Eztenbako tribuak
Galder Perez
Eztenbako tribuak
Galder Perez
Artezblai, 2011
Eztenbako tribuak
Galder Perez
Artezblai, 2011
[aurkibidea]

 

Eszenatokian karratu zabal bat dago, aurrealdetik zabalik. Edozein hiri handiko igogailu publikoa da.

Erdian, aulki altu baten eserita, igogailuzaina dago; liburu bat irakurtzen ari da.

Igogailuko atea zabalik dago.

emakumea sartzen da. Erosketetako poltsak eskuetan dakartza. Presaka dator.

igogailuzainak, ezer esan gabe, begiradarekin emakumearen pausu guztiak jarraitzen ditu.

emakumeak, urduri, poltsak lurrean uzten ditu. Zorrotik dirua ateratzen hasten da. Txanponen zaratak beteko du isiltasuna. igogailuzainari txanpon batzuk ematen dizkio. Trukean eskegita daramatzan tiketetako bat emango dio.

 

EMAKUMEA: Eskerrik asko. (Isilunea) Asko falta da?

IGOGAILUZAINA: Asko falta, zertarako?

EMAKUMEA: Irtetzeko.

IGOGAILUZAINA: Oraindik beste norbait etorri behar da.

 

emakumeak urduri jarraitzen du, zer egin jakin gabe. igogailuzaina liburua irakurtzen ari da lasai. emakumeak atetik kanpora begiratzen du.

 

EMAKUMEA: Ba nik ez dut inor ere ikusten.

 

Nerbioek emakumea jan behar dute; alde batera eta bestera, gora eta behera begira dago. Etenaldi baten ostean gaztea sartzen da korrika erdian.

 

GAZTEA: Trikuren bat agertu al da hemen?

 

Zarata bat entzun da eta igogailuko atea ixten da.

 

GAZTEA: (Atea itxi dela ohartu gabe igogailuzainari galdezka) Triku txiki bat aurkitu al duzue hemen? Txiki txikia da eta oso maitekorra.

IGOGAILUZAINA: Berrogei.

GAZTEA: Berrogei ? Hori ezinezkoa da! Inguruan bakarrenetarikoa dela uste dut.

IGOGAILUZAINA: Berrogei pezeta, mesedez.

GAZTEA: (Igogailuak bidaia hasi duela jabetuz) Txakurraren buztana! Nire animaliaz galdezka baino ez nentorren eta gorarte igo behar dudala? Kaka! (Poltsikotik dirua ateratzen du igogailuzainari emateko. Honek tiketa ematen dio kanbioekin batera. gaztea estututa geratzen da)

EMAKUMEA: Barkatu atrebentzia, baina zer esan duzu, trikua?

GAZTEA: Bai, trikua. Lagun eztendunak alde egin dit!

EMAKUMEA: (Barrea ezin eutsiz) Nork, baina? Trikuak? Kirikiņoak?

GAZTEA: Bai, ez dakit nola gertatu den. Konturatu gabe, dzast! Alde egin du! Agian hona sartu da. Halako leku txiki eta beroak gustokoak ditu. Ziur ez dela...

 

Zarata gogor batek elkarrizketa mozten du. emakumea eta gaztea larrituta elkarri begiratzen diote. igogailuzainak ez du liburua utziko.

 

EMAKUMEA: (Beldurtuta) Zer izan da hori?

GAZTEA: (Ikaraz) Gelditu dela ematen du.

EMAKUMEA: (Beldurrak harrapatuta) Ai, ene! Ez esan! (igogailuzainari) Gelditu al da?

 

igogailuzainak buruarekin baiezkoa egiten du liburuari muzin egin gabe.

 

EMAKUMEA: Ez da izango? Benetan?

IGOGAILUZAINA: (Oso lasai irakurketan murgilduta) Gelditu dela dirudi, bai.

EMAKUMEA: Baina... eta ez duzu ezer egingo? Kontuz ibili, gero! Senitarteko batek klaustrofobia zeukan. Gaitz hauek herentziazkoak izan ohi dira. Beraz, batek daki niri orain ere etorriko ote zaidan!

 

Bat-batean dena ilun geratzen da. emakumea eta gaztea oihuka hasten dira. emakumearen aieneak eta gaztearen aiamak kaletik entzuten dira. igogailuzainak barre algara maltzur eta luzea botatzen du. Argia bueltatzen denean, emakumea eta gaztea besarkada estuak lotuak ditu. Egoera ikusita, argia bueltatzean, bata bestearengandik urruntzen dira, lotsatuta bezala. igogailuzainak ez du irribarrea galtzen.

 

EMAKUMEA: (gaztearengandik urrunago joan guran eta oraindik urduritasuna astindu ezinik, igogailuzainari) Aizu, baina, baina, zuk zergatik egiten duzu barre, e? Nik, zera, e, ez, ez diot inongo graziarik ikusten!

