Ekidazu
Askoren artean
Ekidazu
Askoren artean
Artezblai, 2003

 

—Sei—

Maitaleak

 

arantzak biolina ateratzen du eta jotzen hasten da.

 

arantza: Musika jotzea debekaturik? Nirekin jai daukate. (Biolina jotzen hasten da)

 

arantza biolina jotzen dagoen bitartean leontzio agertuko da. leontzio entzuten geratuko da, liluraturik. Kanta bukatzear dagoela tximu agertuko da. tximu arantzari hurbilduko zaio eta agiri bat erakutsiko dio (enroilaturik darama, Erdi Arokoen antzekoa).

 

tximu: (Ahots metalikoa) Piztiaga jaun txit gorenaren aginduz, debekaturik dago edozelako musika-tresnak edukitzea.

arantza: Ja! Niri ez etorri horrelako kontuekin, ni ez nago zuen mende.

 

tximuk biolina lurrera bota eta besotik helduko du eramateko keinua eginez. leontzio zegoen ametsetik esnatuko da.

 

leontzio: (Serio) Goril utzi, utzi hori nire esku, nik konponduko dut hau dena. Zu joan zaitez piztistatic-ean entrenatzera.

 

tximuk, harrituta, alde egingo du. leontzio arantzarekin geratuko da bakarrik. Biolina lurretik hartu eta jotzen saiatuko da, baina oso erreza ez dela ohartzean segituan luzatuko dio.

 

leontzio: (Goxo) Tori, segi jotzen mezedez.

arantza: Um. (Eta biolina joz kantari)

 

            Joan dira garairik onenak,

            isildu erreka bazterrak.

            Joan dira gaurik epelenak,

            haserre daude adiskideak.

 

            Ez da aurten kukurik aditu,

            luze dirau udazkenak.

            Ez da aurten gutunik iritsi,

            ahaztu dira oroitzapenak.

 

            Joan dira, joan dira...

 

            Joan dira garairik onenak,

            haserre daude adiskideak.

 

leontzio: (Txaloka) Ederra benetan.

arantza: (Bere golkorako. Biolina bularraren kontra estutzen du eta atzealdera begiratu) Ba holakoa zen gure Ekidazu zuek etorri aurretik. Sarritan pentsatzen dut zer aurkituko duen Faustok itzultzen denean...

leontzio: (Ezjakinez eta jeloskor) Faustok?

arantza: Egia da. Ez duzu ezagutzen nire anaia. Munduan barrena dabil bidaiatzen. Geratzen zaidan lagun bakarra...

leontzio: Bakarra ez. Hemen ondokoa kontuan hartu behintzat.

 

arantzak leontzioren sorbaldan jartzen du burua eta begiak itxi. leontzio egoerarekin beldurtu egiten da.

 

leontzio: Arantza?

arantza: Zer?

leontzio: Zera aitortu behar dizut: Arantza nik..., Arantza nik..., Arantza nik mai... nik alde egin behar dut berandu egiten ari zait. Kaka zaharra!!!

arantza: Eee, hurrengo arte, Leontzio.

leontzio: Leontzio?

arantza: Niretzat bai. (Begiarekin keinu eginez) Leon Piztiaga Junior baino politagoa bada behinik behin.

leontzio: Baliteke Arrantza. Leontzio, Arrantza...

 

leontziok irribarre egiten dio burlati eta musu bat botatzen dio aldendu baino lehen.