. (Arnasa sudurretik gogor hartzen du eta ahotik bota, nabarmenki) Oso estilo serioa ematen die ahoa itxita eramateak. (Luzatze-ariketak egiten ditu) Atsedenik gabeko tentsioan bizi dira. (Ezpainak bata bestearekin elkartzen dituela alde batetik bestera ibiltzen hasten da) Eta barre egiten dutenean? Ja! Orduan bai! (Ahoa itxita duela barre egiten du) Lotsatuta egiten dute barre! (Ahoa itxita duela barre egiten du berriz ere)
TEO: Aizu, Pol.
POL: Zer?
TEO: Gu, zera, gu...
POL: Zer?
TEO: Ez gaude bakarrik, ezta?
POL: Ez Teo, elkarrekin gaude.
TEO: Zu nirekin... eta... ni zurekin. (Etena) H. doktorearengana noa. Aho itxiaren kontua azalduko diot. Horrekin esperimenturen bat bururatuko zaio ziurrenik. (Badoa)
POL: (Bakarrik dagoela, burdin makilak kentzen jarraitzen du) Ahoa zabaltzearen beldur izango dira begi-siku horiek, Teo.
Laukia osatzen zuten pieza guztiak kenduko ditu. Hasieran bezala dago, burdin zati guztiekin lurrean. Adi begiratzen du makila bakoitza, haiengatik zerbait entzun nahi izango balu legez.
bera agertzen da, itxuraz urrun.
BERA: Pol! Pol! (polek ez daki ahotsa nondik ote datorren) Pol! Pol!
polek bera ikusten duenean beregana hurbiltzeko ahaleginak egiten ditu. Baina ezin du. Lurrera itsatsita dago.
POL: Zergatik ezin naiz zugana joan?
BERA: Hemen naukazu.
POL: Zatoz hona, mesedez.
BERA: Elkarrekin gaude.
POL: Zergatik zaude hain urrun?
BERA: Ez nago urrun, Pol. Zure aldamenean nago.
POL: Ez da egia. Orduan zergatik ezin zaitut ukitu? Honaino ez da zure usaina heltzen. (Hasperen eginez) Segundo iheskor batez ukitu eta usaindu ahal izango bazintut...
BERA: Hemen nago.
POL: Ukitu behar zaitut... Zu usaintzeko beharra daukat. Zatoz nire aldamenera, mesedez.
BERA: Banago, izan. Hementxe.
POL: Ez. Zure azalaren beharra daukat, zure lurrinaren gogoa. Zatoz.
BERA: Tximeleta bat bidaliko dizut, orduan.
POL: Tximeleta bat? Hona?
BERA: Bai, marisorgin laztan bat.
POL: Hori ez da posible.
BERA: Bai, etorriko da. Bidaliko dizut. Bere beharra duzunean hemen izango da, zurekin. Jarrai ezazu orduan bere hegaldi luzea; zure begiak bere hego bihur itzazu. Txiribiriaren dantzak behar duzun erantzuna emango dizu.
POL: Ez dut sorgin-oiloen beharrik. Zu ezin ukitu bazaitzaket..., zu usaintzerik banu. Zure arnasarik gabe... ezin dut honekin bukatu. (Makilak seinalatzen ditu, pentsakor) Pitxilota dantzan... (Mitxeleten antzerako hegalditxoaren dantza egiten hasten da)
BERA: Ondo al zaude, Pol? (polek ez du erantzuten) Pol, ondo zaude? Pol, Pol... Esaidazu zerbait, Pol. Pol! Pol! Esaidazu zure egia, mesedez. Pol, nik ere zure sekretua ezagutu gura dut. Pol! Zergatik ez didazu ezer esaten? Zergatik, Pol? Zergatik?
bera desagertzen da.
polek dantzarekin bukatzen du.
POL: Ilunabarraren zain nago
bai, baina
ez dizut esango.
Isilik aurkituko nauzu
bai, baina
ez dizut esango.
Poltsikoan gordeta daukat
bai, baina
ez dizut esango.
Ez.
Eskatzen badidazu ere ez dizut esango.
Zurea egin nahi badut ere ez dizut esango.
Bakarrik banago ere ez dizut esango.
Sakelan kili-kili egiten badu ere ez dizut esango, gaua etorri arte.
Gaua iristean, lotan zaudela,
orduan,
bai,
entzuten ez didazula,
esango dizut.
teo bizikleta baten gainean agertzen da.
polen inguruan bueltatxo batzuk ematen ditu, alai txirrina joz, bere lagunak lanean jarraitzen duen bitartean.