GAZTEA: Geldi jarraitzen dugu? (igogailuzainak buruarekin baietz egiten dio)

EMAKUMEA: Irteteko, edo, edo, mugitzeko, edota, nik, nik, nik zer dakit, baina, zera, irten, irtenbideren bat egon beharko da, ezta? (igogailuzainak buruarekin ezetz egiten dio) Ez da posible! Hogeita batgarren mendean bizi gara! A! Jakina! (Eskuko telefonoa bere zorrotik ateratzen du) Lasai, (gazteari) arazorik ez dago! Eskerrak hogeita batgarren mendean bizi garela! (Telefono zenbaki bat markatzen hasten da, behin eta berriro, telefonoaren pantailatxoa harrituta begiratuz) Ez! Ez! Ezin da izan! Ez dago koberturarik! Tramankulu madarikatua! (igogailuzainari) Zenbat denbora eman beharko dugu orain hemen setiatuta?

IGOGAILUZAINA: Behar bezain beste.

EMAKUMEA: Nola behar bezain beste? Ai ene! (Zigarro bat ateratzen du zorrotik)

IGOGAILUZAINA: (emakumeak ateratako zigarroa bere poltsikoan gordez) Hemen erretzea... debekatuta dago.

EMAKUMEA: (gazteari) Burutik jota dago gizon hau!

GAZTEA: Burutik jota nire triku kuttuna egongo da honezkero. Non ote dago? Nik ez nuen hona sartu nahi, eta azkenean, behartuta, gorako bidea hasi eta erdian geratu gara... Eta bitartean nire laztana gosez hiltzen!

EMAKUMEA: Erdian gelditu al gara? Nola dakizu zuk hori, e?

GAZTEA: Ba ez dakit erdian edo hamaikagarren laurdenean ote gauden!

EMAKUMEA: Egia esan, nahiago nuke erdian bageunde. Ibilbide gehiago egina izango genuke erdian egonda. Imajina ezazu laurdena bakarrik eginda dugula...

GAZTEA: Nik ez nuen etorri nahi. Horixe da kontua. Nik ez nuen igo nahi!

IGOGAILUZAINA: Gora igotzeak ez dizue beldurrik eman behar.

GAZTEA: Behean dagoenak errez esaten du hori! Baina larriena goitik erortzea da, jauzia. Atera itzazue kontuak, eroriko bagina?

EMAKUMEA: (Urduri) Falta genuena! Erortzea! Bai zera! Orduan, laurdenean erdian baino hobe! (Beldurrak jota) Baina... jausiko gara... benetan?

IGOGAILUZAINA: (Irri eginez) Jausi? Eta zergatik ez hegan egin?

GAZTEA: Hegan? (Ume bat bezala, alai, hegan egitearen keinuz) Primerakoa litzateke! Eta goian, hegaz goazela, behera begiratu, eta azpian dauden eta gorroto ditugun guzti horiei txistua bota diezaiegukela! lepa! (Igogailuzainaren aulkira igotzen da eta txistua botatzen hasten da bertatik)

EMAKUMEA: (gazteari begira, honek txistua botatzen jarraitzen duela) Gorroto dut jendeak ni goitik begiratzea.

 

gazteak ez die jaramonik egiten.

 

IGOGAILUZAINA: Goitik dena ezberdin ikusten da: osterantzeko ikuspuntua da. Goitik begiratzen dugunean gauzek irudi ezberdina dute, baina zentzua ez da aldatzen. Gero eta argiago ikusten da dena. Denak txikiagoa ematen du, eta txikiago ikusten dugu, bai. Baina ez dira gauzak txikitzen direnak; gu gara txikiak garenak, nimiņo bihurtzen gara. Inguruak, berarentzat zein txiki garela esaten digunean xume bihurtzen gara. Haitzak, adibidez. Eskuartean harri borobila daukagunean berarekin jolasteko aukera dugu; harritxoa urrunera jaurti edota poltsikoan gorde dezakegu. Baina harkaitz erraldoi baten parean gaudenean, bera da gurekin jolastu dezakeena. Ezinbestekoa da noizean behin gora igotzea nolakoak garen ulertzeko.

 

gaztea orain arte aulki gainean txistua botatzen egon da besteek esandakoak entzun gabe. Egindako lanarekin pozik, jauzi batez aulkitik behera doa. emakumeak lekua hartzen dio eta aulkira igotzen da. gazteak behetik txistu egitera animatzen du emakumea.

 

EMAKUMEA: Ezinbestekoa bada, frogatuko dugu. (Goitik, igogailuzainari, honek ikusi gabe, txistua bota ostean) Itzelezko bertigoa sentitzen dut leku altu batetik begiratzen dudan bakoitzean. Behera noa!

IGOGAILUZAINA: Izarretatik jausteko modu bakarra da.

EMAKUMEA: Izarrak, bai. Ez dut uste izarren parean dagoena ni naizenik.

 

emakumea aulkitik jaisten da.

 

GAZTEA: (Amets batetik esnatu bezala, emakumeari galdezka) Barkatu, zein pisura zoaz?

EMAKUMEA: Azkenera, eta zu?

GAZTEA: Azkenera ere.

 

emakumeak igogailuko botoiei ematen die eta sekulako karranpa ematen dio. Mina hartu beharrean, gustokoa du.

 

IGOGAILUZAINA: Kontuz!

EMAKUMEA: (Kasurik egin gabe eskua leku berean berriro jarrita karranpa jasotzen du irribarre artean) Nola diozu?

GAZTEA: Ea zein pisura zoazen.

EMAKUMEA: Esan dizut, ba, azkenera!

