SARRERA GISA
“Liburu honetako gertakariek errealitatearekin antzik baldin badute, kasualitate hutsa baizik ez da izango”. Horixe adieraziz hasten ziren xx. mendearen bigarren erdiko liburu asko, eleberriak gehienbat. Guk, Editorea aurkezten dugunean, guztiz kontrakoa adierazi beharra daukagu, antzezlan honetako gertakariak erabat eta zeharo daudelako errealitateari lotuta.
Editorea ez da ikusleen entretenimendurako soilik sortu; amets baten amaiera heldu dela adierazteko ere sortu da, poliki-poliki eta ia oharkabean etorri den amaiera, euskalgintzari eta, zuzenago, euskal literaturgintzari estu-estu lotutako amets kolektibo (edo ia kolektibo) baten amaiera, hain zuzen.
Euskal Herrian antzerkia adierazpide herrikoia eta ongi errotua izan da azken mendeetan, egiazko eta irudimenezko historiaz eta istorioz betea, antzezlan barregarriz eta negar-eragilez betea, elkarrizketa animatuz eta bakarrizketa biziz betea. Giza sentipen guztiak osagarri dituela, beti izan du errealitatearen eta gizakion miserien eta bizipozen berri modu itxaropentsuan emateko ahalmena. Horregatik da, bete-betean, adierazpiderik egokiena Editorea bezalako lan mingots eta askatzaile bat kaleratzeko, aurkezten duen problematika herriaren begien aurrean jartzeko. Gertatuak gertatu, itxaropenik ez dugulako galtzen, azken finean. Ezta idazlan honen egileek ere.
Egileak bat baino gehiago dira, izan ere, eta gure artean daude, egunero ikusten ditugu. Bertan azaltzen diren editoreak ere bat baino gehiago dira. Eta gure artean egoteaz gain, badaiteke, gainera, egin dutenaz ohartu gabe egotea, egin duten horrek hau bezalako antzezlan guztiz erreal bat sorrarazteko indarra izan badu ere. Txoko ilunetan kokatuta dauden euskalgintzaren eremu txikiak —txikiak bezain eragileak— ezagutuko ditugu X editorearen aitzakian, bere lanak euskal idazle batzuengan izan duen eraginaren bidez.
Eta, editorearen lana aipatuta, aitor dezagun lehenik eta behin, burutze zaileko lana iruditzen zaigula, hau da, berez lan zaila dela ulertzen dugula. Lan zaila izateak, batetik, eta gizakion baitan dauden osagarriek, bestetik, ekarri dute (agian) euskal literaturgintzan odoletan dagoen zauri sakon baten sorrera. Zeintzuk dira, ordea, gizakion baitan dauden osagarri horiek, editoreen lanaren zailtasunarekin batera zauri ikaragarri hau sortu dutenak? Ezjakintasuna? Harrokeria? Harrotasun gaizki bideratua? Bazterkeria? Heldutasun eza? Inbidia? Gorrotoa? Ohore eta ospe egarria? Baina euskalgintza, bere txikian, gauza ote da, bada, ohorea eta ospea emateko?
Gauza bakar bat dakigu zintzoki: ez gaituela gu gorrotoak bideratu euskalgintza barruko militantzia-aroaren amaiera dirudien gertakarien multzo hau, herriaren begien aurrera eta oholtza gainera ekartzera. Bidegabekeria pasibo edo aktibo (ez dakigu, benetan) iraunkor baten iraupenak berak bultzatu gaitu Editorea kaleratu nahi izatera, egia baita leku eroso eta boteretsu samarra eskuratu duten euskal editore batzuek idazle interesgarrien lanak eta jardunbideak zapuztu edo atzendu edo desagerrarazi dituztela; halako indarrez, gainera, ezen zenbaitetan euskal literaturaren garapen bideetan eragin gaitzesgarria izan baitute. Hainbatetan modu pasiboan edo aktiboan egin da hau, eta baieztapen hau bera gure egia dela diogu.
Badakigu, baina, egiak oso gutxitan izaten duela alde bakar bat. Eta, egia bera osatu nahian, hemen pertsonifikatu ditugun editoreengana jo dugu eta antzezlan honetan aurkezten den arazo larria azaldu diegu —bai zuzenean eta bai zeharka— zintzotasunez eta egiazaletasunez, beraien egiaz gurea osatu zezaten. Eta adin ezberdinetako euskal idazleengana ere jo dugu, esperientzia eta aholku eske, eta kazetari euskaldunengana ere jo dugu iritzi eske: ona da Editoreak islatzen duen egia gordina herritarren begibistan jartzea? Erantzuna, nagusiki, baiezkoa izan da. Erreakzioak, antzezlanean ikusten den bezala, denetarikoak izan dira: gizakiak gara denok, geure ekimen goresgarriekin... eta geure akats eta miseriekin.
Lasai gaude, antzezlanean bertan uler daitekeen legez, benetan ez delako gorrotoa izan egia hau argitara ateratzera eraman gaituena: urte luzeetan egon gara isilik, hamar urte baino gehiagoan askoren kasuan, editore batzuen jarrera-aldaketen zain. Itxaropena ekarri duten aldaketak gertatu dira (editoreen egungo idazle gazteenganako jarreran islatzen direla ikusi uste dugunak), egia da, baina gaitz zahar batzuk beren hartan mantendu ere egin dira. Eta bizitza aurrera doa gure literaturgintzaren basoak zuhaitzak galtzen dituen bitartean, maitasun faltaz eta —tristeagoa dena— errespetu faltaz. Zergatik izan behar ditu soilguneak gure literatura den baso honek, euskal idazle guztien indarra, hau da, zuhaitz guztiak behar-beharrezkoak direnean? Gu geu ere, lan hau burutzeko moduan gaudenean, gure jarreraren antzeko erantzun serio baten zain gaude oraindik.
Egileak