Ramon eta Ramona
Maite Agirre / Mielanjel Harana
Ramon eta Ramona
Maite Agirre / Mielanjel Harana
Artezblai, 2011
Ramon eta Ramona
Maite Agirre / Mielanjel Harana
Artezblai, 2011
[aurkibidea]

 

Ramon eta Ramona

 

Dekorazio moderno baina soila. Sukalde amerikanoa dugu, bi mahai eta bi aulkirekin. Bazter batean sofa gorri bat, oso erabilia. Honen gainean Mark Rothko-ren edo Münch-en koadroa. Ondoan bi ate daude. Besterik ez. Elementu hauek guztiak agertu eta desagertu egiten dira. Lurrak islatzen ditu elementu guztiak, ispilu ilun batek egingo lukeen bezala. Sukalde-gela hau ez da errealista. Izan daiteke instalazioa, pop art elementu batzuekin. Nahastu daitezke beste elementu birtual batzuk, proiektatuta, giroa osatzeko.

 

Argiak oso inportanteak dira. Hauek pertsonaiak ager eta desagerrarazi egiten dituzte. Eszenen arteko aldaketek oso arinak izan behar dute.

 

ramona afari bat prestatzen ari da, sorpresaz betetako afaria izan litekeela espero duena. Emozionatuta agertzen zaigu. ramon berandutzen ari da eta ramona pixkanaka-pixkanaka urduritzen haren luzamenduarekin. Iritsi da halako batean eta ramonak harrera hotz eta tristatua egiten dio.

 

Isilunea.

 

ramon: (Belaunikatuta, oso jarrera teatrala hartuta) Ezkondu nirekin!

ramona: (Isilune baten ondoren begiratzen dio) Zergatik?

ramon: Zergatik ez?

ramona: Ba, esango nuke 18 urte daramazkigulako elkarrekin eta gaur, gure urteurreneko egunean, berandu zatozelako. Zuk zer nahi duzu?

ramon: Zu nirekin ezkontzea!

ramona: (Irribarrez publikoari begira) Atzo gaztea nintzen, gaur ez.

ramon: Atzo eta gaur Ramona zara zu, eta nirekin ezkon zaitezen nahi dut.

ramona: Atzo gaztea nintzen, eta gaur ez... Institutuan nirekin ibili ziren neskak gogoan dauzkat, esperantza bazuten batzuek oso urrutira iristeko...

ramon: Eta zer espero zenuen zuk zeuretzako?

ramona: Bizitza intentsoa izan, eta neure burua inoiz ez traizionatzea. (Saiatzen da umorea errekuperatzen) Zerbait edatekorik?

 

Lehendabiziko brindisa.

 

ramon: Guregatik!

ramona: (Kopak gurutzatuz) Elkarrekin egin ez genituen gauza guztiengatik!

ramon: (Ezpainetan maitekiro muxu ematen dio) Elkarrekin egin ditugun gauza guztiengatik!

ramona: Elkar maitatu; gorrotatu; posible zena baino gehiago jasoko genuela bueltan...

ramon: (Barrez beste trago bat edaten du) Guregatik! Zer ari zara prestatzen?

ramona: Afari erromantikoa prestatzen ari nintzen: Txipiroiak bere saltsan!

ramon: Osasuna!

ramona: Ados txipiroiekin?

ramon: Baina saia gaitezen txipiroien tintarekin ez zikintzen!

ramona: Mutilok beti berdin, zikintzeko beldurrak.

ramon: (Irribarrez) “Mutilok”...? ni, alegia. Ni zirikatu nahi banauzu ez zaitez ibili mutilak esanez!

ramona: Kontuz erre gabe! Dastatu saltsa eta esan gatza badaukan nahikoa! Zer?

ramon: (Saltsa dastatuz) Pittin bat faltako du igoal... dastatu zuk!

 

Biak ariko dira saltsa dastatzen, azkenean biak barrez. Musikaren bolumena igo da.

 

ramona: (Dantzatuz) Pieza honek piztu egiten nau!

ramon: (Dantzan ari den ramonari begira) Ez zara gizenduko hainbeste saltsarekin?

ramona: (ramoni begira) Horretan dudarik ez egin! Eta gustatuko al zaizu hori?

ramon: Hainbeste urtean emakumeen askatasunaren alde borrokan eta, zer?, gero desesperatuta ibiltzeko anuntzioetako panderoa ez izateagatik.

ramona: Mutilek duzue pagotxa itxurarekin!, batez ere zu bezalakoek, goapoak diren ala ez diren kezkatzen ez diren horiek. Horrexek ematen dizue —hara!— kristoren erakargarritasuna!

ramon: “Mutilok” ... Utziozu mutilez hitz egiteari nitaz ari bazara!

ramona: Emakumeok beti egon behar dugu ...panpoxak, beti prest soldadu onak bezala.

ramon: Bai mutil batzuekin, segur aski. Jakina, asmatu egin behar duzu mutilak ondo aukeratzen. (Misterioa probokatu nahian) ...Eta jakin, zer aurkitu nahi duzun koparen barruan afari erromantiko batean!

ramona: Konformatzen naiz gaurkoz, gauean neure burua ondo sentitzen badut eta bihar goizera osorik iristen banaiz

ramon: Edariz zer moduz gabiltza? Zertaz topa egin asko dugu.

ramona: (Dantzatzeari utzita eta ramoni begira) Aizu, Ramon, horrelako gauza bat zergatik ez dugu egunero egiten?

ramon: Beno, ezkontza bat ez da egunero ospatzen. Ez duzu uste?

ramona: Batak besteaz ez dakizkigunak hainbeste dira, Ramon!

ramon: Topa: oraindik gastatu eta erre ez dugunagatik!

ramona: Ispiluaren aurrean emakume berri bat aurkitu dut, pixka bat zaharragoa, baina emakume zoragarria!

ramon: Nik gaur deskubritu dudana, gizon zaharragoa eta maiteminduagoa. Nirekin ezkondu nahi al duzu?

 

Argiekin bi gazte agertzen dira musika jotzen, neska eta mutila. Hain zuzen orain arte entzun dugun musika gazteek jotzen dutela konturatzen gara. ramona haiei begira dago. Argiekin gazteak desagertu egiten dira.

 

ramona: (ramoni begira) Ez al duzu gogorik askeagoa izateko?

ramon: Askeagoa? Nola?

ramona: Zer egingo zenuke libre izango bazina?

ramon: Maite zaitut, Ramona.

ramona: (Emozionatuta) Gau honek izugarria izan behar du. Gure gaurik erromantikoena.

ramon: Oraindik ez didazu erantzun: Ezkonduko al zara nirekin?

 

Isilunea.

