Ama Carrarren fusilak
Bertolt Brecht
Ama Carrarren fusilak
Bertolt Brecht
Hiria, 2009
Ama Carrarren fusilak
Bertolt Brecht
Hiria, 2009
[aurkibidea]

 

            1937ean eskribatua John Synge irlandar dramaturgoaren ideia batez. Egintza Espainian gertatzen da, gerra zibilaren garaian. Estreinaldiz Parisen jokatu zen, Helene Weigelek egiten zuelarik paper printzipala.

 

Pertsonaiak

            — TERESA CARRAR

            — JOSE, haren seme gazteena

            — PEDRO JUQUERAS, langilea

            — ZAURITUA

            — MANUELA

            — APAIZA

            — PEREZ andre zaharra

            — BI ARRANTZALE

            — HAURRAK eta ANDREAK

 

            1937ko apirilaren gau batez, Andaluziako arrantzale etxe batetan. Gela bat paret xit zuriekin. Bazter batetan gurutz beltz handi bat. Teresa Carrar, berrogei eta hamarretako emakume bat, ogia oratzen ari. Haren seme Jose, hamabost urtetako taila bat egiten ari da leihoaren alboan. Urrutik kainoien hotsa entzuten da.

 

 

 

AMA: Ikusten al duk oraindik Juanen txalupa?

JOSE: Bai.

AMA: Ez da irten beste txaluparik?

JOSE: Ez. (Isilaldia.)

AMA: Harritzekoa da. Nola daiteke beste inor ere ez irtetzea?

JOSE: Badakizu, ordea!

AMA: (Pairu handirekin) Galdegiten badiat, ez dakidalako da.

JOSE: Juan baizik ez da inor irteten, arrantzaz gainera badutelako beste zereginik.

AMA: Ah! (Isilaldia.)

JOSE: Juan ere ez litzateke irtenen, gauzak bere esku baleuden.

AMA: Arrazoi duzu. Ez daude bere eskutan.

JOSE: (Gogorki lanean orain) Ez. (AMAk ogia labean jartzen du, eskuak garbitzen eta gero sare bat hartzen konpontzeko asmoz.)

JOSE: Gose naiz.

AMA: Ez zaude ados zeure anaia arrantzara irtetzearekin, ez da?

JOSE: Ez. Hori neuk ere egin dezaket eta Juan bien bitartean frentean egon zitekeen.

AMA: Uste nuen hik ere joan nahi huala (Isilaldia.)

JOSE: Ea elikatura dakarten barkuek ingelesen blokea iragaten duten.

AMA: Ogi hau labatik ateratzen dudanean ez dut irin gehiago ukanen beste labesu batentzat. (JOSEk leihoa hersten du.)

AMA: Zergatik hersten duzu leihoa?

JOSE: Bederatziak direlako.

AMA: Eta zer?

JOSE: Bederatzietan hasten da zakur hori irratian zaunkaka, eta Pereztarrak bere aparailua pizten dute.

AMA: (Eskatuz) Zabal zak berriz leihoa. Bestela barruko argiarekin eta kristalaren isladarekin ezin dezakek ongi ikus eta.

JOSE: Baina zergatik egon behar dut hemen jezarririk zelatzen? Ez da itzuriko, ikusiko duzu. Zure beldur bakarra frentera joan dadin da.

AMA: Ez hadi mutiri izan. Lehendik ere bada aski triste zuengatikan gustiaturik bizitzea.

JOSE: Zer esan nahi du “gu gandik” horrek?

AMA: Ez haiz hire anaia baino hobea. Okerrago baizik.

JOSE: Horiek irratia geu gatik bakarrik pizten dute. Bada hirugarren gaua. Atzo ikusi nuen nola idekitzen zuten leihoa entzun dezagun.

AMA: Diskurtso horiek Valenciakoak bezalakoak dira, berdin berdinak.

JOSE: Zergatik ez diostazu esaten hobeak direla?

AMA: Badakik ongi ez deritzatela hobeak. Zergatik egon behar dut jeneralen alde? Edozein odol isuritze arbuiatzen dut.

JOSE: Eta zein hasi zen? Gu izan al ginen, eh? (AMA isildu egiten da.) Gazteak berriz zabaldu du leihoa. Urrutitik entzuten da anuntziatzen dutela: Erne! Erne! Hemen Queipo del Llano jenerala mintzo ari! Gero ozenki entzuten da “mikrofonoko jeneralaren” ohizko boza, bere gaueroko diskurtsoa espainiar herriari botatzen.

JENERALAREN BOZA: “Laster, adiskideok, serioski mintzatu behar ukanen dugu zuekin. Eta Madriletik bertatik eginen dugu, nahiz Madriletik geldituko denak ez duen ukanen Madrilen itxurarik ere. Canterburyko apezpikuak orduan bai ukanen duela parada bere krokodilo malkoak isuritzeko. Gure mairu ausartek kontu anitz ukanen dute konpontzeko.

JOSE: Zerri hori!

JENERALAREN BOZA: Adiskideok, bere buruari Inperio britaniko deitzen dionak lohizko oinak dituen erraldoi horrek ezin ukanen dezake eragotz herri bihurri eta zital baten hiriburua suntsitzea, erreibindikazio nazional jasan ezinaren kontra jartzeko ausartzia eduki duelako. Geuk garbituko dugu mundutik herri zital hori!

JOSE: Zer gara, ama?

AMA: Gu ez gara agitadoreak eta ez gaude inoren kontra. Baldin zuek gobernatuko bazenuten, segur aski eginen zenukete. Zu eta zure anaia ere amorratu batzuk zarete. Zuen aita bezala, eta segur aski ez nuke atsegin bestela zaitezen. Baina hori ez da ari txantxetan: ez al dituk entzuten kainoi-hotsak? Gu pobreak gara, eta pobreek ezin dezakete gerrarik egin.

 

(Atean hots batzuk entzuten dira. Pedro Juquera LANGILEA, Teresaren anaia sartzen da. Luzaro ibili dela igartzen zaio.)

 

LANGILEA: Gabon!

JOSE: Osaba Pedro!

AMA: Nola zu hemendik, Pedro (Eskua eman bezaio.).

JOSE: Motriletik al zatoz, osaba Pedro? Nola daude gauzak handikan?

LANGILEA: Bada, ez oso ongi. Eta zuek nola zaudete hemen?

AMA: Hala-nola. Aski ongi...

JOSE: Egun abiatu al zara handik?

LANGILEA: Bai.

JOSE: Lau ordu luze dira, ez da?

LANGILEA: Bai, gehiago ere, karrika guztiak Almeriara joan nahi duten errefuxiatuez beterik daude eta.

JOSE: Baina Motrilek eutsi egiten du, ez da?

LANGILEA: Ez dakit zer jazo den egun. Bart eutsi egiten zuen oraino bederen.

JOSE: Eta zergatik joan zinen?

LANGILEA: Gauza asko behar dugulako frenterako. Eta zuek nola zaudeten ikusteko buelta bat ematea etorri zitzaidan burura.

AMA: Nahi al duzu baso bete ardo? (Bemaio.) Ogia hemendik ordu erdira egina egonen da.

LANGILEA: Non dago Juan?

JOSE: Arrantzan.

LANGILEA: Bai, zera!

JOSE: Leihotik ikus dezakezu haren txaluparen argia.

AMA: Bizi egin behar dugu.

LANGILEA: Bai, jakina. Karrika horretan honera natorrela mikrofonoko jeneralaren boza entzun dut. Nork entzuten du hemen?

JOSE: Aurrekoak dira, Pereztarrak.

LANGILEA: Gauza horiek entzuteko pizten dute irratia?

JOSE: Ez, ez dira Francotarrak. Ez dute egiten interesatzen zaielako, uste duzun bezala.

LANGILEA: Nola ezetz?

AMA: (MUTIKOAri) Zuk begiratu ongi zure anaiari!