POL: (Bere lana utzi gabe) Nondik atera duzu bizikleta? Ez da lan makala bizikleta lapurtzea...
TEO: (Bizikletarekin bueltaka jarraituz) H. doktoreak eman dit.
POL: Jatekorik eman dizu?
TEO: Ez, aho itxiarekin ibili baikara, esperimentuan. Ehizan egin beharko dugu beraz.
POL: Esan al dizu uraz zerbait?
TEO: Uraz? Ez. Aho itxiarekin ere, ezin da urik edan.
POL: Ez al dizu eman urpean igeri egitekoak? Betaurrekoak, hegatsa, oxigeno botilak...
TEO: (Bizikleta geldituz) Ba ez, ez dit holakorik eman.
POL: Laster uraren eraginez bizikletaren gurpilak ez dira mugituko. Oso neketsua da ur gainean pedalei ematea, jasangaitza.
TEO: Ur-jausiak, agian, botila bat ekarriko digu... eta botilaren barrenean ezkutuko mezu bat irakurriko dugu.
POL: Palmondoei eta pinuei buruz hitz egin al duzue?
TEO: Ez. Zure planeten hegan-ezina, kokoak, Newton eta sagarrak izan ditugu mintzagai.
POL: Gustura jango nuke gero, sagar bat.
TEO: Sagarrek baina egarria ematen dute.
POL: Hiltzen naizenean sagarrez ingura nazazu. Oso usain ona ematen diote inguruari.
TEO: Baina... ustelduko dira.
POL: Eta baita ni ere!
TEO: Usteltzearen momentua...
POL: Une latza.
TEO: Momentu hori horren zakarra izan ez dadin aldez aurretik entseiatua izatea merezi du. Egin dezagun froga!
POL: Ze froga, baina?
TEO: Hileta ospakizunarena. Gutako batek hildakoarena egingo du. Besteak, aldiz, lagun kontsolaezinarena.
POL: Baina... Ezin dugu, sagarrik ez daukagu eta...
TEO: Berdin dio. Nik hiltzeko ez dut sagarren beharrik. Neuk egingo dut hildakoarena!
POL: Nik, bitartean... zer egin behar dut?
TEO: Salto. Egin ezazu jausi nire gorpuaren gainetik.
POL: Salto?
TEO: Bai. Zuk zure gorpuaren inguruan sagarrak nahi dituzun bezala nahi dut nire gainetik salto egin dezazun. Hori besterik ez. Ez da horren zaila, motel!
POL: Zerbait abestu behar al dut?
TEO: Ez da beharrezkoa.
POL: Negarrik? Negar egitea nahi duzu?
TEO: Negar gehiegi egiten baduzu malkoz beteko da ingurua uholde batean bezala.
POL: Malkoak itsasoko ura dira.
TEO: Itsasgora arriskutsua orduan.
POL: Malkoak ez dira sagar-tirrita.
TEO: Hilda naiz!
teok hildakoarena egiten du lurrean botata.
polek kezkatuta, zer egin ez dakiela hildako laguna begiratzen du.
teoren gorpuaren inguruan denboratxoa eman ostean, pentsatzen ibili dela, gorpuaren gainetik salto egitea erabakitzen du. Behin egin, eta berriro ere egiten du salto. Gustua hartu dio, eta handik hona dabil teoren gorpuaren gainetik saltoka.
Jausi batzuk egin eta gero geldi geratzen da berriz ere, lagunaren gorpuari begira, goibel.
Bat-batean altxatuko du burua teok.
TEO: Aizu, hiletetan zergatik ez du inork txalorik egiten?
POL: Aldez aurretik entseiatu ez dutelako izango da. Suteetan eta uholdeetan bezala. Suteen entseiuak egiten dira. Uholdeena ez.
TEO: Uholdea da begi-sikuentzat sutearen soluzioa.
POL: Disoluzioa.
TEO: H. doktorearen lanak bezala.
POL: (teo begiratzen du. Bere atzetik zerbait ikusi duela iruditzen zaio) Aizu, tximeleta bat! Bizirik.
TEO: (Bere atzera begira, ezer ikusten ez duela) Ze tximeleta? Nik ez dut tximeletarik ikusten.
POL: Ezta nik ere ez. (Etena) Ez dut tximeletarik ikusten. Poetak bakarrik ikusten du astoaren arima.
TEO: Hobe horrela, Pol.
POL: Hobe?
TEO: Bai, benetan. Burua galduko zenuke bestela.
POL: Tximeleta ez dagoen lekuan hura ikusteagatik?