 

ramona: (Oraindik emozionatuta) 18 urte daramatzagu elkarrekin bizitzen, bi ezezagun bezala, uste dut lehendabizi eztei bidaia egin beharko genukeela eta berriro elkar topatu.

ramon: Has gaitezen maitasun gauarekin; adiskideak izan gaitezen, beherapenik gabeko barkamena eman diezaiogun elkarri... konfiantzan.

ramona: Gauza izango al gara?

ramon: Gauza izango al zara?

ramona: Edan, eta ezagutu ditzagun geure buruak, gau luze honetan!

ramon: Ezagutu dezagun gugandiko onena...

ramona: Topa geugatik, eta gure askatasun loturagabeagatik!

ramon: (Bromatan) Orduan bukatu da neure burua erreprimitzea: erreprimitzea alkohola... lanerako ahalmena.

ramona: (Bromari jarraituz) Bai, eta goxokiak, txokolatea, maitasuna, desioa... (Intentzioarekin) amatasuna, neurea.

ramon: (ramona besarkatuta) Ramona! Ezkonduko al zara nirekin?

 

Isilunea.

 

ramona: Utzidazu arnasa hartzen pixka batean. Postre berezia eskatu dut; agindutako orduan ekarriko ahal dute behintzat. Lagunduko du erantzunak aurkitzen. Aperitibotako, azeitunak?

ramon: (ramona aske utzita) Aperitibotako, azeitunak... Posible bada beteak, eta foie pixka bat.

ramona: Benetan, nirekin ezkondu nahi al duzu?

ramon: Horixe ari natzaizu eskatzen

ramona: Nahi duzu, benetan?

ramon: Beti nahi izan dut hori.

ramona: Postrerako trufak xanpainarekin!

ramon: (Bien begiradak elkartuz) Postrerako trufak xanpainarekin eta maitasuna, maitasun asko, animoa baketu diezagun, eta gai izan gaitezen elkar ezagutzeko.

ramona: Bata besteaz oroitzeko...

ramon: Elkar barkatzeko.

ramona: Baita ere.

ramon: Eta inspirazioa ekar diezagula.

ramona: ...Azken uneko argitasuna, txalupa urperatzera ote doan ikusteko.

ramon: (Giro alaia jarri nahian) Benga emakumea, edan dezagun xanpaina eta maitasunez ito gaitezen!

ramona: (Irribarrez) Minez nengoke ez bazintut maite!

ramon: (Euforiko) Maite nazazu orduan, minik ez izateko.

ramona: Orduan, min egingo dit zu maitatu eta gero zu galtzeak. Zure ahoa galtzeak min egin didan bezala; min, galtzeak neure ileen arteko zure atzamar distraituak; zure besoak... zure ezpainak... esatearekin bakarrik mina sentitzen dut.

ramon: (Urduri) Niri, berriz, mina egingo lidake, gaur, amoroski prestatu duzun gau hau, gozatu ordez, suntsitu egingo bazenu.

ramona: Nik hori, zergatik?

ramon: Entzun Ramona, gau hau desberdina egin behar dugu, bakarra. Erregalu eder bat gordeta daukat zuretzako.

ramona: Gainera! Ezkontzeaz gain zer gehiago proposatuko didazu? Bidaian eramango al nauzu?

ramon: Bizitza hobea eskaini nahi dizut.

ramona: (Probokatu nahian) Aho-zabalik naukazu. Hain emankorra, erromantikoa... Maitale berri bat al duzu?

 

ramon harri eta zur gelditu da. Baina egoerari buelta ematen saiatzen da.

 

ramon: Ramona, beti esan duzu: Zure erromantzeez ezta hitz egin ere!

ramona: (Estutasunez) Orain ba al duzu erromantzerik? Esan!

ramon: Ez!

ramona: Bai!

ramon: Ez!

ramona: Kontaidazu, ba!

ramon: Ez!

ramona: Zer ez?

ramon: Ez dizut ezer esango!

ramona: Ondo da. Asko engainatu al nauzu?

ramon: Asko maitatu zaitut! Zuk maitatu nauzu?

ramona: Neure burua akatu arte.

ramon: Ez maitatu horrela.

ramona: Horrela, nola?

ramon: Maitatu minik gabe.

ramona: Minik gabe, beldurrik gabe, desiorik gabe, zelorik gabe, pasiorik gabe... Ez. Hala balitz, bukatuko litzaidake gelditzen zaidana. Zuri bezalaxe.

ramon: Ez, niri ez.

ramona: Maitalerik ba al duzu?

ramon: Nahikoa da, Ramona. Nik ez daukat misteriorik. Nitaz jakin nahi izan duzuna beti jakin izan duzu.

ramona: Eta zuk ez duzu nitaz ezer jakin nahi?

ramon: Ez.

ramona: Ezer ere ez?

ramon: (Maitekiro) Zutaz jakin behar dudana badakit.

ramona: Horren argia eta klarua al naiz ba zuretzat?

ramon: Argia eta klarua batere ez, baina 18 urte hauetan ikasten ari naiz zu deszifratzen!

ramona: Ba zuk niretzat deszifraezina izaten segitzen duzu. (Egoera larriari buelta ematen saiatuz) Kabiarrari emango al diogu?

ramon: Botila irekiko dut oraintxe bertan. (ramonek botila bat hartzen du. Oso pozik ikusten dugu)

ramona: Zerengatik egingo dugu topa orain?

ramon: (Oso pozik) Lanean gora igo nautelako! (Euforiko) Horregatik etorri naiz berandu.

 

Isilunea.

 

ramon: Ez al zara harro sentitzen?

ramona: Aspalditik egiten dut barre senarraz edo seme-alabez harro sentitzen diren emakumeez. (Txu imintzio egiten du)

ramon: (Barrez) Txu egidazu nahi baduzu, baina gure igoerarik gabe ez gara ezer. Nola bestela lehiatuko naiz besteekin? Lehiatu eta ligatu.

ramona: Ligatu?

ramon: Nire emaztea enamoratu! Xanpain garestia erromantikoa da, oso. Eta boterea oso kitzikagarria. Alderdiko kide batzuek esaten dute kargu inportanteak dauzkatenetik larrua hobeto jotzen dutela, baita beren emazteekin ere.

 

Isilunea.

 

ramona: Ba begira, niri kitzikagarria egin zitzaidan oparitu zenidan eraztuna itsas hondora erortzen uztea.

 

Isilunea.

 

ramon: (Oso haserre) Hori ez dizut sekula santan barkatuko. Diruak balio zituen!

ramona: Maitea, zergatik ez zara saiatzen ni zerbait gehiago ezagutzen. Ezezagun batekin ezkondu nahi al duzu?

ramon: Zergatik ez zara zu ni ezagutzen saiatzen? Eraztun hura zen nik orduan neukan guztia.

ramona: Batak bestea geneukan. Hori zen geneukana. Orain zer daukagu? Ezkontzeko mandatua goratu egin zaituztelako al da? Zer eskaera erromantikoa! Eta ni sinistuta, zuk nahi zenuena zela guk biok berriro elkar topatzea, orduko hartan bezalaxe...

ramon: (Urduri) Zer topatu nahi duzu?

ramona: Esaidazu zuk.

ramon: Ez daukat ideiarik ere. Galduta dauzkat zure bideak eta arrastoak, hainbeste konbertsio eta sinesmen mistikorekin.

ramona: Sekulan ez duzu hartu niregana ekartzen duen inongo biderik.

ramon: Aurpegiratze unea?

ramona: Bai, aurpegiratze unea. Zergatik ez ba?

ramon: Ba, horixe, nobleziakoak ez zaretelako horrenbeste jaisten. Zertaz hitz egin behar dugu? Pasioaz?