GAZTEA: Baita ni ere.

IGOGAILUZAINA: Azkena? Azken bidaia?

EMAKUMEA: (Urduri) Zer esan nahi duzu horrekin? Azken bidaia? Hauxe dela gure bizitzako azken bidaia?

GAZTEA: (Umeak bezala) Azken bidaia! (Berriz ere hegan egitearen keinua, txistua botatzen hasiz)

EMAKUMEA: Erortzeko arriskua dugu, ezta? Banekien, banekien nik. Susmatzen nuen, bai. (Erdi negarrez) Ai, gure azken bidaia... Eta goian nire zain daude. Zer egingo diogu... (Botoiak sakatzen ditu berriz ere, karranpa jasoz. Jaso ostean oso gustora geratzen da)

IGOGAILUZAINA: Denok duzue erortzeko beldurra. Baina imajina ezazue momentu batez, erori beharrean gora eta gora egiten ari garela etengabe. Gora, gora, gora...! Gorantzako bidai amaigabea. Horrek ez al dizue beldurrik ematen?

EMAKUMEA: Agian zerura helduko ginateke.

GAZTEA: (Hegan egiteari utzi gabe) Zerua, bai! (Aulkira igotzen da berearekin jarraituz)

IGOGAILUZAINA: Berdin da zerura igo zein beste edozein gailurrera igoko bagina ere! Gure ibilbidetik aldentzen gaituen misterioa da tontorreko hori. Horren zorrotza da eta gure bizimodua. Ez diogu gure buruari eskaintzarik ematen. Ez duzue ingurua ezagutu nahi; horren beldur zarete. Hain da handia daramagun abiadura, zein azkar goazen konturatzeko unerik uzten ez digula.

EMAKUMEA: Azkar goazela! Geldi gaude baina gizona! Guztiz estatikoa da gure egoera. Geldi! Ez zerura ezta infernura ere! Geldi!!!

GAZTEA: (Bigarrenez “Geldi” hitza entzutean gelditu eta aulkitik jaisten da) Geldi, bai, geldi.

IGOGAILUZAINA: Min handiena ematen duena, zera da: azkar joate hori susmatu ere ez egitea.

GAZTEA: (emakumeari) Gizon honek zerbait esan nahi digula uste dut.

EMAKUMEA: Guri?

GAZTEA: Pentsarazi nahi digu.

EMAKUMEA: Ergelkeriak! Hori baino ez daki esaten!

GAZTEA: Agian ez dira lelokeriak. Pentsa dezagun gelditu du igogailua.

EMAKUMEA: Pentsatzeko? Zertan baina?

GAZTEA: Dena zein azkar doan jabetzeko! Begira, gaur eguneko ordenagailuak duela bost urtekoak baino mila bider azkarrago doaz. Eta kotxeak? Kotxeena itzela da, haizea bezain bizkor doaz denak! Baina behin pentsatzen jarriz gero, gizon gaixo hau kexuka ari da! Igogailu hau zabaldu zuten eguneko abiadura berbera dauka! Astiroegi doa!

EMAKUMEA: Egon pixka bat. Ez dakit ondo ulertu dudan. Gizon honek igogailua geldi arazi du, bere bizitza guri kontatzeko asmotan, igogailuarentzat abiadura gehiago aldarrikatzeko asmoarekin, ezta?

GAZTEA: Hori da hain zuzen nik ere susmatzen dudana.

EMAKUMEA: Argi ikusten dut orain! Protesta modu berria da hau! Langileak bezeroak bahitu ditu!

GAZTEA: (Beldurrez) Bahiketa baten biktimak gara!!!

 

emakumeak eta gazteak besarkada ematen diote elkarri.

 

EMAKUMEA: (Oihuen artean) Bahituta! Ene, bahituta!

GAZTEA: Bahitu gaitu!

 

igogailuzainak denboratxoa uzten dio besarkadari eta tarte baten ostean haiengana hurbiltzen da.

 

IGOGAILUZAINA: Barkatu, gorantz ala beherantz doa igogailua?

GAZTEA: (Besarkada etenaz) Gorantz doa jauna.

 

emakumeak azken hitz hauek aprobetxatuz botoia sakatzen du eta hain gustagarria duen karranpa jasotzen du berriro ere.

 

GAZTEA: (igogailuzainari) Ni nire trikuaren bila nabil. Badakizu zer? Alde egin dit.

IGOGAILUZAINA: Ez esan.

GAZTEA: Bai. Trikuak alde egin dit. Nigandik urrun joan nahi izan du. Eta txarrena da merezi dudala. Merezi dut, bai. (Oso tragiko) Mereziko ez dut, ba! Babua! Ihes egiten utzi dut! (Trikua eskuartean izango balu bezala, igogailuzaina laztantzen du) Nire eskuetatik bota dut! Aire! (Eskuak lau haizetara zabalduz) Ganorabakoa naiz! Ergela, ergela eta ergela! Aldamenean eduki dudanean ez dut zaintzen jakin izan. Maite dugunak alde egiten digun arte ez dugu behar bezala aintzat hartzen. (Erdi negarrez hasia) Ez nago honetarako prest. Ezin izango dut hutsune hau jasan! Berak, gaixoak (igogailuzaina laztanduz) nire triku kuttunak, jolasteko eskatzen zidan bakoitzean nik ezetz esaten nion gordin. (igogailuzainari) Ez, orain ez! Zoaz! Alde hemendik, nekatuta nago eta!