JOSE: (Gogo handirik gabe leihora itzultzen da) Lasai zaitez, ez da erori txalupatik eta (LANGILEAk edan du bere baso bete ardo eta ARREBAren alboan eseritzen da. Sareak josten laguntzen dio.)

LANGILEA: Zenbat urte du orain Juanek?

AMA: Hogei eta bat, irailean.

LANGILEA: Eta Josek?

AMA: Egiteko berezirik al duzu inguru hauetatik?

LANGILEA: Ez apartekorik.

AMA: Aspaldidanik ez zara etorri hemendik.

LANGILEA: Bai, badira bi urte gutienez.

AMA: Nola dago Rosa?

LANGILEA: Erreumarekin.

AMA: Bisitatzera etorriko zen zain nengoen.

LANGILEA: Agian Rosa haserre samar dagoke Carlosen funeralagatik.

 

(AMA isilik.)

 

LANGILEA: Pentsatzen du abisatu egin behar zenigutela. Batbatean etorriko ginen zure senarraren funeralera.

AMA: Hain agudo gertatu zenez.

LANGILEA: Baina, nola izan zen?

 

(AMA isilik.)

 

JOSE: Bal bat birikietan.

LANGILEA: (Harriturik) Baina, nola?

AMA: Zer esan nahi du “baina nola” horrek?

LANGILEA: Bada hemen, duela bi urte oro lasai baitzegoen.

JOSE: Baina Oviedon asaldura zegoen.

LANGILEA: Nola zegoen Carlos Oviedon?

AMA: Bada... joan egin zen.

LANGILEA: Hemendik?

JOSE: Bai, egunkariek asaldurarena argitara zutenean.

AMA: Bai, beste batzuk Ameriketara joaten diren bezala, azken karta jokatzeko. Eroek egiten duten bezala.

JOSE: Ero bat zela esan nahi duzu? (Jeikiz.)

 

(AMAk sarea uzten du eskuak dardar dituela eta irten egiten da.)

 

LANGILEA: Kolpe gogor bat izan zen, ez da?

JOSE: Bai.

LANGILEA: Izugarria izanen zen berriz ez ikustea.

JOSE: Ikusi zuen; itzuli egin zen. Baina horixe izan zen guztietarik gogorrena. Asturiasen tren bat hartzea lortu zuen, han emergentziako bendaje bat egin zioten paparrean, alkandoraren azpian, eta honuntz abiatu zen. Birritan aldatu zen trenez, eta estazioan bertan hil zen. Hemen gau batez atea ideki zuten tupustean eta auzoko andre batzuk sartu ziren eta paretaren kontra jarri ziren, Agur Maria otoitz eginez, ito bat ekartzen den bezala. Gero barrura eraman zuten lona batetan eta zola gainean utzi. Harrez gero eleizara joaten da. Eskola maistrari, “Gorria” zela zekienez, atea musturretan hertsi zion.

LANGILEA: Baina orain egiaz al da fededuna?

JOSE: (Buruaz baietz eginez) Juanek uste du oro amaz auzokoak larregi mintzatzen direlako dela.

LANGILEA: Zer esaten zuten?

JOSE: Berak bultzatu zuela.

LANGILEA: Eta horrela izan al zen?

 

(GAZTEAk sorbaldak jeikitzen ditu. AMA itzultzen da, ogia nola dagoen ikusten du eta berriz ere sarearen alboan jezartzen da.)

 

AMA: (Berriz ere LANGILEAri, lagundu nahi diolako) Uztazu, hobe da ardoa edan eta atseden har zazun. Goizean goiz jeiki zara eta.

 

(LANGILEAk basoa hartzen du eta mahainera itzultzen da.)

 

AMA: Nahi al duzu iragan hemen gaua?

LANGILEA: Ez, ez dut astirik. Goizean heldu behar dut. Baina apur bat garbituko naiz.

AMA: (MUTIKOAri keinuak eginez hurbil dadin) Esan al dizu zertarako etorri den?

JOSE: Ez.

AMA: Benetan?

 

(LANGILEA palanka eta toalla batekin bihurtzen da. Garbitu egiten da.)

 

AMA: Eta Lopez zaharrak? Oraino bizi al dira?

LANGILEA: Bera bakarrik (MUTIKOAri.) Hemendik anitz joan ziren frentera, ez da?

JOSE: Zenbait ere gelditu zen.

LANGILEA: Han, gure herrian ere joan dira anitz katoliko

JOSE: Hemendik ere joan dira batzuk.

LANGILEA: Baina fusil bat denek ukanen dute?

JOSE: Denek ez.

LANGILEA: Hori ez dago ongi. Orain fusilak dira gauzarik inportantena. Baina ez al dago bat ere herri honetan?

AMA: (Agudoki) Ez.

JOSE: Oraino badaude batzuk, baina ezkutaturik dituzte. Patatak baziren bezala lurpean sartzen dituzte.

 

(AMA so ari da.)

 

LANGILEA: Ah!

 

(MUTIKOA leihotik hondarrerat doa.)

 

AMA: Nora zoaz?

JOSE: Inora ere ez.

AMA: Itzul zaitez leihora.

 

(MUTIKOA gelaren aldamenera itzultzen da.)

 

LANGILEA: Zer gertatzen da?

AMA: Zergatik joan zara leihotik? Erantzun, zergatik?

LANGILEA: Norbait al dago kanpoan?

JOSE: Ez!

 

(Kanpoan MUTIL BATZUREN boza entzuten da oihuka ari.)

 

HAURREN BOZA:

                        Juan ez doa gerrara

                        Beldurtiegia baita

                        Kainoien beldurrak eraginda

                        Koltxoipean ezkutatzen da.

 

(Leihotik HIRU HAURREN aurpegiak ikusten dira.)

 

HAURRAK: Buuuuhh!

AMA: (Jeiki eta leihora doa) Heltzen baldin bazaituez, atzea morea utziko dizuet, hume mokuok! (Berriz ere gelarantz mintzo.) Berriz ere Pereztarrak dira. (Isilaldia.)

LANGILEA: Lehenago kartaketan egiten zenuen, Jose. Jokatuko dugu apur bat?

 

(AMA leihoaren alboan jezartzen da. MUTIKOAk kartak hartzen ditu. Jokuan hasten dira.)

 

LANGILEA: Oraino tranpak egiten irauten al duzu?

JOSE: (Irriz) Lehen egiten nuen ala?

LANGILEA: Baiezkoan nago. Bada ez bada, hobe da neuk ebaki dezadan. Oro libre, nahi duzu. Gerratean tranpa guztiak zilegi. (AMA mesfidantzaz so ari da.)

JOSE: Bai karta eskasak ere!

LANGILEA: Eskerrik asko abisatzearren. Gezurti hori, eta triunfo batekoaz hasten zara! Harro putz hori! Baina pagatu behar ukanen duzu. Beste karta bat artileria pisutsukoa eta orain nik ateratzen ditut neure erreserba apalak eta oro eramaten dut. (Jokua irabazten du.) Horrela ikasiko duzu. Arriskatzea ongi dagoela. Hi ausarta haiz, baina ez aski zuhurra.

JOSE: Arriskatzen ez duenak ez ohi du irabazten.

AMA: Atsotitz horiek aitak erakutsi dizkio. “Gizon egiazko batek osorik jokatzen du bere burua”, ez da?

LANGILEA: Bai, gure larrua jokatzen da. D. Miguel de Ferrantek, behin, koronel batekin jokatzen ari zela, hirurogei nekazari galdu zituen. Lur jota gelditu zen eta bere bizi guztiko hamabi nekazariez konformatu behar ukan zuen. Eta orain egiatan botatzen duzu bateko ezpata.

JOSE: Horrela jokatu behar nuen derrigorrez (Punto bat irabazten du.) Horixe zen ene posibilitate bakarra.

AMA: Horrela eginak daude. Horien aitak txalupatik salto egiten zuen kateatzen zenean.

LANGILEA: Agian sare askorik ez zuelako.

