Eskenatoki erdian paperontzi bat. gizona zerbait bilatzen ari da barruan. eskalea hurbiltzen zaio. gizona ez da konturatzen. Noizbehinka anbulantzia eta polizia kotxeen hotsak eta kotxeen motoreak entzungo dira urrunean.
ESKALEA: Ez duzu aurkituko.
gizona izutzen da. Besoak paperontzitik atera eta eskalearengana bueltatzen da. Ezer gertatuko ez balitz bezala jokatzen saiatzen da.
GIZONA: Zer?
ESKALEA: Ez duzula ezer topatuko.
gizonak ezer ulertuko ez balu bezala jokatzen du.
GIZONA: Topatu zer?
ESKALEA: (Irribarre maltzur batekin) Zerbait bilatzen ari zinen, ezta?
gizona deseroso sentitzen hasten da.
GIZONA: ...
ESKALEA: Paperontzian. Zerbait bilatzen ari zinen.
GIZONA: Bilatu?... Paseo bat ematen ari nintzen. (Bat-bateko aitzakia moduan) Gau polita egiten du.
ESKALEA: (Zinismoz) Ja.
GIZONA: (Bere burua zuritzen saiatzen) Emaztea etxean utzi dut. Ezin du ibili. (Geldiunea) Kotxe istripu bat.
ESKALEA: Ezkonduta zaude orduan.
GIZONA: Zer?
ESKALEA: Ez nekien ezkonduta zeundenik. (Bere buruari) Imajinatu behar nuen.
gizonak ez du ulertzen zer gertatzen ari den baina usain txarra hartzen dio egoerari. Alde egin nahi du eta ibiltzen hasten da ezkerreko alderantz. eskalea konturatu eta besotik heltzen dio. Ez du indar handirik baina gizonak ez zuen horrelakorik espero eta nahi gabe gelditzen da.
ESKALEA: Nora zoaz?
gizonak begiratzen dio. Oso deseroso dago. Ez daki egoera horretatik nola atera. Gero eta urduriago dago.
GIZONA: Etxera.
ESKALEA: (Ume bati errieta egiten bezala) Niri ez esan gezurrik. (Besoa askatzen dio eta eskumara seinalatzen du) Zure etxea hortik dago.
biak elkarri begiratzen diote luzez. Bat-batean eta ezer berezirik gertatuko ez balitz legez eskalea paperontzi gainean esertzen da salto alai bat eginez. Hankak zintzilik gelditzen zaizkio eta aurrera eta atzera mugitzen ditu jolasean.
ESKALEA: (Alai) Arrazoia daukazu. Gau polita egiten du. Paregabea auzotik paseo bat emateko. (Geldiunea) Auzo bat gauza bitxia da, ez duzu uste? Hiri bat bezalakoa baina txikiagoa. Denok ezagutzen dugu elkar. Hori oso ondo dago. Arazo bat daukazunean laguntza eskatu diezaiokezu auzokideari.
GIZONA: (Hotz) Nik ez zaitut ezagutzen.
ESKALEA: (Baieztatzen) Bai, zuk ez nauzu ezagutzen (Geldiunea) Arazo bat izango bazenu ez zenidake laguntza eskatuko.
Isiltasuna. gizona isiltasuna bortizkeriarik gabe apurtzen saiatzen da.
GIZONA: Beno... Ni banoa. (Eskumarantz abiatzen da)
ESKALEA: (Irmotasunez) Ez. (gizona gelditzen da eta eskaleak lehengo tonu alaia berreskuratzen du) Ez zara orain joango, ezta?
GIZONA: (Jatorra izatera behartuta) Ez, noski... Auzokideak gara, ezta?
ESKALEA: Bai, auzokideak gara (Geldiunea). Elkar ezagutzen dugu. (gizonak harrituta begiratzen dio. Geldiune luzea. Supituki eta paperontzitik lurrera salto eginez) Paseo bat? Gau polita egiten du.
eskalea ibiltzen hasten da gizonaren erantzuna itxaron gabe eta ezkerrerantz abiatzen da. Eskuak patriketan ditu eta urrats geldoak ematen ditu. gizonak jarraitzen dio. Isiltasunean paseatzen dira.
Bata bestearen atzetik. Eskenatokitik ateratzen dira. Bueltatzen direnean bata bestearen alboan daude. Paperontziraino heltzen dira. eskalea barruan begiratzen hasten da era mekaniko batean. gizona bere alboan gelditu da. eskaleak ateratzen dituen gauzei begiratzen die.
ESKALEA: Nork gidatzen zuen?