 

igogailuzainak, lau hanketara, trikuarena eginez gaztearengandik alde egiten du.

 

EMAKUMEA: Ulergarria da. Eztenek mina eman behar dute.

GAZTEA: Eztenak bihotzean sartuta ditut nik orain! O! Non egongo da! Zein eskuk laztanduko ditu orain bere ezten goxoak?

EMAKUMEA: Ergela!

GAZTEA: Ergela, bai!

EMAKUMEA: (Ozenki) Ergela, ergela!

GAZTEA: (Bere buruari) Ergela, ergela!

EMAKUMEA: (Oso haserre) Ergela, ergela, ergela!!

GAZTEA: Ergela, erge... (emakumearen jokabidea ikusita isilik geratzen da)

EMAKUMEA: (Lau hanketan dagoen igogailuzainari) Ergela, ergela! Baina jakin liteke zertan ari zaren lurrean botata? Gu hemendik atera beharrean, hortxe zabiltza, lau hanketara ez dakit zertara jolasten!

IGOGAILUZAINA: Jaten ari naiz. Ogi-papurrak daude hemen.

GAZTEA: Zu bai azkarra, zu! Nire trikuak ere oso pozik jango lituzke ogi-papur horiek.

 

gaztea lau hanketan ogi-papurrak hartzen hasten da eta poltsikoan gordetzen ditu. igogailuzainak, bitartean, aurkitzen dituen ogipapurrak hartu eta jaten ditu. emakumeak poltsan dauzkan ogipapurrak botatzen ditu. Hamelingo txirularia izango balitz eta beste biak arratoiak bailiran, lau hanketara, emakumea jarraitzen dute. Buelta pare bat eman dituztenean, emakumea oso haserre beste bien aurrean geratzen da zutik, sarjentu plantak egiten.

 

EMAKUMEA: Nahikoa dugu! Ikusten dudanez ez daukazue hemendik irtetzeko gogorik. Nik bai, ordea!

GAZTEA: Baita nik ere. Baina nire trikuarentzat ogi-papurrak hartzen ibili izan naiz. Harrigarria da! Ogi-papurrak belarra baino azkarrago hasten dira hemen!

EMAKUMEA: (Desesperatua) Igogailu honetako atea ireki arte ezin izango diozu zure trikuari ogi-papurrik eman!

IGOGAILUZAINA: Atea irekitzea? Zertarako nahi duzue atea ireki? Kanpora irtetzeko, bai. Ongi da. Baina zuen barreneko ateak itxita badaude, ate hau zabalik egoteak ez dizue ezertarako balio izango. Zuen ezkutuko ateak itxita badaude, berdin da igogailu honetako atea, zein gaztelu handi bateko atea zabalik egotea ere. Berdin da.

 

gaztea eta emakumea barrea ezin eutsi daudela, bata bestearen aurrean jartzen dira.

 

GAZTEA: (emakumearen aurren kolpetxoak emanez) Tok, tok, tok!

EMAKUMEA: Bai, nor da?

GAZTEA: Irekiko al didazu zure atea, mesedez?

EMAKUMEA: Bai, jakina! (Atea zabaltzearen keinua egiten du eta tokiz aldatzen dira)

EMAKUMEA: Eta orain zure txanda. (gaztearen aurren kolpetxoak emanez) Tok, tok, tok!

GAZTEA: Bai, nor da?

EMAKUMEA: Irekiko al didazu zure atea, mesedez?

GAZTEA: Jakina baietz! (Atea zabaltzearen keinua egiten du eta biak barrezka hasten dira)

IGOGAILUZAINA: Barkatu, zein pisura zoazten ez dakit oraindik.

GAZTEA: Azkenengora.

 

emakumeak ez du botoia sakatzeko aukera galtzen, dagokion karranpa jasoz. Lasaitu ostean, barregura guztiz kendu ez duela oraindik, aulkian jesartzen da.

 

EMAKUMEA: (igogailuzainari) Aizu, bai lanbide xelebrea zurea: pertsonak gora eta behera garraiatzea.

IGOGAILUZAINA: Ardura zaila izan beharko da hori, dudarik gabe. Baina nirea ez da neurri horretako erantzukizuna. Ez, ez da hori nire ofizioa.

EMAKUMEA: (Erdi barrezka) Zer duzu ba, afizioa?

IGOGAILUZAINA: Nire ofizioa gorputzak igo eta jaistea da. Pertsonekin egotea, afizioa.

GAZTEA: Badakizu zer? Zure lanbideak laster ez du ezertarako balio izango. Zure lan guztia makinek egingo dute. Arraroa da zure modukoak oraindik egotea. Aparatuak edonon daude. Etxalde bat ezagutzen dut non ordenagailuak gizona eta eguzkia ordezkatu dituen. Konputagailuak jatekoa ematen die oiloei, argitasuna kontrolatzen du eta, hori gutxi balitz, arrautza bakoitza dagokion kutxan ondo sartzea lortzen du, bat bera apurtu gabe.