AMA: Baina ez zuen bizi askorik ere. (Atean GIZON BAT agertzen da miliziano uniformearekin, burua bendatua darama eta beso bat hautsirik.)

AMA: Ez zaitez geldi hor. Sar zaitez, Pablo!

ZAURITUA: Esan zenidan bendajearen bila itzul naitekeela, Carrar andrea.

AMA: Berriz ere blai blai eginda zaude. (Agudoki irtetzen da.)

LANGILEA: Non gertatu zitzaizun?

ZAURITUA: Sollube mendian. (AMA alkandora batekin itzultzen da eta zatitzen hasten. Bendaje berri bat egiten du, baina mahainean eseririk daudenei so egiteari utzi gabe.)

AMA: Itzuli al zara lanera?

ZAURITUA: Eskubiko besoarekin bakarrik.

AMA: Baina ez zenuela egin behar esan zizuten.

ZAURITUA: Bai, egia da. Gaur frenteak eten egin duela diote. Ez dugu erreserba gehiagorik. Ba daiteke jadanik iraganak izatea.

LANGILEA: (Urduri) Ez, ez dut uste, kainoi hotsak beste alderdian entzunen lirake bestela.

ZAURITUA: Egia da.

AMA: Min egiten baldin badizut, esaidazu, arren. Ez dut erizain ikasi, baina saiatzen naiz ahalbait emekien egitera.

JOSE: Madrilen ez dira iraganen!

ZAURITUA: Nork jakin!

JOSE: Badakigu.

ZAURITUA: Baina, andrea, alkandora oso bat hautsi duzu, ordea. Ez zenukeen horrelakorik egin behar.

AMA: Zola garbitzeko trapu batez nahi al duzu bendatzea, ala?

ZAURITUA: Ez baina ez dut ikusten erregalatzeko bezainbat duzunik.

AMA: Bizi naizen artean, oro ongi joanen da. Baina beste besoarentzat ez da helduko.

ZAURITUA: (Irriz) Orduan hurrengoan erneago egon behar ukanen dut (Jeiki egiten da. LANGILEAri.) Zakur horiek pasatzen ez diren bitartean! (Irten egiten da.)

AMA: Kainoi hots madarikatu horiek!

JOSE: Eta gu arrantzara joaten.

AMA: Pozik egon zaitezkete oraindik besoak eta ankak osorik edukitzearren (Kanpoan kainoien zarata entzuten da eta kantuak lehenbizi hurbiltze eta gero gelditzen.)

LANGILEA: Brigada internazionalak dira. Motrileko batailara daramazkite.

 

(Brigada Thaelmannaren kantua entzuten da: “Urruti ene aberritik”.)

 

LANGILEA: Alemanak dira.

 

(Marseillaisen zenbait nota entzuten dira.)

 

LANGILEA: Frantsesak.

 

(“Varsoviana”.)

 

LANGILEA: Polakoak.

 

(“Bandiera rossa”.)

 

LANGILEA: Italiarrak.

 

(“Hold the fort”.)

 

LANGILEA: Amerikanoak.

 

(“Los cuatro generales”.)

 

LANGILEA: Hor daude gureak. (Kantuen eta kamioien habarrotsa desagertu egiten da. LANGILEA eta GAZTEA mahainera itzultzen dira.)

LANGILEA: Gaur da unerik erabakileena. Orain joan egin behar dut. Azken jokua izanen da, Jose.

AMA: (Mahainera hurbilduz) Nork irabazi du?

JOSE: (Harro) Berak.

AMA: Orduan ez dizut ohea prestatuko.

LANGILEA: Ez joan egin behar dut. (Baina, badarik ere, eseririk dirau.)

LANGILEA: Ene goraintziak Rosari. Eta ez dezaidala gorrotorik ukan. Gutarik inork ez baitaki oraino zer gertatuko den.

JOSE: Apur bat lagunduko dizut.

LANGILEA: Ez dut behar, egiatan (AMA leihotik so.)

AMA: Juan ikustea laket izanen zitzaizun, ez da?

LANGILEA: Gustora ikusiko nuke, bai. Baina ez da itzuliko hain garaiz, ez da?

AMA: (Urduri) Urruti dabil, antza. la kabu aldean. (Gelaren erdira itzultzen da.) Bila joan behar genuke.

 

(Atean NESKATILA BAT agertzen da.)

 

JOSE: Egun on, Manuela (LANGILEAri ahapeka.) Juanen adiskidea f da, Manuela. Hau osaba Pedro da.

MANUELA: Non dago Juan?

AMA: Lanean ari da.

MANUELA: Uste genuen lilitegira igorri zenuela pilotan egitera.

AMA: Ez, arrantzara joan da. Juan arrantzalea baita.

MANUELA: Zergatik ez da etorri eskolako bilerara? Beste arrantzaleak han zeuden.

AMA: Han ez zitzaiolako ezer galdu.

JOSE: Zertaz zen bilera?

MANUELA: Erabaki da ahal duten guztiak frentera joanen direla. Ongi zenekien zertaz ari zen. Esan genion Juani.

JOSE: Ez dut uste! Bestela Juan ez litzateke arrantzara joanen. Ala zuri abisatu zizuten, ama?

 

(AMA isilik eta labean dagoenaz baizen ez da ari.)

 

JOSE: Amak ez dio abisurik eman (AMAri.) Orain ulertzen dut zergatik igorri duzun arrantzara.

LANGILEA: Ez zenuen horrelakorik egin behar, Teresa.

AMA: Jainkoak gizon bakoitzari eman dio bere egitekoa. Ene semea arrantzale da.

MANUELA: Guztien irrien gai gaitezen nahi al duzu? Joaten naizen tokitik, eriaz seinalatzen naute. Juanen izen soilak larri jartzen nau. Baina, zer jende modu zarete zuek orduan?

AMA: Jende xiroa gara.

MANUELA: Gobernuak agindu du gizon gai guztiek armak har ditzatela. Ez zaidazu esan ez zenuela irakurri.

AMA: Irakurri nuen. Hemengo gobernuak, hango gobernuak. Hiltegira nahi gaituzte eraman. Baina hori ez da arrazoi bat nik neure eskuz neure semeak gurdi batetan kargatu eta hiltegira eramateko.

MANUELA: Ez, zuk paret kontra jar daitezen iguriko duzu. Neure bizi osoan ez dut horrelako tontakeriarik entzun. Zu bezalako jendeak du honelako egoera honetara heldu garen hobena eta Llano zerri hori horrela mintza dadin.

AMA: (Ahapeka) Ez dut uste ene etxean hitz horiek erabiltzea

MANUELA: (Haserre) Zer? Jadanik jeneralen alde al dago?

JOSE: (Urduri) Ez! Baina ez du nahi gerrara joan gaitezen.

LANGILEA: Neutralak iraun, ez da?

AMA: Badakit ene etxea konspiratzaileen kabia bihurturik ikusi nahi duzuela.

JOSE: Paret kontra ikusten duzueneino ez zarete sosegatuko!

MANUELA: Eta zutaz esaten zen zure senarrari lagundu zeniona Oviedora joan zenean.

AMA: (Ahapeka) Zaude isilik! Nik ez nion neure senarrari lagundu! Badakit eni botatzen didatela ororen hogenak, baina oro gezurra da, oro! Gezur zitala besterik ez da. Nor nahi izan daiteke lekuko.

MANUELA: Inork ez zaitu hogenduri egin, andrea. Beti ikusi zaitugu errespetorik handienaz. Guztiok genekien Carlos Carrar heroe izan zela. Baina etxea itzalgaizka eta isilik utzi behar ukan zuela, orain arte ez dugu jakin.

JOSE: Ene aita ez zen sortu etxetik gauez eta itzalgaizka, Manuela!

AMA: Isilik egon zaitez, Jose!

MANUELA: esaiozu zeure semeari ez dudala deus jakin nahi hartaz. Eta ikusten nauenean ez duela zertan ezkutatu beharrik beldurrez galdegin diodan ea zergatik ez dagoen f egon behar lukeen tokian.