GIZONA: (Bere burutapenetik irtenda) Zer?
ESKALEA: Kotxe istripua gertatu zenean, nork gidatzen zuen?
gizonak ez du erantzuten. Eskumara ibiltzen hasten da. Pausu azkarrak ematen ditu.
ESKALEA: (Bilaketa utziz eta oihuka) Itxaron! (gizona gelditzen da). Barkatu... ez zintudan mindu nahi.
gizona pentsakor gelditzen da segundu batzuetan eta buelta ematen du berriro, geldiro.
GIZONA: (Bere buruari) Ez zen nire errua izan.
ESKALEA: Zerbait esan duzu?
GIZONA: (Etsituta) Ez. (eskaleari) Paseo bat?
ESKALEA: Ez. Nekatuta nago. Nahiago dut bankuan eseri.
eskalea eskenatokiko aurreko aldera zuzentzen da eta bertan esertzen da hankak eskenatokitik behera zintzilik dituelarik. gizona paseatzen hasten da. Paperontzi parera heltzen denean bueltak ematen hasten da inguruan.
ESKALEA: (gizonari baina begiratu gabe). Ez galdu denbora.
gizonak bueltak ematen jarraitzen du. Eskuak bizkarraren atzean ditu bata besteari helduta. Geldiro dabil eta noizbehinka paperontzi barruan eta inguruetan begiratzen du disimuluan.
ESKALEA: Ez duzu topatuko.
GIZONA: (Oihuka). Zergatik? Ze ostia dakizu zuk, sasikume halakoa? Ez zaitut ezagutzen eta ez nauzu ezagutzen. Ez dakizu ezer nitaz. Auzokideak izango gara baina ez zaitut ezagutu nahi.
gizona bere onetik aterata dago. Ostikoka hasi da paperontziaren kontra. Nekatzen denean gelditzen da. Etsituta dago. Eskuak paperontzian paratzen ditu eta arnasa hartzen du sakon.
Geldiune luzea.
ESKALEA: Euskalduna gogoratzen? (Geldiunea). (Bere buruari) Gazteegia da.
eskaleak buelta laurden ematen du gizonari hitz egiteko. Ezkerreko hanka eskenatoki gainean tolestuta, bestea eskenatokitik behera zintzilik. Bere ahotsak malenkonia kutsua dauka.
ESKALEA: (Pentsakor) Itxi zutenean hasi zen guztia. Umeagatik ezkondu ginen, egia da, baina maite nuen (Geldiunea).
gizona baretu da eta adi entzuten dio eskaleari.
ESKALEA: Pentsatzeko denbora gehiegi nuen eta herri honetan taberna larregi daude.
Geldiune luzea.
eskaleak begirada galdua du. gizona eskenatokiko aurreko aldera hurbildu eta eskalearen bizkarraren ondoan eta ikuslegoari begira esertzen da.
ESKALEA: Gau polita egiten du.
GIZONA: Bai. Alpergura ematen du etxera joateak.
ESKALEA: (Bere buruari) Zertarako?
GIZONA: Bai. Zertarako? (Geldiune luzea)
ESKALEA: Afaria prest izango duzu. Afari beroa etxe bero batean.
GIZONA: Ez du sukaldatzen... Istriputik.
ESKALEA: Afari hotz bat etxe bero batean. (Geldiunea) Etxe batean. (Geldiune luzea) (eskalea ikuslegoari begira jartzen da. Hitz egiten dutenean elkarri begiratzen diote) Berria zara auzoan, ezta?
GIZONA: Duela hilabete batzuk etorri ginen. Istripua gertatu zenetik ez zen etxetik ateratzen. Bostgarren pisu batean bizi ginen eta gurpildun aulkiarekin...
ESKALEA: (Eserita dagoen lekua seinalatzen du) Ni bertan bizi naiz. Banku honetan. Berehala ezagutuko dituzu gainontzeko auzokideak. (Irribarretsu) Behar izanez gero laguntza eskatzeko.
GIZONA: Ni ere ez naiz askotan irteten.
ESKALEA: Horregatik ez ninduzun ezagutzen.
GIZONA: Ezin dut bakarrik utzi.
ESKALEA: Gizon ona zara. Bistan dago.
GIZONA: (Bere buruari) Ez zen nire errua izan.
ESKALEA: (Bere buruari) Badakit.