IGOGAILUZAINA: A, bai? Ba nik entzuna dudanez makinek ere maskotak ordezkatzen dituzte. Aparailu txiki batzuk dira gaur egungo laguntxoak. Kolore anitzetako traste txiki horiek jan, edan, lo, jolastu, barre, txiza eta kaka egiten dute!

GAZTEA: Bai, zuk segi horrela eta laster langabezian ikusiko duzu zure burua. Gainera ziur ingeles edota ipar amerikarrek asmatuko dutela zu ordezkatzeko makinarik.

IGOGAILUZAINA: A, bai?

GAZTEA: Ziur! Begira zein azkarrak diren. Zuretzat ulergarria eta sinplea den adibide batekin azalduko dizut. Guk honi (Ingurua seinalatuz) igogailua esaten diogu, ezta?

IGOGAILUZAINA: Igogailua, bai.

GAZTEA: Baina, beheragailua ere bada, ezta?

IGOGAILUZAINA: Bai, beheragailua ere bada, bai.

GAZTEA: Ongi da. Gazteleraz nola esaten diote?

IGOGAILUZAINA: (Aspertuta) Deitu, zeri?

GAZTEA: Tramankulu honi! Igogailuari!

IGOGAILUZAINA: Ascensor.

GAZTEA: Ascensor, hori da! Ascensor. (Gorantzako keinua egiten du besoekin) Ascensor! Ascensor! Eta frantsesez?

IGOGAILUZAINA: Ascenseur.

GAZTEA: Hori da. Baina inglesez nola esaten dute?

IGOGAILUZAINA: Ta nik zer dakit!

GAZTEA: Lift! Lift esaten diote! Lift beheragailua da ere, ez igogailua bakarrik! Horretarako beren beregi asmatutako hitza. Lift! Gora eta behera egiten duena.

EMAKUMEA: (Orain arte aulkian lasai egon da eta zutik jartzen da) Elevator! (Gorantzako keinua egiten du besoekin) E-leva-tor!

IGOGAILUZAINA: Aizu, ta japonieraz nola esaten duten ba al dakizu?

GAZTEA: (Burumakur) Ta nik zer dakit! Gainera, berdin zait! Ziurrenik ez zen horren asmakizun ona izango. Gauza batzuetan trebeak dira japoniarrak. Teknologia kontuetan ez dute parekorik izango. Baina garraioei dagokionez ez nintzateke hain ziur egongo. Ikusi al duzue inoiz nola joaten diren japoniarrak metroan? Ikaragarria da. Inurriak dirudite, hortxe denak pega-pega eginda.

 

hirurak pega-pega eginda jartzen dira, emakumea erdian dela.

 

IGOGAILUZAINA: Tira, horrela egonez gero, aldamenekoa hurbilago duzu, eta gustokoa izatekotan... (emakumeari kariņoso hurbiltzen zaio eta begiaz keinu egiten dio. Honek txalo batekin erantzuten dio)

GAZTEA: (Jasotakoaz jabetu gabe) Hala ere, ez nuen batere gustukoa izango egunero horrela bidaiatu behar izatea. Jesartzea ezinezkoa da, baina larriena, ez da hori. Larriena beroa da!

IGOGAILUZAINA: Horixe baietz! Beroaldi jasanezina. Akelarre batean bezala, sutan egotearen sentsazioa da.

GAZTEA: Uau! Hori da! Saunara joatea Tokioko metroan bidaiatzearekin alderatuz, euliaren ostikada izan behar da.

IGOGAILUZAINA: Sauna? Huskeria. Zuk ba al dakizu infernuan egin behar duen beroa?

GAZTEA: Berrogei gradu?

IGOGAILUZAINA: Berrogei? Ta baita berrogeitamar ere!

GAZTEA: Hirurogei! Hori da, hirurogei gradu!

IGOGAILUZAINA: Hirurogeitamar esango nuke nik!

GAZTEA: Laurogei, laurogei gradu! Imajina ezazu.

IGOGAILUZAINA: Laurogei! Norbaitek gehiago eskaini dezake? (Etena) Ongi da, ba laurogei zelsius gradu!

GAZTEA: Uauuu! Laurogei! Maratoietako korrikalariek izerdi gutxiago egin behar dute.

IGOGAILUZAINA: Izerdi patsetan bizi dira japoniarrak metroan.

GAZTEA: Izerdi tantek sorbalda bustiko dute lehenengo. Izerdi tanta bakar batek sorbalda goitik behera gurutzatuko du.

IGOGAILUZAINA: Baina tanta bakana zena biderkatu, eta gorputz osoa izerditan blai hasten da.

GAZTEA: Aurpegia ere izerdi tantez beteta!

 

gaztea eta igogailuzaina alde batera mugituko dira, beroa jasanezina izango balute lez. emakumea ez da dagoen tokitik mugitzen eta itzelezko beroa pasatzen ari da, bere buruari haizea ematen dio.

 

IGOGAILUZAINA: Entzuna dudanez jende askok ezin du bero hori sufritu. Eta kalenturarena, aizu!

GAZTEA: Beste laurogei gradu, baina besapeko termometroan!

IGOGAILUZAINA: Sukar pairaezina!

GAZTEA: Zorabioak etengabeak izan ohi dira. Ezin dute ezta arnasarik hartu ere.

