Esperimentazioa
Javier Rojo
El Diario Vasco, 2021-02-13

Liburua: Panpina

Egilea: Erika Olaizola

Argitaletxea: Susa / EHAZE

Urtea: 2020

      Abangoardiako antzerkia esperimentazioari loturik agertzen da, eta honelako lan batera hurbiltzen den ikusle-irakurleak ezin du hori ahaztu eskaintzen zaiona ulertzeko eta baloratzeko momentuan, hau da, honelako antzerkia ikuskizun burgesetik urrun dagoela jakin behar du. Bestalde, honelako antzerkian talde lanak garrantzi handia du. Beste jarduera artistiko batzuetan bezala antzerkian ohituak gaude talde lanean oinarritutako emaitzak ikusten. Literaturan ez bezala, ordea. Ezaugarri hauek gogoratuta eta aurreiritziak bazterrean utzita gertura daiteke irakurlea Erika Olaizo|a eta Kamikaz Kolektiboaren lanetik sortutako “Panpina” izenburuko liburu honetara. Izan ere, “Panpina” lengoaia eszenikoen gaineko ikerketatzat hartu daiteke, non sinbolismoz beteriko irudien bidez ikusleengan erantzunen bat sortu nahi den, zeren modu kontzientean probokazioa bilatzen baita. Eta alde honetatik begiratuta, ikuskizunetik baino performancetik hurbilago dagoela dirudi. Errepresentazioa egiteko oinarrian erabiltzen den testuak, beraz, ezin du bere osotasunean islatu ikusleari aurkezten zaiona, antzerki lanaren osagaien artean beste bat baino ez da-eta. Lan honetan antzezle bakar bat agertzen da, eta antzerkia den esperimentazio horretarako abiapuntu moduan norberaren irudia, autoirudia eta besteek horren gainean dituzten espektatibak azaltzen dira. Baina hau guztia abiapuntua da, zeren lanak erotismoa, emakumearen gorputza eta hauek bezalako gaiei bidea ematen baitie. Antzerkia oinarritzen deneko testuaz gain, liburuan beste idazki batzuk ere agertzen dira. Adibidez, Olaizolak berak idatzitakoa, sormen prozesuari buruz, edota bidaide izan dituen kideek gaien inguruan idatzitakoak. Marrazkiak eta argazkiak ez dira falta. Honekin guztiarekin irakurleak ideia bat, txikia, osatu dezake agertokian eskaintzen denari buruz.