GIZONA: Dagoeneko ez da etxetik ateratzen. (Geldiune luzea)
gizona eskenatokitik altxatzen da eta paperontzira doa. Barruan dagoen zarama ateratzen hasten da inolako disimulurik gabe. Zerbait bilatzen ari da. Gero eta urduriago dago. Bere mugimenduak gero eta bortitzagoak dira. Bilatzen jarraitzen du denbora luzean. eskaleak hasierako jarrera hartzen du, ezkerreko hanka eskenatoki gainean eta bestea dingilizka.
ESKALEA: Nik daukat.
gizona bat-batean gelditzen da eta eskaleari begiratzen dio. eskaleak buruari buelta ematen dio gizonari begiratzeko. Elkarri begiratzen diote denbora luzez.
ESKALEA: (Aurpegira begira) Nik daukat.
gizona paperontziaren aurreko aldearen kontra jartzen da etsituta.
ESKALEA: Ikusi zintudan. (Geldiunea) Gauero ikusten zaitut.
GIZONA: (Etsituta) Emaidazu.
ESKALEA: Egunero begiratzen dut paperontzi horretan. Auzoko paperontzi guztietan begiratzen dut, gauero. Ez zenuke sinetsiko ze nolako gauzak botatzen dituen jendeak. Jendeak denetarik botatzen du zakarrontzira.
GIZONA: (Erreguka) Emaidazu, mesedez.
ESKALEA: Janaria, altzariak, kartoiak... (Geldiunea) Bart ezkontza eraztun bat topatu nuen.
eskalea poltsikoetan begiratzen hasten da. Baliorik gabeko gauzak ateratzen hasten da. Eraztuna aurkitzen du.
ESKALEA: Hemen dago. (Eraztunarekin jolasten hasten da. Eskuartean du eta bueltak ematen dizkio).
GIZONA: Mesedez.
eskaleak buelta erdia ematen du eta ikuslegoari begira jartzen da aurreko jarrera berreskuratzeko.
ESKALEA: Gizon batena izan behar da. Gizon handi eta indartsu bat.
Eraztuna nahiko handia da. (Geldiunea. Alaitsu) Ikusi nahi?
gizonak beherantza egiten du paperontziaren kontra jarrita, lurrean eserita gelditu arte. Belaunak tolestuta ditu eta ukondoak hauen gainean. Burua eskuekin heltzen du.
GIZONA: Ez nuen bota nahi... Haserre nengoen.
ESKALEA: Ez duelako sukaldatzen?
GIZONA: Ez nuen egin behar. Berak ez du errurik. Berak ez du inolako errurik. Errudun bakarra ni naiz.
ESKALEA: Ez zaituelako etxetik ateratzen uzten?
gizona mugimendu azkar batekin altxatzen da eta eskalearengana hurbiltzen da.
GIZONA: (Oihuka eta haserre) Ze ostia jakingo duzu zuk? Eskale zikin bat baino ez zara. Begiratu zure burua. Eskale mozkorti eta maltzurra. Ez duzu lanik eta emazteak ez zaitu ikusi nahi. Banku batean bizi zara eta seme-alabak zutaz lotsatzen dira. Ze ostia erakutsi behar didazu zuk, sasikumea? Itzuli eraztuna orain.
eskalearen jarrera aldatuz joan da. Pentsakor dago orain. Eraztunarekin jolasten du oraindik baina gero eta geldoago, guztiz gelditu arte. Esku batekin hartzen du eta besoa altxatzen du gizonari eskainiz baina berari begiratu gabe. gizonak eskutik kentzen dio bortizki. Jartzera doa baina azkenengo momentuan gelditzen da. Pentsakor jartzen da. Inkontzienteki eraztunarekin jolasten hasten da eskuartean bueltak ematen. Geldiune luzea. biek begirada galdua dute. Bestearekin baino euren buruekin hitz egiten dute.
ESKALEA: Etxetik bota gintuzten. Ezin genuen hipoteka ordaindu eta etxetik bota gintuzten. (Geldiunea) Gurasoen etxera joan zen. Umeekin.
GIZONA: (Tristeziaz) Ez zen zure errua izan.
ESKALEA: Garai txar bat baino ez zen.
GIZONA: Jende asko gelditu zen lanik gabe. (Geldiunea) Ez zen zure errua izan.
ESKALEA: Ez nintzen familia aurrera ateratzeko gai izan.
GIZONA: Ez zigortu zure burua. Ez du ezertarako balio.
ESKALEA: Bizitza emango nuke etxe batean afaltzearren.
gizona paseatzen hasten da. Pausu geldoak ematen ditu.
GIZONA: Ez zigortu zure burua.
ESKALEA: Etxera heldu eta afaria prest izatea.
GIZONA: Ez du sukaldatzen.