IGOGAILUZAINA: Horixe! Sutan dauden horietako asko lurrera ziplo erortzen dira egunero.

GAZTEA: Aizu, leku hau txikiegia ere bada. Hiru baino ez gara, baina denbora gehiegi daramagu hemen sartuta, airea berriztatu gabe. Agian, gu ere... itotzen hasiko gara!

 

emakumea lurrera erortzen da, zorabiatuta.

 

IGOGAILUZAINA: (gazteari emakumea seinalatuz) Ederra egin duzu!

GAZTEA: Nik?

IGOGAILUZAINA: Nork bestela?

GAZTEA: (Kezkatuta) Sentitzen dut, benetan. Ez zen nire asmoa horrelako desgraziarik eragitea. Jode... ta zer egin behar dugu orain? (Oso kezkatuta) Benetan ez nuela halakorik egin nahi. Eta hemendik ezin dugu inor abisatu! Imajina ezazu orain emakume hau hiltzen dela. Eta gu hementxe, ezagutzen ez dugun zendutako emakume batekin.

IGOGAILUZAINA: Egun asko eman behar baditugu, kiratsa jasan ezina izango da.

GAZTEA: Kiratsa? Ta ni? Kartzelara, ezta? Ba jakin ezazu, errua zurea da! Zure bahiketaren erruz emakume hau hil da. Hiltzailea! Narrua!

IGOGAILUZAINA: Ixo! Lagundu iezadazu. Igoko al zenuke?

GAZTEA: (Harrituta eta minduta) Aizu, mesedez... Txantxetarako konturik ez da hemen!

IGOGAILUZAINA: Ze txantxa ta zer saltsa?

GAZTEA: Bahori, esan didazuna... (Larrua jotzearen mugimenduak egiten ditu)

IGOGAILUZAINA: (gazteak uste zuena ulertuta, kokoteko bat ematen dio) Tira!

 

igogailuzainak emakumea besoetan hartzen du gaztearen laguntzarekin. Igogailuko botoiak dauden lekura hurbiltzen dira. emakumearen atzamarrak botoietara eramaten dituzte. Lehenengo ukitu batekin ez da nahikoa, baina bigarrenarekin emakumeak irribarre goxo bat egiten du eta hirugarrenarekin gorputz osoa mugituko zaio. Zutik jartzen dute emakumea, baina lelotuta bezala geratu da, erdi lo, erdi joanda. beste biek kezkatuta begiratzen dute eta agur keinuak egiten dizkiote baina ez ditu ikusten.

 

IGOGAILUZAINA: Barkatu, andrea, nora zoaz? Behera?

EMAKUMEA: (Guztiz lelotuta) Behera, behera, bai...

GAZTEA: Behera? Ez al genuen gora igo behar?

EMAKUMEA: Gora, bai, gora...

GAZTEA: Gora, behera... Nora! Gora ala behera?

EMAKUMEA: (Ametsetan bezala) Gora, behera... Behera, gora... Gora, gora, gora! Behera, behera, behera!

 

igogailuzainak indarrez emakumea hartzen du, eta esku osoa botoietan jartzen dio. emakumeak oihu egin arte ez du askatzen.

 

IGOGAILUZAINA: Azkenean!

GAZTEA: Aupa!

EMAKUMEA: (Esnatzen hasia bezala) Tira bada, nora joan behar dugu? Gora ala behera?

GAZTEA: Gora! Gora! Eta azkar gainera!

 

emakumeak botoiak sakatu nahi ditu berriz ere, baina igogailuzainak ez dio utziko.

 

IGOGAILUZAINA: Gaurkoz aski da! Gehiegikeriak ez dira inoiz komenigarriak izaten.

GAZTEA: Zer? Orduan, bada, benetan gora joateko ordua?

EMAKUMEA: Ni, egia esan, aspertzen hasia naiz eta, gainera, porru eginda nago.

IGOGAILUZAINA: Imajina ezazue gora igotzeko aukera dugula. (gazteak eta emakumeak adi entzuten dute) Baina gora igoko bagina, ez genuke berriz ere behera bueltatzeko aukerarik izango.

GAZTEA: Betirako goian gelditu beharko ginateke?

EMAKUMEA: Eta goian dugun bizimoduarekin soilik konformatu?

IGOGAILUZAINA: Zer duzue kanpoan zain? Pentsa ezazue goian dagoen dena berria dela. Zuen gustuko unibertsoa, zuen ametsetako lurraldea izango balitz goikoa? Orduan, zer?

GAZTEA: Orduan, behera bueltatzeko inongo aukerarik ez?

IGOGAILUZAINA: Ezta bat bera ere.

GAZTEA: Eta nire trikua, zer?

EMAKUMEA: (Oso pozik, zerbait asmatu duelakoan, gazteari) Egon lasai! (igogailuzainari) Eta zenbat ordaintzen duzue onartzekotan? (gazteari) Dena ulertu dut! Harrapatu zaituztet! Telebista saio berri bat da hau!

GAZTEA: Kontxo! Telebista! (Kameren bila hasten da)

EMAKUMEA: Ai... ze lotsa! Gu hemen ibili gara, umeak bezala, kexuka. Ze lotsa...