LANGILEA: Ez zenuen utzi behar, horrela joan zedin. Lehen ez zenuen horrelakorik eginen, Teresa!

AMA: Ni beti izan naizen bezalakoa naiz. Segur aski Juan frentera eramanen zenutela apostatuko zuten, antza. Dena dela, orain deituko diot. Edo, hobeki, deitu zazu zeuk, Jose. Ez, itxadon, neu noa. Batbatean itzuliko naiz. (Irten egiten da.)

LANGILEA: Esaidazu, Jose, zu ez zara lerdoa, eta gauzak ez zaizkizu zehatz eta mehatz esan behar. Non daude?

JOSE: Zer?

LANGILEA: Fusilak.

JOSE: Ene aitarenak?

LANGILEA: Hementxe egon behar dute. Ezin zezakeen trena hartu hura guztiarekin joan zenean.

JOSE: Eramatera etorri al zara?

LANGILEA: Zertara, bestela?

JOSE: Ez dizkitzu inoiz emanen. Ezkutatu egin ditu.

LANGILEA: Non?

 

(GAZTEAk bazterra seinalatzen du. LANGILEA jeiki egiten da eta lekua seinalatzera doa, urrats batzuk entzuten direnean.)

 

LANGILEA: (Berriz jezartzen da berehala) Geldi orain.

 

(AMA sartzen da herriko APAIZArekin. Gizon garai eta sendo bat da, sotana xit ahituarekin.)

 

APAIZA: Gabon, Jose (LANGILEAri.) gabon.

AMA: Hauxe da ene anaia Motrilen bizi dena, Jauna.

APAIZA: Urte askotan (AMAri.) Barkatzeko eskatu behar dizut berriz molestatzera etortzea arren. Bihar buelta bat eman behar zenuke Turillotarren etxera, orain haurrak bakarrik geldituko dira eta, Turillo andrea ere senarrarekin batean frentera joan baita.

AMA: Gustora eginen dut.

APAIZA: (LANGILEAri) Nola zabiltza toki hauetatik? Entzun dugu Motrilekin guztiz gaitz eta perilosak egin direla komunikabideak?

LANGILEA: Hemen oro oraino lasai dago, ez da?

APAIZA: Nola? Zer diozu? Ah, bai.

AMA: Pedro, uste dut apaizak zerbait galdegin dizula. Zergatik kausitzen zara hemen?

LANGILEA: Ene arreba ikustera etortzea burura zitzaidan.

APAIZA: (AMAri so eginez) ideia ona izan da. Konturatuko zinen hemen bizimodua ez dela aisea.

LANGILEA: Kristau ona izanen da, ez da?

AMA: Har zazu, Jauna baso erdi ardo. Apaiz jaunak gurasoak frentean dituzten haurren ardura du. Bueltako ibili behar zara egun osoan, antza. (Baso bat ematen dio.)

APAIZA: (Eseri egiten da eta basoa hartzen) Nola eriden dezakedan beste oinetako pare bat jakin nahi nuen bakarrik. (Orduantxe hasten da berriz Pereztarren irratia entzuten. AMA leihoa herstera doa.)

APAIZA: Uztazu baketan, Carrar andrea. Sartzen ikusi naute. Ene kontra daude barrikadetara ez noalako. Eta hargatik noiz behinka horietako diskurtso bat entzun erasten didate.

LANGILEA: Asko molestatzen al zaizu?

APAIZA: Egia esan, bai. Baina utz dezazu leihoa irikirik.

JENERALAREN BOZA: “...baina guk ezagutzen ditugu kausa nazionala lohitzeko erabiltzen dituzten gezur madarikatuak. Guk ez dugu pagatzen Canterburyko apezpikua gorriek bezain ongi, baina, ordainez, haren adiskideak lepoa moztu zizkioten hamar mila apaizez oroit dezakegu. Jaun horrek utz dezaidala esaten —eta barka dezaidala neure hitzak txeke baten laguntzarik ez badute— armada nazionala, bere martxa garaitiaz garaitia eriden dituela, bai, bonbak eta fusilak milaka, baina behin ere ez apaiz bat bizirikan.”

 

(LANGILEAk APAIZAri zigarro pakete bat eskaintzen dio. APAIZAk, irripar batez, bat hartzen dio, nahiz ez den erretzaile.)

 

JENERALAREN BOZA: “... Eta on da kausa zuzenak jakin dezan garaitzen apezpikuen laguntzarik gabe. Abioi onak, eta Franco jenerala, Mola jenerala, etab. bezalako gizonak ditugun bitartean... (Transmisioa moztu egiten da batbatean.)

APAIZA: Jaungoikoari eskerrak, Pereztarrek berek ere ezin dezakete jasan hiru perpaus baino gehiago. Horrelako diskurtsoak ezin dezakete inpresio onik egin, nik uste behintzat.

LANGILEA: Baina, hala ere, esaten da Vaticanok hedatzen dituela gezur horiek.

APAIZA: Hori ez dakit. (Mindurik.) Ene ustez, ez dagokio Elizari zuria beltz ager dadin eta beltza zuri.

LANGILEA: (MUTIKOAri so) Noski ezetz.

AMA: (Urduri) Ene anaiak milizian burrukatzen du, apaiz jauna.

APAIZA: Zein sektoretatik heldu zara?

LANGILEA: Malagatik.

APAIZA: Hain izugarria da, ez da?

 

(LANGILEA isilik, erretzen dirau.)

 

AMA: Ene anaiak uste du ez naizela espainol ona. Pentsatzen du Juani frentera joan dadila utzi behar diola.

JOSE: Eta eni ere bai. Han egon behar genuen orain.

APAIZA: Zuk badakizu, Carrar andrea, zure portaera sentimendu jatorrez zuzenetsia kontsideratzen dudala. Apaiz herrikoirik gehienak anitz hiritan gobernu legalaren alde dago. Bilboko hamazortzi diozesietatik hamazazpi gobernuaren alde deklaratu dira. Ene lagun diren apaiz anitz frentean daude, zenbait, bat baino gehiago, erori ere egin da. Ni neu ez naiz burrukalari bat. Jainkoak ez dit eman trumoiaren pareko bozik, neure feligresak burrukatzera deitzeko. (Hitzaren bila ari ondoan.) ...edozein kausaren alde. Enetzat Jainkoaren hitzak balio du: Ez zazu hil! Ez naiz gizon aberatsa. Ez dut monasteriorik eta dudan gutia ene feligresekin banatzen dut. Horixe da segur aski une honetan ene hitzei balioren bat ematen dion gauza bakarra.

LANGILEA: Bai, jakina. Baina auzia besterik da, enetzat bederen: egiatan burrukalari bat ez zaren jakitea, hor datza kakoa. Ez gaizki ulertu, arren. Adibidez: baldin hil egin behar duten gizon batek bere burua defendatu nahi badu, zuk besoa gera erazten diozu hitz hauetaz: Ez zazu hil! Eta beraz oilo bat bezala laurdenka dezakete; ene iritziz, zuk ere parte hartzen duzu burrukan, zeure erara. Barka iezadazu komeni ez den ezer esan badut.

APAIZA: Baina, bien bitartean, gosean ere hartzen dut parte.

LANGILEA: Eta nola birreskura dezakegula uste duzu gure eguneroko ogia, zure otoitzetan eskatzen duzun hori?

APAIZA: Ez dakit, nik otoitz egin besterik ezin dezaket.

LANGILEA: Orduan interesatuko zaizu jakitea Jainkoak bart ere berriz itzul erazi ziela elikatura zekarten itsasontziei.

JOSE: Egia hala da? Ama, ontziek atzera joan behar ukan zuten.

LANGILEA: Bai. Horixe da neutralitatea... Zu ere neutral al zara?

APAIZA: Zer aditzen duzu hitz horretaz?