ESKALEA: Egun euritsu batean etxera heldu, arropa aldatu eta afari beroa prest izatea.
GIZONA: Etxera heldu eta azalpenak eman.
ESKALEA: (Lurrean etzan, jarrera fetala hartu eta ikuslegoari begiratzen dio) Pijama jantzi eta ohean sartu.
GIZONA: Telesalmentako iragarkiak ikusten lokartu.
ESKALEA: Bere oin hotzak sentitu.
GIZONA: Gauerdian esnatu hotzak jota.
ESKALEA: Bere gorputza izarapean bilatu.
GIZONA: Telebista amatatu.
ESKALEA: Larrua jo.
GIZONA: Jertse batekin estali.
ESKALEA: Lo sakon egin.
GIZONA: Lokartu.
Geldiune luzea. gizonak ibiltzen jarraitzen du. Oinak arrastaka mugitzen ditu. eskalea urrunera begira dago. Poliki-poliki bere onera bueltatzen da. Hotz izatearen keinua egiten du besoen kontra dituen eskuekin.
ESKALEA: (Neutraltasunez) Hotz egiten du.
gizona gelditu egiten da eta eskuak bata bestearen kontra igurtziz berotzen saiatzen da.
GIZONA: Bai. Etxera joateko ordua da.
ESKALEA: (Ohetik altxatzen dela mimatzen du. Begiak igurtzi, giharrak luzatu) Irratian eguraldi ona egingo duela esan dute.
GIZONA: Banoa.
gizonak joateko ahalegina egiten du baina eskaleak ez du hitz egiteari uzten eta gizonak ez du hanka egiteko aukerarik. eskaleak goizeko egunerokotasuna mimatzen du. Txiza egin, ilea eta arropa apaindu...
ESKALEA: Egunez jende asko ibiltzen da parke honetan. Eguraldi ona egiten duenean jendez gainezka egoten da. Gaur adibidez, ez da hemen egoterik izan. Gizon bat eseri da nire bankuan. Irratia zeraman eta goizeko programa horietako bat entzuten egon da. Txakur eta umeez josita egon da parkea. Gurasoek zabuetara ekartzen dituzte. Beno, aitak edo amak. Gero eta bikote gutxiago ikusten dira. Oraingo gazteak batekin utzi eta beste batekin hasten zarete berehala. (gizonak eraztunarekin jolasteari uzten dio. Begiratzen du eta poltsiko batean gordetzen du. Pentsakor gelditzen da) Batzuk ligatzera ere badatoz parkera. Umeen aitzakiarekin, badakizu. Nire garaian batekin ezkondu eta horrekin hiltzen zinen. Orain edozein lelokeriagatik banatzen zarete.
(Giharrak luzatzeko ariketak egiten hasten da)
GIZONA: Garai txar batean geunden. Nire emazteak haurdun gelditu nahi zuen. Haur batek gure harremana indartuko zuelakoan. (Geldiunea) Gero istripua gertatu zen.
ESKALEA: (Tonu arrunt batean) Haur bat ardura handia da. Ume bat ez da txakur bat. Umeak oso azkarrak dira eta berehala ulertzen dute bere inguruan gertatzen dena. (gizona giharrak luzatzeko ariketak egiten hasten da. eskaleari begiratzen dio nola egiten diren jakiteko) Berak zuk egiten duzuna egingo du. Eredu bat izan behar duzu.
GIZONA: (Noizbehinka pentsakor gelditzen da) Ez dakit prest nengoen seme bat izateko. Edo alaba bat. Dena hasieran bezala izatea baino ez nuen nahi... (Geldiunea) Polita izan behar du. Zuk dakizkizun gauza guztiak norbaiti erakutsi. Zure ametsak. Zure besoetako pertsona bat. Gizaki bat sortu zure irakasgaiekin. Izan ez dituzun aukerak eman. Nahi duen pertsona izaten lagundu. Eredu bat izan.
ESKALEA: Bai. Baina ez pentsa erraza denik. Nik, ibiltzen eroriz ikasten dela pentsatzen duen horietakoa naiz. (Footing-a egiten hasten da. gizonak jarraitzen dio. Eskenatoki osotik egiten dute korrika. Paperontzi parera heltzen diren bakoitzean buelta pare bat ematen dute inguruan) Gaur egungo gurasoak ez dira hori ulertzeko gai. Egunero ikusten ditut hemen. Kontuz ibili! Eroriko zara! Ez zikindu praka berriak! Egungo umeek ez dute intimitaterik. Nire garaietan kalea espazio aske bat zen. Gurasoek kalea kolonizatu dute. Umeek begirale bat daukate une oro.