ramona: Erdiz erdi!

ramon: 18 urteko elkarbizitzak dauzka aldarte on-on batzuk, segur aski nahi ditugunak baino gutxiago. Une txarrak, Jainkoari esker ez hainbeste eta gehienetan, berriz, hortxe, bagabiltzala eta ibili. Horixe da bizitza. Joan-etorri bat oinak lurrean direla eta ez hodeietan! Eta negar-muxinka ibiltze bat, kontatu zizkizuten ipuinetako printzesa ez zarelako!

ramona: Ikasia daukat, bai, ondo ipuinak zer diren: haurtzaroko eta nerabezaroko kontuak, eta besterik ez. Baina igoal atzera egiteko gauza izaten bagara...

ramon: Atzera egin?

ramona: Atzera gure gaztaroko sentsibilitatera itzuli, eta borroka egin zahartze honen kontra.

ramon: Atzera egin memelokerietara...! Ramona, gure urteekin ez gaude gauza horietarako!

ramona: Itzuli, maiteminetara eta gure gorputzen usainera... !

ramon: Esaldia zoragarria atera zaizu. Baina ni urrutiegi nago atzera egiteko eta... zu ere ez zara nireganantz etorri. Nire rola zen irabazle ateratzea eta kitto! Jokua noiz aldatu da?

ramona: Jokua gu banatuarazten hasi denean. Dena konponduko da ezkontzarekin?

ramon: Baita horrekin ere, nik hori beti nahi izan dudalako, nahiz eta zuk hori itsas hondora bota.

ramona: Ez nuen nahi bizitza korrika bizi, goraka, beti itxoiten... jakin gabe zeren itxaropenean.

ramon: Borrokatzen, konkistatzen, larrua jotzen, gidatzen, aitzindari izaten, asmatzen... bizitzen!

ramona: (Kopa altxatuz) Topa egin dezagun zure igoeragatik, Ramon! Asko pozten naiz zutaz, ez nitaz, zeren berdin dit horrek. Aizu, horretaz ari garela: Haurra izango dut!

ramon: (Kopa erortzen zaio) Zer!

 

Biak lurrean dagoen kopari begira daude.

 

ramon: Zer?

ramona: (Isilunea) Hara! Mututu zara. Zuk, Ramon, zure igoera daukazu, eta nik zerbait hobeagoa, errealagoa. Beste aukera bat eskatu nahi diot bizitzari.

ramon: Zur eta lur nago. Ez nuen espero hori... Beste arrazoi on bat ezkontzeko... Ez da hala?

ramona: Ezkondu baino lehen gure eztei bidaia egin behar dugu.

ramon: Jendea lehenik ezkondu egiten da, eta gero eztei bidaia.

ramona: Ba guk alderantziz egingo dugu, lehenik eztei bidaia, eta gero ikusiko dugu. Ez dago presarik ezkontzeko.

ramon: Ez dago presarik ezertarako ere. Gaua gurea da, eta elkarrekin bizitza luzea dugu. Topa ustekabez beteta dagoen gau honengatik!

ramona: Opariz betetako gau honengatik! Gure bizitzara etortzekoa den ume honengatik!

Topa egiten dute.

ramon: Maite zaitut!

ramona: Nik ere maite zaitut!

ramon: Hartu nire oparia! Nire bigarren eginahala da! (Eraztun bat ematen dio)

ramona: (Une luzea begira) Bai, opariz betetako gaua da! (Xanpain kopan eraztuna erortzen uzten du)

 

Etxeko txirrin urdurigarriak aditzen dira. ramon eszenatik irten da. ramona bakarrik gelditzen da xanpain koparen hondoan dagoen eraztunari begira. ramon itzultzen da. Paketetxo bat dakar.

 

ramona: Ireki! Nire oparia da!

 

ramonek irekitzen du eta abioi billeteak ateratzen ditu. Harrituta ramonari begira gelditu da.

 

ramona: Nire oparia da, eztei bidaia hain zuzen, zure ezkontza oparia osatzeko. Dena antolatuta daukat: India korrituko dugu eta berriro gure bihotzen taupadak bilatuko ditugu.

 

Isilunea.

 

ramon: Indiara! Orain!

ramona: Bidai bat egiteko asmoa aspalditik dugu. Zergatik diozu “orain”?

ramon: Indiara... zoragarria da, baina orain...

 

Isilunea. Elkarri begira daude une luzean.

 

ramon: Sentitzen dut, Ramona, baina orain ezin dugu.

ramona: (Asaldura du) Zerk eragozten dizu?

ramon: Igoerak. Orain ez, baina zin dagizut egingo dugula.

ramona: (Determinazioz) Nik bai egingo dudala, eta orain egingo dut.

ramon: (Urduri) Nik zurekin egingo dut, baina ez orain. Orain egingo duguna da ezkondu eta festa polit bat antolatu. Ikusiko duzu zer pozik izango zaren horrekin!

ramona: Begira, Ramon, ezin dut orain zurekin ezkondu.

ramon: Zergatik ez?

 

Isilunea.

 

ramona: Lehenik esan behar dizut agian ume hau ez dela zurea.

 

ramon mutututa begira dago.

 

ramona: Esan zerbait.

ramon: Zer?!

ramona: Ea bere aita izan nahi duzun... alegia.

 

Isilunea.

 

ramon: (Purrustadaka) Beraz, beste bat zegoen!

ramona: Ez dago ez beste bat ez beste ezer. Dagoena da nik desiratu dudan ume bat nire sabelean. Haur bat izango dut eta kitto!

ramon: Eta kitto ez!

ramona: Aurpegiratuko didazu maitalea izatea? Zuk?

ramon: Ume bat egingo dizun maitalea.

ramona: Agian berea da, bai.

 

Isilunea.

 

ramon: Sorpresa ederra. Eta, noski, sorpresa hori zure mendekuetako bat izango da; ezin liteke besterik izan. Eta maitalearena ez dakit egia den, baina hala bada, jakin al daiteke zein den pelikulako heroia?

ramona: Zertarako. Ez al dugu, gainera, erabaki ez dugula gure erromantzeez hitz egingo...? (Jarrera aldatuz) Txipiroiak hozten ari dira.

 

Isilik, afaltzen hasi dira. Mahai-tresnek plateren kontra ateratzen duten hotsa aditzen da musika akonpainamendu bezala. Pixka batera, perkusio akonpainamendua sartzen da. Iluna.

 

Argiak erakusten digu neska gazte bat txeloa jotzen eta haren aurrean mutil gazte bat perkusioan. Musika jotzen ari dira desafioa izango balitz bezala. Musika jotzen grinatsu ikusten ditugu. Pixkanaka-pixkanaka mahai-tresnen eta plateren hotsa gailentzen da berriro.

 

Poliki-poliki, argien efektuagatik, musikalari gazteak ilunpean desagertuko dira: argitan ramon eta ramona ikusten ditugu. Baxera hotsa bat-batean eten egiten da. ramon mahai ondoan zutik jarri da.

 

ramon: Eraztuna zergatik bota zenuen itsas hondora? Nik hori ez nuen sekulan ulertu.

ramona: Nigandik urrun botatzen dut itogarri zaidana, itoko gaituen hura.