LANGILEA: Bada... “esku ez hartzearekin egotea”. “Esku-ezhartzean” parte hartzen baldin baduzu, onartu egiten duzu jeneral jaun horiek Espainiar herria odolez betetzea.

APAIZA: (Eskua bururaino jeikiz) Ez, ez dizut onartzen, inola ere.

LANGILEA: (Begi erdiragarriez behituz) Ukan itzazu besoak jeikita apur batez. Horrela irten ziren Badajozen etxe inguruetatik gutar bost mila eta postura horretan fusilatu zituzten.

AMA: Nola mintza zitezke horrela, Pedro?

LANGILEA: Zerbait gaitzesten hartzen den joerak batek errendatzean hartzen duen posizioarekin antza izugarria duela frogatu eta egiaztatu dudalako, Teresa. Maiz irakurri dut eskuak inozenteki garbitzen dituzten pertsonak, tinta beltzetan egiten dutela, odoletan. Gero igartzen dira eskuak gatik.

AMA: Pedro!

APAIZA: Ez zaitez kezka, Carrar andrea, garai hauetan, espirituak irrikitan daude eta. Guztiok arrazonatuko dugu lasaitasun handiagorekin hau guztia amaitzen denean.

LANGILEA: Munduaren gainetik barreiatua izan behar dugun herri bihurri bat garela sinesten al duzu?

APAIZA: Nork esaten du horrelakorik?

LANGILEA: Mikrofonoko jeneralak. Ez al zenion entzun orain guti? Oso guti entzuten duzu irratia, ikusten denez.

APAIZA: (Mezpretxuz) Oh! Jeneralak...

LANGILEA: Ez esan “Oh, jeneralak!” Jeneralek gu lurraren gainetik desagertzeko asmoaz Espainiako hondakin guztiak kontratatu dituzte eta, mairuak, italiarrak eta alemanak kontutan hartu gabe.

AMA: Lotsagarria da hori ere, dirua gatik bakarrik burrukatzen duen jendea.

APAIZA: Zuk ez duzu sinesten beste aldean ere pertsona egiaz konbentziturik dagoenik?

LANGILEA: Ez dut ulertzen zertaz konbentziturik egon daitezkeen.

APAIZA: (Erlojuari so egin ondoan) Oraino Turillotarrenetik iragan behar dut.

LANGILEA: Ez al duzu uste Gorteak joku araudi prestuen eredura hautatuak izan zirela eta Gorte hauetan Gobernukoak zirela gehienak?

APAIZA: Bai, horixe sinesten dut.

LANGILEA: Orain guti, defendatu nahi den gizon bati besoa gera erazteaz ari naizenean, egiatan, besterik ez nuen esan nahi, geure beso hutsak baino ez baitzaizkigu gelditzen.

AMA: (Eten egiten diolarik) Ez zaitez hasi berriz ere. Ez du zentzurik.

APAIZA: Gizona esku hutsik jaio da, denok dakigu hori. Kreatzaileak ez du amaren sabeletik esku armatuarekin sor erazten. Ezagutzen dut historio eta dotrina hori, munduko miseria guztia arrantzale eta langileek —zu ere langilea zara, ez da?—. Bere jatekoa eskuratzeko beso hutsak baizik ez ukaitetik datozela diona. Baina Eskrituran inon ere ez da esaten mundu hau perfekto denik; aitzitik, mundua miseriaz, bekatuz eta oposizioz betea da. Bedeinkatua, bada, mundu honetara sufritzera beso hutsik etorri dena, horrela behintzat eskuan armarik gabe mundu hau utzi ahal izanen duelako.

LANGILEA: Ongi esana. Ez dut ezer esan nahi hain soinu polita duten hitz horien kontra. Franco jeneralarengan zerbait inpresio egin dezaten nahi nuke. Baina Franco jeneralak hortzetaraino armaturik dagoen bezala, ez du lurra uzteko bat ere desirarik; horixe da tzarrena. Arma guztiak botako genituzke haren ondoan, uztera deliberatuko balu. Haren abiadoreek agiri bat bota dute Motrilen hartu dut (Agiria ateratzen du poltsikotik. APAIZA, AMA eta MUTILA so ari dira.)

JOSE: (AMAri) Behitu. Hor ere dena suntsituko dutela dio.

AMA: (Irakurriz) Baina ezin dute horrelakorik egin.

LANGILEA: Nola ezetz. Zer uste duzu, Jauna?

APAIZA: (Dudatan) Teknikaren aldetik egin daitekeela uste dut. Baina Carrar andreari ongi ulertu baldin badiot, uste du ez dela oro abioi-arazo soil bat. Horrelako Agiri horiek beldurra eman besterik ez dute nahi, jendeari egoeraren larria aditzera emateko; baina horrelako mehatxu bat arrazoi militarrak gatik burura eramatea, hori beste gauza bat da.

LANGILEA: Ez dut oso ongi aditu dena.

JOSE: Neuk ere ez.

APAIZA: (Are zalantza handiagoetan) Uste dut argiki explikatu dudala.

LANGILEA: Zure hitzak ozenak dira, baina haien zentzua da Josek eta nik hain ongi konprenitzen dugunez. Berorrek uste du ez gaituztela bonbardeatuko, ez da? (Isilaldi labur bat.)

APAIZA: Mehatxu bat delakotan nago.

LANGILEA: Burura eramanen ez dutena.

APAIZA: Ez.

AMA: Ikusten dudanez, ez dute odol gehiago isur dadin nahi eta haien kontra eskua ez altxatzeko kontseilua ematen digute.

JOSE: Jeneralek ez dutela odola isuri nahi!

AMA: (Agiria erakutsiz) Baina hemen dio: “Armak uzten dituena salbatu eginen da”.

LANGILEA: Orduan galdera bat egin nahi diot, Jauna. Berorrek sinesten al du ez dutela inor fusilatuko armak egozten baditu.

APAIZA: (Ingurura begiratu ondoan, laguntza eske bezala) Horrek esan nahi du Francok bere kristau fedea baduela oraindik.

LANGILEA: Bere promesa, agindu duena begiratu eta gordeko duela nahi al duzu esan?

APAIZA: (Gogorki) Begiratu egin behar du, Juqueras jauna!

AMA: Burrukara joaten ez denari ez zaio ezer pasatuko.

LANGILEA: Jauna... (Barkazioa eskatuz.) Ez dakit zure izena...

APAIZA: Francisco...

LANGILEA: (Jarraituz) ...Francisco, ez nion galdegin nahi bere iritziz zer egin behar duen Franco jeneralak, baizik eta zer eginen duen benetan. Aditzen al du ene galdera?

APAIZA: Bai.

LANGILEA: Berorrek ulertzen du galdera hori kristauari egiten diodala, edo nahiago badu, monastegi bat ez duen gizonari, berorren hitzetan, eta egia esanen duena hil-biziko arazo bat denean. Zeren hori baita, ez da?

APAIZA: (Biziki urduri) Bai, ulertzen dut.

LANGILEA: Agian galdera sinpleago litzateke, Malagan gertatu zena orori erazten baldin badiot.

APAIZA: Badakit zertaz ari zaren. Baina segur al zaude Malagan ez zela erresistentziarik egon?

LANGILEA: Berorrek badaki Almeriatik berrehun kilometrotara kausitzen zirenean iheslariak, gizon, andre nahiz haur, Francoren barkoen kainoiei eta abioien bonbez eta ametrailadorez garbituak izan zirela.

APAIZA: Hori berri asmatu bat izan zitekeen.

LANGILEA: Apaiz fusilatuen bezala?

APAIZA: Apaiz fusilatuen bezala.

LANGILEA: Orduan, ez al ziren fusilatuak izan? (APAIZA isilik.)

LANGILEA: Carrar andreak eta honen semeek ez dute besorik altxatzen Franco jeneralaren kontra. Orduan Carrar andrea eta honen semeak salbo al daude?

APAIZA: Giza adimenduaren arauera, giza judizioaren arauef ra... bada...