GIZONA: (Tupustean gelditzen da) Nik ez dut seme-alabarik.
eskaleak korrika egiten jarraitzen du. gizonaren parera heltzen denean bertatik mugitu gabe footing-a egiten jarraitzen du. gizona jarraitzera animatzen saiatzen da. gizona ez da mugitzen. eskaleak bueltak ematen ditu bere inguruan korrika egiteari utzi gabe.
ESKALEA: Ez, ez... Ez naiz zutaz ari. Orokorrean esaten dut. Parkean ikusten dudana. Nire garaian umeek elkar zaintzen zuten. Talde bat osatzen genuen. Familia bat. Norberak hautatutako familia. Auzo bat. Benetako auzo bat. Ez bata bestearen alboan dauden etxe multzo huts bat. Txikitatik ezagutzen duzun pertsona multzo bat. Orain parkean une berean egoteak baino ez dute komunean. Besterik ez. Bakoitza bere aitarekin. Bere amarekin. Txandaka. Asteburu bana.
GIZONA: Bai, horrela zen. Onerako eta txarrerako.
ESKALEA: (Gelditzen da) (Bere buruari) Onerako eta txarrerako (Geldiunea. gizonari) Zein pisuan bizi zarete orain?
GIZONA: Baxuan.
ESKALEA: Hortik ez da parkea ikusiko.
GIZONA: Ez.
ESKALEA: Horregatik ez ninduzun ezagutzen. Nik egun osoa ematen dut hemen. Beno, batzuetan paseotxo bat ematen dut. Paperontzietan begiratzeko. Ez zenuke sinistuko ze nolako gauzak botatzen dituen jendeak.
gizonak eskua poltsikora eramaten du nahigabe. Hasierako ezustekoa pasata eskaleari aurpegira begiratzen dio tristeziaz. eskalea hanka-sartzeaz konturatzen da.
ESKALEA: Barkatu... Ez naiz konturatu.
GIZONA: Lasai. Ez da ezer gertatzen.
ESKALEA: Barkatu.
GIZONA: Lasai (Geldiune luzea. gizona paseoan hasten da. eskaleak jarraitzen dio) Istripua inguru hauetan izan zen. Etxetik aldatu ginen gurpildun aulkiarekin atera ahal izateko eta patuak auzo honetara ekarri gaitu.
ESKALEA: Nola gertatu zen?
gizona isilik mantentzen da une batez.
GIZONA: (Oroituz) Gaua zen. Lagun batzuekin afaltzetik gentozen. (eskaleari) Kanposanturaino doan errepidea ezagutzen? (eskaleak baietz esaten du buruarekin). Hor izan zen. (eskaleak ere oroitzen egongo balitz moduko jarrerarekin) Ez zen ia ezer ikusten. Auzo honetan ez dago farola gehiegi.
ESKALEA: Bakarrik zindoazten.
GIZONA: Bai. Emaztea eta biok. Bakarrik (Geldiunea). Ez nuen ikusi... Bat-batean agertu zen. Mozkorti bat. Bolanteari eragin nion. Pentsatu gabe. (Gelditzen da. eskalea ere) Maldan behera joan ginen. (Geldiunea. Haserre) Hanka egin zuen sasikumeak.
ESKALEA: Ez zen zure errua izan.
GIZONA: Ez dakit.
ESKALEA: Ez zigortu zure burua. Ez du ezertarako balio.
GIZONA: Badakit.
ESKALEA: Orduan?
GIZONA: Ez dakit.
Geldiune luzea. eskaleak gorantza begiratzen du.
ESKALEA: (Tonu alaian) Bihar eguraldi ona egingo du. Zerua garbi dago. Izarrak ikusten dira.
GIZONA: (Gora begiratzen du) Bai. (Burua jaisten du) Baina hotz egiten du oraindik.
ESKALEA: (Zerura seinalatuz) Hori Iparrizarra da. Iparra markatzen du. Gauez galduta bazaude oso baliagarria izan daiteke.
GIZONA: Kontuan hartuko dut. (Zerura seinalatuz) Eta hori?
ESKALEA: Zein?
GIZONA: Hori.
ESKALEA: Ez dakit. (Geldiunea)
GIZONA: Nire etxetik ez da zerua ikusten. Etxeak baino ez dira ikusten.