GAZTEA: Joe, telebista!

EMAKUMEA: (Emakume garrantzitsua sentituz) Imajinatzen nuen nik egunen baten tokatu behar zitzaidala. Egia da esaten dutena, hain da errealista...

GAZTEA: Ostras! Telebista, joe!!

IGOGAILUZAINA: (Egoera mozteko asmotan) Zein pisura zoazte?

GAZTEA: Azkenera, bai.

EMAKUMEA: (Lehiaketa baten egongo balitz bezala) Ni ere arriskatuko naiz. Azkenera!

IGOGAILUZAINA: Orduan, berrogei pezeta.

EMAKUMEA: (Haserre) Ez dago eskubiderik! Lehen ordaindu dugu!

IGOGAILUZAINA: Berdin da. Bidai bati dagokiona baino askoz denbora luzeagoa egin duzue hemen. Beraz, berrogei pezeta!

GAZTEA: Denbora gehiegi daramagu hemen, bai, baina ez guk hala nahi izanda.

EMAKUMEA: Gure borondatearen kontrako zerbait izan da.

IGOGAILUZAINA: Baita nire borondatearen kontrakoa ere. Zer uste duzue, zuek biok jasatea nire gustokoa izan dela? Zuen moduko hamaikatxo ikusten ditut egunero! Denak harresi modukoak. Denok gorantzako bidaia ahalik eta azkarren egin nahi duzue. Gora heltzeko obsesio horrek ez dizue bidaia bizitzeko aukerarik ematen. Gero eta kolore gutxiagoko paisaian bizi nahi duzue. Nik mundu berri bat, unibertso ederra eskaini dizuet, eta zuek “telebista saio bat, telebista...” Kirtenak!

 

gazteak eta emakumeak berrogei pezetak ematen dizkiote igogailuzainari.

 

GAZTEA: Baina egia al da beste mundu horren kontu hori?

 

igogailuzainak ez du erantzuten, ez du inolako keinurik egiten.

 

EMAKUMEA: Tira, gizona, ez zaitez horrela jarri. Txantxetan baino ez geunden!

IGOGAILUZAINA: Zuek behia teilatu gainean baino ez duzue ikusi nahi!

GAZTEA: (igogailuzainari kasurik egin gabe) Badakizue zer? Behin ondo pentsatzen jarriz gero, ni ez nintzateke gora igotzera ausartuko.

EMAKUMEA: Ni ondo pentsatzen jarriz gero, eskailerak erabili behar izan ditut gora igotzeko.

 

Bat-batean argia guztiz joaten da. Etenaldi labur baten ostean argia bueltatzen da. gaztea eta emakumea igogailuko barandari hartuta daude, ikuslegoari bizkarra emanez. igogailuzaina ez dago.

 

EMAKUMEA: Mugitu al da igogailua?

GAZTEA: Ez dut uste. Aizu, (Buelta emanez igogailuzainari galdetzeko asmotan) ez da mugitu, ezta? E! Ez dago!

EMAKUMEA: (Buelta emanez) Zer ez dago?

GAZTEA: Nor ez dago.

EMAKUMEA: Nor ez dago?

GAZTEA: Nor izango da, ba?

EMAKUMEA: Nor da, ba? (igogailuzaina ez dagoela ohartuz) Ene! Ez dago!

 

biak, oso beldurtuta daude. Elkarri besarkada ematen diote.

 

GAZTEA: Ez dago, ez.

EMAKUMEA: Bakarrik gaude!

GAZTEA: Nire trikua bezala, galduta.

EMAKUMEA: Gureak egin du!

GAZTEA: Igogailu batean abandonatuta.

EMAKUMEA: Eta orain, zer?

GAZTEA: Otoitz egitea da geratzen zaigun irtenbide bakarra.

EMAKUMEA: Otoitz egitea?

GAZTEA: Bai. Ez dakizu zer den?

EMAKUMEA: Nola ez dut jakingo, ba! Baina, jakin, ez dakit.

GAZTEA: Badakizula esan didazu oraintxe bertan. Ez adarrik jo, gero!

EMAKUMEA: Otoitz egiten ez dakidala!

GAZTEA: A, hori! Oso erraza da. Jar zaitez belauniko eta marmarrean hasi.

 

Aurre aldean otoitz, egiten egongo bailiran belauniko jartzen dira. Espektakuluko musikak eteten ditu errezuak. Musikarekin batera igogailuzaina sartzen da, mago kapa batez jantzita. Gozokiz eta bestelako tramankuluz betetako kutxatxoa dakar.

 

IGOGAILUZAINA: (Zirko batean balego lez) Ongi etorriak jaun eta andere, zahar eta gazte! Zuen ilusioak gauzatzeko momentua da! (emakumeak ume batek egingo lukeen gisara txalo egiten du) Ikustezinak eta aurkitu-ezinak diren mirarien lekuko izango zarete! Has dadila espektakulua!

 

Musika entzuten da berriz ere. gaztea alde batera joaten da eta emakumea bestera; haurtzarora jauzi egin duela ematen du, iji eta aja ikuskizunerako prest.

 

IGOGAILUZAINA: (Zirkuluan bira eginez) Gozokiak! Gozokiak! Norbaitek gozokirik nahi al du?