LANGILEA: Bai? Giza judizioaren arauera?

APAIZA: Ez duzu nahi izanen nik berma dezadan?

LANGILEA: Ez berorrek bere iritzia eman besterik ez dezake egin. Segur al daude Carrar andrea eta honen semeak? (APAIZA isilik.)

LANGILEA: Uste dut konprenitu dudala bere erantzuna. Berori gizon prestua da.

APAIZA: (Jeikiz) Orduan Carrar andrea, Turilloren haurrak bisitatzera etorriko zara?

AMA: (Hau ere urduri) Bai, gainera jatekoa eramanen diet. Eskerrak bisita gatik. (APAIZA irten egiten da, LANGILEA, MUTILA eta ANDREAri burujeiste batez agurtu ondoan. ANDREAk lagundu egiten dio.)

JOSE: Oraino entzun duzu beti errepikatzen ohi dutena. Baina ez zaitez joan fusilik gabe.

LANGILEA: Non daude? Agudo! (Gelaren hondarrerantz doaz, alde batetara bultzatzen dute kutxa handi bat eta zolan tranpa bat irikitzen dute.)

JOSE: Baina ama berehala etorriko da, ordea.

LANGILEA: Jar ditzagun fusilak leihoaren aldean. Gero hartuko ditut (Fusilak hartzen dituzte agudoki. Biltzen zituen ikurrin tipi urratua erori egiten da.)

JOSE: Oraino hemen dago orduko ikurrin tipi hura! Ez dakit nola gelditu zaren, dagoen presarekin.

LANGILEA: Hauxe behar nuen. (Fusilak frogatzen dituzte. GAZTEAk, halako batetan, boltsikotik miliziano birretea ateratzen du eta triunfo aire batez jartzen du.)

LANGILEA: Nondik atera duzu?

JOSE: Truk eginez eman didate. (Aterantz so egiten du eta batbatean gordetzen berriz boltsikoan.)

AMA: (Sartuz) Utz itzazue fusilok! Horretarako etorri zinen?

LANGILEA: Bai, beharrezkoak zaizkigu. Ezin ditzakegu bara esku hutsik jeneralak eta.

JOSE: Apaizari entzun ondoan badakizu nola dagoen situazioa.

AMA: Baldin hona fusilen bila baino ez bazara etorri, ez duzu merezi gehiago itxadon dezazun. Eta gure etxe honetan ere lasai uzten ez bagaituzu, hartu neure semeak eta banoa hemendik.

LANGILEA: Teresa, ikusi al duzu gure herria mapa batetan? Plater hautsi baten gainean legez bizi gara. Urratuaren azpian itsasoa dago eta ertzean kainoiak guri begira. Gure gainean, bonbarderoak. Kainoien kontra zure bura ihartikitzen ez baduzu, norat jo zenezake?

 

(AMA hurbil dadin, fusilak kentzen dizkiote eta besoan eramaten.)

 

AMA: Pedro ezin ditzakegu eraman fusil hauek!

JOSE: Baina, ama, derrigorrez eman behar dizkiozu, hemen, etxe honetan, herdoildu besterik ez dira eginen.

AMA: Isil zaitez, Jose! Zer jakin dezakezu zuk?

 

(LANGILEA berriz jezartzen eta zigarro bat pizten.)

 

LANGILEA: Teresa, zuk ez duzu Carlosen fusil horiek sekuestratzeko eskubiderik.

AMA: (Fusilak biltzen ari delarik) Eskubiderik edo gabe, ez dizkizut emanen. Zuek ezin dezakezue zola jeiki eta neronek neure etxean ditudan gauzak eraman.

LANGILEA: Ez du zurea den zerbait; gainera, ez dituzu ezertarako ere behar etxean. Ez dut esan nahi zure semearen aitzinean zer uste dudan une honetan zutaz eta egiten ari zarenaz, eta hobe da isiltzea zer usteko zukeen zure senarrak. Hark burrukatu egin zuen. Ulertzen dut arrazoi galtzea zeure semeak galtzeko beldurrez. Baina guk ezin dezakegu horregatik geratu.

AMA: Zer esan nahi duzu?

LANGILEA: Ez naizela fusilak gabe joanen. Egon zaitez segur.

AMA: Orduan hil egin behar ukanen nauzu.

LANGILEA: Ez zaitut hilko. Ez naiz Franco jenerala, Juanekin mintzatuko naiz. Eta horrela eskuratuko ditut.

AMA: (Agudoki) Ez da itzuliko.

LANGILEA: Baina, nola zerorrek deitu bazenion.

AMA: Ez diot deitu. Ez dut nahi ikus zazun, Pedro.

LANGILEA: Pentsatu nuen. Baina neuk ere badut boza. Hondartzara jeiki baiteke eta deitu. Perpaus bat aski izanen da, Teresa, badazugut Juan. Ez da beldurtia. Eta ez da beti zure mendean egonen.

AMA: (Guztiz lasai) Utz baketan ene semeak, Pedro! Esana diet urkatu eginen naizela joaten badira. Badakit bekatu bat dela Jainkoaren aitzinean eta betiereko kondenamendua ekarriko didala. Baina ezin dut besterik egin. Carlos hil zenean, bai, hil zenean, Aitarengana joan nintzen bestela neure burua hilko nuen. Ongi nekien hogena neure ere bazela, nahiz Carlos izan zen biotarik gaiztoena bere karra eta biolentziarako isuripenarekin. Baina fusilekin ez dira gauzak hobetzen. Hori hona ekarri zutenean eta lurpean utzi konprenitu nuen. Ez nago jeneralekin eta lotsagarria da hori susmatzea ere. Baina lasai irauten badut eta indarkeria burrukatzen eta jasaten badut agian salbatu eginen gara. Ez da kalkulo huts bat. Ez da asko eskatzen dudana. Ez dut gehiago ikusi nahi ikurrin hori, bagara lehendik ere aski behartsuak. (Isilik doa ikurrin tipirantz, hartu eta hautsi egiten du. Gero agudoki makurtzen da, batu zatiak eta boltsikoan sartzen ditu.)

LANGILEA: Hobe litzateke urkatu bazina, Teresa.

 

(Atea jotzen dute. PEREZ ANDREA sartzen da, atso beltzez jantzi bat.)

 

JOSE: (LANGILEAri) Perez andre zaharttoa.

LANGILEA: (Ahapeka) Zer jende modu da?

JOSE: Ona. Irratikoak dira. Orain zortzi alaba bat galdu zuten frentean.

PEREZ ANDREA: Aita joan arteino zain egon naiz. Neure jendea diskulpatzera etorri nahi nuen. Ez deritzala justo bere pentsamoldearen kariaz problemarik edo buruhausterik ematea esan nahi nizuen.

 

(AMA isilik. Baina jeiki egiten da eta bere sarearekin fusilak dauden kutxaren gainean eseritzen da, horrela bere tokia PEREZ ANDREAri uzten diolarik.)

 

PEREZ ANDREA: Zu guztiz kezkatsu zaude zure semeak gatik, Carrar andrea. Jendeak ez du sekula pentsatzen zer gaitz den semeak heztea garai hauetan. Nik zazpi ekarri nituen mundura (LANGILEArengana bihurtzen da.) Ines hilez geroztik orain ez dira horrenbeste. Birek ez zituzten bost urtetatik iragan, 98 eta 99ko gosete urteak ziren. Andres badakit nondik dabilen, azken aldi honetan Riotik eskribatu zidan. Hego Amerikan. Mariana Madrilen bizi da; asko arrenkuratzen da. Ez da inoiz sendoa izan. Zaharrei iruditzen zaigu gure ondoan etorri den oro ahul samarra dela.

AMA: Baina Fernando hor duzu oraino.

PEREZ ANDREA: Bai.

AMA: Barkatu, ez nizun minik egin nahi.

PEREZ ANDREA: (Lasai) Ez duzu zertan diskulpatu beharrik. Badakit ez zenidala iraindu nahi.