ESKALEA: (Txantxetan eta eskenatokiko aurreko aldea seinalatuz) Nahi baduzu etor zaitezke nire etxera bizitzera. (Barrez hasten da) Hemendik oso ondo ikusten da zerua.
gizona ere barrez hasten da. Hasieran irribarre lotsati bat. Gero eta irribarre zabalagoa dauka algaraka amaitu arte. Biak daude barrez. Gustura daude elkarrekin. Poliki-poliki barre egiteari uzten diote. Barrearen ondorioz arnasestuka daude biak. Bata besteari helduta daude. Konturatzen direnean deseroso eta lotsatuta urruntzen dira. Isiltasun deseroso bat nagusitzen da.
ESKALEA: Bai. Hotz egiten du.
GIZONA: Bai... Bihar arte itxaron behar. (Geldiunea)
ESKALEA: Badakizu pilotan jolasten? (Eskenatokiko aurreko partea seinalatzen du) Bankupean ezkutatzen dut. Ezin zara auzo honetako jendearekin fidatu. Hadi ez bazaude...
GIZONA: Ez. Ez dakit. Ez zait inoiz gustatu.
ESKALEA: Nik askotan jolasten dut. Gauez. Umeekin bestela... (Laugarren pareta seinalatzen du) Horma horren aurrean jartzen naiz eta paretaren kontra botatzen dut pilota. Bakarrik, ez dago beste era batean jolasterik.
GIZONA: Dibertigarria ematen du.
ESKALEA: Ez pentsa. Azkar nekatzen zara paretaren kontra jotzeaz. Nekagarria da oso. Zuk pilotari ematen diozu eta paretak itzultzen dizu. Behin eta berriro. Beti ibilbide berdina. Aldaketarik gabe. Horma bat besterik ez.
GIZONA: Beno, denbora pasatzeko modu bat da.
ESKALEA: Denbora galtzeko modu bat, gehienez jota. Umeek lapurtzea hobe izango litzatekeela pentsatzen dut batzuetan. Horrela behintzat ez nuke jolastu behar. Beraiek bai jolas dezakete. Gurasoak pixkat urruntzea lortzen badute behinik behin. Asko ikasten da jolasten. Jokatzen. Galtzen ere ikasten da. Oso aberasgarria da galtzea.
GIZONA: Lehenago edo beranduago ikasi behar. (Geldiunea) Bai. Haurrei eman beharko zenieke. Beraiek probetxu handiagoa aterako liokete.
ESKALEA: Badakit. Baina ezin dut. Edukitzea gustatzen zait. Ume bat bezalakoa naiz. Nazkatuta nago pilotarekin jolasteaz baina ez dut beste inork hartzea nahi. Ume apetatxu eta gogaikarri bat. (Geldiunea)
GIZONA: (Bat-batean) Gustatuko litzaizuke seme-alabarik eduki ez izana?
ESKALEA: (Pentsatu ostean) Gustatuko litzaidake seme-alabengan eraginik ez izana.
GIZONA: Aita zaituzte.
ESKALEA: (Bat-batean zerbait ulertu du) Hori da. Gustatuko litzaidake seme-alabak edukitzea baina beraien aita ez izatea.
GIZONA: Ez dut ulertzen.
ESKALEA: (Lotsatuta) Ezagun batek ikusten nauenean lotsa sentitzen dut. Hemen. Parkean. Bankuan. Etxerik gabe. Lanik gabe. Seme-alabak imaginatzen ditut eskolan, azalpenak ematen. Ahoberoen galderak erantzuten. Euren amaren gaineko gauzak entzuten. Jendeak besteen inguruan hitz egiteko eskubidea duela uste du. Mina egitea gustoko dute. Ez dute ondorioetan pentsatzen. Dibertigarria iruditzen zaie. Krudelak dira. Orain nagusiak dira eta badakite euren buruak zaintzen. Baina (Bere burua seinalatzen du) aita honen zamarekin hazi dira. Oraindik ere nitaz lotsatzen dira. Gorrotatzen naute. Badakit. (Geldiunea) (Tonu arruntarekin) Nagusiak bisita egiten dit noizbehinka.
GIZONA: Ez duzue harremana galdu behintzat.
ESKALEA: Hobe nitaz ahaztuko balira.
GIZONA: Ez dut uste.
ESKALEA: Nik bai.
GIZONA: Beno, utz dezagun gaia. Ez dizu onik egiten.
ESKALEA: Bai, hobe da. (Isiltasuna)
GIZONA: Dena den, ez dut uste hain erraza denik.
ESKALEA: Dena da uste baino errazagoa.
GIZONA: Gorrotoa hitz potoloa da.
