Identitatearen bila, jolasean
Olatz Enzunza Mallona
Berria, 2023-04-21

      Gilkitxaro antzerki taldeak “Identitarteak” antzezlana estreinatuko du gaur iluntzean, Lemoan. Lutxo Egiarena da testua, eta Galder Perez, Ane Zabala eta Aitor Garcia de Bikuña ariko dira taula gainean.

      Identitate hitza aipatu gabe, hari buruzko jolasa proposatzen du Gilkitxaro antzerki taldeak Identitarteak antzezlan berrian. “Etengabeko bilaketa den solasaren jolasean arituko dira pertsonaiak, galduko dira, eta aurkituko dira”, aurreratu dute euren webgunean. Lutxo Egiak idatzi du testua, eta Ane Zabala eta Galder Perez ariko dira oholtza gainean. Finn izango da bata, eta Seric bestea. Bi horiez gainera, baina, laguntza berezi bat ere izango dute: Aitor Garcia de Bikuña Gartxito musikaria. Gaur izango da estreinaldia, Lemoako (Bizkaia) Kotxepin kultur etxean, 20:00etan hasita.

      Bidaia bat proposatzen du Egiak: “Mundu itxi, aldaezin eta esentzialista batetik identitateak konfiguratzen dituzten praktika sozialetara doa gidoia”. Mutur batetik bestera egingo du jauzi Egiaren testuak. Identitatea izango da gai nagusia, baina, haren baitan, zenbait ertz ukituko dituzte, Zabalaren arabera: “Genero identitatea landuko da batez ere, baina, horrez gainera, gai ugari jorratuko dira: euskalduntasuna, markak, iruditeria...”.

      Joko gisa planteatuta dago antzezlana. “Lutxok jolas bat proposatzen bazuen ere, aldatu eta beste bat aukeratu dugu guk. Azken finean, garrantzitsuena ez baita jolasa, baizik eta bi pertsonaien arteko askotariko hausnarketak eta elkarrizketak”, zehaztu du Zabalak. Eszenografia bera ere horretara bideratu dute: “Espazio huts bat da, eta erdialdean jolasteko gailu bat egongo da”. Ramona Bilbao arduratu da jantziez zein eszenografiaz.

      Finn eta Seric izango dira bi pertsonaia horiek. Zabalak jokatuko du lehenengoaren rola: “Pertsonaia jakintsua da Finn, eta jolasteko prest dago; Seric, ordea, oso zirikatzailea da, eta burlaka arituko da”. “Identitateei buruzko usteak ustel bihurtu ahala, pertsonaiek amildegi baten aurrean ikusiko dute beren burua. Amiltze horretan erantzun komiko bezain surrealistak egongo dira”, aurreratu du idazleak.

      Bi horiez gainera, baina, Garson ere agertuko da noizean behin: Garcia de Bikuñak interpretatuko du rol hori. “Musikaz arduratu da Aitor, baina, bide batez, pertsonaia txiki bat ere bilakatu da: jolaseko arbitroa izango da, telefonoa hartuko duen banatzailea... Arindu egingo du antzezlana”, azaldu du Zabalak.

      Gilkitxaroren aurreko lanetan bezala, umorea izango da nagusi. “Testua, berez, oso absurdoa da, oso zirikatzailea: galdera asko egiten ditu, eta erantzun gutxi eman”, aurreratu du aktoreak. Sakonean, baina, “gai mamitsuak” jorratuko dituztela gaineratu du. Umoreaz gainera, kabareta ere presente egongo da obra osoan.

 

      Cafe Bar Bilbao saria

      Berez, 2016. urte inguruan sortu zuen testua Egiak. Antzerki gidoi bat idazten zuen lehenengo aldia zen, eta, oro har, erregistroa ere berria zen harentzat. Oroitzapen onak ditu, halere: “Izugarri disfrutatu nuen absurdotik, surrealismotik eta umoretik idazten. Gozatu handia hartu nuen”. Eta emaitza ere halakoa izan zen: Cafe Bar Bilbao antzerki gidoi laburren saria irabazi zuen 2017an. Idazteko orduan, gainera, Zabala eta Perez izan zituen buruan hasieratik: “Testua idatzi ahala, oholtza gainean irudikatzen nituen bi aktoreak”.

      Zabalak orduan izan zuen obraren berri: “Sariketaren ostean, testuak irakurtzeko joera dut, eta Lutxoren testua asko gustatu zitzaidan”. Handik gutxira hasi ziren antzezlana prestatzen, baina, azkenean, luzatu egin zaie: “Prozesua oso aberasgarria izan bada ere, luze egin zaigu: pandemia bat egon da tartean, eta gorabehera asko izan ditugu. Dena dela, oso prozesu gustagarria izan da”, azpimarratu du aktoreak.

      Testua antzezlanera egokitzeko “aldaketa txiki batzuk” egin behar izan dituztela onartu du, baina, oro har, gustura geratu dira emaitzarekin: “Testua nahiko luzea zenez, laburtu egin dugu; jolasa aldatu dugu; eta beste pertsona bat gehitu dugu, hirugarrena. Eskua sartu dugu, baina Lutxok aldaketak egiteko askatasun osoa eman zigun”. Prozesutik kanpo egon da une oro Egia: “Badakit nik idatzitako testua aldatu eta egokitu dutela, baina ez dakit zer egin duten. Prozesu osoaren ardura hartu dute, hasi eta buka, eta nik neuk kanpoan geratzea erabaki dut”.

      Idazleak gaur iluntzean izango du obra bertatik bertara ikusteko aukera: “Antzezlanaren aurrerapena ikusita, hasierako testutik dezente aldenduko den lana espero dut. Edo agian ez, batek daki. Barre asko egingo ditut, hori seguru”. Obra jendaurrean erakusteko gogoz daude konpainiako kideak, eta, aurrerantzean ere, emanaldi asko egiteko asmoa dute: “Pozarren gaude. Egindako lana ahalik eta leku gehienetan erakutsi nahi dugu”.

 

      Afizioa 30 urtez

      Gilkitxaro antzerki taldeak 30 urte bete ditu aurten. Hasiera batean Deustuko gaztetxean biltzen hasi zen lagun talde bat ziren, eta, orduz geroztik, etengabe aritu dira lanean. Euskarazko antzezlanak egitea izan dute beti helburu nagusi, eta horretan dihardute oraindik ere. “Antzerkia egitea gustuko genuen lagun talde bat ginen, afizio bat bezala sortu zen, baina, gerora, bakoitzak bide desberdinak hartu ditu”, oroitu du Zabalak. Hasiera-hasieratik izan dira konpainiako kideak Perez eta Zabala, eta, gaur egun, haiek dira taldeko sortzaile egonkorrak ere.

      Zabalak uste du denborarekin estilo propio bat garatu dutela: “Nik esatea txarto legoke, baina Galderrek eta biok badugu egiteko forma jakin bat. Asko gozatzen dugu elkarrekin taula gainean”.