TEO: Ni pozik nago poeta ez izateaz. Garai batean poeta izango nintzenaren ustea nuen. Baina ez. Ondo pentsatu eta nire buruari poeta izateko debekua eman nion. Bere ezbehar eta malkoekin eman behar izaten du bizitza guztia poetak. Tximeletarena ulertzen dut hala ere. Imajinatzen dut zuri antzeko zerbait jasoko zaizula kaiola hori ikusten duzun bakoitzean.
polek orain arte egindako lana bertan behera botatzen du, berriz ere.
TEO: Dena dela, zure esku dago erabakia. Zure miseriak azalerazteko gai ez bazara, erakutsi nahi ez badituzu, galtzekorik baduzu ere. (Etena) Tira, zuk zeuk egin behar duzu aukera. (Bizikleta hartzen du) H. doktoreari bueltatuko diot bizikleta.
teo bizikletarekin doa, baina berehala bueltatzen da.
TEO: Aizu, Pol?
POL: Zer?
TEO: Zuk, zera, zuk...
POL: Zer?
TEO: Zuk ez nauzu inoiz abandonatuko. Zuk, ez ezta?
POL: Ez.
teo badoa bizikletarekin.
pol burdin makilei so jarraitzen duela, bera agertzen da.
BERA: Pol! Pol!
polek bera ikusten duenenean bere atzetik korrika egiten du, baina bera desagertuko da, gero beste nonbaitetik agertzeko. Orduan pol, berriz ere, bere atzetik joango da. Sagu eta katuaren joko honetan, pol beragandik urrun geratuko da beti, eta azkenik, alde batean bata eta beste aldean bestea geratuko dira. pol lurrera itsatsita dago, berriz ere, oinak mugitu ezinik.
POL: Oraindik ez dut tximeletarik ikusi.
BERA: Zelan zaude, Pol?
POL: Dena lehenengo aldiz egitearen ustearekin nabil, behin eta berriro.
BERA: Zergatik, Pol? Zergatik?
POL: Beldur naiz. Behin eta berriro kaiola eraiki eta apurtzen badut ere, tximeletak ez du hegaz egin nahi.
BERA: Ez zaitez beldur izan.
POL: Urak tximeletaren hegoak bustitzen dituenean ezin izango du hegaz egin. Olatu handia datorrenean berarekin eramango du.
BERA: Hegaz egiten duen gauza oro ez da gauza bera, Pol.
POL: Ez dira berdinak, ez. (Hitz hauek errepikatzen dituela bera desagertzen da) Ez dira, ez. Ez dira berdinak.
bera desagertzen da. pol orain bere lekutik mugitzeko gai da.
POL:
Olatu guztiek berbera ematen dute,
bakarra.
Besteengandik bereizten den
olatua ezagutzen dut.
Lehorrera inoiz heltzen ez den olatua badago.
Bide bakarra egiten dakien olatuak
ur-bazterra ukitu behar duenean
itsasoaren indarrak atzera egiten dio,
atzera berriz ere.
Behin eta berriro
itsasoaren indarra.
Apurtzen ez den olatua
burumakur dabil ur azpian,
atzera eta aurrera
hilezkorra den gizona bezala,
itsasoaren indarrez
behin eta berriro.
Itsasoaren indarrak,
atzera eta aurrera
eta ilargiak,
behin eta berriro,
olatua ahultzen dute.
Bere bidea aurkitu ezinik
aurrera eta atzera
lehorrera heldu ezinik
behin eta berriro
noraezean doa olatua.
polek berarekin hitz egin nahi du, baina, etsita, ez dagoela konturatu egiten da.
Beranduago, teo dator aldizkari bat esku artean duela.
TEO: Hemen nago. (polek ez du erantzunik ematen) Begira, H. doktoreak agur modura aldizkari bat oparitu dit. (Upel gainera igo eta ozenki irakurtzen du aldizkaria) Entzun: “Zer da lohia?
Lohiarekin dira munduko ontzirik ederrenak egiten.
Gorotzik gabe ez da lore ederrik sortzen. Bizio gabe ez da bertuterik loratzen.
Lohi ixtilen artean ibiltzez da ikasten, ez zikintzen.”
POL: (Eten baten ostean, zutik jarriz) Aizu, Teo, zuk zera esan duzu: urrunago heldu eta bertan daudenak ukitu eta ikusteko ahalmena duen bakarra arineketan alde egin duen buru hori zela.
TEO: (Pixkanaka etzan eta lotara joatekoa prestatzen du) Hori esango nuen, bai. Zergatik?
POL: Eta hara heldu ahal bada eta hura ikusi eta ukitzeko aukera badu, usaintzerik ere izango du, ezta?