ESKALEA: Maitatzerik ez dagoenean gorrotoa baino ez zaigu gelditzen. Biziraupen kontua da. Axolagabetasuna ere sentitu daiteke baina nahiago dut horrelakorik ez pentsatzea.
GIZONA: (Tarte baten ostean) Aita batengan ezin da axolagabetasuna sentitu. Gorrotoa bai baina axolagabetasuna ez. Edo bai. (Une batez pentsatzen du) Agian gorrotoaren ostean axolagabetasuna dator. Behar eza. Behar duzun bitartean gorrotatzen duzu. Bakanik bizitzen ikasten duzunean, bost axola. Beharrik ez, kezkarik ez.
ESKALEA: Axolagabetasuna sentitzeko gorroto handia sumatzen dut zure hitzetan.
GIZONA: Agian ezinezkoa da axolagabetasuna sentitzea.
ESKALEA: Hori espero dut.
GIZONA: Nahi baduzu pilotan jolastu dezakegu. Ez naiz oso ona baina behintzat denbora pasatuko dugu.
ESKALEA: Ez. Dagoeneko ez da ezer ikusten. Beranduegi da.
GIZONA: Baliteke.
Isiltasuna nagusitzen da. biak daude pentsakor.
ESKALEA: Nahi baduzu ez erantzun baina...
GIZONA: (Jator) Orain auzokideak gara, ezta? Galdetu beldurrik gabe.
ESKALEA: Eta sexua?
GIZONA: (Une baten ostean) Garai batean maitale bat izan nuen. Denbora gutxi iraun zuen. Ez zitzaidan justua iruditzen. Ez zuen merezi.
ESKALEA: Agian ez da justua izango baina zuk zure bizitza ere egin behar duzu. Gizon batek bere beharrak ditu. Eta berak ematen ez badizkizu... Akaso gogorregia naiz baina horrela ikusten dut. Ez da zure errua eta ez dituzu zertan ondorioak jasan behar. Zama handiegia da bakarrik eramateko.
gizonak ez du erantzuten. Lurrera begiratzen du. Asko kostatzen zaio hitz egiten hastea. Lotsatuta dago.
GIZONA: Badago kontatu ez dizudan zerbait. (eskaleak begiratzen dio) Istripua izan zen gauean afari batetik gentozen.
ESKALEA: Bai. Kontatu didazu.
GIZONA: Edan egin genuen. Edan egin nuen. Ez asko baina badakizu, afari bat... Ardo pixka bat eta kopa pare bat kafe ostean. Ondo nengoen, benetan. Pixkat alaituta, besterik ez.
(gizona gero eta okerrago dago. eskalearengana hurbildu da bere burua zuritu nahian) Afari batean ez edatea... Ardo pixkat bat... Ez zen hainbesterako izan, benetan. (Arropatik heltzen dio eskaleari erreguka) Sinistu behar didazu.
ESKALEA: (Oso lasai) Sinisten dizut.
GIZONA: (eskalea askatzen du atzerantza bultzatuz haserre eta gorrotoz) Ez dut errukirik behar. Ez dut zure oniritzirik behar. Ze ostia egiten dut eskale bati azalpenak ematen? Ez zara inor niri azalpenak eskatzeko. Ez zaitut ezertaz ezagutzen. Ez dizut azalpenik eman behar. Ez dituzu merezi, sasikume halakoa. Pilotarekin jolastea nahi? Zu erotuta zaude. (gizona eskenatokiko aurreko aldera hurbiltzen da eta lurrera seinalatzen du bi eskuekin) Ez daukazu pilotarik. Ikusten duzu pilotaren bat hemen? Hemen ez dago ezer. Zure usain nazkagarria besterik ez. (gizonak eskalea bultzatzen du. eskalea lurrera erortzen da. gizona ostikoka hasten da eskalearen kontra. Gelditzen da) Goragalea ematen duzu. (Ttu egiten dio eta urruntzen da)
ESKALEA: (Geldiunea) Ez zu bezala.
gizona eskaleari begiratzeko bueltatzen da. eskaleak ez dio begiratzen. Lurrean dago oraindik. Altxatzen saiatzen da baina ez da gai. Minduta dago. gizona lasaitu da pixka bat. Egindakoaz jabetzen da. Alkondara fraken azpitik sartzen hasten da urduri. eskalearengana hurbiltzen da barkamen eske. Eskua luzatzen dio. eskaleak ez du onartzen eta altxatzen saiatzen da. Asko kostata baina lortzen du. Hemendik aurrera errenka egongo da. gizonarengandik urruntzen da harrokeriaz.
