Zirikatzaile dator Gilkitxaro taldea lan berrian, identitatea jomugan hartuta
Xole Aramendi
Gara, 2023-04-20

      Bi pertsonaia nagusien arteko jolasa ikuslea hausnarketara gonbidatzeko bidea da. Oholtza gainean, Ane Zabala, Galder Perez eta Aitor Garcia de Vicuña “Gartxito”.

      “‘Izan ala ez izan’, antzerkiaren galdera handietakoa izan, bada. Aritu ala ez aritu, hori ere bada teatroaren beharrezko jolasa. Antzerki lan honetan jokatzen duten pertsonaiak zerbait, norbait, izatera aritzen dira, solasean, jolasean. Etengabeko bilaketa den solasaren jolasean arituko dira, galduko dira eta aurkituko dira. Pertsonaiak ala ez pertsonak. Identitateak ala identitarteak”.

      Lutxo Egiaren “Identitarteak” antzerki-testuak bizia hartuko du bihar Gilkitxaro konpainiaren eskutik. Lemoako Kotxepin antzokian du publikoak hitzordua Ane Zabala, Galder Perez eta Aitor Garcia de Vicuña “Gartxito”-rekin, 20:00etan. Azken honek musikari lanak ere egiten ditu obran.

      2016an Cafe Bar Bilbao sariketa irabazi zuen testuak. “Irakurri eta gustatu egin zitzaigun. Identitatearen inguruan ari da Lutxo Egia. Etengabe kuestionatzen du identitatea nola sortzen den. Generoa, markak...”, kontatu dio Naizi Zabalak.

      Euskalduntasuna ere jarriko dute mahai gainean. Gilkitxaroren lanetan ohikoa den bezala, komedia eta kabareta ez dira faltako. Oso modu zirikatzailean idatzia da. “Horregatik egin zitzaigun oso erakargarria”, esan du aktoreak.

      Testuak badu umoretik eta absurdotik. Bi pertsonaia nagusiak elkarren aurka jolasten ikusiko ditugu oholtzan. Hori ikusita publikoa adi egongo da hasieran, zertan ari diren asmatu ezinik. “Liburuan badminton partida zen, orain bere buruaz beste edo identitateaz beste egiteko jolasa asmatu dugu”, azaldu du. “Inportanteena ez da jolasa, hausnarketarako gonbidapena baizik. Garaion Sorgingunean egonaldia egin dute antzezlana ontze bidean. “Une batean hautsi egiten da jolasa eta hasten dira pertsonaien hausnarketak”.

 

      Hirugarren pertsonaia

      Bi pertsonaia sortu zituen Egiak testu originalean, Seric eta Finn. Hirugarrena gehitu diote, Garçon. Azken honek epaile lanak egingo ditu antzezlanaren une batzuetan. Ez du erantzunik ematen, galderak geratzen dira airean. “Ikusleriari eta irakurleari -testuaren kasuan- pentsarazteko modua zabaltzen dio”, argitu du Zabalak. Espazio neutroa da, eszenografia soila. Bi aulki eta lurrean marraztutako karratua, jokorako eremua zehazten duena. Eta gailu bat jokatzeko.

      Testua moldatu egin dute. “Desberdina da testua irakurtzeko egiten denean eta taularatzeko denean. Ez dugu hainbeste aldatu, laburtu egin dugu, batez ere. Lutxo eskuzabala izan da eta moldaketarako prest agertu da”, esan du. Egiaren testua ez da erraza, Zabalaren esanetan: “Kontzeptu asko ditu, esaldi asko sakonak dira... Hori nola egin erakargarri? Formula aurkitzea kosta egin zaigu. Aitorren pertsonaiak arindu egiten du. Behin hori aurkituta erraz joan da dena”.

      Jantziez eta elementu eszenografikoez Ramona Bilbao arduratu da eta soinu diseinuaz, Garcia de Vicuña.

      Estreinaldiaren ondoren, ekainaren 30ean, Zinegoak jaialdiaren barruan, La Fundicion aretoan, egingo dute beste emanaldi bat.