 

Isilunea.

 

ramon: (Ironiaz) Nahitaez itsas hondora izan behar al du?

ramona: Bai. Lekurik onena, itoarazteko itotzen gaituena.

ramon: Zer gehiago ari zara botatzen?

ramona: Gure maitasun gutun zaharrak... Hor ibili dira tiraderetan bueltaka urte hauetan guztietan. (Gizona, seko harrituta, begira dauka)

ramon: (Urduri mugituz) Et, et, et! hori ez!; ez daukazu horretarako eskubiderik!

ramona: Segi zuk, zeure fetitxeei helduta. Haurra eta ni egiazkoak gara. Bidaia, egin nahi dut. Zer egingo duzu zuk?

ramon: Zer gertatzen da zure maitalearekin?

ramona: Espero dudan haur honek, benetan egiazkoak diren gauzak oso gutxi direla erakusten dit. Entzun, Ramon, nire maitasun bakarra zara zu. Baina maite nahi zaitut, ezkonduta ala ez, zurekin benetan egongo banaiz, eta zu gurekin.

 

ramona altxatu da eta mahaian dauden gauzak jasotzen hasten da fregaderan utziaz. ramon bere atzetik doa, bere mugimendu bakoitzaren atzetik, zer edo zer esateko nahian, baina zer esan jakin gabe.

 

ramon: Fetitxeak? Zerbait egiazkoa? Zein arraiorekin liatu zara? Hippy ustel batekin? Berarentzako zer da garrantzitsua?

ramona: Ramon, nirekin etortzen ez bazara, bakarrik joango naiz, sinistuidazu. (Kopari begira) kopan diamantedun eraztuna aurkitzearekin ez dut aski, zure ezpainak ere hor nahi ditut tragoa bukatzean.

ramon: Baina zuk zer arraio nahi duzu, ostia? Ez, ez nago haserre; bakarrik, zerbait ulertu nahi dut!

ramona: Gau polita izan dezagula nahi dut.

ramon: Hau dena despedida-afari bat ez da ba izango?

ramona: (Harrituta) Zeinek esan du despedida?

 

Isilunea.

 

ramon: Ez dakit zertaz ari garen ere. (Gogorki) Ba al dakizu, ba, zuk ezer nitaz? Nik zer nahi dudan...?

ramona: Zaila da jakitea norberak zer nahi dugun; pentsa, beraz, zer zaila den jakitea besteek zer nahi duten.

ramon: Besteek ez, nik zer nahi dudan!

ramona: Zer da ba?

ramon: Zeuk esan!

ramona: Lanean ari? Gora egin?

ramon: Zoriontsu izan lanean eta neure emaztearekin. Laneko ligeak sekulan ez dituzu ulertu. Tentsioa kentzen dute, estresa. Ba al dakizu zenbat hiltzen diren infartuak jota?

ramona: (Esertzen da eta gizonari begira) Zure lan hori arriskutsua izaten hasi da. Aurrean harrapatzen duen guztia hondatu, eta hustu egiten zaitu barrutik. Ez dut sinesten boterea kitzikagarria den konturik, eta horrela balitz kokaina esnifatzea bezala izango da; hori ere kitzikagarria omen da, larrua jotzeari agian erotismoa emango dio, eta? Noiz arte?

ramon: Eta? Eta bizirauten zoaz. Gutxi iruditzen al zaizu bizirautea?

ramona: Beharrezkoa bizitzea da. Nik horri ez diot etsiko. Argi daukat galdu nuen musika berreskuratuko dudala, neure amatasun ukatua ez ezik.

ramon: Eta zergatik ez dago tokirik neuretzat?

ramona: Tokirik ez dago zuretzat?

ramon: (Mespretxuz) Agian neure tokia okupatua dutelako...

ramona: Zure tokia... Hutsarte izugarri horretaz ari al zara? Dena irensten duen zulo beltz horretaz ari zara? (Isilunea. Jarrera aldatuz giroa aldatu nahian) Aditu musika, ez al da zoragarria? Ea, zatoz dantzatzera!

 

ramon oso galduta dabil ramonaren joerari jarraituz.

 

ramon: Maitea, izazu erruki neure miseriez.

ramona: Gau honetan zure miseriak ezagutu nahi ditut, beti ezkutatzen dituzun horiek.

ramon: Bi miserable, besterik ez gara gu biok, zu ere bai.

ramona: Bi miserable biak, bai.

ramon: Baina larrua garesti salduko dut!

ramona: Osoa erauziko dizut gau honetan!

ramon: Benetan larrua erauziko didazu?

ramona: Haragi eta guzti.

ramon: Zer nahi duzu zuk niregandik?

ramona: Gure gezurrak ... erauzi!

ramon: Zertarako? Utziko diozu inori zuk zure larrua arrankatzen? Zure gezur guztiak?

ramona: Itxi begiak eta entzun musika, gogoratu gu biok elkarrekin jotzen genuenean.

ramon: Zure atzetik nindoan... zuri jarraiki beti...

 

Biak dantzan ari diren bitartean argiek erakusten dizkigute bi gazteak. Haien barre algarekin desagertzen dira ramon eta ramona. Gazteek begiak itxita dauzkate orain; elkar aurkitzeko jolasean ari dira. Orain ramon ikusten dugu. Bakarrik dago gazteei begira.

 

ramon: (Bere eskuei begiratzen die) Neure eskuek zureak gogoratzen dituzte. Ramona, ez dakit zer egin, ez dakit zer bilatzen ari zaren. Gauzak ez dira: Dena ala bat ere ez; galdurik oreka, neurria, errealitatea; errealitatea: askoz arruntagoa, normalagoa, agian ziztrinagoa, ez hain zorrotza den hori. Nik ezin dizut ulertu, ezin dut haur hori onartu. Dena ala bat ere ez! Esan duzu beti... Eta dena burura datorkit, baina neure inguruan ez da ezer izango, zu hemen ez bazaude.

 

ramona dator. Dantzatzen hasten dira biak. Dantza honekin eszenatokia iluntzen doa. Argia datorrenean biak mahaian eserita daude goxokiak jaten. Mahaia, bi aulki eta barrenean dauden bi ate ikusten dira bakarrik.

 

ramona: Gogora datorkit gure eskuen jokua, begiak itxita egin duguna... Ez genituen begiak ireki behar. Ardo pixka bat emaidazu.

ramon: Hori, hori, mozkor gaitezen eta amodioz hil.

 

Edariak jarrera sueltoagoa ematen die. Begiak ixten dituzte eta esku jolas soila hasten dute, ferekatuz, barrez.

 

ramon: Zu beti bezalako antsiatsua, eta ni beti bezalako inutil hutsa.

ramona: Ixxxx... Joko honek daukan onena isilik egitea da.

ramon: Isiltasuna dagoeneko ez da neure aliatua, garai hartan bezala.

 

Jarraitzen dute eskuekin jolasten, baina jokua gogortzen ari da.