ESKALEA: (Bere buruari) Horrelakorik jasan behar ere. Hiltzea zuten, berak eta bere emazte puta horrek. Niri. Non eta nire etxean. (gizonari oihuka eta indarkeriaz). Alde! Alde nire etxetik! (Bultzaka hasten zaio) Joan zaitez emazte kuttunarekin larrua jotzera. Ea berak jasaten zaituen. (Bere onetik aterata) Zure errua izan zen. Zure errua. Beste inorena ez. Zurea (Gorrotoaren gorrotoz negarrez hasten da) Zurea bakarrik.
Aurrez aurre daude biak. gizona ez da mugitu. eskalearen bultzadak jasan ditu bertatik mugitu gabe. eskaleak eskuekin estaltzen du aurpegia. gizonak esku bat jartzen dio sorbaldan. Ia ikutu gabe.
GIZONA: Lasai (Geldiunea) Nahi baduzu pilotarekin jolastuko dugu.
ESKALEA: (Bere onera itzultzen hasten da. Malkoak sikatzen ditu) Bai, mesedez. Ilusio handia egiten dit norbaitekin jolastea.
gizonak eskenatokiko aurreko aldera hurbildu eta alegiazko pilota hartzen duela mimatzen du.
GIZONA: (Buruarekin eskenatokiko alde bat seinalatuz) Jarri hor.
eskaleak esandako lekua hartzen du. gizona beste aldean jartzen da, eskalearengandik ahalik eta urrunen. Pilota eskuekin botatzen diote elkarri. Eskuekin jasotzen dute. Hasieran ez dira oso trebeak, alde egiten die eta bila joan behar dira. Gero eta mekanikoagoa bihurtuko da, ekintza aspergarri bilakatu arte. Ez diote jolasteari uzten. Serio daude. Ez da batere jostagarria. Bata bestearengandik urrun daude eta ez diote elkarri ondo entzuten. Ozenki hitz egiten dute.
GIZONA: Uste baino dibertigarriagoa da.
ESKALEA: ...
GIZONA: Jakinez gero lehenago hasiko nintzen jolasten.
ESKALEA: ...
GIZONA: Txikitan, adibidez. (Geldiunea)
ESKALEA: Ondo dago norbaitekin jolastea.
GIZONA: Lehenago jakinda ezberdina izango zen.
ESKALEA: Ez dut inoiz pilota bat izan.
GIZONA: Pena bat da. Oso jostagarria da.
ESKALEA: Hori entzun dut. (Geldiune luzea) Behin istripu bat izan nuen.
GIZONA: (Geldiunea) Bakarrik.
ESKALEA: Bakar bakarrik.
GIZONA: Bizirik atera zinen, bederen.
ESKALEA: Ez dakit. Hotz honekin ez dago jakiterik.
GIZONA: Bai. Hotz honekin ez dago jolasterik.
ESKALEA: Emaztearen... Emazte ohiaren etxetik nentorren... Mozkortuta heldu nintzen. (Bere burua zuritzen) Ausardia behar nuen... Neureak eta bi esan zizkidan. Mozkortuta, goibel eta lotsatuta alde egin nuen.
GIZONA: Lasai. Pasatu da.
ESKALEA: Ez dakit.
Isiltasunean jolasten jarraitzen dute.
GIZONA: (Bere buruari) Mozkortuta gidatzea ere.
ESKALEA: Ez nuen gidatu. Ez nago hain erotuta. (gizonaren erantzuna ikusten du) Barkatu. Ez naiz konturatu.
GIZONA: ...Badakit.
ESKALEA: Etxera nentorren... Oinak arrastaka eta lurrera begira. Ez nuen nire urratsetatik haratago ikusten... Bertan nengoen jada.
GIZONA: Zer gertatu zen, ba?
ESKALEA: Ez dakit. Gaur arte ez dut ulertu. Ez dut ezer gogoratzen. Gidariaren aurpegia baino ez... Ez zen auzokoa. Ez nuen ezagutzen. (Geldiunea) Gizon handi (eskaleak pilota botatzen dio gizonari) eta indartsu bat.
gizonak ez du pilota hartzeko ahaleginik egiten. Tente dago. Besoak alboetan. eskaleari begiratzen badio ere, begirada galdua du. eskaleak ere jolasteko jarrera utzi du. Anbulantzia bat entzuten da urrunean. Luzez begiratzen diote elkarri. Argia jaisten doa. Iluntasun osoa izan baino lehen bi argi zuri eta itsugarri pizten dira eskalea eta gizonaren alturan eta kotxe istripu bat entzuten da. Argiak amatatzen dira.
oihala