liburu kritikak
< Esperimentazioa | Hitzen garrantzia >
Ifrentzuak
Javier Rojo
El Diario Vasco, 2021-01-23

Liburua: Bidaideak

Egilea: Agurtzane Intxaurraga / Arantxa Iturbe

Argitaletxea: Susa / EHAZE

Urtea: 2020

      “Bidaideak” izenburuko liburu honetan Agurtzane Intxaurragaren eta Arantxa Iturberen lankidetzatik sortutako hiru antzerki lan jasotzen dira. Intxaurraga Hika Teatroa konpainiaren buru eta bihotza da. Berak konpainia hori 90eko hamarkadaren hasieran sortu zuenetik ibilbide luze oparoa egin du, eta ibilbide honetan Iturbe idazle eta kazetariak ere parte garrantzitsua izan du. Beraz, esan daiteke idazlan honetan antzerkian funtsezkoak diren bi alorrek (testu dramatikoaren idazketari dagokionak eta antzezpenari berari dagokionak) bere ordezkaritza daukatela. Hiru antzerki lanek argumentuaren eta teknikaren aldetik desberdinak dira. Lehenengoa, “Ai, ama!” izenburukoa, Iturbek berak argitaratu zuen nobela baten egokitzapen-berridazketa da. Bere momentuan hain sonatua izan zen liburu horretan oinarritutako lana amatasunaren gainean ari da. Bigarren antzerkia (“Ixa”) meta-antzerkiaren mugan dagoen bakarrizketa bat da, lan prekarietatea hondoko oihal moduan daukana. “Aitarekin bidaia” da hirugarren lana, eta zahartzaroak berez dakarren beheratzea du ardatz-gaia. Hiru lanek bizitzaren alor desberdinak ukitzen dituzte eta alde horretatik begiratuz gero, elkar osatzen dutela ere esan liteke. Gaiak aurkezterakoan, hirurok normalean atzean eta ezkutuan geratzen diren alderdiak azaltzen dituzte. Amatasunaren idealizazioaren aurrean (zein ere den idealizazio hori) amatasunak berez dakarren alienazio modukoa aurkezten du lehenengoak, haren ifrentzua alegia. Bigarrenak lan prekarietatearen egoeran dagoen pertsonak dirua irabazteko egin behar dituenei arreta jartzen die. Eta hirugarrenean, iragarkietan-eta agertzen diren aiton-amona nerabetuen aurrean, ezintasun fisiko eta mentalari erreparatzen zaio, oroimenaren galeran oinarrituta. Errealitate idealizatuaren ifrentzuak, errealitatea bera alegia, bere hutsean.