JOSE: (Ahapeka LANGILEAri) Hori Francorekin dago.

PEREZ ANDREA: Gu jadanik ez gara Fernandoz mintzatzen. Zuk ezin ukanen gaituzu konpreni, Inesen heriotzeak eman zigun atsekabean pentsatzen ez baduzu.

AMA: Guztiok asko maite genuen Ines. (LANGILEAri.) Juani irakurtzen irakatsi zion.

JOSE: Neuri ere bai.

PEREZ ANDREA: Zenbaitek uste du zu beste aldekoekin zaudela. Baina nik beti esaten diet ezetz. Guk ongi ezagutzen dugu zein den xiroaren eta aberatsaren arteko aldea.

AMA: Ez dut nahi neure semeak soldadu izan daitezen. Ez dira hiltegiko haragia.

PEREZ ANDREA: Zuk badakizu, Carrar andrea, eta nik beti esan ohi dut. Pobrearentzako ez dago bizitzeko segururik. Esan nahi dut, zera, beti zihortuak direla, hala edo hola. Jende pobrea, Carrar andrea, zuhurtasunak salbatu ohi du. Ines gure abeti izan zen ene seme-alabetarik ahaltsuena. Ene senarrari ibiltzen irakasten kosta zitzaiona, baleki!

AMA: Ezin dut pentsa bizirik ez dagoenik!

PEREZ ANDREA: Baina, nola?

AMA: Zure alaba, maistra izanik, zertarako hartu behar zuen fusila eta jeneralak gatazkatzen hasi?

LANGILEA: Aita Sainduak finantziatuak zeuden jeneralak!

PEREZ ANDREA: Berak esaten zuen maistra izaten iraun nahi zuela.

AMA: Eta ez ahal zezakeen iraun Malagan, bere eskolan, zer jeneral eta zer arraio!

PEREZ ANDREA: Maiz mintzo izan ginen horretaz harekin. Haren aita zazpi urte egon zen zigarrorik bat ere erre gabe haren anaiak denbora luze horretan ez zuten esne tantarik ere ikusi, bera maistra izatera hel zedin. Eta Inesek orain esaten zigun bera ez zegoela prest erakustera bi eta bi bost zirela eta Franco jenerala Jainkoaren igorri zela.

AMA: Baldin Juanek esaten badit jeneralak alberamenduan daudelarik ezin duela arrantzan egin erotu egin dela esanen nioke. Kapitalistek explotatzeari utziko al diote jeneral gehiagorik ez dagoenean?

LANGILEA: Zailago izanen litzaieteke fusilak bagenitu.

AMA: Orduan, berriz ere fusilak? Hiltzen iraun behar al izanen da?

LANGILEA: Nork dio horrelakorik? Tiburoiek atakatzen baldin badute, zu al zara biolentzia erabiltzen duena? Gu izan al ginen Madrilerat joan ginenak, ala Mola jenerala izan da guregana etorri dena mendiz mendi? Bi urtez izpi bat ukanen genuen, ia ximista bat baizik ez, baina orain berriz ere ilunbetan eta gauan amildu nahi gaituzte, eta hori baizen ez balitz. Maistrek ezin ukanen dute irakatsi bia eta bia lau direla eta, hori guti balitz, inoiz egin baluteke, garbituak izanen lirake. Ez al duzu entzun gaur lurretik garbituko gaituztela?

AMA: Harmekin ibili direnak bakarrik. Ez zaitezte orain denek neure kontra jar. Ezin dezake denon aurka burruka. Neure semeek poliziakoa banintz bezala begiratzen naute. Baldin hirina bukatzen bada, denen begietan irakurtzen dut nerau naizela hogendun. Eta abioiak heltzen badira, begirada aldaratzen didate neronek bidali banituen bezala. Eta zergatik isiltzen da, mintzat behar zuenean? Jeneralak gaiztoak direla esaten dudanean, ero bat banintz bezala begiratzen didate, baina ez eztabaida ezin den terremoto bat. Zergatik zatoz gurera jezartzera eta gauza horiez mintzatzera, Perez andrea? Uste al duzu ez dakidala neure buruz horiek gauza guztiak? Zure alaba hil da eta orain eneei tokatzen zaie! Horixe da nahi duzuna, ez da? Etxea inbaditzen didazu zerga-biltzaile batek bezala, baina nik pagatu dut!

PEREZ ANDREA: (Jeikiz) Carrar andrea, nik ez nuen zu haserre erazteko asmorik. Ez dut uste, neure senarrak bezala, zerbait egitera behartu behar genizuela. Zure senarrari buruz iritzi xit ona genuen eta barkamendu eske etorri naiz gurekoek molestatzen bazaituzte. (Irten egiten da, buruaz LANGILEAri eta GAZTEAri agur egin ondoan. Isilunea.)

AMA: Tzarrena bere buru gogortasunarekin pentsatzen ez ditugun gauzak esatera behartzen gaituela da. Nik ez dut deus ere Inesen kontra.

LANGILEA: (Haserre) Nola ez zaudela Inesen kontra! Jakina, baietz! Laguntzen ez baduzu haren kontra zaude! Gero esaten duzu ez zaudela jeneralekin; eta hori ere ez da egia. Gurekin ez bazaude, haien alde zaude. Ezin zara neutral izan, Teresa.

JOSE: (AMArengana hurbilduz) Ama, alferrik da (LANGILEAri, orain kutxaren gainean eseririk dagoenari.) fusilak har ditzakegu. Entrega itzazu, ama.

AMA: Hobe izanen da sudurra garbi zazun, Jose.

JOSE: Ama, osaba Pedrorekin joan nahi dut. Ni ez naiz geratuko zain, zerriak bezala hil gintzaten. Ezin diezadakezu burrukatzen debeka, erretzen egin zidazun bezala. Felipe, harriak botatzen ni baino askoz ere traketsago izanik ere, frentean dago, eta Andres, ni baino urte bete gutiago zuena, eroria dagoeneko. Ez dut utziko herri guztia nitaz trufa dadin.

AMA: Bai, badakit. Pablok kamiodun bati bere sator hila eskaini ziola frentera eramaten bazuen. Higuingarria da!

LANGILEA: Ez da higuingarria.

JOSE: Esaiozu Ernesto Turillori ene txalupa tipia har dezakeela. Goazen, osaba Pedro! (Joan nahi du.)

AMA: Zu hementxe geldituko zara!

JOSE: Ez, banoa. Esan dezakezu Juan behar duzula, baina ez duzu ene beharrik.

AMA: Juan zurekin egon dadin nahi baldin badut, ez da enetzat arrainak atrapa ditzan. Eta zuri ez dizut joaten uzten (Haregana doa eta besarkatu egiten du.) Erre dezakezu, nahi baduzu, joan zaitez arrantzara zeu bakarrik, ez dizut ezer esanen, aitaren txaluparekin joan nahi baduzu.

JOSE: Uztazu!

AMA: Ez, zu hementxe geldituko zara!

JOSE: (Harengandik agudoki askatzen delarik) Ez, banoa, laster. Har itzazu fusilak, osaba!

AMA: Oh! (SEMEA uzten du eta joan egiten da, errenkatuz, oina arreta handi batez apoiatuz.)

JOSE: Zer duzu?

AMA: Zer ardura zaizu, zoaz! Zure ama garaitu duzu!

JOSE: (Desfidantzaz) Burrukan ere ez dugu egin, ordea, ez zitzaizun ezer gertatu!

AMA: (Ankan masajeak ematen ari delarik) Ez, zoaz.

LANGILEA: Nahi duzu bere tokian jar diezaizudan?

AMA: Ez zoaz hemendik. Joan zaitez ene etxetik. Ene semeak bultzatzen dituzu ene kontra!

JOSE: (Haserre) Bai, orain zure kontra joan naizela esan!

 

(Haserre biziz, hondarrerantz doa.)