TEO: (Aharrausika eginez eta lo egiteko prest) Izango du, bai, zergatik ez.
POL: Bai, zergatik ez.
pol ere lo egiteko etzaten da. Biak lotan daudela dirudienean bera agertzen da.
BERA: Pol, Pol! Esnatuta al zaude?
POL: (bera begiratu gabe hitz egingo dio, lurrean eserita) Behin ezagutu nuen lur harekin amets egin nahi nuke. Tximeleten uhartea. Mundu horretan bizi izan nuena ezin dit sekula inork lapurtu.
BERA: Inoiz entzun zenuen hura gogoratzen al duzu? Urak bere hizkuntza hitz egiten du. Elkar komunikatzeko mintzaira bera erabiltzea baino ez duzu.
POL: Baina nik ez dut bere hizkuntza ezagutzen.
BERA: Entzutearekin nahikoa duzu.
POL: Eta korronteak bultzatuta edonora eramaten banau?
BERA: Itsas zaldi batek ez luke inoiz esango bere borondatearen kontra, handik hona, bultzatuta dabilenik. Hori guk hartzen diogun itxura da: ahula. Itsas zaldiak hala ere, lau hanka dituela egiten du amets eta badoala, lauhazka bizian basoan barrena eta mendian gora.
POL: Kilker batek ere ez luke inoiz ur azpian kri-kri zazpi biderrez abestuko.
BERA: Gogoratuko al duzu orduan inoiz entzun zenuen hura?
POL: Zer?
BERA: Ez. Isiltasunak uraren hizkuntza lurperatu zuela.
bera desagertzen da. pol lotara doa berriro ere. Laster esnatuko du teok.
TEO: Pol! Pol! Esnatuta al zaude?
POL: Mmmm...
TEO: Lotan ala ametsetan zaude?
POL: Hemen lo egiten baduzu amets gehiegi etortzen da eta ametsen ostean sukarra dator.
TEO: Ba nik amets egitea atsegin dut.
POL: Bai, baina lo egin eta gero esnatu beharra dago. Inoiz irentsi nituen ametsek ez didate orain lorik egiten uzten. Sabeletik oihu egiten didate etengabe; garrasi baten barrenetik mintzatzen zaizkit. Gerizpetik irteteko modurik ez dut, zuhaitzik ez dagoelako hemen eta ametsak kaka egitea zaila baita.
TEO: Logura eta ametsekin kontuz ibili beharra dago, putz eginez soilik ez baitira joaten. Logaleak berarekin eraman nahi nauenean nik batzutan txalo egiten dut. Loguraren beldur bazara ere, egin txalo gogor eta erritmo bortitzez. Logurak ez zaitu horrela ezustean harrapatuko eta eskuak, txalo eta hegan egiteko aske izango dituzu.
POL: Txaloak musikari, aktore, dantzari eta horrelakoei eskaintzen zaie.
TEO: Tira, badago politikariei txalo egiten dionik ere.
POL: Akrobatak dira txalo gehien merezi dutenak.
TEO: Akrobatak, zergatik?
POL: Airean egon barik hegaz egitearen sentsazioa bame arazten baitigute.
TEO: Bufoien lanek ere txalo eskerga merezi dute aurpegira barre egiten digutelako etenik gabe.
POL: Haien lana baldin bada, ez lukete txalorik jaso behar. Niri ez dit inork txalorik egiten. Horrenbeste gauzari egin beharko genieke txalo... Egun berri bat hasten zenean ez genion eguzkiari txalo egiten.
TEO: Oilarrak txalo egiten zion goizero.
POL: Esaterako, hemendik abiada bizian dabiltzan arratoiei ez diegu txalorik egiten. Ez al dute merezi?
TEO: Txaloan sinesten duzu beraz.
POL: Ezta gutxiago ere; horrenganako fidantzia galdua daukat guztiz.
TEO: Inoiz txaloarenganako fedea izan duzunaren seinale da hori.
POL: Lelokeriak!
TEO: (Upel gainetik, norbait ikusiko balu bezala) Krotos!
POL: Nola?
TEO: Krotos.
POL: Krotos?
TEO: Greziarrek Krotos jainkoa gurtzen zuten: txaloaren jainkoa.
POL: Lo egitearen esperantza daukat oraindik. Eta ez daukat txaloka hasteko asmorik.
TEO: Egin al duzu inoiz txalo bakarrik egonik?
POL: Txaloa ez da sekula bakarka praktikatzen.
TEO: Oroitzapenei txalo egin zeniezaieke. Edo urrun dauden gauzei, baina ez diezu egiten; barrenean gordetzen dituzu, ezkutuan eta gatibu.