 

ramona: (Jokua moztuz begiak irekitzen ditu) Zergatik ematen didazu horrenbeste beldur?

ramon: Orduan beldur hori gustatu egiten zitzaizun asko.

ramona: Beldur hau desberdina da.

ramon: Zergatik?

ramona: 18 urte elkarrekin eta ez dakidalako zein den aurrean dudan Ramon hau.

ramon: Beti nitaz hitz egiten? Zergatik ez duzu zeure barrua ere pixka bat harraskatzen ?

ramona: Bai. Beldurra ematen dit neure buruak ere, eta beldurra, jakiteak zer egiteko naizen gauza.

ramon: Neure kontra?

ramona: Agian zure kontra, bai.

ramon: Zure tirria guztiengatik.

ramona: Berriro hasi nahi dut, zerotik... Lotzen gintuen konplizitatea berreskuratu.

ramon: Baina orain ni itsas hondora botako nauzu.

ramona: Zu gauza izango al zara zerbait itsasora botatzeko?

ramon: Zer ostia ari zara niri eskatzen?

ramona: Eskatzen dizut ondo aukeratzeko itsas hondora botatzen ari zarena.

ramon: Zer arraio ari zara hitz egiten? (ramonari iletik indarrez helduta) Ama maitea! Zuk bai ematen didazula beldurra! (Aske uzten du)

ramona: Ez zaizkit zure maitaleak inporta. Beno bai. Baina ez. Ez dute eraztuna baino gehiago balio.

ramon: Zuk ere ez duzu gehiago balio. Edo bai. Baina ez. Nik bai, itsasora botako zaitut.

ramona: (Barrez) Bota dezagun biok uretara geure burua! Ausartu gaitezen!

 

Biek elkarri ilea harrotzen diote. bikote gaztea agertzen da. Haiek bakarrik geratuko dira taularen gainean. Musika jotzen ari dira borroka eginez. Bat-batean gelditu egiten dira biak elkarri begira.

 

mutil gaztea: Goazen hondartzara!

neska gaztea: Bainu hartzera?

mutil gaztea: Bai, ilargiaren argitan.

 

mutil gaztea arropa kentzen hasi da.

 

neska gaztea: Zer ari zara? Ezin gara biluzik atera.

mutil gaztea: Horixe baietz.

neska gaztea: Ezin dugu.

mutil gaztea: Zergatik?

neska gaztea: Erotuta zaude.

mutil gaztea: Zer duzu? Biok gara eta ero hutsak.

 

Arroparen jokuarekin jarraituz.

 

neska gaztea: Ez dut nahi.

mutil gaztea: Benga!

neska gaztea: Ez dut nahi.

mutil gaztea: Horrelaxe!

neska gaztea: Ez.

mutil gaztea: Bai.

neska gaztea: Ez, lotsa ematen dit.

mutil gaztea: Benga, ez izan koldarra... Ahaztu depilazioak eta txatxukeria horiek.

 

Jarraitzen dute elkarri arropa kentzeko itxuran. Jolasten... Iluna.

 

Argiek erakusten dizkigute ramon eta ramona, sofan eserita, elkarri begira. Eszenan, sofa eta paretako koadroa dira dauden dekoratu bakarrak.

 

ramon: Jeloskor nago. Zeloak ditut zure haurdunaldiagatik, beste batentzako promesaz betetako sabel horrengatik.

ramona: (Giro txarra uxatu nahian) Dasta itzazu trufak xanpainarekin.

ramon: Zer gehiago dastaraziko didazu afari honetan?

ramona: (Maitekiro) Trufak zoragarriak daude.

ramon: Trufa txar batzuekin desalojatuko al nauzu gure elkarbizitzatik?

ramona: Gure elkarbizitza..., gure etxe hau bezala, deslojatuta eta salmentan egon da aspalditik.

ramon: (Oso haserre) Badakit, bai, badakit, eta ondo merezita daukat, gainera, norbaitek etorri eta neurea dena lapurtzea! Haserre zaude eta alokairuan jarri duzu zeure burua. Hainbeste kexa, eta zer-eta formula berbera errepikatu duzu: baten besoetatik beste baten besoetara pasa. (Saltzailearena eginez) “Ramona alokairuan dago! Epeka ordaindu daiteke oso eroso!” Zer gauza arrunta!

ramona: Arrunta... bai. Horrelaxe da dena: oso arrunta! Egin dezagun sugeek bezalaxe: azalberritu gaitezen! Erauzi dezagun gure azal zahartu eta higatu hau!

ramon: Bai! Goazen!

ramona: (Pozik) Nora?

ramon: Zatoz!

ramona: Nora?

ramon: Berdin da!

ramona: Nola? Ez da berdin!

ramon: Goazen korrika edozein tokitara, amoranteak izatera behingoz, gure misterioa berriro errekuperatzera.

ramona: (Dezepzionatuta) Hori zure liluramen bat besterik ez da.

ramon: Ezin al da liluramenik izan?

ramona: (Probokatuz) Bale. Alde egin eta utzi dezagun hau dena. Hasi gaitezen zerotik, beste nolabait, berriro elkarrekin garai batean bezala. Bota dezagun hau dena itsas hondora.

ramon: Zer bota?

ramona: Etxe hau, zure lana, dena.

 

Isilune luzea. ramon eseri egiten da.

 

ramon: (ramonari begira une luzean) Prest nago zuri barkatzeko!

ramona: (Oso harrituta) Niri barkatzeko? Zer?

ramon: Zure infideltasuna, noski!

ramona: Neure infideltasuna?

ramon: Neurea ez den haur bat edukitzea zu akatzekoa da! Baina hori konpondu daiteke, orduan egin genuen bezala.

ramona: (Oso haserre) Mila kume zureak ez direnak eta mila aita desberdinenak, eta beste mila aldiz ni akatuta ere ez duzu zuk neuretik ezer izango, zeuretik ez duzulako inorentzako ezer ematen.

ramon: (Katu zauritua bezala) Despeditu behar baldin bazaitut utzidazu zuri neuregandik zerbait ona ematen. Etorri nirekin!

ramona: Despedida antolatu nahi al duzu?

ramon: (Mehatxuka) Bai, apika.

ramona: Ez duzu jadanik ezkondu nahi?

 

Isilunea.

 

ramon: Zure eskuetan dago hori.

ramona: Zer esaten ari zara?

 

Isilunea.

 

ramon: Akatuko nauen haur horren beldur naiz. Ni akatzen hasia dagoen haurra. Gure arteko amodio eta mendekuaren sehaska-kantak kantatu nahi al dizkiozu?

ramona: Bera ez da mendeku bat.

ramon: Ez?

ramona: Ni naiz kume hau nahi duena, eta berarekin gu ere berriro elkartu, gure elkar bizitza berreskuratu.

ramon: Ni gabeko zuen bizitza izango da.

ramona: Bai, Ramon, zu gabeko gure bizitza, horrela nahi baduzu.

 

Isilunea.

 

ramon: (Minduta) Haur horrek min egiten dit, eta maitale horrek ere bai. Min egiten didazu zuk, eta zu galtzeak ere bai. Mina ematen dit porrotak, eta bakarrik gelditzeak. Ez duzu ikusten nire egoera? Nekatuta nago... zurekin borrokan ibiltzeak nekatu nau.

 

Isilunea.