 

AMA: Gaizkin bat bihurtuko zara. Zergatik ez didazue kentzen labako azken ogi zatia ere? Zergatik ez nauzue kadira bati lotzen?

LANGILEA: Ez itzazu gauzak nahaspila, arren.

AMA: Juan ere eroturik dago, baina ez zukeen indarra erabiliko bere amaren kontra. Juanek garesti paga eraziko dizu, etortzen denean! (Batbatean jeikiten da eta leihorantz doa, errena bezala ibiltzen ahanzten zaiolarik; GAZTEAk oina seinalatzen dio haserre.)

JOSE: Behitu, anka berehala osatu zaio.

AMA: Bai, horixe, trufa zaitez zeu ere! (Leihotik begiratzen du. Gero, batbaten.) Ez dut aditzen; orain ez dakusat Juanen kriselua.

JOSE: (Haserre) Eta zer, desagertu egin dela nahi al duzu?

AMA: Egiaz desagertu egin da! (MUTILA leihorantz doa, begiratzen du eta LANGILEAri boz arrotz batez esaten.)

JOSE: Bai, desagertu egin da. Azkenik ikusi nuenean kabuaren alboan zegoen, hondartzara noa. (Lasterka irtetzen da.)

LANGILEA: Etxeratzen egonen da, segur aski.

AMA: Orduan kriseilua ikusiko zen.

LANGILEA: Zer gertatuko zen, orduan?

AMA: Badakit zer jazotzen den. Neskatxa joanen zen Juanengana.

LANGILEA: Baina, nor, neska hura? Ez.

AMA: Baina, jakina, bila joan dira (Geroago urduriago.) Plan bat izanen da, akort zeuden guztiak! Gau osoan ibili dira hona jendea bidaltzen, bata bestearen ondoan, ni entretenitzeko. Denak asesino batzuk dira!

LANGILEA: (Erdi adar-jotzen erdi-haserre) Apaiza bederen ez zuten bidaliko.

AMA: Ez dira sosegatuko, denak gerrara igortzen dituzteneino.

LANGILEA: Ez duzu pentsatuko frentera joan denik?

AMA: Asesinatu egin dute, baina bera ez da besteak baino hobea! Gauaz anka egin! Ez dut gehiago ikusi nahi!

LANGILEA: Ez dizut aditzen, Teresa! Baina ez al duzu ikusten ezin diezaiozula kalte handiagorik egin burrukatzera joatea debekatu baino? Ez dizu eskertuko.

AMA: (Ausente bezala.) Frentera joatea eragotzi banion ez zen izan ni gatik.

LANGILEA: Gure alde ez burrukatzeak ez du esan nahi ez burrukatzea, Teresa. Jeneralen alde burrukatzea esan nahi du.

AMA: Hori egin baldin badu, miliziara joan baldin bada, orduan madarikatu egiten dut. Abioien bonbak zuri dezaten, tankeek zanpa dezaten. Horrela konturatuko da Jainkoaz ezin daitekeela trufarik egin. Eta pobre batek ezin dezakeela deus egin jeneralen kontra. Ez nuen erdiratu bere kideak suntsi ditzan ametrailadora baten atzetik. Baldin munduan injustiziarik eta bidegaberik badago nik ez nion erakutsi horren partaide izaten. Itzultzen baldin bada, ez diot aterik irikiko, jeneralak garaitu dituela badio ere. Ate atzetik esanen diot ez dudala nahi errezibi neure etxean odolez zikinduta dagoenik. Neure bularretik moztuko dut, oin gaizkoatu bat kentzen den legez. Horixe, bai eginen dudala! Eraman didate bat, hark ere zorte ona ukanen zuela espero zuen. Baina guk ere ez dugu zorterik. Behar bada konprenituko dugu hori ere jeneralak gu guztiok garbitzen gaituzten orduko. Burdinaz hiltzen duena, burdinaz hilko da. (Atearen aitzinean bozak entzuten dira. Gero zabaldu egiten da eta HIRU EMAKUME sartzen dira, esku gurutzatuekin paparrean eta Agur Maria otoitz eginez. Paret kontra gelditzen dira eta BI ARRANTZALE sartzen dira JUANen gorpua eramaten bela odolez bete batetan. Hauen ondoan, gorpu bat bezain zurbil, JOSE. ARRANTZALEEK hila lurrean uzten dute; haietarik batek JUANen kriseilua darama. AMAk eseririk irauten du eta EMAKUMEAK goraki ari dira errezatzen, ARRANTZALEEK ahapeka explikatzen diote LANGILEAri gertatu dena.)

LEHEN ARRANTZALEA: Ametrailadorez armatutako arrantzako balandro bat izan zen. Juanen albotik iragaitean disparatu egin zioten.

AMA: Ezin da! Huts bat izan behar da! Arrantzara baizen ez baitzen joan. (ARRANTZALEAK isilik. AMA lurrera erortzen da. LANGILEAK jeiki egiten du.)

LANGILEA: Ez zuen ezer ere sentituko. (AMA hilaren aldamenean belaunikatzen da.)

AMA: Juan (Luzaro EMAKUMEEN susmurrua eta hurrutitik kainoien hotsa baizik ez dira entzuten.)

AMA: Jar zazue kutxaren gainean, arren.

 

(LANGILEA eta ARRANTZALEEK jeikitzen dute eta kutxaren gainean jartzen. Bela zolaren gainean gelditzen da. EMAKUMEEN otoitzak geroago gorakiago. AMAk JOSEren eskua hartzen du eta hilarengana hurbiltzen du.)

 

LANGILEA: (ARRANTZALEEI) Bakarrik al zegoen? Ez al zen beste txalupa gehiagorik irten?

LEHEN ARRANTZALEA: Ez, baina hori gizon hori zegoen hondartzan. (BESTE ARRANTZALEA seinalatuz.)

BIGARREN ARRANTZALEA: Ez zioten deus ere galdegin. Reflektoreez argitu zuten eta gero bere kriseilua erori zen txalupara.

LANGILEA: Baina arrantzan ari zela ikusiko zuten.

BIGARREN ARRANTZALEA: Dudarik gabe. Ezinbestean ikusi behar zuten.

LANGILEA: Eta berak ez al zuen ezer garrasiarik egin?

BIGARREN ARRANTZALEA: Ez, bestela, neronek entzunen nuen. (AMA JUANen xapelarekin aitzinatzen da.)

AMA: Hogen guztia xapelarena da.

LEHEN ARRANTZALEA: Zergatik?

AMA: Zaharturik dagoelako. Aberatsek ez dute horrelako gauzarik erabiltzen.

LEHEN ARRANTZALEA: Baina ezin dezakete dispara xapel zahartu bat bururan daramatenen kontra.

AMA: Jakina, baietz. Ez dira gizonak. Lepra bat baizen eta lepra bezala, erreak izan behar dute. (Otoitzen ari diren EMAKUMEEI.) Joan zaitezte, arren. Oraino anitz egiteko dut eta, gainera neure anaia dut enekin. (JENDEA irten dagi.)

LEHEN ARRANTZALEA: Txalupa lotu egin dugu. (Bakarrik gelditzen direnean AMAk bela jeikitzen du eta so egiten.)

AMA: Lehenagoko ikurrina hautsi du, baina beste bat ekarri didate. (Hondoraino eramaten du tatarrez eta hila estaltzen du. Une horretan kainoien hotsa hurbilago egiten da.)

JOSE: Zer da?

LANGILEA: (Asaldatua) Frentean bidea iriki dute! Berehala joan behar dut.

AMA: (Labarantz doala, goraki) Atera itzazue fusilak, presta zaitez, Jose. Ogia ere prest dago.

 

(LANGILEAk fusilak hartzen dituen bitartean, AMA ogiari so ari da, labatik ateratzen du eta zapi batetan biltzen, gero biengana hurbiltzen da. Fusil bat hartzen du.)

 

JOSE: Zeuk ere etorri nahi al duzu?

AMA: Bai, Juan arren.

 

(Aterantz doaz.)