POL: Bada nire barrenak desiratzen duen txokoa, bazterreko gordelekua. Behin baino ez dut paraje hura ikusi. Ondo gozatu nuen, bere zapore guztia dastatu nuen. Txalo egin beharrean, malkoak ateratzen zaizkit. Bere zapore guztia dastatu nuen...
TEO: Ez dira hain ezberdinak txaloak eta malkoak.
POL: Nire oinek ez naute berriz bertara garraiatu. Toki hura berriro zapalduko banu, ez dut uste txalo egingo niokeenik. Irudimenean bisitatzen dudanean bezala, negar egingo nuke. Nire bazterreko gordelekua... (Bestearengandik bereizten da) Bere zapore guztia dastatu nuen...
TEO: Itsuek ere txalo egiten dute. Eta negar egin, egiten dute ere.
POL:
Bere zapore guztia dastatu nuen...
Olatuak entzuten ditut
handik hona
suabe.
Kilkerrek abesten dute
kri kri
suabe.
Zuhaitzak mugitzen dira
handik hona
suabe.
Harea fina atzamarren artean
kri kri
suabe.
Haizeak laztantzen nau
handik hona
suabe.
Kili kiliak egiten dizkidazu
kri kri
suabe.
Hodeiak zerua estaldu nahian
handik hona
suabe.
Kri kri
handik hona
suabe.
Edertasunean gero eta gehiago sinesten dut. Ukaezina da bizitza bera ere edertzen duela edertasunak.
TEO: Edertasuna bilatu eta aurkitzea posiblea da; baina zoriontasuna bilatzerik ez dago.
POL: Bai, baina biak, edertasuna eta zoriontasuna, elkarrekin, egunen batean agertuko dira. Orduan arrainek hegaz egingo dute.
TEO: Itsaso azpian hodeiak izango dira.
POL: Goizero ilargi betea egongo da.
TEO: Zerua perretxikoz beterik agertuko da.
POL: Loreen artean izarrak jaioko dira.
TEO: Izarren artean arrosak loratuko dira.
POL: Pinu eta palmondoak lorategi bakarrean aireratuko dira.
TEO: Egarriaren indarrez ez dugu gure malkoak edatearen beharrik izango.
POL: Itsas zaldiak mendietan gora lauhazka ibiliko dira.
TEO: Kilkerrek ur-azpian abesten ikasiko dute.
POL: Palmondoetan sagarrak eta sagarrondoetan kokoak sortuko dira.
TEO: Tximeletek kaioletatik kanpo dantzan egingo dute.
POL: Zer?
TEO: Tximeletek kaioletatik kanpo dantza egingo dutela.
POL: Tximeleta bat dantzan.... Ikusi al duzu inoiz tximeletaren dantzaldia?
TEO: Bai... baietz uste dut...
POL: Nolakoa da? Nola egiten du dantzan tximeletak? Esaidazu, mesedez. Mitxeletaren dantza ezagutzeko beharra daukat, nolakoa da? Saltoak egiten al ditu? Biraka ari ote da? Nola egiten du dantzan tximeletak?
TEO: Ba ez dakit... horrelako zerbait...
teo apurka mugitzen hasiko da. polek bere pausuak jarraituko ditu. Hasieran entzundako musika berak haien dantzan lagunduko die. pol biraka ari da, burdin-makilak eskuartean dituela. teok bitartean upelaren gainean dantzan egiten du, barrura sartu arte. Musikaren soinua motelduz doa.
polek burdin-makiletako bat esku artean hartzen du; beste guztien inguruan bueltaka jarraitzen du. Entzuten den musika marmarrean kantatzen du. Lurrean botata dauden burdin-makilak sailkatzen ari dela dirudi.
TEO: (Upeletik burua atereaz pol begiratzen du) Kanta horrekin berriro?
POL: Isiltasunaren beldur naiz.
TEO: Isiltasunaren beldur bazara, zergatik ez dugu hemendik alde egiten?
POL: (teo begiratu gabe, bereari eutsiz) Zoaz nahi baduzu.
teok lurrean dagoen burdin-makiletako bat hartu eta polen atzetik bueltaka hasten da. Horrela jarraituko dute hurrengo elkarrizketan, burdin-makila guztiak bazterretan sailkatuta geratu arte.
TEO: (Eskuartean beste burdin-makila bat duela) Badakit zer egin dezakegun.
POL: Zerbait egin behar al dugu?
TEO: Zerbait egin behar dugu.
polek jaramonik egin gabe iharduerarekin jarraitzen du.
TEO: Hormak margo genitzake.
Agertokia ilunduko da, berriz ere.