 

ramona: Nekatu zara nitaz?

ramon: Bai, zutaz nekatuta nago. Baina ez, ordea, erabat. Nigandik hainbeste ezkutatu zara, hainbeste urrundu zarelarik nigandik, zure mira eginda ere banago.

ramona: Nik ere nostalgia pixka bat sentitzen dut, nahiz eta nostalgia amorrazioarekin nahastua izan.

ramon: Zergatik amorrazioa?

ramona: Eraztun garestia baino zerbait gehiago botatzen ari garelako. (Energia aldatu nahian) Xanpain pixka bat?

ramon: Zer ospatu nahi duzu, Ramona?

ramona: Su eten laburra!

ramon: Bai, eman ur pixka bat etsaiari!

ramona: Hobeto xanpaina.

 

ramona xanpaina zerbitzatzen ari denean musika aditzen dugu eta fokuek erakusten digute bikote gaztea musika jotzen. Gazteek jotzeari uzten diote, baina musikaren bolumena igo egin da. Orain ramon ikusten dugu zigarro bat erretzen. Dekoratuaren bi ate bakarrik ikusten ditugu, besterik ez. ramon gazteei begira dago zigarro kez inguratuta.

 

ramon: Neure gorputza zure eskuen mende abandonatuta. Zuk goma batekin lotuta dagoen neure ile kizkurra askatzen duzu. Nik egiten dizut, utzi. Jolasean gazteak bezala gabiltzanean, egiten dugu elkarri utzi; helduak bezala gabiltzanean, egiten dugu geure izateak itxi.

neska gaztea: Gogoko dut zure ilea askatu eta aurpegira botatzea. Horrela, gustatzen zait... gustatzen zait begirada hori.

mutil gaztea: Zer nahi duzu neuregandik?

neska gaztea: Orain nahikoa dut begirada horrekin.

ramon: Nahiz eta desioa sentitu, hura kateatu eta ihes egiten dugu, eta gero, jolas egiten dugu gure fantasiekin, fantasia artean ikusiz zertaraino ginen gauza gauzak egiteko ezer erreprimitu gabe, beldurrik gabe, lotsarik gabe... Zergatik orain ez dakit zer egin behar dudan?

 

neska gaztea bakarrik gelditzen da eta sabela ferekatuz sehaskakanta bat hasten da kantatzen.

 

ramon: Zenbat eratan, Ramona, maitatu daiteke? Modu askotan, presarik gabe, edukaziorik gabe, erreparorik gabe, lotsarik gabe, arretarik gabe, moralik gabe, urguilurik gabe, iraganik eta etorkizunik gabe. Era askotan, baina paralizatuta nago, eta nago zure atzetik korrika joan ezinean, zu harrapatu ezinean.

 

neska gazteak bere sehaska-kantarekin jarraitzen du, kantua oihu bat bihurtu arte. Bat-batean isildu egiten da.

 

ramon ramonarengana hurbiltzen da, eta belaunikatuz eskuak ramonaren sabelean jartzen ditu. ramonak ilea ferekatzen dio.

 

ramon: Zure gorputzak, Ramona, badakit nik egin nion mina barkatu didala.

ramona: Aspaldi barkatu nizun eta orain neure buruari barkatu nahiko nioke eta zure barkamena izan. Eta onar gaitzazula, zuk, haurra eta biok.

ramon: Oso ziur zaude orain, ezta?

ramona: Bai.

ramon: Zer egin behar dut nik?

 

Isilunea.

 

ramona: Ondo dakizu. Ondo asko jakin ere, Ramon. Zeren beldur zara?

ramon: Alde egiten baduzu ez naiz geldituko bakardadean egotera etsia.

ramona: Badakit. (Isilunea) Beste batengan aurkituko nauzu eta orduan ez duzu ezeren bila ibiltzeko beharrik izango.

ramon: Beste horiengan zu bilatu nahian urteak pasa ditut

ramona: Nik, zu itxaroten.

ramon: Hor egon naiz beti.

ramona: Zure gorputza bai, oraintxe dagoen bezala.

ramon: Ba hauxe naiz ni, eta ikusten duzuna da dagoena. Ez da gehiago bilatu behar.

ramona: Bai, horixe. Eta zergatik ezin naiz zeuregana iritsi?

ramona: Zure desiora iritsi.

ramon: Neure desiora? Gezurra da hori!

ramona: Aurkitzen zaitudan bezain pronto han zara berriro, urrun.

ramon: Ni urrun nago? Non zaude zu?

ramona: Ezin dut gehiago.

 

ramona urrundu egiten da. ramonek bere besoa luzatzen dio eskua irekita. neska gazteak poliki-poliki bere sehaska-kantari ekin dio berriro.

 

ramon: Zatoz.

ramona: Nora.

ramon: Neuregana.

ramona: Ezin dut. Ez dut nahi.

 

ramon altxatu eta ramonarengana hurbiltzen da eta eskuak hartzen dizkio bere arnasarekin berotuz.

 

ramon: Hemen naukazu! Hemen nago ni!

ramona: Non? Zein zara? (Etenaldi luzean begira gelditzen zaio) Zure itxura bereko norbaitekin egin nuen amets. Ni zure zain, eta zu etortzen ez; eta segitu nuen amets egiten, neure sabelari sehaska-kantak abesten. Ametsetan ikusi nuen bazentozela, gureganatu zinela, eta neuretzat zela zure gorputza, eta zure desioa, eta... egin nuen amets eta amets, amets noiznahi zurekin.

 

neska gaztea ikusten da taularen gainean, eta orain ere bere haurkantarekin ari da. Kantuaren intentsitateak pixkanaka-pixkanaka gora egin du. Etenaldia egiten du arnasa hartzeko, itotzera balihoa bezala. Argiak ramona erakusten digu berari begira.

 

ramona: (neska gazteari begira) Ilusio gehiegi, amets gehiegi...

 

Orain ramon neska gaztearen ondoan dago eta berari hitz egiten dio, nahiz eta neska gaztea bere presentziaz ohartu ez. Neska bere kantuaren doinua leunki harilkatzen ari da .

 

ramon: Amets horiek guztiak bionak ziren, ez zureak bakarrik.

ramona: (Biei bizkarra emanda) Biak traizionatu gintuzun. Zure traizio gogorrena izan zen hura. (neskari begira) Gaztea eta ameslaria nintzen. (ramoni begira) Egunero egin dut amets, etorri ez zen haur horrekin. Orain berriro ari zait eskaka bere ama izan nadila.

ramon: (ramonarengana joanez) Gazteak ginen eta amets asko geneukan. Eta haiengatik egin genien uko hainbeste gauzari. Agian ez ginen prest... zure amatasunerako. Zu orain prest al zaude? Prest al gaude?

ramona: Ni bai. Zu ez?

ramon: Barkaidazu, Ramona. Ni ez. Zure umea orain nire etsaia da.

 

neska gaztea eszenatokia uztera doa, kantatzen. Bere lo-kanta gero eta urrunago aditzen da isiltasuna egin arte. ramona negarrez ari da.