EMAKUMEA: Nik! Nik! E! E!

IGOGAILUZAINA: (Kutxa erakutsiz) Zein da neska polit honek nahi duen gozokia?

EMAKUMEA: Horiek! Horiek!

IGOGAILUZAINA: Denak?

EMAKUMEA: Bai, horiek, horiek!

IGOGAILUZAINA: Gozoki hauek zuretzat, ba!

 

igogailuzainak emakumeari eskatutako gozokiak ematen dizkio. Gero, kutxa bazter batean utziko du. Ikuslegoari zuzentzen zaio berriz ere.

 

IGOGAILUZAINA: Gaur, zuekin, munduko gizonik indartsuena! (gaztea seinalatuz) Menderaezinak diren animaliei aurre egiten ausartzen den gizaki bakarra!!!

 

emakumeak bere gozokiekin txalo eta txalo egiten duen bitartean, gaztea erdi aldera ateratzen da indartsuarena egiten, bere giharrak jendeari erakutsiz.

 

IGOGAILUZAINA: (Zartailua ateratzen du kutxatik gaztearentzat) Goza ezazue bada gizon honen ausardia eta trebeziarekin!

 

emakumearen txaloen artean, gazteak zartailua eskuan duela domadorearen erakustaldia egiten du. Ondoren, kaparekin burua estali eta lau hanketara dagoen igogailuzaina atera erazten du. Zirko batean bezala ariketa pare bat egiten ditu gazteak lehoi edo elefantea den igogailuzainarekin. emakumeak ilusio handiz jarraitzen du ikuskizuna, txalo eta txalo. Ariketekin amaitu eta berehala igogailuzaina atzera doa. Zutitu eta kapa behar den bezala janzten du. Domadorea den gazteak ikuslegoari agur egiten dio.

 

IGOGAILUZAINA: Ausardiarik gorenaren unea iritsi da. Ikusgarria! Lurra zapaldu barik bizi daitezkeen gizakiak! Ez bakarrik bizi; ibili ere badabiltza lurretik gora!

 

emakumeak txaloka jarraitzen du. igogailuzaina hurbiltzen zaio, zutik jartzearen keinua eginez. emakumeak hasiera baten nahi ez badu ere, azkenean, gozokiak utzita, zutik jarriko da eta eskutik hartuta gaztea dagoen aldera doaz.

igogailuzainak gazteari ere berarekin joateko esaten dio. Zartailua utzita besteekin doa. Oso soka altuan dauden ekilibristena egingo dute. hirurak, astiro eta beldurrez, lurretik oso urrun ibiltzen egongo bailiran. Pixkanaka-pixkanaka beldur aurpegia desagertzen doa gaztearen eta emakumearen aurpegietan. Kontent egotearen aurpegiak nagusitzen dira. Hegan egitearen esperientzia benetan bizi duela dirudi. Eta hori ere, hain zuzen; airean ibiltzen ari direla, bizi dira.

Joan eta etorria egin ostean igogailuzainak txaloak eskatzen dizkio ikuslegoari.

emakumea eta gaztea ikusleak agurtzen geratzen dira aurre aldean. Bitartean igogailuzainak bere kapa kendu eta kutxa gainean utziko du.

Zirko-musikak ikuskizunarekin amaituko du eta argi aldaketa izango da.

Argia bueltatzerakoan pertsonaiak hasieran zeuden bezala daude. igogailuzaina bere aulkian eserita dago eta emakumeak poltsak eskuetan ditu.

 

IGOGAILUZAINA: Ikusi duzue, ez da hain zaila. Posiblea da goian egotea. Bertan bizitzea. Oinen azpiko guztiari so egin diezaiokegu maite dugun leku garaienetik. Horiexek dira hain justu gure babes bakarrak: gure oinak. (Etena). Tira, dagoeneko, heldu gara!

EMAKUMEA: Nora, baina?

GAZTEA: (Urduri) Behera?

EMAKUMEA: (Urduri ere) Gora?

IGOGAILUZAINA: Nik ere badut etxera joateko eskubidea.

GAZTEA: Eta gu, zer?

EMAKUMEA: Ezinezkoa da, ez da posible. Benetan heldu gara, ala?

GAZTEA: Irten behar al dugu? Ezinbestekoa da?

EMAKUMEA: Horrela, bapatean, inongo abisurik gabe...

IGOGAILUZAINA: (Liburua aterata adio egiten die) Hurrengora arte!

 

emakumea eta gaztea zer esan jakin gabe ateratzen dira, burumakur eta goibel.

 

IGOGAILUZAINA: Aizue!

 

emakumeak eta gazteak buelta ematen dute, pozik, egoera aldatuko denaren esperantzan.

 

IGOGAILUZAINA: Zerbait ahaztu duzue.

 

igogailuzainak gozoki eta zartailua erakusten die. Bakoitzak dagokiona hartzen du. emakumeak gozokiak hartzen ditu, ondo begiratzen ditu, baina ez ditu inola ere jaten. Arraro begiratzen ditu. gazteak antzeko begiratzen du zartailua, berarekin zer egin ez dakiela. Azken aldiz barrura begiratu eta gero emakumea eta gaztea igogailutik ateratzen dira.

Igogailuko atea itxiko da.

 

Iluntasuna