 

ramon: Zer duzu, Ramona?

ramona: Beldur naiz.

ramon: Zeren beldur?

ramona: Zure beldur, Ramon.

ramon: Maite zaitut eta esango dizut zugandik oso hurbil dagoen tipoa naizela, beti hor izan nauzula eta sekulan ez zaitudala abandonatuta utzi. (ramonari begiratu dio, hark begiak malkotan dauzka) Ni ez naiz infidela izan zuri kalte egiteko, baina zu bai, krudela izan zara neurekin infidela izanda.

ramona: (Isilik, begira) Segimena eman behar al diogu honi? Hori nahi duzu? Zertarako, ordea? Hobeto izango gara nik zure bizitzatik alde eginda. Utzidazu aldegiten.

 

Isilunea.

 

ramon: Ikaratu egiten nau zuk alde egiteak. Ikaratu ikaragarri! Hori da hitza: ikaratu. Ate horretatik ateratzen zaren bezain pronto dorre bat bezala hondoratuko naiz, eta une hori iritsiko dela pentsatze hutsak ikaratu egiten nau. Zenbateraino zure beharra daukadan erakusteak izua sortzen dit.

ramona: Maite al nauzu?

ramon: Badakizu baietz.

ramona: Orduan goazen hemendik. Itxi etxe hau eta bota giltza itsasora. Horrelaxe bakarrik joango zaizu umearentzako beldurra eta hasiko zara libre sentitzen.

 

Isilunea.

 

ramon: Ezin dut hori egin. Ez oraindik

ramona: Nik ahal dut, zergatik zuk ez?

ramon: Hartu eraztuna, jarri behatzean eta ezkondu nirekin... eta zin egidazu izango duzun haurra nirea dela. Ez dizut besterik eskatzen.

ramona: Ez dut zurekin ezkondu nahi!

ramon: Sekulan ez diozu ni maitatzeari utzi! Zer nahi duzu orain? Zer proba egin nahi didazu?

ramona: Ume horren nahia daukat. Haurra zurea da zuk hala nahi baduzu. Eskubidea daukat orain zu etor zaitezela eskatzeko. Gurekin etorriko al zara? Erantzun!

ramon: Ez! Ez dizut alde egiten utziko!

 

ramon, rau! altxatzen da eta ramonarengana doa, baina ezin jakin zertara, argi jokuarekin haien egoera ilunpean gelditzen delako neska gaztea bistaratzen den bitartean. Bakarrik dago lehengo sehaska-kanta kantatzen, txeloa lagun duela.

 

Orain, berriz, argiak ramon eta ramona ere hor erakusten dizkigu. ramona, eserita, aulkiari lotuta dago, eta gazteak, lehendabiziko aldiz, beste bikoteari begira daude bi ikusle balira bezala.

 

ramona: Aska nazazu!

ramon: Norena den jakin gabe onartu behar dut haur bat, eta gainera nire bizitza guztia kareletik bota? Hori da eskatzen didazuna? Hori gehiegi da, ezta?

ramona: Zugatik uko egin diot guztiari... neure amatasunari, erotzeko bidean jarri...! Hau guztia bazterrean uzten ez badugu ezin izango dugu elkar aurkitu. Goazen hemendik, Ramon!

ramon: Asko kostatu zait daukadana lortzea.

ramona: Eta zer lortu duzu?

ramon: Igoera hau, etxe eroso hau... dena zuretzat.

ramona: Alferrik ditut nik horiek, eta berdin zure ordu estrak, zure konpromisoak, eta zure kartoizko arrakasta profesionalak; eta batez ere zure gerra, ez zait interesatzen, ez da nirea. Bukatu ziren faraoien garaiak: ez da gehiago senarraren ondoan emaztea bizirik lurperatzen.

ramon: Baina ni ez naiz hilotza.

ramona: Agian zu ez. Ni bai, laster...

ramon: Oraindik ez nago hilda.

ramona: Zu ez, ni bai, ia... Aska nazazu, behingoz!

 

ramonek ramona askatzen du. Elkarri begira gelditzen dira.

 

ramona: Badakit maite nauzula. Badakit haurra ere maiteko duzula. Etorri gurekin! Etorri!

 

Isilunea.

 

ramon: Koldarra al naiz, Ramona?

ramona: Ez zaude zure enpresan. Hemen ez dago koldarrik edo heroirik. Hemen eta orain, gu biok gaude elkarri begira eta benetan zer nahi dugun asmatzen.

ramon: Entzun: gauza izatez, gauza naiz ni ere dena kareletik botatzeko eta gehiago ere, eta baita dena edozein tokitan berriro eraikitzen hasteko ere. Eta gero, zer?

ramona: Hainbesteraino bazara gauza, zeren beldur zaude?

ramon: Desafioa al da hau?

ramona: Bai.

ramon: Astoa!

ramona: Tentela!

ramon: Bihozgabea!

ramona: Ergela!

ramon: Niri erronkarik ez jo, zuk ez dakizu zertaraino gauza naizen!

ramona: Zenbateraino gauza zaren ondo dakit.

ramon: Haur bat izango duzulako da hau dena? Horregatik ari zara desafioka? Haur bat izateak horrelako suntsimenak ote dakartza? Pikutara botako duzu urteetako elkarbizitza; ezin jakin ona edo txarra, baina benetako maitasunez eramandako bizitza! Jabetzen al zara?

ramona: Niri zer eskatzen ari zara, Ramon? Ez duzu ba nahiko haur hau geure bizitzatik ukatuta, nik zurekin segitzerik? Horrela berriro? Horren ondoren nola imajinatzen duzu gure arteko bizitza?

 

Isilunea.

 

ramon: (Mehatxuka) Gugatik espero dut ez nauzula zeure baitatik erauzi eta pikutara botako, hagin ustel bat bezala.

ramona: Bukatu dira itxoiteak. Alde egiten badut ez dizut itxoingo. Eta zuk, Ramon, ez idazula itxoin.

 

Isilunea.

 

ramon: (Gogor) Arrazoia duzu; nik ez dut gogorik beste bizimodu batekin ametsik egiteko. Hauxe da nire mundua. Hementxe nago eta mundu honetan egokitu zait borrokatzea eta bizirautea.

ramona: (Masailekoa ematen dio. Gizona harrituta dago, baina ez du erreakziorik, edariagatik) Bai, biziraungo duzu, dudarik gabe.

ramon: Ez, ez izan dudarik; nahiz eta ni maltratatu. Alde egingo duzu eta erabat hustuta gelditzen naiz ni. Eta ez dakit hutsune hori zerekin beteko den. Espero dut gorrotoarekin ez izatea.

ramona: Egun batzuetan gorrotoa izango didazu, baina azkenean horrekin ere nekatuko zara.

ramon: (ramonek masailekoa itzuli dio) Zer moduz? Bizirik sentitzen zara?

 

Elkar jotzen hasten dira.

 

ramon: Horixe: oroigarri ona bukaerarako. Maitasunez oroituko zara nitaz?

ramona: (Emakumea masaila igurzten ari da) Merezi duzun bezala edukiko zaitut gogoan.

ramon: Ez dut ba mereziko txakur bat bezala bazterrean gelditzea? (Isilunea) ...eta tratu txarra sufritzea? Ni zer naiz? Munstro bat ote naiz?

ramona: Askoz pertsona hobea izaten badakizu.

ramon: Mesedez, esaidazu haur horren aita naizela!

ramona: Zergatik esan behar dizut hori?

ramon: Hil egingo naizelako bestela!

ramona: Ez zara horregatik hilko!

ramon: Nire sufrimendua ez duzu ulertzen. Ikusi ere ez duzu egiten. Nik zure pieza izugarri honetan zer paper daukat?

ramona: Hitz bitan Ramon, kartoizko bizimodu batekin eteten duenarena. Abandona ezazu besteen onarpena eta mirespena lortzeagatik egunez egun darabilzun borroka: arrakasta duzun bitartean bakarrik onartuko zaituzte eta. Ez ezazu segi gauzak lortzeko edozein prezio pagatzen: “Ramona, laztana, denak dauka bere prezioa, bakarrik jakin behar da zein den prezioa kasu bakoitzean eta ea ordaintzeko prest zauden”.

ramon: Zugatik prest nago ordaintzeko.

ramona: Zernahi dela ere?

ramon: Bai

ramona: Utzi hau dena eta nirekin etorri. Egin dezagun aspalditik planeatu genuen bidaia. Gu biok berriz elkartu gaitezen, behintzat saiatu gaitezen!

ramon: Lehenik esaidazu haurra nirea den.

ramona: Zuk hala nahi izatea nahikoa.

ramon: Ez, nire-nirea izan behar du!

ramona: Berdin dio zer erantzun, desiratzen duzuna sinetsiko duzu.

ramon: Nirea izatea desiratzen dut.

ramona: Orduan zergatik ibili zeure burua puskatzen? (Isilunea) ...Galdera horrekin torturatuko ditugu geure buruak?

ramon: Entzun behar dizut!

ramona: Ez zaude zure enpresan, aurkari bat txikitu nahian!

ramon: Ez, emaztearekin nago; eta emazteari entzun nahi diot espero duen haurra nirea dela!

ramona: (Oihuka) Aita zu zara!

ramon: (Abandonatuta) Ongi, esan duzu! (Isilunea) Nik neure maitaleekin sekulan ez dut seme-alabarik izan. Sekulan ez nizuke zuri horrelakorik egingo!

ramona: Zer dira zure maitaleak? Emakumezkoak dira, edo zure bulegorako dekoratu huts, zure aurkarien aurrean erakusteko garaipenak?

ramon: Gauzak bere onetik ateratzen ari zara.

ramona: Zuk beti isilean eduki dituzun gauzak ateratzen ari naiz.

ramon: Bale! Jokua bukatu da! Zuk sekulan ez duzu izan maitalerik. Ezin duzu.

ramona: Ondo da, Ramon, ez galdetu gehiago.

ramon: Sekula ez dit inork niri, nirea denik kendu!

 

ramona begira egongo zaio luzaro. Galtzaile itxura dauka. Hasperen egiten du...

 

ramona: Ken diezazuket neure izatea?

ramon: Zuk bai. Zuk bakarrik.

 

Isilunea.

 

ramona: Eskerrik asko. Eta orain alde egingo dut. Agur, Ramon. Biontzako hori da onena. Behar duzun denbora hartu, jakin arte benetan zer nahi duzun.

ramon: (Etsia hartuta) Ondo da. Ez dakit noiz, baina zure bila joango naiz. Eta neuk eraikiko dut berriro, zure grina txoroak suntsitu duena. Nahiko gai naiz.

ramona: Onena zara, ez daukazu inori ezer frogatu beharrik.

ramon: Bai, ezta, maitea?; onena naiz, ezta?

ramona: Agur, Ramon.

 

Ez dira mugitzen biak elkarri begira.

 

ramon: Bihar hemen izango zara berriro. Nik badakit hori (Biak elkarri begira daude)

ramona: Tentela!

ramon: Bihozgabea!

ramon: Ergela!

 

Gizonak emakumea besarkatzen du. ramonak utzi egiten dio egiten; azkenean berak ere besarkatu egiten du. Elkarri begiratzen diote. Musika aditzen dugu. Ilunpea. Orain argiak gazteak erakusten dizkigu. Jotzen ari diren bitartean hitz egiten ari dira. Diskutitzen, baina ez da ulertzen. ramon eta ramonaren ahotsak ere offean aditzen ditugu, ulertu gabe zer dioten. Bikoteak hor dabiltza (gazteak gure aurrean eta besteak off-ean) orain oihuka, orain barreka, orain aldarrika... baina musikak pixkaka gora egingo du, nahiz eta orain gazteek jotzeari utzita egon. Bat-batean ramon, barrutik eszenara ateratzean, dekoratuen elementuei bultzaka hasten da eta hauek pilatuta gelditzen dira han-hemenka desordenatuta. Kopan dagoen eraztunari begira jarri da. ramona energiaz ondora datorkio, eta musika isildu egiten da.

 

ramon: Ondo da, onartzen dut zure desafioa! Emaidazu denbora dena pikutara bidaltzeko!

ramona: Ez!

ramon: Nola?

ramona: Ezetz.

 

Isilunea. neska gaztea txeloa jotzen hasten da oso modu gozoan.

 

ramona: Ramon, nahikoa da. Ezin naiz zurekin gelditu, ezin dut zurekin aldegin. Arrazoia duzu, bakarrik joan behar dut; orain edozein maitale nire ondoan enbarazotarako besterik ez da. Barkaidazu, Ramon. Barkaidazu egin dizudanagatik, eta zuregatik egingo ez dudanagatik. Niregatik egin ez dudanagatik ere bai. Zuregandik bizitzeagatik; zuregan bizitzea nahi izateagatik; zu frustratuz, neu frustratuz. Barkaidazu eraztuna itsasora botatzeagatik. Eta berriro ere hori egiteagatik. Agur Ramon.

ramon: Ni ez naiz maitale bat, ezta zama bat ere, eta badakizu zure bila joango naizela.

ramona: (Alde egiten) Agur.

ramon: Maite zaitut. Maite zaituztet.

ramona: (Bidaiarako maletarekin agertzen da) Agur, Ramon. (Musu ematen dio)

ramon: Hau afaria, Ramona... (Besarkatuz) Zerbait erromantikoagoa espero genuen.

ramona: Sekulan ez dugu lortzen espero duguna. (Alde egiten du)

ramon: (Ez daki zer egin) Zer izen jarriko diozu? Idatziko didazu? Itzuliko zara?

ramona: (Off-ean) Ez nazazu maitatu hainbeste alde egingo dudalako.

ramon: Aldegingo duzulako maite zaitut hainbeste.

ramona: (Off-ean) Segur aski laster pasako zaizu.

ramon: Ez...

ramona: (Off-ean) Bai.

 

Eskaileretako atearen danbatekoa aditu da.

 

Danbatekoarekin argiak ramonen aurpegi galdua erakusten digu. Off-ean ramonaren kantua aditzen dugu. Sehaska-kanta da, eta hari laguntzen neska gaztearen ahotsa eta musika aditzen dugu. ramon paretako koadroaren ondoan erabat galduta ikusten dugu, inguruko dekoratuko elementuak jiran dituela, han-hemenka banatuta (mahaia, aulkiak eta sofa, piezetan desegina). Pixkanaka-pixkanaka eszena iluntzera doa.

 

amaia